1 emaitza.
1. IRAUPENA ADIERAZTEKO
— Absolutiboaz eta instrumentalaz gainera inesiboa erabiltzen da maiz iraupena adierazteko sintagmetan.
— Inesiboko sintagma hauei dagokienez, mugagabea erabiltzea zilegi izanagatik, mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, inesiboaren bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean. Adibidez,
Hiru astean asko hazi da haurra.
Hiru urtean ikasi du euskara.
Lau urtean lan egin du Afrikan.
Hauetan denetan iraupena adierazten da.
Iraupenik adierazten ez denean, noski, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:
Lau urtetan antolatu dute tanborrada.
2. MAIZTASUNA ADIERAZTEKO
— Maiztasuna adierazteko ereduen artean, mugagabeko erabilerekin batera, hots:
Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.
Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.
— Formaz mugatu singularra dena ere aukeran dugu:
Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.
— Inesiboaren kasuan, berriz, forma mugatua da erabili behar dena honelakoetan:
Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.
— Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da:
{Astero, hilero, ordu laurdenero...} etortzen da.
Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren bidez osatua den *[zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:
*Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
*Hamabost egunero etortzen zait bisitan.
— Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.