Euskararen Gramatika

26. Aditza (IV): adizki jokatuak

26. Aditza (IV): adizki jokatuak

26.0. Sarrera

26.0a Hizkuntza gehienetan aditzak bi modutara joka daitezke: sintetikoki, hau da, hitz bakar baten bidez, edo analitikoki, erran nahi baita hitz bat baino gehiagoko egitura bat erabiliz. Alabaina, hizkuntza guztiek ez dituzte forma bata eta bestea neurri berean baliatzen. Hizkuntza erromantzeetan, aditz guztiek dituzte forma sintetikoak, eta egitura analitikoak denbora-aspektu-modu ñabardura zenbaiten ekartzera mugatuak dira: gazt. veo, entendí, cantaba baina he visto, estoy leyendo, voy a cantar; fr. je vois, je compris, je chantais baina j’ai vu, je suis en train de lire, je vais chanter. Euskaraz beste muturreko egoera dugu: oso aditz gutxik daukate paradigma sintetikoa eta egitura analitikoak denbora-aspektu-moduaren adierazpide bakarra dira euskal lexikoiko aditz gehienentzat: hartzen dut, ulertu nuen, dantzatuko dut

Adizki sintetikoak hitz bakar batez osatuak direla erran dugu; hitz bakar hori adizki jokatua da (dakar, dator, nago). Adizki analitiko ororen oinarrian (etorri nintzen, ekartzen dut, egonen da) adizki nagusi bat eta adizki laguntzaile bat daude: adizki nagusia jokatugabea da (etorri, ekartzen, egonen) eta laguntzailea, berriz, jokatua (nintzen, dut, da).

26.0b Euskararen adizki jokatua morfologia konplexukoa dela erran ohi da, aditz erroaz gain, denbora eta modu markak, eta pertsona eta numero (sing., pl.) komunztadura markak biltzen dituelako. Kapitulu honen lehen atalean, adizki jokatuaren egitura deskribatuko dugu eta zenbait kontzepturen definizioa emanen (§ 26.1). Ondotik, alde batetik, adizki sintetikoak aztertuko ditugu (§ 26.2), eta bestetik, analitikoak (§ 26.3). Perifrasiak aztertu ondoren (§ 26.4), aditz predikatu konplexuen forma jokatuen berezitasun zenbait agerian emanen ditugu (§ 26.5). Azkenik, adizki jokatuen erabilera denbora-aspektu-modu sistemaren deskribapenari eskaini atalean azalduko dugu (§ 26.6).

26.1. Adizki jokatuaren marka semantikoak eta formalak

26.1.1. Erroa

26.1.1a Adizki jokatuaren oinarrizko osagaia aditzaren erroa da; hari lotzen zaizkio perpausaren egiturarekin zerikusia duten komunztadura markak —hau da, pertsona eta numero markak—, eta aldiaren eta moduaren adierazle direnak (ikus ondoko atalak).

g-a-bil-tza

z-en-torr-en

l-e-tor-ke

pertsona-aldia-ERROA-

aldia-aldia-ERROA-

modua-aldia-ERROA-

numeroa

aldia

modua

26.1.1b Adizki sintetikoen kasuan, adizki jokatuak bere eduki semantikoa ematen dio aditz sintagmari; bestela erranik, perpausean deskribatzen den egoera edo gertakaria adizki jokatuak adierazten du: Pellok semea ikastolara darama (eraman ekintza, adizki jokatuaren bidez adierazia).

Adizki analitikoen kasuan, gorago agerian eman bezala, adizki nagusiak —hau da, osagai jokatugabeak— dakar eduki lexikala eta adizki laguntzailea —hots, adizki jokatua— semantikoki hutsa da: Pello egunero joaten da amarengana (joan ekintza, ez izan); Mirenek kafea edan du (edan ekintza, ez *edun). Adizki analitiko gramatikalizatuenen kasuan, laguntzaile zenbait ez dira gehiago aditz beregain gisa erabiltzen (*edun mendebaldean, *edin eta *ezan euskalki guztietan, -iro- ekialdean) eta, ondorioz, batzuetan zaila da erroen jatorrizko eduki lexikala zein zen erratea (*ezan eta -iro- aditzena, adibidez). Erabilera beregain oro galtzearekin batean, beren forma jokatugabeak ere galdu dituzte; hortaz, haien aipamenezko forma berreraikia baita, izartxoaz markatzen dugu: *edun, *edin, *ezan eta -iro-.

Aditzak bere baitan duen eduki semantikoaren arabera, adizki sintetikoek eta analitikoek egoerak, gertaerak, ekintzak, prozesuak adieraz ditzakete; gramatika honetan, sinplifikatze aldera, ‘gertakari’ termino generiko gisa erabiliko dugu adizkiek dakartzaten adiera guztien ordezkatzeko.

26.1.2. Denbora eta aldia

26.1.2a Adizki sintetikoek eta analitikoek gertakari bat deskribatzearekin batean, denboraren ardatzean kokatzen dute.

Illustration

Denbora marra horizontal batez irudika daiteke; erdian oraina kokatuko genuke, haren ezkerrean iragana eta haren eskuinean geroa.

Illustration

26.1.2b Hizkuntzek gertakariak denboran kokatzeko garatu dituzten adierazpideak ez datoz beti bat denboraz dugun irudi zurrun horrekin. Adibidez, hizkuntza askok ez dute bereizketa morfologikorik orainaldiaren eta geroaldiaren artean; gure inguruko hizkuntzetan ere delako bereizketa ez da beti egiten: gazt. voy a casa/mañana voy al cine; fr. je vais chez moi/demain je vais au ciné; etxera noa/bihar zinera noa. Adibide hauetan, adizki berak erabiltzen dira orainaldian eta geroaldian kokatu gertakari bati erreferentzia egiteko; bi enuntziatuak bereizten dituena adberbioa da, hark kokatzen baititu denboraren ardatzean.

Halaber, kontakizunari bizitasuna emateko hizkuntza askok oraineko formak erabil ditzakete lehenaldian kokatu gertakari baten berri emateko: Izpura eta Arradoiko alderdira eskuin behaturik, ezker gero Uharte eta Izpegiko lephoari, abiatu zen pipa bat erre behar zuela hantxet, goxo-goxoan. Eskua sakelarat emaitearekin beraz, ohartzen da gauazko uriak bideak zikindurik, bere galtza ederrak dena ixti eta lohi dituela… Berroia! Halako gauza pollitak! Eta ezteietara doalarik! (Barbier). Ezaguna da, bestalde, ekialdeko hizkeretan atzo ikusi dut erraten dela, hau da, oraineko adizkia erabiltzen dela iraganaldiko gertakariei erreferentzia egiteko. Oraineko adizkiak denboraz kanpoko gertakariak eta egia orokorrak ekartzeko ere erabil daitezke: Behiek belarra jaten dute; Hartzek negu osoan lo egiten dute; Gizakiak tximinoetatik datoz; Denborarekin min guziak doaz.

Hori hala izanik, hizkuntzalaritzak denbora eta aldia (edo tempusa) bereizten ditu. Denbora kanpoko munduari dagokio eta balio nozionala du. Aldia, berriz, gramatikari dagokio: gertakari bat denboran kokatzeko aditzean erabiltzen den flexio-marka da. Gramatika honetan, honako bereizketa terminologikoa eginen dugu: oraina, iragana eta geroa kontzeptu gramatikalak eta formalak dira, orainaldia, iraganaldia eta geroaldia, berriz, kontzeptu nozionalak, esanahiari loturik daudenak.

26.1.2c Guti dira hiru denbora-mugekin bat eginez hiru aldiko sistema duten hizkuntzak. Hizkuntza gehienek banaketa bitarra dute beren aldian eta, beraz, beren adizkietan: (i) batzuek iragana vs ez-iragana (orainaldia, geroaldia) banaketa morfologikoa dute, erran nahi baita forma bat dutela iraganaldia adierazteko, eta beste bat eta bera orainaldiari eta geroaldiari erreferentzia egiteko; (ii) beste hizkuntza zenbaitek geroa vs ez-geroa (orainaldia, iraganaldia) banaketa dute, hau da, geroaldia adierazteko forma berezi bat dute eta beste bat eta bakarra orainaldia eta iraganaldia adierazteko.

26.1.2d Europako hizkuntza askok, euskarak barne, iragana vs ez-iragana banaketa dute. Euskaraz aldi oposizio hau a/e(n) morfemen arteko oposizioaren bitartez gauzatua da adizki jokatuetan. Morfema hauek aditz erroaren aitzinttoan kokatzen dira, eta adizkiak bi multzo nagusitan banatzen dituzte. Lehenik, a- morfema dutenek orainaldiko eta geroaldiko formak eratzen dituzte (dakar; etortzen zara; etorriko zara —orainaldiko laguntzailea izanagatik ere, egiturak geroaldia adierazten du—). Bistan dena, denboraren poderioz adizkiak opako bihurtzen baitira, adizki batzuetan a- aurrizkia ez da gehiago agerian, adibidez, dut, diot, dezaket adizkietan. Gero, e(n)- morfemak iraganeko eta alegiazko adizkiak sortzen ditu (zekarren, egin zenuen; nengoke, baledi…). Alabaina, aurrizki hauek ez dira aldi-oposizioa dakarten morfema bakarrak. Izan ere, NOR argumentua hirugarren pertsonakoa delarik (subjektua egitura intrantsitiboetan; objektua trantsitiboetan), adizkiak d- aurrizkia du paradigma ez-iraganean, hau da, orainaldiko eta geroaldiko adizkietan: dakar; etorriko da; egin du. Halaber, paradigma iraganean, 3. pertsonako subjektua duten iraganeko eta alegiazko adizkiak ez dira arras homonimoak: iraganekoek z- aurrizkia dute euskalki gehienetan eta euskara batuan (zuen, zekien), eta Ø- (hau da, aurrizkirik ez) mendebaldeko euskaran (eban, ekian); alegiazkoek, berriz, l- aurrizkia dute: zekarren vs lekarke, balekar; zetorren vs letorke, baletor. Gainera, iraganeko adizkiek -n atzizkia beretzen dute: zetorren, zekarren

Euskararen adizki jokatuen oinarrian dagoen oposizio morfologiko hirutarra hobeki identifikatze aldera, iragana-ez-iragana oposizioaz baino, oraina-iragana-alegia oposizioaz mintzatuko gara gramatika honetan. Oraina multzoko adizkiek a- morfema daramate erroaren aitzinean eta d- aurrizkia adizkiaren hasieran NOR hirugarren pertsonakoa delarik (subjektua zein objektua izan); orainaldiko eta geroaldiko adizkien osatzeko erabiltzen dira nagusiki. Iragana multzoko adizkiek, berriz, e(n)- aurrizkiaz gain iraganaren bi marka dauzkate: -n atzizkia eta z- aurrizkia subjektua hirugarren pertsonakoa delarik. Adizki hauek iraganaldiko adizkien oinarrian daude. Azkenik, alegia multzoko adizkiek l- aurrizkiaz gain beherago deskribatuko diren hainbat berezitasun morfologiko dauzkate (§ 26.1.5.2), iragana multzotik bereizteko arrazoi sendoak ematen dituztenak.

26.1.3. Aldi motak

26.1.3a Solasaldiaren unea erreferentzia-puntutzat daukan aldiari aldi absolutua erraten zaio (Comrie 1976). Bizkitartean, euskaraz eta hizkuntza askotan, aldi absolutu-erlatiboak ere badaude. Hauetan, testuinguruak ezartzen du erreferentzia-puntua: adizkiek badute denbora-erreferentzia bat, solasaldiaren unea aitzin edo ondotik finkatua, baina kontatzen duten gertakaria erreferentzia- puntu horren arabera kokatzen dute —ez (soilik) solasaldiaren unearen arabera—. Halakoa da pluskuanperfektua: erreferentzia-puntua solasaldiaren unea baino lehen finkatua du, hau da, iraganaldian; baina deskribatzen duen gertakaria delako iraganaldiko erreferentzia-puntu hori baino lehen agitu da:

Illustration

Adibidez, Ordu bietarako Pello etxera heldua zen esaldian, ordu bietarako adberbioak erreferentzia-puntu bat ezartzen du iraganaldian, eta adizkiak Pello erreferentzia-puntu hori baino lehen heldu zela adierazten du. Halaber, Heldu nintzenerako Pello joana zen esaldian, heldu nintzenerako perpausak, hots, ni heltzeak denbora-muga markatzen du iraganaldian, eta Pelloren joatea muga hura baino lehen kokatua da.

26.1.3b Geroaldiko perfektua beste aldi absolutu-erlatibo posiblea da: Hilabete honen bukaerarako, etxea saldua izanen dut esaldian, adberbioak etorkizunean finkatzen duen denbora-muga baino lehen (hau da, hilabetearen bukaera) kokatua da geroaldiko gertakaria (hau da, etxearen salmenta).

Illustration

Ororen buru, aldi absolutibo-erlatiboei esker, gertakariak kronologikoki antola eta konta daitezke.

26.1.4. Aspektua

Ikusi dugu adizkiek kontatzen duten gertakaria denboraren ardatzean kokatua dela. Aspektuak, preseski, denbora horren egituraketa zehazten du.

Aspektua lau maila desberdinetan gauzatzen da (Chung & Timberlake 1985): (i) aditzaren beraren izaera lexikalean (aspektu lexikala. Adibidez, erosi); (ii) predikatuaren mailan (aditza eta haren argumentuak. Adibidez, Jonek autoa erosi); (iii) perpausaren mailan (predikatua perpausaren mailan, hots, aditza eta haren argumentuak denboraren ardatzean eta aspektuaren egituran kokaturik: Bezperan Jonek autoa erosi zuen); (iv) testu-mailan (perpausa, harekin lotuak diren hainbat perpausen testuinguruan): Nahiz eta ez zion inori esan, bezperan Jonek autoa erosi zuen eta bere garajean ezkutatu. Maila bakoitzak bere garrantzia izanik ere, praktikan, bereizketa garrantzitsuena aipatu lehen hiruren artekoa da. Ondoko ataletan, lehenik aspektu lexikala eta predikatu-mailakoa aztertuko ditugu, eta ondotik, perpausaren mailakoa.

26.1.4.1. Aspektu lexikala eta predikatuaren mailakoa

26.1.4.1a Erran bezala, aspektu lexikala (edo aktionsart) aditzak bere baitarik dakarren aspektuari dagokio. Hauek dira aditzetan aurkitzen diren aspektu-oposizio nagusiak224: estatibo/dinamiko, teliko/ateliko, puntual/iraunkor (Comrie 1976).

Aditz estatiboek deskribatzen duten egoeraren fase guztiak berdinak dira; ez da aldaketarik, ez mugimendurik, eta egoera horrek berenaz jarraitzen du horretarako indar berezirik egin gabe. Halakoak dira, besteak beste, jakin, ulertu, ikusi, entzun, maitatu, ukan aditzak. Aditz dinamikoei dagokienez, aldaketak eta fase desberdinak daude; ez du berenaz jarraitzen, hau da, jarraitu ahal izateko indar berezi bat egin behar da. Mota horretakoak dira, adibidez, laster egin, igeri egin, irakurri, jan, erre, borrokatu aditzak.

Aditz telikoek badute hastapen bat eta bukaera bat (gehi, normalki, egoera aldaketa bat); atelikoek, berriz, ez dute bukaerarik. Aditz estatiboak atelikoak dira; baina dinamikoen artean telikoak (egin, etorri, kendu, ito) edo atelikoak (ibili, jostatu) izan daitezke.

Aditz puntualek denboran irauten ez duen gertakari bat deskribatzen dute; hau da, barne egiturarik ez duen gertakari bat, momentukoa dena. Mota horretakoa da iritsi aditza; Mendi puntara iritsi da erraten dugunean, heldu baino lehenagoko egoera ez da iristen ari. Lehenago igo edo ibili prozesuak ditugu, eta momentu batean iritsi. Haatik, aditz iraunkorrek denbora-tarte bat irauten duen gertakari bat deskribatzen dute, adibidez, ibili edo igo aditzak.

26.1.4.1b Agerian eman berri ditugun oposizioak gurutza daitezke: oro har, aditz estatiboak eta dinamikoak atelikoak diren neurrian, iraunkorrak dira (egon, izan, ezagutu; ibili, igeri egin, irakurri). Gisa berean, aditz telikoak puntualak (iraupenik ez, zapartatu, agertu, iritsi) edo iraunkorrak (iraupentxo bat bederen, adibidez urtu, idortu, sendatu, ikasi) izan daitezke.

26.1.4.1c Gorago erran dugu aspektuaz ari garenean aditzaren lexikoaren mailako aspektua eta predikatuaren mailakoa bereizi behar direla. Izan ere, aditzak bere argumentuekin duen harremanak gertakariaren aspektua ezartzen du. Hopper & Thompsonek (1980) erakutsi dute trantsitibotasunak, hau da, aditzak objektu bat izateak, eta definitutasunak, zehazkiago, aditzaren objektua definitua izateak, telikotasuna ekartzen dutela. Ororen buru, aditz asko atelikoak dira intrantsitibo direnean, eta telikoak trantsitibo direnean. Adibidez, kantatu aditza atelikoa da objekturik gabe edo objektu indefinitu batekin erabilia delarik: Jon abesten ari da; Jon kantuak abesten ari da. Objektu definitu batekin, berriz, prozesu telikoa adierazten du: Jon kantu bat abesten ari da; Jon bi kantu abesten ari da. Gisa berean, Jonek idatzi du atelikoa da (ez dakigu idazketa-lana bukatu duen), baina Jonek gutuna idatzi du telikoa (gutunaren idazketa bukatu du) (Chung & Timberlake 1985).

26.1.4.2. Aspektu gramatikala

26.1.4.2a Perpausaren mailako aspektua gramatika-kategoria bat da, eta, edozein gramatika-kategoria bezala, hizkuntzaren flexio-morfologiaren bitartez adieraz daiteke.

Aspektu oposizio nagusia, burutu vs burutugabe oposizioa da. Aspektu burutuak, egoera gauzatua, burutua adierazten du (hots, hastapena, garapena eta bukaera duena —hau da, ez soilik bukatutasuna—). Ez die baitezpada denbora- tarte labur bati edo gertakari puntual bati erreferentzia egiten. Adibidez, Proiektu hori 30 urtez landu zuen esaldian, ikusten dugu denbora-tarte luzea behar izan duen prozesua dugula, eta ez dela puntuala izan. Hortaz, zuzenago dateke erratea aspektu burutuak gertakari baten berri ematen duela haren barne garapenari buruzko xehetasunik eman gabe (Comrie 1976).

26.1.4.2b Aspektu burutugabeak, berriz, gertakari baten barne garapena zehazten du, nolabait egoera barnetik ikusita. Burutugabetasunaren barnean, ohitura (denbora-tarte zabal baten ezaugarri dena) eta aspektu jarraikorra (continuous, erreferentzia-puntuan bidean dena) bereizten ditu Comriek (1976), eta azken horren barnean, progresiboa (erreferentzia-puntuan garatzen ari dena, hots, iraute bat duena) eta ez-progresiboa, hau da, puntukaria. Oro har erran daiteke hizkuntza guztiek badauzkatela oposizio semantiko horiek, baina ez direla denetan morfologikoki markatuak. Hizkuntza batzuetan, aspektu progresiboaren eta puntukariaren arteko bereizketa nahitaez markatu behar da, bakoitzari dagokion forma erabiliz. Beste batzuetan, berriz, progresiboaren forma bereizgarrien erabilera aukerakoa da. Bigarren multzo horretakoa da euskara, kantatzen du / kantatzen ari da, biak erabil baitaitezke ekintza garatzen ari dela adierazteko. Gisa berean, ohiturazko forma bat izanik ere (Jon etorri ohi da, Jon ibili ohi zen), ez da nahitaezkoa, [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoak ohituraren irakurketa izan lezakeelako: Jon goizero etortzen da; Jonek txakurra egunero ateratzen zuen.

26.1.4.2c Aditzak bere baitarik dakarren aspektu lexikalak perpausaren mailako aspektua franko mugatzen du. Izan ere, konbinaketa batzuk ezinezkoak dira; adibidez, estatibotasuna eta progresibotasuna ezin daitezke konbina (*izaten ari da, *egoten ari da, *irauten ari naiz, *maitatzen ari naiz…), ezta puntualtasuna eta burutugabetasuna ere: *zapartatzen da, *iristen da, *agertzen da. Gainera, aditz batzuen balioa aldatzen da ezartzen zaien aspektu gramatikalaren arabera. Adibidez, aditz telikoen esanahia izugarri murriztua da burutu/burutugabe oposizioarekin bateratzen delarik: Pellok pastel bat egin zuen edo Pellok pastel bat egin du esaldietan aditzera ematen da prozesua bururaino eraman dela, pastela egina dela; aldiz, aspektu burutugabean ezarriz geroz, prozesu atelikoa dugu: Pellok pastel bat egiten zuen (ez da erraten pastela egin zen ala ez; erraten den bakarra da denboraren kokapen jakin batean Pello horretan ari zela). Gisa berean, berez telikoak diren aditz batzuek interpretazio atelikoa dute denbora jakin batzuetan (orainaldian, lehenaldi burutugabean), eta telikoa besteetan (lehenaldi burutuan eta geroaldian): ingelesa ikasten dut / ingelesa ikasten nuen vs ingelesa ikasi dut, ingelesa ikasi nuen, ingelesa ikasiko dut.

26.1.4.2d Osagai adberbialek ere perpausaren aspektu-irakurketa alda dezakete: Jonek etxea bi egunez tindatu du erraten dugularik, aditzera ematen da prozesua ez dela bururaino eraman, hots, nahiz eta Jonek bi egunez lan egin duen, etxearen tindaketa ez dela bukatua; aldiz, Jonek etxea bi egunetan tindatu du esaldian, etxearen tindaketa bukatua dela erraten zaigu. Gisa berean, mugimendu aditzak berez atelikoak dira, baina leku-mugak zehaztuak direlarik, telikoak: Jon ibili da atelikoa vs Jon elizatik plazara ibili da telikoa.

26.1.4.2e Adizki jokatua sintetikoa ala analitikoa izan, aspektu gramatikala ez da gisa berean ezartzen. Adizki sintetikoetan, hizkuntza batzuek aspektu marka argia, errazki identifikagarria dute; beste batzuek, berriz, adizki markatugabea dute aspektuari dagokionez. Adibidez, euskaraz adizki sintetikoek balio burutugabea dute orainean eta iraganean, burutugabetasunaren marka litzatekeen morfemarik ez izanagatik: nator, dakar, zetorren, nengoen… Adizki analitikoetan, egitura osoak dakar aspektua nahiz eta deskribapen askotan adizki nagusiaren forma aspektualki markatutzat hartzen den. Adibidez, euskaraz partizipio burutua oinarri duten adizki analitikoek aspektu burutua ekartzen baitute (etorri naiz, hartu nuen), [-tu] partizipio atzizkia aspektu burutuaren markatzat hartu ohi da. Halaber, partizipio burutugabea (hau da, aditz izena lokatiboan) oinarri duten egitura analitikoek adizki burutugabeak osatu ohi baitituzte, euskalariek [-t(z)en] atzizkia aspektu burutugabearen markatzat daukate. Hortik, aditzoina ‘biluzia’ den ber, aspektualki ez-markatutzat jotzen da euskal gramatika askotan (ikus § 26.3.2).

26.1.5. Modua

26.1.5.1. Indikatiboa eta subjuntiboa

Europa mendebaldeko hizkuntza askok ez bezala, euskarak ez du indikatibo/subjuntibo bereizketa morfologikorik bere adizki jokatuan; haatik, subjuntibozkotzat daukagun adizki analitiko bat badu, [aditzoina + *edin/*ezan] egitura hain zuzen —mendebaldean [-tu + egin] da adizki analitiko trantsitiboa, ez [aditzoina + *ezan]—. Delako forma adizki analitikoei dagokien atalean deskribatuko dugu (§ 26.3.5.1b) eta haren erabilerak § 26.6.2.1 atalean aztertuko ditugu.

26.1.5.2. Alegiazko adizkiak

26.1.5.2a Alegiazko adizkiak balizko mundu batez mintzatzeko erabiltzen dira, alegiazko errealitate bati erreferentzia egiteko. Gorago erran dugun bezala (§ 26.1.2d), iragana vs ez-iragana oposizio morfologikoa dago euskararen adizki jokatuen erdian. Ez-iragana multzoko adizkiek a- aurrizkia daramate eta orainaldiko eta geroaldiko adizkiak osatzen dituzte: nator, etorriko zara. Aldiz, iragana multzoko adizkiek e(n)- morfema dute eta lehenaldiko eta alegiazko adizkiak sortzen dituzte: nentorren-banentor-nentorke; zentozen-bazentoz-zentozke; zetorren-baletor-letorke; genekien-bageneki, genekike…

Adibideek erakusten duten bezala, nahiz eta lehenaldiko eta alegiazko adizkiak bat datozen erroaren aurreko markan, beste bi ezaugarritan bereizten dira: (i) iraganekoek, alegiazkoek ez bezala, -n atzizkia dute; (ii) adizkiaren subjektua 3. pertsonakoa delarik, alegiazko formek l- aurrizkia dute (baletor, letorke; balu, luke; baleki, lekike), iraganekoek, berriz, z- aurrizkia euskalki gehienetan eta euskara batuan (zetorren, zuen, zekien) —Ø- mendebaldeko hizkeretan: etorren, eban, ekien—.

26.1.5.2b Alegiazko forma horiek beste berezitasun bat dute. Erran dugu ez dutela iraganeko atzizkirik hartzen; ezin dute, hargatik, atzizkirik edo aurrizkirik gabe agertu, hau da, ez dugu **nentor, **henkar, **letor, **lu, **leki bezalako adizkirik. Alegiazko formak bi itxuratan agertzen dira: (i) -ke atzizki modalarekin (nentorke, zenuke, luke, lekike, litzateke…) edo (ii) ba- aurrizkiarekin (banentor, bazenu, balu, baleki, balitz…). Bistan dena, bi forma horien erabilerak desberdinak dira: -ke atzizkia duten formak perpaus nagusian erabiltzen dira (etxe hau tindaturik ederragoa litzateke; ez nuke arazorik lanez aldatzeko; gogotik bisitatuko nuke Pariseko arte museoa), edo baldintza irrealeko apodosian (hegan baneki txoria harrapatuko nuke / harrapa nezake; diru asko balu etxe handiago bat erosiko luke / eros lezake); alabaina, bietan alegiazko gertakari baten berri ematen da, hau da, ez oraineko, ez iraganeko gertakari bat, baizik eta egoera jakin batean, mundu irreal batean, gerta litekeena. Ba- aurrizkia daramaten alegiazko adizkiak, berriz, baldintza irrealeko protasian erabiltzen dira (ingelesez baleki, asko bidaiatuko luke; egia aitortu banio, asko minduko zen), edo hartarik eratorriak diren desideratibozko formetan (otsoak jan baleza!; egia balitz!) (ikus § 34). Edozein kasutan, esan daiteke oro har (baldin) ba- aurrizkia eta -ke atzizkia ez direla batera agertzen: **banentorke, **baletorke, **bazenuke. Batzuetan, -ke atzizkia duten alegiazko formek ba- aurrizki bat dute, baina ez da oraintxe aurkeztu duguna, baieztapenezko ba- baizik: Bazenuke zer erran; Baliteke Pello bihar etortzea; Bazenekike haren etxeraino heltzen?

26.1.5.2c Ondoko taulan, etorri aditzaren iraganeko eta alegiazko paradigmak parez pare ezartzen dira bi forma multzoen arteko desberdintasun formalen agerian emateko.

Iragana

Alegiazko formak

Nentorren

nentorke

banentor

Hentorren

hentorke

bahentor

Zetorren

letorke

baletor

Gentozen

gentozke

bagentoz

Zentozen

zentozke

bazentoz

Zentozten

zentozkete

bazentozte

Zetozen

letozke

baletoz

Orain arte erabili ditugun adibideetan ikusten den bezala, alegiazko adizkiak sintetikoak edo egitura analitikoetako laguntzaileak izan daitezke. Bestela erranik, adizki sintetiko eta analitiko guztiek paradigma errealaz gain (oraina, iragana) alegiazkoa ere badute (alegiazko adizki analitikoez, ikus beherago § 26.3.5.3).

26.1.5.3. -ke atzizkia

26.1.5.3a Ezbairik gabe, modu markatzailerik hedatuena -ke atzizkia da (-teke forma du izan eta *edin aditzen NOR paradigman: naizateke/naiteke, dateke/daiteke, nintzateke/ninteke, zinatekeen/zintezkeen). Izan ere, oraineko eta iraganeko aldietako adizkiek beretu dezakete, baita alegiazkoek ere: dateke/zatekeen/liteke; dakarke/zekarkeen/lekarke; duke/zukeen/luke. Halaber, bai adizki sintetikoei, bai analitikoetako laguntzaileei heda dakieke: datorke, etortzen dateke, etorri dateke, etor daiteke; zekarkeen, ekartzen zukeen, ekarri zukeen, ekar zezakeen; lekike, jakin lezake

26.1.5.3b Alabaina, forma hauetan guztietan ez du betekizun bera. Euskara modernoan, hiru balio modal hauek dakartza: (i) alegia, (ii) ahalera, (iii) modalitate epistemikoa (ikus § 10.4.1 eta § 26.6.3.2). Gorago erakutsi dugu baldintzazko protasitik kanpo alegiazko formek -ke atzizkia nahitaezkoa dutela (nintzateke; luke; letorke; lioke…); bestela erranik, -ke atzizkia alegiaren markatzailea da. Gisa berean, ahalerazko adizki sintetikoek eta [aditzoina + *edin, *ezan] adizki analitikoa oinarri dutenek -ke beharrezkoa dute: datorke; etor daiteke; egin dezaket; joan zintezkeen; sal zenezakeen. Azkenik, ekialdeko hizkeretan —baina antzina euskalki gehiagotan ere hala zen—, -ke atzizkia modalitate epistemikoaren mailakoa da; hizlariak kontatzen duenarekiko ziurtasunaz zer iritzi duen islatzen du. Zehatzago, -ke atzizkia, segurtasunik gabe mintzo garelarik, erraten dugunarekin halako distantzia baten hartzeko erabiltzen da: Ana bere lagunaren etxean dateke (‘ziurrenik Ana bere lagunaren etxean da, baina ez naiz segur’); Aitorrek portuan lan egiten duke (‘ziurrenik Aitorrek portuan lan egiten du, baina ez naiz segur’); Haurrak bart egin zituzkeen etxeko lanak (‘ziurrenik haurrak bart egin zituen etxeko lanak, baina ez naiz segur’). Beherago ikusiko dugu ez dela modalitate epistemikoaren adierazpide bakarra (§ 26.6.3.2). Euskara zaharrean, betekizun modal horiez gain denborazkoa ere bazuen -ke atzizkiak, geroaldiari erreferentzia egiteko erabiltzen baitzen. Hura bereturik oraineko adizkiek gertakaria geroaldian kokatzen zuten: Hogei urtetan eztena, hogei eta hamarretan eztakiena, eta berrogeietan eztuena, da jagoiti eztatena, eztakikena eta eztukeena (Oihenart). Orobat, aginterazko adizkiei gehiturik etorkizunean betetzeko agindua ematen zen: Zagokez isilik (RS); Jentil onbrea, ona çatozque/ gura banoçu gozadu (Lazarraga).

26.1.5.4. Aginte adizkiak

26.1.5.4a Hizkuntza gehienek bezala, euskarak adizki multzo bat dauka aginduak emateko: hago isilik!; haika, mutil, jaiki hadi!; bil itzazue zuen puskak!; erran beza egia!; has dadila festa! Ez dira, hargatik, aginduen adieraztera mugatuak, besteak beste, aholkuak (ez ezazu jan hori, gero, gaixotu eginen zara eta!), erreguak (etor zaitez laguntzera, mesedez!), debekuak (ez bedi erre tabernaren barruan!) eta baimenak (sar zaitez!, joan bitez festara!) ere adieraz baititzakete.

Agindua, aholkua, debekua edo baimena solaskideari (edo solaskideei) baizik ez dakioke zuzenean adieraz, eta beraz, egiazki, agintera 2. pertsonakoa da, eta nehola ere ez 1. ala 3. pertsonakoa. Hori hala izanik, bereizketa terminologiko bat egin ohi da bi forma multzoen artean, agintera 2. pertsonako aginte adizkiei mugatuz, eta 1. eta 3. pertsonetako aginte adizkiak jusibo gisa izendatuz. Bereizketa hau morfologian islatu ohi da, hizkuntza askotan aginterazko eta jusibozko adizkiak desberdinak baitira. Euskaraz ere halaxe da orain ikusiko dugun bezala.

26.1.5.4b Euskaraz, aginterazko adizkiak jokatuak edo jokatugabeak izan daitezke. Agintera jokatua adizki sintetikoen edo [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoaren bidez eratzen da euskalki gehienetan eta euskara batuan —mendebaldeko hizkerek [-tu + egin] adizki analitikoa dute [aditzoina + *ezan] adizkiaren ordez: esan egizu ‘esan ezazu’—. Morfologikoki bereziak dira bietan erabiltzen diren adizki jokatu zenbait. Adizki intrantsitiboak oraineko adizkien homonimoak dira: oraintxe zatoz? / zatoz hona!; noiz hoa lanera? / hoa hemendik!; etxean zaude? / zaude istant bat! Bien arteko bereizketa intonazioan eta adizkiaren kokapenean gauzatzen da: aginterazko adizkiek intonazio bizia dute eta esaldiaren hastapenean kokatuak dira. Halaber, 1. pertsonako objektua duten adizki trantsitiboek oraineko adizkien eitea dute: Nahi dut entzun nazazun / entzun nazakezu / entzun nazazu!; Nahi dugu lagundu gaitzazun / lagundu gaitzakezu / lagundu gaitzazu!… Bide batez, objektua 1. pertsonakoa delarik, adizki analitikoa baizik ez daiteke erabil (ikus § 26.2.3c). Haatik, 3. pertsonako objektua duten adizkiak berezi-bereziak dira. Kasu horretan, adizkiak ez du oraineko formek duten d(a)- aurrizkirik; e- aurrizkia duen aditz erroaren gainean eratua da (hemendik aitzina [e-ERROA]), pertsona atzizkiak hari datxizkola: egi-zue, esa-da-zu, ekar-k, erran eza-k, entzun eza-zue

26.1.5.4c Debekua adierazteko, hau da, ezezkako aginteran, agintera adizkiak baino, subjuntibozkoak erabiltzen dituzte ekialdeko hizkerek: egizu / egin ezazu! vs ez dezazula egin!; hator! vs ez hadila etor!; zaude! vs ez zaitezela egon! Mendebaldean eta erdialdean, berriz, aginterazko formari eusten zaio testuinguru horretan ere: ez ezak egin; ez hadi etor; ez zaitez egon. Forma bata ala bestea erabil, euskalki moderno guztiek murriztapen bera dute: adizki sintetikoak ezin daitezke ezezkako aginteran ager (**ez egik, **ez emazu…). Horretarako, adizki analitikora jo behar da: ez ezak egin / ez dezaala egin; ez ezazu eman / ez dezazula eman.

26.1.5.4d Agintera jokatugabeari dagokionez, ekialdean aditzoinaren bidez eratzen da, eta erdialdean eta mendebaldean partizipioaren bidez: sar etxean!; altxa burua!; har gehiago!; sartu etxean!; altxatu burua!; hartu gehiago! (ikus § 25.1.2a). Halere, iduri luke ekialdeko hizkerek agintera jokatugabea besteek baino gutiagotan erabiltzen dutela.

26.1.5.4e Jusibozko adizkiak desberdinak dira subjektua lehen edo hirugarren pertsonakoa izan. Lehen pertsonako jusiboa adizki sintetikoen edo [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoaren bidez adieraz daiteke. Bietan adizki jokatua orainekoa da eta -n atzizkia darama: goazen; mintza gaitezen; hau egin dezadan; sar nadin etxean; indar bat egin dezagun; demagun egia dela. Forma hauez gain ekialdeko euskalkiek [dugun + aditzoina] egitura dute lehen pertsona pluraleko subjektua duten aditz trantsitiboekin: dugun kanta!; dugun ikas! Ezezkako jusiboan [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa baizik ez daiteke erabil; adizki jokatuak -n atzizkia beretzen du normalean: ez gaitezen joan!; ez gaitezen mintza!; ez dezagun ezer egin!

Hirugarren pertsonako jusiboak ere adizki sintetikoa edo [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa izan ditzake oinarrian. Bizkitartean, bi modu daude adizki jokatuaren jokatzeko. Alde batetik, -la atzizkia beretzen duten oraineko adizkiak daude: doala antzarrak ferratzera!; datorrela Jauna gure bila!; Jainkoak dizula egun on!; bejondeizula!; berak egin dezala!; ez dezala gezurrik esan!; joan dadila bere etxera! Bestetik, [e-ERROA] oinarriari b- aurrizkia gehiturik formatutako adizkiak daude: betor!; etor bedi zure nahia!; bekar!; ekar beza!; hala biz!… Azken molde hau NOR 3. pertsonakoa duten adizkiei mugatua da, nahiz eta XVIII. eta XIX. mendeetako lapurterak beste pertsonetara hedatu formak dakartzan: Zure esku botheretsuak, ene Jainkoa, gida benaza (Xurio); Ethor bekizkik laguntzerat, eman behazate ene kolpeen gerizean (Baratziart); Eta berek athera begaitzazte (Duvoisin). Ezezkako jusiboan, hau da, debeku baten adierazteko, mendebaldean eta erdialdean b- aurrizkidun adizki analitikoei eusten zaie: ez bedi joan; ez bedi etor; ez beza ekar. Ekialdeko hizkerek, ordea, horren ordez -la atzizkidun adizki analitikora jotzen dute: ez dadila joan!; ez dadila etor!; ez dezala ekar. Mendebaldean ala ekialdean, ezezkako perpausetan -la atzizkidun adizkiak erabiltzekotan, adizki analitikoak erabiltzen dira, sekula ez sintetikoak: ez dadila etor (**ez datorrela); ez dadila joan (**ez doala); ez dezala ekar (**ez dakarrela).

26.1.5.4f Berori errespetuzko tratamenduarekin (§ 13.3.4), hirugarren pertsonako jusibozko formak erabiltzen dira; kasu horretan, egiazko agintera bihurtzen dira, agindua zuzenean ematen baitzaio 3. pertsona gisa tratatzen den solaskideari: Zaldun fededuna baldin bada berori, arren, ez biezat bizia kendu (Ezkiaga); Jaiki bedi berori (Ezkiaga); Hizpide xuxenera lotu bedi berori (Juan Garzia).

Ororen buru, ñabardurak ñabardura, aginterazko eta jusibozko forma jokatuak adizki sintetikoen edo [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoaren bidez osatzen dira.

26.1.6. Pertsona

26.1.6a Hizkuntza askotan, adizki jokatuak aldi, aspektu eta modu markez gain pertsona markak ere har ditzake. Zehatzago, predikatuaren argumentuak (subjektua, objektua eta zeharkako objektua), perpausean izen sintagmetan gauzatzen direnak, adizki jokatuan isla daitezke pertsona-marken bitartez. Adibidez, auzo-erdarek predikatuaren subjektua adizki jokatuan islatzen dute hari pertsona-atzizkiak erantsiz: canto, cantas, canta, cantamos, cantáis, cantan; je chante, tu chantes, il chante, nous chantons, vous chantez, ils chantent. Euskarak, aldiz, predikatuak izan ditzakeen hiru argumentuekin du komunztadura, hau da, perpausean ager daitezkeen NOR, NORI eta NORK izen sintagmekin —sintagma hauek agerian izan ala isilduak—.

1) N-ator adizkian, n- aurrizkia perpauseko ni ISaren erreferentziakidea da, esaten digu NOR den datorrena.

2) N-ator-ki-zu adizkian, n- aurrizkia perpauseko ni ISaren erreferentziakidea da, eta -zu atzizkia perpauseko zu ISarena; hau da, esaten digu NOR den datorrena eta NORI datorkion, edo norengana datorren.

3) N-arama-ZU adizkian, -zu atzizkia NORK sintagmari dagokio eta eramailea nor den esaten du; n- aurrizkia perpauseko ni ISaren erreferentziakidea da, hau da, eramana dena.

4) D-akar-ki-GU-ZU adizkian, -zu atzizkia NORK sintagmari dagokio eta ekarlea nor den esaten du; -gu atzizkia perpauseko gu ISaren erreferentziakidea da, hau da, ekartze horren onuraduna; objektua, hots, ekarria dena, morfologikoki ez da markatua.

Adibide hauek erakusten duten bezala, pertsona komunztadura aurrizkien edo atzizkien bidez gauzatzen da adizkian. Ondoko taulan, pertsona bakoitzaren markak zein diren zehazten dugu.

Aurrizkiak

Atzizkiak

1s

n-

-da- / -t

2s

h-

-a- / -k ; -na- / -n

3s

Ø-

-o

1p

g-

-gu

2p

z-

-zu

2p’

z-

-zue

3p

Ø-

-(t)e

26.1.6b Aldi eta modu gehienetan, absolutibozko komunztadura ezkerreko zutabean agertzen diren aurrizkien bidez egiten da; ergatibozko eta datibozko komunztaduraren islatzea, berriz, eskuineko zutabeko atzizkien bidez. Bizkitartean, ondoko hiru baldintzak betetzen direlarik, subjektu ergatiboarekiko komunztadura aurrizkien bidez egiten da: (i) aditza iraganekoa edo baldintza irrealekoa bada; (ii) subjektu ergatiboa 1. edo 2. pertsonakoa bada; (iii) objektua 3. pertsonakoa bada. Ergatiboaren lekualdatze horren ondorioz txandaketa ugari dugu paradigmetan. Hona adibide batzuk: dut vs nuen, banu, nuke; duzu vs zenuen, bazenu, zenuke…

26.1.6c Eskuineko zutabean agertzen diren atzizkiak salbuespenik gabe datibozko eta ergatibozko komunztadura-atzizkiak dira. Bietan, singularreko lehen eta bigarren pertsonetako atzizkiek bi forma desberdin dituzte adizkian duten kokapenaren arabera. Adizkiaren bukaera absolutuan kokatuak direlarik, lehen pertsonak -t atzizkia du eta bigarrenak -k (maskulinoa) edo -n (femeninoa). Haatik, adizkiaren barnean kokatuak direlarik, hau da, ondotik beste atzizki bat gehitzen zaielarik (-n, -la menderagailuak, -n iraganaren marka, edo beste komunztadura atzizki bat), lehen pertsonako marka -da atzizkia da eta bigarren pertsonakoa -a (maskulinoa) edo -na (femeninoa): dut vs dudan, zait vs zitzaidan, duk vs zuan, dun vs dinan. Datibozko eta ergatibozko atzizkien arteko homonimotasunak ez du, normalean, anbiguotasunik sortzen. Preseski, euskarak bien arteko bereizketa egiteko molde bat garatua du: komunztadura atzizkiak datibozko komunztadura adierazten duenean, oso ohikoa da haren aitzinttoan -ki morfema kokatzea: datorkit, daramazkio, dagokio… Atzizki horren funtzioa ondotik datibozko komunztadura-atzizkia datorrela erakustea da. Horregatik, datibo-markatzaile deitu ohi zaio (ingelesez dative flag).

26.1.6d Lehen eta bigarren pertsonak (§ 13.3) solasaldiaren eragileak dira, lehen pertsona hizketan ari baita eta bigarrenari zuzentzen baitzaio. Hirugarrena, aldiz, elkarrizketatik kanpo gelditzen da, ez du solasaldian parte hartzen. Hori hala izanik, hizkuntza askotan 3. pertsona ez da beste pertsonen gisan tratatzen (“ez-pertsona” zela zioen Benvenistek), eta ondorioz, markatugabea da. Euskalaritzak aspalditik erakutsi du adizkietan biltzen diren d-, z-, l- aurrizkiak aldi edo modu markak direla, eta nehondik ere ez pertsona markak (§ 26.1.2d). Hortaz, goiko taulan agertzen den bezala, euskaraz 3. pertsonak ez du absolutibozko eta ergatibozko markarik. Alabaina, datiboan marka berezia du, -o singularrean eta -(t)e pluralean.

26.1.6e Badakigu berez gaurko euskaran zu bigarren pertsona singularreko izenordaina dela. Euskaldun askorentzat bakarra da, gainera; beste askorentzat, berriz, hi parean du. Baina garbi dago aditzaren morfologiaren aldetik, plural gisa lan egiten duela (§ 26.1.7a). Horregatik, hain zuzen, pertsona komunztadura atzizkiei eskaini taulan, pluraleko formen artean sailkatu dugu —eta 2p deitu—.

26.1.7. Numeroa

26.1.7a Euskaraz numero komunztadura ere agertzen da adizki jokatuan. Gorago ikusi bezala (§ 26.1.6), adizkiak NOR argumentua lehen edo bigarren pertsonakoa den islatzen du pertsona marken bitartez; alabaina, NOR argumentua gu, zu, eta zuek delarik, pertsona markaz gain pluralgilea ere beretzen du adizkiak. Hauek dira NOR sintagmaren pluralgileak:

-z(ki): zaigu vs zaizkigu (jatorrian -ki datibo markatzailea izanagatik, ematen du -zki pluralgilearen parte gisa berranalizatua dela)

-z: doa vs doaz

-tza: dabil vs dabiltza

-it-: nauzu vs gaituzu

26.1.7b Hirugarren pertsona singularra eta plurala bereizteko, -(t)e pluralgilea erabiltzen da, hirugarren pertsona hori NORK (esan du / esan dute) eta NORI denean (esan dio / esan die). Baina ez da pluralgile horren erabilera bakarra, zu eta zuek pertsonen adizkien bereizteko ere erabiltzen baita (ekarri dizut / ekarri dizuet; egin duzu / egin duzue; zabiltza/zabiltzate; zenuen/zenuten), baita NOR pertsona zenbaiten pluralgile gisa ere: dago/daude; hago/zaude.

26.1.7c Adizki askok pluralgile bat baino gehiago dute pertsona beraren pluraltasuna markatzeko. Adibidez, -z ager daiteke -ke modu markaren aitzinean -it- pluralgilea indartzeko: egingo luke / egingo lituzke (eta ez **egingo lituke); ikusi ditu / ikusi dituzke. Gisa berean, *edin-en adizkietan -z eta -te- batera erabiltzen dira: zaitez, gaitezen, daitezen. Zalantzarik gabe, -it- eta -te- pluralgile zaharrak ihartu arau pluraltasuna berriz markatzeko beharra sentitu dukete hiztunek. Orobat, NORK 3. pertsona pluralekoa delarik, -te/-zte txandaka daude NOR singularra den edo plurala: naute, haute, dute vs zaituzte, gaituzte, dituzte.

26.2. Adizki sintetikoak

26.2.1. Sarrera

26.2.1a Kapitulu honen hasieran erran den bezala, euskal aditz gehienak adizki analitikoen (perifrastiko ere deituak gramatiketan) bitartez jokatzen dira, eta jokabide sintetikoa (trinko ere deituak) arras bazterrekoa da. Hauek dira, gaur egun, adizki sintetikoak dituzten aditzak: atxiki, eduki, egin, egon, ekarri, eman, entzun, eroan/eraman, erabili, eritzi, erran/esan, etorri, etzan, ezagutu, ibili, ikusi, *io, iraun, irudi, izan, jakin, jardun, jario, jarraiki, joan, ukan. Hauez gain, Euskal Aditz Batua izeneko liburuan (Euskaltzaindia 1979) erakutsi, erauntsi, erosi, eutsi, igorri, ihardetsi, iharduki, irakatsi, utzi aditzak ere aipatzen dira; baina testu zaharretan han-hemenka erabiltzen badira ere, azken mendeetan oso arraroak dira haien agerraldiak.

26.2.1b Lehen begi-kolpean multzo erlatiboki handia iruditu arren, ez da bere horretan hartu beharreko zerrenda, aipatzen diren aditz guztiek ez baitute erabilera-hedadura bera. Lehenik, desberdintasun handiak ditugu euskalkien arabera: oro har, mendebaldean eta erdialdean, ekialdean baino aditz gehiagok eutsi diote beren forma sintetikoari. Gero, testu moten eta komunikazio-egoeren arabera ere, batzuk beste batzuk baino ezagunagoak eta erabiliagoak dira; adibidez, literaturan eguneroko mintzoan baino ikusiagoak dira atxiki, eritzi, erran/esan, ikusi, jario, jarraiki aditzen forma sintetikoak. Azkenik, kontuan izan behar dugu zerrendako aditzen artean biziki guti direla paradigma osoak, hau da, pertsona, denbora eta modu guztietan forma sintetikoak dauzkatenak; multzo horretakoak dira egon, etorri, izan, joan, ukan aditzak. Hauen ondoan, pertsona bakar batzuekin, aldi eta modu bakar batzuetan erabiltzen diren sintetikoak ugariagoak dira: adibidez, iraun eta jario aditzen forma sintetikoek 3. pertsonako subjektua dute beti, eta orainekoak edo iraganekoak baizik ez daitezke izan —hau da, ez dute aginterazko ezta ahalerazko formarik ere—. Bistan dena, edozein euskalduni erraza zaio desagertuak —eta lekukotugabe— diren paradigmen berrosatzea, eta hala egin genuen EGLU-II liburukian iraun, atxiki, entzun, ezagutu, jardun, iharduki, ikusi, irudi aditzen paradigma osatuak aurkeztu genituenean. Adizki sintetikoen paradigmak ikusi nahi dituenak delako liburura jo beza.

26.2.1c Adizki sintetikoak ez daitezke esaldiaren hastapen absolutuan ager inolako partikularik gabe: **dakit, **dator ekaitza. Hortaz, normalean ba- aurrizkia gehitzen zaio adizkiari (badakit; badator ekaitza) edo adizkia bigarren posiziora mugitzen (hau dakit; ekaitza dator). Murriztapen horren salbuespena agintera dugu, horretan adizkia esaldiaren hastapen-hastapenean kokatzen baita: hago isilik! (vs isilik hago/bahago isilik indikatibozkoak); zaude etxean! (vs etxean zaude/bazaude etxean indikatibozkoak); zatozte hona! (hona zatozte/bazatozte hona indikatibozkoak). Aginteratik kanpo, indikatiboan salbuespen pare bat biltzen da literaturan, *io aditza eta nago …-en(etz)/(-e)la esapidea, hain zuzen: Diot nik, adiskide gazte, honekin bat etorriko zarela (Salaburu); Nago ez dudanez gorago idatzi Baionako bi urteetan gertatu gauzetaz ez nintzela kasik oroit (Aintziart); Nago ez zarela ezeren beldur (Zubizarreta).

Gorago ikusi dugu adizki jokatuek aldi eta modu markez gain pertsona eta numero komunztadura markak ere hartzen dituztela. Esandakoa errepikatu gabe, alde batetik aldia eta aspektua (§ 26.2.2), eta bestetik modua eta modalitatea (§ 26.2.3) ardatz harturik, ohar zenbait eginen ditugu adizki sintetikoen berezitasun zenbait agerian emateko. Pertsona eta numero komunztadura ez ditugu aipatuko adizki sintetikoek ez baitute adizki analitikoetako laguntzaileetatik bereiziko luketen berezitasunik ez beren osaeran, ezta beren erabileran ere (ikus § 26.1.6 eta § 26.1.7).

26.2.2. Aldia eta aspektua

26.2.2a Gorago erran dugun bezala, adizki sintetikoek, adizki analitikoetako laguntzaileek bezala, oraineko eta iraganeko aldietako paradigmak dauzkate: dator, dakar; zetorren, zekarren. Alabaina, adizki batzuen emankortasun falta dela kausa, kasu zenbaitetan aldi bateko adizkiak besterik ez dira gorde: adibidez, entzun eta ezagutu aditzek oraineko adizkiak dakartzate testu klasikoetan, baina ez iraganekorik.

26.2.2b Antzina euskalki guztiek orainaldiaren eta geroaldiaren arteko bereizketa morfologikoa zuten adizki sintetikoetan, biak aldi oraineko adizkiak izanagatik, geroaldikoak -te/-ke atzizkia beretzen zuelako: Beste bategaz ezkondu arren, / uste badozu oba dala, / errazoaz desakezue : / la bella mal mariada (Lazarraga) ‘esango dizute’; Hogei urtetan eztena, hogei eta hamarretan eztakiena, eta berrogeietan eztuena, da jagoiti eztatena, eztakikena eta eztukeena (Oihenart). Gaur egun zuberera da delako usadioa mantendu duen bakarra; alabaina, gorde dituen sintetikoak ere izugarri urriak izanik, izan eta *edun aditzen geroaldiko sintetikoak baizik ez dira biltzen ahozko jardueran: etxen niz vs bihar mendian nizate; gaitzeko marranta dut vs hotz niz, bihar gaitzeko marranta duket. Oposizio morfologiko hau galdurik, hizkera askok aldi oraineko adizkiak erabiltzen dituzte etorkizunari erreferentzia egiteko: Bihar etxera noa; Bihar lanean zaude egun osoan?

26.2.2c Lehenago esan den moduan (§ 26.1.4.2e), adizki sintetikoek ez dute aspektuaren marka ageririk; ez dira hargatik hutsak aspektuari dagokionez. Hala orainean, nola iraganean puntukaritasuna adieraz dezakete: Pello eta lagunak oraintxe datoz; Esneketariak esne freskoa dakar; Hegazkina hodeien gainetik doa; Oreinak hariztoian zebiltzan ehiztariak ikusi zituelarik; Futbolari gaztea auto gorrian zetorren. Halaber, ohituraren balioa har dezakete: Kiroldegira doa egunero; Goizero dator bere amarengana. Batzuetan ohi partikulaz lagundurik agertzen da adizkia, ohituraren markatzeko: Oreinak haritzen artean ohi dabiltza. Haatik, progresiboa eta aspektu burutua adierazteko, paradigma sintetiko emankorra duten aditzek ere ezinbestean jo behar dute forma analitikoetara: Oreinak haritzen artean ibiltzen ari dira/ziren (progresiboa); Oreinak haritzen artean ibili dira/ziren (aspektu burutua).

26.2.3. Modua eta modalitatea

26.2.3a Sintetikoetan ez dago indikatiboaren eta subjuntiboaren arteko bereizketa morfologikorik. Euskarak duen subjuntibozko forma bakarra [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa da (ikus § 26.6.2.1) eta, beraz, testuinguru sintaktiko zenbaitetan (bereziki mendeko perpaus helburuzkoetan eta osagarri zenbaitetan), adizki sintetikoa utzi eta adizki analitikoa erabiltzen da euskara modernoan: oraintxe dator vs nahi dut oraintxe etor dadin; etxera darama vs esan diot etxera eraman dezan/dezala.

26.2.3b Adizki sintetikoek alegiazko paradigma dute, laguntzaileek bezalaxe. Forma hauen berezitasun morfologikoak ez ditugu hemen errepikatuko, aurreko atalean (§ 26.1.5.2) zehazki aipatu baititugu.

26.2.3c Sintetikoen erabilera franko nasaia da aginteran; hura da, hain zuzen, adizki sintetiko gehien biltzen duen kategoria. Ez dira guti forma sintetikoa bakarrik aginteran gorde duten aditzak; halakoak dira jaugin eta etorri ekialdeko hizkeretan (haugi; hator, zatoz, zatozte). Halakoak iduri dute, baita ere, Euskal Aditz Batua (Euskaltzaindia 1979) liburuan agerian eman bezala, erosi, ihardetsi, igorri, irakatsi, utzi aditzak. Gorago esan dugu 3. pertsonako objektua duten adizki trantsitiboak [e-ERROA] oinarriaren gainean eratzen direla, hari pertsona-atzizkiak datxizkola: ema-da-zu, egi-zu, erra-k, erra-ko-zu. Forma hauen ondoan, sintetikoen itxurako adizki analitiko kontraktatuak daude, semisintetiko izendatu ohi direnak: adibidez, emaidazu, esaiok, jakizak, garbizazu adizkiak. Hauetan, laguntzailearen arrastoa argia da: -i- morfema egin laguntzailearen aztarna da emaidazu ‘eman egidazu’ eta esaiok ‘esan egiok’ adizkietan; -za-, aldiz, *ezan laguntzailearena jakizak ‘jakin ezak’, garbizazu ‘garbi ezazu’ adizkietan. Aginterazko forma sintetikoek bi murriztapen dituzte. Alde batetik, ez dira ezezkako aginteran erabiltzen, hau da, ez dira egokiak debeku baten emateko: **ez zatoz hona! (vs zatoz hona!); **ez haugi etxera! (vs haugi etxera!). Horretarako, adizki analitikoa erabili behar da: ez zaitez etor hona; ez hadi jin etxera. Bestetik, objektua 1. pertsonakoa delarik, adizki analitikoa baizik ez daiteke erabil (ikus nazazu, entzun nazazu); testu zaharretan kontrakorik agertzen bada ere: Bana galde nauzun horrez ukenduru negizu (Oihenart); Amorea naiz eta nakutsu, / baldin badozu begirik (Lazarraga). Jusibozko adizki sintetiko eta analitikoez ikus § 26.1.5.4e.

26.2.3d Nahiz eta normalean ahalera adizki analitikoen bidez osatzen den (§ 26.6.3.1), adizki sintetikoek ere adieraz dezakete, horretarako, adizkiak -ke atzizkia beretzen duela (-teke atzizkia izan aditzaren NOR paradigman): Ezin datorke hortik gauza onik (Juan Garzia); Nagusigo ezti hori ordea, ez da adiskidantza antzuak sortua; Soil-soilik amodioak dakarke (Jon Muñoz); Baina zu bezalako euskara modu baten seme, umezurtz izanagatik ere, ezin dateke gaizki (Salaburu). Adizki bera erabiltzen da modalitate epistemikoa ekartzeko: Mandabillaren kondaketaren kopia XVII. mendekoa dateke (Arkotxa); Adulterioaren malezia, agian, libidotik datorke (Unzurrunzaga) (ikus § 26.6.3.2a).

26.3. Adizki analitikoak

26.3.1. Sarrera

26.3.1a Euskal aditz gehienak adizki analitikoen bidez baizik ez daitezke joka. Bi osagai ditugu adizki analitiko ororen oinarrian: adizki jokatugabea eta adizki jokatua. Adizki jokatugabea egiturako adizki nagusia da eta hark dakar eduki semantikoa. Adizki jokatua, berriz, egiturako laguntzailea da eta semantikoki hutsa da.

26.3.1b Lau dira adizki analitikoen osatzeko euskarak erabiltzen dituen adizki nagusiak: partizipio burutua (-tu), partizipio burutugabea (-t(z)en), partizipio prospektiboa (-tuko) eta aditzoina. Adizki nagusi horiek *izan, *edun, *edin edo *ezan —gehi egin mendebaldean eta -iro- ekialdean— laguntzaileekin elkartzen dira denbora-aspektu-modu ñabardura gehienen adierazteko. Atal honetan, adizki nagusiak (§ 26.3.2) eta laguntzaileak (§ 26.3.3) deskribatu ondoan, alde batetik aldia eta aspektua (§ 26.3.4), eta bestetik modua (§ 26.3.5) izanen ditugu aipagai. Pertsona eta numero komunztaduraz, ikus gorago § 26.1.6 eta § 26.1.7.

26.3.2. Adizki nagusiak

26.3.2.1. Partizipio burutua

26.3.2.1a Adizki jokatugabeak aztertzean ikusi dugun bezala (§ 25.2.1a), partizipioa aditzoinetik eratorria da eta hiru partizipio mota bereiz daitezke: (i) aditzoinari -i gehituz osatzen direnak: etorri, ekarri, hasi; (ii) aditzoinari -tu gehituz osatuak: lotu, makurtu, sartu (batzuetan -du bihurtua da fonologia aldaketengatik: apaindu, ezkondu…); (iii) batzuek ez dute marka ageririk ([Ø] marka), adibidez, -n-z (jan, edan…), -ki-z (ebaki, jarraiki…) edo bokalez (jaso, igo, bota, jo, laga…) amaitzen diren aditzak.

26.3.2.1b Egitura analitikoen gramatikalizazioari buruz egin diren lanek erakutsi dute partizipioa oinarri duten adizki analitikoek aspektu burutua ekarri ohi dutela. Euskaraz ere, aspektu burutua adierazteko, partizipioa oinarri duten adizki analitikoak erabiltzen dira. Hori hala izanik, euskal gramatika gehienek partizipioa aspektu burutuaren ekarletzat daukate, eta partizipio-atzizkiak aspektu burutuaren markatzat. Hortik, adizki analitikoetan erabiltzen den partizipioari ‘partizipio burutu’ erraten zaio. Gramatika honetan, -i, -tu edo -Ø marka izan, partizipio guztiak marka berarekin izendatuko ditugu: [-tu]. Horrela, marka horren azpian bilduko dira aldaki hauek guztiak: eman, sartu, saldu, ekarri, bota, jarraiki

26.3.2.2. Partizipio burutugabea

26.3.2.2a Partizipio burutugabea inesibozko postposizioa duen aditz izena da: ekartze-n, egite-n, esate-n… Gorago ikusi dugun bezala (§ 25.3.1a), euskara batuan -te eta -tze atzizkiak dira aditzoinetik aditz izena eratortzeko erabiltzen diren atzizkiak: (i) aditzoina -n kontsonantez eta txistukariz bukatua duten aditzek -te atzizkia hartzen dute: egonegote, irauniraute, emanemate, izanizate; hazihazte, ikasiikaste, hautsihauste, eutsieuste, hobetsihobeste; (ii) gainerakoek -tze atzizkiaren bitartez osatzen dute aditz izena: etorrietortze, hartuhartze, jojotze, edukiedukitze.

26.3.2.2b Hizkuntza askok aditz izena eta osagai lokatibo bat (preposizio bat edo postposizio bat) oinarri dituzten egitura analitikoak erabiltzen dituzte aspektu burutugabearen adierazteko. Euskaraz ere aspektu burutugabea adierazten duten adizki analitikoetan inesibozko postposizioa daraman aditz izena erabiltzen da. Hortik, aspektu burutugabearen ekarletzat daukate euskalari askok, eta -ten edo -tzen atzizkiak aspektu burutugabearen markatzat. Hemen, delako aditz izena ‘partizipio burutugabe’ gisa izendatuko dugu eta haren atzizki posibleak marka berarekin aipatuko: [-t(z)en].

26.3.2.2c Halere, partizipio burutugabea ez da aspektu burutugabea adierazteko erabil daitekeen adizki jokatugabe bakarra. Hizkera batzuetan, aditzoinari -ki atzizkia gehituz adierazten da puntukaritasuna: joaki da ‘doa’, ibilki da ‘dabil’ Halako erabilerak kapitulu honen azken atalean berriz aipatuko ditugu (§ 26.6.1.1.1a). Bestalde, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian, formaz partizipio burutua izanagatik ere, heldu puntukaria da: heldu da ‘badator’. Aditz horri balio burutua eman nahi izanez gero, -a(k) gehitu behar zaio partizipioari: heldua da ‘iritsi da’.

26.3.2.3. Partizipio prospektiboa

26.3.2.3a Partizipio prospektiboa partizipiotik eratortzen da, hari -ko edo -en atzizkiak gehituz (§ 25.4). Bi hauetarik, -ko marka da maizenik agertzen dena (sartuko, helduko); partizipioa n-z bukatzen denean, -go ahoskatzen da (jango, emango). Partizipio markarik ez duten bota, bete, kosta bezalako partizipioei ere -ko zuzenean eransten zaie: botako, beteko, kostako. Ekialdean, atzizki hori bokalez bukatu partizipioei ezartzen zaie, eta -en marka hartzen dute kontsonantez bukatzen direnek: joanen, janen. Hortaz, euskalkien arabera ondoko txandaketak ditugu: joango/joanen, jango/janen, eramango/eramanen, hilko/hilen

26.3.2.3b Geroaldia adierazteko modurik arruntena —nahiz eta ez den bakarra— partizipio prospektiboa oinarri duen adizki analitikoa erabiltzea da. Hemen, -ko eta -en atzizkiak dituzten partizipio prospektiboak identifikaturik, [-tuko] gisa aipatuko ditugu mota horretako partizipioak.

26.3.2.4. Aditzoina

Aditzoina adizki jokatugabeetarik oinarrizkoena da; areago, adizki jokatugabe guztiak hartarik eratorriak dira. Preseski, eratorpen atzizkirik ez baitu, aspektualki markatugabetzat daukate euskalari anitzek. Hemen ‘aditzoin’ gisa izendatuko dugu. Beherago ikusiko dugun bezala, aditzoina oinarri duten adizki analitikoak moduaren adierazpide nagusiak dira.

26.3.3. Adizki laguntzaileak

26.3.3a Euskararen denbora-aspektu-modu sistemako adizki analitiko nagusiak honako sei aditz laguntzaile hauekin osatuak dira: izan, *edun, *edin, *ezan, egin eta -iro-. Euskara batuan lehenbiziko laurak baizik ez dira erabiltzen —egin mendebaldeko hizkerei mugatua da eta -iro- ekialdekoei—. Egitura intrantsitiboetan, izan eta *edin ditugu; trantsitiboetan, aldiz, *edun eta *ezan. Gorago erran dugun bezala, *edin, *ezan —eta -iro-— aditzek erabilera beregain oro galdua dute: ez dira ez adizki sintetiko gisa erabiltzen, ez adizki jokatugabe gisa. Preseski, haien aipamenezko forma izartxo batekin markatzen dugu ez baita lekukotua eta erabiltzen dugun forma berreraikia baita. Haatik, izan eta *edun-en adizki sintetikoak oraindik erabiltzen dira —*edun bereziki ekialdeko hizkeretan—: Martin herri honetako alkatea da; Martinek etxe ederra du. Izartxo batekin markatzen dugu *edun ere bai, haren aipamenezko forma nehon lekukotua ez izanik, forma berreraikia erabiltzen baitugu. Laguntzaile horien ororen paradigmak kontsultatu nahi dituen irakurleak EGLU-II eta Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (EGPB) liburuetan eta 78. arauan aurkituko ditu.

26.3.3b Izan eta *edun laguntzaileek [-tu], [-t(z)en] eta [-tuko] adizki jokatugabeekin elkartuz osatzen dituzte adizki analitikoak. Haatik, *edin, *ezan —eta -iro-— aditzoinarekin elkartzen dira ekialdean eta euskara batuan (mendebaldean eta erdialdean, berriz, partizipioarekin, ikus § 25.1.1a, § 25.1.1b): etortzen naiz, etorri naiz, etorriko naiz vs etor gaitezen; ekartzen dugu, ekarri dugu, ekarriko dugu vs ekar dezakegu. Taula honetan, adizki nagusien eta laguntzaileen arteko banaketa biltzen dugu:

Adizki nagusiaren forma

Intrantsitibo

Trantsitibo

[-tu], [-t(z)en] eta [-tuko]

izan

*edun

Aditzoina

*edin

*ezan

26.3.4. Aldia eta aspektua

26.3.4a Adizki nagusiaren formak ez du zerikusi zuzenik laguntzailearen aldiarekin; adibide hauetan ageri da [-tu], [-t(z)en] eta [-tuko] oraineko zein iraganeko adizkiekin elkartu daitezkeela: Haurrek goxokiak erosi dituzte; Haurrek goxokiak erosi zituzten; Pellok irratia entzuten du gosaltzen duen bitartean; Pellok irratia entzuten zuen gosaltzen zuen bitartean; Bihar zinera joango naiz; Biharamunean zinera joango zen. Aditzoina ere oraineko eta iraganeko aldiekin elkartu daiteke. Bizkitartean, murriztapen andana baten menpe dago: orainean eta iraganean ez da perpaus nagusietan erabiltzen, hau da, mendeko perpausetan baizik ez da agertzen: Nahi dut etor dadin; Bihar bertan ekar zezala agindu nion. Bestela erranik, ez dugu **etor dadi edo **egin deza bezalakorik, ezta etor zedin, egin zezan bezalakorik ere lehenaldiko perpaus nagusietan. Baina bai, aldiz, etor daiteke, egin dezake / etor zitekeen, egin zezakeen bezalako ahalerazko formak. Ondoko atalean ikusiko dugu aditzoina oinarri duten adizki analitikoak moduaren esparrura mugatuak diren ber, aparteko tokia dutela euskal aditzaren sisteman.

26.3.4b Gorago adierazi bezala, [-tu] partizipio burutua oinarri duten adizki analitikoek aspektu burutua dakarte, [-t(z)en] partizipio burutugabea dutenek, berriz, aspektu burutugabea. Haatik, [-tuko] partizipio prospektiboa geroaldia adierazteko erabiltzen da. Aspektua eta laguntzailearen aldia gurutzaturik, hauek dira denbora-aspektu sistemako adizki analitiko nagusiak:

Illustration

Taula horrek agerian ematen du gorago errana, hau da, aldia eta denbora ez datozela beti bat. Oraineko laguntzailea duten adizki analitikoek orainaldia eta geroaldia adierazteko adizkiak osatzen dituzte. Ekialdeko hizkeretan, [-tu] partizipio burutuaz eta oraineko laguntzaileaz eratu adizki analitikoa erabiltzen da iraganaldi burutua ekartzeko: Atzo ikusi du edo Iaz Paris bisitatu dugu. Haatik, iraganeko adizkiak iraganaldiari erreferentzia egiteko erabiltzen dira eskuarki. Salbuespen bakarra, haurren hizkera da, askotan iraganeko adizkiak erabiltzen baitituzte alegiazko mundu batez ari direla: Ni Ama nintzen eta ikastolara joaten ginen.

26.3.5. Modua eta modalitatea

26.3.5.1. Subjuntiboa eta agintera

Adizki analitikoak

Indikatiboa

Gainerako moduak

[-tu], [-t(z)en] eta [-tuko] + izan/*edun

X

aditzoina + *edin/*ezan

X

26.3.5.1a Aurreko taulak erakusten duenez, [-tu] partizipio burutua, [-t(z)en] partizipio burutugabea eta [-tuko] partizipio prospektiboa oinarri dituzten adizki analitikoak indikatiboaren esparrukoak dira. Indikatiboaz bestelako moduetarako, aditzoinaz eta *edin/*ezan laguntzaileez osatu adizki analitikoa erabiltzen da.

26.3.5.1b Hasteko, hura da euskararen subjuntibozko adizkia. Hizkuntzaz hizkuntza, subjuntiboa mendeko perpaus jokatu jakin batzuei mugatua izan ohi da; euskaraz, helburuzko perpausetan eta osagarri zenbaitetan erabiltzen da bereziki (ikus beherago § 26.6.2.1): Erran diot oraintxe bertan dei nazan; Itxi atea haizerik sar ez dadin. Euskarak hiru subjuntibo ditu: orainaldikoa, iraganaldikoa eta alegiazkoa. Orainaldiko subjuntiboak aldi oraineko laguntzailea du (etor dadin, egin dezan); iraganaldikoak, berriz, aldi iraganekoa (etor zedin, egin zezan). Alegiazko subjuntiboak alegiazko morfologia duen laguntzailea du (etor ledin, egin lezan); euskalki gehienetan alegiazko perpaus baten osagarri gisa erabiltzen bada ere (nahi nuke etor ledin), zubererak, antzina orokorragoa zen usadio bati eutsiz, iraganaldiko perpausen osagarri gisa ere erabiltzen du (üdan [ütürria] ttipitzen beitzen, hua behar zian haidürü egon behar zegoa betha ledin, EHHA Montori). Mendeko perpausetan erabiltzen diren ber, subjuntibozko adizkiek menderagailua daramate; beherago erakutsiko dugu (§ 26.6.2.1) perpausen arabera, delako morfema -n edo -la izan litekeela (etor dadin/etor dadila; egin zezan/egin zezala).

26.3.5.1c Aditzoinaz eta *edin/*ezan laguntzaileez osatu adizki analitikoa aginterazko eta jusibozko forma analitiko nagusia ere badela ikusi dugu. Gorago azaldu direnak errepikatu gabe, gogoan har adizki analitiko horrek, sintetikoek ez bezala (§ 26.1.5.4, § 26.2.3c), ez duela erabilera-murriztapenik. Bestela erranik, nahiz eta aginte adizki sintetikoak dauden, maiztasun handiagoarekin erabiltzen da adizki analitikoa.

26.3.5.2. Ahalera

Ahalerazko forma nagusiak [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa du oinarri. Laguntzailea aldi orainekoa edo iraganekoa izan liteke, eta gisa horretan orainaldiko edo lehenaldiko ahalera sortu: etor daiteke; ez dezake egin; etor zitezkeen; ez zezakeen egin. Alegiazko ahalera alegiazko morfologia duen laguntzailearekin osatzen da: ez liteke etor; ez lezake egin. Hiru kasuetan laguntzaileak -ke atzizkia beretzen du (*edin laguntzaileak -teke NOR paradigman). Geroago ikusiko dugu azken hamarkadetan adizki analitiko horren ordez beste zenbaiten erabilera hedatzen ari dela, etortzen ahal da eta etorri ahal da tipokoak (§ 26.6.3.1c, § 26.6.3.1d).

26.3.5.3. Alegiazko paradigma

26.3.5.3a Sintetikoak izan ala adizki analitikoetako laguntzaileak, adizki jokatu guztiek daukate alegiazko paradigma, oraineko eta iraganeko aldietako paradigmen ondoan. Gorago erran dugu alegiazko adizkiak bi itxuratan agertzen direla, ba- aurrizkiaz lagundurik, edo -ke atzizkia bereturik. Ezaugarri hauek denbora-aspektu-modu adizki analitikoetara ekarririk, ohartzen gara adizki analitiko guztiak ba- aurrizkidun alegiazko formarekin elkar daitezkeela. Adizki hauek oro, baldintza irrealeko protasian erabiltzen dira (§ 34.5.2):

sartzen balitz, egiten balu (baldintza irreal ez-burutuko protasia, Iparraldeko hizkerak)

sartu balitz, egin balu (baldintza irreala burutuko protasia, euskalki guztiak)

sartuko balitz, egingo balu (baldintza irreal ez-burutuko protasia, Hegoaldeko hizkerak)

sar baledi, egin baleza (baldintza irreal ez-burutuko protasia, zuberera —XVI. mendean euskalki guztiek erabiltzen zuten—)

26.3.5.3b Haatik, -ke atzizkia beretua duten alegiazko laguntzaileak ez daitezke adizki analitiko horietan guztietan erabil; [-tuko] eta aditzoina oinarri dituzten adizki analitikoei mugatuak dira halako adizkiak. Baldintza irrealeko apodosian eta hipotetikoan erabiltzen dira:

sartuko litzateke, egingo luke

sar liteke, egin lezake

baina ez **sartzen litzateke, **egiten luke eta **sartu litzateke, **egin luke

26.3.5.4. -ke atzizkia

26.3.5.4a Aldi oraineko eta iraganeko laguntzaile guztiek har dezakete -ke atzizkia, eta denbora-aspektu-modu adizki analitiko guztiekin konbina daitezke:

sartzen dateke, ikusten duke / sartzen zatekeen, ikusten zukeen

sartu dateke, ikusi duke / sartu zatekeen, ikusi zukeen

sartuko dateke, ikusiko duke / sartuko zatekeen, ikusiko zukeen

sar daiteke, ikus dezake / sar zitekeen, ikus zezakeen

26.3.5.4b Alabaina, gisa horretan eratu adizki analitikoek ez dute ez balio bera, ez funtzio bera sisteman. Lehenbiziko biak (sartzen dateke, ikusten duke / sartzen zatekeen, ikusten zukeen eta sartu dateke, ikusi duke / sartu zatekeen, ikusi zukeen) modalitatearen esparrukoak dira. Laguntzaileari -ke atzizkia ezarriz, mintzatzaileak erraten duenaz segurtasun osorik ez duela adierazten du (ikus § 26.6.3.2a). Haatik, [-tuko] oinarri duten adizki analitikoak bakan agertzen dira laguntzaileari -ke atzizkia gehiturik. Antzina geroaldia adierazteko erabiltzen zen: Orduan haren etxea pillaturen duke (Leizarraga); Emazteak zerengatik gaitz erranen dirate? / Handi eta txipi oro haietarik girade (Etxepare). Gorago erran dugun bezala (§ 26.3.5.2), sar daiteke, ikus dezake / sar zitekeen, ikus zezakeen adizki analitikoek ahalera adierazten dute.

Gorago ikusi dugu alegiazko adizkiek ere -ke atzizkia hartzen dutela (§ 26.1.5.2); adizki hauetan, alegiaren markatzailea da.

26.4. Perifrasiak

26.4a Gutienez bi osagai daude perifrasi ororen oinarrian: adizki jokatugabe bat eta adizki jokatu bat. Hori hala izanik, batek pentsa lezake adizki analitikoak bezalaxe eratuak direla. Bizkitartean, perifrasiak eta adizki analitikoak oso desberdinak dira sintaxiari dagokionez. Analitikoetan, adizki jokatugabea eta jokatua, gorputzeko organoen gisan, bata bestearen menpe dira eta bat egiten dute (ikus § 26.3). Perifrasietan, berriz, ez dira perpaus bereko bi osagaiak; alderantziz, perifrasiek egitura biperpausduna dute: adizki jokatua perpaus nagusiko adizki nagusia da, eta adizki jokatugabea, haren menpeko den perpaus baten burua.

26.4b Mota askotako perifrasiak daude munduko hizkuntzetan, denbora-, modu-, aspektu-perifrasiak, baina baita balentziari dagozkionak ere. Euskararen perifrasi gehienek aspektu eta modu ñabardurak dakartzate. Perifrasi aspektualen artean, [-t(z)en + ibili], [-t(z)en + egon], [-t(z)en + jardun], [-t(z)en + ari izan] progresibozkoak aipa daitezke, edo [-tu(a)z + joan] ekintza baten gradualtasuna agerian ematen duena (ikus § 25.3.5b, § 25.2.7d, § 26.6.1.1.1). Geroaldi hurbilari erreferentzia egiteko, [-t(z)era + joan] dute euskalki gehienek: esatera noa25.3.5d, § 26.6.1.3f). Modalitatearen esparrukoak dira [-tu + nahi izan], [-tu + behar izan], [-tu + ahal/ezin izan] (§ 10.4.1, § 23.4.2, § 23.4.4, § 26.6.3.1c).

26.4c Perifrasiak guti gramatikalizatuak dira, eta beraz, anbiguoa izan daiteke haien esanahia: testuinguru zenbaitetan, ez da argi egiturari bere jatorrizko balioa eman behar zaion ala gramatikalizazioaren ondorioz har lezakeena. Jarduera aditzak oinarri dituzten perifrasiak ohikoak dira aspektu progresiboa adierazteko; alabaina, ez da beti argi egiturak jarduera ala ekintzaren progresibotasuna adierazten duen. Hona [-t(z)en + jardun] perifrasiaren bi adibide: Hark, idazmakina aurrean duela, itzulita eta zuzenduta dauden testuak mekanografiatzen dihardu (Iñurrieta); Urte berrian sartu direnez geroztik behintzat Men at War gerrako kontagaien antologia zuzentzen dihardu (Jimenez). Halaber, [-t(z)en + ibili] perifrasiak, progresiboa baino, mugimendu bat adierazten duen galdetzea zilegizkoa izan daiteke, bereziki adjuntuak daudenean: Jaiki egiten da neska, gelan batera eta bestera dabil bere arropak batzen, bakarrik balego bezain lotsa gutxirekin (O. Arana). Baina perifrasiak gramatikalizatzen diren heinean, aldaketak gertatzen dira sintaxian. Euskaraz, bereziki subjektuaren markaketan eta laguntzailearen hautaketan agertzen dira gramatikalizazioaren ondorioak. Eman dezagun [-t(z)en + ari izan] perifrasiaren adibidea.

Hastapen-hastapenean, partizipio burutugabea trantsitiboa izan ala intrantsitiboa, subjektua absolutiboan zen eta izan laguntzailea erabiltzen zen: ni hurbiltzen ari naiz eta ni egiten ari naiz. Ekialdeko hizkera askotan egitura berranalizatu da, partizipio burutugabea adizki nagusi gisa harturik. Hortik, aditz trantsitiboen kasuan, subjektua ergatiboan markatzen da eta izan beharrean, *edun da adizki jokatua: nik egiten ari dut. XX. mendearen hastapenetik izugarri nasaiak dira erabilera horren lekukotasunak autoritateen testuetan: Erran dugu kargu behar-gabekoak emendatzen ari direla, eta bizkitartean kargu bakhotxaren irabazia oroz batean goititzen ari; bi aldetarik iresten ari gaituztela gero-ta gehiago (Hiriart-Urruti); 249 garren erreximendua ari zuten apailatzen gudu-tokietarat igortzeko (Lafitte). Gauza bera gertatu da [-tu + behar izan] eta [-tu + nahi izan] perifrasiekin, nahiz eta alderantzizko norabidean obratu den (aditz intrantsitiboekin, subjektua ergatiboan markatzetik absolutiboan markatzera pasatu da eta izan laguntzaileak *edun ordezkatu du): etorri behar naiz vs egin behar dut; jin nahi naiz vs egin nahi dut. Euskaltzaindiak ez du gaitzesten trantsitibo/intrantsitibo bereizketa formala [-tu + behar izan] eta [-tu + nahi izan] perifrasien kasuan.

Ikus Euskaltzaindiaren 113. araua: “Behar izan aditzaren jokabidea aditz iragangaitzekin”, 2001eko otsailaren 23an, Lekeition, eta maiatzaren 25ean, Donostian, onartua.

Ikus Euskaltzaindiaren 114. araua: “Nahi / gura izan aditzen jokabidea aditz iragangaitzekin”, 2001eko otsailaren 23an, Lekeition, eta maiatzaren 25ean, Donostian, onartua.

26.5. Aditz predikatu konplexuak

26.5a Orain arte aipatu ditugun aditzak, ondare zaharrekoak izan ala maileguak, hitz bakar batez osatuak ziren. Hauez gain, euskarak aditz predikatu konplexu franko dauzka, bi hitzez osatu aditzak. Gorago erakutsi bezala, erregimenari dagokionez, aparteko tratamendua dute askotan (§ 23.2.1.3). Baina aspektuari dagokionez ere bereziak dira horietariko asko. Zehatzago, izen bat (beldur, nahi, behar, iduri, atseden, balio, uste) edo adjektibo bat (laket, sori, maite, bizi, ageri) eta izan edo *edun aditza oinarri dituzten predikatu konplexuei aspektua modu berezian ezartzen zaie (beldur izan, nahi izan, behar izan, iduri izan, laket izan, sori izan, maite izan, bizi izan, ageri izan, balio izan, uste izan…).

26.5b Oro har, aspektu puntukaria markatugabea dute, hau da, predikatuko izenak ez du [-t(z)en] atzizkia beretzeko beharrik gertakaria bidean dela adierazteko: nahi dut, beldur naiz, behar dut, iduri zait, maite dut, laket dut, balio du, uste du, bizi da… Haatik, ohitura edo burututasuna adierazteko, izan predikatuaren erdian kokatzen da —ekialdeko euskalkiek izan dute laguntzaile intrantsitiboekin eta ukan trantsitiboekin— eta aspektualki markatzen: izaten partizipio burutugabea erabiltzen da ohituraren kasuan, eta izan partizipio burutua aspektu burutua adierazteko. Adibidez, Igandetan jatetxean bazkaldu nahi izaten du; Igande honetan ez du jatetxean bazkaldu nahi izan; Lantegian sartzean, oinetakoz aldatu behar izaten du; Lantegian sartzean, oinetakoz aldatu behar izan du; Atunak 7 euro kiloa balio izaten du abuztuan, baina urte batzuetan 5 euro balio izan du. Geroaldiari erreferentzia egiteko, aditz zenbaitek -ko atzizkia zuzenean eransten diote izenari edo adjektiboari (nahiko, beharko, biziko, maiteko, komeniko, iduriko, balioko); beste zenbaitek, berriz, nahitaez izan erabili behar dute bitartekari gisa, izanen/izango partizipio prospektiboa predikatuko bi osagaien artean tartekatuz: beldur izanen da; laket izanen zait… Batzuek bi aukerak dituzte posible, hizkeren arabera: nahiko du / nahi izanen du; usteko du / uste izanen du.

26.5c Bizi izan eta maite izan aditz predikatu konplexuen kasua berezia da ez baitezakete aspektu burutugabearen markarik har, ez [-t(z)en] atzizkia bizi eta maite osagaiei zuzenean gehituz (**bizitzen, **maitetzen), ezta izaten partizipio burutugabea erabiliz ere. Delako murrizketa gorago aipatu dugun aditzaren aspektu lexikoak ezartzen du, dudarik gabe, aditz estatiboak nekez batera daitezkeelako aspektu progresiboarekin edo ohiturarekin (§ 26.1.4.2c). Alabaina, egoera iraunkorra baino egoera puntuala deskribatzen denean, delako ezintasuna gainditzen da hizkera batzuetan: Italian bizi izaten/bizitzen nengoela, asko disfrutatu nuen. Halaber, inpertsonalean ere bizitzen eta maitatzen adizkiak erabiltzea posible dute mintzo zenbaitek: Dirua izanez gero, ederki bizitzen da; Maitatzen delako maitatzen da (X. Aranburu).

26.5d Osaera desberdinekoa izanagatik, ari izan aditzak ezaugarri komun anitz ditu aditz predikatu konplexu hauekin aspektuaren ezarketari dagokionez. Aditz horretan ere aspektu burutugabea ez da markatzen (pilotan ari naiz…), eta ohitura adierazteko haren kide den aritu aditz eratorria erabiltzen da: Pilotan aritzen da igande guztiz. Haatik, aspektu burutua markatzeko, joera desberdinak ditugu euskalkien arabera. Batzuek izan behar-beharrezkoa dute, besteek aritu erabiltzen dute: Atzo pilotan ari izan/aritu da. Geroaldiari erreferentzia egiteko, ariko, arituko eta ari izanen ditugu euskalkien arabera: Bihar pilotan ariko/arituko/ari izanen da.

26.5e Aditz predikatu konplexu gehiagok daukate haien kidea den aditz eratorria: adibidez, beldur izan eta beldurtu, iduri izan eta iduritu, maite izan eta maitatu, laket izan eta laketu… (ikus § 23.2.1.3.4g). Zenbaitetan, aditz predikatu konplexua eta aditza banaketa osagarrian dira aspektu burutugabeari dagokionez: maite du (puntukaria) vs maitatzen du (ohitura), beldur naiz (puntukaria) vs beldurtzen naiz (ohitura). Baina ez da beti hala, laket naiz/dut eta laketzen naiz/dut eta iduri izan eta iduritzen zait puntukariak izan baitaitezke. Berezia da mintzo izan eta mintzatu aditzen arteko harremana ekialdeko hizkeretan. Mintzo puntukaria da eta gainerako ñabardurak mintzatu aditzak erabiliz adierazten dira: Zein ederki mintzo den haur hori (= mintzatzen (ari) da ere posible da, baina ez da hain ohikoa). Horren parean mintzatzen da, mintzatu da eta mintzaturen/mintzatuko da ditugu.

26.6. Denbora, aspektua eta modua

Adizki jokatuen osaera aztertu ondoan, haien erabilerak deskribatuko ditugu. Atal honetan, beraz, ardatz semantikoari jarraikiko gatzaizkio; alde batetik denbora eta aspektua (§ 26.6.1), eta bestetik modua (§ 26.6.2) eta modalitatea (§ 26.6.3) nola adierazten diren erakutsiko dugu.

26.6.1. Denbora eta aspektua

26.6.1.1. Orainaldia

Kapitulu honen lehen atalean ikusi bezala (§ 26.1.2a), orainaldiak solasaldiaren unearekin bat egiten du. Euskarak aldi oraineko adizki jokatuak erabiltzen ditu gertakariak orainaldian kokatzeko; ez da, haatik, adizki horien erabilera bakarra orainaldiaz bestelako denbora-erreferentziak ere ekar baititzakete, adibidez, iraganaldia edo geroaldia (§ 26.6.1.2b, § 26.6.1.2.2c, § 26.6.1.3c).

Azpiatal honetan, solasaldiaren unean aspektualki burutugabeak eta burutuak diren gertakariak nola adierazten diren ikusiko dugu.

26.6.1.1.1. Burutugabea

26.6.1.1.1a Adizki sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa dira aspektu burutugabearen forma nagusiak. Alabaina, hauez gain perifrasiak ere badaude, ñabardura aspektual zenbait dakartzatenak. Ikus dezagun forma bakoitzaren banaketa zein den.

Adizki sintetikoak gorde dituzten euskalkietan, jokamolde sintetikoa eta analitikoa banaketa osagarrian erabiltzen dira: biek adieraz dezakete ohitura eta maiztasuna; bizkitartean, aspektu puntukaria adizki sintetikoak baizik ez dezake ekar: Pello egunero dator/etortzen da (ohitura); Maddi askotan dabil/ibiltzen da mendian (maiztasuna) vs Pello autoz dator/**etortzen da (puntukaria); Maddi kalean dabil/**ibiltzen da (puntukaria). Haatik, paradigma sintetikoak galduak dituzten euskalkiek adizki analitikora jotzen dute baita aspektu puntukarirako ere; [-t(z)en + izan/*edun] adizkia da forma nagusia, baina hizkera zenbaitek, partizipio burutugabearen ordez, aditzoinari -ki atzizkia gehiturik osatzen den adizki jokatugabea erabiltzen dute aditz zenbaitekin: Pello autoz etortzen da; Maddi kalean ibiltzen da/ibilki da; Haurrak etxera joaten dira/joaki dira. Paradigma sintetikorik ez duten aditzen aspektu puntukaria [-t(z)en + izan/*edun] adizkiaren bidez baizik ez daiteke adieraz euskalki guztietan: Pellok kantatzen du; Maddik komiki bat irakurtzen du.

26.6.1.1.1b Maiztasuna eta ohitura adierazteko, beraz, adizki sintetikoa eta [-t(z)en + izan/*edun] molde analitikoa erabiltzen dira; gehienetan adberbio batek ematen dio adizkiari bere ñabardura aspektuala: Auzoko gatuak askotan dabiltza/ibiltzen dira teilatuaren gainean (askotan, maiztasuna); Auzoko gatuak egunero doaz/joaten dira hiriguneko parkera (egunero, ohitura). Alabaina, ohiturak forma bereizgarriak ere baditu, ohi partikulaz lagunduak. Sintetikoak izan daitezke (Inbaditutako lurraldean inurriak bezala ohi dabiltza zelatariak, K. Zabala; Dimenari doakionez, dakusadanez, bat ohi datoz adimenezko multzoaren atomoetako batean datzan akzidente bat dela esatean, Kintana) edo analitikoak; Ipar Euskal Herrian [-t(z)en + izan/*edun] adizkiarekin erabiltzen da ohi partikula, Hego Euskal Herrian, berriz, [-tu + izan/*edun] adizkiarekin: Usu eta franko egin ohi du izotza terreno eta paraje horietan, Sakanatik aurrera (P. Zabala); Herri hazietan egin ohi dira azokak, feriak, jaiak eta ospakizunak (Zuazo); Herioak hartzen deraukun ahaide eta adiskideen gorphutzak arthatzen ohi ditugu oraino bizi balira bezala, edo hobeki (Hiriart-Urruti gaztea). Mendebaldeko hizkera zenbaitek [-t(z)en + jakin] perifrasia erabiltzen dute gertakari baten ohikotasuna agerian emateko: Sanantoliñetan, nire lagunak badakije etorten Lekittora ‘etorri ohi dira’ (Hualde, Elordieta & Elordieta 1994: 145); Udazkenean ere badaki elurra egiten inguru horretan. Euskara zaharrean horretarako erabiltzen zen [-tu + joan/eroan] adizki analitikoa; baina egitura horren erabilera ez da lekukotzen gaur egungo euskalkietan: Ao itsian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia ‘ez da sartu ohi’ (RS 123); Burla gaxtoa bere sorlekura itzuli doa ‘itzuli ohi da’ (Oihenart); Mundu honek anhitz jende enganatu darama ‘enganatu ohi du’ (Etxepare) (ikus § 25.2.7b).

26.6.1.1.1c Gertakari baten maiztasuna agerian emateko, euskalki gehienek sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dituzte maiztasunezko adberbio batekin batean: Garai bereko seme, antzeko gogoetak darabiltzate maiz biek (Zurutuza); Eta hala sentitzen ditut usu neure baitan bi jaidura edo bi sentimendu kontrajarri horiek (Irigoien); Dirua modu askotara egin litekeela maiz entzuten dugu (Garate). Mendebaldeko hizkerek [-t(z)en + ibili] perifrasiaren bitartez ekar dezakete maiztasunaren ñabardura: Gainera, prezioak igo egin dituzte, beti jendeari esfortzuak eskatzen dabiltza zuzendaritzakoak, eta zaleak erreta, jota edo amatatuta ikusten ditut (Berria).

26.6.1.1.1d Hizkuntza askok adizki bereziak baliatzen dituzte progresiboa adierazteko, hau da, gertakari baten garapena agerian emateko. Euskarak horretarako ere [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa erabil dezakeen arren (Non dago Ama? Josten du), gehienetan perifrasietara jotzen du. Euskalkien arabera, honako perifrasiak erabiltzen dira progresiboan: [-t(z)en + ari izan] (erdialdean eta ekialdean), [-t(z)en + jardun] (mendebaldean), [-t(z)en + ibili] (mendebaldean), [-t(z)en + egon] (mendebaldean): Byron-en gutun bat irakurtzen ari da, 1820koa (O. Arana); Gure herria hazten ari da, baina, zerk iraungo du? (Aristi); Neska gazte bat bere zango-aztal eta oin-eri minberen artatzen ari da (Aintziart); Treneko hizkuntza guztietarik hiruna hitz harturik olerkiak osatzen dihardu (Jimenez); Jakina, maletak egiten dihardu orain (I. Mendiguren); Benetan onartzen ote du erru hori, edo itxurak egiten dabil […]? (O. Arana); Lozorrotik esnatzen dabil gosetia (Urrutikoetxea); Neska bat ispilu puskatu batzuekin jolasten dago eszenako behegainean (Berria); Musika eskola ondoko autobus geltokian itxaroten dago Iker (Urrutikoetxea). Gogoan izan dezagun alde bat gramatikalizatuak ez diren heinean, perifrasi hauek ez dutela beti balio aspektualik eta, beren jatorrizko eduki semantikoari eutsiz, jarduera adierazten dutela askotan (ikus § 26.4). Gorago erran dugu aditz estatiboek egoera egonkor bat, hau da, garapenik gabea, adierazten duten ber, ezin daitezkeela aspektu progresiboarekin konbina (§ 26.1.4.2c). Hori hala izanik, honako adizkiak ezinezkoak dira: **izaten ari da/**izaten dabil, dihardu; **egoten ari da/**egoten dabil, dihardu; **irauten ari naiz/**irauten nabil/dihardut; **maitatzen ari naiz/**maitatzen nabil/dihardut. Halaber, [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez jokaturik, aditz estatiboek ez dute sekula progresibotasunaren baliorik hartzen: egoten naiz, izaten naiz, irauten dut adizkiek usaiako gertakari bat adierazten dute edo maiz gertatzen dena, baina nehola ere ez garatzen ari den gertakari bat, hots, progresiboa.

26.6.1.1.1e Gertakari baten garapenaren gradualtasuna adierazteko ere perifrasi berezia dute euskalki gehienek, [-tu(a)z + joan] perifrasia hain zuzen: Irudiaren planoaren paralelo dauden zuzenkien zabalera, zuzenki horiek errealitatean urrunduz joan ahala, txikituz doa irudian (J. Zabaleta); Gai jakin batean, material berezi batean murgildurik, bestalde, egunean-egunean handituz doa denbora- eta lan-inbertsioa (Juan Garzia).

26.6.1.1.2. Burutua

26.6.1.1.2a Orainaldiko bi forma burutuak erresultatiboa eta perfektua dira.

Perfektuak solasaldiaren unea aitzin agitu den gertakari bat adierazten du, baina solasaldiaren unean oraindik esanguratsua dena: Irailaren 11ko atentatuek munduko politika guztiz aldatu dute; Alemaniako Errepublika Demokratiboaren garaiko eraikinek Berlin ekialdea itsustu dute. Adibide horietan aipatzen diren gertakariak aspaldikoak dira (irailaren 11ko atentatuak 2001. urtean gertatu ziren; AEDren eraikuntza-lanak 50eko hamarkadakoak dira); alabaina, solasaldiaren unean oraindik esanguratsuak dira, hau da, haien ondorioak oraindik hautematen dira solasaldiaren unean. Euskalki guztiek [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute horretarako (etorri naiz, egin dut tipokoa). Erresultatiboa eta perfektua parez pare ezarrita, argiago gera daiteke bien arteko alde semantikoa zein den. Har ditzagun Soldadua zauritu da eta Soldadua zauritua da perpausak. Lehenbizikoan, iragandako ekintza baten berri ematen da (soldadua zauritu); bigarrena, berriz, soldaduaren egoeraz ari da, iraganeko ekintza baten ondorioz dagoen egoeraz (soldadua zauritu da eta ondorioz, zaurituta dago). Halaber, Munduko politika guztiz aldatua da erraten dugunean, munduko politikaren egoeraz ari gara, eta pairatu dituen aldaketen ondoko egoera erakusten du (‘aldaketak egin dira, eta beraz, aldatua da’).

26.6.1.1.2b Solasaldiaren unean oraindik esanguratsua den iraganeko gertakari bat adierazten duen ber, perfektuak esperientziaren berri eman dezake, hau da, jendeak diren bezalakoak bihurtu dituzten bizi-esperientziak —esperientzia-perfektua deitzen zaio literatura espezializatuan—. Baina adizki analitiko horrez gain, euskalki gehienek egitura analitiko birkonposatua ere erabiltzen dute, hau da, eduki semantikoa dakarren partizipioaz gain izan edo ukan partizipioa ere beretzen duena: Gazte nintzalarik, antzotegi batean ikusi izan dut gizon bat, makila luze bat eskuan, hartaz jotzen zituela ikusliar arraboslari lotsagabeak (Larzabal); Koloradotik Bizkaiaraino, gero Donazaharrera, jin izan zira zure herria ta haurriden ikustera (Arrosagarai); “Ui! Ahaztu loa!” —esan izan dit ama batek baino gehiagok (Iturbe). Askotan ohituraren edo maiztasunaren kutsua ere izan dezake adizkiak: Maiz joan izan naiz Mediarat eta hango Rage hirian bizi den gure anaia Gabaelen etxean egona naiz ostatuz (Etxehandi); Carabanchel dena zuloz josia zegoela entzun izan dugu sarritan (Urain). Malerrekan, Bortzerrietan, Goizuetan eta Hondarribian, partizipioari -katu/-ketu atzizkia gehiturik osatzen da esperientzia-perfektuzko adizkia (emanketu, etorriketu, ikusiketu, izanduketu…): Ikusiketu dut or lenago erbia (Arburua); Oriyek zelayan, zabaliyan, utziketu gaituzte (Arburua).

26.6.1.1.2c Geroago ikusiko dugun bezala (§ 26.6.1.2.2a, § 26.6.1.2.2c), [-tu + izan/*edun] adizkia ez da perfektuaren adierazteari mugatua: euskalki guztiek iraganaldi hurbilari erreferentzia egiteko erabiltzen dute eta ekialdekoek baita gertakariak iraganaldi urrunean kokatzeko ere: Goizean ikusi zaitut (euskalki guztiak); Atzo goizean ikusi zaitut (ekialdeko euskalkiak).

26.6.1.1.2d Erresultatiboak iraganeko ekintza baten ondorioa den egoera bat adierazten du. Euskaraz, hizkuntza askotan bezala, egitura predikatibo bat du oinarri: partizipio bat, iraganeko ekintza zein den erraten duena, eta kopula bat, egoeraren adierazlea dena. Adibidez, Paretak tindatuta daude esaldian, pareten egoeraren berri ematen da, egoera horretara heltzeko ekintza zein izan den agerian emanez (tindatzea). Euskalki guztiek ez dituzte erresultatibozko perifrasi berak erabiltzen. Mendebaldean, partizipioari -ta atzizkia eransten zaio eta egon/eduki kopulak erabiltzen dira: Mahaia, tarta eta lorez hornitua, urtebetetze afari baterako prestatuta dago (Payá); Aitak hatz txikia apurtuta dauka, eta kolpeak gorputz osoan (Berria). Erdialdean eta ekialde gehienean, -a(k) artikulua beretzen du partizipioak eta kopularen hautaketan dautza desberdintasunak; erdialdeko hizkerek egon/eduki dituzte, ekialdekoek, berriz, izan/*edun: Bi hilabeterako joana da Irlandara ikasketak bururatzeko (U. Apalategi); Katea hautsia du, gidoia makurtua, pedalak ere hautsiak! (D. Salaberria); Gela hagitz egoki antolatua dago (K. Izagirre); -Hanka bat hautsia dauka -erran zuen morroietarik batek (Irigoien). Zubererak erabiltzen duen erresultatibozko perifrasiari dagokionez, partizipioa -rik atzizkiaz jantzia du eta izan/*edun dira egiturako kopulak: Horietan ezkiribatürik düzü nuiz den (Peillen); Gure Printze zunbaiteki eginik dizü tratia, haiekilan hitzartürik batetan gure joitia (Casenave-Harigile).

26.6.1.1.2e Gramatikalizazioari buruzko lanek erakutsi dute perfektuzko adizki analitikoek erresultatibozko perifrasiak dituztela iturburu. Euskarak horren aldeko frogak eskaintzen ditu testu zaharrenetan [-tu + izan/*edun] egiturak erresultatiboaren balioa baitu askotan. Adibidez, Bernat Etxeparek Kontrapas kantuan orain dute porogatu engainatu zirela erraten duelarik, porogatu dute aditzari irakurketa erresultatiboa ematen dio, ez perfektua. Zehatzago, ez du erran nahi ‘zerbait frogatu dutela’, baizik eta ‘zerbait frogatuta daukatela’. XVII. mendetik aitzina, [-tu + izan/*edun] egitura perfektuzko adizki gisa gramatikalizatu zen osoki eta aipatu berri ditugun erresultatibozko perifrasiak errotu ziren.

26.6.1.2. Iraganaldia

26.6.1.2a Iraganaldia solasaldiaren unea aitzin kokatuak diren gertakarien denborari dagokio. Alabaina, izugarri zabala da, eguzki-sistemaren sortzetik solasaldiaren aitzineko segundorainoko denbora hartzen baitu. Hortaz, gutienez hiru iraganaldi mota bereizten ditu hizkuntzalaritzak: (i) iraganaldi hurbila, solasaldiaren eguneko denbora-muga duena, hots, 24 ordukoa; (ii) iraganaldi ez hain hurbila, solasaldiaren aurreko egunetik gorako denborari dagokiona; (iii) iraganaldi urruna, solasaldiaren unetik mendetako urruntasuna duena. Hizkuntza askok bezala, euskalki gehienek bereizketa bitarra dute: solasaldiaren egunean burutuak eta solasaldiaren bezperatik gorakoak morfologikoki bereizten dituzte, lehenetarako aldi oraineko adizkiak erabiliz (goizean ikusi zaitut), bigarrenetarako aldi iraganekoak (atzo ikusi zintudan) (ikus § 26.6.1.2.2a, § 26.6.1.2.2b).

26.6.1.2b Alabaina, testu literarioetan ohikoa da aldi oraineko adizkiak (burutuak eta burutugabeak) erabiltzea kontakizunari bizitasuna emateko. “Orainaldi historikoa” deitzen zaio: Ikus dezagun zer den orduko giroa Frantzian. 1870ean Frantziak galtzen du gerla Alemaniaren kontra. Hori izan da gertakari latza frantses guzientzat, egiazko bihotz-mina bereziki Alsazia eta Lorrena galdurik. Errepublika sortzen da orduan, ez delarik batere onartua Euskal Herrian, Iparraldeko euskaldun gehienak Napoleonen aldekoak edo erregetiarrak izanez. Orduan sortzen da errepublikaren kontrako literatura bat, kantuetan bereziki, Adema olerkaria buru delarik. Haren kantuek 70eko hamarkadan sekulako arrakasta daukate (Haritxelhar).

Azpiatal honetan, iraganaldi burutugabea eta burutua zein bere aldetik aztertuko ditugu.

26.6.1.2.1. Burutugabea

26.6.1.2.1a Iraganaldiko gertakari burutugabeak adizki sintetikoen eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bidez adierazten dira. Orainaldian dagoen banaketa berberaren arabera antolatuak dira forma bata eta bestearen erabilerak iraganaldian. Hasteko, paradigma sintetikoak dituzten euskalkiek adizki sintetikoa baizik ez dezakete erabil aspektu puntukaria agerian emateko: Bakoitza zein zen edo zein ordenetan zetozen, ez zen esateko gai (An. Garikano); Urduri nindoan, zangoak dar-dar, eta harat heldu nintzenean, atea zabalik ediren nuen (Irigoien). Haatik, ohitura eta maiztasuna adierazteko, hala molde sintetikoa nola analitikoa erabiltzen dira; askotan adberbio batek markatzen du aspektu ñabardura: Nik aldiz maiz gogoan nerabilen Christophe adiskidearen arrebak —Maddalenek— dantzan ari ginelarik erran zidana (Landart); Tia Maria askotan etortzen zen etxera bisitan, herriaren goiko aldean bizi bazen ere (Maia); Ni ere joaten nintzaion maiz laguntzera (Landart). Adizki sintetikorik ez duten euskalkiek adizki analitikoa dute baita aspektu puntukarirako ere: [-t(z)en + izan/*edun] adizkia erabiltzen da nagusiki, nahiz eta hizkera batzuek aditz zenbaiten adizki puntukaria aditzoinari -ki atzizkia gehituz osatzen duten: Goiz goizetik, finala haundiaren Getxoko antolatzaileek, ongi etorri egin dute Ipar aldetik etortzen ziren lehen bi autobuser (Herria); Eta soldadoen marrumak oro erori ziren kolpez. Tenore hartan sumatua zuten, traidorerik ez zela, heriotzeari buruz lau-hatzka hola, kopeta gorarik eta begiak sutan joaiten ziren aintzindarietan (Barbier); Iñaki zuzen-zuzen eta bihotza arin joaki zen bere destinuaren aintzinerat (M. Legorburu). Bistan dena, euskalki guztietan, paradigma sintetikorik ez duten aditzek ez dute besterik molde analitikora jotzea baino puntukaria, ohitura eta maiztasuna adierazteko: Beste oiloak ere jauzi ta hegalka jiten ziren bainan kohoka hura, ausartago eta hurbilagotik jarraikitzen baitzitzaion bere xitekin (E. Etxamendi) (puntukaria); Izebak eskuz garbitzen zuen arropa, ontzi handi batean, eta atarian zintzilikatzen zuen, soka batean (Igerabide) (ohitura); Beste anaia bat, Peio, ardura jiten zen Ameriketatik, itzuliaren egitera (Arrosagarai) (maiztasuna).

26.6.1.2.1b Erran bezala, gertakari baten ohikotasuna eta maiztasuna agerian emateko [-t(z)en + izan/*edun] adizkia erabiltzen da euskalki guztietan. Baina ohi partikula duten adizki sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] (Iparraldean) eta [-tu + izan/*edun] (Hegoaldean) molde analitikoak ere badira: Bendaz lotuta zeraman, lehendabiziko hilabeteetan ohi zuen bezala (Saizarbitoria); Pazkoa urteko jairik handientzat hartu ohi zen, nahiz eta ez hala ospatu (P. Zabala); Lantegiko zuzendarietako bat balitz bezala mintzatu ohi zen emaztea senarraz (Larrañaga); Orbaizetarrak ere etortzen ohi ziren, Manuelina, Anabela, Juanita, Aurora (E. Etxamendi); Gehientsuek hiru urte emaiten ohi zituzten Tolosan (E. Salaberri).

26.6.1.2.1c Iraganeko gertakarien progresibotasuna [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez adieraz daitekeen arren (Emakume kubiko batek haurra garbitzen zuen, kemenez, Alonso), ohikoagoa perifrasietara jotzea horretarako. Orainaldian bezala, [-t(z)en + ari izan] (erdialdean eta ekialdean), [-t(z)en + jardun] (mendebaldean), [-t(z)en + ibili] (mendebaldean), [-t(z)en + egon] (mendebaldean) perifrasiak ditugu iraganaldian: Euria xehe ari zuen, guztiz bustitzen ari nintzen (Lertxundi); Jonek peta bat egiten ziharduen (U. Iturriaga); Xarlesen ahurrak Josyren azpi oparoen erronda ikaragarria haztatzen zebiltzan (Borda); Ezpainetan irrifarre batekin sartu zen beste gelara, senarra eserita irakurtzen zegoen lekura (An. Garikano).

26.6.1.2.1d Gertakari baten gradualtasuna agerian emateko, iraganaldian ere [-tu(a)z + joan] perifrasia erabiltzen da: Konfiantza zuen, baina bere aitaren sumina handituz zihoan egunetik egunera, kondenatuak hiltzeko eguna hurbildu ahala (Rey); Barrualdera, autoritatea galduz zihoan, baina kanpoaldera ez zirudien ahala urrituz zihoanik (Iñurrieta).

26.6.1.2.2. Burutua

26.6.1.2.2a Iraganaldi burutuak solasaldiaren unea aitzin burutua zen gertakari bat adierazten du. Gorago erran dugu euskarak, hizkuntza askok bezala, solasaldiaren unearen eguna mugatzat harturik, iraganaldi hurbila eta ez hain hurbila morfologikoki bereizten dituela. Euskalki guztietan, solasaldiaren egunean agitu gertakariak aldi oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoaren bidez adierazten dira (etorri naiz, egin dut tipoko adizkia): Goiz honetan berean jalgi naiz, ondo-ondotik darion erreka segitu dut bazter bazterretik, ote tustek desbideratzen ez nindutelarik (Aintziart); Rakel gaur nire aurretik ibili da telefonoz deitzen, baina ez du erantzunik jaso (Zubizarreta). Solasaldiaren egunaren muga gainditzen duten denbora-tarte zenbait ere iraganaldi hurbilekotzat dauzkagu, solasaldiaren eguna barne hartzen duteno: Aste honetan hire kontu horiek etorri zaizkidak gogora (Etxabe); Ez dute irteera berezirik egin hilabete honetan (Iturbe); Aurten ez dit lagundu niri suerteak (Perurena); Zutaz aunitz oroitu naiz egun hauetan (Epaltza); Gizaldi honetan ia laukoiztu egin da biztanleria (Garate).

26.6.1.2.2b Mendebaldeko eta erdialdeko hizkerek solasaldiaren bezperatik gorako denboran kokatu gertakariak aldi iraganeko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez deskribatzen dituzte (etorri nintzen, egin nuen tipoko adizkiak): Fredek eta biok ikusi genuen herenegun gauean Comet klubean, dantzan jo eta ke (Larrañaga); Zaflako latzagoak hartu nitian atzo (Epaltza); Bart ez huen bota kanpora katua, eta ez zidanan utzi begirik biltzen (Juan Garzia); Erreka ertzeko sasitza batean ezkutatu zuen Mobylettea eta oinez abiatu zen errepide jeneralaren ertzetik, eskuak zimur-maxkal eta prakak astun (U. Iturriaga); 60ko hamarkadan osasun arazoak izan zituen eta emaztea hil zitzaion (Uribarri); 50eko hamarkadan gertatu zen despopulazioa (Elizondo). Salbuespena bart dugu, aldi oraineko laguntzailearekin erabiltzen baitute idazle askok: Berant ibili haiz bart gauean (Irigoien); Goizaldeko ordu bi eta erdietan bukatu diat bart (Epaltza); Jakizu bart kanpoan egin dudala lo (Zubizarreta); Bart gauean Adarrandi trostan ibili da berriro (I. Mendiguren).

26.6.1.2.2c Ekialdeko hizkeretan, aldiz, solasaldiaren egunarekiko denborazko urruntasuna ez da gehiago hain tinko markatzen. Solasaldiaren eguneko ala bezperako gertakariak izan, oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute: Barda, «fondan» senditu dudan bakardadea ahantzia dut, goiz honetan (Aintziart); Atzo izendatu die han sous-prefet berri bat (X. Arbelbide); Ezkontzeko mandatu, egin diot atzo (Larzabal); Zalaparta polita atera duk, bart ailegatzean (Epaltza). Solasaldiaren aurreko urteko gertakariak ere adizki horrekin dakartzate egile gehienek: Jaz Lurden Eukariztia-Biltzarrean parte hartu dutenek, barna senditu dute zer den «Ogi zatitua» (Hiriart-Urruti gaztea); Uste duka naski nik ez dakitala, Neretzat zer nahi jaz erran dukala, Ene ohorea nahiz galarazi! (Xarriton); Ez duzu sinetsi nahiko behar bada, bainan erranen dizut egia den bezala jaz ez digula dirurik eman frantses gramatikak erosteko, baizik eta dirua debaldetan xahutzea izanen zela, aitamei ez ziela behar gabeko xahupiderik ordainarazi nahi (X. Arbelbide) baina Iaz erosi zinuen umea, hamabortz egunen buruko hil zautzun (Larzabal); Iaz Maulen izendatu zinituzten buruzagiak bildu izan gira Baionan lauzpabortz aldiz, haziletik aurtengo agorril artian (J. Etxepare); Iaz hemen iragan ginelarik, hamar sosen zorretan gelditu nintzen (Barbier). Halere, hamarkadetako eta mendetako denbora-urruntasuna dagoenean, iraganeko laguntzailea duen adizkia da nagusi: Joseba bank robber bat izan zen laurogeiko hamarkadan (Borda); 1980. hamarkadan sortu ziren euskarazko irratiak (Oxandabaratz); XIX. mendean Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerlak izan ziren, eta 1870ean, Alemaniak Frantziari Alsace-Lorraine eskualdea kendu zion (Bidegain); Español itsasturi batek atxeman zituen urarte hauk hamaseigarren mendean (Zerbitzari).

26.6.1.2.2d Iraganaldiko erresultatiboak aurreko ekintza baten ondorioa den egoera bat agerian ematen du, eta egitura predikatibo bat du oinarri: partizipio bat, aurreko ekintza zein den erraten duena, eta kopula bat, egoeraren adierazlea dena (ikus § 26.6.1.1.2d). Euskalkien arabera, honako perifrasien bitartez eratzen da: [-tuta + egon/eduki] (mendebaldea), [-tua(k) + egon/eduki] (erdialdea), [-tua(k) + izan/*edun] (ekialdea) eta [-turik + izan/*edun] (zuberera). Denetan, adizkia aldi iraganekoa da: Ilunabarra zen, eta argiak itzalita zeuden (Atxaga); Ilea zurituta zeukan —arrebak bezala— gazte-gaztetatik (An. Garikano); «Nire gurasoen etxeko salan ere badago antzeko bat” —esan zidan Mary Annek jantokian zintzilikatua zegoen Picassoren koadro ospetsuaren erreprodukzio bat seinalatuz (Atxaga); Orekaren zentzua galdua zuen une batean, Felix ezkerrerantz makurtzen hasi zen (U. Apalategi); Pauko kuntrolür jaunak etzian phentsatzen Eihartxeren phasta zertaz eginik zen (Etxahun). Baina perifrasi horiek, egoera baten berri emateaz gain, ekintzaren burututasuna ere agerian ezar dezakete. Zehazkiago, iraganeko erreferentzia-puntua baino lehen burutuak ziren ekintzak markatzeko baliatzen dira askotan; auzo-erdarek pluskuanperfektua erabiltzen dute horretarako: Atzo arratsaldea libro genuen. Gure eskuko utzia ziguten (Aintziart); Azkenean iratzartu zelarik nozbeit gure mozkorra, han harat joana zen eguna (Arotzarena); Patri hizlaria zen oso eta bigarren botila koñak hartu orduko bere bizitzaren berri esana zuen, bi aldiz gutxienez (Juaristi); Mertxe eta Jesus Mari aurreko urtean hasiak ziren Arrasateko ikastolan irakasle (Joxerra Garzia); Inor ez zen, ordea, azken aste hartako deskalabroez ohartu, neurri handi batean Brown jaunak aurrez eginda zeuzkan lanak mahairatu zituelako (Linazasoro); Era berean, Alemaniako zenbait herrirekin adiskidetze hitzarmenak eginak zeuzkan aurretik Gernikak (Berria). Adibide horiek guztiek iraganaldian kokatu erreferentzia-puntua aitzin gertatuak adierazten dituzte: ‘bezpera aitzin (atzo arratsaldea) eman zitzaien arratsaldea libro hartzeko baimena’; ‘mozkorra iratzarri baino lehen joan zen eguna’; ‘bigarren botila bukatu aitzin kontatu zituen denak mozkorrak’; ‘Mertxe eta Jesus Mari urte bat lehenago hasi ziren ikastola horretan irakasten’; ‘Brown jaunak lanak aurrez egin zituen’; ‘lehenago adiskidetze harremanak egin zituen Gernikak’. Alabaina, perifrasi horiek ez, baizik eta [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa agertzen da maiz auzo- erromantzeek pluskuanperfektua erabiliko luketen testuinguruan ere: Hiru Erratzak ostatuan Blacki buruz isil-gordeka entzun zuen elkarrizketarena Lupini kontatzea gustatuko zitzaion, Blackek bere aita-amei traizio egin ziela esatea (I. Mendiguren); Inolako frogarik gabe sinetsi genuen komunistaren edo juduren baten boikotagatik joan zela argia (Lertxundi); Biharamunean izugarrizko ajeaz esnatu nintzen, bezperan edan genuenagatik eta Marik eman zidan gauagatik (Iturralde); Bezperan ikusi zuen neskaren aurpegia ezin zuen ahantzi (R. Etxeberri); Bezperan aitarekin izan nuen portaeraren ondoren, barrenak eskatzen zidan emateko poz hori aitari, baina ezin nuen (Lertxundi). Oro har ekialdeko hizkerak emanagoak dira [-tua(k) + izan/*edun] perifrasiak erresultatibotik kanpo erabiltzera. Gorago erran dugu hizkera horiek aldi oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa solasaldiaren egunetik gorako gertakarien adierazteko erabiltzen dutela; preseski, erabilera horretan, Liburua irakurri dut atzo eta Liburua irakurria dut atzo bereizten dituzte. Lehenean ekintza bera adierazten da, bestelako informaziorik eman gabe; bigarrenean, berriz, liburua osoki irakurri dela erraten da. Bestela erranik, testuinguru horretan, [-tua(k) + izan/*edun] perifrasiak gertakariaren burututasuna agerian ematen du.

26.6.1.2.2e Azkenik, iraganaldi urruna adierazteko, [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute euskalki guztiek: Abraham, orduan, kaldearren lurraldea utzirik, Haranen jarri zen bizitzen. Eta handik, aita hil zitzaionean, orain zuek bizi zareteneko lurralde honetara aldatu zuen Jainkoak (Elizen arteko Biblia). Antzina egitura analitiko birkonposatua zegoen horretarako: Davit, errege ezinago debota bere indar oroz, Jinkuaren arkharen aitzinian dantzatu izan zen, orhitzen zelarik Jinkouak beste orduz haren aiter egin zutian hountarzunez (Maister); Modu onetan, bada, Berbo Eternoa, leen solamente Jaungoikoa zana (tenpora bage, eta asierarik bage) asi izandu zan tenporaz gizon izaten (Otxoa Arin).

26.6.1.3. Geroaldia

26.6.1.3a Euskarak molde asko ditu etorkizunean gertatuko denari erreferentzia egiteko. Ez da harritzekorik, geroaldiaren adierazpideak abiadura handian berritzen direlako munduko hizkuntzetan. Kapitulu honen lehen atalean erakutsi bezala (§ 26.1.2d), solasaldiaren unearen ondotik garatuko diren gertakariez mintzatzeko, euskarak aldi oraineko adizkiak oinarri dituzten formak erabiltzen ditu. Horien artean, [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoa da forma nagusia. Alde batetik, euskalki guztiek erabiltzen dute, eta bestetik, hizkera gehienek beste molderik baldin badute ere, adizki hau dute maizen erabiltzen: Datorren urtean, egunak luzeen direnean etorriko gara (Iñurrieta); Bihar, Marsellako bideari emanen diogu (Aintziart); Baina urde horiek bizirik segituko dute, gizonek beso artean estutu eta musukatu egingo dituzte (Sastre). Geroago ikusiko dugu molde hau ziurtasun eza adierazteko ere erabiltzen dutela Hegoaldeko hiztunek (ikus § 26.6.3.2a): Mendiz mendi ibiliko da ‘ziurrenik mendiz mendi dabil’; Etxean egongo da ‘ziurrenik etxean da’.

26.6.1.3b Euskara zaharrean euskalki guztiek aldi oraineko adizkiari -te/-ke atzizkia gehiturik osatzen zuten geroaldiko adizki sintetikoa: Igo egin laster, eze eurk dakusken erietan (Lazarraga); Demanak bizian berea besteri doke negarra beti (RS). Gaur egun, zuberera da erabilera horren arrastoak dituen bakarra; alabaina, izan eta *edun aditzei mugatua da: Han laster nizate, jauntsirik erregez, Lür hau düket pausagari, Asper egoxtiak, bestetan eginez (Rekalt); Gudarien familien sufrimena hor dateke beti (Borda).

26.6.1.3c Hizkuntza asko orainaldiko adizkiez baliatzen dira gertatzekoa denaz mintzatzeko; hain zuzen, ikerketek erakutsi dute biziki ohikoa dela orainaldiko adizkiak geroaldiko forma gisa gramatikalizatzea. Euskaldunek ere usu jotzen dute orainaldiko adizkietara horretarako; baina desberdintasunak daude euskalkien artean, alde batetik, erabiltzen diren adizkiei dagokienez, eta bestetik, hauei ezartzen zaien denbora-mugari doakionez. Hegoaldean, sintetikoak besterik ez dira erabiltzen, eta solasaldiaren unetik 24 ordutara gertatuko denari mugatuak dira: Bihar Quitora goaz Andoni eta biok (Sarrionandia); Nire aldetik, bihar goizean Paris inguruan ekitaldia daukat (Jimenez). Izugarri bakan gainditzen da 24 orduko muga: Etzi datoz, ala? (Sastre); Datorren astean Chiapasera noak (K. Izagirre). Iparraldeko hiztunek, berriz, orainaldiko adizkia erabiltzekotan, molde analitikoa baliatzen dute; usadio horrek solasaldiaren biharamunaren mugak gainditzen ditu askotan: Bihar naiz partitzen ahizparenganat eta goizean goizik! (Dirassar); Eta bihar lanera itzultzen gara ala ez? (Borda); Baina etxera itzultzen naiz datorren astean (R. Etxeberri). Mendeko perpausetan orainaldiko adizki analitikoa da nagusi euskalki guztietan: Bihar, ikuskizun hau amaitzen denean, denak berdin iraungo du (Juan Garzia); Ea jaisten naizen bihar edo etzi (An. Garikano); Bihar eguraldi ona egiten badu, Urtzara joango naiz igeri egitera (Atxaga); Beharbada, datorren urtean etortzen haizenean, nik izango diat Gallaher jaun-andreei bizi luze eta zoriontsua opa izateko atsegina (Aldasoro); Begiratu diezu lorea aspaldi galdutako sei magnolia arbola itzelei, eta irudikatu dituzu zein eder egongo diren datorren urtean, martxoko eguzkia epeltzen hasten denean (H. Etxeberria).

26.6.1.3d Erdialdeko hizkera zenbaitek behar izan lokuzioa baliatzen dute etorkizuneko gertakariez mintzatzeko: Bihar kontzertura joan behar zara?; Bihar etxean bazkaldu behar al duzu? Noski, behar izan lokuzioa modalitate deontikoko forma nagusia izanik, hizkera hauetan, enuntziatuaren interpretazioa anbiguoa da askotan, baita denborazko adberbioa dagoenean ere: Bihar joan behar al duzu basora, Lubis? (Atxaga).

26.6.1.3e Azkenik, ahurtara bat perifrasi erabiltzen da etorkizunari erreferentzia egiteko; bizkitartean, semantikoki ez dira arras gorago aurkeztu diren adizkien pareko. Alde batetik, euskalki gehienek [-t(z)ekoa(k) + izan, *edun] perifrasia dute, subjektuaren intentzioa edo asmoa agerian ematen duena: Eta artega jarri naiz pentsatzean bihar ibai horretaraino jaistekoak garela (Zubizarreta); “Datorren astean biltzekoa nauk AEBetako isilpeko ordezkariarekin”, erran zidan Ibarrak (Ladron Arana). Bestetik, [-t(z)era + joan], [-t(z)ear + egon] perifrasiek berehalakotasuna dakarte, etorkizun hurbil-hurbilean gertatuko dena: Hastera doa egun berria (Cano); Hona hemen eguna! Badator, iristear dago zuen txanda (Elizen arteko Biblia).

26.6.1.3f Iraganaldiko geroaldia adierazteko, aipatu ditugun [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoa eta [-t(z)ekoa(k) + izan, *edun], [-t(z)era + joan], [-t(z)ear + egon] perifrasiak erabiltzen dira —azken hauek, lehen eman ditugun ñabardura semantiko berekin—; baina adizkia, aldi iraganekoa da: Osaba Joanikot, Pitagorasen teorema esplikatzen ari zitzaidan, noiz eta ohartu bainintzen bezperan hitz eman zidala ezen biharamunean kontatuko zidala nola sortu zen eta zergatik sortu zuen protestantismoa Lutherok (Irigoien); Eta lan horren arintzeko, erran zion biharamunean berean igorriko ziola emazte bat nexkato horri arropak erosteko, baitare plantan ezartzeko beharko ziren guziak (Narbaitz); Biharamunean ateratzekoa zen artikulua (U. Apalategi); Baina, biharamunean pilotan hastera gindoazelarik, mila-miliunka aldiz bezala, bota nuen: «Jo!» (Landart); Errektoreak, emozioz, eskuak hartu zizkion; hitz egiten hastera zihoan, etxe sarreratik Dekanoaren ahots sakona deika entzun zenean (J. Zabaleta). Baldintza aztertzean ikusiko dugun bezala (§ 34.5.2), euskalki guztiek [-tuko + izan/*edun] adizkia baldintza irreal burutuko apodosian ere erabiltzen dute: Etxean gelditu banintz, ez zintudan ikusiko. Adizki bera ziurtasunik eza adierazteko ere erabiltzen da Hegoaldeko mintzoetan: Mendiz mendi ibiliko zen ‘ziurrenik mendiz mendi ibili zen’. Azken erabilera hau kapitulu honen azken atalean jorratuko dugu (§ 26.6.3.2a).

26.6.2. Modua

Indikatiboaz bestelako moduak subjuntiboa, agintera eta hipotetikoa dira. Hauetan orotan, [aditzoina + *edin/*ezan] adizkia da nagusi —mendebaldean, [-tu + egin] da adizki trantsitiboa—, nahiz eta adizki sintetikoa ere erabiltzen den.

26.6.2.1. Subjuntiboa

26.6.2.1a Subjuntiboa izendapen morfologikoa da, mendeko perpausei mugatuak diren adizki jokatuei ezartzen zaiena. Halere, testuinguru asertiboetatik kanpo erabiliak diren ber, karga semantiko berezia hauteman dakieke adizki horiei: kutsu irreala dute askotan.

Gorago erran dugun gisan (§ 26.3.2.5.1b), [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoaren erabilera nahitaezkoa da mendeko perpaus jokatu zenbaitetan, eta hortik, subjuntibozko adizkitzat daukagu. Gainerako adizkiek duten denbora komunztadura berbera du, erran nahi baita aldi oraineko adizkiak orainaldiko subjuntiboa osatzen duela (etor dadin, egin dezan), aldi iraganekoak iraganaldiko subjuntiboa (etor zedin, egin zezan) eta alegiazko aldikoak alegiazko subjuntiboa (etor ledin, egin lezan) (ikus § 30.2d).

Euskararen subjuntiboak inguruko erromantzeenak baino erabilera mugatuagoa du; ikus dezagun zehazkiago zer hedadura duen joskeran.

26.6.2.1b Zalantzarik gabe, helburuzko perpausetan (ikus 37. kapitulua) da gehien erabiltzen, hobeki erranik, ez daiteke [aditzoina + *edin/*ezan] perifrasiaz bestelako adizki jokaturik erabil testuinguru horretan: Aldaketa hori negurako egin da, hodietako ura izoztu ez dadin (J. Zabaleta); Hau adierazten diot neure jaun horri, nire berri izan dezan eta onez har nazan (J. A. Mujika); Ulertu nuen nahi ninduela higitu, harrotu, jalgi nendin (Aintziart); Mira eginda nengoela esan beharrik ez nuen Anton hartaz ohar zedin (Jimenez); Barandaren kontra bermatu zen ilara amaigabea pasa zedin (Saizarbitoria). Idazlan klasikoei jarraikiz, idazle zenbaitek —nagusiki ekialdekoek— -tzat edo amoreagatik postposizioa lagundurik osatzen dute adizkia, nolabait helburua indartzeko: Lehenbizikoak oihalaz estaltzen eta estekatzen derauko buru guzia, oihurik egin ez dezantzat (X. Arbelbide); Jason Gonzalez de Mendaviari bihar emanen nizkion indizeak oro, eta bereziki odol-ttantta, medikua zenez gero ahal bezain laster azter zezantzat (Borda); Zenbat aldiz azken egun horietan, kirestasunez beterik ezinagoan, amets zoroari uko egitera ez zen saiatu, lehenagoko gizona izan ledintzat berriz ere (Mirande); Eta gero, isilik geratzen naiz, isilak bere besoetan har nazan amoreakatik (Irigoien); Kastelak besoa tinkatzen zion, isil zedin amoreagatik (Borda).

26.6.2.1c Subjuntibozko adizkia mendeko perpaus osagarri zenbaitetan ere erabiltzen da. Euskalkien eta perpaus nagusiko predikatuaren arabera, adizkiak -n edo -la menderagailua beretzen du (ikus zehatzago § 30.7.1a). Honako adierako predikatuak dira beren osagarria subjuntibozko adizkiaren bidez osatzen dutenak (ikus baita ere § 30.7.1b-d):

(i) agindu-, eske-, erregu-aditzak: Zure legezko errege honek errendi zaitezen agintzen dizu! (Urkixo); Adierazi zidan ez nendin urrunt haren gortetik, ohoratuko ninduela horren sari (Xarriton); Otoizten haut gurekin gera hadin (Juan Garzia); Armadako amabiak hala egin zedin agindua bazuen, agindua bete eta kito (Jimenez); Lubis eta Pantxo bi anaiek berekin joan nendila eskatu zidaten (Atxaga); Inork inoiz hala egin ez zezan erregutu nuen (Jimenez);

(ii) hiztunaren iritzi-jarrera adierazten duten predikatuak: on da, hobe da, beharrezkoa da, beldur izan, komeni izan… Hobe da arrazoi erratuak itxura bien kausak oker eman ditzan (X. Amuriza); Ados zira horrela izan dadin, gu denentzat, txofurrentzat, pixka bat errepresione bat? (Oxandabaratz); Ordezkari ofiziala izan zedin berdin zitzaion (Touyarou); Beldur naiz gure herri honek zerbait paira dezan, sekulan gudukak hasten badira zinez (Aintziburu eta Etxarren); Esate baterako, arauak ematen dituenean […] aholkuak izan daitezen komeni da, ez legeak (Iñurrieta);

(iii) hiztunaren nahia edo desira adierazten duten predikatuak: Esna nendin nahi zuen Teresak (Atxaga); Gainera, badirudi aski hedatua dagoela gizartearen maila batzuetan, eta onartua, enpresek badutela eskubidea adierazteko unibertsitateari zer nahi luketen erakunde honek egin lezan, zer espero duten egin dezan (Pérez Iglesias eta Salaburu).

26.6.2.1d Antzina, hala helburuzko perpausek nola osagarriek, molde sintetikoa ere har zezaketen delako adizki analitikoaren ordez: Hihaurk lan egin-ahala, berzek degiten eztutzala (Oihenart) ‘ez ezak utz besteek egin dezaten’; Orduan mana zitzan espresuki bere dizipuluak nehori ez lerroten (Leizarraga) ‘orduan bere dizipuluei manatu zien inori erran ez ziezaioten’.

26.6.2.1e Euskara zaharrean, subjuntibozko adizkiak perpaus erlatiboetan ere erabiltzen ziren. Aldi oraineko adizkiek irakurketa ez-erreferentziala zuten, eta aldi iraganekoek, berriz, erreferentziala: Jautsi din ezkurra ororen su egur ‘jauts dadin ezkurra’ (RS); Idia geinha dezanak, uztar diro (Oihenart); Itaxura ezansia zezanak bere etxea gal zezan (Oihenart). Delako usadioa XVIII. menderako galdua zen arren, XXI. mendeko idazle zenbaitek berenganatu dute orainaldiko subjuntiboaren erabilera erlatibozkoetan; halakoetan, antzina bezala, adizkiak irakurketa ez-erreferentziala du: Hara, gaur lur hauetatik botatzen nauzularik, zure begibistatik urrun ibili beharko dut, noraezean galdua munduan; Aurki nazan edonork hil egingo nau (J. A. Mujika); Merke aterako zaio[la] sakrifizioa bere behatzaren oferenda egin dezanari edo hartarako prest egon dadinari (Irigoien); Hemen, bihotz zintzoz otoitz egin dezanak lortuko du eskatzen duena (Asisko Frantzisko).

26.6.2.1f Halaber, klasikoak eredu harturik, denborazko perpausetan orainaldiko subjuntibo-adizkiak erabiltzeko joera berrezarri da XXI. mendeko testu jaso zenbaitetan. Zehatzago, -ean atzizkia edo arte postposizioa oinarri dituzten perpausetan agertzen dira, eta etorkizunean kokatua den gertakari bat dakarte: Euriak eta elurrak iragan daitezenean, erresinola Hegoaldeko bere lurraldeetatik itzul dadinean, gortearen eta Poeten Batzarrearen aitzinean errezitatuko duk laudorioa (Juan Garzia); Eta ni horra joateko eguna irits dadinean, orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik (J. A. Mujika); Musen ezti gozoz gantzutu bezala egin nahi izan dizut, ea horrela zure gogoa nire bertsoei atxikia eduki ahal dudan, gauzen izaera guztia nola osatua den eta nolako itxura duen ikus dezazun arte (X. Amuriza); Adiskidantzaren izenean, zaude emakume hori neuretu dezadan arte, baldin hura gaitzerran nahi bazeneza (Jon Muñoz).

26.6.2.2. Agintera

Adizki jokatuen morfologia tratatzean agintera eta jusiboa zehazki deskribatu baititugu, han erranak ez ditugu hemen errepikatuko. Irakurleak jo beza, beraz, atal hauetara: § 26.1.5.4, § 26.2.3c, § 26.3.5.1c.

26.6.2.3. Hipotetikoa

Gerta litekeena adierazteko, hau da, alegiaren esparruko hipotesi baten egiteko, baldintza irrealeko apodosian erabili ohi diren adizkiak erabiltzen ditu euskarak (ikus § 34.5.2.3i): adizki sintetikoak, [-tuko + izan/*edun] erdialdeko hizkeretan, eta [aditzoina + *edin, *ezan] mendebaldean eta ekialdean —zehatzago, egitura trantsitiboetan zuberotarrek [aditzoina + -iro-] dute eta mendebaldeko hiztunek [-tu + egin]—. Sintetikoa izan ala analitikoa, adizkiak alegiazko morfologia du eta -te/-ke atzizkia darama: Gogotik joan ninteke/joanen nintzateke konzertu baten entzutera; Bizia emanen nuke zu zoriontsu izan zintezen! (Jon Muñoz); Eta komeniko litzateke unibertsitateko irakasleek ere unibertsitatetik kanpo gertatzen den hori gogoan izatea (Pérez Iglesias eta Salaburu); Ondo letorke azken urteotako batenaz bestekoei erreparatzea, datu zerrendei begira, ekain normaltxu batek zer eman behar ligukeen, edo gutxienez, zer espero genezakeen jakiteko (P. Zabala).

26.6.3. Modalitatea

Perpausen modalitateaz ari ginela (§ 10.4.1), bi modalitate-sail bereizi ditugu: modalitate deontikoa eta epistemikoa. Hemen, modalitate epistemikoa xehekiago aztertzeaz gain ahaleraren adierazpideak ere tratatuko ditugu.

26.6.3.1. Ahalera

26.6.3.1a Ahalerak bi funtzio nagusi ditu: alde batetik, subjektuak ekintza baten burutzeko duen gaitasuna adieraz dezake, eta bestetik, ekintza baten gertagarritasuna.

Gaur egungo euskaran ahalerazko adizki sintetikoak izugarri urriak dira; izan ere, paradigma sintetikoei tinkoen eutsi dieten hizkerek ere ahaleran adizki analitikoak hobesten dituzte. Hortaz, gizaldi honetan, ahalera sintetikoa antzinako usadioei begira dauden egileen idazlanetan baizik ez da agertzen. Aldi oraineko adizkiek orainaldiko eta geroaldiko ahalerazko adizkiak osatzen dituzte (orain noake, bihar dakarke), aldi iraganekoek iraganaldikoak (nindoakeen, zekarkeen) eta alegiazko aldikoek hipotetikozkoak (nindoake, lekarke). Aldia edozein izanik, adizkiak -ke atzizkia beretzen du: datorke, zetorkeen, letorke (-teke atzizkia izan aditzaren NOR adizkien kasuan: dateke, zatekeen, litzateke). Ahalera positiboan, ahal partikularen erabilera hautuzkoa da; ahalera negatiboan, berriz, hala ez nola ezin erabiltzen dira: Eguraldiarekin jolasean ibiliez gero, maitemintzeko tentazioa ere hortxe dabilke norberaren arrimuan (P. Zabala); Ez da eta ezin datorke hortik gauza onik (Juan Garzia); Baina zu bezalako euskara modu baten seme, umezurtz izanagatik ere, ezin dateke gaizki (Salaburu). Noski, ahal eta ezin erabili ezean, orainaldiko adizki sintetikoaren irakurketa anbiguoa da, geroaldiko adizki gisa interpreta daitekeenaz geroz (ikus gorago § 26.1.5.3b eta § 26.6.1.3a): datorke = etor daiteke / etorriko da.

26.6.3.1b Ahalerazko adizki analitikoen artean, [aditzoina + *edin/*ezan] da zaharrena eta zabalduena —[aditzoina + *ezan] adizkiaren ordez, [-tu + egin] dute mendebaldean, eta [aditzoina + -iro-] zubereraz—. Orainaldiko, geroaldiko, iraganaldiko eta hipotetikozko ahalerak osa ditzake, horretarako, bakoitzari dagokion aldia erabiliz. Orainaldiko eta geroaldiko ahalerak aldi oraineko laguntzailearekin osatzen dira; homonimoak dira: orain joan naiteke; bihar ekar dezake. Aldi iraganeko laguntzailea dago iraganaldiko ahaleraren oinarrian: joan nintekeen; ekar zezakeen. Alegiazko aldikoa da ahalera hipotetikoko molde analitikoa: joan ninteke; ekar lezake. Adibideek erakusten duten bezala, aldi guztietan, laguntzaileak -ke atzizki modala darama (-teke atzizkia, *edin eta izan aditzen NOR adizkietan). Laguntzaile horien paradigmak kontsultatu nahi dituen irakurleak EGLU-II eta Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuetan eta 78. arauan aurkituko ditu. Oso ohikoa ez den arren, ahalera positiboan, ahal partikula adizki nagusiaren eta laguntzailearen artean tartekaturik ager daiteke: Batzuetan neur ahal daiteke denbora hori (Arrigain); Onartu ahal dezakegu […] munduaren sortzaile jakintsu eta ahalguztidun bakarra? (Uribarri) baina Nigana etor zaitezke, zuk nahi duzun moduan eta sasoian (Otsoa); Arraposki beheititzen ziren, Jessicak ez zekiela amatxi zegoen egoeran nola igo zitekeen hain gora (Borda). Halaber, ezintasuna adierazteko ezin partikulak ez partikularen tokia hartzen du noiztenka: Tira, ezin uka dezaket seinalea zegoela, nabarmen, baina edozelan ere soldaduak bazuen zerbait esatea, nire iritziz (Urrutikoetxea); baina Ez dezaket gehiagorik egin (Jon Muñoz); Hartara jarriz gero, nik ezin nezake kontatu nire bezeroen istoriorik (Aristi). Alabaina, perpaus subjuntiboetan agertuz geroz, ahalerazko adizki analitiko horrek ez du -ke atzizkirik eta, ahalera markatu beharrez, ahal eta ezin partikulak nahitaezkoak ditu: Hori nola den jakin ahal dezazun, lehenik arestian esana gogoratu behar duzu, haziak era askotara nahasiak dagozela gauzetan (X. Amuriza); Badaki abiatu beharra daukatela gizonek, noizbait itzuli ahal daitezen (X. Aranburu); Estalki horri gainetik buztina jartzen zaio ahuntz-ilearekin nahastuta eta dena lodi emanda, suak ezin dezan inola ere makina hori kaltetu (S. Iruretagoiena). Azken aldian ahal partikularen eta laguntzailearen artean izan kokatzeko joera franko hedatzen ari da: Hauek jartzen dituzte oinarri teknikoak, gero eraikitzen den etxe zibernetiko horretan milioika lagun sartu ahal izan dadin (Salaburu); Zehazki, 1990eko Espainiako Kirolaren Legea aldatzeko saioa da, autonomi erkidegoetako federazioak nazioarteko federazioetan sartu ahal izan daitezen (Berria); Otsailerako bere ordezkoa aukeratzeko eskatu du Sean O’Keefek, berak kargua utzi ahal izan dezan (Berria); Ruche jaunak botoia sakatu zuen, neskak entzun ahal izan zezan (Jon Muñoz). Usadio klasikoaren arabera, protasian gertatzen delarik ere -ke atzizkirik gabe agertzen da [aditzoina + *edin/*ezan] ahalerazko adizki analitikoa; kasu horretan ere ahal eta ezin partikulak behar-beharrezkoak ditu (§ 34.5.2.3g): Baldin are libre eguin ahal bahadi, harzaz lehen usat ezak (Leizarraga); Hilzen denean ahoz ezin erran badeza bihotzez hiruretan Iesus erraiten duela (J. Haranburu); Baldin hartaz gabetua izaiteko bihotzmiña deusek nere baithan goza ahal baleza, hura laite zutan edireitea bertze Ulize bat (Duvoisin); Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu (Elizen arteko Biblia); Jakin ahal baleza zenbat sofritzen dudan, nire atsekabeak hunkituko luke (Jon Muñoz). Bizkitartean, gaur egun -ke atzizkidun adizkiak erruz aurkitzen dira protasian; Axularren adibideak erakusten digu ez dela azken orduko aldaketa: Baiña baldin ezin egin baditezke, ezin kofesa badadi, ez mintza, eta ez deusetan ere manaia: asko da orduan barren ona, borondatea, bihotzezko damua, dolua eta dolorea (Axular); Esandakoak bestela pentsaraz balezake ere, saiatu naiz gauzak ahalik eta modurik errazenean azaltzen (Oñederra); Horrela, afekzio horietako baten kausa egokia izan bagaitezke, orduan Afektua deitzen dut ekintza bat; beste kasuetan, grina bat (Xarriton); Eta eztabaidatu ahal badaiteke, batzuen nahiz besteen arrazoiak erlatiboak direlakoxe da (Azurmendi); Ibilbidea luzeegia da korrika atzetik joateko, baina zaldi gainean ezin joan banaiteke korrika egingo dut (Otsoa).

26.6.3.1c Erdialdeko eta mendebaldeko hizkerek [aditzoina + *edin/*ezan] adizkiari tinko eusten dioten arren —[-tu + egin] mendebaldean—, [-tu + ahal + izan/*edun] eta [-tu + ezin + izan/*edun] ahalerazko perifrasiak ere badituzte. Bien artean, [-tu + ezin + izan/*edun] perifrasia tradizio luzeagokoa da —Lazarragaren eskuizkribukoak dira haren lehen lekukotasunak—: Zu gabe ezin naiz istant bakar batez ere bizi (Zubizarreta); Gizakiek ezin dute inola ere egite horien kausarik ulertu (X. Amuriza). Haatik, [-tu + ahal + izan/*edun] ez da hain arrunta izan oraintsu arte: Luisekin lasai egon ahal zara, ze ez dut uste Rakelen gustukoa izango denik (Zubizarreta); Horretan bai, zerbait esan ahal dute Hemingwayren lagunek (Jimenez). Adibide horiek erakusten duten bezala, orainaldiko ahalera aldi oraineko adizkiaren bidez eratzen da (etorri ahal naiz; ezin du ekarri). Geroaldiko ahalerari dagokionez, nahiz eta aldi oraineko laguntzaileari eusten zaion, prospektibotasuna markatzen da ahal/ezin partikulari -ko postposizioa itsasiz edo izango partizipioa gehituz (ikus, halaber, § 26.6.3.1d): Etorri ahalko / ahal izango naiz; Ekarri ahalko / ahal izango du; Osa dezala bakoitzak idi uztarri sendoa, eta, idien atzean, eroso ipini ahalko da gurdia (Zuazo); Hala ere, zerbait ekarri ahal izango diat, uzten badidate (Otsoa); Artikuluak zioenez, ziurrenik bere bizitza osoan ezingo du liburu gehiago argitaratu (Zaldua); Hemendik aurrera ezin izango haiz lehen bezain maiz etorri landara, Algy maitea (Olano). Iraganeko adizkiarekin, berriz, iraganaldiko ahalera osatzen da: Etorri ahal nintzen; Ezin zuen ekarri; Zeuk ere eduki ahal zenuen neba bat, bada (Garate); Haren ustez, ibaia ezin zen inola ere zeharkatu (K. Zabala). Adibideek erakusten dutenez, [-tu + ahal + izan/*edun] perifrasiak balio burutugabea du orainaldian eta iraganaldian. Aspektu burutua erdiesteko, ahalera positiboan, izan partizipioa tartekatzen da ahal partikularen eta adizki jokatuaren artean: Etorri ahal izan naiz; Etorri ahal izan nintzen; Euskaltzaindiak lan handia egin du maila honetan, eta lan hori egin ahal izan du, besteak beste, gizartean onarpen zalantzagabea izan duelako (Salaburu); FBIrentzat lan egiten zuen gizona […] Dominikar Errepublikara ekarri ahal izan zuten (Jimenez). Ahalera negatiboan ere gehitzen da izan partizipioa aspektu burutua erdiesteko; haatik, bitasuna dakar haren joskerak (ezin izan du ikusi / ezin ikusi izan du): La Epoca izan behar du, ezin ikusi izan dut lehen plana (K. Izagirre); Eta nik ere ezin hartu izan dut, funtsean, bertze biderik, zalantzarena eta galdegitearena baizen (Irigoien); Ezin ikusi izan zioten aurpegia (Ezkiaga); Hiru hilabetez zigortuta egon da, eta ezin izan du jokatu (Berria); Ez zuen haren berri eta ezin izan zuen ikusi, sastraka artean erdi ezkutaturik zegoenez (Saizarbitoria); Haserreak ezin izan zion tristura eragotzi (Jon Muñoz). Ahalera hipotetikoa gutitan osatzen da perifrasi horren bidez; halakoetan, prospektibotasuna markatu beharra dago, ahal eta ezin partikulei -ko postposizioa itsatsiz edo izango adizkia gehituz (**etorri ahal nintzateke; **ezin luke esan): Berrogeita hamar mila fedegabe horien konbertsio zoragarria egiaztatu ahalko genuke (Alonso); Nekez hasi ahalko ginateke beste lanen batean (Berria); Ezingo nuke egun hartan sentitu nuena adierazi lilura edo xarma bezalako hitzak erabili gabe (Lertxundi); Gizakia, bere besaurre laburrez, ezingo litzateke adarretik adarrera ibili tximinoaren trebezia eta segurtasunez (Aldasoro); Ezin izango nintzateke hobeto sentitu (Lopez de Arana); Edonork galdetuz gero […] zein dudan nire bizitzako aurreneko oroimena, ezin izango nuke erantzun (Aranbarri).

Ekialdeko hizkerek [aditzoina + *edin/*ezan] adizkia baztertuxea dute ahaleran —baldintza hipotetikoen apodosian, aldiz, indartsu dirau (§ 34.5.2.3f)—. Haren ordez, [-t(z)en + ahal + izan/*edun] perifrasia erabiltzen dute maizago. Aipatu berri dugun perifrasiak bezala, orainaldiko, geroaldiko, iraganaldiko eta alegiazko ahalera adierazteko balio lezake. Orainaldiko ahalera eratzeko, aldi oraineko laguntzailea erabiltzen da: Joaten ahal naiz; Ekartzen ahal du; Ama batek anitz gauza konprenitzen ahal du (Dirassar). Geroaldiaz bezainbatean, aldi oraineko laguntzailea erabiltzeaz gain, ahal partikulari -ko postposizioa gehitzen zaio: Bihar etortzen ahalko naiz; Bihar ekartzen ahalko du; Eta hango jenerala, zu harat bezala, berdin hunarat jiten ahalko da (Larzabal). Iraganaldiko ahalerak aldi iraganeko laguntzailea du oinarri: Atzo etortzen ahal nintzen; Iaz ekartzen ahal zuen; Egun guzia gustian pasatzen ahal zen heiekin josteta (Landart). Ahalera hipotetikoan, laguntzaile hipotetikoa du adizkiak, hau da, alegiazko aldikoa eta -ke atzizkiduna: Etortzen ahal litzateke; Egiten ahal luke; Eskualdunen kontseilu jeneralak hobeki laguntzen ahal luke Eskual-Herria (Davant). Ahalera negatiboan, ez partikula egokitzen zaio egitura perifrastikoari: Ez duzu egiten ahal; Ez zara etortzen ahal; Frantzian estadoak ez du apezei manatzen ahal (X. Arbelbide).

26.6.3.1d Azkenik, erdialdeko eta ekialdeko testu zahar zenbaitek geroaldiko ahalera berezia dute, partizipio prospektiboan oinarritua: Eta horra, mutu izanen aiz eta ezin minzaturen aiz, gauza hauk egin ditezen egunerano (Leizarraga); Zerren badakit bestela ezin salbatuko naizana (Otxoa Arin); Ni nula oren batez adelaturen ahal niz, mundiaren egiliaren behar den umilitatiareki errezebitzeko? (Maister). Gaur egun ere han-hemenka biltzen dira [-tuko + ahal + izan/*edun] eta [ezin + -tuko + izan/*edun] adizkien lekukotasunak: Herri galdu batean hasi zuen misionea; guziek zioten ez zuela han deusik eginen ahal (X. Arbelbide); Orduan deus trabarik gabe, joanen ahal zare komenturat (X. Arbelbide); Ezin esango dugu behintzat zintzo jokatu ez zuenik sortzaile horrek bere sorkarientzat izena bereizterakoan (Segurola); Ezin utziko nuen arrotzen esku (Lertxundi). Hizkera batzuetako hiztunek ezingo dizut eman / ezin emango dizut bereizten dituzte: lehenak benetako ezintasuna adierazten du, eta bigarrenak, berriz, gertatuko ez den zerbait, ez ezintasuna dagoelako, baizik eta ez baita komeni edo egoki.

26.6.3.1e Aipatu adizkiak ez dira gertakari baten ahalera adieraz dezaketen bakarrak. Izan ere, euskarak ere espresio baten bitartez agerian eman ditzake subjektuak ekintza baten burutzeko duen gaitasuna eta ekintza baten gertagarritasuna. Esaterako, gai/aukera/modua izan + -t(z)eko eta ez dago + -t(z)erik egiturak aipa daitezke: Maddi ez da gai testu hori irakurtzeko = Maddik ez dezake testu hori irakur; Ez dago atzera egiterik = Ezin daiteke atzera egin.

26.6.3.2. Modalitate epistemikoa eta ebidentzialitatea

26.6.3.2a Modalitate epistemikoa hiztunak ematen duen informazioaz duen ziurtasun-mailari dagokio, eta zehatzago, enuntziatuan markatzeari. Euskarak molde franko dauzka hiztunak erraten duenaz arras ziur ez dela adierazteko. Sintetikoek eta [-ten + izan/*edun] eta [-tu + izan/*edun] adizki analitikoek -ke atzizkia bere dezakete horretarako. Iparraldeko euskalkien usadioa izanagatik, Bidasoaz bestaldeko idazle zenbaitek bereganatua dute: Gaztelaniazko “signo” hitzetik datorke, dirudienez (P. Zabala); Kontraespioitza sare hori 1940ko txostenekoa dateke (Jimenez); Jaun horrek «HERRIA» irakurtzen duke, eta bereziki Gehexan Pontto-ren ateraldiak! (Herria); Ez niz orroit ere zer sasoin zitakeen, bainan ba arratsaldea zela, denbora ederra eta eskolarik ez ginuela (Dirassar); Sentitu zukeen zauritu ninduela eta segidan barkamendu eskatu zidan (Aintziart). Hegoaldeko hizkerek geroaldia adierazteko ohikoa den [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute gehienetan: Pellok izango du pilota; Halako bitxiak kario salduko dira; Parisen ezagutuko zuen bere andregaia. Euskal Herri osoan aurkitzen dira behar oinarri duten moldeak. Hegoaldean, Iparraldean ez bezala, partizipioari -a(k) eransten zaio orduan: Eta kukurik? Sumatu duzue kukurik? Etorria behar du honezkero, bestela, malo! (P. Zabala); Bera zen Errekarteko argazki guztien egilea, Mendiguren familiako zale bakarra itxuraz, eta berak egina behar du honek ere (X. Mendiguren Elizegi); Nik ez dut sekulan eskutan ukan holako diru-alderik, ez hurbiltzekorik ere bixtan da, bainan bost miliar euro alimaleko sos meta izan behar da! (Herria).

26.6.3.2b Gorago ikusi dugu ahal partikula ahalerazko adizkien osatzeko erabiltzen dela (§ 23.4.2, § 26.6.3.1). Ez da, haatik, har dezakeen balio bakarra. Euskalki guztietan desideratibo gisa erabiltzen da (§ 23.5.3.6) —ba- aurrizkia daramaten alegiazko adizkien bitartez ere adieraz daiteke desideratiboa (ikus § 26.1.5.2b eta § 34.5.2.3g)—: Eta Medina argitsutik errosario bat ekarriko ahal diguzu! (Zubizarreta); Ur freskoak jabalduko ahal du buruko min arraro hori (Askoren artean); Nere hesiak iraunen ahal du nik bezenbat! (Barbier); Jainkoak ikusten ahal du! (Hiriart-Urruti). Gainera, ekialdeko hizkeretan balio epistemikoa hartzen du askotan: Gizon ederra egin ahal da! (= ziurrenik); Ez ahal du guti irri egiten (Bidegain).

26.6.3.2c Molde hauez gain, bide23.5.3.3) partikula ere erabil daiteke adierazten denaz erabat ziur izan gabe, probablea dela agerian emateko. Adizki analitikoei mugatua da: Emakume asko izan bide dira Luisen bizitzan (Oñederra); Igandeko ibilaldietan askatzen bide du bere harrapari sena (Iñurrieta); Ematua bide zen turuten sukarraldia (Txillardegi).

26.6.3.2d Euskal hiztunak badu modu bat informazioa besteren eskutik heldu zaiola adierazteko, eta hortaz, iturriarekiko distantzia hartuz, ziurtasun osorik gabeko adierazpena egiten duela azpimarratzeko —ebidentzialitatea esaten zaio—. Adizkiarekin batera omen eta ei partikulak erabiltzen dira horretarako (azterketa sakonago baterako, ikus § 23.5.3.2): Armairura joan eta bere laneko jantziak erakutsi omen zizkion, baina gizonak ez omen zuen sinetsi, ez omen zuen sinetsi nahi izan (Joxean Agirre); Beren zeremonia sakratuenak biribiltzeko pikoak jaten omen zituzten ejiptiarrek, eta bestetan beste, Yiseko piramidean, han ageri omen dira piko biltze garaiko irudi sakratuak (Perurena); Euskalduna naixana, berbetan asi-orduko igarri ei dau (Azkue).

224 Sailkapen honek Vendler-ek (1967) proposatu zuenarekin bat egiten du; hark lau sail nagusitan banatu zituen aditzak: egoerak, jarduerak, burutzapenak eta erdiespenak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper