Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik, Charritton. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.
Hazparnen jaio eta bertan egin zituen lehen ikasketak Charrittonek, eta 1935ean Uztaritzeko Seminariora joan zen, gazterik erabaki baitzuen elizgizon izan nahi zuela. Bertan, aholkulari eta bidelagun izaniko Piarres Lafitte abade eta kultur gizona ezagutu zuen. Bost urte igaro zituen hazpandarrak Uztaritzen, eta handik Baionako Seminariora aldatu zen, Euskal Herriaren inguruko kezkari eta jakin-minari jarraiki ziola, bertan bertatik.
Gaztetan hasi zen Charritton irakaskuntzan: 1942an Biarritzen aritu zen, hogeita bat urte besterik ez zituela, eta handik urtebetera sorterrira itzuli zen, lan bera egitera. Azkenik, 1944ko udan, Baionako seminariora itzuli zen teologia ikasteko asmoz.
(1968ko Arantzazuko biltzarrean)
Hegazkin-pilotu ingelesari laguntzen
Aurretik, Espainiako Gerra Zibiletik ihes zenbiltzan euskaldunak ezagutu zituen Ipar Euskal Herrian, eta, beranduago, naziengandik ihesi zenbiltzan frantziarrak. Horietako batzuk berak ezkutatu zituen. Esaterako, Russell Kirby hegazkin-pilotu ingelesa, bere etxean hartu zuena hilabete pare batez. Gero, muga gurutzatzen lagundu zion, eta balentria horrengatik Frantziako Errepublikak soldat sans uniforme des Forces Françaises izendatu zuen (uniforme gabeko gudaria) eta aliatuen Aire Indarretako komandante nagusiak diploma bat eman zion, esker onez. Ez zen bere etxean aterpetu zuen iheslari bakarra izan.
1942tik irakasle nahiz apaiz lanak egin zituen Biarritzen, Hazparnen, Maulen, Baionan eta Parisen. Eskualdun Estudianteen Egunak antolatu zituen 1946-1951 artean eta Eskualdun Gazteriako arduradun izan zen 1956tik. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren Biarritzeko Biltzarrean (1948) parte hartu zuen eta Eskualtzaleen Biltzarreko kide da 1958tik.
Baionako Elizbarrutiaren babesean, Parisko Eskual Etxearen (1955) eta Hazparneko Lanbide Eskolaren (1959) sortzaileetarikoa izan zen. Lanbide Eskolako zuzendari izan zen 1965 arte, lankide zituela Jean-Louis Davant edota Txillardegi. 1965Ean, zuzendaritza utzi egin behar izan zuen, arazo politikoengatik.
1967tik 1973ra bitartean Baionako San Amandoko erretore izan zen eta Fededunak (1968) taldea sortu zuen Jean-Louis Davant, Jean Hiriart-Urruti eta beste hainbat lagunekin. Frantziskotarren Jakin taldearekin ere harremanetan zen ordurako. Horrez gain, Baionako Euskal Astearen sustatzaileetako bat izan zen; euskara batua hauspotu zuen 1968ko Arantzazuko Biltzarrean parte-hartze erabakigarria izan zuen; Association pour la Création d'un Institut d'Etudes Basques (ACIEB) delakoaren sorreran esku hartu zuen, Piarres Lafitte, Jean Haritxelhar eta beste hainbatekin elkarlanean (ondorioz, Euskal Ikasketen Institutua sortu zen); eta 1972an eta 1973an Udako Euskal Unibertsitateko lehenengo jardunaldiak antolatu zituzten Donibane Lohizuneko Ravel lizeoan, eta jardunaldi horiekin jarri zen martxan UEU bera.
(Lan aparta egin zuen Charrittonek Gramatika Batzordean)
70eko hamarkadaren erdialdean Eliza utzi, Aña Durruty aihertar erizainarekin ezkondu eta Baionara itzuli zen. Behin itzulita, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten 1984an eta Filosofia Fakultatean eman zituen eskolak, harik eta 1987an erretiroa hartu zuen arte. 1985ean, euskaltzain oso izendatu berri, doktoretza eskuratu zuen Euskal Ikasketetan Pierres Broussain-i (Hazparneko auzapez eta kontseilari orokor izaniko euskaltzalea) buruz egindako doktorego-tesiarekin: Piarres Broussain, sa contribution aux études basques [Piarres Broussain-en ekarpena euskal ikasketetara].
80ko hamarkadan politikari bihurtu zen hazpandarra: 1988ko ekainaren 5eko eta 12ko hauteskundeetara Eusko Alkartasunaren izenean aurkeztu zen, Pirinio Atlantikoen 5. barrutian. Honela, EAren Ipar Euskal Herriko burua izan zen 1988tik 1997ra bitartean. Halaber, Baionako Udalean zinegotzi izan zen 1993tik 1995era bitartean.
Bizitza oparoak baditu bere sariak, eta gorazarre asko jaso ditu azken urteetan ekintza gizonak. Besteak beste, 1996an, EIZIEko ohorezko kide izendatu zuten; 1999an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak; eta, 2006an, euskaltzain emeritu izendatu zuen Akademiak.
Ekintzailea
Langile porrokatua izan zen Piarres Charritton, eta horren adibide dira berak egindako literatur ikerketa, edizio, itzulpen eta bestelakoak. Gaztetan hasi zen hedabideetan idazten, eta Jakin, Zabal, Enbata, Otoizlari, Elgar, Il Bimestre, Gure Almanaka, Zeruko Argia, Ekaina, Anaitasuna, Jaunaren Deia, Etchea, Comun, Maiatz, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Berria, Mundaiz, Bulletin du Musée Basque, Oihenart, RIEV, Ele, Egan, Antzerti, Hegats, edo Euskalingua bezalako aldizkari eta egunkarietan kolaboratu du.
Euskaltzaindian, Ipar Euskal Herriko ordezkari izan zen, 1978tik 2006ra bitartean, hainbat arlotan lan eginez: euskalduntze-alfabetatzea, onomastika, gramatika (EGLU bilduma, 1985-2011), hiztegigintza, Jagon saila, argitalpenak, literatura ikerketa eta abar. Halaber, euskaltzain askoren idazlanak argitaratu ditu: Jean Etxepare, Piarres Larzabal, Jean Saint-Pierre eta René Lafon, besteak beste. Pentsamenduaren hainbat idazle klasiko ere itzuli ditu euskarara: Thomas More (Utopia), Benedictus de Spinoza (Ethica), Francisco de Vitoria (De Indis) edota Martin Azpilkueta; eta Labayruko (Derio) udako ikastaroetan aritu zen maisu lanetan.
Azken urteotan, Ipar Euskal Herriko idazle eta kultur gizon batzuen gutunak eta literatur testuak argitaratu ditu, beste ikertzaile batzuen laguntzaz. 2003an, 'De re publica edo politikaz' (Elkar) karrikaratu zuen Charrittonek. Liburua saiakera-lana da, eta, bertan, estatuaren, nazioaren eta herriaren arteko harremanak ditu aztergai eta hizpide.
Piarres Charritton, ekintzaile nekaezina
Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Aita-amak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, laborariak ziren eta sei haur izan zituzten, eta, horien artean, Piarres bera zaharrena.
Idatzi iruzkina