Markina-Xemeingo karmeldarrek ohiko fintasun eta puntualtasunez kaleratu dute urtarrila eta martxoa bitarteko 'Karmel' aldizkaria, honako honetan, 297. zenbakia.
Eta usu duten legez, gai mamitsuz gainezka dator aldizkaria. Besteak beste, Luis Baraiazarra Txertudi ohorezko euskaltzainari Meñakan iaz egin zitzaion omenaldiaren berri dakar, herriak bere seme kuttunari eginiko gorazarrera aletzen dela bertan, alkate, euskaltzain, bertsolari eta kantarien iritzi eta bertsoak oso-osoan jasoz.
Gorbeia inguruko kontu zaharrek ere badute lekua zenbaki berrian, Deustuko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean argitaratutako 'Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II' liburua aztertzen baita bertan, Baraiazarrak idatzitako artikulu interesgarrian. Juan Manuel Etxebarria euskaltzain urgazle eta ikertzailearen azken ahalegina adibidez josita dator, ahozko euskarari leku berezia gordetzen diola.
Aspalditik lantzen dituzten bestelako atalak ere badira 'Karmel'en. Honela, Baraiazarraren eta Zugazagaren olerkiak erantsi dituzte ale berrian, Joseba Aurkenerenaren ipuinarekin batera ('Makeako kabalkada').