85 Araua - Euskaltzaindiaren Arauak

1 emaitza.

85.- Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma (Aditza)

Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia aditz perifrastikoetako lehen osagaiaren formaz:

  1. Aditz oinaren formaz, ikus 28. ARAUA.
  2. Partizipioa:
    1. Bokalez eta kontsonantez amaitzen direnak.
      Euskal aditz zaharrek partizipioa bokalez amaitua izan dezakete: IKUSI, MIRETSI, BETE, JASO, BOTA, ..., nahiz kontsonantez: JAKIN, EMAN, ESAN, EGON, HIL, ...
    2. -TU / -DU

      -TU / -DU atzizkiaz osatzen dira, ordea, partizipio gehienak. -DU forma aditz oina -L / -N-z amaitzen bada gertatzen da: AZTERTU, LABURTU, PUSKATU, LAGUNDU, BIKOIZTU, LUMATU, FABRIKATU, DEKORATU,... baina GIZONDU, LAZTANDU, AHULDU, ZABALDU, ISILDU, KIKILDU, etab.

      Zenbait aditzek, partizipiorako, forma zaharra eta forma berria, biok, onartzen dituzte: AHANTZI / AHAZTU; JARRAIKI / JARRAITU; SINETSI / SINESTU; IRATZARRI / IRATZARTU, ...

  3. Etorkizunekoa:
    1. -KO eta -GO

      Partizipioari -KO atzizkia gehituz eratzen da, orohar: LAGUNDUKO, IKASIKO, EKARRIKO, ZAPUZTUKO, BETEKO... Partizipioa -N-z amaitzen bada, atzizki horrek -GO forma hartuko du: JANGO, IZANGO, ESANGO, IRTENGO, etab. -L-z amaitzen bada, -KO nahiz -GO, biok dira zilegi.

    2. -EN

      Zilegi da, halaber, partizipioa -N / -L-z amaitzen duten aditzekin -EN atzizkiaz baliatzea etorkizuneko formak osatzeko: JINEN, UKANEN, HILEN, etab. Nolanahi ere, tradizio jakina eta mugatua duten aditzetan tradizio hori kontuan hartu beharko da: Iparraldeko adiztzat hartzen ahal direnekin -EN ongi dator, baina Hegoaldeko tradiziokotzat soil-soilik hartzen ditugunekin ez hainbeste. Beraz, IRTEN aditzaren kasuan, adibidez, hobe beti ere IRTENGO IRTENEN baino. Eta, alderantziz, JINEN eta UKANEN, JINGO eta UKANGO baino.

  4. Aditz izena:

    Aditz oinari -T(Z)EN erantsiz lortzen da aditz izena: JASOTZEN, ETORTZEN, JAIKITZEN, JATEN, ...

    1. -TZEN

      -TZEN erabiliko da orohar: LAGUNTZEN, JASOTZEN, HILTZEN, DEKLARATZEN, BOTATZEN, BETETZEN, ZAPALTZEN, ...

    2. -TEN

      -TEN erabiliko da partizipioa -N-z amaitzen duten aditzekin: ETETEN, IRTETEN, IZATEN, EGOTEN, JATEN, ESATEN, ERRATEN, ...

      Ekialdeko euskalkietan ohikoa den -i- tartekatua (egoiten, izaiten, erraiten, etab.) ez da, batasunerako gomendagarria.

      -TEN erabiliko da, halaber, aditz oina kontsonante txistukariz amaitua bada: IKASTEN, UZTEN, GUTXIESTEN, AHANZTEN, HASTEN, HAZTEN, HEZTEN, HESTEN, HAUSTEN, LAZTEN, etab. Aditz arazleek ere, horrenbestez, -ARAZTEN egingo dute aditz izena.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper