Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Aita-amak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, laborariak ziren eta sei haur izan zituzten, eta, horien artean, Piarres bera zaharrena.
Gaur goizean hil da Hazparneko euskaltzain emeritua, 95 urte zituela.
Charrittonen ehorzketa astelehenean izango da, 15:00etan, Hazparneko elizan.
Hil-kapera zabalik egongo da, larunbateko 15:00etatik aurrera, Hazparneko beilatokian. Ordu erdi beranduago, bertaraino hurbilduko dira Akademiako Zuzendaritzako kideak.
Ele indartsuko gizona, ekintzaile aparta, euskalgintzaren erreferente nagusietako bat izan da Ipar Euskal Herrian eta harago.
“Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
“Izugarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok”, aitortu du Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak, bere laguna gogoratuz.
“Liburu parrasta bat plazaratu zuen, politika mailakoak eta literaturaren historia jorratzen zutenak; hiztegiak halaber. Iparralde honetan norbait zen, norbait hori zentzurik zabalenean hartuz”, adierazi du Itxaro Borda idazle lapurtarrak.
(Piarres Charritton euskaltzain emeritua, 2013ko argazki batean)
558 artikulu egile, 621 artikulu, 171 ebaluatzaile, 104 liburu aipamen, 12 itzulpen... Erraz botatzen diren zenbakiak, 1990. urtetik metatu diren zifrak, hori dena eta gehiago lortu baitu Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro aldizkariak. Bihar, 100. zenbakia aurkeztuko dute, Bilboko kafe Antzokian.
1990ean sortu zen Uztaro, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuarekin. Argitaratzen dituen lanak ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia eta geografia arlokoak dira.
Urtean lau zenbaki argitaratzen dira, eta UEUk antolaturiko ikastaro, mintegi edo jardunaldien inguruan sortutako lanek dute lehentasuna aldizkarian, baina kanpotik bidalitako lanak ere onartzen dira.
Sorreratik Jokin Apalategi psikologia sozialeko katedraduna (UPV/EHU) izan da Uztaroren zuzendaria. Orain, ardura hori laga eta beste batzuen esku utziko du proiektua.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan.
Gogoratu behar da IVAPek antolatzen duen 2015eko Leizaola Saria ex aequo irabazi zutela David Mota Zurdok ('Un sueño americano. El Gobierno Vasco en el exilio y Estados Unidos -1937-1979-' ikerlanagatik) eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ('Lengua vasca, cooficialidad lingüística y relaciones jurídicas inter privatos. Análisis desde la perspectiva del euskera en el Derecho privado español, en el francés y en el de la Unión Europea' ikerlanagatik).
IVAPek oraintsu plazaratu ditu lan biak, liburu banatan.
Guztira, 80.157 bisita izan ditu gure atari digitalak, urtarrilean baino 12.950 gehiago.
Otsailean, Akademiaren webguneak jasotzen dituen bisitarien kopuruak gora egin du nabarmen. Aurreko hilabetean legez, otsailean ere Euskaltzaindiaren Hiztegia izan da gehien kontsultatu den edukia, 179.153 bistaratze izan dituela (urtarrilean, 168.901 bistaratze); eta Euskal Onomastikaren Datutegira ere jo du jendeak (77.409).
Bi egitasmo horien atzetik doaz Orotariko Euskal Hiztegia (38.160 bistaratze) JAGONET zerbitzua (6.549) edo Hiztegi Batu Oinarriduna (6.113).
Bestetik, 'Plazaberri' blogak ere gora egin du, 2.290 bistaratze izan dituela (urtarrilean 1.884 izan ziren).
Guztira 386.197 bistaratze izan ditu gure atari digitalak azken hilabetean.