Irailaren 1ean, Mariano Mendigatxaren mendeurrena ospatuko dute Bidankozen
Mariano Mendigatxa hil zeneko mendeurrena dela eta, Bidankozeko (Nafarroa) herriak eta Euskaltzaindiak ospakizun bat antolatu dute irailaren 1erako.
Hau da aurreikusitako egitaraua:
- 11:00etan, Mariano Mendigatxari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Gotzon Pérez Artutx (Bidankozeko semea, Bidankozeri eta Mendigatxari buruz zenbait lan egin ditu -Bidankozeko webgunean ikusi ahal dira- eta aurtengo Euskera aldizkarian argitaratzeko Mendigatxa hizpide izanen duen artikulu luzexka bat prestatzen ari da).
- Ondotik, herriaren eta Euskaltzaindiaren izenean, oroigarri bat jarriko da Mendigatxa zenaren sortetxean. Han hitz batzuk eginen dituzte Bidankozeko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Azkenik, herri bazkaria izanen da.
Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat (Bidankoze, Nafarroa, 1832- 1918) nekazaria zen, euskara aberatsekoa, eta Bonaparte printzearen eta Azkueren berriemaile izan zelako egin zen ezaguna. Idatzi zituen gutunak erronkarieraren lekukotzat gorde dira.