Euskararen Gramatika

18. Egiturazko kasuak

18. Egiturazko kasuak

18.1. Zer diren egiturazko kasuak

18.1a Egiturazko kasuak edo kasu gramatikalak, aditzari dagokionez, honako hauek dira: absolutiboa, ergatiboa eta datiboa. Horrelakoei orain arte nor-nori-nork motako aditzak deitu diegu euskaraz. Baina gramatika honetan ez ditugu nork, nori eta gainerako deiturak erabiliko, kasuez ari garela, gure lehenagoko tradiziotik aldenduz. Deitura hauek erabilgarriak badira ere, ez dute inongo oihartzunik euskararen gainekoa ez den gramatika batetik kanpo, eta nazioarteko deiturak lehenetsiko ditugu printzipioz, egokiagoak ere direlakoan.

Zergatik deitzen ditugu gramatikal kasu horiek? (ikus 1. kapitulua) Gramatikalak direla diogu kasu horiek hartzen dituzten sintagmak zuzenean islatzen direlako aditzaren morfologian: perpausean ageri diren aditzaren argumentuak —nork, zer edo nori erantzuten badiote—, nolabait esateko, bildurik ageri dira aditzean. Komunztadura deitzen diogu horri. Horrela, Gu etorri gara esaten badugu, gu hori gara adizkiaren lehenbiziko letran islatzen da: G. Berdin da oraina nahiz iragana izan: gara / ginen. Noski, gu izan beharrean zu baldin bada argumentua, aditzaren morfologiak ederki biltzen du ezaugarri hori: Zu etorri zara edo Zu etorri zinen. Horiek absolutiboari dagokionez.

Ergatiboak ere berdin uzten ditu bere markak aditzean: Nik egin dut perpausean T izango litzateke ergatibo horren marka, lehen pertsona singularrari dagokiona. Baina pertsona aldatuz gero, aditzaren morfologia ere aldatzen da: Zuk egin duzu perpausean ZU da ergatibo marka. Eta ber gauza gainerakoekin ere: Zuek egin duzue; Haiek egin dute; Zuk gu aurkitu gaituzu eta abar.

Datiboak ere uzten du bere marka: Opari bat egin diogu Mireni. Kasu horretan O litzateke datiboaren marka. Pertsona aldatuz gero, marka egokitu behar dugu: Opari bat egin didate niri.

Eta marka horiek adizki laguntzailean eta sintetikoetan ere ikusten dira: (zuk – ni) nakarzu; (nik – zu) zakartzat eta abar.

18.1b Aditzak “markatzen” dituen egiturazko kasu horietaz gain, izenak ere badu egiturazko kasu bat, -en genitiboa. Horrela, Irakasleak kritika egin du esaten badugu, badakigu irakasleak sintagma aditzaren argumentua dela. Baina horren ordez Irakaslearen kritika ez dut gogoko izan badiogu, badakigu kritika izen horrek osagarri bat ere eskatzen duela (irakaslearen), eta interpretazio batean bederen, hori ere ‘irakasleak egin duen kritika’ dela (§ 23.3.2).

18.1c Aditzaren komunztadura sistematikoa da, orainaldiko formetan gutxienez, baina ez da beti modu berean gertatzen, batzuetan hautsia gelditzen baita, iraganeko aldietan: (zuk ni) ikusi nauzu / ikusi ninduzun. Lehen pertsona absolutiboari N dagokio, gorago esan dugun gisan. Baina nik ikusi dut / nik ikusi nuen formetan ez da errespetatzen hori, marka aditzaren aldiarekin batera aldatu baita: ikusi dut (t = ni ergatiboari dagokio) eta nuen (n = ni ergatiboari dagokio). Horregatik esaten dugu iraganean komunztadurak ez duela eredu orokorra ongi segitzen eta beste bat sortzen duela ergatiboaren t morfema aldatu eta n morfema sortuz.

18.1d Euskarak ergatiboa duenez, hizkuntza ergatiboa dela esaten dugu. Hizkuntza ergatibo guztiek ez dituzte ezaugarri berak erakusten. De Rijkek (2008: 197) euskal ergatibitatearen zenbait ezaugarri aipatzen ditu: esaterako, ergatiboa —aditzak ergatibo kasua hartuko duen argumentua eskatzen duenean— izenki guztiek hartzen dute, oso sistematikoa da hori. Beste zenbait hizkuntzatan ez da hori hola gertatzen: Australiako hizkuntzetan eta papuetan modu desberdinean jokatzen dute izenek eta izenordainek, adibidez, kontu honi dagokionez. Bestetik, euskaraz ergatibitatea perpaus nagusian eta mendekoetan ere atxikitzen da, Yucatango maia hizkuntzetan ez bezala, eta ez da aldatzen aspektu edo aldien arabera (georgieraz, hindiz edo tibeteraz gertatzen den moduan). Beraz, euskara uniformeagoa da ergatibitatearen ezarpen horretan, orainaldi-iraganean batzuetan ergatibitatea hausten bada ere (ikus “ergatiboaren hausturaz” § 18.3.3).

18.1e Atal honetan behin eta berriz aipatuko dira aditz iragankor edo trantsitibo eta aditz iragangaitz edo intrantsitibo kontzeptuak. Gai hau § 23.2.2 atalean aztertzen bada ere, labur-labur gogoratuko dugu gramatika honetan ez ditugula kontzeptu horiek euskal gramatika ohikoetan bezala definitzen, baizik aspalditik munduko hizkuntzetako gramatikek definitzen dituzten gisan. Euskal gramatikek nor/zaio erako aditzak (izan/*edin hartzen dutenak) eta du/dio aditzak (*edun/*ezan hartzen dutenak) bereizi dituzte: lehenbizikoak intrantsitiboak lirateke, eta bigarrenak trantsitiboak. Gramatika honetan ez diogu aditz laguntzailearen izaerari behatuko, argumentu sareari baizik. Hitz gutxitan esateko, argumentu bakarreko aditzak, berdin dela nolakoa duten laguntzailea, intrantsitiboak dira: Jone dator; Jonek eskiatu du. Eta bikoak, aldiz, trantsitiboak: Jonek alkatea agurtu du. Bereizketa hola egiten da, oro har, kanpoko hizkuntzetan ere. Xehetasun gehiago aipatu tokian.

18.2. Absolutiboa

18.2.1. Funtzioa eta kasu marka

18.2.1a Perpaus trantsitiboen objektu zuzenak kasu absolutiboa hartzen duela esan ohi da: Jonek Miren aurkitu du. Aldi berean, perpaus intrantsitiboen subjektua ere kasu horretan ageri dela esaten digute gramatikek: Miren gero etorriko da. Bi egitura horietan Miren izen sintagma itxura berarekin ageri zaigu, bi funtzio sintaktiko desberdin baditu ere. Edozein euskaldunek berehala bereiziko lituzkeen umea dator / umea dakar eta horien gisako bikoteetan, argi ikusten da hemen adierazi nahi dena. Bestetik, Miren etorri da eta Mirenek egin du perpausak erkatuz gero, berehala konturatzen gara bietan subjektua izanik ere, marka morfologiko desberdinak hartzen dituela perpaus batean eta bestean (Miren – Mirenek).

Horrek ematen digu euskararen ezaugarriren baten berri: gorago aipatu dugun gisan, euskara hizkuntza ergatiboa dela esaten dugu (ikus § 1.5). Arau orokor gisa (honek beste zehaztasun batzuk behar ditu, hala ere) esan dezagun, hortaz, euskarak ergatibo-absolutibo sistema segitzen duela, eta ez inguruko hizkuntzen nominatibo-akusatiboarena. Euskaraz perpaus intrantsitiboen subjektuak eta perpaus trantsitiboen objektuak kasu bera dute, absolutiboa (Miren etorri da, Miren ikusi dute), eta perpaus trantsitiboen subjektuak, aldiz, ergatiboa hartzen du (Mirenek egin du). Inguruko hizkuntzetan, ordea, perpaus trantsitiboen nahiz intrantsitiboen subjektua beti kasu berean doa, nominatiboan (el, ella; il, elle), eta perpaus trantsitiboetako objektu zuzena, berriz, akusatiboan (lo, la; le, la). Horregatik esaten dugu bi sistema nagusi ditugula, nominatibo-akusatibo eta ergatibo-absolutiboa, eta euskarak bigarrena segitzen duela. Ezin segitu lehenbizikoa, aditz trantsitiboen eta intrantsitiboen nominatiboek marka desberdinak (ø eta -k) izango bailituzkete.

Ergatiboaren atalean (§ 18.3), dena den, honen gaineko beste zehaztapen batzuk egiten dira.

18.2.1b Funtzioaren (subjektua, objektu zuzena) eta kasuaren paralelismo hori ez da (absolutiboa, ergatiboa), hala ere, beti betetzen. Aditz intrantsitibo batzuen subjektua ergatiboan erabiltzen dugu, eta ez absolutiboan: Mirenek igandero eskiatzen du; Urak irakin du eta abar. Batzuetan, hiztunen arabera aldatzen da hori: dantzatu gara/dugu, borrokatu da/du eta abar. Beste batzuetan, aditz trantsitiboaren objektua datiboan ere joan daiteke, ez absolutiboan, aditz motaren arabera: deitu du/dio, lagundu du/dio eta abar (§ 23.2.2).

18.2.2. Absolutiboaren forma

18.2.2a Absolutiboak ø (zero) kasu marka du: Miren- ø etorri da. Kasu marka horrek ez du soinurik. Horretan bereizten da egiturazko beste kasuetatik. Horregatik diogu kasu honetan doazen sintagmek ø marka dutela: bost andre-ø, zenbait gizon-ø. Jakina, aurretik determinatzaileren bat erabil dezakegu: zenbait etxe-ø, etxea-ø, etxe hau-ø, etxe asko-ø…

18.2.2b Absolutiboaren artikuluaren parekoa dugu -ik determinatzailea ere, operadore batek aktibatzen duena. Ez du horrek esan nahi, hala ere, -ik marka daramaten sintagma guztiak mota horretakoak direnik, ez baita hala. Berehala itzuliko gara puntu honetara.

18.2.3. Absolutiboaren erabilera

18.2.3a Esan bezala, perpaus intrantsitibo gehienen subjektuak kasu hau hartzen du, ø marka, alegia. Eta gauza bera gertatzen da perpaus trantsitiboetako objektu zuzenarekin ere.

18.2.3b Perpaus kopulatiboetako predikatu osagarria (Jon handia da) eta “bigarren predikatua” (Miren alkate izendatu dute) ere absolutiboan doa (§ 24.4). Ikusten denez, artikulu eta guzti ageri da predikatu osagarria. Hola izaten da gehienetan. Baina ez beti, eta batez ere ekialdean determinatzaile gabeko egiturak erraz atzematen dira: Badakit zure anaia Aaron hiztun eder dela (Duvoisin). Baina autore berak: Badakit emazte eder bat zarela (Duvoisin). Badira adibide asko: Gizonen begietan eder dena… (Duvoisin); Sobera jaun edo andere handi da horretako (Abadia); Gure eginbide partikularrari ukitzen ez zaizkion bertuteen artean hartu behar dira eszelenteenak, ez eder eta handi iduriago dutenak (Pouvreau); Eta edirenen du hiltzean bere herioa eder, on, eta maitagarri (Tartas); Zuretzat on ez dena, atxiki ezazu urrundik. Gorri ala zuri den egin gabe kasurik, izan nahi baduzu errespetaturik (Mendiage); Eder zara, Birjina maitea (Intxauspe); Hauxe da gauza polit, joietan lehena (M. Etxamendi).

Zenbaitetan zail gertatzen da sintagmaren kategoria bera zehaztea ere: Egarri da diogunean, esaterako, ez dakigu ongi zein izan daitekeen egarri horren kategoria. Ez da adjektiboa, ez baitu komunztadurarik egiten: Egarri da / Egarri dira. Agian, gorputzaren egoera adierazten duten itzuli hauetan aditza ikusi behar genuke gaur egun, besterik gabe, bere garaian banaturik baziren ere: egarri izan. Gramatika honetan aditz predikatu konplexutzat hartu ditugu [izen + izan] egiturakoak (§ 23.2.1.3.4).

Badu parean beste egitura sintaktiko bat, egarriak egon, ergatiboan ikusten dena, beti singularrean erabiltzen dena: Egarriak nago / Egarriak gaude.

18.2.3c Pisua, neurria, prezioa, tokia, modua, denbora eta bestelakoak adierazteko erabiltzen dugu absolutiboa: Bi aste eman zuen Londresen; Hala, esaterako, euro batek 166,386 pezeta eta 6,559 libera balioko zituela ezarri zen; Orain dela zazpi urte etorri ginen; Zaku horrek bost kilo pisatzen du; Zazpi oin luze zen mutil hura. Holakoetan inolako markarik gabe ageri da sintagma, absolutiboan, nahiz batzuetan beste kasu batzuk, instrumentala bereziki, onartzen dituen: Lau urtez egon zen aita ikusi gabe.

Zernahi gisaz, komunztadura beti singularrean edo pluralean egiten da sintagma determinatuekin: Zakua pisatu zuten / Zakuak pisatu zituzten. Sintagma zehaztugabea delarik ere komunztadura singularrean nahiz pluralean egiten da pisatu aditzarekin, eta hori da tradizioak erakusten duena: Hamar kilo pisatzen du/ditu. Aldiz, iraun aditza gehien-gehienetan singularrean erabili da (Azkuek baditu adibideak pluralean): Bi urte iraun du. Horren arrazoia da bi urte sintagma hori ez dela objektu zuzena, sintagma adberbiala baizik.

18.2.3d Bokatiboa ere marka gabe ematen dugu. Hortaz, itxuraz, absolutiboa bezalakoa da: Hi, Joxe, hator etxera. Izen arrunta denean, determinatzailearekin nahiz gabe, ez da erraz hemen arau zehatzak aurkitzea: Bai, jauna; Ez, andre; Adiskide, zer esan duk?; Astoa, alaen astoa! Literaturan ere: Barkatu, Ruche jauna (Jon Muñoz); Hizkuntza industriaren garaian sartuak ginen, adiskide! (Salaburu); Agur, Andre, Erregina santu, Jainkoaren ama santu, Maria (Elizen arteko Biblia); Burutik jota dago tentel alaen hori! (K. Zabala).

18.2.3e Euskaraz gauzak izendatzean determinatzailea erabili behar da, oro har. Hori argi ikusten da izenburuak jarri nahi direnean, edo “Nola deitzen da irudi honetan ikusten dena?” edo “Nola esaten da euskaraz ‘mesa, table’?” galderen tankera duten esaldien erantzunean: “mendiA”, “mahaiA” eta abar. Beste hizkuntza askotan ez da artikulua beharrezkoa. Euskaraz, ordea, bai. Horrela, ingelesezko Pride and Prejudice eleberri ezagunaren izenburuak Orgueil et Préjugés eman dute frantsesez, eta Orgullo y prejuicio, gaztelaniaz, betiere artikulurik gabe. Aldiz, euskaraz Harrotasuna eta aurrejuzguak itzuli da, artikuluarekin163.

Arrazoi horregatik izen guztiek artikulua daramate arruntean: Filosofia Fakultatea (eta ez *Fakultate); Andre hori medikua da (eta ez *mediku); Zumalakarregi etorbidea (eta ez *etorbide); Udaletxea (eta ez *Udaletxe) eta abar.

18.2.3f Postposizio batzuek kasu hori gobernatzen dute: Ixtante artio (Larzabal); Igande artio, beraz (Larzabal); Datorren urte arte (Urruzuno); […] harik eta Noe kutxara sartu zen eguna arte (Iraizoz); Hamar urte barru, non egongo garen, batek daki (Lauaxeta); […] hogei egun inguru bertan eginda (Kamiñazpi); Aldapa behera arin doa (EGLU).

Horrek ez du esan nahi, noski, beti eta ezinbestean postposizio horiek absolutiboa gobernatzen dutenik, beste aukera batzuk ere eskura baititu euskarak: Hurrengo urtera arte, aldapan behera eta abar. (§ 21.10).

18.2.3g Absolutiboa kasu gramatikala da, eta aditzarekin komunztadura egin behar du: laguna etorri da, baina lagunak etorri dira; liburua irakurri du/ liburuak irakurri ditu; arraina gustatzen zaio / abereak gustatzen zaizkio; oparia erosi dio / opariak erosi dizkio.

18.2.4. Absolutiboa eta partitiboa

18.2.4a Zenbait kasutan, ez beti (ikus § 18.5.2), -a mugatzailearen parekoa da -ik postposizioa hartzen duen sintagma (orobat -ak, bat, batzuk determinatzaileen pareko). Beraz, determinatzailetzat har daiteke (§ 15.5). Hori dela eta, esan daiteke Etxea erosi dut eta Ez dut etxerik erosi perpausetan, etxea eta etxerik sintagmak pare-parean daudela eta sintaxian funtzio bera dutela, nahiz batean artikulua izan eta bestean -ik marka hartu (gramatiketan partitibo deitu izan dena; bokalez amaitzen bada -rik).

18.2.4b Noiz erabiltzen da, orduan, artikulua eta noiz -ik? Esan dezagun perpausak operadore bat baldin badu, operadore horrek irekitzen duela atea eta orduan -ik marka hartzen duela sintagmak, artikulua edo erakuslea hartu beharrean. Operadore mota bat baino gehiago dagoenez, gure kasuan operadore hauek ditugu -ik erabilera bultzatzen dutenak: ezezkotasuna, baldintza, galdera, balio enfatikoa, superlatiboa, kuantifikatzaile batzuk (asko, gutxi, franko, aski…) eta “gabe” postposizioa:

Ez da etxerik ikusten

Etxerik ikusten baduzu, jo atean berehala

Ikusi duzue etxerik?

Bildu da jenderik hemen!

Etxerik handiena hango hura da

Bazen zaldirik franko

Eskerrik asko

Dirurik gabe nekez erosiko duzu hori

Ezezkoetan, -ik determinatzailearen erabilera ezinbestekoa da absolutibo zehaztugabeetan. Baiezkoetan aukera bakarra dugu: Olioa erosi zuen. Baina ezezkoetan bi: Ez zuen olioa erosi, eta Ez zuen oliorik erosi. Batean zerbait zehaztua (olio jakin bati buruz ari gara), eta bigarrenean generikoa da, eta horregatik partitiboa behar du. Eta Jainkoa baitan ezin dateke halako faltarik (Axular); Kontsolamendurik ez dela? Erremedio eta esperantzarik ez dela? (Duvoisin).

18.2.4c Berdintsu azalduko lirateke Ez dugu zer eginik / Badugu zer esana (edo Badugu zer esanik enfatikoa). Perpaus elkartuetan gainetik ere besarka dezake ez partikulak mendeko perpausari dagokiona, haren mugak gurutzatuz, mendekoa ezezkoa ez bada ere: Ez dut uste [Josuk lagunik duenik].

Baina -ik marka absolutibora mugatzen denez, perpaus trantsitiboen objektu zuzenaren tokian ikusiko dugu (Ez zuen oliorik erosi), edo intrantsitiboen subjektu posizioan: Ez zen irakaslerik etorri. Baina ez perpaus trantsitiboen subjektu posizioan: *Ez zuen irakaslerik eman eskola. Eta, esan bezala, aditzarekin egin behar duen komunztadura dela eta, beti balio singularra du: Baditut anai-arrebak / Ez dut anai-arrebarik. Batzuetan izen bereziekin ere: Ez duzu hemen Mitxelenarik aurkituko. Eta, zenbaitetan, erreferentzia zuzenarekin ere: Apika nire izenik ez dakizue? (Atxaga).

Galderekin baietza edo ezetza espero dugunean azaltzen da -ik marka: Ba al da euskal musikarik? (Mitxelena); Zure neurriko soinekorik aurkitu ahal duzu?; Kapataz edo langileen artean ez al da kartzeletan ibili den jenderik? (Izeta); Eta? Jenderik galdu al da? (Altzaga).

Adibideetan ikusten denez, kuantifikatzaile zehaztugabeak dira arruntean: Eskerrik asko (*esker asko); Zaldirik franko; Alde ederrik aski (Mitxelena); Gauza jakingarririk aski (Mitxelena); Horrelakorik franko eta abar. Badira kuantifikatzaile existentzialak ere: Ez dago ezer txarrik (Mitxelena); Beste penarik ez daukat ezer (Basarri); Beretzat ez zegoen beste gizonik inor (Agirre); Bazter guztietara begira nenbilela eta inor ezagunik ikusteko usterik gutxien neukanean (Agirre).

18.2.4d Erka ditzagun perpaus hauek: Etxea ikusten dut vs Ez dut etxerik ikusten. Esan dezagun, hasteko, etxea ikusten dut horrek aldamenean duela plurala ere, hala nahi izanez: Etxeak ikusten ditut. Ezezkora pasatuz gero, hiru aukera ditugu: Ez dut etxea ikusten; Ez ditut etxeak ikusten; Ez dut etxerik ikusten. Horko perpaus artikuludun horiek determinatuak daude: etxe zehatz bati edo batzuei buruz ari gara, dela elkarrizketan etxe horien gaia atera delako, dela gure solaskideari etxe jakin batzuen gainean mintzatu nahi gatzaizkiolako. Perpausen banaketa, perpausa osatzen duten osagaien funtzioei dagokienez, denetan berdina da.

Gerta daiteke, ordea, Etxea(k) ikusten d(it)ut perpausaren ezezkoa Ez dut etxerik ikusten izatea. Orduan ez gara etxe zehatz batzuei buruz ari: ukatzea absolutua da, ez dugu, etxeei dagokienez, ezer ere ikusten. Marka hori (-ik) erantsirik ere, funtzioa ez da aldatzen, eta etxea(k) / etxerik pare-parean gertatzen zaizkigu, perpaus barnean betetzen duten funtzioari dagokionez. Horregatik esaten dugu -ik ere, kasu honetan, determinatzaile zehaztugabea dela. Alegia, artikuluaren lan bera egiten duela, baina testuinguru egokia behar du, hala ere: operadore baten itzalean, kasu honetan ezetza, aktibatzen da.

18.2.4e Funtzioa aldatzen ez bada ere, ez da, ordea, -a/-ik parekotasun hori operadore guztiekin berdin-berdin gertatzen. Zenbait kasutan -ø /-ik ere izan baitaiteke:

Ez da etxea/etxerik ikusten (baina *etxe ikusten)

Etxea/etxerik ikusten baduzu, jo atean berehala (baina *etxe ikusten)

Ikusi duzue etxea/etxerik? (baina *etxe)

Bildu da jendeø / jendea/jenderik hemen!

Etxeø /etxerik handiena hango hura da (baina *etxea handiena)

Diruø /dirurik gabe nekez erosiko duzu hori (baina dirua gabe aise gutiago)

Ohart gaitezen gaur egun diru gabe nahiz dirurik gabe esaten dugula, eta nekez dirua gabe, nahiz ez den arazorik diru hori gabe esateko. Aurretik izenlaguna badute, ordea, artikulua behar du arruntean: Haren nahia gabe (Hiribarren); Jainkoaren amodioa gabe (Xurio); Kanpokoa edo gorputzekoa bakarrik arimakoa gabe, ez da benetako adorazionea (Astarloa); Beldurrez eta nehor atzarraraz, harrabots ttipiena gabe (Barbier); Ez da Baigorritik Maulerat aipagarri bilkurarik izan Euskal Herrian Oxalde bertsolaria gabe (Oxobi); Buru muinak gabe, gogamenik ez (Villasante); Huts handia zuen halere bere lehenbiziko adixkidetxoa gabe (Mitxelena). Ikusi, hala ere, Haren beldur gabe (Tartas); Ezin egin lezakezue gaitzik zuen borondate gabe (Uriarte).

Egungo euskaran badira lexikalizatze bidean (edo guztiz lexikalizatuak) diren hitzak eta esapideak: lotsa gabe, lotsagabe, ahalkegabe, errugabe, adingabe, nahigabe, mugagabe eta abar (§ 21.10).

18.2.4f Baiezko perpausetan balio enfatikoan ageri den -ik marka ez da hain hedatua, eta euskalki batzuetan arras gutxi erabiltzen da. Badira, hala ere, adibideak: Artzain baliosik hara biltzen da (Etxahun); Gaur film hoberik egiten da (Mitxelena); Ni ez naiz eredutarako jaioa, eta hoberik aurki dezake irakurleak bazterretan (Mitxelena).

Baiezko perpausetan diren sintagma partitiboek badute gehienetan ardatz izenaren ondoan izenondo bat, edo beste elementu adjektibal bat. Batzuetan, beste + izena ageri da: Anartean bazen eta bada omen orain Parisen bertze lanik (Hiriart-Urruti); Badu bertze egitekorik goiz honetan (Barbier); Gaixoak badu bertze lanik egungo egunean (Lafitte); Beste esankizunik ere badago (Mitxelena). Beste batzuetan, izenlagun genitiboa + izena ageri da: Bazen haien artean talentu handitako gizonik (M. Elizanburu); Jainkoak ez zaitu ezarri mundu honetan zure beharrik zuelakotz (Pouvreau); Bazeukan buruan aurreragoko gauzarik (Agirre); Edukiko dik oraindaino Anastasik nire beharrik (F. Bilbao). Izena + adjektiboa ikusiko dugu beste zenbaitetan: Zuberoan bada mutil ederrik (Etxahun); Geroz eta lehen izan da zure familian letratu handirik (Tartas); Botikan badut nik / kalitate finik, / Parisetik jinik, / zuentzat eginik (Oxobi); Zeren baskoak baitira abil […], eta haietan izan baita, eta baita letratu handirik (Etxepare); Akzione ederrik eta saindurik egin du hark ere (Tartas).

Batzuetan sintagmako ardatza isildua izanik, sintagma adjektibala bakarrik agertzen da, eta hori perpaus erlatiboekin ere maiz gertatzen da: Horretarako biguinagorik behar da (Mitxelena); Mintzatu balitz ederrik ikasiko zuten itsasuarrek (Lafitte).

Joera hori ikusirik, zenbait gramatikarik, hala nola Lafittek (1944: 160), erran izan dute izen soil batez osatu izen sintagmetan partitiboa ezin erabil daitekeela baiezko perpausetan. Gehienetan hala bada ere, hori ez da beti horrela: Iratin eta Arbotin hik baduk lagunik (Etxahun); Entzuleen artean komentariorik izan zen (Erkiaga). Kontuan har bedi, hala ere, horrelakoetan izena bakarrik agertzen den arren, adjektibo bat ondoan balu bezala ulertzen dela; esaterako, lagun onik, komentario txarrik… esan nahi dute goiko perpaus horiek. Edo kuantifikatzaile existentzial edo zehaztugabeen interpretazioa dute: komentario asko / nahikotxo… Badirudi izena soilik utzi nahi bada, horrelako interpretazioei bidea irekitzen dieten izenak behar direla.

Ikus daitekeenez, kontuak kontu, baiezko perpausetan partitiboa erabil badaiteke ere, ez da nolanahika egiten hori. Horregatik ez da egokia itzuli hori enfasi beharrik gabe eta izen soilekin erabiltzea. Komeni litzateke baiezko perpausetako sintagma partitiboen erabilera zaintzea, eta tradizioaren arabera enfasi jokoetara mugatzea, komunzki izenaren ondoan zenbait adjektibo sintagma ere erabilirik. De Rijkek aipatzen duenez (2008: 29), Bildu da jenderik eta horren gisako perpausetan Bildu da jenderik asko/aski legoke beharbada (kuantifikatzaile zehaztugabea isildua litzateke).

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 30. araua: “Partitiboa baiezko perpausetan noiz eta nola”, Donostian, 1995eko apirilaren 28an onartua.

18.2.5. Absolutiboa eta genitiboa

18.2.5a Perpaus trantsitiboetako objektuak, batzuetan, absolutiboa hartu beharrean genitiboa hartzen du. Hori Baztanen eta Iparraldeko euskalkietan gertatzen da aditz izenarekin: Eta nihor ez da haren ikustera etorriko (Duvoisin); Zeina etorri baitzen haren entzutera (Duvoisin); Zatoz ene laguntzera (Gazteluzar); Zerbaitek burura ematen dit egun edo bihar etorriko zarela gure ikustera (Hiriart-Urruti); Noizbehinka gelditzen zen, gure beharren egitera, edo ur xorta baten edatera (Larzabal); […] bihotzaren eta gogoaren garbitzera (Pouvreau); Berehala horren garbitzerat nihoak (Larzabal).

Erabilera hori oso sistematikoa da, eta holako ehunka adibide aurki daitezke. Zernahi gisaz, ez da hori erabilera bakarra, holako inguruneetan genitiboaren tokian beste mintzoetan ageri den absolutiboa ez baita guztiz arrotza tradizioan, Iparraldeko idazleetan ere. Idazle berak erabil ditzake biak, absolutiboa nahiz genitiboa, maiztasun handiagoa genitiboak badu ere: Hala duk! Behiak ikustera! (Larzabal); Ohoinak izan direla jin fite jendarmeak ikustera (Hiriart-Urruti); Boketa-latsera edo baxera garbitzera zoakeela erranen zuen gure Amatxo zenak (Barbier) / Gizonak joan zitezkeen gizonen hiltzera, ehiztariak ihiziaren garbitzera bezala? (Barbier); Zoazte odolez lurra garbitzera (Harispe) / Honat heldu dira, gure garbitzera (Harispe).

18.2.5b Holako egituretan ezinbestekoa da aditz izena izatea, eta ezin da gauza bera egin partizipioarekin edo aditzoinarekin: Ama ikustera joan dira / Amaren ikustera joan dira, baina Ama ikusi dute / *Amaren ikusi dute. Aditz izenarekin, azken batean, hitz elkartuak sortzen ditugu: bizarra mozteko makinabizarraren mozteko makina / bizar-mozteko makina. Baina bizarra moztu*bizarraren moztu*bizar-moztu. Beraz, partizipioarekin ezin dira holako egiturak sortu. Aditz izena behar du izan.

18.2.5c Aditz intrantsitiboko subjektua ere joaten ahal da genitiboan, nahiz ez den, beharbada, hain arrunta: Eta horra zer ondore izan zuten erregeren etortzeak eta joateak (Duvoisin); Hamabi egun eta berrogeita hamar Jesusen etortzeak zituzkeen behar (Hiribarren); Baina zure etortzeak erremediatu zituen kalte haiek guziak (Materre); […] eta Inaziok erran diezaion haren jiteak zenbatetaraino bozkariatzen gaituen (Laphitz).

Hala ere, adibide horietan guztietan aditz izena berez izena dela pentsa daiteke, hain segur ere. Eta edozein izenek bezala, aurretik izenlaguna har dezake izen horrek. Zinez aditza dela onartzeko, eta ez izena, aditzaren testuingurua bilatu behar genuke. Adibide hauetan ikusten ahal da hori: Jakesen berriz etortzeak ditu denak nahasi (Dirassar); Kukuen kantatzean, euri eta eguzki (erranairua). Hor “Jakes berriz etorri…” (adberbioa beti aditzarekin doa, ez izenarekin), eta “kukuek kantatu…” (kukuek kantatzen dute) uler daiteke, irakurketa batean bederen164. Kontura gaitezen horietan bietan genitibo arruntak baditugu, kontrol egitura bat edo holako zerbait behar dugula egitura horien sintaxia azaldu nahi badugu: [Jakesen [PRO berriz etor]tzea], eta [Kukuen [PRO kantatu]tzea].

18.3. Ergatiboa

18.3.1. Funtzioa eta kasu marka

18.3.1a Euskara hizkuntza ergatiboa da. Ergatibotasun hori hola adierazi dute gramatikek historikoki: perpaus intrantsitiboen subjektuak eta perpaus trantsitiboen subjektuak ez dute marka morfologiko bera hartzen. Perpaus intrantsitiboen subjektuak ez du markarik hartzen (ø), eta perpaus trantsitiboen subjektuak -k hartzen du.

Baina, aldi berean, perpaus trantsitiboen objektuak ere ez du markarik hartzen, eta horrek sortzen ditu nahasteak. Beraz, perpaus intrantsitiboen subjektuak eta perpaus trantsitiboen objektuak kasu bera dute, absolutiboa: Miren etorri da vs Jonek Miren agurtu du. Aldiz, perpaus trantsitiboen subjektua ergatiboan doa: Jonek Miren agurtu du. Absolutiboaren marka zero da (ø) (§ 18.2.2a) eta ergatiboarena -k, esan bezala. Mugagabean, kontsonante baten ondotik -e- epentetikoa eransten da -k markaren aurretik: zenbait lagun-e-k.

Esan dezagun, beraz, analisi horrek aditz askorekin balio duela, baina ez beti. Ez da arazorik etorri eta agurtu aditzen kasuan. Eta holakoak dira beste anitz ere. Baina analisiak ez du balio etorri eta eskiatu aditzak erkatzen baditugu, esaterako. Biak dira intrantsitiboak, argumentu bakarra hartzen dutelako (§ 23.2.2): Jon etorri da / *Jon Miren etorri da / Jonek eskiatu du / *Jonek Miren eskiatu du. Baina bi argumentuko aditz trantsitiboak eta argumentu bakarreko aditz intrantsitiboak erkatzen baditugu, ergatibitateaz esan duguna egokia da.

18.3.1b Marka hori artikuluaren (edo erakuslearen) ondotik jartzen da beti, edo zuzenean, sintagmak artikulurik ez badarama: Maisuak ariketak bildu ditu. Pluralean -ek egiten dugu: Maisuek ariketak bildu dituzte. Aldiz, esan bezala, artikulurik behar ez denean zuzenean eransten zaio marka hori sintagmako azken osagaiari (§ 1.4b eta § 15.2.2h): Zein maisuk bildu ditu ariketak?; Arantxak hamar urte egin ditu gaur.

18.3.1c “Ergatibo” terminoa nahiko modernoa dela esan dezakegu. Badirudi Dirr hizkuntzalariak erabili zuela lehenbiziko aldiz 1912an (Dixon 1994, 3. oharra). Euskal gramatiketan “agente” (Azkue, Lécluse), “actif” (Lafitte), eta tankera horietako hitzak ageri izan dira historian. Oihenartek nominatibo “aktibo” eta nominatibo “pasibo” erabiltzen ditu, eta Pouvreauk ere antzeko terminoak. Gaur egun, hala ere, euskal gramatika guztiek ergatibo hitza erabiltzen dute.

18.3.1d Ergatibitatea kontzeptu morfologikoa da (eta sintaktikoa ere izan daiteke), ez semantikoa, eta perpausaren barnean sintagmek hartzen dituzten marka morfologikoei eta eratzen diren erlazio sintaktikoei egiten die erreferentzia. Baina, neurri batean, neurri batean bakarrik, erlazio sintaktikoek eta semantikoek bat egiten dute. Horrela, ergatiboa egiletasunarekin lotua dela esaten dugu: Ertzainak lapurra harrapatu du. Bistan da hor ertzaina subjektu ergatiboa eta egilea edo agentea dela aldi berean. Alderantziz jarriz gero, Lapurrak ertzaina harrapatu du, funtzioa (ergatibotasuna) eta esanahia (egiletasuna) ere aldatzen dira modu paraleloan.

18.3.1e Baina hori askotan hola gertatzen bada ere, ez da parekotasun hori beti eta modu sistematikoan mantentzen: Mikelek hitz egin du / Mikelek esan du / Mikel mintzatu da. Bistan da aditz horiek (hitz egin, esan eta mintzatu) aski antzekoak direla esanahiari dagokionez, eta hirurak aktiboak direla alde horretatik behaturik, baina batean ergatiboan doa eta bestean absolutiboan. Parekoak izan daitezke arduratu (arduratu naiz… -ten/-teko), ausartu (ausartu naiz… -ten/-tera), baliatu (-z baliatu naiz/ hori baliatu dut) eta abar. Denak dira aktiboak, baina izan daramate laguntzaile, subjektua absolutiboan. Bestetik, tradizio klasikoan, eta gaurko zenbait autoretan ere ikus daiteke hori, Jainkoa deabruaz tentatua izan zen eta horren gisakoak arruntak dira. Egiletasuna ez da hor ergatiboarekin adierazten.

Oraindik gehiago, batzuetan badirudi ergatiboa agentearekin baino gehiago pazientearekin lotua dela: Umeak min hartu du; Gaixo horrek asko sufritu du. Ez du ematen hor umeak nahita eta bere borondatez hartu duenik min. Gauza bertsua gertatzen da distiratu, iraun, irakin… gisako aditzekin, horiek ez baitute agenterik, nahiz ergatiboa eskatu. Hitz batean, sintagma ergatiboak paper tematiko bat baino gehiago har ditzake: ‘egilea’ askotan, edo ‘kausa’ (haizeak atea itxi du), ‘tresna’ (giltza honek irekitzen du etxeko atea), ‘esperimentatzailea’ (Jonek gorroto ditu barazkiak) edo ‘jasailea’ (urak irakin du). (Ikus § 23.3.1).

18.3.2. Erabilera

18.3.2a Aipatu dugun gisan, ergatiboarekin batera absolutiboa ageri da arruntean perpaus iragankorretan edo trantsitiboetan. Eta gehienetan hala bada ere, hori ez da beti hola gertatzen. Perpaus iragangaitz edo intrantsitibo batzuetan ere ageri da ergatiboa: Igandero eskiatzen du Jonek. Hor subjektua bakarrik ageri da, ez dago objekturik, eta horregatik diogu perpausa intrantsitiboa dela, adizki laguntzailea du/dio erakoa badu ere. Holakoak dira jardun, irakin, irten (batez ere bizkaieraz, irten/urten) eta abar: Horregatik jardun dut, loka eta zoroxka baten antzean (Erkiaga); Oldartzen nintzen, isurtzen, lizunkerietan irakiten nuen, eta Zu isil (Orixe); Burutapen eta gogoeta hauetan jardun zuen gainerako egunetan (Erkiaga); Beraz ordu laurden bat Jesusekin igaro gabe eskerrak ematen, irteten duenak elizatik, irteten du Kristo aldean duela (Mogel).

18.3.2b Beraz, iragankortasuna eta iragangaiztasuna ez da adizki laguntzailearen motaren arabera definitzen, baizik aditzak dituen argumentuen arabera: argumentu bat (subjektua), iragangaitza edo intrantsitiboa; bi argumentu (subjektua eta objektua), iragankorra edo trantsitiboa, berdin dela adizki laguntzailea nolakoa den. Bereizketa hau ez da hola egin euskal gramatiketan. Aski da horretarako EGLUren liburukiak ikustea, esaterako.

18.3.3. Ergatiboaren hausturaz

18.3.3a Ergatiboaren aditz morfologia dela eta, adizki batzuetan ez da eredu bakarra segitzen: dut adizkian T da ergatiboaren marka, eta naiz adizkian N absolutiboaren marka. Baina nuen adizkian ikusten dugun N hori ez da, espero genezakeen gisan, absolutiboaren marka (naiz, nintzen), ergatiboarena baizik. Beraz, N horrek balio bikoitza du: absolutiboa eta ergatiboa. Iraganeko adizki batzuekin, ez denekin (ninduzun, erregularra; nuen, irregularra) gertatzen da “haustura” hori.

18.3.3b Sareko Euskal Gramatikan euskal sintaxiari eta ergatibotasunari buruz ere esaten da zerbait, bai baitirudi ergatibotasun sintaktikoa hausten dela. Kontrol egituretan (§ 30.2.5), esaterako, eskutik doaz perpaus trantsitiboetako eta intrantsitiboetako subjektuak.

Ikus dezagun kontrol egitura bat: Hona alguazila, hemendik hasiko da bere bandoa botatzen (Larzabal). Hori da kontrol egitura tipikoa: _ hasi da [ _ bandoa botatzen]. Bi aditzen (hasi, bota) subjektuen guneak markatu ditugu. Kontua da, ordea, “goiko” subjektuak (hasi aditzarenak) mendeko subjektua (bota aditzarena) kontrolatzen duela: ezinbestean subjektu bera da bietan. Kasu marka erantsirik hau izango genuke: X hasi da [X-k bandoa botatzen]. Batean absolutiboa da eta bestean ergatiboa. Baina kontua da bietan eskutik doazela. Eta hori da azpimarratzekoa. Ikus dezagun beste hau: Andoni hasi da [(1) (2) operatzen]. Egitura bera da hori ere. Dakigunez, operatu aditzak bi argumentu ditu: kirurgialariak (1) gaixoa (2) operatzen du. Baina ezer ere zehaztu gabe badakigu Andoni dela kirurgialaria, eta ez gaixoa (semantikaren aldetik ez legoke arazorik alderantziz interpretatzeko, baina sintaxiak ematen digu informazio hori). Eta hor dago kontua: absolutiboak (Andoni) kirurgialaria (ergatiboa, adibidean) hartzen du kontrolpean. Sintaxi puntu horretan ergatibotasuna ez dabil espero genezakeen moduan.

Beste adibide batzuetan ere gertatzen dira holakoak: Etxera sartu zen eta agurtu zuen. Kasu horretan ere badakigu X etxean sartu zela eta X-k Y agurtu zuela, eta ez dela gertatzen posible zitekeen beste egoera hau: X etxean sartu zela eta Y-k X agurtu zuela. Ez da arazorik semantika aldetik, baina sintaxiak bi absolutiboak elkartu beharrean (X eta Y, bigarren esanahia), absolutiboa eta ergatiboa elkartzen ditu (X eta X-k)165.

18.3.4. Egitura ergatiboak eta pasiboak

18.3.4a Egin dezagun hemen ohar bat, batez ere historiarekin lotua. Zenbait hizkuntzatako egitura ergatiboek badituzte parean haiei dagozkien egitura pasiboak. Euskaraz ez dirudi holakorik baden. Bestetik, euskal ergatibitateak badu beste ezaugarri bat, alegia, perpaus intrantsitiboen subjektuak eta trantsitiboen objektuak marka bera dutela (ø). Horrek eraman ditu euskara aztertu duten zenbait hizkuntzalari (Müller 1888; Schuchardt 1893) pasibitatearen teoria garatzea. Horien artean lehen garaiko Lafon ere aipatu behar da, gero iritzia aldatu bazuen ere.

18.3.4b Ikus ditzagun bi perpausok: Miren dator perpaus intrantsitiboa batetik, eta Jonek Miren dakar. Lafonen arabera, bi perpaus horietan “Miren” izango litzateke subjektu sintaktikoa, pare-parekoak direlako: Miren dator / Miren dakar. Bigarrenak subjektu “paziente” horrez gain, osagarri agente bat izango luke, “Jonek”, alegia, eta hori beste hizkuntzetako por Jon / par Jean / by John horien parekoa litzateke (ohart gaitezen, bide batez, osagarri agente hori euskaraz ergatiboa erabiliz eman daitekeela: haizeak astindua / agitado por el viento). Teoria hau baztertzeko argumentu asko aurkitu ziren, eta ez du geroztik indarrik izan. Esan dezagun XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zirela hizkuntzalariak euskal ergatibitatea beste begi batzuekin ikusten. Ikus, honetaz, de Rijk (2008: 199).

18.4. Datiboa

18.4.1. Kasu marka

18.4.1a Ergatiboaz eta absolutiboaz gain, egiturazko kasutzat edo besterik gabe kasutzat har dezakegun hirugarrena da datiboa. Datiboak -i marka morfologikoa erakusten du euskaraz, eta oinarria bokalez amaitzen denean, -r- epentetiko bat gaineratzen da bokalaren eta kasu markaren artean: Hori bera da gertatu ohi zaiona, zerurat edo zerurantz dabilen edozein gizoni (Mendiburu); Geroago, laster ulertu nuen […] zurekin tratua duen edozein emakumeri jotzen diozula, arreta ematen dizun edozein neska saltzaileri (Matauko). Artikulu ondoren ere: laguna-ri.

18.4.1b Ipar-ekialdeko hizkeretan, pluraleko datiboan, -ei amaiera agertu beharrean, adibidez, gizonei forman bezala, gizoner jasotzen da: Gloria Jainkoari zeru gainetan eta bakea lurrean gogo onezko gizoner (Intxauspe).

18.4.2. Helburu eta onuradunak. Osagarri bikoitzeko egiturak

18.4.2a Datiboa nagusiki hiru argumentuko perpausetan agertzen da, hau da, nork, nori eta zer adierazten denean (§ 26.1). Perpaus horietan, aditza ditrantsitiboa da, hola deituko ditugu, edo nahiago bada, trantsitibo datiboduna, Fernándezek eta Ortiz de Urbinak (2010) deritzaten bezala. Adibidez, eman aditz ditrantsitibo prototipiko horietako bat da. Subjektuaz gain (nork), osagarria (zer) eta zehar-osagarria (nori) eskatzen dituzten aditzei esaten zaie ditrantsitibo. Bada, zehar-osagarri hori da, hain zuzen, datibo kasua jasotzen duena: Sarak Joni surf-ohola eman dio.

18.4.2b Zehar-osagarria diogunean, funtzio sintaktiko batez ari gara, baina funtzio hori alde batera utzita, Joni argumentuak perpaus horretan duen rol tematikoa, edo bestela esatearren, eduki semantikoa, helburua da. Izan ere, emateak norbaiti zerbait iragatea dakar, eta alde horretatik helburu bat du jomuga, kasu honetan Jon bera. Horretaz gain, Jon da jasotzen duen surf-oholaz baliatu daitekeena, eta, hortaz, horren onura jasotzen duena, hots, onuraduna. Onuraduna gabe, kalteduna ere izan daiteke datibo argumentua, baldin eta onuraren ordez, kaltea jasotzen badu: Sarak Joni surf-ohola pitzaturik eman dio.

18.4.2c Perpaus hauek guztiek erakusten dute datiboa kasutzat hartzeko literaturan erabili izan den irizpide nagusi bat, aditz komunztadura alegia. Aditz laguntzaileari begiratu besterik ez dago ohartzeko datiboz markatutako argumentuaren isla morfologikoa dakarrela -o morfemaren bitartez. Morfema hori singularreko hirugarren pertsonako komunztadura marka da, eta euskara mintzatu hedatuenean, komunztadura marka hori ageri da beti. Ekialdeko mintzo batzuetan, zernahi gisaz, ez da beti egiten komunztadura hori: Sarak Joni surf-ohola eman du.

18.4.2d Nolanahi ere den, datibo komunztadurari dagokionez, aldakortasuna dago mendebaldetik ekialdera, ekialdeko hizkeretan datibo komunztadura ezabatu daitekeelako perpaus ez-gramatikalik sortu gabe, eta ondorioz, azken perpaus hori gramatikaltzat har daiteke dagokion hizkera eremuan, euskara batuan idazten diren testu gehienetan datibo komunztadura zaindua ageri den arren. Ekialdean holako adibideak aurkitzen dira: Argobeko lurra oro eman nituen Mansferren leinu erdiari (Duvoisin); Kaathen semeen odoleko gainerakoei eman zituzten oraino Manaseren leinu erditik Aner eta bere hiripeak (Duvoisin); Moisek erran zuen oraino Israelgo semeen bilku guziari (Duvoisin); Amak erran zuen bertzeri eta arribatu zen herri hori jaun baliarenganaino (Webster); Erretore horrek erran zuen bere buruari (M. Elizanburu); Orduan Jesusek erran zuen bere dizipuluei (Etxenike); Eta erresponditu zuten Jesusi (Etxenike). Esan dezagun, zernahi gisaz, holako egiturak ekialdeko tradizioko idazle batzuen artean ageri direla, eta eredu “arruntarekin” erkatuz aise gutxiago ikusiko ditugula. Bestetik, ezin dira nolanahi erabili, eta muga sintaktikoak dituzte aldiari eta pertsonari dagokionez. Beste hitzetan, ekialdean ere, Haiei erran zien eta Haiei erran zuen perpausen artean, biak erabilirik ere, lehenbizikoa maizago aurkituko dugu, diferentzia handiarekin.

18.4.2e Halako egiturak ingelesezko osagarri bikoitzeko egiturak (ingelesez double object constructions) bezalakoak direla aldarrikatu izan da literaturan, eta batez ere Elordietak (2001) aletu ditu horretarako argudio nagusiak. Gure euskal perpausak, beraz, ingelesez ondoko kideko perpausa du: Sarah gave John the surfboard. Ingelesez, alabaina, osagarri bikoitzeko egitura hori harremanetan jarri ohi da esanahi bera duen egitura preposiziodun batekin, ondoarekin alegia: Sarah gave the surfboard to John.

Bigarren honetan ikus daitekeenez, helburua ez da ageri aditzaren ondo-ondoan, gaiaren ostean baino. Horretaz gain, to preposizioa darama bere aurretik, hots, preposizio sintagma baten modura agertzen da perpausean. Osagarri bikoitzeko egituran, aldiz, gaia bera baino lehenago ageri da, aditzaren ondoan eta ez du preposiziorik erakusten. Ingelesez, egile batzuen ustez, lehenbiziko perpausa (… gave John) perpaus postposiziodunetik (… gaveto John) sintaktikoki eratorritakoa da, eta euskaraz ere, batzuen ustez, postposizio sintagma bat duen egitura batetik eratorri da. Hau da, Sarak Joni surf-ohola ekarri dio perpausa beste honetatik eratorria litzateke: Sarak surf-ohola ekarri du Jonentzat.

Dena den, honi dagokionez eztabaida handia dago euskal hizkuntzalaritzan: lehen perpausa osagarri bikoitzeko egitura dela aho batez onartzen den arren, besterik da, adibidez, onartzea Jonentzat postposizio sintagmatik eratorri dela Joni datibo sintagma. Honetan ez dago akordiorik.

18.4.3. Esperimentatzaileak

18.4.3a Datiboak ez ditu bakarrik helburuak adierazten. Horietaz gain, esperimentatzaileak ere adieraz ditzake, esate baterako: Malenari tangoa kantatzea gustatzen zaio; Malenari tango zahar hura ahaztu zaio.

Perpaus bi horietan, datiboak ez du, jakina, helburua adierazten, ez bada esperimentatzailea. Izan ere, gustatu edo ahaztu bezalakoak aditz psikologikoak dira, eta gustatzea bezalako prozesu psikologikoak sentitzen dituenari esperimentatzailea deritza (§ 23.2.2.3c). Bestalde, absolutiboaz adierazten dena estimulua da. Aditz hauekin datibo sintagma ezinbestekoa da, hots, egituran egon behar da, agerian edo isilean, gramatikala izango bada: *Tangoa kantatzea gustatzen da edo (*)Tango zahar hura ahaztu da166.

Perpaus bi hauetan, absolutibo sintagma baino ez da ageri, eta datiboa ez agertzeak dakar ez-gramatikaltasuna.

18.4.3b Halako datibo esperimentatzaileak aurkituko ditu irakurleak baita interesatu, iruditu, damutu eta dolutu aditzekin batera, adibidez. Mendebaleko hizkera batzuetan, Bergarakoan, adibidez, edo Elgoibarkoan, datiboaren bidez adierazten dira bestelako hizkeretan eta oro har euskara estandarrean, bestela adieraziko liratekeen esperimentatzaileak: Gure alabiari zoratu ein jako; Aittari hasarrau jako azkenian (Makazaga 2009: 155, 157)167.

Euskara hedatuenean adibide hauen ordainak dira, hurrenez hurren, Gure alaba zoratu egin da eta Aita haserretu da azkenean. Halako hizkeretan badira, bestalde, konfigurazio hau bera erakusten duten beste aditz batzuk, hala nola pentsatu Bergarako hizkeran —Edurra ein bia dabela pentsatzen jat (Elexpuru 1988)—, irudituren esanahi bera duena.

Hizkeretan orokorturik dagoen erabileraren ikuspuntutik kasu hauek bitxi samarrak diren arren, giza hizkuntzetan halako datibo esperimentatzaileak aurkitzea ez da batere ezustekoa.

18.4.4. Datibo hunkituak eta jabe datiboak

18.4.4a Hitzez hitz adierazi ez dugun arren, azken atalean mintzagai izan ditugun datibo esperimentatzaileak absolutibo batekin batera ageri direla ikusi dugu, bi argumentuko perpausetan. Aditz horiek ez dira, beraz, trantsitibo datibodunak (eman edo eraman bezalaxe), intrantsitibo datibodunak baino (nor-nori deitu izan diegunak gure lehenagoko gramatiketan). Ikusi dugunez, intrantsitibo datibodun horietan, datiboa ezinbestekoa da, ez aukerakoa. Bada, antzeko konfigurazioa erakusten du Alkandora urratu zaio perpausak ere, nahiz eta kasu honetan, datiboa gaineratutako argumentua den, eta hortaz, ez duen datiboak zertan egon behar: Joni alkandora urratu zaio.

18.4.4b Lehen perpausean (Alkandora urratu zaio), absolutiboz markatutako argumentu bakarra dugu, eta beraz, perpaus intrantsitiboa da, izatez aditza bera ere intrantsitiboa delako. Bigarren perpausean, berriz, Joni datibo argumentua gaineratu da perpausean, eta bi argumentuko konfigurazioa sortu da.

Jon da, bigarren perpausean, alkandora urratzeak nolabait hunkitu duena. Ingelesez, affected datives deitu izan zaie halakoei eta deitura horren ildotik deritzegu guk datibo hunkituak hauei. Interes datiboak ere deitu izan zaie168.

18.4.4c Datibo hunkituetatik oso gertu daude jabe datiboak. Izan ere, Joni alkandora urratu zaio diogunean, datibo argumentua hunkitua izateaz gain, alkandoraren jabea dela ere interpreta daiteke. Hori are argiago ikus daiteke jabetza ezin besterenduzkoa denean, hots, inori besterendu ezin zaionean gure jabegoa, adibidez, gorputz atalak: Aneren begitartea ilundu da; Aneri begitartea ilundu zaio.

Bigarren perpauseko datiboa (Aneri begitartea ilundu zaio), zalantzarik gabe, jabe datiboa da, eta inoiz esan dugun bezala (EGLU-I: 344), Aneren genitibo sintagma ordezkatzen duela dirudi. Izan ere, hizkuntzalaritzan proposatu izan da, ñabardurak ñabardura, Aneri bezalako jabe datiboak genitibo batetik eratortzen direla sintaktikoki. Ez da hau xehetasun teorikoetarako leku aproposa, baina bai, gaiaren inguruko beste ñabardura bat gaineratzeko: Etxeparek erakutsi digunez (2003: 420-421), datiboa genitiboaren ordez erabiltzeko, datibo argumentua zuzenean hunkitua izan behar da. Jo, bestela, ondoko adibideetara: Jonen ama hil da; Joni ama hil zaio.

Bigarren adibidean, Jonek bizirik egon behar du, ama hiltzeak zuzenean hunki dezan; aldiz, lehenbiziko adibidean, Jon bera ere hilik egon daiteke urteak direla. Ikusten denez, jabe datiboen eta hunkituen arteko harremanek estuak dirudite, eta behin baino gehiagotan azpimarratu izan da hori —ikus, besteak beste, Hualde (2003a: 182) edo Fernández (2010)—.

18.4.5. Datiboaren eta adlatibo/ablatiboaren arteko harremanez

18.4.5a Behin baino gehiagotan aipatu izan dira euskal gramatikan datiboak postposizio batzuekin dituen harremanak. Gorago, datiboaren eta destinatiboaren arteko kidetasuna aipatu dugu, baina kidetasun hori beste postposizio batzuetara ere zabaldu daiteke, adlatibora, adibidez. Izan ere, mugimenduzko aditzekin batera ageri diren datiboek sarri askotan helburua adierazten dute, eta kasu horietan, datiboa adlatibo bizidunarekin txandakatu daitekeela dirudi: Jon Nikori joan/hurbildu zaio; Jon Nikorengana joan/hurbildu da.

18.4.5b Lehenbiziko perpausean ageri den datiboaren ordez, adlatibo biziduna azaltzen da bigarrenean, eta datibo hori helburua da. Jakina, horrelakorik ez da adlatibo bizigabeekin: *Jon Bilbori joan/hurbildu zaio; Jon Bilbora joan/hurbildu da.

Kidetasun horretaz jabeturik, batzuen ustez datiboaren eta adlatiboaren arteko txandakatzea (alternation, ingelesez) aipatu izan da, baina ikusiko dugunez, datibo argumentuaren agerpenak helburu hutsa baino zerbait gehiago adierazten duela dirudi edo beharbada, besterik gabe, ez da helburua, gorago aipatu ditugun datibo hunkitu horietako bat baino. Ikusi bestela perpaus hau: Jon Australiara joango zait laster.

Kasu horretan, isildutako niri datibo argumentuak, aditzak islatzen duen datibo komunztaduraren bitartez (zait) berreskuratzen dugunak, ez du helburua adierazten (helburua adierazten duena Australiara adlatibo sintagma da). Perpaus horretan, ezkutuko datiboak adierazten du Jon Australiara joateak niri nolabait eragiten didala edo gorago esan dugun bezala, hunkitu egiten nauela nire ondoko norbait (semea, esaterako) den aldetik. Nora joan dira zure txakurrak?; Nora joan zaizkizu txakurrak? Jabe datiboa edo datibo hunkitua adierazten du zuri ezkutuko datiboak.

Hortaz, joan aditza bezalako mugimenduzko aditz batekin, helburu datibo bat aurkitzea espero daitekeen arren, horrek ez du zertan horrela izan behar. Fernándezek eta Ortiz de Urbinak (2010) diotenez, datiboak adlatibo bizidunak berak baino askozaz ere eremu handiagoa hartzen du, eta, hortaz, txandakatzeaz hitz egitea kasurik onenean ez dirudi oso zuhurra.

18.4.5c Orain artean, mugimenduzko aditzez ari garela, helburu datiboez hitz egin dugun arren, mugimenduak helburua izateaz gain, iturburu bat ere badu, eta iturburu hori gehienetan, ablatibo batez adierazi ohi da. Adibidez, Oskorriren kanta ederrean lehenbiziko bertsoa manipulatuz eta ondorioz, poto eginez bigarrenean: Ez zaitez, ez zaitez urrun nigandik; Ez zaitez, ez zaitez joan nigandik169.

Urrundu eta berriro ere joan aditzek norabidea alde bietara adieraz dezakete: mugimendu hori nora zuzentzen den eta nondik abiarazten den. Bada, halakoetan, datiboa ager daiteke ablatibo bizidunaren ordez, eta horrek datiboaren eta ablatiboaren txandakatzea dagoela pentsaraz liezaguke: urrundu zait; urrundu da nigandik.

Alabaina, oraingoan ere, ez dirudi datibo iturburu hutsa dugunik, ablatiboa erabiliz izango genukeen bezala; datibo hunkitu bat dugula dirudi (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010), adibidez: Bertsotan ikasiko nion, Imanol Lazkanori edo (Egaña).

Baina oso berezkoa den hori norbaiti ikas dakiokeen arren, Egañak Lazkanori bezala, datiboaren ordez ablatiboa ere maiz ageri da, aski modu naturalean: Bertsolarien izen-abizenak ikasiko nizkion, Imanol Lazkanori edo; Bertsolarien izen-abizenak ikasi nituen Imanol Lazkanorengandik edo.

Halakoetan, har dezagun ikasi aditza, biak erabiltzen dira, nahiz beharbada ablatiboa erabiliagoa izan: Jesus beragandik ikasi arte guzian berariz eta beraren betiko Aitak nahi zuena egiteko gelditu zela Jerusalemen orduraino (Mendiburu); Ikusi zuen Jesusek elkarrekin zerausten guzia eta beragandik ikasi nahi zukeela zer ote zen esan nahi zuena eta esaten die (Mendiburu); Ikas zazue nigandik, bada ni naiz zuen Maisua, ikasi nigandik, bada ni naiz zuen modelua (Agirre); Nire arima ezagutzen, eta estimatzen nire etsairik handien demonioagandik ikasi behar dut? (Kardaberaz); Anaien arteko karidadearen gainean berriz nez daukagu zuei eskribitu beharrik, bada zuek zerok Jaungoikoagandik ikasi zenuten elkar maitatzen (Uriarte); Legazpira igo eta Iruna jaitsi egiten zela, aitari ikasia nion, eta harrigarri egiten zitzaidan oso (Joxerra Garzia); “Dena dela, Gandiaga, beti Gandiaga bera izanik, ez da hala ere errepikatzen”, Joxe Azurmendiri ikasi genion (Elustondo; Azurmendi); Gero ikasi genion Miranderi mendekuak alferrikako direla mendekatuaren jakinaren gainean gauzatu ezean (Joxerra Garzia); Hitz eta kanta zahar mordoa daki, gure artean zegoela beti zebilen bertso kantari, gerra garaiko Pepe Bolunbururenak ikasi nizkionetik (K. Izagirre).

18.4.6. Marinelei abisua: izenondoko datiboak

18.4.6a Egiturazko kasuak postposizioetatik bereizteko erabili dugun irizpide nagusia aditzarekin egiten duten komunztadurarena da: ergatiboz, absolutiboz eta datiboz markatutako argumentuak baino ez direnez komunztadura eragiten dutenak, eurak dira egiturazko kasu bakarrak (partitiboa absolutiboaren aldaera bat baizik ez litzateke, eta gainerakoak komunztatzen ez direnak, postposizioak). Bada, oraingo honetan, kasuak postposizioetatik bereizteko beste irizpide bat erabiliko dugu, hots, izenaren ondoko datiboak edo nahiago bada, datibo izenlagunak. Aipa dezagun lehenik eta behin, adibide klasiko eta polit bat egitura ezagutarazteko: Marinelei abisua (Etxeberri Ziburukoa).

Egitura honetako datiboa, hots, marinelei, abisua izenaren ondokoa da, edo bere izenlaguna nahi bada. Halako datiboak sarri aurki daitezke gaztelaniaz edo ingelesez, adibidez: Aviso a navegantes.

18.4.6b Alabaina, euskaraz askoz erabilera mugatuagoa dute, eta nagusiki izenburuetan agertzen dira, aspaldi genion bezala (EGLU-I: 233); beste hizkuntzalari batzuek ere aipatu dute kontu bera (de Rijk 1998a: 378). Horregatik, oso bazterrekoak dira eta oso bakanak izenburuetatik aparte izenondoko datibo hauek erakusten dituzten agerraldiak: Hona zer izan ziren haren azken hitzak bere semeei: “Mutikoak, mutikoak, aski baduzue zeruari beha egonik!” (Larzabal); Gaur denak ziren bibak eta gorak kapitainari, Caballeriari eta haiez erditu zen amari (Manu 416, in Fernández eta Sarasola 2010)170.

Bestalde, EGLU-I liburukian (233) ageri da onargarriagoak direla datiboa eskuinetara dakarten adibideak (ezkerretara dakartenak baino), eta Albizuk (2009) ere eskuinetara lerratzen diren izenondoko datiboez dihardu. Nolanahi ere den, ezkerretara lerratzen direnak ere badaude, adibidez, gramatikari eta euskaltzain ezagun baten omenaldi-liburuak izenburu hau du: Beñat Oihartzabali gorazarre. Baina Oihartzabalen omenezko ekitaldirako gonbidapenean, bestelako hurrenkerarekin ageri zen liburuaren izenburua: Gorazarre Beñat Oihartzabali.

Zalantzarik gabe, sarriago ageri dira, agertzekotan, izenaren eskuinetara ezkerretara baino, baina azken hauek ez dira ezinezkoak.

18.4.6c Datibo hauek eztabaidagai izan dira euskal gramatikan, datiboaren izaeraren nondik norakoak zein diren erabakitzeko. Izan ere, egiturazko kasutzat jotzen ditugun horietan (ergatiboa, absolutiboa, datiboa) izenondoko gisa ager daitekeen bakarra (bere muga eta guzti) datiboa baino ez da. Ergatiboak eta absolutiboak izena modifikatzekotan, genitiboa behar dute: frankisten sarraskia; gudarien sarraskia.

Zalantzarik gabe, zirkunstantzia historikoak ezaguturik irakurketa egokia egitera eramango gaituzten arren, perpaus horiek anbiguoak dira: edo frankistek/gudariek egin zuten sarraskia edo frankistek/gudariek jasan zuten sarraskia. Bestela esanda, genitiboaren bitartez berreskura daitezke ostean ergatiboz edo absolutiboz markatuko genituzkeenak (egilea eta gaia, hurrenez hurren). Izenondoko datiboak ere ordezka dezake batzuetan genitiboa. Esaterako, Jules Verneren nobela gogoangarriaren izenburua bietara itzuli da euskarara: Munduaren itzulia 80 egunetan; Munduari itzulia 80 egunetan.

18.4.6d Izenondoko datiboaren ordez, genitiboa erabil daitekeela diogu EGLU-I liburukian (233), baina hori egia izanik ere, adibide batzuek behintzat ez dute genitiborik onartzen (irakurketa horrekin, jakina): ?Marinelen abisua.

Adibide hori gramatikala da, jakina, marinelak eurak badira abisua ematen dutenak, baina ez dirudi interpreta daitekeenik marinelei emandako abisu gisa.

Hortaz, datiboa kasua da bai, baina postposizioek ohikoa duten bazterreko jokabidea duela pentsa daiteke. Izan ere, postposizioek tarteka badituzte izenondoko agerraldiak: Jakoben jaiskera Egiptora (Lardizabal); Gerora automobil zelularrak banan-banan jasotzen zituen etxera bidean (Payá).

Nolanahi ere den, izenondoko postposizio hauek ere nahiko bazterrekoak dira, eta holakoetan ezinbestekoa da, de Rijkek (1988, 1993) aspaldi irakatsi zigun bezala, -ko postposizioa gaineratzea postposizioari izen bat modifikatzeko: antiojuak Txabirentzat; Txabirentzako antiojuak. Bada, de Rijkek berak eta Elordietak (2001) ere zehaztu dutenez, postposizioek ez bezala, datiboak ezin du sekula -ko postposiziorik jaso: *Marineleiko abisua.

18.4.6e Azkenik, azpimarratzekoa da izenondoko datibo gisa ager daitezkeen datiboak helburuak baino ez direla. Goian, adibidez, aipatu ditugun esperimentatzaileak edo jabe datiboak eta datibo hunkituak ezin daitezke inoiz ere testuinguru honetan agertu, eta besterik gabe ez-gramatikalak dira (Fernández eta Sarasola 2010): *gogorapena umeei; *ahanztura umeei; *begien argiketa itsuari.

Datiboen artean, beraz, nolabaiteko asimetria dago izenaren ondoan joateko aukerari dagokionez: helburu datiboak postposiziora hurreratzen direla dirudi; aldiz, esperimentatzaileek edo jabe datiboek eta oro har datibo hunkituek ez dute postposizioen jokabidearen inongo aztarnarik.

18.4.7. Datiboa hautatzen duten aditzez besteko kategoriak: postposizioak adibide

18.4.7a Aditzek ez ezik, beste zenbait kategoriatako hitzek ere datiboa hautatzen dutela dirudi. Ihartutako zenbait postposizio sintagma ditugu euren artean, hots, begira, beha eta zelatan. Postposizio horiek iharturik daudela dirudi, ez baitira beste inongo postposiziorekin ordezkatzen (zuri begira nago perpauseko begira formak ez du begitik edota begian motako forma erkiderik). Begira aztertuko dugu adibide modura.

18.4.7b Ikus ditzagun bi adibide hauek: itsasoari begira; itsasora begira. Adibide horietan begira postposizioa da (§ 21.10.2). Begira postposizio ihartuak datiboa eskatzen du batzuetan eta adlatiboa besteetan, adibideetan ikusten denez, eta noiz bata eta noiz bestea erabakitzea ez da gauza erraza. Villasantek dio (1983: 63) izena biziduna izanez gero, orduan datiboa hartzen duela: Aneri begira; umeari begira; txakurrari begira.

Dena den, datiboa ez da mugatzen bizidunetara, Fernándezek eta Ortiz de Urbinak (2010) Atxagaren nobela batez baliatuz ikusi dutenez. Izan ere, adibide sorta luze samar batean batzuk bizidunak dira, baina asko eta asko bizigabeak: euriari begira, loreei begira, paisaiari begira —baita paisaiara begira—, zaldiei begira, itzulbideari begira, bideari begira, kikarako kafeari begira, liburuari begira. Eta batzuk besteak bezain gramatikalak, jakina.

Bestalde, lekuzkoak diren osagarriak adlatiboaz markatzen dira batez ere: gora, behera, atzera, aurrera, iparrera, mendebaldera, itsasora, plazara begira. Zernahi gisaz, horien kide datibodunak nahiko arruntak dira tokia adierazten duten izenekin: Biak hesiaren kontra jarrita, etxeari begira (I. Mendiguren); Mendiari begira dago Padania (Lertxundi); Lehen zatian bezala, ordea, aurrera iritsi bai, baina ateari begira antzu zeuden (Berria); Isilik geratu ziren puska batean, jendeari eta plazari begira (X. Aranburu) eta abar; (itsasoari begira, esaterako, oso arrunta da). Aldiz, tokiaren erreferentzia generikoa denean (aurre, atze, inguru, goi…) datiboak ez dira batere arruntak171, nahiz ez diren falta adibide batzuk: […] automobiletik irten eta, amildegiaren parean jartzen zela, batean beheari eta bestean goiari begira, halaxe oihukatu baitzuen, eskua ukabil eginik (Irigoien); Inguruari begiratu gabe ere plateretik ahora jakiak airean zebiltzan (G. Mujika); *beheari, *goiari, *aldamenari edo *aurreari begira, behera, gora, aldamenera edo aurrera begira (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010).

18.4.7c Esker hitza ere, kategoriaz izen hutsa dirudien arren, postposizio beregaina balitz bezala ere erabil daiteke, eta datibo osagarri bat hautatzen du, buruz-ekin ere gertatzen den gisan (§ 21.10.2): Hizkuntzalaritzari esker, herri baten kontzientzian parte hartzen duzu (Berria); Naizena haiei esker naizelako (Mitxelena); Zuri esker, neurririk gabeko zorion hartaz izan nadila gai (Leon); Zuri esker bainaiz igan aldare saindurat (Iratzeder).

Nolanahi ere den, datiboa, eta bereziki leku datiboa hautatzen dute, genitiboarekin batera, ipar-ekialdeko hizkeretan zenbait postposiziok, hala nola aitzin, barna, behera, buruz (ez gara zertaz zentzuarekin ari hemen), gora, kanpo eta kontra postposizioek (Etxepare eta Oyharçabal 2008a eta 2008b): paretari kontra; patarrari behera; patarrari gora; bata besteari aitzin; kanale bati barna; bi arte horier kanpo.

Ipar-ekialdeko leku datibo hauen ordez, mendebaldeko eta erdialdeko hizkeretan, genitiboa edo inesiboa erabiltzen dira nagusiki: etxearen kontra; aldapan gora; aldapan behera; basoan barna; basoan zehar; basoaz kanpo. Leku datibo hauen aipamena aurki daiteke Lafitteren gramatikan (1944) edo Villasanteren lanean ere (1983).

18.5. Partitiboa

18.5.1. Zer den partitiboa

18.5.1a Euskal gramatiketan, oro har, partitiboa kasuen artean sartu izan da beti, “deklinabide” deitzen zen horretan, alegia (ikus EGLU-I, esaterako). Hemen beste esanahi bat emango diogu, egokiagoa, gure ustez. Partitiboa marka morfologiko bat baizik ez da (-ik), eta determinatzaile mota bat izan daiteke (oihanik), edo adberbioak sortzeko bidea (zutik). Baina ez dugu kasuen artean sartzen, determinatzaile zehaztugabea denean berez absolutiboaren aldaera bat baizik ez baita (§ 18.2.4).

18.5.1b Partitiboa (Negativus deitzen zuen Oihenartek 1638an) beti zehaztugabea da, eta forma bakarra du. Ez du hartzen artikulurik, ez pluralik ere, hortaz. Forma -ik da, sintagmako azken osagaia kontsonantez bukatzen bada. Eta aurretik loturako -r- bat hartzen du (-rik) osagai hori bokalez amaitzen denean: Ez baitzuen gizonik ezagutu bere biziko egun orotan (Duvoisin); Nik ez dut andrerik (Labaien).

Badirudi jatorria ablatiboan duela. Gaur egun ere, zenbait mintzotan, arautua den -tik markaren ordez -(r)ik erabiltzen da, batez ere pluralean, ekialdeko hizkeretan: Mendieta(r)ik handiena hango hura da; Nor da zueta(r)ik zaharrena? eta abar.

18.5.1c Noski, zehaztugabea izanik, aditzarekin beti singularrean egin behar du komunztadura, eta inoiz ere ez pluralean: Ez dut andrerik ezagutu / *Ez ditut andrerik ezagutu.

Ikusi hemen Euskaltzaindiaren 15. araua: “Partitiboaren erabilera okerra”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

18.5.1d Partitiboaren marka, ohi denez, sintagma osoari ezartzen zaio: Dena dela, ez genuen gehiago buru hauste handi-handirik (Zerbitzari); Soldadu batentzat ez da hain heriotza ederrik nola arma eskuan etsaiari buruz hiltzea (Lafitte); Ezik zein da haren manamenduetan gogor egon-eta, bazterrerat utzia izan denik? (Duvoisin).

18.5.2. Erabilera

18.5.2a Informazio hau egiturazko kasuen sailean biltzen badugu ere, partitiboaren erabilerak neurri batean bakarrik du zerikusia egiturazko kasuekin: absolutiboaren aldaera denean (§ 18.2). Askotan, bestela, marka hori erabiltzen baitugu adberbioak edo esaera adberbialak sortzeko: Oiloei atea goizik irekitzen zaie eta goizik hersten (Duvoisin); Ezen haur hark utzi zuen mundua goizik (Joanategi); Honela bakarrik ez dira izango alferrikakoak gure errukia eta malkoak (Agirre); Egin dun heuk nahi izan dunan guztia, eta pozik egongo haiz orain (Etxeita). Horiek guztiak adberbiotzat hartu behar ditugu. Oinarrian izena (poz-ik), adjektiboa (isil-ik), adberbioa (orain-(d)ik), aditza (ikusi- rik) izan dezakete, baina testuinguru horietan adberbiotzat hartu behar ditugu (§ 22.6.6).

Badira ere esaera adberbialak, hitza errepikatuz sortzen direnak (itzuli hauek batez ere Hegoaldekoak dira): Etxerik etxe erabiltzeko erosia izango da (Agirre); Mendirik mendi ibili ohi zen (Etxeita); Aterik ate ez badabiltza ere (Mogel); Zuk ikusiko duzu egun hartan zoazenean ihesi zokorik zoko ezkutatzen (Uriarte); Neurekin ibiltzen zen goizetan kalerik kale (Erkiaga) eta abar. Hor sartzen dira ordurik ordu, asterik aste, urterik urte eta abar. Egunik egun esaera adberbialak hiru esanahi ditu (OEH): ‘egunero’ (egunik egun ateratzen da egunkaria); ‘egunetik egunera gehiago’ (egunik egun aberatsagoa da); ‘egun batean eta hurrengoan ere’ (egunik egun neure bizia erretzen ari naiz).

18.5.2b Baina adberbioa sortzen ez duelarik, partitiboa absolutiboaren aldaera bat da, neurri batean, operadore batek (ezezkotasunak, galderak…) eraginik erabiltzen duguna: Hondartza ikusi dugu / Ez dugu hondartzarik ikusi / Ikusi duzue hondartzarik?

18.5.2c Beste batzuetan perpaus batekin ikusiko dugu, eta holakoetan ere kideak ditugu ondoko bi perpausak: [Etorriko dela] esan du vs Ez du esan [etorriko denik]. Parekotasuna, orain, ez da determinazio mailan gertatzen, menderagailuan baizik. Baiezkoan menderagailu bat hartzen du, -(e)la, eta ezezko operadorearekin, ez nahitaez hala ere, beste bat, -(e)nik. Ohart gaitezen badirela bi aukera gehiago, Ez du esan etorriko dela eta Ez du esan etorriko den. Baina ez dugu hori atal honetan azalduko (§ 30.6.2.1, § 30.6.2.4). Hemen azpimarratu nahi dugu -a/-ik parekotasunaren antzekoa sortzen duela -ela/-enik parekotasunak ere. Badakit etorriko dela eta Badakit etorriko dena ere bere tokian azaltzen dira (§ 30.6.2.1, § 30.6.2.3). Zernahi gisaz, forma hutsez ari gara.

18.6. Genitiboa (-en)

18.6.1. Forma eta funtzioa

18.6.1a Genitiboari dagokion postposizioa -en da, eta bokalez amaitzen bada hitza -r- epentetiko bat eransten da: Jon-en; zein gizonen?; zein andre-ren?; zein/nor-en; Ane-ren. Artikuluarekin, hortaz, adiskide-a-r-en. Eta pluralean -en egiten da (-ak artikulu + plurala desagerturik): ikasle[-ak]-enikasle-en.

Zenbatzaile zehaztuekin, forma berbera ageri dezakete idatzian artikulugabeak eta artikuludunak, kontsonantez amaitzen bada hitza: Bost lagunen etxeak dira hauek [bost lagun + -en / bost lagun + [-ak]+ -en].

18.6.1b Genitibozko sintagmek (izen sintagmari, § 15.2.2h, -en postposizioa erantsiz eratuak) izenlagun funtzioa hartzen dute (hots, adjektibalak dira), eta arruntean izenaren ezkerraldean ageri dira, harekin sintagma osatuz: [[Fernandoren] zapatak] dira; [[Gure] aitak] ez luke horrelakorik egingo; [[Ikertzaile langilearen] lanak] aipatu nahi ditugu.

Genitibozko izenlaguna kenduz gero ere, gramatikala da askotan izen sintagma, baina aldatua edo murriztua geratzen da interpretazioa, erreferentzia testuingurutik berreskuratu ezean: Zapatak berriak dira; Aitak ez luke horrelakorik egingo; Lanak aipatu nahi ditugu.

Adjektibo kalifikatzaile (atributibo) gehienak ez bezala, genitibozkoak izenaren osagarri argumentalak izaten dira. Aski garbi ikusten da hori honelakoetan: haien lehengusuak; etxearen gailurra; gure galbidea; Garbiñeren omenaldia… Erlatibozko perpaus sinonimoa jartzen badugu korrelazioan, ikusiko dugu perpausean egiturazko kasuek aditzarekiko betetzen duten rol semantiko bera betetzen duela genitiboak izenarekiko: Haiek lehengusu dituzte(nak); Etxeak du(en) gailurra; Gu gal gaitzake(ena); Garbiñeri egingo zaio(n) omenaldia. Genitiboak forma-aukera bat bakarra izateak anbiguotasunak sor ditzake: zezenaren beldurra [zezenak duena / zezenari zaiona].

Ikuspegi horretatik, hala, gainerako egiturazko kasuak bezala, genitibozko izenlagunak ere osagarri argumentalak dira beti, edutezko adiera arruntekoak barne: Patxiren etxea [Patxik du(en) etxea] (subjektu-genitiboa); etxearen salmenta [etxea saldu dute] (objektu-genitiboa). Hori dela eta, barra-barra ageri dira genitiboak nominalizazioekin eta antzeko izen argumentu-eskatzaileekin: haurren jolasa (haurrak jolastu); irakaslearen jokabidea (irakasleak jokatu); zure amodioa (zuk duzuna / zuri dizutena)…

18.6.1c Izenlagunak izenaren ezkerrean doaz. Batzuetan izena isildu daiteke: Fernandorenak; gureak; langilearen… Bestetik, izenlaguna bera ere izen sintagma ez ezik perpaus osoz eratua ere izan daiteke: Horrek duen abilezia ikaragarria da (ikus 31. kapitulua).

18.6.2. Erabilera

18.6.2a Joera nagusia, adibide horietan guztietan ikusten denez, izenlaguna izenaren ezkerrean paratzea da. Hala ere, badira kasu mugatu batzuk, non eskuinean jartzea ere posible den. Izen bereziekin arrunta da hori: Gure Peru / Peru gurea. Artikulua ezinbestekoa da holakoetan, sintagma modu egokian osatzeko: *Peru gure.

18.6.2b Aditz kopulatibo baten predikatu atributiboa da anitzetan genitibozko sintagma (komunztadurazko artikulua daramala, hizkera gehienetan): Kantu hau Benito Lertxundirena da. Adibide horretan bezala, genitibozko sintagmak adjektibatuko lukeen izen sintagma da halako perpausetan subjektua: Benito Lertxundiren kantu hau. Agian argiago adierazita: 1) Kantu hau Benito Lertxundirena da; 2) Benito Lertxundirena den kantu hau; 3) Benito Lertxundiren kantu hau.

18.6.2c Izenarekin duen erlazioa kontuan izanik, erlazio mota desberdinak adierazten ditu genitiboak: jabegoa (aitaren etxea, hots, ‘aitak duen etxea’; gure dirua, ‘guk dugun dirua’); agentea/tema (aitaren etorrera, hau da, ‘aita dator’); hartzailea (aitaren kritika, hau da, ‘aitari egin zaion kritika’). Jabegoaz gain, bestelako erlazioak adierazten dira honako adibide hauetan ere: haren burua; Mikelen heriotza; zure lagun minaren aita; bizitzaren hasiera; haran honen edertasuna; liburuaren lehenbiziko kapitulua. Argi denez, beste erlazio mota franko ere adierazteko baliatzen gara kasu honetaz.

Horrenbestez, denda edo antzeko zerbait bere jabearen izenarekin izendatzen denean, anitzetan baliatzen gara genitiboaz: Etxeberriaren arrandegia (‘Etxeberriarena den arrandegia’). Beste horrenbeste norbaiten etxea aipatu nahi izanez gero: Patxirenera joan naiz bazkaltzera (‘Patxirena den etxera joan naiz bazkaltzera’).

Jakina, ez da pentsatu behar, horratik, osagarri izenlagun argumental guztiak direnik genitibozkoak. Ugariak dira -ko atzizkiaz eratuak ere: etxerako tresnak; autonomoentzako laguntzak; erortzeko arriskua; hori esateko lotsa, beharra

18.6.2d Aditz izenaren objektua absolutiboan nahiz genitiboan joan daiteke hizkera batzuetan (§ 18.2.5): Gauza ederra da euskara(ren) ikastea; Diamante bat(en) saltzera etorri natzaizu eta abar.

Objektuak zentzu orokorra eta zehaztugabea duenean, genitiboaren ordez, oinarri forma har dezake: Onddo biltzen ibili da. Adizkia jokatua denean genitiboak ez du lekurik: Gauza hauek (*gauza hauen) esaten ditu.

18.6.2e Hizkerako zenbait lokuziotan elipsia egiten dugu: Gurean (‘gure etxean’); Ez egin astoarena!; Ez egin gorrarena!; Beti tontoarena egiten; Kristorenak eman dizkio; Zureak egin du! eta abar. Badira esapide eta erranairu anitz gehiago: pozaren pozez; handiaren handiz; ikusiaren ikusiaz; hondarraren hondarrean; alderen alde; bururen buru… Eta harriduretan ere bai: Nire poza!; Ene dohakabea!; Ene galdua!

18.6.2f Postposizio askok genitiboa eskatzen dute: elizaren ondoan; uraren gainean; nire inguruan; denon aurrean; Andoniren ordez; eskutitz honen bitartez; liburu batzuen arabera; espainolen antzera; euskara batuaren alde eta kontra; azken gerraren ondotik; nire baitan… Kasu batzuetan postposizio itsatsia ken daiteke: ur gainean; mahai azpian; ohe azpian; ni baitan… Bizidunek beti behar dute marka hori, hala ere: Andoniren ondoan; nire gainean (*ni gainean)…

18.6.2g Genitiboaren marka hau beste postposizio batzuen morfologian ere ageri da: haurrarengatik; adiskideentzat; gizonarengan; zuregana; Andonirengandik… Batzuetan absolutiboa ere balia daiteke funtzio berean: Gabonak aurretik; diruagatik; nigan

18.6.2h Hitz eta predikatu konplexu batzuek genitibo hau eskatzen dute: beldur izan, lotsa izan, herabe izan, zain izan, beha egon, mende egon, bila ibili, xerka joan/ibili…: Dentistaren beldur gara; Zure zain gaude; Mikelen bila gatoz; Elkarren bete zeuden… Baina marka gabe ere: Etxe bila dabiltza; Diru eske etorri zitzaidan

18.6.2i Zenbait euskalkitan ‘bat edo beste, bat edo bat, zenbait…’ adierazteko, izen sintagma genitibo zehaztugabean doa, eskuinean bat edo batzuk hartzen dituela: Gazteren bat etorri da; Libururen batzuk erosiko ditugu. Egitura bera zenbakiekin erabiliz gero, kopuruaren gutxi gorabeheratasuna adieraz daiteke: Hogeiren bat urte ditu gure adiskide horrek (= ‘hogei bat’, ‘hogei inguru’); Hamabosten bat tona galdu dira (= ‘hamabost bat’, ‘hamabost inguru’); Baten bat etorri da (= ‘norbait’, ‘gutxi batzuk’). (Ikus 16. kapitulua: “Zenbatzaileak”).

18.6.2j Euskara zaharrean, postposizio honek -entzat postposizioaren balioa du: Hainbat gaiztoago zure (Hainbat gaiztoago zuretzat); Deabruen dela! (Deabruentzat izan dadila). Zenbait euskalkitan oraingoz mantentzen dira holako esamolde ihartu batzuk: Adio zuen! (Adio zuentzat, zuei); -Esker mila, -Ez da zeren! (Ez da zerentzat, zergatik).

18.6.2k Esan dezagun, azkenik, batzuetan ez dela batere erraza zehaztea zer den egokiago, -en edo -ko erabiltzea: etxeko teilatua edo etxearen teilatua? Beste batzuetan, esanahi desberdina dute batak eta besteak: elizaren isiltasuna ez da elizako isiltasuna; elizaren hormak eta elizako paretak; hamar euroren kafea eta hamar euroko kafea. Badirudi edukitzailea pertsona edo biziduna izanik, -en eskatzen duela: Andoniren bizitza. Postposizio askeekin ere -en erabiltzen da, eta ez -ko: etxearen aurrean. Aldiz, toki edo denbora bati dagokion delako erlazioa adierazi nahi bada, -ko maizago: etxeko giltzak; arratsaldeko autobusa. Baina beste kasu asko ilunagoak gertatzen dira (ikus -ko postposizioa § 21.8).

163 Ekialdean, zubereraz, errazago da artikulua ez erabiltzea: atributua denean (Gue aitá záhar da, ‘Gure aita zahar da’), multzo balioa duelarik (ógi badit, ‘ogi badut’), eta galderetan (ógi badéa? ‘ogi bada?’). Mendebaldean, berriz, askotan azentuak markatzen du artikulua: Nire semé da (nire semea da).

164 Gai hau Padillak (2013) aztertu du.

165 Batzuetan, hala ere, gauza kuriosoak gertatzen dira. Batzordeko kide batek mezu hau hartu zuen telefonoan: Ikusi duzu Madrilen atzo aitak 21 hilabeteko umea autoan ahaztu eta beroarekin hil dela? Jakina, interpretazio hedatuenean aita izango litzateke hil dena (Badakizu atzo aitak semea agurtu eta gaixotu dela?), baina esaldi horretan bistan da umea hil dela.

166 Parentesia darabilgu, zeren perpaus hori gramatikaltzat har liteke bere irakurketa inpertsonalean.

167 Jakina, euskara estandarrean arruntean erabiltzen ez badira ere, horrek ez du esan nahi Gure alabari txoratu egin zaio eta gisa horretakoek euskara batuan tokirik ez dutenik. Ikus Salaburu 1994 eta 2018.

168 Eta inoiz baita etikoak ere, baina hizkuntza erromanikoetan, gaztelaniaz adibidez, etikoei eman izan zaien estatus sintaktiko eta pragmatikoa kontuan hartuz, guk deitura nolabait neutroagoa hobetsi dugu oraingoan, etikoetatik ezberdindu nahian.

169 Jatorrizko bertsoak halaxe dio: Ez zaitez, ez zaitez / ez zaitez joan oraindik /. Ez zaitez, ez zaitez / urrun nigandik.

170 Fernándezek eta Sarasolak (2010) mintzagai honi buruz bereziki egindako lanean diote bi agerraldi hauek eta beste bat baino ez dituztela aurkitu, testu klasikoak eta EPG (Ereduzko Prosa Gaur) corpusa arakatu eta gero. Bazterrekoak baino gehiago dira, beraz.

171 Fernándezek eta Ortiz de Urbinak (2010) ez-gramatikaltzat jotzen dituzte holakoak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper