Gaur, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan aurkeztu da Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa. Jende ugari hurbildu da Plaza Barrira, lan berriaren emaitza ezagutu eta hauspotzera. Tartean, erakundeetako ordezkari asko, Hiztegiaren lantaldeko kideak, euskaltzainak, proiektuan parte hartu duten ganbera legegileen ordezkariak eta gobernu bakoitzarenak. Eusko Jaurlaritzako Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak ere hurbildu dira Akademiaren egoitzara, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendariarekin batera.
Euskaraz lan egiten duten erakunde legegileek 35 urtetan zehar erabili izan dituzten hitz juridiko-parlamentarioek beharrezkoa zuten Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentario honek eskaintzen duen normalizazio- eta estandarizazio-markoa. Honela, lan hau egiteko lantalde tekniko bat eratu zen 2015eko irailean, non parte hartu zuten erakunde legegileen (Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak) eta IVAP, UZEI eta Euskaltzaindiaren ordezkariek.
Gotzon Lobera batzorde teknikoaren koordinatzaileak gaur azaldu duenez, egin zituzten bileretan erakunde bakoitzak bere eguneroko lanean erabiltzen duen terminologia partekatu zuten; zehazki, artxibo eta datu-baseetatik ateratako 255.298 hitzekin hasi ziren. Hortik aurrera, 4.343 sarrera elebidun atera ziren, zeinak abiapuntu gisa erabili ziren Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa sortzeko beharrezko adostasunak iristeko.
Lan-metodologiaren oinarria adostasuna izan da, erakunde bakoitzaren hitz esklusiboak errespetatuz eta erakunde legegileek partekatzen dituzten sarrerentzako erabilera normalizatua iritsiz. Era horretan, 1.754 hitz eta esamolderen lan-corpusa erabili da, eta hortik Hiztegiak 1.438 sarrera jaso ditu euskaratik gaztelaniara, eta 1.409 gaztelaniatik euskarara.
Dokumentua Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak onetsi du, zeinaren helburuen artean euskararen normalizazioa dagoen.
Gaur aurkeztu den argitalpenak erakunde legegileetako lehendakarien konpromiso eta asmoen adierazpena ere badakar. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Pedro Elósegui Arabako batzar nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Bizkaiko batzar nagusietako lehendakariak eta Eider Mendoza Gipuzkoako batzar nagusietako lehendakariak egindako bateratze-lanaren balioa nabarmentzeaz gain, adierazi dute hiztegi hau dela “oinarri on bat etorkizunean euskaraz sortuko diren termino juridiko-parlamentario berriak finkatzeko“, eta nahiko lukete “erabilgarria izatea, ez soilik gure ganberetako zerbitzu eta kideentzat, baita profesionalentzat eta, azken batean, herritar guztientzat ere”.
Halaber, adierazpen honetan eskerrak eman dizkiote Euskaltzaindiari, aitortza txiki bat ere egin diotela, esan dutenez, “Euskaltzaindiaren laguntza eta babesa ezinbestekoak baitira horrelako lanetarako”.
Dokumentua sinatu da ekitaldian zehar eta Andres Urrutia euskaltzainburuari eman zaio, bost erakunde legegileen euskararekiko hitzarmenaren adierazgarri gisa.
Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Bakartxo Tejeriak, bere hitzetan aitortu du Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioarekin “beste aurrerapauso bat” eman dela euskararen normalizazio- eta arautze-bidean: “euskararen alde bat egin dugu terminologia parlamentarioa batuz, eta bat-egite horrek esanahi berezia du, lehen aldia delako, eta euskararen alde guztiok bat egin dugulako”. “Euskara guztiok elkarrekin dugun ondarea da -gaineratu du Tejeriak-, arabarrok, bizkaitarrok, gipuzkoarrok eta nafarrok eta gurekin batera zuberotarrek, baxenabartarrek eta lapurtarrek elkarrekin dugun ondarea. Euskarak elkartzen gaitu, zaindu eta erabil dezagun euskara eta jarrai dezagun lanean, oraingo eta hurrengo belaunaldiek ezagutu dezaten benetako hizkuntza-askatasuna”.
(Euskara lan-hizkuntza duten bost ganbera legegileetako ordezkariak eta Hiztegiaren lantaldeko kideak, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin)
Herri baten adierazpena
Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakariak ondorengo hau azpimarratu du: “Euskaltzaindiaren eskutik buruturiko lana da, eta euskararen akademiari eskertu behar diogu Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko herri mugakideok partekatzen ditugun altxor kulturaletatik handienetakoa dugun euskararen gramatika-legeak babestu, ikertu eta garatzea. Menderik mende gure arbasoek beren gizarte ezberdinak garatzeko tresna gisa erabili zuten hizkuntza dugu, hainbat gorabehera historikoren ondorioz diskriminatua. Okerreko egoera hori aspalditik gabiltza zuzendu nahian”.
Bizkaiko batzar nagusietako lehendakari Ana Otaduik bestelakoak ekarri ditu gogora: “Eskerrik asko euskarari, aukera eskaini digulako esparru pribatuari eta erakunde publikoei lankidetzan aritzeko. Eskerrik asko Euskaltzaindiari, zeren, bere ekimen eta gidaritzarekin, aukera eman baitigu hiru Batzar Nagusien, Nafarroako Foru Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko lankidetza hau gaurko argazki eder honetan islatzeko. Etorkizun handiko eta norbere berezitasunetik lankidetzan aritzeko asmoz betetako argazkia dena”.
Pedro Elósegui Arabako batzar nagusietako lehendakariak esan duenez, “egun, Araba ahaleginetan ari da berea duen altxor bat berreskuratzeko: bere hizkuntza”. Honela, “euskara berriz ere bada gizakien arteko harremanetarako tresna, ez bakarrik lurraldearen iparraldean, baita ere Lautadan edo Arabako Errioxan (...). Arabako instituzioek, betiere Euskaltzaindia lagun eta aholku-emaile izan dugula, berpizte hori hauspotu egin dugu, eta sarri askotan ondoko lurralde historikoen informazioa eta babesa jaso dugu”.
Beste alde batetik, Gipuzkoako batzar nagusietako lehendakari Eider Mendozak hauxe azpimarratu du: “Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentario hau, hizkuntza baten adierazpena ez ezik, herri baten adierazpena ere bada, euskarak izena ematen dion herriarena, Euskal Herriarena eta Euskadirena, bere barruko desberdintasun eta aberastasun guztiekin (...). Hizkuntza zaintzea eta garai berrietarako prestatzea herria eta jendea duintasunez tratatzea da, eta horretarako gaude erakundeak, herritarrei begirunea izateko bere-berea dutena zainduz, oraingoan, euskara”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak egin die harrera politikariei. Urrutiak nabarmendu du lan honen merituetako bat dela batasunarena, “hiztegi honek erakusten baitu, pluralitatea errespetatuz eta uniformetasunean erori gabe, euskara bat dela, bere kolore eta soinu desberdinekin, bere errealitate sozial eta geografiko diferenteekin”. “Bide berri zabala ireki da oraingo honetan liburuaren zein teknologia berrien bidez -gogoratu du Urrutiak-, hala ere, bada zer jorratu, segida eman behar baitzaio honi, guztion laguntzarekin. Euskaltzaindia prest dago horretarako. Horra eginkizuna eta, aldi berean, etorkizunerako erantzukizuna”.
Amaitzeko, Hiztegiaren lantaldea koordinatu duen Gotzon Loberak egin du berba, eta kargu publikoei zein lankideei eskerrak emanez hasi du bere berbaldia: “Eskerrak eman behar dizkizuegu euskaldunok zuen ekimenaren bidez euskararako eta haren batasunerako jarri duzuen oinarri sendoagatik; eskerrak eman nahi dizkizuet taldekide guztioi ere, arrazoi askorengatik, besteak beste, zuen profesionaltasunagatik, zuen arduragatik, zuen adoreagatik eta zuen eskuzabaltasunagatik”. Loberak gogoratu du, baita, taldekideon gogoan beti egon dela “euskaldun herrietako biztanleen eskuetan tresna eragingarri bat jartzea”, eta aitortu du beronen eragina handia izan daitekeela “hedabideetan”, eta hedabideek hiztegi hau erabiltzen duten neurrian "haren altxorra gizartearen geruza guztietara" iragaziko dela iragarri du.
Kontsultarako, Euskaltzaindiaren webgunean
Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa Euskaltzaindiaren webgunean izango da eskuragai, kontsultatzeko edo jaisteko; baita erakunde legegile guztien web orrietan ere, barne-erabilerarako zein erakundeen webgune horietara hurbilduko den edozeinek kontsultatzeko eta deskargatzeko.