Euskararen Gramatika

21. Postposizio sintagmak (III): leku/denborazko ez direnak

21. Postposizio sintagmak (III): leku/denborazko ez direnak

21.1. Sarrera

21.1a Soziatiboa (-ekin), prolatiboa (-tzat), destinatiboa (-entzat), kausazkoa (-(en)gatik), eta instrumentala (-z) orain arte aurkeztu ditugun postposizioak ez bezalakoak dira, hein batean. Kasu batzuetan leku/denborazko ere badira: Igande guztiez joaten da osteratxo bat egitera edo Astelehenarekin gaixotu egiten omen da. Baina, PS hauek ez dira, berez, leku/denborazkoak. Nolanahi ere, arestian aurkeztu ditugun sintagmen taxu bertsua dute: postposizioa dute buru eta buru honek, ezkerrean osagarria darama. Buru lana egiten duen postposizioaren izaeran dago, beharbada, alderik handiena, baina ez erabatekoa. Adibidez, inesiboa (-n) postposizio soila da, sinplea, ergatiboaren -k marka bezalakoxea. Edo mendira diogunean ere, -ra postposizio soila dugu, nahiz eta hemen azpian inesiboa ere badela aldarrikatu dugun gorago (§ 20.3.1). Modu berean, mendiagatik, zurekin… diogunean ere buruaren ezkerrean osagarria agertuko da: mendia-gatik, zu-rekin

21.1b Bestalde, leku/denborazko postposizio sintagmetan beretan, [+animatu] direnetan, postposizioa konplexuagoa gertatzen da: etxeAN dago esaten dugu, baina semeaRENGAN konfiantza osoa du, ez *semean konfiantza osoa du. Ondoko lerroetan ikusiko ditugun PSetan, hain zuzen, taxu bertsua aurkituko dugu: semea-ren-ga-n bezala, semea-(ren)-ga-tik, semea-re-ki-n, semea-ren-tzat. Batean zein bestean, genitiboa (§ 18.6) ageri zaigu (semearen) eta honen ondoren postposizio konplexu bat. Bide batez, ohart gaitezen, semearekin PSak ere berekin daramala inesiboaren marka: semea-re-ki-N. Semea-ren-ga-TIK-ek, berriz, -tik ablatiboaren marka ere hor du, nonbait.

21.1c Eta modu bertsuan, postposizio konplexuagoekin ere egingo dugu topo: futbolaz hitz egin esaten den bezala, futbolari buruz edo futbolaren gainean ere esaten da, bata instrumentala (… buru-z), bestea inesiboa (… gain-e-a-n)… Instrumentala postposizio soila da, inesiboa edo ergatiboa bezalaxe, baina PS konplexuagoetan ere partaide dugu: futbola-ri buruz edo futbola-ren gainean-en kasuan bezala. Hauek bere garaian sintagma ‘arruntak’ izan bide ziren, beren postposizioa gorabehera: alboaN, arteaN, aurreaN, gaineaN, erruZ Gero, erabiliaren poderioz, postposizio konplexu bihurtzera iritsi direla esaten dugu. Nolanahi ere, denek dute agerian postposizio sinplea: -n, -tik,- ra, -z. Garai batean, ondoan eta ondo horretan, edo gainean eta gain guztian mota bereko sintagmak ziren, baina gero, gainean postposizio konplexu gisa gramatikalizatu dela pentsa liteke, forma horretantxe hiztegietan agertzeraino.

21.1d Dena dela, instrumental delakoa berezia da. Bere kasa lan egiten du, genitiborik eta holakorik gabe: Jarri zenuen aurpegiaz ongi gogoratzen naiz; Zementuz bete dituzte bazterrak… Baina gramatikalizatutako postposizioen osagai ere bada: Zuri buruZ hitz egin dugu; Zure erruZ galdu dute partida… Azken batean inesiboak bezalako jokoa ematen du instrumentalak ere: herria-n bizi da / herria-z maitemindu zen alde batetik, zuen ondoa-n bizi da / zuen bitarte-z jakin du, bestetik. Bitartez eta ondoan postposizioek barnean dute, hurrenez hurren, -n eta -z postposizio soila.

Atal honetan jasoko ditugun PSetan beretan ere ager daitezke aurreko atalean jaso ditugun postposizioak, sintagmaren buru gisa. Adibidez: zure-ga-tik, zure-ki-n… Eta azkenik, beste pauso bat gehiago emanez, postposizio askeen esparruan sartuko gara: zure ondoan, zure baitan, zure bitartez, zure kontra… (§ 21.10.1).

21.2. Soziatiboa: [PS-(R)EKIN]

21.2.1. Morfologia

21.2.1a -(R)E-KIN gaur atzizki bihurturik dago, postposizio itsatsia da (§ 19.2). Arestian esan dugun bezala, jatorrian postposizio konplexua izan zela pentsa liteke, genitiboaren gainean eraikia, tartean izen bat zuela: gizona-re-kin < [gizona-ren kide + -n] (Mitxelena 1972a). Horrenbestez, hemen ere, genitiboari dagozkion egokitzapen-arau morfofonologiko berak (§ 18.6.1a) aplikatzen dira. Bestalde, leku/denborazkoetan ez bezala, [+/-animatu] tasuna ez da kontuan hartzen, eta, horrenbestez, ez du inolako eraginik sintagmaren morfologian.

21.2.1b Postposizio sintagma soziatiboa: [PS [DS …] -(R)EKIN]

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(r)-EKIN]

{bi / hiru / sei / …} (etxe / harri…) -(r)-EKIN

{bat / bost / hamar / …} - (adar / haitz /…) -EKIN

{zer / edozer / ezer / zein / edozein / zenbat / hainbat…} (harri / haitz-) -(r)-EKIN

(etxe / harri / haitz / …) {asko / gutxi / anitz-} -(r)-EKIN

[+mug.] <ø>

[PS [DS izen propioa] -(r)-EKIN]

Bilbo-REKIN / Donostia-REKIN / Maule-REKIN

Irun-EKIN / Usurbil-EKIN / Zarautz-EKIN

Irati-r-EKIN / Ane-r-EKIN / Pello-r-EKIN

Mikel-EKIN / Miren-EKIN / Anton-EKIN

[+mug./-pl.] <izord.>

[PS [DS perts. izord.] -(r)-EKIN]

ni-r-EKIN / hi-r-EKIN

[+mug./-pl.] <artikulua>

[PS [DS … -a] -r-EKIN]

zeru (garbi)-a-r-EKIN / etxe (berri)-a-r-EKIN / ikastola-a-r-EKIN

alde (zaharr)-a-r-EKIN / ikasle (trakets)-a-r-EKIN

[+mug./-pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -EKIN]

(etxe / harri/ haitz…) {hon- / horr- / har-} -EKIN (-txe)

(…) beron-EKIN / berorr-EKIN / ber-EKIN

(mutiko / lagun / …) {honetx- / horretx- / haretx-} -EKIN

(mutiko / lagun / …) {beron- / berorr- / bera-r-} -EKIN

[+mug./+pl.] <artikulua>

[PS [DS … -ak/-ok] -EKIN]

{etxe / leku berri / enpresa / une latz /…} -E-KIN

{ideia / bide… (zabal)} -O-KI-N

{ikasle / guraso / …} -E-KIN

{ikasle / guraso / …} -OKIN

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -EKIN]

(etxe / guraso / enpresa / …) {hau- / hori- / hai-} -EKIN(txe)

(etxe / guraso / enpresa / …) {hauetx- / horietx- / haietx-} -EKIN

(etxe /guraso / enpresa / …) {hau-E-KIN-/ hori-E-KIN-/ hai-E-KIN-} -txe

[+mug./+pl.] <izord.>

[PS [DS … perts. izord.] -EKIN]

gu-reKIN / zu-reKIN / zue-KIN

21.2.1c Bizkaieraz -ekin-en ordez -gaz erabiltzen da. Biek berdin-berdin egiten dute lan. Honako arau morfofonologikoak zaindu behar dira:

konts -GAZ > konts-e-GAZ

zein gizon-e-GAZ; edozein-e-GAZ, bat-e-GAZ… (-mug.)

Athletik-e-GAZ; Miren-e-GAZ… (izen propioekin)

edozein pertsonaGAZ; edozein semeGAZ, biGAZ

BermeoGAZ; AndoniGAZ

-ak -GAZ > … -aKAZ

gurasoaKAZ…; semeaKAZ…; umeaKAZ

ume honeeKAZ; zueKAZ… (+pl.)

21.2.2. Funtzio sintaktikoa

21.2.2a Adjuntua da, normalean. Hala gertatzen da ‘konpainia’ edo adierazten duenean, joan, bizi izan, lan egin eta antzeko predikatuekin. Adibidez: Nora zoaz liburu horrekin?; Ahots horrekin arrakasta izango duzu; Zurekin amets egin dut bart; Horrelako esperientzia bat semeagaz bizitzea itzela da.

21.2.2b Osagarri izan daiteke batzuetan, hala ere. Instrumentalaren ordain gisa ere erabiltzen da, esaterako, ahaztu, gogoratu, pentsatu, eta agian beste bakarren batekin: Ez naiz horrekin gogoratzen; Gau osoa zurekin pentsatzen pasatu dut. Kasu hauetan, osagarria litzateke, aditz batek hautatua baita.

Ados egon, bat etorri, bat egin… aditz konplexuekin erabiltzen denean ere osagarritzat hartu beharko genuke: Ez nator zurekin guztiz bat; Esandako guztiarekin ados nago. Ezkondu edo elkartu aditzekin ageri denean ere, badirudi osagarria dela, aditzak hautatua den neurrian: Pello Mariarekin ezkonduko da aurten (Pello eta Maria aurten ezkonduko dira); Euki bazenu nogaz ezkondu; Geltokian elkartuko gara zurekin (zu eta gu geltokian elkartuko gara). Ez dago ezkontzerik norekin ezkondurik ez bada. Gauza bera elkartu-rekin ere. Hortaz, osagarri.

21.2.3. Adiera

21.2.3a ‘Konpainia’ adierazten du nagusiki: norekin? edo zerekin? galderari erantzuten dio. Hortik datorkio, hain zuzen, gramatika lanetan erabiltzen den soziatibo edo komitatibo deitura ere: Joxerekin etorri nintzen Gasteiza; Zirujau ospetsu batekin ikasi zuen.

Zerbaitekin/norbaitekin batera diogunean, aldi berean gertatutako bi kontu elkartzen ditugu. Hau esatearekin batera agertu zen haurra esanez gero, adibidez, batera postposizioak soziatiboa du osagarri eta aldibereko bi gertaera aipatzen dira: zerbait esatea eta haurra agertzea. Zurekin batera joango naiz diogunean ere kidetasun bera dugu funtsean, baina oraingoan ez gaude bi gertakizunen aldiak parekatzen, zure eta nire arteko elkartasuna edo baizik, zu eta biok elkarrekin alegia.

Maiz, PS hau juntadura batez ere ordezka daiteke. Horrela, [X Y-rekin] eta [X eta Y] baliokidetzat har daitezke esanahiaren aldetik: Mikel gurekin joango da = Mikel eta gu joango gara; A B-rekin alderatzen duzunean = A eta B alderatzen dituzunean.

21.2.3b ‘Instrumentala’ren baliokide ere izan daiteke (§ 21.6.3): Aizkora batekin moztu zion lepoa oiloari; Zure jarrera zitalarekin gauzak okerrago jartzen ari zara.

21.2.3c ‘Denbora’ balioa ere izan dezake, noiz? galderari erantzuten baitio zenbaitetan: Egunsentiarekin abiatu ginen mendirantz (cf. Egunsentian abiatu ginen); Berrogei urterekin ezagutu nuen Patxi (cf. Berrogei urte zituela/nituela).

21.3. Kausazkoa: [PS-(EN)-GATIK]

21.3.1. Morfologia

21.3.1a [PS… -EN-GATIK] sintagma ere genitiboaren gainean eraikia da: [… -(E)N-gatik]. Seinale, -gatik-ek ere izena duela barnean: -ga(i) -tik edo. Ohart gaitezen, hala ere, zenbaitetan -en-gatik-en ordez, -gatik soila izaten dugula, -en genitiboaren markarik gabe. Hori sintagma mugatu singularra denean gertatzen da batez ere. Orduan, gizonarengatik-en ondoan gizonagatik bezalako bat izango dugu.

21.3.1b Izen propioekin ere, sintagma bokalez amaitzen delarik, genitiboaren marka agertzea hautazkoa da: Alemania(ren)gatik, Bilbo(ren)gatik, baina Urkabustaitzengatik (?Urkabustaizgatik), Mirene(n)gatik (?Mirengatik). Honen azalpena nahi izanez gero, pentsa liteke egitura konplexua soiltze aldera, genitiboa desagertu egin dela eta -gatik postposizioa gainerako postposizio soilen pareko gisa lan egiten hasi dela. Gramatikalizazioaren aurrean gaude, nolabait. Mirenegatik, adibidez, ez da soilik genitiboaren marka ‘galdu’ izanaren ondorioa. Zerbait gehiago da: -gatik postposizioa beregain bihurtu da eta zuzen-zuzenean itsasten zaio osagarriari, genitiboaren premiarik gabe: Miren-e-gatik. Osagarria kontsonantez amaitzen bada, postposizioaren eta ezkerreko osagarriaren artean -e- epentetiko bat tartekatzen da. Baina kontsonantez ez, bokalez amaitzen bada, orduan ez dago epentesirik: Patxi-gatik vs Miren-e-gatik, eta Alemania-gatik vs Iran-e-gatik. Jakina, genitiboaren markari eustea ere zilegi da: Patxirengatik, Mirenengatik, Alemaniarengatik edo Iranengatik.

21.3.1c Mugatzailea erakuslea denean ere, genitiboaren marka ezkuta daiteke eta arestian aipatu dugun morfema soiltze hori hemen ere gertatzen bide da: … honengatik > … honegatik; … horrengatik > … horregatik; … harengatik > … haregatik > … hargatik; {honexen/horrexen/harexen} -gatik > honexegatik/ horrexegatik/harexegatik. Pluralean ere gauza bera: liburu hauek+-en-gatik > liburu haue(n)gatik; arrazoi horiexek+-en-gatik > arrazoi horiexe(n)gatik.

21.3.1d Kausazko postposizio sintagma: [PS [DS …] -GATIK]

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(ren)-GATIK]

{bi / hiru / sei / …} (etxe / harri…) -(REN)-GATIK

{bat / bost / hamar / …} (adar / haitz /…) -(EN)GATIK

{zer / edozer / ezer / zein / edozein / zenbat / hainbat…} (harri / haitz) -(EN)GATIK

(etxe / harri / haitz / …) {asko / gutxi / anitz} -(EN)GATIK

[+mug.] <iz. prop.>

[PS [DS izen propioa] -(en)-GATIK]

Bilbo-(ren)gatik / Donostia-(ren)gatik / Maule(ren)-GATIK

Irun-e(n)-gatik / Usurbil-e(n)-gatik / Zarautz-e(n)-GATIK

Irati-(ren)-gatik / Ane-(ren)-gatik / Pello-(ren)-GATIK

Mikel-e(n)-gatik / Miren-e(n)-gatik / Anton-e(n)-GATIK

[+mug./-pl.]

<izord.>

[PS [DS perts. izord.] -(re)-GATIK]

ni-(re)-GATIK / hi-(re)-GATIK

[+mug./-pl.]

<artikulua>

[PS [DS … ] -a-(ren)-GATIK]

zeru (garbi)-a-(ren)-GATIK / etxe (berri)-a-(ren)-GATIK / ikastola-(a)-(ren)-GATIK /

alde (zaharr)-a-(ren)-GATIK / ikasle (trakets)-a-(ren)-GATIK

[+mug./-pl.]

<erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -e(n)-GATIK]

(etxe / harri / haitz…) {hone(n)- / horre(n)- / hare(n)-} -GATIK (-xe)

(…) beron-e(n)-GATIK / berorr-e(n)-GATIK / bera(ren)-GATIK

(mutiko / lagun / …) {honetx- / horretx- / haretx-} -e(n)-GATIK

(mutiko / lagun / …) {beron- / berorr- / bera-r-} -e(n)-GATIK

[+mug./+pl.]

<artikulua>

[PS [DS … -ak/-ok ] -en-GATIK]

{etxe / leku berri / enpresa / une latz / …} -EN-GATIK

{ideia / bide zabal / …} -ON-GATIK

{ikasle / guraso / …} -EN-GATIK

{ikasle / guraso / …} -ON-GATIK

[+mug./+pl.]

<erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -en-GATIK]

(etxe / guraso / enpresa / …) {hau / hori / hai-} -EN-GATI-xe

(etxe / guraso / enpresa / …) {honex- / -horrex- / harexe-} -EN-GATIK

(etxe / guraso / enpresa / …) {hauetx- / horietx- / haietx-} -EN-GATIK

(etxe / guraso / enpresa / …) {hauEN-/ hori-EN- / haien-} -GATI-xe

[+mug./+pl.]

<izord.>

[PS [DS … perts. izord.] -(r)e(n)-GATIK]

gu-re-GATIK / zu-re-GATIK / zu-en-GATIK

21.3.2. Funtzio sintaktikoa

21.3.2a Ez dago kausa hautatzen duen predikaturik. Horrenbestez, [PS-(EN)GATIK] tankerako sintagma adjuntua izan ohi da: Kutsaduragatik, errekak egoera negargarrian daude (cf. Errekak egoera negargarrian daude).

21.3.2b Mendebaldeko euskalkietan batik bat, eta hizkera arruntean, instrumentalaren ordez ere erabiltzen da kausazkoa. Horrela, galdetu edo (egundokoak) esan, (gaizki esaka) jardun bezalako predikatuekin maiz erabiltzen da, instrumentalaren ordez: Ez al du inork gu(re)gatik galdetu? (cf. Ez al du inork gutaz galdetu?); Gu(re)gatik nahi dutena esan dezatela. Kasu honetan, osagarria izango litzateke, aditzak hautatua den heinean. Baina ez da egiazki kausazkoa. Guregatik, nahi duena esan dezake badiogu, [PS … -GATIK] sintagmak adiera kontzesiboa ere izan dezake (‘gu gorabehera, nahi duena esan dezake’) eta, jakina, kasu honetan ez gaude osagarri baten aurrean.

21.3.3. Adiera

21.3.3a ‘Kausa’, ‘motiboa’, ‘arrazoia’… adierazten du oro har [PS … -ENGATIK] sintagmak. Hots: zergatik? / norengatik? galderari erantzuten dio. Kausazko mendeko perpaus jokatugabeek ere postposizio honetara jotzen dute (§ 25.3.3h, § 38.4): Eskerrik asko hain bizkor erantzuteagatik. Hemen eskerrak ematearen arrazoia (kausa) zein den adierazten da: hain bizkor erantzutea.

21.3.3b Ohar bat, hala ere: balizko gaztelaniazko itzulpena gorabehera, -gatik sekula ez da izango -k ergatiboaren ordezko. Honako bi perpaus hauek, adibidez, erabat desberdinak dira esanahiaren eta formaren aldetik: Etxe hau zuregatik eraikia izan zen perpausean kausa adierazten dugu egiazki (cf. Etxe hau zuregatik eraiki zuten). Baina Nire lagunak ertzainek atxilotuak izan ziren edo Nire lagunak ertzainek atxilotu zituzten esan nahi bada, *Nire lagunak ertzainengatik atxilotuak izan ziren esatea ez da bidezko. Honen antzekoak, zuzenak izatekotan, zergatia adierazi behar dute: Nire lagunak ertzainengatik (= ertzainen erruz) izan ziren atxilotuak. Ertzainen erruz PSa eta ertzainek sintagma ergatiboa ez dira gauza bera. Bilera hau zuregatik atzeratu da eta Bilera hau zuk atzeratu duzu ere ez dira gauza bera.

21.3.3c ‘Helburua’ ere adieraz dezake PS honek, mendeko perpaus jokatugabeetan bereziki (§ 38.4): Guri adarra jotzeagatik ari da (cf. Guri adarra jotzearren); Gehienetan, beti ez esateagatik, arrazoi izan ohi dut (cf. beti ez esatearren). Azken batean, helburu bat zerbaiten arrazoi ere izan daiteke. Hori gertatzen da hemen ere. Izan ere, bi adiera horiek, helburua eta arrazoia, ez dira elkarren kontrakoak.

Prezio baten arrazoia adieraz dezake: Erreka garbiak izateagatik ez dugu asko ordaintzen; Zer esan ortodoxia hausteagatik deabruaren kobazuloan ordaintzen duten bide-sariaz? (Lertxundi). ‘Zerbaiten truke’ edo esan nahi da holakoetan: erreka garbiak izatea ordaindu egin behar da; ortodoxia hausteak bere prezioa du.

21.3.3d ‘Kontzesio’ balioa ere izan ohi du maiz [PS … -GATIK] sintagmak, kausa eta kontzesioa elkarrekin erlazionatuak baitaude. Horrela, ez da harritzekoa ‘X gorabehera’ esanahiarekin edo, [… -GATIK] erabiltzea: Basta ederragatik, astoa duk asto (cf. Basta ederra izanagatik / Basta ederra izanda ere, astoa beti asto); Horregatik, ez naiz kikilduko. Horratik (< horregatik), haatik (< ha(r)gatik)… bezalako adberbioak ere, funtsean, horixe dira, kontzesiboak: Ondarrak azaldu dituenak aski dira, haatik, ahaztuxe geneuzkan zenbait oroitzeko (Mitxelena). Hauek aurkaritza juntagailu baten bidez ere adieraz daitezke (§ 28.6.2), nolabait (Ez zinen orain altxatuko, baina?; Baina nik ez nion kasurik egin). Nolanahi ere, aurkaritza eta kontzesioa oso hurbileko adierak dira (§ 28.6.2.5).

21.4. Destinatiboa: [PS-(EN)TZAT]

21.4.1. Morfologia

21.4.1a PS honen osaera [PS [DS-EN] + -TZAT] da. Hau ere genitiboaren gainean eraikia, hortaz: aitarentzat, niretzat eta abar. (§ 18.6.2).

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(r)en-TZAT]

{bi / hiru / sei / …} (etxe / harri…) -R-EN-TZAT

{bat / bost / hamar / …} (adar / haitz /…) -EN-TZAT

{zer / edozer / ezer / zein / edozein / zenbat / hainbat…} (harri / haitz) -(R)ENTZAT

(etxe / harri / haitz / …) {asko / gutxi / anitz} -ENTZAT

[+mug.]

<iz. prop.>

[PS [DS izen propioa] -(r)en-TZAT]

Bilbo-r-ENTZAT / Donostia-r-ENTZAT / Maule-r-ENTZAT

Irun-ENTZAT / Usurbil-ENTZAT / Zarautz-ENTZAT

Irati-r-ENTZAT / Ane-r-ENTZAT / Pello-r-ENTZAT

Mikel-ENTZAT / Miren-ENTZAT / Anton-ENTZAT

[+mug./-pl.]

<izord.>

[PS [DS perts. izord.] -re-TZAT]

ni-re-TZAT / hi-re-TZAT

[+mug./-pl.]

<artikulua>

[PS [DS … -a] -r-en-TZAT]

zeru (garbi)-a-ren-TZAT / etxe (berri)-a-ren-TZAT / ikastola-a-ren-TZAT

alde (zaharr)-a-ren-TZAT / ikasle (trakets)-a-ren-TZAT

[+mug./-pl.]

<erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -e(n)-TZAT]

(etxe / harri / haitz…) {hone(tx-) / horre(tx-) / hare(-tx-)} -en-TZAT

(…) beron-en-TZAT / berorr-en-TZAT / berar-en-TZAT

(mutiko / lagun / …) {honetx- / horretx- / haretx-} -en-TZAT

(mutiko / lagun / …) {beron- / berorr- / bera-r-} -e(n)-TZAT

[+mug./+pl.]

<artikulua>

[PS [DS … -ak/-ok] -en-TZAT]

{gurasoen / enpresa berrien / galdera guztien / …} -TZAT

{gurasoon / ideion / enpresa berrion} -TZAT

[+mug./+pl.]

<erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -en-TZAT]

(etxe / guraso/ enpresa / …) {hau- / hori- / hai-} -en-TZAT

(etxe / guraso/ enpresa / …) {hauetx- / horietx- / haietx-} -en-TZAT

[+mug./+pl.]

<izord.>

[PS [DS … perts. izord.] -(r)e(n)-TZAT]

gu-re-TZAT / zu-re-TZAT / zu-en-TZAT

21.4.1b Postposizio hau, euskalkien arabera, [… -TZAKO] edo [… -ENDAKO] tankeran ere eman daiteke: Garagardo hau {norentzat/norentzako/norendako} da? [… -EN-TZA-KO / -ENDAKO] (zuretzako, norentzako), ordea, ez da ezinbestekoa, aditzaren adjuntu dugunean behintzat. Beste kontu bat da, izenlagun denean. Orduan, jakina, -ko hori nahitaezko bihurtzen da (§ 21.8): Jonentzako opariak hauek dira (*Jonentzat opariak hauek dira). Aditzaren adjuntu denean hiru formak dira zilegi, euskalkien arabera: Ez dut ezer aurkitu {amonarentzako/amonarendako/amonarentzat}. Izenaren adjuntu denean, aldiz, ezinbestekoa da -ko agertzea: {Amonarentzako/amonarendako/*amonarentzat} pastilla ez dut aurkitzen.

21.4.2. Funtzio sintaktikoa

21.4.2a [PS … -ENTZAT] sintagma ‘adjuntua’ izan ohi da: Opari hau ekarri dute zuretzat. Hemen, [PS zuretzat] ez da aditzak hautatua. Aldiz, perpaus horretantxe ageri den [DS opari hau] sintagma ekarri aditzaren osagarria da, hori gabe predikazioa herren geldituko litzateke.

21.4.2b Esamolde batzuetan, hala ere, zenbait konparatiborekin adibidez, PS destinatibo hau ‘osagarri’ dela pentsa liteke: Etxe hau garestiegia da {guretzat/guretzako}; Biontzat/biondako lain baduzue. Hemen destinatiboa ageri da […-EGI] konparatiboak hala eskatzen baitu (§ 32.2.2.1c). Alegia, [PS guretzat] eta [PS biontzat] garestiegi-k edo lain-ek hautatuak dira (§ 32.10.2). Alegia, etxe hau garestiegia da diogunean, ‘zeren arabera den garestiegi’ aditzera ematen digu zuretzat osagaiak. Hortaz, PS hau -egi edo lain/aski-ren osagarritzat har dezakegu. Osagarria inplizitua ere izan daiteke eta, horrenbestez, aditzera eman gabe utzi: Lotsagabeegia zara (horretarako). Beste adjektibo batzuekin ere (on, egoki, kaltegarri…) ikus genezake destinatiboa: Besagaineko oinazearentzat ona; Herriarentzat mesedegarri

21.4.3. Adiera

21.4.3a Aditzaren ekintzari dagokion ‘onuraduna’ adierazten du, ekintza edo gertaera baten onura (edo kaltea) nork jasotzen duen alegia: Seme-alabentzat ekarri ditut opariok; Edozein ikastolarentzat kaltegarri izan liteke hau.

Sarritan, hala ere, norentzat? eta zerta(ra)ko? edo norako? galderak elkarren lehian ibil daitezkeen bezala, etxearentzat eta etxerako PSen artean ere erabakitzea zaila izan daiteke: Proiektu hau {herriarentzat/herrirako} ona litzateke. [PS… -RAKO]-k badirudi ‘lekuari’ egiten diola erreferentzia, [PS-RA]-k bezala. [PS … -EN-TZAT]-ek, berriz, ‘onuradunari’. Dena dela, batzuetan -entzat eta -rako, egiazki, esanahi bertsukoak gerta daitezke: Proiektu hau herrirako ona da (cf. Proiektuak herrira onura ekarriko du), baina Proiektu hau herriarentzat ona da (cf. Proiektuak herriari onura ekarriko dio). Proiektuak norbaitentzat edo norabaiteko onuragarri izan daitezke, nonbait.

Beste batzuetan, ordea, ez dira trukagarri: Txartel hau Gernikarako da (cf. Txartel hau Gernikara joateko baliagarri da) baina *Txartel hau Gernikarentzat da (cf. *Txartel hau Gernikari entregatzeko da), baldin eta Gernika deiturako norbaitez ari ez bagara behintzat.

Oro har, esan daiteke, -(r)entzat bizidunekin edo nolabait bizidun gisa interpreta daitezkeenekin (herria edo Miren, adibidez) ondo doala eta onuraduna adierazten duela; -rako, berriz, bizidun ez direnekin. Horrela, onuraduna baino areago, helburua adierazten du. Horregatik, zilegi da -(r)entzat leku/denborazko ez direnen artean kokatzea, hemen egin dugun bezala. Aldiz, -rako leku/denborazkoen artean kokatu dugu (§ 20.3.1.4).

21.4.3b Badu adiera ‘ebidentziala’ ere. Hola, Niretzat ez da ona badiogu, esaldi hori anbiguoa da: balio dezake, adibidez, niri kalte egiten didan zerbaitez mintzatzeko, ‘niri ez dit onik egiten’ edo esateko. Baina baita ‘nire ustez, ez da ona’ adierazteko. Adiera hau oso ohikoa da: Hegazkina, niretzat, hegazkina da (J. A. Arrieta). Ebidentziala edo izango litzateke, beharbada. Holako osagaiek hiztunak egiten duen baieztapenaren ‘ebidentzia’ edo oinarria eskaintzen dute: Mozkortuta iritsi omen da; Axularren ustez, gauzak ez dira geroko utzi behar; Gure amak zioenez, hariak jostorratzak baino luzeagoa behar dik eta abar. Axularren ustez edo Axularrek zioenez esatea bezainbat litzateke Axularrentzat esatea. Hauei deitzen diegu ‘ebidentzial’.

21.5. Prolatiboa: [PS … -TZAT]

21.5.1. Morfologia

21.5.1a Aurreko atalean (§ 21.4) helburuzko gisa analizatu dugun [… -EN-TZAT] postposizioan agertzen den -tzat eta ‘prolatibo’ deitzen duguna gauza bera dira. Hemen, hala ere, genitiborik gabe agertzen da. -TZATen osagarria IS soila edo AdjS izango da, mugatzailerik gabe: [PS [IS gidari] -tzat] hartu genuen Karmele; [PS [IS epaile zuzen] -tzat] geneukan Jokin; [PS [AdjS on] -tzat] eman genuen Keparen iritzia. Formaren aldetik, hortaz, betiere determinatzailerik gabe.

21.5.1b Honekin batera, bada beste berezitasun bat ere: gainerako kasuetan ikusi ditugun hots aldaketek ez dute hemen lekurik. Esan nahi baita, kontsonante baten ondoren gertatzen denean, ez dugu -e- bokalaren epentesirik: gizon+-tzat > gizontzat (ez *gizonetzat) / eder+-tzat > edertzat (ez *ederretzat) (cf. zilar+-z > zilarrez, epentesiarekin).

Honetan, -ka adberbiozko atzizkiaren pareko dugu (§ 6.2.3): dardarka (ez *dardarreka) / laztanka (ez *laztaneka). Hemen ez da, ez zenbatzailerik, ez mugatzailerik, ez izenordainik onartzen. Hortaz: [PS [IS etsai]-tzat > etsaitzat; [PS [AdjS lelo] -tzat > lelotzat. Baina *[PS [DS {gizon hau / zu / Pello /…} ] -tzat] > *gizon hautzat / *zutzat / *Pellotzat…}. Izan ere, gizon hau / Pello / zu… DSak dira, mugatzailedunak, alegia.

21.5.1c Esan dugu horrelakoetan ezin daitekeela inolako determinatzailerik, ez mugatzailerik, ez zenbatzailerik ager: *?Bi lapurtzat hartu zituzten aski badaezpadakoa da. Beraz, honen ordez beste bideren bat hartu beharko da. Adibidez: Bi lapur zirela pentsatu zuten. Edo, bestela, zenbatzailea predikatuan eman beharrean, objektuan agerrarazi: Bi gizonak lapurtzat hartu zituzten. Hau izango litzateke hitz egiteko modu arrunta.

Izen bereziekin edo pertsona izenordainekin ere problema bera aurkituko dugu: Andoni nintzela pentsatu zuten / Ni nintzela pentsatu zuten modukoak erraz onartzekoak dira, baina beste hauek ez hainbeste: *Andonitzat hartu ninduten / *Nitzat hartu zuten Andoni. Baina ISak edo AdjSak onartzen ditu, betiere mugatzailerik gabe: Ongi prestatutako abokatutzat geneukan (ez Ongi prestatutako *abokatuatzat); Langiletzat geneukan (*Langileatzat)… Horrenbestez, prolatibo honek baditu debekuak. Dena dela, adberbioak edo adberbio esapideak bideratzen dituela esan genezake.

21.5.1d Eta formari dagokion beste ohar bat: zenbait aditzekin inolako postposiziorik gabeko ordainak ere eman daitezke: Gerraren bila gau ta egun, etsaiaki harturik laguni esan zuen bertsolariak, etsaiak laguntzat harturik ere esan zezakeen. Aukera hau hartu aditzarekin gertatzen da bereziki, baina baita beste bakarren batzuekin ere: eman, eduki edo eskaini aditzekin, adibidez, kasu batzuetan behintzat (oparitzat eman / opari eman; (zerbait) oparitzat eskaini / opari eskaini).

21.5.2. Funtzio sintaktikoa

21.5.2a Prolatiboa deitzen dugun [PS … -TZAT] sintagma aditz jakin batzuekin agertuko zaigu beti, hartu, eman, eduki aditzekin batez ere: Frantsesa daukate hizkuntza ofizialtzat; Oparitzat liburu bana eman nien; Asto zaharra gaztetzat saldu zioten. [PS Hizkuntza ofizialtzat] prolatiboa [DS frantsesa] sintagmaz predikatzen da. [PS Oparitzat], berriz, [IS liburu bana] sintagmarekin lotzen dugun predikatua da eta [PS gaztetzat] ere berdin, [IS asto zaharra] sintagmarekin. Predikatu osagarritzat hartzen ditugu PS hauek. Hain zuzen, bigarren mailako predikatu lirateke (§ 24.4) eta perpauseko objektuaz predikatzen dira: [DS frantsesa] hartu dute [PS hizkuntza ofizialtzat]. Frantsesa litzateke perpauseko objektua eta objektu honi buruzko predikazioa gauzatzen du prolatiboak: frantsesai hizkuntza ofizialtzati hartu, alegia.

21.5.2b Predikazioa perpauseko objektuari ez baizik subjektuari dagokionean, ez du ematen prolatiboaz baliatzen ahal garenik: Gure amona neskame joan zen Donostiara (*neskametzat joan zen); Mikel alkate zegoen gure herrian, ez *alkatetzat. Hortaz, subjektuari gagozkiolarik, IS soila behar dugu inolako postposiziorik ez determinatzailerik gabe: Alkate dago.

21.5.3. Adiera

Adierari dagokionez, prolatiboa anbiguoa gerta daiteke. Adibidez, Erregetzat hartu zuten perpausa bi modutara uler liteke: a) Errege zela uste izan zuten eta b) Errege izateko hartu zuten = errege hartu zuten. Hura errege izan moduko predikazioa dugu bietan, baina batean uste bati buruz ari garen bitartean, bestean helburu edo asmo bati buruz edo ariko ginateke: Zer zela uste izan zuten vs Zertarako (zer izateko) hartu zuten.

21.6. Instrumentala: [PS … -Z] (‘zertaz’/‘zerez’)

21.6.1. Morfologia

21.6.1a -Z da instrumentalaren postposizioa: [PS-Z]. Dagozkion galde hitzak, berriz, zertaz/nortaz eta zerez dira. Hain zuzen, postposizio honen bidez bi eratako egiturak osatzen dira: a) orain arte aurkeztu ditugun beste PSen antzekoak (duen lanaz aspertu da; egindako lanez mintzatu da; zenbait lanez ez da gogoratzen… eta abar), eta b) adberbio sintagmatzat har litezkeenak (oinez dabil; penaz mintzo da; trenez iritsi da…). Batean zertaz? galderari erantzuten zaio, bestean, aldiz, zerez? edo nola? edo holako zerbait izango litzateke galdera. Lehenbizikoetan begiak jarrita, honako hau izango litzateke PS instrumentalaren taula:

21.6.1b Postposizio sintagma instrumentala: [PS [DS …] -Z]

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(e)-Z]

{bi / hiru / sei / …} (etxe / harri…) -Z

{bost / hamar / …} (adar / haitz / …) -(e)-Z

{zer / edozer / ezer / zein / edozein / zenbat / hainbat…} -(e)-Z

{zer / edozer / ezer / zein / edozein / zenbat / hainbat…} -(e)-TA-z

(etxe / harri / haitz / mutiko / lagun…) {asko / gutxi / anitz} -(e)-Z

[+mug.]

<iz. prop.>

[PS [DS izen propioa] -(e)-Z]

Bilbo-Z / Donostia-Z / Maule-Z

Irun-e-Z / Usurbil-e-Z / Zarautz-e-Z

Irati-Z / Ane-Z / Pello-Z

Mikel-e-Z / Miren-e-Z / Anton-e-Z

[+mug./-pl.]

<perts. izord.>

[PS [DS perts. izord.] -ta-Z]

ni-ta-Z / hi-ta-Z

[+mug./-pl.]

<artikulua>

[PS [DS … ] -a-Z]

zeru (garbi)-a-Z / etxe (berri)-a-Z / ikastola-(a)-Z

alde (zaharr)-a-Z / une zail-a-Z

[+mug./-pl.]

<erakus.>

[PS [DS … erakuslea] -ta-Z]

(etxe / harri / haitz…) {hon-e- / horr-e- / har-} -ta-Z

(…) beron-e-TA-Z / berorr-e-TA-Z / bera-Z

Baina {honezkero/horrezkero/harrezkero}

(Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 26. araua: “-z gero”, Donostian, 1995eko urtarrilaren 27an onartua).

[+mug./+pl.]

<artikulua>

[PS [DS … artikulua] -Z]

etxe-e-Z / leku berri-e-Z / enpres-e-Z / une latz-e-Z

ikasle-e-Z / guraso-e-Z

[+mug./+pl.]

<erakus.>

[PS [DS … erakuslea] -ta-Z]

(etxe / leku / enpresa / guraso…) {hau / hori / hai-} -e-ta-Z

(etxe / leku / enpresa / guraso…) {hauetx-/ horietx-/ haietx-} -e-ta-Z

(etxe / leku / enpresa) berau-e-ta- Z / berori-e-ta- Z / ber(ai)-e-ta-Z

[+mug./+pl.]

<izord.>

[PS [DS … perts. izord.] -TAZ]

gu-TAZ / zue-TAZ / zu-TAZ

21.6.1c Taula hau begien aurrean dugula, instrumentala egiturazko postposizioen (ikus 18. kapitulua) eta leku/denborazkoen (ikus 20. kapitulua) ‘tarteko’ zerbait dela pentsa liteke: DS bat har dezake osagarri, beste postposizioek bezalaxe: Zure izenaZ galdetzen dute (< [PS [DS zure izen -a] -Z]) (singularra); Etxebizitzen alokairueZ kezkaturik daude (< [PS [DS exebizitzen alokairu -ak] -Z]) (plurala); Edozein liburuZ galde diezaiokezu (< [PS [DS edozein liburu] -Z]) (determinatu zehaztugabea). Morfologiaren ikuspegitik, hortaz, ergatiboaren edo datiboaren antzera lan egiten du, itxura batean behintzat: zure izenaZ (instr.) (cf. zure izenaK (erg.), zure izenaRI (dat.)); etxebizitzen alokairuEZ (instr.) (cf. etxebizitzen alokairuEK (erg.), etxebizitzen alokairuEI (dat.)); edozein liburuZ (instr.) (cf. edozein liburuK (erg.), edozein liburuRI (dat.)).

21.6.1d Bada, ordea, diferentzia nabarmen bat: determinatzailea erakuslea (hau, hori…), pertsona izenordaina (ni, gu, zuek…) edo determinatzaile zehaztugabea denean (zer, edozein…) instrumentalak beste bide bat hartzen du: leku/denborazko PSek bezala, -ta- artizkia eskatzen du (§ 19.5.1.1): kontu {honetaz/horietaz/haietaz…}; gutaz, nitaz, zeinetaz… Holakorik ez da ergatiboan edo datiboan gertatzen, adibidez. -ta- artizkia erakusleetara (etxe honetaz/horietaz…), pertsona izenordainetara (gutaz…) eta determinatzaile zehaztugabeetara mugatzen da (edozertaz, zenbaitetaz…); (ikus 17. kapitulua). Azken hauetan, ordea, -ta- hori gabe ere ikus dezakegu instrumentala. Badirudi, hortaz, instrumentala egiturazko kasuen eta leku/denborazko PSen artean, erdibidean bezala dabilela: batzuetan egiturazko kasuek bezala jokatzen du (gizakiaz, gizakiez…), baina beste batzuetan leku/denborazko PSek bezala: gizaki honetaz, gizaki haietaz. Eta zenbait egituratan baita honez, harrez, -ta- gabe ere: honezkero, hauez gainera.

21.6.1e Instrumentalak bi esparru betetzen ditu (zertaz/nortaz vs zerez), ondoko adibideetan ikus daitekeenez: Peruko zilarraz baliatu ziren esan daiteke, baina baita Zilarrez estali zuten aldarea ere. Batean erreferentzia zehaztua dugu: zilarraz / zilar horretaz / zilar haietaz moduko sintagmak, edo zutaz, Mikelez, Moskuz, adibidez. Hauek, hala ere, euskaldun askorentzat ez dira ohikoak. Bai, ordea, adberbio gisa lan egiten dutenak: zilarrez ordaindu / irainez bete / katez lotu modukoak adibidez, non PS instrumentalak ez duen erreferente jakinik. Instrumentala kasu honetan inolako determinatzailerik gabeko PSa da: ahoz, buruz, egunez, eskuz, gauez, irainez, izkribuz, katez, malkoz, pausoz pauso, urrez, zilarrez, zorionez… Hauetan, mugatzailerik ez da ageri inondik ere, baina -ta- artizkirik ere ez. Bi egitura desberdinez ari gara, horrenbestez.

Goiko taulan (§ 21.6.1b) PS instrumentalak duen forma jaso dugu. Azpian mugatzailerik ez dutenak, adberbiotzat har litezkeenak alegia, (gogoz, buruz, urez, ardoz…) taula horretatik kanpo gelditu dira. Adberbio osaera dutela onartuz gero, erraz azal daiteke hitz hauek mugatzailerik ez izatea. Nolanahi ere, taula horri erreparatuta bi etxez / bere etxeaz / bere etxe guztiez moduko sintagmen forma argi gelditzen da eta etxez inguratu / frantsesez hitz egin modukoekin alderatuta batzuen eta besteen arteko aldea aski argi gelditzen da.

21.6.1f Bestalde, zerez, zerbaitez eta abar ere taxu berekoak dira eta aski ohikoak, gainera. Baina zereZ/zerbaiteZ modukoak eta zerTAZ/zerbaiteTAZ bezalakoak desberdinak dira, esanahiari dagokionez ere. Eskuz/buruz/guraizez… alde batetik, eta eskuaz / buru handi hartaz / guraize zorrotz haietaz… bestetik, desberdinak diren bezala. Desberdinak morfologiaz, baina baita adieraz ere: batean, ekaiaz edo instrumentuaz ari gara, Lastoz egina da edo Trenez ibiltzen da diogunean bezala. Bestean, aldiz, gaiaz edo ari gara, Erre den lastoaz ari da edo Aingeruez mintzatu zitzaigun diogunean bezala.

21.6.1g Determinatzailerik gabeko sintagma hauetan (zilarrez, egarriz, ingelesez…) -z postposizioaren osagarria ISa izango litzateke, baina determinatzailerik gabea. Hau instrumentalean ez ezik beste leku/denborazko postposizioren bat daramaten adberbio batzuetan ere gertatzen da: benetan, egiatan, eguzkitan, eztitan, ahotan, lotanDiruz ordaindu eta nire diruaz ordaindu diogunean, lehenbizikoan ez gara diru jakin batez ari, bestean bai: nire dirua sintagmak badu erreferente jakin eta zehatz bat. Aldiz, diruz esaten dugunean ez diogu diru jakin bati erreferentzia egiten. Holakoak adberbio ihartuak direla aldarrikatuko dugu, adberbio gisa gramatikalizatutako egiturak. Egunez, zorionez, pozez… ere adberbiotzat eman litezke bere horretan, egunero, pozik eta abar bezalaxe. Instrumental mugagabe hauetan -ta-rentzat lekurik ez den bitartean, uretan, benetan eta holako adberbioetan, -ta- agertzea nahitaezkoa da.

Forma desberdintasuna, hortaz, formazkoa baino zerbait gehiago dela esango genuke. Hain zuzen, euskaldun askok mugatzailerik gabeko instrumental hauek bakarrik erabiltzen dituzte eta gainerakoetan beste itzuli batzuetara jotzen: eskuz, gogoz, pozez… esaten dute lasai asko, baina liburu entretenigarriez forma ikasitzat daukate, eta liburu entretenigarrien gainean, edo liburu entretenigarriei buruz, liburu entretenigarriekin… gisako zerbait emango dute instrumentalaren ordez. Euskara batuan, jakina, liburu entretenigarriez modukoak gero eta hedatuago ikusiko ditugu, baina lagunarteko hizkera arruntean ez hainbeste.

Gauzak horrela, goiko taula osatzerakoan PS arrunten (determinatzaile eta guzti erabiltzen direnen) formak ezarri ditugu, gainerako PSen pareko baitira. Mugatzailerik gabeko bidez, egiaz, gogoz, irriparrez… eta holakoak, adberbioen sailean kokatzea hobe, beharbada. Horregatik, tauletatik kanpo utzi ditugu. Hiztegira ‘bidal’ genitzake oso-osorik. Beste hizkuntzalari batzuk ere iritzi honetakoak dira (Trask 2003: 134, adibidez).

21.6.1h Hizketa arruntean bederen, eta bereziki Hegoaldeko euskaldunen artean, gaiaz mintzatzerakoan, instrumentalaren ordez, bestelako esamoldeez baliatzeko aukera eskaintzen duten aditzak badira. Batzuetan, instrumentalaren ordez, [PS… -KIN] PSaz baliatzen gara. Hala gertatzen da aditz psikologikoekin, esaterako: akordatu, aspertu, gogoratu, maitemindu, oroitu… Askotan oroitzen naiz zurekin; Holako gaiekin aspertuta nago… Batzuetan iruditzen zait zurekin maiteminduta dagoela (Landa) (cf. Zutaz maiteminduta dago); Zuzendaria ez da zurekin gogoratuko (Egia) (cf. Ez da zutaz oroitzen; Ez da zutaz gogoratuko).

Beste batzuetan, berriz, [PS … -GATIK] gisa ematen ditugu: esan, (gaizkiesaka) jardun, galdetu… aditzekin, esaterako: Behin baino gehiagotan pasatu zitzaidan burutik nire benetako gurasoengatik galdetzea (Lertxundi) (cf. Nire benetako gurasoez galdetzea); Ez kezkatu nigatik (Juan Garzia) (cf. Ez kezkatu nitaz); Herrian aztia nintzela hasi ziren nigatik esaten (Navarro) (cf. Aztia nintzela hasi ziren nitaz esaten).

Mugak non diren jakitea ez da samurra, nolanahi ere. Dena dela, badirudi, ekialdeko euskalkietan PS instrumentalaren erabilera hedatuagoa eta ohikoagoa dela mendebaldean baino.

21.6.1i Instrumentala, adberbio askoren osagai da: aldez, aldiz, berriz, buruz, garaiz, gogoz, tamalez, zoritxarrez… eta beste hainbat adberbiok -z instrumentala buru dutela eraikiak dira. Holakoak, adberbio peto-petoak direnez, hiztegietan bildurik agertuko dira. Baina, bestalde, hiztegietan hala agertu ez arren, adberbiotzat har litezke: eskuz, lurrez, penaz, trenez… modukoak.

21.6.1j Instrumentala mendeko perpaus bati itsatsia ere ager daiteke. Perpaus jokatugabeetan, adibidez (§ 25.2.4c, § 30.6.3.25, § 34.11, § 40.9): Hau esanez/esanaz; Hau esanez gero…; Gezurra esateaz gainera… Baina baita perpaus jokatuetan ere (§ 38.8, § 40.17): Lehendakariak ongi esan zuenez; Esatekoak esanak dituzunez gero

21.6.2. Funtzio sintaktikoa

21.6.2a Funtzioari dagokionez, PS instrumentala osagarri nahiz adjuntu izan daiteke, predikatuaren arabera. Instrumentala, osagarri izan daiteke: aditz batzuek (ahantzi, arduratu, ari izan, baliatu, damutu, fidatu, galdetu, gogoratu, gozatu, jabetu, jardun, kezkatu, konturatu, maitemindu, mintzatu, ohartu, oroitu, pentsatu, poztu, segur izan eta beste hainbatek) PS instrumentala hautatzen dute osagarritzat: Ez naiz oroitzen zure izenaz; Zutaz maitemindua zegoen; Pentsatu al duzu esan dizudanaz?; Esandakoaz seguru nago… Hauetako zenbait aditz psikologikoak dira, eta halakoekin ohikoa da eragingarria, estimulua, instrumentalean/soziatiboan ematea (§ 18.4.3, § 23.2.2.3c).

21.6.2b Predikatu osagarri ere izan daiteke beste batzuetan, predikatuarekin berarekin baino areago predikatuaren osagarri batekin erlazionatua dagoela: Zer entzun duzu hitzarmen berriaz?; Ez daki gauza handirik euskal gramatikaz; Denok egiten dugu gogoeta gure iraganaz, eta gure bilakaeraz (Berria). Adibide hauetan zer, gauza handirik eta gogoeta dira egiazki aditzaren osagarri. [Hitzarmen berriaz], [euskal gramatikaz], [gure iraganaz eta gure bilakaeraz] sintagmak, osagarri bai, baina ez dira zuzenean aditzaren osagarri, predikatu osoaren osagarri baizik (zer entzun, gauza handirik jakin edo, are argiago gogoeta egin-en osagarri). Perpaus horiek beste modu honetara ere eman litezke, hots: Hitzarmen berriari buruzko zer entzun duzu? (= Zer entzun duzu [hitzarmen berriari buruz]?); Euskal gramatikari buruzko gauza handirik ez daki; Gure iraganari, eta gure bilakaerari buruzko gogoeta denok egiten dugu.

Instrumentala, bigarren mailako predikatua izango litzateke, predikatu osoari dagokiona edo, agian zuzenago, objektuari berari dagokion predikatu osagarria. Nolanahi ere, galde hitza edo izenordain zehaztugabea bera ezin da albora utzi perpausaren gramatikaltasuna gorde nahi bada: Denok egiten dugu gogoeta gure iraganaz, eta gure bilakaeraz / Denok egiten dugu gogoeta, baina *Gure iraganaz, eta gure bilakaeraz denok egiten dugu. Honek esan nahi du PS instrumental honek gogoeta horren arrimuan bakarrik lan egin dezakeela, edo gogoeta egin predikatu osoarekin. Bere kabuz, PS instrumental hori ezin da izan egin moduko predikatu baten osagarri. Bigarren mailako predikatua dela esan genezake (§ 24.4).

Honako hauetan ere predikatu osagarria (bigarren mailako predikatua) dela dirudi, hots, predikatu nagusiaren argumentu izan gabe, bestelako gorabeheraren bat (‘moduzkoa’ gehienetan) adierazten duenean: Buruko minez altxatu naiz gaur. Alegia buruko minez sintagmak ez luke altxatzeko modua adieraziko, altxatzerakoan nire egoera zein den baizik. Hots: [nii [nii buruko minez] altxatu naiz gaur].

21.6.2c Beste postposizio edo adberbio sintagmen osagarri ere izan daiteke instrumentala, aparte, gain(era), gero, gora… postposizio edo adberbioen osagarri denean: [PS [PS zutaz] GAIN(ERA)] beste bost lagun etortzeko dira; [PS [PS gure azken elkarrizketaz] GEROZTIK] gauzak zeharo aldatu dira; [PS [PS hankaz] GORA] jarri zuten dena. Aski esapide finkatuak dira holakoak. Nolanahi ere, argi erakusten dute nolako egitura duten: PS baten barnean, sintagmaren burua (postposizioa) eta honen osagarri gisa beste PS bat, instrumentala: [PS [PS zutaz] [P gainera ]].

21.6.2d Instrumentalak diren perpausak ere badira (§ 40.9): Boga-boga kantatuz amaitu zuten afaria; Ukabilak altxatuz agurtu gintuzten hizlariek. Hauek adjuntu dira. Honako honetan ere beste horrenbeste: Mikelek argi azaldu duenez, zerbait egin beharra dago. Hemen ere perpausa adjuntu garbia izango litzateke (§ 40.17).

21.6.3. Adiera

21.6.3a Instrumentalak askotariko erabilera du. Hizkuntzalari batzuen ustez (de Rijk 2008: 737), semantikaren ikuspegitik instrumentala da kasu guztietan tratatzen zailena. Arestian esan den bezala, bi forma erakusten ditu, ondoren ikusiko ditugunak. Gorago esan bezala, mugatzaile eta guztiko PSa izan daiteke (urreaz hitz egin, liburu honetaz baliatu…) eta mugatzaile gabea (urrez estali, liburuz bete…) (§ 21.6.1). Adierak ere desberdinak dira kasu batean eta bestean.

Nolanahi ere, joko handia ematen dute instrumentalezko esapide hauek, ñabarduraz beteak, batez ere mugagabean, adberbiotzat eman ditugunetan: urrez, garaiz, algaraz… Hauek euskararen eremu osoan erruz erabiltzen dira, mugatzailedunak ez bezala. Gaur, jakina, euskara batuaren hedatzearekin, gero eta erabiliagoak gertatzen dira instrumental mugatuak ere.

Instrumentalaren balioa askotarikoa izanik, ez da harritzekoa postposizio asketzat hartzen ditugun hitz askoren osagai nagusia instrumentala izatea (§ 19.3, § 21.10): bidez, bitartez, buruz, erruz, medioz, ondorioz, ordez, partez. Zure {bitartez/bidez} lortu genuen hori. AdibideZ adberbioa bera ere instrumentalean ematen dugu.

21.6.3b ‘Gaia’ izan daiteke PS instrumentalaren adiera. Instrumental mugatuak gaia adierazten du, ‘zertazkoa’ edo esango genukeena (de Rijkek aboutness dio), amets egin, ahantzi, arduratu, baliatu, galdetu, gogoratu, hitz egin, idatzi, kezkatu, pentsatu… motako predikatuen gaia. Alegia ‘zeri buruz’ edo ‘zeren gainean’ ari garen: Gai horretaz maiz mintzatu gara. Zertaz mintzatu, alegia.

Kasu honetan, -z instrumental soilaren ordez, postposizio konplexuagoez balia gaitezke: [… -RI BURUZ] edo [… -EN GAINEAN] (§ 21.10): Gai horretaz {gai horren gainean / gai horri buruz} mintzatu ziren. Baina ez beti, zeren *{Nire ahuleziaren gainean / *nire ahuleziari buruz} baliatu ziren. Berdin, Zuk esandakoaz ez naiz oroitzen diogunean, pareko gisa nekez esan daiteke *Zuk esandakoaren gainean ez naiz oroitzen, baina Zuk esandakoarekin ez naiz oroitzen, bai. Dena dela, sintagma mugatua denean batez ere, -z instrumentala lehian ageri da -kin soziatiboarekin (§ 21.2). Edo -gatik postposizioak ordezkaturik ematen ahal da beste batzuetan: Guregatik egundokoak esaten ari omen da (cf. Gutaz egundokoak esaten ari omen da).

Instrumentalaren ordain izan daiteke, ordea, absolutiboa bera: Nire ahulezia baliatu zuen. Kasu honetan baliatu predikatuak ‘gaia’ argumentua hautatzen du. Hortaz, instrumentala bera ere gaia dela esan daiteke. Esapideak baliokidetzat ematerakoan kontu handiz ibili behar da, hala ere, zeren instrumentalaren ordain, esan bezala, batzuetan PS bat izan daiteke eta beste batzuetan beste bat: {Zutaz / zurekin / *zuregatik / *zuri buruz} maiz gogoratzen naiz, baina {Zutaz / zuri buruz / zuregatik / *zurekin} gaizkiesaka jardun du; {Zutaz / zurekin / *zuri buruz / *zuregatik} ahaztu da. Ahantzi eta gogoratu elkarrekin doaz, baina jardun, mintzatu eta abar beren aldetik.

21.6.3c Instrumentalak ‘eragingarria’ adieraz dezake, ‘estimulua’ alegia. Aditz psikologikoekin, adibidez: ahaztu, akordatu, beldur izan, damutu, gogoratu, maitemindu, kezkatu, oroituMaiz gogoratzen naiz zutaz; Mozkorti batez maitemindu zen Joxepa; Jon aspaldi ahaztu zen neska horretaz. Perpaus hauetan instrumentala ‘eragingarria’ bada, subjektua ‘esperimentatzailea’ dela esango dugu (§ 23.2.2.2g). Dena dela, hemen ere, instrumentalaren ordez bestelako PSak erabil daitezke, gorago esan den bezala: zurekin gogoratu; zurekin ahaztu; mozkorti batekin maitemindu…

21.6.3d ‘Modua’: adberbiotzat hartu ditugun instrumentalek, mugatzailerik gabekoek, zerez? galderari erantzuten diote (§ 21.6.1e), gorago esan denez (urrez, gogoz, alemanez…). Orokorrean, moduzkotzat jotzen dira, baina ongi dakigu, delako ‘modu’ hori askotarikoa dela. Modua adierazten dute, adibidez, honako hauek: arduraz, arretaz, beldurrez, buruz, dardaraz, garaiz, gogoz, ikaraz, kontuz, minez, negarrez, nekez, pozez, zentzuz… Horrelakoak maiz predikatu osagarriak izan ohi dira: Hotzez nago; Beldurrez agertu ginen; Penaz esaten dizut; Dardaraz dago; Naturaltasunez mintzatu da.

Instrumentalak ‘aho jarduera’ adierazten duenean ere modua daukagu: algaraz, burlaz, deiez, garrasiz, heiagorazMarmarrez ari da beti (cf. Marmarka ari da beti); Erreguz natorkizue (de Rijk 2008: 753-762).

Modua adierazten da, halaber, etxez etxe, buruz buru, eskuz esku, aurrez aurre, orpoz orpo bezalako adberbio esapideetan ere (§ 9.9): Buruz buru aritu dira bi hautagaiak telebistan, eta atzo etxez etxe ibili ziren.

21.6.3e Ekintza bat gauzatzeko erabiltzen den ‘tresna’, ‘lanabesa’ edo ‘bitartekoa’ adieraz dezake instrumentalak. Horregatik deitzen zaio, hain zuzen, ‘instrumental’, hau baita erabilera tipikoa: Zapata hauek eskuz josiak dira, beste hauek makinaz; Ezpataz hil zuen… Hauetako batzuk soziatiboaren bidez ordezka daitezke: Pintoreak ezin izaten zuen sinetsi begiekin ikusten zuena (H. Etxeberria). Gorputz atalak ere bitartekotzat har litezke: begiz, buruz, oinez

Zerbait adierazteko erabiltzen den hizkuntza edo bestelako adierazpideak ere instrumentalean ematen ditugu: Latinez esango dizut; Izkribuz ezer ez egiteko aholkatu zidan notario jaunak. Kasu hauetan instrumentala bai, baina mugagabean ematen da, nolabait lexikalizatutako adberbio gisa, gorago esan bezala. Baina sintagma konplexuagoak ere erabil daitezke: Hizkera dotorez mintzatu zen alkatea. Nolanahi ere, hemen aipatutako kasu gehienak, hein batean, moduzkotzat interpreta litezke.

Bitartekotzat hartzen den ekintza bat ere adieraz daiteke instrumentalaren bidez, zerbait gauzatzeko edo gertatzeko lagungarri dela adieraziz. De Rijkek (2008: 744) ekintza “mediatiboa” deitzen dio: Zure laguntzaz, garaipen handiak lortuko ditugu; Ostikada batez bota zuen etxeko atea. Kasu honetan, instrumental soilaren ordez erabil daitezke postposizio askezko sintagmak, x-ren bidez (hau ere instrumentala da, jakina: … bide-z), edo x-ri esker, nahiz soziatiboaren bidez (x-rekin): {Zure laguntzarekin / zure laguntzari esker / zure laguntzaren bidez}, burutuko dugu lana; {Ostikada baten bidez / ostikada batekin} bota zuen etxeko atea. Eta baita beste modu honetara ere: Zure ostikada dela medio, lortu dugu irabaztea.

21.6.3f Lekuz aldatzeko erabiltzen ditugun baliabideak ere (trenez, autoz, oinez…) instrumentalean eman ohi dira: Bizikletaz etortzen zen okina; Oinez ala autobusez joango gara? Hemen ere instrumentala mugagabean dugu. Adberbiotzat ematen ditugu holakoak. Ibilgailu edo tresna zehatz batez ari bagara, ordea, tren jakin batez adibidez, mugagabearen ordez mugatua erabiltzera behartuak egon gintezke, baina holakoetan instrumentalaren ordez beste bideren bat hautatu beharra ere gertatzen da. Adibidez: Lehen, zortzietako {trenean/*trenez/*trenaz} joaten ginen; Ezkerreko eskuarekin (*ezkerreko eskuz baina ezker eskuz) gidatzen du.

Beste batzuetan holakoak ezinezkoak gertatzen dira: {Oinez/*oinetan} etorri naiz; {Itsasoz/*itsasoan} joan da Ameriketara. Airez, mendiz, oinez, itsasoz… ere adberbioak dira nolabait. Honako hauek bezala: Mendiz joaten ginen igandero Urkiolatik Barazarrera; Bilbotik Rotterdamera itsasoz egin zuen.

21.6.3g Ekintza bat gauzatzeko erabiltzen den ‘ekaiari’ edo ‘materiari’ ere erreferentzia egiten ahal dio instrumentalak. Holakoak ohikoak dira bete, egin, eratu, estali, moldatu, osatu, konpondu… bezalako aditzekin. Instrumentalak ekintza bat gauzatzeko materiala zein den adierazten du: Ardi esnez egindako gazta; Urrez estali zuen teilatua. Berdin honako honetan ere: Indiar buruzagi baten argazki zaharraz apainduriko kamiseta zeraman (Epaltza). Kontuan izan lehenbizikoak mugagabean doazela eta izen zenbakaitz batez (ardi esne, urre) ari garela. Aldiz, azkena mugatu singularra dugu: […] argazki zaharraz. Denak ere soziatiboaren bidez ordezka daitezke: Ardi esnearekin egindako gazta; Plastiko batekin estali zuen teilatua… Instrumental mugagabea hautatu beharrean beste sintagma bat aukeratzen badugu ([PS … -KIN], adibidez), ordezko honek aukera handirik ez du ematen mugagabeaz baliatzeko, mugatua izan behar ezinbestean: urrez estali baina urrearekin estali, ez *urrerekin estali; ardi esnez egin / ardi esnearekin egin, ez *ardi-esnerekin egin.

21.6.3h ‘Kausa’ ere adieraz dezakegu instrumentalaren bidez. Honako adibide honetan, esaterako: Tristuraz eta penaz hil zen gizajoa. Hemen kausa balioa eman dakioke instrumentalari (cf. Tristura eta penagatik hil zen), baina goian bezala, ez gabiltza ‘modu’ delako horretatik ere oso aparte: nola hil zen? balizko galderaren erantzuna izan liteke.

21.6.3i ‘Irizpidea’/‘ikuspuntua’ adierazteko balio du instrumentalak. Criteria deitzen dio de Rijkek (2008: 757). Alegia, perpaus bat interpretatzeko orduan irizpide gisa ezartzen den erreferentzia jasoko luke instrumentalak. Zeren arabera ulertu behar den esaten digu: Motel dabil osasunez; Pisuz ondo dabil baina indarrez urri; Diruz larri samar ikusi nuen gizona. ‘Osasun aldetik’ edo ‘diruari, pisuari eta indarrari dagokionez’ esango bagenu bezala.

21.6.3j ‘Denboraren iraupena’ instrumentalaren bidez eman daiteke edo inesiboan, edo inolako markarik gabe ere bai batzuetan: Bost urtez egon zen kartzelan (cf. Bost {urte/urtean} egon zen kartzelan). ‘X aldiz’ ere instrumentala da (aldi-Z) eta neurria, maiztasuna adierazten du: Bost aldiz izan naiz Ameriketan.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

21.6.3k Konparagaien arteko ‘koxka zenbatekoa den adierazteko instrumentala erabil daiteke (de Rijk 2008: 759): Hogei urte(z) zaharragoa zen. Eta [x aldiz] sintagma bera ere eginkizun honetarako baliatzen ahal dugu: Mila aldiz hobea da zure formulazioa; Eztarriaz beherago sartzen zaio ke beltza (Etxeberri Ziburukoa), ‘eztarria baino beherago’ alegia.

21.7. Leku/denborazko ez diren PSak laburbilduz

Leku/denborazko ez diren PS hauen guztien kontuak laburbiltzeko, honako taula hau eskain genezake:

Kausazkoa

-(en)-gatik

diru guztia(ren)gatik, zu(re)gatik…

honengatik, beragatik…

Soziatiboa

-(r)e-kin

esnearekin, emaztearekin, liburuekin…

lagun horrekin, inorekin

zurekin, nirekin…

Josebarekin, Mirenekin…

Destinatiboa

-en-tzat

-en-tzako /

-en-dako

enpresarentzat, enpresentzat, arbolentzat…

haur txikientzat, zuretzat, guztientzat…

haur txikientzako / haur txikiendako

Prolatiboa

-tzat

lelotzat, ontzat, maisu handitzat…

Instrumentala

-(ta)z

etxeaz, basoez…

arazo horretaz, zutaz…

-z

beldurrez, buruz, trenez, urrez…

21.8. [PS … -KO] postposizio sintagma

21.8.1. -KOren eremu zabala

21.8.1a Azkenerako utzi dugu -ko postposizioa. Izan ere, -ko postposizioa ez da, berez, orain arte aztertu ditugun postposizioen modukoa: ez da, adibidez, -n inesiboa bezala, leku/denborazkoa, ez eta ere -gatik bezalakoa, nahiz eta leku/denborazko PSak eta leku/denborazko ez direnak hartzen dituen osagarritzat. -ko postposizioa beste PSei erants dakieke: Datorren urte-KO planak; Herrien askatasunari buruz-KO galderak; Zuregana-KO nire jarrera… PS ez direnak ere hartzen ditu osagarri: Itxura one-KO sagarra; Bost kilometro-KO ilarak

21.8.1b Aurreko kapituluan izan dugu hizpide [PS -(RA)KO] adlatiboa (§ 20.3). Beste begiradatxo bat eman behar diegu oraindik -kodun sintagmei. Adlatiboak aditz baten osagarri edo adjuntu gisa aurkeztu ditugu. Alde horretatik, -ra, -raino, -rantz eta -(ra)ko pareko postposizioak dira. -koren historia, ordea, ez da hor amaitzen. Izan ere, [PS … -KO] PSa, aditz bati atxikia ez ezik (Gazta iganderako gordeko dut), izen bati atxikia ere eman daiteke: Igande(ra)ko gazta bihar erosiko dut. Aipatu ditugun lau adlatibo horiek joan daitezke izen bati atxikiak ere. Horretarako, ordea, -ko postposizioaren laguntza behar dute: etxe(ra)ko bidea; Erromarainoko bidaia; goranzko abiadura…; -ko hau beste PS askori ere eransten zaie, leku/denborazko nahiz bestelako izan: Erromaraino iritsi da diogunean Erromaraino PSa nolabait adberbiozkoa-edo da eta aditz bati atxikia ematen dugu. Berdin, Zurekin nago; Hemen jaio zen; Gero etorriko naiz; Beldurrez bizi da… diogunean. Baina holakoak izen bati atxikiak joatea nahi dugunean, -koren laguntza nahitaezkoa da: zurekiKO, hemenGO, geroKO, beldurrezKOBeldurrez edo gaur adberbiozkoak badira, hauetatik eratorritako beldurrezko, gaurko eta abarrak adjektibozkoak direla pentsa liteke, nolabait: beldurrezko film bat eta film beldurgarri bat parekoak dira hein batean. Eta parekoak dira, halaber, beldurrez-ko eta ikaragarri.

21.8.2. -KO postposizioa, inesiboa osagarri duela: [PS [PS … -N] -KO]

21.8.2a Teilatuko katua edo atzoko bilera diogunean, teilatu-ko eta atzo-ko sintagmak PSak dira, mendiko txabola edo hamaika herritako alkateak… diogunean bezala. Adibideotan PSa ‘goragoko’ beste IS baten barneko osagaia da: [IS [PS mendi-KO] txabola]; [IS [PS hamaika herri-ta-KO] alkateak]. Horregatik, genitibotzat hartu izan da PS hau (Lafon 1965: 131-159), mendiaren itxura edo hamaika herriren arazoak sintagmen osagai diren mendiaREN eta hamaika herriREN sintagmen antzera; baina genitibotzat hartze hau eztabaida liteke.

21.8.2b Sintagma hauek leku adieran interpretatzen ditugu maiz: mendiko txabola edo herri guztietako alkateak sintagmen parafrasiak mendian den txabola eta herri guztietan diren alkateak izan litezke. Bestalde, -ko postposizioa zuzenean erants dakieke ohiko leku/denborazko adberbioei ere: hemen-GO, han-GO, non-GO… Beste adberbio inesibo batzuek ere, marka jakinik gabeak izan arren, zuzenean hartzen ahal dute -ko postposizioa: atzo-KO, beti-KO, bihar-KO, egunero-KO, gero-KO, hor-KO, noiz-KO… Hauetan guztietan, azpian, inesiboa edo beste leku/denborazko sintagma bat dugula onartzen ahal dugu. Menditik, mendira, zugaNdik, zugaNa… nolabait inesiboaren gainean eraikitzat eman ditugu (§ 20.1.5). -koren kasuan argi dago kontua: mendiko daukagun lekuan, mendian-ko inesiboa dugula onartzen dugu, eta inesiboaren marka ezabatu ondoren, mendi-ko < mendi-an-ko dugula.

Etxeko eta orduko bezalakoak, aspalditik aldarrikatu izan denez, ez dira soilik ‘mugatuak’, formalki agerian ez den artikulu batez hornituak, inesibo mugatuaren gainean eratuak baizik, ez etxe edo ordu oinarri biluziaren gainean. Bestela esan, orduko, balio honekin, ez dator ordu-tik, ordu-an-etik baizik: azpian, [[izena {etxe / ordu}] + art. + [ines -N] + [-KO] izango litzateke eta determinazio marka eta kasua ezabatuz, etxe-ko, ordu-ko gisa azaleratzen da eta ez, etxean + ko (etxean-go), orduan + ko (orduan-go) gisa (Mitxelena 1977b: 505). Beraz: [mendian + -ko] txabola > mendianko txabola > mendiko txabola; [[bost herritan] + -ko] alkateak > bost herritanko alkateak > bost herritako alkateak.

21.8.2c Hemengo berriak / nongo alkateak? / betiko kontua / aurtengo egitasmoak… sintagmetan ageri diren -kodun sintagmak ere leku/denborazkoak dira. Begien bistan da -koren osagarria zein den: hemen / non / beti / aurten… denak ohiko leku/denborazko adberbioak, oso-osorik emanak, inolako ezabaketarik gabe. Hala ere, PS hauen leku/denbora balioa ez zaio -ko postposizioari berari zor, osagarriari baizik. Hemengo edo nongo sintagmetan ez bezala, mendiko / bost herritako sintagmak inesibo markarik gabe ageri dira. Hala ere, denetan azpian inesiboa (edo beste leku/denborazko PS bat) dugula onartuko dugu eta leku/denbora balioa ez dio -ko postposizioak ematen, oinarrian dugun inesibo isil horrek baizik.

Hortaz, ‘azpian’ inesiboa dugunean, gainerako leku/denborazko PSentzat eman ditugun taulen antzera, -korentzat ere beste horrenbeste egin dezakegu, inesiboa ezkutuan duen PSak ditugula onartuz. Nolanahi ere, -koren oinarrian ez dago beti inesiboa, ez eta PS bat ere berehala ikusiko dugun bezala (§ 21.8.5): bihotz oneko gizona, lau hankako mahaia.

21.8.2d -ko postposizio sintagma: [PS [PS [DS …] -N] -KO]

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(e)ta-N] -KO

{bi / hiru / sei / …} ({etxe / harri…}) -TA-KO

{bost / hamar / …} ({adar / haitz /…}) -(e)-TA-KO

(baina (etxe / harri…) bateko / *batetako))

(Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 12. araua: “Bat eta batzuk-en deklinabidea”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua).

{zer / edozer / ezer / zein / edozein / zenbat / hainbat…} (harri / haitz-) -(e)TA-KO

(etxe / harri / haitz / …) {asko / gutxi / anitz} -(e)-TA-KO

[+mug.]

<iz. prop.>

[PS [DS izen propioa] -N] -KO

Bilboko / Donostiako / Mauleko

Irungo / Usurbilgo / Zarauzko (§ 20.2.1.1c)

[+mug./-pl.]

<izord.>

[PS [DS perts. izord.] -(en)-baita-N] -ko

ni(re) baitako / hi(re) baitako

[+mug./-pl.]

<artikulua>

[PS [DS … ] -a-N] -KO

zeru (garbi)ko / etxe (berri)ko / ikastolako…

alde zaharreko / une zaileko

[PS [DS … artikulua]-r-en- baita-N] -KO

ikaslea-ren BAITAKO / lagun zaharra-ren BAITAKO

[+mug./-pl.]

<erakuslea>

[PS [DS … erakuslea]-ta-N] -KO

(etxe / harri / haitz…) {honetako / horretako / hartako}

(etxe / harri / haitz…) {honexetako / horrexetako / harexetako}

(etxe / harri / haitz…) {honetakoxe / horretakoxe / haretakoxe}

(…) beronetako / berorretako / bereko

[+mug./+pl.]

<artikulua>

[PS [DS … artikulua]-ta-N] -KO

{etxe / leku berri / enpresa / une latz- / …} etako

ideia / bide-… zabalotako

[+mug./+pl.]

<erakuslea>

[PS [DS … erakuslea]-ta-N] -KO

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetako / horietako / haietako}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetxetako / horietxetako / haietxetako}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetakoxe / horietakoxe / haietakoxe}

(etxe / leku / enpresa / …) beraue- / berorie- / ber(ai)e-} -TA-KO

(-ta-ko-xe / xe-ta-ko)

Hots egokitzapenak

1) -an+-ko > -ko (etxe batean + -ko > etxe bateko; lurrean + -ko > lurreko; nire baitan + -ko > nire baitako)

2) -tan+-ko > -tako (bost etxetan + -ko > bost etxetako; etxe honetan + -ko > etxe honetako; etxe hauetan + -ko > etxe hauetako)

3) -n+-ko > -ko (Donostian + -ko > Donostiako; Bilbon + -ko > Bilboko…)

21.8.3. -KOren osagarria, inesiboaz bestelako leku/denborazko PSa

21.8.3a Leku/denborazkotzat hartu ohi diren PSen azpian maiz inesiboa badugu ere (Loiolako bilera < Loiolan egin zen bilera), beste askotan ez dugu inongo inesiborik. Zuri buruzko iritzia diogunean, beste zerbaitez ari gara, ez leku/denboraz ez eta ere inesiboaz. Honen azpian, zuri buruz duten iritzia edo dugu. Hala ere, Loiolako eta zuri buruzko sintagmak, funtsean, modu berean osatuak daude: [PS [PS {Loiolan / zuri buruz}] -KO]. Diferentzia bakarra ‘azpiko’ PSan dago: batean inesiboa da ([PS LoiolaN]) eta bestean instrumentala ([PS zuri buruZ]). Modu berean, etxerako bidea, zerutikako ezaupide bat eta abarretan ere -koren osagarrian inesiboa ez da ageri normalean, baina bai beste bat, beharbada: Etxe(ra)ko bidea hartu zuen (< etxera + -ko); Zerutiko ezaupide bat eskatzen zioten (Iraizoz) (< zerutik + -ko); Zerutikako dei ezti bat entzun zuen (< zerutik + -ko).

21.8.3b Azken adibide hauen pareko da honako hau ere: Zeruko dei bat izan zuela zioen. Holakoetan ohikoena isilpean inesiboa dagoela pentsatzea bada ere (zeruko < zeruan + -ko), ez da beti horrela izaten. Izan ere, zeruko deia izan liteke zerutik datorren deia. Modu berean, Parisko trenak motel dabiltza diogunean ere ondoko hiru hauetariko edozein interpretazio egin liteke, berez: a) Parisen dabiltzan trenak; b) Parisera doazen trenak, edo c) Paristik datozen trenak. Hortaz, inesiboa, adlatiboa eta ablatiboa, hirurak, -koren azpian ‘ezkutuan’ egon daitezke, neutralizatuak, nolabait. Hortaz, bost herritako alkateak sintagma [PS [PS bost herritan] + -ko] alkateak dugula onar liteke (‘bost herritan diren alkateak’, alegia). Baina, testuingurua nolakoa den, [PS [PS bost herritatik] + -ko] alkateak gisa ere interpreta liteke: ‘bost herritatik etorri diren alkateak’. Etorri aditzaren ordez beste bat bagenu, bidali adibidez, azpian adlatiboa dugula ere interpreta liteke: Bost herrita(ra)ko gutunak bidali dituzte. Nolanahi ere, azpian hiru PS horiek izan ditzakegu, berez.

21.8.4. Leku/denborazko ez diren postposizio sintagmak -KOren osagarri

21.8.4a -ko postposizioak izan ditzake, ordea, inesibo edo leku/denborazko PS ez diren osagarriak. Adibidez: Gurasoekiko lotura eten dute perpausean gurasoekiko sintagmak ez du leku/denbora adierarik, egitura berbera badugu ere: [PS [PS gurasoeKIN] -KO] lotura. Hemen ere, -koren osagarria ez da IS soil bat, beste PS bat baizik (gurasoekin), kasu honetan leku/denborazkoa ez dena.

21.8.4b Hortaz, inesiboaz gainera, bestelakorik ere bada -koren ezkerraldean: mendiko giroa < mendian den giroa bezala, zurekiko desadostasuna (‘zurekin duten desadostasuna’) (< zurekin + -ko); zuri buruzko galdera (‘zuri buruz egin den galdera’) (< zuri buruz + -ko); ganorazko lana (‘ganoraz egin den lana’) (< ganoraz + -ko); holako gauzak (‘hola(koak) diren gauzak’) (< hola + -ko); binakako partida (‘binaka jokatzen den partida’) (< binaka + -ko)… Sintagma hauetan -ko dugu buru eta buru honen osagarria batzuetan, inesiboa izan beharrean, bestelako AdbS edo PS ere izan daiteke: [PS [PS {etxe hartara / gurekin / zuri buruz / egia-z …}] -KO]; [PS [PS [binaka/hola …}] -KO].

21.8.4c -koren osagarria aski PS konplexua ere izan daiteke zenbaitetan. Adibidez, [[duela berrogei urte]-KO] kontuak; [[ordutik hona] [-KO] aldaketa; [[hitzez hitz] -e-KO] itzulpena; [[urtean behin] -GO] bilkura

21.8.5. Zenbatzaile sintagmak -KOren osagarri

21.8.5a Zenbatzaile sintagmak ere izan daitezke -koren osagarri: bost metro (luze)ko horma (< bost metro (luze) den horma); bost urteko iloba (< bost urte dituen iloba). Sintagma hauen osaera argi dago zein den. Inesiboaren eta abarren beharrik ez dugu orain ere: [IS [PS [DS bost urte] -ko] iloba].

21.8.5b Batean kopurua adierazteko zenbatzaileaz nahiz mugatzaile pluralaz baliatzen gara, edo biak balia daitezke: bost zaku (mugagabea) vs (bost) zakuak (mugatu plurala). IS hauek leku/denborazko PSen osagai direnean -ta- artizkia agertuko zaigu (§ 19.5.2): bost zakutan (-mug.) / bost zakuetan (+mug./+pl.); bere bi enpresatan (-mug.) / bere bi enpresetan (+mug./+pl.)… Zakuak, enpresak, gauza diskretuak dira: zaku bat, bi… bost; enpresa bat, bi…; -korekin agertzen direnean ere horrelaxe gertatuko da: bost zakutako (-mug.) / bost zakuetako (+mug./+pl.); bere bi enpresatako (-mug.) / bere bi enpresetako (+mug./+pl.).

21.8.5c Aldiz, neurriak adierazten ditugunean (bost kilometro, hamar urte, bi kilo…), kilometro, urte, kilo izenak ez ditugu nahitaez izaki diskretutzat hartzen: neurri izenekin, maiz, kopuru osoa hartzen da kontuan. Ez gara ari kilometro bakoitza zenbatzen. Bost arbola diogunean, berriz, bost arbola bereziz ari gara, ez neurri batez. Kontua da, neurriez ari garenean, holako sintagmak mugatu singular gisa eman daitezkeela: Bost kilometroan ez dugu inor aurkitu; Hamar urtean eraiki zuten katedrala. ‘Bost kilometroko tartea’ edo ‘hamar urte irauten duen epea’ edo antzeko zerbait esango bagenu bezala.

Ikus hemen Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

21.8.5d PSetatik kanpo ere, badira holakoak, kopuruak, prezioak eta abar adierazi nahi direnean: Bost urte ibili zen Argentinan; Bi kilometro ditu zubi honek. Kontua da holakoek -korekin ageri direnean, forma berari eusten ahal zaiola, -ta- artizkia baliatu gabe, singularra balitz bezala, alegia: bost urteko ibilaldia < bost urte + -ko (cf. bost urte iraun zuen ibilaldia); mila euroko bidaia < mila euro + -ko (cf. mila euro balio duen bidaia); lau hankako mahaia < lau hanka + -ko (cf. lau hanka dituen mahaia). Zenbait euskalkitan, hala ere, gauzak ohiko moduan ematen dira: bost urtetako ibilaldia; bi kilometrotako bidea; mila eurotako bidaia

21.8.5e Gauzak horrela, erraz ulertzen da honako hiru esamolde hauen arteko diferentzia, eta samurra da erantzutea sor daitekeen zalantzari ere: hamar urteko ardoa (hamar urte-ko) ≠ hamar urtetako ardoa (hamar urtetan-ko) ≠ hamar urteetako ardoa (hamar urteetan] -ko). Batean ardoaren ‘adinari’ egiten zaio erreferentzia, bestean hamar urtetako ardoa daukat ‘hamar urte jakinetako ardoa’, eta azken hamar urteetako ardoa, berriz, hamar urteetan edo urte hauetan… egindako ardoa izan liteke.

Ikus hemen Euskaltzaindiaren 34. araua: “Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia”, Bilbon, 1995eko ekainaren 30ean onartua.

21.8.5f Honako hauetan ere lehengo egitura bera dugula pentsa liteke: {bi urte / hogei euro / lau hanka} -ko. Kontuan izanik -ko buruak maizenik beste AdbS edo PS bat hartzen duela osagarritzat, pentsatzekoa da holakoetan ere horrela direla gauzak: Bost urte iraun zuen gerrak > bost urte-ko gerra; Hogei minutu egon naiz zain > hogei minutuko egonaldia. Horrenbestez, hemen ere honako egitura izango genuke: [PS [PS [DS {bost urte / hogei minutu / lau urte…}] [P Ø] -KO]].

21.8.5g Zalantzak gorabehera, tartean zenbatzaile numerala dugunean, gauzak erraz konpon daitezke: lau urteko lanalau urtetako lanalau urteetako lana. Arazoa pixka bat korapilatsuagoa gertatzen da zenbatzailea zehatza (numerala) ez denean: asko, batzuk, zenbait… Baina hauetan ere, -koren osagarri gisa inesiboa dugun ala ZenbS soila dugun kontuan hartzeak lagun diezaguke: a) Urte askotako lanak daude bilduak hemen (cf. urte askotan egindako lana(k)); b) Urte asko(ta)ko etxea erre da (cf. urte asko zituen etxea); c) Indar askoko potajia da Ernaniko eltzekondo (Txirrita) (cf. indar asko duen potajea). Hauen azpian zer dagokeen kontuan hartuz gero, arazorik ez. Dena dela, batzuk, zenbait, aski, eta holako zenbatzaile zehaztugabeekin nekeza da -ta-rik gabeko formak baliatzea. Bestalde, holako sintagmek, maiz, helburua edo adierazten dute.

21.8.5h Beste -ko bat ere bada, balio banakaria edo distributiboa duena: [PS … -KO]. Adibidez: Hausten zuen plater bakoitzeko euro bat kentzen zioten; Zinegotzi bat jarriko dute batzorde bakoitzeko; Herri honetan hamabost taberna daude mila biztanleko. Kuantifikazio modu bat da: ‘zenbat plater, hainbat euro’; ‘zenbat batzorde, hainbat zinegotzi’ edo ‘zenbat biztanle, hainbat taberna’. Banakari deitu ditugu, hori baita duten adiera, zer proportziotan banatzen diren kopuruak alegia: ‘kilo bakoitzeko honenbeste emango dizut’, ‘talde bakoitzeko zinegotzi bat’, ‘euro bat, hautsitako plater bakoitzeko’ eta abar. Beraz, -ko destinatibotik oso gertu dago hau ere: hamabost taberna mila biztanleko esaten ahal den bezala, mila biztanlerentzat hamabost taberna esatea ez da urrunegi joatea. Zenbatzaileak aztertzean ikusi ditugun zenbatzaile distributiboen (-na atzizkia erantsiz sortzen ditugunen) oso antzeko balioa du -ko honek (§ 16.2.14).

Ehunekoak ematen ditugunean ere, egitura banakari edo distributiboaz baliatu ohi gara: Irabazien ehuneko bost (% 5) emango dizu bankuak, ‘ehun irabazi bankuak, zuri bost eman’ alegia. Egitura banakari honetan hiru osagai ageri dira: aditz bat (kendu, adibidez), zenbatzaile sintagma bat (euro bat) eta PS banakaria (hausten zuen plater bakoitzeko): [PS Hausten zuen plater bakoitzeko] [IS euro bat] [A kentzen zioten].

21.8.6. IS soila -KOren osagarri

21.8.6a IS soila ere izan daiteke -ko postposizioaren osagarri. Hor ditugu bihotz oneko gizona modukoak ere, non [PSbihotz on-e-KO] sintagma predikatu lanetan ari den. Bihotz ona duen mutila bihotz onekoa dela esango dugu. Honen ‘azpian’ ez dago inesiborik: Jonek bihotz ona du = Jon bihotz onekoa da. Horregatik, hein batean ‘bihotz oneko’ eta ‘on’ kategoria bereko izan daitezke, biak adjektiboak nolabait. Hortaz, -ko postposizioa izanik ere, adjektibo kategoriakotzat har liteke (Altube 1929: 274). Eta goiko sintagman kategoria markarik jarri ez badugu ere, honela beharko zukeen: [AdjS [DS bihotz on]-e-KO]. Gramatika honetan ere atzizki adjektibo-sortzailetzat hartu dugu mota horretako -ko5.6.3).

21.8.6b Horrenbestez, -ko postposizioa PSari ez ezik, zuzenean ISari itsasten ahal zaio (Trask 2003). Bihotz oneko gizona; etorkizun handiko proiektua… bezalakoetan ezin gara hasi inesiboaren bila: bihotz oneko mutila ez da *bihotz onean dagoen mutila, adibidez, bihotz ona duen mutila baizik. Hauetan [[Izena + Adjektibo] -KO] taxua aurkitzen dugu, gehienetan: bihotz oneko mutila; itxura txarreko arraina; etorri handiko hizlaria

Hala ere, badira salbuespen batzuk, zeinetan ez den beharrezko adjektiboa esplizituki agertzea: {adineko/sasoiko/patxada(z)ko} gizona; kalitate(z)ko gazta. Adjektiboaren arrastorik ez egon arren, denak ere balio positiboa duen adjektiboren bat eramango balute bezala interpretatzen dira: ‘adin handiko’, ‘sasoi oneko’, ‘patxada ederreko’, ‘kalitate handiko’ eta abar. Hauetan guztietan, ez dago -koren ezkerrean inolako PSrik. Predikazio bat dugu, subjektuaren ezaugarri batzuk jasotzen dituena: Mutil hori bihotz onekoa da eta Mutil horrek bihotz ona du perpausetan modu bertsuan erlazionaturik daude subjektua eta predikatua. Horregatik onartzen dute erlatibozko parafrasia: bihotz onekoa den mutila / bihotz ona duen mutila5.6) (Mitxelena 1972a; Goenaga 2003). Azken batean, egin beharreko lana eta egin behar den lana modu berean erlazionaturik daudela pentsatzeko eskubidea badugu.

21.8.6c Hortaz, bihotz oneko mutila edo jakituria handiko irakaslea sintagmetan ez daukagu inesiborik, ez bestelako PSrik, IS arrunta baizik. Etxe oneko eta etxe onean jaiotako sintagmen arteko kidetasuna argi dago. Bihotz oneko-ren kasuan, ordea, nekez hasiko gara *bihotz onean-ko moduko ezeren bila; izatekotan ere, bihotz ona duen edo.

21.8.7. -KO zenbait predikatu osagarriri itsatsirik

Zenbait predikatu-osagarriri ere (bi metro luze, izarra baino ederrago bezalakoei) -ko erantsi ohi zaie DS barruan txertatuko badira: Bi metro luzeko gizona (cf. bi metro luze den gizona); Izarra baino ederragoko andrea joan zait ihesi (cf. izarra baino ederrago den andrea). AdjSa luzea bada, goiko adibideetan bezala, ez da eroso gertatzen sintagma hori izenaren ondoan txertatzea -koren laguntzarik gabe (?andre izarra baino ederragoa / izarra baino andre ederragoa…). Horretarako egoki da -ko lagun hartzea; esaldia askoz errazago prozesatzen da.

21.8.8. Mendeko perpausak -KOren osagarri

-ko, mendeko perpausekin ere erabiltzen dugu. Hor ditugu -(e)lako eta -tzeko perpausak -ko postposizioa agerian dutela (§ 30.6.4.1): Bilerara agertuko ez delako kontua aipatu du; Eskuinak hauteskundeak irabaz ditzakeelako mezua zabaldu dute; Bazuen baietz esateko beldur pixka bat. Holakoetan ez dugu leku/denborazko postposizio sintagmarik. [… -LAKO] perpausa izen baten osagarria edo da, kontua, mezua edo beldur pixka bat sintagmena, hain zuzen, [… -LA] perpausa (ez dela agertuko edo eskuinak hauteskundeak irabaziko dituela), predikatu baten (esan, zabaldu, mezua izan…) osagarria den bezala.

[PS… -TZEKO] izenaren nahiz aditzaren osagarri izan daiteke. Goiko adibidean izenaren osagarri zen. Beste hauetan, berriz, aditzaren (§ 30.7.2.1) eta izenaren osagarri da, hurrenez hurren: Isilik egoteko esan nion; Isilik egoteko agindua eman zioten. Hemen -tzeko perpausa osagarria da (§ 25.3.3g). Baina adjuntua ere izan daiteke: Isilik egoteko ez da arrazoi handirik behar.

21.8.9. -KO, erlaziozko postposizioa

21.8.9a Har ditzakeen osagarri mota guztiak kontuan hartuta, -ko postposizioa ‘erlaziozkoa’ dela esan genezake (Altube 1929: 274; Azkue 1923-1925: 314-317; de Rijk 2008: 89-110). Hemen jaso ditugun sintagmak aurrean ditugula, hobeki ikusten da -koren izaera: erlazio bat ezartzen du predikatu baten eta honen argumentu (subjektu) baten artean, perpaus erlatibo baten bidez egingo litzatekeen antzera (Azkue 1923-1925; Goenaga 2003). Horregatik, -ko postposizio hau izendatzeko, ‘erlaziozko’ edo ‘erlatibo’ deitura egoki litzateke agian, edo, beharbada, aski litzateke adjektibo kategoriakotzat hartzea, adjektibozkoa baita nolabait, lehen ere esan dugun bezala (§ 21.8.6a). AdbSak AdjS bihurtzeko gaitasuna du nonbait, eta subjektu bati buruzko predikazioa bidera dezake.

Esaterako, arestiko adibideetan: [Duela berrogei urte (izan ziren) [kontuak]]; [Ordutik hona (izan diren) [aldaketak]]; [Hitzez hitz (egindako) [transkripzioa]], edo nahiago bada, argiago, Kontuak [orain berrogei urte-ko-ak] dira; Aldaketak [ordutik hona-ko-ak] dira; Transkripzioa [hitzez hitz-e-ko-a] da. Kontuak [larri-ak] dira; Aldaketak [berri-ak] dira; Transkripzioa [zuzen-a] da esaten dugunean bezalaxe, alegia. Larri, berri, zuzen… dagoeneko adjektibo kategoriakoak direnez, inolako ‘gehigarririk’ gabe lan egin dezakete adjektibo gisa.

Orain berrogei urte, aldiz, ez da adjektiboa, ezta DS arrunt bat ere, PS konplexu bat baizik. Baina, behin -ko ‘adjektibozko’ postposizioa gehituz gero, adjektibo bihurtua geldituko litzateke, nolabait: [PS [PS orain berrogei urte] -KO], [PS [PS aspaldi] -KO] bezalaxe. Alegia, [IS [AdjS orain berrogei urte-ko] kontuak], [IS [AdjS aspaldi-ko] kontuak]. Honek eskatzen duen bakarra da -ko postposizioa adjektibozkoa dela onartzea, perpaus erlatiboa den bezalaxe: [[P erl balio handia duen] gizona] / [[PS balio handiko] gizona] / [gizon [AdjS baliotsu]a]. Ikuspegi honetatik, betiko lagun zaharrak nahiz gailurrerainoko bide neketsua sintagmak, adjektibo kategoriako bina sintagmaz eta izen batez osatuak leudeke. Kategoria gramatikalari dagokionez ez da alde handirik sumatzen aspaldiko eta zahar-en nahiz gailurrerainoko eta neketsu osagaien artean. -koren adjektibotasunaren alde letorke halaber (eta -en genitiboaren kasuan ere berdin), sintagma hauek predikatu osagarri gisa lan egiteko duten aukera. Lagun hauek Zarauzkoak dira (ez, *Zarauzko dira); Ogi hau herenegungoa da (ez, *herenegungo da); Liburu hori neska horrena da (ez, *neska horren da).

21.8.9b -koren osagarria inesiboa denean sintagmak hartzen duen forma gorago eskaini dugu (§ 21.8.2d). Orain hemen hizpide izan ditugun erabileren berri emateko arazorik ez dugu izango, gehienetan -ko postposizioa eransteak ez baitu inolako eraginik morfema segidan. Hortaz, hona hemen, laburbiltze aldera, [PS [ PS … ] -KO] sintagmak erakutsi ditzakeen zenbait forma:

Adlatiboak oinarri

etxerako / etxerainoko / etxeranzko…

goitik beherako / handik honako / etxetik iturrirainoko /…

gureganako…

Instrumentala oinarri

urrezko / beldurrezko / bidezko / legezko / pozezko / ganorazko

zuri buruzko…

Bestelako PSa oinarri

erreka ondoko… / Bilboko autobusa /…

aitarekiko…

Moduzko adberbio esapideak

zorioneko / zorigaiztoko

nolako / halako / horrelako

erdipurdiko / hitzez hitzeko / han-hemenkako

banakako / binakako

galdutako / usteldutako / hildako…

Bestelako adberbio sintagmak

orain berrogei urteko / noizean behingo…

Predikatu osagarria oinarri

zuzeneko / okerreko / garrantzi handiko / itxura oneko / ikaragarrizko

Zenbatzaile sintagma

urte bakoitzeko

ehun urteko… / milioi erdiko…

21.9. -KOren lana morfologian

21.9.1. Morfologia lexikoan

21.9.1a Morfologia lexikoan ere aurkituko dugu -ko, eratorpen atzizki gisa (§ 4.2.5, § 4.4.3.6): bateko urrea, bostekoa eman, belarritako politak, belarrondoko galanta, elizako(ak), gerrikoa, ipurdiko bat, muturreko, oinezko, oinetako… (Lafon 1999 [1965]: 182; Azkarate eta Altuna 2001: 97-101). Hitz hauek ohiko PS gisa sortuak dira, baina lexikalizazio prozesu baten ondorioz hitz eratorri beregain bihurtuak direla onar daiteke. Hitz eratorriak diren heinean morfologiari dagozkio kontu hauek, morfologia lexikoari. Nolanahi ere, -ko morfemaren emankortasuna izugarria da. Hiztegietan ere horrela bilduak egon litezke: adineko, patxadazko, kalitate(z)ko, sasoiko eta antzekoak ere, funtsean adjektibo edo izen eratorritzat har genitzake, nolabait iharturik dauden heinean (§ 21.8.6b, § 21.8.9a).

21.9.1b -ko partizipioari ere erants dakioke: esaneko, jakineko… (Jainkoa da bakarrik / esanekoa / bein agindu dabena / a emongoa. J. M. Zabala). Esaneko adjektibo eratorria da; [a emongo], berriz, perpausa, aditzaz eta objektuaz osatua, [hura ematekoa] esango bagenu bezala.

21.9.2. Aditz morfologian

Aditzaren morfologian ere badu lekua -ko postposizioak. Zeregin nagusia du, adibidez, adizki analitikoen eraketan, geroaldia osatzeko orduan: Gero ikusiko dugu; Zerbait esango nioke… Euskalkien arabera, -en genitiboarekin partekatzen du eginkizun hau: Zerbait erranen nioke; Galduren da…26.3.2.3). Nolanahi ere, hauek ez dira, dagoeneko, PSaren buru: aditz morfologian funtsezko diren morfema bereziak dira. Lan horixe egiten dute beste morfema batzuek ere, -n inesiboak adibidez (eskatzen dizut, egiten duzu…). Hauek ez dute hemen PSrik osatzen, baina gaurko euskaraz postposizio gisa aztertzen ditugunak eta aditz jokoan erabiltzen ditugunak jatorri bereko dira.

21.9.3. -KOren erabilerari dagozkion zenbait auzi

21.9.3a -en/-ko artean hautua egitean maiz zalantza izaten da. Batzuetan, izen bizigabea (edo bizigabetzat ere har daitekeena) oinarri duten sintagmetan, biak dira zilegi modu desberdinean interpretatu arren: Elizaren isiltasuna vs elizako isiltasuna; Euskal Herriaren adiskideak vs Euskal Herriko adiskideak. Berez, ez dira gauza bera. -en genitiboak jabegoa adierazten du askotan, posesioa, nahiz bestelako erlazioak ere adieraz ditzakeen (§ 18.6.2c); baina, oro har, norbaitek duen zerbaitez aritzeko balio du (cf. Euskal Herriak dituen adiskideak). Aldiz, Euskal HerriKO adiskideak lekuzko gisa interpretatzen da: ‘Euskal Herrian {diren/ditudan…} adiskideak’.

21.9.3b Maiz, bi sintagmen artean ñabardura batzuk gorabehera, ez da alde handirik sumatzen praktikan: Euskal Herriaren historia / Euskal Herriko historia; nobela honen bigarren atala / nobela honetako bigarren atala. Dena dela, horrelakoetan ere, pentsa liteke hiztunak ikuspegi desberdina hartzen duela batean eta bestean: esaterako, naturalago edo sentitzen dugu liburu baten atala, liburu bateko atala baino. Eta, aldiz, liburu bateko {orrialdea/pasartea} naturalago, liburu baten {orrialdea/pasartea} baino, edo ikastolako burua naturalago ikastolaren burua baino (Lafon 1965; Goenaga 2003).

21.9.3c Beste batzuetan, -en eta -koren arteko diferentzia funtsezkoagoa izan liteke: hamabi euroko kafeahamabi euroren kafea. Batean ‘hamabi euro balio duen edo kostatzen den kafea’ dugu eta bestean zenbat kafe erosi den esateko modu bat izan liteke, hamabi euroren truke erositako kafea edo.

21.9.3d Zenbaitetan, -ko erabiltzen dugu, nolabait ‘helburua’ edo adierazi nahi denean: Filosofiako irakaslea vs *filosofiaren irakaslea; baina Arte ederretako museoa vs arte ederren museoa; Arte garaikidearen historia vs *arte garaikideko historia. Dirudienez, -ko ‘helburu’ adierarekin lotzen dugu; -en genitiboak, berriz, ondoko izenaren ‘edukia’ edo ‘objektua’ adierazten duela dirudi adibide horietan. Nahaste handi samarra dago hemen, nolanahi ere. (Alberdi eta Sarasola 2001: 89-101).

21.9.3e [PS-KO] eta aposizio egiturako elkartuen (§ 7.2.8) artean ere bada erlazioa. Bergara herria, Baias ibaia, Everest mendia esaten dugu, izen bereziak aposizio gisa IS bat daramala nahiz izen propio soila erabiliz: Bergara, Baias, Everest… Izen bereziaren ostean doan sintagma mugatua azalpenezkoa dela esan ohi da.

Batzuetan, ordea, -koren laguntza ere badugu: Bergarako herria, Gasteizko hiria. Hauetan izenak lekua adierazten du eta agian horregatik, Bergarako eta Gasteizko erabiltzen dugu, Bergara edo Gasteiz izeneko leku batean den hiriaz ari bagina bezala. Aldiz, ?Baiaseko ibaia edo ?Everesteko mendia, baina Himalaiako mendiak. Nolanahi ere, zalantzak zalantza, holakoetan -en genitiboarentzako lekurik ez da izaten, nonbait: *Sistiagaren erreka; *Everesten/Himalaiaren mendiak. Bai, ordea, izen berezi bizidunekin (§ 7.2.8.2): Magallanes-en estua; Ampere-ren legea; Gibbs-en printzipioa.

21.9.3f Sarritan, ahotan darabiltzagun -en/-ko taxuko sintagma hauen ordez hitz elkarketara ere jo daiteke: familia arazoak vs {familiaren/familiako} arazoak. Familia arazoak esaten da familia jakin bati erreferentzia zehatza egiten ez diogun heinean. Izan ere, hitz elkarketan ezkerreko osagaiak generikoa izan behar du, zehaztugabea (§ 3.3a, § 7.2.8.1). Erreferentzia ongi mugatua duen osagaia bada, hitz elkarketaren bidea itxia aurkituko dugu: *familia hau arazoak, baina bai familia {honen/honetako} arazoak. Hala ere, izen elkartuaren buru zein den, izen elkartua onargarri gerta daiteke edo ez. Buru hori zale hitza bada, adibidez, guztiz arrunta da elkarketa: Athletik zaleak nahiz Athletiken zaleak.

21.10. Postposizio askeak

21.10.1. Postposizio itsatsiak eta askeak

21.10.1a Orain arte hizpide izan ditugun PSek konplexutasun desberdina erakutsi digute: alde batetik, esku (ezkerr)az, etxe(berri)an, buruetatik… moduko PS ‘ohikoak’ izan ditugu aztergai: [PS esku (ezker)-a -Z] / [PS etxe (berri)-a -N] / [PS buru-(e-ta) -TIK]… Hauen aldamenean beste honako hauek ikusi ditugu: [PS eskua {-RE-KI-N / -GA-Z}] / [PS andrea -REN-GA-N] / [andrea -(REN)-GA-N-A] / [PS etxe (berri)-a (-REN)-GA-TIK]… Batzuk zein besteak sintagmaren azken osagaiari itsatsirik ikusi ditugu: ama-ren-ga-tik < [PS [DS ama] -(ren)-GATIK]; lanpostu tentagarri horren-ga-tik < [PS [DS [DS lanpostu tentagarri hor-] -en] -GATIK]. Denak ere postposizioak eta postposizio itsatsiak direla esan dugu (§ 19.2).

21.10.1b Beste batzuetan, ordea, postposizo askeak ditugu sintagmaren buruan (§ 19.3): {Irrati(aren) bidez / irratiari esker} (cf. irratiagatik); Zure erruz zigortu naute (cf. zuregatik); Hilerriaren atzean (cf. hilerrian); Epailearen baitan / epailearengan… Sintagmok modu bertsuan aztertzeko arazorik ez da. Alegia, -tik bezala, -gatik, eta hau bezala, erruz, esaterako, modu bertsuan analizatzen ahal dira. Eta, funtsean, basoan zehar bezalako sintagmak ere bai: [PS [PS basoan] [P zehar]].

Hau da, postposizio askeek (bide-z, bitarte-z, buru-z, erru-z, gain-ean, ondo-ren, arte-an, arabera (< arau-era)) zein itsatsiek (-gan, -gatik, -gana…) zeregin bera betetzen dute, jatorria gorabehera. Zuregatik, dena batera idazten dugu, ordea, eta zure erruz idatzi behar dela esaten zaigu, bitan banaturik. Batzuk itsatsiak dira, besteak askeak. Noski, bereizketa hau, batez ere idazkerari dagokio. Ez dago idazkeraz aparte alde handirik bien artean.

21.10.1c Hortaz, postposizio batzuk (-n, -z, -tik…) soilak eta itsatsiak dira. Beste batzuk (-re(n)-ga-tik, -re-ki-n, -re(n)tzat…) konplexuak eta itsatsiak. Eta azkenik, postposizio askeak izango ditugu: baitan (gure baitan); erruz (gure erruz); kontra (denen kontra); aurrean (zure aurrean). Postposizio itsatsiak (semea(ren)gan, zu(re)gatik eta abar) hitz bakarrean ematen ditugu. Aldiz, semearen erruz, edo semea(ren) baitan, bi hitzetan ematen ditugu: -gatik edo -gan ez bezala, erruz, bitartez, baitan… hitz askeak dira eta bereiz idazten ditugu. Horregatik, hiztegietan agertu ohi dira, -gatik, -kin eta abar ez bezala. Hauei, morfema itsatsiak izaki, ez zaie sarrera berezirik esleitzen hiztegietan, gramatikaren alorrerako uzten dira (§ 19.3).

21.10.1d Kapitulu honen zatirik handiena postposizio itsatsiei eskaini ondoren, postposizio askeez ariko gara orain: arabera, artean, baitan, baitarik, bitartez, bidez, gabe, erruz eta abar izango ditugu mintzagai. Hauetako batzuk, hala ere, ohiko adberbio gisa ere erabil daitezke (§ 22.2.4.2): Artean dendak zabalik zeuden vs Gure artean geldi dadila. Ohiko kategorizazioetan, lehenbiziko artean denbora adberbiotzat hartzen da eta bigarrena postposiziotzat.

21.10.2. Ohiko adberbioen gainean eraikitako postposizio askeak

21.10.2a Ohiko adberbio batzuek parte har dezakete holako egituretan, hau da, sintagmaburu izan daitezke: alde, fabore, inguru, kontra… adberbiotzat hartu ohi dira, nahiz eta batzuk jatorriz izenak diren.

21.10.2b Adberbio kategoriako PS aske horien osagarria izan daiteke IS soila, datibo sintagma, AdbS, genitibo sintagma, baina baita beste PS bat ere. Batzuek osagarri gisa genitiboa edo datiboa eskatzen dute: NIRE kontra mintzatu ziren; HORMARI kontra bermatu zen; ZURE alde borrokatuko dugu

Beste batzuek, ostera, DS soila hartzen dute osagarri, absolutiboa, alegia: {Larunbata arte / bihar arte} ez dira etorriko; Bi urte barru lizentziatuko naiz; Ehun mila lagun inguru elkartu ziren. Larunbata eta ehun mila lagun osagaiak IS soilak dira. Arte eta barru, berriz, adberbiozko postposizioak: [PS [ds larunbat-a] -arte] > larunbata arte. Arte-ren osagarria beste adberbio bat ere izan daiteke: bihar arte, gero arte… PS konplexuagoak ere bai: igandera arte; egun handira arte. Eta baita IS bat ere: igande arte nahiz igandea arte21.10.5).

21.10.2c Arestian aurreratu dugun bezala, barrena, behera, gora, zehar… adberbioak sintagmaburu izan daitezke eta osagarritzat beste PS bat eskatu: Kalean gora joan ziren; Tolosan barrena ibili ginen; Bilbora bidean izan zen ezbeharra. Zehar, barrena, gora, bidean… sintagmaburuak direla pentsa daiteke eta osagarritzat beste PS bat hautatzen dutela: [PS [PS Bilbora] bidean]; [PS [PS Tolosan] barrena]. Lehengoekin alderatuta, diferentzia bakarra osagarrian dago, orain, beste PS bat baitugu: kalean inesiboa, Bilbora adlatiboa, adibidez. Hauen egitura zein datekeen aztertzen hasi beharrik ez da, arbola(ren) gainera eta arbolan gora moduko sintagmek adiera desberdina dutela onartzeko: arbolaren osagaia gainera adberbioaren osagarria izango da. Bigarrenean, aldiz, gora joan predikatua izango genuke lehenbizi eta honen adjuntu edo litzateke arbolan. Alegia, gora joan, eta gero, gora joate honen zehaztapen gisa, arbolan osagaia. Adberbio hauetatik batzuk kokapen izena dute oinarrian: goi > gora, behe > behera21.10.3).

21.10.2d Beraz, ‘ohiko adberbio’ deitzen ditugun hauek AdbSaren buru izan daitezke, osagarriarekin edo gabe: aparte, gero, gain(era)… [PS (Mundutik) aparte]; [PS (Kalean) behera]; [PS Atzoz gero]; [PS (Olioaz) gainera] Hauen egitura honakoa da: [PS [PS … -Z] {GERO / GAINERA / APARTE}]. Aparte-ren kasuan, instrumentala ez ezik, [… -TIK] ablatiboa ere hautatzen du osagarri gisa. Orduan, lekuzko adiera nagusitzen da, nonbait: Mugimendu horretatik aparte ibili da maiz. Beste postposizio aske batzuek ere osagarri mota bat baino gehiago onartzen dute (§ 21.10.5).

21.10.3. Kokapen izenez eraikitako postposizio askeak (aurrean, gainera, ondotik…)

21.10.3.1. Kokapen izenak

21.10.3.1a Postposizio askeen artean multzo berezia osatzen dute kokapen erlatiboa adierazten duten izenek —albo, alde, atze, aurre, azpi, barne, barru, ertz, gain, inguru, ondo…—, leku/denborazko postposizio itsatsi konplexuak sortzen dituztenek: aldean, aurrean, barruan, atzera, gainera, ondora, ingurutik… Ugaria da hauen saila. Adibidez, Mahaian utzi zituen giltzak esaten dugun bezala, mahaiaren gainean ere esan dezakegu. Bai batean zein bestean, buru bera aurkitzen dugu funtsean, -n inesiboa. Esanahiaren aldetik ere, nolabait non? galderari erantzuten diotela onartzen ahal dugu: Non utzi zituen giltzak? Horrenbestez, denek ‘nontasuna’ adierazten dutenez, inesiboak dira, lokatiboak.

Azpi edo gain izentzat hartzeko arazorik ez dago, ezkerrean lagun duen genitiboak erakusten duenez. Inesiboaz gainerako beste elementu horiek ematen diote bakoitzari bere ñabardura edo zehaztasuna. Oinarrizko inesiboari leku/erlaziozko izen bat gehitu zaio: gainean, ondoan, artean, inguruan… Hauetan denetan, berez IS bat zena (mahaiaren {gain-a, ondo-a, inguru-a…}) berregituratu egin da: ISaren parte ziren osagai horiek -n inesiboak nolabait ‘xurgatu’ egin ditu, dena postposizio konplexu bihurtuz: gainean, ondoan, inguruan…; -gan-en osagai den -ga-ri ere beste horrenbeste gertatu bide zaio.

Inesiboaz gain, -ra adlatiboa edo -tik ablatiboa nahiz -ko ere har ditzakete kokapen izenak oinarri dituzten postposizio askeek: mahai gainera, mahai gainetik, mahai gaineko; kale ertzean, kale ertzetik, kale ertzeko; etxe ondoan, etxe ondora, etxe ondotik, etxe ondoko

21.10.3.1b Izen hauetatik batzuek (aurre, hurbil, urrun…), bestalde, lekua nahiz denbora adieraz dezakete. Bi interpretazio izan daitezke: Handik aurrera ezin zara pasatu (lekua) / Handik aurrera ez ikusiarena egiten zuen (denbora).

21.10.3.1c Hortaz, bai -n, bai -gan, bai ondoan, bai inguruan edo artean, denak postposiziotzat har ditzakegu, batzuk soilagoak, besteak konplexuagoak, eta denek non? galderari erantzuten diote. Hots: inesiboak dira (hemen eta hor diren bezala, adibidez). Jakina, hemen egiten dugun analisia eztabaidagarria izan daiteke. Batek pentsa dezake Etxearen aurrean aurkitu dut diogunean eta Etxearen irudian jarri nituen begiak diogunean, bi sintagmak taxu berekoak direla. Hala ere, aurrean oso-osorik adberbiotzat hartzea bidezko dirudi, baina irudian, ez hainbeste. Jatorriz taxu bereko egiturak direla onartuta ere, bada aldea. Leku/denborazko erlazio bat adierazten duten izenak, denboraren poderioz gramatikalizatu egin direla esan ohi da, hemen (< hau-n) edo hara (< har-a) bezalako adberbioekin gertatu bide den bezala.

21.10.3.1d Zure baita-n, aitaren-ga-n, jende guztia-re-ki-n, jende zintzoa-ren alde, mendia-n behera, mendi-ra-ino, lanaren bitarte-z eta abar, denak modu bertsuan aztertzeko aukera ematen da horrela. Denak PS direla esaten dugu: buruak (-ra adlatiboak esaterako) osagarri bat hautatzen du (goi edo behe adibidez) eta PS bat eratzen: gora, behera… Hau, bere aldetik, sintagma buru bihurtzen da eta osagarritzat beste PS bat har dezake ([mendian] adibidez), beste PS konplexuago bat eratuz: [[mendian] GORA]. Baina gaurko euskaldunak ondoan, ondora, ondoraino… osagai bakartzat onartuko luke, -gan, -gana edo -ganaino bezalaxe. Hortaz, zenbait postposizio jatorrian izen baten gainean eratuak dira (ondo-an, albo-an, gain-ean; erru-z, bide-z, bitarte-z; arabera (< arau-(e)ra…). Deskripzioaren ikuspegitik eta etimologiari behar baino jaramon gehiagorik egin gabe, hautatu dugun bideak balio dezake euskaraz gauzak une honetan nola diren hobeto ulertzeko eta ikusteko. Adberbio edo postposizio sintagma hauek modu bertsuan lan egiten dute.

21.10.3.2. Gora, behera vs gainera, azpira

21.10.3.2a Hala ere, badira aldeak kokapen izenen artean. Izan ere, aurrean, gainean, azpian… modukoak osagarri bat dutela ulertzen dira: zerbaiten {aurrean/gainean/azpian…}, zerbaiten aurreko, gaineko, azpiko… beste zerbaiti erreferentzia eginez, alegia; erlaziozko izenak dira (Artiagoitia 2011).

21.10.3.2b Baina badira beste adberbio batzuk, berez izen baten gainean eraikiak izan arren modu absolutuan edo ulertzen ditugunak: gora joan da, behean bizi da eta abar, baina ez *arbolaren gora igo da, *zubiaren behean bizi da (cf. arbola(ren) gainera igo da; zubi(aren) azpian / zubipean bizi da). Batzuek genitiborik ez dute onartzen normalean: gaina zerbaiten gaina da, goia, berriz, goia da eta kito. Hala ere, gure behean modukoak ageri dira testuetan bakanka bada ere. Erabilera hori ez da ohikoa. Gora, behera, bere kasa, adberbioak dira, baina ez dute osagarririk onartzen. Aldiz, aurrera adberbioa erabil daiteke modu absolutuan (egin aurrera, neskak!). Baita ohiko postposizioen moduan ere: Epailearen aurrera eraman dituzte. Baina bestelako PS batzuetan parte har dezakete: kalean gora, errekan behera.

21.10.3.3. Etxearen ondoan / etxe ondoan gisako sintagmak

21.10.3.3a Orain arte aipatu ditugun egituretan, osagarri gisa ez da beti IS genitiboa agertzen, etxearen inguruan sintagman bezala, IS soila baizik, genitibo markarik gabe: etxe ondoan; etxe inguruan; bide ondoan; mendi gainean… Hori gertatzen da ‘leku’ adiera duten askorekin (de Rijk 2008: 69 eta hur.): aldean, aldera, aldetik, artean, artetik, aurrean, atzean, azpian, erdian, ertzean, gainean, gibelean, inguruan, ondoan, ostean eta abar. Etxe aurrean, leiho atzean, arbola artean, iturri inguruan bezalakoei begiratzen badiegu, pentsa liteke hauen barne-egitura izen elkartuena bera dela: etxe-ondo-an, arbola-arte-an, iturri-inguru-anMahai-gain izen elkartutzat hartzen bada, mahai gainean sintagmako gainean hori postposizio dela esatea zalantzagarria izan liteke. Gramatika honetan ere hitz elkartuak aztertzean, atal berezia eskaini diegu hitzaurre moduko izen elkartuei, hau da, leku/denborazko mugakizuna dutenei (§ 7.2.2.3g). Baina izen elkartuak ote dira benetan? Itxura batean hala dirudite. Hala ere, hiztunak desberdin sentitzen ditu, adibidez, Trenbide berria egingo dute (trenbide hitz batean idatzita) eta Tren bidez bidali moduko bat (Hitz-Elkarketa/4: 26-27). Edo Esnegaina ez dut gustuko eta Esne gainean euli bat aurkitu dut. Edo gauza bera al dira arbolartean eta arbola artean?

21.10.3.3b Bada beste diferentzia bat ere, solasgai ditugun esamolde hauen sintaxia ukitzen duena. Izen elkartuaren burua eskuineko osagaia izan ohi da euskaraz: zezen plaza ez da zezen bat, plaza bat baizik, nola-halako plaza bat. Bestalde, egitura honetan (benetan izen elkartu denean) ezkerrean ezar daitezkeen izenlagun, zenbatzaile eta osagarriek osorik besarkatzen dute izen elkartua, eta izen elkartuaren buruari dagozkio bereziki. Esaterako, Gipuzkoako zezen plazak itxi egingo dituzte edo Mirenen liburu dendak atseginak dira diogunean, ez gara ari Gipuzkoako zezenez, edo Mirenen liburuez. Izatekotan ere, Gipuzkoako plazak izango ditugu hizpide edo Mirenen dendak. Aldiz, PStzat eman ditugun egiturez ari garenean, alderantziz gertatzen dela dirudi: gure etxe ondoan diogunean ‘gure etxeaz’ ari gara nolabait eta ez hainbeste, ‘gure ondoaz’. Alegia, gure etxe ondoan = [[gure etxe ] ondoan]] = [[gure etxearen] ondoan]. Baina Azpeitiko zezen plazan = [PS [PS Azpeitiko [IS zezen plaza] ] -n] ≠ *[PS [PS [IS Azpeitiko zezen] plaza] -n].

21.10.3.3c Ohiko izen elkartuen aurrean bageunde, egitura bera dutela aitortu beharko genuke: [PS [PS Azpeitiko [I zezen plaza]] -n] eta [PS [DS gure [I etxe ondo]] -an]. Baina orduan ez da oso ondo ulertzen nolatan, gure etxe ondoan sintagmaren ohiko irakurketan, gure izenlaguna etxe-ri dagokion, eta ez etxe ondo-ri. Aldiz, Azpeitiko, zezen plaza-ri dagokio, plaza-ri alegia, ez zezen-i. Kasu honetan ezina da perpaus hori honela interpretatzea: * [[Azpeitiko zezen] plazan]].

Hortaz, etxe ondoan eta etxearen ondoan baliokide egokitzat eman badaitezke, horrek adierazten digu kasu batean (zezen plaza modukoetan) ohiko izen elkartu direla, baina etxe ondo ez hainbeste. Hemen lehenbizi [ondo-an] bera finkatu da, nonbait, eta gero [gure etxearen [ondoan]] sintagmako genitibo marka ezabatu dela pentsa genezake: [gure etxearen [ondoan]] > [gure etxearen [ondoan]]. Pentsa liteke ondoan postposizioak genitiboa gobernatzen segitzen duela, nahiz eta zenbait baldintzatan, determinatzailea eta genitiboaren marka ezabatuak gerta daitezkeen: [gure etxearen [ondoan]] > [gure etxe [ondoan]]. Hain zuzen, gugan/guregan, gugatik/guregatik bikoteak ditugun bezala. Hauetan, hain zuzen, -gan, -gatik eta abar postposiziotzat hartzen ditugu. Ondoan ere bai, horrenbestez. Gramatikalizazioa azken muturreraino eramana izan dela esan nahi du horrek.

Ondo, aurre, gain eta holako kokapen izenak erlaziozko izenak direnez, eduki abstraktu samarra dute eta horrek esplikatuko luke hemen aipatu den gramatikalizazio edo berregituratze prozesu hori. Hala ere, DS genitiboa nahitaezkoa da determinatzailea erakuslea denean: Etxe horren aurrean ikusi genuen elkar lehen aldiz. Beste batzuetan, berriz, zalantza egin daiteke DS genitiboa ala IS den zuzenena. Zure etxe inguruan ikusi nituen edo Zure etxe gaineko apartamentua alokatu nahi dut lasai asko esan eta idazten ditugu, nahiz etxe jakin batez, ‘zure etxeaz’ ari garen. Baina berdin esan al daiteke Frantziako muga inguruan tabako denda asko dago? Ala egokiago da Frantziako mugaren inguruan tabako denda asko dago? Gaurko hedabideetan badira lehen adibidearen egiturakoak: Palestinarrek Egiptoko muga ondoan Israelgo Armadak duen behaketa dorre bati tiro egin zioten (Berria); Mexiko eta Tucsonen (Arizona) arteko muga inguruan (Berria). Azken batean, sintaxiaren eta hitz elkarketaren mugakoak dira hauek guztiak (Odriozola 2004b) eta ez da erraza erantzun bat eta bakarra ematea.

21.10.4. Instrumentala buru duten postposizio askeak (erruz, bidez, ondorioz…)

21.10.4a Beste postposizio batzuk ere badira kokapen espaziala ez bestelako kontzeptuei bide ematen dietenak, instrumentalak adibidez: erruz, bidez, bitartez, ondorioz… Denak izen bat barnean eta honen eskuinean, buru gisa, instrumentala daramatenak. Izen horiek (erru, bide, bitarte…) -z instrumental soilaren adiera zehaztera datoz. Postaz bidali edo posta bidez bidali paretsukoak dira, morfologiari dagokionez ere, eta berdin: [… -en iritzi-z], [… -en orde-z], [… -en parte-z], [… -en uste-z] eta abar.

Baina gorago aipatu dugunez (§ 21.6.1), instrumental hauek mugatzailerik gabe erabiltzen dira (partez/*parteaz; ustez/*usteaz…). Holakoen mugagabetasunaren berri emateko, onartu dugu adberbio edo postposizio eratorritzat hartzea litzatekeela biderik sinpleena eta, beharbada, zuzenena. Hori zilegi bada, jakina, barnean izen bat duten postposizioak izango lirateke, izen batetik eratorriak: buruz ikasi; erruz edan; kontuz gidatu.

21.10.4b Horrenbestez, instrumental soila buru duten PSak izan ditzakegu: [PS Andreaz] ez da fidatzen ([PS [DS andre-a] [P -z]]). Eta baita instrumentalaz gainera, ‘tarteko’ izen baten laguntzaz postposizio konplexuagoa dutenak ere. Adibidez: Alkoholaren erruz galdu zuen lana ([PS [DS alkoholaren] [P erru-z]]). Adibide hauetan guztietan burua instrumentala da, baina leku/denborazko postposizioekin gertatzen den bezala, hemen ere gramatikalizazio prozesu bat gertatu bide da: izenak (erru, bitarte, ondorio…) eta instrumentalak bat eginez adberbio edo postposizio konplexu bat (erruz, bitartez, ondorioz…) sortzen dela onar genezake. Eta hau onartuta, sintagma osoa PS izango da, barnean osagarri gisa genitiboa duena.

21.10.5. Postposizio askeen zerrenda bat

21.10.5a Ondoko taulan postposizio aske nagusiak bilduko ditugu. Hauek, gehienetan, izen batez eta postposizio ‘itsatsi’ batez osatutako PSak dira, aurreko puntuetan ikusi bezala (§ 21.10.3, § 21.10.4): aldera < alde-ra; artean < arte-an; behera < behe-ra; bidez < bide-z; bitartez < bitarte-z; erruz < erru-z; lepotik < lepo-tik

21.10.5b Postposizio hauen izaera eta bilakaera eta gramatikalizazio maila desberdina gogoan badugu, erraz ulertzen ahalko dugu zerrenda osorik ezin eman daitekeela. Gramatikalizazio bidea ere aurreratuagoa edo atzeratuagoa egon daiteke. Horrela, zenbait postposizioren estatusa ere eztabaidagarria gerta liteke. Villasantek (1978: 47-108), esaterako, guk hemen ematen dugun baino zerrenda luzeagoa ematen du. Postposizio askeek, zalantzarik gabe, gramatikalizazioaz gogoeta egitera garamatzate. Zerrenda honek gogoeta hori pizteko baliagarri izan nahi du.

Ondoko taulan, lehen zutabean postposizioak zerrendaturik ematen ditugu, PS konplexu hauen buru izango direnak alegia. Bigarrenean, buruak hautatzen duen osagarri mota. Hirugarren zutabean, berriz, adibide batzuk. Adibide gehiago nahi dituenak, edo kontraadibideak, eskura ditu sarean hainbat corpus eta hiztegi, gauzak argitzen lagunduko diotenak.

Postposizioa

Osagarria

Adibidea

aitzi (‘kontra’)

DSgenitiboa

DSdatiboa

Ez zuen ahulagorik atzeman bere aitzi.

Metafisikari aitzi oldartu zen.

alboan

DS

DSgenitiboa

Erreka alboan zuhaixka bat dago.

Zure alboan eseriko naiz.

alde

DSgenitiboa

Jainkoa ere bere alde du.

aldean1

DSgenitiboa

Horrek zure aldean asko daki.

aldean2

DS

Osaba Bizkai aldean sarri ibiltzen zen.

aldera

DS

[KonpS -tze]

Ordu biak aldera iritsi zen.

Zerbait esate aldera esan nuen hori.

aldetik

DSgenitiboa

DS

[KonpS -en]

Hiztegiaren aldetik pobre samarra da.

Gure aldetik ez dugu beste ezer erantsiko.

Zeruan izarra dago itsaso aldetik.

Zuzendari naizen aldetik, baditut erantzukizun batzuk.

antzean

DSgenitiboa

AdjS/AdbS

Gure antzean dabil hori ere.

Gaixo antzean dabil aspaldian.

antzera

DSgenitiboa

Zure antzera nago ni ere, dirurik gabe.

aparte

PSinstr

PSablatiboa

Soldataz aparte, bidaia gastuak ere ordainduko dizkizugu.

Egunkaria irakurtzeaz aparte ez zuen beste eginkizunik.

Ezin gara mundutik aparte egon.

arabera

DSgenitiboa

Iritzi horren arabera jokatu dut.

Diozunaren arabera, ez dago irtenbiderik.

arau

[KonpS -tu]

[KonpS ]

DSgenitiboa

DS

Hitzak aurkitu arau izkiriatzen nituen (Lafitte).

Loreondo batek, lilia idek arau, ostoa galtzen du (J. Etxepare).

Zeure hitzen arau gidatu nire urratsak.

Ikas euskara, toki arau, ahal arau, arte arau.

arren

DS

[KonpS -tu]

[KonpS…-EN]

Bakearren, isil zaitez apur batean.

Jainkoarren, eraman nazazu zeurekin.

Zuk horrela uste izan arren, niri bost axola.

Jendeari laguntzearren hartu dut erabaki hau (cf. laguntzearren baina lagundu arren).

Diru askorik ez duen arren, dena emateko prest beti.

arte

AdbS

DS

PSadlatiboa

[KonpS…-TU]

[KonpS -en]

Bihar arte ez naiz etorriko.

Hilaren bi(a) arte kanpoan naiz.

Ez da itzuliko hurrengo igandera arte.

Lurreko jostailuak jaso arte, ez zara irtengo.

Argia piztu duzun arte, ez zaitut ikusi.

artean

DS

DSgenitiboa

[KonpS…-TU]

[KonpS -en]

Haitz artean ibili ginen.

Andre guztien artean bera zen dotoreena.

Ni, neure artean, galdera mordo bati erantzuten saiatzen nintzen.

Egon hemen ni etorri artean.

Kanpoan den artean, zu lasai.

artetik

DS

DSgenitiboa

Arbola artetik atera zen gizona.

Liburu hauen artetik, aukeratu bat.

at

PSablatiboa

Mundutik at bizi zela zirudien.

atze

(-an, -ra, -tik, -ko)

DSgenitiboa

DS

Gure atzean dabil.

Nire atzeko atea ireki zen.

Noren atzetik ote dabil.

Etxe atzera joan da.

aurka

DSgenitiboa

Gure aurka ibili da denbora guztian.

aurre

(-an, -ra, -tik, -ko)

DS

DSgenitiboa

Etxe aurrean zegoen, geldi.

Nor da zure aurrean dagoen hori?

Nire aurreko guztiek izan zuten lekua.

Zuzendariaren aurrera joan behar izan genuen.

Josebaren aurretik ez zegoen inor.

azpi (-an, -ra, -tik, -ko)

DS

DSgenitiboa

Mahai azpian duzu eskuzapia.

Gurpilen azpian harrapatu zuen txakurra.

Lurraren azpitik ur beroa ateratzen zen.

baino

[KonpS -en]

Uste duzun baino aberatsagoa da.

baita

(-n, -ra, -tik, -ko…)

DS

DSgenitiboa

Gizona baitan doai handiak daude.

Geure baitan dugu etsaia.

Bere baitara bildu zen.

ba(ge)rik

IS

[KonpS -tu]

Diru barik aurkitzen zen.

Ezer esan barik sartu zen.

Nahiago dut kalean (bizi) barik baserrian bizi.

Emazteari (eskatu) barik amari eskatu zion laguntza.

bako

IS

[… -ik DS]

[KonpS -tu]

Teilatu bako etxean bizi zen.

Gatzik bako jana.

Bost urtean ikusi bako laguna.

barrena / barna

PSinesiboa

PSablatiboa

Afrikan barrena ibiliko dira.

Larrabetzutik barna iritsi ginen Gernikara.

barru

DS

Bi egun barru etorriko da irakasle berria.

barnean / barruan

DS

DSgenitiboa

Herri barruan ezin da autoa erabili.

Poltsiko barnean sartu zituen eskuak.

Ezarri dizkidaten mugen barruan.

Kutxaren barnean aurkitu nituen dokumentuak.

bat

PSinstr

Atea irekitzeaz bat, zarata bat entzun nuen.

batera

PSinstr

PSsoziat

Etxera iristeaz batera euria hasi zuen.

Jonek alde egin zuenaz batera irten zen hasi ziren istiluak.

Gurasoekin batera etorri zen.

begira

PSadlatiboa

DSgenitiboa

DSdatiboa

Itsasora begira dago.

Gorantz begira jar ezazu karta hori.

Garien begira egon.

Neska gazteei begira pasatzen du eguna.

beharrean

[KonpS -tu]

Bizikleta erosi beharrean, hobe zenuen motorra erosi bazenu.

Amari eskatu beharrean, amonari eskatu zion.

beheiti

PSinesiboa

DS

DSdatiboa

PSinstr

Maldan beheiti erori zen.

Oihuka abiatzen dira patarra beheiti.

Bagoazi gure beribiletan patar eztiari beheiti.

Hobeki ikusteko, buruz beheiti etzan da.

behera

PSinesiboa

PSinstr

PSablatiboa

Urak haziak zetozen errekan behera.

Buruz behera ibiltzen ikasi zuen.

Goitik behera zetorren ikaragarrizko abiadan.

bestalde

PSinstr

Errekaz bestalde dago herria.

Ohar hauetaz bestalde beste batzuk ere ezarri dituzte.

bezain

[KonpS -en]

Jakintsu (den) bezain harroa da.

bezala

IS

[KonpS -en]

Adiskide bezala tratatu ninduten.

Esan nizun bezala, ez naiz etorriko.

bidez

DSgenitiboa

Gutun baten bidez eman zioten berria.

bidean

PSadlatiboa

Donostiara bidean izan genuen istripua.

bila

DS

DSgenitiboa

Ur bila bidali genuen.

Haur eder baten bila gabiltza.

bitartean

DS

[KonpS -tu]

[KonpS -en]

Ordu bata bitartean, paseatu egingo dugu.

Gu iritsi bitartean, presta ezazu afaria.

Ni zuzendari naizen bitartean, ez zara sartuko.

bitartez

DSgenitiboa

Gurasoen bitartez jakin genuen berria.

bizkar

DSgenitiboa

Asko dira herri honetan inoren bizkar bizi direnak.

buru

DSgenitiboa

Ororen buru, hau esango nuke.

buruan

DSgenitiboa

Hamar egunen buruan izango duzu erantzuna.

buruz

DSdatiboa

Egitasmoari buruz zerbait gehiago jakin nahi du.

erdi

(-an, -tik, -ra, -ko…)

DS

DSgenitiboa

Bide erdian zegoen trikua.

Gauaren erdian jaio da haurra.

eretzean

DSgenitiboa

Orduko idazkiek ez dute balio handirik literaturaren eretzean.

erruz

DSgenitiboa

Geure erruz galdu dugu partida.

eske

DS

DSgenitiboa

Baimen eske joan naiz Udaletxera.

Diruaren eske dator hori.

esker(rak)

DSdatiboa

Jainkoari esker(rak), oraindik ere zutik gaude.

Musikari esker(rak) behiek esne gehiago ematen omen dute.

esku

DSgenitiboa

Etorkizuna gure esku dago.

ezean

[… -ik DS]

[KonpS -tu]

Besterik ezean, onak dira gaztainak.

Garaiz etorri ezean ezin ezer egin.

fabore

DSgenitiboa

Gure fabore zerbait egin dezakeen inor ez da.

gabe

[… -ik DS]

IS

[KonpS -tu]

Aterkirik gabe, nora zoaz?

Diru gabe nengoen Pariseko puntan.

{Gizon hau / zu / …} gabe ezin gara inora joan.

Begiak altxatu gabe erantzun zidan.

gabeko

IS

[… -ik DS]

[KonpS -tu]

Usain gabeko arrosa da.

Artzainik gabeko artaldea.

Elkarri esan gabeko egiak.

gain

DSgenitiboa

PSinstr

[KonpS -enAZ]

Nire gain uzten dituzte beti lan zailenak.

Senitartekoez gain lagunak ere etorri ziren.

Bitxiak saltzetik lor dezakeenaz gain.

gainean

DSgenitiboa

DS

Arbolaren gainean zegoen katagorria.

Errealaren gainean hitz egin dugu.

Zer egiten duzu arbola gainean?

gainera

PSinstr

[KonpS -enAZ]

Esandakoaz gainera ez dut besterik.

Liburu hauez gainera, beste hauek ere hor dituzu.

Artxiboetan aurkitu ditudanez gainera, baditut datu gehiago ere.

gaindi

PSinesiboa

Teilatuan gaindi doa.

gero

PSinstr

[KonpS -enEZ]

Egun hartaz gero ez dut ikusi.

Berandu etorri zarenez gero, zutik egon beharko duzu.

gibel

(-ean, -etik, -era…)

DSgenitiboa

DS

Elizaren gibelean aurkituko duzu hilerria.

Etxe gibelean bada iturri txiki bat.

gisa

IS

Adiskide gisa mintzo natzaizu, ez mediku gisa.

gora

PSinesiboa

PSinstr

PSablatiboa

DS

Aldapan gora abiatu ziren neskak.

Hankaz gora bota zituzten gure proiektuak.

Paristik gora dago Lille.

Aldapa gora hasi dira txirrindulariak.

goiti

PSinesiboa

PSablatiboa

Mendian goiti joan behar duzu.

Handik goiti arrain asko ikusten da.

Hola egin bedi hemendik goiti.

gustura

DSgenitiboa

Bere gustura behar ditu gauza guztiak.

inguru

DS

Bost urte inguru pasatu ziren.

inguru

(-an, -ra, -tik, -ko…)

DS

DSgenitiboa

Etxe inguruan dabil txakurra.

Martxo inguruan kimatu behar da arbola.

Ordu biak inguruan etorri ziren.

Xoxote ingurutik pasatu ziren.

Harri handiaren ingurura heltzean.

irian

DS

Hamarrak irian jotzen da xilin bat.

iritziz

DSgenitiboa

Irakaslearen iritziz, neskak hobeak dira.

izenean

DSgenitiboa

Ikasleen izenean gatoz.

kanpo

PSinstr

PSablatiboa

Internetez kanpo ez da ezer.

Deialditik kanpo geratu zen.

kontra

DSgenitiboa

DS

DSdatiboa

Zure kontra daude denak etxean.

Horma kontran jarri zen.

Ahuspez, lurrari kontra jarri zen.

landa

(-ra/-n)

PSablatiboa

PSinstr

Bada beste bizitze bat honetarik landan.

Handik landa jo zuen gero, esketik biziz.

Herriak badu, elizaz landa, beste premiarik.

Semea nor den ez daki inork, Aitaz landara.

Zu zaitut, Jainkoaz landan, ene kontsolazione guzia.

legez

IS

[KonpS -en]

Joka ezazu euskaldun zintzo legez.

Axularrek zioen legez, ez utzi dena geroko.

lekuan

DSgenitiboa

Ikasleen lekuan ni joango naiz.

lepotik

DSgenitiboa

Emaztearen lepotik bizi da.

mende

DSgenitiboa

Alkoholaren mende bizi da Iñaki.

mendean

DSgenitiboa

Ez dugu nahi inoren mendean bizi.

ondo

(-an, -tik, -ra…)

DS

DSgenitiboa

[KonpS -tu]

Etxe ondoan aurkitu dut.

Gurutze ondora hurbildu nintzen.

Nor da Itziarren ondoan dagoena?

Isilune baten ondotik hauxe esan zidan.

Zuzendariordearekin mintzatu ondotik, zuzendariagana jo nuen.

ondoren

DS

DSgenitiboa

[KonpS -tu]

Gerra ondoren asko sufritu zuen.

Bataren ondoren bia dator.

Zu ezagutu ondoren, gauzak asko aldatu dira niretzat.

ondorioz

DSgenitiboa

Istripuaren ondorioz, herren gelditu zen.

ordez

(orde, ordean)

DSgenitiboa

[KonpS -tu]

Nork joan nahi du bilerara nire ordez?

Adjektibo baten ordean, erraz jar daiteke beste bat.

Hau erosi ordez, hobe duzu bestea erosi.

orduko

[KonpS -tu]

[KonpS -en]

Konturatu orduko kartera ostu zidaten.

Konturatu nintzen orduko, gainean neukan.

oste

(-an, -tik, -ra)

DS

DSgenitiboa

[KonpS -tu]

Ate ostean ezkutatu zen.

Gizon bat atera zitzaidan arbola ostetik.

Zure ostean nor da?

Gerra amaitu ostean, herrira itzuli zen atzera.

pare

DSgenitiboa

Hutsaren pare gara.

pare

(-an, -tik, -ra…)

DSgenitiboa

DS

Gure autoaren parean geratu ziren ertzainak.

Gure parera iristean, burua jiratu zuen.

Bular parean eman zioten kolpea.

partez

DSgenitiboa

[… -KO]

Joan zaitez nire partez.

Goraintziak osabaren partez.

Atzoko partez, bihar joango naiz.

partetik

DSgenitiboa

Nire partetik ez dago oztoporik.

Goraintziak osabaren partetik.

truk(e)

DS

DSgenitiboa

Diru truke ez bada, horrek ez dizu lanik egingo.

Muxu truk ibili nintzen lanean.

Erlojuaren truke eman zidan baloia.

ustez

DSgenitiboa

Zure ustez, zein da egokiena?

zain

DSgenitiboa

[KonpS -tu]

Zure zain egon ginen hamaikak arte.

Ni iritsi zain ez zineten egongo, bada?

zehar

[DS … -ak]

PSinesiboa

PSablatiboa

Urteak zehar, guztiok izan ditugu arazoak.

Euskal Herrian zehar ibili zen hizkuntzalaria luzaro.

Urteetan zehar artelan asko bildu ditu.

Gernikatik New Yorkera joan zen Paristik zehar.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper