"Piarres Charrittonen ezagutza egin nuen Maule-Lextarreko Saint-François (d’Assise) ikastetxe katolikoan, 1951-1952 eta 1952-1953 ikasturteetan; gaztelania irakatsi zigun garai hartan. Batxilergorako azken urteetan ginen mutiko gazteak bulkatu gintuen Eskualzaleen Biltzarrak urtero eskoletan antolatzen zituen lehiaketetan parte hartzera, eta hor hasi nintzen ni ere euskaraz idazten. Bigarren maila bukatzean, Angerseko laborantza ingeniari eskolan sartzen lagundu ninduen.
Gero, 1957an eta 1958an, Eskualdun Gazteriako kapilau edo omonier lanetan ari zelarik hobeki ezagutu nuen, eta harenganik asko ikasi euskaldungoaz eta euskal mugimenduaren historiaz. Gazte hilabetekariko buru zela, kazeta horretan hilabetero idatzi nuen 1957ko buruiletik 1958ko abendura, lehen urrats publikoak eginez lan horretan. Gainera, karia horretara, Eskualdun Gazteriako, eta, bereziki, Gazte kazetako idazkaria zen Joana Idiarten ezagutza egin nuen, eta 1961az geroztik espos gara, guraso, aitaita-amama ere bai.
(Piarres Charritton)
Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Aita-amak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, laborariak ziren eta sei haur izan zituzten, eta, horien artean, Piarres bera zaharrena.
Gaur goizean hil da Hazparneko euskaltzain emeritua, 95 urte zituela.
Charrittonen ehorzketa astelehenean izango da, 15:00etan, Hazparneko elizan.
Hil-kapera zabalik egongo da, larunbateko 15:00etatik aurrera, Hazparneko beilatokian. Ordu erdi beranduago, bertaraino hurbilduko dira Akademiako Zuzendaritzako kideak.
Ele indartsuko gizona, ekintzaile aparta, euskalgintzaren erreferente nagusietako bat izan da Ipar Euskal Herrian eta harago.
“Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
“Izugarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok”, aitortu du Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak, bere laguna gogoratuz.
“Liburu parrasta bat plazaratu zuen, politika mailakoak eta literaturaren historia jorratzen zutenak; hiztegiak halaber. Iparralde honetan norbait zen, norbait hori zentzurik zabalenean hartuz”, adierazi du Itxaro Borda idazle lapurtarrak.
(Piarres Charritton euskaltzain emeritua, 2013ko argazki batean)
558 artikulu egile, 621 artikulu, 171 ebaluatzaile, 104 liburu aipamen, 12 itzulpen... Erraz botatzen diren zenbakiak, 1990. urtetik metatu diren zifrak, hori dena eta gehiago lortu baitu Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro aldizkariak. Bihar, 100. zenbakia aurkeztuko dute, Bilboko kafe Antzokian.
1990ean sortu zen Uztaro, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuarekin. Argitaratzen dituen lanak ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia eta geografia arlokoak dira.
Urtean lau zenbaki argitaratzen dira, eta UEUk antolaturiko ikastaro, mintegi edo jardunaldien inguruan sortutako lanek dute lehentasuna aldizkarian, baina kanpotik bidalitako lanak ere onartzen dira.
Sorreratik Jokin Apalategi psikologia sozialeko katedraduna (UPV/EHU) izan da Uztaroren zuzendaria. Orain, ardura hori laga eta beste batzuen esku utziko du proiektua.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan.
Gogoratu behar da IVAPek antolatzen duen 2015eko Leizaola Saria ex aequo irabazi zutela David Mota Zurdok ('Un sueño americano. El Gobierno Vasco en el exilio y Estados Unidos -1937-1979-' ikerlanagatik) eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ('Lengua vasca, cooficialidad lingüística y relaciones jurídicas inter privatos. Análisis desde la perspectiva del euskera en el Derecho privado español, en el francés y en el de la Unión Europea' ikerlanagatik).
IVAPek oraintsu plazaratu ditu lan biak, liburu banatan.