Euskararen Gramatika

27. Aditza (V): adizki alokutiboak

27. Aditza (V): adizki alokutiboak

27.1. Komunztadura argumentala

27.1a Euskal aditzak oso morfologia aberatsa du, adizkietan, besteak beste, ageri diren komunztadura markek aski argi erakusten duten gisan. Denok dakigunez, subjektuaren, zehar-osagarriaren eta osagarri zuzenaren markak islatzen dira aditzean: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot perpausean hiru argumentu ikusten ditugu (nik, subjektua; Joni, zehar-osagarria; liburuak, osagarri zuzena), eta aditz laguntzaileak (dizkiot) hiru argumentu horien erreferentzia erakusten du: -t (subjektu singularreko lehen pertsonaren atzizkia), -zki- (osagarri zuzenaren numero komunztadura marka) eta -o, (zehar-osagarriaren hirugarren pertsona singularreko komunztadura marka). Hiru sintagma horiek aditzaren argumentuak dira, eta horregatik hitz egiten dugu komunztadura argumentalaz: dizkiot da komunztadura argumentalaren erakusgarria. Hori dela eta, Mikel ikusi dut esango bagenu, hor ere dut adizkiak bi argumenturen (nik – Mikel) komunztaduraren marka erakutsiko liguke.

27.1b Baina Mikel ikusi dut perpausaren ondoan, baditugu beste forma hauek ere: Mikel ikusi diat / Mikel ikusi dinat. Esanahiari dagokionez, hiru formek, ikusi dut/diat/dinat, gauza bera adierazten dute: bi argumentu dituela aditzak. Non daude, orduan, desberdintasunak? Esan dezagun, hasteko, hiruen artean forma neutroa, ez-markatua, dut dela eta, beraz, hori dela oro har gehienetan, egoera ez-markatuetan, erabiltzen dena hiztunen artean. Berez, ikusi dut, alde batetik, eta ikusi diat/dinat, bestetik, bi erregistroren aldaerak dira: arrunta bata, markatuak besteak. Ikusi diat/dinat horrek ingurune berezia eskatzen du erabili nahi baldin bada. Eta solaskidearen sexuaz ere zerbait esaten digu: ikusi diat erabiliz gero, badakigu gizona dela gure hizketa laguna, eta ikusi dinat adizkiaren kasuan, ostera, andrea. Bi forma horiek, ikusi dut adizkiak ez bezala, solaskidearen gaineko informazioa ere ematen digute. Horretan bereizten dira forma neutrotik.

27.2. Euskararen tratamenduak

27.2a Euskaran hiru hizketa tratamendu bereizten ditugu, hiru erregistro nahi bada: Noiz etorriko zara?; Noiz etorriko haiz?; Noiz etorriko da berori?

Hiru perpaus horiek hiru tratamendu mota desberdin islatzen dituzte: zuka, hika eta berorika. Bigarren pertsona izenordainak markatzen du solaskidea, eta solaskidearen arabera aldatzen dira tratamenduak. Hiruen artean zuka da tratamendu arruntena, eta eztabadakoa deitzen dugu; hika tratamendua, hitanoa deitua, lagunartekoagoa da, edo solaskideen artean nolabaiteko konfiantza eta konplizitatea eskatzen du, ez da nolanahi erabiltzen ahal; azkenik, gaur egun ia desagertua den berorika tratamendua, beroriketa deitua, errespetuzko edo beldurrezko tratamendua da, apaizarekin, medikuarekin, herriko jauntxoarekin… zenbait tokitan egin izan dena. Berorikarekin, solaskideari bigarren pertsona ezarri beharrean, hirugarren pertsona ezartzen zaio, eta adizkiak ere hirugarren pertsonarekin egiten du komunztadura. “Egin izan dena”, diogu, gaur egun ez baita ia erabiltzen. Hiru tratamendu, hortaz: eztabada (edo zuka), hika eta berorika.

27.2b Zuka, hika eta beroriketa hiru elkarrizketa erregistro horiek desberdinak dira, eta pisuzko gizarte-aldagai batzuen arabera (konfiantza, hierarkia, sexua, adina, familia harremanak…) hautatzen dute solaskideek noiz bata eta noiz bestea erabili. Baina tratamendu bat edo bestea hautatzeak baditu beste ondorio batzuk ere.

Galderen erantzunak honako hauek izan daitezke, hurrenez hurren:

Noiz etorriko zara? –Zortzietan etorriko naiz.

Noiz etorriko haiz? –Zortzietan etorriko nauk/naun.

Noiz etorriko da berori? –Zortzietan etorriko naiz.

Hortaz, Noiz etorriko zara? galderak Zortzietan etorriko naiz izan dezake erantzuna; eta gauza bera gertatzen da Noiz etorriko da berori? galderarekin ere. Beste modu batera esateko: eztabada eta beroriketa erregistroek ez dute solaskidearen aldetik aparteko hizkera aldaerarik eskatzen. Ez da gauza bera gertatzen hikarekin.

27.3. Tratamenduak eta adizki alokutiboak

27.3a Hika aukeratuz gero, adizki sistema osoa aldatzen da eta hika erregistro horrek adizki alokutiboak erabiltzea eskatzen du, sistema osorik egokituz. Hau da, Noiz etorriko haiz? galdetuz gero, hizkeraren koherentziak hitanoari dagozkion adizki alokutiboak erabili behar direla agintzen digu: Ni goizean etorriko nauk/n erabili behar dugu, solaskidearen sexua toka (gizon batekin solasean) eta noka (andre batekin solasean) bereiziz. Ezin da, egoera arrunt batean bederen, *Ni goizean etorriko naiz erantzun.

27.3b Baina alokutiboaren adizki horietan, ikusten denez, beste mota bateko komunztadura ageri da. Komunztadura horrek erreferentzia egiten die, jakina, aditzaren argumentuei (ni) baina aditz argumentua ez den beste zerbaiti ere: solaskideari. Holakoetan komunztadura ez-argumentala dela esaten dugu. Euskararen alokutiboa ez da komunztadura argumentala (Oyharçabal 1993), beste mota bateko komunztadura baizik.

Ondoko bi esaldi hauek ere parekoak ditugu: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot eta Nik Joni liburuak ekarri zizkioat/zizkionat. Lehenbiziko perpausean komunztadura argumentala (nik – Joni – liburuak) egiten da (dizkiot), baina beste bietan argumentala (nik – Joni – liburuak) eta ez-argumentala (hiri hitz egiten diat: zizkioat, gizonezkoa haiz; zizkionat, emakumezkoa haiz). Komunztadura sistema, kasu hauetan, lau pertsonakoa da (subjektua, osagarri zuzena, zehar-osagarria eta alokutiboa), ez hirukoa, laugarrena argumentala ez bada ere. Hori guztia ageri da aditzaren morfologian225.

27.3c Adizki alokutiboak ezinbestekoak dira hor, behin hika aukeraturik. Eta solaskideak? Esperatzekoa da solaskideak ere maila berean erantzunen duela eta alokutiboa erabiliko duela, hori da egoera arruntena, baina gerta liteke batzuetan solaskide bietako batek adizki arruntak, ez-alokutiboak, erabiltzea, arrazoi desberdinengatik: adina, sexua, errespetua…, batez ere solaskideak, arrazoi bat dela edo bestea, ez baitira gizarte maila berekoak. Hau da, nagusiago den batek hika egin diezaioke gazte bati, edo semeari edo alabari, eta honek hari, aldiz, zuka atxiki. Hori guraso eta seme-alaben artean arrunta da toki batzuetan, semeak edo alabak nekez egingo baitio aitari edo amari hika. Baina kasu markatuak dira horiek, hikak berez alokutiboa eskatzen baitu.

27.3d Tradizioan badira, zernahi gisaz, salbuespen batzuk. Azkuek Euskal Herriaren Yakintza lanean biltzen duen ipuinetako batean badu esaldiren bat (Ongi da, ekarzkik), adibidez. Eta D. Agirrek Auñamendiko Lorean sistematikoki erabiltzen du tratamendu hibrido hori (geroago idatzi zuen Garoan ez bezala): hi haiz, baina hura da (hura duk/duk erabili ordez). Salbuespenak dira eta, segur aski, garai hartako hizkuntza “berritze” nahiaren ondorioak.

Beraz, behin hika hautatuz gero (Noiz etorriko haiz?) erantzunak Ni goizean etorriko nauk eskatuko luke, eta hori izango litzateke erabilera estandarra solaskidea gizonezkoa bada, eta Goizean etorriko naun solaskidea andrea bada. Baina ez *Ni goizean etorriko naiz.

27.3e Laburtuz, bada: eztabadako erregistroak (ni etorri naiz, zu bihar joango zara…) ez du berez alokutiboaren erabilera eskatzen, baina hikako erregistroak (hi etorri haiz), ordea, bai: Zuk joateko asmoa duzu, eta ni ere joango naiz; Hik joateko asmoa duk/n, eta ni ere joango nauk/n (*Hik joateko asmoa duk/n, eta ni ere joango naiz).

27.3f Kontua, hala ere, nahasiagoa da, euskalkien artean desberdintasun handiak gertatzen baitira. Horrela, Iparraldean (Garazitik Zuberoara), adibidez, eztabadako tratamendu erregistroak ere piztu dezake alokutiboaren erabilera. Orduan zukako alokutiboa (edo xukako alokutiboa, xu tratamenduan oinarritua) erabiltzen da, eta eztabadako adizkiek ere markatzen dute solaskidea: Beñat berant joan duzu gaur (= Beñat berant joan da gaur). Eta hori baino erabiliagoa, beharbada, xukako alokutiboa, balio afektiboa duena, eta izenordainean ere xu aldaketa eskatzen duena: Beñat berant joan duxu gaur. Idazleek espresuki aipatu dituzte erabilera hauek: Baxenafarrako eskualde zenbaitetan jendeak mintzatzen dira xuka. Haien artean ere horrek etxekotasun berezi bat du (Larzabal); Garazin bezala, noiz xuka, noiz toka, noiz noka (Lafitte); Ez dut jakiten abadearekin zuka ala berorika egin (Elexpuru).

Hona hemen zuka eta xuka alokutiboen adibide batzuk: Sabaitik beheiti jausten dira lasterka, erranez: —Aita, nonbait su duxu (J. B. Etxepare); Izugarri ilun duxu (J. B. Etxepare); Arimaren jalgitea neke handia duzu (Etxepare); Hau duzu, hau, gauza ederra, erraiten zion amerikanoari (Manezaundi); Euskal Herria duzu anitz maitagarri (Otxalde).

27.3g Beraz, dena laburtzeko, esan dezagun euskararen tratamenduak eta tratamenduek eskatzen duten alokutiboa, adibideak ikusirik, honako hauek direla:

Hitanoa (toka/noka): hi haiz (horrek eskatzen duena: Mattin joan duk (toka); Mattin joan dun (noka)). Alokutiboa ezinbestekoa du.

Eztabada (neutroa): zu zara (horrek eskatzen duena: Mattin joan da), eta horren aldaera bat: xu xira (horrek eskatzen duena: Mattin joan da). Hala ere, zenbait euskalkitan alokutiboa har dezake eztabada erregistroak. Kasu horretan, alokutiboak zuka (Mattin joan duzu) eta xuka (Mattin joan duxu) dira.

Beroriketa: berori da (horrek eskatzen duena: Mattin joan da. Ez du alokutiborik onartzen).

27.3h Aukera horietan guztietan eztabadako erregistroa da hedatuena, eta hori dugu euskalki guztietan erabiltzen dena. Erregistro landuetan (jende aurrean, hezkuntzan, administrazioan eta abar) ezinbestekoa da. Besteak hizkeren araberakoak dira: hitanoa euskalki guztietan ageri da. Edo gaur egun nonbait erabiltzen ez bada ere badira historian zehar haren lekukoak, nahiz eztabadakoak baino erabilera markatuagoa duen eta ez hain hedatua gizartean. Bestetik, forma kontuan harturik, bistan da zu izenordaina, bigarren pertsona singularra adierazteko, hi baino berriagoa dela (ikus § 13.3.2 eta § 13.3.3); zuka eta xuka alokutiboak Iparraldean erabiltzen dira, eta beroriketa ia desagertua da.

27.3i Alokutiboaren erregistroa dela eta, arazo hauek sortzen zaizkigu, ordea:

Zenbat alokutibo sistema ditugu euskaraz? Bakarra, edo alokutiboaren barnean ere sistema bat baino gehiago bereizi behar da?

Badu alokutiboak muga sozialik erabileran, edo hiztunaren hautua da eta gogoa duenean erabil dezake nahi duen gisan? Noiz eta norekin erabiltzen da alokutiboa?

Badu muga sintaktikorik? Adizki arrunt guztiek badute parean alokutiboa? Bada inolako debeku sintaktikorik alokutiboa erabiltzeko?

Zein da aditz alokutiboen morfologia? Nolakoak dira adizki alokutiboak?

27.4. Alokutiboaren hedadura

27.4a Hitanoa modu batera edo bestera hizkera guztietan erabili izan da, esan gisan, eta batzuetan oraindik ere erabiltzen da, baina aspalditik hasia da zuketari toki osoa uzten. Euskaldun asko gaur egun erregistro bakarrez (zuketaz) baliatzen dira. Horiek forma eztabadakoak erabiliko dituzte, hots, bigarren pertsonarako zu tratamendua erabiltzen dute eta forma alokutiborik ez. Adizki horietan agertzen diren pertsona marka bakarrak perpauseko “nor”, “nori” eta “nork” sintagmekin loturik daude, egiazko marka argumentalak dira. Eta perpauseko sintagma hauei dagozkien markez gainera, ez da besterik azaltzen aditzean.

Historiara behatzen badugu, D. Agirrek, adibidez, Kresala eleberriaren (1901-1905) hitzaurrean, honela dio:

Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregatik ezta emen agertuko izketa zar ori.

Oso adierazgarria da hor dioena. Bizkaian, hitanoa ia galdurik dago itsasaldeko herrietan (Ondarroan, esaterako), baina barrualdeko herrialdeetan bizirik dago. Zaharrek aise gehiago erabiltzen dute gazteek baino. Eta gizonezkoek gehiago andreek baino. Azkuek Bizkaiko eskualde gehienetako hitanoa bildu zuen, eta horregatik pentsa daiteke galera XX. mendean zehar areagotu dela. Bestetik, hitanoak ez du ospe handiegirik izan batzuen artean. Hori dela eta, Yirizarrek hau dio: “Holmer me escribía, desde Bermeo, que el tratamiento familiar en Vizcaya es decididamente agresivo e insultante” (Yrizar 1981: 376). Hitanoaren alokutiboaz hiztunek izan dituzten holako aurreiritzi moralak aski hedatuak izan dira toki askotan. Arrazoiak, bat baino gehiago: hiztun batzuek uste izan dute hola hitz egitea berez “bordarien” kontua dela, maila apaleko zerbait; ikasi ere, batzuetan toka bakarrik ikasi izan dute, harremanak mutilekin bakarrik izan dituztelako, edo etxean alabarik ez zegoelako… Nolanahi ere, toki anitzetan karga peioratiboa izan du hizkera mota honek.

Beharbada, kontu hauetan gauzak aldatzen ari badira ere, esan daiteke orain dela urte batzuk arte bederen, Bizkaia dela hitanoaren erabileran hutsunerik handienak erakusten duen eskualdea. Beste hizkeretan presentzia handiagoa izan du, baina tokian tokiko gorabehera handiekin, zernahi gisaz.

Galera handiagoa da noketari dagokionez, gutxiago erabili izan delako, eta euskalki guztietan, hizkera bat edo beste kendurik, hutsune nabarmenak daude. Hau da, hitanoaren alokutiboa gehiago erabiltzen da gizonen artean, edo gizonekin, andreen artean edo andreekin baino.

27.4b Eztabada: hau da euskararen oinarrizko tratamendua. Ez da uztartzen adizki alokutiboekin: zu izenordainak egiten dio erreferentzia solaskideari, eta eztabadako adizkiak bakarrik erabiltzen dira. Euskal Herri osoan hedatua egun.

Salbuespenak Bonapartek aipatu zituen: berak egin azterketen arabera, XIX. mendean, ekialdeko behe-nafarreran, zubereraz eta, haiekin batera, zaraitzueraz eta erronkarieraz zukakoaren alokutiboa erabiltzen zen. Alberdik egindako analisiek erakusten dute egoera ez dela XX. mendean zehar sobera aldatu. Zubereraz zuketa alokutiboa bakarrik erabiltzen da elkarrizketan (alokutiboa ez dena, berriz, elizan, liburuetan, irratian, literatura idatzian…), eta badirudi hori dela erregistro ez-markatua edo neutroa. Erronkarin, ordea, eztabada eta zuka alokutiboa, biak erabiltzen ziren ongi bereiziz, eta alokutiboak tratamendu mota bat markatzen zuen. Ekialdeko behe-nafarrerako herri batzuetan badira alokutiboa eta eztabada bereizten dituztenak ere, zeini bere balio pragmatikoa emanik (hemen beti zuka alokutiboaz ari gara). Zukako eta xukako alokutiboetan adizkiak zu izenordainaren gainean eratzen dira: Mattin joan duzu/duxu.

Beste euskalkietan, ekialdeko horiek kendurik, eztabadako erregistroa da arruntena. Mendebaldeko behe-nafarreran, esaterako, ez dago zuka alokutiborik. Gaur egun Nafarroa Beherean ere, gazteen artean, eztabada arrunta nagusitzen ari da zuka alokutiboaren gainetik.

27.4c Beroriketan berori izenordaina erabiltzen da, eta solaskideari hirugarren pertsonan egiten zaio. Hegoaldean bakarrik erabili da, Azkuek dioenez: “Este pronombre respetuoso no está en uso allende el Bidasoa” (Azkue 1923-1925, II: 640, 432). Esan bezala, Lizarragak hori erabiltzen du berori-ren ordez. Hona hemen beste adibide bat: Ene Jesus ona, nik mundua despeditzen dut: ez dut nahi hori baizik, hori soilik aski dut. Horren esanahia hau da: ‘Ez dut nahi zu baizik, zu soilik aski zaitut’. Nafarroako zenbait tokitan (Aezkoa, Zaraitzu, Erronkari…) erabili izan da, nahiz Alberdik dioenez datuak ez datozen bat. Baina, zahar-zaharrak kendurik, badirudi erabat galdua dela bai Nafarroan eta bai beste eskualdeetan ere.

27.5. Hitano alokutiboaren erabilera

27.5a Kontu bat da alokutiboa erabiltzen den edo ez. Beste bat, non erabiltzen den. Hirugarren kontua da nola erabiltzen den. Eta nola horretan bi gauza bereizi behar dira: noiz erabiltzen den (markatua denez, ezin da nolanahi eta nonahi erabili) eta nolakoak diren adizkiak (hauek ere euskalki batetik bestera bereizten direnez gero). Nola horretaz esango dugu hemen zerbait, alde batera utzirik oraingoz adizkiak nolakoak diren. Hemen hitanora mugatuko gara, hori baita alokutiborik erabiliena.

Argi eta garbi azpimarratu behar da, dagoeneko esana bada ere, testuinguru berezia eskatzen duela hitanoaren erabilerak: konfiantza eskatzen du; lagunartekotasuna; taldean erabiltzen bada erabiltzailea beti bati bakarrik zuzendu behar zaio, ez talde osoari; testuinguru berezia behar duenez, ekitaldi ospetsu batean ez dirudi oso egokia alokutiboa erabiltzea; irratian edo telebistan, esatari ofizialak ez dirudi alokutiboa erabili behar lukeenik eguraldia emateko eta berriak komentatzeko… Baina batzuetan egia da ez dela erraza debekuaren markak ongi zedarritzea.

27.5b Ereduak eskaintzen dituen aukera guztiez baliatu nahi izanez gero, behin alokutiboa aukeraturik, badirudi egoera adierazgarriena litzatekeela gizon-andreek elkarren artean (andreak-gizonak; andreak-andreak) beti hitanoa erabiltzea. Baina egoera hori da gutxien erabiltzen dena, eta ez dakigu historian ere zenbateraino erabili izan den horrela, muga gabe. Egia esateko, hori oso toki gutxitan gertatzen da. Ikus dezagun, argibide gisan, kantu ezagun hau:

Oi, Pello, Pello,
logale nauk eta
jinen niza oherat?
-Irun ezan eta,
gero, gero, gero,
Irun ezan eta,
gero, gero bai…

Kantu horrek bikote baten elkarrizketa islatzen du: gizonezkoa da bat, andrea bestea. Hitanoa erabiltzen dute, eta toka (nauk) eta noka (ezan) ageri dira. Baina holako elkarrizketak nekez entzunen ditugu egun eta, entzutekotan ere, toki batzuetara mugaturik daude.

27.5c Aise gehiago entzuten da toka (gizonezkoei zuzendua) noka baino. Horren arrazoiak bat baino gehiago izan daitezke. Lehenbizikoa, genero desberdintasuna: gizonak andreak baino pisu eta botere gehiago izan duenez historian, joera izan daiteke gizonezkoen hizkera maizago erabiltzekoa andrezkoena baino. Honek hari errespetua (edo beldurra) zor, ematen du, eta ezin nolanahi hartu gizonek hain erraz har dezaketen hizkuntza “askatasun” hori. Botere kontua, beraz. Gerta liteke hori izatea arrazoi nagusia. Baina ezin da izan ezinbestean hori arrazoi bakarra, ez dugu daturik aski hori hala dela besterik gabe baieztatzeko. Beharbada, hizkuntzek korapilo eta sigi-saga anitz dituztenez (ez nahitaez beti boterearekin lotuak), gerta liteke, besterik gabe, hizkera mota hori, eredu hori, gizonezkoen artean gehiago garatzea. Ez dakigu: kontua da gizonezkoen marka maizago ageri dela. Ondoko kantu honetan ikusten da hori:

Ituringo arotza, Erramun Joakin,

asarre omen zaude zeren degun jakin.

Santurik ez laiteke fiatu zurekin:

San Kristobal urtuta joaliak egin.

Arotzak erran dio bere andreari:

- Urtu behar dinagu, ekarran santu hori!

- Gizona nora zoaz, bekatu da hori!

- Etzionagu erranen sekulan nihori.

Senar-emazteen arteko elkarrizketa horretan, gizonak hika egiten dio andreari (dinagu, ekarran, ez zionagu), baina andreak, ordea, zuka senarrari (zaude, laiteke, zoaz, da). Egoera hori maizago ikusi izan dugu. Kasu bakan batzuetan ikusi izan dugu ere senar-emaztegaiek hitanoa erabiltzea ezkondu arte, eta gero zukara pasatzea. Baina horiek kontu zaharrak dira.

27.5d Nagusiaren eta etxeko mutilaren artean gertatzen den elkarrizketa honetan antzeko zerbait gertatzen da:

Haika mutil, jaiki hadi,
argia den mira hadi!
– Bai nagusia, argia da,
gure oilarra kanpoan da

Nagusiak hika egiten dio mutilari (hadi), baina honek nagusiari zuka, alokutiboa erabili gabe (da).

27.5e Jakina, bikotekideek eta anai-arrebek ez diote anitzetan elkarri hitano osoz (toka-noka), edo zatikakoaz (noka) egiten. Eta kontua ez da oraingoa, Urtsuko kantu zaharrak erakusten duen gisan:

Goiti zazu burua,
ene arreba Juana.
Eztezaket goratu,
anai Batista jauna.

Izorra omen zara,
ene arreba Juana.
Zertan zagutzen nauzu,
nere anaia jauna?

Batista eta Juana, anai-arrebak, ari dira hizketan, eta ez da hor alokutiboaren arrastorik, nahiz eta garai hartan hitanoa aski arrunta izan Baztanen.

27.5f Batzuetan, testuetan ikusten denez, egileak hika harturik adizki alokutiboan toka bakarrik hautatzen du beti, balio generiko bezala, nahiz bera zuzentzen zaion solaskidea gizona edo andrea izan daitekeen. Ez da oraingoa, B. Etxeparek hala egiten zuen XVI. mendean:

Euskara, jalgi hadi mundura!
Lengoajetan ohi hintzan
estimatze gutitan
;
orai aldiz hik behar duk
ohorea orotan.

Hor hadi eta hintzan ageri dira, hikakoak, baina alokutiboan duk aukeratu du, eta ez dun. Egoera arrunta da hori: berez hitanoa markatua bada, hitanoaren barnean noka markatuagoa da toka baino.

Kantu hau ere aski ezaguna dugu. Euskaldun guztiak gizonezkotzat jotzen dira (kantazak, eta ez kantazan) kantu honetan ere:

Kantazak euskalduna,
Kantazak hire herria!
Kantazak euskalduna,

Hire aberria!

27.5g Pertsona ez den zerbaiti, normalean, hika egiten zaio: animaliei, gauzei, landareei… Hona hemen Lauaxetaren adibide bat: Bide luzez lagun izan haut baina hire keinurik baratzean ez zegok. Hor zegon esaten ahal zuen, baina zegok hautatu du. Bistan da toka eta noka asimetrikoak direla alde horretatik, eta horrek ere bultzatzen du nokaren erabilera gero eta ahulagoa izatea.

27.5h Beraz, toka arruntagoa da noka baino, maizago entzuten da hitano alokutiboa gizonen artean (toka), andreek-andreekin edo gizonek-andreekin erabili behar luketen noka baino. Zeren, noski, noka ez da nesken arteko kontua bakarrik: neskei hitz egiten zaienean, hitz egiten duena gizona nahiz andrea izan, noka egin behar zaie. Azken urteetan hiztun batzuek toka hautatzen dute andreei ere egiteko, hola ikasi dutelako edo hobeki egiten ez dakitelako, baina hori ez da batere egokia eta indartu egiten du, gainera, gizonen hizkera ereduaren pisua harremanetan, nahastea sortuz.

27.5i Honetaz arduratu direnek diotenez, andreek ere bere buruarekin ari direnean, barne-elkarrizketan, toka erabiltzen dute (Rey 2013). Hau da, andrea eguneroko jardueran ohitua bada toka eta nokarekin, bere buruarekin ari bada, eta zerbait pentsatzen badu eta horrekin bakarrizketan ari bada, toka erabiliko du. Reyk berak ematen ditu adibide batzuk: “Odolusten ari nauk, noski!”, pentsatu nuen. Pentsatzen duena Amaia Salazar izeneko inspektorea da, eta bere buruaz ari da, bistan denez. Barne-elkarrizketa da hori, nolabait esateko.

Baina bakarrizketa horretan, hiztuna, nolabait esateko, bitan banatzen bada, nolabaiteko proiekzioa egiten badu, orduan noka erabiliko da. Adibide bat jarriko dugu. Argiago ikusteko zuka erabiliko dugu lehenik, hobeki ulertzeko. Karrikan pasaietan ari garela, ustez ezaguna den norbait hurbiltzen dela ikusten dugu. Eta ohartzen gara ez dabilela ongi, ziroka ikusten dugu, alde batetik bestera: “Eroriko da azkenean!”. Holako zerbait pentsatzea arrunta da. Bada, hor alokutiboa ere erabil daiteke. Baina kontua da, andrea nahiz gizonezkoa izan karrikan heldu dena, andrea nahiz gizona izan pentsatzen duena, holakoetan toka erabiltzen dela: “Eroriko duk azkenean!”. Holakoa da goiko odolusten ari nauk hori ere, pentsatzen duena andrea bada ere.

Baina, bitan banatze hori gertatzen bada, gauzak aldatzen dira. Jo dezagun ikuslearen izena Maite dela. Pentsamenduarekin aurrera segituz, Maitek hau pentsa dezake: “Eroriko da azkenean! Maite, horren bila joan beharko duzu!”. Hori esaten dio bere buruari. Bada, hor hitanoa erabiliz gero, noka aukeratuko luke: “Eroriko duk azkenean! Maite, horren bila joan beharko dun!”. Eta hor ageri dira toka (bere buruarekin) eta noka (bere buruari), zein bere tokian erabiliak.

Reyk ere ematen du adibidea, andre inspektorearen buruan hori ere: Horixe, polita, pistola bat. Eta horrek, Amaia, zertarako balio din? Xabier Alberdiren hitzetan (2003)226: “Hots, itxura guztien arabera, hikako bi generoen arteko aurkakotasunean, noka da buru markatua (edo markaduna) eta toka markatu gabea (edo markagabea)”.

Hori da orain arteko tradizioa.

27.6. Alokutiboaren muga sintaktikoak

27.6a Alokutiboaren erabilerak ez du askatasun osoa, eta murriztapen sintaktiko batzuk ere baditu. Hona ekartzen ditugu berriz ere goiko bi adibide:

Oi, Pello, Pello,
logale nauk eta
jinen niza oherat?

Haika mutil, jaiki hadi,
argia den mira hadi!
– Bai nagusia, argia da,
gure oilarra kanpoan da

Ohart gaitezen hor kantuen zati hauetan: logale nauk eta, jinen niza oherat, eta Haika mutil, jaiki hadi, argia den mira hadi! Hor ikusten denez, hitano alokutiboak (nauk) eskatzen duen alokutibo adizkia ez da ageri galde perpausean (niza = naiza, -a hori bai/ez erako galde perpausaren Iparraldeko marka da). Bigarren zatian, berriz, hitanoa dugu (hadi), eta horrek alokutiboa eskatzen du, baina mendeko perpausean ez dugu holakorik: argia den dugu hor, eta ez *duan edo *dukan.

Adibide horiek informazio egokia ematen digute adizki alokutiboen muga sintaktikoez: tradizioa kontuan harturik, ez da erabiltzen hitano alokutiborik ez galde perpausetan, ez mendekoetan. Hori da tradizioan ageri den eredu erabiliena, eta egungo idazle anitzek errespetatzen dutena ere.

Eta esperatzekoa da mendekoetan ez erabiltzea. Norbaitekin hizketan ari bagara, eta alokutiboak norbait hori markatzen badu, marka hori ezinbestean goian dagoen adizkiak bakarrik hartu behar du, aditz nagusiaren adizkiak, hain zuzen, eta horren mendean daudenek ez dute hartuko, horiek ezin baitute hizketakidea seinalatu, “beherago” daudenez gero. Arrazoi horregatik, -la nahiz -n atzizkiekin bukatuek, edo bait- aurrizkia daramatenek ezingo dute alokutibo marka hartu; ezta subjuntiboak ere, noski.

27.6b Galderetan alokutiborik ez: —Baina, ba al daki? —Hori galdetzen nian nik ere (Barriola); “Nor da heldu?”, galdetu dik bere leihotik emakume xahar batek (Txillardegi); A, eternidadea! Nork konprendituko du hire hedadura mugarrigabea? (Baratziart); Zer da hire eta nire artean, Jesus Jainko subiranoaren semea? (Leizarraga); Eta erran zion: zer da hire semea? Eta ihardetsi zuen: Jakob (Urte); Galdegin zion, bada, Jesusek eta erran: “Zer da hire izena?” (Haraneder); Zer da hire infernua, zer dolore handia! (Gazteluzar).

27.6c Mendeko perpausetan alokutiborik ez: Carmenek esaten dik Berlinoren eta bere anaien laguna zela gerra hasi aurretik, eta horregatik sartu zela politikan (Atxaga); Ikusiko diagu zer ateratzen den (Etxabe); Zorrotz ohar hakio; nik begiak josiak izango ditiat haren aurpegian; eta, ondoren, bion aburuak elkarturik diagu zer begitandu zaigun ebatziko (Juan Garzia); Etxetik zetorrean, kapelarik gabe, berak gidatu zian kalexatxoa. “Alde egin al du?”, galdetu zian (Olarra); Berak esaten dik ni azkarra naizela eta ez dagoela moskeatua (X. Mendiguren Elizegi); Ba, nahi duan guztia egiten duela esaten dik nire anaiak (Navarro); Estoldetan jaio ginela esan dik (Jon Muñoz); Egunen batean eskolara bere bila joanen ote naizen galdetu dik, nahi dudanean, hitz egin behar dugula (Rey).

27.6d Hala ere, batzuetan araua hausten da, batez ere zuzeneko galde perpausetan: Zer galdetzen zian? Ingelesaren andrea non bizi den? (Urruzuno); Nork dik beraz legea mexpresatzen, hik edo nik? (Larzabal); Nik? Nork esan dik? Hola bada, Satanek eraman nazala infernuko osinera (Orixe); Arraio hori nork egin dik kofradiako? (Lizardi); Nork hilarazi dik delako neskatxa? Ala eritasunez hil duk? (Zerbitzari); Nork beharko dik gero aitzurrari lotu? Ai, ai, ai! mutila, aitzurrari lotu (Zaldubi); Nork usteko dik holako itsuskeria? (Decrept); Nork bataiatu zian? Jondone Batistak (Belapeire); Nork esan behar zian gaur arratsean gertatuko zela hau! (Soroa); Nork zakik, bada, irtena naizela, eta nork dik, bada, jakiteko grina? (K. Zabala); Nork esan behar dik ezer? (U. Iturriaga); Nork jasotzen dik apustua? (Alberdi); Zain dadila bakarrik! Nork lapurtu behar dik, ba, traste puta hau? (Morillo); Nork hartuko zian Senpe bezalako azeri bakarti bat hiltzeko lana? (H. Etxeberria); Nork deskubritu zian Amerika, e? (K. Izagirre).

27.7. Hika alokutiboaren adizkiak

27.7a Eztabadako adizkiak aski desberdinak dira euskalki batetik bestera, Euskaltzaindiak euskara idatzirako adizki sistema batua eskaini badu ere. Halaber, haiekin gertatzen den gisan, alokutiboaren adizkiek ere ez dute forma bera euskalki guztietan. Aldaketa handiak daude toki batetik bestera, eta anitzetan hiztun berak forma bat baino gehiago erabiltzen ditu.

27.7b Euskaltzaindiak alokutibo adizkietan ere 1994an proposatu zuen eredu estandar bat. Baina parte bat baizik ez zuen finkatu, hikako moldeari dagokiona, hain zuzen ere. Ez da deus esaten ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen den zukako (eta xukako) alokutiboaz, eta hori arautu gabe dago.

27.7c Zernahi gisaz, adizkiak finkaturik ere, ez du Euskaltzaindiak ezer ere esan haien erabileraz: ez gizarte mailako baliagarritasunaz, ez sintaxiak jartzen dituen mugez. Hikako alokutiboaren forma bakarrik arautu du. Eztabadako adizkiekin gertatu zen bezala, hemen ere erdibideko jokabideei eman zitzaien lehentasuna, sinpletasuna, argitasuna, tradizioa eta gaurko erabilera kontuan harturik.

27.7d Erro aldaketak gertatzen diren kasuetan, saileko paradigma guztietan ageri da erro hori: NOR bakarreko izan aditzean -u- erroa onartu da (nauk), eta iraganean alokutibo marka atzizki gisa, ez aurrizki gisa, onartu da (zuan, ez huen). Halaber, ke-dun formetan ere: datekedukek, edo litzatekedukek. NOR-NORK sailekoetan -i- hautatu da: naunaik, eta hor -it- plurala hobetsi da, eta ez -zki-: dituditik; NOR-NORI dugunean lehen silaban ez da -i- onartu: natzaionatzaiok (ez naitzaiok); alokutiboaren marka ergatiboaren ezkerrean ematea onartu da, ez haren eskuinean (diagu, eta ez diguk), baina, hala ere, ditek, eta ez diate. Azkenik, pertsona aurrizkirik ez duten orainaldiko adizkeretan dz aldaketa onartu da, erro aldaketarik ez dakarten adizki alokutibo ergatibodunetan: dezakezezakek, dioziok, baina dudik (eta ez zik).

27.7e Adizkiak ez dira itxuraz ematen duten bezain nahasgarriak, datibo marka gaineratu behar da: dunauk/n. Baina eztabadako adizkiak bezain erregularra da sistema. Aldaera anitzen bereizketa datiboaren kokaguneak markatzen du: toki batzuetan, esate baterako, egin diate/dinate esaten da, eta beste batzuetan egin ditek/diten, gauza bera adierazteko. Desberdintasuna markaren kokagunearen kontua da: di-a-te edo di-na-te batean, eta di-te-k edo di-te-n, bestean. Non jartzen den alokutiboaren marka, adizkia aldatu egiten da. Euskaltzaindiak aukerak egin behar izan ditu holakoetan, zenbait faktore kontuan izanik, batasun adizkiak proposatu ahal izateko. Adibide horietan ditek/diten aukeratu du, nahiz hiztun askok diate/dinate erabiltzen duten.

Adizki guztiak Euskaltzaindiaren 14. arauan ikus daitezke. Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

225 Hemen aipatzen diren kontu asko Xabier Alberdik egindako lanetatik hartuak dira. Berak ikertu du bereziki euskal alokutiboaren kontua (1986a, 1986b, 1993, 1994, 2008-).

226 2003ko urriaren 27an, erabili.eus webgunean.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper