23. Aditza (I): aurkezpena


Kokapena:

23. Aditza (I): aurkezpena

23.1. Sarrera

23.1a Honela definitu ditugu aditzak Gramatika honetako bigarren kapituluan (§ 2.3.1): gertaerak, ekintzak, egoerak, prozesuak, deskribatzen dituzten hitzak. Aditz kategoriakoak dira, beraz, joan, mintzatu, egon, erosi, ekarri, etorri, gustatu, bizi izan, jakin, eskiatu, gosaldu edo esan hitzak. Aditzak munduko izakiek parte hartzen duten egoerak (bizi izan, egon, jakin…) edo ekintzak (erosi, edan, eskatu, joan…) denotatzeko erabiltzen ditugun hitzak dira.

Aditza predikatu bat da eta entitateen egoerak edo ekintzak predikatzeko erabiltzen dugu. Predikazioaren gunean dagoen elementua da, beraz, aditza: Neskek mutilek baino askoz diru gutxiago irabazten dute futbolean perpausean, neskek sintagmari buruz predikatzen dugunaren [mutilek baino askoz diru gutxiago irabazten dute] gune, ardatz da irabazi. Beraz, perpaus guztietan izango dugu aditz kategoriako hitza, agerian nahiz isilean.

Aditz jakin batek adierazten duen gertaera, ekintza edo egoerak parte hartzaile batzuk izango ditu, aditz horrek eratzen duen perpausean nahitaez agertu beharko dutenak. Etorri aditzak, esaterako, nahitaezkoa du nor datorren edo etorri den zehaztea, eta askotan nondik datorren eta/edo nora datorren ere bai. Beste osagai batzuk, ostera, hautazkoak izango ditu, hala nola noiz datorren edo nola datorren adierazten dutenak. Argumentu esaten zaio aditz batek nahitaez eskatzen dituen osagaietako bakoitzari, eta aditz baten argumentu egitura nahitaezko osagaien multzoari. Argumentuak osagarriak izan daitezke (gela garbitu du) edo adjuntuak (Iruñetik etorri da).

Bigarren kapituluan aipatu ditugun hiru ezaugarri horien eta hiru ezaugarri horietatik datozen beste batzuen berri emango dugu aditzari eskainiko dizkiogun bost kapituluetan. Ondorengo puntuetan aletuko ditugu xehekiago kapitulu horietako edukiak.

23.1b Batetik, aditz kategoriako hitz horiek hainbat irizpideren arabera sailka ditzakegu. Aditzaren morfologia egiturari erreparaturik, aditz bakunak (etorri, erosi, joan, eman, ikusi), elkartuak (hostoberritu, lekualdatu, onetsi), eratorriak (luzatu, gizondu, kaleratu, ureztatu), eta aditz predikatu konplexuak (maite izan, gorroto izan, gai izan, lan egin, min hartu…) bereiziko ditugu. Aditzen sailkapen semantikoa ere egin daiteke, aditzek zer gertakari mota adierazten duten kontuan hartuta; irizpide honen arabera bereiziko ditugu gertaera adierakoak, aldaketa edo iraupena adierazten dutenak, ‘iritzi’ aditzak, egoera baten, ekintza baten edo prozesu baten berri ematen dutenak, mugimendua adierazten dutenak eta abar. Aditzaren esanahiak, jakina, lotura estua du aditz horren argumentu egiturarekin. Hau da, azken batean esanahiak erabakiko du adierazten duen gertaera, prozesu zein ekintzak zenbat parte hartzaile eskatzen dituen. Saldu aditzak, esaterako, gutxienik bi parte hartzaile behar ditu: saltzailea eta salgaia, baina ohikoa izaten da hirugarren bat ere gehitzea, ekintza horren hartzailea, alegia. Hau da, norbaitek zerbait saltzen dio norbaiti. Irakurri aditzak, oro har, bi parte hartzaile eskatzen ditu: nork irakurtzen duen eta zer irakurtzen duen. Aipatu ditugun bi aditz horietako parte hartzaileak sintagma ergatiboaren, sintagma datiboaren, eta sintagma absolutiboaren bidez adierazten ditugu (ikus 18. kapitulua: “Egiturazko kasuak”). Gustatu aditzak ere bi parte hartzaile eskatzen ditu; baina ez ditugu sintagma ergatiboaren eta sintagma absolutiboaren bidez adierazten, baizik sintagma datiboaren eta sintagma absolutiboaren bidez (nori, zer): Ume gehienei gustatzen zaie txokolatea. Aditzen “argumentu” deitzen diegu aditzek duten sare semantikoan ageri diren osagaiei (ikus § 1.5c). Argumentu sare horren eta argumentu horiek adierazteko baliatzen ditugun funtzio sintaktikoen arabera bereizten ditugu, esaterako, aditz trantsitiboak (iragankorrak), intrantsitiboak (iragangaitzak), eta azken hauen artean, intrantsitibo absolutibodunak (Jon berandu etorri da), intrantsitibo datibodunak (Joni txokolatea gustatzen zaio) eta intrantsitibo ergatibodunak (Jonek oso ondo eskiatzen du); edo trantsitiboen ondoan, ditrantsitiboak (objektu zuzenaz gain, zehar-objektua ere badutenak, Jonek Mikeli autoa eskatu dio). Beste hizkuntza batzuetan “inakusatibo” eta “inergatibo” terminoak ere erabili dira, hurrenez hurren, intrantsitibo absolutibodunak eta intrantsitibo ergatibodunak izendatzeko, baina hobeto egokitzen zaizkio euskarari intrantsitibo absolutibodun eta intrantsitibo ergatibodun terminoak.

Irizpide horiek guztiak hartuko ditugu kontuan aditzari eskainitako kapitulu honetako bigarren puntuan aditz motak aztertzean (ikus § 23.2). Eta argumentu egituren puntua sakonduko dugu § 23.3 atalean.

23.1c Aditza predikazioaren gunean dagoela esan dugu, baina aditz kategoriako hitzak ezin ditugu bere horretan erabili perpausean. Izenak ISen buru izan arren mota bateko edo besteko determinatzailea eskatzen duten bezala, aditz kategoriako hitzek ere kategoria funtzionalen laguntza behar dute perpausa osatzeko. Ezin dugu esan, adibidez: Gure lagunak atzo goizean Aizkorrira igo; Senarrari tomatea erostea ahaztu edo Informatiboek gehienetan berri txarrak eman. Horiek ez dira perpausak. Horretarako, beharrezkoa da euskaraz hiru kategoria funtzional adieraztea: aspektua, aldia eta pertsona komunztadura. Batetik, egoera, ekintza edo gertaera hori dagoeneko burutua den ala ez adierazi beharko dugu; edo une honetakoa den, edo ohiturazkoa (hau da, behin baino gehiagotan gertatzen dena), edo gertakizun dagoen. Aspektu esaten zaio informazio horri eta euskaraz aditzari -tu (badira beste atzizki batzuk ere, hala nola -i aurrerago ikusiko dugun moduan), -t(z)en edo -ko/-en erantsirik adierazten dugu; hots, partizipio burutuen, burutugabeen eta partizipio prospektiboen bidez, hurrenez hurren (etorkizuneko partizipio terminoa darabil Euskaltzaindiak 85. arauan).

Euskaltzaindiaren 85. araua: “Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma”, Baionan, 1998ko maiatzaren 29an onartua.

Bigarrenik, gertaera edo ekintza hori iraganekoa den ala ez zehaztu beharko dugu. Beste morfema funtzional batzuez baliatuko gara aldia adierazteko: -en/ Ø (zegoen/dago, esan du / esan zuen).

Eta, azkenik, pertsona eta numero komunztadura adierazten duten morfema funtzionalak ere beharrezko zaizkigu perpausa osatzeko. Izan ere, egiturazko kasu deitu ditugunek —absolutiboak, ergatiboak eta datiboak— komunztadura egiten dute aditzarekin, hau da, pertsona eta numero ezaugarriak “kopiatzen” dituzte aditzean: nik liburua erosi dut / nik liburuak erosi ditut / zuk liburua erosi diozu aitari / zuk liburuak erosi dizkiozu aitari eta abar.

Hiru kategoria funtzional horiek —aspektuak, aldiak eta pertsona- eta numero- komunztadurak— INFLEXIOA osatzen dute. Berez perpaus osoari dagozkio (ikus § 2.14), baina aditzari erantsirik ematen ditugu: erosi dut, erosten nion, zetorkion, emango dizkit… ‘Adizki’ esaten diogu perpausetako aditz formari; hau da, kategoria funtzionalei dagozkien atzizkiekin ageri denari. Adizki jokatuei eskainitako kapituluan aztertuko ditugu kategoria funtzional horiek (ikus 26. kapitulua).

