Batzuetan, nahasian agertzen dira etniaren izena eta lurralde bateko herritarren izena, baina, gehienetan, biak bereizi beharra dago. Adibidez, kirgiz etniakoen lurraldea Kirgizistan da, baina Kirgizistango herritarrak kirgizistandarrak dira berez, eta kirgizistandar guztiak ez dira kirgizak. Hau da, kirgizistandar hitza Kirgizistango herritartasunari dagokio, eta kirgiz hitza, berriz, etniari.
Etnien izena mailegatzeko orduan, kontuan hartu da tradizioa eta entziklopedien, eskola‑liburuen eta komunikabideen erabilera. Eta nazioarteko joerak ere aztertu dira. Aldagai horiek guztiak kontuan izanik ondu dira irizpideak eta zerrendak. Azterketa horretatik ondorioztatu da noiz den egokia grafia egokitzea eta noiz komeni den nazioarteko grafiari eustea.
Arauaren bigarren atalean, etnia-zerrendak daude, euskaraz, eta, ohi bezala, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere ematen dira. Guztira, 177 etnia sartu dira zerrendan. Kontinenteka sailkatuta aurkezten dira lehenik; ondoren, etnia guztiak zerrenda bakarrean ematen dira alfabetoaren hurrenkeran ordenaturik. Azkenik, erdarak-euskara zerrendak ageri dira: gaztelania-euskara, frantesa-euskara eta ingelesa-euskara.
Oharra: 1999an paxtuera hizkuntza-izena arautu zen. Orain, etnia-izena paxtun arautu da, eta, horrenbestez, hizkuntza-izena ez da gehiago paxtuera izango, paxtunera baizik. Hala ageri da dagoeneko Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta zuzenketa hori ezarri da, halaber, 38. arauan (Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak) eta 53. arauan (Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak).