Bidaia latza izan da, baina, era berean, interesgarria. EGUNA jardunaldiaren eskutik, 1937ra jauzi egiteko aukera izan du, gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzara hurbildu den orok. Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, EuskalPenKlubak, Deiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako egitasmoa 9:30ean hasi eta ordu biak arte luzatu da. Jardunaldiaren helburuak? Batetik, euskara hutsean egindako lehen egunkariari gorazarre egitea; bestetik, 1937ko eta 1986ko egitasmoen berri ematea; eta, azkenik, euskaraz egiten duten hedabideen geroaz hausnartzea.
Egitasmoaren sarreran, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 1937ko EGUNA egin zutenen "ausardia" nabarmendu nahi izan du, eta, bide batez, gogoratu du gauzak asko aldatu direla euskal hedabideei eta euskarari berari dagokionez. Bilbo adibidetzat jarriz, Aburtok esan du aurrerapauso handiak egin direla euskararen alorrean, baina onartu du oraindik badagoela zer egin. Agindu du, hori bai, aurrerantzean ere zeregin horretan tematuko dela bere lantaldea.
Andres Urrutia euskaltzainburuak harrera egin die gonbidatu guztiei, eta bere sarreratxoan nabarmendu du 1937ko EGUNA egin zutenen kemena, hain zuzen, lana garai zailetan egin zutelako, “une gogor haien testigantza jasoz".
Azkenik, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak hitz egin du. Atutxak "konpromiso" berba erabili du behin eta berriz, orduko idazle eta kazetari haiek horixe bera erakutsi zutelako, bere ustez: "euskal kultura eta euskararekiko konpromisoa, bai Primo de Riveraren diktaduran, bai Errepublika garaian, eta, zelan ez Gerra bete-betean".
(Joseba Agirreazkuenaga, Juan Carlos Ibarra eta Xabier Altzibar)
Agurrez aparte, askotariko iritzi eta pasadizoak entzun dira ia bost orduz luzatu den jardunaldian. Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedradunak XIX. mendean euskarazko kazetaritzak izan zuen ibilbidea aletu du, eta hor aipatu ditu, besteak beste, Euskalzale, Eskualduna, Ibaizabal, Euzkadi, El día, California-ko Eskual Herria, Napartarra edo Argia, hain ohikoak -eta estimatuak- ziren bertso-paperak ahaztu gabe (armiarma.eus atarian kontsulta daitezke ia denak). Beraz, gogoratu du XIX. mendean eta XX. mendeko lehen hamarkadetan "asko" zirela euskaraz egiten zuten argitalpenak, egunero argitaratzen ez ziren arren. "Bazegoen azpiegitura bat, euskaraz irakurtzeko ohitura bat, oinarri sendo bat", adierazi du irakasleak.
Baina, Agirreazkuenagak gogoratu duen legez, Argian planteatzen da, lehenengoz, euskarazko EGUNA sortzea, 1937ko urtarrilean gauzatu zen aspaldiko ametsa. Eta hor gogoratu ditu Manuel Larramendiren hitzak, "EGUNArekin, ezina egina bihurtu zelako". Badirudi, gainera, aurrean zituen erronkak ondo bete zituela EGUNAk. "Goizetik gauera sortu zen egunkariak egitura narratiboa zuen, ez zuten bakarrik parrokia jakin bateri begira idazten; EGUNAk modernotasunez jokatu zuen, emakumezkoek ere idatzi zuten, gudariek ere bai; mugako hizkuntza bat erabili zuten gehienetan; eta ikuspegi historiko handia erakutsi zuten idazle eta kazetari haiek". Hori bai, egoera historikoak behartuta, "egunkari agonikoa" izan zela aitortu du Agirreazkuenagak, langileek ondotxo baitzekiten zein zen euskal herrialdeen egoera.
Xabier Altzibar EHUko irakasleak are hurbilago jarri du lupa, eta 1937ko EGUNAn idatzi zuten idazle, kazetari eta kolaboratzaileen izenak eta izanak gogoratu nahi izan ditu. Gutxi batzuk ezagunak dira, bestetzuk historiaren lanbroan galdutakoak. Esaterako, Alexander Mendizabal mutrikuarra aipatu du, inork gutxik ezagutzen duena. Altzibarrek adierazi du berandura arte ez dela EGUNAren jarduna aztertu edo gogoratu, eta zentzu horretan 70. hamarkadan egindako ahaleginak nabarmendu ditu: Reizabalen ikerketa -argitaratu gabea-, San Martin eta Jon Bilbaoren aipuak, memoria liburu batzuk -Augustin Zubikarai eta Onaindiarenak-...
EGUNA “gerrak behartutako proiektua” izan zela agertu du Altzibarrek, "abertzale-jeltzalea eta katolikoa", baina onartu du bazuela "autonomia erlatibo bat". Bide batez, Kirikiñok egindako lana ere goraipatu du Altzibarrek. "Ehun bat idazle aritu ziren 1937ko EGUNAn", asko eta asko Kirikiñok akuilatuak, eta "hori kopuru izugarria" dela esan du irakasleak. Tartean izan ziren bertsolariak, gudariak, erredaktoreak, herrietako berriemaileak, kapilauak, olerkariak... Eta euskarari dagokionez, bizkaiera nagusitzen zela esan du Altzibarrek, "aranismoz jositakoa".
Bere hitzaldiak izen ugari utzi ditu agerian, 1937ko EGUNAn ibili zirenen izenak: Manu Ziarsolo, Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga, Arizmendiarrieta, Alexander Mendizabal, I. Enbeita, A. Ruiz de Azua, Julene Azpeitia, Jule Gabilondo, I. Eizmendi, Tomas Agirre, J. Insausti, Federiko Belaustegigoitia, J. Abando, S. Alustiza, Arizmendi, Arruti, Arruza, Arozena, Astibia, Bariz, Murua, Urrutia eta abar eta abar. Gutxi batzuk baino ez dira ezagunak, baina guztiek egin zuten Euskal Herriaren alde momentu latz haietan.
Mintegian iragan hurbilekoa ere aztertu da, hots, 1986an sortu zen EGUNA astekariaren jarduna. Aurretik, Joan Mari Torrealdai euskaltzainak EGUNA eta HEMEN astekarien aurretik egindako ahaleginak aletu ditu, 1976tik 1984ra bitartean egin zirenak. Ostean, Luis Alberto Aranberri 'Amatiño'k kontatu du EGUNA berriaren ibilbidea, eta jardunaldiari amaiera emateko euskal hedabideen ahuleziak eta aukerak aztertu dira mahai-inguru batean.
Sei hilabetez, libre
EGUNA 1937ko urtarrilaren 1ean sortu zuten, Bilbon, Posta kaleko 17an. Sei hilabetez argitaratu zen, harik eta Francoren tropek Bilbo okupatu zuten arte. Guztira, 130 zenbaki argitaratu ziren. 1986an, Deia egunkariak EGUNA 'berpiztu' zuen, eta euskarazko astekariak lau urtez bete zuen bere zeregina, diru-laguntzak amaitu ziren arte.