Pertsona markei dagokienez, bi motatakoak bereizi behar dira euskaraz: perpauseko egiturazko sintagmei dagozkien morfema funtzionalak eta solaskideari dagozkionak. Peru berandu dator edo Mikelek garesti ordaindu du etxe berria perpausetan sintagma ergatibo eta absolutiboen komunztadura markak ditugu; hurrenez hurren, Peru hirugarren pertsona singularreko sintagma absolutiboa, eta Mikelek hirugarren pertsona singularreko sintagma ergatiboa gehi etxe berria hirugarren pertsona singularreko sintagma absolutiboa. Baina euskarak badu aukera solaskidearen aztarna, gizonezkoarena edo emakumezkoarena, adizkian emateko. Goiko adibide horietan, emakume batekin ari bagara, esan dezakegu Peru berandu zetorren; edo zetorrek gizon batekin ari bagara. Berdin egin dezakegu bigarren adibidean ere: garesti ordaindu din / garesti ordaindu dik. Solaskidea adizkian “sartzeaz” gain, gizon edo emakume horri zuzentzen gatzaizkionean hi esaten diogula ere adierazten dugu (konfiantzazko trataera ematen diogula, alegia). Hitano esaten zaio euskaraz solaskidea aintzat hartzen duen tratamendu honi eta adizki alokutibo solaskide horren marka daraman adizkiari (ikus 27. kapitulua).

23.1d Adizkien artean, ordea, bi motatakoak bereiz daitezke: hitz bakarrean ematen ditugunak (dator, nekien, deritzo, dakarkit, zebilen) / bi hitzetan ematen ditugunak (etorriko da, esaten dizut, eman zizkidan, irakurriko zenuen…). Adizki sintetiko esaten zaie euskaraz lehenengoei (euskal gramatiketan “adizki trinko” terminoa ere ohikoa izan da) eta analitiko (edo “perifrastiko”) bigarrenei, bi hitzetan ematen ditugunei. Azken hauetan, aditzak eta aspektu markak osatzen dute lehen partea (askotan aditz nagusi ere deitu zaiona) eta laguntzaileak bigarrena. Izan ere, bigarren osagai horrek, aldi berean, badu aditz laguntzaile deitzen dioguna, eta horri eransten zaizkio aldia eta pertsona- eta numero- komunztadura adierazten duten atzizkiak. Lau aditz laguntzaile bereizten dira euskara idatzi estandarrean (baina euskalkietako aldaerak kontuan harturik euskarak sei laguntzaile ditu orotara, ikus § 26.3.3). Estandarreko lau horietatik bakarra da aditz kategoriako hitza edo lexema: izan. Gainerakoen erroa ikusten dugu eta erro horrek hartzen ditu atzizki funtzionalak: erosi nituen adizkian, adibidez, n- eta -it- dira lehen pertsonako sintagma ergatiboari eta hirugarren pertsonako objektu pluralari dagozkion markak, -en aldi iraganeko adizkiaren marka. Ikusi ninduen adizkian, lehen pertsonako sintagma absolutiboari dagokio n-, eta iragan aldiari -in- eta -en atzizkiak. Horiek guztiek -(d)u- erroa dute euskarri, eta horregatik proposatu izan da laguntzaile horren aditz lexematzat *edun forma, nahiz testuetan ez izan forma horren lekukotasunik. Aditzak erabakitzen du zein laguntzaile mota hartuko duen, izan ala *edun.

Beste bi aditz laguntzaileak *edin eta *ezan dira, hauek ere forma eraikiak, ez baitute lekukotasunik testuetan: joan dadin, esan dezan adizkietan ageri zaizkigu, hurrenez hurren, bata eta bestea. Aurreraxeago itzuliko gara izan, *edun, *edin eta *ezan laguntzaileen arteko bereizketara (edo, nahiago bada, benetako formak erabiltzearren da, du, dadin, dezan bereizketara). Adizki jokatuen kapituluan ikusiko ditugu aditz laguntzaile hauek ere (ikus § 26.3.3).

23.1e Orain arteko adibideetan adizki guztiek zeramatzaten aspektu, aldi eta komunztadura markak. Adizki jokatuak ziren guztiak. Baina badira horrelako markarik ez dutenak ere, adizki jokatugabeak alegia. Azken hauek partizipio burutu forman ageri dira edo -tze atzizkia oinarri duen formaren bat hartzen dute, oro har, perpausa osatzeko. Partizipio burutua dute zehar-galderetako, erlatibozko, moduzko zein denborazko mendeko perpaus jokatugabeek, baita kontzesiboek ere: Hobe duzu poliki ibili; Lanean hasi baino lehen; Zuk egin(dako) lana; Hori eginagatik… Beste mendeko askok -tzeren bidez eratzen dituzte perpaus jokatugabeak: Atzo goiz osoan alde batetik bestera ibiltzea; Saiatuko naiz [lanak garaiz amaitzen]; Azkenean utzi dio [zigarroak erretzeari], baina [puruak erretzen] jarraitzen du; [Eguneroko gimnasia saioa egitetik] nator… Adibide horietan predikazio baten buru dira ibili, hasi, egin(agatik), ibiltzea, amaitzen, erretzeari, edo egitetik; baina predikazio horiek, perpaus horiek ez dira beregainak, beste baten beharra dute. Horregatik adibide horiek ezin ditugu bere horretan erabili, osatu egin behar ditugu. Hain zuzen ere adizki jokatuek duten gisako kategoria funtzionalik ez izatetik datorkie perpaus beregainak osatu ezina. Aditz izen esaten diogu euskaraz -tze atzizkia hartzen duen formari. Aspektu burutugabea adierazteko ere -tze baliatzen dugu, ondoren inesiboko -n duela. Laburbilduz, adizkien artean jokatuak eta jokatugabeak bereizi behar ditugu; eta jokatuen barruan, sintetikoak eta analitikoak.

Bestalde, -tze adizkiek badituzte izenei egozten zaizkien ezaugarriak ere, baina beste leku batean aztertuko ditugu -tze adizkien eta izenen arteko antzak eta desberdintasunak, dagoeneko kapitulu batean edo bestean aipatuak ditugunak eta aurrerago ere ikusiko ditugunak (§ 4.5.9, § 11.5, § 30.6.3).

23.1f Adizkiek, dela sintetikoek dela analitikoek, inflexio markez gain bestelako morfema funtzionalak ere har ditzakete, perpausen arteko menderakuntza erlazioak ere adizkiei erantsiriko atzizkien (edo ba- aurrizkiaren) bidez ematen baititugu. Honako adibide hauetan -(e)la, -(e)n, ba- eta bait- morfema funtzionalak mendeko perpausen ezaugarri dira: Ane ikusten baduzu, esaiozu bihar deituko diodala; Ez zaio behingoan ahaztuko gaur ikusi duen filma; Ezingo zara Parisera joan, ez baituzu bete agindutakoa. -(e)la morfemari -ko edo -rik erantsirik sortu dira -(e)lako eta -(e)larik. -(e)n morfemak postposizio atzizkiak (-(e)nean, -(e)netik) eta morfema beregainak (-en arren) har ditzake. Menderagailu deitzen diegu horrelako morfema funtzionalei.

Menderagailu gehienak atzizkiak dira eta adizki jokatuei bakarrik erants dakizkieke. Mendeko perpaus batzuetan, ordea, morfema beregainak ere ikus ditzakegu: Nahiz berandu iritsi zaren, afaria gorde dizugu; Berandu iritsi zaren arren, afaria gorde dizugu; Esan dudan orduko damutu naiz… Adibide hauetan menderagailua morfema beregain batez eta atzizki batez dago osatua: nahiz … -en, -en arren, -en orduko. Mota honetako menderagailu konplexuek aukera ematen dute morfema beregaina bakarrik erabiltzeko adizki jokatugabeekin: nahiz berandu iritsi, berandu iritsi arren, esan orduko. Zeren perpaus jokatuekin bakarrik erabil daiteke, askotan bait- edo -en ondoan dituela. Zeren … bait- egituran aukeran dugu zeren erabili edo ez, kausa balioa bait- morfemak ematen duelako (§ 38.6): Zeren kanpaiak Mattinentzat ari baitziren bereziki (Irigoien). Baina maiz ageri zaigu bera bakarrik ere, eta orduan nahitaezkoa da zeren (diskurtso markatzailetzat hartzen duguna, § 42.23.2), bestela kausa balioa galdu egiten delako: Arma hauekin ni ezin higi naiteke, zeren ez nago ohitua. Mendeko perpausak aztertzean ikusiko dugu xeheki nolako menderagailuak baliatzen ditugun perpaus mota bakoitzean.

23.1g Adizki jokatuetan, aditz laguntzaileen erroa aipatu dugu (§ 23.1d) eta eratorpenari eta hitz elkarketari eskainitako kapituluetan aditzoin terminoa ere erabili dugu (aditzoina da-eta hainbat atzizkiren oinarri eta hitz elkarketa mota batzuetako osagai). Bi termino horiez zer adierazten den hobeto ikusteko, aldera ditzagun hiru forma hauek: etorri, etor, -tor-. Lehen biak forma beregainak dira; azkena ez, eta horregatik eman dugu marratxo artean. Hala ere, lotura estua du aurreko biekin. Nola defini dezakegu forma horietako bakoitza? Etorri aditz kategoriako hitza dela esan dugu kapitulu honen hasieran; horixe da “hitz egiten duena dagoen tokira joan” ekintza izendatzeko erabiltzen duguna, hiztegietako sarrera dena. Baina morfologiaren ikuspegitik, bi morfema, bi osagai ditugu hor: etor kategoria lexikoa eta -i aspektu marka (kategoria funtzionala). Argi ikusiko dugu hori etorri da / etortzen da / etorriko da adizkiak alderatzen baditugu: hiru horietatik lehena erabiliko dugu ekintza hori burutua denean, etortzen (besteak beste) behin eta berriz gertatzen den ekintzaz dihardugunean eta etorriko gertakizun den zerbaitez ari garenean. Beraz, aditz kategoriako hitzak partizipio burutuari dagokion aspektu marka eta guzti aipatzen ditugu (izenak ere artikulu eta guzti aipatzen ditugun bezalaxe).

Baina aspektu markarik gabe ere ager daiteke aditza: etor, ekar, ikus, ikas, ida(t)z, azter… ‘Aditzoin’ esaten diogu euskaraz aspektu markarik gabeko formari. Bi egitura motatan baliatzen dugu euskaraz aditzoina: batetik, hitz berriak sortzerakoan —ikusgarri, ekarpen, azterketa, etorbide, idazluma…—; bestetik, aditzoina ikusiko dugu adizki jokatu askotan ere: etor gaitezen, ikus dezagun, azter dezaket, ikas ezazu

Euskaltzaindiaren 28. araua: “Aditzoinen forma”, Bilbon, 1995eko otsailaren 24an onartua.

Aditz erroa oraindik ere elementu txikiagoa da: ez da morfema beregaina, baina aditzaren esanahia adierazten du. Adizki sintetikoetan ageri da dagokion aditzaren erroa: nator, henbilen, zegoen, dakarkit. Adizki horietan, e-tor-i, i-bil-i, e-go-n eta e-kar-i aditzen erroak dira, hurrenez hurren, -tor, -bil-, -go-, edo -kar-. Erro horiei lotzen zaizkie denbora eta pertsona eta numero komunztadura atzizkiak. Baita solaskidea adizkian txertatzeko atzizkiak ere: zetorrek, zekarrenan… Eta adizki analitikoetako aditz laguntzaileetan ere *e-du-n, *e-di-n eta *e-za-n aditz laguntzaileen erroak dira esan dezan, etor dadin edo ekarri ninduen adizkietan ageri direnak.

Aditz gehienek ez dute forma sintetikorik, adizki analitikoak bakarrik era ditzakete. Beraz, aditz guztiek izango dute aditzoina, baina gutxi batzuek bakarrik erroa. Adizki jokatugabeari eskainitako kapituluan aztertzen dira aditzoinak (§ 26.3.2.4) eta aditz erroak (§ 26.1.1).

23.1h Aditz laguntzaileez baliatzen gara ‘modua’ adierazteko. Besterik gabe zerbaiten berri eman nahi dugunean, indikatibo esaten zaion modua erabiltzen dugu. Izan eta *edun aditz laguntzaileek osatzen dituzte indikatiboko adizki analitikoak (perifrastikoak): etorri naiz, esan ziguten. Eskariak, erreguak, aginduak… adierazteko subjuntiboa eta agintera baliatzen ditugu eta dagozkien adizki jokatuak *edin eta *ezan laguntzaileekin eratzen ditugu: ekar dezagun, joan gaitezen, esan iezaguzu. Indikatiboko, subjuntiboko eta aginterazko formen ondoan, baditugu ahalerazkoak eta alegiazkoak ere. Ahalerazkoek *edin eta *ezan laguntzaile hartzeaz gain, -ke- morfema funtzionala dute ezaugarri: etor naiteke, ikus dezakezu. Alegiazko adizkiek ba- aurrizkia edo -ke atzizkia daramate: sartzen balitz, egin balu, sartuko litzateke, egingo luke. Baina aipatu ditugun bi balio horiek baino erabilera zabalagoa du -ke atzizkiak; ahalerazko eta alegiazko formetan agertzeaz gain, aldi oraineko eta iraganeko laguntzaile guztiek har dezakete eta denbora-aspektu-modu perifrasi guztiekin konbina daiteke: sartzen dateke, ikusten duke, ikusi zukeen, sartuko dateke, ikusiko zukeen…… (ikus § 26.3.5.3).

23.1i Adizki jokatuen ondoan ager daitezke beste osagai batzuk ere, hala nola ahal, bide, omen/ei, ote, edo al, -a: etorri omen da; etorri ote da?; etorri al da?; jin dea? Adizki jokatuaren inguruan ematen ditugu, halaber, bai/ba- eta ez, esaten dena baieztatzeko edo ezeztatzeko balio dutenak. Ba- eta ez ere adizki jokatuaren, zehazkiago esanda, laguntzailearen aurre-aurrean ematen dira, partikula modalak edo al galdera marka tartekatzen direnean izan ezik: badoa / ba omen doa; ez doa / ez omen doa; ba ote doa; ba al doa? Bi multzo handitan banatu behar ditugu osagai horiek (EGLU-II 1987b: 486): egia balioarekin zerikusia dutenak (bai eta ez), eta ziurtasun neurriari buruzko ñabardurak edo informazio iturriari buruzkoak ematen dituztenak (ahal, bide, omen/ei, ote). Hirugarren bat gehitu beharko genioke sailkapen horri: galdera egitura nabarmentzera datozen al partikula eta ipar-ekialdeko hizkeretako -a atzizkiak osatzen dutena (§ 10.3.2.5, § 10.4, § 22.9.3). § 23.5. atalean aztertuko ditugu osagai horiek guztiak.

Bada beste morfema bat ere, ohi, kokagunea laguntzailearen aurrean duena: etorri ohi da, egiten ohi zituen… Aspektuari loturiko balioa ematen du eta, horrenbestez, adizki jokatuei eskainitako kapituluan aztertuko dugu, aspektuaz ari den atalean (ikus § 26.1.4.2).

23.1j Modalitatea adierazten dute beste adizki hauek ere: gauza handiak egin ahal ditu, gauza handiak egin asmo zituen, gauza handiak egin behar ditut, gauza handiak egin nahi/gura ditut, gauza handiak egin gogo ditut, ezin ditut liburu horiek guztiak irakurri. Bi aditz ditugu adibide horietako bakoitzean: egin eta irakurri batetik, eta horiei eransten diegun ahal, asmo, behar, ezin, gogo, gura/nahi, uste + izan bestetik. Egin eta irakurri aditzek esaten digute zer gertaeraz ari garen; horiek ematen dute oinarrizko esanahia. Gertaera horretarako ahala, gogoa, asmoa, nahia, beharra edo ezina adierazten duen izenak eta izanek osatzen duen predikatua gehitzean modalitate deontikoa adierazten da gehienetan (ikus § 10.4). § 23.4 atala eskaintzen zaie aditz modalei.

23.1k Aditz perifrasiak. Predikazio berean aditz nagusi batek eta hura osatzera datorren, hari eragiten dion beste aditz batek eratzen duten egiturari esaten zaio aditz perifrasi. Mota horretako egiturak dira -tzen hasi (kantatzen hasi), -tzeari utzi (erretzeari utzi), -tzera joanHasi, utzi edo joan aditzek moldatu egiten dute, eragin egiten diote aditz nagusiari (kantatu, erre…). Perifrasi horietako askok modua adierazten dute, edo aspektua; mendeko perpausen harira ikusiko ditugu horietako bat baino gehiago (§ 30.6.3). Berez adizki jokatu gehienek ere egitura analitikoa, perifrastikoa dute: adizki nagusi batez eta adizki laguntzaile batez osaturik daude. Neurri batean, modu bereko egiturak dira kantatzen hasi da, kantatzera doa eta kantatzen du. Baina adizki analitikoetako adizki laguntzailea guztiz gramatikalizatu da, bere esanahia galdu du eta inflexio markei oinarria baino ez die ematen. § 26.4 atalean aztertzen da zer motatako aditz perifrasiak ditugun euskaraz.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper