Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena aztertuko da irailaren 13ko kolokioan
Mendeurreneko ekitaldien barruan, estreinako jardunaldi akademikoa egingo da datorren astean Baionako Herriko Etxean. Beste zortzi antolatuko dira 2019ko urria bitarte.
Baionako kolokioak helburu bikoitza du, gaur Jean-Baptiste Coyos euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak jakinarazi duenez: "60ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren Euskara Batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan; bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratu nahi genituzke 13ko kolokioan. Eta, aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, Euskara Batuak dituen erronkak ere identifikatu nahi genituzke".
Andres Urrutia euskaltzainburuak aurreratu duenez, erakusketa berezia egingo da abenduan, Baionako Euskal Museoan. Bertan, Ipar Euskal Herriak euskara batuari eginiko ekarpena nabarmendu eta azalduko da.
Baionako jardunaldia zuzenean jarrai dezakezu, hemen: https://youtu.be/rvfk-8j8NXs
(Itxaro Borda idazleak 13ko kolokioan parte hartuko du)
Irailaren 13ko ekitaldi akademikoan izanen dira Jean-Rene Etxegarai; Andres Urrutia; Beñat Arrabit; Txomin Peillen; Jean-Louis Davant; Eneko Irigarai; Gexan Alfaro; Janbattitt Dirassar; Joseba Intxausti; Jean-Baptiste Coyos; Itxaro Borda; Peio Jorajuria; Jose Luis Aizpuru; Aines Dufau; Joseba Garai; Naroa Gorostiaga; Xarles Videgain; eta Sagrario Aleman.
Izen-ematea: irailaren 10era arte (info@euskaltzaindia.eus / 0 559 256426/ 943 428050/ 94 4158155)
Sartzea dohainik (aldibereko itzulpena).
(Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak 1964ko pasadizoak aletuko ditu Baionako kolokioan)