Berrogeita hamar bat urtez Euskaltzaindiak garatu duen euskara batuak bere bidea egin du euskal komunitatean; Ipar Euskal Herrian ere bai. Haren beharra ez dute eztabaidatzen orain euskaraz idazten dutenek, eta gizarte-alor anitzetan sartua da, bai idatzian, bai ahozko moldean.
Halere, adituetarik kanpo, Ipar Euskal Herrian guti edo gaizki ezagutua dela ohartzen da. Batzuetan, tokiko hizkerekin nahasten da. Hiztun zenbaitek zalantzak badituzte: zein forma erabil testuinguru batean edo bestean? Zein da euskara batuan forma egokia? Haurtzaroan ikasi nuen forma hori erabil daitekea euskara batuan? Etab.
Euskaltzaindiak ezjakintasuna, zalantza eta zailtasun horiek kontuan hartuz, Euskara eskuz esku (EEE) proiektua sortu du. EEEren helburu nagusia da Euskaltzaindiaren arauen aurkeztea era sinplifikatuan. Arauen aurkezpenean Iparraldeko hizkeren berezitasunak azpimarratzen dira. Adibideetan Iparraldea eta euskara batuan onartzen diren Iparraldeko formak lehenesten dira.
Gainera, euskara batua Iparraldeko hizkuntza-testuinguruan kokatzeko, euskarri batzuk kontsulta daitezke EEEn: lekukotasun-bideoak, ahoskeraren audio-grabazioak eta aurkezpen testu batzuk.
Bestalde, dudek edo galderek EEEn erantzunik ez baldin badute, erabiltzaileak zuzenki idatz dezake eta Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren bidez berehalako erantzun pertsonala eskuratuko du.
Helburuko erabiltzailea Iparraldeko euskaldun alfabetatua da, euskara batua erabili nahi duena: irakasleak, ikasleak, euskara idatzia erabiltzen dutenak eta, jende horretaz harandian, diasporan edo Hego Euskal Herrian gai horretaz interesa duena.
Zuzendaria
Ikertzailea
Aholkulariak