Iparraldeko hizkerak Euskararen Herri Hizkeren Atlasean: zenbait mapa

1. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa(1): beharrizanaren jatorria

Aspaldikoak dira, hartan ere, zenbait euskaltzalek euskarak ere, gainerako hizkuntza guztiek bezalaxe, bere hizkuntza-atlasa behar zuela adieraziz idatzitako lehendabiziko hitzak. Hain dira aspaldikoak, ezen artean ez baitzen Euskaltzaindia sortua eta hain dira aspaldikoak, non beharrizana aldarrikatu zenetik beharrizana ase denera arte, lehendabiziko urrats horiek ahazteko tartea ere izan den. Bada, horrenbestez, hasierako gogo eta asmo hari erreferentzia egiteko aproposko momentua eta tokia; izan ere, nahiz eta gerora euskararen hizkuntza-atlasaren garapena mugaz harandian eta honandian gertatu, asmoaren jatorria Iparraldekoa da Hegoaldekoa baino gehiago.

1912an, beraz, Euskaltzaindia sortu baino sei-zazpi urte lehenago, zehazki ekainaren 13an, Cercle d’Etudes Euskariennes erakundeak, besteak beste, P. Broussain, J. Urkixo, P. d’Arcangues, M. Landerretche, A. Leon eta H. Gavel tartean zirela, azpimarratu zuen bazegoela euskarazko hizkuntza-atlasa abiatzeko gogoa eta bazela sasoia gogo horri benetan ekitekoa. Ez zen inola ere itsumustukoa izan euskararen aldakortasunaren berri emateko sor zitekeen hizkuntza-baliabidearen beharrizanaren aldarrikapena Iparraldetik heldu izana, lehendabiziko hizkuntza-atlasak hurbilago baitzeuden Iparraldeko lurretatik Hegoaldeko lurretatik baino. Ezin esan daiteke, dena dela, ordurako hizkuntza-atlasgintza oso emankor zebilen dialektologia-metodoa zenik. Bai, esan daiteke, ordea, ordurako burututa zeudela lehendabiziko bi hizkuntza-atlasak: G. Wenkerren gidaritzatik sortutako Sprach-Atlas von Nord- und Mitteldeustchland eta J. Gilliéronen agindu eta irizpideetatik egindako Atlas Linguistique de la France. Zertan esan ez dago seguruena azken horren eragina izan zena Cercle d’Etudes Euskariennes-eko kideak euskarak ere hizkuntza-atlas bat izatearen beharrizana azpimarratzera eraman zituena. Bi arrazoi nabarmen izan daitezke hori hala izan zitekeela pentsatzeko: lehenengoa, denborari lotua; bigarrena tokiari. Denbora aipatzen denean, garaia esatea egokiagoa izan daiteke, 1902-1910 bitartean argitaratu baitzen Atlas Linguistique de la France. Tokia nabarmentzen denean, aldiz, distantzia azpimarratzea argigarriagoa izan daiteke, Iparraldekoak ziren euskaltzaleentzat Hegoaldeko euskaltzaleentzat baino ezagunagoa izan zitekeenez gero, Frantziaren hizkuntza-aldakortasunari buruz idatzitako lana.

Hizkuntza-atlasgintza hizkuntzen aldakortasuna kartografiaren bidez erakusteko sortutako dialektologia metodoa da eta, 1912an hitz bihurtutako asmo hartan Atlas Linguistique du Pays Basque azpimarratu bazen ere, argi eta garbi zedarritu zen ez zela Euskal Herri osoaren edo euskararen eremu osoaren hizkuntza-aldakortasuna aztertuko, ezpada lapurterari bakarrik zegokiona. Nonbaitetik hasi behar eta lapurtera lehenestea erabaki zen, baina ez zirudien lapurteraren aldakortasuna zenik euskaltzale haien azken helburua, baizik eta lehenengoa, lapurteraren ondoren etorriko baitziren gainerakoak.

Berdin antzekoa irakur daiteke J. Urkixok H. Schuchardti bidalitako gutun batean, 1912ko uztailaren 3koan, aipatutako euskaltzaleek euren asmoa ezagutarazi zutenetik hilabete ere igaro ez zenean. Kasu horretan, baina, ez da lapurterara mugatzen euskararen hizkuntza-atlasaren egitasmoa, Ipar Euskal Herria aipatzen baita (“País Vasco-Francés”). Gutun horretan ageri da, era berean, Atlas Linguistique de la France delakoari egindako euskarazko lehen erreferentzia, G. Lacombek euskarazko hizkuntza-atlasa egiterakoan Atlas Linguistique de la France delakoan oinarritzea eskatzen omen zuen, nahiz eta ez zen zertan goitik beherakoa izan hari egin beharreko metodologia-jarraipena.

Beraz, egokia izan daiteke euskararen hizkuntza-atlasaren asmoa nondik datorren ahaztu gabe EHHAra abiatzea; alegia, hastapenetan bakarrik lapurteraren aldakortasuna islatu nahi zuen hizkuntza-atlas batetik euskara osoaren aldakortasuna ezagutarazi gura duenera iristea.

2. Euskararen hizkuntza-atlasetik EHHAra

Hasierako gogo horren lekukotasun idatzia izan zenetik EHHAren lehenengo liburukia argitaratu arte ia ehun urteko bitartea dago, zehazki laurogeita hemezortzikoa. Urte horietan guztietan egitasmoa ez zen gorabeherarik gabea izan. Gorabehera horiek izan ziren, hain zuzen ere, asmotik argitalpenera ia ehun urteko tartea izatea eragin zutenak. Erabaki beharrekoa izan zen galde-sortaren parte izango ziren kontzeptuen kopurua eta zerrenda; ondo zehaztu beharrekoa izan zen zein izango zen galderak bideratzeko baliatuko zen prozedura; adostu behar izan zen, halaber, zer ezaugarri izan behar zituzten inkestagileek; zer-nolakoa izan behar zen berriemaileen profila eta, besteak beste, zeintzuk izango ziren euskararen hizkuntza-aldakortasunaren berri emateko hautatu beharreko inkesta-puntuak.

Gaur egun zalantzarik sortzen ez duten gai horiek oso katramilatsuak izan ziren metodologiaren gainekoak zehaztu ziren urteetan. Katramilatsu diren gaiak eztabaidatzeak eta irtenbidea bilatzeak egitasmoak denboran luzatzea ekarri ohi du eta denboran luzatzeak ekonomia-gaietan ere eragina izan ohi du. Hori horrela izanik, luzatzearen luzatzeak eragindako etsipenaz proposatu zuen Mitxelenak 1964an hizkuntza-atlasa bitan banatzea: Hegoalderako bata; Iparralderako bestea; Espainiako administraziotik bideratua lehenengoa; Frantziakoaren eskutik bigarrena. Biko bereizketa horren jatorrian zegoena ekonomia-arrazoia izan zen eta ez besterik. Ez zuen ordura artekoan, ezta geroago ere, inork proposatu Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko bereizketa egitea, euskararen aldakortasunean oinarrituta. Aitzitik, bakarrik Hegoaldekoa edo bakarrik Iparraldekoa egitea alde bateko lana egitea izango litzateke. Mitxelenak egin zuen proposamenean ageri den biko banaketa ere ekonomia-arloarekin erlazionatu beharrekoa da bakarrik. Berak argi eta garbi utzi zuen hori, Hegoaldekoan eta Iparraldekoan ekonomia-baliabideen jatorria desberdina izanagatik ere, bietan metodologia berbera erabili behar zela azpimarratu zuenean.

Aurreko mendearen laurogeiko hamarkadaren erdialdera finkatu ziren garai batean lauso eta eztabaidagarri izan ziren gaietako zenbait: galde-sortan hizkuntzaren alderdi guztiak azaltzea pentsatu zen (lexikoa, morfologia, fonetika eta sintaxia) eta 2.857 izan ziren galde-sortara bideratu ziren kontzeptuak; inkestagileak hizkuntza- eta hizkuntzalaritza-ezagutza zutenak izatea adostu zen; berriemaileek Trudgill eta Chambersek (1980) aurkeztutako NORM (Non-mobile, Old(er), Urban, Men) ezaugarrietatik denak —salbu gizonezkoak bakarrik izatea— bete behar zituzten eta 319 gizon-emakume izan ziren ezaugarri horien arabera hautatuak. Azkenik, 145 inkesta-punturi lotutako hizkuntza-aldakortasuna zen nagusiki —ez hori bakarrik— maparen bidez erakutsiko zena.

Inkesta-puntutzat hartutako 145 horien geografia-banaketa egiten bada, Hegoaldearen eta Iparraldearen artean banaketa eginda, ehun dira Hegoaldeko inkesta-puntuak (36 Bizkaian, 36 Gipuzkoan, 1 Araban eta 27 Nafarroan) eta berrogeita bost, ordea, Iparraldekoak (15 Lapurdin, 18 Nafarroa Beherean eta 11+1 Zuberoan, horri Eskiula ere gehituta). Orotara, beraz, ehun dira Hegoaldeko inkesta-puntuak eta berrogeita bost Iparraldekoak.

Jakinik geografia-mugak ezin berdin daitezkeela hizkuntzen, dialektoen edo herri-hizkeren mugekin, lan honetan Iparraldeko herri-hizkerak aipatzen diren batzuetan, geografikoki Hegoaldekoak diren zenbaitek ere tokia izango du edo, bestela esanda, Hegoaldeko herri-hizkerak aipatzen diren batzuetan, geografikoki Hegoaldekoak diren inkesta-puntu batzuk hortik kanpo geratuko dira. Izango da, era berean, Hegoaldeko hizkerak aipatzen direnean, Iparraldekoak aipatzeko modua edo Hegoaldekoak aipatzen direnean, Iparraldekoak aipatzekoa, beti ez baitira elkarren artetik horren urruneko eta desberdin; ez, behintzat, guztiak.

EHHAren grabazioak egin zirenerako, gutxi gorabehera 1987-1992 bitartean, Hegoaldeko herri-hizkera batzuen osasuna edo, hobeto esanda, bizkortasuna ez zen izan nahi bezain sendoa. Aitzitik, nahiz eta orduan Iparraldeko herri-hizkerak indartsuago izan Hegoaldekoak baino, nola batean hala bestean bazegoen herri-hizkerak bilduak eta grabatuak izateko premia larria. Bi dira urgentzia horren oinarrian diren arrazoiak: lehenengoak herri-hizkeren bizitasunarekin du harremana, gero eta txikiagoa zen neurrian, lekuan lekuko euskararen transmisioak etenik izan ez zuen eremua; bigarrena gizarte tradizionalaren kontzeptuen ezagutzaren lotu beharra dago, gero eta murritzagoa zen-eta gizarte tradizionalaren parte ziren kontzeptuak izendatzeko ezagutza. Horrenbestez, EHHAren inkestagileek berebiziko ahalegina egin zuten hizkuntza-atlasaren maparen gainean isla zitekeenetik gorako informazioa jasotzeko, hizkuntzaz gaindiko bestelako informazioari ere erreferentzia egiteko. Ahalegin hori hizkuntza-atlasaren inkesta-puntu guztietan egin zen, baina bereziki nabarmendu beharrekoa da Iparraldeko inkesta-puntuetan egin zena; izan ere, horri eskerrak handia da erantzunez gaindiko informazioan, berriemaileak argitu gura duen kontzeptuaren inguruan, erantsitako jakintza.

3. EHHAren zenbait mapa: Iparraldeko hizkeren argazkia

Gaitz gertatzen da esatea edo modu bat baino gehiago egon daiteke, behintzat, Iparraldeko hizkerak aipatzen direnean, adierazitakoa aditzeko. Iparraldeko hizkerak Iparraldean hitz egiten direna argi dago, baina ez da zilegi esatea Iparraldeko hizkerak Iparraldean bakarrik hitz egiten direnik, Iparraldeko inkesta-puntu guztietan jasotakoa berdina izan behar denik edo Iparraldeko hizkeren arrastoak Iparraldetik kanpora ere heltzen ez direnik. EHHAn askotxo dira hori erakusten duten adibideak.

Hainbat dira ehun eta berrogeita bost herriei dagokien mapa hiru eremu handitan banatuta dutenak. Hiruko banaketa horretatik harago eta, Iparraldearen inguruko berezitasunei begira, badira nabarmendu beharreko zenbait ezaugarri, maparik mapa azaldu eta errepikatu ohi direnak.

3.1. Iparraldeko hizkerak Nafarroan barrena

EHHAren mapa hiru eremutan banatuta izaten da kasu askotan, Iparraldeko hizkerak Nafarroaren erdialderaino heltzen dira edo, bestela esanda, Nafarroaren erdialdetik Nafarroa sartalderaino doan eremuak Iparraldeko inkesta-puntuekin bat egin ohi du. ‘Tijeras / ciseaux’ da hori erakusten duen kontzeptuetako bat.

Mapa horretan ere hiru dira nabarmentzen diren eremuak. Mendebaldekoa, urdina, Bizkaiko sartaldean hasten da, Getxon eta Leioan, eta Gipuzkoaraino, Oñatiraino, hedatzen da. “Artazi” formaren aldaerak dira eremu horretako superlemak. Erdialdekoa, berdea, sartaldetik Bergaran eta Elgoibarren hasten da, eta Goizuetaraino heltzen da Nafarroaren iparraldean eta Abaurregainaraino sortaldean. “Guraize” formaren aldaerak dira superlema berdeak. Hirugarren eremuan, gorrian, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako inkesta-puntu guztiez gain, Nafarroa iparraldeko zenbait ere sartu beharra dago, Nafarroa sartaldeko beste batzuekin batera: Etxalar, Donamaria, Sunbilla, Aniz, Lekaroz, Erratzu, Zugarramurdi, Luzaide eta Abaurregaina. “Aiztur” formaren aldaerak dira superlema gorri eta gorrixkak.

Kasu horretan ikus daitekeen bezala, Nafarroaren ipar-sortaldea da nagusiki Iparraldearen eremuarekin bat egiten duena. Era berean, Nafarroaren zati horri erantsi beharrekoa izaten da askotan Jaurrieta, batzuetan Zuberoako inkesta-puntuekin lotuta izaten dena; Nafarroakoekin besteetan. Iparraldeko inkesta-puntuei dagokienez, oso antzeko mapa duen beste kontzeptu bat badago. ‘seta / champignon’ kontzeptuan hiru-lau eremu handi bereiz daitezke: mendebaldetik ekialdera, “seta” superlemari dagokiona; bigarrena “perretxiko”, “perretxiku” superlemei lotua; “ziza” eta “xixa” superlemekin erlazionatutakoa hirugarrena, eta “ontto”, “onddo” eta “konddo” superlemei dagokiena, azkena.

Azken superlema horiek Iparraldeko inkesta-puntu guztietan bildutako erantzunei eskerrak sortutakoak dira, baina badira Nafarroako inkesta-puntuen artean beste behin Iparraldeko superlemen arrastoak ere. Etxalarren, Sunbillan, Donamarian, Zugarramurdin, Lekarozen eta Erratzun bildutako lehendabiziko erantzunak batez ere Iparraldeko inkesta-puntuetan jasotako erantzunei eskerrak sortutako “onddo” superlemaren barnean dira; baita Alkotzen emandako bigarren erantzuna (“ónddo”), Goizuetan bigarren erantzun emandako “óntto”, Etxalekun bildutako bigarrena (“ónttuák”), Abaurregainan bigarren erantzuntzat esandako (“óngos”) eta Luzaideko bigarren erantzuna den (“onddó”) ere.

Hurrengo kontzeptuan, ‘sábana / drap’ delakoan ere hiru dira mapan ageri diren eremu nagusiak.


Mendebaldean dagoen eremua EHHAren Bizkaiko sartaldeko mugetatik Gipuzkoaren ia erdialderaino heltzen da, ohi bezala. Kasu honetan eremu urdinaren sortaldeko mugetan dauden inkesta-puntuak Beasain, Ataun, Azpeitia eta Urdiain dira. “Izara” formaren aldaerak dira kolore urdina duten superlemak. Erdialdean dagoen eremua, horia, Gipuzkoaren erdialdean hasten da eta sartaldeko mugetan Ikaztegieta, Beizama eta Aia dauden bitartean, sortaldekoetan Hondarribia, Erratzu, Lekaroz, Eugi, Zilbeti, Mezkiritz, Jaurrieta eta Abaurregaina daude. “Maindire” formaren aldaerak dira kolore horia duten superlemak. Hirugarren eremuan, morean, Iparraldeko inkesta-puntu guztiak daude eta, geografikoki Iparraldekoak ez diren arren, badira geografikoki Hegoaldekoak diren bi, Luzaide eta Zugarramurdi, hain zuzen ere, etengabe, Iparraldeko inkesta-puntuekin bat egiten dutenak eta Iparraldekoekin lematizatuak izaten direnak.

Kontzeptu honetan, lau dira eremu urdinaren oinarrian dauden superlemak; eremu horia ere lau superlemaren gainean eraikitakoa da; eta, azkenik, eremu moreak ere aurrekoen superlema-kopuru berbera du. Eremu morearen parte diren lau superlemen bereizketa, beste eremu bietakoekin gertatzen den legez, fonetika-aldakortasunari baino ez dagokio. Aurkeztutako mapetan Iparraldeko eremu osoa homogeneotasun handikoa da eta homogeneotasuna apurtzen duena, esan den bezala, fonetika-aldakortasuna da.

‘Dedo / doigt’ kontzeptuan ere hiru eremu nagusi daude: “atzamar”, “behatz” eta “eri”. Iparraldeko inkesta-puntuetan ageri diren superlemak, adierazi den legez, erraz samar hedatzen dira Nafarroa iparraldera eta, beraz, sarritan irakurri ahal izaten dira inkesta-puntu horien inguruan.

Aurrekoan Luzaide aipatu da bereziki, baina badira EHHAren mapetan Luzaideren mugakide diren Eugin, Zilbetin, Mezkiritzen eta Abaurregainan Iparraldeko inkesta-puntuetan bildutakoaren arrastoak.

Horrenbestez, ikus daiteke Nafarroako inkesta-puntuetatik bi (Zugarramurdi eta Luzaide) atzera ere Iparraldeko inkesta-puntuetan jasotakoekin lematizatu direla, geografiak muga jartzen duen tokian ez dutelako herri-hizkerek zertan jarri. Bi horiek, baina, ez dira bakarrak, ikusi den legez, behin baino gehiagotan gertatzen da Nafarroaren ipar-sortaldeko inkesta-puntuetan jasotakoa eta Iparraldean bildutakoa elkarrekin lematizatzea, hizkuntza-antzekotasuna handiagoa delako Iparraldean bildutakoekin Hegoaldean bildutakoekin baino.

3.2. Iparraldeko hizkeren mapak: itsasertzetik barrualdera

Iparraldeko inkesta-puntuen nolabaiteko batasuna aipatzen denean, baten batek faltan bota lezake Zuberoako inkesta-puntuei dagokienez salbuespenik ez egitea, lan honek euskalkien mugak jartzea helburutzat ez duen arren. Iparraldeko inkesta-puntuak aipatzen diren guztietan ezin da Zuberoako inkesta-puntuetan salbuespenik egin. Hala ere, badira kasuak Zuberoako inkesta-puntu gehienak gainerako Iparraldeko inkesta-puntuetatik erabat desberdintzekoak dituztenak. ‘Cal / chaux vive’ da horietako bat. Lau dira kontzeptu horretan nabarmentzen diren eremuak: “kare” da Bizkaiko eta Gipuzkoako inkesta-puntu ia guztietan nagusi dena; Nafarroa sartaldeko inkesta-puntuetan “galtzin” nabarmentzen da; gainerako Nafarroako inkesta-puntuetan, Lapurdikoetan eta Nafarroa Beherekoetan “gisu” eta “güsü” ageri dira. Zuberoako inkesta-puntu gehienetan bildutako erantzunak “latsün” superlemaren barnean lematizatu dira. Hala ere, Zuberoako inkesta-puntu guztietan bildutako erantzunak ez dira superlema horren barnean sartzeko modukoak. Domintxainen bildutakoa, “güsü”, forma bera duen superlemaren barnean lematizatu da; beraz, Lapurdiko eta Nafarroa Beherekoekin batera.


Antzeko kasua da Zuberoaren inkesta-puntuei dagokionez, ‘bellota / gland’ kontzeptuan gertatzen dena. Kontzeptu horretan hainbat izanagatik ere sortu diren superlemak, bi multzo handi egin daitezke horiekin guztiekin. EHHAn kasu batzuetan azaltzen den mapa txikia egingo balitz, bi eremu handi bereiziko lirateke. Alde batetik, “ezkur” eta horren aldaerak daude, superlema desberdinetan multzokatzen direnak; bestetik, “zî” superlema dago, Zuberoako inkesta-puntu guztietan jasotako erantzunak biltzen dituena, salbu, beste behin, Domintxaineri dagokiona (“ezkúr”).

Domintxaineko erantzuna Nafarroa Behereko inkesta-puntuekin batera lematizatu den beste adibide bat ere badago:

Goiko mapa horretan lau eremu nagusi daude: guztien mendebaldean dagoen eremua, morea, Bizkaiko sartaldeko inkesta-puntuetan hasi eta Ataun, Beasain, Errezil, Azpeitia, Zestoa eta Getariaraino heltzen da. Eremu horretan “zapatu”ren aldaerak dira elkarrekin lematizatu direnak. Erdialdean den eremu hori eta zabala Beizaman, Aian, Ikaztegietan, Amezketan eta Urdiainen hasten da eta, batetik, Jaurrietaraino heltzen da Nafarroan eta, bestetik, Bastida, Izturitze eta Bidarrairaino Nafarroa Beherean. Hirugarren eremua, berdea, “ibiakoitz” superlemarekin eta horren aldaerekin sortutakoa da, eta EHHAren mapan Zuberoarekin mugan diren Behorlegi, Larraine, Jutsi eta Arboti dira sortaldean diren inkesta-puntuak. Horiekin batera, beste behin, Domintxaine sartu behar da, “iiákoiotza” baita bertan jasotako erantzuna. Aldiz, Zuberoako gainerako inkesta-puntuetan “neskenegün” ageri da.

Zuberoako inkesta-puntuez gain, bada Lapurdiko inkesta-puntuetan ere zenbait berezitasun. Lapurdiko inkesta-puntuak askotan lematizazioan eta, ondorioz, mapan, bitan bereizten dira. Lapurdiko itsasertzetik gertu dauden inkesta-puntuak elkarrekin lematizatu ohi dira eta sortalderago daudenek Nafarroa Beherekoekin egiten dute bat sarritan.

‘Codorniz / caille’ kontzeptuan ikus daitekeen moduan, Azkaine eta Hendaiako inkesta-puntuek erdialdeko eremuarekin egiten dute bat; izan ere, horietan “galephér” eta “galéper” bildu dira, eta azken horren forma bera duena da horiek barnean hartzen dituen superlema. Aitzitik, superlema horretatik kanpo geratu dira, beste behin, Zugarramurdi eta Luzaide.

Lapurdiko inkesta-puntuek mapan duten egiturari dagokionez, ‘salud / santé” kontzeptuan lau superlema daude, baina bi dira nabarmentzen direnak: “osasun” eta “osagarri”. “Osagarri  superlemaren jatorrian dauden erantzunak batez ere Iparraldeko inkesta-puntuetakoak dira —Luzaide da, berriz ere, salbuespena—.

Lapurdin, hala ere, bada eremu bat Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako inkesta-puntuekin bat egiten duena, Hendaiak, Azkainek, Sarak, Donibane Lohizunek, Senperek, Ahetzek eta Arrangoitzek osatutakoa.

Azkenik, Lapurdiko inkesta-puntuek EHHAren mapan duten tokiari begiratzen bazaio, bada aurrekoaren oso antzekoa izan daitekeen beste adibide bat.

Kontzeptu horretan ere Lapurdiko inkesta-puntuak bitan banatzen dira: alde batetik, “arra(n)po” superlemaren barnean sartutako inkesta-puntuak daude; bestetik, “haun”, “gahun” eta “(h)agun”i lotutakoak. Lehenengoaren barnean dira, esate baterako, Hendaia, Azkaine, Donibane Lohizune, Senpere, Ahetze, Uztaritze eta Arrangoitze.

Ikus daitekeenez, bai Lapurdin, bai Zuberoan badira berezi eta bereizgarri gerta daitezkeen eremuak. Nafarroa Behereko inkesta-puntuek Lapurdiko sortaldeko inkesta-puntuekin egiten dute bat eta elkarrekin agertu ohi dira lematizazioan. Lapurdiko sartaldekoak, aldiz, Lapurdiko sortaldekoetatik bereizten direnean, Gipuzkoako ipar-sortaldekoekin batera multzokatzen dira.

Aztertzekoa izango litzateke ikustea, halaber, zein izango litzatekeen gaur egun berriz adineko jendearen artean inkestak egingo balira, alegia, egin zirena baino hogeita hamar urte inguru geroago, Iparraldeko inkesta-puntuen zatikatzeak berdin-antzean jarraituko lukeen eta, desberdintasunak izatekotan, non izango liratekeen.

3. Ondorioak

Lan honen helburua ez da izan euskalkien mugak, batez ere, Iparraldekoak, hemen edo han jartzea edo orain artekoan aditu zenbaitek jarri izan dituztenak kulunkaraztea. Hori egiteko zail eta luzea da, mapa gutxi batzuekin ezin egin daitekeena. Iparraldeko hizkerak EHHAren mapetan barrena nola ageri diren erakutsi nahi izan da, EHHAren mapen artean ere izan badirelako kontzepturik kontzeptu errepikatzen diren joerak: Lapurdi erdibitzen duena, Zugarramurdik Lapurdiko inkesta-puntuekin bat egiten duena, Luzaide Nafarroa Beherekoen alboan ageri dena, Zuberoako inkesta-puntuen berezitasunaren eta, batez ere, Domintxainekoaren berri emateko lagungarri dena.

Horrenbestez, EHHAn ere Iparraldeko hizkerei erreparatzea ezinbestekoa da, euskararen hizkera guztiak aztertu nahi badira edo euskararen hizkera batzuei atzea eman nahi ez bazaie, bertatik etorri baitzen euskararen hizkuntza-atlasaren lehenengo bultzada eta EHHA bertako ekarpenei esker gorpuztu baita neurri handi batean.

Amaia Jauregizar
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren teknikaria
2020-03-28


(1) EHHA izendatuko da aurrerantzean.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper