Euskararen Gramatika

19. Postposizio sintagmak (I)

19. Postposizio sintagmak (I)

19.1. Postposizio sintagmak eta egiturazko kasuak

19.1a Postposizio sintagmak eta egiturazko kasuak bereizten ditugu gramatika honetan (egiturazko kasuak 18. kapituluan aztertzen dira). Egia da egiturazko kasu deitzen ditugunak, absolutiboa18.2), ergatiboa18.3), datiboa18.4) eta baita genitiboa ere (§ 18.6), postposizioen bidez osatzen direla: -k ergatiboan, -i datiboan, -en genitiboan eta -ø postposizioa absolutiboan. Marka horiek, berez, inesiboarena (mendia-n) edo adlatiboarena (mendi-ra) edo instrumentalarena (euskara-z) eta abarrena bezain postposizio dira. Hortaz, denak ere postposizio sintagma (PS) lirateke. Hala ere, egiturazko kasuek eta PSek modu desberdinean jokatzen dute zenbait arlotan. Beraz, bi sintagma motak bereizteko eskubidea badugu: bereiziak dira, bai esanahiari dagokionez, bai osatzeko formaz eta bai sintaxiaz.

19.1b Esanahiari dagokionez, adibidez, PSek adiera jakina izan ohi dute gehienetan, egiturazko kasuek ez hainbeste. -n, -tik, -ra, -z, -(r)ekin, -(ren)gatik eta abarrek adiera zehatz samarra izan ohi dute: inesiboak lekutasuna adieraztea oso berezkoa du, edo adlatiboak norabidea adieraztea ere bai. Aldiz, ergatiboak edo absolutiboak, esaterako, esanahia izatekotan, askoz lausoagoa da esanahi hori. Adibidez: Mikelek (erg.) Jone atsegin du nahiz Mikeli (dat.) Jone atsegin zaio, edo Irakaslea (abs.) gogor mintzatu da / Irakasleak (erg.) gogor hitz egin du.

Kasu batean ergatiboak eta datiboak adiera bertsua dute, eta bestean ergatiboak eta absolutiboak ere bai. PSetan buruak markatzen du, hein handi batean, sintagmaren esanahi nagusia; egiturazko kasuetan beste kontu bat da. Horrexegatik, PSetan ere adiera bat dutenak eta beste bat dutenak bereiziko dira: leku/denborazko deitzen ditugunek lekua edo denbora adierazten dute funtsean; adibidez: Mendian bizi da; Donostiara goaz; Etxetik nator… Bestelako esanahia dutenak ere badira (konpainia, modua, instrumentua, zergatia, helburua eta abar adierazten dutenak): Zurekin bizi nahi dut; Gutaz oroitu da; Gurasoentzat erosi dut oparia; Zuregatik edozer egingo nuke… Hemen postposizioek berezko esanahia dute, egiturazko kasuetan ez bezala.

19.1c Esanahiaz aparte, sintaxiari eta morfologiari dagozkien diferentziak ere nabarmenak dira. Esaterako, absolutiboak, ergatiboak eta datiboak aditzaren komunztaduran eragina dute, PSek ez bezala: Etxe hori (abs.) guk (erg.) erosi diogu alabari (dat.) (guk-etxea-alabari… diogu) vs Etxe horiek (abs.) zuek (erg.) erosi dizkiguzue guri (dat.) (zuek-etxe horiek-guri…). Baina Etxe honetan (ines. sing.) dago osaba (abs.) esan dezakegu nahiz Etxe hauetan (ines. pl.) dago gure lehengusua (abs. sing.) edo Etxe honetan (ines. sing.) bizi dira gure lehengusuak (abs. pl.); Zutaz (instr.) mintzatu da Mikel (abs.) vs Nitaz (instr.) mintzatu da Mikel (abs.), baina Zutaz (instr.) mintzatu naiz ni (abs.); Etxe honetan (ines. sing.) bizi da / Etxe hauetan (ines. pl.) bizi da, baina Gure lehengusua (abs. sing.) bizi da dugun lekuan, Gure lehengusuak (abs. pl.) bizi dira izango genuke. Alegia, egiturazko kasua erakusten duten sintagmek aditzaren komunztadurari eragiten diote; aldiz, PSek ez.

Bestalde, PS batzuek (instrumentalak eta leku/denborazkoek) badituzte zenbait berezitasun morfologiko. Esaterako, inesiboan, determinatzailea erakuslea denean, edo plurala denean, mendi eder hone-ta-n diogu, eta ez *mendi eder hone-n, edo, instrumentalean, mendi eder hon-e-ta-z, eta ez *mendi eder hon-e-z. Egiturazko kasuetan ez dugu holakorik: mendi eder hon-e-k esaten da ergatiboan, eta ez *mendi eder hon-e-ta-k.

19.1d Diferentzia gehiago ere badira. Adibidez, -en eta -koren aurrean jokabide desberdina dute egiturazko kasuek eta PSek: perpaus mailan agertzen diren absolutiboa, ergatiboa eta datiboa IS mailan agerrarazi nahi baditugu, izenlagun gisa, -en genitiboaz baliatzen da euskara: Aitak (erg.) amari (dat.) gona gorria (abs.) erosi dio perpauseko ISak genitibo bidez ematera behartuak gaude, beste IS baten osagai gisa agerrarazi nahi baditugu.

Nominalizazioetan, adibidez: aitaren erosketa, amaren erosketa nahiz gona gorriaren erosketa esango dugu. PSen kasuan, ordea, lan hori egiten duena ez da -en genitiboa, -ko postposizioa baizik. Donostiatik hamarretan ateratzen da trena perpausa IS gisa gauzatu nahi bada, honelatsu gerta liteke: Donostiako hamarretako trena, adibidez, eta ez *Donostiaren *hamarren trena; Zu (abs.) gauean (ines.) ibiltzen zara, baina Gaueko zure ibilerak. Alegia, zu absolutiboaren ordez zure genitiboa ematen dugu, baina gauean inesiboaren ordez, gaueko.

Hortaz, -en eta -ko postposizioek ongi markatua dute beren eginkizuna: ergatiboa, absolutiboa eta datiboa -en genitiboz ‘janzten’ dira, eta denak ere egiturazko kasuak direla esango dugu. Aldiz, perpaus mailan inesiboak, adlatiboak, ablatiboak, instrumentalak eta abarrek IS baten barruan lan egin behar dutenean -koren beharra dute: mendi(ra)ko, hemengo, egun honetako, zure ondorengo… Orain [… -ko] PSak ditugu. Laburbilduz: -en genitiboa egiturazko kasuekin lerratzen da, eta -ko postposizioa, berriz, PSei itsasten zaie. Denak ere, berez, PSak direla kontsidera zitekeen, gorago esan den moduan, baina batzuk egiturazko kasutzat hartuko ditugu, PS deitura besteentzako utzita: mendia, mendiak, mendiari, mendiaren sintagmak, hortaz, egiturazko kasua duten sintagmak dira. Aldiz, menditik, mendian, mendira, mendiko, mendirako, mendiaz, mendiagatik, mendiarentzatPSak.

19.2. Postposizio itsatsiak

19.2a Arestian aipatu dugu PSek morfologia berezia erakusten dutela. Morfologiaren ikuspegitik betiere, PSen buruak (postposizioak, alegia) bi mota berezitan bana daitezke: morfema itsatsiak dira batzuk, eta morfema askeak besteak.

Horrela, igande-an, mendi-ra, etxe harta-tik, gu(re)-gatik, zure-kin… sintagmetan ageri diren -n, -tik, -ra, -kin, -gatik… postposizioak morfema itsatsiak direla diogu, ezkerreko osagaiari itsatsirik baitoaz, hitz bakarra osatuz. Morfemok ezin ditugu libre utzi, ezkerrean daraman atalari itsatsi beharrekoak dira. Adibidez: {Igande euritsu hartaz / Lehengo igandeaz} maiz gogoratzen naiz ([PS [IS igande euritsu har-] [P -ta-z]] / [PS [is lehengo igandea] [P -z]]). Halaber, postposizio itsatsiak dituzte honako sintagma hauek: {Azken ikaslearengatik / Ikasle berriarengatik} haserretu da irakaslea ([PS [is azken ikaslea-] [P -ren-ga-tik]] / ([PS [is ikasle berria-] [P -ren-ga-tik]]). Postposizio itsatsi hauek ohiko euskal gramatiketan ‘deklinabide’-paradigmetan jasotzen dira. Gu hemen bestelako azalpena eskaintzen saiatuko gara, egiaz deklinabidea duten hizkuntzen oso bestelako jokamoldea baitu euskarak (§ 1.3).

19.2b Morfema itsatsi hauen artean, batzuk postposizio soilak dira: -n inesiboa, edo -z instrumentala, adibidez. Beste batzuek, berriz, konplexuagoak dirudite: -tik, esaterako, historikoki -ti-k gisa eratua dagoela pentsa liteke, edo -gatik kausazkoak beste osagai bat gehiago ere baduela dirudi, tartekatua: -ga-. -(r)ekin edo -(r)e(n)gan ere konplexuagoak dira: -re-ki-n, -(ren)-ga-n; biek ere -n inesiboa dute buru, baina horrek aurretik -re-ki- edo -(r)en-ga- osagaiak ere baditu gehituak, eta denak osorik morfema konplexutzat hartzea zilegi da: -kin nahiz -gan. Dena batera hartuz gero, postposizio konplexu itsatsiak direla esan genezake.

19.3. Postposizio askeak

19.3a Igandeaz gero, gure ondoren, denon kontra, telebistaren bitartez, zure erruz… Postposizio sintagma horiek ere eskuin muturrean postposizio bat daramate, baina oraingoan postposizio hori askea dela esango dugu; esaterako, bidez, bitartez, erruz, gainera, gero, kontra, ondoan, ondoren… postposizio askeak deitzen ahal ditugu, ezkerreko osagaiarekin ez baitute ‘bat egiten’ hitz bakarra osatzeko. Hitz solte gisa lan egiten dute eta hiztegietan ere hala agertu ohi dira: Igandeaz gero, ez dut ikusi ([PS [PS igande -a-z] [P gero]]); Gidariaren ondoan eseri naiz ([PS [ds gidariaren] [P ondoan]]). PSaren burua postposizioa da orain ere.

19.3b Holako asko, hala ere, adberbiotzat hartu ohi dira, ezeri postposatuak ez direlarik: alde, aurrean, gainera, gero, gora… (alde mintzatu zen; aurrean daukazu; gero etorriko naiz; gora gu eta gutarrak!…). Hain zuzen, badira hizkuntzalariak ohiko adberbioak eta hemen hizpide ditugun postposizioak kategoria bereko direla aldarrikatzen dutenak: ohiko adberbioak (beti, gora, hemen, inoiz…) osagarririk gabeak izango lirateke, eta osagarria eskatzen dutenak, berriz, egiazki postposizio izango lirateke: arabera, baitan, bitartez… Beste batzuek, berriz, bietara jokatzen dutela esan liteke: (Proposamenaren) alde bozkatu dugu; (Bizikletaren) gainera igo zen…

19.3c Postposizio hauek guztiek, itsatsiek nahiz askeek, era bertsuan lan egiten dute: sintagmaren buru dira eta ezkerretara osagarri bat dutela lan egin dezakete. PS = IS+P gisa irudikatuko genuke, xehetasunetan sartu gabe. Kontuan hartzekoa da, dena dela, morfema itsatsien eta askeen partiketa honetan, itsatsi gisa lan egiten duten zenbait postposizio, jatorrian elementu askeak zirela: gramatika paradigmetan jasotzen diren (-en)-ga-n, (-en)-ga-n-dik, (-en)-ga-tik, -(r)e-ki-n eta abar, adibidez, halakotzat har litezke. Hauetako asko, bestalde, -en genitiboaren laguntzaz eraikiak daude. Pentsatzekoa da genitiboaren ostekoa (-ga-n, -ki-n…) jatorriz izen kategoriakoa edo dela, berez. Hau guztiz argia gertatzen da postposizio aske deitu ditugun askotan ere: zure mahaiaren azpi-an; iturriaren ondo-an; haitzaren gain-ean; gutun honen bide-z; zure bitarte-z; zure baita-n

Lehen -gan postposizio itsatsia dela esan dugu. Baitan postposizioak, aldiz, baliokidea izan arren, postposizio aske gisa lan egiten du (neuregan / neure baitan).

19.3d Hortaz, postposizio itsatsi batzuk soilak dira (-n, -ra, -z…), eta beste batzuk konplexuak (-ga-tik, -gan-a…). Postposizio askeak (baitan, gainean, bitartez…) konplexuak dira lehenagoko beste PS batetik sortuak: baita-n, gain-e-an, bitarte-z… Batzuek, gainera, historikoki PS aske gisa sortuak izan arren, gaur postposizio itsatsi gisa lan egiten dute: -(en)-gan, -(en)-gatik, (-e)-kin, (-en)-tzat

19.4. Leku/denborazko PSak eta leku/denborazko ez direnak

Adierari dagokionez, PSak beste bi multzo bereizitan bana ditzakegu: leku/denborazkoak batetik, eta leku/denborazkoak ez direnak bestetik (20. eta 21. kapituluetan aztertzen dira).

Leku/denborazko postposizioetan -tik ablatiboa (liburu honetatik) (§ 20.2), -n inesiboa (liburu honetan) (§ 20.1) eta -ra adlatiboa (liburu honetara) (§ 20.3) dira oinarrizkoak. Hauetatik eratorriak dirateke: -raino (< -ra-ino) (herri honetaraino); -rantz (< -ra-(a)ntz) (herri hartarantz); -(ra)ko (egun honetarako).

Leku/denborazko ez direnen artean -z instrumentala (pazientzia-z, ni-ta-z…) (§ 21.6), eta beste honako postposizio konplexu hauek jasoko ditugu: -(en)gatik kausazkoa (zu-re-gatik) (§ 21.3); -(r)e)kin konpainiazkoa (gu-re-kin) (§ 21.2); -(r)en)tzat helburuzkoa (txakurr-en-tzat) (§ 21.4).

Bereizketa hau postposizio itsatsietan ez ezik (etxea-n, etxe-tik, etxea-(ren)gatik, plaza berri-ra, igandea-n, ostegun-e-tik…), postposizio askeetan ere gertatzen da: etxearen aurrean, egun horren ondoren… leku/denborazkoetan, eta baita leku/denborazko ez direnetan ere: herriaren alde, gure bitartez, gobernuaren erruz… Ohiko adberbioen gainean eraikitako PSetan ere bai: hemen, hor, han, gero, gaur, atzo… leku/denborazko adberbioak dira; biziki, egiaz, zinez, guztiz, ongi, gaizki… ez (§ 22.4, § 22.5).

19.5. Leku/denborazko PSen ezaugarri morfologikoak

19.5.1. Bereizgarri nagusiak

Leku/denborazko PSak bereziak dira, bai esanahiaren aldetik, baita morfologiaren eta sintaxiarenetik ere. Hiru bereizgarri morfologiko aipa genitzake:

-ta- artizkia (bi herri-ta-n, taberna hone-ta-ra, bazter guztie-ta-tik…). Egiturazko kasuetan ez da holakorik ageri (bi herri-ri, taberna hon-i, bazter guzti-e-k, txakurr-e-n jabe-e-k…). (§ 19.5.1.1);

-(en)ga- postposizioa, izaki bizidunez ari garenean (amaren-gan-a/*ama-ra; hautesleen-gan-dik vs hautesle-e-ta-tik). (§ 19.5.1.2);

hirugarren diferentzia da, inesibotik kanpo behintzat (etxean, lurrean), mugatu singularrean artikuluaren arrastorik ez dela: (etxetik/*etxeatik; etxera/ *etxeara; etxeraino/*etxearaino…). (§ 19.5.1.3).

19.5.1.1. -TA- artizkia

19.5.1.1a Leku/denborazko PSetan, zenbaitetan, -ta- morfema agertzen da determinatzailearen eta postposizioaren artean: bi enpresa-ta-n, bi-ta-n, etxe guzti-e-ta-ra (< … guzti-ak-e-ta-ra < … guzti-ak-ta-ra)… Artizki hau honako kasu hauetan agertzen da:

19.5.1.1b Erakuslerik baldin bada: {Etxe honetan / *etxe honen172} ez dago bizitzerik; {Ondorio hauetara / *ondorio hauera} iritsi naiz. Bestetik, -z instrumentalarekin ere gertatzen da, instrumentala leku/denborazko ez izan arren: etxe honetaz, ondorio hauetazIzenordainetan ere bai: nitaz, gutaz

19.5.1.1c Mugatzailea plurala denean: {Arboletara/*arbolera; Arbola guztietara / *arbola guztiera} igo ziren haur batzuk. Mugatzailea plurala ez bada, ez dago -ta-rik: {Arbolara/*arbolatara} igo ziren haurrak.

19.5.1.1d Ohar bat, hala ere, izen bereziez. Maiz mugagabetzat ematen badira ere, izen bereziek ez dute onartzen -ta-rik: Igeldon/*Igeldotan, Bilbora/ *Bilbotara… Hau kontuan hartuta, esan beharko dugu mugatzailerik ez duten izen mugatuak direla eta berez osatzen dituztela IS mugatuak: Igeldon, IgeldotikKarmelegan, Karmelegandik

Izen propioak berez dira mugatuak eta horregatik ez dute behar, ez mugatzailerik, ez eta inongo -ta-rik ere. (§ 12.3.2): {Londresen/*Londresetan} izan ginen; Bilbon/*Bilbotan bizi naiz. (cf. Zein menditan / *zein mendin izan zineten?). Gorago esan bezala, mugatzailerik agertu ez arren, izen propioak berez dira mugatuak. Mendi bezalako izen arrunt batek artikulua edo determinatzaileren bat behar du erreferentzia izateko: mendian, mendietan, bi menditan, bi mendi hauetan eta abar. Aldiz, Bilbo edo Ataun bezalako izen bereziek ez dute ezeren beharrik erreferentzia markatzeko.

Baina izen arrunt gisa ere erabiltzen ahal dira berez izen bereziak direnak (§ 12.3.2c). Orduan nahitaezko gertatzen da -ta- txertatzea. Adibidez, Lasarten bizi naiz dioenak Lasarte jakin bat du gogoan, baina solaskideak Lasarte bat baino gehiago direla baldin badaki, galde dezake: Zein Lasartetan, Donostia ingurukoan ala Gasteiz aldekoan? Hemen, nolabait, Lasarte izen arrunt bihurtu dugu, eta orduan zein (edo bi, asko, -ak edo erakusleren bat) agertzea nahitaezko gertatzen da.

19.5.1.1e Zenbatzaileekin eta determinatzaile zehaztugabeekin ere agertzen da -ta-: {Bi egunetan / bitan} etorri da; Zerbaitetan eman behar da denbora; Zer ordutan etorri zara? Zertan igarri diozu?

Zer ordutan, bitan eta holako sintagmak mugagabeak direla esan ohi da. Zehazkiago mintzatuz, artikulurik gabeak direla esan beharko genuke. Garbi dago -ta- morfema determinatzaile zehaztugabeekin batera doala (zertan, zeinetan, zenbaitetan…), eta zenbatzaileekin (bitan, hamarretan, askotan, guztietan).

Determinatzailea erakuslea denean ere (etxe honetan, horretan, oztopo beretan…) edo mugatzailea plurala bada (etxeetan, kale bustietan…).

Galde liteke, halaber, zenbatzaileekin eta pluralean agertzen den -ta- artizki honen eginkizunaz. Ez da erraz erantzutea (Azkarate eta Altuna 2001: 116-118). Hala ere, batzuetan nolabaiteko ‘masa’ adiera du, nonbait, artizki honek (ikus Rotaetxe 1978: 519). Horregatik, neskatan ibili edo bazegoen ardotan! modukoekin, elurretan ibili edo eguzkitan etzan diogunean bezalaxe, continuum bat adierazten dugu, masa bat, nolabait. Kuantifikazioarekin eta determinazioarekin lotua ageri da, nolanahi ere.

19.5.1.1f Eta azkenik, egin litekeen beste galdera da artizki hau zergatik agertzen den erakusleetan eta izenordainetan, eta zergatik ez gainerakoetan: liburu honetan baina liburu honek (ez *liburu honetak); zeinetan baina zeini (ez *zeinetari); hiru liburutan baina hiru liburuk (ez *hiru liburutak). Eta instrumentalak ere zergatik jokatzen duen jokatzen duen bezala, zilarrez egina baina ostutako zilarraz hitz egin zuen eta, batez ere, ostutako zilar hartaz ez zuen hitz egin nahi esaten den (§ 21.6.1).

19.5.1.2. -GA- postposizioa

19.5.1.2a Sintagma [+animatua] bada, horrek eragina du PSen forman. Sintagma animatuetan -ga- (edo baita) postposizioa tartekatuko da ISaren eta leku/denborazko postposizioaren artean, -en genitibo markaren ondoren: irakaslearen-ga-n, inoren-ga-n-dik, Olatzen-ga-n-a, ministroaren-ga-n-a-ino

19.5.1.2b Genitiboaren marka bera aukerakoa gertatzen da zenbait kasutan: Patxigandik (= Patxirengandik) ez nuen besterik espero; Ez dakit zer ikusi duen gugan (= guregan).

19.5.1.2c Honen baliokidea da ekialdeko euskalkietako (-en) baita-n: Sinesten dut Jainko Aita(ren) baitan (= Jainko Aita(ren)gan); Gaiztakeriaren landarea sustraitua du bere baitan (= beregan). (§ 18.6.2f).

19.5.1.3. Artikulurik ez agerian

19.5.1.3a PSa [+mugatua, +singularra, -animatua] denean, artikulurik ez da agerian. Hau da leku/denborazko PSetan aurkitzen dugun beste ezaugarri bat. Erreparatu honi: Etxe gorri-tik dator txakurra / *etxe gorri-a-tik; Etxe gorri-ra hurbildu ginen / *etxe gorri-a-ra Hots, sintagmok mugatuak izan arren, mugatzailerik ez dute agerian. Artikuluaren ordez erakuslea agertzeko ez da oztopo handirik: etxe gorri hartatik/hartara/honetara

19.5.1.3b Ergatiboan edo datiboan, konparazio baterako, mugatzailea agerian ematen da (§ 18.3.1 eta § 18.4.1): etxe gorriak / *etxe gorrik; etxe gorriari / *etxe gorriri. Inesiboan, ordea, bada itxuraz artikulu dela dirudien -a- bat: Etxe handian bizi da; Kalean agurtu dugu. Baina sintagma kontsonantez amaitzen delarik, -e- bokal epentetikoa txertatzen da (§ 20.1.2e): Leku onean / *leku onan utzi nauzu; Gau ilunean / *gau ilunan galdu zen. Inesibo mugatu singularrean gertatzen da hori. Baina *leku onan ezinezkoa den bitartean, leku onak (ergatiboa), leku onari (datiboa) esaten dugu, eta ez *leku oneak, *leku oneari. Gainerako leku/denborazko PSetan ez dago artikulurik, baina bai e-ren epentesia: sudurrean, sudurretik, sudurrera

Inesiboan artikulu itxura duen -aren aurrean agertzen den -e- epentetiko horrek iradokitzen du ondoren datorren -a osagaia ez dela, espero genukeenaren kontra, artikulua, baizik eta kontsonantez hasten den beste zerbait. Kontsonantez hasiko litzatekeen osagai hori -ga dela aldarrikatzen du de Rijkek (1981). Gauzak hala badira, -e-ren tartekatzea erraz azal daiteke, zeren -a itxuran agertzen den hori egiazki -ga balitz, azken batean bi kontsonante elkarren ondoan izango genituzke, eta horrek eskatuko luke gure -e- bokal misteriotsu horren tartekatzea (Jacobsen 1977; Rotaetxe 1978; de Rijk 1981; Mitxelena 1981; Azkarate eta Altuna 2001; Manterola 2006). Hortaz, hipotesion arabera, goiko sintagmen azpian, honako egitura hauek izango genituzke: leku on + ga -n > leku on-e-gan > leku onean.

19.5.1.3c Inesiboan, bada, kontsonante baten eta -ga edo dena delakoaren artean, -e- txertatzen bide da: [… ezker-e-ga-], [… ilun-e-ga-]. Ondoren, bokal arteko -g- kontsonantea hutsean geldituko litzateke: -egan > -ean. Gainerako PSetan ere -e- horixe agertuko da: mendi-tik baina adarr-e-tik. Baina arestian esan den bezala, hauetan ez da artikuluaren arrastorik, eta honek ere bere azalpena behar luke.

19.5.2. Laburbilduz: leku/denborazko PSen bereizgarri morfologikoak

19.5.2a IS [-animatua]

-ta-n, -ta-tik, -ta-ra, -ta-raino…

a) erakusleekin (etxe honetan, baso haietan…)

b) zenbatzaileekin (zenbait (etxe)tan, leku askotan, hiru (etxe)tan…)

c) -ak mugatzaile pluralarekin (etxeetan, eskola guztietan…)

-a mugatzailerik ez, inesiboan salbu (etxean vs etxetik, etxera…)

19.5.2b IS [+animatua]

(-en)-ga-n, (-en)-ga-n-dik, (-en)-ga-n-a… (Jonengan, lagunengandik, zu(re)gana…)

172 Inesiborako okerra litzateke; ez, ordea, genitibo gisa: etxe honen jabea erabat zuzena da.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper