Euskara eskuz esku

PUNTUAZIO-MARKAK eta BESTE ZEINU GRAFIKO BATZUK

Puntua

  • Puntuak erranaldi baten bukaera markatzen du. Jartzen da perpausaren azken hitzaren ondotik, espaziorik gabe eta ondoko hitza letra larri batekin hasten da.

    Ontsa ikasia ez da aise ahanzten. Lehen urteak bildua, ez da azkenaz higatua.

  • Puntuaren erabilpen batzuk:

    • laburduretan

      adib. (adibidez), or. (orrialde), etab. (eta abar)

    • -garren atzizkiaren ordez

      7.a (zazpigarrena)

    • milatik gorako zenbakiekin

      Orhiko kaskoa 2.017 metrotan da.

  • Aldiz, sinboloekin eta siglekin, punturik ez da ematen: cm (zentimetro), km (kilometro), AEK, EITB eta ez *cm., *km., *A.E.K, *E.I.T.B.

  • Halaber, liburuetako izenburu, kapitulu, atal eta horrelakoak bukaeran punturik gabe idazten dira.

EBE: 465. orrialdea ikus.

.

Galdera-marka

  • Galderazko perpaus zuzenetan, galdera-marka erranaldiaren bukaeran jartzen da eta espaziorik utzi gabe. Ez da bukaerako punturik onartzen ondotik.

    Zer diozu?

  • Gerta daiteke perpausaren erdian agertzea eta, hala denean, kakotxa, puntu eta kakotxa edo bi puntuak ondotik erabilgarriak dira:

    Nora zoaz?, galdetu zidan autobus-gidariak.

  • Zehar-galderetan, ez da galdera-markarik ematen.

    Galdegin diot zer pentsatzen zuen.

EBE: 471. orrialdea ikus.

?

Harridura-marka

  • Harridura-marka erranaldiaren bukaeran jartzen da, espaziorik gabe:

    • interjekzioen ondotik: Kasu!
    • harridura-perpausen ondotik: Zer xantza!
  • Perpausaren erdian gertatzen bada, kakotxa, puntu eta kakotxa edo bi puntuak ondotik erabilgarriak dira:

    Malestruk!, deitzen ninduen amak.

EBE: 471. orrialdea ikus.

!

Etenpuntuak

  • Etenpuntuak beti hiru izan behar dira.

  • Etenpuntuen erabilpen batzuk:

    • Erranaldi bat edo ideia bat moztua dela adierazten dute etenpuntuek, errana bukatugabea dela adierazteko.

      Hori erran baitzidaten, uste nuen… bainan azkenean ez.

  • eta abar lokuzioaren ordez

    Egitarau aberatsa da: antzerki, dantza, kantu eta abar.

    Egitarau aberatsa da: antzerki, dantza, kantu...

  • hitzez hitzeko aipuetan zati edo pasarte bat isildu dela adierazteko. Orduan, hiru puntuak parentesien (edo kako zuzenen […]) artean agertzen dira.

    Honela dio Axularrek: «Eta bertze guztien artetik, hasi zitzaizkidan niri (…) nik behar nituela egiteko hartan eskuak sartu».

EBE: 470. orrialdea ikus.

...

Kakotxa (koma)

  • Perpaus barneko etenak edo pausak adierazteko erabiltzen da kakotxa (edo koma).

  • Kakotxaren erabilpen batzuk:

    • enumerazio batean, hitzen edo sintagmen bereizteko

      Aita-ama, haurrideak, kusiak, denak hor ziren

    • elementu bat aposizioan dela markatzeko

      Ni, lehendakaria, bilkurara joanen naiz.

    • lokailuen eta testu-antolatzaileen ondotik

      Har dezagun, adibidez, lehen kapituluak dioena.

    • erranaldi baten argitzeko edo osatzeko, beste erranaldi bat sartzen delarik

      Atzo, aitak galdeginik, mendira joan ginen.

    • juntagailu baten aitzinetik

      Anitz bazekien gai horretaz, baina dena ahantzi du.

EBE: 466. orrialdea ikus.

,

Puntu eta kakotxa (koma)

  • Puntu eta kakotxak etenaldi luzeago bat markatzen du kakotxarenak baino. Hitzaren ondotik, tarterik gabe idazten da.

  • Puntu eta kakotxaren erabilpen batzuk:

    • lotura logikoa duten bi perpaus osagaien bereizteko

      Planeta berotzen ari da; Antartikan gero eta izotz gutiago bada.

    • perpausen arteko lotura semantikoa mendekotasunekoa delarik

      Euria hasi zen; etxen gelditu ginen.

    • zerrendatze baten elementuak bereizteko

      Ondoko dokumentuak ekarri behar dituzue:
      – nortasun-agiri bat;
      – elektrizitate-faktura bat;
      – fitxa beterik.

EBE: 468. orrialdea ikus.

;

Bi puntuak

  • Bi puntuek segida bat edo argibide bat adierazten dute. Hitzaren ondotik eta tarterik gabe idazten dira.

  • Bi puntuen erabilpen batzuk:

    • zerrendatze bat badelarik, hari sarrera emateko

      Hona zoin diren sasoiak: primadera, uda, larrazkena eta negua.

    • aipamen baten edo hizkera zuzenaren azaltzeko

      Esaera zuhur batek dioen bezala: «Hitz untzi, huts untzi».

    • azalpen bat (kausazko edo ondoriozko harreman bat) adierazteko

      Azterketa ez dut bukatu ahal izan: buruko mina hasi zait.

EBE: 321. fitxa eta 469. orrialdea ikus.

:

Parentesiak

  • Parentesiak erabiltzen dira erranaldiaren barnean:

    • aparteko zerbait adierazi nahi delarik

      Nonbait irakurri dut (nik dakita non) erleak desagertzen ari direla.

    • aipamen baten erreferentziak (autorea, data…) adierazi nahi direlarik

      Itsasoak adarrik ez (Oihenart, 1657).

  • Parentesiak, lehen hitzaren aitzinean eta azken hitzaren ondotik, tarterik gabe idazten dira.

EBE: 471. orrialdea ikus.

( )

Kako zuzenak edo parentesi karratuak

  • Kako zuzenak erabiltzen dira elementu baten gehitzeko, usaian autorearena ez dena.

    [Peio] hautatua izan da segidaren hartzeko.

  • Kako zuzenak, lehen hitzaren aitzinean eta azken hitzaren ondotik, tarterik gabe idazten dira.

  • Kako zuzenen erabilpen batzuk:

    • hizkuntzalaritzan, transkripzio fonetikoaren emateko

      [gatu]

    • matematiketan, formula batzuen adierazteko

      [x(a+b) – y(a+b)]

EBE: 471. orrialdea ikus.

[ ]

Aipu-markak edo kakotxak (komatxoak)

  • Aipu-markak (edo kakotxak, Iparraldean hedatua dena) erabiltzen dira hitzez hitzeko aipamenen egiteko edo barne-hizketaren markatzeko.

  • Lehen hitzaren aitzinean eta azken hitzaren ondotik, tarterik gabe idazten dira.

  • Aipu-marken erabilpen batzuk:

    • zuzeneko hizkeraren adierazteko

      Gizonak galdegin zion: «Tenorea baduzu?»

    • izengoitiarekin

      Xabier Diharce «Iratzeder»

    • atzerriko hitzak edo testuingurutik kanpo diren hitzen idazteko

      Herrira itzultzean, halako «flash» bat ukan du.

    • molde berezi batean, adibidez ironiaz, aipamen bat nahi bada adierazi

      Delako «Gorriak» ez dira uste ditugunak.

  • Bestalde, azken puntua kakotxetarik kanpo (« ».) jartzen da, aipamena erranaldi baten zati bat delarik edo erranaldi oso bat.

    Emmanuel Kantek zion musikaz «emozioen hizkuntza dela».

    René Descartes filosofoak erraten zuen bezala: «Pentsatzen dut, beraz existitzen naiz.»

Euskaltzaindiaren 13. araua ikus; EBE: 472. orrialdea eta 1018. fitxa ikus.

« »

‘ ’

Marratxoa

  • Hitz-elkarteetan, marratxoa ematen da bi hitzen arteko lotura egiteko.

    Maule-Lextarre, jaun-andereak

  • Lerro aldatzean, gerta daiteke hitza bi zatitan izatea eta, ondorioz, marratxoa erabiltzen da loturaren markatzeko.

    Adibidez, maleta hitza honela aurkezten ahal da:

    Igande goizean, auzoek ikusi dute ma-
    leta beltz batekin ibiltzen. Geroztik ez dute berririk izan.

  • Eta edo edo lokailuak aditzari lotzen zaizkiolarik, marratxoa gehi daiteke.

    Maritxu etorri-eta, zuzenki galdeginen diogu.

  • Aurrizkiak, artizkiak, atzizkiak eta beste erro motak loturik erabiltzen direla adierazteko.

    -ekiko atzizkia, bait- aurrizkia

  • Marratxoa data baten elementuen bereizteko erabiltzen da ere.

    2020-02-20

EBE: 473. orrialdea ikus.

Marra normala

  • Marra normala erabiltzen da informazio berri baten gehitzeko erranaldi batean. Kasu horretan, parentesien funtzio berdina du.

    Salatu dit –hori gure artean– Euskal Herrira itzuli nahi zuela.

  • Marra normala zerrendatze baten elementuak adierazteko erabiltzen da ere.

    – historia
    – geographia
    – matematikak

  • Matematiketan, minus edo ken adierazteko erabiltzen da marra normala.

    5 – 2 = 3

EBE: 471. eta 473. orrialdeak ikus.

Elkarrizketa-marra edo marra luzea

  • Marra luzea erabiltzen da elkarrizketetan, solaskidea aldatzen dela azpimarratzeko.

    ― Zer da berri?
    ― Zaharrak berri.

  • Marra luzea erabil daiteke ere marra normalaren ordez, informazio baten gehitzeko.

EBE: 472. orrialdea ikus.

Zehar-marra edo barra etzana

  • Zehar-marraren erabilpen batzuk:
    • Interneteko URL helbideen idazteko (kasu horretan, bi zehar-marra ematen dira)

      http://www.euskaltzaindia.eus

    • toponimian, herri-izenen euskal eta erdal formen bereizteko eta espazioa utziz zehar-marraren bi aldeetan

      Baiona / Bayonne, Donostia / Saint-Sébastien

    • matematiketan, zatikiak adierazteko, espaziorik gabe

      3/4

    • hizkuntzalaritzan, fonemak adierazteko, espaziorik gabe

      /k/ fonema

EBE: 474. orrialdea ikus.

/

Izarñoa edo izartxoa

  • Hitz baten edo sintagma baten aitzinean emana delarik, izarñoak adierazten du forma ez dela egokia (agramatikala dela).

    *Liburuak irakurri dut.

  • Izarñoa erabilia da ere hizkuntzalaritzan forma bat berreraikia dela azpimarratzeko.

    *edun eta *edin aditz laguntzaileak

*

a bildua

  • @ (a bildua) helbide elektronikoetan erabiltzen den ikurra da.

    panpi.bizarxuri@mail.eus

EBE: 1. fitxa ikus.

@

Atari bibliografikoa

baliabideak

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

Azkue Biblioteka eta Artxiboa
ordua

ORDUTEGIA

Azkue Biblioteka eta Artxiboaren jendaurreko ordutegia:

9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.