'Estereotipoetatik ihesi', Bilbo Zaharra Forum-en
Urtero eta ekainean, etenik bako irakurraldia antolatzen du Bilbo Zaharra euskaltegiak, eta, horren harira, bestelako egitasmoak programatzen dituzte. Horietako bat da Bilbo Zaharra Forum-a, hiru hiletik behin egiten dena.
Datorren astean, hiru ekitaldi iragarri ditu euskaltegiak, 'Estereotipoetatik ihesi' lemapean, eta bertan Bernardo Atxagak, Iratxe Retolazak, Ibon Egañak eta Hinka taldeak parte hartuko dute.
Beste behin, Euskaltzaindiak hartuko du Forum-en ziklo berria, neguari dagokiona. Lehenengoko hitzaldia astelehenean izango da, otsailak 20 dituela, eta Iratxe Retolazak eta Ibon Egañak parte hartuko dute bertan. Bien artean Querr literatura aztertuko dute. Bigarren hitzordua asteartean izango da, eta ordurako Hinka taldearen ikuskizuna iragarri dute Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradunek; Itxaro Borda poetak idatzitako testuekin onduko dute kontzertua Hinkakoek. Hirugarren eta azken hitzaldia Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak eskainiko du, asteazkenean. Oraingoan, Atxagak itzulpenari buruz jardungo du ('Itzulpena kristalezko zubi bat da'). "Oraingo egoera erokeria da. Itzulpenarena estatu auzi bat da. Aparteko kontseilaritza bat behar luke, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat. Eta azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak", esan du asteasuarrak, behin baino gehiagotan.
Egitasmo guztiak 19:00etan izango dira, Akademiak Bilbon duen egoitzan (Plaza Barria, 15).