Euskararen Gramatika

24. Aditza (II): atribuzioa eta predikazioa

24. Aditza (II): atribuzioa eta predikazioa

24.1. Sarrera

24.1a Predikatuaren ardatza aditza izan ohi da. Azpimarratutako elementuak, aditzak, bideratzen du predikazioa ondorengo adibideetan: Mendian elurra ikusi dut gaur; Iaz itsasontzian ibili nintzen; Sarrionandiaren liburu berria irakurri dut; Giltzak autoan ahaztu zitzaizkidan. Ikusi, ibili, irakurri eta ahaztu dira aurrekoetan predikazioaren gune nagusia; aditzaren bidez ematen da aditzera perpaus horietako ekintza edo gertakaria; subjektuari buruz esango denaren muina aditzak ematen du, eta aditz horren inguruan biltzen dira beste elementu batzuk (mendian, gaur, elurra, iaz, itsasontzian eta abar), subjektuari buruzko predikazioa osatuz. Horrela izan ohi da aditz gehienekin.

Beste kasu batzuetan, ordea, aditzek eduki semantiko hutsa edo oso murriztua dute, eta aditza ez den beste elementuren bat izaten da predikazioaren gune nagusia: June zoragarria zen; Zopa beroa zegoen; Eder dira txoriak mendian; Nire arreba triste dabil. Adibide horietan zoragarria, beroa, eder eta triste dira predikatu nagusiak; horien bidez ‘esaten da edo adierazten da’ zerbait subjektuari buruz: [June – zoragarria]; [zopa – beroa]; [txoriak – eder]; [nire arreba – triste]. Horixe da, hain zuzen ere, atribuzio erlazioa: perpauseko izen sintagma bati ezaugarriak egoztea, elementu horretaz propietateak edo egoerak predikatzea. Horrelakoetan izenki predikazioa edo atribuzioa dagoela esan ohi da gramatiketan. Aldiz, aurreko paragrafokoak bezalako adibideetan, adizki predikazioaz hitz egiten da211.

24.1b Aditzaren bitartez gauzatzen ez den predikazioari dagokionez, bi predikatu mota nagusi berezi ohi dira: lehen mailako predikatuak edo predikatu nagusiak, eta bigarren mailako predikatuak.

24.1c Lehen mailako izenki predikazioaren eredu modura aditz kopulatibodun (izan, egon) perpausak eman ohi dira: Lore hori polita da; Ez naiz musika zalea; Kezkatuta nago; Indabak ederrak zeuden; Kafea beroa dago. Esaldi horietako aditz nagusiak kopulatiboak dira (da, naiz, nago, zeuden, dago), eduki semantiko bat adieraztea baino areago predikatuaren eta subjektuaren arteko lotura bideratzea helburu dutenak. Flexioari dagozkionak adierazten dituzte (modua, denbora, aspektua, pertsona), baina, esan bezala, eduki semantikorik gabeak dira; ez dira subjektuaren predikatu. Predikatu nagusia, hain zuzen ere, azpimarratutako elementuak dira (polita, musika zalea, kezkatuta, ederrak, beroa); era honetako predikatu nagusiei gramatikaren tradizio batzuetan atributu ere deitzen zaie, eta nolakotasuna adierazten dute, modu zabalean, baina ez aditzaren osagarri bezala, subjektu bati dagokion predikatu gisa baizik.

Aditz kopulatiboez gain, badira beste aditz batzuk erabilera ‘arina’ izan dezaketenak, hau da, beren esanahi semantikoa galduta edo ahulduta zeregin kopulatiboa betetzen dutenak (ibili, gelditu, jarri, jarraitu…), eta, hortaz, semikopulatibo deitu daitezkeenak: Burumakur dabil jendea; Triste gelditu zen laguna; Langileek kezkatuta jarraitzen dute. Pentsa daiteke azpimarratutako elementuak esaldiaren predikatua direla eta aditzek subjektuarekiko lotura bideratzen dutela. Kopulatiboen pareko dira neurri batean semikopulatibook, baina, haien aldean, egoeraren aspektu bat iradokitzen dute zenbaitetan. Hala, Langileak kezkatuta daude esaldiaren aldean Langileek kezkatuta jarraitzen dute esaldiak egoera lehendik datorrela eta bere horretan dirauela ematen du aditzera212. Aditz hauen berezko esanahiaren eta erabilera semikopulatiboaren arteko aldea, berriz, honako esaldi hauek erakusten dute: Trena gero eta azkarrago dabil eta Jendea gero eta aztoratuagoa dabil; aurrenak aditzaren eduki semantiko betea gordetzen du (‘toki batetik bestera higitu’) eta ibilera fisikoa adierazten du; bigarrenak subjektuaren egoera bat ematen du aditzera. Beraz, hauetan ere predikatu nagusia azpimarratutako elementuak (burumakur, triste, kezkatuta) ematen du, eta atribuzio erlazioa dute dagokien subjektuarekiko.

24.1d Izenkien bidez bigarren mailako predikazioa ere gauzatu daiteke. Atalaren hasieran esan dugun bezala, esanahiaren aldetik aditz ‘osoak’ ditugunean, aditza izaten da predikazioaren gunea: Auto berria erosi dut; Auto berrian abiada bizian ibiltzen da Miren; Hondartzara joan naiz; Porru-patatak egin ditut; Oinetakoak lokatzetan zikindu zaizkit. Horrelakoak izan ohi dira adibide gehienak, eta mota honetako aditzez eta har ditzaketen osagarriez gramatika honetako beste atal batzuetan ematen da informazioa. Hala ere, predikatu nagusia aditza denean, batzuetan bigarren mailako predikazio bat ere azal daiteke: Triste joan naiz hondartzara; Ederrak egin ditut porru-patatak. Lehenengo adibidean predikazio nagusia [ni – joan] da, baina badago bigarren mailako predikazio bat ere [ni – triste]: triste elementua, nolabait esateko, aditzari eta subjektuari dagokie; nola joan den adierazten da, eta bereziki, subjektua zer egoeratan joan den; subjektuaz une horretako egoera predikatzean atribuzio erlaziora gatoz berriro. Berdin bigarren adibidean ere: predikazio nagusia [nik – egin] da, baina hor ere bada bigarren mailako predikazio bat [porru-patatak – ederrak]; porru-pataten amaierako egoera adierazten du ederrak elementuak. Adibide horietako triste eta ederrak elementuei bigarren mailako predikatuak edo osagarri predikatiboak deitzen zaie.

24.2. Aditzezkoak ez diren predikatuak

24.2a Eginkizun honetan —predikatu nagusi nahiz bigarren mailako predikatu— kategoria eta era askotako elementuak aurkitu ditzakegu. Perpauseko aditzaren nolakotasunek, eta oro har, egituraren ezaugarriek elementu batzuei edo besteei emango diete bidea.

24.2b Aditzezkoak ez diren predikatu askoren oinarrian adjektiboa egon ohi da. Adjektiboen bidez sarritan ezaugarriak eta propietateak adierazten dira, eta egokiak suertatzen dira subjektuei atributuak lotzeko eta, era horretan, subjektuei buruz predikatzeko: Angulak garestiegiak dira nire etxerako; Zerua urdina da; Nire txirrindua zaharra da; Labana hura oso zorrotza zen; Harrigarria gertatu zait zure erabakia. Adjektiboa artikuluarekin nahiz artikulurik gabe azal daiteke: Ederra izan da ikuskizuna; Eder dira txoriak kantuan. Jatorrian adjektiboak izan gabe, adjektiboen ezaugarriak dituzten beste zenbait elementu ere erabiltzen dira eginkizun honetarako: partizipioak, artikulua erantsita (nekatua aurkitu zaitut; bihotza erdibitua daukat) eta dagozkien osagarriak eramateko aukerarekin (eskuz eginak dira saski hauek; Moskun erosia da vodka hau); -ko postposizioa eta artikulua erantsiz adjektibo ezaugarrietara ekartzen diren elementu desberdinak (arazo hori egiturazkoa da; gurpil horiek elurretarakoak dira; ardo hau Errioxakoa da; eskuz egindakoak dira saski hauek; horrelakoa da nire autoa); -en genitiboa eta artikuluarekin osatzen direnak (nebarenak dira liburu horiek).

24.2c Oinarrian izena dutenak ere agertzen dira predikatu modura, baina gutxiago, eta ingurune sintaktiko eta semantiko zehatzagoetan. Gehienetan identifikaziozko egituretan azaltzen dira: Gure arriskua globalizazioa da. Hortik kanpora, oro har predikaziozko interpretaziorako bidea ematen duten izenekin errazago agertzen dira. Horrelakoen artean daude jarduera izenak, lanbideekin, karguekin edo zereginekin lotutako izenak (Miren medikua da; zu zuzendaria zara) edo erreferentzia zehatza ematea zailago duten izenak (urrunera ikusi genuena elurra zen). Izenarekin batera beste elementu batzuk ere ager daitezke, bereziki adjektiboa, eta sintagmari nahi adinako konplexutasuna eman: Nire laguna irakasle ona da; Lagun ona zaitut; Ni zure nagusia izango naiz. Hauez gain, aditz eta egitura jakin batzuetan, artikulurik gabeko izen soilak ere azaltzen dira predikatu gisa: Artzain joan zen Kaliforniara; Printzea igel bihurtu zen; Lehendakari hautatu dute; Ordezkari izendatu dute.

24.2d Adberbioek, bereziki moduzko adieratik hurbil daudenek, aukera ona ematen dute uneko egoerak adierazteko, eta sarritan aurkituko ditugu predikatu zereginean; bai predikatu nagusi modura (zuk esandakoa ondo dago; aspaldian gaizki dabiltza nekazariak), bai bigarren mailako predikatu gisa (isilik hartu ninduten taldeko kideek; ondoezik ikusi nuen osaba). Adberbio izaera hartzen dute, halaber, partizipioari -ta edo -ik erantsiz osatzen direnek, eta askotan aurkituko ditugu predikatu modura: Asperturik nago; Kezkatuta dabil Mikel.

24.2e Zenbait postposizio sintagma ere izan daitezke predikatu —nagusi edo bigarren mailako—; bereziki uneko egoerak adierazteko bidea ematen dutenak: Umore onean inguratu zitzaigun Josu; Guraso asko ezinean dabiltza; Kemenik gabe jarraitzen du Korok; Ez zaitut txapelarekin irudikatzen; Umore txarrez jarraitzen duzu; Pello ez dago bere onenean; Indar gutxirekin sumatzen zaitut. Aipamen berezia behar du prolatiboak: Agintariek inozotzat hartzen gaituzte; Semetzat hartu zuten Jon; Etxekotzat naukate familia horretakoek.

24.2f Mendeko perpausak ere ager daitezke predikatu modura: Zer egin ez dakiela dago Maddi; Arropak ondo lehortuta gorde behar dira; Alabaren jokabideaz gogaiturik sumatu nituen gurasoak; Adurra zeriola zegoen, maiteari begira; Ongi ikasiak ditugu arau guztiak.

24.3. Lehen mailako predikazioa

24.3.1. Adiera desberdinak egitura kopulatiboetan

24.3.1a Egitura kopulatiboetan esanahi edo harreman semantiko desberdinak adieraz daitezke, atributuaren eta subjektuaren artean dagoen erlazio semantiko eta gramatikalaren arabera. Izan aditzak adiera gehienak emateko aukera du; gainerako aditz eta egitura kopulatiboek aukera murritzagoak dituzte.

24.3.1b Izan aditzari dagokionez, batzuetan pertsonen edo gauzen ezaugarriak adierazten dira. Ezaugarri horiek izan daitezke propietate iraunkorrak edo berezkoak adierazten dituztenak (Tartalo begibakarra da; Mitxelena errenteriarra zen), eta orduan izaera mailako predikatuak deitu ohi zaie (izate horren iraupen aldi osoan egia izango direnak); izan daitezke, halaber, une, aldi edo egoera jakin bati dagozkion ezaugarriak (gaur goizean oso atsegina izan zara; Patxi hirugarren mailako ikasle da aurten), eta orduan egoera mailako predikatuak eratu. Guztiek ere egitura kopulatiboaren predikaziozko adiera azaltzen dute. Bereziki adjektiboekin edo adjektiboen gisako elementuekin aurkitzen ditugu horrelakoak: Jontxu gizena zen; Piper horiek minak dira; Aristoteles jakintsua zen; Beñat asko ikasia da; Polit dira lore horiek. Asko izaten dira horrelako adibideak. Adjektibodun izen sintagma osoa dutenek ere antzera jokatzen dute: Andoni gizon arduratsua da; Venezia hiri zoragarria da; Txindoki mendi dotorea da; Ainara lagun leiala zen. Ezaugarriak adierazten direla esaten da, halaber, atributu gisa lanbideak, karguak edo zereginak dituzten izenak ditugunean ere: Gaztetan sukaldari nintzen; Messi futbolaria da; Maddi medikua da. Izenekin errazago lortzen da izaera mailako irakurketa.

Beste batzuetan bi elementuren arteko identifikazioa edo berdintza adierazten da, egitura ekuatiboak osatuz. Har dezagun ondorengo adibidea: Arazo nagusia gurasoak dira. Artikulua daramaten bi izen sintagma azaltzen zaizkigu, eta ez da gurasoen ezaugarri bat edo propietate bat azaltzen, baizik eta arazo nagusia-ri erreferente zehatz bat ematen diogu (gurasoak), gainerako arazo posibleen artean (gizartea, lagunak, Internet eta abar) hautatuz, eta atributuarekin identifikatuz. Horrelako egituretan batzuetan zalantzak izan ditzakegu subjektua eta atributua zein diren erabakitzen; alegia, arazoa langabezia da adibidean, zein da subjektua? Auzi konplexua da, hizkuntzalaritzaren barnean eztabaidatua. Nolanahi ere, izenaren ezaugarri semantikoek —bereziki, erreferentzia ezartzeko gaitasunak— zeresan handia dute; ordenak eta intonazioak ere bai; eta askotan komunztadurak lagun diezaguke. Horrela, arazoa zu zara adibidea dugularik, garbi gelditzen da subjektua zu dela; nor da arazoa? galderaren erantzuna izango litzateke. Mota honetako identifikaziozko egituretan, batzuetan mendeko perpausa ere izan daiteke subjektua: arazoa da ez duzula entzuten (zein da arazoa?).

24.3.1c Zenbait kasutan, tartean elementu berak direla, bi irakurketak (ezaugarriak adieraztearena, eta identifikazioa bideratzen duena) dira posible. Adibidez, pentsa dezagun izan aditzaren bidez neska hori eta ekonomiako irakaslea lotzen ditugula. Ordena eta intonazio desberdinak erabil ditzakegu. Neska hori gure ekonomiako irakaslea da esaten badugu bi interpretazioak dira zilegi, baina ziurrenera errazago ulertuko dugu aipatzen den neskaren ezaugarri bat ematen dugula (ekonomiako irakasle izatea), subjektuaren lanbidea, kargua edo zeregina adieraziko bagenu bezala; eta atributua artikulurik gabe emango bagenu, adiera hori garbiago bideratuko litzateke, erreferentzia ezartzeko gaitasuna galduko bailuke: Neska hori ekonomiako irakasle da (‘zer da neska hori?’). Aldiz, Neska hori da ekonomiako irakaslea esaten badugu, bi elementuak identifikatzen dituen irakurketa gailenduko da (‘nor da ekonomiako irakaslea?’); berdin Ekonomiako irakaslea neska hori da esatean; eta sintagmaren datu gehiago ematen baditugu (hirugarren mailako ekonomiako irakaslea neska hori da), predikatu gisako irakurketa zailduko dugu, erreferentzia ezartzeko errazago utziz.

24.3.1d Egon aditza adiera kopulatiboan erabiltzen denean une edo egoera bati dagozkion predikatuak osatzen dira: Jon gaixo dago; Kafea beroa dago; Medikua urduri dago. Aipatu ditugun gainerako adieretarako (identifikazioa edo izaera mailako predikatuak) biderik ez du ematen egon aditz kopulatiboak (*Tartalo begibakarra zegoen; *Mitxelena errenteriarra zegoen), eta izenak azaltzen direnean artikulurik gabe agertzen dira (Izaskun tabernari dago Bergaran), egoera mailako predikatu gisa, une bati dagokion ezaugarria adieraziz.

24.3.1e Adiera lokatiboa duten elementuak ere sarri azaltzen dira izan eta egon aditzekin: Atzoko kaxak han daude/dira; Dirua mahai gainean dago/da; Josune ohean dago/da213. Gramatikari batzuek diote aurreko adibideak zentzu zabalean egitura kopulatibotzat hartu beharko genituzkeela, eta azpimarratutako tokizko elementuak atributuak direla; azken batean, lokatibo horien ordez bestelako adberbioak edo adjektiboak azalduko balira bezalako egituren aurrean gaudela: Atzoko kaxak puskatuak daude/dira; Dirua eskuragai dago/da; Josune gaixo dago/da. Egon eta izan lotura aditzak izanik, nahitaez eraman behar dute predikazioa gauzatzen lagunduko dien zerbait, eta goiko kasuetan, lokatiboaren bidez (han; mahai gainean; ohean) aseko litzateke eskakizun hori. Nolabait esateko, “predikatu lokatiboak” izango lirateke, aditzok bai baitute ‘kokapena’ edo nolabaiteko ‘iraupena’ adierazten duten elementuei bide emateko gaitasuna. Baina ohart gaitezen beste batzuetan lokatiboa ez dela predikatu nagusia: Hori ohikoa da Donostian; Triste nago Euskal Herrian. Adibide horietan predikatu nagusiak ohikoa eta triste izango lirateke, eta lokatiboak adjuntuak izango genituzke.

24.3.2. Aditz eta egitura kopulatiboak

24.3.2a Aditz kopulatibo nagusiak izan eta egon dira. Baina kontuan izan behar da erabilera kopulatiboaz gain badituztela kopulatiboak ez diren erabilerak ere; adibidez, erabilera existentziala: Bada hori egingo duenik; Arazo bat egon da goizeko saioan (ikus Zabala 1993), edo erabilera predikatibo arruntak: Gaur goizean Larrun mendian izan naiz. Bestalde, bi aditzok ez dira era berean erabiltzen euskararen lurralde osoan. Adiera batzuetan egon erabiltzen da Hegoaldean, eta izan Iparraldean. Adibidez, ‘egoera batean gertatu’ adierazi nahi denean, osagarri adjektibalekin, adberbialekin, edo lokuzioetan egon azalduko zaigu Hegoaldean: Busti(a) dago lurra; Ondo/gaizki nago; Sasoi oneko zaude; Sasoi onean zaude; Ziur al zaudete?… Eta Iparraldean adibide berak emateko izan aditzera jo ohi da: Ongi naiz; Bustia da lurra; Ziur al zara? eta abar. Bikoiztasun bera gertatzen da adiera existentzialekin ere: Badago/bada halakorik munduan; Arazo bat egon/izan da goizeko saioan; Bazeuden/baziren ikasle batzuk aretoan. Jakina, bi tradizioetako erabilerak onartzen dira euskara batu edo estandarrean. Eta horrek ez du esan nahi egon Iparraldean erabiltzen ez denik, egon erabilera orokorrekoa baita beste zenbait baliotan: ‘leku batean gertatu tarte batean’ (aste guztian egon da han); ‘egoera batean gertatu’, adjektiboari -(r)ik eransten zaionean (tristerik nago; bakarrik zeuden) eta negarrez, minez, lotan, zalantzan, gogoetan… bezalakoekin (negarrez dago oraindik ere; lotan dago haurra); partizipioekin, adiera erresultatiboan (okerturik dago; okertuta dago; okertua da(go)); aginteran (zaude hortxe!; egon zaitez geldi pixka batean). Baina hizkeren arteko desberdintasun horren ondorioz, balio kopulatiboari dagokionez, testuinguru sintaktiko berean batzuetan izan aditza aurkituko dugu Iparraldean eta Hegoaldean egon aditza.

Beraz, bi aditz hauen balio kopulatiboaz ari garelarik, kontuan izan beharreko puntu nagusia zera da: aditz bakoitza zer motatako predikatuak adierazteko erabiltzen den hizkera bakoitzean, eta egitura kopulatibo horietan parte hartzen duten elementuek zer eragin duten horretan. Bada kontuan izan beharreko bigarren auzi bat ere: hizkeraren eta esanahiaren arabera, atributuak artikulua hartzea noiz duen aukerako, noiz duen nahitaezko, edo noiz duen debekatua. Puntu horiek izan dira euskal gramatiketan gehiena aztertu direnak.

24.3.2b Bestalde, izan eta egon aditzez gain, euskarak badu egitura kopulatiboak beste era batean eratzeko modua: Kanpotarra zaitugu, dirudienez; Emaztea gaixo daukat. Lehena Kanpotarra zara esaldiaren pareko izango genuke, eta han bezalaxe kanpotarra atributu izango litzateke; desberdintasuna, adibide honetan badagoela guk bat, alokutibo izaerakoa. Bigarrena Nire emaztea gaixo dago esaldiaren pareko izango litzateke, genitiboaren ordez ergatibodun subjektuarekin. Baina bietan ere *edun eta eduki aditzak ez lirateke benetako predikatuak izango: loturazko aditzak lirateke, eta kanpotarra eta gaixo izango genituzke perpaus horietako predikatu nagusiak.

24.3.2c Hirugarren multzoa aditz semikopulatiboek osatzen dute. Sarreran esan dugun bezala, aditz batzuk (ibili, jarraitu, gelditu, jarri…) beren esanahi semantikoa galduta edo ahulduta erabiltzen ditugu tarteka, aditz kopulatiboen antzeko zeregina betez: Zuzendaria burumakur dabil aspaldian; Nire alabak gaixo jarraitzen du; Kezkatuta gelditu nintzen hori entzutean. Adibide horietako aditzek funtsean subjektuarekiko lotura bideratzen dute, eta horrez gain egoeraren aspektuari dagokion informazioa iradokitzen dute (iraupena, aldaketa…), baina aditz horien ohiko esanahi semantikoa (ibili: ‘higitze fisikoa’ eta abar) galdua dute. Burumakur, gaixo eta kezkatuta predikatu nagusiak dira hor, eta atribuzio erlazioa dute subjektuarekiko.

Nolanahi ere, ez da beti erraza zehazten aditz batek zenbateraino galdu duen bere esanahi semantikoa, edo zenbateraino eusten dion esanahi horren muin nagusiari; ñabardura eta xehetasun asko aurkituko ditugu aditzaren eta egitura bakoitzaren arabera, eta horien berri ematen saiatuko gara; batzuetan ez da argia lehen mailako predikazioaren aurrean gauden edo bigarren mailako predikazioaren eredura hurbildu garen. Hiru azpisail nagusitan emango ditugu era honetako egiturak, nagusiki Zabalari (2003) jarraituz: iritzi aditzak (Mikel azkartzat daukat; Jonek jatorra dirudi; Arriskutsua deritzot zure jarrerari; Lehortea bukatutzat eman dute), gertaera aditzak (Mikel gaixo dabil; Hori kaltegarria gertatuko zaigu; Berri horren aurrean kezkatuta agertu dira grebalariak) eta iraupen eta aldaketa aditzak (Anek lasai jarraitzen du; Jon gaizki geratu da; Miren pozik jarri da; Ura ardo bihurtu zuen).

24.3.3. Izan eta egon

24.3.3a Gramatiketan esan ohi da benetako aditz kopulatiboak izan eta egon direla: esanahi semantikoaren aldetik hutsak dira, eta subjektuaren eta predikatuaren arteko lotura bideratu besterik ez dute egiten, flexioari dagokion informazioa (denbora, aspektua, pertsona, modua) emanez; eta garrantzitsuena dena, ez dituzte beren subjektuak hautatzen, ez diete subjektuei murriztapenik ezartzen. Izan eta egon aditzak azaltzen diren perpaus kopulatiboetan atributuak hautatzen du subjektua, eta atributu-subjektu erlaziotik datoz murriztapenak. Begira diezaiegun honako bikote hauei: Miren bizkorra da; *Betaurrekoak bizkorrak dira; Josune lerdena da; *Liburua lerdena da; Leire goibel dago; *Txirrindua goibel dago. Adibide hauetan atributuak (bizkorra, lerdena, goibel) erabakitzen du ezaugarri batzuk dituzten subjektuak onargarriak izango direla, eta beste ezaugarri batzuk dituztenak ezin direla perpaus horren subjektu izan. Atributuaren eskakizunen arabera izaten da subjektua era batekoa edo bestekoa, eta horregatik esan ohi da perpaus kopulatiboetan predikazioaren ardatza atributua dela, ez aditza.

24.3.3b Izan eta egon aditzekin doazen predikatuek sarri -a eta -ak hartzen dituzte: Zopa hotza dago; Zaldi horiek dotoreak dira. Morfologiaren aldetik artikuluak, eta haien zeregina subjektuaren eta atributuaren arteko komunztadura markatzea dela dirudi214. Eta gorago esan dugun bezala, batzuetan aukerakoa da artikulua hartu edo ez hartu, beste batzuetan nahitaezkoa, eta zenbaitetan debekatua dago. Atributua artikuluarekin edo gabe azaltzea, hautatzen den lotura aditzari eta predikatuen izaera eta adierari lotua dago; eta hizkera guztietan gauzak ez dira berdin.

24.3.3.1. Izan

24.3.3.1a Lotura aditza izan bada, atributua adjektibo kategoriakoa denean, eskuarki artikuluarekin erabiltzen da: Jertse hori merkea da; Jertse horiek merkeak dira. Baina tradizioan batzuetan artikulurik gabe ere azaltzen da: Jertse hori merke da; Jertse horiek merke dira, bereziki ekialdean, eta antzina edonon: Ikusteko zen orduan mutiko horren zangoek, patarra gora on baziren, patarra behera zer balio zuten (J. B. Elizanburu); Egoki eta bidezko da, zuzen eta osasungarri, Zuri, Jaun guztiz ahaltsu horri […]; Arrunten atseginerako baizik egoki ez litzatekeena (Mirande). Egoera mailako predikatuak ditugunean hizkeren artean desberdintasunak daude: mendebaldean egon aditzera sarriago jotzen da (irakaslea lasai dago), eta ekialdean izan aditza eta artikulurik gabeko atributua dutenak (irakaslea lasai da) erabiltzen dira (Orbegozo et al. 2018). Atributu gisa azaltzen den adjektiboa egoera mailako predikatu modura interpretatzeko modukoa ez bada, beti artikuluarekin azalduko da: Elkano getariarra zen / *Elkano getariar zen; eta oro har, izaera mailako predikatuaren adiera lortu nahi dugunean artikuluarekin emango dugu: Josune urduria da; Nire alaba lasaia da. Aldiz, izaera mailako predikatutzat interpretatu ezin diren adjektiboak ditugunean, nahitaez artikulurik gabe azalduko dira: Hori ikusgai da; Hori eginkizun da, edo hizkerarik gehienetan egon aditzaz baliatuko gara: Hori ikusgai dago; Hori eginkizun dago. Atributua partizipioz osatua bada, espero bezala, artikulua eramaten du beti: Liburu hori oso ondo idatzia da; Arau horiek ondo pentsatuak dira; *Nekatuta/nekaturik naiz215.

24.3.3.1b Subjektua mendeko perpaus bat denean, eta atributu zereginean doan adjektiboa hari dagokionean, artikuluarekin nahiz gabe azal daiteke216: Gauza guztiak ongi egitea zail(a) da; On(a) da eskolatzea; Harrigarri(a) da zein nekez ikasten duten batzuek. Artikulurik gabeak ekialdean ugariagoak dira mendebaldean baino; eta oro har, artikulurik gabeek hizkera landuaren kutsua dutela dirudi, artikuludun formak baino ‘jasoagoak’ edo ‘ikasiagoak’ balira bezala.

Bestalde, badira zenbait adjektibo beti predikatu nagusitzat agertzen direnak eta inoiz ez izen sintagma baten barnean (gai, gauza, aiher, haizu, zilegi, sori, bide… eta beharbada komeni, ados eta akort ere hauen artean sartuko genituzke). Horrelakoak beti artikulurik gabe agertzen dira, eta beharbada aditz esapide modura sailka daitezke: Ez naiz gai zuk diozuna ulertzeko; Ezkontzaren haustea lege da, baina ez zilegi; Ados ginen geure asmo guztietan.

24.3.3.1c Adjektiboen ondoan zenbait osagarri ager daitezke, adjektiboaren esanahia nolabait osatuz. Osagarri hori askotan perpaus osoa izaten da; sarri -ko atzizkia daramana, baina inesiboan edo instrumentalean ere azal daiteke: Egin nahi duzun lana egiteko trebe da gizon hori; Perretxiko guztiak ez dira jateko onak izaten; Ez naiz zure arazoak konpontzeko gai217; Liburu hori ulertzen zail(a)/gaitz(a)/erraz(a)/neke da. Osagarria bestelako postposizio sintagma bat ere izan daiteke: Ez da apezetako on (Axular); Diruz aberats zen baina osasunez behartsu; Elizari hurbil dago Joxeren etxea; Piramideak ondoan zabal eta puntan mehar ziren (Axular).

24.3.3.1d Izan aditzarekin izenak ere joan daitezke atributu gisa, nahiz aukera mugatuagoa den: askotan jarduera adierazten duten izenak (lanbideak, karguak, zereginak eta abar) azaltzen dira, eta oro har, zerbait orokorra adierazi eta adjektibo modura edo interpreta daitezkeenak. Predikaziozko adiera duen egitura bada, atributua artikuluarekin nahiz gabe ager daiteke (Miren irakaslea da / Miren irakasle da), nahiz ziurrenera artikuludun adibidea izaera mailako predikatutzat hartzeko joera izango dugun (Mirenen ezaugarri iraunkor bat), eta artikulu gabea egoera mailakotzat (Mirenek betetzen duen zeregin bat). Adibide horretan bertan irakasle izate hori aldi bateko eginkizuntzat mugatzen badugu —izenlagun baten bidez, edo perpausean irakurketa horretara eramango gaituzten beste elementu batzuk erantsiz— (Iñaki euskarako irakasle da Lekeitioko ikastolan), artikulurik gabe errazago emango dugu, ‘irakasle ari da’ esan nahi bagenu bezala; aldiz, irakasle izenari adjektibo bat eransten badiogu (Iñaki irakasle zorrotza da), artikulu eta guzti emango dugu, Iñakiren berezko ezaugarri iraunkor bat adierazi nahian bezala. Hona jarraian atributu zereginean artikulurik gabeko izena dakarten adibide batzuk, Agirre Asteasukoarenetik bilduak: Ni naiz testigu, eta […] ni nerau naiz juez; Ez nekien bekatu zirela; Zeru horiek jaunaren bizilekuaren atari besterik ez dira; Zen […] lurreko gauza guztien jaun eta jabe.

Bestalde, izan aditza eta izenak erabiliz identifikazioa adierazi nahi badugu, bi elementuak berdindu eta egitura ekuatiboa sortuz, artikuludun adibideak erabiliko ditugu: Arazoa gurasoak dira; Donostia Gipuzkoako hiriburua da; Andoni atzo ikusi genuen mutila da; Gure irakaslea Marta da.

24.3.3.1e Izen batzuek (egia, gezurra eta abar) onartzen dute subjektua mendeko perpausa izatea: Egia al da inoiz zizparekin irten eta ia garbitu zintuela? (X. Amuriza); Gezurra da Frantziako erregea urzalea dela. Horrelakoetan izena artikuluarekin azaltzen da (de Rijk 2008: 452-454).

24.3.3.1f Zenbait izen adjektibo modura erabiltzen ahal ditugu: beldur, gose, haserre, ahalke, lotsa, ikara, egarri, hotz, bero… Oro har, inoren egoera, barnekoa nahiz kanpokoa, adierazten duten izen adjektibatuak izango lirateke, eta atributu modura ematean artikulurik gabe azaltzen dira: Nire txakurra gose zen; Haserre da gure mutila; Ahalke naiz zuk diozuna egiteko. Baina kontuan izan behar da atributu modura izen gutxi batzuk bakarrik ager daitezkeela, eta gehienak debekaturik daudela (*hori liburu da), identifikaziozko adieran edo definizioetan ez bada.

24.3.3.2. Egon

24.3.3.2a Egon lotura aditza testuinguru gehiagotan erabiltzen da Hegoaldean Iparraldean baino (§ 24.3.2). Sarri adjektiboekin joaten da, eta adjektibo askorekin artikuluarekin (kafea beroa dago; Miren gaztea dago; gizena zaude; zerua beltza dago) nahiz artikulurik gabe (kafea bero dago; Miren gazte dago; gizen zaude; zerua beltz dago) ager daiteke. EIMAren arabera, “Tradizio biak dabiltza lehian. Eredu zaharra mugagabearen aldekoa da, nahiz eta erdialdeko euskalkietako oraingo erabileran mugatua erabat nagusitu” (Kalko Okerrak, 28). Nolanahi ere, zenbait adjektiborekin aukera bakarra artikulurik gabea da: Josune urduri dago; Ikaslea lasai dago azterketaren aurrean; Aitona gaixo dago. Bestalde, izenak agertzen direnean aukera bakarra artikulurik gabeko adibideak dira: Neskame egon zen hiru urtez Iñaxi; Iñaki irakasle dago ikastolan; Miren zuzendari dago Petronorren.

24.3.3.2b Kasu berezi bat beldurrak egon, goseak/egarriak egon, hotzak/beroak egon, minak egon; txizagurak egon bezalakoek dakarte: Bero harekin egarriak geunden guztiok; Minak egotea azkenekoa da. Atributu modura izen bat doa, eta morfologikoki ergatibo singularrean azaltzen da; berdin dio subjektua pluralekoa den edo ez (ni hotzak nago; gu hotzak gaude). Egoera psikologikoak edo fisikoak adierazten dituzten predikatuak izaten dira, eta interpretazioaren aldetik egoera mailako predikazioa adierazten dute. Nolanahi ere, molde hau une honetan ez da guztiz emankorra ez erregularra: hitz gutxi batzuetara mugatzen da, eta teorian antzeko ezaugarriak lituzketen beste batzuekin ez da erabiltzen (*tristurak nago; *penak nago; *gorrotoak nago); are gutxiago egoera ‘positiboak’ adierazten dituztenekin (*maitasunak nago; *pozak nago).

24.3.3.2c Adberbioak ere sarri agertzen dira era honetako predikazio egituretan: Haurra isilik dago; Amona gaixorik dago; Gustura nago zurekin; Gezurra esatea ez dago ondo; Pozik nago. Guztiak ere egoera mailako predikatu gisa interpretatzen dira. Baina nabarmendu behar da adberbiodun egiturak izan loturazko aditzarekin ere ager daitezkeela, nahiz aukerak murritzagoak diren: Etxean ondo gara; Gustura izango zara?; Gure amona ondo da; Oporrak hurbil direlarik, haurrak pozik izango dira218.

24.3.3.2d Adberbioak bezala, postposizio sintagmak ere aurkituko ditugu: Haurra negarrez dago; Umore onean dago gaur amona; Adorerik gabe nago; Izeba buruko minez dago aspaldian; Gure gizartea noraezean dago.

24.3.3.2e Egon aditz kopulatiboarekin sarritan agertzen dira oinarrian partizipioa duten egiturak, -tuta eta -turik formak hartuz: Aspertuta nago; Korrikaldiaren ondoren nekaturik nago; Lotsaturik zegoen; Gizartearen norabideaz kezkatuta gaude. Baina partizipiodun adibide hauek berak artikuluarekin ere eman daitezke, -tua forman: Aspertua nago; Nekatua nago; Lotsatua zegoen; Kezkatuak gaude.

24.3.3.2f Adberbioa/PS/adjektiboa + egon aditzarekin osatutako egitura batzuetan predikatu konplexuen eta egitura predikatiboen arteko muga ez da beti argia izaten. Horrela, argi egon (argi dago gai hau labainkorra dela) edo garbi egon (garbi dago ez duzula lanik egin) predikatu konplexutzat hartu beharko lirateke (§ 23.2.1.3.5). Baina adi egon (Josune adi egoten da klasean; gobernua adi dago, zer gertatuko), oker egon (oker daude arazoa erraz konponduko dela diotenak) edo zain egon (erantzunaren zain daude langileak) gertuago daude predikazio egituren ezaugarrietatik. Gauza bera gertatzen da oinarritzat beste aditz batzuk hartuz inoiz predikatu konplexutzat hartu izan diren zenbait egiturarekin ere (adi ibili, argi ibili, bila ibili, eske ibili, eske etorri, oker ibili eta abar): adjektiboa edo adberbioa subjektuaz predikatzen den ezaugarritzat har daiteke.

24.3.3.2g Badira, azkenik, zenbait esapide, atribuziozkotzat hartu beharrekoak, eta egon eta izan aditzekin eta mugagabean joan ohi den predikatu batekin sortzen direnak (on izan, libre izan, hobe izan, berdin izan, neke izan, harrigarri/harritzeko izan, zail izan, zilegi izan, bare egon, hotz egon eta abar): Eta on zatekeiela, gauza hunetzaz liburu baten, euskaraz, guztiz ere euskararik baizen etziakitenentzat, egitea (Axular); Jaio naiz libre izateko, eta ez loturik egoteko; Itsasoa bare dago; Gaur hotz dago; Zilegi da soldata igoera nahi izatea. Nolanahi ere, hauen arteko batzuk artikuluarekin ere azal daitezke: artikulurik gabeko moldea Iparraldean eta Nafarroako ekialdean (izan) da erabiliagoa, eta artikulua daraman formak baino molde jasoagoaren, landuagoaren itxura du. Mendebaldean, maizago erabili izan dira eta erabiltzen dira mugatzailedunak.

24.3.4. Ukan eta eduki erabiliz osatutako egitura kopulatiboak

24.3.4a Egitura kopulatiboak gehienetan izan eta egon aditz intrantsitiboekin gauzatzen dira. Baina euskaraz bada aukera ukan eta eduki aditz trantsitiboekin egitura kopulatiboak osatzeko eta predikatuaren eta subjektuaren arteko lotura bideratzeko, zenbaitetan egitatezko lotura dena eta beste batzuetan psikologikoa-edo baizik ez: Urte erdia joana dugu; Berri hori nik asmatua duzu; Oheak eginda/eginak dauzkagu; Asperturik dauzkazu lagunak; Emaztea triste dut/daukat; Lan handiak dituzu horiek. Formaz badirudi bigarren mailako predikazioa dagoela esaldi horietan, hau da, objektuari begirako osagarri predikatiboak direla azpimarratutako sintagmak —guk subjektua, lehen adibidean, urte erdia objektua, eta joana azken honi begirako osagarri predikatiboa—, baina, funtsean, horietako aditz nagusiek ere eduki semantiko jakin bat adierazi baino areago subjektu-predikatuen arteko lotura bideratzea dute helburu; hots, balio kopulatiboa dute. Lehenbizikoa, esate baterako, Urte erdia joana da esaldiaren parekoa da; eta Oheak eginda/eginak daude esan nahi du hirugarren adibideko esaldiak. Esaldi kopulatibo horien eta eduki aditzaren esanahia gordetzen dutenen aldea ikus daiteke, aurreko adibidekoak honako beste honekin alderatuta: Diru asko daukate horiek iruzurrez beretua; eduki aditzak bere esanahia gordea du azken honetan, eta iruzurrez beretua predikatua diru asko objektuari begirako osagarri predikatiboa da, bigarren mailako predikatua.

24.3.4b Bi molde edo jatorritakoak izan daitezke egitura hauek. Batetik, nolabaiteko alokutibotasunaren esparruko adibideak ditugu: Herri hori Hondarribia dugu; Aitor legazpiarra dugu; Liburu hori nik idatzia duzu; Nolakoa dugu hori?; Horretan Don Abraham ez duzu bat ere zeken (Labaien). Subjektu gramatikal gisa azaltzen diren zu eta gu horiek alokutiboari dagozkio, ez dira benetan aditzak eskatutako argumentuak: lehenengo adibidean, ez da esan nahi ‘guk zerbait dugula’, ezta bigarrenean ‘guk Aitor dugula’ ere; adibide hauetako *edun aditza ez da bere ohiko esanahiarekin azaltzen, baizik eta lotura aditz gisa, absolutiboan doan ‘objektua’ eta dagokion predikatua lotuz. Eta alokutiboarekin lotura duten guztietan bezala, elkarrizketetan erabiltzen dira gehiena horrelakoak, eta ‘subjektua’ ezin da 3. pertsonakoa izan. Balioari dagokionez, lehen adibidean identifikazioa bideratzen da [herri hori – Hondarribia], egitura ekuatiboa sortuz; bigarrenean [Aitor – legazpiarra] eta hirugarrenean [liburu hori – nik idatzia] ezaugarriak ematen dira aditzera, interpretazio predikatiboarekin.

24.3.4c Beste aldetik, genitiboaren balioko edo ordezko moldearen arabera sortutakoak ditugu: Josu anaia dut; Ane nagusia dugu lantokian; Horko hori dut autoa; Eskuak bero ditut; Txirrinduko gurpila zulatua duzu; Andrea leitzarra du (Uztapide); Izpiritua goibel du eta bihotza ere (Hiribarren). Hauen parekoak genituzke: Josu nire anaia da; Ane gure nagusia da lantokian; Horko hori nire autoa da; Nire eskuak bero daude; Zure txirrinduko gurpila zulatua dago eta abar. Euskarak bai baitu aukera jabetza genitiboaren bidez ez ezik, aditzaren argumentu egituraren bidez adierazteko. Alegia, *edun edo eduki duten adibideetako subjektua, izan eta egon duten adibideetan azaltzen den genitiboaren pareko da; eta alokutiboarekin lotutakoetan ez bezala, ez dago debekurik subjektu —edo genitibo— izan daitezkeen pertsonen aldetik. Eta berriro ere *edun eta eduki —azken hau mendebaldean— ez dira beren ohiko eduki semantikoarekin azaltzen: Eskuak bero ditut esaten dugunean, ez dugu adierazi nahi ‘zerbait dugula’; edo Txirrinduko gurpila zulatua dut diogunean, ez dugu esan nahi ‘txirrinduko gurpila dudala’; lotura aditzak dira hauetan *edun eta eduki, eta ‘objektu’ modura absolutiboan doan elementuari buruzko lehen mailako predikazioa bideratzen dute: [eskuak – bero] eta [gurpila – zulatuta]. Predikatu nagusia ager daiteke artikuluarekin edo artikulurik gabe, aurreko ataltxoetan azaldu diren joerei eta baldintzei jarraituz.

Gauzatzen den predikazioren balioari dagokionez, aukera guztiak ditugu: identifikazioa adierazi, edo predikazioa adierazi (bai izaera mailakoa, bai egoera mailakoa). Nolanahi ere, argumentu egituraren bidez ezin dira eman genitiboarekin adierazi daitezkeen jabetza mota guztiak219. Argumentu egituraren bidez emateko, izaera mailako predikazioa dagoenean, jabetzak oinarrizkoa (eskuak bero ditut/dauzkat) edo ‘mundu pertsonalekoa’ izan behar du, zentzu zabalean: familia harremanak (Peru eta Maren lehengusu(ak) ditugu), harreman pertsonalak (Asier lagun(a) duzu, ezta?), lanbideari lotuak (Elena lankide(a) dut), familiaren objektuak (horko hori dugu autoa; ohea bero dut/daukat), osotasuna/zatia harremana dutenak (aretoak hori du larrialdietarako irteera).

24.3.4d Beste batzuetan zehazten erraza ez den nolabaiteko “lotura” egoten da azpian. Begira honako adibide hauei: Hurbil duzu; Itsasoa urrun daukat; Hotel hori garestiegia dugu. Lehen adibidearen parean legoke ‘hurbil da/dago zugandik’; bigarrenean ere ‘nigandik’ edo ‘ni bizi naizen lekutik’ egongo litzateke parean; hirugarrenaren adiera berekoa genuke Hotel hori garestiegia da guretzat.

24.3.4e *edun eta eduki aditzak erabiliz osatzen diren egitura kopulatiboetan, predikatua partizipioaren gainean eraikitako mendeko perpausa ere izan daiteke: Mende erdia joana dugu; Begiak nahigabez lausotuak ditut; Lanak amaituak al dituzu?; Autoa konpondua dut; Bihotza nahigabetuta daukagu; Kontu horiek lehen ere entzunak dauzkat; Eskuak izoztuta zeuzkan. Horrelakoetan kasuistika zabala aurki dezakegu azal daitezkeen elementuei, komunztadurari edo interpretazioei dagokienez (ikus de Rijk 2008: 677-681).

24.3.5. Aditz eta egitura semikopulatiboak

24.3.5.1. Askotariko aditz eta egiturak

24.3.5.1a Multzo zabal eta heterogeneo honetan askotariko aditzak eta egiturak biltzen dira. Guztiek ere komunean dute aditzak bere eduki semantikoa neurri handian galdua duela, edo ohiko esanahitik bestelakoa den adiera batean erabiltzen dela; batzuetan aspektuari buruzko informazioaz gain gutxi gehiago eskaintzen dute (Josuk triste jarraitzen du), baina beste batzuetan nolabaiteko nozio semantiko orokorrak ere adierazten dira (iritzia, aldaketa eta abar). Guztietan ere izenki predikatua nahitaezko elementua da, eta hura gabe adibideak okerrak izaten dira edo aditzari beste adiera bat ematen diogu. Predikatu nagusi gisa jokatzen duen izenki predikatu hori marka desberdinez hornitua joan daiteke (absolutiboa, prolatiboa), eta dagokion subjektuak ere marka desberdinak har ditzake perpausean (absolutiboa, ergatiboa, datiboa), egitura semikopulatibo deitu ditugun hauen artean molde desberdinak eratuz.

24.3.5.1b Nolabait esateko, erromatarrak garaiezintzat hartzen zituzten edo denboraldia amaitutzat eman dute esaten dugunean, hartu eta eman aditzak beren ohiko adieratik urrunduta azaltzen zaizkigu; zerikusi gutxi dute zapatak hartu ditugu edo dirua eman digute adibideetako hartu eta eman aditzekin; eta egitura kopulatiboetara hurbiltzen dituen adiera berezi hori prolatiboa hartzen dutenean bakarrik izaten dugu; prolatiborik gabe adibide horiek okerrak izango genituzke, edo beste esanahi bat izango lukete hartu eta eman aditzek. Baina eduki semantikoari dagokionez, sarreran semikopulatiboen sailean aurkeztu ditugun ibili (Nekane triste dabil) edo jarraitu (Josuk gaixo jarraitzen du) bezalako aditzetatik aldenduz, aspektuari buruzko alderdiak (egoeraren hasiera edo aldaketa, iraupena edo amaiera) baino askoz ‘eduki’ gehiago ematen dute: ‘norbaiti buruzko X iritzia, ustea edo irudipena izan’ edo horrelako zerbait adierazten dute, eta alde horretatik, bigarren mailako predikaziora hurbiltzen dira. Honetan, bada, multzoaren heterogeneotasuna. Eta egoera horrek izan du isla egitura hauen berri emateko egin diren azterketetan: gramatikariek sailkapen desberdinak proposatu izan dituzte, eta guztiek ez dute lehen eta bigarren mailako predikazioa bereizten duen marra leku berean jarri (Zabala 1993; Demonte eta Masullo 1999; Zabala 2003; RAE 2010); batzuek irizpide batzuei eman diete lehentasuna, eta besteek bestelako irizpideen arabera egin dute banaketa.

Era honetako egiturak eta aditzak aurkezteko unean Zabalaren (2003) sailkapenari jarraituko diogu nagusiki, eta garrantzi handiagoa emango diogu egitura bakoitzaren ezaugarriak deskribatzeari, sailkapen jakin bat edo beste proposatzeari baino.

24.3.5.2. Iritzi aditzak

24.3.5.2a Predikazioaren subjektuak daraman markaren arabera, hiru sail nagusi bereiziko ditugu.

Batzuetan izenki predikazioaren subjektua absolutiboan azaltzen da, eta predikatu nagusiak -tzat prolatibo marka eramaten du: Guk Ane futbolari saiatutzat daukagu. Alegia: perpausaren subjektua ergatiboan doa (guk); predikatu nagusiak -tzat marka darama (futbolari saiatutzat); predikatuaren subjektua absolutiboan doa eta perpausaren osagarri zuzena da (Ane). Egitura hauetan, egia direlako aurre suposiziorik gabe predikatzen diren ustezko atribuzioak azaltzen dira; aurreko adibidean Aneri ‘futbolari saiatuaren’ ezaugarria egozten diogu, baina ez dago egia delako aurre suposiziorik. Molde hori agertzen dute hartu, eduki, jo eta eman aditzek, adiera hau dutenean (‘x direla pentsatu’, ‘x ezaugarria egotzi’). Nabarmena da, beraz, egitura hauetako aditzek ‘aspektuari buruzko informazioa’ baino askoz gehiago ematen dutela. Gramatika lan batzuetan (Demonte eta Masullo 1999; RAE 2010) horrelakoen parekoak bigarren mailako predikazioaren barnean sartu ohi dira.

Hartu, eduki, jo eta ukan aditzekin izaera mailako nahiz egoera mailako predikatuak ager daitezke. Askotan izaeraren ezaugarriak edo ezaugarri iraunkorrak adierazten dituzten adjektiboak azaltzen dira predikatu gisa, baina izenak, izen sintagmak eta partizipioak ere azal daitezke. Hona zenbait adibide: Hartu: Arerioak inozotzat hartzea arriskutsua da; Ez ezazu zeure burua hain jakintsutzat hartu; Euskal Herriko kantarien lana patxangatzat hartzen zen (Berria); Hasieran dantzarisatzat hartu nuen, gero cocotte-tzat (J. A. Arrieta); Gaizkiletzat hartu ninduten poliziek220. Eduki: Informatikariak azkartzat dauzkagu; Ane emakume umiltzat daukagu; Jon ez neukan langiletzat, baina konturatu naiz oker nengoela; Ezin zuen ulertu berak trapuzartzat zeukana inoren maindire izan zitekeenik (Lertxundi); Beren burua objektu literario hutstzat daukate (Arkotxa). Jo: Kaletarrek sarritan jo izan dituzte baserritarrak tontotzat; Euskalduntzat jo nuen gizon hura hasieran; Partida dagoeneko galdutzat jo dugu; Turkiarra ez balitz, ez zenuke erruduntzat joko (Goenkale). Ukan: Hark gu ezdeustzat gintuen; Beren burua kale borrokalaritzat zuten (Berria); Jende askok eta askok gazte bihurri gutxi batzuen ghettotzat zuen Gaztetxea (Berria); Nazioarteak erakunde palestinarra talde terroristatzat duen arren, ez da hala Errusiarentzat (Berria).

Eman aditzarekin -tzat postposizioa gehienetan partizipioari eransten zaio: Krisia amaitutzat eman zuen gobernuak; Zure zorra kitatutzat ematen dut; Zumaia jaitsitzat ematen dute urtero garai honetan arraun munduan (Berria). Baina bestelako elementuekin ere ager daiteke: Ontzat ematen dugu zure iritzia; Bere arimaz grinatzen ez dena emazu zorotzat (Lafitte); Euskal nortasun agiria baliagarritzat eman dezala eskatu dio BBKri (Argia). Bada aurrekoekiko (hartu, eduki, jo) desberdintasun bat: eman duten adibideetan subjektuaren nolabaiteko borondatea azaltzen da, eta subjektu horrek asmo osoz ezartzen dizkio ezaugarri batzuk perpausaren objektuari —lehen mailako predikatuaren subjektuari—. Alegia, lehenengo adibidean (Krisia amaitutzat eman zuen gobernuak), ulertzen da gobernua dela krisia amaitutzat ematea erabaki duena, krisiari ezaugarri hori ezartzen diona, edo ezarri nahi diona. Eta horren ondorioz, eman aditzarekin azaltzen diren predikatuek semantikoki ezaugarri horrekin bateragarriak izan behar dute; adibidez, ezin dira esan *Jon tristetzat eman dugu edo *Ane futbolari saiatutzat eman dugu, ‘triste izatea’ edo ‘futbolari saiatua izatea’ ez baitira subjektu batek nolabaiteko borondatez ezartzeko moduko ezaugarriak; aldiz, ‘zerbait amaitutzat ematea’ bada era horretako ezaugarria.

24.3.5.2b Iritzi aditzekin beste batzuetan predikazioaren subjektua ergatiboan azaldu ohi da. Hori gertatzen da, adibidez, iruditu aditzaren erabilera sintetikoan (dirudi), iduri du, ematen du, iritzi (deritzo…) aditzekin221. Iruditu forma sintetikoan doanean subjektua ergatiboan azaltzen da, eta hari buruzkoa izaten da predikazioa (erizain horrek atsegina dirudi). Lehen mailako predikatuari dagokionez aukera desberdinak daude, baina gehienetan izen sintagmak edo perpausak izaten dira. Predikatua izen sintagma denean osaera desberdinak aurkituko ditugu, eta hizkera gehienetan artikuluarekin eta subjektuarekin komunztadura eginez azaltzen dira, baina ez beti. Mendeko perpausen artean, -ela menderagailua daramatenak dira ohikoenak. Hona adibide batzuk: Lan horrek ez dirudi oso zaila; Leirek neska zoragarria zirudien; Gizon horiek gaizkileak dirudite; Bekatoreak ere kanpotik dirudi alegera (Axular); Zuk zintzoa zarela dirudizu; Zail dirudi horrek; Aberatsa dirudizu; Aberatsa zarela dirudizu.

Molde berari jarraitzen diote iduri du motako adibideek, eta nagusiki ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira: Arbolen adarrek hilak iduri zuten; Zezen bat iduri duen behia (Euskaltzaindiaren Hiztegia); Xede horiek frango onak iduri dute (Herria); Ez zuen iduri hain bero (Herria); Auzapezak ere arras deliberatua irudi du (Herria); Europak iduri du arras osagarri onean dagoela (Herria); Iduri zuen hastean baino hobeki zegoela (Herria); Iduri luke azken gertakari ilunetarik landa, gauzak oraino okerrago diren! (Herria). Predikatu gisa izen sintagmak ditugunean artikulurik gabe agertzea da ohikoena222.

Eman aditzarekin osatzen direnetan -tzen aspektu marka erantsi ohi da beti (ematen du), eta gehiago agertzen da mendebaldeko testuetan: Neska bizkorra ematen du Maialenek; Mutil hark Josu ematen du (‘Josuren itxura du’); Kanpotarra ematen duzu; Hiltegira daramaten txekorra ematen dut (Alonso); Aldagaitza ematen zuen esaerak, bat-batean, beste interpretazio bat eskaintzen du (Alonso); Ez ditut inondik ezagutzen, baina oso jatorrak ematen dute (Arretxe); Etxe Zuriak oso gauza gutxi ematen zuen kanpotik (Cano); Baldarrago ematen zuten orain (Epaltza); Arinegi joan dela ematen du kontu horrek (Herria); Bere lana artoski eremaki duela ematen du (Herria).

24.3.5.2c Iritzi aditza forma sintetikoan (deritzot, deritzozu…) agertzen denean, predikazioaren subjektua datiboan joaten da, eta predikatu nagusia artikuluarekin nahiz artikulurik gabe ager daiteke (txalogarri(a) deritzot iruzurra salatu dutenen jarrerari), edo adberbioa izan daiteke (gaizki deritzot zure erabakiari). Hona adibide batzuk: Fenomeno horri lotsagarri deritzat (Argia); Familien biltzerako DNA azterketa legeari ongi deritzot (Borda); Aspergarria deritzot hainbat gairi buruz hitz egiteari edo idazteari (J. L. Zabala); Bidezko deritzot dagoeneko esateari: hegazkin frantsesa zen. (J. A. Arrieta).

24.3.5.3. Gertaera aditzak

24.3.5.3a Gertaera aditzek denboraren aldetik hasiera eta amaiera jakina izaten dute. Gutxi batzuk (ibili, azaldu, agertu, gertatu…) egitura semikopulatiboetan azal daitezke, betiere egoera mailako predikatuekin.

Gertaera aditzen artean, ibili aditza da adiera semikopulatiboarekin sarriena erabiltzen dena, eta predikatu nagusiaren kategoriari dagokionez aukera gehiena ematen dituena: Gaixo/urduri dabil Manex; Naroa artzain ibili zen Idahon; Seme-alabekin ezinean gabiltza; Nekaturik/etsita ibili naiz; Nora joan ez dakiela dabil Maria. Ohart gaitezen artikuludun atributurik ez dela agertzen. Oro har izenki predikatuak egon aditzarekin azaltzen direnen antzekoak izaten dira, eta egoera mailako predikatu modura interpretatzen dira (*Jon beltzaran dabil); baina aspektuaren eta edukiaren aldetiko desberdintasunengatik, zenbait ezaugarritan egon aditzetik desberdin jokatzen du: subjektuek nolabaiteko egiletasuna edo esperimentatzailetasuna azaltzeko modukoak izan behar dute, ‘bizidun ezaugarri hedatu bat’ izan lezaketenak (alaba aspaldian burumakur dabil; gure enpresa aspaldian ez dabil ondo; *liburua aspaldian ez dabil ondo; *aulkia apurtuta dabil), eta izenki predikatuaren subjektuak ezin du ‘gai’ paper tematikoa izan (*Jon lodi dabil).

24.3.5.3b Azaldu, agertu, ageri, gertatu eta suertatu aditzek ere ibili-ren oso antzeko ezaugarriak azaltzen dituzte, eta sarritan egon aditza erabiltzen den testuinguru beretan agertzen dira, baina askoz predikatu gutxiagorekin aurkitzen ditugu. Hona agertu eta azaldu aditzekin osatutako egitura semikopulatibo batzuk: Langileak haserre agertu dira soldata murrizketen aurrean; Ikasleak proiektu horrekin interesaturik azaldu dira; Edozertan laguntzeko prest azaldu naiz, baina ez didate kasurik egin. Hauen nahiko parekoak dira ‘langileak haserre egotea’, ‘ikasleak proiektuarekin interesaturik egotea’ edo ‘edozertan laguntzeko prest egotea’, baina azaldu eta agertu aditzak erabiltzean, une bateko jarduera modura azaltzen ditugu, ekintza kutsu handiagoz; ibili aditzarekin, aldiz, izenki predikatuak adierazten duen ezaugarria une jakin bateko jarduera baino areago, denboran luzatzen ari den egoera modura aurkezten da.

Gertatu eta suertatu aditzek da edo zaio erako laguntzailea izaten dute, eta predikatuak artikuluarekin nahiz artikulurik gabe ager daitezke: Hori kaltegarria gertatuko zaigu; Uste baino zailagoa suertatuko zaigu; Batzuetan ahaleginak ustelak suertatzen dira; Zure laguntza nahitaezko gertatu zitzaigun arazoa konpontzeko. Hauen hurbilekoak dira ‘hori kaltegarria izatea’, ‘uste baino zailagoa izatea’ edo ‘ahaleginak ustelak izatea’. Baina gertatu eta suertatu aditzekin une bateko gertakaritzat aurkezten ditugu. Aldiz, izan aditza erabiltzen denean, denboratik kanpora dauden ezaugarri abstraktutzat hartzen ditugu. Adiera erresultatiboa lortzen da. Aditz hauekin erabiltzen diren izenki predikatuek egoera mailako irakurketa izan ohi dute, eta berez izaera mailako predikatu gisa erabili ohi diren adjektiboak gertatu eta suertatu aditzekin doazenean egoera mailako predikatu modura interpretatu ohi dira: Substantzia hori ez da kaltegarria, baina Mikeli kaltegarri gertatu zaio (Zabala 2003: 443).

24.3.5.4. Aldaketa eta iraupen aditzak

24.3.5.4a Iraupena adierazten duten aditzen artean ditugu iraun, jarraitu eta segi. Egoera mailakotzat hartzen diren predikatuekin erabiltzen dira, eta alde horretatik parekotasun handia dute egon aditzarekin, baina hemen egoera hori lehendik datorrela eta horrela dirauela iradokitzen da. Kategoria desberdinetako predikatuekin ager daitezke eta artikulua agertzea debekatuta dago, partizipioekin ez bada: Errepideak moztuta/moztua jarraitzen du; Egoerak berdin dirau; Gaixoak minez segitzen zuen, eta medikuari deitu zioten; Zuzendariak burumakur jarraitzen du; Garazik zuzendari jarraitzen du. Adibideetan ikusten den bezala, predikazioaren subjektua ergatiboan joaten da.

24.3.5.4b Aldaketa adierazten duten aditzen artean bi multzo bereiziko ditugu: egoera mailako predikatuak hartzen dituztenak eta izaera mailako predikatuekin agertzen direnak.

Egoera mailako predikatuak hartzen dituzte jarri, ipini, gelditu, geratu eta utzi aditzek. Jarri eta ipini aditzek pertsonaren osasuna, gorputzaren itxura edo postura eta gogoaren egoera adierazten duten adjektiboak edo adberbioak hartu ohi dituzte gehienetan: Berri ona entzutean pozik jarri dira etxekoak; Gorri-gorri ipini zen Peru jendaurrean hitz egiteko unean; June gaixo jarri da; Urduri jarri nintzen maitearen aurrean; Zutik ipini zen Miren; Etzanda jarri ginen. Gelditu eta geratu aditzek aldaketaren —edo egoera aintzat hartzearen— ondorengo egoeraren hasiera adierazten dute, eta egoera horrek nolabaiteko iraupena baduela iradokitzen dute. Mota desberdinetako predikatuak har ditzakete: Ebakuntzaren ondoren ahul gelditu da; Herren gelditu zen istripuaren ondoren; Guztiak pozik geratu ziren; Harri eta zur geratu ginen albistea entzutean; Lasterketaren ondoren ahulduta/ahuldua gelditu zen Txomin; Maialen gelditu da zuzendari. Utzi aditzak ere aldaketa eta nolabaiteko iraupena ematen ditu aditzera: Azken albisteek lur jota utzi naute.

Izaera mailako predikatuak hartzen dituzten aldaketa aditzen artean daude bihurtu eta bilakatu. Batzuetan bat-batekotzat hartu nahi diren aldaketak adierazten dituzte (zakuko gaztainak urre bihurtu ziren), baina epe luzeagoko aldaketak ere agertzen dira (ikasle zuena pixkanaka lankide eta are irakasle bihurtu zitzaion). Askotan artikulurik gabeko izenak hartzen dituzte predikatu modura: Profetak ura ardo bihurtu zuen; Ipuineko printzea igel bihurtu zen. Hori da izen soilekin euskara baturako gomendatzen den moldea. Baina izen horrek adjektibo, izenlagun, perpaus erlatibo edo halako osagarriren bat daramanean artikulua ere onartzen da, eta batzuetan nahitaezkoa da: Haur hura gazte lerden(a) bilakatu zen; Emakumerik ederrena bihurtu zen; Gazte saiatu hura gizon jakintsu(a) bihurtu zen urteen joanarekin; Lehen eskuzabal eta irribarretsu zena, zikoitz eta goibel bihurtu zen; Borroka bi anaien artekoa bihurtu zen; Ornament ederrenetarik bat bihurtu zen. Jakina, predikatu gisa doan izena inesiboan daramaten adibideak (*ametsa topiko batean bihurtu zen; *gizona munstro batean bihurtu da) baztertu beharrekoak dira euskara baturako (ikus honetaz Euskaltzaindiaren 40. araua). Zenbaitetan egin eta sartu aditzak ere hauen hurbileko izan daitezke: Unibertsitatera joan eta mediku egin zen; Apaiz sartu zen Mikel.

24.4. Bigarren mailako predikazioa

24.4.1. Zer den bigarren mailako predikazioa

24.4.1a Lehen eta bigarren mailako predikazioaren arteko desberdintasuna ikusteko honako adibide hauek erabil ditzakegu: Nekatuta iritsi nintzen; Nekatuta gelditu nintzen (lasterketaren ondoren). Lehen adibidean bi predikazio daude, [ni — iritsi] eta [ni — nekatuta]; nolabait esateko, ‘iritsi nintzenean nekatuta nengoen’ adierazten du. Bigarren adibidean, ordea, interpretaziorik ohikoenean ez da ulertzen ‘gelditu nintzenean nekatuta nengoen’; nekatu predikatu nagusia da hemen, eta gelditu aditzak ez du adierazten ‘higitzeari edo jarduteari utzi’, baizik eta bereziki aspektua adierazten duen aditz arina da, ‘egoera batean gertatu edo suertatu’ edo antzeko zerbait adieraziko lukeena. Nekatuta bigarren mailako predikatua da lehen adibidean, eta predikatu nagusia bigarren adibidean.

Bigarren mailako predikazioa eta aditzaren adjuntuak ere batzuetan hurbil egon daitezke. Bakoitzaren izaera garbiago ulertzeko ondorengo adibidea erabil dezakegu: Edurne ederki ikusten dut. Eman nahi diogun adieraren arabera, izan daiteke moduzko adberbioa (aditzaren adjuntua), edo bigarren mailako predikatua. Ederki-k ikusteko era, gaitasuna, objektua (Edurne) zenbaterainoko zehaztasunez ikusten dugun, adierazten badu, aditzaren adjuntutzat hartuko dugu; baina ederki-ren bidez Edurneren une bateko ezaugarri bat edo egoera bat adierazi nahi badugu (‘nola dagoen’), orduan bigarren mailako predikatua izango genuke.

Gauzak horrela izanik, bigarren mailako predikatuak edo osagarri predikatiboak dira honako adibide hauetan azpimarraturik doazenak: Gustura irten ginen aretorik; Harro erakutsi zigun saria; Josuk triste deitu zigun herenegun; Alai ikusi genituen haurrak; Atsekabetuak/atsekabetuta joan ginen hiletara. Baina gogoan izan § 24.3.5.1 atalean esan duguna: gramatikariek irizpide desberdinei eman diete garrantzia predikazio-egituren sailkapenak egiteko unean. Guk lan honetan egitura hauen ezaugarriak azaltzeari emango diogu bereziki garrantzia.

24.4.1b Bigarren mailako predikazioa subjektuari begirakoa (triste joan nintzen hiletara) edo objektuari begirakoa (triste eraman ninduten senarraren hiletara) izan daiteke.

24.4.2. Subjektuari begirako bigarren mailako predikazioa

24.4.2a Gehienetan bigarren mailako predikatua subjektuari begirakoa izaten da: Triste irten nintzen ekitalditik; Zoriontsu hartu genuen saria; Gogorik gabe joan nintzen bazkarira; Mireiak gustura egin zuen lana. Azpimarratu ditugun elementuak perpausaren subjektuari buruzkoak dira [ni – triste; gu – zoriontsu; ni – gogorik gabe; Mireia – gustura]. Subjektu horren une jakin bateko egoera adierazten dute guztiek. Eta, batzuetan, uneko egoera hori jokabide modura ere uler daiteke. Har dezagun, esate baterako, Patxi hunkituta / negarrez inguratu zen adibidea. Hunkituta eta negarrez subjektuari begirako bigarren mailako predikatuak dira, subjektuaren une bateko egoera deskribatzen dutenak; berez ez dute aditzak adierazten duen ekintza (‘inguratzea’) nola gertatzen den deskribatzen. Baina lehenean (hunkituta) egoera soil gisa ulertuko dugu; aldiz, bigarrenean (negarrez) egoera eta jokabidea, biak uztar daitezke. Bigarren mailako predikatu modura azaltzen diren elementuak oro har egon aditzari loturik ager daitezkeenak izaten dira (‘triste nengoen bileratik irten nintzenean’, ’zoriontsu geunden saria hartu genuenean’, ‘gogorik gabe nengoen bazkarira joateko’), baina izan aditzari lotzen zaizkionak ere izaten dira: Pobre jaio zen eta aberats hil (‘pobre zen jaio zenean’, ‘aberats zen hil zenean’), baina betiere une bati dagokion ezaugarria ematen dute aditzera; ez dira ezaugarri iraunkorrak. Adibideen esanahia azaltzeko denbora berdintasuna adierazten duten perifrasiez baliatzeak ere horixe erakusten digu: predikazio nagusiak irauten duen denbora tartean bakarrik daudela indarrean ezaugarri horiek. Azken batean, uneko egoera adierazten duten edo nola? galderari erantzuten dioten elementuak dira bigarren mailako predikatuak.

Subjektua absolutiboan nahiz ergatiboan joan daiteke, eta bigarren mailako predikatua kategoria desberdinetakoa izan daiteke: Triste etxeratu zen Jon; Biluzik sartu nintzen ohean; Buruan txapela nuela joan nintzen kalera; Kezkatuta deitu nion arrebari; Itziarrek gustura idatzi zuen liburua; Artzain joan zen June Boisera; Garagardoa hotza gustatzen zait. Baina betiere une bateko egoera edo ezaugarri gisa ulertzeko modukoa izan behar du: *Begiurdin etxeratu zen Jon; *Iletsu sartu nintzen ohean. Bestalde, bigarren mailako predikazioa agertu ahal izateko perpaus nagusiko aditzak ere ezaugarri semantiko/aspektual batzuk bete behar ditu: ekintza bat, prozesu bat edo lorpen bat adierazten duten aditzek nahiko erraz ematen diote bide bigarren mailako predikazioari, bereziki, egiletasuna adierazten duten jarduera aditzekin, eta nolabaiteko borondatea adierazten duten subjektuekin; aldiz, egoera bat adierazten duten aditzek (jakin, izan, eduki…), aditz estatiboek, ez dute horretarako aukerarik ematen (analisi zehatzagorako, ikus Zabala 1993: 257-262). Honako bi perpausetan garbi ikusten da desberdintasuna: Jonek gustura entzun du saria berari dagokiola; *Jonek gustura daki saria berari dagokiola.

24.4.2b Batzuetan zalantza izan dezakegu bigarren mailako predikazioaren aurrean gauden, edo subjektuak gauzatzen duen ekintzaren nolakotasun soila adierazten duten adjuntuak ditugun aurrean. Adibidez, Josuk errespetuz agurtu ninduen esatean, aipatzen den ‘errespetua’ egotz dakioke aditzari, agurtzeko era deskribatuz (adjuntu funtzioa), edo egotz dakioke agurra egiten duen pertsonari, subjektuak une horretan azaltzen duen egoera adieraziz (bigarren mailako predikatua). Horrelakoetan elementuen arteko erlazio semantikoari —eta zeharbidez, funtzio sintaktikoari— erreparatu beharko diogu. Esate baterako, Josuk gustura idatzi zuen liburua adibidea badugu, ziurrenera guztiok ere erraz identifikatuko dugu bigarren mailako predikazioa dagoela: ‘Josu gustura egon zen liburua idatzi zuen denbora tartean’. Baita gustura adberbioaren ordez kezkatuta erabiltzen badugu ere: Josuren egoeraz ari gara, ez idazteko era jakin batez. Baina pasioz erabiltzen badugu (Josuk pasioz idatzi zuen liburua), Josuren egoera deskribatzen dugu, baina zeharbidez idazteko era bat ere ari izan gaitezke iradokitzen: ‘dedikazio handiz’, ‘burua lan horretan guztiz sartuta’, beharbada ‘ordu asko sartuz’ idatzi duela liburua; eta orduan aditzaren adjuntu funtzioaren mugara hurbilduko ginateke. Aldiz, eskuz erabiliko bagenu (Josuk eskuz idatzi zuen liburua), orduan idazteko eraz bakarrik ariko ginateke, eta adberbio izaerako adjuntu bat izango genuke, ez bigarren mailako predikatua. Beraz, unean uneko esanahiak eta asmoak aginduko dute.

24.4.3. Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa

24.4.3a Beste batzuetan objektuari begirako bigarren mailako predikazioa izaten dugu: Haurrak oinetakoak lokaztuta ekarri zituen; Paketea irekita aurkitu nuen; Biluzik ikusi zintudan hondartzan; Triste sumatu zintudan aurrekoan. Azpimarratutako elementuak beren perpauseko objektuari buruzkoak dira [oinetakoak – lokaztuta; paketea – irekita; zu – biluzik; zu – triste], eta objektuaren une bateko egoeraren berri ematen digute; ez dute adierazten ‘ekartzeko era’, ‘aurkitzeko era’, ‘ikusteko era’ edo ‘sumatzeko era’.

24.4.3b Subjektuari begirakoetan gertatzen zen bezala, hemen ere bigarren mailako predikatu modura kategoria eta era desberdineko elementuak ager daitezke: Gazte ikusten zaitut; Aldatuta sumatu zaitut; Eskiak hondatuak/hondatuta itzuli dizkidate; Dirurik gabe itzuli zidaten galdutako diru zorroa; Patxi txapelarekin ikusi nuen aurrekoan; Buruan txapela zuela gogoratuko dut beti aitona; Gudariak agintariaren aurrean ahuspez ikusi nituen; Peru hartu dut laguntzaile; Maren alkate hautatu dugu; Xabier lapurtzat salatu dute. Nolanahi ere, objektuari begirako bigarren mailako predikazioak subjektuari begirakoak baino murriztapen gehiago ditu, aditz trantsitiboen multzo txiki batek bakarrik onartzen baititu horrelakoak: egoera aldaketa edo toki aldaketa dakarten aditzak (gelako ordezkari izendatu naute; arkumea bizirik eraman nuen harakindegira; sagarrak garbitu gabe jan zituen) edo iritzi eta hautemate aditzak (esnea nahiago dut hotza; burumakur aurkitu dut alaba; triste irudikatzen ditut atzoko galtzaileak; txapelarekin gogoratuko dut beti aitona) izaten dira223.

24.4.4. Aukerako eta nahitaezko bigarren mailako predikatuak

24.4.4a Bigarren mailako predikaturik gehienak aukerakoak izaten dira. Horrela, Hiletara triste abiatu nintzen adibidea baldin badugu, perpaus horrek bere barnean darama ‘hiletara abiatu nintzen’; abiatu aditza bere ohiko esanahiarekin erabiltzen da, eta triste elementua aukerakoa da perpausaren gramatikaltasunerako (Hiletara abiatu nintzen). Gauza bera gertatzen da ondorengo adibideetan ere: Kezkatuta irten nintzen bileratik; Pozik joan nintzen bazkarira; Haserre hurbildu zitzaidan udaltzaina; Beldurtuta hartu nuen eskutitza; Damututa aitortu nituen bekatuak; Gogotsu hasi genuen denboraldia. Guztietan aditza (irten, joan, hurbildu, hartu, aitortu, hasi) bere ohiko adieran erabiltzen da, eta bigarren mailako predikaturik gabe ere adibide zuzenak lortuko genituzke. Aukerako bigarren mailako predikatuen aurrean geundeke. Horrelakoak izaten dira subjektuari begira dauden guztiak.

Objektuari begirako bigarren mailako predikatuen artean aukerakoak eta nahitaezkoak aurki ditzakegu. Adibidez, Emaztea hil zitzaionean, lur jota eraman genuen Jon hilerrira perpausa daukagularik, adieraren aldetik ‘Jon hilerrira eraman genuen’ barnean darama, eraman aditza ohiko esanahiarekin agertzen da, eta lur jota elementua azaldu edo ez azaldu adibidea zuzena eta zentzu berekoa izango litzateke; objektuari begirako aukerako bigarren mailako predikatua izango litzateke lur jota [Jon – lur jota]. Horrelakoak dira honako hauek: Urtsuegiak egin dituzu babarrunak; Ordenagailua hondatuta itzuli didazu; Inauterietan mozorrotuta ikusi zintudan; Ordulari bat eman didate opari(tzat).

24.4.4b Beste batzuetan, ordea, objektuari begirako bigarren mailako predikatuak nahitaezkoak izaten dira. Esate baterako, Bera egin zuten erantzule esaten dugunean, adibideak ez darama barnean ‘bera egin zuten’, perpaus horretan egin ez baita bere ohiko adieran ulertzen —ez dago inolako ‘gauzatze fisikorik’—, baizik eta ‘norbaiti ezaugarri bat egotzi’ edo horrelako zerbait adierazten du, eta adiera horretan erantzule elementua nahitaezkoa da. Desberdintasuna argiago ikusteko, ohart gaitezen adibide horren parean izan daitezkeela egin aditza erabiliz osatutako honako hauek ere: Zubia egurrezkoa egin zuten; Dorrea okertuta egin zuten. Horietan bai, azpian ‘zubia egin zuten’ eta ‘dorrea egin zuten’ daude, egin-ek bere ohiko esanahia du, eta egurrezkoa eta okertuta aukerako bigarren mailako predikatuak izango lirateke.

Nahitaezko bigarren mailako predikatuak onartzen dituzten aditzen eta egituren saila aukerakoena baino murritzagoa da. Alde batetik, hautemate eta iritzi aditzak daude. Adibidez, Zail(a) ikusten dut hori esaten dugunean, ikusi aditzaren bidez ez da hautemate fisikorik edo begien bidezkorik adierazten; iritzi bat edo norbaiten ustezko egoera bat adierazten da, eta horrelakoetan bigarren mailako predikatua nahitaezkoa izaten da. Berdin Josu triste sumatu dugu diogunean; ez gara ‘ohartzeaz’ ari, baizik eta Jonen egoeraz. Edo Aberatsak aurkitu zituen behartsuak baino gaiztoago esaten denean aurkitu-ren adiera zerbaiten edo norbaiten egoera ‘sumatzeari’ dagokio; baina aditz horrek baditu beste esanahi batzuk: ‘bilatzen dena ikusi, non den jakin’ (Aurkitu dut galdu zaidan ardia), edo ‘topatu’ (Huts asko aurkitu ditut liburu horretan). Bigarren multzoan era batean edo bestean izendatzea edo hautatzea adierazten dutenak daude, eta sarritan artikulurik gabeko izen bat izaten da bigarren mailako predikatua: Elkarteko lehendakari aukeratu zuten Nagore; Taldeko kapitain izendatu dugu Irene; Jokin hautatu dugu langileon ordezkari.

Beraz, nahitaezko bigarren mailako predikatuen adibidetzat hartu ohi dira honako hauek bezalakoak: Bart burumakur ikusi zintudan; Gogotsu sumatu nituen lehiakideak; Interesgarria aurkitu nuen artikulu hura; Alkate hautatu naute herritarrek; Mutil horrek ez zaitu zoriontsu egingo; Garaipen haren ondoren errege izendatu zuten; Txiki-txiki egingo nuke telefono madarikatu hori; Gurasoek zintzo nahi zaituzte.

24.4.5. Bigarren mailako predikatuen interpretazio semantikoak

24.4.5a Aurreko ataletan aipatu den bezala, bigarren mailako predikatuek bere subjektuaren une bateko egoera adierazi ohi dute, une jakin batean —aditzak adierazten duen ekintza gauzatzen den unean— norbaitek edo zerbaitek agertzen dituen ezaugarriak, eta deskribapenezkoak direla esan ohi da. Adibidez, Poeta hura pobre hil zen esaten dugunean, heriotza iritsi zitzaionean ‘pobre’ ezaugarria zuela, ‘pobrezia egoera’ zuela, adierazi nahi dugu; edo Haur haiek pozik bizi ziren diogunean, aintzat hartzen dugun garaian pozezko egoera zela haur haien ezaugarria. Objektuari begirako bigarren mailako predikatuekin ere gauza bera gertatu ohi da. Oinetakoak zikin(ak) / garbitu gabe / puskatuta itzuli zizkidan esaten denean, oinetakoen une horretako egoeraz ari gara, une horretako ezaugarri bat adierazten; berdin Gutuna irekita eman zioten presoari edo Kalean biluzik ikusi zintudan adibideetan. Adjektiboen edo adberbioen kutsua duten osagarri predikatiboekin erraz ikusten da uneko egoeraren adiera hori.

Bigarren mailako predikatu modura izen bat azaltzen denean (Jon artzain joan zen; Zuzendari hautatu dute Ane) ‘bere subjektuaren une bateko egoera’ apur bat era desberdinean adierazten da, gehienetan izaera mailako predikatutzat hartu ohi direnak azaltzen baitira horrelako adibideetan. Baina hauetan ere adierazten dena da, lehenean, Jon ‘artzain egoeran joan zela’, edo ezaugarri hori izango zuela aurrerantzean; bigarrenean, egoera edo ezaugarri aldaketa bat ezarri zaiola Aneri, eta hemendik aurrera bere egoera edo ezaugarria zuzendari izatea edo zuzendari modura egotea izango dela.

Prolatiboa erabiltzen dugunean ere (Nire esker onaren erakusgarritzat ematen dizut opari hau; Laguntzailetzat Patxi jarri dizugu), uneko egoera adieraztearen kontuak baditu berezitasunak, eta erabiltzen den aditzak zeresan handia du horretan. Lehen adibidean, guk ezartzen diogu zerbaiti (oparia) ezaugarri edo egoera konkretu bat (esker onaren erakusgarri izatea); bigarrenean, Patxiri egoera edo une jakin baterako ezaugarri konkretu batzuk ezarri dizkiogu kanpotik, oraingoan era errealean.

24.4.5b Une bateko egoera edo ezaugarriak deskribatzearen alboan beste adiera batzuk ere azal daitezke bigarren mailako predikatuetan.

Batzuetan nolabaiteko kausalitate adiera ere suma daiteke. Itota hil zen esaten denean, itotzearen ondorioz hil zela adierazi nahi izan daiteke; alegia, adierazten den prozesuaren, ekintzaren edo gertakariaren —kasu honetan, hiltzea— kausa edo jatorria adieraz daiteke bigarren mailako predikatuaren bidez. Ohiko deskribapenezko irakurketari zer eransten zaion ohartzeko, ikus ditzagun honako bi adibide hauek: Peruk biluzik ihes egin zuen; Peruk beldurtuta ihes egin zuen. Lehenean Peruren egoera deskribatzen da, besterik ez; bigarrenean zer arrazoigatik ihes egin zuen ere uler daiteke: beldurraren eraginez. Era honetako irakurketa onartu ahal izateko nahitaezkoa da aditz nagusia kanpoko kausak onartzen dituztenetakoa izatea.

Beste batzuetan, predikatu nagusiaren deskribapenezko oinarrizko adieraren alboan, uler daiteke aditzak adierazten duen prozesuaren amaierako egoera edo ezaugarria ere. Gure sail horretan belarra mardul hazten da esaten dugunean, hazte prozesuaren amaieran belarra nolakoa izan ohi den ari gara adierazten. Horrelakoak sarriena osagarri zuzenari begirako egiturekin agertzen dira: Tipula xehe-xehe txikitu nuen (tipula amaieran nola gelditu zen); Ilea oso motz moztu dut.

24.4.5c Azkenik, kontuan izan behar da adibide batzuetan aditzean adierazten den ekintzari edo prozesuari ere begiratzen diotela bigarren mailako predikatuek, eta ekintza edo prozesu horren ezaugarriak adierazten dituztela. Begira diezaiogun honako adibide honi: Gazta hori merke erosi zuen. Bigarren mailako predikatuak (merke) adierazten du gaztaren une bateko ezaugarria edo egoera (‘gazta hori merke dago’ edo ‘gazta hori merkea da’), eta baita eroste-ekintzari dagokion ezaugarri bat ere (‘merke erostea’). Horren ondorioz, zenbaitetan aditzaren eta bigarren mailako predikatuaren arteko bateragarritasuna behar izaten da; eta batzuetan adjuntu erabilera oso hurbil izaten da.

211 Gramatikaren tradizioan nominal predicate, predicado nominal edo prédicat nominal erabili izan da aditzezkoak ez diren predikatuak izendatzeko, nahiz eta guztiak ohartzen diren multzo horren barnean izaera eta ezaugarri oso desberdineko elementuak bildu ohi direla. Terminologia edo banaketa horrekin (adizki predikazioa eta izenki predikazioa) sortzen diren arazoen bilketa baterako, Zabalaren lana (1993: 138-143) ikus daiteke.

212 Iparraldeko erabileran bi adibide hauek adiera bera dute.

213 Hizkeren artean badira desberdintasunak era honetako egituretan, eta izan batez ere ekialdean erabiltzen da. Bestalde, subjektua jarduera adierazten duen izen bat denean izan aditza azaltzen da beti: Kontzertua Baionan izango da; Bilera Gasteizen da; Omenaldia arratsaldeko seietan izan zen.

214 Elementu horien izaeraz gramatika sortzailearen ikuspegitik analisi desberdinak egin dituzte gramatikariek: Zabalak (1993) numero komunztadura gauzatzen duten morfema soiltzat hartzen ditu, eta Artiagoitiak (1997) determinatzaile izaera nabarmentzen du.

215 Zubereraz azken adibide honen ereduko lekukotasunak badira, baina egungo hizkera estandarrean izan aditzarekin -tua motakoak erabiltzen dira. Berdin gertatzen da ukan aditzarekin ere: Liburu hori irakurria dut; *Liburu hori irakurrita dut. -tuta eta -turik daramatenak atributu gisa erabiltzeko egon eta eduki aditzetara jo behar da: Nekaturik nago; Liburu hori irakurrita daukat. Jakina, azken bi aditzok ere onartzen dituzte -tua motako atributuak: Nekatua nago; Liburu hori irakurria daukat.

216 Adjektiboak aditz batetik eratorriak ez direnean -ela menderagailua duten subjektuak debekatuak daude. Baina aditzetikoetan, jatorrizko aditzak -ela menderagailua duten osagarriak onartzen baditu, adjektiboak ere onartuko ditu (de Rijk 2008: 452-454): Ohargarria da galderak bai, baina erantzunak ez daramala ba-rik (Mitxelena). Bestalde, zenbaitetan aditzak eta adjektiboak forma bera izaten dute (ageri, ezagun, nabari), eta orduan ez dute artikuludun formarik onartzen: Ageri da engainatu dituela konfesoreak (Mogel); Gizon azkarra dela ezagun da (Labaien); Nabari zaio ez dela hemengoa (Euskal Hiztegia).

217 Adjektibo hauetariko zenbait beti osagarriarekin erabiltzen dira. Adibidez, gai beti ‘zerbaitetako gai’ da, eta pare dugunean ‘zerbaiten pare’ izaten da beti.

218 -ik atzizkia duten adberbioekin bereziki zubereraz azaltzen dira horrelako egiturak.

219 Analisi zehatzagorako, ikus Etxepare 2003.

220 -tzat prolatiboa izenari eransten zaionean batzuetan bi irakurketa dira posible. Adibidez, Erregetzat hartu ninduten gizon haiek dugularik, uler dezakegu ‘errege nintzela pentsatu zuten’, nolabaiteko iritzia edo balorazioa adieraziz, edo uler dezakegu ‘errege izateko hartu ninduten / errege egin ninduten’, objektuak (ni) kanpotik eragindako egoera edo estatus aldaketa bat izan duela azalduz (ikus 19., 20. eta 21. kapituluak). Lehenengo irakurketako adiera dagokio predikatu nagusi izaerari.

221 Dirudi, iduri du eta ematen du aditzek ez diote subjektuari paper tematikorik ezartzen, eta predikatuaren subjektuak hartu ohi du leku hori. Azterketa sintaktiko zehatzagorako ikus Zabala 1993: 238-248.

222 Iruditu/iduritu aditza datiboarekin doanean (zaila iruditzen zait lan hori; mutil jatorra iruditzen zaigu Kepa) subjektua (lan hori, Kepa) absolutiboan agertu ohi da, eta predikatuak gehienetan artikulua darama, baina bestelako adibideak ere aurki daitezke: Nori berea iruditzen baitzaio hoberenik eta ederrenik (Axular); Erraz irudituko zaizu (Axular). Nolanahi ere, horrelakoetan atribuzioa ez da hain era zuzenean egiten, eta datiboan doan sintagmaren gogoetari garrantzi handiagoa ematen zaio, aditzaren eduki semantikoa indartuz. Gramatikarien artean eztabaidagai da horrelako kasuetako predikatuak (goiko adibideetan, zaila eta mutil jatorra) predikatu nagusitzat hartu behar diren edo ez.

223 Zehar-osagarriari begirako bigarren mailako predikaziorik ez da izaten (*Josuri bere notaren berri urduri eman diot; [Josu – urduri]), baldintza oso jakinak dituzten egitura batzuetan ez bada. Horien artean daude genitiboaren ordezko datiboa dutenak (Lokartuta atera zioten hagina Nekaneri; [Nekane – lokartuta]) edo egitura arazleak (Josuk Mireni lana zutik/mozorrotuta eginarazi zion [zutik – Miren]; Mireni zutik hitz eginarazi zioten alderdiko kideek [zutik – Miren]). Gaiaren azterketa sintaktiko baterako, ikus Odria 2015.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper