Zein da Lexikoaren Behatokiak duen helburu nagusia? Ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki anotatu bat prestatzea. Euskaltzaindiak prosa arruntezko corpusa prestatu nahi du egitasmo honen bidez, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere. Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi dira, hedabideak bereziki, eta horien artean, besteak beste, interes orokorreko komunikabideak.
"Lexikoaren Behatokia gaur egungo euskara nolakoa den eta nola aldatzen ari den ezagutzea ahalbidetuko digun corpusa da. Bereziki komunikabideetako eta prosa arrunteko erabilera dauka", azaldu du Andoni Sagarna euskaltzain eta egitasmoko zuzendariak.
Egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko IXA taldearekin garatzen ari da Euskaltzaindia.
Lexikoaren Behatokiari esker, Euskaltzaindiak urtean-urtean euskara idatzian gertatzen diren gorabeheren informazioa du. Hiztegian egin beharreko gehikuntza eta aldaketak egiteko garaian, Lexikoaren Behatokiak eskaintzen duen informazioa erabakigarria gertatzen da. Bi adibide aipatuko ditugu horren erakusgarri gisa.
Grafiko hauetan ikus daiteke 2008-2015 aldian zoru-klausula eta eraso sexista terminoen agerraldi kopuruek izan duten bilakaera: