Diptongoz (-ai, -ei, -oi, -au, -eu) bukatzen diren hitzak, bokalez bukatuak balira bezala kontsideratzen dira:
Aurten, egitaraurik ez dute proposatu (eta ez *egitarauik). Haurrak kirol-zelaira eraman ditut (eta ez *zelaiera).
Arau honek bi salbuespen baditu.
Gau izena kontsonantez bukatua balitz bezala deklinatzen da kasu-marka batzuekin: mugagabeko instrumentalean, gauez, eta singularreko leku-kasuetan, gauean, gaueko, gauetik, gauera.
Hitz silaba bakarrak (dei, gai, jai…) mugagabeko instrumentalean: edozein gaiez mintzatu.
Euskaltzaindiak lau izenaren eta lau izenordainaren deklinabidea 8. arauan aztertu du. Diptongoen deklinabidearen sistemari jarraikiz, singularreko inesiboan lauan forma da arauzkoa (*lauean).