Idazkera eta morfologia - Euskaltzaindiaren Arauak

34 emaitza.

0.- Ortografia (Luis Mitxelena) (Idazkera eta morfologia)

1.- Bat-batean, behinik behin, batik bat (Idazkera eta morfologia)

Beraz, Euskatzaindiak hau erabakitzen du: idatz dadila euskara batuan bat-batean (eta halaber bet-betan), eta ildo beretik bat-bateko eta bat-batekotasun; orobat, idatz dadila euskara batuan behinik behin eta batik bat.

2.- Baitu, baikara, bainaiz (Idazkera eta morfologia)

Bait partikula, kasu guztietan, aditzari atxikia idatz dadila: bai­naiz, baikara, baitoaz, e.a., eta ez *bai(t) naiz, *bai(t) gara, *bai(t) doaz, e.a.

3.- Aurrealde edo aurreko alde (Idazkera eta morfologia)

Erabil daitezela, oraintsu arte egin den bezala, esapide osoak: aurreko alde, atzeko alde, barruko alde, gaineko alde, azpiko alde, goiko alde, beheko alde, kanpoko alde e.a., edota forma atzizkidun jatorrak: aurrealde, atzealde, barrualde, gainalde, azpialde, goialde, behealde, kanpoalde e.a.

5.- Ene/nire, nirekin, niri (Idazkera eta morfologia)

Hauxe da, hortaz, Euskaltzaindiaren erabakia: ni izenordainaren noren kasuan nire erabil dadila (eta, jakina, niretzat, nirekin), eta orobat ene, maila jasoan bederen; nori kasuan niri erabil dadila.

6.- Arrain, usain, artzain (Idazkera eta morfologia)

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: -ain eta -ai aldaerak dituzten hitzetan -ain formak erabil daitezela; hau da, arrain, usain, zain, (eta honen eratorriak diren artzain, atezain, diruzain, itzain, ertzain, gotzain e.a.), dohain, eta orobat, orain idatz daitezela euskara batuan; baina beste sail batekoa denez gero mahai, eta ez mahain, idatz dadila.

7.- Zenbakien idazkeraz (Idazkera eta morfologia)

8.- Zenbakien deklinabideaz (hiru, lau) (Idazkera eta morfologia)

9.- -Zio (Idazkera eta morfologia)

Hortaz, Euskaltzaindiak -zio, -zino, -ziño, -zinoe edo -zione aldaeren artean -zio aldaera (hots, amorrazio, begitazio, debozio, instalazio, integrazio, zibilizazio, administrazio, segizio, barkazio, bezalako formak) hobesten du euskara baturako.

10.- Nornahi, nonahi, non-nahi (Idazkera eta morfologia)

Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: galdetzaile batez eta nahi partikulaz osaturiko esapideak hitz bakar batean idatz daitezela: zernahi, nornahi, nornahik, nolanahi, noranahi e.a. Aldiz, lehen osagaia n-z, t-z edo k-z bukatzen bada, hitz batean (nonahi, zenbanahi, nondinahi, nonahitik), edo marratxo baten bidez bereziak (non-nahi, zenbat-nahi, nondik-nahi, non-nahitik) idatz daitezke.

11.- Nor/nortzuk, zer/zertzuk, zein/zeintzuk (Idazkera eta morfologia)

Euskaltzaindiak, kontuan harturik forma atzizkidunak (nortzuk, zertzuk, zeintzuk) literatura tradizio jakin bati lotuak daudela, hau erabakitzen du: nor, zer eta zein formei lehentasuna ematea. Ez ditu, ordea, atzizki pluralgileak dituzten formak inola ere gaitzesten. Orokorki duten izaera markatua aitortzen zaie soil-soilik, eta modu horretan -forma markatu gisa esan nahi da- aurkezten, bai eta onesten ere.

Edonola ere, forma hauen deklinabideko paradigmak hauek dira: nortzuk, zertzuk, zeintzuk (abs), nortzuek, zeintzuek, zertzuek (erg), nortzuei, zertzuei, zeintzuei (dat), e.a.

12.- Bat eta batzuk-en deklinabidea (Idazkera eta morfologia)

Hortaz, literatura tradizioaren bilakaera hau gogoan harturik, leku-denborazko kasuei dagokienez, forma hauek erabakitzen ditu Euskaltzaindiak euskara baturako (kontuan izan bata, batak eta halakoak beste hitzaren agerraldi mugatu baten eraginpean bakarrik erabiltzeko direla):

Mugagabea Mugatua
bat bata
batek batak
bati batari
baten bataren
batentzat batarentzat
batekin batarekin
batez bataz
batean, baten batean
bateko bateko
batera batera
batetik batetik

Hortaz, forma hauek erabakitzen ditu Euskaltzaindiak batzuk-en deklinabideari dagokionez:

  • batzuk
  • batzuek
  • batzuei
  • batzuen (batzuengan,batzuengana, batzuengandik, batzuen baitan, e.a.)
  • batzuekin
  • batzuez
  • batzuentzat
  • batzuetan
  • batzuetako
  • batzuetara
  • batzuetatik (-tarik)

13.- Lerroz aldatzean marratxoak nola jarri (Idazkera eta morfologia)

Euskaltzaindiak hitzak silabaka zatitzea gomendatzen du.

17.- Euskal alfabetoaren letren izenak (Idazkera eta morfologia)

Letra Izena
a a
b be
c ze
d de
e e
f efe
g ge
h hatxe
i i
j jota
k ka
l ele
m eme
n ene
ñ eñe
o o
p pe
q ku
r erre
s ese
t te
u u
v uve
w uve bikoitza
x ixa
y i grekoa
z zeta

18.- Ordinalen eta banatzaileen idazkera (Idazkera eta morfologia)

Laburbilduz, hortaz, hauxe da Euskaltzaindiaren erabakia:

  1. Ordinaletan “garren” ahoskatzen den bakoitzean puntua jar bedi haren ordainean: Atano X.arekin, XX. mendean, 12. mendean.
  2. Oso-osorik letraz idazteko orduan arazoak sor ditzaketen ordinalek honela egiten dute: hogeita batgarren, hirurogeita batgarren. Hala ere, bosgarren, hogeita bosgarren, hirurogeita hamabosgarren, e.a. idatziko da.
  3. Distributiboak, -na baliatuz osatzen direnean, honela idazten dira: bana, bosna, ehuna, mila bana, zenbana, e.a. Hauen aldaerak ere (borzna) berdin idatziko dira.

19.- Benetako. Ohiko (Idazkera eta morfologia)

Beraz, hau da Euskaltzaindiak erabakitzen duena: idatz dadila euskara batuan benetako (eta ez benetazko). Ohiko/ohizko bikoteari dagokionez, Euskaltzaindiak, inolako aukerarik egin gabe, gogorarazi nahi du ohiko dela tradizioan nagusitzen dena eta Iparraldean gaur bizi den forma bakarra.

20.- Betiko eta horren kideak (Idazkera eta morfologia)

Honenbestez, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: Idazleen erabilera eta deklinabideko egituratze formala kontuan hartuta, garbi dago betiko dela forma egokia Euskal Herri osoari begira eta aditzondoa + ko forma dela hobetsi beharrekoa. Hortaz, gaurko, biharko... bezalaxe, atzoko, etziko, sekulako, luzaroko eta betiko bezalako formak dira aditzondoentzako hobesten direnak.

21.- Arabera (Idazkera eta morfologia)

Beraz, euskara baturako erabakitzen den forma bakarra arabera da esapide gisa erabiltzeko.

22.- Iritzi (Idazkera eta morfologia)

Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: iritzi erabil bedi aditz nahiz izen gisa.

24.- Ba- eta gabe-ren idazkera (Idazkera eta morfologia)

Horrenbestez, hauxe da Euskaltzaindiaren erabakia: elkarturik idatzi behar da ba-, baina bereiz gabe.

25.- Hitz elkartuen osaera eta idazkera (Idazkera eta morfologia)

Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia:

  1. Bereiz idatziko dira:

    — aposizioak (Bidasoa ibaia),
    egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin),
    etxez etxe moduko bikoiztapenak,
    egin berri modukoak,
    mahai gainean gisako posposizioak,
    — bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak,
    — lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak, ihartuak ez diren neurrian,
    — lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa).

  2. Marrarekin idatziko dira:

    gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak,
    apurka-apurka bezalako bikoiztapenak,
    seme-alabak, zuri-gorri modukoak,
    barra-barra, plisti-plasta bezalakoak,
    Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra / Estella).

  3. Loturik idatziko dira:

    jarleku moduko elkarteak,
    aldagaitz bezalako izaera elkarteak,
    odolustu moduko izen-elkarte arruntak,
    — bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edo-ta -gintza, -za(i)ntza duten elkarteak,
    — bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak,
    — lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak,
    lauburu moduko elkarteak.

  4. Marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala:

    eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak,
    kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak.

    (Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea).

  5. Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean >a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia azterketa. Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira.

    Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori.

    Idazkerari dagokionez, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa.

26.- -z gero (Idazkera eta morfologia)

  1. Kasu guztietan -(e)z gero idatz bedi: hori eginez gero, hori egin duzunez gero.
  2. Orduekin, eta oro har denbora posposizio gisa, ezkero ere idatz daiteke: hamarrez gero / hamarrak ezkero, zortziez gero / zortziak ezkero, San Ferminez gero / San Ferminak ezkero, atzoz gero / atzo ezkero.
  3. Honezkero, horrezkero eta harrezkero aditzondoak, era horretan idatziko dira, horrela erabili baitira euskararen literatura tradizioan, nahiz horrezkero aditzondoaren maiztasuna beste biena baino askoz ere apalagoa den.

27.- Hori eta, hori edo, eta horrelakoen idazkera (Idazkera eta morfologia)

Horrenbestez, hau da Euskaltzaindiaren erabakia:

  1. Egitura hauetan guztietan ageri diren juntagailuak osorik idatziko dira beti: eta, edo.
  2. Egitura agerikoa eta antzematen erraza denean, bereiz idatziko da juntagailua —ondoan koma izan edo ez—, bere garaian Euskaltzaindiak erabaki zuen bezala (hori eta, hori edo, hori dela eta).
  3. Perpaus konplexua denean, ordea, beharrezkoa izan gabe ere, aukeran izango du idazleak juntagailuaren aurrean marratxoa ipintzea, testua ulertzeko lagungarri dela iruditzen bazaio (hori-eta, hori-edo, zer dela-eta).

29.- Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea (Idazkera eta morfologia)

Beraz, hauxe da Euskaltzaindiaren erabakia: diptongoz bukatzen diren hitzak, orohar, bokalez amaitzen diren gainerako izen guztiak bezala deklinatuko dira. Alde batera utzirik lau zenbatzaileak, beste arrazoi batzuengatik, sortzen dituen arazoak, salbuespen bakarra gau hitza da, ondoko hiru kasu hauetan: gauez, gaueko, gauean. Monosilaboak izanik instrumentalean doazenak ere salbuespentzat hartzen dira (deiez).

35.- Orduak nola esan (Idazkera eta morfologia)

Horrenbestez, hau da Euskaltzaindiaren erabakia orduen idazkerari buruzkoa:

  1. Orduak honela ematen dira: ordu bata, ordu biak, hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, e.a. Ordu hitzaren ordez oren ere erabil daiteke: oren bata, bi orenak / biak, hirurak, e.a. Eta honela deklinatu: ordu batean, bietan / ordu bietan / bi orenetan, hiruretan, e.a.
  2. Erdia honela adierazten da: ordu bat eta erdiak, ordu bi eta erdiak, hiru eta erdiak, bost eta erdiak, ordu bat eta erdietan, ordu bi eta erdietan, hiru eta erdietan, bost eta erdietan, e.a.
    Gauza bera oren hitzarekin.
  3. Laurdena honela adierazten da: ordu bat eta laurdenak, oren / ordu bata eta laurden, ordu bi eta laurdenak, oren / ordubiak eta laurden, hirurak eta laurden, hiru eta laurdenak, hirurak eta laurdenetan, hiru eta laurdenetan, bostak laurden gutxi(ago), e.a.
  4. Minutuak: hamarrak hamar gutxi, hamarrak hamar gutxiago, hamarrak hamar gutxitan, hamarrak hamar gutxiagotan, seiak ta bostean, laurak eta hogeian, hirurak eta hemezortzian, e.a.
  5. Zifretan ematen direnean, bi punturekin bereizten dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili behar dira beti: 00:12, 12:10, 09:25, e.a. Deklinatzen direnean, orduei plurala erantsi, eta minutuei singular marka, dagozkien lotura bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, e.a.
    Irakurtzeko orduan hobe da, hala ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta hiruan, e.a. Erabilera formaletan ontzat ematen dira, dena den, hamabostak eta bostean, hamabostak eta hamabostean, e.a.
  6. Egitarau, kartel eta horrelakoetan ez da eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte, e.a.

37.- Data nola adierazi (Idazkera eta morfologia)

Data adierazteko orduan, hortaz, forma hauek erabil bitez:

  1. Durango(n), 1995eko martxoaren 7a(n), aukeran utziz inesiboaren marka.
  2. 1995/03/07; 1995-03-27; 1995/III/07; 1995-III-27; 1993-11-23ko bilera agiriak dioenez...
  3. Urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan: gaur, urtarrilak 20 bezalakoetan (beraz, *otsailak 20 egin zuten bilera ez da zuzena).

49.- -ARI (-lari) atzizkiaz (Idazkera eta morfologia)

Hau guztia kontuan izanik, hauxe erabakitzen du Euskaltzaindiak:

  1. Erabil bedi -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko, batez ere bi silabatik gorakoak direnean. Beraz, gramatikari edo politikari erabil bitez batasunerako (eta ez gramatikalari edo politikalari).

    -ia amaierako izenekin, -ialari hobesten da: historialari, zientzialari.

  2. Era berean, erants bekio -ari atzizkia izenari, eta -le edo -tzaile atzizkiak, berriz, aditzei. Hortaz, hezle, hezitzaile edo ikertzaile dira batasunerako formak, hezi eta iker(tu) aditzak baitira.

Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile eranstea, eta -ari beste adieran: idazle / idazkari, zuzentzaile / zuzendari.

50.- -ARI / -ARIO (Idazkera eta morfologia)

Orain arte esanak gogoan izanik, honako arau hau ematen du Euskaltzaindiak:

Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izenondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:

— izenen artean notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario, etab. (salbuespenik balego, hiztegi batuan zehaztuko dira salbuespen hauek bere garaian);

— izenondoetan, (talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sekatario, etab. Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea: talde parlamentario esan beharrean, parlamentu(ko) talde, edo sistema planetario esan beharrean, planeta-sistema edo planeta sistema esatea egoakiagoa da. Gauza bera aldizkari unibertsitario-ren kasuan ere, egokiagoa baita unibertsitate(ko) aldizkari erabiltzea.

73.- -go atzizkia eta izen multzokariak (Idazkera eta morfologia)

  1. Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.
  2. Hala ere, izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabil bedi: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.
  3. -go atzizkia erabil bedi:
    - ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa, etab.
    - tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa, etab.

115.- Zehargaldera orokorretako aditz-atzizkia: -(e)n eta -(e)netz (Idazkera eta morfologia)

  1. Zehargaldera guztietan bezala, zehargaldera orokorretan ere aditzak –(e)n forma hartzen du, eta aski da atzizki hura, zehargaldera ongi osatzeko, nahiz harekin batean ea edo ote bezalako beste zenbait indargarri ere erabil daitekeen:

    a) Ez dakit zuzen mintzatu naizen
    b) Galdetzera noa ea norbait azaldu den

  2. Halere, zehargaldera orokorreko aditzari atzizki indargarria erantsi nahi bazaio, anbiguitaterik sortzen ez duen –(e)netz atzizkia erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak euskara baturako:

    a) Begira iezaiozu ongi ea gaitzik ageri duenetz
    b) Askotan banago gizon horrek besterik ikusten ote duenetz
    c) Ez dakit ikusi dugunetz

137.- Adierazpena euskalkien erabileraz (Idazkera eta morfologia)

196.- EBO (I). Laburtzapenak: laburdurak eta siglak (Idazkera eta morfologia)

197.- EBO (II). Sinboloak (Idazkera eta morfologia)

198.- EBO (III). Letra-estiloak (Idazkera eta morfologia)

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper