Sintaxia - Euskaltzaindiaren Arauak

19 emaitza.

4.- Hau guz(t)ia (Sintaxia)

Euskaltzaindiak gogorarazi nahi du hau guz(t)ia, bide hartan guz(t)ian, horiekin guz(t)iekin eta kidekoak hobestekoak direla batasunaren izenean. Eta orobat gauza hauek guz(t)iak eta honen kidekoak. Beraz, hau guz(t)ia eta guz(t)i hau esapideen artean, lehena da hobesten dena. Eta berdin gertatzen da bide hartan guz(t)ian / bide guz(t)i hartan, horiekin guz(t)iekin / guz(t)i horiekin eta hauen antzeko bikoteetan. Denetan lehen aldaera da hobestekoa.

Hala ere, hau guz(t)ia eta hori guz(t)ia formekin batera hau guz(t)iau eta hori guz(t)iori ere oso bidezkoak dira (ez, ordea, *gizonau bezalakoak, jakina). Halaber, hauek guz(t)iok, horiek guz(t)iok, (gauza) hauek guz(t)iak, horiek guz(t)iak eta haiek guz(t)iak formak.

15.- Partitiboaren erabilera okerra (Sintaxia)

Erabil bedi partitiboa euskaraz, beti erabili izan den gisa, hau da, artikulurik gabe (lagunik, lanik, ahuntzik, e.a.) eta pluralik gabeko komunztadura eginez aditzarekin (dugu, dute, genuen, e.a.).

16.- Zu izan ezik (Sintaxia)

Erabil bedi formula osoa, izan ezik, eta ez ezik bakarrik, eta aurreko sintagmak har beza dagokion kasu marka. Nolanahi ere, ergatiboaren kasuan zilegi da absolutibo kasua erabiltzea.

23.- Arazi (Sintaxia)

Beraz hau da arauaren forma berria:

  1. Aditz “arazleak” eratzeko, arazi aldaera gomendatzen du Euskaltzaindiak, salbuespen bakarra adierazi delarik.
  2. Aurreko aditzari lotua idatziko da beti arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.
  3. Zenbait aditzen aldaera t-dunak, hots, sortarazi, agertarazi eta kidekoak, sorrarazi, agerrarazi eta kidekoak bezain zilegizkotzat hartzen dira.
  4. Arazi-ren aurreko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat egingo da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.

30.- Partitiboa baiezko perpausetan noiz eta nola (Sintaxia)

Horrenbestez, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: baiezko perpausetan partitiboa erabil badaiteke ere, enfasi mugatuetara bakarrik mugatu behar da, testuinguru berezietara, alegia, tradizioan beti egin izan den gisa. Halakoetan, normalean, izenak sintagma adjektibal bat behar du ondoan.

31.- Ekartzea merezi du (Sintaxia)

Hau guztia kontuan hartuta, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: merezi izan/ukan aditzaren osagarria aditz izen bat denean (joatea, ikustea, egitea) erabil bedi absolutiboa, eta ez ergatiboa, horrela erabiltzen baitu herriak bere eguneroko hizkeran eta horrela erabili izan baita euskararen tradizioan ere:

Joatea merezi du. / *Joateak merezi du.
Ikastea merezi du. / *Ikasteak merezi du.

33.- Ongi etorri! (Sintaxia)

Hau da, hortaz, Euskaltzaindiaren erabakia: agurra egitean-eta Ongi etorri! esan bedi, ez ongi etorria! edo ongi etorriak!, hauxe baita euskararen tradizioa.

34.- Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia (Sintaxia)

Hau da, hortaz, Euskaltzaindiaren erabakia: buru argiko neska, adineko pertsona, hiru hankako mahaia, bost orriko txostena, lau laguneko taldea, ondo egin beharreko lana, neurri txikiko oinetakoak, fede apurreko jendea, e.a. bezalako sintagmetan, alegia nolako galderari erantzuten diotenean, -ko hobesten da.

Horregatik, tradizioak erakusten duen bezala, eta idazle gehienek segitu duten bidetik, -ko atzizki forma da hobesten dena, eta ez -tako.

Oinarrian zenbatzaileren bat ageri denean eta adina, prezioa, neurria, pisua, ... adierazten duten izenlagunak osatzen direnean ere, -ko da hobesten dena. Idatz bedi, hortaz, bi urteko umea, bost liberako egunkaria, hiru kilometroko bidea, hamar metroko garaiera, hiru asteko egonaldia, e.a. Baina -ta- atzizkia erabili beharrekoa izan daiteke zenbaitetan. Adibidez, nongo galderari erantzuten zaionean: hiru etxetako haurrak etorri zaizkit; hiru etxeetako haurrak etorri zaizkit; *hiru etxeko haurrak etorri zaizkit, e.a. Zenbaitetan -ko/-tako bikoteaz baliatzea ezinbestekoa izan dezakegu bereizketak egiteko: zazpi urteko ardoa (botilan dagoen ardoak zazpi urte ditu), zazpi urtetako ardoa (ardoa zazpi urtetan, ez zortzitan bildua izan da) eta zazpi urteetako ardoa (aldez aurretik ezagutzen ditugun zazpi urte diferenteetan zehar bilduriko ardoa. Azkeneko zazpi urteetan, esaterako).

Honek erakusten digu batzuetan -tako beharrezko dela, baina ez urte hauetan erakutsi izan den bezain sarri.

39.- Zenbait aditzen erregimena (gonbidatu, iguriki, itxoin, itxaron, deitu, lagundu) (Sintaxia)

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia ondoko aditz hauen erregimenaz:

  1. gonbidatu aditzak NOR-NORK eskatzen du: “Mikel gonbidatu dute”
  2. iguriki aditzak NOR-NORK eskatzen du: “Ez dute bertzerik igurikitzen”
  3. itxoin eta itxaron aditzek NORK-NORI eskatzen dute objektua dutenean: “Mireni itxoin zioten eguerdiraino”. Eta objekturik gabe daudenean NOR-NORK behar dute: “Egongelan itxoin dute goiz osoan”
  4. deitu eta lagundu bietara erabil daitezke: “Mikeli deitu diogu”, “Mikel deitu dugu”; “Mikeli lagundu diote”, “Mikel lagundu dute”.

40.- Topiko(a) bihurtu (Sintaxia)

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: perpaus baten barnean bi nor-sintagma agertzen direnean, eta horietako bat bestearen predikatu osagarria denean, bihurtu aditzak mugagabean eskatzen du predikatu osagarri hori: ura ardo bihurtu zuten. Hala ere, sintagma izen soil batek osatu beharrean beste ingurukariz janzten denean, izenondoak, izenlagunak, adjektibo konparatiboak, perpaus erlatiboak, e.a. erabiliz, orduan artikulua eskatzen du askotan. Kasua, berriz, beti absolutiboa erabiliko da: emakumerik ederrena bihurtu zen.

41.- Egiteko asmoz (Sintaxia)

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: erabil bitez egiteko asmoz, joateko asmoz, eztabaidatzeko asmoz, e.a., tradizioa duten egiturez baliatuz, eta ez *joan asmoz, *egin asmoz, *eztabaidatu asmoz.

42.- Lehenago etorriko zen; lehenago asmatuko zuen (Sintaxia)

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: Hau jakin (izan) banu, etorriko nintzatekeen; berehala esango niokeen, etab. nahiz hau jakin (izan) banu, etorriko nintzen; berehala esango nion, etab. biak, ontzat ematen dira.

43.- Arazi aditzaren erregimena (Sintaxia)

Hau da, horrenbestez, Euskaltzaindiaren erabakia arazi aditz arazlearen erregimenaz:

  1. Arazi-ren subjektua beti ergatiboan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  2. Oin aditzaren objektua beti absolutiboan: Sagarrak salarazi ditugu.
  3. Oin aditza iragankorra denean, subjektua datiboan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
  4. Oin aditzaren subjektua absolutiboan doanean, absolutiboan ageri da perpaus kausatiboan ere: Mikel jarrarazi dute.
  5. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:
    a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak: Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.
    b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, datiboan ageri da (Inori ez diogu pairarazi behar), baina subjektua bizigabea bada, absolutiboa (Ura irakinarazi dute).

109.- Komunztadura aposizioetan (Sintaxia)

  1. Aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean ez da komunztadura arazo- rik sortzen, hondarkia ez baita sintagma osoaren azken buruan baizik ageri:

    • Unibertsitateko Errektoreorde Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
    • Edurne Mendiluze Unibertsitateko Errektoreordeari aurkeztu diote txostena.

    Horrelakoetan, bistan da, lehen izenak ez darama mugatzailerik:

    • Unibertsitateko Errektoreorde(*a) Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
    • Zure lagun(*a) Dublinen bizi denari sari bat eman diote.

    Mugatzailea izenaren beraren osagai egina duten izen bereziek, ordea –Antso Azkarra edo Pernando Amezketarra bezalakoek, alegia–, gorde egiten dute hura aposizioan ere:

    • Antso Azkarra errege ausartari (*Antso Azkar errege ausartari).
    • Pernando Amezketarra bertsolari ezagunaren ibilerak (*Pernando Amezketar bertsolari ezagunaren ibilerak).
  2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

    • Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.
    • Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.
    • Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

    Komunztadurarik gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez ere perpaus barruan kokatua dagoenak, eta, hortaz, ez da gomendatzekoa:

    • ??Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.
    • ??Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.
    • ??Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.

    Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten.

    Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:

    • Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua.
    • Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.
    • Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.

110.- Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen (Sintaxia)

1. IRAUPENA ADIERAZTEKO

— Absolutiboaz eta instrumentalaz gainera inesiboa erabiltzen da maiz iraupena adierazteko sintagmetan.

— Inesiboko sintagma hauei dagokienez, mugagabea erabiltzea zilegi izanagatik, mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, inesiboaren bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean. Adibidez,

Hiru astean asko hazi da haurra.
Hiru urtean ikasi du euskara.
Lau urtean lan egin du Afrikan.

Hauetan denetan iraupena adierazten da.

Iraupenik adierazten ez denean, noski, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:

Lau urtetan antolatu dute tanborrada.

2. MAIZTASUNA ADIERAZTEKO

— Maiztasuna adierazteko ereduen artean, mugagabeko erabilerekin batera, hots:

Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.
Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.

— Formaz mugatu singularra dena ere aukeran dugu:

Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.
Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.

— Inesiboaren kasuan, berriz, forma mugatua da erabili behar dena honelakoetan:

Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.

— Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da:

{Astero, hilero, ordu laurdenero...} etortzen da.

Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren bidez osatua den *[zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:

*Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
*Hamabost egunero etortzen zait bisitan.

— Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

111.- Izen sintagmen arteko juntadura dela eta (Sintaxia)

  1. Kasu-marka bera dakarten sintagmak beti junta daitezke:

    Bilboko jokalariek eta Bermeoko arraunlariek batzarra egin dute
    Zuri, niri eta beste askori gertatu zaigu
    Zure etxeaz eta gure lanbide berriaz mintzatu dira
    Baionatik, Bilbotik eta Gasteiztik omen datoz ikasle horiek.

  2. Hau da erabili behar den juntabidea, pertsona izenordainak elkartzen direnean:

    Zuk eta guk egingo dugu (eta ez *zu eta guk egingo dugu)
    Niri, zuri eta beste lagunei gertatu zaigu (eta ez *ni, zu eta beste lagunei gertatu zaigu)
    Gutaz eta zuetaz mintzo dira (eta ez *gu eta zuetaz mintzo dira).

  3. Halaber, singularreko sintagmetan, kasu-markadun sintagmak juntatzea gomendatzen da:

    Itsasoan eta lehorrean bizi diren narrastiak
    Eskuz eta palaz jokatzen du
    Amarekin eta amamarekin bizi da.

    Juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurik doazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daiteke, kasu-marka amaieran ezarriaz:

    Gorputz eta arimatik atera den oihua
    Bere emazte eta alabari galdetu zien.

  4. Pluraleko sintagmetan, izenak ere junta daitezke, kasu-marka amaieran emanaz. Kasu-sintag- mak juntatzea edo izenak juntatzea, aukeran izaten da orduan:

    Itsaso, mendi eta basamortuetan ibili da
    Maite ditut lagun eta ahaideak
    Adiskide eta lankideei kontatu diet
    Meatze eta lantegietatik atera den oihua
    Maite ditut eguzki, zeru eta izarrak.

  5. Determinatzailea duten kasu-markarik gabeko izen sintagmak ezin junta daitezke kasu marka- dun sintagma batekin:

    *Mendia eta itsasotik heldu da ura
    *Adiskideak eta lagunez mintzatu zara
    *Burua eta zangoei behatu nien
    *Bihotza eta buruak horretaratzen nau(te)
    *Gizon hau eta emakume hark esango dizute.

    Genitibodun sintagmetan ere ez da zilegi sintagma mugatu soila eta genitiboko sintagma juntatzea:

    *Ikastolak eta gobernuaren arteko bilerak
    *Irakaslea eta ikaslearen arteko harremana.

113.- Behar izan aditzaren jokabidea aditz iragangaitzekin (Sintaxia)

  1. Behar izan aditza aditz laguntzaile iragankor gisa jokatuko da, ondoan agertzen den aditz osagarria edozein motatakoa delarik, iragangaitza denean ere bai:

    a) Lan egin behar dugu
    b) Liburua ekarri behar zenidan
    c) Etxera joan behar dut

    du-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea

    da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea

  2. Halere, lehen puntuan esana ez da beteko behar izan aditza, datibodun aditz iragangaitz batekin agertzen denean. Orduan izan laguntzailearen zaio-saileko formak erabiliko dira beti:

    a) Bihar mintzatu beharko natzaizu gai horretaz
    b) Azkenerako gauza guztiak ahaztu behar zaizkizu

    zaio-aditza + behar ====> [aditza] + behar + zaio-saileko aditz laguntzailea

  3. Bestalde, zenbait euskalkitan, Iparraldekoetan batez ere, behar izan aditzak izan laguntzailea har dezake aditz iragangaitzekin:

    a) Joan behar naiz
    b) Ez zara ikaratu behar

    Jokabide hau ere ez da gaitzesten:

    da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + da-saileko aditz laguntzailea.

114.- Nahi / gura izan aditzen jokabidea aditz iragangaitzekin (Sintaxia)

  1. Nahi izan / gura izan aditzak (nahiago izan /gurago izan aditzak ere bai) aditz laguntzaile iragankorrarekin erabiliko dira, ondoan agertzen den partizipio burutua edozein motatakoa delarik, baita iragangaitza denean ere:

    a) Barre egin gura zuen
    b) Egia esan nahi diogu
    d) Ez du isildu gura
    e) Bihar etorri nahi du

    du-aditza + nahi / gura ===> [aditza] + nahi / gura + du-saileko aditz laguntzailea

    da-aditza + nahi / gura ===> [aditza] + nahi / gura + du-saileko aditz laguntzailea

    Gomendio orokor horrek baditu hedadura desberdineko bi salbuespen, nahi izan aditzari dagozkionak:

    A. Nahi izan aditz iragangaitz batekin agertzen den kasuetan datiboarekiko komunztadura enplegatu behar bada, zaio-saileko jokabidea erabiliko da beti:

    a) Garrantzi handiko gai batez mintzatu nahi natzaizu
    b) Lagunak ere ikustera etorri nahi zitzaizkidan

    zaio-aditza + nahi ====> [aditza] + nahi + zaio-saileko aditz laguntzailea

    B. Ipar ekialdeko euskalkietan aditz iragangaitzekin da laguntzailea ere erabiltzen da zenbaitetan:

    a) Joan nahi zara
    b) Orain zurekin mintzatu nahi naiz

    Erabilera hau ere ez da gaitzesten:

    da-aditza + nahi ====> [aditza] + nahi + da-saileko aditz laguntzailea

116.- -eLAKO eta -eN atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan (Sintaxia)

Hortaz, literatur tradizioaren lekukotasuna ikusita, hau da Euskaltzaindiaren erabakia izenak gobernatzen dituen perpaus osagarri jokatuetan erabili beharreko atzizkiez:

  • Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru... eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan –eLAKO eta –eN atzizkiak erabiliko dira euskara batuan:
    • Ekonomia gaizki doalako berriak ez gintuzke harritu behar
    • Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zelako ustean
    • Nork zabaldu du Maite eta Koldo banatu direlako zurrumurrua?
    • Euskara Afrikatik datorrelako hipotesiak indarra galdu du azken urteotan
    • Berriro elkar ikusiko dugulako esperantza ez dut galdu
    • Maite gaituztelako seinale da egin diguten harrera beroa
    • Berriro elkar ikusiko dugun esperantza ez dut galdu
    • Maite gaituzten seinale da egin diguten harrera beroa.
  • Baina euskara batuan ez da egoki perpaus osagarriotan –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkiak erabiltzea, ez baitute literatur tradizioan aski den adinako lekukotasunik. Beraz, gisa honetako perpausek ez dute lekurik euskara batuan:
    • *Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar
    • *Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zeneko ustean
    • *Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera beroa.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper