Eguna-ren sorreraren 80. urteurrena aitzakiatzat hartuz, Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, Euskal Pen Klubak, Sabino Arana Fundazioak eta Deiak gorazarre hunkigarri bat egin nahi izan diote aspaldiko egunkariari. Non eta Eguna sortu zen leku berean jarri diote plaka, Posta kaleko 17aren pare-parean.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jarri dute plaka. Alkatearekin batera, besteak beste, udalkideak; Andres Urrutia euskaltzainburua; Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentea; eta Laura Mintegi Euskal Pen Klubeko presidentea egon dira; baita Deiako, Euskararen Aholku Batzordeko, Bilboko euskaltegietako eta euskal hedabideetako zenbait ordezkari ere. Ekitaldiari amaiera emateko, Udalaren Txistulari Bandak 'Ametsetan' rapsodia txikia jo du, garai hartako kazetarien ametsei omenaldia eginez.
Euskarazko egunkariaren sorreraren 80. urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia izan da plaka jartzea. Eguna euskara hutsean argitaratutako lehen egunkaria izan zen, eta gaur egun dauden euskara hutsezko egunkarien aurrendaria izan zen. Ospakizunekin jarraitzeko, datorren ostiralean, otsailak 10 eta Euskaltzaindiaren egoitzan, Eguna egunkariari buruzko jardunaldi bat antolatuko da, haren jarduna aztertu eta gogoratzeko.
Eguna (1937ko urtarrilaren 1a–1937ko ekainaren 13a).
1936. urtea amaitzen ari zela eta azken Gerra Zibilean bete-betean sartuta, faxismoaren tropek aurrera egiten zutela eta Bizkaia setiaturik zegoela, Bilbon euskarazko egunkari bat argitaratzeko ekimena sortu zen. 1937ko urtarrilaren 1ean argitaratu zuten lehenengo aldiz Eguna. Kazetariak euskaltzale gazteak ziren, gehienak 25 urtetik beherakoak.
Aurrekari bat izan zuen Egunak, hain zuzen, Euzkadi egunkaria, Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'-ren gidaritzapean publikatzen zena.
Molaren hegazkinek, Condor legio naziak eta aireko indar italiar faxistek gerra-frontea apurtuta, laster heldu zitzaion amaiera Eguna egunkariari. Azken zenbakia 1937ko ekainaren 13koa izan zen. Ekainaren 19an Bilbo tropa frankisten esku geratu zen, eta Egunaren iraupena ez zen sei hilabetera heldu. Eguna egunkariak 139 zenbaki kaleratuta, euskara hutsezko egunkari bat egon zitekeela erakutsi zuen.
'Eguna jardunaldia' (otsailaren 10ean)
Gure kultura-ondarearen zati hau ezagutzera emateko, egunkaria sortu zuten lekuan plaka bat jartzeaz gain, jardunaldi bat izango da euskara hutsezko lehen egunkariak egindako lana aztertu eta gogoratzeko.
Otsailaren 10ean (ostirala) izango da, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15). Bilboko alkateak Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentearekin batera inauguratuko du jardunaldia, goizeko 9:30ean. Parte hartzaileen artean egongo dira, besteak beste, Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Altzibar, 'Amatiño', Joan Mari Torrealdai edo Javier Onaindia.
"Euskarak Bilbo behar du eta Bilbok euskara"
Bilboko Udalak Eguna egunkariaren jarduna omendu nahi izan du, Posta kalean plaka bat jarriz.
Juan Mari Aburto hiriko alkateak esan du, bere hitzalditxoan, euskarak Bilbo behar duela, "eta Bilbok euskara".
Gaur egungo euskarazko egunkarien aurrendaria izan zen Eguna, hain zuzen, euskara hutsean idatzitako lehen egunkaria.
Bere sorreraren 80. urtemuga ospatzeko egin da gaurko gorazarrera, eta otsailaren 10ean beste egitasmo bat antolatuko da aspaldiko kazetaren ibilbidea aztertu eta gogoratzeko: 'Eguna jardunaldia'.
(Eguna gogoratzeko plaka Alde Zaharreko Posta kalean dago, 17aren pare-parean)
Idatzi iruzkina