Urtero eta ekainean, etenik bako irakurraldia antolatzen du Bilbo Zaharra euskaltegiak, eta, horren harira, bestelako egitasmoak programatzen dituzte. Horietako bat da Bilbo Zaharra Forum-a, hiru hiletik behin egiten dena.
Datorren astean, hiru ekitaldi iragarri ditu euskaltegiak, 'Estereotipoetatik ihesi' lemapean, eta bertan Bernardo Atxagak, Iratxe Retolazak, Ibon Egañak eta Hinka taldeak parte hartuko dute.
Beste behin, Euskaltzaindiak hartuko du Forum-en ziklo berria, neguari dagokiona. Lehenengoko hitzaldia astelehenean izango da, otsailak 20 dituela, eta Iratxe Retolazak eta Ibon Egañak parte hartuko dute bertan. Bien artean Querr literatura aztertuko dute. Bigarren hitzordua asteartean izango da, eta ordurako Hinka taldearen ikuskizuna iragarri dute Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradunek; Itxaro Borda poetak idatzitako testuekin onduko dute kontzertua Hinkakoek. Hirugarren eta azken hitzaldia Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak eskainiko du, asteazkenean. Oraingoan, Atxagak itzulpenari buruz jardungo du ('Itzulpena kristalezko zubi bat da'). "Oraingo egoera erokeria da. Itzulpenarena estatu auzi bat da. Aparteko kontseilaritza bat behar luke, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat. Eta azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak", esan du asteasuarrak, behin baino gehiagotan.
Egitasmo guztiak 19:00etan izango dira, Akademiak Bilbon duen egoitzan (Plaza Barria, 15).
Ostegun honetan sinatuko da, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan, Baionan.
Mathieu Bergé (EEPren presidentea) eta Andres Urrutia (euskaltzainburua) izango dira bertan.
Bi erakundeek orain arteko bidea ontzat eman eta 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko berria sinatuko dute.
Euskara hutsean egindako lehen egunkariari buruzko jardunaldia egin da, gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, 'Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa' lelopean.
Bertan, Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikide saileko katedradunak EGUNA egunkariaren aurrekariak aztertu ditu. Halaber, 1937ko urtarrilean jaio zen EGUNAren sorrerari buruzko datu interesgarriak eman ditu katedradunak: "EGUNAk modernotasunez jokatu zuen, emakumezkoek ere idatzi zuten, eta ikuspegi historiko handia erakutsi zuten idazle eta kazetari haiek". "EGUNArekin, ezina egina bihurtu zen", adierazi du Agirreazkuenagak.
Xabier Altzibar EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakasleak EGUNAn jardun zutenen profilak aztertu ditu, tartean datu argigarriak eman dituela. "Ehun bat idazle aritu ziren 1937ko EGUNAn; hori kopuru izugarria da", agertu du Altzibarrek.
Arrakasta handia izan du Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, EuskalPenKlubak, Deiak eta Sabino Arana Fundazioak elkarlanean sustatu duten egitasmoak, eta asko izan dira Akademiak Bilbon duen egoitzara hurbildu direnak, orduko historia eta istorioak ezagutzeko irrikaz.
(Ikusmin handia sortu du EGUNA jardunaldiak, eta esparru diferenteetako pertsona ugari hartu ditu, goiz osoan zehar, Euskaltzaindiaren egoitzak)
Aburtorekin batera egongo dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentea.
Goizeko 9:30ean hasiko da 'Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa' jardunaldia.
Honela, euskara hutsean egindako lehen egunkariaren jarduna gogoratu eta aztertu nahi da, bere sorreraren 80. urteurrenarekin bat eginez.
Parte-hartzaileak: Joan Mari Torrealdai; 'Amatiño'; Joseba Agirreazkuenaga; Xabier Altzibar; Idurre Eskisabel, Jabier Onaindia, Odile Kruzeta, Juan Carlos Ibarra, Adolfo Arejita eta Urtzi Urrutikoetxea.
EGUNA 1937ko urtarrilaren 1ean sortu zen, hau da, Gerra Zibilean, Bilboko Posta kaleko 17an. Sei hilabetez argitaratu zen, harik eta Frankoren tropek Bilbo hartu zuten arte. Guztira, 130 zenbaki plazaratu ziren.
(Xabier Kintana, Koldo Narbaiza, Laura Mintegi, Andres Urrutia, Juan Mari Aburto, Bingen Zupiria eta Juan Mari Atutxa, EGUNAri plaka jartzen, Posta kalean)
Akademiaren webguneak jasotzen dituen bisitarien kopuruak ez du gora egin urte hasiera honetan; bai, ordea, bistaratze kopuruak. Neurri batean, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bertsio digitalari esker gertatu da gorakada.
Aurreko hilabetean legez, urtarrilean ere Euskaltzaindiaren Hiztegia (168.901 bistaratze) eta Euskal Onomastikaren Datutegia (86.184) izan dira gehien kontsultatutako edukiak.
Bi egitasmo horien atzetik doaz Orotariko Euskal Hiztegia (42.856 bistaratze) eta Euskaltzaindiaren Arauak (6.190) edo JAGONET zerbitzua (5.670). Bestetik, 'Plazaberri' blogak 1.884 bistaratze izan ditu urte hasiera honetan.
Guztira, 383.835 bistaratze izan ditu gure atari digitalak, eta 67.207 bisita jaso ditu.