Andres Urrutia euskaltzainburuaren artikulu bat argitaratuko du Uztarok bere 100. zenbakian. Euskaltzainburuak zenbakiaren garrantzia azpimarratzen dio Plazaberriri, baina ez hori bakarrik: "Data esanguratsua da, kopuru adierazgarria. Datu bibliometriko soiletan ibiliz gero, erabat azpimarragarria, euskaraz argitaratutako aldizkaria baita Uztaro. Alegia, giza eta gizarte-zientzietan akademiako izaera eta euskara uztartzen eta estekatzen dituena, unibertsitatetik ere gertu, Udako Euskal Unibertsitatean baititu sorleku eta bizitokia. Horretan aritu da eta arituko da, ziur asko, etorkizunean. Horretarako behar da eta behar ditugu euskarazko Zuzenbidearen komunitatean bizi eta horren aldeko apustu nabarmena egiten dugunok, aldez eta moldez, giza eta gizarte-zientziak, Zuzenbidea barne; egunero, hilero, urtero, gero eta euskaldunago, gero eta aurreratuagoak izan daitezen euskal gizartean".
Honela, eta aldizkariaren nondik norakoak ezagutzeko, Jokin Apalategi Uztaroren zuzendariarekin hitz egin du Plazaberrik.
1990ean kaleratu zen Uztaroren lehen zenbakia. Zein kezkak akuilatuta sortu zenuten aldizkaria?
1980an EHU/UPV sortu zelarik euskarari leiho bat ireki zitzaion, bertan euskaraz ere hainbat ikasketa egieko aukera zabalduz. Unibertsitate haren hasierako urte haietan irakasle-ikerle bezala abiatu ginenok euskararentzat ez genuen bigarren mailako onarpenik nahi, euskaraz gure irakasle-ikerle ibilbidea garatzeko aukera emango zigun Unibertsitate bat nahi genuen. Oso urrun geunden hartatik. Orduan, UEU izan zen gure akuilua (1972az gero, bide hori jorratzen ari baitzen euskarazko Unibertsitatearen ibilbidea). Helburu orokor hau ez da ordutik hona aldatu. Hori betetzeko bidean ezinbesteko ageri zitzaigun aldizkari bat sortzea, euskaraz buruturiko lanekin ikerlearen seiurtekoak betetzeko aukera ere ematen zigulako. Ekimen horri Uztaro deitu genion, agertuko ziren lanak uzta–emaitzak izango zirela eta. Abiatu eta errotzen joan ginen bezala nazioarteko aldizkari unibertsitario bihurtzeko erronka betetzen ahalegindu behar ginela argi eta garbi agertu zitzaigun. Horretarako, bidean indexatutako aldizkari izateko zeuden aukerak aztertuz jokabide bat egituratu genuen. Baita lortu ere, Latindex katalogoan sartuz 2011n.
Ordutik, aldizkariaren helburuak aldatu dira?
Tira, gure erronkak ez ziren hor amaitu. Gaur-geroz, beste berri bat ere badugu: Unibasq-ek, euskal irakasle–ikerle funtzionarioen ebaluatzaileak, ardura subiranoa lor dezan nahi dugu, hori lortzeak euskaraz egindako ikerketaren emantzipazio zientifikoaren errekonozimendua adieraziko bailuke. Uztaro-ren helburu nagusia beti bera da, baina agerian dago ibilbidearen aldizkako helburuak beti aldatzen doazela.
Uztarok pisua hartu du, urteen poderioz.
Inoiz baino beharrezkoago bihurtu da. Sortorduan, irakasle-ikerle gutxi batzuk ginenean justifikatuta bazegoen, pentsa orain, ehunka dezente direnean euskaraz egiten ari diren irakasle-ikerlariak. Eta, hala ere, ez da euskaraz ari diren irakasle-ikertzaileen gora-behera batera mugatu behar aldizkariaren ekarpena. Lehen lerroan jarririk euskara zientifikoaren bultzatzaile izan behar baitu, eta lanbide hori ez da behin ere agortzen bizirik iraun nahi duen edozein hizkuntzarentzat, beti baitoa berritzen zientzien alorra. Eta horrekin euskararen hedapen alorra ere, noski.
