Hau da 87. arauaren aitzinsolasean erraten dena: «Euskara batuaren ahoskera zaindua (EBAZ) ahozko hizkuntza estandarra izango da, alegia hiztun ororen erreferentzia tresna, hizkuntzaren maila formaletan erabili beharko dena. EBAZ ez da orain arteko hizkeren ordezkotzat hartu behar, osagarritzat baizik. Ez da euskara batua ahoskatzeko modu bakarra eta are gutxiago, noski, euskalkiak ahoskatzeko era (…), ez dela berdin ahoskatu behar testu akademiko baten jendaurreko irakurketan eta adiskide edo senideekiko elkarrizketan, berrien mikrofono aurreko aurkezpenean eta ama eta haurraren arteko elkarrizketan (…). Horregatik arauetan ematen diren adibideak lekuan lekuko edo norberaren sistemaren arabera hartu behar dira. Esaterako, ahoskera zainduko etxea etxea, erabilera arduragabeagoan etxia izango da ea > ia ordezkatzea egiten den euskara batean, bokal bilkura horretan ordezkatzerik egiten ez den euskaran etxea etxea izango da hizkera maila guztietan».
Laburbilduz, bokal eta kontsonante guziak ahoskatu behar dira eta idatziak diren bezala erran behar dira hitzak.
Bokalak
a, e, i, o, u bokalak idatzi bezala ahoskatuko dira eta Iparraldeko ü, [y] balioarekin.
Kontsonanteak
g kontsonantea e edo i bokalen aitzinean [g] ahoskatzen da, a, o edo u bokalen aitzinean bezala: gerla, gizon.
r,rr euskaraz beti hortzobikari dira (mihia goiko hortzetan) eta gaitzetsi egin behar da frantsesaren ahoskera ubularra, frantsesezko rue (karrika, kale) hitzaren lehen kontsonantearen ahoskera, adibidez.
Iparraldean [ph], [th] edo [kh] ahoska daitezke hitz zenbaitetan, nahiz ez den idazten: eperra [ph], ito [th], ikasi [kh]…
j [j] ahoskatuko da frantses yaourt (jogurt) hitzean bezala, hala nola jateko [jateko], jokalariak [jokalariak]…
Aldiz, garaje bezalako hitz mailegatuan [ʒ] ahoska daiteke, frantsesez bezala.
x letra frantses ch bezala ahoskatzen da: xehe [ʃehe].
Halere, x letra bokal artean [ks] ahoskatuko da maileguetan; adibidez taxi [taksi], euskaraz frantsesez bezala.
Kontsonante-bilkurak
Ez ezezko adberbioaren ondotik, b-, d-, g- kontsonanteak [p], [t], [k] ahoskatuko dira. Adibidez: ez baita > ezpaita, ez da > ezta, ez gara > ezkara.
Ez ezezko adberbioaren bukaerako -z eta aditzaren hastapeneko z- gertatzen direlarik, bien arteko bilkura [ts] ahoskatuko da: ez zen > etzen. Halaber -n eta z- bilkura [nts] ahoskatuko da: eman zion > emantzion.
Ez ezezko adberbioaren ondotik, aditzaren hastapeneko n-, l- edo h- ahoska daitezke ala ez: ez nuen > enuen edo eznuen, ez luke > eluke edo ezluke, ez haiz > ehaiz edo ezhaiz.
Soinu-, hitz- eta kontsonante-bilkura horiek ondoko taulan entzun daitezke, edo Euskara eskuz esku honen Ahoskera sailean.
Xehetasun gehiago ukaiteko, Euskaltzaindiaren 158. araua, «Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak», ere kontsulta daiteke.
Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.