Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, Baionan, 95 urte zituela. Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.
Gaztea zela abiatu zituen apaizgai klasikoaren ikasketak Hazparnen, Uztaritzen eta Baionan, eta 1947an apaiztu zen. Erroman goi-teologia ikasketak eta filosofiakoak Parisen egin ondoren, irakaskuntzan jardun zuen hainbat postu eta mailatan, oinarrizko irakaskuntzatik unibertsitateraino. 70. hamarkadan apaiz izateari utzi zion eta familiatu zen. Jarduera intelektual bizia izan du gazte-gaztedanik; artikulu anitz eta hainbat obra argitaratu ditu, batez ere euskaraz, baina baita frantsesez ere. Ele indartsuko gizona; besteak beste, Jean Etxepare medikuaren eta Piarres Lartzabal idazle eta antzerkilariaren lanen biltzaile; langile harrigarria eta ekintzaile etengabea izan zen Charritton.
Gauzak bururaino bultzatzeko bazuen bertute. Lan handia egin zuen Hazparneko kolegio teknikoaren eta Pariseko Euskal Etxearen sort arazteko. Broussain bere herritaraz tesi gaitza ere egin zuen, CNRSek argitaratu zuena.
Ezagutu zutenek ondo gogoan dute bere izatea eta jarduna. “Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Labayruren Ikastaroetan ezagutu nuen, urte asko direla -gogoratu du Urrutiak-, bera irakasle eta ni ikasle. Egia esan, berebiziko indarra zerion hari, Iparraldeko euskararen nondik norakoak hitzez eta letrez erakusten eta irakasten zizkigula. Euskararen klasikoak barne-barnetik maitatu eta gure eskuetan jarri zituen, mintzaira zaindu baten bidez. Sona handiko euskal maisuen argitarazlea, erretorikak ez zeukan berarentzat ez bihurgune ezta ezkutuko lekurik. Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres Charritton. Euskararen sua eta garra, molde horretan gogoratuko dugu, gaurgero, gure euskaltzainkidea”.
Ekarpena hitzez eta ekintzaz
“Izugarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok”, aitortu du Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak, bere laguna gogoratuz.
“Liburu parrasta bat plazaratu zuen, politika mailakoak eta literaturaren historia jorratzen zutenak; hiztegiak halaber. Iparralde honetan 'norbait' zen, 'norbait' hori zentzurik zabalenean hartuz”, adierazi du, baita ere, Itxaro Borda idazle baxenafarrak. Luzien Etxezaharreta idazle eta kazetariak ere horrela gogoratzen du Charritton: gogotsu, kementsu. “Suzko gizona ezagutu dugu Gure Irratia lehen euskarazko irratiaren hasieran, gero ikastolen biltzar zabaletan, Baionan zinegotzi izan zelarik... Bere herritarrei mintzo, Manex Hiriart-Urruty aipatuaren jarraile ere bazen, bere erretorika zanpatzailearekin, hitz bortitz eta umore astintzailearekin. Langile harrigarri eta etengabea izan zen Charritton”, adierazi du Maiatz aldizkariko koordinatzaileak.