Euskararen Gramatika

23.2. Aditz motak


Kokapena:

23.2. Aditz motak

Hainbat irizpideren arabera sailka ditzakegu aditzak: morfologia egituraren arabera, esanahiaren arabera, hartzen duten laguntzailearen arabera edo argumentu egituraren arabera. Euskal aditzek duten morfologia egitura aztertuko dugu hurrengo puntuan, eta ondorengoan, berriz, aditzen balentzia (zein laguntzaile mota hartzen duten). § 23.3 atalean arduratuko gara argumentuez; eskatzen dituzten parte hartzaileen (eta parte hartzaile hauek duten paper tematikoaren) arabera sailkatuko ditugu aditzak.

23.2.1. Morfologia egitura

23.2.1.1. Aditz bakunak, eratorriak eta elkartuak

23.2.1.1a Morfologia osaera kontuan hartzen badugu, aditz asko eta asko bakunak direla esango dugu. Barne egiturarik ez dutenak, gehiago zati ezin daitezkeenak dira aditz bakunak. Berdin dio jatorriz euskal aditzak diren edo maileguz hartuak: ahaztu, barkatu, bedeinkatu, erori, esan, etorri, etzan, gelditu, ikusi, irakurri, joan, sartu, dimititu, heredatu, simulatu, sufritu

23.2.1.1b Beste aditz asko izenetatik edo adjektiboetatik eratorriak dira: adiskidetu, amatu, egurtu, gizondu, lekutu, loratu, lotsatu, umetu, zigortu / alaitu, apaindu, belztu, bigundu, gorritu, laztu, sendotu… Eratorpenean aztertzen dira mota honetako eratorriak (ikus § 6.1).

Aditza bera ere izan daiteke aurrizki bat hartu eta beste aditz bat sortzeko oinarria: arraeraiki, berregin, desegin…… (ikus § 6.5).

23.2.1.1c Aditz kategoriako osagai bat eta izen edo adjektibo kategoriako osagaia elkartuz ere sor ditzakegu aditzak. Aditz elkartuak ditugu aurreikusi, gurutziltzatu, hostoberritu, tokialdatu, goretsi, luzetsi (ikus § 9.3).

23.2.1.2. Aditz arazleak

23.2.1.2a Aditz arazle edo kausatiboak ere aditzoinari arazi erantsiz osatzen ditugu: etorrarazi, eginarazi, ibilarazi, ikusarazi, mugiarazi, sinetsarazi 23. arauan eman zituen Euskaltzaindiak aditz arazleak osatzeko morfologia jarraibideak. Batetik, arazi forma hobetsi zuen euskara estandarrerako, eta ez lehian zuen erazi (adierazi da salbuespena); bestetik, aditzoinari elkarturik idatzi behar dela arautu zuen. Baina arau horretan ontzat eman ziren sortarazi eta agertarazi (aditzoinak berez ez duen -t- dutenak), gero baztertu egin dira Euskaltzaindiaren Hiztegian eta sorrarazi edo agerraraziren alde egin; beste aditz batzuetan ikusiko dugu, ordea, -t-dun aldaera (ulertarazi).

Euskaltzaindiaren 23. araua: “Arazi”, Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29an onartua.

23.2.1.2b Arazi formaren ondoan, erazi (batez ere erdialdeko eta ekialdeko aldaeretan), erazo eta arazo (mendebaldekoetan) ere erabili dira: Beren bide makurrak utz-erazirik ekarri zituen gure lege santako bide zuzenera (Mendiburu); Beretatik asko il erazi zituen (Uriarte); Santa Helenak eraiki erazi zien eliza eder bat (Intxauspe); Ikurrin gorri aundiak aizetan zabal erakusten ditue, eta “Marselletarra” ta “Internazionalen” doiñuak entzun-erazo (Erkiaga).

23.2.1.2c Mendebaldean eragin baliatu da kausatibotasuna adierazteko: Tartetxo bat lehenago otu zitzaidanak […], harexek esan eragin zidan nire graziaren egia (Jimenez); Ikusi eragin diezadala zein onuragarriak diren dauzkagun ohiturak (Elexpuru); Zelan iraun eragingo deutsegu grazia onei? (Mogel); Otsoari belarriak agertu eragin eutsazalako (Agirre). Eragin da, gaur ere, [izena+egin] motako aditz lokuzioen forma arazlea, eginarazirekin batera: Barre eragiten zion horrek (K. Zabala); Txoratu egiten zuen tipulek negar eragin diezaguketela ikusteak (Olarra); Davidek Israel lurraldean bizi ziren atzerritarrak biltzeko agindu eta hargintzan lan eragin zien (Elizen arteko Biblia); Nola daiteke gizon batek milari erasotzea, / eta bik hamar milari ihes eragitea? (J. A. Mujika); Jende askori entzumenean kalte eragiteko bezain zarata ozenak sortzeko gaitasuna (Aldasoro).

Nolanahi ere, ugariak dira arazi hartzen duten [izena+egin] lokuzioak: amets eginarazi, gogoeta eginarazi, ihes eginarazi, negar eginarazi, oihu eginarazi, porrot eginarazi, talka eginarazi, zin eginarazi…: Nik biziki maite dut irri egitea eta irri eginaraztea (Oxandabaratz); Eta horrexek alde eginarazi zien (An. Garikano); Hormonek negar eginarazten zidaten (Iturbe).

Testu zaharretan erazi ere ageri da balio arazleko aditz lokuzioak sortzeko: Zeñak bekatu erazi zion Israeli (Uriarte).

23.2.1.2d Arazi eta eraginen osaerari erreparatzen badiogu, bestalde, bietan ikusiko dugu -ra- morfema, euskararen historian aditz arazleak sortzeko baliatu zena: irakatsi, erakutsi, iragan, erakarri, erantzun, eroan eta beste aditz batzuetan ikus daitekeena (eratorri Arana Goirik sortua). Jatorriz, beraz, ikasi, ikusi, igan, etorri, entzun edo joan aditzen forma arazleak dira aditz horiek, eragin, eginena zen bezala: Mark harturik erekharrak eurekin (Leizarraga); Berak lenik egiten duela, guri gero eragin nai diguna (Mendiburu). Baina literatura tradizioan ere nekez aurkituko ditugu balio arazlean -ra- morfema duten aditz horiek.

23.2.1.2e Bada beste modu bat ere arazle edo kausatibo balioa emateko: aditz laguntzailea. Inkoatibo/kausatibo oposizioa eratzen duten aditzetan ikusten da modu hori: hil da / hil du; atera da / atera du; zuritu da / zuritu du23.2.2.2f, § 23.2.2.5c, § 23.2.2.5d). “Kausatibo lexiko” deitzen diete Ortiz de Urbinak (2003a) eta Oyharçabalek (2003b) horrelakoei189. Absolutiboko argumentua besterik ez duten aditzak dira forma kausatiboa horrela adieraz dezaketenak; eta horien artean ere, jarduera edo gertatzea adierazten duten aditzek ez dute balentzia aldaketa onartzen (gertatu da / *gertatu du; mintzatu da / *mintzatu du); ezta aditz bihurkariek ere (ikus § 23.2.2.2): jantzi dut edo garbitu dut aditz trantsitibo hutsak dira, ez jantzi naiz eta garbitu naiz bihurkarien aldaera kausatibo edo arazleak. Egoera nahiz leku aldaketa adierazten duten aditzek eta aditz psikologikoek bakarrik era dezakete aldaera kausatiboa laguntzailea aldatuz (Oyharçabal 2003b): hautsi da / hautsi du; zabaldu da / zabaldu du; hurbildu da / hurbildu du; aspertu da / aspertu du; izutu da / izutu du.

23.2.1.3. Aditz predikatu konplexuak

Ugariak dira izen batez, adjektibo batez, adberbio batez edo postposizio sintagma batez gehi aditz batez osatutako aditz predikatu konplexuak ere. Hitz bat baino gehiagoz osaturiko aditz hedatutzat jo ditzakegu halakoak, sintaxiaren eta morfologiaren artean kokatzen direnak: badituzte morfologiako egituren ezaugarriak, baina baita sintaxi egiturenak ere (Zabala 2004). Predikatu konplexu hauetako aditzen eduki semantikoa murriztua izan ohi da: aditz arinak (egin) edo lotura aditzak (izan, egon, ibili) izaten dira. Osagaien jokabide sintaktikoan zurruntasun maila desberdinak aurkituko ditugu: aditz predikatu horietako batzuetan osagaien hurrenkera guztiz zurruna da; beste batzuetan malguagoa. Esanahiari dagokionez, ihartze prozesuak gertatzen diren heinean, esanahia ezin izaten da osagaienetatik abiatuta asmatu. Ikasi egin behar izaten da.

Atal honetan predikatu konplexu hauen morfologia egituraz arduratuko gara eta aurrerago aztertuko dugu hauen balentzia eta argumentu egitura (ikus § 23.2.2 eta § 23.3).

23.2.1.3.1. [izena + egin], [PS/adberbioa + egin] egiturako aditz lokuzioak

23.2.1.3.1a Izenak eta aditz arin batek osa dezakete predikatua. Adibidez: agur egin, alde egin, aurre egin, barau egin, barre egin, dantza egin, dei egin, deiadar egin, doministiku egin, eraso egin, errieta egin, eskaera egin, eztanda egin, eztul egin, garrasi egin, hitz egin, hots egin, huts egin, ihes egin, iruzur egin, irri egin, jolas egin, kalte egin, keinu egin, kale egin, lan egin, lo egin, min egin, muzin egin, negar egin, oihu egin, otoitz egin, porrot egin, salto egin, tiro egin, traizio egin, txalo egin, uko egin, zalantza egin, zin egin. Batzuetan lokuzioan bakarrik aurki daiteke lehen osagaia: laprast (egin), turrut (egin). Aditz lokuzio esaten zaie horrelako egitura duten predikatuei. Gramatikari batek baino gehiagok aditz elkartuen artean aztertu dituzte; izan ere, itxuraz, izenaz eta aditzaz osatutako aditz elkartuak dirudite, hostoberritu edo gurutziltzaturen parekoak. Horixe dute, hain zuzen ere, lokuzio hauek lehen ezaugarri morfologikoa, izen soila (determinatzailerik gabea) izatea lehen osagaia.

23.2.1.3.1b Meteorologiako gertakariak adierazten dituzten euria egin, elurra egin, izotza egin… aditzetan lehen osagaiak badu mugatzailea, baina hori da har dezaketen determinatzaile bakarra; ezin dute, adibidez, erakuslerik hartu (*elur hori egin, *izotz hau egin). Nolanahi ere, determinatzailerik gabeak ere badira: bero egin, hotz egin.

Meteorologia gertakariak adierazi ez arren, aurki daitezke lehen osagai determinatzailedunak (gutxi izan arren): bizarra egin, harrikoa egin, itxura(k) egin, planta(k) egin. Baita -a/Ø alternantzia ere: eztul egin (ugariena) / eztula egin.

Askoz adibide gutxiago ditugun arren, adberbioa edo postposizio sintagma ere izan daiteke lehen osagaia: atzera egin, aurrera egin, behera egin, borrokan egin, euskaraz egin, gora egin, haginka egin, hanka egin, harrika egin, hazka egin, hegaz egin, hegan egin, korrika egin.

23.2.1.3.1c Mugatzailerik hartzen ez duen lehen osagaia izateak berarekin dakar aditz hauek ez erreferentzialak izatea; hau da, erreferentzia jakina baino areago, erreferentzia generikoa dute (lan egin / agindu dizuten lana egin). Honetan ere bat letozke hitz elkartuen erreferentzia generikoarekin. Determinatzailea hartu arren, euria edo elurra generikoak dira, ez espezifikoak.

23.2.1.3.1d Baina lokuzio hauek badituzte aditz elkartuetatik bereizten dituzten ezaugarriak ere; Hitz-Elkarketa/3 lanean jaso zituen Euskaltzaindiak (1991) funtsezko ezaugarriak. Mota hauetako aditz lokuzioak aztertu dituzten hizkuntzalariek ere (besteak beste, Mitxelena 1977d; Azkarate 1990b; Zabala 2004; Martinez 2015) hainbat ezaugarri nabarmendu dituzte: partitiboa hartu ahal izatea, izena lekuz aldatzeko aukera, edo elipsia koordinazio egituretan. Horregatik, ihartzera jo duten jatorrizko sintaxi egituratzat hartu beharko lirateke. Ihartze bide horretan, esanahi berezia ere hartu du zenbait aditz lokuziok: hanka egin, kale egin, porrot egin. Ihartze bide horretan aurrera egin ahala, galdu egiten dituzte sintaxi egituren antzekotasunak: hurrenkera finkoa izaten dute, izenak ez du partitibo markarik hartzen eta abar (*ez du kalerik egin, *egin zuek porrot…).

23.2.1.3.1e Partitiboa onartzen du lehen osagaiak gehienetan, ez du lanik egin, ez du negarrik egin… Egia da aditz esapide hauetako batzuetan izenak ez duela partitiboa hartzeko aukerarik, ez behintzat bestelako ñabardura semantikoren bat erantsi gabe (ez du hitz egin / ez du hitzik egin, ez du inoiz hutsegin / ez du inoiz hutsik egin). Gutxi batzuk dira horrelakoak, ihartutzat har daitezkeenak hain zuzen ere (alde egin, huts egin, kale egin, porrot egin). Lokuzio gehien-gehienek onartzen dute partitiboa (Martinez 2015), baina ez amaiera edo muga jakinik gabeko jarduerak aditzera ematen dituztenek (Etxepare 2003): esaterako, argi igorpena adierazten dutenek (dir-dir egin), edo erdiespenak adierazten dituztenek (bat egin, eztanda egin, leher egin).

23.2.1.3.1f Sintaxi egituren pareko askatasuna dute aditz lokuzio haueta- ko askok eta askok osagaien ordenari dagokionez: izena lekuz alda daiteke galdegai/mintzagai jokoaren arabera (§ 41.4.1-2): Egiozu otoitz Profetari (Zubizarreta); Ez dizut nik dei egin. Itzul zaitez eta egizu lo (Elizen arteko Biblia). Bi aditz lokuzio ditugu adibide horretan: lehenak [izen+aditz] ordena gorde du, bigarrenean izena atzera pasatu da, mintzagai hanpatugabearen gunera. Galdegai kontrastea ere marka daiteke lokuzio horietako izenekin: Baina umeak ez du lo egiten, negar baizik. Diskurtso markatzaileak ere eman daitezke izenaren ondoren: Batzuetan barre ere egiten du (Oñederra); Baina lo behintzat ez zuen askorik egingo (Olano).

23.2.1.3.1g Bi aditz lokuzio koordinatzean, aditzaren elipsia, lehen lokuzioko aditza isilpean uztea da ohikoena: Otoitz eta barau egin ondoren; Askok, handi nahiz txiki, iseka eta irain egiten zieten (Asisko Frantzisko, Asisko Klara); Vassiak ez zekien barre edo negar egin (Sastre). Egiazko aditz elkartuetan ezin da lehen osagaiko aditza isilpean utzi: *leku eta herrialdatu.

23.2.1.3.1h Lokuzio hauetako egin aditz arina da, berezko esanahirik ia ez duena. Ez da esanahi osoa duen egin, zerbait sortzea adierazten duena (etxea egin, habia egin, tratua egin). Egin horren objektuak erreferentzialtasun osoa izaten du eta erlatibo baten buru izan daiteke (txoriak egin duen habia, egin duzuen tratu hori). Subjektuak, berriz, ‘egilea’ paper tematikoa (ikus § 23.3) hartzen du. Egin arinak ez du horrelako ezaugarririk; ezin dio subjektuari paper tematiko jakin bat esleitu. Izenak eta aditzak osatzen duen lokuzioak du eginkizun hori. Horregatik, izenaren araberakoa da lokuzioak subjektuari esleitzen dion paper tematikoa: hitz egin (egilea), barau egin (esperimentatzailea). Bi egin hauetaz gain, egin aditz laguntzaile ere bada mendebaldeko hizkeretan (esan dagigun egia osoa26.3.3)) eta aditzaren beraren galdegaitasuna nabarmentzeko ere erabili ohi da Hegoaldean (ikus § 41.4.1d, § 41.4.1e).

23.2.1.3.1i Aditz lokuzio hauetako askok eta askok jarduera motaren bat adierazten dute: barau egin, barre egin, dantza egin, errieta egin, garrasi egin, hegan egin, iruzur egin, iseka egin, lan egin, lo egin, mesede egin, oihu egin, porrot egin, pixa egin… Beste batzuek burutzapenak (harrikoa egin) edo erdiespenak (alde egin, ihes egin, irrist egin, tiro egin); batzuek egoerak ere adierazten dituzte (bero egin). Argi geratzen da amaierarik gabeko jarduera adierazten duten eta amaiera duen aditz predikatuaren arteko aldea: Jonek bi orduan lan egin du, baina ez du lana amaitu / *Jonek bi orduan harrikoa egin du, baina ez du harrikoa bukatu (Zabala 2004; Martinez 2015). Aditzak bere baitatik dakarren aspektuari aktionsart edo aditzen aspektu lexikala esaten zaio (ikus § 26.1.4.1).

Rodríguezek eta García Murgak (2001), Etxeparek (2003), Zabalak (2004) eta de Rijkek (2008) [izena + egin] lokuzioen sailkapen semantikoa ere egin dute. Hiru sailkapenak guztiz bat etorri ez arren, honako sail hauek bereiz ditzakegu:

a) Igorpenak adierazten dituztenak, dela soinu igorpenak (barre egin, deiadar egin, hasperen egin, intziri egin, negar egin, oihu egin, zurrunga egin), dela hizketazko igorpenak (agur egin, berba egin, birao egin, burla egin, dei egin, errieta egin, galde egin, hots egin, mehatxu egin, oles egin, otoitz egin, zin egin), edo argi igorpena adierazten dutenak (dir-dir egin, diz-diz egin).

b) Jarduera fisikoak eta kognitiboak adierazten dituztenak, mugimendua adierazten dutenak barne: amets egin, duda egin, gogoeta egin, hausnarketa egin, kasu egin, kontu egin, itxura(k) egin, muzin egin, paso egin, zirt edo zart egin; aharrausi egin, botaka egin, dar-dar egin, doministiku egin, eztul egin, kaka egin, lo egin, oka egin; ausiki egin, bultza egin, buru egin, gogor egin, haginka egin, hozka egin, kalte egin, putz egin; alde egin, hanka egin, ihes egin, irrist egin, jauzi egin, korrika egin, labain egin, laprast egin.

c) Bestelako jarduerak adierazten dituztenak: bekatu egin, bizarra egin, guardia egin, harrikoa egin, huts egin, lan egin, ohea egin.

d) Gertaera meteorologikoak adierazten dituztenak: bero egin, eguzkia egin, euria egin, fresko egin, hotz egin, izotza egin.

23.2.1.3.2. [izena/DS + eman/hartu] egiturako aditz lokuzioak

23.2.1.3.2a Eginen ondoan, maiztasun txikiagokoak izanik ere, badira eman eta hartu aditzekin osatutako lokuzioak ere: abisu eman, adore eman, aholku eman, amaiera eman, amore eman, antz eman, arrazoi eman, atsegin eman, aukera eman, beldur eman, berri eman, buru eman, fede eman, kasu eman, kontu eman, lur eman, meza eman, min eman, musu eman, nazka eman, pena eman, su eman; arnasa hartu, atseden hartu, esku hartu, hats hartu, kargu hartu, kontu hartu, lo hartu, mendeku hartu, min hartu, parte hartu, su hartu, usain hartu

Hauetan ere lehen osagaia gehienetan determinatzailerik gabeko izen soila izaten da, baina determinatzaile eta guztikoa ere izan daiteke (are plural markaduna): animoak eman, beldurra eman, eskerrak eman, etsia hartu, lanak eman, bide(a) eman, kontuak eman… Baina determinatzailea finkatua dago, ez dago aukerarik beste determinatzaile bat aukeratzeko.

Ergatibo sintagma ere izan daiteke lehen osagaia: buruak eman, bihotzekoak eman. Hemen sar daiteke aurreraxeago determinatzaile sintagma edo postposizio sintagma lehen osagai dutenen artean sartu dugun gogoak eman ere (§ 23.2.1.3.3).

23.2.1.3.2b Lokuzio hauetako izen osagaiak ere eginekin osatzen diren lokuzioetakoen ezaugarriak ditu: lekuz alda daiteke (hau da, mintzagai hanpatugabe gisa eman daiteke), partitiboa har dezake eta abar. Gauak ematen dit beldur; Egizu kontu; Besoak ez zion jada minik ematen (I. Mendiguren).

23.2.1.3.2c Batzuetan, izen bera izanik, egin nahiz eman aditzekin osa daiteke lokuzioa, esanahia aldatu gabe: atsegin egin / atsegin eman, min egin / min eman, errieta egin / errieta eman. Beste batzuetan, ostera, esanahi desberdina dute lokuzio batek eta besteak: ikara egin / ikara eman.

23.2.1.3.2d Lokuzio hauetako aditzen esanahia, funtsean, eman eta hartu aditzen esanahi bera da (edo oso gertu dago, behintzat). Hortaz, ezin esan dezakegu eginen pareko aditz arinak direnik. Aditzaren argumentu egitura bera du lokuzioak ere: egilea edo arazlea adierazten du eman lokuzioetako subjektu ergatiboak; esperimentatzailea, aldiz, hartu lokuzioetakoak: min eman zidan irainak / batek edo bik min hartu zuten orkatila arroketan bihurrituta (K. Izagirre). Horregatik ez da harritzekoa mota honetako bikoteak aurkitzea: atsegin eman / atsegin hartu, esku eman / esku hartu, hats eman / hats hartu, min eman / min hartu.

23.2.1.3.2e Eman eta hartu aditzekin osatzen diren lokuzio gehienek modu bateko edo besteko jarduerak adierazten dituzte: jarduera fisikoak (arnasa hartu, hats hartu), psikologikoak (amore eman, atentzioa eman, atsegin eman, atsegin hartu, etsia hartu, min eman, min hartu), pertsonen arteko harremanekin zerikusia dutenak (aurpegi eman, bizkarra eman, errieta eman, eskerrak eman, fede eman, kargu hartu, kontu(ak) hartu, musu eman…). Beste batzuek ekintza baten hasiera edo amaiera adierazten dute: azkena eman, buru eman, hasiera eman, gaina hartu (Zabala 2004).

23.2.1.3.3. [izena/DS/PS + eman, hartu, jan, jo, lotu, sartu…]: lur jo, gogoak eman, bideari lotu, kontuan hartu

23.2.1.3.3a Aditz predikatu konplexutzat har ditzakegu azkena jo, behea/erreka jo, begiak ireki, begiak itzuli, begiak josi, burua jan, gaitz opa, hitza bete, hanka sartu, hitza jan, kontu atera, larrua jo, lur jo, kanpaia jo, txalo jo, ziria sartu

Predikatu hauetako aditzak eduki semantiko osoa du (ezin da esan aditz arina denik), baina osagaien morfologia berezia da eta, batez ere, esanahia gehienetan ez da konposizionala. Izan ere, determinatzaile sintagmak ez du aukerarik ematen plurala hartzeko (edo singularrean azaltzeko plurala bada), edo erakusle determinatzailea hartzeko (*begi horiek josi). Bide beretik, postposizio sintagma lehen osagai dutenetan ere, ez dago aukerarik beste postposizio atzizki bat hartzeko: kontuan hartu bai, baina *kontura hartu ez; burutik egin bai, baina *buruan egin ez, eta abar.

Esanahia ere askotan ezin da asmatu izenaren eta aditzaren jatorrizko esanahia kontuan hartuta. Mota honetako predikatuen deskribapen zehatza aurki daiteke Zabalaren (2004) lanean.

Nolanahi ere, zalantzazkoa izan daiteke aditz predikatu konplexutzat hartu behar ditugun ala ihartutako esapidetzat.

23.2.1.3.3b Lehen osagaia ergatibo edo datibo sintagma ere izan daiteke: arimak eman, buruak eman, gogoak eman, loak hartu, negarrari eman, bideari lotu, ihesari lotu. Ekintza baten hasiera adierazten dute datibo sintagma duten predikatuek. Orduan buruak eman zidan, edo gogoak, edo arimak, edo nik ote nekien ba ni baitako zerk eman zidan, alferrik zirela otoitzak (Jimenez).

23.2.1.3.3c Postposizio sintagma dute lehen osagai beste askok. Horrelako egitura batzuek egoerak eta egoera aldaketak edo jarduerak adierazten dituzte: aldean izan, bistan izan, boladan egon, burutik egon, gogoan izan, hizpidean egon, kontuan eduki, kontuan izan, modan egon, modan jarri, jolasean ibili, lanean aritu. Beste batzuetan, adjuntua da postposizio sintagma, modifikatzailea, -n, -ra edo -tik postposizio atzizkiak har ditzakeena: ahotan hartu, ahotan erabili, gogoan erabili, gogoan hartu, kontuan hartu, harira etorri, pikutara bidali, bazterrera eman/utzi, burura ekarri/etorri, gogora ekarri/etorri, larrutik pagatu, burutik egin, eskutik irabazi, eskutik eduki.

23.2.1.3.3d Osagaien hurrenkerari dagokionez, predikatu konplexu hauetako askok ematen dute aukera lehen osagaia aditzaren ondoren emateko (mintzagai hanpatu egiteko, alegia): Ez dator harira, ordea, nire barrukotasunaren zoko ilunak airatzea (Saizarbitoria); Entzumenaren sentiberatasuna kentzea eta tresnaz lagundutako komunikazioa daude boladan (Olarra); Ahalik eta erarik naturalenean erditzea dago modan (Iturbe); Botanikaz edo geologiaz pentsatzeak Artola dakarkizu burura (Montoia). Hala ere, semantikoki ihartuak dauden predikatuetan nekez aldatuko dugu osagaien hurrenkera: ??Bidali pikutara lagun horiek; ???Lanean izandako hanka sartzea pagatu zuen larrutik. Atal honetan aztertu ditugun gainerako predikatu konplexuen parekoak dira honetan.

23.2.1.3.4. [izena/adjektiboa + izan (da/du)] egiturako aditz predikatuak

23.2.1.3.4a Beste predikatu batzuek [izena + izan (da/du)] egitura dute. Bi motatako aditzak bereiz ditzakegu izan aditzaren balioen arabera (izan naiz / izan dut). Lehen motakoak naiz laguntzailea hartzen dutenak dira: adin izan, ahalke izan, aiher izan, arrangura izan, beldur izan, damu izan, egarri izan, falta izan, gai izan, gauza izan, gose izan, kexu izan, lotsa izan, pena izan… Hemen adibide batzuk: Zure adin ginenean Otañoren kantuak abesten genituen (Salaburu); Arrangura dela etxe horren geroaz diru aldetik (X. Arbelbide); Pena litzateke hau guztia bertan behera uztea (Juaristi).

Bigarren motakoak, du laguntzailea hartzen dutenak, berriz: ardura izan, arrazoi izan, axola izan, balio izan, behar izan, damu izan, desio izan, gorroto izan, higuin izan, merezi izan, nahi izan… Batzuetan zaila da lehen osagaia zein kategoriatakoa den esatea, predikatuaren barruan bakarrik erabiltzen baita: itxaro izan.

23.2.1.3.4b Hala ere, lokuzioko osagai diren hitz askoren izen kategoria ez dago beti garbi. Adibidez, gose, egarri, lotsa, beldur eta gisakoak garbi dago izentzat jotzekoak direla testuinguru askotan, baina egoera sentipen bati dagozkion predikatu osagarri gisa erabiliak dira lokuzio arrunt askotan: gose/beldur naiz190. Bestalde, jakina da izenak ere predikatu osagarri funtzioan joan daitezkeela (izen eta adjektibo kategorien arteko muga ere ez da garbi eta finkoa beti: langile (oso) gaztea / gazte (oso) langilea). Alkate / lagun / gidari da/dute eta gisakoak, berriz, predikatu osagarrizko esapide arruntak dira (§ 24.2c).

23.2.1.3.4c [adjektibo+izan] egiturako predikatuak ere baditugu: ageri izan, aiher izan, aski izan, ezagun izan, gogoko izan, gustuko izan, hobe izan, komeni izan, nahiago izan, nabari izan, posible izan, segur/ziur izan, zale izan, zilegi izan… Zalantza sor daiteke predikatu konplexutzat hartu behar diren mota horretako egiturak ala lehen mailako predikaziotzat (ikus § 24.3.3.1). Predikatu nagusiaren barruan ageri dira beti adjektibo horietako batzuk, inoiz ez sintagma baten barruan (aiher, aski, komeni, nahiago…); baina horrek berak ere zalantzan jartzen du egiaz adjektibo kategoriakoak diren. Bestalde, predikatu konplexua da argumentuak hautatzen dituena, dela perpaus osagarri jokatua (nabari du ez dela asko ibili mendian), dela perpaus osagarri jokatugabea (merezi du gauzak patxadaz egitea). Horregatik hartu ditugu predikatu konplexutzat.

23.2.1.3.4d Badira da nahiz du laguntzailea hartzen duten predikatuak: ageri da / ageri duzu, ezagun da / ezagun duzu, damu naiz / damu dut eta abar. Hiztegiek ematen dute predikatu bakoitzaren balentziaren edo erregimenaren berri.

23.2.1.3.4e Predikatu hauetako aditza, izan (da zein du), ia laguntzaile soila da; izenak ematen du esanahia eta aditzaren aspektu balioak adierazteko euskarria baino ez da izan: maite izan dut, maite izaten dut, maite izango dut (ikus § 26.5). Baina batzuetan izenak zuzenean har dezake aspektu prospektiboaren morfema: maiteko zaitut, beharko dut, axolako dizu, nabariko da. Inoiz isilpean ere utz daiteke izan: Merezi bai zuek jan gabe gelditzea!

23.2.1.3.4f Predikatu hauetan ere osagaiek aditz elkartuek ez bezalako jokabidea dute. Aurreko aditz predikatu konplexuetan ikusi dugun bezala, izena lekuz alda daiteke beste osagai baten galdegaitasuna markatzeko: Bihotz-bihotzez zaitut maite; Ez izan horien beldur; Horregatik naiz beldur (Elizen arteko Biblia); Jaunari bakarrik izan beldur (Elizen arteko Biblia); Ez da kexu sortutako ezerengatik (J. M. Lekuona). Baina aspektu ñabardurak adierazteko izan ere ageri denean (kexu izan, kexu izaten, kexu izango), corpusetako adibideek erakusten dute ez dela hurrenkera aldaketarik gertatzen: Ez gaitezen kexu izan ezin garelako […] pozez garrasika hasi (Atxaga); Jakizue berarekin noranahi heltzen zaretelarik ere, ez naizela kexu izango (Montorio); Ez zara ezeren beldur izango (Elizen arteko Biblia).

Bi predikatu elkartzen ditugunean ohikoa da aditzaren elipsia: Eskertu egin zuten Irisarriren eskaintza, gose eta egarri baitziren (Juaristi); Bereziki laborariak kexu eta arrangura direlarik (Aintziart). Beste egitura hauetan ere aditza isilpean uzten dugu: Ni beldur, ez dela sekulan ezkonduko Dominique (Landart).

23.2.1.3.4g Izan aditzaren laguntzarekin osatzen diren predikatu hauek aditz eratorria dute askotan ondoan: beldurtu, maitatu, gosetu, egarritu, lotsatu, damutu, gorrotatu, higuindu, zaletu… Ez dira, baina, guztiz berdinak. Egoera aldaketa adierazten dute horietako askok (ez guztiek), aditz telikoak dira eta inkoatibo/kausatibo oposizioa eratzen dute (ikus § 23.2.2.2f, § 23.2.2.5c, § 23.2.2.5d): beldurtu (da/du), gosetu (da/du), egarritu (da/du), damutu (da/du), higuindu (da/du) edo zaletu (da/du). [Izena+izan] egiturakoek, ostera, gehienetan egoerak adierazten dituzte (ikus § 11.5d).

23.2.1.3.4h Emankortasunari dagokionez, Hitz-Elkarketa/3 lanean (1991: 20) esaten den bezala, adibideek zerrenda dagoeneko osatua eratzen dutela dirudi; aspalditxoan ez da berririk sortu. Beste modu batera esanda, egitura hauek ez dira gaur emankorrak.

23.2.1.3.5. [adberbioa/PS/adjektiboa + egon, ibili] aditzekin osatutako predikatu konplexuak

23.2.1.3.5a Predikatu konplexuen artean sartu izan dira, azkenik, egon eta ibili aditzekin osatzen diren zain egon, eske ibili, bila ibili eta gisakoak. Jarduera adierazten dute ibili aditzarekin osatzen diren predikatuek. Egoera, berriz, egon aditza daramatenak. Adi egon, argi egon, bero egon, garbi egon, zain egon; adi ibili, argi ibili, bila ibili, eske ibili, oker ibili.

Lehen osagaia adberbio kategoriakoa izan daiteke edo postposizio sintagma (adi, eske, zain, jolasean, lanean), baina baita adjektiboa ere (adi/oker egon, oker ibili, zintzo ibili).

23.2.1.3.5b Zalantza sor daiteke lehen zein bigarren mailako predikazio egituratzat hartzekoak diren aditz predikatutzat eman ditugun horiek (§ 24.3.3.2). Interpretazio baten edo bestearen alde egiten lagun diezaguke aztertzeak aditzaren eta [X + aditza] egituraren artean alderik ote dagoen hautatzen dituzten osagaiei dagokienez. Irizpide hori kontuan izanik, argi egon eta garbi egon aditz predikatu konplexutzat hartzekoak dira: biek har dezakete perpaus osagarria, egon aditzak hauta ez dezakeena. Bero/hotz/ilun egon ere aditz predikatuak dira, gertakari meteorologikoa adierazten dutenak; bero, hotz edo ilun ez dira hor subjektu baten egoera mailako predikatuak. Aldiz, gertakari meteorologikoetatik kanpo, kafea bero dago edo aretoa ilun dago esaten dugunean, predikazio egituren aurrean egongo ginateke. Oker egon, oker ibili nahiz zintzo ibili, ostera, hobeto esplika daitezke predikazio egitura moduan.

Zain, bila eta eske berez dira argumentu egituradunak, aditzaren beharrik ez dutenak osagarria hautatzeko. Beraz, erraz azter daitezke “(norbait) egon/ibili PRED[X+bila, eske, zain]PRED” moduan, non X bila, eske edo zainen argumentu den. Egitura berekoa da eske etorri ere. Adik ere har dezake datibo sintagma, zeri adi. Nolanahi ere, badirudi egitura hauek predikaziozko beste adibide batzuek (kezkatuta ibili, nekatuta egon eta abar) baino lexikalizazio maila handiagoa dutela. Eta gogoan izan behar da batzuetan aditzari begirako adberbioen eta bigarren mailako predikazioaren arteko muga lausoa izaten dela.

23.2.2. Kasu-balentziak

23.2.2.1. Kasu-balentziaren araberako lau aditz mota nagusiak: da, du, zaio, dio

23.2.2.1a Aukeratzen duten laguntzaile motaren arabera bereizten ditugu aditzak hiztegian da, du, zaio eta dio motako aditzak. Zehatzagoa litzateke esatea aditzek ezartzen dutela, esanahiaren arabera, zenbat parte hartzailek eta zer motatakoak agertu behar duten perpausean. Eta parte hartzaile horien araberakoa dela laguntzailea (ikus § 23.1b). Aditzaren argumentu egitura esaten zaio horri eta hurrengo puntuan hartuko dugu aztergai. Hemen laguntzailearen arabera bereizten ditugun lau aditz mota horiez arituko gara. Aditzaren balentzia edo erregimena deitzen zaio aditz batek, inguruan behar dituen parte hartzaileen arabera, hartzen duen laguntzaile motari.

23.2.2.1b Guk lau aditz mota aipatu baditugu ere, bi multzo nagusitara bil ditzakegu lau horiek: da/zaio batetik eta du/dio bestetik. Hau da, da aditzak / du aditzak. Izan ere, oinarrizko bi sail bereizten ditu gramatika tradizionalak, erregulartasun handia erakusten dutenak: intrantsitiboak eta trantsitiboak (euskaraz iragangaitz eta iragankor ere esan zaienak). Da motakoak dira, oro har, aditz intrantsitiboak eta du motakoak, trantsitiboak.

23.2.2.1c Bistakoa denez, perpausa osatuko bada, aditz guztiek behar dute subjektu izango den sintagma bat (eguraldi aditzak izan ezik, aurreraxeago ikusiko dugun moduan). Egiturazko kasuan joatekoak diren sintagmen artetik kasu absolutibokoa bada aditzak subjektu gisa hartzen duen sintagma, aditz hori intrantsitiboa dela esaten da. Kasu horretan, ez da izango perpausean objektu zuzen funtzioko sintagmarik: Aulkia erori da. Aldiz, aditzak kasu ergatiboko sintagma hartzen badu subjektutzat, eta, subjektu horretaz gainera, kasu absolutiboko objektu zuzen bat, aditz hori trantsitiboa dela esaten da: Haurrek aulkia bota dute. Badira subjektutzat kasu ergatiboko sintagma hartu arren, objektu zuzenik ez duten aditzak: Jonek oso ondo eskiatzen du. Intrantsitiboak dira hauek ere (intrantsitibo ergatibodunak). Beraz, objektu zuzen funtzioko sintagma izatea da irizpide nagusia aditz intrantsitibo eta trantsitiboen arteko bereizketan.

Bai intrantsitibo eta bai trantsitibo askok kasu datiboko sintagma bat ere har dezakete, beste balentzia bat gehituz: Aulkia erori zaio haurrari; Haurrek aulkia bota diote atezainari.

Beraz, aditzaren balentzia (laguntzaile mota) eta egiturazko kasuak alderatzen baditugu, honako eskema hau dugu:

Illustration

23.2.2.1d Ohar batzuk egin beharra dago, hala ere. Lehenik, aditz bakoitzaren semantikaren arabera, datiboko sintagma ez da beti izango gehitua edo aukerakoa: iruditu zaizu (*iruditu da); ondo iritzi dio (*du). Bigarrenik, aditz batek berak adiera bat baino gehiago izan dezake perpaus batean edo bestean, eta horrek eragin balentzia-jokoan ere: lagunak egunkaria dakar(kio) / egunkariak berri hori dakar(?kio); autoa aurreratu dut / dirua aurreratu dit. Hirugarrenik, aditz batzuk forma berean egokitu daitezke balentzia joko bat baino gehiagotan, edo guztietan: sartu da / sartu du / sartu zaio / sartu dio.

23.2.2.1e Gure gramatika usadio zabalduenean, honela adierazi izan dira lau kasuok: NOR, NOR-NORK, NOR-NORI, NOR-NORI-NORK. Izendatzeko modu horrek baditu zenbait akats aski agerikoak. Alde batetik, ordena jakin bat iradokitzen du egiturazko kasuen artean, eta, bestetik —eta garrantzi handiagoa du bigarren kontu honek— NOR galde-izenordainak barnean hartu nahi edo behar lituzke hor ZER izenordainari dagozkionak ere (eta ZER izenordainari dagokion hori, bestalde, izen sintagmaz nahiz askotariko perpausez osatua izan daiteke, perpaus osagarrien kapituluan ikusiko dugun bezala: ikus § 30.1.1).

Horregatik, ohikoagoa dugu gramatika eta hiztegi modernoetan bestela adieraztea aditz mota, hirugarren pertsona gramatikaleko adizkiak markaturik haren balentzia-jokoa (komunztadura tarteko), hots, aditz horrekin joatekoak diren osagai nagusiak (egiturazko hiru kasuotan doazenak, alegia: absolutiboa, ergatiboa eta datiboa). Hala, da, du, zaio, dio motako aditzak bereizten ditugu.

23.2.2.1f Azkenik, aipa dezagun, goraxeago esan bezala, badirela bestelako izen tekniko batzuk datiboko sintagma hartzen duten aditzentzat ere: da (intrantsitiboa), du (trantsitiboa), zaio (intrantsitibo datiboduna), dio (ditrantsitiboa). Nomenklatura horretan, di-trantsitibo terminoaz adierazten da bi objektu dituela aditzak: zuzena eta zeharkakoa (euskaraz, datiboak adierazia betiere bigarrena). Ditrantsitibo da nazioarteko nomenklatura, aldi berean, trantsitibo eskatzen duena.

23.2.2.1g Aditzen balentzia eta aditz jakin batekin ager daitezkeen egiturazko kasuak kontuan hartuta, honako sailkapen hau egingo dugu: aditz intrantsitiboak, intrantsitibo datibodunak, intrantsitibo ergatibodunak, trantsitiboak, ditrantsitiboak (edo trantsitibo datibodunak). Aditzen esanahia hartzen da kontuan aditz mota horietako bakoitzean azpisailak egiteko. Etxepareri (2003) jarraituko diogu ondorengo sailkapenean.

23.2.2.2. Aditz intrantsitiboak

23.2.2.2a Subjektu funtzio sintaktikoa betetzen duen argumentua baino hautatzen ez duen aditzari esaten zaio aditz intrantsitibo; objekturik hartzen ez duenari. Da laguntzailea hartzen dute aditz intrantsitibo gehienek (intrantsitibo absolutibodunek, alegia); eta perpausean absolutibo kasua hartzen du aditzaren argumentu bakarrak. Aurrerago aztertuko ditugu subjektua eta zeharkako objektua (hau da, absolutiboa eta datiboa) hautatzen duten intrantsitiboak (§ 23.2.2.3) eta argumentu bakarrari, subjektuari, ergatibo kasua ezartzen diotenak (§ 23.2.2.4).

Intrantsitiboa da, beraz, izatea, existentzia adierazten duen izan (eta existitu): ni naiz nirez, nire borondatez; bai eta egitura kopulatiboetako izan eta egon ere, dela egoera mailako predikazioa —haien mende gaude, pozik gaude, nekatuta gaude—, dela izaki mailakoa —gure alaba oso bizkorra da— (§ 24.3.3).

Lanbidea adierazten duten izenekin ere biak ager daitezke, izan eta egon: Maider irakasle dago Cambridgen / Maider irakasle(a) da Cambridgen. Egon hautatzean, aldi baterako lanbidea dela ematen dugu aditzera; izanek, aldiz, Maiderren lanbidea zein den adierazten du (eta bide batez, zein den bere lanlekua).

Perpaus existentzialak ere intrantsitiboak, argumentu bakarrekoak dira, egon aditzarekin eratzen ditugunak (eta ipar-ekialdean izan aditzarekin): Badago salda; Badago/bada filosofiaren eta erlijioaren arteko muga gaindiezin bat.

23.2.2.2b Egoera fisiko eta mentalak adierazten dituzten aditz hauek ere intrantsitiboak dira (horien artean [izena + izan] egiturako asko): gaixo dago, haserre dago, ahalke da, beldur da, damu da, gose da, herabe da, lotsa daGaur ere oraindik herabe naiz haren izena ahoskatzeko (M. Mujika); Damu zara, ahalke zara, lotsa zara (Montoia).

Egoerak adierazten dituzte aditz hauek, baina ondoan duten aditz eratorriek (gaixotu, haserretu, ahalketu, beldurtu, damutu, gosetu, lotsatu) egoera aldaketa adierazten dute (ikus § 23.2.2.2e).

23.2.2.2c Kokapena eta noranzko mugimendua adierazten duten aditzak: ailegatu, egon, erori, etorri, gelditu, gerturatu, hurbildu, hurreratu, ibili, igaro, igo, iritsi, irten, jaiki, jaitsi, joan, kokatu, partitu, sartu, urrundu.

Aditz hauetako batzuk trantsitibo moduan ere erabil daitezke (du laguntzailearekin): gelditu, gerturatu, hurbildu, hurreratu, ibili, igaro, igo, jaitsi, kokatu, sartu edo urrundu. Bi motatako aditzak ditugu hor. Batetik, bide batean zehar aurrera egiten duen mugimendua adierazten dutenak: ibili, igaro, igo edo jaitsi. Horrelako aditz trantsitiboek adierazten dute objektuaren azalera guztia hartzen duela mugimenduak: Mendia igo dut, aldapa jaitsi dut, mendialde guztia ibili dut goitik behera (Juan Garzia). Beste aditz batzuek irakurketa kausatiboa dute; da/du alternantziak inkoatibo191/kausatibo alternantzia adierazten du (berez gertatu den egoera aldaketa, edo eragindakoa): gelditu da / gelditu du, hurbildu da / hurbildu du edo kaxa guztiak igo/jaitsi ditut.

23.2.2.2d Gertatzea eta agertzea adierazten duten aditzak: agertu, aurkeztu, azaldu, desagertu, egokitu, gertatu, heldu (Ipar.), jazo, pasatu, suertatu, tokatu. Berandu afaldu beharra ere egokitzen da maiz; Eta frantziarrek badakite loteria gutxitan tokatzen dela (Egungo Euskararen Hiztegia); Izugarria jazo da! (K. Izagirre); Egunero gertatzen diren gauzak (Euskaltzaindiaren Hiztegia). Azken adibide honetako gertatuk ‘gertatzea’ baino ez du adierazten. Beste adibide hauetan, ostera, ondoriozko aditza da: Batzuetan, jakina, gehiegizko beroa galdu beharrean gertatzen dira klima hotzetako animaliak ere (Aldasoro); Askotan Jainkoak ontzat ematen du gizakia erasotua gerta dadin (J. M. Lekuona); Atzerriko gure etsaien aurrean barregarri gerta ez gaitezen (Elizen arteko Biblia). Ondoriozko egoera adierazten duen heinean, predikazio egitura onartzen du: animaliak […] beroa galdu beharrean (gertatu), gizakia erasotua (gertatu) edo (gu) barregarri (gertatu).

Pasatu aditza trantsitibo bihur daiteke: Ibaia pasatu du; Gorriak pasatu ditu. Lehen kasua trantsitibo bihurtzen diren mugimendu aditzen oso-oso antzekoa da. Bigarrena, berriz, aditz psikologikotzat har genezake (ikus § 23.2.2.5e).

Agertzea adierazten duten agertu, aurkeztu edo azaldu aditzak ere trantsitibo bihur daitezke; inkoatibo/kausatibo alternantzia adierazten dute da/du (dio) laguntzaileek, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibide hauek erakusten duten bezala: Ez da deus estalirik agertuko ez denik / Jaunak agertu duen guganako onginahia; Ez da etxera azaldu ere egiten / Nola egin zuen ihes azaldu zigun. Desagertu aditzak arazi arazlea behar du kausatiboa adierazteko: Hamabi urteko neska desagertu da / Hamabi urteko neska desagerrarazi dute.

23.2.2.2e Eguraldia adierazten duten predikatuak (egon aditzarekin eratzen direnak): ateri dago, bero dago, giro dago, hotz dago, ilun dago, sargori dago. Molde intrantsitiboa baliatzen dute (dago); areago, aukera bakarra singularreko hirugarren pertsona gramatikala da, baina betiere subjekturik gabe.

Eguraldiaren egoera hutsa adierazi ordez, aldaketa baten ondorio dena adierazi nahi denean, du laguntzailea erabiltzen da: atertu du, ilundu du… (ikus § 23.2.2.4b). Baina ez dago, ez subjekturik, ez objekturik.

Denbora tartea adierazteko esapide batzuk ere eredu berean sartzekoak dira: Bost hilabete da hori gertatu zela; Orain dela zazpi urte gertatu zen zuk diozuna. Parekoak dira du hartzen dutenak: Bost hilabete du (egin) hori gertatu zela; Duela zazpi urte ez zen horrela mintzo. Berez ekialdeko hizkeretakoak dira azken hauek, estandarrera hedatu direnak.

Guztiek ere aukera bakarra dute: singularreko hirugarren pertsona gramatikala, perpausean gauzatzen ez dena, hutsik dagoena.

23.2.2.2f Egoera aldaketa adierazten dutenak. Bi mota bereiz daitezke horrelako aditzen artean: (berezko) egoera aldaketa edo gertaera baten hasiera baino adierazten ez dutenak (erori, heldu, jaio, loratu) eta inkoatibo/kausatibo oposizioa era dezaketenak, hau da, da eta du laguntzailearekin erabiltzen direnak (argaldu, bihurtu, bilakatu, garatu, gizendu, goibeldu, heldu ‘fruituez mintzatuz’, sortu, tristatu, umotu…). Adjektiboetatik eratorritako aditz gehienak mota honetakoak dira (ikus § 6.1c, § 6.1d). Egoera aldaketa adierazten du, eta inkoatibo/kausatibo alternantzia eratzen du jarri aditzak ere subjektu biziduna eta gogo egoera adierazten duen adjektibo edo adberbioa hartzen dituenean: Triste jarri naiz / Azken berriek triste jarri naute.

23.2.2.2g Aditz psikologikoak. Gogo egoeraren aldaketa (edo aldaketaren hasiera) adierazten duten aditz psikologikoek ere da/du bikoteak osatzen dituzte, inkoatibo/kausatibo alternantzia erakusten dute. Inkoatibo baliokoak intrantsitiboak dira: alaitu, asaldatu, aspertu, aztoratu, beldurtu, harritu, haserretu, ikaratu, kezkatu, kontsolatu, lasaitu, liluratu, poztu, txunditu, urduritu… Hauetako asko izenetatik edo adjektiboetatik eratorritakoak dira. Absolutiboak esperimentatzailea paper tematikoa hartzen du eta, ageri bada, postposizio sintagma baten bidez adierazten da estimulua: Pozten naiz hori entzuteaz (O. Arana); Andre gaztea, hori entzunik, biziki poztu zen (Igerabide); Eta Naroa alde batera lasaitu egin da, eta, bestera, berriro ere urduritu da (Zubizarreta).

23.2.2.2h Aspektu eta kontrol aditzak. Aspektu aditzak dira amaitu, ari izan, bukatu, hasi, ibili, jarraitu, joan, segitu… -tzen motako perpaus jokatugabeekin aspektu perifrasiak osatzen dituztenak (ikus § 30.6.3.3.2): kantatzen hasi, galtzak josten jarraitzen du, gauza guztiak egiten amaitu, galtzen doa ohitura hori. Jarduera adierako -n postposizio sintagma (baita -z postposizio sintagma ere) edo -ka adberbioa ere onartzen dituzte aspektu aditz horietako askok: dantzan/jolasean/lanean + ari/hasi/ibili da. Gure zergetarik tiraka ari da (Borda); Txirula joka hasi zen; Ate joka ibili; Oihuz ari/hasi da. Intrantsitiboak izan arren, du laguntzailea hartzen dute amaitu, jarraitu eta segitu aspektu aditzek (intrantsitibo ergatibodunak dira): Idazle gazteak gutuna irakurtzen amaitu eta aitorpenak egiten jarraitu zuenean (Zubizarreta); Bertsoak esaten amaitu zuenean, isilaldi bat izan zen (Aldasoro).

Kontrol aditzak: ahalegindu, ausartu edo saiatu aditzek ere -tzen perpausak hartzen dituzte osagarri (Lana garaiz bukatzen ahalegindu; Ez zen ausartzen emakumeei aurpegiz aurpegi begiratzen, K. Zabala). Aditz hauek subjektuaren kontrola ezartzen dute; mendeko perpaus osagarri jokatugabeak ezin du ageriko subjekturik hartu: *Ez naiz ahalegindu zuk lana garaiz bukatzen (ikus § 30.6.3.3.3).

23.2.2.2i Bihurkari eta elkarkariak. Euskaraz X-en burua sintagma baliatzen dugu adiera bihurkaria emateko. Sintagma bihurkaria erabiltzen dugunean, nahitaezkoa da aditz trantsitiboa, bi argumentu izango ditugulako, X-k X-en burua: bere burua heriotzara arte arriskatu du, ezkutuarekin babestu bere burua, bere burua urkatu du, nork bere burua garaitu, bere burua zeharo mespretxatu, bere burua zigortu, bere burua eskaini, bere burua zuritu, bere burua ezagutu

Baina bada beste modu bat ere: aditz bihurkariak da laguntzailea hartzea (“desbihurkaritzea” Etxepare 2003): garbitu, jantzi. Hirugarren eta zazpigarren egunean garbikuntzako urez garbituko da, eta berriro garbi geldituko (Elizen arteko Biblia); Behar den bezala jantzi naiz? (Navarro). Bihurkari atxikiak (‘inherenteak’) dira apaindu, garbitu, jantzi, lehortu, zikindu, baina badituzte bihurkariaz bestelako adierak ere. Inkoatiboa (leihoak zikindu dira, eguzkia gorde da, jantziak lehortu dira…). Badute forma trantsitiboa ere (inkoatiboari lotua): jantziak lehortu ditu, zapatak garbitu ditu

Gaur nahiko hedatuak daude bi bideak onartzen dituzten aditzak: X-en burua (trantsitiboa) eta da (intrantsitiboa). Aterkipean babestu naiz / Aterkipean babestu dut neure burua; Ondo defendatu da / Ondo defendatu du bere burua; Zerrien antzera gobernatzen naiz (Morales) / Gobernatzen dut neure burua; Prestatu naiz / Neure burua prestatu dut. Babestu aditzari dagokionez, lokatiboak (-n postposizio sintagmak) erraztu egiten du da laguntzailea hautatzea. Nolanahi ere, nahiko mugatua izan da bide hau tradizioan eta kontu handiz aztertu behar da zein aditz bihurkarik onartzen duen da laguntzailea (ikus § 13.8.3). Alberdik (2003) ere seinalatzen du zenbait aditz mailegatutan ere trantsitibo (du) / bihurkari (da) alternantzia: abandonatu, gobernatu, defendatu, libratu

Beste batzuetan argumentu bihurkaria ez da absolutiboaren bidez markatzen, baizik postposizio sintagma batez edo datibo sintagma batez. Instrumentala (-z) hartzen dute ahaztu, arduratu, fidatu, etsitu, edo kexu izan aditzek (bere buruaz fidatu), -n postposizio atzizkia sinetsik (bere buruan sinetsi), eta komitatiboa (-kin) solastatu edo etsaitu aditzek (bere buruarekin solastatu, neure buruarekin etsaitu). Beste aditz sorta batek datiboa ezartzen dio izenordain bihurkariari: egotzi, galdetu, jaramon egin, kasu egin, leporatuNeure buruari galdetu nion zergatik ari ote zen oihuka (Larrañaga).

Elkarkariak. Bi bide ditugu objektu zuzen elkarkaria adierazteko ere. Ohikoena elkar izenordaina (eta forma trantsitiboa) da: elkar hil, elkar babestu, elkar gorrotatu, elkar iraindu, elkar jo, elkar miretsi, elkar zaindu. Baina intrantsitiboa (da) ere onartzen dute aditz batzuek: maite gara, ikusiko gara… Kontu handiz ibili behar da horrelako egiturekin; ziurrena elkar (dagokion kasu marka edo postposizio atzizkiarekin) eta aditz trantsitiboa erabiltzea da (ikus § 13.8.4).

23.2.2.2j Zenbait aditz faktibok192 ere izan laguntzailea hartzen dute: akordatu, jabetu, konturatu, ohartu. Jabetu da ez duela irtenbiderik; Akordatu da biharko entregatu behar duela lana. Gogoratu eta gomutatu aditzek erabilera intrantsitiboaren ondoan onartzen dituzte du eta zaio laguntzaileak ere: Antonio Machado erbesteratuaz gogoratzen naiz (Hernandez Abaitua); Amaordeak esan diona gogoratu zaio (Sastre); Lehen beti honela izaten zela gogoratzen du (Gonzalez); Ediporen historiaz gomutatzen da (Azurmendi); Nahitaez baten bati Arana Goiri gomutatuko zaio (Azurmendi); Gomutatzen dut etxeratu orduko gau iluna zela (Gonzalez).

23.2.2.2k Hizketa eta juzgu aditzak. Trantsitiboak izan ohi dira mota honetako aditzak, baina mintzatuk izan (da) laguntzailea hartzen du eta postposizio sintagma baten bidez ematen da barne argumentua (zertaz mintzatu).

Berez kokapena adierazten duen egon aditzak ere badu aukera juzgu aditzen adiera hartu eta perpaus osagarria hautatzeko: Nago ez ote genukeen gehienok beste horrenbeste egin behar (Joxerra Garzia). ‘Iritzi horretako izan’ adiera hartzen du horrelako egituretan nago adizkiak. Zehazkiago litzateke esatea nago adizkiak hautatzen duela perpaus osagarria, beti forma bera ageri delako; OEHko datuen arabera, literaturako salbuespen bakarra Egiategirena da: Dago ere egia zela gizon behar bezalakoa, Phlegon zen deitzen.

23.2.2.2l [adjektiboa + izan] predikatuak hirugarren pertsona generikoan bakarrik erabil daitezke da laguntzailearekin eta perpaus osagarria hartu ohi dute (edo horrelako perpausa ordezkatzen duen erakuslea): erraz izan, haizu izan, neke izan, posible izan, zilegi izanNeke zen ez baikor izatea honelako bizitasunaz jabe zen emaztearen ondoan (Touyarou); Oraintxe erran bezala, erraz da ihardestea (Xarriton); Zilegi da oroitaraztea Heliogabalo Asia Gutian hezi zela (Juan Garzia).

Zaio laguntzailearekin erabiltzen direlarik, balio generikoa galdu egiten da (datibo hunkituko egituratzat har daitezke, § 18.4.4): Bakoitzari zilegi zaio bere onurari, ustez, dagokiona egitea (Xarriton); Posible izanen zaigu jendearen eskakizun zehatzei moldatzea gure eskaintza (Berria).

23.2.2.3. Aditz intrantsitibo datibodunak

23.2.2.3a Badira aditz motak absolutiboa eta datiboa eskatzen dutenak, edo, behintzat, onartzen dutenak: mugimendu aditzak, gustatu motako aditz psikologikoak, edo datibo hunkituko egiturak (Etxepare 2003).

23.2.2.3b Mugimendu aditzak. Aditz intrantsitibo hutsen artean ikusi ditugun mugimendu aditzetako askok (§ 23.2.2.2c) onartzen du datibo sintagma: erori zaio, gerturatu zaio, hurbildu zaio, hurreratu zaio, iritsi zaio, joan zaio, urrundu zaio. Datiboak, mugimenduaren amaiera (biziduna) adierazten du: Barraren beste puntako gizona hurbildu zaio (Gonzalez). Baina datibo hunkitua (interes datiboa) edo jabe datiboa ere izan daiteke (ikus § 18.4.4); hau da, jabetza edo interes harremana egon daiteke subjektu absolutibokoaren eta datiboz markatua den argumentuaren artean: Gure amaren lankide bat etorri da / Gure amari lankide bat etorri zaio; Gero eta ikasle gutxiago joaten zaio eskolara (Zubizarreta) / Gero eta ikasle gutxiago joaten dira (haren) eskolara.

23.2.2.3c Gustatu motako aditz psikologikoek (bururatu, gustatu, otu) absolutiboa eta datiboa eskatzen dute. Datiboak ‘esperimentatzailea’ paper tematikoa hartzen du eta absolutiboak ‘tema (gaia) edo estimulua’ (ikus § 18.4.3). Absolutiboko sintagmaren ordez perpaus jokatugabea zein jokatua ere izan daiteke estimulua: Literatur lantegi bat antolatzeko ideia bururatu zaio Lujanbiori (Lertxundi); Gure laguntzaren beharrean ote zeuden bururatu zaio norbaiti (Zubizarreta); Beisbola gustatzen zaio (Aristi); Jende gehienari gustatzen zaio kafea hartzea (Elorriaga).

Beste batzuek da/zaio alternantzia onartzen dute: damutu, dolutu, interesatu, laketu. Garesen laster laketu naiz (Aintziart); Honako hau areago laketuko zaio (Jon Muñoz); Damutu zait horrela sutu izana (Larrañaga); Berehalaxe damutu naiz nire esaldiaz (M. Etxebarria).

23.2.2.3d Datibo hunkituko egiturak zein jabe datibokoak (ikus § 18.4.4): Joni alkandora urratu zaio; Joni ama hil zaio; Aneri begitartea ilundu zaio.

Beste adibide hauetakoak ere datibo hunkituak dira: Laster, eguna izanen da eta neke izanen zaigu herri aitzinetik iragan eta beste aldera iristea, nehork ikusi gabe (Touyarou); Zilegi izan bekit zuri gaztigatzea ezen hasiak direla munduan Valmonten ausentziaz ohartzen (Jon Muñoz).

Gertatzea eta agertzea adierazten duten aditzek ere har dezakete datiboa: Sugetzar bat agertu zitzaion bidean (EH); Zer gertatuko zaio herri honi balio hauek familietan erakusten ez badira […]? (Salaburu).

23.2.2.4. Aditz intrantsitibo ergatibodunak (eta intrantsitibo ergatibodun eta datibodunak)

23.2.2.4a Badira beste bi aditz mota, non (adiera jakin batean behintzat) adizkiak formalki objektu zuzen batekiko komunztadura markatzen baitu, baina ez baita gero ageri objektu zuzenik perpausean. Batak (intrantsitibo ergatibodunak) du motako adizkia eskatzen du, baina ergatibozko subjektua baino ez du hartzen, eta objektu zuzenik ez da perpausaren osaeran: Gehienek etsi dute; Egunak argitu du; Eboluzionatu dugu. Besteak, berriz (intrantsitibo ergatibodun eta datibodunak), dio motako adizkia eskatzen du, baina ergatibozko subjektua eta datibozko zeharkako objektua baino ez datoz perpausa osatzera, objektu zuzenik gabe berriro: Zuk ekin diozu lanari; Inork ez deritzo gaizki horri.

23.2.2.4b Eguraldi aditz batzuek formalki du laguntzailea hartzen dute, baina ez dute ez ageriko subjekturik ez objekturik hartzen (ez dute argumenturik): atertu du, berotu du, hoztu du, ilundu du. Beste batzuek, [izena + egin] egiturakoek ere du laguntzailea hartzen dute, baina ez dute ageriko subjekturik: elurra egin du, euria egin du, izotza egin du, kazkabarra egin du.

23.2.2.4c Ageriko subjekturik gabeak dira irudi izan (du) eta adiera bereko eman ere (ematen du): Irudi du asko dela, baina idazle baten egitekoa idaztea eta publikatzea da (Urkiza); Beste ehun urte itxaron beharko duzula ematen du (Azurmendi). Mendeko perpaus osagarriko subjektuaren igoera gertatzen denean (hau da, mendeko perpausaren subjektu posiziotik perpaus nagusiko subjektu posiziora igotzen denean), trantsitibo bihurtzen dira aditz hauek: Orain, aldiz, hiru ehun mila hil ukan dituen herri dohakabe horrek iduri du bide hobean dela 2000 urtean sinatu bake hartaz geroztik (Herria). Aspektu marka hartzen duenean, ordea, intrantsitibo datibodun moduan erabiltzen da iruditu: Ixaskunek zapiaz begiak xukatzen zituela iruditu zait (Txillardegi).

Ageriko subjekturik gabea da irakurketa generikoa duen merezi du ere. Euskaltzaindiak arautu zuen merezi izan predikatuaren osagarri jokatugabeak absolutibo kasua hartu behar zuela, eta ez ergatiboa: merezi du joatea / *merezi du joateak.

Euskaltzaindiaren 31. araua: “Ekartzea merezi du”, Donostian, 1995eko apirilaren 28an onartua.

Ergatiboko subjektua hartzen duten egiturak dira, aldiz, subjektu animatua dutenak (merezi dut, merezi duzu, merezi genuen). Determinatzaile sintagma nahiz perpaus osagarria har ditzake molde honek objektu gisa: Espetxea merezi zenuen (Morales); Zuk ni guztiz madarikatzea merezi dut (Elizen arteko Biblia).

23.2.2.4d Ergatibozko subjektua eskatzen dute afaldu, bazkaldu borrokatu, bozkatu, dimititu, distiratu, ekin, eskiatu, etsi, irakin, iraun, kotizatu, nabigatu, protestatu, saltatu, toreatu, trafikatu, usaindu edo zirkulatu aditzek. Baina debeku dute objektu zuzena hartzea, ez badira, behintzat, objektu sustraikideak (ingelesez cognate esaten zaienak): tangoa dantzatu, aurreskua dantzatu. Batzuek da/du alternantzia erakusten dute: afaldu da/du, borrokatu da/du, dantzatu da/du, saltatu da/du. Eman ditugun adibideetako asko aditz mailegatuak dira; egia da maileguz hartutako aditz asko intrantsitibo ergatibodunak direla euskaraz, baina ez guztiak. Intrantsitibo hutsen artean ere ikusi ditugu batzuk eta ez dira gutxi maileguzko aditz trantsitiboak ere193.

Ergatiboak egilea paper tematikoa hartzen du askotan (borrokatu, dimititu, eskiatu, nabigatu, saltatu); gaia beste batzuetan (irakin, iraun), edo esperimentatzailea (etsi).

23.2.2.4e [izena + egin, eman, hartu] motako lokuzioak ere intrantsitibo ergatibodunak dira; eta eman aditzarekin osatuak, gehienetan, intrantsitibo ergatibodun datibodunak (min eman dio, lotsa eman dio). Lokuzio hauetako izena aditzaren barne argumentua da, eta horren froga litzateke izen horrek partitibo atzizkia hartu ahal izatea (ikus § 23.2.1.3.1d, § 23.2.1.3.2b). Hain zuzen ere, aditz esapide hauek ez dute objekturik onartzen; ezin da esan *hilketa bekatu egin du edo *malkoak negar egin ditu. Beraz, argumentu bakarreko aditzak direla esan daiteke, ergatiboa hartzen duen subjektua baino ez dute eskatzen; bestea, barne argumentua, aditzean txertatua geratzen da, aditzaren parte izatera pasatu da. “Inkorporazio” deitzen zaio operazio gramatikal honi, eta hala eman dute zenbait hizkuntzalarik aditz esapide hauen berri, inkorporazio bidez sortu direla esanez, alegia (Laka 1993b, edo Rodríguez eta García Murga 2003).

Salbuespen batzuk badira, hala ere, non aditz lokuzioak objektu zuzena hartzen duen: Trena huts egin du; Zer itz eman zuen Jainkoak? (Ubillos). Hortaz, hitzeman edo huts egin aditz trantsitibo bihurtu direla esan daiteke. Hizketa ekintza adierazten duten lokuzioek ere onartzen dituzte adierazpen perpaus osagarriak: Berriz ez dudala horrelakorik egingo hitzeman nion; Eztiarazteko, hitzeman diote orori pagaren emendatzea (Hiriart-Urruti); Maisuak mehatxu egiten zion eskolatik botako zuela (P. Lizarralde).

Baina, partitiboa hartu ahal izatea, ordena aldatzea eta abar goraxeago aipatu dugun inkorporazio bidezko azalpenaren kontra doa. Izena aditzean erantsia balego, ez luke horrelako “askatasunik” izango. Beraz, aditz esapide hauetako gehienak ezin dira inkorporazio bidez azaldu (Martinez 2015; Oyharçabal 2006a).

Ergatiboak egilea paper tematikoa har dezake (ume horrek asko hitz egiten du) edo esperimentatzailea (Jonek gauero amets egiten du).

Lokuzio hauetako batzuk aditz intrantsitiboa dute ondoan: solas egin / solastatu da, jolas egin / jolastu da, barau egin / barautu da, borroka egin / borrokatu da, dantza egin / dantzatu da. Beste batzuek aditz trantsitiboa dute ondoan, objektu zuzena hartzen duena: agur egin / agurtu, bultza egin / bultzatu, lan egin / landu, amets egin / amestu, harrika egin / harrikatu, txalo egin / txalotu, min eman / mindu… Baina ez dira guztiz berdinak lokuzioak eta horien ondoan eman ditugun aditzak: predikatu konplexuek objekturik ez dutenez, ezin dute adierazi ekintza horrek objektuak hunkitu dituen ala ez; bultzatu, harrikatu, mindu edo txalotu aditzek, ostera, objektua hunkitzen duen ekintza adierazten dute. Txoriari harrika egiten dionak ihes eragiten dio (Elizen arteko Biblia); adibide horretan ez dakigu harriek txoria jo zuten ala ez. Baina Hiritik kanpora atera eta harrikatu egin zuten hil arte adibidean argi dago objektu hunkitua dela.

23.2.2.4f Ergatiboaz gain datiboa ere har dezakete [izena + egin] lokuzio askok: agur egin dio, harrika egin dit, bultza egin dizut, txalo egin digute. [Izena + eman] aditz lokuzioek maiz hartzen dute datiboa, lokuzioko aditzak (emanek) zehar-objektua hartzen duen neurrian: atentzioa eman dio, aukera ematen digu, min eman dit, musu eman die, nazka ematen dizu.

Bestelako aditzekin osatzen diren aditz predikatu konplexuak ere (behea jo, lur jo, hanka sartu, ziria sartu…) intrantsitibo ergatiboduntzat hartu behar dira, ez baitute beste objekturik onartzen. Bai, ordea, zehar-objektua (lokuzioko aditzak datiboa hauta dezakeenean): kontuak eskatu dizkigu, ziria sartu digu.

23.2.2.4g Aditz intrantsitibo ergatibodun eta datibodunak dira ekin, erreparatu (Hegoaldean eta adiera batean behintzat), eutsi, heldu, iritzi, jarraitu, itxaron: ergatiboa eta datiboa hautatzen dute, baina ez dute ageriko objekturik hartzen. Adizki laguntzailean baino ez da ageri absolutiboaren komunztadura marka. Zentzugabekeria deritzot judua horrela erretzeari (Ladron Arana); Lehen irria eragin didan trufari guztiz gustu txarrekoa irizten diot orain (Zubizarreta); Merezi duen zerbaiti ekingo diot (Navarro). Zehar-objektua izan daiteke DS bat edo perpaus jokatugabea. Iritzi-k, gainera, datiboari buruzko lehen mailako predikazioa eskatzen du (ikus § 24.3.5.2): Hizkera jasoan, aldiz, egokiago irizten diot euskarazkoak erabiltzeari, nahiz eta beste euskalki batzuetatik hartuak izan (Zuazo); Hain iritzi zion xarmagarri eta kitzikatzaile anonimoari, ezen gogo biziz irakurri baitzuen bigarren aldiz, baita hirugarrenez ere (Morales).

Azken urteetan iritzi-ren beste erabilera bat ari da hedatzen, iruditu edo uste izan aditzen parekoa: Plano orokor batetik hartuta erabat ulergarria dela deritzot (Cano); Onena gaua han pasatzea zela iritzi diot (Arretxe). Orain arteko iritzi-k ez bezala, perpaus osagarri jokatua hartzen du erabilera honetan, ez dago datibo sintagmarik, ez eta horri lotutako bigarren mailako predikaziorik ere. Aditz mota berri bat dakar iritzi-ren erabilera honek: aditzean baino ageri ez den zehar-objektua, perpausean hutsik dagoena.

23.2.2.4h Badira du/dio alternantzia erakusten duten aditzak, baina dio aldaeran ageriko objekturik hartzen ez dutenak: deitu du/dio, lagundu du/dio, tiratu du/dio. Mikeli deitu diogu / Mikel deitu dugu; Mikeli lagundu diogu / Mikel etxeraino lagundu dugu. Itxoin eta itxaron aditzek ez dute ageriko objekturik hartzen, ez du laguntzailearekin, ez eta dio laguntzailearekin ere. Hauetako batzuen erregimena arautu zuen Euskaltzaindiak (39. araua). Zehazki:

itxoin eta itxaron aditzek NORK-NORI eskatzen dute objektua dutenean: “Mireni itxoin zioten eguerdiraino”. Eta objekturik gabe daudenean NOR-NORK behar dute: “Egongelan itxoin dute goiz osoan”;

deitu eta lagundu bietara erabil daitezke: “Mikeli deitu diogu”, “Mikel deitu dugu”; “Mikeli lagundu diote”, “Mikel lagundu dute”.

Euskaltzaindiaren 39. araua: “Zenbait aditzen erregimena (gonbidatu, iguriki, itxoin, itxaron, deitu, lagundu)”, Donostian, 1995eko uztailaren 28an onartua.

23.2.2.5. Aditz trantsitiboak

23.2.2.5a Subjektua eta objektu zuzena (sintagma ergatiboa eta sintagma absolutiboa) hautatzen duten aditzei esaten zaie trantsitibo. Mota bateko baino gehiagoko aditzak bereiz daitezke trantsitiboen artean.

23.2.2.5b Esatea, pentsatzea edo uste izatea/juzgua adierako aditzak, gehienak, trantsitiboak dira. Morfologiari dagokionez, aditz bakunak, eratorriak nahiz predikatu konplexuak izan daitezke mota honetakoak (zerrenda honetako aditzek badute horrelako adiera bat, behintzat, nahiz bestelakoak ere izan): aditu, adierazi, adostu, agertu, agindu, aholkatu, aipatu, aldarrikatu, argitu, asmatu, azaldu, berretsi, berri eman, deklaratu, entzun, erabaki, erantzun, erregutu, esan, eskatu, galdetu, hitzeman, idatzi, igarri, ihardetsi, iragarri, itaundu, jakin, jakinarazi, kontatu, mehatxu egin, oihu egin, pentsatu, salatu, sinetsi, ukatu, uste izan, zin egin, zabaldu (berria zabaldu)… Objektu zuzena DSa izan daiteke, baina baita beste askotan modu bateko edo besteko mendeko perpaus osagarria ere. Badira aditzak perpaus egiturako osagarria baino hautatzen ez dutenak: uste izan.

‘Pentsatzea’, ‘uste izatea’ adiera hartzen dute egin eta eman aditzek ere erabilera hauetan: Haren portzelanazko zurbiltasunari erreparaturik, egingo nuke bolada txarra pasatzen ari dela (Zubizarreta); Emango nuke biak sentitzen direla harro (Arretxe); Eman dezagun/demagun ikasgai guztiak gainditzen dituzuela.

Irudi izan eta adiera horretako eman ere trantsitiboak dira: Iduri du Jon haserre dagoela / Jonek haserre dagoela irudi du.

23.2.2.5c Aditz arazle edo kausatiboak. Norbait edo zerbait eragile direla gertatzen diren ekintzak, jarduerak edo egoerak adierazten dituzten aditzei esaten zaie kausatibo (euskaraz arazle). Beste hitz batzuetan esanda, argumentu bat gehiago eransten diote perpausari aditz arazleek. Horixe da Jon hil da / Gaizkile batzuek Jon hil dute perpausen arteko aldea: berez gertatu den zerbait (hil da) edo beste batzuek eragin dutena (hil dute).

Bi modutara marka daiteke arazletasuna euskaraz: laguntzailea aldatuz (da > du) edo aditz nagusiari arazi, eragin erantsiz (ikus § 23.2.1.2). Egoera aldaketa adierazten duten aditzek nahikoa dute da > du aldaketa: argaldu, garbitu, ilundu, loditu, zikindu. Ohiko jokabidea da adjektiboetatik eratorririko aditzekin; baina ez horiekin bakarrik, baita noranzko jakineko mugimendua adierazten duten aditzekin ere (horien artean -ratu amaieradunak): atera da / atera du, oheratu da / oheratu du, sartu da / sartu du, urrutiratu da / urrutiratu du. Eta, oro har, egoera aldaketa adierazten duten beste aditz askorekin: erre da / erre du, gaixotu da / gaixotu du, haserretu da / haserretu du, hil da / hil du, sendatu da / sendatu du eta abar (Oyharçabal 2003b).

Arazi edo eragin kausatiboek aldatu egiten dute aditzaren balentzia, goraxeago esan bezala, argumentu bat gehitzen diotelako. Euskara estandarrean aldaketa horiek nola adierazi behar diren arautu zuen Euskaltzaindiak (43. araua):

1. Araziren subjektuak beti ergatibo kasua hartzen du: Koldok etorrarazi du Mikel.

2. Oin aditzaren (hau da, arazi hartzen duen aditzaren) objektuak beti absolutiboa hartzen du: sagarrak salarazi ditugu.

3. Oin aditza trantsitiboa denean, datibo kasua hartzen du hasieran subjektu zenak: ikasleek liburua irakurri dute > irakasleak liburua irakurrarazi die ikasleei.

4. Oin aditzaren subjektuak absolutibo kasua hartzen duenean (hau da, oin aditza intrantsitiboa denean), absolutiboa hartuko du perpaus arazlean ere: Mikel jarri da > Mikel jarrarazi dute; euskara bizi da > euskara biziarazteko beste tresna baitezpadazkoa: eskola (X. Arbelbide).

5. [izena + egin] motako lokuzioekin eta objektu zuzena ezabatua duten aditzekin (edan, jan), datibo kasua hartuko du subjektuak: umeak negar egin du > umeari negar eragin dio arreba zaharrenak. Berdin gertatzen da subjektu biziduna eskatzen duten eraman, jasan, pairatu, sufritu eta gisako aditz psikologikoekin, bai eta intrantsitibo ergatibodunekin, subjektua biziduna denean: Rumsfeldek dimititu du > Rumsfeldi dimitiarazi egingo ziotela espekulatzen zuten askok (Berria); (guk) etsi dugu > erortzeak ez digula (guri) etsiarazi behar. Baina subjektua bizigabea denean: urak irakin du > ura irakinarazi dute.

Euskaltzaindiaren 43. araua: “Arazi aditzaren erregimena”, Usurbilen, 1995eko irailaren 29an onartua.

23.2.2.5d Aditz psikologiko kausatiboak. Aditz intrantsitiboen artean ikusi ditugu gogo egoeraren aldaketa adierazten duten aditz psikologikoak, inkoatibo baliokoak (§ 23.2.2.2g). Trantsitiboak dira du laguntzailea harturik balio kausatiboa dutenak: alaitu, asaldatu, aspertu, aztoratu, beldurtu, harritu, haserretu, ikaratu, kezkatu, kontsolatu, lasaitu, liluratu, poztu, txunditu, urduritu… Ergatiboko sintagmak estimulua edo kausa adierazten du eta absolutiboak, berriz, esperimentatzailea. Ahalegin txikienak ere dardarka jartzen nau, eta itzal batek ikaratzen nau (Navarro); Orain konturatu naiz beti beldurtu nauen bakardadea dela neure salbazioa (Jaio).

Eragilea biziduna denean ez da harritzekoa forma arazlea erabiltzea: Azken aldian hainbeste izuarazi zuen gizon haren begietako so beltz hura berriz ikustean, emaztea ikaratu zen (Touyarou); Jainko maitalea niregana etorriko da eta etsaien porrotaz alaiaraziko nau (Elizen arteko Biblia); Horrek neskatoa haserrearazi zuen (Gabiria).

23.2.2.5e Beste aditz psikologiko batzuek, berriz, ergatiboa eta absolutiboa hautatzen dute, baina esperimentatzailea izanik ergatiboa eta estimulua objektua. Horrelakoak dira: adoratu, desiratu, ederretsi, errespetatu, estimatu, etsi, gaitzetsi, gurtu, gutxietsi, irrikatu, miretsi, onartu, onetsi eta abar.

23.2.2.5f Laburbilduz, hiru motatako aditz psikologikoak bereiz daitezke: absolutiboa eta datiboa hautatzen dituzten intrantsitibo datibodunak (ikus § 23.2.2.3c), inkoatibo/kausatibo (da/du) oposizioa era dezaketenak (ikus § 23.2.2.2g, § 23.2.2.5c) eta trantsitibo hutsak, ergatiboa eta absolutiboa hautatzen dutenak (ikus § 23.2.2.5e).

23.2.2.5g [izena + izan (du)] predikatu konplexu batzuk ere (ikus § 23.2.1.3.4) aditz trantsitiboak dira, gogo egoerak adierazten dituztenak: behar izan, damu izan, desio izan, gorroto izan, maite izan, nahi izan. Esperimentatzailea da subjektu ergatiboa eta gaia/jasailea objektu absolutiboa. Gorroto dut galtzerdiak janztea; Gurasoek asko maite zaituzte. Objektua izan daiteke determinatzaile sintagma, bai eta perpaus osagarri jokatugabea ere.

23.2.2.5h Aditz bihurkariek ere egitura trantsitiboa eskatzen dute: bere burua arriskatu, bere burua erre, bere burua eskaini, bere burua gorroto (izan), bere burua maite (izan), bere burua mespretxatu, bere burua zigortu eta abar. Elkar objektu zuzenak ere egitura trantsitiboa eskatzen du: Elkar agurtu dute biek; Elkar ikusi duzue gaur goizean (ikus § 23.2.2.2i).

23.2.2.5i Predikazioa. Jabetza edo posesioa ere txerta daiteke euskaraz aditzaren argumentu egituran du laguntzailearen bidez (Etxepare 2003): Mikel bere anaia da / Jonek Mikel anaia du. Bigarren perpaus honetan, predikazio harremana dago Mikel eta anaia sintagmen artean. Mota honetako egituretan ergatiboak ‘jabea’ adierazten du, eta absolutiboak (jabe horrek) ‘hartua’ duena. Izaki mailako predikazioa adierazten dute mota horretako egiturek.

Egoera mailako predikazioa ere adieraz daiteke aditzaren argumentu egituraren bidez: eskuak ikara ditut, ohea bero dut (ikus § 24.3.4).

23.2.2.6. Aditz ditrantsitiboak

23.2.2.6a Subjektua, objektua eta zehar-objektua hartzen dituzten aditzak dira ditrantsitiboak (§ 18.4.2). Subjektuari ergatibo kasua ezartzen diote, absolutiboa objektuari eta datiboa zehar-objektuari. Dio laguntzailea hartzen dute horrelako aditzek.

23.2.2.6b Aditz trantsitibo askoren balentzia alda daiteke datibo kasua hartuko duen argumentu bat gehituz; horrelakoetan, du/dio alternantzia erakusten dute aditzek: ekarri du / ekarri dio, esan du / esan dio, eskaini du / eskaini dio, eskatu du / eskatu dio, galdetu du / galdetu dio, irakurri du / irakurri dio, jakinarazi du / jakinarazi digu, kontatu du / kontatu dio eta abar.

23.2.2.6c Forma ditrantsitiboak (dio) adierazten du transferentzia bat gertatu dela, zerbait (objektua) pasatu dela agente batengandik hartzaile edo onuradun batengana. Aditz batzuek berez dute ‘transmititze’, ‘batetik bestera pasatze’ adiera hori eta, horrenbestez, ohikoa dute hiru argumentuak hautatzea eta dio laguntzaile hartzea: bidali, eman, erakutsi, erosi, eskaini, irakatsi, saldu

23.2.2.7. Alternantziak

23.2.2.7a Aditzen balentziak aztertzean behin baino gehiagotan aipatu ditugu balentzia alternantziak. Laguntzaile mota batekin baino gehiagorekin ager daiteke aditz bat eta, horren arabera, egiturazko kasuak ere aldatu egingo dira.

23.2.2.7b Alternantzia horietako batzuk denboran zehar sortuak dira (diakronian): jarraitu natzaio > jarraitu diot; (horren) eskatu zaio > (hori) eskatu dio. Beste batzuk garai bereko hizkeren artean (sinkronian): afaldu naiz/dut, jardun dut/naiz, dantzatu gara/dugu, irten naiz/dut. Hiztegiek jasotzen dute aditz bakoitzaren erregimena eta gerta daitezkeen alternantziak.

23.2.2.7c Aditz intrantsitibo datibodunak aztertzean esan bezala (§ 23.2.2.4h), Euskaltzaindiak ere arautu ditu aditz batzuek, euskalkien arabera, balentzia desberdinak dituztenak; zehazki, gonbidatu, iguriki, itxaron, itxoin, deitu eta lagundu aditzen erregimena.

Ikus Euskaltzaindiaren 39. araua: “Zenbait aditzen erregimena”, Donostian, 1995eko uztailaren 28an onartua.

23.2.2.7d Laguntzaile intrantsitiboaren eta trantsitiboaren arteko alternantziak (da/du) inkoatibo/kausatibo alternantzia ematen du aditzera sarri: poztu da / poztu du.

Beste batzuetan paper tematiko bera egiturazko kasu batez edo bestez adierazteak dakar alternantzia: damutu zaio / damutu da; gogoratu da / gogoratu zaio.

Balentzia alternantzia gertatu arren, subjektuak adierazten du esperimentatzailea gogoratu da / gogoratu du, bikotean.

23.2.2.7e Ohikoa da du/dio alternantzia, aditz trantsitibo askok aukeran baitute datiboa ere hartzea (esan du / esan dio). Halaber, da/zaio alternantzia (joan da / joan zaio).

23.2.2.7f Balentzia alternantziak (da/zaio/du) inpertsonala/subjektu jakinekoa (egiturazko kasu batean zein bestean) isla dezake: zilegi da / zilegi du / zilegi zaio.

Inpertsonala/subjektu jakineko egitura dakar du/dut alternantziak merezi izan predikatuaren kasuan.

Esan bezala, hiztegiak ematen du aditz bakoitzak nolako balentzia alternantziak izan ditzakeen.

23.2.2.8. Aditz trantsitibozko perpausak inpertsonal bihurtzea

23.2.2.8.1. Adizki trantsitiboa intrantsitibo bihurtzea (onartu da)

Erraza eta aski sistematikoa da euskaraz aditz trantsitiboz eraturiko perpausak inpertsonal bihurtzea: intrantsitibo bihurtzea aditza, eta hirugarren pertsona gramatikalera (dut-duzu-dugu-du > da): [aipatzen ez den norbaitek] garaiz ordaindu du isuna > garaiz ordaindu da isuna. Kasu horretan, subjektu zen ergatiboko sintagma desagertzeari zor zaio inpertsonaltasun-interpretazioa.

Analisi gramatikalean, bada auzitxo bat prozedura horrekin, erabilera garbi egonik ere. Eman dugun adibidean, kasurako, ez dago garbi ea isuna sintagma objektu zuzena izatetik subjektu izatera etorri den; zuhurrago izan liteke esatea subjektu ergatiboa ezabatu dela eta horrek eragina dela du > da komunztadura aldaketa. Rol semantikoaren aldetik, behinik behin, garbi dago objektu zuzenaren funtzioarekin lotu ohi dena betetzen duela.

Kontuan izan behar da, hala ere, aditz askok onartzen dutela berez du zein da jokoa, eta, halakoetan, beraz, testuinguru guztiz markatu batek baino ezin eragin aurreko adibidekoaren moduko interpretazioa: konpondu da auzia [berez, edo norbaitek konpondu duelako iradokizunik gabe behinik behin]; ohart bedi [norbait horretaz].

Zeharkako objektua adierazten duen datiboko sintagma bat badago tartean, halaxe eusten zaio perpausaren aldaera inpertsonalean (dio > zaio): ordaindu dizkizu [norbaitek] kalteak > ordaindu zaizkizu kalteak. Adizkia trantsitibo petoa ez denean ere, berdin jokatzen da: iraunarazi dio [norbaitek] > iraunarazi zaio. Ez da egoki, jakina, datibora jotzea objektu zuzena adierazteko (gaztelaniazko a preposizioaren balio bikoitza oker kalkatuz): *ederki engainatu zaigu herritarroi < *ederki engainatu digu [norbaitek] herritarroi < ederki engainatu gaitu [norbaitek] herritarrok.

23.2.2.8.2. Hirugarren pertsona gramatikal pluralari erreferente-balio generikoa ematea (debekatu dute)

Beste prozedura bat, hau ere trantsitiboen kasurako, semantikaz eta testuinguruaz baliatzen da, erreferente generikotzat interpretaraziz ergatibozko hirugarren pertsona gramatikalaren plurala: [aipatzen ez den norbaitek] bidea itxi du > bidea itxi dute [kontua ez da nor(tzue)k, itxirik dagoela baizik].

Beste pertsona gramatikal batzuk ere balia daitezke antzeko jokoetarako (trantsitiboekin zein intrantsitiboekin), baina murritzagoa da halakoen erabilera, erretorikarekin lotuagoa, eta ez dirudi inpertsonalen artean hain erraz sartzekoak direnik: Demagun etxetik irteten ari garela/zarela. Nolanahi ere, sarriago erabiltzen da bigarren pertsona, kontakizunetan-eta, balio generikoarekin: Sartzen zara eguzkiaren argi betetik gela ilun batean eta hasieran ez duzu ezer ere ikusiko. Halako perpausek pertsona gramatikalaren erreferentzia zehatza baliorik gabe utziz, kidetasun handiagoa ageri dute inor izenordainaz antolatzen direnekin (inor etxetik irteten ari dela).

23.2.2.8.3. Pasiboa eta erdi-pasiboa

Aipatu ditugun prozedurek dituzten mugak kontuan harturik, ez da harritzekoa beste joskeraren bat ere baliatzea muga horietatik kanpoko adierazpideetarako: izan aditzaz eta adjektibo balioko partizipioaz osatzen diren joskerak, hain zuzen ere (Ortiz de Urbina 2003c: 298-299; Zabala 2003: 426-448; de Rijk 2008: 279-280, 671-673). Ondoren aztertuko ditugun egiturak ez dira inpertsonalak, baina askotan gertatzen da balentzia aldaketa (ergatiboko sintagmatik absolutibokora pasatzea dakarrena).

Aztergai ditugun egituretako adjektibo/partizipioa izan daiteke aditz intrantsitibo batena zein aditz trantsitibo batena. Adjektibo/partizipio intrantsitiboen adibideak dira honako hauek: Hemendik urrutira joana da; Joanes Labrit Nafarroa Beherean sartua zen (Epaltza); Gurutzatzen nituen emazte eta gizon askoren izen bereziak ezin atxikiz ibilia naiz (Aintziart). Intrantsitibo ergatibodunen adibideak ere badira: Ordu bete lehenago afaldua nintzen (Olarra); Urteen joan-etorrian asko sufritua zen haien trikimailuen kausaz (Berrizbeitia); Englandekin nabigatua duk, England kapitain handi, piratarekin (M. Garikano). Adibide horietan, jatorrizko subjektu ergatiboa, absolutibo bihurtu da, eta aditza, partizipio bihurturik, egitura kopulatiboko predikatu: Englandekin nabigatu du (hark) / [Englandekin nabigatua] da (hura); hitanoak bihurtzen du da adizkia gizonezko solaskideari zuzentzeko duk adizki.

Aditz trantsitiboekin, predikazioko argumentua izan daiteke subjektua zein objektua. Subjektuari dagokio egitura kopulatiboko partizipio predikatua ondoko adibideetan: Hau ere ibilbide luzeak egina zen (Mitxelena); Eta lehen ere nonbaitean esana naiz, dokumentu zaharretan maiz ageri dela UBICI deitura egungo HUICI ordez (Perurena); Denbora luzea daramat hemen eta gauza asko ikusia naiz (Rey). Balentzia aldaketa argi dago adibide hauetan ere.

Predikazioko argumentua objektua denean, pasiboaren antzeko egiturak sortzen dira, edo, hobeto esanda, adjektibozko edo egoerazko pasiboa194 (Ortiz de Urbina 2003c: 298): Liburua erdarara itzulia izan da; Bihi mota hori Afrikatik ekharria izatu da (Duvoisin); Zulo haietatik irtenarazi, eta denak frontoira eramanak izan ziren (Linazasoro); Ehorzketak intimitate osoan eta lagunartean eginak izan dira eta bere errautsak Durangorat eramanak (Herria); Ikerketak eginak izan dira garai hortako dokumentuetan (Herria); Jantzi bereziak Alemaniatik ekarriak izan ziren (Aiestaran); 60 milioi pinta arno salduak izan dira, aitzineko urtean baino gehiago eta karioago (Herria).

Adiera nagusia ondoriozkoa edo egoerazkoa da. Baina izan aditzak har dezake aspektu burutugabea, bai eta prospektibokoa ere: Liburuak lasai bizi dira salmenta eskasian ere; batere salduko ez diren liburuek ere badakite noizbait irakurriak izango direla (Aristi); Ergelkeria guztiak —esaten dit D.-k—, zozokeria guztiak esanak izango dituzu (X. Artola); Etxeko sariak, Euskal Herrian ematen dizkigutenak, beti egiaz eginak izaten dira, bihotzez, eta hori niretzat oso garrantzitsua da (Berria).

Adibide horiek auzo-erdaretako egitura pasiboak dakarzkigute gogora: Laster garbituak izango dira tresnak [aipatzen ez den norbaitek garbituko ditu]. Bistakoa da ez dela perpaus hori beste honen sinonimoa: Laster garbituko dira tresnak [berez, edo inork garbituko dituelako iradokizunik gabe behinik behin]. Erdi-pasibo esaten zaie halako egiturei, eta garbi dago joskera hori baliagarria dela anbiguotasunik gabe aditzera emateko badela hor egile bat tartean (kasu horretan garbituko duen norbait). Egitura hori, bidenabar esanda, ez da kultismo bitxi bat, tradizioak erakusten duenez: Tiñako sei pezetan / izan zan saldua195. Gaur ere adibide ugari aurki daitezke euskaraz.

Auzo-erdaretako egitura pasiboetan, erdi-pasibo delakoaren ondoan, bada pasibo osoa, hots, dena delako egile hori zehazki aipatzen duena beste sintagma espezializatu batean (ablatibo agente edo complemento agente, complément d’agent deitu izan zaio gaztelaniaz zein frantsesez, edo, berrikiago, agente preposicional): los instrumentos serán limpiados por los propios usuarios; les témoignages ont été recueillis par la police. Pasibo oso hori ez dago lotua, beraz, inpertsonaltasunarekin, agerian baitago betiere egilea forma pasibo horretan, aktiboan bezalaxe: los instrumentos los limpiarán los propios usuarios; la police a recueilli les témoignages. Pasibo osoa bazterreko aukera da gaur egun gaztelaniaz, haren premiarik ez den seinale. Ingelesez, aldiz, modu bakarra da objektua aditzaren aurrera ekartzeko, eta horregatik baliatzen da erruz.

Euskaraz ez dugu bete-betean auzo-erdaretako pasiboen pareko egiturarik; hau da, egitura aktiboko subjektua (ergatiboa) postposizio sintagma bihurtuko duenik196. Baina aztergai ditugun egituretan, agentea, gaia edo helburua argumentuak ager daitezke, aditzean komunztadura eragin gabe. Semantikoki pasiboaren parekoak dira, baina ez dago aldaketarik kasu-ezarketan. Komunztadurarik gabeko argumentuak partizipioaren ondoan kokatu behar dira197, hurrenkera oso mugatua da (Zabala 2003: 431): Gutun hau zuk niri idatzia da; Keinu iluna: Apache helikopteroak amerikarrek eginak dira (Arkotxa, Berria); Hiritartasuna hiriak denontzat emandako legeak errespetatzea da, eta hiriaren gobernuan parte hartzea; legeak errespetatzea hiritarrek eginak direlako (J. L. Zabala, Berria). Baina *zuk gutun hau idatzia da; *gutun hau idatzia da zuri; *gutun hau idatzia da zuk niri.

Egitura erdi-pasiboa, tradizio onekoa dugu euskaraz, eta baliagarria testuinguru askotan: zaurituak/goratuak/zigortuak/sarituak/gaitzetsiak izan zarete. Joskera horretara jo nahi ez duenak alternatiba bakarra du198 (hirugarren pertsona pluraleko ergatiboko sintagma erreferente generikozkoa): zauritu/goratu/zigortu/saritu/gaitzetsi zaituztete. Izan ere, da > du prozedura aplikatzeak ez baitu balio halako kasuetan: #zauritu zarete / #goratu zarete / *zigortu zarete / *saritu zarete / *gaitzetsi zarete.

Horra nola baliatzen diren aditzaren joskerak esanahi banatarako: zauritu gara, zauritu izan gara, zaurituak gara, zaurituak izan gara. Binakako simetria formala gorabehera (Ø/-izan / Ø/-ak), azken moldeak bakarrik adierazten du badela tartean zauritzaile bat, nahiz ez izan esplizitua. Horregatik dakargu egitura erdi-pasibozko perpausa perpaus inpertsonalak eratzeko prozeduren sail honetara.

23.2.2.8.4. Datibozko esperimentatzailea ezabatzea

Datibozko sintagma batzuek (subjektu) esperimentatzaile rol semantikoa adierazten dute aditz predikatu jakin batzuekin (§ 23.2.2.3c), eta inpertsonalaren efektua lortzen da sintagma hori ezabaturik esperimentatzaile generiko bat adieraziz ([jendeari] zaio > da) halako aditz bakan batzuekin (gustatu, iruditu/iritzi), hizkera batzuetan bederen: Bañan oriyen aziyo asko / etziran emen gustatu (F. Imaz); Ori etzan gustatzen / Oletako plazan (Euskal Jokoak); Kontzientziko kristau artean / ez da geiegi gustatu (Basarri); Nola gusta diteke / ortaño zurruta? (Basarri); Gustatu zera eta / azaldu azkar berriz! (Basarri); Gauza justu eta bidezkoa iruditu da urtearen illetako bat ere beraren onrarako esleitzea (G. Arrue); Obeki nunbait iruditu zan / bakartearen begiran, / gizonezkoen komentu on bat / elizaren jirabiran (S. Mitxelena); Eguzkia eta ilargia illunduko dira, eta eretxiko da, zeruko izarrak jausiko balira legez (Iturzaeta); Esan eta iritxi izan zanez (Zaitegi).

23.2.2.8.5. Zenbait esapide berezi

Badira esapide berezi batzuk adiera horretan subjektu espliziturik onartzen ez dutenak, hala nola ongi/ondo da(go) (= ados)199. Besteren bat ere bada sinonimiaz edo/eta analogiaz eratua: ederki egoten da (bat) hemen (= pasatzen da [< pasatzen du batek]). Beste kasu batean —badirudi esapidearekin— bada adibide bakanen bat tradizioan ageriko subjektu ergatibo eta guztikoa, baina ez da ohikoena inola ere: Karga bat sagarrekiñ / iru karga erari / baliyatzen dirala / gauzak badiruri (JanEd); Biyak utsikan utzi / zuten Udarregi / tristeza ugari / gizagajuari, / ez dala ongi ori / gauzak badiruri (AzpPr); Tentatzen ai zerala / trazak badirudi (Baladak). Aurreko badirudi horren sinonimo den ematen du esapideak ere esplizitatu gabe uzten du subjektu ergatiboa: Ematen du ez dugula irtenbiderik.

189 Eta “kausatibo analitiko”, ostera, ‘kausa’ adierako predikatu gobernatzaileak eta haren mendeko perpaus osagarriak osatzen duen egiturari (liburu guztiak irakurtzera behartu naute).

190 Halako egituretan, dena delako sentipenaren esperimentatzailea da subjektua, baina bada joera gaur egun tradizio horretatik aldendu eta bestela adierazteko kontua, auzo erdaren ereduan: gosea/beldurra dut/daukat. Erabilera horren zilegitasuna gorabehera, garbi dago halakoak ez direla lokuzioen artean sartzekoak, gosea zein beldurra izen sintagma beregainak baitira hor.

191 Ekintza baten hasiera (loratu, eguna argitu) edo egoera aldaketa adierazten duten aditzei esaten zaie inkoatibo. Askotan aditz batek berak har ditzake bi adierak: gertaera baten hasiera, nahiz gertaera osatu ondorengo egoera aldaketa: argaldu, aberastu, zahartu, gaztetu, haserretu

192 Hautatzen duten mendeko osagarriaren edukia ziurtzat, egiazkotzat ematen duten aditzei esaten zaie faktibo; ziurtasun horri ez diote eragiten ez ukazioak, ez galderak, ez baldintzak eta horien pareko beste operadoreek ere. Adibidez, Jabetu zen bere laguna depresio latzak jota zegoela perpausean, egiazkotzat hartzen da “bere laguna depresio latzak jota zegoen”. Eta hori hala delako ziurtasunari ez dio eragiten ez ezezkoak (ez zen jabetu), ez galderak (jabetu al zen?), ez baldintzak (jabetu balitz), egia izaten jarraitzen baitu mendeko proposizioak adierazten duenak (laguna depresio latzak jota zegoen). Aditz ez-faktiboetan, ostera, operadore horiek etenda uzten dute mendeko perpausaren egiazkotasuna: Bere laguna depresio latzak jota zegoela uste zuen, baina Bere laguna depresio latzak jota zegoela uste al zuen?, Bere laguna depresio latzak jota zegoela uste izan balu. Azken bi adibideetan ezin da jakin laguna benetan depresioak jota dagoen ala ez.

193 Mailegatutako aditzen erregimenaz, ikus Alberdi 2003.

194 Aditz trantsitiboekin predikazioko argumentua subjektua nahiz objektua izan daitekeelako dio Ortiz de Urbinak egitura hauek, onenean ere, adjektibozko pasibotzat hartzekoak direla, eta ez egiazko pasibotzat.

195 Horren baliokideena saldu zuten (zegokienek) litzateke, eta ez saldu zen.

196 Bada halako alerik tradizio zaharrean: Jainkoaz maitatuak (Haraneder, Duvoisin). Edo ikus Baztango 1750eko eliza-aginduko pasarte hau: “Gure obispado huntaco presuna fiel gucieri aditcera ematen dabegu, daudelarican handizqui eta seriosqui erreprenditu eta meachatuac danza publicoac Aita Sainduaz eta Escritura Sainduaz, bai eta ere daudelarican debecatuac, hala erreinu huntan, nola bercetan escomicu eta censura bortitcen penan, canon sagradoez, concilioez eta hanitz arzobispo eta obispo saindu eta iaquinsunez. Halaber, debecatuac daudelarican haniz principe, erregue eta monarca handi eta piadosoez, hoquen conseju eta tribunale errealez pena handien azpian, eta leheneco mendetaco danzac, cein eguiten baicituzten guizonquiec guizonquiequin eta emaztequiec emaztequiequin, daudelarican continuoqui meachatuac eta erreprobatuac misionista apostolico zeloso zuhur eta piadosoenez” (Reguero: “Baztango 1750eko eliza-agindua: edizioa eta azterketa”). Etxenikek ere maiz erabiltzen ditu (Salaburu 1980). Bestalde, gaur nahi baino maizago entzun eta irakurtzen ditugun -gatik postposizio sintagmak erdal egituren kalko txarra baino ez dira (*dokumentua idazkariarengatik sinatua izan da).

197 Horregatik dute hurrenkera mugatua predikazioko argumentua subjektua denean ere: Ni gutun asko idatzia naiz. Hor ere objektua komunztadurarik gabeko argumentua da.

198 Gaur egungo euskara arruntean bederen, bada-eta bestelakorik tradizioan: Pixka batian ez naiz aztuko [= ez naiz ahaztua izango] sartuagatik lurpian (Txirrita); Hil adi, alaba aite [= alabatua izango haiz] (Oihenart); Obligatu giren [= obligatuak izan gaitezen] guziak Jeinkoari othoitz egitera (Etxepare).

199 Pragmatikoki, horren indar ilokutiboa bestelakoa izaten da askotan, erretizentzia ironikoz edo ordain-mehatxua adierazten duelarik: Ongi da…: etorriko zaizu zuri ere txanda (eginaren ordainarena).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper