Euskararen Gramatika

25. Aditza (III): adizki jokatugabeak

25. Aditza (III): adizki jokatugabeak

25.1. Aditzoina

25.1.1. Formak eta erabilerak

25.1.1a Euskaraz adizki jokatugabeak hiru oinarrizko itxuratan ager dakizkiguke, goian adierazi bezala (ikus 23. kapitulua): aditzoina (sal, eros, hauts, etor…), partizipioa (saldu, erosi, hautsi, etorri…) eta aditz izena (saltze, eroste, hauste, etortze…). Hiru horien artean aditzoina da oinarrizkoena, ez baitu inflexio atzizkirik biltzen; areago, partizipioa eta aditz izena hartarik eratorriak dira (sal-du/sal-tze, eros-i/eros-te, hauts-i/haus-te, etorr-i/etor-tze…). Kasu gehienetan, beraz, aditzoinaren eta partizipioaren arteko desberdintasuna -i edo -tu partizipio atzizkia beretzean edo ez beretzean datza: eros vs erosi, hauts vs hautsi, sar vs sartu, har vs hartu. Aditzoina ez da bizirik egungo hizkera guztietan. Ekialdean eta bereziki Iparraldean, aditzoinaren eta partizipioaren arteko bereizketari tinko eusten zaio oraindik; baina badu aspaldi haren ordez partizipioa erabiltzen dutela mendebaldeko eta erdialdeko hizkerek.

25.1.1b Aditzoin guztiek ez dute oinarri bera eta, ondorioz, denak ez dira gisa berean eratzen. Gainera, joera desberdinak daude hizkeren arabera. Lehenik, oinarrian aditz erroa duten aditzoinak daude: etor, ekar, eros, sal, sor, har. Aditz hauen ororen partizipiozko forma -i edo -tu atzizkiak gehituz osatzen da. Aditz mailegatuak ere multzo horretan sartzen dira, haien aditzoina -tu atzizkia kenduz erdiesten baita: errezita, dibortzia, despedi, entrena, diberti, ataka. Azken berrogeita hamar urte hauetan, mendebaldeko eta erdialdeko idazleek aditzoin mota horren aldeko hautua egin dute, beren euskalkian halakorik ez izanagatik. Preseski, joera hau kontuan harturik, Euskaltzaindiak euskara batuan aditzoinaren eta partizipioaren arteko bereizketa egitea gomendatzen du: etor dadin (ez *etorri dadin), sal dezan (ez *saldu dezan).

Ikus Euskaltzaindiaren 28. araua: “Aditzoinen forma”, Bilbon, 1995eko otsailaren 24an onartua.

25.1.1c Badira beste kategoria batetik eratorritako aditzoinak ere. Hauetarik batzuek kategoriazko anbiguotasuna dakarte, eratorpen-oinarriaren homonimoak baitira: garbi, ilun, ur, gizon, dantza, kanta. Adibide horietan, garbi adjektiboa edo aditza izan daiteke; ur, gizon, dantza, kanta, berriz, izenak edo aditzak. Osoki oinarriaren irudia duten aditzoin hauek nasaiak dira Iparraldeko literatur tradizioan, eta gaur egun oraindik bizirik diraute ekialdeko hizkeretan. Haatik, mendebaldeko eta erdialdeko testu zahar eta berrietan, haien ordez, partizipiozko formak erabiltzen dira nagusiki. Preseski, Euskaltzaindiak bi joera hauen aintzat hartzea gomendatzen du, hau da, jatorrizko oinarritik ezertan ere bereizten ez denean, -tu atzizkidun adizkia ere erabil daiteke aditzoin gisa (ikus 28. araua): ur eta urtu, gizon eta gizondu, gaurko eta gaurkotu, bere eta beretu, lodi eta loditu, hobe eta hobetu, garai eta garaitu.

25.1.1d Alabaina, beste kategoria batetik eratorri aditz guztiek ez dute kategoriazko anbiguotasunik sortzen beren aditzoina eratzean. Mota horretakoak dira zora, goza, urezta aditzoinak; hauen kasuan, Euskaltzaindiak ez du -tu partizipio atzizkia duen formarik onartzen (ikus 28. araua).

25.1.1e Iparraldeko mintzoetan, aditzoin eratorri asko -tu partizipio atzizkiko -t fonema atxikiz osatzen dira; gisa horretan, aditzoina eta eratorpenaren oinarria ez dira homonimoak: lagun izena vs lagunt aditzoina, ur izena vs urt aditzoina, zuzen adjektiboa vs zuzent aditzoina, garai adjektiboa vs garait aditzoina, samin adjektiboa vs samint aditzoina. Bizkitartean, arau morfologiko hau ez da gisa berean gauzatzen hizkera guztietan eta, beraz, eskualde batetik bestera ugari dira -t atzizkidun formen eta oinarriaren irudia duten formen arteko txandaketak: lagun/lagunt, dei/deit. Hori horrela izanik, Euskaltzaindiak aipatu berri ditugun -t atzizkidun formen erabilera hiru testuingurutara mugatu du: (i) aditz eratorria izanik, oinarria t-duna bada (oroit, laket, bat, ausart) —baina -tu partizipio atzizkia duen forma ere onartua da azken hiruen kasuan: laket/laketu, bat/batu, ausart/ausartu ditugu Euskaltzaindiaren Hiztegian—; (ii) literatura tradizioan jokabide bakarra izan badu (ezagut, lot, ohart, lant); (iii) -di bukaerako oinarri batetik eratorria bada eta semantikoki forma laburtugabetik bereiz bada (hant, hert…). Gainerako kasu guztietan, partizipioa erabiltzea onartua da, eta aditzoina erabiltzekotan -t gabeko forma erabiltzea gomendatzen da: urrun nahiz urrundu (baina ez *urrunt), lagun nahiz lagundu (baina ez *lagunt), neur, ezkon.

25.1.1f Iparraldeko euskalkiek aditzoinaren eta partizipioaren arteko bereizketa formala partizipio atzizkirik ez duten aditz zenbaitetara ere zabaldua dute. Izan ere, -ki atzizkiz bukaturiko aditzetan, -k aditz erroko morfema gisa eta -i partizipio marka gisa berranalizatu dira, eta beraz, -k vs -ki bereizketa dugu aditzoinaren eta partizipioaren artean: jaik vs jaiki, jarraik vs jarraiki, irek vs ireki, atxik vs atxiki. Bizkitartean, euskara baturako, -i berezkoa duten aditzetan bukaera atxikitzea gomendatzen du Euskaltzaindiak (ikus 28. araua): jaiki (ez *jaik), jarraiki (ez *jarraik), atxiki (ez *atxik).

25.1.1g Aditzoina emankorki erabiltzen duten euskalkiek erakusten dute haren erabilera-testuinguruak mugatuak direla: ondoko ataletan erakutsiko dugun bezala, egitura analitikoetatik kanpo zenbait perpaus lokabetan eta mendekotan soil-soilik ageri da (ikus § 25.1.3, § 25.1.4, § 25.1.5). Bizkitartean, perpausaren mailan aditzoinaren erabilera den bezalakoa izanik ere, hitz eraketari dagokionez, emankorra da euskalki guztietan. Izan ere, bai eratorpenean, bai elkarketan, aditza oinarri duten izenak, adjektiboak, adberbioak eratzen direlarik, aditzoina da ageri: zoragarri, jostailu, bihurgune, gozamen, irakurle, saltzaile, ekarpen, salerospenak, ebaska, erranka; helmuga, lisaburdina, garbigela. Salbuespen bakarrak aditz elkarketak dirateke, ekialdean, bi aditz elkartzean, lehenak aditzoinaren itxura hartzen badu, mendebaldean partizipioa agertzen delako: Gelara sar-atera/sartu-atera bat egin zuen; harreman/hartu-eman… (ikus § 7.1.2b, § 9.2).

25.1.2. Aditzoina perpaus lokabeetan

25.1.2a Aditzoina solaskideari agindu bat emateko erabil daiteke: Hets begiak!; Sar barnera!; Hets gero barrika, inarros ongi, eta utz den bezala, hogoita lau oren (Abadia). Adibideek erakusten dutenez, aditzoinak solaskideari agintzen dioguna seinalatzen du, eta, hortaz, ezin daiteke jusiboan erabil, hau da, bigarren pertsonaz bestelako pertsona bati agindu baten emateko: *Jainkoak barka!; *Guk elkarrekin kanta! (jusiboaz ikus § 26.1.5.4 eta § 26.6.2.2). Mendebalde eta erdialdeko euskalkietan bestelako usadioa aurkitzen da, normalean partizipioa ageri baita agintera adizki jokatugabe baten bidez adierazten denean: Barkatu!; Sartu barrura!; Erdu ba neugaz!

25.1.2b Ekialdeko euskalkietan aditzoina galdera erretorikoetan ere erabili ohi da, baina gehienetan zati galderetan —eta, hortaz, galdetzaile baten ondotik—. Bestela erranik, bai/ez erako galderetan ez da kausitzen (*bihar etor?): Baina guk zer hauta, ez bagira lehenik guhaur hautatuak? (Hiriart-Urruti gaztea); Nor fida halakoari? (Hiriart-Urruti gaztea); Non koka bada holako jendeketa izigarria? (Hiriart-Urruti gaztea); Xehetasun hauk bururatzean nola utz aiphatu gabe gure Eskual-Herrian sorthu izan den lore eder, dixtirantenarik bat: Madalena Larralde, Sara Beltxereneko alaba? (J. B. Etxeberri); Barkatu bainan zertako ez sala nik ere zutaz dakitana? (Larre). Harridurazko galderetan ere aurkitzen da ekialdean, solaskideak erran berri duenari buruz harridura edo desadostasuna adierazteko: —Oi Xoane gaixoa, utzak soka madarikatu hori! —Soka utz? (Barbier). Mendebaldeko euskalkietan, ordea, partizipioa dugu inguru hauetan: Nok arei eskua ezarri? (Kirikiño).

25.1.2c Errefrauetan eta haien itxurako esapideetan ere aditzoina aurkitzen dugu ekialdean: Nik hora mana, horak bere buztana (Oihenart); Hik maka, nik saka (Oihenart); Bat gal eta hamar harrapa (Landart); Ikus eta, sinets. Gainerako hizkerek, aldiz, partizipioa baizik ez dute halakoetan: Iñoren emoia artu eta norberen burua saldu (Otxolua); Betiko ituteak arria zulatu, ta aldi luzeak guztia aztu (Lopez Mendizabal); Urteak galentu, ajiak azaldu (Azkue).

25.1.2d Iparraldean maiz erabiltzen dira aditzoinak, kontakizunetan eta arrazoinamenduetan, perpausei halako erritmo berezia, bizi-bizia eman nahi zaielarik. Deskripzioetan ere aurkitzen da aditzoina, ia-ia aditzondo baten balioa duela: Ez dira lotsa hemen, egun bat osoa kurritzeko edo berdin biga: lagun multxo bat bil, eta lot bideari (Hiriart-Urruti gaztea); Erbitto bat: beharri xut, buztan labur, ausik, itzul, beha, jauzi… bethi beldur (Oxobi); Ikustekoak ziren jendeak lerro-lerro, mendi batetarik jauts, beste bati goiti abia, denak beila tokiari buruz goatzila (Hiriart-Urruti gaztea). Mendebaldean bereziki, baina anitzetan ekialdean ere antzera suertatzen da (bereziki bertsogintzan), partizipioa molde bertsuan erabiltzen da: Unamunok euki bear dau alako gomuta samar lautsotsu bat […] eta geiago barik ‘or joak’ eta ukondoa sartu, sinestu, ta esan, ‘di’ atzizkiak arboleda dikurrela (Kirikiño); Ni Ajenan bi urthez, libre nintzala ustez, / Bena aita orano ez ase mendekatzez; / Jaun horier galthatü ükhen otoritatez, / Presu begiratzeko librantxaik ükhen gabez, / Eta ere edüki hamar ilabatez. / Ni Ajenan libratü, etsaien artin sarthü / Hunak galdürik, haurrak dohakabe baratü, / Eni hen ikhustiak odola alteratü, / Atzione triste bat süjet hartarik heltü, / Harzara jüstiziak ni berriz preso hartü (Etxahun).

25.1.2e Ekialdeko antzerkietan, eta bereziki Zuberoako pastoraletan, egileek antzezlarientzat idatzi antzerki-jokoari buruzko oharrak aditzoinaren bidez adierazten dira izkribuetan: Jalqui Oger, Richart, Alar […] Asquen 2 jar (Xarlem pastorala); Sar eskuinetik […] ama besarka […], Allandek khanta […] denak erretira (Oihenart pastorala).

25.1.3. Aditzoina juntadura perpausetan

25.1.3a Aditzoinaren erabilera manatzen duten bi adizki analitiko koordinatzen direlarik, adizki laguntzaileetarik bat ezaba daiteke, aditzoina Ø bakarrik uzten dugula orduan: Ordu deno begiak idek ditzagun eta gisa hartarat berma (Hiriart-Urruti gaztea); Hurbil zaitez eta sar atari hertsitik (Arkotxa). Gisa berean arazi oinarri duten bi egitura arazle juntatzen direlarik, lehen aditzak, arazi ezabaturik, aditzoinaren forma har dezake: Jaunak hil nahi ukan bagintu, ez zauzkigun onartuko egin diozkagun erre-oparia eta bihi-eskaintza, eta ez zaukun holako gauzarik ikus eta entzunaraziko (Etxehandi).

25.1.3b Delako usadioak aditzoinaren erabilera manatzen duten adizki analitikoak gainditzen ditu. Izan ere, bi perpaus jokatugabe juntatzean ere, gerta liteke lehen aditzak aditzoinaren itxura hartzea: Ama Herria gaur nola dagon ikus eta orroitzean, nigar xorta bat begietarat jautsi zaut egun goizean (J. P. Mendiburu); Batto sar eta hamar kendu, hori da egiten dutena! (Herria). Hala ere, aipatu bi kasuetan, aditzoinaren ordez partizipioa erabiltzea ohikoagoa da, hala Iparraldean nola Hegoaldean: Zubia jo eta botatzen hasi zen (Aristi); —Hau poza, Lamarain jauna!— esan zidan ni ikusi eta ezagutzean (J. L. Zabala).

25.1.4. Aditzoina mendeko perpausetan

25.1.4a Errefrauetan aditzoinak usu ageri dira erlatibozko perpausei dagozkien itzulietan: Otsoa non aipa, han gerta (Oihenart); Non fida, han gal (Oihenart). Mendebaldean, testuinguru honetan ere partizipioa erabiltzen da: Non gertatu, an ostatu (Azkue).

25.1.4b Zenbait predikatuk onesten dituzten zehar-galdera jokatugabeetan, aditzoina erabiltzen da ekialdeko euskalkietan eta partizipioa, berriz, mendebaldekoetan: Ez dakit nondik sar; Ez dakit har ala utz; Dudan nago zuri sal edo hari eskaint; Ez dakit zer oldoztu be; Dudan nago hemen gelditu ala zurekin joan; Esplikatu zigun nola erabili. Badirudi molde horretako zehar-galderak forma jokatu bat erabiliz adieraziko bagenitu, modu morfema batez baliatuko genukeela: Ez dakit nondik sartu behar dudan; Ez dakit nondik sartzen ahal naizen. Hala ere, ez da horrelakorik gertatzen mendeko perpaus hauek izan, egon, *edun, eduki aditzen hedamenak direlarik: Banikek, to, hiri zer ihardets (Oxobi); Badugu, engoitik, zer pentsa eta zertaz grina; Dena dela, han ere bada zer hobetu eta zer aldatu (Zuazo). Partizipioa molde honetan erabilia denean, artikulua ere har dezake edo partitibo bihur daiteke: Ez, ez dauka zer ikusirik Stendhalek eta Calvinok, bakoitzak oso bere moldera, ordezkatzen duten eklektizismoarekin (Lertxundi); Baina post-data irakurtzeak zer pentsatua eman zion (Urteaga).

25.1.4c Hautuzko perpausetan, orobatasuna adierazteko erabil daitezke aditzoinak eta partizipioak, bai eta aditz izenak ere: Urean ito, edo suan erra, da kalte bera (Oihenart); Zuk aitor ala hark sala, eni berdintsu zait; Ori galdu ta egaz dabillen txoria galdu, berdin dira ba (Kirikiño); Gaizki egitea edo batere ez egitea orobat heldu da. Orobatasuna adierazi gabe ere erabil daiteke aditzoina hautu baten adierazteko: Har edo utz genuen.

25.1.4d Komunzki postposizioak partizipioarekin erabiltzen badira ere, haietarik batzuk bederen, aditzoinarekin ere ager dakizkiguke, hala nola arte, ondoan, eta, ordu, bezain laster, arau: sar eta; afal aitzin; ikus arte; har ondoan; bazkal ondoan; ardiak sar arau, artzainak kontatzen zituen; ikus bezain laster arrainak hatüa hontzen dü (Davant).

25.1.4e Aditzoina zenbait esapidetan ere kausitzen dugu ekialdeko aldakietan.

a) Beldurra adierazten duten predikatuek eta lanjer batez abisatzeko edo aholku baten emateko erabiltzen direnek aditzoinarekiko perpausak onesten dituzte osagarri gisa: Begirauk eror! (Lafitte); Beldur naiz leizera eror; Kasu emazu ez gal!; Halako apostolu arrazoin batzu aterako ditie: Parise gabe deus ez girela; Parise gabe ez gaitezkela bizi; Hobe dugula pixka bat gal eta jasan, ezenez-eta jazar eta oro gal; eta holako! (Larzabal).

b) Adlatiboa ohi duten zenbait aditz izenen ordez aditzoina dugu zenbait esaeratan: Goazen ikus (ikustera) (Lafitte); Emadazu dasta (dastatzera).

c) Kontzesibo kutsua duten zenbait esaeratan aditzoina galdetzaile batekin ager daiteke: Zer bil ere; Lurra ardura mintzo baita Ameriketan, deliberatu zuten […] hobe zitekela bakoitza bere etxerat joan zadin, zer gerta ere (Etxarren).

d) Ekintza baten luzapena edo errepikapena adierazteko ere erabiltzen da aditzoina: Ari zen irakur eta irakur (Etxarren); Eror eta xuti dabiltza (Axular), batean eror eta bertzean jaiki dabilanak (Axular); Mintza eta mintza, ez da ele egitetik baretzen.

e) Orobat, une desberdinetan iragan aurkako gertakariak parez pare ezartzeko: Pilotan, batean gal eta bestean irabaz (Larre); Zer da gure fedea? Axalezko zer bat othe? Larru gaineko jauntzi bat, egun ezar eta bihar khen? (Saint-Pierre).

f) Aditzoina moduzko perpaus jokatugabeetan ere ager dakiguke ahal eta ezin-ekin: Euria jaits ahala ari zuen; Sinets ezin da; Ikus ahala urrun. (Ikus 40 Moduzko perpausak: § 40.6b).

25.1.5. Aditzoina oinarri duten adizki analitikoak

25.1.5a Aditzoina oinarri duten adizki analitikoak urriak dira. Euskararen lehen testuetatik, *edin, *ezan, eta -iro- laguntzaileekiko adizkiak baizik ez dugu aurkitzen, eta gainera, azken mendeetan, hauen erabilera-eremuak murriztuz joan dira. Hamaseigarren mendean, euskalki guztiek [aditzoina + *edin] eta [aditzoina + *ezan] —mendebaldean [partizipioa + egin]— adizkiak erabiltzen zituzten iraganaldi burutua adierazteko (askotan aoristo gisa izendatu dira forma horien iraganeko erabilerak): Unaiok arri zitean, gaztaeok agir zitean ‘haserretu ziren, agertu ziren’ (RS); Iaigi zidin nagia, erra zizan uria ‘jeiki zen, erre zuen’ (RS); Zerutika iautsi zedin harzaz amoraturik ‘jautsi zen’ (Etxepare); Bere desobedientziaren kausaz hiragun zekion, eta abominazionetan eta begitan har zezan ‘hiragundu zitzaion, hartu zuen’ (Leizarraga). Gaur egun, adizki analitiko hauek indikatiboaz bestelako moduetan erabiltzen dira, hau da, subjuntiboan (nahi dut etor dadin / egin dezan), aginteran (jeiki hadi; kanta ezak), ahaleran (etor naiteke; esan dezaket) eta baldintzan (etor baledi, esan niezaioke) (ikus § 26.3.5, § 26.6.2). Ekialdeko euskalkietan lekukotzen den [aditzoina + -iro-], berriz, ahaleran baizik ez da erabiltzen (§ 26.6.3.1): Ez dirot onar erran duzuna.

25.1.5b Lehen pertsonako jusiboan, hau da, lehen pertsona pluralari agindu bat zuzentzen zaionean, [aditzoina + *edin] eta [aditzoina + *ezan] —mendebaldean [partizipioa + egin]— adizki analitikoak erabili ohi dira: Mintza gaitezen; Ikus dezagun. Preseski, forma hauekiko analogiaz, ekialdeko mintzoek [dugun + aditzoina] egitura garatu dute aditz trantsitiboekin: Dugun ikus; Dugun kanta… (ikus § 26.1.5.4).

25.1.5c Aditzoina arazi oinarri duen egitura arazleetan ere erabiltzen da (§ 23.2.1.2 eta Euskaltzaindiaren 23. araua, “Arazi”): Libro nintzela sinetsarazi nahi zidaten; Amak semeari egia aitorrarazi zion.

Ororen buru, euskarak dituen hiru adizki jokatugabeen artean, aditzoina da erabilera mugatuena duena. Izan ere, testuinguru urrietan agertzeaz gain, euskalki gutik begiratu dute. Perifrasiek ere emankortasun oro galdua duela erakusten dute: euskara historikoan sortu diren perifrasi berriek noiz partizipioa, noiz aditz izena dute oinarri, baina nehondik ere ez aditzoina.

25.2. Partizipioa

25.2.1. Partizipioa: formak eta erabilerak

Euskararen aditz guztiek ez dute beren partizipiozko forma modu berean eratzen. Bi partizipio mota daudela erran daiteke.

25.2.1a Lehenik, aditzoinari -i edo -tu —n, l ondotik -du (heldu, zabaldu, lagundu, laztandu)— atzizkia gehituz eratorririkoak daude: etorr-i, ikus-i, eros-i, has-i; har-tu, sal-du, sar-tu. Aipatu bi atzizkiak ezin daitezke maila berean ezar, lehen testuetatik, -i atzizkiak emankortasun oro galdua baitu, eta -tu hedatuena baita. Preseski, —Oihenarten aberatsi ‘aberastu’ salbuespenaz aparte— -tu beste kategorietatik eratorritako partizipioak eratzeko erabiltzen den atzizki bakarra da: gizondu, loratu, zahartu, azkartu, berandutu, gaizkitu, aitzindu. Halaber, mailegu zahar eta berrietan hura da agertzen: barkatu, despeditu, kantatu, klikatu, flipatu, haluzinatu… (ikus § 6.1). Atzizki horren zabaltzearen ondorioz, antzina -i atzizkia zeramaten partizipio zenbaitek -itu gisako partizipio-atzizki pleonastikoa dute (motzitu, hotzitu, baltzitu; anzitu ‘ahantzi, ahaztu’ Lazarraga; haritu ‘hartu’ Etxepare), eta bestek -i osoki ordezkatua dute (irakurri/irakurtu, ahantzi/ahaztu, iratzarri/iratzartu, sinetsi/sinistu…). Edozein kasutan, partizipio-atzizki bat ala bestea erabili, partizipioak bere forma propioa du, aditzoinetik bereizia.

25.2.1b Partizipio horien ondoan, badira aditzoinetik eratorriak ez direnak eta partizipio-atzizkirik ez dutenak. Bestela erranik, ez dute forma propiorik eta aditzoinaren homonimoak dira. Mota horretako partizipioa duten aditzen artean, -n bukaeradunak ditugu: eman, izan, ukan, joan, esan/erran, iraun… Nahiz eta Traskek (1990) proposatu zuen aditz hauek antzina beren partizipioa aditzoinari -i atzizkia ezarriz eratzen zuketela (*eman-i, *joan-i, *izan-i…), euskara modernoan ez da hala, eta beraz, forma bat eta bera dugu aditzoina eta partizipioa esperoko genituzkeen tokietan. Halaxe dira, baita ere, -o bokalaz (jo, eraso, jaso, ito), eta -ki morfemaz (jaiki, jarraiki, eraiki, atxiki; mendebaldean -gi: ebagi, edegi, jagi) bukaturikoak. Badira, halaber, aditz batetik eratorriak iduri ez dutenak, hala nola adjektibo itxura dutenak (hil, erre, ase, busti, bete) eta izen postposiziodunak (atera, lehorrera, lurrera, itsasora). Germanikoari mailegatutako gorde, bota aditzek ere forma bera dute partizipioaren eta aditzoinaren testuinguru arruntetan. Bigarren multzo horretako partizipioak gutiago eta bakanago izanik, hizkera batzuetan -tu atzizki emankorra haietatik zenbaiten artera hedatu da: izandu/izatu, egondu/egotu, bustitu, ateratu, gordetu, botatu, betatu. Bizkitartean, euskara batuan partizipio-atzizkirik gabeko formak erabiltzea gomendatzen da.

Aurreko atalean ikusi dugun bezala (§ 25.1), euskalki askok aditzoina galdua dute, eta beraz, aditzoina erabil litekeen testuinguruetan partizipioa baliatzen dute. Baina partizipioa ez da erabilera horietara mugatzen; atal honetan, beste zenbait baliabide gehiago ere baduela ikusiko dugu.

25.2.2. Partizipioa eta adjektiboa

Hizkuntzalaritzak aspalditik azpimarratua du partizipioaren kategoriaren arazoa. Izan ere, oinarrian aditza izanagatik, erran genezake partizipioa ez dela arras aditza. Partizipioaren eta adjektiboaren artean gertatzen diren zenbait erlaziok adjektiboaren eite handia duela erakusten digute: izen sintagma batean izenondoen lekuan agertzen ahal dira partizipioak, baita perpaus batean predikatu osagarri gisa ere.

25.2.2a Hurrengo adibide hauetan agertzen diren partizipioak izen sintagma baten barnean daude: Bago erorira egurkari guziak laster ari dira (Oihenart); Harri erabilik eztu biltzen oroldirik (Oihenart). Bi adibide horietan erori eta erabili partizipioak, beste izenondoak bezala, izenaren eskuinean ezarriak dira, eta hondarkia haiei zaie lotzen. Molde horretako partizipioak beste izenondo batekin ere elkar daitezke: Haur polit eta ikasi batengana hurbildu nintzen.

25.2.2b Partizipioa predikatu osagarri gisa ere erabil liteke. Euskara zaharrean partizipio soila, hau da, beste markarik gabea genuen halakoetan: Benedikatu dela Jaunaren izena; Ene zezenak eta harakei gizenduak harakeitatu dirade (Leizarraga); Zamariak joan direnian, establia zerra (Zalgize). Gaur egun, berriz, partizipioa predikatu osagarri gisa erabiltzekotan, -a(k), -(r)ik edo -ta atzizkiak lotzen zaizkio, euskalkien arabera: Benedikatua izan bedi Jaunaren izena; Autoa konponduta dago; Gutunak igorririk daude / igorriak dira. Egitura predikatibo horiek erresultatibo ere izendatu ohi dira (Nedjalkov & Jaxontov 1988; Comrie 1976), beste predikatu osagarrietatik bereizteko (ikus 24. kapitulua). Izan ere, partizipioarekin egiten diren predikatuek seinalatzen dute partizipioak, aditz gisa, adierazten duen ekintzaren ondorioa: Etxe hori tindatua da (tindatzearen ondorioa); Liburu hauek salduta daude (saltzearen ondorioa); Atea itxirik da(go) (ixtearen ondorioa) vs Etxe hori itsusia da; Gaur egungo haurrak handiak dira (adibide hauetan adjektiboak egoera bat/kalitate bat adierazten du, ekintza baten ondorioa ez dena).

25.2.2c Aitzineko adibideek erakusten duten bezala, gaur egun partizipioak zentzu pasiboa du gehienetan: (zerbait) ikusia, (zerbait) ikasia. Halere, euskara zaharrean interpretazio aktiboa ere izan zezakeen: O Jainko hoinbertze mirakulu egina, salba gaitzazu; Anitz ikusia, guti ikasia ‘anitz ikusi duenak, guti ikasi du’. Interpretazio aukera bikoitz hori partizipioa oinarri duten egitura perifrastiko zenbaitetan hautematen dugu. Adibidez, Esanik dago perpausak irakurketa hauek izan ditzake: a) oraingoan dena esanik dago, hots, ez da ezer gaineratzekorik (partizipioaren interpretazioa: pasiboa; perifrasiaren balioa: erresultatiboa); b) ez zenuen nahi hark jakin zezan. Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko norbaitek esanik dagoela (partizipioaren interpretazioa: pasiboa; perifrasiaren balioa: erdi-pasiboa); c) ez zenuen nahi Patxik inori esan ziezaion. Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko bati baino gehiagori esanik dagoela (partizipioaren interpretazioa: aktiboa; perifrasiaren balioa: antipasiboa).

25.2.2d Partizipioa -tzat postposizioa harturik ere ager dakiguke predikatu osagarri gisa (ikus § 24.3.5.2a): Bilkura amaitutzat eman zuten; Partida galdutzat emazu.

25.2.3. Partizipioa eta izena

25.2.3a Euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, partizipioa izenaren ereduan ere ager daiteke. Halakoetan, partizipioari dagozkion osagarriak izenak berarekin eramaten dituenak dira, ez aditzarenak, hala nola izenlaguna: Zure esanak ez ditut sinesten; Aitamen erranetarik barna ibili bagina (kantua: Nevadara joan nintzen…); Ororen jakinean; Oiloen jana prestatzen ari da; Zein izan da zure lanaren ekarria?; Begiratu bat emaiozu honi. Delako erabilera ez da, haatik, partizipio guztiena; alderantziz, guti dira izen gisa har eta erabil daitezkeenak, eta dirudienez, ondare zaharreko aditzak dira gehienak: esan, izan, ekarri, jan, edan, itzuli, estali, jauzi, hazi, jauntzi, ebaki, isuriukitu eta begiratu dirateke berri bakarrak—. Bestela erranik, partizipio mailegatuek ez dute izen erabilerarik (*barkatua, *dantzatua), non ez zuten jadanik erabilera hori hizkuntza emailean, adibidez, merkatu. Partizipioetatik sortu ziren izen zenbait lexikalizaturik geratu dira hizkuntzan (esan zaharrak, hilak, irabaziak…), eta beste batzuk partizipio erabilera galdu eta oso-osoan dira izenak (erauntsi, bizi…). Gauza bera esan genezake bi aditz elkarturik moldatzen diren izenez: joan-etorriak, har(tu)-emanak, sal(du)-erosiak

25.2.3b Partizipioa zenbait esaeratan ere agertzen zaigu izen itxurarekin. Hala, ezin-ekin elkarturik, izen bat edo aditz izen bat osa dezake: Ezin egonak hartua zen gure mutila; Utz ditzagun elkar ezin ikusiak eta gatazkak; Aitari ezin mintzatuak kezkatzen ninduen. Halaber, partizipioa aditz izen bihurrarazten dugu huts adjektiboarekin: Frankfurteko jaunak etorriko ziren eta aita ikara batean zegoen bilera horretako emaitzetan pentsatu hutsarekin (J. Zabaleta); Nik ez nuen bide hartatik jarraitu nahi, ezen, izen hura entzun hutsarekin erraiak sutan jartzen zitzaizkidan (Igerabide); Baina ikusi hutsarekin, ukitu gabe, bereiziko ote lituzke esfera eta kuboa? (Olarra). Halere, aditz izena ohikoagoa da testuinguru horretan: Horren ordez, arrazoimena bera eta bere pentsatze hutsa soilik dira nire autugaia (Uribarri); Ekartze hutsa, mila duro kosta zaio (Perurena); Ikuste hutsak poz ematen dit (Perurena). Partizipioa errepikatzean, edo bortxaz eta ariaz-ekin erabiltzen dugunean ere izen itxura du: esanaren bortxaz; ikusiaren ariaz; ikusiaren ikusiaz; Behatuaren ariaz, ikasia bezala nuen (J. Etxepare). Era berean, zenbait aditz zer galdetzailea erabiltzearen ondorioz, arras izen bihurtu zaizkigu: zeregin, zeresan, zerikusi.

25.2.4. Partizipioa mendeko perpausetan

Partizipioa mendeko perpaus jokatugabe zenbaiten aditza da batzuetan. Hori gertatzen da, hain zuzen ere, gorago aipatu diren kasuez bestalde (§ 25.2.2b), erlatibo laburtuetan eta perpaus osagarri eta adjuntu zenbaitetan. Hemen hiru testuinguru hauen deskribapen labur-laburra eginen dugu, perpaus mota bakoitzari dagokion atalean sakonkiago azalduko baitira.

25.2.4a Perpaus erlatiboak labur daitezke adizki jokatua kenduz eta soil-soilik partizipioa utziz (ikus “Perpaus erlatibo jokatugabeak” § 31.5): goizean etorri den gizonagoizean etorri gizona. Mendebaldean eta erdialdean, erresultatiboaren marka (-(r)ik edo -ta) lotzen zaio, eta -ko atzizkia eransten: goizean etorritako gizona; goizean etorririk(a)ko gizona. Zenbait hizkeratan nahikoa izaten da -ko zuzenean eranstea partizipioari, besterik gabe: goizean etorriko gizona; goizean entzuneko gezurra; Pellok aipatuko gizona. Perpaus erlatibo laburtuak modifikatzen duen izen ardatza ezaba daiteke, eta ondorioz, partizipioari zuzenean lotzen zaio mugatzailea: etxean ikusia; umeak ikasia… Halakoetan, duda izan genezake partizipioa arras izen itxuran dagoen ala erlatibo laburtu bat den. Gehienetan molde horretako partizipioen adiztasuna ongi ageri da, partizipioaren ondoan osagarri gramatikalak nahiz -ko gabeko adizlagunak ager baitaitezke: Zuk esana ez da egia; Alkoolari emanek ez dute ardorik edan behar; Atzo Parisen gertatuek harriturik utzi naute. Erlatibatzearen ondorio ez diren partizipioen kasuan, berriz, ez da hautematen ardatzik isildu denik, eta arras izen bihurtuak dira. Adibidez, Badira gauzak gure giza kondizioan saihestu ezin ditugunak, hala nola janean eta edanean hartzen dugun atsegina, gosea edo egarria daukagunean (J. M. Lekuona) perpausean, jan eta edan izen gisa erabiliak dira, baina nekez kontsidera genezake perpaus erlatibo laburtu baten aditzak ditugula. Hau da, ez dugu uste janean eta edanean sintagmetan ardatza isilean dagoenik edo jan eta edan partizipioen nor sintagmari dagokionik. Izatekotan ere, jan-ek eta edan-ek hemen aditz izenaren balioa dutelakoan gaude, hala nola gertatzen baita honako bi adibideotako partizipioekin: Geure ele gaisoa ostikopean darabillen ele arro maminbakoa olan ostikatuta ikusiak neure barru guztia berez gozatu eustan (Kirikiño); Anhiz iana, eta anhiz edana da hontara nakarrana (Oihenart). Azken adibide horretan, Oihenartek ematen duen frantsesezko itzulpenak ez digu zalantzarik uzten partizipioaren izaeraz: “Le manger beaucoup et le beaucoup boire m’a réduit à ceci”. Beste kasu batzuetan, dudazkoa da nola sortu den partizipioaren izen erabilera; izan aditzarekin, esate baterako. Zenbaitetan erlatibatzeari dagokiola iduri luke, baina besteetan, ordea, ez: Ez izana ez da baitezpada ezin izana (Hiriart-Urruti gaztea); Honek dute alegrantziaren izena eta izana, eta gaiztoek izena eta ez izana (Axular). Lehenbiziko adibidean, izana aditza dela pentsa daiteke, horren ordez, Ez gertatua ez da baitezpada ezin gertatua esan baikenezake. Bigarren adibidean, berriz, izana aditz izenari dagokiola ematen du, izate edo izaera-ren balioa baitu. Soziatiboaren marka lotzen zaiolarik, partizipioak maiz hartzen du balio hau: Harrituarekin geldi-geldia zauden (Lafitte).

Zenbaitetan, partizipioa oinarri duten erlatibo laburtuak aposizioen eraikitzeko erabiltzen ditugu: Atso bi, jeiniñoz erre-erreak, alkarregaz asarratu dira (Kirikiño); Sinaico mendian eman zien legea, letraz ezarria, eta deitzen zaio Moisesen legea (Agirre Asteasukoa). Hauetan partitiboa ere lotzen ahal zaio partizipioari: Edan niro basoa beterik (kantua: Nik badakit…). Batzuetan, aposizioan diren perpaus jokatugabe horiek beren autonomia hartzen dute, eta bakarrik agertzen dira, maiz halako balio adberbiala hartzen baitute (maizenean kausazkoa edo kontzesiboa): Aita-amek hain artoski altxatua, ez diotet ahalgerik eman nahi (Lafitte); Arras gosetua (goseturik), ostatu batean sartu nintzen.

Partizipioa erlatibo libro laburtu batean ere ager daiteke egin aditzarekin, norbaiten alegiazko jarrera adierazteko: Ez ikusiarena egin zuen. Hor, ikusi ez duenaren itxura edo gisa horretako erlatibo baten aditza da ikusi.

25.2.4b Partizipioa perpaus osagarri zenbaitetan ere kausitzen da. Modalitate predikatu batzuek (behar, nahi, gogo…) partizipioa buru duen perpaus jokatugabea hartzen dute osagarri gisa: etorri behar duzu; joan nahi dut; ikusi gura duzue; mintzatu gogo dugu; etorri gogo zuen. Ekialdeko euskalkietan uste-rekin ere agertzen ahal dira horrelako perpausak: Saindu batek bezala hil uste duenak… (Axular). Halaber, predikatu psikologiko zenbaitek (barkatu, oroit, urriki ukan…) partizipiozko perpausa dute osagarri; kasu horretan, partizipioa partitiboarekin edo artikulu singularrarekin agertzen da: Barkatu berant jinik (= berandu etorria); Oroit naiz han ikusirik; Kontent naiz zure ezagutza eginik; Pozten naiz zu ikusia; Nik zer kulpa daukat zuk seme asko hazia? Halakoetan, egoera burutu bat adierazten du partizipioak, egoera burutugabe bati erreferentzia egiteko beste adizki jokatugabe bat erabiltzen baita, aditz izena instrumentalean, hain zuzen: Kontent naiz zu(re) ikusteaz (agurtzean) vs Kontent naiz zu ikusirik (despeditzean). Preseski, balio burutu horren indartzeko, euskalki zenbaitek izana gehitzen dute partizipioaren ondotik: Kontent naiz zu ikusi izana; Damu dut egia esan izana; Dolu dut azartu izana. Aholku baten emateko, hobe izan lokuzioak ere partizipioa har dezake osagarri gisa, absolutiboan edo partitiboan: Hobe duzu han berean egon/egonik; Ixil hobe huke atxiki mihia (Goihetxe). Kasu horretan, partizipioak ez du balio aspektual berezirik ekartzen eta aditz izenaren baliokidea da: Hobe duzu han berean egotea. Eskerrak emateko, ekialdeko euskalkiek partizipioa buru duen osagarria erabiltzen dute, partizipioak partitiboa duela: Milesker zure sustengua emanik; Milesker honaino jinik.

25.2.4c Perpaus adjuntu zenbaitek ere partizipioa dute (azterketa sakonago baterako, ikus § 23.3.1h). Zehatzago, partizipioa postposizio batekin ager dakiguke: ikusi arte (artio, artino); zuk egin artean (bitartean); aita etorri ondoan (ondoren, ostean); bazkaldu eta; bazkaldu aitzin(ean) (aurretik); ama heldu ordu(ko); hau egin lekuan (beharbidean, ordez); ikasi faltan; haurrak sartu arau (ahala); lan eginarren; lan eginagatik. Sail berean sar genitzake denborazko edo moduzko erkaketak: lokartu bezain laster (sarri, fite…); hautsi baino lehen; etorri bezala joan zen. Gauza bera suertatzen da partizipioa gabe-rekin erabiltzen denean: Ni ondoan esertzen nintzaion, ohe ertzean, kontu handiz zangoak azpian hartu gabe (Saizarbitoria); Gezurra esango nuke dardara egin barik ikusi nituela esango banu (Jimenez). Ekialdean denborazko balioa ere izan dezake zenbait aldiz itzuli honek: Bero bat izigarria baitzen, etxerat heldu gabe, bere burra guzia urtua zuen (Barbier) (= heldu aitzin). Partizipioa forma hutsean agertzen da nahiz eta erabiliz moldatzen diren kontzesibo jokatugabeetan ere: Nahiz eta handia izan, ez zen apalera heltzen.

Kasu horietaz aparte, partizipioa perpaus adjuntuetan aurkitzen delarik, partitiboarekin, edo postposizio batekin agertzen da. Preseski, maiztasun handiarekin agertzen zaigu partitiboaz markaturik aurrekotasuna eta modua edo bidea adierazteko: Ele horiek entzunik, etxera itzuli nintzen; Sardea tripan sarturik hil zuen (Lafitte). Baina ere partikula darraionean, kontzesiboa markatzen du: Hortakotz ere Gilenen gaixtakeriek hanbat min eginik ere, ixilik egon behar (E. Etxamendi); Nornahik esanik ere, ez nezake sinets. Jakina, partitiboaren lekuan -ta ere erabil daiteke, hau da, mendebaldeko eta erdialdeko bigarren erresultatibo marka: Aurretik doa bera, eta ni eskutik helduta narama (Aristi); Alde eginda ere, beti aurkitzen gaituztela, beti itzultzen garela autora (Atxaga). Instrumentala partizipioari erantsiz, modua edo bidea adierazten duten perpausak molda ditzakegu, honako adibideotan ikusten den legez: Lan eginez ikasi egiten da; Zurekin mintzatuz anitz ikasi dut; Bertze bat, piltzarrez lepo beharriak kukutuak ipar haizeak azpitik goiti daldaratuz, ukurturik badoana (J. Etxepare). Halakoetan instrumental mugatua lot dakioke partizipioari: Zurekin hitz eginaz asko ikasi dut; Bihamon goizean deitu eban, “hemen nago holantxe eta holantxe” esanaz (X. Amuriza). Instrumentalaren ondoan bat(era) agertzen bada, perpausak denborazko balioa hartzen du: Irakaslea sartuaz batera, ikasleak isildu egin ziren; Hitzak esanaz batera, leihorantz jiratu zuen burua (Gorrotxategi). Haatik, partizipioa instrumentalean gero((z)tik) postposizioarekin batean agertzen bada, perpausak kausazko edo denborazko balioa izan dezake: Aitak erranez geroz, sinetsazu (Lafitte); Lagunak joanez gero bakarrik egon naiz; Algar ikusiz geroz, urte bat igaran da (Casenave-Harigile).

25.2.5. Partizipioa juntadura perpausetan

25.2.5a Hegoaldeko euskalkietan, bi adizki analitiko koordinatzen direnean, maiz lehen adizkiko laguntzailea isiltzen da, eta adizki nagusiak partizipioaren itxura hartzen du. Horrela, partizipioa aditz izenarekin edo partizipio prospektiboarekin elkar daiteke, aurretik doanean: Gauza asko ikusi eta entzuten du; Ikusi, entzun eta ezagutuko balute ere, halako agerpen fantasmagoriko bat senide, ahaide, adiskide eta burkide zaharren osasunerako kaltegarri izan zitekee[n] (J. L. Zabala). Koordinazio mota bera dugu adizki analitiko bat adizki sintetiko batekin elkartzen delarik: Tentel aldra bat, erderas ‘intelectuales’ izena eurentzat artu ta darabillenak (Kirikiño). Bi perpaus jokatugabe elkartzean ere, lehenean partizipioa ager daiteke: Bere izate morala zartatu eta erortzen sentitu zuen (Aldasoro); Florak apaletan flasko, pote eta gainerakoak kendu eta jartzean ateratzen zuen hotsa (Saizarbitoria); Ezin du gehiago eskatu herriak, bere burua egia eta gezur bete horiekin entretenitu eta apaintzearekin aski baitu (Perurena).

25.2.5b Gorago deskribatu bezala (§ 25.1.3), ekialdeko euskalkietan koordinazioa beste gisa batez gauzatzen da. Bi adizki analitiko edo bi perpaus elkartzen direnean, lehen aditzak partizipioaren itxura baino, aditzoinaren itxura har dezake —eta laguntzailea isil, adizki analitikoaren kasuan—. Hala ere, mintzo hauetan, bi adizki analitiko koordinatzean arruntagoa da bigarren laguntzailea isiltzea; kasu horretan, adizki nagusiak bere aspektu marka begiratzen du: Etxera itzuliko naiz eta segidan lanari lotuko; Goiz guziz ikusten dut eta elekatzen. Perpaus jokatugabeak elkartzean ere bakoitzak bere postposizioari eustea da ohikoena, nahiz eta koordinazioaren lehen partean partizipioa duen adibiderik biltzen den literaturan: Auto baten saltzeko edo erosteko; Ikusi nuen haur bat baratzean sartzen eta enegana hurbiltzen baina Hemen berean nintzen, oilaskoak lumatu eta husturik, apailatu nahi nituen (Lafitte); Gehiegikeria horiek entzun eta ikustean, Frantzisko dohatsuak, esan bezala, errieta egiten zien eta halakorik ez egiteko agintzen (Asisko Frantzisko).

25.2.6. Beste erabilera zenbait

25.2.6a Partizipioa aipamenezko forma da egungo hizkera guztietan, bai erdarazko aditz baten ordaina ahoz ematean, bai hiztegietan. Ez bide da beti hala izan, Erronkaribarrean eta Zuberoako herri batzuetan aditzoina bildu izan baita. Gogoan izan dezagun, baita ere, Iparraldeko hiztegi zahar askotan aditzak aditz izenaren itxuran agertzen direla.

25.2.6b Desafiatzeko baietz edo ezetz erabiltzen da, eta hizkera batzuetan ikusmiran ezartzen den gertaera edo ekintza partizipioaren bidez adierazten da: Larri ibilli baietz (Kirikiño); Ezetz harri hau altxatu; Ezetz harrapatu!; Apustu egingo dizut nirea baietz bota arbola-ipurdi hura baino urrutirago (I. Mendiguren).

25.2.6c Partizipio huts-hutsa erabil daiteke egin eta irudi-rekin ere: Badakit […] ez ikusi egingo deutsazuna (Otxolua); Ez ikusi iduri eginik (Axular).

25.2.6d Tituluetan eta zenbait modismotan ere partizipioa adizki laguntzaile barik erabiltzeko joera izaten dugu. Hala ere, behar izanez gero, geroaren marka erants dakioke horrelakoetan: Eusko Jaurlaritza bihar bilduko; Poliziak 200 kg heroina aurkitu; Geroak erranen; Gero ikusiko; Ikusiak ikusi; Erranak erran; Abiatuan abiatu; Hasian hasi (J. B. Etxeberri); Sartuan sartu (J. B. Etxeberri).

25.2.6e Forma jokatugabeak fokalizazio baten ondorioz ere ager daitezke. Zenbaitetan partizipioa dugu orduan kausitzen, eta beste batzuetan, berriz, aditz izena: Lapurrak ba geure gauzea ostatua daroa bana geu ez garoaz, ta barriz, bakaldun orrek dagiena da: gizonak eurak ostu osagun guztiakaz, gizonai aberria ostu (Kirikiño); Ez dauke gogoan beste gauzarik: il, erre, apurtu, kiskaldu, birrindu, ezereztu, … Odola ixuri, negar eragin, ikaratu ta beldurtu mundu guztia (Kirikiño); Sobera akitu gabe egin zuten errepublikanoek erresumaz jabetzea (Hiriart-Urruti gaztea); Bertze gauza bat, erreboluzioneko gizonek, gure mendean egiten dutena da kargu guzietarik khentzea Eliza gizonak, berak heien orde edo plazan emaiteko (M. Elizanburu).

25.2.7. Partizipioa oinarri duten adizki analitikoak eta perifrasiak

25.2.7a Ugari dira partizipioa oinarri duten egitura analitikoak. Lehenik, partizipioa bere forma soilenean —hau da, atzizkirik gabe— oinarri dutenak daude. Hauen artean, [-tu + izan/*edun] adizkia da segurki ezagunena. Laguntzailea tempus edo aldi orainean duela, perfektua edo iraganaldi hurbila adieraz ditzake (ikus § 26.6.1.1.2 eta § 26.6.1.2.2); laguntzailea aldi iraganean jokaturik, berriz, iraganaldi burutua adierazten du (§ 26.6.1.2.2): Dimisio-gutuna idatzarazi dit; Goizean ogia erosi dut; Lehendakari berria iaz ezagutu nuen; Etxera iritsi zenean, konturatu zen egoera aldatu zela. Egitura analitiko birkonposatuek ere partizipioa dute oinarri (ikusi izan dut; erran izan/ukan dut) (ikus § 26.6.1.1.2), baita erdi-pasiboek ere (jantzi asko haurrek eginak dira) (§ 23.2.2.8.3).

25.2.7b Euskalki arkaiko guztiek ohitura adierazteko adizki analitiko berezi bat zuten, partizipioaz eta joan (intrantsitiboekin) eta eroan, eraman (trantsitiboekin) laguntzaileez osatua: Ao itxian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia (RS 123); Mundu honec anhiz gende enganatu darama (Etxepare). Forma horrek XIX. mendera arte iraun zuen Bizkaiko xoko zenbaitetan: Olaetxea (1763), Añibarro (1821) eta Mogelen (1881) testuetan nasaiki biltzen da, eta Astarloak (1803, 1883 [1805]), Añibarrok (1969: 77) eta Zavalak (1848) deskribatzen dute beren gramatiketan (ikus, halaber, Azkue 1923-1925: § 883, § 934).

25.2.7c Mendebaldeko hizkerek [aditzoina + *ezan] adizkia XVII. mendean berean baztertu zuten, [partizipioa + egin] adizkiaren onetan. Orduz geroztik, beraz, azken molde analitiko hori erabiltzen da indikatiboaz bestelako moduetan, hau da, subjuntiboan (nahi dut egin dagien), aginteran (hartu egizu!; topa dagigun!) eta ahaleran (esan daikezu). Partizipioa eragin oinarri duen egitura arazleetan ere erabiltzen da hizkera hauetan (§ 23.2.1.2 eta Euskaltzaindiaren 23. araua, “Arazi”): Ballet mécanique filmean Fernand Léger-ek ziburu baten muturrean jarri zuen kamera bat, eta filmagaitik urrundu eta hurbildu eragin zion, mugimendu hori inolako begi diegetikori atxiki ezin zitzaiola (J. Zabaleta).

25.2.7d Partizipioa instrumentaleko postposizioaz jantzirik ageri zaigu [-tu(a)z + joan] perifrasian. Aldaketa gradual baten berri emateko erabiltzen da: Edertuz doa eta hedatuz Baionako hiria (Hiriart-Urruti); Antton jauna gero eta zaharrago bilakatuz doa (U. Apalategi); Babazuza eta harrizko uri bat heldu da etxeko berinen xeakatzerat eta galernaren hasarredura berratuz doa (Daskonagerre).

25.3. Aditz izena

25.3.1. Formak eta erabilerak

25.3.1a Aditz izena aditzoinetik eratorria da, euskalkien eta garaien arabera, -te, -tze, edo -(k)eta atzizkiak gehituz. Euskara batuan, -te eta -tze dira aditz izena eratzeko erabiltzen diren atzizkiak (ikus Euskaltzaindiaren 85. araua: “Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma”). Zehatzago:

Aditzoina -n kontsonantez eta txistukariz bukatua duten aditzek -te atzizkia hartzen dute: egonegote, irauniraute, emanemate, izanizate; hazhazte, ikasikaste, hauts(i)hauste, euts(i)euste, hobetshobeste

Gainerakoek -tze atzizkiaren bitartez osatzen dute aditz izena: etoretortze, harhartze, jojotze, edukiedukitze

25.3.1b Molde horretan eratutako izen multzo zabal bat bada euskararen lexikoian, adibidez, haste, sartze, sineste, sortze… (ikus § 4.5.9, § 30). Izen horiek izen sintagmako ardatz nagusia dira, eta beraz, izenlaguna eta adjektiboa har ditzakete, izen ororen gisan: Liburuaren hastean orri bat falta da; Ez dezagun gal geure arbasoen sineste sendoa; Sartze guztiak hertsiak izanez gero, kanpoan gelditu ginen.

25.3.1c Baina aditz izena perpaus jokatugabeetan erabiltzen da gehien. Horietan badu, bai aditzetik, bai izenetik. Gainera, izaera bikoitz hori ez da beti modu berean gauzatzen, perpausen eta euskalkien arabera, batean izen baten gisan erabiltzen baita, bestean aditz baten itxuran. Hala erakusten digu, behintzat, osagarri gramatikalen eta adizlagunen tratamenduak. Adibidez, zenbaitetan, subjektuari dagokion izen sintagma genitiboan agertzen da (izenlagun gisa, beraz), eta beste batzuetan, berriz, kasu gramatikal batekin (ergatiboan nahiz absolutiboan): mendizaleen jaustea / mendizaleak jaustea. Halaber, zenbaitetan adizlagunei dagokien sintagmak -ko atzizkia hartzen du (izenlagun bilakatuz): menditik jaustea / menditikako jaustea. Objektu zuzenari doakion sintagmaren tratamendua ere aldakorra da: batzuetan absolutiboan da, besteetan genitiboan (ekialdean), eta beste zenbaitetan kasu markarik gabe, izen elkarketa bateko elementu modifikatzaile izaki: biperrak biltzea / biperren biltzea / biper biltzea. Ohargarria da, aditz izenen kasuan, subjektuaren, objektuaren eta adizlagunen tratamenduak ez datozela beti bat perpaus berean. Adibidez, aditz intrantsitiboekin gerta liteke subjektua genitiboan agertu arren, adizlaguna -ko gabe gelditzea, hau da, aditz izena izen gisa agertzea subjektuaren eratzean, eta aditz gisa adizlagunaren aurrean: mendizaleen menditik jaustea. Halaber, aditz trantsitiboekin subjektua ergatiboan erabili arren, objektu zuzena dagokion kasu gramatikalean (absolutiboan) agertu ordez, genitiboan azal dakiguke (izenlagun baten itxuran, beraz): haurrek paper zikinen biltzea. Erran gabe doa lehen kasu horretan aditz izena oso-osorik izen zein aditz gisa tratatzea ere zilegi dela: mendizaleak menditik jaustea vs mendizaleen menditikako jaustea. Halaber, aditz trantsitiboekin, objektua absolutiboan ezar daiteke, aditz izena arrunt aditz gisa erabiliz (haurrek paper zikinak biltzea), edo, bakanago gertatzen bada ere, izenen moduan ere trata daiteke aditz izena, objektua elkarketa batean sarraraziz eta subjektua genitiboan emanez: zure liburu saltzea (edo haurren paper biltzea).

25.3.1d Aditz izena perpaus jokatugabe mota askotan ager daiteke, horretarako, kasu edo postposizio jakin batzuk gehitzen zaizkiola. Hemen, aditz izenak dauzkan erabilerak kasuz kasu eta postposizioz postposizio zerrendatzera mugatuko gara, horietatik bakoitza berriz tratatua izanen delako mendeko perpaus jokatugabeei dagokien atalean.

25.3.2. Aditz izena eta kasuak

Aditz izena ergatiboan, absolutiboan, partitiboan, datiboan eta genitiboan ager daiteke.

25.3.2a Aditz izena ergatiboan agertzen denean, aditz trantsitibo baten subjektua da: Hura zurekin ikusteak harritu ninduen; Idazle zaharren irakurtzeak munta handia du guretzat. Ohart gaitezen, dena dela, balio izan, plazer egin bezalako predikatuekin aditz izena absolutiboan ere ezar daitekeela: Ez du balio horrenbeste lan egitea / Ez du balio harrituarena egiteak (Landart); Plazer egiten dit zure ikusteak (X. Arbelbide) / Plazer egiten du solas batean onartua izatea (Luku).

25.3.2b Aditz izena absolutiboan izatekotan kasik beti mugatua da, eta agertzen den perpausa aditz trantsitibo baten objektua edo aditz intrantsitibo baten subjektua izan daiteke: Hemendik joatea debekatu digute; Aitari esatea ahantzi dut; Eder da herriarentzat hiltzea (Lafitte); Laket dut haurrarekin jolastea. Zenbait predikaturekin (gaitz izan, neke izan, erraz izan…), mendeko perpauseko aditz izena absolutiboan beharrean inesiboan ager daiteke: Errex da erortzen, gaitz da berriz xutitzen (Lafitte); Gaitz da ba ulertzen (Kirikiño). Ekialdean, behar-ekin aditz izena forma hutsean geldi daiteke: Ez dut errate beharrik; ez zela urrun joaite beharrik hortako (Etxarren); Hil ala biziko egokitze beharra (X. Videgain).

25.3.2c Partitiboa guti erabiltzen da izan, ukan, egon eta eduki aditzekin ez bada. Ahala edo beharra adierazten da horrela, sarritan: Ez dago harekin hitz egiterik; Opor onen pasatzeko ez duzu urrun joaterik; Horretan ez egoan sartzerik (X. Amuriza); Nik hona etortzerik ez banuen zu niregana joango zinela ziurtatzen zenidan (X. Mendiguren Elizegi).

25.3.2d Aditz izena datiboan agertzen da, datiboa manatzen duten aditzen osagarria delarik: Modu horretan hitz egiteari barregarri deritzot; Etxeko lanak egiteari ekin zitzaion; Gurasoek ere hitz egiteari utzi diote (Lertxundi); Nola dabilan jakiteari behatu gogo naiz (J. Etxepare). Joera bat adieraz dezake eman aditzarekin (edateari emana), eta ari izan aditzarekin ager daiteke: Badira ere beharrik beste batzu […] ari direnak fedearen argitzeari eta itxura berritzeari (Hiriart-Urruti gaztea).

25.3.2e Aditz izena genitiboan kausitzen dugu zenbait predikaturekin edo postposiziorekin: Montmartren liburu-saltzaile izateak ez du antzik, noski, Tolosako legebiltzarreko kide, Auzitegi Goreneko kargudun, eta Ediktuen Ganberako komisario izatearen aldean (Jon Muñoz); Kanpoan egotearen eta alkohol gehiegi edatearen bortxaz ahuldutako soinek ez zuten ihardukitzeko kalipurik (Borda); Errusia orain arte Georgian izan duen eragina Washingtonen mesedetan galtzearen beldur da (Berria). Genitiboa behar-ekin ere erabil daiteke, batzuetan mugagabean: Ez dut esate(a)ren beharrik; Hainbat hobe: gisa huntako lanek baitute beti osatzearen eta hobetzearen beharra (Duhau).

25.3.3. Aditz izena eta postposizioak

Aditz izena hainbat postposizio erantsirik ager dakiguke, hala nola instrumentala, soziatiboa, inesiboa, ablatiboa, adlatiboa, muga adlatiboa edo -ko, -agatik, -arren postposizioak.

25.3.3a Aditz izena instrumentalean ere ager daiteke. Zubereraz, moduzko perpaus jokatugabeak osatzeko erabiltzen da, baina betiere mugagabean: Lastoa ikusi bezain sarri, arrotza ahospez etzan zen lastoaren gainean, hasperen baten egitez (Davant); Ortografian iñ erabiliko dügü lapurtar xixtema erdizka hartzez (Peillen). Instrumentala manatzen duten predikatuek aditz izena instrumental mugatuan hartzen dute: Pozten naiz zu hemen ikusteaz; Biltzarraren antolatzeaz arduratu da; Ahalegin berezi bat egiteaz mintzatu ziren; Haurrei tratu desonestak egiteaz akusatua izan da (Herria); Ohartu da bere huts egiteaz; Ez naiz fio harekin joateaz. Aditz izena instrumental mugatuan postposizio batekin ere ager daiteke (gero, gain(era), bestalde): Etxera itzultzeaz geroz zoriontsu da; Etxea garbitzeaz gain, afaria prestatu zuen; Han eskola egiteaz bertzalde doktoragoa apailatu zuen (Lafitte).

25.3.3b Aditz izena soziatibo mugatuan ezar daiteke denborazko balio baten erdiesteko (cf. herriko bestak larunbatarekin hasi ziren): Egun handia hurbiltzearekin, kezkek ez zioten gogoa pausatzera uzten (Bidegain); Planta hartan ikustearekin, amak erraiten dio: “Bainan ez duk beraz sekulan deusik ongi eginen?” (Barbier). Aldiberekotasuna adierazteko, batera/batean postposizioa gehitzen zaio soziatiboan den aditz izenari: Tontorra ikustearekin batera mendizalea zorabiatu zen; Eta madarizione hoi erraitearekin batean, itsusi itsusia, farrandaka, Laminhandi bat joan zitzaioten su-phizkiari goiti (Barbier).

25.3.3c Aditz izena inesibo mugagabean edo mugatuan ager daiteke. Jakintza edo hautemate aditz zenbaitek inesibo mugagabea (-t(z)en) eskatzen dute perpaus osagarrian (besteak beste, ikusi, entzun, hauteman, jakin, ikasi, aditu, ahantzi/ahaztu); kasu horretan, aditz izenaren subjektua eta perpaus nagusiko aditzaren argumentuetarik bat erreferentziakideak dira: Sartzen entzun dut; Ingelesez mintzatzen ikasi duzu; Ebasten ikusi dut. Gisa berean, ohitu, usatu, utzi, lagundu (mendebaldean), izan, egon aditzekin perpaus osagarriko aditz izena inesibo mugagabean dago: Lagundu zidan autoa konpontzen; Horrela lan egiten ohitua naiz; Ura irakiten utz ezazu; Izan da aitaren ikusten; Egon da kabalak zaintzen. Aditz horietarik batzuek beste aditz izen mota bat ere har dezakete osagarri gisa, eta modu horretan, beste ñabardura semantiko bat ekarri. Adibidez, ahantzi/ahaztu aditzarekin bereizketa bat ageri da aditz izena inesibo mugagabean izan ala absolutibo mugatuan izan: Josten ahantzi dut (zait) (= Ez dakit gehiago josten) vs Aitari esatea ahantzi dut (zait). Halaber, ekialdean, utzi aditzak aditz izena adlatiboan ere har dezake (§ 25.3.3e): Utzi du ura irakiten (= irakiten ari dela utzi du suaren gainean) vs Utzi du ura irakitera (= ura suaren gainean ezarri du irakin artean). Azkenik, aditz izena inesibo mugatuan, denborazko perpaus jokatugabearen ardatz gisa erabiltzen da: Aita lanetik sartzean zurekin joango naiz.

25.3.3d Predikatu batzuek perpaus osagarriko aditz izena ablatiboan izatea eskatzen dute (gelditu, gibelatu…): Hara joatetik gibelatu ditut; Deusek ez du gibelatu etsaia haren azken egunak nahigabeaz eta kriestasunez pozoindatzetik (Hiriart-Urruti); Ez omen zen irri egitetik gelditu hogei-ta-lau orenez (Trounday). Gisa berean, etorri-k ablatibozko postposizioaz jantziriko aditz izena har dezake: Euskaldun izatetik datozkigu horiek oro; Emakume horietako batekin egotetik zetorren (Zaldua).

25.3.3e Zenbait aditzekin eta predikaturekin aditz izena adlatiboan dago (joan, etorri bezalako mugimendu aditzak, lagundu (ekialdean), utzi (ekialdean), prest izan, lehiatu, deliberatu…): Aitaren ikustera joan behar dut; Honelako bati lotzera prest naiz; Hobeki ikastera berma zaitez. Mendebaldean, mugimendu aditzekin inesiboa erabiltzen da adlatiboaren ordez (§ 25.3.3c): Joan behar dot aita ikusten; Etorri da zugaz berba egiten. Ekialdean, inesiboa eta adlatiboa txandaka ager daitezke, adierazi nahi denaren arabera; oro har, adlatiboa helburuaren ideia hobeki markatzeko erabiltzen da: Ikastera ari da (Lafitte); Sinets ongi […] elizaren begiratzerat ari direnek miletan kalte gutiago egiten diotela erlisioneari, ezen ez eliza barnetik etsaiaren laguntzen, hari indar emaiten ari direnek (Hiriart-Urruti). Adlatiboa adizlagun baten osatzeko ere erabil daiteke; orduan perpausak baldintzazko balioa hartzen du: Jakitera, han gelditu nintzatekeen. Adlatiboari -ko genitiboa lotzen zaionean, izenlagun bat edo adizlagun bat moldatzen da: kantatzerako apailuak (Lafitte); kantatzerako momentuan. Halakoetan, izena maiz ezabatzen da eta, gisa horretan, denborazko balioa duen adizlaguna sortu: hasterakoan; eskolara abiatzerakoan; guk bazkaltzerako, lan horiek bukatuak egongo dira.

25.3.3f Aditz izena muga adlatiboan agertzen delarik, ekintzaren bukaera hartzen da denbora muga gisa: Boza galtzeraino kantuz segitu zuten. Hemen ere -ko lotzen ahal zaio adizlagunari eta, gisa horretan, izenlagun bihurtu: hiltzerainoko oinazeak (Lafitte).

25.3.3g Aditz izenean maiztasun handikoa da -ko postposizioa. Alde batetik, izenlagunak molda ditzake: Zati honetan hartu dut gauza horren kausa azaltzeko xedea (Xarriton); Partidaren ikustera joaiteko baimena (J. Etxepare). Bestetik, adizlagunak, destinatiboaren balioa dutela: Sosa behar duzu, erosketen egiteko; Ingelesa ikasteko, hoberena, bertara joatea da. Azkenik, predikatu gisan ere ager dakiguke izan eta ukan aditzekin batera; gehienetan artikulua eransten zaio aditz izenari: Hemendik laster Ameriketara abiatzekoa naiz; Xede horren sustenguz manifestaldi bat egitekoa zuten Iruñean joan den larunbatean (Herria). Zenbaitetan aditz izena + -ko forma lexikalizatu egin da arras, eta izen hutsa da (egiteko, esateko, joateko, jateko, edateko…): Xorieri beha? Izanen dut bertze egitekorik! (Barbier); Alta ez zen orduan orain baino jateko eta edateko gehiago (Aintziburu); Eta balukek hor erraiteko frango (Dagorret). Eleak eta aginduak zeharkako diskurtsoan ekartzen direlarik, -ko postposizioa duen aditz izena erabiltzen da konpletiboen osatzeko: Amak hara joateko esan du; Ikasteko erran zigun; Andu Lertxundi, Inazio Mujika, Jorje Giménez, Juan Garzia eta Joxe Azurmendi aritu izan zaizkit urteetan euskaraz idazteko esaten (Zulaika). Helburua, baldintza nahiz denbora adierazteko, -kotan bukaerako aditz izenak hobesten dira maiz: Hara joatekotan erosi dut; Hara joatekotan erosiko nuke, bestela ez; Abiatzekotan ginen, euria hasi zuelarik. Helburua adierazteko, -kotzat eta batzuetan -ko(t)z ere lekukotzen dira. Azken horrek, halere, baldintzazko edo kausazko balioa izan dezake (ikus § 34.10): Jitekotz, zatho berehala (Lafitte); Mintzatzekotz, behar da zerbait erraiteko (J. Etxepare); Joaitekotz, aski goiz hobe dik deliberatzia (Larzabal).

25.3.3h Kausazko perpausetan, aditz izenak -agatik hartzen du euskalki gehienetan. Mendebaldean -arren postposizioa dago horren ordez: Ez habe euskaraz berba egiteagaitik fusilatuko (J. L. Zabala); Nik neuk ere ez nuen nahi Santesteban-era lehengusua ikustearren igo eta Basurtoko Joan Sanz ikusi (Jimenez).

25.3.4. Beste erabilera batzuk

Aditz izena egitura analitikoetan ere agertzen baita (§ 25.3.5), adizki laguntzailea ezabaturik egon daiteke batzuetan; adibidez, koordinazioan, galderetan, legendetan: Ondo ikasten zuen, eta gero gogoan atxikitzen; Lagunak mendira buruz abiatzen (argazki baten iruzkina); Ikusten? Zenbaitetan koordinazio baten ondoan, aditz laguntzailearen ezabaketak zirkunstantzial bat moldatu du: Nausiak kargua khentzen-eta zer egin orai? (Leon). Beste zenbait esapidetan, aditz izena absolutibo mugatuan agertzen da; harriduretan, esaterako: Hori sinestea ere!; Heien harritzea! (Hiriart-Urruti gaztea). Azkenez, aditzari indar emateko ere balio dezake, fokalizazio moduan: Egizie bertset hoien khantatzia (Etxahun); Irea oraintxe jasotzea egin diat (Lizardi); Entzutea badut; Irakurtzea egin nezake (Lafitte). Azkenik, zenbait esapide berezitan ere aurkitzen dugu aditz izena: Ba dabil ibilli […] bere garunak ortu bearrez oldoztearen oldozteaz (Kirikiño); Onetan, dart!, itxartu nintzan oean, buru guztia durundituta amesetearen ameseteaz (Kirikiño). Jakina denez, partizipioarekin ere egiten da itzuli bera: ikusiaren ikusiaz25.2.3b).

25.3.5. Aditz izena oinarri duten adizki analitikoak eta perifrasiak

Ezbairik gabe, aditz izena da perifrasi berriak sortzerakoan gehien erabiltzen den adizki jokatugabea. Gehienetan inesibo mugagabean dago, baina adlatiboan eta datiboan ere ager liteke.

25.3.5a Euskalki guztiek [-(t)zen + izan/*edun] adizki analitiko burutugabea erabiltzen dute (ikus § 26.3.4, § 26.6.1): Ez zaitut ongi ikusten; Treinaren txistu bizia oihanean ere entzuten zen.

25.3.5b Ekintzaren progresibotasuna adierazteko, ekialdeko hizkerek [-t(z)en + ari izan] perifrasia erabiltzen dute; mendebaldekoek, berriz, [-t(z)en + egon], [-t(z)en + ibili] edo [-t(z)en + jardun] (ikus § 26.4, § 26.6.1): Haurrekin jostatzen ari da; Entzuten dago; Ikasten dabil; Ikasten dihardu.

25.3.5c Ekialdeko hizkerek [-t(z)er + izan/*edun] perifrasia dute gutitarik gertatu ez dena adierazteko: Urrunago, berriz bazoazilarik, zabal zabala erortzer zen JonDoni Petri, behi-ongarri baten gainean lerraturik (Barbier); Don Angulok erraiter zuen “eske jina”, zuzendu zuelarik hitza (J. Irigarai); Erien etxean sartzean halako usainak sudur guzia bete zautan nun alditxartzer bainintzen (Zerbitzari).

25.3.5d Etorkizun hurbil-hurbilean gertatuko dena [-t(z)era + joan] perifrasiaren bitartez ematen dute euskalki gehienek (ikus § 26.6.1.3): Urte batez beraz, “Jauneriaren” beha geundelarik gertakari arraro batek arras hunki ninduen eta hitz bat edo biz aipatzera noa (Landart); Esatera nindoan esaldia musu batekin itoko zidan (Joxean Agirre); Eta orai berriz biziari lotzerat doa, amodio berri batez sustaturik (J. B. Etxepare); Ixil, ene arima, konplitzera doa misterio handia (Intxauspe).

25.3.5e Halaber, [-t(z)eari + egon/eduki] perifrasiek gogo bat edo burutzeko puntuan den gertaera bat adierazten dute: Partitzeari nengoen hura etorri zenean ‘partitzeko asmoa nuen etorri zenean’; Ithotzeari banaukan ‘hura itotzekotan nintzen’ (Lafitte).

25.4. Partizipio prospektiboa

Partizipio prospektiboa partizipioari -ko atzizkia gehituz eratzen da: lagunduko, ikasiko, ekarriko, zapuztuko, beteko… Partizipioa -n-z amaitzen bada, atzizki horrek -go forma hartzen du: jango, izango, esango, irtengo… Aldiz, -l-z amaitzen bada, -ko nahiz -go, biak dira zilegi. Ekialdean, partizipioa -n /-l-z amaitzen direnekin -en atzizkiaz baliatzen dira partizipio prospektiboa erdiesteko: jinen, ukanen, hilen… (ikus Euskaltzaindiaren 85. araua: “Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma”).

Delako forma jokatugabearen erabilera izugarri mugatua da; euskararen geroaldiko forma nagusia den [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoan baizik ez da erabiltzen: etorriko da; eginen/egingo du (ikus § 26.3.2.3, § 26.6.1.3). Gerta liteke, laguntzailea isildurik, bakarrik agertzea: geroak erranen; ageriko; gero ikusiko. Ez dezagun azken erabilera hori nahas § 25.2.4a atalean aipatu erlatibo laburtuekin (Pellok aipatuko gizona; Atzo erosiko edariak).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper