109 Araua - Euskaltzaindiaren Arauak

1 emaitza.

109.- Komunztadura aposizioetan (Sintaxia)

  1. Aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean ez da komunztadura arazo- rik sortzen, hondarkia ez baita sintagma osoaren azken buruan baizik ageri:

    • Unibertsitateko Errektoreorde Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
    • Edurne Mendiluze Unibertsitateko Errektoreordeari aurkeztu diote txostena.

    Horrelakoetan, bistan da, lehen izenak ez darama mugatzailerik:

    • Unibertsitateko Errektoreorde(*a) Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena.
    • Zure lagun(*a) Dublinen bizi denari sari bat eman diote.

    Mugatzailea izenaren beraren osagai egina duten izen bereziek, ordea –Antso Azkarra edo Pernando Amezketarra bezalakoek, alegia–, gorde egiten dute hura aposizioan ere:

    • Antso Azkarra errege ausartari (*Antso Azkar errege ausartari).
    • Pernando Amezketarra bertsolari ezagunaren ibilerak (*Pernando Amezketar bertsolari ezagunaren ibilerak).
  2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

    • Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.
    • Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.
    • Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

    Komunztadurarik gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez ere perpaus barruan kokatua dagoenak, eta, hortaz, ez da gomendatzekoa:

    • ??Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.
    • ??Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.
    • ??Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.

    Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten.

    Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:

    • Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua.
    • Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.
    • Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper