Euskara eskuz esku

Euskara batuan idazteko irizpideak

Aurkezpena

  • Sail honetan, Euskaltzaindiak orain arte proposatu dituen 191 arauak aurkezten dira.

    Lehenbiziko araua, 0. zenbakiarekin agertzen da. Luis Mitxelenak idatzitako artikulua da, ortografiaz tratatzen duena (Euskera, 1968, XIII).

    Aurkezpen hau, 1994ko urriaren 28an onartua izan den 1. arauarekin hasten da, «Bat-batean, behinik behin, batik bat» deitzen dena, eta bukatzen da «Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak» izendatu 191. arauarekin, 2019ko uztailaren 19an onartua.

    Irakurleak arau guziak esteka honetan aurkituko ditu: www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak/baliabide-orokorrak/arauak

  • Arau batzuk hiztegi-kontuak dira. Euskaltzaindiak onartzen zituen hitzak a letratik z letrara zerrendatzen dituzte arau horiek (68 orotara). Ez ditugu hemen aipatuko. Irakurleari gomendatzen diogu erregularki osatzen den Euskaltzaindiaren Hiztegira zuzenki joatea.

  • Jatorrizko bertsioari konparatuz, arauak molde berri batean ematen dira gune honetan. Hain zuzen, laburbiltzen eta sinplifikatzen saiatu gara, euskaldun alfabetatu arruntari pentsatuz.

  • Arau bakoitzaren fitxaren egitura honelakoa da:

    • Lehenik, arauaren izena agertzen da eta estekan klikatuz araua bera irakur daiteke.

    • Bigarrenik, arauaren gramatika-atala ematen da, hots, hizkuntza baten deskribapenean hautatu den sailkatzeko alorra. Gramatika-atal hauek erabili ditugu: aditza, ahoskera, idazkera, morfologia, onomastika (izen bereziak) eta sintaxia.

    • Hirugarrenik, araua laburki aurkezten da, Euskaltzaindiak onartzen dituen Ipar Euskal Herriko hizkuntza-ohidurak azpimarratuz, Ipar Euskal Herriko hizkerezko adibideak lehenetsiz, denek euskara batua osatzen dutela jakinez.

    • Ondotik, idazkera zuzen eta okerren (* zeinuarekin) adibide batzuk proposatzen dira. Bistan da, adibideetan erabiltzen diren hitz denak Euskaltzaindiaren Hiztegian daude, batzuetan Ipar Euskal Herriko euskalki batean edo bestean hartuak izanik ere.

    • Gero, estekan klikatuz arau osoa bera irakur daiteke.

    • Azkenik, Euskara Batuaren Eskuliburuarekin egiten da lotura. Aztergai den araua zoin fitxatan landua den ematen da. Horretan klikatuz, irakurleak aukera du arauaren mamia eta testuingurua sakontzeko.

    • Onomastikako arauei dagokienez, EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) deitzen den Euskaltzaindiaren euskarriarekin lotura egiten da, kokapenaren errazteko eta informazio gehiago lortzeko.


Arau guztiak ikusteko hemen klika. →

Atari bibliografikoa

baliabideak

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

Azkue Biblioteka eta Artxiboa
ordua

ORDUTEGIA

Azkue Biblioteka eta Artxiboaren jendaurreko ordutegia:

9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.