Euskara Batua ofizialki 1968ko urrian sortu bazen ere, lauzpabost urte lehenago ernaldu zela esan liteke, Arantzazuko Biltzar Nagusian ontzat emandako oinarrietarik asko 1964ko abuztuaren hondarrean finkatu baitziren, Baionan.
Mendeurreneko ekitaldien barruan, estreinako jardunaldi akademikoa egingo da datorren astean Baionako Herriko Etxean. Beste zortzi antolatuko dira 2019ko urria bitarte.
Baionako kolokioak helburu bikoitza du, gaur Jean-Baptiste Coyos euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak jakinarazi duenez: "60ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren Euskara Batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan; bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratu nahi genituzke 13ko kolokioan. Eta, aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, Euskara Batuak dituen erronkak ere identifikatu nahi genituzke".
Andres Urrutia euskaltzainburuak aurreratu duenez, erakusketa berezia egingo da abenduan, Baionako Euskal Museoan. Bertan, Ipar Euskal Herriak euskara batuari eginiko ekarpena nabarmendu eta azalduko da.
Baionako jardunaldia zuzenean jarrai dezakezu, hemen: https://youtu.be/rvfk-8j8NXs
(Itxaro Borda idazleak 13ko kolokioan parte hartuko du)
Irailaren 13ko ekitaldi akademikoan izanen dira Jean-Rene Etxegarai; Andres Urrutia; Beñat Arrabit; Txomin Peillen; Jean-Louis Davant; Eneko Irigarai; Gexan Alfaro; Janbattitt Dirassar; Joseba Intxausti; Jean-Baptiste Coyos; Itxaro Borda; Peio Jorajuria; Jose Luis Aizpuru; Aines Dufau; Joseba Garai; Naroa Gorostiaga; Xarles Videgain; eta Sagrario Aleman.
Izen-ematea: irailaren 10era arte (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. / 0 559 256426/ 943 428050/ 94 4158155)
Sartzea dohainik (aldibereko itzulpena).
(Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak 1964ko pasadizoak aletuko ditu Baionako kolokioan)
Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, urtero ematen dituen Manuel Lekuona Sarien 2018ko edizioan sei hautagaitza daude, tartean, Andres Iñigo euskaltzain eta Akademiaren Nafarroako ordezkariarena.
Andres Iñigorekin batera, beste bost izen proposatu dira: Xabier Amuriza idazle eta bertsolaria; Mari Jose Azurmendi soziolinguista; Agus Barandiaran trikitilaria; Paulo Iztueta ikerlari eta idazlea; eta Ana Iruza artista.
190. araua (Munduko herriak eta etniak) argitaratu du Euskaltzaindiak.
Arauaren lehen atalean, munduko herriak eta etniak euskaraz izendatzeko irizpideak zehazten dira. Etniaren izena egoten da hizkuntza-izen askoren eta leku-izen askoren jatorrian. Adibidez, amharera hizkuntza amhara etniaren hizkuntza da, eta balutx etniaren izenetik eratorria da Balutxistan leku‑izena.
Arauaren bigarren atalean, etnia-zerrendak daude, euskaraz, eta, ohi bezala, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere ematen dira. Guztira, 177 etnia sartu dira zerrendan.
Mariano Mendigatxa hil zeneko mendeurrena dela eta, Bidankozeko (Nafarroa) herriak eta Euskaltzaindiak ospakizun bat antolatu dute irailaren 1erako.
Hau da aurreikusitako egitaraua:
- 11:00etan, Mariano Mendigatxari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Gotzon Pérez Artutx (Bidankozeko semea, Bidankozeri eta Mendigatxari buruz zenbait lan egin ditu -Bidankozeko webgunean ikusi ahal dira- eta aurtengo Euskera aldizkarian argitaratzeko Mendigatxa hizpide izanen duen artikulu luzexka bat prestatzen ari da).
- Ondotik, herriaren eta Euskaltzaindiaren izenean, oroigarri bat jarriko da Mendigatxa zenaren sortetxean. Han hitz batzuk eginen dituzte Bidankozeko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Azkenik, herri bazkaria izanen da.
Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat (Bidankoze, Nafarroa, 1832- 1918) nekazaria zen, euskara aberatsekoa, eta Bonaparte printzearen eta Azkueren berriemaile izan zelako egin zen ezaguna. Idatzi zituen gutunak erronkarieraren lekukotzat gorde dira.