Euskararen Gramatika

20. Postposizio sintagmak (II): Leku/denborazkoak (inesiboa, ablatiboa eta adlatiboak)

20. Postposizio sintagmak (II): Leku/denborazkoak (inesiboa, ablatiboa eta adlatiboak)

20.1. Inesiboa: -N (‘non’, ‘noiz’, ‘zertan’…)

20.1.1. Inesiboa, oinarrizko PSa

Leku/denborazko PSetan inesiboa da oinarrizkoena: [PS [DS …] -N]. Beste guztiak inesiboaren gainean eraikiak direla pentsa liteke. Hori argi ikusten da batzuetan: zugan inesiboaren gainean eraikiak dira zugan-dik / zugan-a, adibidez.

Baina, hain agerikoa ez izan arren, mendikoren ‘azpian’ adibidez, mendian-ko dagoela ere onartzen ahal da (Mitxelena 1971, 1972a). Eta bide honetatik jarraiki, beharbada, menditik, mendira… sintagmetan ere inesiboa badugula onartzen bada, zenbait azalpen erraztuko dira. Horregatik, inesiboa aurkeztuko dugu lehenbizi eta, ondoren, gainerako postposizioak, -ko bera barne.

20.1.2. PS inesiboaren morfologia

20.1.2a Inesiboari dagokion postposizioa -n da: Bilbon, herrian, ikastolan, etxe honetan, zein lanetan; gugan, gure baitan; zure ondoan, neure artean

20.1.2b Leku/denborazko zenbait adberbio ohikotan ere agerian dago inesiboaren marka, eskuinaldean: aurten, hemen, han, herenegun, non, nonbait, inon… Beste batzuetan, berriz, klase bereko adberbioak izan arren, ez dute horrelako markarik: atzo, beti, gaur, gero, hor, inoiz, noiz… Edozein modutan, hauek ere inesiboak direla onar daiteke, banaketa bera baitute; denak testuinguru berean ageri ohi dira: adibidez, denak izan daitezke -koren osagarri: hemen > hemengo bezala, gaur > gaurko, hor > horko… Hortaz, gaur, hor… berez lirateke inesiboak, hemen eta han bezalaxe, -n postposizioa agerian ez izan arren.

20.1.2c Zenbait perpaus jokatugabetan ere inesiboa ageri da: Kontuzago ibiltze-n ikasiko du; Aspertze-n hasia naiz…

20.1.2d Perpaus jokatuek ere erakuts dezakete inesiboa: Berehala onartuko zuelakoa-n zeuden denak; Konturatu naizenea-n barkazioa eskatu diot…

20.1.2e Leku/denborazko PSen bereizgarri morfologikoak aipatu ditugu aurreko kapituluan (§ 19.5). Inesiboak guztiak ditu:

a) -TA- artizkia: zenbat etxetan, zenbatetan [-mug.]; hamar etxeetan, hamarretan, etxeetan [+mug./+pl.]; etxe honetan, etxe haietan [erakuslea]…

b) -GA- postposizioa [+anim.] diren sintagmetan: zenbait gazterengan [-mug.]; hamar gazterengan [-mug.] / hamar gazteengan [+mug./+pl.]; gazte honengan [+mug./-pl.], etab. Elementu hau postposizioa dela diogu. Jatorriz, gainera, izen kategoriakoa litzateke. Horregatik, genitiboaren marka ere ageri da osagarrian: lagun hon-en-ga-n, ikaslea-ren-ga-n, lagun honen gainean edo ikaslearen aurrean sintagmetan bezala, non genitiboa gain eta aurre izenen ezkerraldean ageri den. Ez dago alde handirik lagun honengan (< lagun hon-en-ga-n) eta lagun honen ondo-an nahiz lagun honen gainean PSen artean. Gramatikalizazio mailan egongo litzateke diferentzia.

Genitibo marka hori, gramatikalizazio prozesuaren ondorioz, ezaba daiteke batzuetan. Dena dela, genitiboa ezabatu ondoren ‘bokala-ga’ segida zuzena da baina ‘kontsonantea-ga segidarako, epentesirik ezean, oztopo gehiago izan daiteke: Koldorengan/Koldogan; andrearengan/andreagan, baina {Mikele(n)gan/*Mikelgan}. Hortaz, -ga- postposizioaren aurreko genitiboa ezabatzea ez da erabat librea.

Sintagma plurala denean ere, ezin da genitiboaren marka ezabatu: gizonengan/ *gizonakan. Erakusleekin ere ezin da genitiboaren marka albora utzi: gizon hauengan / *gizon hauekan; {Honengan/*haugan} badut itxaropena; Horrengana/*horigana hurbilduko naiz.

c) -E- bokalaren epentesia (§ 19.5.1.3b) inesiboaren ezkerreko DSa kontsonantez amaitzen denean: (mendi-an, baina adarr-e-an).

20.1.2f Gauzak horrela, PS inesiboaren barneko osagarria nolakoa den, halako morfologia izango dugu. Argiago erakustearren, ondoko taula honetaz balia gaitezke. Taula bera erabiliko dugu gainerako leku/denborazko PSentzat. Alde bakarra bakoitzak erakusten duen postposizioan (-n, -tik, -ra…) egongo da. Euskal gramatiketan jasotzen diren ‘deklinabide paradigmen’ ordezko izan litezke taulok. PS bakoitzari berea eskainiko diogu. Horrela, irakurleak, sintagma mota bakoitza gainerakoekin alderatu ahalko du eta hobeki ohartuko da zer nolako kidetasunak eta desberdintasunak dauden elkarren artean.

20.1.2g PS inesiboa: [PS [DS …] -N]

[-mug.]

[ps [ds … zenbatzailea …] -(e)ta-N]

bitan / hirutan / seitan // bostetan / hamarretan… (baina batean)

bi etxetan / hiru herritan / sei zubitan // bost adarretan / hamar haitzetan… *173

zertan / edozertan / ezertan // zeinetan / edozeinetan / zenbate- ((t)a)n / hainbate((t)a)n

zein etxetan / zenbat herritan // edozein haitzetan / hainbat adarretan

(etxe / harri / haitz / …) {askotan / gutxitan / anitzetan…}

[ps [ds … zenbatzailea …] -en-ga-N]174

birengan / hirurengan / seirengan // bostengan / hamarrengan

bi mutikorengan / bi lagunengan…**

zein mutikorengan / edozein irakaslerengan // zenbat lagunengan / hainbat artzainengan-…

(mutiko / lagun…) askorengan / gutxirengan / anitzengan

[+mug.] <iz. prop.>

[ps [ds izen propioa] -N]

Bilbon / Donostian / Maulen // Irunen / Usurbilen / Zarautzen

[ps [ds izen propioa] -(en)-ga-N]

Irati(ren)gan / Ane(ren)gan / Pello(ren)gan // Mikelengan / Mirenengan / Antonengan

[+mug./-pl.] <izord.>

[ps [ds perts. izord.] -(en)-ga-N]

ni(re)gan / hi(re)gan

[+mug./-pl.] <artikulua>

[ps [ds … ] -a-N]

zeru (garbi)an / etxe (berri)an / ikastolan // itun (zaharr)ean / gau (ilun)ean ***

[ps [ds … artikulua] -r-en-ga-N]

ikaslearengan / lagun zaharrarengan

[+mug./-pl.] <erakuslea>

[ps [ds … erakuslea] -ta-N]

(etxe / haitz…) {honetan / horretan / hartan}

(etxe / haitz…) {honetantxe / horretantxe / hartantxe // hone(t)xetan / horre(t)xetan / hare(t)xetan}

(etxe / haitz…) beronetan / berorretan / berean

[ps [ds … erakuslea] -en-ga-N]

(mutiko / lagun / …) {honengan / horrengan / harengan}

(mutiko / lagun / …) {honetxengan / horretxengan / haretxengan}

(mutiko / lagun / …) {beronengan / berorrengan / berarengan}

[+mug./+pl.] <artikulua>

[ps [ds … artikulua] -ta-N]

etxeetan / leku berrietan / enpresetan / une latzetan

egunotan / bide zabalotan

[ps [ds … ] -en-ga-N]

ikasleengan / gurasoengan

ikasleongan / gurasoongan

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[ps [ds erakuslea] -ta-N]

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetan / horietan / haietan}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetxetan / horietxetan / haietxetan}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetantxe / horietantxe / haietantxe}

(etxe / leku / enpresa / …) {berauetan / berorietan / ber(ai)etan}

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[ps [ds … erakuslea] -en-ga-N]

{ikasle / guraso / …} {hauengan / horiengan / haiengan}

{ikasle / guraso / …} {haue(t)xengan / horie(t)xengan / haie(t)xengan}

{ikasle / guraso / …} {berauengan / beroriengan / ber(ai)engan}

[+mug./+pl.] <izord.>

[ps [ds … perts. izord.] -en-gan]

gu(re)gan / zuengan / zu(re)gan

Hots egokitzapenak

    * konts-konts > konts-e-konts (haitz-tan > haitzetan) -ak-tan > -aketan- > -aetan > -etan (adarrak-tan > adarretan…)

  ** bokala-bokala > bokala-r-bokala (asko-engan > askorengan…) konts-en > -en > -en (hauek-engan > hauengan)

*** konts-an > konts-e-an (haitz-an > haitzean…)

20.1.3. PS inesiboaren funtzio sintaktikoa

20.1.3a PS inesiboa adjuntua (mendian ikusi dugu) nahiz osagarria (mahaian utzi dugu) izan daiteke. Sintagma bat osagarria dela esaten dugu, dagokion predikatuak hautatua bada. Beraz, osagarri hautatua izango da. Adjuntu deitzen zaio, berriz, hala hautatua ez denari (§ 23.1a, § 23.3.1b, § 23.3.1h).

20.1.3b Inesiboa, normalean, adjuntua izan ohi da, ez benetako osagarria: Lehengo egunean Maria agurtu nuen Bermeon diogunean, bai lehengo egunean zein Bermeon sintagma inesiboak ez dira agurtu aditzaren osagarri, ez baitira aditzak ezinbestean hautatuak. Horiek gabe ere perpausa osorik eta zuzen eman daiteke: Miren agurtu nuen. Horrenbestez, kasu honetan adjuntuak ditugu aipatutako bi sintagma horiek. Ohiko gramatiketan ‘osagarri zirkunstantzialak’ direla esan ohi da.

20.1.3c Beste batzuetan, ordea, osagarria dela pentsa liteke: Filipinetan bizi izan zen hainbat urtez perpauseko inesiboa (Filipinetan) ezabatzen badugu, esanahia erabat aldatzen da: Hainbat urtez bizi izan zen esanez gero, itxura bereko aditzak (bizi izan) ‘bizitzako aldi bat eman’ edo ‘nonbait bizitokia izan’ adierazi beharrean, norbaiten bizitzak zenbat iraun zuen ere esan nahi izan dezake. Zenbait predikaturen osagarri ere izan daiteke, hortaz, inesiboa: Filipinetan bizi diogunean bizi izan-ek adiera bat du, eta hainbat urtez bizi badiogu, berriz, bizitzaren iraupena edo adieraz genezake.

Osagarria da, halaber, honako honetan: Beste bizitza batean sinesten dut. Perpaus horretan, beste bizitza batean inesiboa sinetsi predikatuaren osagarria da, predikatuak hautatua, alegia. Ezin dugu esan, zerbait ulertutzat eman gabe, sinesten dudala: zerbaitetan sinesten dudala suposatu behar da, sinetsik zer esan nahi duen baldin badakigu behintzat.

20.1.3d Perpaus osagarriek ere inesiboa baliatzen ahal dute. Halakoak dira [… -T(Z)EN] formako perpaus osagarriak, zenbait aditzek (ahaztu, ari, hasi, ikasi, irakatsi, jakin, jardun, pasatu, saiatu eta abar) hautatuak (§ 30.6.3.3): Zerbitzaria goiz osoan sukaldea garbitzen ibili zen; Isilik egoten ikasiko duzu; Ahaztu egin zaio hitz egiten. Goiz osoan eta sukaldea garbitzen inesiboak dira, baina bigarrena litzateke osagarri argia. Lehenbizikoa ez da, beharbada, aditz nagusiak hautatua, ekintza eta gertakizun guztiak denborazko koordenatu batzuetan kokatzen diren arren. Agian, beste maila bateko osagarria litzateke.

Perpaus izan gabe ere, inesiboan agertzen dira hainbat predikaturen osagarriak (§ 11.5e): dantzan hasi, kantuan ari, gogoan hartu, bertsotan ikasi, lanean eman… Jardun, ari, ikasi bezalako aditzek holako osagarriak hautatzen dituzte. Dantzan ere osagarritzat hartu beharrekoa da seguru asko. Denbora zerbaitetan pasatu diogunean pasatu-k bi osagarri izango lituzke: ‘denbora pasatu’ eta ‘zerbaitetan denbora pasatu’.

20.1.3e Zenbait adberbio edo postposizioren (behera, gora, zehar…) osagarri ere izan daiteke PS inesiboa: kalean gora; herrian zehar… Kalean gora, herrian zehar eta antzekoak PS konplexutzat har litezke: -n zehar, -n gora… Bada PS bat -n inesiboa buru duena, eta PS honi beste postposizio bat erantsirik, -n zehar moduko beste postposizio bat osatu dela pentsa genezake. Hots: [ps/AdbS [ps kalean] [P/Adb gora]] / [ps/AdbS [PS basoan] [P/Adb zehar]] (§ 21.10).

20.1.4. Inesiboaren adiera

Hasieran esan dugun bezala, postposizio guztien artean inesiboa da emankorrena eta oinarrizkoena. Adibidez, goian aipatu diren zehar-ek, gora-k eta abarrek inesiboa eska dezakete osagarri gisa (kalean gora, aldapan behera, basoan zehar…). Horrela sintagma osoak adiera bereziak bereganatzen ditu.

Bestalde, postposizio asko dira osagarritzat inesiboa hartzen dutenak: elkarrengandik (< [PS [PS elkarrengan] -tik]) / elkarrengana (< [PS[PS elkarrengan] -a]); hemendik (< [PS [AdbS hemen] -tik]). Modu horretara, adiera ugari bidera daitezke inesiboa oinarri hartuta. Baina inesiboak berak ere, berez, adiera bat baino gehiago izan ditzake.

Funtsean kokagunea adierazten du, baina kokagune hori modu berezian ulertzen ahal da: leku gisa, denbora gisa, jarduera…

20.1.4.1. Lekua

20.1.4.1a Lekua adierazteko baliatzen da inesiboa, gertaera bat non kokatzen dugun adierazteko. Beraz, non? galderari erantzun diezaioke: Plaza nagusian bizi naiz; Zure etxean hitz egingo dugu; Mahaiaren azpian dago katua… Sintagma inesiboak lekua adierazteko balio du, egoera, prozesua nahiz gertaera edo ekintza bat non gauzatzen den esateko.

Eta hau sintagmaren erreferentea [+animatua] denean ere bai: Bere seme-alabengan ez zuen inongo errurik aurkitzen. Hemen, non? galdera egokia izan badaiteke ere, gehienetan norengan? izango litzateke galdera hori, erreferentea animatua delarik. Dena dela, adieraren aldetik, -n inesibo soilaren eta -gan inesibo konplexuaren arteko aldea zertan datzan azaltzea ez da erraza, hiztunok praktikan geure burmuinean gauzak ongi bereizten baditugu ere. Dena dela, batetik herrian esaten da, [-animatu] gisa interpretatuz, baina bestetik herriarengan [+animatu] gisa interpretatuz. Berdin Irakasle batengan fijatu nintzen esaten da, baina honen ondoan Irakasle batetik bestera alde handia dago esaten dugu. Nolanahi ere, batean galdera non?/nondik?/nora? baldin bada, bestean norengan? edo noren baitan? izango da edo norengandik?, norengana?

20.1.4.1b Hala ere, ‘berez’ bizidun edo [+animatu] izango liratekeen sintagmen aurrean non? ere galde daiteke: Mojetan ikasi zuen Leirek (non ikasi zuen?); Mandoan ibiltzen da gure nagusia (edo mando gainean, baina ez, *mandoarengan). Azken kasu honetan non? galdetu ordez, nola ere galdetzea agian egokiago litzateke. Galdera horien guztien gainean, ordea, bada halako ideia orokor bat, ‘kokagune’ adiera zabala izango lukeena. Mandoan ibili bai, baina *mandoarengan ibili ez. Eta Mando honengan konfiantza handia du, baina Mando honetan konfiantza du, zerbait izatekotan, desberdinak lirateke. Beraz, zaldian diogunean kokagune fisiko bat adierazten dugu. Aldiz, barneko ‘zer’ berezi batez ari garenean, fisikoa ez den kokagune batez alegia, erabiltzen ahal dugu -gan edo honen ordain den baitan postposizioa (§ 12.3.8b). Hortaz, aipatu ditugun PSen adiera desberdinaren erantzukizuna ez da inesiboa bera, batean ageri den -ga- postposizioa baizik. Mahaian eta mahai gain-e-a-n-en artean dagokeen diferentzia bezala.

20.1.4.1c Zenbaitetan, itxura batean IS [+animatua] izan arren, -ga-rik ez da erabiltzen. Mojetan eta mojengan desberdinak dira: lehenbizikoan, espazio fisiko bat adierazten dugu, benetako leku bat, mojen ikastetxean, mojen artean edo. Aldiz, mojengan diogunean, fisikoa ez den zerbaitez ari gara, zer den azaltzea zaila bada ere. Lehenbizikoan, ‘mojen lekura’, ‘mojen komentura’ edo esan nahi da. Mojengana esanez gero, berriz, ‘moja artera’, ‘moja multzoa osatzen duten kideengana’. Holako interpretazio jokoa izan dadin, sintagmak plurala izan behar du, multzoa adierazten duena: mojetan/mojengan baina mojarengan/*mojan. Bestalde, Moja guztietan atseginena bera zen / Moja guztiengan zuen konfiantza bera.

Honen antzeko zerbait dugu leku bat adierazteko pertsona izen batez baliatzen garenean ere. Adibidez: Alejo(re)nean bazkalduko dugu esan daiteke (cf. Alejoren tabernan bazkalduko dugu). Baina hemen Alejoren tabernaz edo etxeaz ari gara, ez Alejo beraz; *Alejorengan bazkalduko dugu (cf. Alejorengan uste osoa dut). Alejorengan diogunean pertsona bati buruz ari gara, ez etxeaz edo tabernaz.

Nolanahi ere, PS hauetan, lekutasun adiera -n postposizioak ematen du: goiko adibide guztietan kokagune bat adierazten da, baina inesiboaren ezkerrean beti dago beste elementu bat, kokagune horri eduki jakina eransten diona. Nigan eta neure artean diogunean, beti egiten diogu erreferentzia, nolabait, kokagune bati, fisikoa ez izan arren. Baina esamolde horiek ez dira berdinak, geure etxean eta geure buruan edo geure gogoan ere ‘kokagune’ desberdinak diren bezalaxe. Honen antzeko zerbait gertatzen da -ga-rekin ere, zehazki zer den esaten zaila bada ere.

20.1.4.2. Denbora

20.1.4.2a Denbora adierazteko ere inesiboa darabilgu, gertaera bat denboran non kokatzen den adierazteko, alegia. Beraz, kokaguneaz ariko ginateke orain ere: Zer urtetan etorri zinen Euskal Herrira?; Gaztetan ez duzu horrelakorik pentsatzen; Bazkalondoan aztertuko dugu egoera; Hiruretan deitu zidan… Denbora une edo tarte bat adieraz dezake inesiboak, une jakin bat. Hori da adibideok adierazten dutena.

20.1.4.2b Aldi bat ere adierazten ahal da inesiboaren bidez, ez une zehatz bat. Ekintza edo gertaera bat zenbat luzatu den esateko, adibidez: Hilabetean idatzi du liburua; Urte osoan ez du kolpe zorririk jo. Holakoek zenbat denbora(n)? galderari erantzun diezaiokete, esaterako. Hauen ordain gisa eman daiteke batzuetan instrumentala ere (§ 21.6): Hiru urtez (hiru urtean) egon zen kanpoan; Egun batez (egun batean) emakume xarmant bat aurkitu zuen.

20.1.4.2c Maiztasuna adieraz dezake beste batzuetan. Orduan, galdera zenbat aldiz? edo izango litzateke: Hirutan izan naiz Galizian; Askotan joan gara elkarrekin. Hilean bi aldiz, noizean behin eta holako esapideetan ere maiztasuna adierazten da, baina hauetan maiztasun hori ez dagokio, berez, inesiboari, bi aldiz edo behin sintagmei baizik. Inesiboak maiztasun horren kokagunea ezartzen du: behin vs urtean behin; bi aldiz vs astean bi aldiz. Gorago aipatu diren mendian gora bezalakoak lirateke hauek (§ 20.1.3e), PS edo AdbS konplexutzat har daitezke horrelako egiturak: behin / bi aldiz sintagma buruak direla esan genezake eta ezkerreko sintagma inesiboa (urtean, astean…) buru honen osagarria. Denak ere adberbio esapidetzat har litezke.

Denborazko zenbait perpaus jokatu nahiz jokatugabetan ere inesiboaz baliatzen gara: Haserrea joaten zaizunean, etorri; Goizean argia hastean, txori bat pausatzen da leihoan… Hauek ere inesiboak dira eta denbora adierazteko aukera eskaintzen digute.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

20.1.4.3. Jarduera

20.1.4.3a Jarduera ere adierazten du inesiboak (zertan?). Dantzan aritu ziren neska-mutilak diogunean, inesiboa darabilgu, baina oraingoan ez dago hain argi inesibo horren lekutasuna, ez bada ariketa edo jardun baten kokagune gisa ulertzen behintzat: berriketan jardun, bertsotan hasi, atunetan ibili… horrela ulertzen ditugu. Holakoak asko dira: igerian, aitzurrean, musean, ehizean, etab. Ari izan, jardun, saiatu… moduko aditzekin batera erabiltzen dira inesibo hauek (§ 11.5e). Argi dago holakoek zertan? galderari erantzuten diotela. Beste batzuetan beste galdera bat egin beharko litzateke, hala ere. Adibidez, idazten ez daki dioenak zertan ez daki? balizko galderari erantzuten dio, edo agian hobeto, zer egiten ez daki? litzateke galdera hori.

20.1.4.3b Perpaus mendekoetan ere inesiboa ezinbestekoa da batzuetan (§ 30.6.3.3): jaten eman, josten ikasi, hitza hartzen saiatu, mintzatzen jakin, hitz egiten ahantzi, josten lagundu… Hauetan ere jardunaz mintzo gara.

20.1.4.4. Prezioa

Prezioa ere inesiboaren bidez eman ohi da aditzera: Auto zaharra sei mila eurotan erosi zuen; Bost txakur txikitan jarri du salgai etxea… Alegia, zer preziotan?, zenbatean/zegan? (/bizk.)… galderei erantzuten die inesiboak kasu honetan.

20.1.4.5. Modua

Modua adieraz dezake, halaber, maiz, inesiboak: Onean zerbait lortuko duzu, txarrean ez; Patxada ederrean geunden; Neurrian hartuz gero, pozoia ere on dateke; Uretan beratzen zuen bakailaoa… Inesiboak oraingoan nola? galderari erantzuten diola esan genezake. Denetan ere, lekua edo kokagunea adierazten da, egia, baina modua ere bai: Nola geunden?; Bakailaoa nola beratu behar da?; Nola saldu du etxea? eta abar. Horregatik, adberbio gisa lexikalizatutako sintagma asko modu adberbioen artean sailkatzen dira, inesiboa gorabehera: patxadan bizi da, neurrian egin behar da lan eta antzekoak ez ezik, herioan alde egin, abantaran joan, izu-zaparradan etorri… Halakoak dira beste asko ere: Eskean zebilen; Miserian bizi zen; Ezinean aurkitu nuen; Koxkorrean pijo gabiltza… Beste PS inesibo batzuk mugagabean ematen dira, egiazki adberbio bilakaturik edo: gezurretan, kaltetan, izerditan, benetan, zinetan… Hauek bere horretan adberbiotzat har litezke. Bestela, nola azaldu sintagma hauen mugagabetasuna? Atunetan, oliotan, esnetan, gaztetan, elurretan, euritan, eguzkitan, ezkonberritan… adberbio eratorri gisa analizatuta (gaizki, zinez eta abar bezala) arazorik ez genuke. Jatorria gorabehera, sintagma hauek adberbio bilakatutako esapidetzat hartzea litzateke egokiena, beharbada. Forma horretan lexikalizatutako adberbioak direla esan dezakegu, hortaz. Eta betiere zer egoeratan? edo nolako egoeran? galderari erantzuten ari garela pentsa daiteke. Modua adierazten dute, horrenbestez.

Adberbiotze honetan mailak egon daitezke, hala ere. Adibidez, izerditan, benetan… mugatzailerik gabeak ez bezala, agian, agidanean, ahaleginean, ezinbestean… sintagmak ere, determinatuak izanik, lexikalizatze prozesu baten ondorioz adberbio bilakaturik ikusten ditugu, adberbio-esapide ihartu gisa. Hona hemen beste batzuk: itsu-itsuan, arian-arian, ezarian-ezarian, etsi-etsian, kuxkuxean… Holakoetan PS inesiboa adberbio gisa lexikalizatua ageri da. Honako hauetan ere bai: agerian, arestian, artean, orduan… Hiztegietan horrelaxe agertuko zaizkigu, hitz aske gisa, erabat trinkoturik. Asko dira inesiboaren gainean eraikitako adberbioak: txitian-pitian, noizean behin, lantzean behin… Beste honako hauek ere esapide gisa trinkotu dira, baina egituraren konplexutasuna erabat agerian erakusten dute: damu gaiztoan, ordu onean, zori onean… edo hobeto nahian, hoberik ezean, azken batean, hitz batean, hondarraren hondarrean, lehen kolpean sintagmen osaera gardena da. Beraz, inesiboak bizirik gordetzen du adberbio esapide berriak sortzeko ahalmena.

20.1.5. Inesiboa leku/denborazko PSen oinarrian

20.1.5a Leku/denborazko PSetan inesiboa aurki liteke oinarrian. Lurrean / mendian diogunean (§ 19.5.1.3b) inesiboaren aurrean ageri den -a- hori artikulua ote den eztabaidatu izan da. Nolanahi ere, leku/denborazko gainerako postposizioek ez dute balizko artikulu horren arrastorik: menditik esaten da (ez *mendiatik), mendira (ez *mendiara). Mendiko-ren kasuan ere berdin (ez *mendiako). Hala ere, honen azpian mendi-an-ko dugula onartzen da (§ 20.1.1). Batzuetan, izan ere, inesiboaren -n postposizioa agerian ematen da: hemen + -ko > hemengo; han + -ko > hango. Beste kasu batzuetan, -kok ezkerrean daraman leku/denborazko PSak dagokion postposizioa gorde egiten du: zerutik- ko > zeruti(ka)ko; mendira-ko > mendi(ra)ko; mendiraino-ko > mendirainoko…

20.1.5b Beraz, -korentzat onartzen dena -tik, -ra eta enparauekin egin bageneza, argi pixka bat izango genuke leku/denborazko PS hauen nondik norakoa azaltzeko orduan. Horrela, hemen egingo dugun proposamena honako hau da: mendiko < mendian-ko dugun bezala, pentsa dezagun menditik < mendian-tik, mendira < mendian-ra), mendiraino < mendian-raino… dugula, agerian mugatzailearen eta inesiboaren markaren arrastorik ez badugu ere. -koren kasuan bezala, hain zuzen. Izan ere, inesibo hori berori maiz agerian dago: hemengo bezala, hemen-dik, han-dik, aurten-dik…, adibidez, hor ditugu. Eta areago, zugan-dik, zugan-a, zugan-a-ino… PSak hor ditugu beren inesibo marka eta guzti. Beste honako hauen tankerakoak ere ageri dira han-hemenka: gaztetandik, txikitandik

20.1.5c Hori guztia dela eta, pentsa liteke -koren ezkerrean ez ezik, -tik ablatiboaren edo -ra (-raino, -rako…) adlatiboen ‘azpian’ ere inesiboa dagoela, agertu ez arren. -gan postposizioa bera, inesiboa izaki, hor ageri da harro asko: zuregandik (< zurega-n-tik); zuregana (< zurega-n-a); gureganaino (< gurega-n-aino). Adberbioetan ere bai (hemendik, handik…). Horrenbestez, menditik (< mendi-an-tik), etxe hartatik (< etxe har-ta-n-tik), mendira (< mendi-an-ra), etxe hartara (< etxe har-ta-n-ra) eta abarretan inesiboa dugula pentsatuko dugu. Hau da, leku/denborazko postposizioetan beti oinarrian inesiboa dugula esan daiteke. Hipotesi honekin lan eginez leku/denborazko PSen analisia gardenago egingo zaigu.

20.1.5d Inesiboak ‘kokagunea’ adieraziko luke soil-soilik, oinarrizko kokagunea alegia. Inesiboaren oinarrizko adiera honi beste postposizio batzuk erantsi ahala, adiera ere osatuz eta zehaztuz doa: mendian > menditik / mendira… Eta azken honetatik, adibidez, beste postposizioen laguntzaz, mendirako, mendirantz(ko), mendiraino(ko)… Hots: oinarrian inesiboa izango genuke. Honek egoera edo gertaera baten kokagunea zein den esaten digu, eta hemendik -tik postposizioa erantsita, gertaeraren jatorria adieraziko da, eta -ra postposizioa gehiturik, berriz, jomuga, helburua edo horrelako zerbait. Postposiziobide honek euskaraz nola lan egiten duen ulertzea errazten duela uste dugu.

PS ablatibo eta adlatiboak aztertu ondoren, kapitulu honen amaieran ematen da postposizio-gehitze horien eta hortik sortzen diren formen eta adieren taula (§ 20.4).

20.2. Ablatiboa: -TIK/-RIK

20.2.1. PS ablatiboaren morfologia

20.2.1.1. -TIK eta -(R)IK

20.2.1.1a Forma dela eta, aipatzekoa da lehenbizi -tiken parean, -(r)ik ere badela euskara batuan. Goazen mendirik mendi; Liburu hauetarik zein hautatu nahi duzu? (cf. liburu hauetatik…); Inguru hauetako mendirik politena Txindoki da… ohikoak dira euskararen eremu gehienean. Liburu hauetarik zein? modukoak ipar-ekialdean erabiltzen dira batik bat, baina baita euskara batuan ere.

20.2.1.1b Postposizio atzizkiaren formari dagokionez, -n, -l, -r, -s, -z edo -tz amaierako leku izenek bi modutara joka dezakete: a) zuzenean har dezakete ablatibo atzizkia (-tik), adlatibo atzizkia (-ra(t) eta honen gainean eraikiak) nahiz -ko; b) leku izenaren amaierako kontsonantearen eta postposizio atzizkiaren artean -e- epentetikoa ere ezar daiteke. Postposizio atzizkia zuzenean hartuz gero, -dik eta -go aldaerak eskatzen dituzte -n edo -l amaierako leku izenek. Beraz, aukera hauek guztiak ditugu eta Euskaltzaindiak guztiak jo zituen zuzentzat: Baztanetik/Baztandik, Usurbiletik/Usurbildik, Eibarretik/Eibartik, Gasteizetik/Gasteiztik, Garesetik/Garestik, Zarautzetik/Zarauztik.

20.2.1.1c Aukera bitasun hori badagokie, esan bezala, -ko, -ra(t), -rantz eta -raino postposizioei ere: Baztaneko/Baztango, Usurbileko/Usurbilgo, Eibarreko/Eibarko, Gasteizeko/Gasteizko, Zarautzeko/Zarauzko; Baztanera/Baztana, Usurbilera/Usurbila, Eibarrera/Eibarra, Gasteizera/Gasteiza, Garesera/Garesa edo Zarautzera/Zarautza. Ablatiboko postposizioaren kasuan bezala, hauetan ere bi moldeak jo zituen zuzentzat Euskaltzaindiak.

20.2.1.1d Harrezkero ez du Euskaltzaindiak hasierako arau orokorra aldatua, baina onomastika eta exonomastika alorretako arauen harira, Madrilgo Erkidegoa (32. araua) eta Afganistango Islamiar Errepublika edo Bahraingo Erresuma (38. araua) formak eman zituen euskara baturako; eta ez Madrileko, Afganistaneko edo Bahraineko. Euskaraz ere Usurbilgo Udala eta Irungo Udala dira izen ofizialak. Forma horiek Usurbildik eta Irundik aukeratzera eramango gintuzkete, nahiz Usurbiletik eta Irunetik ere euskaldun askok erabiltzen dituzten.

Halaber, Agoizko, Agoiztik formak gomendatzen ditu 155. arauan (6. oharra). Beraz, Gasteiztik, Garestik eta Zarauztik izango genituzke (eta ez Gasteizetik, Garesetik eta Zarautzetik).

20.2.1.1e Gramatika honetan, postposizio atzizkien taulak ematean, Usurbildik, Irundik, Eibartik, Eibarrera, Usurbilera… formak hobetsi ditugu, baina beste aldaerak erabiltzen direla ohartaraziz. Izan ere, araurik ezean, ezin da esan gaizki daudenik bestelako formak (Euskara Batuaren Eskuliburua: “Izen bereziak: kontsonantez (n, l, s, z, tz edo r) bukatzen diren leku-izenen deklinabidea” eta Mujika 2013).

20.2.1.2. Harik/honik/arean, adberbio ihartuak

Bestalde, harik (< har-ik), arean (< har-ean), honik (< hon-ik) adberbio formak ere hor ditugu, handik eta hemendik-en parean. OEHn badira harik ablatiboaren adibideak: Zelan arik atera zortzi gaiskinak? (Mogel). Beste PS edo AdbS batzuekin ere aurki daiteke Añibarroren edo Mogelen testuetan: harik aurrera, harik hona, harik laster… Gaur egun denborazko mendeko perpausetan erabiltzen da harik eta partikula konplexuan, ezkerrean ezarririk, hondarreko muga adierazteko (§ 36.10a): Ez nintzen konturatu harik eta zu ikusi zintudan arte. Honik ablatiboaren adibide gehien-gehienak Bizkaiko autoreen testuetan aurkituko ditugu: honik aurrera (honerik aurrera ere bai Añibarrok), honik hilabetera, honik bigarren eguneanOnik aurrera beste bat isango nas! (Añibarro). Baina nekez aurkituko dugu gaurko testuetan forma horretako erakusle ablatiborik175. Arean adberbio ihartuan, berriz, argi ikusten da Bizkaiko ablatibo zaharra, testuetan h gabe ageri dena: arean < har-ean (Azkue 1923: 10; Lakarra 1984: 161-193). Euskaltzaindiaren Hiztegiak jaso du arean, baina ablatibo baliorik gabea (‘zerbait’ edo ‘ezer ez’ balioan batetik; ‘segurki, dudarik gabe’ balioan, bestetik). Lazarragarengan lehen graduko ablatibo zaharra ere ageri da: honerean. Baina forma horiek guztiak zaharrak dira; gaur ez dira erabiltzen esapide eginetan ez bada. Forma estandarrak, jakina, gaur euskararen eremu zabalean hemendik, hortik, handik dira. Honik, harik modukoak esapide eginetan erabiltzen dira bereziki.

20.2.1.3. Morfema bat baino gehiago: inesiboa oinarrian

20.2.1.3a Gorago esan dugun bezala (§ 20.1.5) leku/denborazko postposizio itsatsi hauek ([PS [DS …] -TIK/-RIK]) beste PS bat dute osagarritzat. Batzuetan, gainera, agerian. Zuregandik, aitagandik sintagmetan argi dago: zure-ga-n-tik, aita-ga-n-tik. Hemendik (hemen-tik), handik (han-tik) sintagmetan ere bai. Denetan -n inesiboa ageri da. Etxetik, kaletik, etxeko sintagmetan, ordea, inesibo hori ez da azaltzen. Hala ere, etxeko-ren ‘azpian’ etxean-ko daukagula onartzen den bezala (§ 20.1.1), etxetik-en azpian etxean-tik dagoela pentsa liteke, zuregandik edo hemendik sintagmetan bezalaxe; batean ezkutuan, bestean agerian.

Gauzak nola diren azaltzeko modu erraza dela uste dugu lehen begiratuan sokari korapilo gehiago egitea lirudikeen arren. Hortaz, atalari ezarri diogun izenburuan sintagmaren egiturak honela beharko zukeen: [PS [PS [DS …] ] -tik/ -rik]. Alegia, [PS [PS [DS Pello] -(ren)-ga-n ] -tik] (Pello(ren)gandik). Baina beste kasu askotan ere bai, inesiboa agerian egon ez arren: [PS [PS [DS Gernika] -n ] -tik] (Gernikatik).

20.2.1.3b Denborazko adberbioek ablatiboan har dezakete forma berezi bat: -danik. Jakina da -tik postposizioa leku/denborazko ohiko adberbioek ere har dezaketela. Orduan, adberbio horien morfofonologia egokitu egiten da apur bat. Bereziki, -dan-ik forma hartzen ahal dute: noiztik/noizdanik, aspalditik/ aspaldidanik, gaurtik/gaurdanik, betitik/betidanik… Dirudienez, forma bikoiztasun hau denbora-adberbioetan bakarrik gertatzen da. Leku-adberbio garbien kasuan ez da holakorik ikusten, antza: nondik, hemendik, hortik, handik; ez *nondanik, *hemendanik…

20.2.1.4. Postposizio sintagma ablatiboa: [PS [PS [DS …] -N] -TIK]

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(e)ta-N-TIK]

bi(ta)tik / hiru(ta)tik / sei(ta)tik… // boste(ta)tik / hamarre(ta)tik… (baina batetik)

bi etxetatik / hiru herritatik / sei zubitatik… // bost adarretatik / hamar haitzetatik… *

zertatik / edozertatik / ezertatik // zeinetatik / edozeinetatik / zenbate((t)a)tik / hainbate((t)a)tik

zein etxetatik / zenbat herritatik // edozein haitzetatik / hainbat adarretatik

(etxe / harri / haitz / …) {askotatik / gutxitatik / anitzetatik…}

[PS [DS … zenbatzailea …] -en-ga-N-DIK]

birengandik / hirurengandik / seirengandik… // bostengandik / hamarrengandik

bi mutikorengandik / bi lagunengandik**

zein mutikorengandik / edozein irakaslerengandik // zenbat lagunengandik / hainbat artzainengandik

(mutiko / lagun…) askorengandik / gutxirengandik / anitzengandik

[+mug.] <iz. prop.>

[PS [DS izen propioa] -N-TIK]

Bilbotik / Donostiatik / Mauletik; Irun-dik / Usurbil-dik176… / Eibartik / Lemoiztik / Zarauztik // Eibarretik / Lemoizetik / Zarautzetik177

[PS [DS izen propioa] -(en)-ga-N-DIK]

Irati(ren)gandik / Ane(ren)gandik / Pello(ren)gandik // Mikelengandik / Mirenengandik / Antonengandik

[+mug./-pl.] <izord.>

[PS [DS perts. izord.] -(en)-ga-N-DIK]

ni(re)gandik / hi(re)gandik

[+mug./-pl.] <artikulua>

[PS [DS … ] -a-N-DIK]

zeru (garbi)tik / etxe (berri)tik / ikastolatik… // itun (zaharr)etik / gau (ilun)etik ***

[PS [DS … artikulua] -r-en-ga-N-DIK]

ikaslearengandik / lagun zaharrarengandik

[+mug./-pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -ta-N-TIK]

(etxe / haitz…) {honetatik / horretatik / hartatik}

(etxe / haitz…) {honetatixe / horretatixe / hartatixe // hone(t)xetatik / horre(t)xetatik / hare(t)xetatik}

(etxe / haitz…) beronetatik / berorretatik / beretik

[PS [DS … erakuslea] -en-ga-N-DIK]

(mutiko / lagun / …) {honengandik / horrengandik / harengandik}

(mutiko / lagun / …) {honetxengandik / horretxengandik / haretxengandik}

(mutiko / lagun / …) {beronengandik / berorrengandik / berarengandik}

[+mug./+pl.] <artikulua>

[PS [DS … artikulua] -ta-N-TIK]

etxeetatik / leku berrietatik / enpresetatik / une latzetatik

egunotatik / bide zabalotatik

[PS [DS … ] -en-ga-N-DIK]

ikasleengandik / gurasoengandik

ikasleongandik / gurasoongandik

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -ta-N-TIK]

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetatik / horietatik / haietatik}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetxetatik / horietxetatik / haietxetatik}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetatixe / horietatixe/ haietatixe}

(etxe / leku / enpresa / …) {berauetatik / berorietatik / ber(ai)etatik}

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -en-ga-N-DIK]

{ikasle / guraso / …} {hauengandik / horiengandik / haiengandik}

{ikasle / guraso / …} {haue(t)xengandik / horie(t)xengandik / haie(t)xengandik}

{ikasle / guraso / …} {berauengandik / beroriengandik/ ber(ai)-engandik}

[+mug./+pl.] <izord.>

[PS [DS … perts. izord.] -en-ga-N-DIK]

gu(re)gandik / zuengandik/ zu(re)gandik

Hots egokitzapenak

    * konts + konts > konts-e-konts: bostetik / bost adarretatik (baina hortik / handik…)

  ** bokala + bokala > bokala+r+-bokala (Patxi-engandik > Patxirengandik)

*** bokala + konts > bokala-konts (Bilbotik, menditik) -ak+-en- > -a-e-n > -en (gurasoak-engandik > gurasoengandik)

20.2.2. PS ablatiboaren funtzio sintaktikoa

20.2.2a Ablatiboa osagarri ala adjuntu den eztabaida daiteke. Garbi dago edozein predikatuk ez duela onartzen bere inguruan [PS … -TIK] tankerako PSrik. ‘Iturburua’ (§ 23.2.1) hautatzen duen predikatua behar da, eskuarki: alde egin, atera, begiratu, bidali, ekarri, etorri, hasi, ihes egin, igorri, iritsi, irten, jaitsi, joan, sortu… bezalako (mugimendu) aditzek hautatzen dute PS hau, lekualdaketa adierazten dutenek alegia. Adibidez: Ertz honetatik hasi behar duzu; Kaiolatik ihes egin zuen txoriak; Libra gaitzazu gaitz guztietatik; Larunbatetik nago hemen.

Baina egon-ek, esaterako, nekez hautatuko du holakorik, denbora adieran ez bada: {atzotik, aspalditik} nago hemen (cf. atzoz gero nago…). Iturburuaz ari ez bagara, ordea, onartzen du egon-ek ere holakorik: Zeruan izarra dago itsaso aldetik. Itsaso aldetik eta itsaso aldean sintagmek baliokide dirudite. Nolanahi ere, oraingoan ez gara iturburuaz ari.

20.2.2b Funtzioaz ari garelarik, PS ablatibo honen eta aipatu diren predikatuen arteko erlazioa hain estua izanik, pentsatzekoa da osagarri funtzioa betetzen duela. Azken batean, predikatuaren adierak eskatzen du ‘jatorria’ edo ‘iturburua’ moduko argumentu bat: alde egin predikatuak adibidez, alde egitearen jatorria adierazten duen argumentu bat hautatzea bidezko da. Lan egin bezalako batek, esaterako, ez dirudi holakorik hautatzen duenik, baina ikasi edo jakin-ek holakoak hauta ditzakete: nondik jakin duzu hori?, egunkarietatik ikasi dut dena.

Aditzekin ez ezik beste zenbait postposizio edo adberbiorekin (aurrera, aitzina, behera, gora…) batera ere agertzen ahal zaigu ablatiboa osagarri gisa: Eskaileretatik behera erori nintzen; Estratatik gora joango gara; Marra horretatik aurrera ez zaitez pasa; Bihartik aitzina isilik egongo naiz.

Behera, gora, aurrera, aitzina adberbioek postposizio gisa lan egiten dute, PS baten buru. Hau osagarria izango da. Ablatiboa eta adlatiboa, biak ageri dira goiko adibideetan, ablatiboa osagarri delarik eta adlatiboa sintagma osoaren burua. Ohart gaitezen, bide batez, euskaraz burua eskuinaldean kokatu ohi dela (§ 1.4). Horregatik, adlatiboa eskuinaldean kokatzea zentzuzkoa da: Bihartik aitzina isilik egongo naiz vs *Aitzina bihartik isilik egongo naiz.

Horrela, sintagma osoa ere PS dela onar daiteke: [PS ‘nora’ [PS ‘nondik’ eskaileretatik / puntu horretatik / hemendik] behera/aurrera].

Esapide hauetan ‘nondik nora’ horrelaxe ikusiko ditugu bat eginda. -KO postposizioaren aurrean ere bai: Hemendik aurrerako lanak gogorragoak izango dira (*aurrera hemendiko lanak). Eta berdin, *hemendiko aurrerako lanak. Honek esan nahi du hemendik aurrera osagai bakar gisa ikusten dugula eta horrelaxe lexikalizatua dagoela, adberbio konplexu bat osatuz.

20.2.3. Adiera

20.2.3a ‘Iturburua’ edo ‘jatorria’ adierazten du funtsean [PS…-TIK] ablatiboak: nondik?, noiztik? edo zertatik? galderari erantzuten dio, lekuari nahiz denborari nahiz ekintza edo gertaera bati gagozkiola: {Bilera hartatik / handik} lur jota atera nintzen; Holako jendearengandik zer espero genezake; Ohitura hura froga negatiboak ezartzetik sortua zen; Ez naiz neure burutik mintzo (Axular); Alde hemendik!

20.2.3b ‘Modua’ adierazteko ere baliatzen dugu zenbait esapidetan: Hiru aldiz egin duzu barre nire lepotik (Elizen arteko Biblia); Neskek gogotik egiten zuten irri. Kasu honetan ere bada, nolabait, iturburua edo jatorria, baina baita nola? galderaren erantzuna ere. Bestalde, bai lepotik, bai gogotik, biak aski ihartuak daude, eta horrek esan nahi du adberbiotzat ere har litezkeela, bere horretan. Lehenbizikoak, postposizio gisa lan egingo luke eta osagarria hautatuko luke ([PS [IS X-ren] [PS lepotik]]). Bigarrenak ez luke osagarririk, beharbada, gogotik diogunean ‘norberaren gogotik’ edo esan nahi dela ulertzen ez badugu behintzat. Nolanahi ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian gogotik adberbiotzat ematen da.

20.2.3c ‘Abiapuntua’ adieraz dezake ablatiboak: Joan den urtetik hona ez dut ikusi. -tik postposizioa denbora/leku adberbio ohikoei erantsita ere berdin aurki daiteke: bihartik aurrera, gaurtik astelehenera, hemendik aurrera, hortik ez zoaz inora… Orduan ere abiapuntua, denbora tarte baten hasiera ematen du aditzera: Noiztik ez zoaz elizara?; Bihartik hasita erretzeari utziko diot

Abiapuntu hori, hain zuzen, oinarrian dagoen adberbioak edo PSak adierazten duen unea izango da: bihartik hasita diogunean, bihar da abiapuntua. Domekatik aurrera etxean izango naiz dioenak, domeka ezartzen du abiapuntu. Hori adierazten du -tik postposizioak.

20.2.3d ‘Tartea’ adierazten duten esapideetan agertuko zaigu PS ablatibo hau. Gehienetan nondik nora? edo zenbatetik zenbatera? galderei erantzuteko moduan: [… -tik aurrera], [… -tik behera], [… -tik hona] eta abar. Iaztik hona ikusi gabe neukan; Mila eurotik beherako soldatak ordaintzen dituzte. Hauetan ‘tarte’ bat adierazten da, hasi nonbait eta amaitu beste nonbait. Sarrerak 50 eurotik {gora/aurrera} esaten da (ez *sarrerak 50 eurotik) tartearen bi muturrak eta, horrenbestez, norabidea ere aditzera emanaz.

20.2.3e Ablatibo soila bera bakarrik eman daiteke, hala ere, baldin eta denboraz ari bagara. (Atzotik = atzoz gero): Berehala hiri ostia pare bat emateko maneran egonen dela ari duk atzotik erran eta erran (Epaltza). Ohikoena, bi muturrak aipatzea da, hala ere: Diferentziarik nabaritzen al dun atzotik gaurra? (Alonso). Txartelen eta gainerako salgaien prezioaz ari garenean ere, adibidez, tartearen hasiera soila ez dirudi eman daitekeenik: Sarrerak hogei eurotik aurrera vs *Sarrerak hogei eurotik.

20.2.3f Prosekutibo deitzen dena ere adierazten du ablatiboak: Ibili al zara inoiz leku honetatik?; Pasatzen naizenean zure leihopetik, negarra irteten zait begi bietatik. Hauetan argi dago ez dela jatorria edo iturburua adierazten, zeharkatzen den bidea baizik, pasabide bat edo kokagune bat, besterik gabe. Batzuetan, honen ordain garbia [… -n zehar] izan ohi da, baina ez dirudi beti hala denik. Nolanahi ere, goiko bigarren adibideak ongi adierazten du aldea: lehenbiziko PSa, zure leihopetik, ‘prosekutiboa’ da, bigarrenak, berriz, begi bietatik sintagmak, ohiko adiera izango du, negarraren iturburua alegia. Kaiolatik ihes egin eta leihotik ihes egin ere, adibidez, desberdinak dira. Batean abiapuntua edo daukagu (kaiola), bigarrenean, aldiz, ohiko adieraz gainera (txoria leihoan zegoen eta ihes egin du), pasabidea ere adierazten du (barnean zegoen txoriak zabalik zegoen leihotik ihes egin du).

20.3. Adlatiboak: [… -RA]; [… -RAINO]; [… -RANTZ]; [… -(RA)KO]

Adlatiboa funtsean -ra (edo -rat, euskalkiaren arabera) postposizioari deitzen diogu eta berau izango da [PS … -RA(T)] postposizio sintagmaren buru. Honen gainean eraikiak diren [PS … -RANTZ], [PS … -RAINO] eta [PS … -RAKO] ere adlatibotzat har daitezke. Azken hauetan oinarrizko -ra postposizioari ñabardura bat gehitzen dio ondoko postposizioak edo atzizkiak: nora vs noraino/norantz/norako. Hots: etxeraino/etxerantz/etxerako. Hortaz, adlatiboak lau forma desberdin hartzen dituela esan genezake. Denei adlatibo deitura zor zaie, denek ere nolabait norabidea seinalatzen baitute funtsean. Etxera joan, etxeraino iritsi edo etxerantz abiatu esanez gero, etxera, etxeraino eta etxerantz oso hurbileko ikusten ditugu, bai formaz bai adieraz: denek -ra postposizioa dute oinarrian eta adiera nagusia ere norabidea dela esan genezake. Hortaz, -ra/-raino/-rantz postposizioak adlatibotzat hartuko ditugu. Berdin joka daiteke -rako postposizioarekin ere. Honek ere batzuetan, aditz bati atxikia ageri denean, norabidea/helburua adierazten du (etxerako erosi dut loreontzia). Aurreko hirurak bezala, [PS etxerako] ere predikatu batekin ager daiteke: etxera ekarri / etxeraino hurbildu / etxerantz eraman/ etxerako erosi.

Ordea, holakoak izenlagun ere izan daitezke, -ko postposizioa daramatela: [{etxerako / etxerainoko / etxerantzako} bidea]. Etxeraino joan / etxerainoko bidea egin bikotea dugun bezala, etxera joan / etxerako bidea egin ere hor dugu, baina baita etxerako erosi ere. Hortaz, etxerako sintagmak bi funtzio bete ditzake: aditz baten nahiz izen baten adjuntu izan daiteke. Bi egitura ditugula onartu beharko dugu, eta bi adiera ere bai, beharbada, hots: etxerako loreontzia (‘etxera daramadan loreontzia’ eta ‘etxerako erosi dudan loreontzia’, adibidez). Aldiz, etxeraino eta etxerainoko bereiz ageri zaizkigu: Etxeraino iritsi zen sua vs Etxerainoko garrak ikusi genituen. Etxerako PSaren kasuan forma bera erabiltzen dugu batean eta bestean: Etxerako erosi dut okela baina Etxerako erosi dudan okela ere etxerako okela da, ez *etxerakoko okela. Jokabide hau -ko postposizioari zor zaio. Horregatik, agian, batetik etxerako, etxera- ko gisa analizatu beharko genuke eta bestea, berriz, etxe-rako gisa. Alegia, -rakoren azpian bi egitura ezkutatuko lirateke: [PS [DS etxe]-rako] ekarri vs [PS [PS etxera-] -ko] bidea. Beste adlatiboekin, berriz, -raino/-rainoko eta abar, bikoteak izango genituzke.

20.3.1. PS adlatiboen morfologia: [PS [PS [DS …] -N] {-(R)A / -RAINO / -RANTZ / -(RA)KO]

-RA, -RAINO, -RANTZ, -RAKO postposizioak dira PS adlatiboen buru. Morfologiari dagokionez, oraingoan ere leku/denborazko PSen ezaugarriek zutik diraute: a) -ta- artizkia: zein etxetara? / bi etxetaraino / etxe haietarantz / etxeetarako…; b) -gan- [+animatua] tasuneko sintagmetan: semearengana/semeenganaino/semeenganantz/ikasleenganako eta c) artikulu singularraren arrastorik ez: mendira/mendiraino/mendirantz/mendirako, ez *mendiara/*mendiaraino/*mendiarantz/*mendiarako.

Bestalde, adlatibook ere inesiboaren gainean eraikitzen direla pentsa liteke: zuregana (< zuregan -a), hara (< han -ra), gerora (< gero-ra) bezala, mendira < mendian + -(r)a) genuke eta gauza bera gainerako leku/denborazko PSetan. Adlatiboaren azpiko inesiboa gehienetan azaleratzen ez bada ere (Bilbo-ra, mendi-ra…) beste batzuetan begien bistan dago: Koldorengan-a, zugan-a. Horrenbestez, inesiboa abiapuntu hartuta azaleko forma zein izango den erraz ikusten da orain ere: inesiboan, sintagmaren eskuinaldean, -ta-n agertzen bada, adlatiboan -ta-ra agertuko zaigu; -gan baldin badugu, berriz, -gan-a izango dugu. Hortaz, honako taula hauetan laburbil dezakegu adlatiboen morfologia.

20.3.1.1. Adlatiboa1 (‘nora’): [PS [PS [DS …] -N] {-(R)A]

[-mug.]

[PS [DS … zenbatzailea …] -(e)ta-N-RA]

bi(ta)ra / hiru(ta)ra / sei(ta)ra… // boste(ta)ra / hamarre(ta)ra… (baina batera)

bi etxetara / hiru herritara / sei zubitara… // bost adarretara / hamar haitzetara

zertara / edozertara / ezertara // zeinetara / edozeinetara / zenbate((t)a)ra / hainbate((t)a)ra

zein etxetara / zenbat herritara // edozein haitzetara / hainbat adarretara

(etxe / harri / haitz / …) {askotara / gutxitara / anitzetara…}

[PS [DS … zenbatzailea …] -en-ga-N-A]

birengana / hirurengana / seirengana… // bostengana / hamarrengana…

bi mutikorengana / bi lagunengana**

zein mutikorengana / edozein irakaslerengana // zenbat lagunengana / hainbat artzainengana-…

(mutiko / lagun…) askorengana / gutxirengana / anitzengana

[+mug.] <iz. prop.>

[PS [DS izen propioa] -n-RA]

Bilbora / Donostiara / Maulera… // Irunera / Usurbilera / Zarautzera178

[PS [DS izen propioa] -(en)-ga-N-A]

Irati(ren)gana / Ane(ren)gana / Pello(ren)gana… // Mikelengana /

Mirenengana / Antonengana

[+mug./-pl.] <izord.>

[PS [DS perts. izord.] -(en)-ga-N-A]

ni(re)gana / hi(re)gana

[+mug./-pl.] <artikulua>

[PS [DS … ] -a-n-RA]

zeru (garbi)ra / etxe (berri)ra / ikastolara… // itun (zaharr)era / gau (ilun)era ***

[PS [DS … artikulua] -r-en-ga-N-A]

ikaslearengana / lagun zaharrarengana

[+mug./-pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -ta-n-RA]

(etxe / haitz…) {honetara / horretara / hartara}

(etxe / haitz…) {honetaraxe / horretaraxe / hartaraxe // hone(t)xe- tara / horre(t)xetara / hare(t)xetara}

(etxe / haitz…) {beronetara / berorretara / berera}

[PS [DS … erakuslea] -en-ga-N-A]

(mutiko / lagun / …) {honengana / horrengana / harengana}

(mutiko / lagun / …) {honetxengana / horretxengana / haretxengana}

(mutiko / lagun / …) {beronengana / berorrengana / berarengana}

[+mug./+pl.] <artikulua>

[PS [DS … artikulua] -ta-n-RA]

etxeetara / leku berrietara / enpresetara / une latzetara

egunotara / bide zabalotara

[PS [DS … ] -en-ga-N-A]

ikasleengana / gurasoengana

ikasleongana / gurasoongana

[+mug./+pl.] <erakuslea>

[PS [DS … erakuslea] -ta-n-RA]

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetara / horietara / haietara}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetxetara / horietxetara / haietxetara}

(etxe / leku / enpresa / …) {hauetaraxe / horietaraxe / haietaraxe}

(etxe / leku / enpresa / …) {berauetara / berorietara / ber(ai)etara}

[PS [DS … erakuslea] -en-ga-N-A]

{ikasle- / guraso- / …} {hauengana / horiengana / haiengana}

{ikasle- / guraso- / …} {haue(t)xengana / horie(t)xengana / haie(t)xengana}

{ikasle- / guraso- / …} {berauengana / beroriengana / ber(ai)-engana}

[+mug./+pl.] <izord.>

[PS [DS … perts. izord.] -en-ga-N-A]

gu(re)gana / zuengana / zu(re)gandik

Hots egokitzapenak

    * konts + konts > konts-e-konts: bostera / bost adarretara (baina hona/horra/hara…)

  ** bokala + bokala > bokala + r + bokala (Patxi-engana > Patxirengana)

*** bokala + konts > bokala-konts (Bilbora, mendira…) -ak+-en- > -a-e-n > -en (gurasoak-engana > gurasoengana)

20.3.1.2. Muga adlatiboa (‘noraino’): [PS [PS [DS …] -N] {-(R)A-INO]

[ps … -RAINO] adlatiboa -ra postposizioari -ino atzizkia erantsiz sortua da. Adibidez: zenbait arlotara > zenbait arlotaraino; Maltzagara > Maltzagaraino; gizonengana > gizonenganaino; guregana > gureganaino

Adberbioekin ere hor ditugu, esaterako, noraino (< nora-ino), honaino (< hona-ino), horraino (< horra-ino), haraino (< hara-ino)… Muga adlatiboa deitu dugun PS honek oinarrian, -ra adlatiboa du. Horrenbestez, ez da zaila goragoko taula (§ 20.3.1.1) begien aurrean dugula -raino adlatibo honen forma zein den erabakitzea. Aski da oinarrizko adlatiboari -ino eranstea:

Bilbo-RA-INO / Donostia-RA-INO / Usurbil-e-RA-INO…

alde (zaharr)-e-RA-INO / une zail-e-RA-INO…

{bi / hiru / sei / …} ({etxe / harri…}) -tara-ino

{bi / hiru / bost- / …} (mutiko / lagun…) -(r)en-gana-ino

{zein / edozein / zenbat / hainbat-…} (mutiko / lagun…) -(r)en)gana-ino

(mutiko / lagun…) {asko / gutxi / anitz} -(r)en)gana-ino

etxe (berri)-eta-RA-INO / leku guzti-eta-RA-INO

(…) hon-e-ta-RA-INO / (…) horretx-e-ta-RA-INO

herri haue-ta-RA-INO

leku guzti-eta-RA-INO

MikelenGANA-INO / batenGANA-INO / edozeinenGANA-INO…

lehengusu {honenGANA-INO / horrenGANA-INO… }

ni(re)GANA-INO / haurrenGANA-INO

guztienGANA-INO

20.3.1.3. Hurbiltze adlatiboa (‘norantz’): [PS [PS [DS …] -N] {-(R)A-NTZ]

Adlatibo honen forma egokia lortzeko, aski dugu oinarrizko adlatiboari -antz atzizkia eranstea, edo nahiago bada inesiboaren -n postposizioa -(r)antz postposizioaz ordezkatzea:

Bilbo-RAntz / Usurbil-e-RAntz…

alde (zaharr)-e-RAntz…

{bi / hiru / sei / …} ({etxe…}) -ta-RAntz

etxe (berri)-eta-RAntz

(mutiko / lagun…) {asko / gutxi / anitz} -(r)en)-ganantz

{zein / edozein / zenbat / hainbat- …} (mutiko / lagun…) -(r)en)ganantz

herri haue-ta-RAntz

leku guzti-eta-RAntz…

Mikelen-GANAntz

guztien-GANAntz

20.3.1.4. Adlatibo destinatiboa (‘norako’/’noizko’/‘zerta(ra)ko’): [PS [PS [DS …] -N] {-(R)A-KO]

Postposizio honen forma -ra-ko da. Batzuetan, -ko soila izango dugu, leku/denborazko adberbioekin esaterako: betiko (ez *betirako); biharko (ez *biharrerako). Edozein modutan, PS honen burua -(ra)ko postposizioa dela esango dugu, -ra adlatiboaren gainean eraikia. Eta hau inesiboaren gainean eraikia bada, honako hau litzateke egitura osoa: [ps [ps … -n] -RA-kO]: plazarako < [ps [ps plaza-n] -rako]; herri honetarako < [ps [ps herri honeta-n] -rako]; Azkoitirako < [ps[ps Azkoiti-an] -rako]; teilatu gainerako < [ps [psteilatu gaine-an] -rako]. Aski da oinarrizko -ra adlatibo1 arruntari -ko postposizioa eranstea, besterik gabe.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 20. araua: “Betiko eta honen kideak”, Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29an onartua.

Kontuan izan, hala ere, -rako, bere horretan, erabateko postposiziotzat hartu dugula eta, postposizio honen gainean eratutako PSa, aditz baten osagarri edo adjuntu dela, adizlagun alegia: plazarako ekarri; herri honetarako egoki izan; Azkoitirako erosi; teilatu gainerako diseinatu eta abar. Aurrerago ikusiko ditugu (§ 21.3.2d) -kodun beste PS batzuk, izenlagun direnak, adjektibozkoak, nolabait. Orain aurkeztuko ditugunak adberbiozkoak edo izango lirateke.

-koren zeregina, funtsean, AdjSak osatzea dela iradokiko dugu aurrerago (§ 21.8.3g, § 4.1.2c), ISaren barnean (urrezko legea, bertoko tomatea, zorioneko berria…) nahiz predikatu osagarrian (zure modukoa da hori; Bermeokoa du andregaia…). Baina predikatu baten adjuntu ere izan daiteke (biharko, betiko, geroko, inoizko, noizko… bezalakoetan, adibidez): Lan hau biharko amaitu nahi dut; Ez utzi ezer geroko; Betiko joan al zara? Noizko? galderari erantzun nahi diote -ko sintagma hauek eta ‘destinatiboak’ direla esango dugu. Hegoaldean, bereziki denbora adberbioekin gertatzen da. Holakoek ‘helburua’ adierazten dute edo ‘epe’ bat.

Perpaus ez diren ISak ere helburuzkoak izan daitezke: Harispe du laguna herri gidatzeko; Hainitz on ere dena bertze askotako (Hiribarren). Baina puntu honetan jokabide desberdina dute euskalkiek: Hegoaldean, bertze askotako baino arruntagoa da, beharbada, beste askotarako. Nolanahi ere, oraingo -ko hau ez litzateke adjektibozko postposizioa izango, adberbiozkoa baizik. Hortaz, beharbada, -ko1 adjektibo kategoriako dela esan genezake (etxeko sua; geroko bizitza; iazko programa; urrezko eraztuna…) eta, horrenbestez, AdjS baten aurrean geundeke. Bigarrena, berriz, adberbio sintagma kategoriakoa izango litzateke, destinatiboa: Biharko egingo dizut; Zerta(ra)ko duzu hau? Lehenbizikoa izenaren inguruan edo mugituko litzateke, bigarrena aditzaren inguruan. Batzuetan, hala ere, bietara uler liteke PS hau: Urteko lanak hauek dira diogunean bezala, ‘joan den urtean eginak’ edo ‘joan den urterako egin behar zirenak’, adibidez.

Adlatibo destinatiboa (‘norako’/‘noizko’): [ps [ps … -RA] -KO]

Bilbo-rako / Donostia-rako / Usurbil-e-rako…

alde (zaharr)-e-rako / une zail-e-rako

{bi / hiru / sei / …} ({etxe / harri…}) -ta-rako

etxe (berri)-eta-rako / leku guzti-eta-rako…

(…) hon-e-ta-rako / (…) horretx-e-ta-rako…

herri haue-ta-rako…

leku guzti-eta-RAKO

egun guzti-e-ta-RAKO / datorren hil-e-RAKO…

bihar-KO / gaur-KO

Orain arteko leku/denborazko PSetan sintagma [+animatua] ere izan zitekeen: gurasoengan, gurasoengana… Baina adlatibo destinatiboko postposizioa ezin erants dakioke sintagma animatuari: zureganako/edozeinenganako moduko formak ezin dira jarri aditz baten osagarri lanetan; alegia, destinatibo balioan. Horretarako dugu -entzat postposizioa (§ 21.4): Zuretzat erosi dut / *zureganako erosi dut. Zureganako edo ikasleenganako formak zilegi dira, baina izenlagun gisa, izen bat modifikatuz (ez aditza): zureganako jarrera.

20.3.2. PS adlatiboen funtzio sintaktikoa

20.3.2a -RA adlatiboa, ablatiboa bezalaxe, mugimendu aditzek hautatzen dute batez ere: bidali, bota, ekarri, eraman, etorri, igo, igorri, jeitsi, joan… Etxera bidali ninduten; Lurrera bota zuen; Ahora eraman du… Mugimendua era abstraktuago batean adierazten duten aditzek ere bai: animatu, ausartu, behartu, bultzatu, saiatu… Predikatu hauen osagarriak maiz aditz jokatugabeko perpausak izaten dira, gainera (§ 30.6.3.4): Aldatzera joan da; Arnasa hartzera ere ez zen ausartzen; Ez zaitut behartuko botika hau hartzera Aditzarekin duen lotura kontuan hartuta, PS adlatiboa egiazki osagarritzat har liteke.

Bestalde, euskalki batzuetan adlatiboa eta inesiboa elkarren ordain gerta daitezke, bereziki ekintza adierazten duten perpaus jokatugabeekin (§ 30.6.3.5.1): Haragia erostera noa; Aditzera eman (orokorra), baina Okela erosten noa; Aditzen eman (mendebaldean).

Gorago esan dugun bezala (§ 20.2), maiz [ps… -TIK] eta [ps… -RA] sintagmak elkarren ondoan ematen ditugu, mugimendua edo tarte baten neurria adierazteko nolabait: Azpeititik Azkoitira zenbat kilometro daude?; Gelatik sukaldera iristeko ez da denbora asko behar.

Zenbait aditzek, gainera, ibili-k edo zeharkatu-k, esaterako, osagarri gisa, biak batera eskatzen ditu, dirudienez: Alde batetik bestera dabil goiz osoan (?alde batetik dabil goiz osoan / ?beste aldera dabil goiz osoan); Alde batetik bestera zeharkatu zuen bidea.

Beste batzuetan, ordea, adjuntu izango da, adibidez, mugimenduaren jomuga adierazi beharrean, besterik gabe ‘modua’ adierazten duenean: Iritzira hartzen ditu neurriak; Lana {zuen gustura / nork bere erara /…} egitea ez da beti erraza izaten.

20.3.2b [ps… -RAINO] sintagma ere mugimendu aditzei (joan, iritsi, eraman, ekarri…) lotua ageri da. Eta predikatuak hautatua den neurrian, osagarria izango da: Muturreraino ezin dira eraman gauzak; Hango etxe haietaraino iritsi zen sua. Iritsi eta eraman predikatuek, adibidez, duten esanahia dutelako hain zuzen, [ps… -RAINO] adlatiboa hautatuko dute. Orobat bete, bota, ekarri, etorri, joan, sartu eta beste zenbait aditzek ere.

Beste batzuetan, ordea, muga-adlatibo hau adjuntu soila da, beharbada. Adibidez: Kokoteraino nago esan daiteke eta PS hori egon aditzak hautatua dela pentsa genezake, osagarria alegia. Baina agian adjuntutzat hartu beharko genuke, baldin eta hemen elipsiren bat gertatu dela onartzen bada. Adibidez: Kokoteraino beteta/aseta… nago gisa ulertzen badugu. Baina, orduan, bete/ase aditzen osagarria dela uler liteke, edo agian beteta egon / aseta egon predikatuena.

20.3.2c [ps… -RANTZ] PSak norabidea adierazten du, gutxi gorabeherako norabidea edo. Baina holako argumentua eskatzen duen predikaturik ez da, baldin eta lehenagotik adlatiboa (‘nora’ argumentua) hautatzen duena ez bada: denak jadanik -ra adlatiboa hautatzen dutenak dira nonbait. Hortaz, adlatibo arrunta osagarri izan daitekeen neurrian, mugimendu aditzen kasuan bezala, [ps… -RANTZ] ere osagarritzat har genezake kasu horretan. Izan ere, sintagmak adlatibo izaten segitzen du, gorago aipatu den [ps… -RAINO] sintagmak bezalaxe. Honako hauetan, adibidez: Iparralderantz abiatu ziren; Zeurekin noa mugako porturantz, gauzak argi dagozan herri askaturantz (Gandiaga). Abiatu eta joan aditzek [ps… -RA] hautatzen duten heinean, [ps… -RANTZ] ere hautatzen dute. Baina aditz batek ez badu, berez, norabide adiera duen argumenturik onartzen, ezingo da holako sintagmarik erantsi: *Etxerantz iritsi nintzen; *Belaunetarantz sartu nintzen baina bai Etxeraino iritsi nintzen edo Belaunetaraino sartu nintzen.

20.3.2d [PS… -(R)AKO] sintagma destinatiboa da eta, alde horretatik, [PS… -(R)AINO] eta [PS… -(R)ANTZ] sintagmen pareko: Dirua eman diot zinemarako edo Txakur hori baserrirako behar dut diogunean, zinemarako eta baserrirako, eman eta behar izan predikatuen adjuntu izango dira, osagai horiek adierazi gabe ere, perpausa gramatikala baita: Dirua eman diot; Txakur hori behar dut, zuzenak eta osoak dira zertarako den esan gabe ere.

Ordea, Soldata ez zait iristen neure gastuetarako diogunean, neure gastuetarako, adjuntu barik osagarri dela ematen du, iritsi predikatuak eskatzen baitu nolabait. Aski, gehiegi, lain, beste… konparaziozko kuantifikatzaileekin batera ageri denean ere osagarri dela ematen du: Ez du gasolinatarako lain irabazten; Diru hori gutxiegi da nire premietarako. Osagarri hau agerikoa ez denean, inplizitutzat edo har genezake. Izan ere, zerbait gutxiegi dela esaten denean, adibidez, ‘zerbaitetarako gutxiegi’ dela ulertzen dugu, ez zaio soldata iristen diogunean bezala. Biak pareko esamoldeak lirateke: Soldata txikiegia da (nire premietarako); Ez zaio soldata iristen (bere premietarako).

Beste kontu bat da Kontzerturako dirua etxean ahaztu dut modukoetan daukaguna. Hemen izenlagun baten aurrean gaude: [ds [ps {tontorrerako, tontorrerainoko, tontorreranzko}] bidea] sintagmetan bezala. Hauetan ageri den -ko postposizioa aurrerago aztertuko dugu (§ 21.8). Hortaz, -rako adlatiboa batzuetan osagarri da eta beste batzuetan adjuntu.

Erreparatu behar diogu honi ere: sintagma [+animatua] denean, [PS… -ENGANAKO] forma izango dugu, hots: [PS [PS… -ENGAN-A]-KO]. PS hau izenlagun izan ohi da: Virginiari nion maitasunak oztopatu egiten zidan beste neskenganako bidea (Atxaga). Izen baten adjuntu, hortaz. Maiz, holakoak erlatibo baten bidez ordezka daitezke (beste neskengana doan bidea, adibidez). Norbaitenganako maitasuna, gorrotoa eta abar ere ohiko izenlagunak lirateke. Aldiz, *norbaitenganako eraman bezalakoak, aditz batekin, ez dirudi zilegi direnik. Horretarako dugu datiboa (zerbait norbaiti eraman) edo adlatibo soila (zerbait norbaitengana eraman). Egurra etxerako daramat, aldiz, guztiz zilegi da. Baina, nolanahi ere, norentzat eta norako bi gauza dira.

20.3.3. Adlatiboen adiera

20.3.3.1. [PS-RA] adlatiboak adiera bat baino gehiago izan ditzake

20.3.3.1a Jomuga. Mugimendu baten jomuga adierazten du maiz: Artzaina txabola ondoko iturrira doa; Maritxu semearengana hurbildu da… Hortaz, nora? balizko galderari erantzuten ahal dio. Mugimendu edo lekualdaketa adierazten duten predikatuekin (begiratu, ekarri, etorri, eraman, hurbildu, joan…) erabil daiteke adlatiboa. Holako aditzekin datiboa eta adlatiboa baliokide izan daitezke, baldin eta erreferente biziduna badute eta benetako mugimenduaz ari bagara: adibidez, Zuzendariarengana eraman dut eta Zuzendariari eraman diot edo Gurasoei hurbildu zitzaien eta Gurasoengana hurbildu zen. Predikatu batek hartzailea eskatzen badu eta ez jomuga, orduan, noski, datiboa beharko du eta ez adlatiboa: Mikeli azaldu diot kontua baina ez *Mikelengana azaldu dut kontua.

20.3.3.1b Kokagunea. Aditza mugimenduzkoa izan gabe ere, adlatiboa erabil daiteke: ezkerre(ta)ra, eskuine(ta)ra, iparraldera… Adibidez: Perpaus baten subjektua, VPren ezkerrera dagoen NP hori da (Mitxelena). Hemen, helmuga baino areago kokagunea adierazten du. Hala eta guztiz, VPren ezkerrera sintagmak norabidea edo adierazten segitzen bide du nolabait, ezker-ek eta eskuin-ek norabidea adierazten duten heinean. Mugimendurik ez da, baina modu abstraktu batean, gure begirada eta gogoa espazio batean ‘mugitzen’ dira. Bestela, nola azaldu, adibidez, izen arrunt batekin holakorik ez izatea (zuhaitz horren ezkerrera daukazu seinalea, baina ez *zuhaitzera daukazu seinalea)? Pentsa liteke, zerbaiten elipsia dagokeela hor, ezkerrera begira bezalako sintagma bat agian.

20.3.3.1c Denbora. Denbora ere adierazten du adlatiboak: Gerora, hitz zatar hori erabiltzeari utzi zion; Handik bi urtera etorri zen; Hemendik aurrera leihoak zabalik egingo dut lo… Ordea, hemen ere, nolabaiteko mugimendua adierazten da, denboraren iragatea nola-halako mugimendua dela onartzen badugu behintzat, atzetik aurrerako edo iraganetik orainaldirako edo geroaldirako mugimendua alegia: Zuk alde egin eta handik bost minutura agertu zen Joseba; Hemendik aurrera nik emango ditut aginduak… Jatorria, lekuari gagozkiola ez ezik denborari gagozkiola ere uler daitekeen bezala, helmuga ere, berdin.

20.3.3.1d Modua. Modua ere adieraz dezake -ra adlatiboak: neure erara, gure antzera, lehengo modura, bere kontura eta abar. Bere kontura hasi da lanean; Ikasi du arrautzak flandriar erara prestatzen; Iritzira ari zara; Autoa zuk eraman, hartara, elkarrekin joango gara.

Hauetako batzuk (hartara, iritzira…) aski ihartuak daude eta adberbio peto-petoak direla ere esan daiteke. Gainera adberbio adlatiboa ere hor dugu, bi perpaus lokaberen erdian, lotura ziurtatuz (§ 42.19.3). Hala ere, honek ez du modua adierazten, emendioa edo baizik.

20.3.3.1e Baldintza. Perpaus jokatugabe batek -ra postposizioa badarama, baldintza adierazten ahal du (§ 34.2b, § 34.12): Hau jakitera, ez nintzen etorriko. (‘hau jakin izan banu, ez nintzen etorriko’); Tramitazioak, gauzak normal izatera, azkar samar joan beharko luke. Adlatiboa baldintza adieraztera nola iritsi den azaltzeak ere ez du erraza ematen. Zerbaiten elipsia edo egon liteke hemen ere, beharbada: Hau jakitera iritsi banintz esango bagenu bezala. Agian asko esatea da. Nolanahi ere, testu idatzietan behintzat ez du erabilpen handiegirik esamolde honek.

20.3.3.2. [PS-RAINO] adlatiboaren adiera

[PS … -RAINO] sintagmak, funtsean, mugimendu baten ‘azken muga’ adierazten duela esango genuke: Edozein zokotaraino iristen da Internet; Etxeraino ekartzen dizute ogia; Kokoteraino (egina) naukazue.

Eta ohar bat, [PS … -RAINO]-ren adieraz ari garenez gero, noraino / noiz arte bikoteari erreparatu behar diogu: esan dezagun, denboraz ari garenean, arte postposizioaz baliatzen garela ‘azken muga’ adierazteko. Euskalkien artean badira diferentziak honetan ere: Ez zuen zure haserreak azkenera arte iraun (Elizen arteko Biblia), baina Azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua (Asisko Frantzisko, Asisko Klara).

Azkenerarte-k denborari egiten dio erreferentzia, noiz arte? alegia. Hil arte esatea bezala izan liteke kasu honetan. Aldiz, azkeneraino-k espazioa edo adierazten du, ‘azken muturreraino’ esango bagenu bezala.

Bestalde, nora/noraino bikotea dugun bezala, arte/arteraino/arteino ere hor dugu. Eta denborazko perpausetan, Ni hemen naizeino bezalakoak ere eite berekoak dira, -ino edo honen kideko postposizio bat dute denek ere: Ezin sinets dezakegu, adinak berak akaba arteiño, akabatuko garela (Axular).

Norabide soila adierazi beharrean bide horren azken muga markatzen du adlatibo honek.

20.3.3.3. [PS-RANTZ] adlatiboaren adiera

[PS … -RANTZ] adlatiboak norabidea adierazten du, ez jomuga zehatza: Mendirantz abiatu ginen; Zein aldetarantz joan da pilota?; Gaixoaren egoerak hoberantz egin du azken aldian. Etxerantz joatea eta etxera joatea ez dira gauza bera. -rantzek gutxi gorabeherako norabidea adierazten du: batean, etxeko norabidea hartu bai, baina gehiagorik ez. Bigarrenean, etxera joan dioena jomuga zehatzaz ari da, ez gutxi gorabeherako jomugaz. Horregatik, oro har, leku aldaketa adierazten duten predikatuekin batera (begiratu, bidali, bota, eraman, joan, etorri…) agertzen da. Beste zenbaitekin (egon, kokatu…) arazotsuagoa izan daiteke kontua. Adibidez, Herri hori iparralderantz dago esaten da, baina, beharbada, hemen ere zerbaiten elipsia dagoela ematen du, ‘iparralderantz begira dago’ edo esango bagenu bezala. Eguerdi alderantz ikusiko du medikuak onargarria baldin bada baina eguerdirantz ikusiko dugu onargaitzagoa, horren arrazoia, agian, alde hitzaren agerpena izan liteke. Kasu hauetan, alde postposizioak berak ere ‘gutxi gorabeheraka’ jarduteko balio du, eguerdian esan beharrean eguerdi aldean edo eguerdi aldera diogunean bezala.

Baina moduaz ari bagara eta ez egiazko mugimendu batez, -antz atzizkia gehitzea ezinezkoa dela pentsa daiteke: Mikel {iritzira/*iritzirantz} ari da.

20.3.3.4. [PS-RAKO] adlatiboaren adiera

[PS … -RAKO] destinatiboa dela esan ohi da. [PS … -ENTZAT] bezala, esan dezagun bide batez. Helburua adierazten du, funtsean: zerta(ra)ko?, norako? nahiz noizko? galderei erantzun diezaieke: Lan hori amaitua nahi dut bihar goizerako; Bi etxeetarako egin behar izaten ditu erosketak; Etxeko lanetarako oso egokia da; Gaurko nahikoa duzu hori. Horrenbestez, sintagma honek ekintza baten edo egoera baten azken muga edo epea zein den adierazten du: noizko? galderari erantzuten dio eta ezarritako denbora-muga zein den adierazten du. Beste batzuetan balizko galdera norako? edo zerta(ra)ko? da. Hemen mugarik ez da adierazten, helburu soila baizik.

Denboraz aritzean, aldi batez ari gaitezke, bere osoan, nahiz epe batez, aditzak aspektuaren aldetik nolako balioa duen: Har ezazu txamarra gauerako (aldia); Datorren udaberrirako amaitu nahi dute zubia (epe muga).

20.4. Leku/denborazko PSak laburbilduz

Beheko taulak jasotzen ditu leku/denborazko PSen atzizkiak eta modu bateko eta besteko ISei erantsirik hartzen dituzten formak:

Inesiboa

-an

-tan

-gan

herrian, igandean

etxe hartan, zein herritan…

herri hauetan, egun haietan, zein etxetan, zer urtetan

etxeetan, astelehenetan

gizona(ren)gan, horiengan, zugan…

Ablatiboa

-tik/-rik

-tatik/-tarik

-gandik

herritik, etxe hartatik,

herririk herri; jende hauetarik…

gizon horiengandik, zuengandik…

Adlatibo soila

-(r)a

-tara

-gana

negura, herrira, urrutira…

herrietara, etxe hartara, etxe hauetara…

Mikelengana, horiengana, guregana…

Hurbiltze adlatiboa

-rantz

-tarantz

-ganantz

herrirantz, etxerantz…

herrietarantz, adarretarantz…

etxe hartarantz, baso haietarantz…

gizon horienganantz, zuganantz…

Muga adlatiboa

-raino

-taraino

-ganaino

herriraino, ertzeraino, tontorreraino…

etxe hartaraino, herri hauetaraino…

haur horienganaino, zureganaino…

Adlatibo destinatiboa

-(ra)ko

-ta(ra)ko

eskolarako, herrirako…

zein etxetarako, etxe harta(ra)ko…

zein plazatarako, plaza honetarako, plazetarako…

egun horreta(ra)ko…

geroko, biharko, etzi(ra)ko…

Erlazio soilezkoa

-ko

Bilboko, herriko, igandeko…

etxe hartako, zein herritako, zer urtetako…

herri hauetako, egun haietako…

bihotz oneko, zuri buruzko, bost metroko…

Erlaziozko soila dei genezakeen -ko postposizioa ere bada. Maiz perpaus erlatibo baten bidez ordezka daiteke. Hala ere, jokamolde bereziak ditu -ko postposizioak. Gainera, -ko, berez, ez da leku/denborazkoa. Leku/denborazkoa, ondoan daraman PSa izango da, izatekotan: Arantzazu-KO irudiak, egun harta-KO gertakizunak… Baina bihotz oneko edo ganorazko diogunean ez da inondik ageri leku/denborazkorik. Horregatik, ‘erlaziozko’ deitu dugun -ko honek bere babespean (nolabait esatearren) leku/denborazko direnak eta ez direnak biltzen dituenez, hurrengo atalaren azkenean izango dugu mintzagai (§ 21.8.3).

Kapituluaren hasieran esan dugu inesiboa oinarri hartuta azal daitezkeela errazen leku/denborazko PSak (§ 20.1.5). Ondoko taulan ageri dira bai inesiboa eta bai inesiboari eransten zaizkion postposizio atzizkiak, sortzen diren formak eta bakoitzak duen adiera:

-N inesiboa

‘non’

[oinarrizko ‘kokagunea’… -N]

etxean / hemen / gainean /

itsasoan / zugan /

ikasleengan

-TIK ablatiboa

‘nondik’

[‘jatorria’ [oinarrizko ‘kokagunea’… -N] + -TIK]

etxetik / hemendik / gainetik

itsasotik / zugandik

ikasleengandik

-RA adlatiboa

‘nora’

[‘jomuga’ [oinarrizko ‘kokagunea’… -N] + -(R)A]

etxera / hona / gainera

itsasora / zugana

ikasleengana

-RAINO adlatiboa

‘noraino’

[‘azken jomuga’ [oinarrizko ‘kokagunea’… -N] + -(R)AINO]

etxeraino / honaino / gaineraino / itsasoraino

zuganaino / ikasleenganaino

-RANTZ adlatiboa

‘norantz’

[‘hurbiltzea’ [oinarrizko ‘kokagunea’… -N] + -(R)ANTZ]

etxerantz / honantz

gainerantz / itsasorantz

zuganantz / ikasleenganantz

-(RA)KO destinatiboa

‘norako’

[’helburua’ [’jomuga’ [oinarrizko ‘kokagunea’… -N] -RA] -ko]

etxerako / honako

gainerako / itsasorako

173 Taularen amaieran ageri diren hots egokitzapenei dagozkie izartxoak; izartxo kopuruek adierazten dute zein hots egokitzapen gertatzen den kasu bakoitzean.

174 ISa kontsonantez amaitzen delarik (bi mutil, bost adar), bi mutil-en-gan, bost adarr-e-tan bezalako formak sortuko zaizkigu. Hauen ‘azpian’ bi egitura desberdin izan daitezke, ordea: bata artikulurik gabea ([[bi mutil]-engan], [[bost adar-etan]]), mugagabeak; bestea artikulu plurala duena ([[bi mutil-ak]-en-gan] > bi mutilengan), ([[bost adarr-ak]-ta-n] > bost adarretan).

175 Besterik da honik = onik (batez ere Ipar.) gaur ere aurkitzen dena (ikus Egungo Testuen Corpusa).

176 Irun-e-tik eta Usurbil-e-tik ere erabiltzen dira.

177 Hemen ere bi formak dira zilegi: Eibartik/Eibarretik, Zarauztik/Zarautzetik eta abar. Euskaltzaindiak arautu gabe du zein forma hobetsi behar den euskara batuan.

178 Adlatiboan ere bi formak dira zilegi, izen propioari zuzenean adlatibo atzizkia erantsirik sortzen dena, eta lotura bokala hartzen duena: Usurbilera, Zarautzera / Usurbila, Zarautza. Arautu gabeko puntua da hau ere.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper