13.8.4. Elkar elkarkaria


13.8.4. Elkar elkarkaria

13.8.4a Elkar izenordain elkarkari edo erreziprokoa dugu. Uhlenbeck-ek (1927) hark-har esapidean duela oinarri proposatu zuen. Eta izenordain dela esaten dugunean berak bakarrik izen sintagma osa dezakeela diogu, hots: inolako laguntzailerik gabe. Beraz, mugatzailerik ere ez du onartzen. Baina izen sintagma osatzen duen neurrian, kasu markak eta postposizioak har ditzake: elkar, elkarri, elkarren, elkarrekin…: Gizakiok elkar maite dugu; Etxean elkarrekin bizi gara; Elkarren etsaiak dira horiek eta abar. Perpaus horietan elkar izen sintagma dugu, ondoko perpausetan Andoni… ere izen sintagma den bezala: Gizakiok Andoni maite dugu; Andonirekin bizi gara; Andoniren etsaiak dira horiek eta abar. Orobat, honako perpaus pareetan ere paralelotasuna ongi ikusten ahal dugu: Gu elkarren ondoan gaude / Gu Andoniren ondoan gaude; Zuek elkarrekin joango zarete / Zuek Andonirekin joango zarete. Elkar-ek hartzen dituen kasu markak, edo postposizio markak, beti mugagabean doaz, esan bezala, eta bizidunen markekin: elkarri/*elkarrari/*elkarrei esan diogu; elkarrengandik/*elkarretatik bereizi ditugu eta abar: Hazi ona eta txarra elkarrengandik bereizi behar da; Liburu horiek bereizi behar dira elkarrengandik. Baina elkarretarik eta elkarretara ere erabiltzen dira.

Arrunta da egitura hau erlazio mota zerbait markatzen duten toki postposizioetan (elkarren ondoan, elkarren inguruan, elkarren gainka, elkarren artean), pertsonen arteko erlazioa adierazten duten zenbait adberbiorekin (elkarren kontra), zenbait izenekin (elkarren adiskideak, elkarren konpainian, elkarren anai-arrebak, elkarren kontsentimenduz, elkarren batasuna, elkarren lagunak, elkarren maitasuna, elkarren lehia, elkarren iduriko) eta abarretan.

13.8.4b Elkar izenordain anaforikoa dugu eta, horrenbestez, aurrekari edo antezedente bat bilatu behar zaio perpausean: Gizakiok elkar maite behar genuke. Honetan, bihurkariak bezala da. Hortaz, goiko perpausean elkar-en aurrekoa gizakiok da. Esan nahi baita, elkar-ek bere aurreko den izen sintagma horrek aipatzen duen gauza bera aipatzen duela, erreferentzia bera dutela biek.

Dena den, elkar-en aurrekariak beti plurala izan behar du, edo izen sintagma koordinatua bestela. Horrela, ez dute inolako zentzurik honako perpaus hauek: *Nik elkar maite dut; *Andoni elkarren ondoan eseri zen. Aurrekari horrek, X-en burua aztertu dugunean ere esan dugun gisan, elkar biltzen duen perpaus berean (perpausik hurbilenean, nahi bada) egon behar du: Koldok eta Mirenek elkar maite dute diogunean badakigu elkar horren erreferentzia Koldo de Mirenek sintagma dela. Ikus dezagun orain ondoko perpaus hau: Jon eta Arantxak Koldo eta Mirenek elkar maite dutela pentsatzen dute. Ez dago hor arrazoi semantikorik interpretatzeko elkar maite dutenak Jon eta Arantxa direla. Hori hola ez interpretatzeko arrazoia sintaktikoa da, sintaxiak jartzen ditu mugak: Jon eta Arantxa sintagma ez dago elkar biltzen duen perpausaren barnean, baizik urrunago: Jon eta Arantxak [Koldo eta Mirenek elkar maite dute]la pentsatzen dute. Perpaus txikien horretan aurkitu behar du, hortaz, erreferentzia. Gauza bera gertatzen da X-en buruarekin ere. Izan ere, elkar izenordain elkarkaria dela esaten dugunean batak bestea eta beste honek bat hura edo antzeko zerbait esan nahi izaten dugu. Horregatik, bat baino gehiago ez dagoen lekuan ezina da elkarkaria erabiltzea: Andonik eta Joxepak elkar maite dute (= Andonik Joxepa maite du eta Joxepak Andoni maite du).

13.8.4c Bestalde, elkar-ek eskatzen duen aurrekariak, perpaus egituran elkar bera baino gorago egon behar du. Hori dela eta, kasu edo postposizio atzizkiak har baditzake ere, ezingo du hartu ergatiboaren atzizkirik, zeren orduan aurrekorik gabe geldituko bailitzateke eta, beraz, inolako interpretazio biderik gabe. Alegia, aurrekoa bera, noski, ergatiboa izan daiteke, baino elkar inola ere ez. Beraz, elkar-ek ergatiboaren kasu marka izan ezik, beste guztiak onar ditzake. Horretan bereizten da X-en burua bihurkaritik, X-en buruarekin salbuespen batzuk ikusi baititugu, non bihurkaria ergatiboan ere agertzen den (neure buruak kezkatzen nau): *Elkarrek kezkatzen gaitu ezina da, baina bai: Guk elkar ikusi dugu; Andoni eta Edurne beti elkarren ondoan esertzen dira; Zuek elkarri hitz politak esaten dizkiozue; Elkarren konpainian egin zuten; Biak dira elkarren lagun; Gurasoek elkarrekin ikusi gaituzte.

Azken adibide horretan elkarrekin horren aurrekoa zein den erabakitzen datza arazoa, zeren kasu honetan aurreko hori ez baita gurasoak, gu baizik. Arrazoia lehen aipatu bera da, hots, aurrekariak perpaus txikienean egon behar duela: Gurasoek ikusi gaituzte [gu elkarrekin (egon)].

13.8.4d Elkar izenordaina bada eta, horrenbestez, izen sintagmak osatzen baditu, izen sintagmak perpaus barnean betetzen duen funtzioaren arabera hartzen duen kasu marka edo postposizio atzizkia hartu beharko du. Horregatik Guk Lehendakariarekin bazkalduko dugu esaten dugun bezala, Guk elkarrekin bazkalduko dugu esan beharko dugu. Beraz, gaizki esana dago zenbaiten artean zabaltzen ari den modu trakets hau: *Guk elkar bazkalduko dugu edo *elkarrik bazkalduko dugu, *elkar bizi gara eta abar. Perpaus hauetako lehenak, izatekotan ere, honako esanahia izango luke, gutxi gorabehera: ‘Guk elkar jango dugu’, hots, ‘nik zu jango zaituk eta zuk ni’.

Era berean, *elkar jango gara perpausa ez da zuzena. Izan ere, elkar, kasu markarik ez duenez, edo nahiago bada, absolutuaren kasu marka daramanez (Ø), joan aditzaren subjektu izango litzateke, aditz hau intrantsitiboa denez gero. Baina joango gara esaten dugunean, nahitaez subjektuak gu izan behar du. Hortaz, elkar ezin izan daiteke subjektu. Horregatik, goiko perpaus hori okerra da. Horren ordez, elkarrekin joango gara esan beharko dugu, zurekin joango gara esaten dugun bezala, eta ez *zu joango gara. Dena den, ez dezagun pentsa erabilera hau kontu berria denik. Hegoaldean, Larramendiren garaitik aurkitzen ahal dira holako adibideak euskaraz idatzitako testuetan: Elkar eraso zioten (Larramendi); Elkar juntatu diren atomoekin egina (Villasante); Bostekoa alkar emanda (Ugalde); Elkar konponduko bagina (Etxaide); Ez dira elkar ikusten (Mogel); Geron otoitzetan elkar oroitu gaitezela (J. I. Arana); Laztandu ginen elkar Kepa ta Sabin (K. Enbeita) eta abar.

Zalantzak ere sor daitezke batzuetan. Lizarragaren guztiak dira partizipante elkarren obra honetan perpausak mugakoa ematen du. Badirudi elkarren arteko, edo elkarren artean egin obra dela, elkarren obra baino gehiago. Hiztun batzuek ez dute argi ikusiko elkarren etxeetan bizi gara perpausa (zu nire etxean eta zu nirean), baina Duvoisinek ez du arazorik elkarren bihotzetara sar ezazue apalguratasuna idazteko, adibidez, edo elkarren edifikazionetako direnei. Orixek behin baino gehiagotan erabiltzen du elkarren besoetan, esate baterako. Mugak jartzea ez da erraza, segur aski debeku semantikoak bai baitira.

13.8.4e Dena dela, bihurkariez egin dugun bezala, elkar-en erabileraz beste oharño bat ere egin daiteke, gauzak dauden baino nahasiago egin ez ditzagun. Euskaldun zenbaitek nork-elkar-aditz trantsitiboa egitura jatorra erabili ordez, nahiago du, erdarak horretara bultzaturik ziur asko, beste honako egitura hau: nor-aditza intrantsitiboa. Adibidez, elkar ikusiko dugu gero esan beharrean, ikusiko gara edo elkar maite dugu esan beharrean maite gara bezalakoak hedatuak daude. Batzuetan ez daude batere argi mugak. Ikus, bestela, Azkueren adibide hau, non bi joerak ageri baitira: Lurrean elkar gehiago ikusten ez badugu ere, dudagabe zeruan ikusiko gara.

Beste batzuetan bistan da perpausak ez direla gramatikalak (nahiz gogoan izan goian aipatu adibideak): *Elkar ikusiko gara. Aditzak berez intrantsitiboak direnekin esana dugun bezala, ez dago lekurik elkar objektu gisa erabiltzeko. Baina aditza trantsitiboa bada, erreprozitatea adierazi nahi bada, bistan da elkar-ez baliatu behar dugula: Guk elkar jo genuen; Zuek elkar gorrotatzen duzue. Aditz batek bi erabilera baditu, bata trantsitiboa eta bestea intrantsitiboa (hil, jantzi, erre eta antzekoak, non bata arazlea den) orduan elkar-dun esapidea eta aditz intrantsitiboaz baliatzen dena ez dira, inolaz ere, zentzukide. Adibidez: Guk elkar jantziko dugu ≠ Gu jantzi egingo gara; Gizon horiek elkar hil behar dute ≠ Gizon horiek hilgo dira; Horiek elkar erretzen dute ≠ Horiek erretzen dira.

13.8.4f Esan dezagun, azkenekorik, elkar hitza egokia dela izen, aditz edo adberbio elkartuak sortzeko: elkarbanatu, elkarbide, elkargainka, elkarbildu, elkarganatu, elkargo, elkargune, elkarkidetza, elkarkidetasun, elkarkuntza, elkarlan, elkarleku, elkarlotu, elkarlotura, elkarneurgarritasun, elkarretaratu, elkarrizketa, elkarrizketatu, elkartasun, elkarteburu eta abar ageri dira egungo testuetan. Hizkuntzak holako hitzen beharra du, baina batzuetan ez dirudi modu egokian eratuak direnik.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper