Banatze-irizpidea ez da etimologikoa (*gizon-aren, *udal-etxe, *gizon-ik, *zakurr-arentzat...), silabikoa baizik (gi-zo-na-ren, u-da-le-txe-a-ren...) [13. araua, «Lerroz aldatzean marratxoak nola jarri»]. Arauak zehazten ez badu ere, azken urteotako konbentzioz, badira errotuz joan diren beste zenbait ohitura ere. Hezkuntza Saileko EIMAren estilo-liburuak, esaterako, zehazten du, ahal delarik, ez uzteko silaba bakarreko zatirik inongo lerrotan: gauean / ▼gau-ean, ▼gaue-an; duela / ▼du-ela, ▼due-la; gozo-tasunez / ▼go-zotasunez, ▼gozotasu-nez.
Eta beste jarraibide hauek ere ematen ditu:
Hitz-elkarketako marratxoa. Lerro-bukaerako marratxoa hitz-elkarketarena izanez gero, ez dago marratxo hori errepikatu beharrik hurrengo lerroaren hasieran.
Zifrak. Ezin dira bereizi:
• Zifra bakarra osatzen dutenak: 50.000 [*50.//000].
•> Zifra eta dagokion sinboloa: % 18 [*%//18]; 120 cc [ *120//cc].
• Izena eta dagokion ordinala: Benedikto XVI.a [*Benedikto//XVI.a]; Dantzarien V. Biltzarra [*Dantzarien V.//Biltzarra].
• Marratxoz loturiko zenbaki-multzoak: 2002-06 [*2002-//06]; 22-18 irabazi du [*22-//18 irabazi du].
Konponbidea: testu-prozesadoreek, gaur egun, badituzte aukerak zuriune eta marratxoetan lerro-aldatzeak galarazteko.
Siglak. Ezin dira bi lerrotan eman (letra guztiak larriz idazten diren siglak): *NA-//TOko herrialdeak. Siglaren lehen letra bakarrik idazten bada maiuskulaz, ordea, bai: Unes-//coren erabakia.