'Kalitatea' berba azpimarratzen duzue behin eta berriz. Nola hautatzen dira jasotako artikuluak?
Nazioarteko kriterio zorrotzekin ebaluatuak izan behar diren lanak argitaratzea bada helburu, ezinbesteko egiten da kalitatearen eskaria. Hala izan behar du, konpetentzia zorrotza baitago aldizkarien indexazioa daramaten agentzia desberdinen artean. Ikerle taldeek (gehienean taldeka baitatoz) aldizkariaren erredakzio-kontseiluari igortzen diote argitaratzeko dauden artikuluen proposamena; azken honek kudeaketa abian jartzen du. Kanpoko-ebaluazio itsua praktikatuz gutxienez gaiaren araberako bi jakitunek peer review sistemarekin artikuluak ebaluatzen dituzte. Horren berme, Batzorde Zientifiko propio bat dauka aldizkariak. Orotara 33 kalitate-irizpide betezen ditu Uztarok.
Identifikatuta dituzue Uztaroren hartzaileak?
Bi hartzaile-mota ditugu. Alde batetik, harpidedunak daude. Lehen zenbakiaz gero, beti 400 bat inguru; kopurua sendo mantentzen da. Bestetik, liburu-dendetan saltzen denez, erosleak daude. Esan gabe doa, behin behineko erosleen artean aurkitzen direla ere UEUk interneten bidez eta urtean zehar eratzen dituen ikastaldi eta erakustaldietan banatzen dituenak. Biziki erraza gertatzen zaio eskuratzea hortarako desira edo borondatea daukanari.
Beti egin izan da euskaraz?
Lanak euskaraz bakarrik argitaratzen dira. Ehuntatik ehun euskaraz. Hala ere, Euskal Herritik kanpoko ikerle zenbaitzuek agertu izan digute atzerritar hizkuntza batean idatzitako euren lana euskaraz argitaratzeko nahia. Eta egin ere egin izan dugu, kalitatezko aportazioa dela kontsideraturik. Orain arte argitaratuak ditugun 621 artikuluetatik hamabi dira horrelakoak.
Ehungarrena aurkeztuko duzue bihar. Zer dakar zenbaki berriak?
Ehungarren zenbakia, nagusiki, txandan zain zeuden lanekin osatu dugu. Bi lan salbuespen daramatza, hala ere: bata historiako ikertzailearen ikuspegitik gaur aurkitzen dituen arrengurak (teoria, metodologia edo eta teknika arloetakoak) aipatzen dituena, Mikel Aizpuru historialariak burututakoa. Eta ildo beretik bigarrena dago, Isuzko Vivas eta lankideak Artearen eremutik burutu dutena.
Baina, gainera, eta hau da berritasun nagusia, Uztaro 100+ argitaratu dugu. Bertan datoz bereziki Erredakzio Batordeko eta Batzorde Zientifikoko diren hamalau egilek bakoitzaren jakintza-eremutik giza eta gizarte-zientzien ikuspegira idatzitako lanak. Baita berrogeita hamar orrialdez gorako gehigarri bat ere, Uztaron orainartekoan argitaratutako artikuluen autore eta izenburuekin.
Etorkizunari begira, badu lekurik Uztarok gurean?
Euskarak eta giza eta gizarte zientzien produkzioak iraungo duten neurrian Uztaro beharrezko izango dugula esango nuke. Eta egun batez ixiltzen bada, haren ordezko bat edo beste sortu beharko da alor zientifikoan euskarak jarrai dezan subiranoki existitzen.
Aldaketaren bat egitea pentsatu duzue edo berdin jarraituko du?
Urte oroz aldaketen atala eztabaidatzen da Erredakzio-kontzeiluan. Eta beti goaz orrazten eta lantzen itxura hobetzeko asmoz. Aldaketa ekimen horrek jarraituko duela onartuz ere Uztaro-ren izaera nagusia beti ezaugarri berdinekin dabilela gehituko dut.