21.8.6a IS soila ere izan daiteke -ko postposizioaren osagarri. Hor ditugu bihotz oneko gizona modukoak ere, non [PS … bihotz on-e-KO] sintagma predikatu lanetan ari den. Bihotz ona duen mutila bihotz onekoa dela esango dugu. Honen ‘azpian’ ez dago inesiborik: Jonek bihotz ona du = Jon bihotz onekoa da. Horregatik, hein batean ‘bihotz oneko’ eta ‘on’ kategoria bereko izan daitezke, biak adjektiboak nolabait. Hortaz, -ko postposizioa izanik ere, adjektibo kategoriakotzat har liteke (Altube 1929: 274). Eta goiko sintagman kategoria markarik jarri ez badugu ere, honela beharko zukeen: [AdjS [DS bihotz on]-e-KO]. Gramatika honetan ere atzizki adjektibo-sortzailetzat hartu dugu mota horretako -ko (§ 5.6.3).
21.8.6b Horrenbestez, -ko postposizioa PSari ez ezik, zuzenean ISari itsasten ahal zaio (Trask 2003). Bihotz oneko gizona; etorkizun handiko proiektua… bezalakoetan ezin gara hasi inesiboaren bila: bihotz oneko mutila ez da *bihotz onean dagoen mutila, adibidez, bihotz ona duen mutila baizik. Hauetan [[Izena + Adjektibo] -KO] taxua aurkitzen dugu, gehienetan: bihotz oneko mutila; itxura txarreko arraina; etorri handiko hizlaria…
Hala ere, badira salbuespen batzuk, zeinetan ez den beharrezko adjektiboa esplizituki agertzea: {adineko/sasoiko/patxada(z)ko…} gizona; kalitate(z)ko gazta. Adjektiboaren arrastorik ez egon arren, denak ere balio positiboa duen adjektiboren bat eramango balute bezala interpretatzen dira: ‘adin handiko’, ‘sasoi oneko’, ‘patxada ederreko’, ‘kalitate handiko’ eta abar. Hauetan guztietan, ez dago -koren ezkerrean inolako PSrik. Predikazio bat dugu, subjektuaren ezaugarri batzuk jasotzen dituena: Mutil hori bihotz onekoa da eta Mutil horrek bihotz ona du perpausetan modu bertsuan erlazionaturik daude subjektua eta predikatua. Horregatik onartzen dute erlatibozko parafrasia: bihotz onekoa den mutila / bihotz ona duen mutila (§ 5.6) (Mitxelena 1972a; Goenaga 2003). Azken batean, egin beharreko lana eta egin behar den lana modu berean erlazionaturik daudela pentsatzeko eskubidea badugu.
21.8.6c Hortaz, bihotz oneko mutila edo jakituria handiko irakaslea sintagmetan ez daukagu inesiborik, ez bestelako PSrik, IS arrunta baizik. Etxe oneko eta etxe onean jaiotako sintagmen arteko kidetasuna argi dago. Bihotz oneko-ren kasuan, ordea, nekez hasiko gara *bihotz onean-ko moduko ezeren bila; izatekotan ere, bihotz ona duen edo.