Euskararen Gramatika

28. Juntadura

28. Juntadura

28.1. Sarrera: mota bereko osagaien juntadura

28.1.1. Maila bereko sintagmak elkartzen dira

28.1.1a Aurreko ataletan ikusi den bezala, hizkuntzan gehienetan buru edo ardatz batzuen inguruan biltzen dira elementu desberdinak, buru horien eraginpean, eta nolabait esateko, mendekotasun erlazioekin (ikus 2. kapitulua). Egitura sintaktikoan ere badu horrek eragina. Baina mota bereko osagaiak elkartzeko aukera ere ematen digu hizkuntzak, eta orduan elementu horiek maila berean gelditzen dira. Juntaduraren bidez gauzatzen da aukera hori. Esate baterako, ondorengo adibideetan kategoria bereko elementuak azaltzen zaizkigu elkarturik: izenak (Josu eta Miren), adjektiboak (aktore gazte eta indartsu asko), determinatzaileak (hiru edo lau katu), adberbioak (ez dakigu ondo edo gaizki aterako den), aditzak (arropak garbitu eta lisatu ditut).

Baina kategoria lexikoak baino handiagoko elementuak ere bil daitezke juntaduraren bidez: perpausak (Arantxarekin mendira joan naiz eta Josu etxean geratu da), sintagmak (Adinekoentzat eta haur txikientzat ondo etorriko da) edo bestelako osagaiak ere (Pirinioetako gailur garai eta haran ezkutuak maite zituen) elkar daitezke juntaduraren bidez. Eta esan bezala, era honetan elkartzen diren elementuen artean ez da egiturazko hierarkiarik ezartzen, eta sortzen den baturak elementu bakoitzak perpausean izango lukeen funtzio sintaktiko bera izaten du.

28.1.1b Elkarketa mota honi juntagailuek ematen diote bidea: juntagailuen alde banatan kokatzen dira juntagaiak. Nolanahi ere, juntagailuen definizio positiborik nekez aurkituko dugu gramatiketan. Beti aipatzen da mota bereko elementuak elkartzen dituzten elementuak direla eta juntagaiak egitura sintaktikoan maila berean geratzen direla. Horrez gain, inguruko hizkuntzetan ere distribuzio irizpidea erabili ohi da juntagailuak zedarritzeko unean: A xy B baldin badugu, A eta B mota bereko elementuak izanik, orduan x eta y, biak ezin dira juntagailu izan. Beste hitz batzuetan esateko, bi juntagailu ezin daitezkeela bata bestearen jarraian joan (Jon etxera joan da eta *baina/aldiz Mirenek erosketak egingo ditu): eta eta baina biak dira juntagailu, eta ezin dira bata bestearen jarraian joan; baina aldiz ez da juntagailua, eta orduan, juntagailu baten jarraian joan daiteke.

28.1.2. Juntadura mota desberdinak

28.1.2a Juntadura mota desberdinak bereizi ohi dira. Juntagailuak esanahi semantiko abstraktua duten elementuak dira, eta erabiltzen den juntagailuaren arabera, juntagaien artean lotura semantiko abstraktu desberdina ezartzen da. Lotura semantiko horien arabera sailkatu ohi dira juntadura mota desberdinak. Batzuetan, bi juntagaien arteko emendio edo gehiketa soila bideratzen da: Jon afaltzera etorri da eta Josu lanera joan da. Emendiozko juntadura deitzen zaio horrelakoari, eta eta juntagailuaren bidez gauzatu ohi da; eta horrez gain, badira balio bera ematen duten emendiozko esamoldeak ere (ez ezik, ez ezen, ez eze…(ere), ez… bakarrik). Beste batzuetan juntagaien artean era bateko edo besteko hautakaritza adierazten da, juntagaien arteko aukera: mendira joango naiz edo etxean geratuko naiz; juntagailu hautakariak edo, edota eta ala dira. Azkenik, juntagaien artean aurkaritza erlazioa ere ager daiteke (berandu jaiki naiz, baina ordurako iritsi naiz); balio hau ematen duen juntagailu nagusia baina da, eta aurreko sailetan ez bezala, juntagaiak nahitaez predikatuak izaten dira; horrez gain, aurkaritzako juntaduraren barnean batzuetan galdegaiak jartzen dira kontrastean, baizik, baino, baina, ezpada… erabiliz.

28.1.2b Hizkuntzan juntagailurik gabe ere elkar daitezke elementuak, maila berean bata bestearen jarraian emanez. Alborakuntza deitzen zaio horri: Isilik dago, ez daki ezer; Oso argia da Miren, asko daki; Beranduegi da, etxera noa. Adibide hauek berak juntagailua erabiliz ere eman daitezke, baina hizkuntzetan bada aukera bi elementu alboratze hutsez elkartzeko, ageriko juntagailurik gabe. Bereziki perpausekin gertatzen da, baina bestelako elementuekin ere badira era honetako elkarketak: Haurrak, gazteak, helduak, han zeuden.

Alborakuntzaren egitekoa eta juntadurarena parekoak dira: elementuak maila berean elkartzea. Eta alborakuntzak juntadurak bezalako jokabidea azaltzen du elipsirako aukerei dagokienez, banakaritzari dagokionean, edo baita hikako alokutiboaren onargarritasunari dagokionean ere. Juntagailurik gabeko juntadura da, hortaz, labur esateko, alborakuntzak gauzatzen duena. Bestalde, etenaren luzerak lagunduko du jakiten edo adieraziko du bi perpaus askeren aurrean gauden, edo alborakuntza dagoen.

28.1.2c Alborakuntzaren bidez elkartutako perpausetan, batzuetan lokailuak edo diskurtso markatzaileak agertzen dira: Gaur eguraldi ona egingo du; bihar, berriz, euria izango omen da. Baita perpaus-juntaduretan ere: Gaur eguraldi ona egingo du, eta bihar, berriz, euria izango omen da. Diskurtso markatzaileek (ikus 42. kapitulua) aurreko perpausarekiko edo atalekiko lotura egiten dute, diskurtso mailan, eta nozio semantiko batzuk bideratzen dituzte: egituratzaileek informazioa egituratzen dute; lokailuek nozio semantiko batzuk bideratzen dituzte (emendioa, ondoriozkotasuna, aurkaritza…); birformulatzaileek aurreko informazioa zehazten dute, beste modu batera azaldu... eta abar. Aurreko adibideetan, esate baterako, aurkaritzako nozioa azaltzen zaigu, berriz lokailuaren bidez (§ 42.21.3). Alborakuntzaren edo juntaduraren bidez elkartutako bi perpausen arteko loturaren indargarri modukoak dira lokailuak: bestela ere elkartuta edo elkartu gabe daudekeen perpausen arteko erlazioaren ñabarduraren bat aditzera ematen dute. Ohartzen gara, gainera, ñabardura horiek juntagailuek ematen dituztenen antzekoak direla. Ez da kasualitatea: maila honetako perpaus arteko lotura eta, beraz, esanahi-erlazioak, funtsean mota horietara biltzen baitira. Baina ez dira juntagailuen multzo berean sartu behar, ezaugarri desberdinak baitituzte.

Juntagailuen eta diskurtso markatzaileen arteko lehenengo desberdintasuna distribuzio irizpidetik dator. Juntagailuen eginkizuna juntagaiak elkartzea da. Eta ondorioz, ezin daitezke metatu; ezinezkoa da, adibidez, eta eta baina, biak, juntagailu izaki, elkarren ondoan perpaus elkartu batean azaltzea: *Liburu hau oso atsegina da, eta beste hau, baina, asko lagundu diezazukeena. Aldiz, berriz edo ordea, diskurtso markatzaileak, azal daitezke juntagailuei lagunduz: Liburu hau oso atsegina da, eta beste hau, berriz/ordea, asko lagundu diezazukeena. Horrek erakusten digu juntagailuak eta diskurtso markatzaileak elementu mota desberdina direla, eta lagunduko digu elementu bakoitza bere sailean jartzen.

28.1.2d Bestalde, juntagailua, juntatzen dituen osagaien artean kokatzen da, bien juntagunean. Egia da bakarren batek (baizik-ek, adibidez) bere kokagune berezia izan dezakeela. Baina juntagailuak kokagune jakina izango du beti. Diskurtso markatzaileak (DMak), berriz, askoz mugikorrago dira, eta bigarren perpauseko osagaien arten ibil daitezke. Beraz, DM horiek bigarren perpausarekiko, beren perpausarekiko, atxikimendu argia dute.

Horrez gain, eta lehen ere esan dugu, juntagailuak era oso desberdineko elementuak elkartzeko balia ditzakegu (perpausak, sintagmak eta osagai sintaktikoak, hitzak); baina DMek beti perpausen arteko lotura semantikoa bideratzen dute. Esan nahi baita, DMrik ez dugula aurkituko, adibidez, bi izen sintagmaren artean, edo bi izenen artean.

Azkenik, morfologikoki ere desberdin gertatzen dira. DM askoren aditzondo edo adberbio izaera oso nabarmena gertatzen da: morfologiak gehienetan argiro erakusten du aditzondo baten aurrean gaudela: aldiz < aldi+z; beraz < bera+z eta abar. Juntagailuetan nekez aurkituko dugu horrela banatzeko aukerarik edo gardentasunik.

Laburbilduz: juntagailuak eta DMak elementu desberdinak dira. Batzuetan inolako juntagailurik gabe ere ager daiteke DMa, eta bideratzen duen nozio semantikoa izan daiteke juntagailuren batek bideratzen duenaren antzekoa. Baina horrelakoetan ez dago benetako juntadurarik, juntagailuen eta DMen ezaugarriak desberdinak baitira.

28.2. Juntagaiak

28.2.1. “Modu bereko” juntagaiak

28.2.1a Hasieran esan dugu ‘mota bereko’ osagaiak elkartzen direla juntaduraren bidez. Baina hizkuntzak eskaintzen dituen aukera ugariak kontuan izanik, gramatikariak saiatu dira ‘mota bereko’ izatearen nozio hori gehiago zehazten. Juntatutako adibide gehienetan kategoria lexiko bereko elementuak elkartzen dira: izenak, adjektiboak, determinatzaileak, aditzak, adberbioak. Edo mota bereko sintagmak edo osagai sintaktikoak. Horrelakoak genituen sarreran emandako adibide guztiak. Hizkuntzak bide horretan aukera handia uzten du. Gainera, euskara hizkuntza eranskaria denez, gerta daiteke, morfema beregainak ez direnen azpian ere zenbait elementu juntatzea: Herriko neska eta mutilentzat antolatu dute; Josu eta Aneren bidez lortu dugu etxea. Egitura sintaktikoari buruzko xehetasunetan sartu gabe, ikusten da, behintzat, -entzat atzizkiak, beregaina ez den morfemak, gutxienez bi izen besarkatzen dituela; berdin, bigarren adibidean, genitiboarekin. Bereziki postposizio atzizkiekin gertatzen da aukera hori. Geroago aztertuko ditugu aukera horren mugak.

28.2.1b Beste batzuetan, ordea, aurkitzen ditugu kategoria sintaktiko desberdineko elementuz osatuko juntadurak ere. Adibidez, oso ohikoa da postposizio sintagma bat eta adberbio bat juntatzea: Gaur edo bihar goizean iritsiko da telebista berria. Edo adberbioa edo postposizio sintagma eta mendeko perpaus bat: Triste eta begietan malkoak zituela inguratu zitzaigun Mikel. Baina horrelakoetan ere funtzio sintaktiko bera izaten dute, eta perpausaren egituran maila berean egoten dira. Badirudi, beraz, ‘mota bereko osagaiak’ junta daitezkeela esaten denean, ‘egitura sintaktikoan maila berean dauden osagaiak, edo funtzio sintaktiko bera duten osagaiak’, ulertu behar dela. Eta ildo horretan, ezinezkoa gertatzen da bi postposizio sintagma elkarrekin juntatzea, bietan postposizio berdina izanik ere, funtzio sintaktiko desberdina badute. Adibidez, -z postposizioa duen sintagma bana dago ondorengo bi perpausetan: Kontu handiz hitz egin genuen / Politikaz hitz egin genuen. Lehenean ‘nola’ adierazten da; bigarrenean hizketaldiaren gaia. Baina biak juntatu nahian hastean, adibide bitxia lortzen da, aditzarekiko harremana, eta funtzio sintaktikoa, desberdina baitute: ??Kontu handiz eta politikaz hitz egin genuen. Aldiz, funtzio sintaktiko desberdina dutelako, perpaus berean azal daitezke -z postposizioa duten aurreko adibideko bi elementuak: Politikaz kontu handiz hitz egin genuen.

28.2.1c Azkenik, hizkuntzan tarteka aurkitzen dira kategoria eta funtzio sintaktiko desberdineko adibideak ere: Ez dakit nork eta nondik atera duen kontu hori; Josurekin eta trenez joango naiz oporretara; Gutako inork uste baino janari garestiagoa eta jatetxerik dotoreenetan jaten du Peruk. Baina horrelakoetan badirudi juntaduran ohikoena den moldetik urrundu egiten garela, eta enfasia emateko helburuarekin erabiltzen direla. Eta erabiltzeko baldintzak ere bereziak direla: fokalizatutako elementuak dira, intonazio berezia dute, sarritan lehenengo juntagaiaren ondoren etena egiten da (‘eta gainera’ adierazi nahi izango balitz bezala).

28.2.2. Auziaren konplexutasuna

28.2.2a Aipatu izan da, egiturako berdintasunaz gain, semantikoki ere homogeneotasuna azaldu behar dutela juntagaiek, eta horren ondorioz gertatuko litzaiguke Josune irakaslea eta atsegina da bezalako bat bitxia: irakaslea juntagaiak sailkatu egiten du, atsegina juntagaiak berriz nolakotasun bat adierazten du, eta ondorioz, bi elementuak semantikoki izaera desberdinekoak izanik, ez genituzke juntadura egitura berean bilduko. Edo, bildu ahal izateko, eten handia egingo genuke, eta berriro ‘eta gainera’ bezalako elementu bat ulertzeko joera izango genuke, bi predikazio baleude bezala: ‘Miren irakaslea da, (eta gainera) atsegina da’. Autore gehienek diote, ordea, izaera semantikoaren aldetiko desberdintasun horrek egitura sintaktikoan ere baduela isla, eta aurreko bi juntagaiak ez genituzkeela maila berekoak izango. Auzia berez konplexua da, eta gai honen inguruan egin diren proposamenetan ez dugu hemen sakonduko. Baina berdin gertatuko litzateke, adibidez, zenbait izenlagunekin: Bigarren Mundu Gerraz ari garelarik, nazien eta judutarren hilketak bezalakoak ezin izango genituzke juntatu, batzuk hiltzailetzat eta besteak hildakotzat hartuta.

Eta antzeko zerbait gertatzen da, kategoriaren aldetik parekoak izan arren, nozio desberdinak adierazten dituzten aditz sintagmako elementuak ditugunean ere: Askotan eta presa handiz deitzen du Jonek; Askotan eta ezustean azaltzen da Jon; Sarri eta ezkutuka ikusten dut Ane epaitegiaren inguruan. Hauetan ere badirudi juntaduraren ohiko moldetik urrundu egiten garela, bi juntagaien arteko etena handixeagoa dela, eta lehen esan bezala, bi perpaus edo bi aditz sintagma elkartzen direla, bi predikazio daudela. Eta berriro, enfasia, fokalizazioa… ditugula tarteko. Ohart gaitezen, bestalde, esanahiaren aldetik ez direla juntadura gabekoen pareko. Ez da berdina Askotan eta presa handiz deitzen du Jonek, juntadurarekin, edo Askotan presa handiz deitzen du Jonek, juntadurarik gabe. Bigarrenean, gerta daiteke Jonek hain sarri ez deitzea, baina deitzen duen gehienetan presa handiz deitzea. Lehen adibidean, ostera, garbi dago Jonek sarri deitzen duela; aditza bi aldiz ulertuko balitz bezala da: ‘askotan (deitzen du) eta presa handiz deitzen du’. Era honetakoen artean, denbora eta lekua adierazten dituztenak juntatzen dira errazena.

28.2.2b Bestalde, hizkuntzan sintaktikoki edo semantikoki izaera desberdinekoak diren juntagaiak elkarturik azaltzen direnean, hiztunak juntadura egitura horri ‘zentzua emateko’ egoerak eta interpretazioak bilatzen ditu, juntagaiek gutxieneko harreman edo lotura bat behar baitute. Horrela gertatzen da, adibidez, izaera desberdineko perpausak juntatzen ditugunean. Bi perpaus juntatu ahal izateko, elkarrekin gutxieneko harremana edo ‘gai komuna’ behar izaten dute; eta lotura hori, sarritan, erreferentziakidetasunaren bidez, predikatuen izaeraren parekotasunarekin, aditzaren denborarekin, eta abar azaleratzen da. Horrela, euria ari du eta Shakespeare ingelesa zen perpausek ez dirudi zerikusirik dutenik, eta nekez azalduko dira juntaturik: bi perpaus juntatzen ditugunean, espero dugu badagoela egoera bat biak juntatzea esplikatzen duena, bien arteko lotura egingo duena. Gutxieneko lotura hori, ordea, ezin da gramatikaren barnean definitu. Begira, adibidez, ondorengo bi perpaus hauei: Gaur Jon liburutegian ikasten ari da / Urtegia ez da egingo. Hemen ere, aurrekoan bezala, elkarrekin loturarik ez duten perpausak ditugula esango genuke. Baina egoeraren batean posible izan daiteke biak juntatzea. Adibidez, pentsa dezagun Jon urtegiaren aurka zegoela, eta azken urteetan, ikasketak utzita, urtegiaren aurkako kanpainan aritu dela buru belarri; eta azkenean urtegiaren proiektua bertan behera uztea lortu dela, eta Jon aurreko bizimodura itzuli dela, aldi luze baten ondoren. Prozesu horren guztiaren amaieraren berri emateko esan daiteke Gaur Jon liburutegian ikasten ari da eta urtegia ez da egingo.

28.2.2c Azkenik, mota bereko elementuak juntatzeko aukerari dagokionez, morfologiak ere jartzen du bere baldintza: hitz beregainak izan behar dute juntagailuaren bidez elkartzen direnak; atzizkiak edo aurrizkiak ez dira juntatzen, oro har. Eta juntadura-egituren baldintza horrek desberdintasunak eragiten ditu euskara bezalako hizkuntza eransle postposiziodun baten eta inguruko erdaren artean. Haietan preposizioak izaten dira, eta hitz beregain modura azaltzen dira; orduan, batzuetan juntaturik ager daitezke: con o sin tu permiso; vivía por y para él; avec ou sans permission; with or without permission. Euskaraz, ordea, ez da horrelakorik: *Josurentzat eta gatik bizi da; Josurentzat eta Josugatik bizi da. Euskaraz ez dira atzizkiak juntatzen; hitz beregainak juntatzen dira. Eta hitz beregainen artean ere, ez da zilegi adizki laguntzaileak elkarrekin juntatzea: *etorriko naiz eta zara; etorriko naiz eta etorriko zara.

28.3. Juntadura eta menderakuntza

28.3.1. Elkarketa mota desberdinak

28.3.1a Juntaduraren bidez perpausak ere elkartzen direla esan dugu; eta esan dugu horrelakoetan gramatika egituraren aldetik perpaus biak maila berean daudela, perpaus bata ez dagoela bestearen mende. Baina hizkuntzan gertatzen da, halaber, bi perpaus elkartzea, eta biak maila berean ez egotea: menderakuntzaren aurrean egongo ginateke, eta mendekotzat jotzen den perpausak beste edozein sintagmak perpaus nagusiaren barnean beteko lukeen zeregina beteko luke (ikus 29. kapitulua).

Gehienetan ez da arazo handirik izaten bi elkarketa-mota hauek desberdintzeko, baina badira zalantza eragin dezaketen kasu batzuk. Juntadura eta menderakuntza desberdintzen dituzten ezaugarriei begiratuz, ondorengoak aipatu beharko genituzke:

28.3.1b Morfologia. Perpaus juntatuetan juntagailuak agertuko zaizkigu, hitz beregainak (eta, baina, edo…); aldiz, menderakuntzan adizkiari itsatsitako atzizkiak (-en, -ela eta hauetatik eratorriak: -enez, -enik, -enez gero, -elako(z) …) nahiz aurrizkiak (ba-, bait-); eta elkartzen diren bi perpausetako batean aditz jokatugabea badugu, aditzoinaren, partizipioaren (-tu (izan)a, -tuz, -turik, -tu ondoren…) nahiz aditz izenaren (-t(z)ea, (-t(z)en, (-t(z)era, (-t(z)eko…) gainean eraikia, orduan ere menderakuntza izango da. Desberdintasun morfologiko honen arabera egin ohi da juntaduraren eta menderakuntzaren arteko bereizketa.

Nolanahi ere, batzuetan eta juntagailuak aditzari itsatsitako atzizkien jokaera duela pentsa liteke ondorengoak bezalako perpausetan: Goazen dantzara, azkeneko eguna da-eta (adizki jokatuarekin); Goitik behera bustita iritsi zen (adizki jokatu gabekoarekin). Morfologiari dagokionez, eta azaltzen zaigu; baina euskaraz eta-k juntaduratik menderakuntzarako pausoa eman berri duelako seinale izango lirateke egitura horiek.

28.3.1c Adizki alokutiboak. Euskarazko tradizioan mendeko perpausetan ez da adizki alokutiborik erabili; juntatutako perpausetan bai, ordea. Mendeko perpaus bat alokutibo eran jartzen saiatzen bagara gramatikala ez den emaitza lortuko dugu. Hau da, Miren berandu etorri dun perpausa zuzena da; baina perpaus bera nagusiago den beste baten barnean txertaturik agertzen bada, orduan alokutiboa erabiltzerik ez dago: *Miren berandu etorri dunala uste dinat / Miren berandu etorri dela uste dinat. (Hala ere, esan behar da gaurko zenbait euskaldunen hizkeran lege honen indarra aski ahuldua aurkitzen dela, forma alokutiboak nonahi sartzen baitituzte). Perpaus juntatuetan, berriz, zilegi da alokutiboak erabiltzea: Miren berandu etorri dun eta kontzerturik ez dinagu ikusi227.

Baina aurreko irizpidearekin, desberdintasun morfologikoarenarekin, gertatu zaigun bezala, oraingoan ere -eta enklitikoaz osatutakoak kontuan izan behar dira: Utz ezak lana, berandu duk-eta. -eta enklitikoaz osatzen diren perpausetan alokutiboa zilegi da, nahiz eta eskubidea dugun, -eta horren enklitikotasunari esker, mendeko kausazko perpaustzat hartzeko.

28.3.1d Hitzen hurrenkera. Mendeko perpausek perpaus nagusiaren barnean gainerako sintagmek edo osagaiek betetzen duten lekua eta zeregina betetzen dutela esan dugu gorago. Ondorioz, mendeko perpausek gainerako osagaiek perpausaren barnean duten mugikortasun bera erakutsiko dute: Isilik egoteko agindu zion Mirenek Josuri atzo / Mirenek Josuri isilik egoteko agindu zion atzo / Atzo Mirenek Josuri isilik egoteko agindu zion… Juntaduran, ordea, juntagailuaren bi aldeetara kokatzen dira juntatutako perpausak; egin daitekeen hurrenkera-aldaketa bakarra —zilegi denean— juntagaien ordena aldatzea da, baina ordena aldaketa horrek esanahi aldaketa ekar dezake berarekin, menderakuntza bidezko perpaus elkartuetan ez bezala; ikus, adibidez, ondorengo bien arteko aldea: Berandu altxa naiz eta sukarra nuela ikusi dut / Sukarra nuela ikusi dut eta berandu altxatu naiz.

Irizpide honetan ere, aurrekoetan bezala, aurki daitezke mugako adibideak. Adibidez, zenbait hizkeratan, lehenengo juntagaia adizki laguntzailerik gabe azaltzen denean, ondorengoa bezalako adibideak aurki ditzakegu: Josu, iaz, lanetik baimena eskatu eta urtebetez Ameriketara joan zen. Horrelako adibideez aurrerago hitz egingo dugu.

28.3.2. Irizpideak zehazteko zailtasuna

28.3.2a Esan dugu juntadurak elkartzen dituen elementuak maila berean kokatzen direla eta, aldiz, menderakuntzan elementu bat bestearen azpian egoten dela egitura sintaktikoan. Baina, zertan oinarritzen dira hizkuntzalariak hori esateko? Esan ohi da, juntaduraren bidez elkartutako elementu bi ditugunean, bietakoren bat albo batera uzteko aukera badugula; eta menderakuntza harremana dagoenean, ezinezkoa dela bide hori. Adibidez, Ane mendira eta hondartzara joaten da oporretan perpausa baldin badugu, Ane mendira joaten da oporretan adibidea onartzeko modukoa da, eta Ane hondartzara joaten da oporretan adibidea ere bai; juntadura egiturako elementu bat albora utzita ere adibideak egokiak dira. Berdin perpaus-juntaduran ere: Gazteek musika entzuten dute eta adinekoak musean ibiltzen dira adibidea dugularik, ez da eragozpenik bietako bat alde batera uzteko, eta Gazteek musika entzuten dute, edo Adinekoak musean ibiltzen dira esateko. Aldiz, perpaus-menderakuntza dagoenean, bi perpausetako bat albo batera uzteak zuzenak ez diren emaitzak ekartzen ditu. Haurrek txinera ikastea nahi izan dut beti adibidea dugularik, ezin dugu banatu, alde batetik, haurrek txinera ikastea, eta bestetik, nahi izan dut beti; zati bakoitza ezin da albo batera utzi; perpaus horiek ezin dira bere kasa azaldu. Berdin Nongoa naizen galdetu dit poliziak adibidearekin, edo mota honetako guztiekin.

Baina irizpide honekin ere sortzen dira tarteka deserosotasunak. Adibidez, juntaduraren eta alborakuntzaren eremuan adibide guztiak ez dira goikoak bezain argiak, eta, Edo lana lortzen dugu, edo autoa saldu beharko dugu bezalako bat dugularik, ezin dugu juntagaietako bakoitza lehen bezala albo batera utzi: *edo lana lortzen dugu, bera bakarrik, okerra litzateke, eta berdin *edo autoa saldu beharko dugu. Eta menderakuntzaren eremuan, aldiz, mendeko osagai horrek adizki nagusiarekin duen lotura semantikoak eta sintaktikoak eragin argia du elementuak albo batera uzteko aukeran. Menderagailuen bidez biltzen diren perpausen artean, inplikazio eta lotura semantiko askoz handiagoa dago, adibidez, Josuk ez daki ingelesez hitz egiten bezalako perpaus osagarri bat dugunean, batzuetan baldintzazkoaren —edo kontzesiozkoaren— eta dagokion perpaus nagusiaren artean izaten dena baino: Etzi jai ematen badidate, nahiz eta oraindik ezer ziurrik ez dagoen, lagunekin bazkarira joateko aukera izango duzu; hori horrela izanik, mendeko perpausa albo batera uztean ez da bi kasuetan ondorio bera izaten gramatikaltasunaren aldetik; baina azpian dagoena adizki nagusiak —edo perpaus nagusiak— menderatuekiko —perpaus osagarria, baldintzazkoa, kontzesiozkoa— duen erlazio semantiko- sintaktikoa da.

28.3.2b Gramatikaren barnean perpausa hartu izan da azterketarako unitatetzat: perpausa zer elementuk osatzen duten, eta elementu horien artean zer erlazio dauden argitzen saiatu dira gramatikariak. Ikuspegi horren barnean aztertu izan dira juntadura edo menderakuntza bezalako erlazioak edo egiturak. Baina azken urte hauetan fenomeno horiek berak diskurtsoaren ikuspegitik aztertzen dituzten lanak ere ugaritu dira.

Eguneroko jardunean, oinarrian, elkarrizketen bidez gauzatzen da hizkuntza. Hiztunen arteko elkarrizketa-txanden bidez eraikitzen da informazioa, eta diskurtsoa. Hizkuntzaren azterketara ikuspegi honetatik hurbildu diren ikertzaileek elkarrizketa-txanda horiek egoera eta faktore desberdinen arabera nola gauzatzen diren aztertzen dute228. Ondorengo puntuetan jartzen da arreta: hiztunen parte-hartzeen artean zer erlazio semantiko eta pragmatiko dauden; diskurtsoak ahozkoan eta idatzian nola garatzen diren; haurren hizkera nola joaten den garatuz eta juntadura eta menderakuntza bezalako baliabideak noiz eta nola bereganatzen diren eta zertarako erabiltzen dituzten; eta abar. Elkarrizketa-txanda horien arteko erlazio pragmatiko eta semantikoei begiratuz parataxiaz eta hipotaxiaz hitz egiten da229.

28.3.2c Hurbilketa honen arabera, perpaus elkartuen oinarrian eta sorreran elkarrizketa-txanda askeak leudeke, gerora txanda edo testu bakarrean —juntagailuak nahiz menderagailuak erabiliz— elkartu direnak. Idazkerak berak ere lagundu omen du prozesu horretan. Idatzizko testua edo diskurtsoa, hein batean, igorle bakarraren ‘elkarrizketa’ izango litzateke. Ahozko ohiko elkarrizketan bi hiztunen artean banatzen zen informazio-fluxua; baina igorle bakarrarekin guztia batera eta zatitu gabe ematen da. Adibidez, gure gizartean erraz gerta daiteke norbaitek bihar hondartzara joango gara esatea, eta beste norbaitek ea eguraldi ona duzuen gaineratzea; bada, elkarrizketa-sekuentzia hau ezagutzen duten hiztunak egoerara aurrera daitezke, eta baldintzazko hipotaxia erabili: Bihar eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara. Era berean, gerta daiteke norbaitek esatea nire anaia Londresera joango da ikastera, eta beste norbaitek jarraian gehitzea, nirea, Erromara; bi informazioak txanda bakarrean biltzeko emendiozko parataxia erabil dezakegu, eta Nire anaia Londresera joango da ikastera, eta zurea, Erromara esan. Oinarrizko erlazio semantiko-pragmatikoak elkarrizketa-txanden artekoak izango lirateke, eta ondoren, txanda edo testu bakarrean ematean, sintaktikoki juntadura edo menderakuntza erabiliz bateratuko genituzke.

Euskaraz oraindik lan gutxi ditugu ikuspegi honetatik abiatuta. Nolanahi ere, munduko hizkuntzei begiratuta, aipatu izan da hiztun ikasien jardunean, edo hizkera zainduan, edo idatzian, gehiago erabili izan dela menderakuntza, ikasi gabeko hiztunen artean, edo ahozkoan lagun arteko erregistroan baino. Kontuan izan behar da munduan hizkuntza gehienak oraindik ez direla idazten, eta idatziari lotutako zenbait funtzio ez dituztela garatuta: horrelako hizkuntzetan menderakuntzak garapen txikiagoa izan ohi du. Berdin gertatzen da haurren hizkeran ere.

28.4. Emendiozko juntadura

28.4.1. Sarrera

28.4.1a Juntadura moten artean semantikoki neutroena edo oinarrizkoena da. Emendiozko juntaduraren bidez elementuak gehitu, berretu, emendatu edo batu egiten dira. Hori da juntagailu hauekin bideratzen den nozio semantikoa. Testuinguru desberdinetan ongi egokitzeko aukera gehiena ematen dituena ere bada. Gramatiketan horrelakoei kopulatiboak ere deitu izan zaie, eta izen hori ere ez da desegokia. Baina kopulatibo deitzeak lotze edo elkartze funtzioa ipintzen du agerian, eta hori berez juntagailu guztiek egiten dute; juntagailu guztiak dira berez kopulatibo. Emendiozko deituraren bidez, berriz, juntadura nolakoa den azpimarratzen du: emendatu edo batu egiten duela. Eta juntadura moten sailkapenaren berri emateko, izen hau erabiliko dugu.

28.4.1b Eta da zeregin honetarako erabili ohi dugun juntagailu nagusia. Forma hori da nagusia tradizioan, euskalki guztietan; euskara baturako ere eta hautatu zen. Iparraldean eta da forma bakarra XVIII. mendearen erdi aldera arte; orduan hasi ziren autore bakan batzuk ta erabiltzen, baina eta askoz ugariagoa da; ta bereziki aditz partizipioaren ondoren erabili izan da, juntatutako bi perpausen artean denborazko erlazioa adierazteko. Mendebaldean ere eta da nagusia, baina ta ere lehenengo testuetatik azaltzen da; baita, nahiz eta gutxiago, da forma ere, bereziki -n eta -r ondoren, baina baita -l, -s, -z ondoren ere; eta oro har, ta eta da forma laburtuak gehiago erabiltzen dira ahozko hizkeran idatzian baino (estu ta larri iritsi zen; han da hemen bizi da).

28.4.1c Emendiozko juntagailuen bidez perpausak elkartzen direnean, batzuetan, emendatze soilaz haratagoko adierak ere uler daitezke, ziurrenera testuinguruak eta munduaren ezagutzak bideratuta: Haizeak atea itxi zuen eta zarata handia entzun zen; Triste bizi naiz eta, hilko banintz hobe; Horrelako bat berriro egin, eta lanetik botako zaitut; Ia laurogei urte ditu eta etenik gabe lanean. Hauetan bi juntagaien artean denbora-aurrekotasuna, kausa, baldintza edo kontzesioa/aurkaritza dagoela uler daiteke. Horrela gertatzen da beste hizkuntza askotan ere: emendioa semantikoki nahiko neutroa da, eta emendiozko juntagailuen bidez bi perpaus elkartzean, gerta daiteke perpaus horiek adierazten dituzten gertaeren edo egoeren artean hiztunak era desberdinetako lotura semantikoak eraikitzea, ziurrenera errealitatean ere hala gertatzen delako. Baina gramatiketan ez dira era honetako irakurketak aztertzen.

28.4.1d Emendiozko juntaduraren bidez nahi adina juntagai elkar daitezke (Jon eta Miren eta Ane…), baina eta-k bi osagai baino gehiago lotzen dituenean, azken bien artean bakarrik ipintzeko —esateko nahiz idazteko— joera dugu (Jon, Miren eta Ane…), juntagailuaren errepikapenak astundu egiten baitu esaldia. Nolanahi ere, tradizioan aurkitzen dira juntagailua errepikaturik duten adibideak (Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean); batzuetan, juntagai bakoitzari enfasia emateko erabiltzen da: Jon eta Miren eta Pello, hirurak dira errudunak; Horrelako gogoeta sainduetan eta betiereko oinazeetan eta erran ditugun lanetan bizi eta saindutu zen anitz urtez (Joanategi). Perpausak lotzen direnean sarriago aurkituko ditugu eta juntagailuaren errepikapenak, bereziki herri hizkera kutsuko testuetan: Igo zen eta sartu zen eta ikusi zuenean heldu zion eta harriaz jo zuen buruan. Baina tradizio idatzikoetan ere bai: Esperantza baitut zeruko lorian […] kredit handiarekin zaudela, eta hortik helduko zatzaizkidala […], eta arranoak airean doanean bere umetara bezala zuk ere enegana begia edukiko duzula. Eta gero nik ere […] zure zorte ona erdietsiko dudala, eta orduan guztiez eskerrak errendatuko derauzkitzudala (Axular). Badirudi, ahozkora hurbiltzen garenean, gertakari-segida bat eman nahi denean, tartean eta juntagailua jartzeak mezuari lotura ematen laguntzen duela. Edo, orokorrean, perpaus batean esaten denaren ondorioz ekintza desberdinak datozenean, eta ekintza bakoitza perpaus luze samar baten bidez adierazi behar denean, sarriago azaltzen zaigula juntagailua errepikaturik.

28.4.1e Eta juntagailuak maila bereko juntagaiak lotzen ditu, baina esan beharrik ez da, ez direla beti eta guztiak maila berekoak perpaus batean: Liburuetan eta egunkari eta aldizkarietan agertzen da. Adibideko bigarren eta-k ‘egunkari-adizkariak’ elkarrekin juntatzen ditu eta sintagma hori da lehen eta-ren bidez ‘liburuekin’ juntatzen dena. Perpausekin ere izaten dira horrelakoak: Lehengo batean, esate baterako, harrika egin zidan komentura etorritako mutil koxkor batek, eta ni haserretu eta halaxe mintzatu nintzaion (Atxaga).

28.4.2. Zer elementu junta daitezke?

28.4.2a Eta-ren bidez perpausak junta daitezke, eta oro har, ez dago eragozpenik mota bereko perpausak juntatzeko. Adibidez, adierazpen perpausak (goiz jaiki da eta lanean ari da; ez du ekarri eta isuna ordaindu beharko du); galde perpausak (ikusi al duzu eta eman al diozu?); aginte perpausak (zoaz etxera eta sar zaitez etxean); harridurazko perpausak (ze jatorrak diren eta zenbat dakiten!).

Aldiz, mota desberdineko perpausak juntatu nahi direnean, egoera desberdinak aurkitzen ditugu. Batzuetan ez dago mota desberdineko perpausak juntatzerik: galde perpausa eta aginte perpausa (*non bizi da? Eta esaiok etortzeko!); galde perpausa eta adierazpen perpausa (*hori al da? Eta esango diot)… Baina beste batzuetan mota desberdinekoak juntatzeko aukera bada. Adibidez, aginte perpausa eta adierazpen perpausa juntaturik ager daitezke (zaude hemen eta ekarriko dizut; ekarriko dizut eta egon zaitez lasai); horrelakoetan, zenbaitetan baldintzazko adiera eraikitzen da (egin hori, eta ikusiko duzu!), eta orduan, juntagaien ordena ezin da libreki aldatu (*ikusiko duzu eta egin hori!). Edo, adierazpen perpausa eta harridurazkoa ere elkar daitezke (loreak ekarri zituen, eta ze politak!); baina horrelakoetan eten nabarmenagoa egiten da, eta badirudi eta diskurtso markatzaile modura erabiltzen dela gehiago: mota bateko perpausa emanda, ondoren datorrenak ere aurrekoarekin baduela nolabaiteko harremana adierazi nahiz bezala.

Eta azkenik, zenbaitetan hiztunen artean iritzi desberdinak azaltzen dira zuzentasunaz. Adibidez, adierazpen perpausa eta galde perpausa —hurrenkera honetan— direnean: Berandu etorri da eta ez diozu ezer esan behar? / Ez duzu inoiz ikusi eta ezagutzen duzula? Nolanahi ere, horrelakoetan gehienetan eten bat dugu, eta horrek gure eta hori diskurtso markatzailetzat hartzera eramango gintuzke. Horixe dugu, hain zuzen, ondorengo adibide honetan ere: Etorri da, eta noiz joango da?

28.4.2b Emendiozko juntaduraren bidez postposizio sintagmak ere junta daitezke. Baita postposizio sintagmak baino txikiagoko elementuak ere: izenak (Ane eta Miren etorriko dira), adjektiboak (euskal itzulpen zahar eta berriak), izena+adjektiboa multzoa (irakasle alfer eta ikasle saiatuekin), izenlaguna+izena multzoa (herrietako ordezkari eta hirietako alkate guztiak bildu ziren) eta abar.

Nolanahi ere, batzuetan zalantzak sor daitezke juntagaiak zein diren, edo juntaduraren hedadura zein den. Har dezagun ondorengo adibidea: Unibertsitateko kargudun eta langile berriek bihar bildu beharko dute. Berez izen sintagmak ez du mugarik ematen interpretazioaren aldetik: kargudunak unibertsitatekoak izateaz gainera berriak izan daitezke, edo ez, eta langileak, berriz, berriak izateaz gainera, unibertsitatekoak izan daitezke, edo ez. Irakurketa guztiak zilegi dira gramatikaren ikuspuntutik. Horiek horrela, lehenengo etortzen den irakurketa da, bai kargudunak eta bai langileak, biak direla unibertsitatekoak eta berriak.

Alderantziz, demagun adierazi nahi den egoeran unibertsitateko kargudunak (berriak nola zaharrak), eta langile berriak (ez baitezpada unibertsitatekoak, baina testuinguruan emana den erakunde edo toki batekoak) aipatzen direla. Aurreko informazio inpliziturik gabe, goragoko adibidearen irakurketa hori, zilegi izan arren, zail gertatuko da, eta hortaz delako juntabidea ez da egokia izango. Horrelakoetan, argiago da kasu marka bi juntagaietan agerraraztea: Unibertsitateko kargudunek eta langile berriek bihar bildu beharko dute; nahiz kasu honetan ere anbiguotasuna ez den kendua (bigarren juntagaian izenlaguna ‘uler’ baitaiteke).

Hemen esandakoek berdin balio dute beste egoera batzuetan ere. Adibidez, izen ardatz bakar bati dagozkion bi adjektibo direnean, adjektiboen zuzeneko juntabidea hobetsiko da kontrako arrazoirik ez bada testuinguruan: euskaltzale zintzo eta leialari (nahiz beste bidea ere gramatikaren aldetik zilegi den, eta beharbada testuinguru batzuetan —indarra emateko, adibidez— guztiz baliagarri: euskaltzale zintzoari eta leialari). Gauza bera gertatzen da izenlagunekin: fakultateko eta hiriko kargudunen aldeko hitzak (beste bidea, gramatikaren aldetik huts gabekoa izanagatik, korapilatsuagoa da: fakultateko kargudunen eta hirikoen aldeko hitzak).

28.4.2c Beraz, postposizio sintagmak junta daitezke, eta postposizio sintagmen barneko elementuak ere bai. Baina, aukera guztiak zilegi ote dira? Adibidez, molde bat da postposizio sintagma osoak juntatzea (Lagunez, adiskideez eta lankideez mintzatu ziren), eta bestea izenak juntatzea (Lagun, adiskide eta lankideez mintzatu ziren), horrela ardatz anitzeko sintagma osatuz. Postposizio sintagmak juntatzea beti da zilegi (Bi euskaldunen eta indio baten istorioa da; Pantxikari eta Mireni eman dizkiet liburuak; Adiskideez eta lankideez mintzatu ziren …), eta hori da tradizioan gehiena azaltzen den aukera. Nahitaezkoa da, gainera, bi egoeratan: 1) pertsona izenordainak direnean sintagmaren ardatz (*Ni eta zuri eman digute; Niri eta zuri eman digute), nahiz eta bigarren juntagaian konparazioa dakarten bezalako, antzeko… azaltzen denean, izenordain soilak ere junta daitezkeen (Ni eta ni bezalako askoren iritziz; Ni eta antzeko askoren ahotan… Mitxelena); 2) ezkerreko juntagaia erakusle batek mugatzen duenean (*Gizon hau eta emazteki hark egin dute; Gizon honek eta emazteki hark egin dute). Bi egoera horietaz landa, ez dago debekurik; eta molde bat edo bestea erabiltzeko joera euskalkien araberakoa da, eta beharbada idazleen araberakoa ere bai: ekialdean postposizio sintagmak juntatzen direla dirudi gehienetan, eta mendebaldean, berriz, ardatz anitzeko izen sintagmen bidea ere, bestearen ondoan, kasik parean, erabiltzen dela, zenbait baldintza betetzen direlarik bederen.

28.4.2d Ardatz anitzeko juntagaiak izateko aukerari dagokionez, garbi ikusten da postposizioaren nolakotasunak, zer postposizio erabiltzen den, ez duela debekurik (Ane eta Peruk egin dute / Ane eta Peruri eman diet / Ane eta Peruren liburuak…). Aldiz, numeroak eta egiturari dagozkion beste aldagai batzuek badute zerikusia. Horrela, tradizioan garbi ikusten da ardatz anitzeko izen sintagmak pluraleko markekin aurkitzen direla bereziki, eta numeroa singularra denean, joera nabaria dela postposizio sintagmak juntatzearen alde: Igande eta festa egunetan, jaun erretorak bere jendea bil dezala, mezarat eta predikurat bezala, bezperetarat ere (J. P. Arbelbide); Lehen errierta eta elkar ezin ikusi eta gorrotoa besterik ez zen etxe eta baserrietan bakezko eta kontezko, estimaziozko eta amorezko biziera sartu zen (G. Arrue). Aurreko adibide hauetan, autore berak pluralean postposizioa bigarren juntagaiaren amaieran bakarrik jartzen du, eta singularrean, bi juntagaiak postposizioarekin azaltzen dira. Azkeneko juntagaia eta ondorengo determinatzailea pluralekoak direnean, ohikoena juntagai guztiak pluralekoak balira bezala ulertzea da; hala ere, Lafittek bere gramatikan ongi seinalatu zuenez, ez da nahitaezkoa, eta bestelako adibideak ere aurki daitezke tradizioan: Jainkoak eginak dira eguzki, ilargi eta izarrak (Lafitte); Etxejabeak, […] gure Patxiko eta lagunei bazkaria ematen die (Agirre). Nabarmendu behar da, bestalde, ezkerrean bi izenei dagokien izenlaguna azaltzeak postposizio bakarreko juntaketa errazten duela: Gure bezero eta laguntzaileei oparitu diegu; eta baita bi izenen eskuinean biei dagokien adjektiboa izateak ere: Neska ta mutil arduratsuenak hautatu zituen.

Gutxiago azaltzen dira ardatz anitzeko izen sintagmak singularrean: badirudi postposizio sintagma osoak juntatu behar direla (Gizonari eta haurrari eman diet); Euskaltzaindiak *Gizon eta haurrari eman diet bezalako adibideak txartzat ematen ditu (ikus 111. araua: “Izen sintagmen arteko juntadura dela eta”). Nolanahi ere, bigarren molde honetako juntabidea ere aurki daiteke tradizioan. Egiturari dagozkion kontuek, edo juntatzen diren izenen nolakotasunak badute hor zerikusia: badira horrelako egiturak errazten dituzten baldintza batzuk. Adibidez, ezkerrean bi juntagaiei dagokien izenlaguna dugunean, edo eskuinean adjektiboa dugunean, egitura hauek errazago azaltzen dira. Bestalde, esanahiz oso hurbil diren izen abstraktuak juntatzen dira maizenik horrelako juntaduretan: Zein kaltegarria den euren alferkeri ta nagitasuna (Mogel); Nagusiaren samurgo eta haserrea (Lafitte); […] Gordeaz geure buruak honen haserre eta burdina odoltsutik (Mogel). Holako adibideetan nozio abstraktuak adierazten dituzte izen ardatz juntatuek (haien gauzatzeko izen konkretua erabiltzen bada ere: burdina, adibidez). Are gehiago, juntatu izenetan bata bestearen adierazle dela ere esan daiteke.

Beste zenbaitetan, sinonimoak ez diren izen konkretuak izanagatik, juntatu diren ardatzak elkarketa moduko bikoteak dira, edo hitz biko esakuntzak: Zeru eta lurrean zure oldea egin bedi (Agirre); Hari eta orratzaz lotu eta josirik (Mogel); […] gaztelania eta frantsesez baino (Mitxelena); Udaberri eta udan, izan ohi dira onenak (Labaien).

Juntagaiak izen bereziak direnean ere, bestelako izenekin baino errazago aurki daiteke ardatz anitzeko izen sintagmen juntaketa: Josu eta Mirenek ez dute horrelakorik onartuko. Baina jakina, postposizio sintagma juntatuen adibideak ere beti dira zilegi: Josuk eta Mirenek ez dute horrelakorik onartuko. Batzuetan, gerta daiteke autore berak esaldi berean molde biak erabiltzea: Giputz aditza erabili dute, esate baterako, Arestik eta Villasantek maiz, Mirande eta Peillenek sarritan (Mitxelena).

Bada, azkenik, aipatu beharreko beste joera nagusi bat. Zerrendatze bat egiten denean, ondarrean eta X guztiak, edo eta X asko, edo horrelako esapide bat emanez, maizenik ardatz izenak juntatzen dira: Honela ongi datorkio ehizari azeriaren izena, oilagor, eper, erbi, oilo, eta gauza askoren ehizan ibili ohi delako (Mogel); Gure nekiakaz […] datoz baba, irar, indirar, garagar, olo, eta jangai guztiak (Mogel).

Baina, hasieran esan bezala, horrelako kasuetatik kanpo, singularrean aukera guztiz nagusia postposizio sintagmen juntadura da. Gramatiketan aipatu izan da jokabide honen oinarrian determinatzaileen eta izenen izaera semantiko- gramatikala egon daitekeela. Artikuluak eta erakusleak erreferentzia zehatza ezartzeko gaitasuna izango lukete; izenei, ordea, propietate bat ezartzea legokieke. Horrela, katua esaten dugunean, bere interpretazioa, nolabait esateko, ‘katua izateko propietatea duen banakoa edo erreferentea’ izango genuke. Juntatzen diren izenen propietateek erreferente bakarra izendatzeko aukera ematen dutenean, errazago erabiliko ditugu singularrean ardatz anitzeko juntadurak: Alabaren egonezin eta haserrea begi bistakoa zen diogunean, egoera bakar batez ari gaitezke, erreferente bakarraz; egonezin eta haserre izenen propietateek horretarako aukera ematen baitute. Aldiz, izenen propietateek bi erreferente desberdin izatea behartzen dutenean, askoz nekezago aurkituko ditugu horrelako egiturak (*Ordenagailu eta autoa erosi ditut), determinatzailea singularrekoa baita.

28.4.2e Orain arte aipatu ditugun bi juntabideetan, sintagma amaierako mugatzailea+postposizioa multzoak osorik errepikatzen ziren, edo batere ez. Eta hala behar du ia beti, oro har ez baitaitezke bi elementuok (mugatzailea eta postposizio marka) bereiz juntaduran. Hortaz, euskaraz ezkerreko juntagaia ez da izaten kasurik gabeko izen sintagma mugatua: *Nagusia eta langileei mintzatu zitzaien; *Itsasoa eta mendietan ibili naiz; *Nagusia eta langileaz mintzatu dira; *Planetak eta izarrei begira egon da. Beraz, bai pluraleko kasuetan, bai singularrekoetan, lehen juntagaiak mugatzaile+postposizio multzo osoarekin agertu behar du (lagunekin eta senideekin), edo batere gabe (lagun eta senideekin).

28.4.2f Postposizio sintagmen kasuan ere aukera desberdinak ditugu. Ohikoena, zalantzarik gabe, bi juntagaietan postposizioa osorik azaltzea da. Baina genitiboaren gainean eraikitakoetan (norentzat, norengan, norengana…), postposizioa genitiboaren mailan moztu daiteke, eta inoiz horrelako adibideak ere aurkitzen dira: Piarresen eta Maddalenengatik; Auzoaren eta alkatearengana joan nintzen; Auzapezaren eta zinegotzientzat; Arrazoirik onenak aurkitzen ditu batzuen eta besteentzako (Mitxelena). Postposizioak sintagma absolutua onartzen badu osagai moduan, joko berak egin daitezke noski: Zu eta ni baitan; Agintariak eta menekoak baitan; Maddi eta Piarresgana; Aita eta Jainkoagatik; […] biziak, ta hilak gatik Jangoikoari otoitz egitea (Añibarro).

Gai honekin ari garela, iruzkin berezia merezi du -en artean postposizioak. Azken urteetan asko hedatzen ari zaizkigu lehenengo juntagaian mugatzailea bakarrik daramaten adibideak. Horrelakoetan, lehen juntagaian determinatzaile mugatua daramatenak —pluralean nahiz singularrean—, ez dira onargarriak euskara baturako (*Gurasoak eta ikastolen arteko bilerak; *Irakaslea eta ikaslearen arteko harremana).

Ikus Euskaltzaindiaren 111. araua: “Izen sintagmen arteko juntadura dela eta”, Donibane Lohizunen, 2000ko uztailaren 21ean onartua.

28.4.3. Aditzarekiko komunztadura

28.4.3a Juntadura egituretan aditzarekiko komunztadura nola gertatzen den ere kontuan izan beharreko puntua da. Numero komunztadurari dagokionez, emendioa batuketatzat edo gehiketatzat hartzen denez, eta juntagailuak nor, nori edo nork sintagmak juntatzen dituenean, ohikoena aditzak plural komunztadura hartzea izaten da, erreferentzia pluralekoa baita: Liburu bat eta aldizkari bat erosi nituen; Josunek eta Mirenek deitu didate; Zerbitzariari eta nagusiari barkamena eskatu zien. Bestalde, numero komunztaduraz gain pertsona komunztadura ere badago aditzean. Alde honetatik, juntagaietako bat lehen pertsonakoa bada, singularra nahiz plurala, sintagma osoa lehen pertsona pluralekoa izango da, eta ondorioz, baita aditzarekiko komunztadura ere: Zu eta ni joan gara; Ni eta Pello etorri gara; lehenengo pertsonak ‘agintzen’ du. Bigarren eta hirugarren pertsona badaude, berriz, bigarren pertsona pluralekoa izango da komunztadura: Hi eta Pello etorri zarete.

28.4.3b Numero komunztadurari dagokionez, esan dugu emendiozko juntadurak aditzari plural komunztadura eragiten diola orokorrean. Baina badira singularreko komunztadura eragiten duten zenbait kasu. Juntagaien abstraktutasunak eta erreferentzia zehatza eskaintzeko aukera handiagoak edo txikiagoak badu horretan eragina. Adibidez, perpausak juntatzen ditugunean230: Esan digu beranduegi dela eta ez digula aterik irekiko; Ez da zilegi gizon bati erru guztia egoztea eta hura gizartetik baztertzea. Horrelakoak, seguru asko, perpaus izatean abstraktutzat hartzen direlako ez dira komunztaduraren aldetik pluraltzat hartzen. Nolanahi ere, batzuetan, aditz izenak erabiltzean, zenbait predikaturekin pluraleko komunztadura daramaten adibideak ager daitezke: Gezurra esatea eta egia osoa ez esatea ez dira hain desberdinak; horrelakoetan ekintza desberdintzat hartzen dira, eta pluraleko komunztadura azaltzen da.

Singularreko komunztadura izaten da, era berean, kideko sintagmak juntatzen direnean. Sarritan juntatutako sintagmek ez dute batuketarik, gehiketarik adierazten, sinonimoak direlako edo oso antzeko esanahia dutelako: Bere pena eta nahigabeak inoiz konortea galtzen baitzion (G. Arrue); Hemen erabili den arreta eta zehaztasuna (Mitxelena). Pena eta nahigabea gauza bera izan daitezke; arreta eta zehaztasuna aipatzen dira, biek hurbileko adiera dute, eta bien artean jokabide bat adierazten dute; hauetan ez dago egiazko emendiorik, eta erreferente bakarra dutela pentsa daiteke.

28.4.3c Beste batzuetan sintagma abstraktuak juntatzen dira, eta orduan ere ez da nahitaez pluraleko komunztadura gertatzen: Askoz geroago sortu zen gogoa eta atsegina, poliki poliki, irakurri ahala (Mitxelena). Horrelako kasuetan, sintagma abstraktuekin, bi bideak zilegi direla esan daiteke: Hori egiteko kemena eta adorea behar da/dira; Hotzak eta goseak hilko gaitu/gaituzte. Antzeko zerbait gerta daiteke halako masa zenbakaitz baten aurrean gaudenean ere: singularrekoa izaten da askotan komunztadura: Bere urre eta zilarra desiratzen zuten guztiek; Ardoa eta sagardoa edan zuen. Baina pluraleko adibideak ere aurkituko ditugu: Urrea eta zilarra ganbaran gordetzen zituen; Ardoa eta sagardoa gustuko zituen.

Beraz, singularreko edo pluraleko komunztaduraren puntu honetan, sintagmen abstraktutasunak, horrek dakarren zenbakaiztasunak, eta erreferente zehatza izateak edo ez izateak dute zerikusia. Esan liteke, bi mutur bezala ditugula, biak oso argiak. Alde batetik, erreferente zehatza duten sintagmak juntatzen badira, juntadura-egitura plurala izango da aditzarentzat. Horrelakoak dira pertsona izenordainak edo orokorrean izen bizidunak, edo liburu eta aldizkari bezalako izenak: garbi zehaztutako izateak izendatzen dira, erreferentziadun izenak, eta juntatzean pluraleko erreferentzia eskaintzen diote aditzari komunztadurarako. Beste muturrean berriz, abstraktuak direlako, edo zenbakarri ez direlako, garbi zehaztutako edo bereizitako objektuak izendatzen ez dituzten sintagmak, erreferentzia garbirik ez dutenak (arreta eta zehaztasuna); orduan biek zeharka egoera bera izenda dezakete, eta juntaduratik ateratzen zaigun sintagma ez da plurala izango, singularra baizik. Bi mutur hauen artean halako eremu bat izango genuke, eta hor hiztunaren esku geldituko litzateke, hein handi batean, sintagma singulartzat edo pluraltzat hartzea.

Horrez gain, badirudi hitz ordenak ere baduela garrantzia. Enumerazioetan, eta bereziki aditza aurrean delarik, komunztadura singularrean egin daiteke, juntagai guztiak singularrekoak direnean: Zuek badaukazue etxetxo bat, soineko bat, ohe bat, sua eta zopa beroa (G. Arrue). Jakina, adibide bera pluralean ere ager zitekeen. Baina aditza aurretik joateak, hurrenkera horrek, errazago egiten du pluraleko komunztadurarik eza; intonazioaren aldetik ere, horrelakoetan eten bat egiten dela dirudi.

28.4.4. Juntaduraren irakurketak

28.4.4a Emendiozko juntaduraren barnean irakurketa edo interpretazio desberdinak izan daitezke. Ohikoena banakako irakurketa da: erreferentzia desberdina duten izenak edo izen sintagmak juntatzen direnean, ohikoena da perpausean adierazten dena juntagaietako bakoitzari egoztea, juntagailuaren bidez bien arteko berreketa adieraziz: Josu eta Pello ez dira afarira etorri; Aitak ordenagailua eta telefonoa erosi ditu. Hauetan bi juntagaietako bakoitzari era askean dagokio predikatuan esaten dena: Josu ez da afarira etorri, eta Pello ez da afarira etorri; ordenagailua eta telefonoa, bi gauza desberdin erosi ditu aitak. Irakurketa mota honen enfasia eman nahi denean, aukeretako bat da juntagai bakoitzaren aurretik bai edo ez jartzea (bai… eta bai…; ez… eta ez…): Ez Josu eta ez Pello ez dira afarira etorri; Bai Josu eta bai Pello afarira etorri dira. Emendiozko esamoldeez edo banakaritzaz mintzatzean sakonduko da gehiago gai honetan.

28.4.4b Baina beste predikatu batzuek talde irakurketa eskatzen dute: Iker eta Mirenek bikote polita egiten dute; Ane eta Koro lagunak dira; Iñaki eta Joseba mendi-gailurrean elkartuko dira. Hemen ezin da ulertu Ikerrek bikote polita egiten du eta Mirenek bikote polita egiten du. Horrelako irakurketak bideratzen dituztenen artean egon daitezke aditzak (elkartu, banandu, batu…), adjektiboak (desberdin, antzerako, gertuko…), izenak (arerio, lankide, senitarteko…) nahiz postposizioak (-en artean).

28.4.4c Juntaduraren beste interpretazio posible bat banakaritza ordenatuarena da, hurrenez hurren esapideak bideratzen duenaren modukoa: Eiderrek, Elenak eta Liernik biologia, ingeniaritza eta kimika ikasi dute, (hurrenez hurren). Bi juntadura egitura aurkezten zaizkigu, eta egitura bakoitzeko juntagaiak ordenaren arabera lotuta daude: Eiderrek biologia ikasi du, Elenak ingeniaritza eta Liernik kimika.

28.4.4d Irakurketa hauei dagokienez, ohart gaitezen juntadura egiturek —bereziki emendiozkoek, baina gainerakoek ere bai— anbiguotasunerako bidea ematen dutela. Ondorengo perpausean, adibidez: Josuk eta Anek atea eta mahaia konpondu dituzte. Uler daiteke, gutxienez, bien artean gauza biak konpondu dituztela, edo Josuk atea konpondu duela eta Anek mahaia, edo Josuk bere etxean biak eta Anek berean biak. Munduaren eta egoeraren ezagutzak lagunduko digu une bakoitzerako interpretazio egokiena hautatzen.

28.4.4e Bestalde, kuantifikazio unibertsalari laguntzeko edo irakurketa hori bideratzeko erabili ohi dira zenbait hitz-bikote berezi: Biziak eta hilak epaitzera etorriko da; Handi eta txiki, (guztiak) isil-isilik geratu ziren; Gizon eta emakume, (denak) joan ziren berrikuntza hura ikustera; Zahar eta gazte harriturik zeuden. Bi egitura mota desberdin ditugu berez hemen, baina bietan ere hitz-bikote jakinen bidez kuantifikazio unibertsalaren irakurketa bideratzen da. Lehenengo adibidean bi juntagaiak pluraleko artikuluarekin azaltzen zaizkigu; bigarrenean eta hirugarrenean izen soilak juntatzen zaizkigu, eta etenarekin bereizita dauden guztiei eta denak elementuei begira daude. Egindako hitz-bikote gutxi batzuk bakarrik agertu ohi dira horrelako egituretan; hitz-bikote horiek, askotan, elkarrekin lotura semantikoa izanik ‘aurkakoak’ bezala dira, eta kuantifikazio unibertsala bideratzen dute.

28.4.5. Osagai ezabaketa

28.4.5a Juntaduraren bidez postposizio sintagmak edo perpausak elkartzen direnean, bi juntagaietan berdinak diren elementuak gertatzen zaizkigu sarritan: Donostiako ikasleak eta Bilboko ikasleak bildu dira; Zuk arraina eskatu duzu eta nik haragia eskatu dut. Horrelakoetan, bi juntagaietan errepikatzen diren hitzak isilean uzteko aukera bada: Bilboko eta Donostiako ikasleak (edo Bilboko ikasleak eta Donostiakoak) bildu dira; Zuk arraina eskatu duzu, eta nik haragia.

28.4.5b Juntagaiak postposizio sintagmak edo sintagmen barneko osagaiak direnean, errepikatzen den osagaia zein den, aukera bat edo beste izango dugu elementuak isilean uzteko. Honela, izenlagunaz eta izenaz osatutako bi postposizio sintagma juntatzean izenlagunak errepikatzen badira, eskuinekoa bakarrik ezaba daiteke (Donostiako langileei eta ikasleei), berez anbiguoak diren egiturak sortuz: Donostiako izenlaguna langileei bakarrik dagokiola uler daiteke, edo langileei eta ikasleei dagokiela. Izenlaguna bi juntagaiei dagokiela inolako zalantzarik gabe markatzeko modua izenak juntatzea da, jakina (Donostiako langile eta ikasleei). Errepikatzen den osagaia izena denean ere bi aukera ditugu: postposizio sintagmak juntatu izena eskuinekoan ezabatuz (Donostiako ikasleak eta Bilbokoak) edo izenlagunak zuzenean juntatu (Donostiako eta Bilboko ikasleak). Halakoetan, ez dirudi idazleen artean juntadura modu baten edo bestearen aldeko joera berezirik dagoenik.

Izenaz eta adjektiboaz osatutako sintagmetan, berriz, izenak errepikatzen badira, adjektiboak juntatzeko joera da markatu gabea: Bulego argi eta lasaiak nahi dituzte guztiek; postposizio sintagmak juntatzean, hanpadura berezia sortzen da: Bulego argiak eta lasaiak nahi dituzte guztiek. Interpretazioei dagokienez, singularrean eta pluralean gauzak ez dira berdin gertatzen. Singularrean, adjektiboak juntatzen direnean (etxe zahar eta ederra), etxe bakarraz ari gara; sintagmak juntatzean (etxe zaharra eta ederra), ordea, bi interpretazioak dira zilegi: etxe bakarraz ari gaitezke, edo bi etxe desberdinez, bat zaharra eta bestea ederra. Pluraleko juntadura dagoenean, adjektiboen juntadura izan (bulego argi eta lasaiak) edo sintagmen juntadura izan (bulego argiak eta lasaiak), bi interpretazioak dira zilegi —bi bulego-multzo, edo bulego-multzo bakarra—, baina ohikoena multzo bakarraz ari garela ulertzea da; bi multzoen interpretazioa, batez ere izenondoek kontrako ezaugarriak, bateraezinak, adierazten dituztenean egingo dugu. Horrela, Sagar heldu eta gozoak dira egokienak bezalako adibide batean, bi izenondo juntatuz deskribatzen den multzo batez ariko ginateke normalean; Sagar gozo eta mikatzak nahastu behar dira esaten denean, berriz, bi multzoz; baina bi multzoen interpretazioa azaldu nahi dugunean, normalena sintagmak juntatzea da (sagar gozoak eta mikatzak).

28.4.5c Aurreko adibideetan, gehienetan, juntaduretako errepikapenak saihesteko isilean gelditu den elementua izena zen. Baina aukera hori —izenaren elipsia— ez da juntadurarena soilik: hizkuntzaren baliabide orokor bat da. Hitz egiten nahiz idazten dugunean, askotan utzi ohi ditugu isilpean, errepikatu gabe, aldez aurretik, solasaren harian aipatu ditugun osagaiak. Adibidez: Donostiako ikasleak oso onak direla esan didazu. Zer diozu Bilbokoez? Hor, isilpean, ikasle ardatz izena gelditu da. Horren pareko kasua da juntadura egituretan azaltzen zitzaiguna ere: Donostiako ikasleak eta Bilbokoak bildu dira. Gramatikaren ikuspuntutik mota bereko fenomenoak dira, eta juntaduraren ingurune sintaktikoan oso sarri gertatzen da.

28.4.5d Orain artean postposizio sintagmetan errepikatzen diren elementuak isilean uzteaz jardun dugu. Baina batzuetan, aurkako kasua gertatzen da: juntagailuaren bi aldeetan elementuak errepikaturik azaltzen dira. Indarra emateko, enfasia emateko helburuarekin egiten dira horrelakoak: Gure herriaren geroa eta gure herriaren/haren iragana ez daitezke elkarren aurka eman; Josuren bizitza-ibilbidea eta Mirenen bizitza-ibilbidea ezin dira konparatu.

28.4.5e Juntagaiak perpausak direnean ere gerta daitezke errepikapenak, eta postposizio sintagmetan bezala, hemen ere badira alferrikako karga hori saihesteko aukerak. Aukeretako bat aditz osoa —eta/edo beste zenbait osagai— isilean uztea da: Zuk afarietan ura edaten duzu, eta nik ardoa; bigarren perpausean afarietan eta edaten dut ez zaizkigu azaltzen, baina hala ere hiztunak ulertzen ditu. Hustuketa egiturak deitu izan zaie horrelakoei gramatiketan, eta beren ezaugarriak aztertuko ditugu. Bigarren aukera, adizki laguntzailea isilean uztea da: Etxera joango naiz eta afari ederra prestatuko. Bigarren perpausean dut adizki laguntzailea ez da agertzen. Bateko eta besteko, adibideak hartzen duen itxuraren arabera, era desberdinetako egituren aurrean egon gaitezke, eta ez dago beti argi zer mailatako osagaiak juntatzen diren.

28.4.5f Hustuketa egituretan eskuineko juntagaian errepikatu behar liratekeen osagaiak ez dira agerian azaltzen. Inguruko hizkuntzetan ere aztertu dira horrelako egiturak. Eredu modura, Ni trenez joaten naiz lanera, eta zu autoz bezalakoak jarri ohi dira. Eskuineko juntagaian joaten zara aditza eta lanera postposizio sintagma falta ditugu. Bi perpaus juntatzen dira, eta bigarren juntagaia kontrastez hanpatuak diren osagaietara murrizten da. Gehienetan aditza izaten da isilean uzten dena, edo uzten denetako bat, ezkerreko perpauseko bera delako. Baina aditza ‘bera’ izate hori zertan datzan gehiago zehaztu behar da. Oro har, esan daiteke aditzoin bera behar dugula, eta aspektuak ere gutxienez bera izan behar duela. Pertsona eta numero komunztadura, ostera, desberdina izan daiteke: aurreko adibidean, ezkerreko perpausean aditza joaten naiz da, eta eskuinekoan joaten zara izan beharko luke. Ondorengoetan ere, nahitaez, eskuineko perpauseko aditz bera eman behar da ezabatutzat, perpausa ulertuko bada: Gizonak makila hartu zuen, eta haurrak harria; Zuk Parisera joatea hauta dezakezu eta guk hemen gelditzea; pertsona aldatzen da, baina eskuineko aditzaren aldi-aspektuak berak dira. Aspektua mantenduz aldia aldatzen saiatzen bagara, berriro ere adibide zuzenak lortzen ditugu: Nik gaur erosi dut, eta zuk atzo; Zuk atzo hitz egin zenuen, eta nik gaur; adizki laguntzailearen aldia aldatuko genuke, baina aspektu burutua mantenduko litzateke. Jakina, bigarrenean, ‘… nik gaur hitz egin dut’ ulertu behar da, eta ez ‘… nik gaur hitz egingo dut’; azken hau adierazi nahi bada, aditza bere osoan eman behar da eskuineko perpausean ere.

Baina hustuketa egiturak benetan ulertzeko lehen aipatu dugun nozio batera jo behar dugu: bigarren perpausean agertzen diren elementuak ‘kontrastez hanpatuak’ daudelako ideiara; eta beren egitura pragmatikora. Alderdi horretatik, hustuketa egituretan bi mintzagai azaltzen zaizkigu kontrastean, eta kontrastatzen diren bi mintzagai horientzat paralelotasun handiko iruzkinak azaltzen zaizkigu: bigarren perpauseko galdegaiak lehenengo perpauseko galdegaiarekin kontrastea egiten du, eta bi perpausetan berdinak diren elementuak isilean geratzen dira. Askotan, esan bezala, eskuineko perpausean subjektua eta predikatuko elementu bat (aditza ez dena) aurkitzen ditugu. Baina aukerak ez dira hor amaitzen. Euskarak aditza galdegai modura markatzeko aukera baduenez, ondorengoa bezalako adibideak ager daitezke: Gure taldeak gehienetan galdu egiten du, eta zuenak irabazi; kasu honetan, aditza, edo aditzaren zati bat, agerian dugu eskuineko perpausean, ezkerreko galdegaiarekin kontrastea eginez. Era berean, mintzagai hanpatua subjektua ez den beste elementuren bat baldin bada, elementu horrek egin beharko du kontrastea eskuineko perpausean, eta subjekturik ez zaigu azalduko: Niri erloju berri bat oparitu dit amak, eta Josuri jertse eder bat. Beraz, hustuketa egituretara mintzagai-galdegaien hanpatze eta kontrastetik (eta gainerakoak isilean uztetik) hurbildu behar dugu: askotan gertatuko da kontrastean jartzen direnak subjektua eta aditza ez den elementuren bat izango direla, aditz osoa —eta agian beste osagairen batzuk— isilean utziz; baina hori ez da nahitaezkoa, ez aukera bakarra.

Ildo horretan, nabarmendu beharreko beste puntu bat ezezko perpausetako hustuketarena da. Gramatikarien artean batzuetan esan izan da ezezko perpausetan hustuketa debekatuta dagoela, eta frogatzeko honako hau bezalakoak eman dira: *Amak ez ditu mendiko botak erosi, eta arrebak erlojua. Baina perpaus honen ez-gramatikaltasuna ez dator berez ezezkoetan hustuketa egiten saiatzetik, kontrastea oker egitetik baizik: adibide honetan, ezkerreko perpausean galdegaia ezeztapena bera da, eta ez du eskuineko perpausean kontrastea egiteko ageriko elementurik; eskuineko perpausean baiezkotasuna nabarmenduko bagenu bai adberbioa ezarriz (… eta arrebak erlojua bai), adibidea onargarria izango litzateke. Egoera izan daiteke, adibidez, norbaiti mendiko botak eta erlojua oparitu nahi zaizkiola, denboraz justu dabiltzala, amak opari bata eta arrebak bestea erosi behar zituztela, baina arrebak bakarrik lortu duela bere helburua, eta perpaus horren bidez amaierako egoeraren berri eman nahi dela: Amak ez ditu mendiko botak erosi, baina arrebak erlojua bai. Ildo berean, ezezko perpausa izan arren, ondorengoan hustuketa egin daiteke: Pellori arraina ez zaio gustatzen, eta Josebari haragia. Kasu honetan ezkerreko perpausean galdegaia arraina da, eta bigarrenean haragia; orduan, baldintza pragmatikoak betetzen dira, eta ezezko perpausetan ere egin daiteke hustuketa. Jakina, mintzagai-galdegai izate horrek egitura sintaktikoan ere ohiko isla izango luke.

28.4.5g Hustuketa egiturekin itxuraren aldetik badute antzekotasuna honako hauek bezalako adibideek: Jaun erretorak elizan, eta bere lagun adiskide zaharrek hilobiaren aitzinean egin diozkate adioak (Hiriart-Urruti); Batak bere arreba eta besteak bere ama negarrez ikusi ditu (Agirre). Hemen, itxuraz, ezkerreko juntagaian falta da aditza. Batzuek hauei ‘atzeranzko hustuketa’ deitu izan diete, eta aurrekoen moldekoei ‘aurreranzko hustuketa’, biak pareko fenomenotzat hartuz. Baina segituan ohartzen gara, bai komunztadurari dagokionez, bai intonazioari dagokionez, desberdintasunak badirela bi moldeen artean. Komunztadurari dagokionez, ezkerreko aditza falta denean, eskuineko perpauseko aditzak egitura osoa hartu ohi du kontuan (Jon Iruñera eta Miren Donostiara joan dira asteburu honetan), aurreranzko hustuketan ez bezala: joan dira aditza bi ‘perpausei’ edo bi juntagaiei dagokie, ez bigarrenari soilik. Intonazio etena ere desberdina da: kontrajartzen den egitura paraleloaren ondoren egiten da etena hemen (Jon Iruñera eta Miren Donostiara / joan dira asteburu honetan), eta benetako hustuketa egituretan juntagailuarekin bat egiten du etenak (Jon Iruñera joan da asteburu honetan / eta Miren Donostiara). Horiek horrela izanik, ezkerreko juntagaian aditzik ez duten adibide hauetan, badirudi perpaus juntadura (eta elipsia) ez, baizik eta hanpatuak diren osagai batzuen arteko egitura banakaria daukagula. Euskaraz galderetan ere zenbaitetan kausitzen ditugu antzeko hanpadurak: Nork zer edanen du? Eta horren erantzuna, izan daiteke, Josebak sagardoa eta Mirenek ardoa. Azterketa horri jarraikiz, menturaz egitura hauetan nolabaiteko aposizioan dauden sintagmak ditugu, egitura banakari batean emanak: (Guk zerbait), zuk ardoa eta nik ura, edaten dugu. Horrela, intonazioaren eta komunztaduraren datuekin ondo etorriko litzateke. Edo baita honakoa bezalako adibideekin ere: Jon Iruñera eta Miren Donostiara joango dira beren ikasketak amaitzera; aditz komunztaduraz gain, beren plurala hobeki azalduko litzateke. Ildo bereko beste adibide bat: Josuk botak eta Mirenek zapatilak denda berean erosi zituzten. Eta baita, argiago ulertuko litzateke paralelotasunaren aldetik duten baldintza estua: *Jon pozik Iruñera eta Miren Donostiara joan dira; *Jon Iruñera eta Miren pozik Donostiara joan dira. Benetako hustuketan eskakizun hori ez da hain zorrotza: Jon Iruñera joan da, eta Miren poz-pozik Donostiara.

Egitura banakarian ematen diren aposizio erako sintagmak izango genituzke, bada, aurreko egiturak. Hustuketa egiturak baino askoz urriagoak dira, eta ziurrenera idatzian baino errazago azaltzen dira ahozkoan, intonazioaren laguntza baliatuz. Nolanahi ere, aditzarekiko komunztaduran buruhausteak sortzen dituzte. Subjektuen kasuan, badirudi komunztadurarako bi perpausetakoak emendatzen direla, eta pluralekoa izaten dela: Nik Azpeitian eta Mirenek Bergaran hitz egingo dugu. Objektu zuzenarekin, badirudi singularreko komunztadura ohikoa dela: Nik autoa eta zuek bizikleta eramango dugu. Zehar-objektuarekin ere bai, nahiz eta hemen zalantza batzuk sortzen diren: Niri dantza eta Peruri aerobic-a gustatzen zaigu. Komunztaduragai diren sintagmen nolakotasun sintaktiko-semantikoak ere badu zer esana: pertsona izenordainek errazago eragiten dute bi juntagaiak kontuan hartzen dituen pluraleko komunztadura.

28.4.5h Beste kasu batzuetan, juntatutako perpausetan adizki laguntzailea bakarrik izaten da elipsiz desagerrarazia, ez aditz osoa. Pentsa dezagun ondorengo adibidea dugula: Manexek liburuei begiratu zien eta azkenean bizpahiru aldizkari erosi zituen. Gerta daiteke adizki laguntzailearen elipsia eskuineko perpausean gertatzea: Manexek liburuei begiratu zien eta azkenean bizpahiru aldizkari erosi; edo ezkerreko perpausean gertatzea: Manexek liburuei begiratu eta azkenean bizpahiru aldizkari erosi zituen. Lehenengoaren moldekoak euskararen eremu osoan azaltzen zaizkigu, eta bigarrenekoak mendebaldeko testuetan.

Juntadura egituretan adizki laguntzailea isilean utzi ahal izateko bete beharreko baldintzei dagokienez, nahitaezkoa da aditzaren aldia eta aspektu marka berdinak izatea juntatutako perpausetan. Bestalde, ohikoena bi perpausek subjektu bera izatea da, eta aditzaren iragankortasunari dagokionez ere bat etortzea; baina berez adizki laguntzaileetako bat trantsitiboa eta bestea intrantsitiboa izateak ez du eragozpenik sortzen: Uxuek lana amaitu zuen eta zinemara abiatu; Pilota ikusi eta hamarretarako ohera joan naiz. Alde horretatik, hustuketa egiturek askoz paralelotasun handiagoa eskatzen zuten. Gerta daiteke, orobat, bi perpausek subjektu desberdina izatea: Manexek liburuei begiratu zien eta Maddik bizpahiru aldizkari erosi.

Lehenengo moldekoetan, adizki laguntzailea eskuineko perpausean desagerrarazten dutenetan, aditzaren aspektu markari dagokionez badira desberdintasunak: ekialdeko testuetan aspektu marka errepikatu egiten da bi perpausetan: Aro eder horrek pizten zien bihotza eta zalutzen mihia (J. P. Arbelbide). Mendebaldekoetan gerta daiteke aspektu marka errepikatzea: Euskaldun herriak […] kanpotik eratorritakotik hartuko du, eta molde berri horiek euskal folklore bilakatuko (Mitxelena). Edo partizipio burutuaren forma azaltzea: Jaungoikoaren gauzetarako nagia, eta atzeratua izan denak, hartuko du bizitza berri bat, ta palagatu Jainkoaren justizia (Mogel).

Bigarrenaren moldekoak —ezkerreko laguntzailerik gabeak—, esan bezala, mendebaldeko testuetan agertzen dira bereziki, eta orduan ia beti ezkerreko adizki nagusia(k) partizipio burutuaren forman agertzen d(ir)a: Ardi guztiak jetzi eta zelaira eraman, esne ontziak lepoan hartu eta han izaten naiz laster, zazpietarako bai (Agirre).

Adizki nagusiak zuzenean juntatzen direnean, berriro azaleratuko zaizkigu ekialdearen eta mendebaldearen arteko desberdintasunak. Ekialdean aspektu marka errepikatuz: Ez da harritzeko, jaun hura eta bertze zenbait gazterik zahartzen eta hiltzen badira (Hiriart-Urruti). Mendebaldean lehenengo aditza partizipio burutuaren forman emanez: Horrelako maitasunak irabazi eta beratuko ez duen gizonik ez da (Agirre).

Nolanahi ere, perpaus juntaduretako laguntzailearen elipsiari dagokionez bi molde ditugularik, badirudi batzuetan bien erabilera eta ezaugarriak ez direla guztiz parekoak. Adibidez, ezkerreko laguntzailea isilean utzi eta aspektu marka burutua delarik, mendebaldeko tradizioan, bada elipsirako aukera aditz izenkiaz eraturiko perpaus jokatugabeetan: Larunbatetan jaisten naiz Zabaletara, […] barruko jantzi garbiak ipini eta tabakorri pixka bat hartzera (Agirre); Egun eder argiek, […], indar handi dute gogamen nahigabetsuak kendu eta hankarik astunenak astintzeko (Agirre). Eskuineko mendeko perpausetan hartzera eta astintzeko ditugu, baina ezkerrekoetan partizipio burutuak, ipini eta kendu. Baina perpaus jokatugabeetako atzizki desagerketa ezkerrean baizik ez daiteke gerta: Esan zidan goiz jaiki, eta berehala lanera joateko; *Esan zidan goiz jaikitzeko, eta berehala lanera joan. Erabide hau ez duten hizkeretan aditzei beren aspektu marka uzten zaie, bai jokatuetan, bai jokatugabeetan. Eta oro har, egitura luzeetan, irakurlearentzat argiago gertatzen da aspektu marka errepikatzen denean.

Bestalde, badirudi juntadurak elkartzen dituen ekintzen irakurketa guztiz simetrikoa lortu nahi denean, ezkerreko perpauseko laguntzailearen elipsiarekin zailtasun handiagoak direla eskuinekoarekin baino. Har dezagun honako adibide hau: Mikelek Erroman ikasi du eta Pellok Parisen lan egin du sei urtez. Pentsa dezagun Mikel eta Pello ditugula hizketagai, eta azpimarratu nahi dugula biek ere badutela lotura atzerriarekin, baina haiek egiten dituzten ekintzek ez dutela loturarik, guztiz askeak direla. Orduan, errazago izango zaigu eskuineko perpauseko laguntzailearen elipsia (Mikelek Erroman ikasi du eta Pellok Parisen lan egin sei urtez), ezkerreko perpausekoarena baino (??Mikelek Erroman ikasi eta Pellok Parisen lan egin du sei urtez).

Bada nabarmentzeko azken puntu bat ere. Ezkerreko adizki laguntzailearen elipsia dagoenean, posible da eskuineko perpauseko elementuei buruz bakarrik galderak egitea: Nor esan duzu [Mikel menditik etorri] eta [ zuei deika hasi zela]? Alegia, nor galdetzailea izan daiteke ‘zuei deika hasi zen’ perpausaren subjektuari buruzkoa —horregatik jarri dugu perpaus horretan subjektuaren lekuan ‘’ hutsunea—. Baina ez da gramatikala ezkerreko perpauseko elementuei buruz galdetzea: *Nor esan duzu [ menditik etorri] eta [Mikel zuei deika hasi zela]? Honek esan nahiko luke, ezkerreko juntagaiko adizki laguntzailearen elipsia duten adibide hauetan, bi perpausak ez direla guztiz parekoak. Izan ere, juntadura egituren ezaugarri orokorra da (Ross 1967; Williams 1994), galderak egiten hasitakoan, bi juntagaietako funtzio bereko elementuei buruzko galderak izan behar direla: Nor esan duzu [ menditik etorri zela] eta [ zuei deika hasi zela]?; eta subjektu bakarrari buruzko galdera egiten saiatzean, adibide okerra lortzen dela: *Nor esan duzu [Mikel menditik etorri zela] eta [ zuei deika hasi zela]?

Ezaugarri hauek ikusita, nahitaezkoa da -ta/-da menderagailu den egituren aipamena egitea. Jakina da eta juntagailua, aditz partizipioari itsatsita, -ta/-da menderagailu bihurtu dela honako hauek bezalako adibideetan: Hori esanda, aretorik irten zen; Nagusiak aginduta etorri zen gure dendara. Semantikoki menderagailu nahiko neutroa da —emendiozko juntagailua bera bezala— eta denbora, modua, baldintza… adierazteko erabiltzen da. Bilakaera horren adierazgarri izango lirateke ezkerreko laguntzailearen elipsia duten adibideek erakusten dituzten ezaugarriak, eta batzuetan ez da erraza gertatzen juntaduretako adizki laguntzailearen elipsia non amaitzen den eta menderakuntza non hasten den zedarritzea. Esan dugu era honetako egituretan irakurketa simetrikoa lortzea zaila gertatzen dela: askotan denbora, kausa edo baldintza adierazten dute. Intonazioaren aldetik eten nabariagoa egiten da, eta batzuetan ondoren galde perpausa (halakoa utzi eta, non dukegu berzia?, Etxepare), harridura perpausa (horrelakoak ikusi eta, beharko harritu!) edo aginte perpausa (lanak bukatu eta gogora zaitez irten aurretik argia itzaltzeaz) izaten dute. Horrelakoetan zailago gertatzen da isilean utzi den adizki laguntzailea zehazki zein den jakitea. Bestalde, menderakuntzarako Hegoaldean -ta/-da enklitiko bihurtu badira, Iparraldeko tradizioan ere aurkitzen dira partizipioaren ondoren eta duten adibideak, antzeko erabileran, askotan denbora adierarekin: Ezen Mazedoniara etorri eta, ez du ukan gure haragiak pausurik batere (Leizarraga); Xilintxa hau jo eta, hunarat ekarraraziko ditiat oro berehala (Barbier); Oldartze hek egin eta, lehen zegoen eskura bihurtzen da (Axular). Inoiz aditzoinaren ondotik ere azaltzen da: Kruzifika ikhus eta orhit adi orduian nola… (Etxepare).

28.4.6. Eta juntagailuaren tokia

28.4.6a Juntagailuak juntagaien artean kokaturik egoten dira. Gramatikariek aztertu izan ohi dute hizkuntza bakoitzean juntagailua zeri loturik doan estukien, lehenengo juntagaiari (bere ondoren ezarriz), edo bigarren juntagaiari (aurretik jarriz). Euskarari dagokionez, gainerako juntagailuekin gertatzen den bezala, eta-ren tokia bigarren juntagaiaren aurrekoa da231. Zenbaitetan, ordea, juntagai bakarraren ondoren ageri zaigu. Adibidez, bigarren juntagaia zehaztu nahi ez denean: —Nor ikusi duzu kalean? — Amona eta… Zalantza dugunean nola jarraitu: Errozu eta … ez girela eta … nehundik jiten ahal! (Lafitte), edo harridura adierazteko: Nola hazi zaren! Aita adinakoa egin zara eta!232.

Eta juntagailua lehen perpaus juntagaiari atxikia denean, aldiz, kausa adierazten du askotan: Bista nekatua omen du, egun osoa paper artean ematen du eta. Beste batzuetan, berriz, denborazko balioa hartzen du, edo kontzesiozkoa, edo baldintzazkoa… Hona adibideak, hurrenez hurren: Kruzifika ikhus eta / orhit adi orduian (Etxepare); Zuek, beraz, gaiztoak izan-eta, balin badakizue gauza onen ematen haurrei…! (Duvoisin); Halakoa utzi eta / non dukegu bertzia (Etxepare).

Laguntzailerik gabeko aditzari atxikia ere aurki daiteke, kausa, baldintza eta abar adieraziz: Bere tripako minen berri norbaiti eman nahi eta, Baionako izeba bati igorri zion gutun bat, zer gertatzen zen erraiteko (X. Arbelbide); Txirritak jakin ez eta, nire anaiak kopiatu zizkion bertsoak (A. Zavala); Hi bezala, sudurretik norbaitek ni ere ereman behar eta, nahiago diat apezek eta gizon zuhurrek eraman nazaten… (Barbier).

28.4.6b Eta juntagailuaren tokia dela eta, bada argitu beharreko beste auzi bat ere: ere diskurtso markatzailearekin batera erabiltzean sortzen diren molde desberdinei dagokiena —baita ere, eta…ere bai, esaterako—. Hona adibide batzuk: Ateratzen dira Andres eta Malen, eta baita ere haien atzetik Joxe-Mari eta Anttoni (B. Mokoroa); Horrelaxekoa duzue kopenhagetarrek, eta Kurlowicz’ek, eta baita ere, hizkuntza tipologiari buruz, Jakobson’ek, maiz ahotan hartu duten delako isomorfismoa (Mitxelena); Ez da asmo eta burubide txarra: baina ezta erreza ere (Erkiaga); Badu euskarak hitz sorbide ugari, baina baita ere huts nabarmen bat bederen aldameneko hizkuntzen ondoan (Mitxelena). Molde eta adibide horietan guztietan juntagailua dagoen neurrian, honek bere lekua, juntatzen duen osagaiaren burukoa, gorde beharko luke. Hala ere, adibideak ikusirik badirudi eta-k bere benetako balioa galdu duela; bestela ezin uler liteke emendiozko juntagailua bi bider errepikatzea —eta baita ere—; are gutxiago aurkaritzako juntagailuarekin batera agertzea —baina baita ere—. Horrelako egituretan emendiozko juntagailua bai-ren indartzaile soil bihurtu dela esan genezake. Hala balitz, bai ere esateko modu indartuxeagoa baino ez litzateke baita ere. Horixe bera gertatzen da azken batean edo/edota juntagailu hautakarietan, baizik/baizik eta aurkaritzakoetan, zeren / zeren eta kausazko lokailuan eta abar.

28.4.6c Hala ere, ohart gaitezen baita beti aurreko juntagailuaren ondo-ondoan doala (edo buruan, juntagailurik agertzen ez denean); inoiz ez lokailuek ohi duten bezala, perpaus barruan, mintzagai den osagai baten ondoren, edo perpausaren amaieran. Beraz, azken urte hauetan ugalduz joan zaizkigun hauek ezin dira ontzat eman: *Ikastoletan banatuko dira baitare; *Etorriko da baita ere Manu; *Ene arrebak baita ere emango dio; *Badut nik baita ere horrelako erlojua; *Esan diot baita ere joango naizela; *Antzerkia ere baita hasi da; *Ez gaitu gu ezta ere ezagutzen; *Pilotari onak dira; txirrindulari trebeak baita.

28.4.7. Emendiozko esamoldeak

28.4.7a Esan bezala, emendioa adierazten duen juntagailua eta da. Baina badira beste zenbait diskurtso markatzaile edo elementu emendioari oso lotuak direnak, eta horien aipamena egingo da atal honetan. Eta juntagailuari sarriena gehitzen zaion diskurtso markatzailea ere da. Ere diskurtso markatzaileak ezkerreko osagaiaren erreferentzia zabaltzen du, eta gehienetan mintzagaiei eransten zaie: Miren Donostiakoa da eta Pello ere gipuzkoarra da. Askotan aditza edo predikatua berdinak izaten dira juntatzen diren bi perpausetan. Orduan aditza isilean geratzen da, eta bigarren perpausean baiezkotasuna edo ezezkotasuna jasotzen duten bai edo ez elementuak azaltzen zaizkigu, juntagailuarekin eta ere diskurtso markatzailearekin konbinazio desberdinak eginez: Eta… ere bai (Miren gipuzkoarra, eta Pello ere bai); Eta … ere ez (Miren ez da gipuzkoarra, eta Joxe ere ez); Eta bai … ere (Ane oporretara joan da, eta bai Aitor ere); Eta ez… ere (Ane ez da oporretara joan, eta ez Aitor ere).

Beste batzuetan bai eta ez elementuak aurrera eramaten dira: Bai eta… ere (Ane oporretara joan da, bai eta Aitor ere); Ez eta… ere (Ane ez da oporretara joan, ez eta Aitor ere). Itxura batean aurrekoen oso parekoak dirudite, baina badituzte desberdintasun batzuk: 1) bi juntagaien arteko etena handiagoa da, eta lehen perpausaren akabuan doinu beherapena egiten dugu; 2) eta juntagailua azaltzen zaigu, baina bai eta ez hitzei atxiki zaie, elkarrekin urtzeraino, baita eta ezta formak sortuz. Horiek horrela, ziurrenera juntaduraren esparrutik kanpora izango genituzke, alborakuntza bidez elkartuak. Kontuan izan behar da, gainera, eta juntagailuaren ondoren ere azal daitezkeela forma hauek: Ane oporretara joan da, eta baita Aitor ere; Ane ez da oporretara joan, eta ezta Aitor ere. Orduan bai, juntaduraren barnean egongo ginateke, eta egitura erredundanteak izango genituzke. Hauek guztiak diskurtso markatzaileen atalean aztertu dira xehetasun handiagoz.

28.4.7b Emendiozko esamoldeak (ez ezik / ez ezen / ez eze / ez bakarrik). Baina emendioa adierazten duten edo indartzen duten hizkuntza baliabideen multzoa ez da ere, bai eta ez elementuen konbinazioetara mugatzen: beste esamolde batzuek ere adierazten dute emendioa. Horrelakoak dira, adibidez, lehenengo juntagaian ez ezik / ez ezen / ez eze duten egiturak: Opari mordoa jaso du, gurasoengandik ez ezik, baita izeba-osabengandik ere, edo lehenengo egituran ez bakarrik dutenak: Ez bakarrik ogia, ura ere behar zuen bidaiariak. Emendiozko esamolde deitzen ditugu: emendiozko, gehikuntza edo berrekuntza adierazten dutelako; eta, bestetik, esamolde, berez beregain diren elementu bat baino gehiagoko esapideak direlako. Kontuan izan behar dugu sarri askotan juntagailurik gabe erabiltzen direla: Gurasoengandik ez ezik, izeba- osabengandik ere opari mordoa jaso du; horrelakoetan alborakuntza dago berez; eta emendioaren nozioa esamolde hauek bideratzen dute.

Bestalde, aipatu behar da esamolde hauek ez direla emendiozko ohiko diskurtso markatzaileen guztiz parekoak: emendiozko diskurtso markatzaileek perpausak bakarrik lotzen dituzte, eta hauek, aldiz, mintzagaiak lotzen dituzte. Era horretan, neurri batean ere diskurtso markatzailearen antzeko direla esan daiteke: hau edozein mailatako osagaiaren eskuinean ezar baitaiteke, mintzagai diren ber, osagai horren erreferentzia mundua zabalduz; haiek, esamoldeek, edozein mailatako perpaus-osagaiak korrelazioan jartzen dituzte.

Esan dugun bezala, emendiozko esamoldeek bi atal izaten dituzte, eta aukera asko agertzen dira, hizkeraren eta idazleen arabera. Hona nagusiak:

Lehenengo osagaia

Bigarren osagaia

Ez ezik

Ez ezen

Ez eze

Ere

Baita … ere

Ere bai

Ø

Ez bakarrik…

Ez … bakarrik

… bakarrik ez

Ere

Baita … ere

Ere bai

Baizik eta

Ezpada

28.4.7c Lehenengo osagaian ez ezik / ez ezen / ez eze duten egituretan ez dira perpaus jokatu beregainak elkartzen, baizik bestela ere mintzagai izan daitezkeen perpaus-osagaiak. Esan beharrik ez dago, mintzagaiok mota berekoak izan behar dutela: Liburu hau ez ezik, beste hori ere baduzu; Euskadin ez ezen, Europan ere ibili naiz; Ameriketara joan zela ez ezik, handik itzuli dela ere jakin dugu; Irakurri ez ezik, idatzi ere bai. Baina ez dute nahitaez kategoria edo postposizio bera izan beharrik: Zuk egin duzun bezala ez ezik, bestela ere egin daiteke; Etxean ez ezen, etxetik kanpo ere zintzo ibili behar da.

Egitura hauen balioari dagokionez, esan dugu emendioa, gehikuntza dagoela: emendio hori, bigarren zatiko mintzagaiaren ondoan kokatutako ere diskurtso markatzaileaz baliatuz, batik bat, egiten da, horrek erreferentzia mundua zabalduz, aurreko mintzagaiarekiko baieztapena bigarrenera hedatzen baita. Baina emendioaz gain, esanahiaren aldetiko beste ñabardura bat eransten diete perpausei lehen zatiko mintzagaiaren ondoren kokatzen diren ez ezik eta honen parekoek: lehenengo perpausean baieztatua berrestea, ontzat ematea. Nolabait esateko, Peru ez ezik Ane ere etorri da diogunean, adierazten dugu ziurra dela Peru etorri dela, horretaz zalantzarik ez izateko, eta are gehiago, Ane ere etorri dela.

Lehenengo atalerako aukera desberdinak ditugu:

ez ezik: erabiliena da, eta bi idazkera izan ditu: bereizia —ez ezik— eta lotua —ezezik—; idazkera bereizia izan da erabiliena, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere bereizita ematen du. Gipuzkeraz idatzi dutenek, batik bat, erabili izan dute ez ezik (ezezik): Han bilduko dira gizonak ez ezik aingeru onak eta gaiztoak ere (Agirre Asteasukoa); Pilotara ez ezik beste apustu mota askotara ere zaleak dira txit gipuzkoarrak (Iztueta).

ez ezen: aurrekoan bezala, bi idazkera izan ditu: bereizia —ez ezen— eta lotua —ezezen—, baina bigarrenak erabilera oso urria izan du idazleen artean. Gipuzkerazko testuetan ageri da gehienbat: Barrukoak ez ezen, kanpokoak ere ikaratu ziren (Lardizabal); Badakite, zeruetakoari ez ezen, lurreko erresumari ere bortxa egiten zaiola (Mitxelena).

ez eze: aurreko beste biek bezala, bi idazkera ditu, eta biak paretsu erabiliak. Bizkaierazko testuetan ageri da gehienbat, nahiz eta Gipuzkoako idazle batzuek ere erabili duten inoiz: diruak ezeze, zorroa bera ere bai (F. Bilbao); Zuek ezeze geuk ere Riktrudisgatik zerbait egingo genuke (Agirre).

Bigarren atalean mintzagaiaren ondoren ere / baita/ezta + ere / ere bai/ez edo Ø aurki ditzakegu. Hona jarraian guztien adibideak, lehenengo atalean ez ezik erabiliz:

ez ezik, … ere: Perpausa baiezkoa denean, ere/bere(be) diskurtso markatzailea agertzen da: Bertsook, gainera, hilarrian ez ezik, egunen batean Oiartzungo herriak, […], jasoko dion monumentuan ere ederki leudeke (Mitxelena). Perpausa ezezkoa denean, ere diskurtso markatzailea izango dugu, eta ez ukatzailea aditzaren aurrean: Josuk ez ezik, Peruk ere ez ditu lanak amaitu; Aingeru onak ez ezik deabru gaiztoak ere ezin ikusi badu haragi sutuaren zikinkeria… (Mendiburu).

ez ezik, baita (bai eta)… ere: Ubillos ez ezik, baita Larramendi bera ere, baita Lardizabal eta Agirre Asteasukoa ere (Mitxelena). Baita eta ere ager daitezke inoiz bata bestearen segidan, baina oso testu gutxitan ditugu horrelakoak: F. noski, ontzat hartzekoa da, eta, erdaratikako hitzetan ez ezik —fede, faltsu, etc.—, baita ere bestelakoetan (Mitxelena).

ez ezik, … ere bai: ere bigarren mintzagaiaren ondoren eta horri atxikia doa beti, eta ondoren bai adberbioa eramaten du eta galdegaia da. Olabideren Itun Zahar eta Berrian ez ezik, azken urteotan egin diren beste zenbait saiotan ere bai (Mitxelena); Baketu ez eze, poz adurretan ipini ere bai (F. Bilbao).

ez ezik, … Ø: Batzuetan bigarren mintzagaiaren ondoren ez dugu honi atxikiriko elementu jakinik aurkituko: Italiakoa ez ezik, Ipar-Amerikako zinema behin bederen ispilu bihurtu zaigu (Mitxelena). Eta hau egiten badu, ongi ez ezik, atsegin handirekin eginen ditu bere gauzak (Mendiburu).

ez ezik, ezta… ere: Izango duten ala ez, ordea, ezin dezaket esan, ez bainaiz, profeta ez ezik, ezta igarlea ere. Hemen ere esanahia ukapenezkoa da: ‘ez naiz ez profeta eta ez igarle ere’.

Hurrenkerari dagokionez, lehenengo atalaz eta bigarren atalaz hitz egin dugu: hori da testuetan ia beti agertzen den hurrenkera. Bestelako adibideak oso bakanak dira, eta autore berarenak: Gu guztiona da, nerea ez ezik, nahi badugu eta nahi ez badugu (Mitxelena). ‘x ez ezik’ koma-arte batean, tarteki moduan txertatzen da, harekin erlaziokidetasunean den mintzagaia ezkerrean delarik.

28.4.7d ez bakarrik (soilik)… ere eta beste zenbait elementuk osatzen dute emendiozko esamoldeen bigarren multzoa. Ez ezik / ez ezen / ez eze atalen parekoa, balio eta esanahi berekoa, dugu batzuetan horien ordez erabiltzen den beste hau ere, ez + bakarrik (soilik) bi adberbio horiek osatzen dutena. Baina bada aurreko moldekoekiko desberdintasun bat: hauek ere mintzagaiak elkar ditzakete (Ez bakarrik autoa, etxea ere saldu behar izan zuen), baina aurreko moldekoekin ez bezala, gerta daiteke perpaus osoak elkartzea ere: Ez dut burruntzia bakarrik eskaintzen, bihotz bat ere eskaintzen dut (Altzaga); Ez da bakarrik Hiribarren mintzatu Azkubeaz: 1935ean, Ikertzaleak ere bere hitza erran zuen “Gure Herria”-n: Jean de Sasiondo (1566-1578) (Zerbitzari).

Lehenengo atalean ez eta bakarrik adberbioak erabiltzen dira, betiere unitate bat osatuz eta perpausaren barruan daudela, eta horien hurrenkera hiru eratakoa izan daiteke:

ez bakarrik… (ez bakarrik ogia, …). Euskalki guztietan erabiltzen da, eta ekialdean ia forma bakarra da. Ez bakarrik herritik herrira, baina etxetik etxera gaitzeruak desberdinak dira (Duvoisin); […] ez zien jaramonik egiten, ez bakarrik eurei, ezta erromatarren esamesei ere (Astarloa).

ez… bakarrik (ez ogia bakarrik, …): Eta ez gizona bakarrik, baita honekin batean abereak edo animaliak berak ere (Agirre Asteasukoa). Lehen perpausean aditza ere ageri bada, bi kasu dira bereiztekoak: aditz forma sintetikoa duena eta analitikoa duena. Aditz forma sintetikoa bada, ez partikula ukatzaileak aditzaren aurretik eta horri atxikia joan behar du beti: Orduan behartasun hori ez da egitezkoa bakarrik, eskubidezkoa ere bada (Villasante). Aditz forma analitikoa duenean, ez-ek bereganatzen du laguntzailea, adizki nagusia esamoldearen ondoren ageri delarik: Ez dut burruntzia bakarrik eskaintzen; bihotz bat ere eskaintzen dut (Altzaga). Aditz forma analitiko osoa tartean dela ere erabili izan da inoiz, nahiz lehenengoa den orain maizen erabiltzen den forma: Ez du ogiak hazten, bakarrik, gizona, baina Jainkoaren ahotik heldu den hitzak (Larregi).

… bakarrik ez (ogia bakarrik ez, …): Alpeetan bakarrik ez, Himalaian ere ibilia da mendizale hori / … horretan bakarrik ez da bizkorra, zokor jotzen ere badaki (Uztapide). Azken adibidean, oso argi ikusten da bakarrik eta ez, biak ere berez adberbio direla, eta ez ukatzailea aditzari loturik doala. Askotan, ordea, ez horren ondoren aditzik ez badago, bigarren zati bat eskatzen du; bigarren zati horretan alborakuntza edo juntadura egon daiteke.

Esamolde honen bigarren zatian forma-ugaritasun handia aurkitzen dugu euskalkietan eta autoreetan. Ez ezik eta pareko itzuliekin bezalaxe, ez bakarrik-ekin —eta beste aldaerekin— ere bigarren zatian ere erabil daiteke, eta hau da erabiliena mendebaldeko adibideetan. Azal daitezkeen aukera guztien bilduma egiteko asmorik gabe, erakusgarri modura hona molde nagusi batzuk:

ez… bakarrik… ere: Ez dut burruntzia bakarrik eskaintzen; bihotz bat ere eskaintzen dut (Altzaga); Hirian bakarrik ez, inguruko herrietan ere badago zer ikusi (Bitaño).

ez bakarrik… baita (bai eta) ere: Jan zuen Franziskok zeruko janari hartatik eta indarberritu zen, ez ordea gorputzean bakarrik, baita ere ariman (Beobide).

ez bakarrik… bai eta… ere: Etsaiagan aditzera ematen da ez bakarrik deabrua, bai eta beste lagun urkoari bekaturako bidea, oina edo eskandaloa ematen diezan guztiak ere (Agirre Asteasukoa).

ez… bakarrik… ere bai: Esan liteke, […] Basaburuko gaztedi guztia […] Atharratzen biltzen dela eta ez gaztedia bakarrik, urteetan ongi umotuak ere bai (Etxaide).

ez… bakarrik… Ø: Ba naski, euskararen bizia, osasuna, iraupena, frantsesaren eta bertze askorena bezala, Jainkoaren eskuetan dira, ba eta gure eskuetan ere; ez geroko bakarrik; orai beretik (Hiriart-Urruti).

ez bakarrik… ez eta… ere: […] ez zieten jaramonik egiten, ez bakarrik eurei, ezta erromatarren esamesei ere (Astarloa).

ez bakarrik… baina ezta… (ere): Irugarrengo: eztaijela pekatarijak blasfemadu Jaunaren izen beneragarrija, ez bakarrik euren juramentu, eta birauakaz, baina ezta euren pekatu eta bizi modu txarragaz (Astarloa); Oneek, ez bakarrik eztauke zer baru egin biarra egiten dabeen egunian; baña ezta egiten eztabenian bere (Astarloa).

Horiez gain, formalki aurkari izan arren emendio balio duen baina / baizik juntagailua ere ager daiteke bigarren zatian.

ez bakarrik… baina… (ere): […] gure erlisionerat gonbertitua, ez bakarrik izenez, bainan izaitez, urrats eta sendimendu on guziez (Hiriart-Urruti); Ez bakarrik herritik herrira, bainan etxetik etxera gaitzeruak desberdinak dira (Duvoisin). Ekialdeko erabilera nagusia eta ia bakarra dugu hau, mendebaldeko idazle bakarren batek erabili badu ere.

ez… bakarrik… baizik…: Bekatuaren izenez ez da obrazkoa bakarrik aditzen, baizik gogoz, hitzez, eskuz edo beste edozer gisatan egiten dena (Agirre Asteasukoa); Eta zergatik eskatzen dugu ez bakarrik digula egunorokoa, baizik egun eman degigula (Gerriko). Molde hau gipuzkerazko testuetan ageri da, batik bat. Baizik erabiliz beste itzuli batzuk ere aurkitzen dira, baina oso bakanak dira horrelako kasuak. Adibidez, ez… bakarrik baizik… (ere): Ez bere herrikoak bakarrik, baizik Andonerenekoak ere etorri zitzaizkion (J. A. Irazusta). Ez bakarrik… baizik eta: Ezagupide horiek xeheki bilatu eta argiki eman nahi ditugu, ez bakarrik elizakoak hartzeko, baizik eta azkenetan daudenen egin beharrak egiteko, nola ordenuak eginarazteko (Larreko). Ez… bakarrik, … baizik: Poliki poliki dihoakio Peru erakusten ez euskara bakarrik, […], beste gauza asko baizik euskararen bitartez (Mitxelena).

Azkenik, baizik-en kide den ezpada bizkaierazko testu bakan batzuetan agertzen da, baina oso erabilera murritza du horrelako esamoldeetan:

ez bakarrik… ezpada (ze): Egiten dabee pekatu mortal dendari, zapatari, errementari, eta beste honelako ofizikoko askok, ez bakarrik gastetan dabe euren irabazi guztija ardao, joko eta beste ekandu zitaletan, ezpada eztabe ardurarik hartu nahi, euren umiai irakasteko euren ofizijua, edo besterenbat (Astarloa); […] bene benetako malko-hari mingotsak isurtzen ditugu, eta ez bakarrik ez dauka lekurik besteen pozak geure barruan, ezpada ze mingostasun barriak emoten deuskuz (Agirre).

Ohart gaitezen, azkenik, ez ezik/ezen/eze eta ez bakarrik dituzten esamolde hauen ordez erabili izan direla eta erabil daitezkeela -z gainera, -z gain, -z landa eta antzeko beste postposizio batzuk ere. Baina lehenek mintzagaiak elkartzen dituzte, edo perpausak; postposizioak, aldiz, sintagma bati eransten zaizkio perpaus bakarraren barnean.

28.4.8. Banakaritza

28.4.8a Alborakuntzaz nahiz juntagailu bidez elkartzen ditugun osagaien aurrean, osagai bakoitzaren aurrean elementuren bat errepikatzen denean sortzen da balio banakaria: Bai batzuek eta bai besteek zintzo ordaintzen dituzte zergak. Beste batzuetan, elementu berak errepikatu ordez, korrelazioan doazen hitz desberdinek osatzen dituzten formulez baliatzen gara (halanola… eta abar). Guztietan ere, juntagaiei enfasi berezia ematen zaie. Banakaritza inoiz juntadura-mota bezala aurkeztu izan bada ere, gramatikariek nahiago dute emendioaren balio modura aurkeztu. Juntagaien aurretik errepikaturik azaltzen diren elementuak gehienetan adberbioak izaten baitira, ez juntagailuak: 1) juntagailuekin batera azal daitezke; 2) juntagailu gehienak ez bezala, bi juntagaien aurretik errepikaturik azal daitezke; 3) ezin dituzte perpaus osoak elkartu; 4) erabilera berezi honetaz kanpo, ez dute emendiorik adierazten, beste balio batzuetarako erabiltzen dira.

28.4.8b Emendiozko juntaduran, bai eta ez juntagai bakoitzaren aurrean ezarriz lortzen dugu balio banakaria: Bai Patxik eta bai Anek (ere) lortu dute gidabaimena; Ez Jone eta ez Josu (ere) ez dira bilerara etorri. Aurreko hauetan bezala, bi osagaien artean eta juntagailua ipintzen badugu, emendiozko juntaduraren barnean izango dugu banakaritza (bai goizean eta bai arratsaldean (ere)); emendiozko juntagailurik ezean, alborakuntzaren barruan (bai goizean, bai arratsaldean (ere)). Balio banakaria duten adibideak erraz aurkitzen dira tradizioan: Bai soinekotarako eta bai barruko arropetarako, aukera handia etorri zait (Etxaniz); Sinesten banauzu, liburu hari itxekiko diozu zure bizitzeko, bai kanpoko, bai barreneko urrats guzien moldatzeko eta neurtzeko (Pouvreau); Familiako bizitzan aurkitzen du gizonak bere giro egokia, bai ahalmenak heldutasunera eramateko eta bai bere beharrak erremediatzeko ere (Villasante). Aurreko adibideetan ikusten den bezala, ere erabiltzea aukerakoa da.

28.4.8c Juntaduraren esparruan gertatzen den banakaritzari dagokionez, bai-rekin bi molde aurkitzen dira: Bai… eta bai… (Bai Jon eta bai Miren oso azkarrak dira); Bai… bai eta (Bai Jon bai eta Miren oso azkarrak dira). Ezezko banakaritza adierazteko, ohikoena, berez ezezkoa den perpaus batean juntagai bakoitzaren aurrean ez ezartzea da: Ez Jon eta ez Miren ez dira oso azkarrak; Ez Jon ez eta Miren ez dira oso azkarrak. Baina baiezko perpausetan ere inoiz aurkitzen dira ez errepikatzen duten egitura banakariak (de Rijk, 2008): Ez apaizik eta ez mojarik etorri da.

Banakaritza egiturak ia perpauseko osagai guztiekin era daitezke: Bai Jonek eta bai Mikelek asko ikasi dute; Bai Itziar eta bai Leire musikazaleak dira; Bai gazteei eta bai adinekoei gustatzen zaie film hori; Bai zuentzat eta bai guretzat ondo etorriko da; Bai mendian eta bai hondartzan gustura ibiltzen naiz; Bai gaur eta bai bihar hemen izango naiz; Ez zituen ez hitzak leundu, ez gorrotoak estali… Sintagma nagusien barneko elementuekin ere berez ez da eragozpenik, baina gutxiago erabiltzen dira, egiturak astundu bezala egiten baitira: Bai Jonen eta bai Mirenen alabak gurean izango dira lotan; Bai hirietako eta bai mendietako zuhaitzak aztertu dituzte ikerketa horretan; Bai mutil eta bai neska gazte guztiek hartu beharko dute txerto berria. Banakaritza erabiltzeak enfasia ematen dio adibideari, eta sintagma nagusien barneko elementuekin zailago gertatzen da. Horrez gain, kontuan izan behar da banakaritza egiturak ezin direla eratu norbanako bat baino gehiagoren partaidetza eskatzen duten predikatuekin (bildu, elkartu, osatu, elkarrekin, batera…): *Bai Jon eta bai Ane elkarrekin joan dira; *Bai Jon eta bai Ane batera datoz; *Bai Jon eta bai Ane Baionan elkartu ziren… Banakaritza dagoenean, juntagai bakoitzak bere kasa hartzen du parte aditzak adierazten duen gertaeran edo egoeran, eta orduan, ez da bateragarria predikatu kolektiboekin.

Bestalde, banakaritzan ezin dira perpaus osoak azaldu (*Bai Jon lanera berandu iritsi zen eta bai Miren ordua baino lehen irten zen), aurretik aipatu den egoera bati erantzuteko ez bada. Banakaritza erabiltzen denean, egitura osoa gertaera bakartzat interpretatu ohi da, eta hori egon daiteke banakaritzaren bidez perpaus askeak lotzeko eragozpenaren atzean. Aldiz, mendeko perpausak lot daitezke banakaritzaren bidez: Izugarri haserretzen zen nagusia, bai langileak lanera berandu iristen zirenean, eta bai norbait ordua baino lehentxeago irteten zenean.

28.4.8d Azkenik, ezezko perpausetako banakaritzan, taxu desberdineko moldeak gerta daitezke. Bi modu ditugu euskaraz, ezezko perpausak eta-z baturik lotzeko: 1) Ez du jan eta ez du edan; 2) Ez jan du eta ez edan du. Lehenengo moldea hedatuagoa da bigarrena baino. Aldea honelatsukoa dateke, biak erabiltzen diren hizkeretan. Lehenean, banaka eta bereiz, elkarrekin zerikusirik ez balute bezala hartzen dira bi perpausak, eta banaka eta bereiz ukatzen. Bigarrenean, aldiz, bi perpausen ezezkoa hasieratik ikusi eta korrelatiboki ukatzen dira; eta era horretan, banakaritzara hurbiltzen da. Azken molde honetakoak lirateke honako hauek: Ez gizonezkoa duzu osoa eta ez emakumezkoa (M. Atxaga); Ez-ikasiak ez lehen eta ez orain irakurtzen du (M. Atxaga).

28.4.9. Zenbait esapide

28.4.9a x eta biak moduko esapideak erabil daitezke, solaskidea (edo solaskidea ez izan arren, solasgai dena) gehi beste norbait adierazteko. Esan bezala, adieraz daiteke ‘x eta ni’ (Joan ginen Piarres eta biak itzuli bat egitera…, J. B. Elizanburu), ‘x eta zu’ (Ane eta biak etorri zineten gau hartan) edo ‘x eta hura’ (Beste lagun bat eta biak atzera joan ziren, Uztapide). ‘x eta ni’ edo ‘x eta zu’ adierazi nahi denean, sarri x eta biok moldea erabiltzen da, plural hurbilarekin. Oro har, x eta biak Iparraldean ia forma bakarra da; x eta biok Hegoaldean gehiago erabiltzen da. Esapidean aipatzen den x izan daiteke pertsona bat baino gehiago ere, eta orduan dagokion zenbatzailearekin erabiltzen da. Hola, x eta hirurak/hirurok, adibidez: Ama, Itziar eta hirurok gelditu ginen etxean (Garate), edo x eta laurak/laurok, esaterako: Ba, goazen orduan, goazen Teresa eta laurok (Atxaga), eta berdin x eta bostak/bostok, hemen ikusten den gisan: Eta holaxe ibili ginen azken udan ere, Toby, Frankie, Kent, aitona eta bostok (Atxaga). Baina ohikoena x eta biak/biok da, eta oro har, zenbateko txikietara mugatzen da esapidea. Era honetako esapideetan, zehazki nori buruz ari garen, perpausetik edo testuingurutik ondorioztatzen da. Eta era guztietara, talde irakurketa bideratzen du: banakaritza irakurketarako aukerarik ez du ematen.

Bada kontuan izateko beste puntu bat ere: egitura honetan x juntagaia nola azaltzen den, egitura osoak postposizioak hartzen dituenean. Aurreko adibiderik gehienak absolutibokoak ziren. Pentsa dezagun ergatiboa dugula. Bi aukera izango genituzke: Josune eta biok egin dugu nahiz Josunek eta biok egin dugu. Biak ere zilegi dira. Izen bereziaren ordez izen arruntak ditugularik, forma osoa erabiltzen da: Lagunak eta biok egin dugu / *laguna eta biok egin dugu / *lagun eta biok egin dugu. Berdin datiboarekin ere: Josune eta bioi eman digute / Josuneri eta bioi eman digute / lagunari eta bioi eman digute. Baina postposizioak luzeagoak direnean, izen bereziekin, errazago azaltzen dira Josune eta biontzat bezalako moldekoak.

28.4.9b x eta… erabil daiteke, azken juntagaia edo juntagaiak aipatu gabe utziz, solaskideak informazio hori —edo ‘behar adina’ informazio— eskuratzen duela pentsatzen denean: Zepaik eta handik alde egin zuten (Uztapide); Nor bizi da etxe horretan? Pello eta (Azkue); Erdararen bidez geure buruok, batzarretan-eta, ederragotu egiten ditugula (Lizardi). Eta juntagailua, horrelakoetan, intonazioari dagokionez aurreko juntagaiari loturik azaltzen da. Aipatu gabe uzten diren juntagaiak askotan bat baino gehiago izaten dira, baina bakarra ere izan daiteke: Pello-eta (emaztea) datoz afaltzera. Lehenengo zatiak dagokion postposizioa hartzen du: Josurentzat eta erosi ditut opariak. Gehienetan pertsonekin erabiltzen da, baina bestelakoekin ere erabil daiteke: Lehoiek-eta lehia handia izaten dute elkarren artean; Pagoak-eta ez dira errentagarri gertatzen egurzaleentzat; Ushuaian-eta izan naiz.

28.4.9c x eta galdetzailea. Euskaraz juntadura egituretako bigarren juntagaiari buruzko galderak egin daitezke: Parisen Eiffel dorrea eta zer ikusi zenuten?; Leirek eta nork sinatu zuten idatzia?; Iazko bidaian Chicagon eta non izan zineten? Ohart gaitezen galdetzailea daraman juntadura egiturak ez duela nahitaez perpausaren hasieran joan beharrik; baina nahitaezkoa da aditzaren aurretik joatea. Aditzarekiko komunztadurari dagokionez, hitz egiten ari denak dituen usteek eta juntaduraren baldintzek erabakitzen dute: Leirek eta nork sinatu zuten/zenuten/zuen idatzia? Guztiak izan daitezke zilegi, eta hiztunak eta egoerak erabakitzen dute.

28.4.9d Galdetzailea eta x. Aldiz, molde honetako juntadurekin ezin da galderarik egin (*nork eta Leirek sinatu zuten idatzia?). De Rijkek dio (2008: 845) horren arrazoia, beharbada, izan daitekeela molde honekin galdetzailea ez dagoela aditzaren aurre-aurrean, lehenengo juntagaia baita. Aldiz, galdetzailea eta x motako segidekin indar berezia edo enfasia ematen da, harridurazko perpausak osatuz: Nor eta auzoko Miren aurkitu behar Parisen!; Non eta han aurkitu behar Josu!; Josu ikusi nuen, non eta Aneto gailurrean!; Nork eta Leirek sinatu idatzia! Batzuetan, harriduraz gain gaitzespen kutsua ere adieraz daiteke. Esapide honen lekukotasunak, oro har, Hegoaldeko XX. mendeko testuetakoak dira. De Rijkek dio (2008: 846), beharbada, horrelako egituren atzean prozesu erretoriko bat dagoela. Esate baterako, Nondik eta zerraldotik atera ziren hitz haiek bezalako bat dugularik, hiztunak lehenengo galdera bat egingo luke (nondik atera ziren hitz haiek?), eta jarraian bere buruari erantzungo lioke (zerraldotik atera ziren hitz haiek). Eta juntagailuak galdera eta erantzuna lotuko lituzke, eta ondoren, errepikatzen dena isilean geldituko litzateke. Eta ondorengo hauek bezalakoak tarteko adibideak lirateke: Zer egin eta zeruko giltza puskatu zioten aingeru koskorrek San Pedrori! (F. Mendizabal); Nor harritu eta errege harritu (Barbier); Eta hori noiz gertatuko eta orain gertatzen (Mitxelena); Zer kenduko medikuak, eta gozoa. (Atxaga). Nolanahi ere, ohart gaitezen adibide hauetan aditzaren aspektuaren aldetik molde desberdinak ageri direla; eta lehenengo juntagaian batzuetan aditza azaltzen dela, eta beste batzuetan ez.

28.4.9e eta abar erabiltzen dugu, enumerazio baten amaieran, aipatutakoez gain, zehaztu gabe utzi arren beste batzuk ere badirela adierazteko: Mari Gaizto honek izen asko ditu: Anbotoko Señora, Aizkorriko sorgiña, Gaiztoa… eta abar (S. Mitxelena). Eta abar honek, jakina, dagokion kasu marka ere har dezake: Senitartekoei, ezagunei, adiskideei eta abarri deitu zien berria emateko; Jende askorekin hitz egin zuen azokan: aspaldiko eskola lagunekin, auzokoekin eta abarrekin. Askotan bi puntuen ondorengo enumerazioetan azaltzen da, aurretik aipatutako termino orokorrago bat zehazten hasitakoan, baina esaldiaren barnean ere joan daiteke.

28.4.9f Zenbaitetan, juntagaiak errepikatuz, enfasia edo ugaritasuna adierazi nahi izaten da: Pesimistak direnetatik asko eta asko mihiz bakarrik azaltzen dira pesimistak (Villasante); Patxik bethe bethe zeukan kolkoa eta jan eta jan zebilen (Oskillaso); Egunak eta egunak igaro zituen erotzeko zorian (Altzaga).

28.4.9g bereak eta bi. Oso ezagunak dira bigarren juntagaitzat zenbatzailea duten bereak eta bi, bereak eta bost… esapideak ere: … bereak eta bi entzun gabe ez ziren izaten ereti batzuetan (Agirre); Diru asko eralgi diat eta bereak eta bost ateratzen saiatu behar nauk (Etxaide). Hauekin ere nolabaiteko enfasia adierazten da: aurreko adibideetan, ‘handiak entzun beharko dituela’ (kualitate enfasia) edo ‘ahal den etekin guztia ateratzen saiatu behar duela’ (kantitate enfasia) adierazteko erabiltzen dira.

28.4.9h Enfasia emateko beste bide bat, perpausaren barneko elementu bat, perpaus horretatik ‘atera’, eta jarraian eta juntagailuaren ondoren ematea da, zerbait garrantzitsua gaineratuko balitz bezala: Joni afaria oparitu diote, eta Arzakenean; Bihar bilera du, eta lehendakariarekin; Bihar azterketa dut, eta oso garrantzitsua. Aurreko adibideak informazioaren aldetik berdin esan zitezkeen Joni Arzakenean afaria oparitu diote; Bihar lehendakariarekin bilera du; Bihar azterketa garrantzitsua dut. Baina lehenengo moldearekin enfasia ematen zaio esaten denari edo esaten denaren alderdi bati. Eta neurri batean honen antzekoa izango litzateke ondorengo adibideko moldea ere: Eclipse edo delako hura ote da hau? Hura eta bera (Hiriart-Urruti). Bestalde, batez ere Iparraldeko euskalkietakoak diren izigarria eta eman zion ostiko bat bezalakoetan ere hanpadura berezia ematen du izenondoaren ondotik doan eta horrek.

28.4.9i Enfasia emateko beste bide bat, neurri batean aurrekoaren antzekoa, perpaus bereko bi elementuren artean juntagailua txertatzea, nahiz eta bi elementu horiek postposizio desberdina eraman: Etxetik eta iturrira 500 metroko bidea genuen.

28.4.9j x eta guzti. Lehen juntagaia mugagabean joaten da: Hezur eta guzti irentsi zuen gerezia; Oinetako eta guzti etzan zen ohe gainean. Eta esapide osoak predikatu sintagma osatzen du: Bere erbi txakur eta guzti ere, gure Pernando gizajoak ez eban erbi aztarrenik ere atera (San Martin).

28.4.9k x dela eta ez dela: ‘x-ren ondorioz, x-ren inguruan’ adierazteko erabiltzen da. Normalean hirugarren pertsonakoak izaten dira, singularrean nahiz pluralean: Hemen ez da aipatu baizik egingo, bada, artikulua dela eta ez dela, zenbait izenen artean sortzen den bereizkuntza (Mitxelena); Bazen Eibar aldian zer esana, kantariak zirela eta ez zirela‘ (San Martin). Esapide hau laburtuz, x dela eta kausazkoa sortu da. Bestalde, juntagailuarekin baiezkoa eta ezezkoa lotuz esapide gehiago ere badira, orobatasunetik gertuko balioekin (nahi eta nahi ez…).

28.4.9l Kirol emaitzak emateko hiru eta bi erako esapideak erabiltzen dira (eta ez *hiru-bi moldekoak, juntagailurik gabe). Horrelakoetan, emendioaren balioa baino gehiago, aurrez aurre dauden bi kopuru azaltzen zaizkigu.

28.4.9m Zenbakietan ere erabiltzen da eta juntagailua: hogeita hamabi; ehun eta hogeita hamabi; mila berrehun eta hogeita hamabi; bi mila eta hamazazpi. Gai honi dagokionez, nabarmendu behar da ez direla euskarazko tradizioaren arabera sortuak eta-rik gabeko ondorengo hauen moldekoak: *Bi mila hamazpian amaitu dut; *Mila zazpiehun lasterkari irten ziren. Zenbaki bakoitzari dagokion tokian eta juntagailua ezarri behar da: Bi mila eta hamazazpian amaitu dut; Mila eta zazpiehun lasterkari irten ziren.

Ikus Euskaltzaindiaren 7. araua: “Zenbakien idazkeraz”, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua.

28.4.9n Adlatiboaren ondoren: Arratsean etxera eta irriz zagolarik zion… (Hiriart-Urruti) bezalako adibideak azaltzen dira, adlatiboaren ondoren, aditzik gabe; horrelakoetan, zentzuaren aldetik, eta juntagailua bi perpaus lotuz azaltzen da: Hasi zitzaion, bi belaunak lurrera eta, esaten: […] (Mendiburu).

28.4.9ñ Aditza + -tzen eta… (maitatzen eta… ; ikusten eta…): kontzesioa adierazten da erabide honekin. Gizonarentzat hau baino malur handiagorik badea? Ikusten eta ezin eskura maitatzen duen lorea (Xalbador). Adierazi nahi da, nahiz eta ikusi, ezin duela eskuratu maitatzen duen lorea. Aditz gehiagorekin ere badira horrelako adibideak: Maitatzen eta urrun bizi behar!; Ulertzen eta ezin adierazi!

28.4.9o Zalantza adierazteko erabili izan da, Iparraldeko testuetan, bigarren juntagaia agerian eman gabe: Errozu eta… ez girela eta… nehundik jiten ahal (Lafitte); Errak, eta… ez dea medikurik hemen kolpatuentzat? (Saint-Pierre).

28.4.9p Azkenik, era guztietako gramatika-hitzetan (juntagailuetan, diskurtso markatzaileetan, menderagailuetan eta abar) aurki daiteke eta, bere emendiozko balioa galdurik, indartzaile modura: harik eta, nahiz eta, baizik eta, edota, zeren eta… Bai eta korrelaziozko esapideetan ere: zenbat eta… hainbat eta…; zenbat eta… orduan eta

28.5. Juntadura hautakaria

28.5.1. Sarrera

28.5.1a Juntatzen diren perpausen edo atalen arteko hautaketa, aukera, adierazten da juntagailu hautakarien bitartez. Hori da balio nagusia. Alde horretatik, emendiozko juntaduratik aldentzen da, han juntagaien batuketa adierazten baitzen.

Juntagailu hautakariak edo, ala eta edota dira. Baina juntagailu horiek guztiak ez dira euskalki guztietan erabiltzen; ezta guztiak testuinguru sintaktiko guztietan balio berarekin ere. Juntagailu bakoitzaren erabilera banan-banan aztertuko dugu hurrengo orrietan. Hala ere, esan dezagun euskaldun batzuentzat edo dela juntagailu bakarra, balio eta ingurune sintaktiko guztietan erabiltzen dutena.

28.5.1b Euskararen gramatiketan juntadura hautakaria aztertu izan denean, arreta berezia jarri da askotan edo eta ala juntagailuen erabileran, eta dituzten bereizgarrietan. Latinaren gramatiken tradizioak izan lezake eragina horretan, juntagailu hautakari desberdinen arabera balio desberdinak sumatzen baitziren hizkuntza horretan. Aipatu izan diren bereizketa-irizpide nagusiak ondorengoak izango genituzke, laburbilduz:

Gramatikari batzuek ala juntagailuaren erabilera galde perpausari lotu diote, eta edo-rena asertzioari.

Beste batzuek aukera motaren arabera bereizi dituzte biak: edo-k garrantzi gutxiko bereizketak edo aukerak elkartzeko balioko luke, bata zein bestea aukeratu berdintsu zaiola adierazteko; ala-k, berriz, aurkakoak direnak juntatzeko.

Azkenik, Villasantek markatu/markatugabe oposizioa hartzen du bereizgarritzat: edo juntagailu markatugabea litzateke; ala markatua, aukeretatik bakarra hartu behar dela edo gauzatuko dela adierazteko erabiltzen duguna. Mitxelenak, ordea, ala markatugabea, bakarra aukeratzera behartzen ez duena ere izan daitekeela ohartarazi zuen.

28.5.1c Gainerako juntagailuak askoz gutxiago aztertu izan dira. Juntagailu bakoitzaren erabilera aztertzean ikusiko dugu zein perpaus motatan erabiltzen diren eta zein esanahi duten. Orduan alderatu ahal izango ditugu hobeto goiko iritzi desberdinak. Juntagailu hautakariak deskribatzeko unean, garrantzi berezia hartzen du juntagaiak galde perpausak diren edo ez, galdegaiak elkartzen dituen edo ez, eta juntadura-egiturak duen balioak. Puntu horietan jarriko dugu arreta berezia. Ikusiko dugu hautaketa edo aukera balioaz gain, orobatasuna eta sinonimia bezalakoak adierazteko ere erabiltzen direla juntagailu hauek.

28.5.2. Edo juntagailua

28.5.2.1. Juntagailua eta juntagaiak

28.5.2.1a Oro har, edo da hautakaritza adierazteko gehiena erabiltzen den juntagailua; euskaldun batzuentzat forma bakarra da, gainera. Maila guztietako elementuak elkartzen ditu, perpausak nahiz perpausa baino txikiagoko atalak; alde horretatik eta emendiozko juntagailuarekin bezalako egoera azaltzen zaigu, eta juntadura gauzatu ahal izateko baldintzak ere —sintaxiari nahiz morfologiari dagozkionak— parekoak dira. Bi osagai baino gehiago ere elkar ditzake edo juntagailuak. Deskribapena egiteko unean, adierazpen perpausak eta galde perpausak bereiziko ditugu, puntu horrek bai baitu garrantzia juntagailu hautakarien erabilera argitzeko.

28.5.2.1b Mota bereko perpaus beregainak elkartuz azal daiteke edo juntagailua: adierazpen perpausak (Telebista ikusiko dut edo oparitu didaten liburu berria irakurtzen hasiko naiz), galde perpausak (Etxean geratuko zara edo zinemara joango zara?), aginte perpausak (Amaitu ezazu lan hori edo utz ezazu betiko!). Aldiz, edo juntagailu hautakariarekin harridurazko bi perpaus elkartzeko eragozpenak izango ditugu (*Ze atsegina den edo zenbat dakien!), eta-rekin ez bezala (Ze atsegina den eta zenbat dakien!).

Emendiozko juntagailuarekin gertatzen zen bezala, edo-k ez ditu nahitaez bi adierazpen, galde edo aginte perpaus juntatu behar. Dena dela, mota desberdineko perpausak elkartzeko aukerak emendiozko juntaduran baino askoz urriagoak dira. Juntagaiak izan daitezke aginte perpausa eta adierazpen perpausa (Joan korrika edo harrapatuko zaitut); ez, ordea, adierazpen perpausa eta harridurazkoa (Loreak ekarri zituen, eta/*edo ze politak!), edo adierazpen perpausa eta galde perpausa (Berandu etorri da, eta/*edo ez al diozu ezer esan behar?). Baina gogoratu, azken hauek bezalako adibideetan, eta erabiltzen genuenean ere diskurtso markatzaileen zereginera hurbiltzen ginela.

28.5.2.1c Adierazpen perpausen barnean, mendeko perpausak elkartuz ere azaltzen da edo, jokatuak nahiz jokatugabeak: Bizpahiru aldiz ukitua izan den arren, edo, agian, ukitua izan delako, ez dator bat beti bere buruarekin (Mitxelena); Ikusten zutenean Zugarramurdiko artalde bat mugaz alde huntara alhatzen, edo soilki mugarat hurbiltzen… (J. B. Elizanburu). Mendeko perpaus horiek ez dute nahi eta nahi ez sail berekoak izan beharrik: adibidez, Mitxelenaren adibidean, kontzesiozkoa eta kausazkoa juntatzen dira. Oro har, edozein juntadura mota gauzatu ahal izateko bete beharreko baldintza berak bete behar dira hemen ere.

Perpausak baino txikiagoko elementuak elkartuz, juntagaiak izan daitezke aditz partizipioak (Kendu edo desegin behar lirateke), postposizio sintagmak (Bertakoekin edo kanpokoekin osatuko dugu zerrenda; Zuk edo nik egin beharko dugu), edo txikiagoko atalak (bi edo hiru egun; egun goibel edo tristeak; aire edo doinu berriak). Eta emendiozko juntagailuarekin ikusi den bezala, elkartzen diren juntagaiek funtzio sintaktiko bera izan behar dute, eta eskakizun hori betetzen bada, kategoria desberdineko elementuak ere junta daitezke (Hilketa hura gaiztakeriaz edo bere barnea lasaitzeko egin zezakeen). Alde horretatik, ez da debeku edo baldintza berezirik, juntagailu hautakarien balio semantikoak ezartzen dituenez gain.

28.5.2.1d Edo galde perpausetan ere ager daiteke. Batzuetan perpaus beregainak elkartzen dira: Badakizu, edo jakin nahi duzu nola? (Agirre Asteasukoa); Egia da, edo ez, edo ta nik amets egin ote dut? (G. Arrue). Mendeko galde perpausak, hau da, zehar-galderak ere elkar daitezke: Galdetu dit nondik natorren eta zertara etorri naizen.

Bestelako juntagaiekin, aukera desberdinak izan behar dira kontuan. Batetik, gerta daiteke juntagaiak galdegai ez izatea: Nola senda dezaket nik erregeren alaba edo bertzerik ere, mirikua ez naizenaz geroztik? (J. B. Elizanburu); Zer dauka horrek zer ikusi ezkontzeko edo ezkongai egoteko? (Agirre). Beste batzuetan, juntagaiak galdegai izango dira. Horien artean bi aukera bereizi behar dira. Batetik, edo-k galde hitzak elkartzen dituen kasua: Noren asmotik edo nondik zaio heldu? (Xalbador); Eta nondik edo zergatik eten da Antonigazkoa? (Agirre). Eta, bestetik, bestelako galdegaiak juntatzen dituenekoa: Nor da gutan dakienik zeinek zaituen maiteenik, zure amattok edo nik? (Xalbador).

28.5.2.1e Sintagmak juntatzean, aukera desberdinak ditugu, aurretik emendiozko juntaduran ere ikusi dugun bezala. Molde bat postposizio sintagma osoak juntatzea da: Nire desioaz edo nahiaz mintzatu naiz. Beste moldea, ardatz anitzeko juntadurak: Nire desio edo nahiaz mintzatu naiz. Emendiozko juntaduraren atalean luze jardun dugu horretaz, eta hango jokabide nagusi berak aurkitzen ditugu hemen ere. Jarraian labur emango dugu ikuspegi orokorra.

Postposizio sintagmak beti junta daitezke, bai singularreko bai pluraleko direnean; ardatz anitzeko sintagmak ostera pluralekoetan aurki daitezke batik bat (gure desio edo nahiez ez da inor arduratzen), baina hauetan ere postposizio sintagmak juntatzeko joera nabarmena da (gure desioez edo nahiez ez da inor arduratzen).

Jokabide orokorraren salbuespenak zein diren aztertzean, izen sinonimoen juntadura aipatu behar da lehenik. Izan ere, sinonimoen edo oso antzeko esanahia duten izenen artean gertatzen da batik bat ardatz anitzeko sintagmen juntadura, bai singularrean (oroimen galtze edo amnesiarik gabe) eta bai pluralean ere (zure idolo edo jainkoak ez ditut gurtuko); baina sinonimo izan arren postposizio sintagmak ere elkar daitezke, batez ere erabateko sinonimoak ez, baina oso antzeko kontzeptuak adierazten dituzten sintagmak juntatzen dituenean edo-k: Hauek, enetzat, bertso idazleak edo kantu egileak dira, eta zenbaitek deitzen dituzte olerkariak (Xalbador). Eta bigarrenik, emendiozko juntaduran bezalaxe, bi juntagaiei dagokien izenlagunen bat, adjektiboren bat edo zenbatzaileren bat izateak izenen juntadura errazten du.

Bestalde, kontuan izan behar da, emendiozko juntaduran bezala, lehen juntagaiak mugatzaile+postposizio multzo osoarekin agertu behar duela, edo batere gabe, bai pluraleko kasuetan, bai singularrekoetan; oro har ez baitaitezke bi elementuok (mugatzailea eta postposizio marka) bereiz juntaduran.

28.5.2.1f Egindako esapideetan ere behin baino gehiagotan aurkituko dugu edo juntagailua: noiz edo behin, noiz edo noiz, inoiz edo berriz, bat edo beste (zenbatzaile nahiz izenordain gisa), nondik edo handik, behin edo behin, gutxi edo gehiago, sast edo sist, zirt edo zart, gaur edo bihar (‘egunen batean, noizbait’ esateko), bihar edo etzi, zer edo zer, behin edo berriz… Horrelakoetan edo-k ez ditu egiazko juntagaiak elkartzen, egitura osoa egindako esapidea baita.

28.5.2.2. Balioak

28.5.2.2a Juntagailu hautakarien balio nagusia aukera —era batekoa edo bestekoa— adieraztea da. Baina horren alboan sarritan aurkituko ditugu orobatasuna, sinonimia eta beste batzuk, juntagailu gehiagorekin ere ager daitezkeenak. Horretan guztian, badu zeresana zer motatako juntagaiak elkartzen dituen, edo juntagai horiek zer motatako perpausen barnean datozen.

28.5.2.2b Adierazpen perpausetan ager daitezke edo-ren bidez elkartutako juntagaiak, balio bat baino gehiago adieraziz. Jarraian nolabaiteko sailkapen bat emango dugu, baina askotan ez da erraza izaten, adibidez, orobatasuna ala hiztunak diferentetzat dituen aukerak, zehazki zer adierazi nahi den jakitea.

Aukera balioa. Zenbaitetan egiazko aukera adierazteko baliatzen dugu edo; hau da, bata edo bestea izan behar du: Hori edo bere burua hiltzea (Mitxelena); Bat edo bestea: edo gezurra zioten Apostoluek, edo Juduak hobendunak ziren (Lapeire).

Orobatasuna adieraziz. Juntagailuaren bidez elkartzen diren aukeren artean hiztunarentzat ez dagoela desberdintasun handiegirik adierazten da, berdintsu edo orobat zaiola bata edo bestea. Juntagaiak perpaus jokatugabeak edo perpausa baino txikiagoak diren osagaiak izan ohi dira: Horren egitea edo norbaiten jo buruan eta botatzea […] berdintsu zaut eni (Xalbador); Zernahi dela basurdea zen, sanoa edo heria (Xalbador). Badirudi, gainera, orobatasun balio hau ez dagoela hautakizuna osatzen duten atalak galdegai edo mintzagai izatearen baitan. Adibidez, ondorengoan, edo-k elkartzen dituen osagaiak galdegai dira: Zuen semea izan ditake mediku edo notari Eskual- herrian (Hiriart-Urruti). ‘Mediku edo notari’ galdegaitzat hartuko genuke; adierazpen perpausa den neurrian normala da edo agertzea; baina aldi berean ‘berdintsu izatea’ adierazten duela dirudi, mediku edo notario edo antzeko beste zerbait; aukeren arteko batzuk besterik ez direla esan nahian bezala. Juntagaiak antonimoak direnean ere bata edo bestea berdintsu zaiola adieraz dezake hiztunak edo juntagailua erabiliz: Egia da hurbildik edo urrundik Piarres Adame ikusten zuena ohartzen zela berehala gauza batez (J. B. Elizanburu); Ongi edo gaizki, zuzen edo makur, plazer zaiku hartzea (Axular); Eguraldi on edo txar, ortozik edo abarka zulatubakaz dabiltzanak (Mogel); batzuetan, bi antonimoen bidez ideia edo nozio bakar bat adieraz daiteke: Komunioaren usutasuna edo bakantasuna zure konfesoreak erregulatuko du (Baratziart). Ildo berean, nahikoa arrunta da adierazpen perpausean ekintza bat gertatu edo ez gertatu berdintsu zaigula adierazteko ‘x edo ez’ adierazpidea: Nahi edo ez eraman behar ziozkagu honen begiak (G. Arrue). Edo ‘gura edo gura ez’, ‘gura nahiz gura ez’, ‘gura zein gura ez’, ‘nahi ala ez’ bezalakoak. Azkenik, orobatasun balioa atzeman daiteke, baita ere, bigarren juntagaia ‘horrelako’, ‘gisa horretako’, ‘nolabait’, ‘bestela’… denean: Indianoak judioa edo holangoa izan behar eban (Agirre); Suertez edo bertzela, ez genuen ikusi arima bat agertzen ez kanpora ez eta ere leihoetara (J. B. Elizanburu). Badirudi, gainera, edo dela horrelakoetan ager daitekeen juntagailu hautakari bakarra.

Bigarren juntagaia lehenaren aldaera. Zenbaitetan badirudi bigarren juntagaiak lehenean adierazi dena zerbait zehazteko, beste ikuspuntu bat adierazteko… balio duela; lehen aukeraren aldaeratzat edo hartuko genuke bigarrena: Bata eta beste, gainera, ezinegonak, edo hobeto esan larriminak, darabiltza (Mitxelena); Ez zaio iruditzen legeak ongi jarriak daudenik edo, hobeto esan, ez zaio iruditzen legearen zigorra behar bezala dantzatzen denik (Mitxelena); Ametsetan ikusitako gizonak ez dira lurrean bizi, edo ez dira behintzat etortzen gure bila (Agirre). Horrelakoak adierazteko edo juntagailuaren ondoren eta bigarren juntagaiaren aurretik ‘hobeto esanda’, ‘nahi baduzu’, ‘bederen’, ‘behintzat’, ‘berdin dena’… bezalakoak tartekatzen dira behin baino gehiagotan. Modu berean, balio hau da ageri dena edo juntagailuak esanahiaren aldetik diferentzia handiegirik ez duten osagaiak elkartzen dituenean, edo hala adierazi nahi denean: […] egun oro, edo sarritan gertatzen zaizkigunetan… (Agirre Asteasukoa); Herri hau, beste edozein adinakoa edo hobea da (Agirre).

Baldintza. Bestela-ren laguntzan ere azaltzen da batzuetan edo juntagailua, eta orduan, baldintza kutsua eransten zaio; lehen juntagaian adierazten dena gauzatzen ez bada, bigarrenak adierazten duena gertatuko da: Jontxuk barkamena eskatu beharko dio jo duen ikaskideari, edo bestela ikastetxearen zigorra jaso beharko du. Ez da beti beharrezko, gainera, bestela azaltzea: Gurutzefika zezala Jesus, edo, Erromako enperadorek jakinen zituela haren berriak (Joanategi). Hona beste adibide bat: joan korrika edo harrapatuko zaitut. Nabarmendu behar da horrelako adibideek ez dutela esan nahi ‘korrika joaten bazara harrapatuko zaitut’, baldintzazkoen eskema zuzenean aplikatuz izango litzatekeen modura; adierazten dena da ‘korrika joaten ez bazara, harrapatuko zaitut’. Adibide hauen baldintza kutsua ez du edo juntagailuak ematen, baizik eta zeharka lortzen den zerbait da: hautakaritza baztertzailea dago, eta elkartzen diren perpausek agindu-izaera dute; bien baturatik lortzen da baldintzatik gertuko irakurketa. Hautakaritza baztertzailearen irakurketa hori indartzeko, sarritan, edo bi juntagaien aurrean kokatzen da (Edo dagokionaren aurrean kexatu, edo betiko isildu).

Lehen juntagaiak adierazten duenari buruzko balio murriztailea edo baldintzazkoa edo juntagailuarena bakarrik dela dirudi eta gainerako juntagailu hautakariek ez dutela lekurik.

Azkenik, nabarmendu behar da, hemen balio nagusiak garbi bereizita eman ditugun arren, askotan ez dela erraza izaten, adibidez, orobatasuna ala hiztunak diferentetzat dituen aukerak, zehazki zer adierazi nahi den jakitea. Horrelakoetan ikusten da ongien edo juntagailuaren ‘markatugabetasuna’.

28.5.2.2c Galde perpausak elkartzen direnean, ‘aukerarena’ izaten da balio nagusia:

Bi galdera desberdin elkartzeko edo da juntagailu hautakari bakarra. Gerta daiteke bi galde perpaus beregain juntatzea (Trena huts egin duzu edo zer gertatu zaizu hain berandu etortzeko?) edo bi galde hitz juntatzea (Ez al diguzu esan behar noiz edo nola joango zaren?). Modu berean, galde perpausean, galdegai ez diren atalak elkartzeko ere aurkituko dugu (Zer zerikusi du horrek ezkonduta edo ezkongai egoteko?).

Galdera bakarraren bi aukera juntatzeko ere erabiltzen da edo; alegia, bi perpaus elkartzen dira, bien artean aukera (galdera) bakarra adierazteko (Zinemara joango zara edo nahiago duzu etxean gelditzea?); horrelakoetan ala juntagailua ere erabiltzen da. Adibidez, ondorengoan bi juntagailuak azaltzen zaizkigu: Ez dau inok penseetan, ezkontzia egin bear danian, jazo txaarrekua, ala ona izateko bidia daroian, edo ez (Frai Bartolome).

Batzuetan, adierazpen perpausaren ondoren galde perpausa ematen da, tartean edo juntagailua delarik, eta bigarren juntagaiak diskurtsoaren harian idazleari sortu zaion zalantza, zehaztapena, gogoeta… adierazteko balioa izaten du: Mattin izan da ene ardureneko laguna, edo kontrarioa? (Xalbador); Bilerara deitu gintuzten, informazioa emateko, edo, beharbada, amore emanarazteko?

28.5.2.2d Sinonimoak elkartuz. Oso sarri erabiltzen da edo sinonimoak edo baliokideak izan daitezkeenak elkartzeko. Juntagailu hautakarien artean edo bakarrik erabiltzen da balio honetarako. Sinonimia edo baliokidetasuna batzuetan guztizkoa izaten da, baina beste batzuetan ez da hain estua izaten. Adibideak nonahi aurki daitezke, kategoria edo mota askotako juntagaiekin: Baxenabarrek edo Nafarroa Behereak […] (Mitxelena); Saio euskara edo euskara esperimental bat (Mitxelena); Zer den grina, edo pasio nagusiena esaten dioguna (Agirre Asteasukoa); Aurrez aur ifinten jako betirauna, edo eternidadea (Añibarro); Bekatu larri edo mortal (Agirre Asteasukoa). Askotan bigarren juntagaia lehena hobeto ulertzeko laguntza modura ematen da, edo baita enfasia emateko ere. Gauza edo nozio berari beste era batera deitzen zaio, eta alde horretatik, esanahiaren aldetik berdintasuna dago, baina bigarren juntagaiak ez du bigarren erreferentzia adierazten —artikulua edo mugatzailea eraman dezakeen arren—, eta komunztadurarako ere singulartzat hartzen da. Oro har, sinonimia gehiago erabiltzen da testu idatzietan ahozko jardunean baino. Euskal idazleek behin baino gehiagotan terminoen ulergarritasunaren mesedetan erabili dute, euskalki desberdinetako hitzak emateko, edo erdarazkoaren ondoan euskal hitza emateko: Bidali edo igorri ziozkaten mandatariak (Joanategi); Itzuli zen gibelat edo atzera (Mendiburu); Lau Urdiri gomendiozko karta edo guthuna (Etxeberri Sarakoa).

Sinonimia motako juntadura dugunean, bigarren juntagaiak lehenengotik desberdina den ezaugarriren bat izaten du: batzuetan euskalkia izaten da (horrela hitz egitea edo mintzatzea), edo era zabalagoan, hitz desberdina izatea; beste batzuetan erregistro desberdina agertzen da (felis silvestris catus edo katua), edo nolabaiteko deskribapen bat edo informazio argigarri bat ematen da: Enologia edo ardoak egiteko zientzia eta teknika ikasiko du Nahiak; Kupoa edo EAEk estatuko administrazioari ordaindu beharreko diru kopurua hitzartu dute; askotan edo juntagailuaren aurretik etena eginez.

Nolanahi ere, nabarmendu behar da bi juntagairen artean baliokidetasuna dagoen guztietan ez dela zilegi izaten edo juntagailuaren bidez elkartzea. Adibidez, bigarren juntagaiak edo deskribapenak ematen dituen ezaugarriak ezin badira lehen juntagaikoetatik bereizi, edo ez badakarte berritasunik edo ekarpenik: *Aita sainduak edo eliza katolikoaren buruak hitz egin du; *Donostiak edo Gipuzkoako hiriburuak turista asko erakartzen ditu. Horrelakoetan aposizioetara jotzen da: Donostiak, Gipuzkoako hiriburuak, turista asko erakartzen ditu.

28.5.2.2e Zenbatzaileak elkartuz. Bi zenbatzaile mugatu elkartzen dituenean, ‘gutxi gorabehera’ balioa hartzen du edo-k. Kopuru zehatzik ez dakigula, baina inguru horretan dabilela adierazten dugu: Bi edo hiru liburu erosi dituzte; Duela hamar edo hamaika urte. Balio honetarako ere edo da erabiltzen den juntagailu hautakari bakarra. Erabilera honek lekukotasun ugari ditu Hegoaldeko testuetan; Iparraldekoetan bizpahiru, hiruzpalau bezalakoen lehia du, baina edo bidezko zenbatzaile-juntadurak ere azaltzen dira: Urthean laur edo bortzetan konfesatzen dena (Axular); Biga edo hirur bildurik ene izenean (Leizarraga).

28.5.2.3. Ezabaketak

Eta juntagailua aztertu dugunean esan dugu emendiozko juntaduran gehienetan saihestu egiten dela juntagaietan hitz edo elementu berak errepikatzea. Berdin gertatzen da juntadura hautakarian; eta oro har, ia guztian hango jokabide bera azaltzen da. Gaia ez dugu hemen han adinako sakontasunez azalduko, kasuistika bera juntagailu desberdinekin errepikatzen ez aritzearren.

Juntagaiak postposizio sintagmak direnean, izenak edo izenlagunak errepikatzen badira, gehienetan ezabatu egingo ditugu eskuineko juntagaian: Gogo onean edo txarrean etorria (Mitxelena); Badoa Rakelen gelara edo estalpera (Agirre Asteasukoa). Ohart gaitezen, adibide hauetan postposizio sintagma osoak juntatzen direla. Hori da, gainera, joera nagusia edo-rekin. Aldiz, eta- rekin izenondoen zuzeneko juntadura (bulego argi eta lasaiak nahi dituzte guztiek) zen joera markatu gabea, eta sintagmak juntatzen zituen moldearekin (bulego argiak eta lasaiak nahi dituzte guztiek) indar berezia adierazten zen.

Juntagaiak perpausak direnean ere emendiozko juntadurako egoera berdinak sortzen dira. Batzuetan aditz osoa —eta beste zenbait elementu— eskas duten egiturak ditugu: hustuketa egiturak azal daitezke (Uztailean beharbada emaztearekin Indiara joango naiz, edo alabarekin Japoniara); edo sarritan, juntatzen ditugun bi perpausen artean desberdintasun bakarra bai edo ez —adierazten den ekintzaren baieztapena eta ukazioa— duten adibideak izango ditugu (Bihar esango dizut oporretara joango naizen edo ez), betiere bigarren perpausean ezeztapena azaltzen dela (*Esango dizut ez naizen joango edo bai). Beste batzuetan adizki laguntzailearen elipsia dugu (Mendira joango naiz, edo etxean geratuko), edo perpaus jokatugabeetako ezabaketen kasuistika; hauetan guztietan, emendiozko juntaduraren atalean azaldu ditugun aukera eta molde berak aurkituko ditugu edo-rekin ere, hizkera desberdintasunak barne.

28.5.2.4. Edo X edo Y

Batzuetan edo bi juntagaien aurrean ezartzen da, enfasia emanez. Juntagai horiek edozein kategoriatakoak izan daitezke, edo maila bereko edozein osagai izan daitezke —gogoan izan juntagaiek oro har bete beharreko baldintzez 2. atalean esandakoak—, baina funtzio sintaktiko bera izan behar dute: Ez dugu ordean guztiek edo bordarik, edo artarldearen erosteko ahalik (Xalbador); Ikasi behar dituzu, edo elizara zatozela, edo liburuaz edo bestez baliatzen zarela (Agirre Asteasukoa); Ez dira handik ateratzen edo ezkontzeko, edo serora joateko baizik (Laphitz); Edo dantzaria haiz, edo ez haiz dantzaria: beste aukerarik ez dago (Atxaga)233. Bi balio nagusi desberdin har ditzakete halako egiturek, eskuinean daraman osagaiaren galdegaitasunaren edo mintzagaitasunaren arabera:

Aukera adierazten du adierazpen perpausean, galdegaiaren ezkerrean, edo galdegaiaren aposizio diren juntagaien ezkerrean errepikatzen denean: Haren esana zen, edo padezitu, edo hil (Gerriko); Nehor mintzatzen zeikanean, edo disimulatzen zuen, edo zenbait hitz iokolariz […] ederztatzen duen (Axular); Urrunera doana ezkontzera, edo da enganaitu, edo doa engainatzera (Oihenart); Edo hilko da biharko, edo hasiko da osatzen (Kirikiño); Ahalegin guztiak zuzendu behar dituzue, edo zuen egitasmoa aurrera eramatera, edo ordezko bideragarriak garatzera. Galde perpauseko galdegaien aurretik ere errepika daiteke: Nola egingo duzue hobeto, edo lanak banatuz, edo guztiok elkarrekin garatuz? Baita galde perpaus osoen aurretik ere: Edo grazia galdu, edo begia galdu? Edo pekatu egin, edo izterra galdu? (Frai Bartolome).

Orobatasuna adierazten da beste batzuetan. Bi osagairen artean doanean ere hartzen du balio hau, eta errepikaturik agertzetik sortzen bide da banakaritza ñabardura: Asko izaten dira ezkonduen artean, edo gurasoen, edo senideen, edo adiskideen erreguagatik, batere gogo bagarik ezkondu zirenak (Frai Bartolome). Ala, nahiz eta zein ere aurki daitezke errepikaturik balio honetan.

Nolanahi ere, ez da beti erraza izaten ‘aukera’ edo ‘orobatasuna’ adierazi nahi den zehaztea. Berdin gertatzen zen edo bi juntagaien artean kokatzen zenean ere.

Bestalde, perpausen aurrean errepikaturik ere aurki daiteke edo, baldintza kutsua hartuz batzuetan: Edo harrizkoa zara, edo ezin daiteke dei hain amodiotsuari ez erantzutea (G. Arrue). Aukera adieraziz besteetan: Eta bitarik bat: edo pagetan deust munduak egiten dodana bera gaitik, edo ez (Añibarro).

28.5.2.5. X edo

Juntagai bakarraren ondotik edo ematean, bigarren aukera zehaztu gabe uzten da, eta era zabalean ‘gutxi gorabeherakotasuna, zehazgabetasuna, ziurgabetasuna…’ adierazteko erabiltzen da sarri. Antzera gertatzen zen, neurri batean, eta emendiozko juntagailuarekin ere. Bereziki Hegoaldeko testuetan azaltzen da. Edozein kategoriatako juntagaien ondoren etor daiteke, eta ahozkoan enklitiko bihurtzen da, aurrekoarekin batera ahoskatuz. Era askotako adibideak aurki daitezke: Halako masoi usaina edo dariolako (Mitxelena); Zertan garen edo jakitera nator (Agirre); Zikiro pare bat edo, erretzen dute kanpoan (Xalbador); Aita edo itoko zitzaion (Agirre); Handik ordu-erdira edo, igaro zen ostalaria etxe aurretik (Kirikiño); Nondik zetorren? Jaungoikoak badaki. Azkaindik edo, Saratik edo, bide honek toki askotara jotzen du eta (Agirre); —Beraz, beti dabiltza itsasoko urak jiran gurpila legez? —Bai edo, eta beste hainbeste jazotzen da eguzkiagaz (Uriarte); Itsaspekorik agiri ote zen edo beti itsasora begira (Oñatibia).

Nabarmendu behar da partizipioa + edo ere ager daitekeela, bereziki bizkaierazko testuetan: Il edo da (Uriarte); Gaixotu edo zara zu (Astarloa); Geure egiazko irudia atzendu edo zaigu (Mitxelena). Emendiozko juntagailuarekin horrelakoak ez dira zilegi (*atzendu eta zaigu).

Galde perpausetan ere aurkitzen dira halako egiturak: Zergatik jokatzen duzu horrela? Maite ez nauzulako edo? Nolabait esatearren, hipotesi moduko galderak egiten dira askotan. Batzuetan, galde perpausarekin batean azaltzen da, bai/ez erako galderetan, indargarri modura, ala bezala: Zer bada, jende handi-mandiak ez al du edaten edo? (Labaien). Edo-ren aurretik etena egiten da horrelakoetan.

28.5.3. Edota juntagailua

28.5.3.1. Juntagailua eta juntagaiak

28.5.3.1a Edota juntagailu hautakariaren osaera gardena da: ‘edo + eta’. Baina juntagailu bakar beregain modura jokatzen du. Iparraldean jaso diren hiru lekukotasunetan eta forma osorik agertzen da; gainerakoetan ta forma laburtua, klitikoa, da ageri dena (bereiz, edo ta, nahiz elkarturik, edota, idatzirik). Ahoskatzerakoan, ohikoena, eta enklitiko bihurtzea da, edo juntagailuaren arrimura ahoskatuz.

Distribuzioari dagokionez, edo balioei dagokienez, parekotasun handia du edo-rekin; baina hura baino askoz gutxiago erabili izan da. XX. mendearen aurretik lekukotasun gutxi daude, eta dauden gehienak Hegoaldekoak dira. XX. mendean Hegoaldeko lekukotasunak bakarrik aurkitzen dira OEHko corpusean. Eta edo juntagailuarekiko desberdintasun nagusi bat du: sinonimo edo esanahi bereko atalen artean ez dela azaltzen. Eta zenbatzaileen artean ere ez da agertzen, eta ez dago X edota egiturarik.

28.5.3.1b Adierazpen perpausetan, perpaus beregainak elkartuz ager daiteke: Eskua emateko ez du pertza erortzen utziko, edota eskuaren ordez ez dio pertza luzatuko (Orixe). Mendeko perpausak ere elkar ditzake, jokatuak nahiz jokatu gabeak: […] gaixo daudelako, edota beren grinak oso moteldurik ez dauzkatelako (Gaztelu); Erlijio liburuak irakurriz edota errosarioa errezatuz pasatzen zituen orduak. Perpausa baino txikiagoko kategoriak ere junta daitezke, edo-rekin bezala: Jakintzatik, irakaskuntzatik edo ta erlijiotik hartutako bake-bideak (Villasante).

28.5.3.1c Galde perpausetan ere ager daiteke perpaus beregainak elkartuz. Batzuetan perpaus bakoitzak bere galdegaia du: Zer gerta ete zan lurrean, edota zer jazo yakon neskatilleari barruan? (Erkiaga). Beste batzuetan, aldiz, aukera bakarra osatzen duten galderak juntatzen ditu edota juntagailuak: Karlista zelako idatzi ote zuen Garoa gipuzkeraz edota, alderantziz, Garoa gipuzkeraz idatzi zuelako ote zen karlista? (Mitxelena). Mendeko galde perpausak —zehar- galderak— elkartuz ere azaltzen da, bakoitzak bere galdegaia duela: Gure aita ez zen axolatzen nola ari nintzen hazten, edota zein bihozgarbi nintekeen (Orixe).

Perpausak baino txikiagoko osagaiak elkartuz ageri denean, aukera bat galdegai ez diren juntagaiak elkartzea da: Nola dateke, […], zu hotzak eta goseak edota piztia gaiztoen atzaparrek ez hiltzea! (G. Arrue). Beste aukera, galde sintagmak elkartzea: Zeren giñoko edota zein esteritako lapurretak egin ete zituan Zorriztok? (Erkiaga). Azkenik, galde hitz ez diren galdegaiak juntatuz ere aurki daiteke, edo galdegaiari loturiko juntagaiak: Zer dela onena deritzozue, ni oso oraziuai ematea, edo ta bestelaz Jaungoikoaren hitza adiarazteari? (Beobide).

28.5.3.1d Postposizio sintagmak juntatzen direnean, edota juntagailuarekin sintagma osoak juntatzea da joera orokorra: Jakintzatik, irakaskuntzatik edo ta erlijiotik hartutako bake-bideak gizadian nagusiagotzen doaz (Villasante). Benetan zaila da edota-rekin ardatz anitzeko sintagmen juntadura aurkitzea. Adibide askotan edota-ren aurretik pausa bat izaten da, eta horrek ere ardatz anitzeko sintagmen juntaduraren aurka egiten du.

28.5.3.2. Balioak

28.5.3.2a Adierazpen perpausetan edo juntagailuak har ditzakeen ia balio guztiak har ditzake edota-k, baina ez da erabiltzen sinonimoak edo antzeko izenak elkartzeko; ezta zenbatzaile zehaztuak elkartzeko ere. Honako hauek dira balio nagusiak:

Aukera balioa: juntatzen diren aukeretatik bakarra gauzatuko dela adierazten du askotan edota-k: Erantzun ere euskalduna naiz edo ta ez naiz euskalduna ta kito (Azkue).

Orobatasuna adierazteko: balio hau garbi ikusten den adibideak asko ez diren arren, ondokoetan behintzat edota-k orobatasuna adierazten duela dirudi: […] bata nahiz bestea edota biak batean, usain egingarri eta sentigarri zirela uste eban Nikanor’ek buru belarri (Erkiaga); Egun askotan […], sekulako erbi mordoa, edota eper-saila etxeratzen ebana (Erkiaga).

Lehenaren aldaera da bigarren juntagaia, edo lehen esandakoa zehazteko balio du bigarrenak: Nik ez dakit nor zaitudan, edota, baldin badakit, zeharbidez dakit (Mitxelena); Euskara, uste denez, irla berezia da, edota zehatzago esan, genetikaz berezia (Mitxelena); Hilabete osoa jateke pasatzea, edo-ta, jatekotan, eskuera daukaten hartatik jatea (Berrondo). Edo, nahiko antzekoa, lehen juntagaia beste modu batera esateko, hura azaltzeko: Haritzak zozpela beretarikoa omen, edota, beste nolarebait esan, ezpalak bere egurra dirudi ta egurrak bere ezkurra, edo, […], nolako zura, halako ezpala (Zaitegi).

Lehen juntagaian esan denari baldintza-kutsua emateko, batzuetan, bestela diskurtso markatzailearen laguntzaz azaltzen da: Aska nazazue, edo ta bestela egingo diat nik ez-egitekoren bat gaur hemen (M. Lekuona).

Nolanahi ere, edo-rekin gertatzen den bezala, batzuetan ez da erraza edota juntagailuak zein balio hartzen duen ikusten.

28.5.3.2b Galde perpausetan, aukeraren balioa da nagusia. Kasu desberdinak aurki ditzakegu:

Bi galdera desberdin elkartzen ditu edota juntagailuak: Zertako bear yunagu toki oberik, edota zer ibili bearra zeukenagu toki billa irudimenez […]? (Orixe). Edota da, pare-parekoa duen edo-rekin batera, horrelako egituretan ager daitekeen juntagailu bakarra.

Galdegai diren juntagaiak elkartzen ditu edota-k: Lehenaldi luzea, igarota al zen luze, edota igarotzen ari zela? (Orixe). Horrelakoetan ala juntagailua du lehian.

Batzuetan, juntagaiak itxuraz adierazpen perpausa eta galde perpausa ditugu: Izan zaitezte gizonen baino Jaungoikoaren beldurrago; edota nahiago duzue Golo horri obeditu Jaungoikoari baino? (G. Arrue). Benetan, ordea, lehen perpausetik ondoriozta daitekeen zerbait litzateke bigarren juntagaia. Ala juntagailuarekin ere aurkitzen dira horrelako erabilerak.

28.5.3.3. Ezabaketak

Batez ere aditz-ezabaketak dira edota juntagailuaren adibideetan atzeman daitezkeenak. Ezabaketok —bai aditz osoarenak bai laguntzailearenak ere— eskuineko osagaian egiteko joera ageri da oro har: Oihalak orrazten ditu orrazi arantzatsuz, edota sutan egosten ardo goxoa indarra gutxitu dakion (Ibinagabeitia); Gainera, aurpegia garbitu nahiko zenutela… edo ta dutxa bat hartu (Labaien). Ezabaketei dagokienez, eta nahiz edo juntagailuetan ikusi dugun jokabidea agertzen du edota juntagailuak ere.

28.5.3.4. Tokia

Bi juntagairen artean bakarrik ez, juntagai bakoitzaren aurrean errepikaturik ere aurki daiteke, batzuetan edo… edota… bezala, besteetan juntagailu indartua emanik bietan, edota… edota… Ondoko adibideetan ‘aukera’ balioa adierazten du errepikaturiko juntagailuak: Zerura joateko bi bide bakarrak daude; edo pekaturik ez egitea, edo ta penitentzia (G. Arrue); Jauna, harriturik nago, ta zerzaz gehiago harritu, nik ez dakit: edo ta zure ontasun, ta pazienziaz, edo ta nire lotsagabeko atrebimentuaz (Kardaberaz).

28.5.4. Ala juntagailua

28.5.4.1. Juntagailua eta juntagaiak

28.5.4.1a Formaren aldetik aldaerarik ez duen juntagailu honek ere maila guztietako atalak elkar ditzake. Juntagailu hautakaria delarik, gramatikariak saiatu izan dira edo-rekin dituen desberdintasunak eta antzekotasunak zedarritzen. Horretarako, lehenik zer perpaus motatan ager daitekeen aztertu behar da, eta zer baliorekin erabili izan den.

28.5.4.1b Galde perpausetan sarri agertzen da ala. Juntatzen diren atalak perpaus beregainak nahiz mendekoak (zehar-galderak) izan daitezke: Zinez ote da zure eginbide mina, ala hortan ote da zure atsegina? (Xalbador); […] Iesus Krist elkhiten deia zelutik, ala […] han ere dago? (Belapeire); Ez dakit bertan jaio den ala datorren zerutik (S. Mitxelena); Zelan juzgauko dau, laguna deunga dan, ala ona dan? (Frai Bartolome). Zehar-galderak juntatzen direnean, batzuetan baiezkotasunaren eta ezezkotasunaren arteko hautua eskaintzen da, eta orduan amaieran ala ez erabili ohi da: Jainkoak badaki sendatuko zaren ala ez (Hiribarren); Ez zakiat auzia irabazi duan ala ez, baina hi ez haiz senargai ona Malentxorentzat (Agirre); Ez ezazula begira ea liburuaren egilea jakinsuna den, ala ez (Xurio).

Beste batzuetan sintagmak juntatzen ditu, askotan galdegai direnak: Ametsa ala egia da hau? (Kardaberaz); Egiguzu prediku bat, xuxen ala makur mintzo zaren jakin dezagun (Laphitz); Berehala ikusi behar da ea hura altxarazi duen kausa, barnekoa ala kanpokoa den (Haraneder); Orain, ordea, ez digu axola Cayatte zuzen ala oker dagoen jakiteak (Mitxelena). Ildo bertsuan, galdetzaile baten aposizio modura ageri diren atalak elkartuz ere sarri azaltzen da ala: Zer egin du Donostiak 70 urte hauetan, galdu ala irabazi? (Mitxelena); Zer zenuke nahiago? Berehala zerurat joan, ala […] arimaren galtzeko arriskuan bizi? (Laphitz); Zein zaldi da on edo hobeago, geldirik eta alferrik bere plazerera dagoena, ala ibiltzen eta manaiatzen dena? (Axular); Beriala igarriko dautzu zein markakua dan, Buick ala Chevrolet ala Citroen ala Amilkar ala… (Kirikiño). Azken adibide honetan, gainera, bi elementu baino gehiago juntatzen dira ala-ren bidez.

Baina sintagmen juntadura gauzatzen duenean, zenbaitetan galdegai ez diren elementuak ere agertzen dira juntaturik galde perpausetan: Gaztek ala zaharrek zer egin behar dute ilunduz geroztik? (J. P. Arbelbide); Igandeak ala bestak nola behar dira begiratu? (J. P. Arbelbide). Batez ere Iparraldeko autoreetan aurkitzen dira halako adibideak; eta juntagailuaren pareko balioa agertzen du halakoetan.

28.5.4.1c Adierazpen perpausetan ere erabiltzen da ala, batez ere Iparraldeko testuetan, baiezko nahiz ezezko perpaus bateko bi osagai edo gehiago elkartuz. Osagaiok ez dira perpaus jokatuak izaten. Hona adibide batzuk: Eta gizona gizon da, eta gizalegea gizalege, erdaraz ala euskaraz ari (Mitxelena); Hitz batetik ala bertzetik has dezazun solasa, zure eleak beti xuxen adosturen dira (J. P. Arbelbide); Handik aitzina han zagon, izan dadiela euri ala ateri, uda ala negu, gau eta egun (Joanategi); Uda ala negu, gauaz ala egunaz, edozein tenorez, eriaren meneko zen, beti (Barbier); Nor nahi har dezagun: ez jaun ala ba jaun (Hiriart-Urruti). Hiriart-Urrutiren adibideetan, esaterako, ala-k elkartzen dituen sintagmak askotan mintzagai den osagai baten aposizioan doaz, mugagabean oro har: Frantses ala arrotz, jakintsunak hitz bereko dira: bekatu litakela eskuara gal ladin (Hiriart-Urruti); Jaun argitu bat, mediku ala bertze, ahalge behar liteke holakorik iresteko… (Hiriart-Urruti).

Bestalde, ohartzen gara, postposizio sintagmak juntatzen ditugularik, ohikoa sintagma osoak juntatzea dela: Jende xeheak ez duela bihotzez ala buruz nehori zorrik (Hiriart-Urruti). Alde horretatik, aurreko juntagailu hautakarien jokamolde bera agertzen da; eta haietan bezala, adjektibo, erakusle edo zenbatzaileak egoteak izen-juntaketa errazten du: Trufa serorez, trufa gizon ala emazte fededunez; trufa otoitzaz (Hiriart-Urruti).

28.5.4.2. Balioak

28.5.4.2a Ala juntagailua galde perpausetan erabiltzen denean, elkar baztertzen duten aukerak juntatzen dira: Hilak ala biziak daude? (Iturzaeta); Ez dakit zinemara joango naizen ala etxean geratuko naizen. Juntagaien artean bat aukeratu behar dela adierazten dugu, eta gainerakoak baztertu. Horrexegatik dira askotan antonimoak ala-k elkartzen dituen osagaiak: “bai ala ez”, “pobre ala dirudun”, “bertan jaio den ala datorren zerutik”… Baina berez ez da nahitaezkoa kontrakoak edo antonimoak izatea. Bi osagai baino gehiago elkartzen direnean nabarmentzen da hau argiena. Aurretik eman dugun adibide bat berriro ekarriz: Beriala igarriko dautzu zein markakua dan, Buick ala Chevrolet ala Citroen ala Amilkar ala… (Kirikiño). Buick, Chevrolet, eta abar ez dira kontrakoak, baina marka batekoa izan behar du autoak, eta marka hori zein den aukeratzea da kontua. Hiztunak desberdintzat ditu, beraz, aurkezten dituen aukerak.

28.5.4.2b Adierazpen perpausetan, ostera, berdintsu zaizkigun aukeren aurrean gaudela adierazten dugu ala juntagailuaren bidez. Horrelakoetan hiztunak ez du desberdintasun handiegirik ikusten aukera baten eta bestearen artean; ez zaio axola bat nahiz bestea hautatu: […] eskualdun giristinotasunaz ala jazko haizeaz berdintsu axola dutenak (Hiriart-Urruti); Murde ala jaun bardintsu zautzue, ez dea ala? (Hiriart-Urruti). Orobatasuna adierazten da adibide hauetan, aurretik aztertu ditugun juntagailu hautakariak adierazpen perpausetan genituenean bezala; berdin(tsu) hitza azaltzeak ere laguntzen du interpretazio hori izaten. Areago, zenbaitetan multzo bateko talde desberdinak adierazteko-edo balioa duela dirudi, batez ere guztiak, oro, noiznahi eta antzeko sintagmen aposizioan doazenean ala-k elkartzen dituen osagaiak: Aski zen haren ikustea, noiz nahi, astelegun ala igande, bere artalde maitearen erdian (Hiriart-Urruti).

28.5.4.3. Ezabaketak

Juntagaietan errepikatzen diren elementuak ezabatzeko aukerari dagokionez, juntagailu hautakari guztiek antzeko jokabidea dute (ikus edo juntagailuari buruz esanak); eta, orokorrean, emendiozko juntaduraren atalean aipatutako joerak gainerako guztietarako baliagarri dira. Baina ala juntagailuaren kasuan, bada oso sarri azaltzen den molde bat: ezkerreko perpausa osorik dago, eta galde perpausa da; ala juntagailuaren ondoren, ezkerreko galdegaiarekin aukeran jartzen dugun elementua bakarrik daukagu: Eure burutatik hoa, ala aginduta? (Kirikiño); Elizgizonak bakarrik ote dira eliza ala elizgizonak eta beste zenbait? (Mitxelena); Galdegiten diogu atxoari etxetiar direnez, ala etxezain, ala etxearen jabe (J. Etxepare). Baiezkotasun/ezezkotasuna ere izan daiteke galdegai eta aukeragai: Egia hauek sinesten ote ditut, ala ez? (Baratziart); Ez zuen begiratzen […] baizik irabazi edo atseginen bat emango zion, ala ez (G. Arrue). Bestalde, bi postposizio sintagma elkartzen direlarik, izena errepikatzen bada, eskuineko osagaian egiten da ezabaketa: Hauta dezagun, bada, behin eta betiko zer nahi dugun: euskara garbia ala bizia (Mitxelena); Zoin laster asetzen giren solasik arinenez ala pizuenez (Hiriart-Urruti).

28.5.4.4. Tokia

28.5.4.4a Orain arteko adibideetan, elkartzen dituen osagaien artean aurkitu dugu ala juntagailua. Baina juntagai bakoitzaren aurrean kokatua joan daiteke (ala X, ala Y) eta galde perpausetan osagai bakarraren ondoren zintzilik ere geratu ohi da (X ala), eta eta edo juntagailuekin gertatzen zen bezalaxe.

28.5.4.4b Ala X, ala Y. Galde perpausean, galdegai bakoitzaren aurrean ezar daiteke, aukeraren balioarekin: Galdegin zioten zein nahi zuten libra ziozoten bietarik, ala Jesus […] ala Barrabas (Larregi); […] aurtiki zioten zenbait ur burutik behera. Eta ez dakigu ala ustekabean, ala berariaz (Axular); […] ez dabela jakingo heriotzako ordua artean, ala bekatu mortala ala beniala egin daben (Frai Bartolome); Eta beldurraren beldurrez ez zekien zer egin ere: ala ohe azpian ezkutatu ala ate-osteko zulotik begiratu (F. Bilbao). Ondorengo adibidean, zehar-galderak dira galdegai: Ez dakigu orain, ala sakeletik igarri barik atera ote eutsozan ala gizon hark berak, joskinari eman ote eutsozan (Kirikiño). Batzuetan galdegai diren bi elementu baino gehiago ere ager daitezke: Ala tiro batez, ala urean, ala gaitzak bet-betan ezagutza kendurik hilen naizen, nihork ezin erran (Duvoisin); Egiazko pazientak ez du behatzen norengandik heldu zaion, ala heldu zaion goragokoagandik, ala berdinekoagandik, ala beheragokoagandik, ala prestuagandik, ala gaixtoagandik (Xurio).

Adierazpen perpausetan ere azaltzen dira molde honetakoak, askotan balio banakaria emanez. Juntagaia, bestalde, edozein kategoriatakoa izan daiteke: […] eginbide hori, mendez mende beti errepikatu eta finkatu izan dute ala aita-sainduek ala kontzilioek ala enperadore, errege eta gobernamendu suerte guztiek (J. P. Arbelbide); Ala mendietan, ala zelaietan, non-nahi ongi heldu da (Duvoisin); Ala jan dezazun, ala edan dezazun, ala besterik zer nahi egin dezazun […] oro Jainkoaren glorietako egizu (Uscara libria). Beste batzuetan, emendiozko juntagailuaren pareko balioa har dezake: Ala aitorensemek, ala apezek, bai eta apezpikuek berek entsegu franko badarabilte herriko mintzaira zahar ederra xutik atxiki beharrez (J. P. Arbelbide). Eta balio bera hartzen du, galde perpausetan egon arren, galdegai ez diren juntagaien aurrean ezartzean: Nondik jali, asko herri ttipi erromesetan, ala mutikoen ala neskatoentzat eskola berezi baten egiteko […] dirua? (Hiriart-Urruti). Hauetan guztietan orobatasuna adierazten da, juntagai bat edo bestea izan axola handirik ez duela.

28.5.4.4c X ala. Aurretik eta nahiz edo juntagailuekin ikusi dugun bidetik, X ala motako egiturak ere badira, baina ingurune sintaktikoen aukera mugatuagoa da234. Ala juntagailua bai/ez erako galde perpausen ondotik zintzilik uzten dugu batzuetan, batez ere bizkaierazko testuetan. Orduan, aurretik esan denetik, edo dugun informaziotik abiatuz, nolabaiteko ondorio edo hipotesi bat aurkezten da ala juntagailua amaieran duen galderaren bidez: Egun ederra daukazu basorako. Perretxiko bila zoaz ala? (Kirikiño); Zer dinostazu? Ezbeharren bat jazo jatzu ala? (Otxolua); Zer, zu ere Galilearra zara ala? (Iraizoz). Aurreko adibideetan, egoera zein den kontuan izanik, hiztunak bere ustez aukera sendoenak liratekeenei buruz galdetzen du (‘perretxiko bila joatea’; ‘ezbeharren bat gertatu izana’; ‘galilearra izatea’), nahiko ziurtzat dituen uste horien zuzentasunaz. Baina beste askotan ‘hiztunarentzat aukera okerra, sinesgaitza edo ezustekoa’ dela adierazi nahi izaten da, galdera erretorikoen kutsuarekin, enfasia emanez: Zer nahi duk ba, putz eginda aberastea ala? (San Martin); Zer ba, ama birjina-edo agertu zaizu ala? (Bitaño); Gure hizkuntzaren egoera larriak ez zaituzte nahigabetzen ala? (Mitxelena). Batzuetan ala ez da amaieran ezartzen, perpaus barnean aditzaren ondotik baino: Ez zaituedaze ala zuek be ipuinzale? (F. Bilbao).

Batzuetan, antzeko balioarekin, ala galde perpausaren hasieran agertzen da: Zertatik sortu da iskanbila hau? Ala demonioak yabiltzubez barruan? (Otxolua); Bakotxak bere berri daki; nik neure. Ala nahuzue aitor dezazuetadan egia? (Hiriart-Urruti); Bihar hondartzara joango gara. Ala beti zuk nahi duzuna egin behar dugu? Horrelakoetan diskurtso markatzaileen moduko erabilera izango genuke.

28.5.5. Beste molde batzuk

28.5.5a Juntaduraren atalaren hasieran saiatu gara juntagailuak gainerako elementuetatik —menderagailuak, diskurtso markatzaileak— bereizteko irizpideak ematen. Esan dugu emendioaren, hautakaritzaren edo aurkaritzaren balioak beste molde edo egitura batzuen bidez ere lor daitezkeela: alborakuntza eta diskurtso markatzaileak erabiliz; lotu nahi diren elementuen aurretik adberbioak eta beste zenbait elementu errepikatuz; etab. Gramatiketan, batzuetan, elementu horiek juntagailutzat hartu izan dira. Baina bai EGLUn, bai hemen, bestelako ikuspegia defendatu dugu. Nolanahi ere, juntadura hautakarira gehiena hurbiltzen diren elementuak azalduko ditugu jarraian.

28.5.5b Nahiz/Zein. Tradizioan mendebaldeko testuetan agertu izan dira bereziki. Areago, zein bizkaierazko testuetan bakarrik aurkitu dugu. Nahiz, bizkaierazko testuetan, nai aldaeran azaldu ohi da sarri.

Bi elementu hauen izaera aztertzeko unean, bada oso kontuan izan beharreko ezaugarri bat: biak ere ez direla diskurtso markatzaileen laguntzan ageri, baina juntagailuekin batera ager daitezkeela. Ondorengo adibideetan eta emendiozko juntagailuarekin eta edo hautakariarekin batera azaltzen zaizkigu: Nahiz ardoa, nahiz ura edo nahiz petrolioa, edozer behar eban egarriak itoko ez baeban (San Martin); Nola nahi den dela, begiratu behar da ihardukitzetik eta etsaiaren akometatzetik, nahiz dela etsai hura zure berdin, nahiz handiago, eta nahiz ttipiago (Axular). Hirugarren atalean (§ 28.3 “Juntadura eta menderakuntza”) emandako irizpideak kontuan hartuz, juntagailuekin batera agertzeak diskurtso markatzaile direlako baieztapenera eramango gintuzke. Alde honetatik, dela… dela… / bai… bai… eta antzeko formulen pareko lirateke, hauek ere izen sintagma, adizlagun, perpaus jokatugabe edo mendeko perpaus jokatuen aurrean ezartzen direnean banakaritza balioa adierazten baitute.

Nahiz eta zein erabiliz elkartzen diren osagaiak perpausa baino kategoria txikiagoak izaten dira oro har: Beti bizi izan dira asko alperrak […] eurena ez den gauza atrapetan zuhurrak: basoak nahiz piztiak, harriak nahiz lurrak (E. Azkue); Martinek arrazoia eduki zein ez eduki… (Arrese Beitia); Eta hitz batek, ingurukoak gehitzen, gutxitzen nahiz aldatzen bazaizkio, ezin lehengoan iraun (Mitxelena). Ala juntagailua bezalaxe, aposizioan doazen sintagma absolutu mugagabeak elkartuz ere aurkitzen dira: Erbi zein koneju, meriendatxo bat eman beharko deustak behintzat gaur adar-jotze honen ordez (F. Bilbao); Beti agurrik zintzo eta beroena, aberats zein txiro, guztientzat (F. Bilbao).

Balioari dagokionez, ‘orobatasuna’ adierazten da nagusiki nahiz eta zein duten egituretan, hiztunari edo idazleari aukera bat edo bestea berdintsu zaiola agertuz: Urliari nahiz sandiari galdetuaz ez dugu auzi hau garbituko (Villasante); Ikusiko duzue zein polito ikasiko deutsuen aita gurea nahiz beste edozein leziño (F. Bilbao); Gure aldikoa izan balitz, gure gisako gizona eta idazlea izango genukeen, hobea nahiz kaxkarragoa, baina antzekoa eta kidea (Mitxelena); Baina, gure esanak gora-behera, gazteok bihoaz aurrera, gurekin nahiz gure gainetik (Lizardi). Balio hau edo/edota/ala juntagailu hautakariek ere hartzen dute, eta batzuetan adibide berean orobatasuna adierazteko juntagailu hautakari horiekin txandatuz aurki ditzakegu: Hizkuntza bat edo bestea jakiteak, ongi ala gaizki, hala nahiz honela mintzatzeak, Pygmalion ez da gure artean ezaguna, larru-azaleko koloreak baino gehiago batzen eta bereizten gaitu (Mitxelena).

Hala ere, batzuetan badirudi ez dela ‘orobatasuna’ adierazten, baizik eta ‘aukera’ baliotik gertuago dagoela: […] ez dela berdin, asmatzea batek bere arteko grina edo inklinazio txar karidadearen kontrakoa, zein karidadean huts egitea (Añibarro). Azken adibide honetan eta emendiozkoaren pareko dela esango genuke.

Postposizio sintagmak elkartzen dituztenean, juntagailu hautakariek bezalako jokaera erakusten dute, eta sintagmak osoak azaltzen zaizkigu gehienetan nahiz eta zein-ekin: Ikusbide ederra zegoen zeruan zein lurrean, inguru guztietan (Etxeita). Ardatz izenak zuzenean juntaturik dituzten adibideak ere agertzen dira tarteka: […] behartu ditu azkenean linguistak, hizkuntzalariak, beste jakiteetara, inguruko nahiz urrutikoetara, begiak iraultzera (Mitxelena). Horrelakoak errazteko baldintzak xehetasun handiagoz azaldu ditugu eta emendiozko juntagailuaz aritu garenean, eta juntagailu guztietan errepikatzen dira: pluralekoak izatea; determinatzailetzat zenbatzailea edo erakuslea hartzea; bi izenei dagokien izenondo edo izenlagunak edukitzea; eta abar. Hona adibide batzuk: Gizon nai giza-aldra bakotxak besteakazko artu-emonetan… (Eguzkitza); […] hosto nahiz orbel erorietan lotsati (Azurmendi); Mila eta handiak badira ere hemengo haitz zein mendiak (Arrese Beitia).

Elementu hauek hartzen duten tokiari dagokionez, nahiz eta orain arteko adibideetan nahiz eta zein elkartzen diren bi osagaien artean kokaturik ikusi ditugun, osagai bakoitzaren aurrean errepikaturik ere ager daitezke, balio banakaria hartuz; eta elkartzen diren osagaiak bi baino gehiago ere izan daitezke. Baina ez dira perpaus askeak izaten, osagai edo elementu txikiagoak izaten dira ‘juntagaiak’: Nahiz frantsesez, nahiz alemanez, nahiz ingelesez, mundu guztiko liburuetan topetan ditu berak ikasitako berbak (Oskillaso); Nahiz txantxetan zoazela, nahiz benetan zoazela, berdin berdin erreko zaitu hango suak (Astarloa); Zein bekatu guztia ezkutatu, zein estalgarriekin eskusatu, oro bat da (Mogel). Nahiz eta zein-en kidetzaren lekuko, txandaturik ere ager daitezke bata osagai baten eta bestea bigarren osagaiaren aurrean: Aritx maitea nahiz dela osasunaz, zein gaixo txarretan, nahibagez hondaturik, zein atseginetan (Etxeita).

Bestalde, juntagailu batzuek —eta, edo, ala— bazuten aukera juntagai bakarraren ondoren azaltzeko, bigarren juntagairik gabe (Miren eta etorri dira), baina nahiz eta zein ezin dira juntagai bakarren ondoren zintzilik utzi. Ondorengoak bezalakoak ezinezkoak dira: *Edozer jango luke, legatza nahiz… / *Edozer jango luke, legatza zein…

28.5.5c Ezpa. Antzinako autore batzuek, hala nola Etxepare, Leizarraga edo Pouvreauk, ezpa erabili izan dute juntagailu hautakari bezala, perpausetik beherako atalak juntatuz; gainerakoan badirudi edo-ren distribuzio bera duela (bi zenbatzaileren artean edo bi sinonimoren artean koka daiteke; bai eta bi galde hitzen artean ere). Dena den askotan ez da batere garbi ikusten ezpa juntagailu hautakari den ala ezpada-ren baliokide. Nolanahi den, adibide argi samarrak iruditzen zaizkigu ondokoak bezalakoak: Eta lehenik, gauza klaroa da, ezen Iainkoaz ordenatu ezpa manatu etzaikun guzia, gure libertatean dela (Leizarraga); Zer axola duzu hau hunelako ezpa horrelako izaiteaz, edo hura hunela ezpa horrela haritzeaz edo mintzatzeaz? (Pouvreau).

28.5.6. Balioak eta juntagailuak: laburpena

Hautakaritzaren atalaren hasieran esan dugu, euskararen gramatiketan juntadura hautakaria aztertu izan denean, arreta berezia jarri dela askotan edo eta ala juntagailuen erabileran, eta dituzten bereizgarrietan. Esan izan direnetako batzuk ere ekarri ditugu. Atalean zehar juntagailu bakoitzaren nondik norakoak xehetasun handi samarrez azaltzen ahalegindu ondoren, honako hau da juntagailu hautakarien eta har ditzaketen balioen ikuspegi orokorra.

28.5.6a Edo da juntagailu hautakari bakarra:

bi sinonimo juntatzeko: garbitasun eta kastidadea.

bi zenbatzaile zehaztu juntatzeko, galde perpausetan ez bada: bi edo hiru liburu.

28.5.6b Edo eta edota, biak ager daitezke ondorengo ingurune sintaktiko eta balio hauetan:

Adierazpen perpaus jokatuak elkartuz. Askotan murriztapen-kutsua (edo behintzat, edo bederen) adierazten du juntagailu hautakariak. Orduan bigarren juntagaiak ez du egiaz aukera desberdintasuna adierazten, baizik lehenak adierazten duenaren aldaeratzat edo hartzen da: Andonik esan du bilerara etorriko dela edo/edota bestela txostena bidaliko duela.

Adierazpen perpausetan, perpaus jokatugabeak edo sintagmak elkartuz, ‘aukera’ adierazteko: Hil edo biziko auzia dela esan digu; Erantzun: euskalduna naiz edota ez naiz euskalduna. Alde honetatik azken urteotan hedatu den joerak, hau da, bi antonimoren (kontrakoa adierazten duten bi hitzen) artean ala juntagailua ezartzeak (hil ala biziko auzia), ez du literaturan tradiziorik.

Galdera desberdinak adierazten dituzten galde perpausak edo bi galde hitz juntatzeko: Ez al diguzu esan behar noiz edo/edota nola joango zaren?; Trena huts egin duzu edo/edota zer arraio gertatu zaizu hain berandu heltzeko?

Galde perpausetan, galdegai ez diren juntagaiak elkartzeko: Zer zerikusi du horrek ezkonduta edo/edota ezkongai egoteko?

28.5.6c Edo eta ala, biak ager daitezke ondorengo ingurune sintaktiko eta balio hauetan:

Bi perpaus elkartzen direnean, bien artean aukera (galdera) bakarra adieraziz: Zinemara joango gara edo/ala nahiago duzu etxean gelditzea?

Galde perpausean, galdegai diren atalak elkartzeko: Zer hartuko duzu, ardoa edo/ala sagardoa? Bi juntagailuak erabiltzen dituzten euskaldunentzat edo “koine” bat erabiltzen ohituak diren idazleentzat, normalagoa da halakoetarako ala hautatzea. Ohart gaitezen, bestalde, aurreko adibideak ‘aukera’ balioa hartzen duela, juntagai baten edo bestearen arteko aukera adierazten dela (ardoa/sagardoa); eta balioa bera da edozein juntagailu (ala nahiz edo) erabiltzen delarik ere.

28.5.6d Edo eta ala (batez ere ipar-ekialdean):

Biak agertzen dira perpaus jokatugabeak eta era guztietako sintagmak (perpausa baino txikiagoak) juntatuz ‘orobatasuna’ adierazteko, juntagaien artean bata zein bestea berdintsu zaigula aditzera emateko: Hizkuntza bat edo bestea jakiteak, ongi ala gaizki, hala nahiz honela mintzatzeak […] larru-azaleko koloreak baino gehiago batzen eta bereizten gaitu (Mitxelena). Eginkizun honetarako nahiz eta zein ere erabiltzen dira Hegoaldean, baina esan dugu diskurtso markatzaileen ezaugarrietatik gertuago daudela.

28.5.7. Aditzarekiko komunztadura

Emendiozko juntadura aztertu dugunean, esan dugu eta-k juntagailuen batuketa bideratzen duela aditzarekiko komunztadurari dagokionez. Baina juntagailu hautakarien ‘oinarrizko balioa’ ez da batuketa edo gehiketa. Juntadura-egiturak kasu bakoitzean bideratzen duen balioak eragin zuzena du aditzarekiko komunztaduran; zehatzago esateko, balio horietako bakoitzak erreferentziak ezartzeko unean duen jokamoldeak du eragina. Juntadura hautakarian aipatu ditugun balioek —aukera, orobatasuna, sinonimia— eragin handiagoa dute erabiltzen den juntagailu hautakariak —edo, ala, edota— baino.

Aditzarekiko komunztadurari dagokionez, numero komunztadura eta pertsona komunztadura aipatu ditugu. Sinonimia —estua edo zabalxeagoa— dagoenean, adibidez, hirugarren pertsonako juntagaiak erabili ohi dira, eta juntagai horiek singularrekoak direnean, aditzarekiko komunztadura ere singularrekoa izan ohi da: Aurrez aur ifinten jako betirauna, edo eternidadea (Añibarro); Karta edo gutuna helarazi didate. Eta oro har, edozein baliorekin ari garelarik ere, juntadura hautakarian singularreko komunztadura da nagusi hirugarren pertsonarekin: Jon edo Andoni etorriko da; Mirenek ala Joxepak esan dizu? Aukeraren balioak erraztu egiten du komunztadura hori. Orobatasuna adierazi nahi denean, bide desberdinak aurki daitezke: Neguak, edo goseak, edo ur eskasiak, apalduko zuen/zuten esploratzaile gazte haien harrotasuna. Beste batzuetan, juntagailu hautakariaren bidez emendioaren gertuko adierak azaldu nahi direnean, pluraleko adibideak aurkituko ditugu: Euskal Herria, edo Espainia edo Frantzia edo honelako beste edozer, hitz bat baino gehiago dira (Mitxelena). Nolanahi ere, gogoan izan ez dela beti erraza izaten adibide bat zehazki zer baliorekin esan nahi izan den jakitea.

Lehenengo edo bigarren pertsonako juntagaiak azaltzen direnean, ordea, zalantza handiagoak izaten dira: Zu ala ni joango ????; Zuek ala ni joango ???? Tradizioan badira horrelako hautakaritza-juntaduretan plurala azaltzen duten adibideak: Zeuk ala neuk hasiko dugu erregua? (Arrese Beitia); Zuk ala nik nola dakikegu lege batek zer hedadura duen (J. P. Arbelbide). Baina badira bestelakoak ere. Halakoetan, sintagma singulartzat hartzen da eta, pertsona komunztaduraz den bezainbatean, bigarren sintagmak agintzen du: Zu ala ni joango naiz?; Zuek ala ni joango naiz?; Orain ez dakit, Jauna, zu edo ni aldatu ote naizen (Xalbador). Beste aukera bat perpausa bi zatitan banatzea da, komunztadura arazorik sortzen ez duen egitura hautatuz: Nor joango da, zu ala ni?; Nor joango da, zuek ala ni? Tradizioan ere badira horrelako adibideak: Eztabaida honetan, nork galtzen duela deritzok, hik ala nik? (Zaitegi); Gaur ikusiko nor helduko den hobeki, zu otoitzean ari izanik, ala ni dantzan jostaturik (Barbier). Jakina, perpaus juntadura garbiaren bidez ere egin daitezke horrelako itzuliak: Zu joango zara, ala ni (joango naiz)?

28.6. Aurkaritzako juntadura

28.6.1. Sarrera

28.6.1a Aurkaritzako juntaduran bi juntagaien arteko nolabaiteko kontrakotasuna adierazten da, eta gehiena erabiltzen den juntagailua baina da: Garaiz jaiki naiz, baina berandu iritsi naiz lanera; Uzta ugaria da, baina langileak gutxi dira. Nolanahi ere, hizkuntzan aurkaritzaren balioa beste molde batzuekin ere lor daiteke. Alborakuntza hutsa bera, esate baterako, nahikoa izan daiteke inoiz horrelako elkarketa bideratzeko: uzta ugaria da, langileak gutxi. Eta juntagailuak ere —adiera desberdinetara irekia dagoen oinarrizko juntagailua izaki— nolabaiteko aurkaritza adierazten duen juntadura gauzatu dezake: Uzta ugaria da eta langileak gutxi. Horrelakoetan, noski, juntaturiko perpausek erakusten duten kontrako esanahiari berari zor zaio aurkaritza balioa, ez alborakuntzari edo eta juntagailuari.

Berez eta berariaz aurkaritza adierazten duen baina bezalako juntagailu batek eta beste molde hauek duten desberdintasuna argi ikusiko dugu ondorengo adibideekin. Aldera ditzagun ondoko bi perpausak: Gaztea da, eta langilea; Gaztea da, baina langilea. Eta juntagailua erabiliz gauzatzen den juntadura aski irekia da balioaren aldetik, eta testuinguruaren argitara ulertu beharko da: aurkaritza-kutsua duena izan daiteke, jakina; baina baita emendiozko soila ere, hau da, gazte izateari langile izatea besterik gabe gehitzen diona; eta are ondoriozkoa ere izan daiteke, hots, langile izatea hain zuzen gazte izatearen ondorio suposatzen duena. Baina daraman perpausa esaten duenak, ordea, berariaz adierazten du aurkaritza; gazte eta aldi berean langile izatea zaila dela suposatzen bide du eta agerian ipintzen du bere ustea, baina erabiliz.

28.6.1b Bestalde, gramatikari askok nabarmendu dute aurkaritzak badituela juntaduratik aldentzen duten ezaugarri batzuk. Emendiozko juntaduran eta juntadura hautakarian juntagaiak ordenaz alda daitezke, esanahian eraginik izan gabe: Jon eta/edo Mikel; Mikel eta/edo Jon. Perpausak elkartuz: Jon etorri da eta Mikel joan da; Mikel joan da eta Jon etorri da. Emendioan eta hautakaritzan juntagailuak semantikoki neutroagoak dira, oinarrizko balioan ‘gehiketa’ eta ‘aukera’ balioak bideratzen dituzte, eta juntagaiak ‘simetrikoak’ direla esan ohi da235. Aurkaritzan, ordea, kontrakotasun balioa dagoelarik, juntagaien ordena aldatzeak eragina du adibide osoaren interpretazioan.

Har dezagun, esaterako, ondorengo bikote hau: Asko ikasten du, baina ez du irakasgaia gainditzen; Ez du irakasgaia gainditzen, baina asko ikasten du. Lehenengo adibidean hiztunari gehiago axola zaio azterketako emaitza ikasketa prozesua baino; nolabait esatearren, ‘asko ikasten du, eta asko ikasiz gainditu beharko litzatekeela pentsatzen dugun arren, ikasle honen kasuan ez da betetzen, eta ez du irakasgaia gainditzen’. Bigarren adibidean, ordea, ikaslearen ahaleginean jartzen du arreta handiagoa igorleak, eta adierazi nahi du, gutxi gorabehera, ‘azterketak gainditzen ez dituenez, pentsa daiteke ez dela askorik saiatzen, baina kasu honetan, gehienetan gertatu ohi denaren aurka, ez da ez saiatzearen ondorio, ziur bainago ikasleak lan asko egiten duela’.

Antzera gertatzen da adjektiboak juntatzen direnean ere: har ditzagun polit eta garesti adjektiboak. Zerbait izan daiteke, emendiozko juntadura erabiliz polita eta garestia; edo garestia eta polita; eta hor ez da desberdintasun handirik. Aurkaritzako juntadura erabiltzean, ordea, delako gauza hori erosteko asmo handiagoa sumatuko diogu garestia baina polita dela dioenari, polita baina garestia dela esaten duenari baino. Aurkaritzako juntaduran, ezaugarri semantiko eta pragmatikoen ondorioz, bigarren juntagaiak ematen du mezu nagusia, eta alde horretatik, ez du gainerako juntadura-motek adinako simetrikotasunik.

Ildo horretan, gramatikari batzuek proposatu izan dute egokiagoa izango litzatekeela juntadura eta menderakuntza bi sail bereizi modura aurkeztu ordez mailakatzearen bidetik joko balitz. Mutur batean emendiozko juntadura eta juntadura hautakaria egongo lirateke. Beste muturrean, aditzarekin lotura handiena duten mendeko perpausak, perpaus osagarriak. Eta tartean, mailaka, gainerako egiturak. Lehenengo muturretik hurbilena aurkaritzako juntadura izango genuke; eta gertu, kontzesiozkoak —antzeko aurkakotasuna adierazten dute— eta baldintzazkoak, bietan ere ‘bi-perpauseko’ egiturak azaltzen baitira, erlazio semantiko/pragmatiko bereziekin. Eta batzuetan hiru hauentzat —aurkaritza, kontzesioa, baldintza— multzo berezi bat ere proposatu izan da. Nolanahi ere, gramatika gehienetan juntaduraren eta menderakuntzaren arteko bereizketari eusten zaio. Eta hemen ere, juntadura eta menderakuntza bereizteko eman ditugun irizpideak tarteko (§ 28.3), aurkaritza juntaduraren barnean sailkatuko dugu.

28.6.1c Berariaz aurkaritzakoak diren juntagailuen artean, bi aurkaritza mota aurkituko ditugu:

Lehena, baina juntagailuaren bidez gauzatzen da euskalki guztietan, eta nolabait ere bata bestearen kontrako diren bi juntagai elkartzen dira: Etorri da, baina ez da hemen gelditu. Horrelakoak aipatu ditugu orain arte.

Bigarren moldea, galdegai bat ezeztatuz eta haren lekuan beste bat baieztatuz gauzatzen da: Ez da nire nahia, baina/baizik/ezpada zurea; Ez da nire nahia, zurea baizik/baino. Euskalki diferenteetan juntagailu desberdinez bideratzen da: Iparraldean baina erabiltzen da eskuarki; Hegoaldean, berriz, baizik, baino eta ezpada erabiltzen dira nagusiki, azken biak mendebaldean batez ere. Horiexek dira behintzat joera nagusiak, aipaturiko mugak guztiz zehatzak ez badira ere.

28.6.1d Azkenik, gogoan hartu behar da juntaduraz bestelako egitura batzuetan ere erabiltzen dela inoiz baina hitza —menderakuntza gisako egituran edo lokailu gisa, hain zuzen—, eta baizik eta baino hitzek, bere aldetik, balio murriztailea dutela zenbaitetan.

28.6.2. Baina juntagailua

28.6.2.1. Sarrera

28.6.2.1a Aurkaritzako juntagailu nagusia da, eta Euskal Herri osoko idazleek erabili dute. Hizkeraren arabera zenbait aldaera agertzen dira: bana, bainan, baia, bena, baino… eta horietako batzuetan, palatalizazioaren eraginez, grafia desberdinak ager daitezke; adibidez, baina, baiña, baña.

28.6.2.1b Gramatika eta hiztegi gehienetan aditzera ematen denez, nolabait kontrajarriak dauden bi perpaus edo bi sintagma elkartzeko erabili ohi da eskuarki baina juntagailua. Bata bestearen ‘aurka’ dauden bi esaldi juntatzeko, alegia. Baina aurka egoteak, kasu honetan, ez du esan nahi lehenengo juntagaiak esaten duena bigarrenean ezeztatzea, edo lehenean ezeztatzen dena bigarrenean baieztatzea: aurkaritzako juntadura ez da A baina ez A gisako lotura, hori logikaren legeak haustea izango bailitzateke. Aurreko perpausari ez, hark iradoki edo suposaraz dezakeen zerbaiti egiten dio kontra bigarrenak. A perpausak B iradoki edo suposaraz dezake, baina hala ere kasu honetan ez B gertatu da: horra, gutxi gorabehera, aurkaritzako elkarketan esaten dena.

28.6.2.1c Ikus ditzagun, esate baterako, honako adibide hauek: Nire erlojua merkea da, baina ona; Euria ari du, baina ez naiz bustiko. Hori esaten duenak honako hau adierazten du gutxi gorabehera: ‘nire erlojua merkea da, bai, baina, hala izanik ere eta erloju merkeak gehienetan txarrak izaten badira ere, nire hau ez da txarra, ona da’; eta ‘euria ari du, bai, baina, hala izanik ere eta euria egiten duenean bustitzeko arriskua badago ere, oraingoan ni ez naiz bustiko’.

Iradokizun-kontu hori areago zehazten ez da erraza, noski. Bistakoa da, edozer modutan ere, oso zabal hartu beharreko gauza dela. Elkarketaren lehen perpausak suposarazten duenak ez du haren ondorio zuzena izan behar nahitaez; haren inguruan pentsaturiko zerbait ere izan daiteke: Ni ez naiz zinemara joan, baina laguna bai. ‘Ni zinemara joan ez izana’k ez du berez eta beti ‘laguna ere joan ez dela’ iradokitzen. Hiztunak baina juntagailua aukeratu duenean, ordea, horrela pentsa dezakeen mintzalagunaren usteari aurre egiten dio.

28.6.2.1d Iradokizunen kontua guztiz zehaztea erraza ez bada ere, lagungarri modura, ohar batzuk bederen aipa daitezke:

Batzuetan lehen perpausetik nahitaez ateratzen dena ez da iradokizuna, ‘nahitaezko ondorioa’ baizik, eta horrelakorik ezin du bigarren perpausak ezeztatu. Horrelakoetan ez dugu aurkaritzako juntadurarik izango. Afrikar izatea-k, esate baterako, amerikar ez izatea dakar nahitaez, irakurketa normalean bederen: nahitaezko ondorio baten aurrean egongo ginateke, ez iradokizun baten aurrean. Hortaz, ondorengo perpausa ez genuke zuzena izango: *Gizon hori afrikarra da, baina amerikarra. Lehen aipatu dugun *A baina ez A izango litzateke.

Beste batzuetan, gerta daitezke ‘iradokizun-itxurarik ez daukatenak’ ere, eta horrelakoek ere ez dute aurkaritzarako biderik ematen: ??Bihar jai da, baina japoniarrak asiarrak dira. Izan ere, perpausen esanahiari begira, oso irakurketa bereziren batean ez bada behintzat, bihar jai izatea-k ez du inolaz ere japoniarrak asiarrak ez direnik iradokitzen; eta adibidea ez zaigu oso onargarria iruditzen. Horrelako aurkaritza-egitura bati zentzua eman ahal izateko interpretazio eta inferentzia berezi samarretara jo beharko genuke; pentsatu beharko genuke: “Bihar jai da, eta normalena jai egunetan lanik ez egitea da, baina asiarrak orokorrean oso langileak dira, batzuetan neurriz kanpo, eta gerta daiteke egoera jakin batean enpresa japoniar horretakoek igandean lan egitea”. Iradokizunetan oso urrun joan beharko genuke, eta hiztunak normalean, iradokizun ‘zaila edo urrunekoa’ duten adibideak ez ditu erabiltzen, ulergarritasunaren mesedetan.

Oro har, arrazoiketa logikoak, kultur ezaguerak edo testuinguruak esango digute zer den bigarren perpausaren ‘aurka’ lehen perpausak iradokitzen duena, edo, zuzenago esanda, zer den bigarren perpausak lehenak suposarazten duenaren aurka iradokitzen duena. Demagun, esate baterako, ondoko perpaus bikote hau: Berandu da, baina joan egingo naiz; Berandu da, baina geratu egingo naiz. Lehen begiratuan badirudi ezinezkoa dela bi perpaus horiek zuzenak izatea; bietako batek okerra behar duela, alegia. Gauzak poliki ikusita, ordea, biak zuzenak izan daitezkeela ikusiko dugu. Izan ere, testuinguruak agintzen du hor. Eta asmatzen hasten bagara, hainbat testuinguru egoki asma dezakegu, batarentzat bezala bestearentzat ere. Honako hauek, adibidez: “Berandu da inoren etxera bisitan joateko eta, hortaz, badirudi ez nukeela joan behar, baina larri nabil eta joan egingo naiz, hala ere”. Edo: “Berandu da eta etxera joateko ordua iritsi zait, baina pozik nabil dantzan eta geratu egingo naiz”. Testuinguruak erakusten digu, esan bezala, zer iradokitzen duen lehen perpausak bigarrenaren kontrako egiten duela. Testuinguru hori gabe arraro egingo zaigu askotan perpausa. Edo pentsatuko dugu, aurkaritzako juntadura erabiliz norbaitek zerbait esan duelarik, testuinguruan izango dela kontrakotasun horri bidea emango dion zerbait236.

Are gehiago, sarritan aurkakotasuna iradokizunen artekoa da: bigarren perpausak batzuetan ez dio aurrekoaren iradokizunari zuzenean kontra egiten, beste iradokizun baten bitartez baizik. Horixe da, hain zuzen, ondoko adibide honetan gertatzen dena: Euria ari du, baina badut euritakoa. Perpaus honen iruzkina hau litzateke: “Euria ari du (eta, beraz, bustitzeko arriskua dut), baina euritakoa dut (eta, hortaz, ez naiz bustiko)”. Irudikapen informala, berriz, beste honako hau: [A ( → C), B (→ -C) eta hala ere: A+B].

Beste adibide bat emango dugu: Euria ari du, baina Jon zain dut. Iradokizunen jokoa honako hau izan daiteke: “Euria ari duenez, eta bustitzeko arriskua dudanez, normalena etxetik ez irtetea litzateke. Baina Jon zain dut, ez dut egoki ikusten huts egitea, eta ziurrenera bustiko banaiz ere, etxetik irten egingo naiz”. Aurkaritzaren gaia ‘etxetik irtetea’ da; baina ez da enuntziatuetan azaltzen; iradokitako zerbait da.

28.6.2.1e Horra, beraz, labur esanda, zer den baina juntagailuaren bitartez gauzaturiko aurkaritzak egiten duena eta egiten ez duena:

Ez nahitaez baiezko perpaus bati beste ezezko bat elkartu.

Ez, bigarrenik, esaldi bat baieztatu eta ondoren hura bera ezeztatu.

Ez, hirugarrenik, perpaus baten nahitaezko ondorioa ezeztatu ere (*Gizon hori afrikarra da, baina amerikarra), hori ere zerbait aldi berean baieztatzea eta ezeztatzea izango bailitzateke.

Ez, azkenik, perpaus bat eta honen iradokizunekin zerikusirik ez duen perpaus bat elkartu ere (?Bihar jai da, baina japoniarrak asiarrak dira).

Bai, ordea, perpaus bat eta haren iradokizunari ‘aurka’ egiten dion beste perpaus bat juntatu: Euria ari du, baina ez naiz bustiko.

Bai, orobat, aurkako iradokizunak dituzten perpaus bi juntatu ere: Euria ari du, baina badut euritakoa; Euria ari du, baina Jon zain dut.

28.6.2.2. Juntagaiak

28.6.2.2a Orain arteko adibideetan juntagaiak perpausak izan ditugu. Eta egia da sarri askotan perpaus osoak izaten direla baina juntagailuaren bidez elkartzen direnak. Baina perpausa baino txikiagoko elementuak ere elkartu ditzake. Betiere, baldintza batekin: predikatuak elkartzen dituela baina-k. Horrela, adjektiboak edo adjektibo sintagmak elkartzeko arazorik ez da izango: Jaungoiko ttipi baina adoragarria; Leku urrun baina lasaian bizi gara. Eta esan dugunetik ondorioztatzen da izen sintagmak ezin izango direla juntatu baina-ren bidez: *Aita baina ama etorri da; *Haragia baina arraina jan dut. Horretan, emendiozko juntaduratik eta juntadura hautakaritik urrundu egiten da aurkaritzakoa.

Beste batzuetan, juntaduretan gertatzen diren ezabaketen ondorioz, lehen begiradan beharbada perpaus osorik ez da ikusten: Gaurko egunean kaletarrak ondo bizi dira, baina nekazariak gaizki; Azeri zaharrari ilea joan zaio, baina antza ez. Baina hauetan ere predikatuak ditugu tarteko: iruzkinak dira juntatzen direnak, juntagai biek mintzagai nagusi bakarra dutelarik; isilean geratu eta bi juntagaietan ulertzen diren elementuak agerian emango bagenitu, perpaus osoen juntadura izango genuke; eta ez elementua —eta dagokionean, predikatuaren baiezkotasuna adierazten duen bai— aditz sintagmaren ordain izaten dira horrelakoetan. Eta beste molde honetakoak ere aurkitu ditzakegu: Aita bai, baina ama ere etorri da; Aita ez, baina ama etorri da. Berriro ere bai eta ez aditz sintagmaren ordainak dira eta, horrenbestez, predikatua tarteko denez, ez dago eragozpenik aurkaritzako juntadura egiteko. Izan ere, hor elkartzen direnak ez dira subjektuak, bina perpaus oso baizik: Aita bai (etorri da), baina ama ere etorri da; Aita ez (da etorri), baina ama etorri da.

28.6.2.2b Bada beste ezaugarri bat eta/edo/ala juntagailuetatik desberdina: badirudi baina-k ez dituela normalean juntagai bi baino gehiago elkartzen. Ondorengoak, adibidez, ez genituzke zuzenak izango: *Mikel gaixo dago, baina ospitalera eraman dute, baina berehala sendatuko da; *Josu gaztea baina langilea baina alaia da. Lehen adibidea, noski, zuzena izango litzateke aurreko edo ondoko bi perpausak eta juntagailuz elkarturik baleude: Mikel gaixo dago eta ospitalera eraman dute, baina berehala sendatuko da; Mikel gaixo dago, baina ospitalera eraman dute eta berehala sendatuko da. Baina orduan, hiruna perpaus izan arren, aurkaritza bi multzoren artean gauzatuko litzateke: [Mikel gaixo dago eta ospitalera eraman dute], baina [berehala sendatuko da]; [Mikel gaixo dago], baina [ospitalera eraman dute eta berehala sendatuko da]. Eta horixe da kontua: baina-k aurkaritza bakarra gauzatzen duela juntadura bakoitzean eta, hortaz, ez dituela bi juntagai baino gehiago elkartzen.

Zenbaitetan, egia da, badirudi bi juntagai izatearen debeku hori horren guztizkoa ez dela. Ondoko adibidean, esate baterako: Bera ez dela joango esan du aitak, baina semea bai, baina denbora laburrerako. Baina adi begiratuz, ohartuko gara hor maila desberdineko juntadura dugula. Aurkaritza A (aita ez da joango) eta B (semea joango da)-ren artekoa da. Ondoren, aurkaritza horretatik ateratzen den ondorioaren kontra (semea joango da), bigarren aurkaritza bat dugu, baina C (baina denbora laburrerako).

28.6.2.3. Ezabaketak

28.6.2.3a Aurkaritzako juntaduran ere askotan izaten dira —emendiozko juntaduran edo juntadura hautakarian bezala—, ezabaturiko osagaiak, juntadurari esker “berreskuratzen” direnak. Izan ere, enfasiaren zerbitzuan-edo ez bada behintzat, hauxe da juntaduraren joera nagusia: komunak diren osagaiak ez dira juntagai batean baizik ageri. Kasu hauek emendiozko juntaduran aztertu ditugu sakontasun handiagoz, eta oro har, juntadura-mota guztietarako baliagarri da han esandakoa. Nolanahi ere, aurkaritzako juntaduraz ari garelarik, bada oso kontuan izan beharreko puntu bat: esan dugu aurkaritzan predikatuak bakarrik juntatzen direla; eta ondorioz, emendiozko juntaduran era desberdineko sintagmak elkartzean gerta zitezkeen kasuetako asko ez ditugu aurkituko hemen. Baina-ren bidez perpausak juntatzean gertatzen diren ezabaketak izango ditugu.

28.6.2.3b Asko eta asko, hustuketa egiturak deituraren azpian bildu ditugunen moldekoak izango dira: Zuk garajean utzi duzu autoa, baina nik kalean; Zuk etxean egiten duzu lo baina nik kalean. Aurreko adibide hauetan, iruzkinaren zatirik handiena berdina dute, eta desberdina den elementua galdegaia da; berdinak diren elementuak ez dira bigarren juntagaian azaltzen. Adibiderik gehienetan aditza eta beste elementuren batzuk ezabatzen dira bigarren juntagaian, baina ez da nahitaezkoa, aditza bera ere izan baitaiteke galdegai: Aurreko astean irabazi egin genuen, baina aste honetan galdu. Ezabaketa bigarren juntagaian egiten da eskuarki, eta lehen juntagaian egiten bada, egitura markatuagoa gertatzen da, eta intonazioaren eta zenbait ezaugarriren aldetik desberdintasunak ditu: Zuk garajean baina nik kalean utzi dut autoa; Zuk etxean baina nik kalean egiten dut lo. Alde horretatik, emendiozko juntadurako perpaus-ezabaketen ikusi genituen aukera eta debeku berak agertzen dira hemen ere.

Kasu batzuetan iruzkin osoa izaten dute berdina juntagai biek, batak baiezka eta besteak ezezka. Bai eta ez azaltzen zaizkigu orduan: Aita garaiz iritsi da, baina ama ez; Aita ez da garaiz iritsi, baina ama bai. Gerta daiteke bi perpausetan iruzkina baiezkotasunaren edo ezezkotasunaren aldetik berdina izatea, eta orduan ere erantsi ohi da: Aita garaiz iritsi da, baina ama ere bai; Aita ez da garaiz iritsi, baina ama ere ez. Hauetan guztietan emendiozko juntaduran zehaztutako jokamolde eta aukera berak aurkituko ditugu. Kontuan izan behar da bai eta ez direla hauetan perpausaren galdegai eta iruzkin osoa; baietza eta ezetza berak dira, nolabait esan, hor kontrastatzen direnak.

28.6.2.3c Perpausek bestelako galdegaiak dituztenean, ordea, eta hortaz, perpausaren baietza eta ezetza galdegai horien gainean eraikiak daudenean eta haiei dagozkienean, bestelako egitura batzuk sortzen dira, eta baina daramatenen aurkaritzatik urrunduz, aurkaritza-mota desberdin bat gauzatzen da; eta ezabaketei dagokienez ere apur bat desberdin jokatzen da. Elkarketaren lehen perpausa baiezkoa baldin bada, honako egitura hau sortzen da: Goizean etorri da, ez arratsaldean. Ikusten denez, goizean eta arratsaldean dira kontrastatzen diren galdegaiak. Eta elkarketaren lehen perpausa ezezkoa denean, berriz, honako beste egitura hau sortzen da: Ez da arratsaldean etorri, goizean baizik. Arratsaldean eta goizean dira hor ere galdegaiak, eta ezetza, aurrean doalarik, arratsaldean galdegaiari dagokio (‘etorri dela bai, baina ez arratsaldean’ esan nahi du elkarketaren lehen perpausak). Molde honek sortzen du baizik motako aurkaritza.

28.6.2.4. Tokia

Orain arte emandako adibide guztietan juntagaien artean kokatua ikusi dugu baina juntagailua. Eta horixe du, hain zuzen, lekurik ohikoena eta nagusia euskalki guztietan: juntagaien artekoa.

Ez du, ordea, kokagune bakarra. Perpausaren hasieran ager daiteke, lokailu modura (baina nondik zatoz?), beste juntagailu batzuekin gertatzen den bezala. Horrez gain, Hegoaldean —eta batez ere Hegoaldeko mendebaldean— bigarren perpausaren barruan eta azkenean ere erabiltzen da inoiz juntagailu hau; baina horrelakoetan ere badirudi lokailu zeregina betetzen duela. Hona zenbait adibide: Nik neuk errezau egiñagatik bere alboan, ai! Arek baña, berbarik ez deust erantzuten (Arrese Beitia); Zein zan baiña gizon ori? (Agirre); Eta antxe egoan aritz baten zuloan sartu zan. Buztana ageri baiña! Eta otsoak buztanetik eldu! (F. Bilbao); Bein, juan zan guraso bat bere semeari elgorrixa osatzen ibilli zan medikuarengana kontua pagatzera —Zerbait merkatuko destazu baña. —Merkatu? Zer dala-ta? (San Martin). Adibide hauetan ez dago benetako perpaus-juntadurarik. Juntatu gabeko perpausetan agertzen da hor baina, lokailuek hartu ohi duten kokaleku eta inguru bertsuetan eta zeregin bertsua betez. Hortaz, perpausen arteko lotura semantikoa bideratzen du baina-k adibide horietan; elkarketa edo juntadura sintaktikoa gauzatu gabe ordea, junta daitekeen bigarren perpausik ez baitago237.

28.6.2.5. Aurkaritza eta kontzesioa

28.6.2.5a Baina motako aurkaritzaren eta kontzesiozko menderakuntzaren artean parekotasun handiak daude (ikus 39. kapitulua). Elkartzen diren perpausen artean erlazio semantiko eta pragmatiko berdintsua dago —bietan ere kontraste mota bera agertzen da—, eta oso erraza gertatuko zaigu gehienetan aurkaritzako adibideak kontzesiozko perpausen bidez ematea: Euria ari du, baina kanpora irtengo naiz / Euria ari duen arren, kanpora irtengo naiz; Ezker ona du, baina pilota asko joaten zaizkio zabalera / Nahiz eta ezker ona izan, pilota asko joaten zaizkio zabalera. Parekotasun hori nabaria izan arren, ezaugarri sintaktikoak kontuan hartuz, aurkaritza juntaduraren barnean sartzen dugu, eta kontzesioa perpaus menderatuen sailean238 (ikus § 28.3 eta § 28.6.1).

28.6.2.5b Balioaren eta kontrastearen aldetiko parekotasunak nabariak diren arren, desberdintasunak aurkituko ditugu aurkaritzaren eta kontzesioaren informazio-egitura aztertzean. Aurkaritzakoetan bigarren zatia —edo haren iradokizuna— nabarmentzen da, ‘emaitza’ (… baina kanpora irtengo naiz / … baina pilota asko joaten zaizkio zabalera). Kontzesiozkoetan, berriz, erlazioaren ‘jatorriari’ garrantzi handiagoa ematen zaio (euria ari duen arren… / nahiz eta ezker ona izan…). Baina aurkaritzakoaren ondoren informazio berria ematen da; kontzesiozko menderagailuak besarkatzen duen zatian, bestalde, informazio ezaguna aurkezten zaigu.

Pragmatikaren ikuspuntutik ere komunikazio-estrategia desberdinak erabiltzen ditu hiztunak bi egituretan. Kontzesioaren estrategia hautatzen denean, hiztunak itxuraz egoera bat onartzen du, baina aldi berean aurka egiten dio; aurkaritzaren estrategian, egoera baten edo igorleak zerbait esatearen kontra agertzen da. Kontzesioa eta aurkaritza bideratzen duten markek, elkartzen diren bi perpausen arteko inferentziak abiarazteko edo bertan behera uzteko zeregina izaten dute, eta bi egituretan molde desberdina azaltzen da. Kontzesiozko perpausetan, baliogabetutako aurrekari edo kausa bat aurkezten da, eta kontrakoaren bidera eramaten gaitu kontzesiozko menderagailuak: ‘eskuarki X gertatu ohi da, baina kasu honetan…’. Aurkaritzakoetan berriz, lehenengo juntagaian adierazpen bat egiten da, eta ez da horrelako inferentziarik abiarazten; baina-ren ondoren sortzen da aurkakotasuna, eta lehenengo zatiak egiten duen iradokizunari kontra egiten zaio.

28.6.2.5c Baina menderakuntza gisako egituretan ere erabiltzen da. Eskuarki juntagailu bada ere, batzuetan perpausaren azkenean kokatzen da baina, eta kontzesiozkoen pareko balioa hartzen du: Dana jadetsi eben, kosta jaken baña (K. Enbeita); Oien fedea ez da zuzena, baietz uste dute baña (Euskal Jokoak). Azkuek, adibidez, ondorengo adibideari aurkaritzako juntaduraren balioa ematen zion: Eztakigu norena den, baiña jan zazu. Aldiz, baina azkenean dela, kontzesiozkotzat hartzen zuen: Jan zazu, eztakigu norena den baiña. Erabilera hori Bizkaiko eta Gipuzkoako testuetan bakarrik azaltzen da239: Eskalerik, zarrak gera baina, eztegu inoiz ezagutu (Azkue); Bai, amonatxok ekarriko dizu jostallu eder ederra, zeu bezelako jostallurik iñon eztago baña! (Agirre).

Erabilera honek eta-ren jokabidearentzat eman ohi den oinarri edo arrazoi linguistiko berbera du: baina-k ere badu enklitiko bihurtzeko aukera, eta gisa horretan, juntaduratik menderakuntzarako bidean jarriko litzateke. Ikus Xenpelarren bertso ezagun baten zati hau: Aitak ill ziran baño / semeak oraindaño / legea degu guardatu. Baina aurreko perpausari loturik azaltzen da. Gainera, era horretara lotutako perpausak trukatu ere egin daitezke beren artean, aurrekoa atzera eta atzekoa aurrera pasaz: Gaixo dago eta, ez da etorri / Ez da etorri, gaixo dago eta; Ez dit idatzi baina, maite nau / Maite nau, ez dit idatzi baina. Sakontasun handiagoz aztertuko dugu baina-ren erabilera hau kontzesiozko perpaus menderatuen atalean.

28.6.2.5d Lokailu gisa ere erabil daiteke baina. Horrelakoetan ez da zehazki bi perpaus juntatzeko erabiltzen; diskurtsoan aurretik aipatu diren ideia batzuei aurka egiteko erabiltzen da: Erderaz ipiñi dautsosuez ingitxuak eskakizunaz, eta Erregeak aintzat artu bez. —Baiña, ori zelan? Erderaz ez dakie ala? (Kirikiño). Horrelakoetan, bistan da, baina-k ez ditu perpausak elkartzen. Testu mailako lotura bideratzen du, hau da, ondoan duen perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazi baizik ez du egiten, gramatika juntadura gauzatu gabe. Baliabide honetaz sarri baliatzen gara, aurreko testuarekiko, egoerarekiko edo iradokizunarekiko aurkakotasuna adierazteko: Baina gauzak ez ziren uste bezala gertatu; Baina, nork utzi du leiho hori irekita?; Ez zaio deus estaltzen, ez da emaitzez amuntzen, ematzen, ez du eskusarik hartzen; baina, nola baita zuzena, hala iujeatuko du (Pouvreau).

Bestalde, gogoratu behar da diskurtso markatzaileek perpausean zehar juntagailuek baino mugikortasun handiagoa dutela. Horrela gertatzen da aurkaritzako diskurtso markatzaile batzuekin (aldiz, ordea…), bai eta baina-rekin ere: perpausean kokagune desberdinetan aurkituko dugu, antzeko balio eta ezaugarri sintaktikoekin. Ikus ondorengo adibideok: Baina, zer egin duzu? / Zer egin duzu baina?; Zer da baina, hemen egin gura duzuna, zantar lotsabako horrek? (Otxolua); Karutxua eritzi zetsan, da gizonak erregutu zetsan: —Zerbait merkatuko destazu baña. —Merkatu? Zer dala-ta? (San Martin); Baratzeko loreak belar artetik burua ataraten eben. […] Baratzeko bazter batean, baina, oraindino negua zen (J. Altuna). Perpausaren hasieran, tartean nahiz amaieran aurkitzen dugu baina, eta guztietan ere aurkaritzako diskurtso markatzailearen balioa du. Intonazioari dagokionez, pausa nabarmen samarra egiten da horrelakoetan, eta irakurlearentzat lagungarri gertatzen da koma bidez bereiztea: Zerbait merkatuko didazu, baina?; Zer da, baina, hemen egin gura duzuna?

28.6.2.5e Ikusten dugu, bada, egitura-ugaritasun handia dagoela. Baina ager daiteke juntagailu modura; hizkera batzuetan ager daiteke menderagailuen ezaugarriekin; eta ager daiteke lokailu zereginean. Kokagune desberdinak ere har ditzake. Baina guztietan, funtsean, balio edo kontrakotasun mota bera azaltzen du.

28.6.2.6. Zenbait esapide

Esan dugun bezala, baina-k oro har aurkaritza azaltzen du, aurreko juntagaiarekiko, edo aurretik testuan esan denarekiko: espero zitekeenaren, edo espero genuenaren kontrako ideia edo iradokizun bat bideratzeko erabiltzen dugu. Baina ideia horretatik abiatuta, eguneroko solasean harridura edo antzekoak adierazteko, edo bide emateko ere erabiltzen da: Baina, Jon! Etorriko al zara!; Baina baina, nolatan jo duzu zure laguna?; Baina, zu ez al zinen bihar iristekoa?; Baina baina, isil zaitez behingoz!; Amak esandakoa egin besterik ez zuen, eta guztia ondo joango zen. Baina ez, aurka egin behar! Guztietan ere espero ez dugun egoera edo ekintzaren bat dago atzean, eta horren aurrean harridura, enfasia, batzuetan gaitzespena… adierazten dugu baina darabilten molde horien bidez.

28.6.3. Baizik eta horren kideen aurkaritza (ez A, B baizik)

28.6.3.1. Sarrera

Aurkaritza mota hau bideratzen duten juntagailuak bat baino gehiago dira, nahiz ez duten denek ez hedadura ez jokabide berbera. Horra aurkezpen laburra:

Baizik: Hegoaldean erabiltzen da batez ere, bizkaieran izan ezik, eta juntaturiko perpaus edo sintagmaren ondoan nahiz aurrean kokatzen da: Ez da alaba jaiki, ama baizik / Ez da alaba jaiki, baizik ama.

Baino: bizkaieraz erabiltzen da, bigarren juntagaiaren ondoan beti: Ez da alaba jaiki, ama baino.

Ezpada: Hegoaldean erabiltzen da, bizkaieraz batez ere, bigarren juntagaiaren aurretik: Ez da alaba jaiki, ezpada ama.

Baina: aurkaritza mota hau adierazteko ere erabiltzen da baina, Iparraldean batez ere: Ez da alaba jaiki, baina ama.

Ez-baina: Hegoaldean erabiltzen da, honako egitura honetan: Alaba ez- baina ama jaiki da.

Ezezik eta ez … ezen ere erabili izan dira inoiz honelako aurkaritza aditzera emateko.

28.6.3.2. Aurkaritza honen zer-nolakoak

28.6.3.2a Aurreko atalean ikusi dugun aurkaritza eta oraingo honetan aztergai duguna ez dira mota berekoak. Baina-k, esan bezala, nolabait ere kontra dauden juntagaiak elkartzen ditu; edo zehatzago esateko, bata bestearen kontrako iradokizunak bideratzen dituzten juntagaiak. Orain aztertuko dugun aurkaritza-motan, ordea, galdegaien arteko kontrastea adierazten da, lehenari ezetza eta bigarrenari baietza ematen zaielarik.

Aurretxoan juntagailuak aurkezteko eman ditugun adibideek (ez da alaba jaiki, ama baizik, eta baliokideak) erakusten digute argi nolakoa den hemen gauzatzen den aurkaritza. ‘Jaiki dena’ nor den esaten digute perpaus horiek, honako adierazpen hau eginez: jaiki dena: [ez alaba, bai ama]. Eta horren irudikapena, berriz, honako hau izango litzateke: X: [ez A, B baizik], A eta B galdegai direlarik.

28.6.3.2b Gauzak argiago ikusiko ditugu, beharbada, aurkaritza-mota biak adibide bana emanez alderatzen baditugu. Demagun, esate baterako, honako bikote hau: Alaba ez da jaiki, baina ama sukaldean ari da / Ez da alaba jaiki, ama baizik. Lehenengo adibidean ‘kontrako iradokizuna bidera dezaketen’ perpaus bi juntatzen dira: alaba jaiki ez dela adierazten du batak, eta ama sukaldean ari dela besteak. Mintzagai biri buruz egindako iruzkinak, edo iruzkin horiek bideratzen dituzten iradokizunak, kontrastatzen dira hor: alabari buruz zerbait esaten da, eta amari buruz, berriz, horren aurkako beste zerbait. Mintzagai bakarrari eginiko ‘kontrako’ iruzkin bi ere elkar daitezke, noski, gorago esan dugun bezala. Bigarren adibidean, berriz, mintzagai bati zein galdegai dagokion esaten zaigu: jaikitze kontu hori nori dagokion, alegia, alabari ala amari. Galdegaiak kontrastatzen dira horrela juntaturiko perpausetan.

28.6.3.2c Gauza bera ikus dezakegu are hurbilagoko den bikote honetan ere: Alaba ez da jaiki, baina ama bai / Ez da alaba jaiki, ama baizik. Horietako lehenean, berriro ere, bakoitzak bere mintzagaia eta bere iruzkina dituen perpaus bi juntatzen dira: alaba jaiki ez dela esaten zaigu batean eta ama bai, jaiki dela, bestean. Perpausaren baietza eta ezetza berak dira hor galdegaiak. Ea alaba jaiki den eta ea ama jaiki den dira, hain zuzen, hor adierazten zaizkigunak. Alaba eta ama dira mintzagaiak eta bakoitzari buruzko iruzkina egiten da perpaus banatan. Hortaz, baizik juntagailuak ez du lekurik hor: *alaba… ez da jaiki, baizik ama.

Bigarren adibidean, ordea, ezetza eta baietza ez dira elkarturiko perpausen galdegaiak. Aitzitik, ezezkoa eta baiezkoa beste galdegai batzuen gainean daude eraikiak eta haiei dagozkie. Jaiki behar dena alaba ez dela esaten zaigu hor, ama dela. Hura dela pentsa dezake, beharbada, norbaitek, eta haren ustea ‘zuzendu’ egiten du perpausak.

Alderatzen ari garen bi perpaus edo bi aurkaritza-mota hauek honela irudika daitezke. Baina motako aurkaritzari dagokionez: [alaba ez da jaiki] baina [ama bai, jaiki da]. Baizik motako aurkaritza: ez [alaba jaiki da] baizik [ama jaiki da]. Azken hau beste era honetara ere irudika daiteke: jaiki dena [ez alaba, baizik ama] da. Mintzagaia bakarra da —jaikitze-kontua, hain zuzen— eta hari buruz eginiko galdegaia, berriz, konplexua. Horrexegatik esan liteke azken perpaus honetako juntagaiak —bata ezezka eta bestea baiezka— ez direla bata besteari gehiturikoak, elkarren osagarriak baizik, korrelatiboak banakaritzan bezala. Izan ere, bai…bai edo ez…ez banakaritzaren ondoan, ez… baizik gisakoa daukagu.

28.6.3.2d Baizik motako juntadura dagoenean, lehenengo ezezko perpausa ematen da, eta ondoren baiezkoa: Lehiaketa ez du Josuk irabazi, Mirenek baizik. Alderantzizko ordenarekin ezin dira baizik/baino/baina… elementuak azaldu: *Lehiaketa Mirenek irabazi du, ez Josuk baizik.

Egia da hemen aztertzen ari garen kontraste mota duten adibideetan —galdegaien kontrastea— berez bi ordenak posible direla: batzuetan baiezkoa doa aurretik, besteetan ezezkoa. Baiezkoa baldin bada aurrean doana, honako alborakuntza hau eratzen da: Ama jaiki da, ez alaba. Eta hor ezetza alaba-ri dagokionez, kontrastea zehatza da: ‘jaiki dena ama da, ez alaba’. Aurrean doana ezezkoa bada, ordea, baizik/baino gisako juntagailua erabiltzen da gehienetan. Izan ere, segida horretako alborakuntza hutsa ez da ezer euskaraz: *Ez da alaba jaiki, ama. Eta bai erantsita ere ez da behar bezala gauzatzen aditzera eman nahi den kontrastea: *Ez da alaba jaiki, bai ama. Izan ere, perpaus horretako lehen parteak ‘nor ez den jaiki’ adierazten du, eta bigarrenak, ostera, ‘ama jaiki denetz’, kontrasta ezin daitezkeen bi esaldi elkarren albora ekarriz. Kontraste egokia eta zehatza egiteko modu bat aditza errepikatzea izan daiteke, egitura enfatiko hau eratuz: Ez da alaba jaiki, ama jaiki da. Baina gehienetan, esan bezala, baizik/baino gisako juntagailua erabiltzen da: Ez da alaba jaiki, ama baizik. Eta horixe da, hain zuzen, atal honetan aztertzen ari garen aurkaritza-motari dagokion egitura.

Garbi dago, hortaz, aurkaritza honetako lehen juntagaia ezezkoa dela beti. Eta formalki ezezkoa gainera, ez baita nahikoa esanahiaren aldetik negatiboa izatea, ondoko adibide hauek erakusten duten bezala: Ez naiz zurekin joango, Idoiarekin baizik / *Zu gabe joango naiz, Idoiarekin baizik.

28.6.3.2e Orain arteko azalpenetan, gauzak erraztearren, sintagma bakar batez osaturiko galdegaiak eman ditugu ia beti. Baina baizik motako aurkaritzan sintagma bat baino gehiago ere jar daitezke kontrastean; eta tartean aditza bera ere egon daiteke: Gutun hori ez dut etxean eskuz idatzi, bulegoan makinaz baizik; Haren hautsak ez zituzten itsasora bota, mendian zabaldu baizik. Galdegai moduan perpaus osoak ere kontrasta daitezke, honako adibide honek erakusten duen bezala: Jaungoiko Semeak ez du amarik Jaungoiko den aldetik baizikan Jaungoiko Aitagandik bakarrik sortua da (Inza). Edo hain ezaguna den Gure Aita otoitzaren garai bateko bertsioko esaldikoak bezala: Ez gaitzazu tentazioan erortzen utzi, baizik libra gaitzazu gaitzetik. Esaldi horretan tentazioan erortzen utzi eta gaitzetik libratu dira kontrastean ipinitako galdegaiak, (zuk gu)… gaitzazu delarik bi perpausetako mintzagaia. Honelako perifrasi honek argitu dezake esaldi horretan gauzatzen den kontrastea: Zuk guri egin behar diguzuna da ez tentazioan erortzen utzi, baizik gaitzetik libratu.

Beraz, adibide horiek erakusten dutenez, galdegaiak perpaus osoak izanik ere aipaturiko kontrastea berdin gauzatzen da. Argi ikusiko dugu hori bera honako bi perpaus hauek alderatzen baditugu (Hegoaldeko erabileraren arabera, jakina; izan ere, Iparraldean baina erabiltzen da perpaus bietan): 1) Miren ez zen biltzarrera etorri, baina txostena bidali zuen; 2) Miren ez zen biltzarrera etorri, baizik txostena bidali zuen. Desberdintasun bakarra baina eta baizik elementuak dira; baina bakoitzak adierazten duena eta aurkaritza-mota desberdina da.

Bi adibideetako lehena baina-gisako aurkaritzari dagokio. Hortaz, elkarren “kontrako” bi adierazpen ditugu hor: alde batetik, Miren biltzarrera ez zela etorri egiatzat ematen da (perpausaren ezetza aintzat hartuz, bera baita perpausaren galdegaia), baina beste alde batetik —etorri ez izanak biltzarraz guztiz ahaztu zela iradoki badezake ere—, txostena bidali zuela baieztatzen da.

Bigarren adibidea, berriz, baizik-gisako aurkaritzari dagokio. Biltzarraren kontu horretan Mirenek zer egin zuen esaten zaigu hor, ‘galdegai’ gisako bi perpaus kontrastatuz: hura biltzarrera etorri zela usteko du beharbada norbaitek eta ezetz esaten zaio (‘biltzarrera etorri zela’ ukatu egiten da, ezetza galdegaiari baitagokio, hau da, ‘biltzarrera etortzeari’); izan ere, Mirenek egin zuena izan zen, ez biltzarrera etorri, baizik txostena bidali. Beraz, juntagaia konplexua izan arren, bigarren aurkaritza-mota honi dagokion egitura dugu hor ere: mintzagai bati (Mirenek egin zuena) bi galdegairen arteko kontrastea eransten zaio, bata ezeztatuz eta bestea baieztatuz. Horrelako egiturarik ez balego, ezin izango litzateke baizik juntagailua erabili: *Miren ez zen biltzarrera etorri, baizik lasai geratu gara. Perpaus hori okerra da, irakurketa normalean, hor mintzagai bati buruzko galdegaien arteko kontrasterik ez baitago. Aldiz, ez dago inolako eragozpenik egitura hori eskatzen duen lehen aurkaritza motari dagokion baina juntagailua erabiltzeko: Miren ez zen biltzarrera etorri, baina lasai geratu gara.

28.6.3.2f Aurkaritza honen egitura funtsean beti bera den arren, honako beste segida markatu hauek ere egin daitezke:

Egitura perifrastikoa, mintzagaia perpaus erlatibo baten bitartez bereizten duena: Jaiki dena ez da alaba, ama baizik.

Aditza perpausaren lehen buruan duena: Jaiki da ez alaba, baizik ama.

Aditza perpausaren azken buruan duena: Alaba ez, baizik ama jaiki da.

28.6.3.3. Ezabaketak

28.6.3.3a Orain arte aztertu ditugun adibideetan garbi ikusten denez, ‘errepikatutako’ elementuen ezabaketa bere-berea du aurkaritza mota honek, galdegaia ez beste guztia izaten baita berdina. Juntagaietako bat bestea baino laburragoa izaten da normalean; batean osagai guztiak daude agerian, eta bestean, aldiz, galdegai ‘berria’ baizik ez: Mikelek ez du dirua eskatu, baizik lana (eskatu du Mikelek). Horixe da baizik motako aurkaritzak erakusten duen joera nagusia. Izan ere, juntadurak berak eskaintzen du isilpean utzitako osagai horiek argitara ekarri eta berreskuratzeko modua. Nolanahi ere, kontrastatzen diren galdegaien ezaugarrien arabera, egoera desberdinak aurki ditzakegu.

Kontrastean ipinitako galdegaiak perpausak edo iruzkin osoak badira, ez dugu zer ibili elipsien bila: —Zergatik bidali zuten bada kongregaziotik Mikela- Inaxi? —Zuek horrela kontatzen dituzue gauzak; ez zuten bidali, baizikan bera atera zen (B. Mokoroa).

Askotan, ordea, iruzkinaren osagai bat edo beste baizik ez da izaten perpausaren galdegai. Eta horrelakoetan, hain zuzen, galdegai ez den hori guztia, berdina denez, bigarren juntagaian ezabatuta geratzen da. Mota honetako adibide asko eman ditugu dagoeneko: Ez da aita joango zuregana, baizik ama (joango da zuregana); Ez zuen bere izena ematen, bainan alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti).

28.6.3.3b Bi adibide horietan aditz bera da lehen perpausean agerian eta bigarrenean isilpean geratu dena —pertsona, denbora, aspektua eta guzti, alegia—: joango da lehenean, ematen zuen bigarrenean. Baina ezaugarri batzuk diferenteak izanik ere, ez dirudi elipsirako debeku handirik dagoenik, baldin eta agerian utzitako zatiak ezaugarri horiek berreskuratzeko modua ematen badigu behintzat: Ez zen erbia, baizik baratxuri zopak [ziren]; Ez naiz ni joango, baizik ama [joango da]; Ez zen atzo etorri, gaur baizik [etorri da]. Lehen bi adibideetan aditzari dagokion pertsona aldatu egiten da juntagai batetik bestera: hura/haiek lehenean, eta ni/hura bigarrenean. Baina, hala ere, ez dago debekurik aditza isilpean uzteko, agerian dagoen galdegaiak aldaturiko ezaugarria berreskuratzeko modua eskaintzen baitigu. Hirugarren adibidean, berriz, aldia da aldatzen dena (+iragana/-iragana), baina hor ere zuzena gertatzen da elipsia, agerian utzitako galdegaiak —gaur— ezaugarri hori berreskuratzen laguntzen baitigu. Baina, aspektua aldatu nahi denean, adibide okerrak sortzen zaizkigu: *Ez zen atzo etorri, bihar baizik [etorriko da]. Adibide horretan, aldia ez ezik aspektua ere aldatu egiten da perpaus batetik bestera, eta horrek galarazten du, itxuraz, elipsia.

28.6.3.3c Adizki laguntzailea ere izan daiteke gorderik uzten den osagai bakarra, baina ez nolanahi. Ondoko adibidean, esate baterako, aditzen egitura argumentala desberdina izanik, ezin da laguntzailean isilpean utzi; zuten eta zen, biak eman behar dira agerian: —Zergatik bidali zuten bada kongregaziotik Mikela-Inaxi? —Zuek horrela kontatzen dituzue gauzak; ez zuten bidali, baizikan bera atera zen (B. Mokoroa). Laguntzailea juntagai bietan bera denean, ordea, isilpean utz daiteke bigarrenean, debeku handirik gabe: Euskaraz guk mintzo landu elertitsu bat egin-nahiak ez du amorrarazten, errukiarazten [du] baizik (Lizardi). Bigarren aditzak, gainera, laguntzailearekin batera aspektu marka ere utz dezake isilpean, bereziki Hegoaldean: Eskurik esku iraulka erabili arren, ezta inoiz birrintzen hatz artean itsatsi baizik, pikea bezala (Ibinagabeitia). Itsatsi partizipioa neutroa da hor aspektuari dagokionez, hau da, markatu gabea. Lehen perpauseko birrintzen-ek ‘luzatzen’ dio bere ezaugarria eta horri esker berreskuratzen dugu isilpeko aditza: (itsas)ten.

28.6.3.4. Baizik juntagailua

28.6.3.4a Behin eta berriz azaldu dugunez, aurkaritza hau bideratzeko erabiltzen diren juntagailuek ez dute denek jokabide bera. Malguena eta mugikorrena baizik da, juntagaiaren aurrean nahiz atzean joan baitaiteke. Tradizioan formarik erabiliena ere baizik izan da, baina euskalkiaren eta autorearen arabera beste aldaera batzuk ere aurki ditzakegu: baizikan, baizi, baiezi, baiezik, baiezila, beizi, beizik, bezi, bezikBaizen ere erabiltzen da adiera honetan: Eta ematen ez badute, bihotz gogor badira, ez dira hargatik aberastenago, pobretzenago baizen (Axular); Zertako eta norentzat egin ote nau Jainkoak? Ez bertzerentzat, beretzat baizen… (Duhalde).

Baizik juntagaiaren ondoan ezartzen da eskuarki, hura laburra denean behintzat: Ez da hori eginkizuna, ezinkizuna baizikan (Larramendi); Eta ez da arroztasuna, egia baizik (Agirre). Aurrean ere joan daiteke, ordea, ondoko bi adibide hauek alderatuz ikus dezakegun bezala: Berehalaxe erakutsiko dizuet denoi eta ez bat, zazpi baizik (Etxaide); Eta bisitatzen zuen ez eliza bat, baizik anitz eliza (Lizarraga).

28.6.3.4b Bigarren juntagaia luzea eta konplexua denean, berriz —aditza eta guzti daramana, esate baterako— haren aurrean kokatzeko joera erakusten du baizik-ek: Ez ziren erlijiosoak oso ezeztatu; baizik eskatu zuten Jaungoikoaren izenean lehorpe bat (Beobide). Horrelakoetan ez dirudi juntagailuak perpausaren ondoan leku har dezakeenik: ? […]; Jaungoikoaren izenean lehorpe bat eskatu zuten baizik.

Juntagaiaren aurrean doanean, esanahiaren aldetik ezer berririk eransten ez dion eta gehigarria berretu ohi zaio inoiz juntagailuari, baizik eta forma hartuz (zeren eta, nahiz eta, edota eta horrelakoetan gertatzen den bezala). Juntagaia luzea eta konplexua denean gertatzen da hori, batez ere: Baño ez han gelditzeko, baizik eta tenorez handik etxeratzeko (Larreko); Ez legoke Erioarentzat lekurik, baizik eta bizirik izardietara aldatuko lirake zeru garaiena iristeko (Ibinagabeitia). Ere diskurtso markatzailea ere berretzen zaio inoiz: Lagun ezazu beraz zure laguna, ez dirutan, baizik-ere ordainean (Duvoisin); Kantu hok egin dira / ez libertitzeko, / baizik ere guziek / esenplu hartzeko (Bordel).

28.6.3.4c Baizen forma ere erabili izan da aurkaritza-mota hau aditzera emateko, juntagaiaren ondoan nahiz aurrean: Ez dut gehiago neuretzat bizi nahi, zuretzat baizen (Materre); Baina horien penak, infernukoak bezala betiko ez dira; baizen beren kulpen lohiak garbitu, eta pagatu arteraino (Kardaberaz).

28.6.3.5. Baino eta Ezpada juntagailuak

28.6.3.5a Baino juntagailua Hegoaldean erabiltzen da, bizkaieraz batez ere. Baldintza jakin bat du: juntagaiaren ondoren kokatzen da beti, inoiz ez aurrean: Eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño (Lauaxeta); […] ez jakon egoki kaltegarri baiño (Erkiaga). Hortaz, galdegai laburrak kontrastatzen direnean erabiltzen da batez ere baino hau. Galdegaiak konplexuak eta luzeak direnean, ordez, nekez agertuko da.

28.6.3.5b Ezpada juntagailua, berriz —mendebaldean erabilia—, juntagaiaren aurrean kokatzen da beti, azken hau luzea zein motza izan: Errua ez dauka aitak, ezpada semeak; Gure semea ez da lanera joan, ezpada etxean geratu da. Gramatikari batzuek okertzat hartu izan dute inoiz ezpada hau, erdal itxurakoa eta sasikoa dela esanaz. Iritziak iritzi, ordea, ezin da ukatu aipatu hizkeretan erabiltzen dela eta goiko perpaus horiek bezalakoak zuzentzat dituztela hizkera horietako euskaldunek. Testu zaharragoetan ere ageri da, bigarren juntagaiaren aurrean beti: Ez jako beliari usua esaten ezbada belia (Frai Bartolome); Ez beste gauza gaiti, ezbada […] iraun ezin dabelako (Frai Bartolome); Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza (Lardizabal).

28.6.3.5c Esanahi bertsuko beste egitura bat ere badu bizkaierak, ba(ga)rik hitza erabiliz gauzatzen dena, A barik B… gisakoa, hain zuzen: Orreik andra ergelok, bakalduntzat barik bakallutzat artu zaitubez zu (Otxolua). Ez dirudi, ordea, barik juntagailua denik. Ez partikulak hartzen duen leku bera hartzen du hor barik hitzak, ondotik inolako juntagailurik ez duela. Hortaz, alborakuntzaz eginiko elkarketa dakarkigu gogora egitura horrek: Alaba ez, ama jaiki da / Alaba barik ama jaiki da; Baserrian ez, kalean bizi da / Baserrian barik kalean bizi da. Kontuan hartu behar da, izan ere, esanahiaren aldetik antzekoak diren esamoldeek ez dutela zer izan egitura sintaktiko berekoak. Goiko perpausek, hain zuzen, esanahiaren aldetik aurkaritzako juntaduraren antza badute ere, egituraz alborakuntzaren pareko dira. Eta esanahi bertsuko bestelako egitura gehiago ere bada: Alaba jaiki beharrean ama jaiki da eta abar.

28.6.3.6. Baina juntagailua

28.6.3.6a Baizik-motako aurkaritza deitu dugunerako Iparraldean baina juntagailua ere erabiltzen dute: Ez zuen bere izena ematen, baina alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti); Hanitzek obeditzen dute, ez amorez, bainan bortxaz (Xurio). Bibliako pasarte beraren aldaerak konparaturik garbi ikusten da Iparraldean baina juntagailuak balio hau izan dezakeela: Ezta hil neskatxa, baina lo datza (Leizarraga); Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza (Lardizabal); Neskatilla au ez dago ilda, lo baino (Kerexeta).

28.6.3.6b Iparraldean baina juntagailuaren bi aurkaritza motak bereizteko arazorik ez da izaten gehienean. Bereizketa garbia da, noski, bi perpausak baiezkoak direnean edota bigarrena ezezkoa denean. Kasu horietan euskalki guztietako baina-ren aurrean gaude. Zalantza sor daiteke lehena ezezkoa eta bigarrena baiezkoa direnean, baizik-ek lotzen dituenak izan ohi diren bezala. Baina orduan ere, perpausaren egiturak esango digu askotan zein den dagokion adiera: ezezkoa galdegai bati dagokionean eta, hortaz, galdegaiak kontrastean ipintzen direnean, bigarren aurkaritza motaren aurrean gaude: Ez da alaba jaiki, baina ama. Galdegaia perpausaren ezezkoa bera denean, ordea, lehendabiziko aurkaritza-motaren aurrean egongo gara: Alaba ez da jaiki, baina ama sukaldean ari da; Alaba ez da jaiki, baina ama bai.

Zailago gertatuko da bereizketa horri antzematen perpaus osoak kontrastatzen direnean eta, hortaz, iruzkin osoa galdegai izan daitekeenean: Miren ez zen biltzarrera etorri, baina txostena bidali zuen. Intonazio kontuetan-edo sartzen ez bagara behintzat, horko baina hori Hegoaldeko baina-ren zein baizik-en pareko izan daiteke. Testu idatzian ez da erraz asmatzen lehen perpausaren galdegaia zein den, “biltzarrera etorri ez izana” ala “biltzarrera etorri ez izana”. Bestela esanda, “biltzarrera etorri zela” ukatzen den ala “biltzarrera etorri ez zela” baieztatzen. Lehenbiziko kasuan baizik-en pareko izango genuke perpaus horretako baina; bigarren kasuan, ez.

Dena den, horrelako kasuetan izan ezik, aski argi antzematen da nolako aurkaritza gauzatzen duen Iparraldeko baina-k.

28.6.3.6c Baina honek hartzen duen lekua ere bi juntagaien artekoa da beti: Ez zuen bere izena ematen, baina alegiazko izen bat (Hiriart-Urruti); Hanitzek obeditzen dute, ez amorez, bainan bortxaz (Xurio); Zer izanen da bada, ez bat bakarrik, bainan hainbeste milioi kondenatzen direnean? (Duvoisin).

28.6.3.6d Inoiz baina horri bai partikula eransten zaio ondotik eta, hortaz, lehen begiratuan pentsa liteke ezetza eta baietza berak direla perpausen galdegaiak, hots, ez gaudela baizik-en pareko aurkaritzaren aurrean, lehenbiziko baina-ri dagokion aurkaritzaren aurrean baizik. Ez da horrela izaten, ordea; galdegaia horrelakoetan ez da perpausaren baietza bera: Ezta niganik heldu hontarzuna, baina bai Iinkoaganik (Tartas); Zeren hori ez baitarozute haragiak eta odolak irakhatsi, bainan bai ene Aita zeruetan denak (Duvoisin); Humiltasunak ekarriko zaitu ez lagunarekin zure buruaren neurtzerat; baiñan bai haren ohoratzerat (Mihura). Perpaus horietan, bai partikula gorabehera, kontrastean ipintzen diren galdegaiak ez dira ezetza eta baietza, bestelako osagai batzuk baizik: niganik eta Iinkoaganik, aurreneko adibidean; haragia eta odolak eta ene Aita zeruetan denak, bigarrenan; eta lagunarekin zure buruaren neurtzerat eta haren ohoratzerat, azkenean. Beraz, baizik-en pareko jarraitzen dute.

Gauza bera ikusten da ondorengo bi perpausak erkatuta: Ezen ez naiz ethorri iustoen deitzera, baina bekatoren emendamendutara (Leizarraga); Ez naiz ezen prestuen deitzera ethorri, baina bai bekhatoreen (Duvoisin). Beraz, esan beharra da baina bai bikotea ere —bai partikula galdegaiaren aurrean doalarik— baizik-en pareko izan daitekeela Iparraldean, baina soila bezala.

28.6.3.7. Ez baina

28.6.3.7a Hegoaldean erabiltzen da. Ez partikula lehen juntagaiaren azken- azkenean kokatzen da eta bigarrenari, berriz, baina juntagailuak ematen dio hasiera, aditza normalean ondotik datorrela. “Hori ez baina hura [aditza]” egitura sortzen da horrela, alaba ez baina ama jaiki da gisakoa —alaba ez, baizik ama jaiki da egituraren parekoa—, baina-k baizik-en balio bera duelarik.

Jakina, ez da nahastu behar egitura hori lehen aurkaritza-motari dagokion “hori ez baina hura bai” egiturarekin. Goiko adibidean, esaterako, ama da galdegaia eta, hortaz, ezin da ama-ren eta jaiki da aditzaren artean etenik egin —ama, jaiki da egin, alegia—, aditzari buruzko baietza izango bailitzateke orduan galdegaia eta aurkaritza ere lehen motakoa izango litzateke: Alaba ez baina ama jaiki da (baizik motako aurkaritza); Alaba ez, baina ama, jaiki da (baina motako aurkaritza). Horietako lehena da orain aztertzen ari garena.

28.6.3.7b Egitura horretan, gainera, baina juntagailua aurrean duen ez partikulari atxiki ohi zaio sarri askotan, bien artean batasun gisako bat sortuz. Zenbait idazlek, hain zuzen, lotuta idazten dute: Osasunaz daudenak ez-baña gaixorik daudenek dute sendagile beharra (Orixe, Kerexeta, Zugasti); Mireni buruz ez-baña neure buruaz hutsegin dut (Txillardegi).

Egitura honek ere baizik-en pareko aurkaritza adierazten duela garbi ikusten da ondoko adibideetan: Haurra hila ez-baña lo dago (Orixe, Kerexeta, Zugasti); Nik konta ditzakedan gertaerak ez dira gain gaineko axala baizik, muin gordea estali ez baina ukiarazten digun itxura sotila (Mitxelena).

28.6.3.8. Baizik eta Baino hitzen erabilera “murriztailea”

28.6.3.8a Nolabaiteko antza izan dezakeen arren, zuzen-zuzenean aurkaritzako juntadurari ez dagokion beste erabilera bat ere badute bi hitzok; erabilera murriztailea deituko dugu, eta ondoko adibideotan ageri da: Ez dut maite zu baizik/baino; Ez dut zu baizik/baino maite; Zu baizik/baino ez dut maite.

Lehen begiratuan, hor osagai bakarra dago: ez [A baizik]. Eta osagai bakarra baldin badago, ezin da, noski, inolako juntadurarik egin. Egitura horrek egiten duena, hortaz, ez da bi osagai juntatu —bigarren osagairik ez baitago—, aditzak adierazten duena aipaturiko elementu bakar horretara mugatu eta murriztu baizik. Horien pareko da, hain zuzen, beste honako hau ere: Zu besterik ez dut maite. Garbi ikusten da baizik-en erabilera hori zenbakiekin ageri denean ere: Ez dira bi baizik etorri. Ez… bi baizik egituraren egitekoa etorri direnen kopurua bira murriztea da.

28.6.3.8b Komunztadura, bestalde, hura-rekin egiten du sarritan aditzak, sintagmaren lehen osagaia 1. edo 2. pertsonari dagokionean ere: Zu baizik ez dut maite; ?Zu baizik ez zaitut maite. Horrelakoetan badirudi zu baizik gisako egitura horrek hura-ri dagokion beste elementuren bat duela bere baitan, isilpean-edo, eta horrexekin egiten duela aditzak komunztadura. Agerian ere ikusten da inoiz delako beste elementu hori: Ez dut inor maite zu baizik; Ez dut beste inor maite zu baizik; Ez dut besterik maite zu baizik.

Horregatik esan dugu gorago egitura honek baduela aurkaritzako juntaduraren antza ere; ez A, B baizik egituraren antza, alegia. Antz hori ez da guztizkoa, ordea. Aurkaritzako juntaduran kontrastean ipintzen diren elementuak bere eskukoak izaten dira beti, nolabait esateko. Bataren esanahia ez dago nahitaez bestearekiko erreferentzian. Egitura murriztailean, berriz, lehen elementua ezin da bigarrena gabe behar bezala ulertu. Izan ere, lehen perpauseko inor, beste inor eta besterik horiek ez dira guztiz bere eskuko elementuak, bigarrenari erreferentzia egiten diotenak baizik: inor horrek, esate baterako, ez du berez eta bete-betean inor adierazi nahi, zu ez den inor baizik. Eta beste ere ezin da ulertu bigarren osagaiaren argitan ez bada: zu ez den besterik.

Zenbaitetan, hala ere, osagai bikoitz horren lehen elementua falta denean —inor/ezer/deus edo horrelakorik ez dagoenean, alegia—, agerian dagoen elementuarekin ere egin dezake aditzak komunztadura. Nori osagaia duen adibidean, esate baterako, badirudi lehen elementua agerian dagoenean harekiko komunztadura egiten dela (ez diote inori eman, niri baizik), edo bestela bigarren elementuarekin egingo duela aditzak komunztadura (niri baizik ez didate eman).

Bestalde, egitura murriztaile honek ez du debekurik galdetzaileak erabiltzeko: Zer egin dut nik, ona baizik?; Nork egin du hori, nik baizik? Perpaus hauetan ez dago kontrasterik —‘ez hau, hura baizik’— bi elementuz osaturiko galdera murriztailea baizik: onaz beste zer?; nitaz beste nork?

28.6.3.8c Baizik-en aldaera den baizen ere erabiltzen da adiera honetan. Eta, orobat, Hegoaldeko baino ere: Zeren ez baitzen, bi urtez baizen, bekaturik egin gabe egon (Axular); Debozionea ez da Jainkoaren egiazko amodioa baizen (Pouvreau); Ez dezadan lauda zure gogara dena baizen, ez dezadan preza zuri preziatu zaizunik baizen (Xurio); Ez daukat etxe bat baño (Mogel); Ez dut gura beste ondasunik, zeu baino (Frai Bartolome).

28.7. Juntagailuak eta Buru-parametroa

28.7a Juntagailuak euskaraz bi juntagaien artean kokatu ohi dira: ‘X junt Y’. Hori da juntaduraren molde orokorra. Eta alde horretatik, gramatika honen hasieran euskararen ezaugarriak azaltzeko unean esan dugunetik aldendu egingo litzateke: esan dugu hizkuntzetan sintagmak buru edo ardatz baten inguruan eratzen direla, eta hizkuntzaren arabera, buru hori sintagmaren hasieran edo azkenean joaten dela. Euskaraz, burua azkenean izan ohi dute sintagmek (ikus § 1.4). Bada, eskema orokor horretatik aldendu egiten da juntadura: batetik, juntagailua bi juntagaien artean dago; bestetik, juntaduraren ondoren osatzen den sintagma, juntatzen dituen elementuen mota berekoa izan ohi da, eta funtzio sintaktiko bera izan ohi du; juntagailuak ez ditu ez kategoria ez funtzio sintaktikoa ezartzen. Egoera hori nahiko orokorra da hizkuntzetan240.

28.7b Hori horrela izanik ere, aurreko ataletan ikusi dugu, molde orokorraren alboan, euskaraz badela aukera juntagailuak beste toki edo molde batzuetan azaltzeko ere. Beti, adiera edo balio bereziei lotuta; oinarrizko emendiotik, hautakaritzatik edo aurkaritzatik apur bat urrunduz. Adibideak berriro ekarriko ditugu, gogoratzeko; argibide gehiago juntagailu bakoitzari emandako atalean aurkitu daitezke.

Lehenik, ‘X junt’ moldea genuen. Bigarren juntagaia aipatu gabe utzita balio edo irakurketa desberdin asko lor daitezke. Erabiltzen den juntagailuak eta inguru sintaktikoak dute horretan eragina: Irenek-eta egin dute; Irenek-edo egingo zuen; Elurra hasi du eta!; Berandu iritsi naiz, istripua izan da-eta; Nora zoaz, hondartzara ala?; Nondik zatoz, museotik edo?; Nik ez al dut eskubiderik, ala?

Horrez gain, ‘junt X junt Y’ moldea ere aipatu dugu, juntadura hautakarian: Edo Josuri edo Mireni utziko dizkiot giltzak; Ez zekien zer egin: ala ohe azpian ezkutatu, ala ate-osteko zulotik begira egon; Ala bertakoek ala kanpokoek, guztiek goraipatzen dute. Juntagailuaren eta ingurune sintaktikoaren arabera, orobatasuna adierazteko, juntagaien artean aukeratu beharra argiago markatzeko, banakaritza indartzeko… erabil daiteke. Diskurtso markatzaileak edo beste elementu batzuk errepikatuz ere lortzen dira antzeko irakurketak.

Zenbaitetan ‘junt X’ motako egiturak ere azaltzen dira, juntagailua perpausaren hasieran emanez, baina orduan diskurtso markatzaile modura erabiltzen da juntagailua: Eta geuk egingo bagenu?; Baina ez diozu ezer esan behar? Adibide hauetan lotura ez da aurretik datorren juntagai batekin egiten: testu mailako lotura bideratzen da; ondoan datorren perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazten da, juntadura sintaktikorik adierazi gabe.

28.7c Bestalde, euskaraz ia juntagailu guztiak bi juntagaien artean kokatzen dira, baina intonazio-etenari dagokionez, juntagailuak bigarren juntagaiarekin elkartzea da joera nagusia: Ane / eta Jon241. Baina juntagailuarekin are argiago dirudi: Garaiz esnatu naiz, baina berandu iritsi naiz.

28.8. Juntadura eta osagaitasuna

28.8a Hasieran esan dugu juntaduraren bidez mota bereko elementuak elkartzen direla. ‘Mota bereko’ izate hori apur bat zehazten saiatu gara, eta funtzio sintaktiko berdina izatearekin lotu dugu. Alegia, ez dela nahitaezkoa juntagaiak zehazki kategoria berekoak izatea. Adibidez: Bihar, edo datorren astean, edo ahal dudanean pasako naiz zure etxetik. Hor adberbio bat, postposizio sintagma bat eta denborazko perpaus bat juntatzen dira; kategoriaren aldetik ez dira berdinak; bai, ordea, funtzio sintaktikoaren aldetik. Horretaz zabalago jardun dugu juntagaien azterketa egin dugunean (§ 28.2).

28.8b Gramatiketan askotan erabili izan da juntadura osagai sintaktikoak zein diren erabakitzeko irizpidetzat. Adibidez, Liburu eta aldizkari zahar horiek bota itzazu esaten dugunean, argi ikusten da liburu eta aldizkari maila bereko elementuak direla, eta zahar adjektiboa biei dagokiela: [[liburu eta aldizkari] zahar]. Edo, Altzari zahar eta liburu garesti horiekin egongela dotore geldituko zaizu esaten badugu, izena+adjektiboa multzoak elkartzen ditu eta juntagailuak, eta ondorioz, esan dezakegu izena eta adjektiboaren artean osagai sintaktiko bat egiten dutela: [[altzari garesti] eta [liburu zahar] horiekin]. Alde horretatik, juntadura irizpide baliagarria gertatzen da gramatikariarentzat osagaiak eta egitura sintaktikoak zehazteko unean.

28.8c Nolanahi ere, behin baino gehiagotan aipatu izan da irizpide horri bakarrik jarraitzeak erabiltzen zailak diren ondorioetara eraman gaitzakeela. Ikusi, esaterako, honako bi adibide hauek: [Joxeren liburu eta Mirenen aldizkari] berriak / Joxeren [liburu berri eta aldizkari zahar]ak. Balizko osagaiak banatzeko hesiak geuk jarri ditugu. Osagaiak bereizteko juntadura soilik erabiliz, lehenengo adibidean izenlaguna eta izena bilduko lirateke osagai batean, adjektiboa kanpora utziz; baina bigarren adibidean izena eta adjektiboa bilduko lirateke, izenlaguna kanpora utziz. Kontraesan itxurako emaitzak, beraz.

Horrelako kasuen berri emateko bide batzuk —ezabaketak, kategoria hutsak…— proposatu dira gramatiketan. Horrelakoetara jo ezean, juntadura egituretan kasuistika zabala eta erabiltzen zaila aurki daiteke. Begira diezaiogun ondorengo adibideari: Joxeren [liburu zaharrak eta aldizkari berriak]. Interpretazioetako batean, izena, izenondoa eta artikulua bilduko litzaizkiguke osagai batean, eta Joxeren izenlagunak guztia besarkatuko luke. Ildo berari jarraituz, Herriko [elbarriei eta zaharrei] laguntzak emango zaizkie bezalako batean, izena+determinatzailea+marka izango genituzke elkarrekin bilduta, izenlaguna kanpora utziz. Eta gauza bera gerta daiteke izenaren aurretik doazen determinatzaileekin: Zenbait [musikarik eta idazlek] gauez lan egiten dute, edo zenbait hitz elkarturen lehenengo zatiarekin: Giza [besoz eta izterrez] betea zegoen eltze hura. Garbi ikusten da, bada, juntadura dagoenean, ‘errepikatutako’ elementuak erraz uzten direla isilean, eta juntaduraren testuinguru sintaktikoak esanahia berreskuratzeko aukera ematen digula.

28.8d Batzuetan, intonazio bereziagoz, juntagailuaren alboetan osagai izatea zail duten elementu-segidak ere azaltzen zaizkigu multzokaturik. Adibidez: [Astegunetan Maulen eta asteburuetan Bilbon] aurkituko nauzu. Adibide honetan ‘askeak eta beregainak’ diren bi elementu azaltzen zaizkigu eta juntagailuaren alde banatan. Edo begira EGLU-IV testutik ateratako adibide honi ere: Txandaturik ager daitezke [bata juntagai baten eta bestea bigarren juntagaiaren] aurrean (EGLU-IV: 177). Lehen juntagaiko bata eta bigarreneko bestea subjektuak izango genituzke —eta aditzarekiko komunztadura pluralekoa da—, osagai oso eta askeak; baina juntagai baten eta bigarren juntagaiaren izenlagunak, jarraian datorren aurrean-en menpean doaz; hau da, intonazioaren bidez subjektuarekin batera bilduko genituzke, eta beren ardatza den izena —eta artikulua eta -n marka— bilketa horretatik kanpora geldituko lirateke. Hizkuntzak eta juntadurak aukera hauek ematen ditu, baina betiere intonazio bereziagoa erabiltzen da.

28.9. Alborakuntza eta aposizioa

28.9.1. Alborakuntza

28.9.1a Gramatikako unitate gorenak dira perpausak, baina badituzte harremanak diskurtso edo testu batean aurretik edo ondoren ageri diren perpausekin; izan ere, perpausak elkarrekin josten ditugu diskurtso koherente bat eratzeko. Kapitulu honetan dagoeneko aipatu ditugun juntaduraz eta menderakuntzaz baliatzen gara horretarako; juntagailuez eta menderagailuez, alegia. Dena den, juntadurak eta menderakuntzak perpaus kategoriako unitateak osatzen dituzte (ikus § 10.2): perpaus konplexuak (perpaus nagusiaz + perpaus menderatuez osatuak) edo perpaus konposatuak (juntaduraz elkarturiko perpaus beregainek osatuak).

Baina perpausen artean gerta daiteke beste mota bateko lotura ere, solas mailakoa, gorago aipatu duguna bezain hertsia ez dena. Izan ere, bata bestearen ondoan dauden perpausen artean ere badira harremanak. Hau da, hain zuzen, orain aipatu nahi dugun lotura: solas mailakoa. Alborakuntza (edo justaposizio) esaten diogu hizki edo partikula jakin eta berezirik erabili gabe gauzatzen den juntadurari. Izenak berak aski argi adierazten duenez, perpausen alboratze hutsez gauzatzen dena da alborakuntza; edo, bestela esanda, juntagailurik gabeko juntadura.

Adibide batekin hobeto ikusiko dugu juntadura / menderakuntza / alborakuntza bereizketa. Har ditzagun bi perpaus hauek: Beranduegi da eta Etxera noa. Bi perpaus horien esanahia kontuan hartuta argi ikus dezakegu nolako harreman semantikoa dagoen bien artean. Baina gramatika egitura bat baino gehiago dugu eskura harreman hori adierazteko: juntadura (Beranduegi da eta etxera noa); menderakuntza (Beranduegi denez, etxera noa); alborakuntza (Beranduegi da; etxera noa). Berdin egin dezakegu beste bi perpaus hauekin ere: Haurra bakarrik geratu da eta Ikaratzen hasi da. Juntaduraz balia gaitezke (Haurra bakarrik geratu da eta ikaratzen hasi da), menderakuntzaz (Haurra bakarrik geratu denean ikaratzen hasi da; Haurra ikaratzen hasi da, bakarrik geratu baita) nahiz alborakuntzaz (Haurra bakarrik geratu da; ikaratzen hasi da).

28.9.1b Diskurtso markatzaile deitzen ditugun elementuek laguntzen dute alborakuntzaz juntatu diren perpausen arteko lotura semantikoa agerian uzten. EGLU-III lanean aztertzen dira horietako batzuk: lokailuak. Solas mailako edo testu mailako lotura gauzatzen duten gramatika baliabideak dira lokailuak; ez dute perpaus elkarketa bideratzen.

Goiko adibide horietan, beranduegi izatearen eta etxera joatearen edo haurra bakarrik geratzearen eta ikaratzen hastearen arteko lotura semantikoa nabarmendu nahi badugu esan dezakegu, adibidez, Beranduegi da; beraz, etxera noa. Edo Beranduegi da; hortaz, etxera noa. Haurra bakarrik geratu da; orduan, ikaratzen hasi da. Azpimarratu ditugun elementuak baliatuz perpausen arteko lotura semantikoa agerian jartzen dugu, baina ez dugu perpausen arteko sintaxi mailako loturarik eragiten.

Nolanahi ere, lokailuak informazioa egituratzeko baliatzen ditugun elementuetako batzuk baino ez dira. Askoz zabalagoa da diskurtso edo testu bateko informazioa egituratzeko eskura dugun diskurtso markatzaileen multzoa (ikus 42. eta 43. kapituluak).

28.9.1c Juntadura aztertzean ikusi dugu kategoria bateko baino gehiagoko osagaiak elkar ditzaketela juntagailuek: perpausak (berandu da eta etxera noa), postposizio sintagmak (aitarekin eta amarekin), adberbioak (bihar eta etzi), izenak (herri eta mendiak), adjektiboak (artelan eder eta garestiak) eta abar (ikus § 28.1.1a).

Menderakuntza hitza ere, ia beti perpausen menderakuntzaz ari garela erabili ohi dugun arren, sintagmez ari garela ere berdin erabil dezakegu. Badakigu perpausezkoak ez diren sintagmak ere beste sintagma askotarikoen mendekoak izan daitezkeela. Sintagma bat beste baten mende jartzen dute, beste baten barruan txertatzen dute, -ko postposizio sintagmek eta genitibo sintagmek (Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleen kezkak). Adibide horretan argi ikusten da sintagmen menderakuntza, perpausena bezala, errekurtsiboa dela: sintagma bat beste baten mendeko egin dezakegu, eta egitura hori hirugarren baten mendeko… Euskal Herria > Euskal Herriko unibertsitateak > Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleak > Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleen kezkak.

Aintzat hartu behar da, beraz, prozedura orokorrak direla bai juntadura eta bai menderakuntza, sintaxiaren maila guztietan gerta baitaiteke osagaiak juntatzea edo bata besteari menderatzea.

28.9.1d Alborakuntza ere perpausez harago doan prozedura da, perpausak ez ezik, sintagmak ere albora daitezke eta: Haurrak, gazteak, helduak, han zeuden guztiak; Etxean, lanean, tabernetan, edozein lekutan izaten zituen liskarrak. Ohikoa izaten da horrelako zerrendatze edo enumerazioen edukia gero sintagma bakar batean biltzea. Eman ditugun bi adibideetan guztiak eta edozein lekutan dira, hurrenez hurren, bata bestearen ondoan eman ditugun sintagmak “biltzen” dituztenak. Beste batzuetan alderantzizkoa gertatzen da: esanahi orokorra, oro-biltzailea duen sintagma ageri da lehenik, eta sintagma horren edukia “aletzen” duten beste sintagma batzuen zerrenda ondoren: Jende askorekin hitz egin zuen: lankideekin, familiakoekin, auzokoekin, tabernariarekin…

Kategoria lexikoek ere osa ditzakete horrelako zerrendak. Izenek: Egile horren liburu, artikulu, kritika, iruzkin, mota guztietako idatziak bildu ditugu; Egile horren mota guztietako idatziak bildu ditugu: liburu, artikulu, kritika, iruzkin eta abar. Adjektiboek: Zuri, gorri, berde, beltz, hori, urdin, kolore guztiak erabiltzen zituen marrazki bat egiten zuenean. Aditzek: Edozer egingo zuen nahi zuena lortzeko: eskatu, erregutu, agindu, mehatxatu…

28.9.2. Aposizioa

28.9.2a Zerrendatze hutsaz bestelako harremana ere gerta daiteke bata bestearen ondoan eman diren bi sintagmaren edo bi izenen artean. Askotan izen sintagma batean adjektiboak betetzen duen zeregina aposizioan doala esan ohi dugun izen batek, edo beste izen sintagma batek betetzen du; hau da, ondoan daraman izenaren zer nolakoa adierazten du. Ikus ditzagun adibide hauek: Larrañaga irakasleak irakatsi zigun iaz matematika; Gasteizen, Arabako hiriburuan, taberna ugari dago. Adibide horietan Larrañaga eta irakasle izenen arteko harremana edo Gasteizen eta Arabako hiriburuan postposizio sintagmena, aurreko puntuan eman ditugun adibideetako izen eta sintagmen artekoa ez bezalakoa da. Orain arte ikusi ditugun adibideetan mota semantiko bereko izenak (liburu, artikulu, iruzkin), adjektiboak (kolore adjektiboak, eman dugun adibidean) edo aditzak alboratu ditugu, jarri ditugu bata bestearen atzean. Mota semantiko berekoak bai, baina bakoitzak du bere erreferentea, bere esanahia. Larrañaga irakasleak adibidean, berriz, izen propioa eta izen arrunta eman ditugu elkarren ondoan; ezingo genuke, beraz Larrañaga eta irakaslea edo Larrañaga nahiz irakaslea edo Larrañaga, irakaslea esan; ez, behintzat, Larrañaga irakaslea sintagmaren pareko egitura emateko (besterik da, adibidez, Larrañaga izeneko ikaskide batez ari bagara eta, informazio hori ezaguna izanik, esatea Larrañaga eta irakaslea elkarrekin joaten dira eskolak amaitu ondoren zerbeza bat hartzera). Guk eman dugun adibidean (Larrañaga irakasleak irakatsi zigun iaz matematika), irakasleen artean bakarra izendatzeko baliatzen da Larrañaga deitura. Alegia, irakasle izenaren modifikatzaile zeregina du Larrañaga izen propioak. Bigarren adibidea hartuz gero, erreferente bera dute bi sintagmek: Gasteiz eta Arabako hiriburua. Horrelako egituretan bigarren sintagmak ezkerrekoa modifikatzen du.

Aposizio esaten zaie mota honetako egiturei, zeinetan izen batek edo izen sintagma batek beste izen bat modifikatzen duen. Garrantzitsua da azpimarratzea “osagarri ez diren modifikatzaileak” direla aposizioetan ageri direnak; ezin dira izan argumentu egituradun izen baten osagarriak (ikus § 12.3.5, § 23.3.2). Berehala aztertuko dugu zer motatako modifikatzaileak diren aposizio egiturak eratzen dituztenak, izenaren (edo izen sintagmaren) osagarri ez diren modifikatzaile asko eta asko izenlagunen bidez ematen baititugu.

Aposizio egiturak, beraz, izenaren mota jakin bateko modifikatzaile ez-osagarriek osatzen dituzten egiturak dira. Modifikatze hori zer motatakoa den, bi aposizio molde bereiziko ditugu: aposizio ez-murrizgarriak / aposizio murrizgarriak.

28.9.2b Sintagmatik kanpoko aposizioa: aposizio ez-murrizgarriak. Erreferentzia bera duten bi izen sintagmak osatzen dituzte aposizio ez-murrizgarriak. Bigarrenak, aurrekoaren ezaugarri berriren bat adierazten du. Gehienetan eten bat gertatzen da bi sintagmen artean: koma artean ematen dugu aposizioan doan sintagma. Izen sintagmari, beraz, kanpotik gehitzen zaizkio aposizio ez-murrizgarriak. Gasteizen, Arabako hiriburuan, taberna ugari dago; Pellok, atzo aipatu nizun lagunak, andregaia utzi egin du. Adibide horietan erreferentzia bera dute Gasteiz eta Arabako hiriburua sintagmek, bai eta Pello eta atzo aipatu nizun laguna sintagmek ere. Azken batean berdintsu litzateke beste modu honetan ematea: Gasteizen (eta Gasteiz Arabako hiriburua da) taberna ugari dago; Pellok (eta Pello da atzo aipatu nizun laguna) andregaia utzi egin du. Edo diskurtso markatzaile bat ere balia dezakegu bigarren sintagmak adierazten duen ezaugarria “lotzeko”: Piramide hori diseinatu zuenak, faroiaren arkitektoak; Piramide hori diseinatu zuenak, hots, faraoiaren arkitektoak; Hautagai batzuei, azterketa gainditu dutenei; Hautagai batzuei, zehazki azterketa gainditu dutenei. Mota honetakoak dira beste adibide hauek ere: Barack Obama, AEBko lehen presidente afroamerikarra, Hillary Clintonekin lehiatu zen Alderdi demokrataren hautagai izateko; Lotsagarria da nolako ilarak ikusten diren gaur Everestera, munduko mendirik altuenera igotzeko. Erlatibozko sintagma adjektibalak ere ager daitezke aposizioan242 (ikus § 31.4.3.14): Jende gazte arinen, [zentzuz baino zangoz fidago direnen] ofizioa da dantza (Axular).

Aposizio ez-murrizgarriek hiru ezaugarri dituzte: a) bigarren sintagma ez da nahitaezkoa; isilik utz daiteke eta, hala ere, perpausa gramatikala izango da243: Gasteizen taberna ugari dago; Lotsagarria da nolako ilarak ikusten diren gaur Everestera igotzeko eta abar. b) Bata bestearen ondoan joan behar dute, nahitaez, bi sintagmek: *Gasteizen taberna ugari dago Arabako hiriburuan; *Barack Obama Hillary Clintonekin lehiatu zen hautagai izateko lehen presidente afroamerikarra. c) Aposizio ez-murrizgarrietan bi sintagmek hartu behar dute kasu marka edo postposizio atzizki bera: Mireni, nire lagun donostiarrari, ez zaio gustatzen inork ñoñostiarra esatea.

Komunztadurarik gabeko aposizioak leku urriagoa du tradizioan eta, hortaz, ez da gomendatzekoa: ??Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten; ??Zure lagunarekin, unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur. Zenbaitetan perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten. Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean: Gure herriko alkateak —musikazale amorratua bera— begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua; Haren etxean —aski zabala, ene ustez— erraz kabituko gara denok; Datorren larunbatean —hilak zortzi— hasiko da ehiza garaia.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 109. araua: “Komunztadura aposizioetan”, Bilbon, 2001eko ekainaren 29an onartua.

28.9.2c Sintagma adjektibalak aposizio ez-murrizgarrian. Sintagma adjektibalek izen sintagmaren barnean dute oinarrizko lekua, dela ezkerrean (-ko atzizkiaz osatuak daudenak, material sendoko aldamio), dela eskuinean (aldamio on). Erlatibozko perpausak ere, izen bat modifikatzen baitute, ezkerrean dute ohiko lekua (ezustekorik emango ez didan aldamioa). Baina izen sintagmaren barruko modifikatzaile horiek izen sintagmaren ondotik ere ager daitezke, hartatik kanpo baina hari dagozkiola: Aldamio bat [on]a, [material sendoko]a, [luze irauteko]a, [ezustekorik emango ez didan]a. Bistakoa da izen sintagmaren barnean ere ager zitezkeela: Ezustekorik emango ez didan luze irauteko aldamio on, material sendoko bat. Badu antolamendu horrek ezaugarri bat aipagarria; izan ere, oinarri duen izen sintagmatik kanporatze hutsarekin, honelakoak genituzke berez: *aldamio bat [on], [material sendoko], [ezustekorik emango ez didan]. Bistan da aposizioa determinatzaile-edo baten eske geratzen dela horrela, bere sintagma itxura betea izango badu. Testu zaharrenetan, partitiboak betetzen zuen eginkizun hori, aurrekari den sintagma zehaztugabeari berez dagokion komunztaduraz: Aldamio bat [on]ik, [material sendoko]rik, [ezustekorik emango ez didan]ik. Geroztiko euskaran, artikuluaz egiten da komunztadura, eta barra-barra erabiltzen da joskera hori (ikus § 31.4.3.14b): Aldamio bat [on]a, [material sendoko]a, [ezustekorik emango ez didan]a. Adjektibo eskuineratu ugari ikus ditzakegu, esaterako, Oxobiren adibide honetan: Bazen behin bele bat. Bele bat beltza. Pika bezen ohoina, baina zozoa! Hartu zuen gasna bat. Gasna bat gaitza. Bestetik, bi muga zorrotz ditu sintagma adjektibalak hala gibeleratzeko —hots, izen sintagmaren ondotik emateko—. Ikusi ditugun adibideetan gertatzen den bezala, aurrekariak a) absolutiboan egon behar du, b) zehaztugabea izan behar du (ikus § 31.3.2): *aldamio batekin, [ezustekorik emango ez didan]a(rekin); *aldamioa(k), ona(k).

28.9.2d Absolutiboan, anbiguotasunen bat gerta daiteke inoiz ikusi ditugun aposizio ez-murrizgarri molde horien artean, nahiz ez izan inola ere ohikoa. Hau da, zalantza sor daiteke aposizio ez-murrizgarrian doan egitura izen sintagma ala sintagma adjektibala den. Aposizioaren amaierako artikuluaren izaerak sortzen du zalantza (edo anbiguotasuna): benetako artikulua den (izen sintagmari dagokiona) ala sintagma adjektibala airean ez uzteko komunztadura hutsezkoa. Heldu zen egun bat [denok espero genuena] (egun bat [nolako(a)?] / halako(a)] / egun bat (zein? / hori). Sintagma adjektibalari dagokio halakoa irakurketa; izen sintagmari, ostera, hori. Baina badira moduak anbiguotasuna hausteko: Heldu zen egun bat; denok espero genuen hura, hain zuzen / Heldu zen egun bat denok espero genuen gisakoa.

28.9.2e Izen sintagmei dagozkien aposizio ez-murrizgarriak aztertu ditugu aurreko puntuetan; izen sintagmak dira, ikusi ditugun adibideetan, beste izen sintagma bati kanpotik gehitu zaizkionak. Baina, izatez, molde hau berdin da aplikagarri bestelako sintagmekin, funtzio bereko bi sintagmaren arteko erreferentzia errepikatuan baitatza prozedura: Etzi, ostegunean, dantzaldia izango da plazan; Bete-bete egin naiz (esfortzuaz lehertu, alegia) azkenerako.

28.9.2f Sintagma barneko aposizioak: aposizio murrizgarriak / aposizio kalifikatzailea. Puntu honetan aztertuko ditugun aposizioek hauxe dute ezaugarri nagusi: izen sintagmaren barrukoak izatea. Baina sintagmaren barruko aposizio hori bi motatakoa izan daiteke: murrizgarria (hau da, izenaren erreferentea murrizten duena) edo kalifikatzailea (adjektiboek egin ohi duten bezala, izenaren ezaugarri bat adierazten duena). Aposizio murrizgarrian, izen sintagmako ardatz den izenak izendapen bat hartzen du aurretik, izen bereziz nahiz arruntez gauzatua: Nilo (izeneko) ibaia, Pio XII.a (izena hartutako) aita santua. Kasu horretan ere, izen ardatza osatzera eta erreferentea identifikatzera datorren izendapen hori izen arruntarekiko aposizioan doala esaten da; baina, mota horretako egituretan predikazio erlazio inklusiboa da (§ 7.2.8.1). Aposizio identifikatzaile mota hori izen sintagmaren barnean gertatzen denez, barne-aposizio dela esan daiteke. Mota honetako aposizioak dira Larrañaga irakaslea; Bilintx liburu-denda; Urola ibaia; Lasa andrea; Loiolako Inazio saindua. Adibide horietan guztietan, ezkerreko izen propioak zehaztu, murriztu egiten du sintagmako izenaren erreferentea (ikus “Aposizio egiturako elkartuak” § 7.2.8.6).

Leku-denborazko izen berezi batzuekin, -ko postposizioa baliatzen da hizkera guztietan, kokapen-baliorik gabe, (izen-izen) aposizio soilaren partez: martxoko hilaren zazpian, Eibarko hiri argian. Alegia, hila: martxoa; hiria: Eibar izanagatik, ez dugu hor erabiltzen ez #martxo hiletik ez ?Eibar hirira. Antzeko mekanismoa dugu genitiboaren erabilera batzuekin ere: [droga=arazo / migratzea=tragedia] → drogaren arazoa; migratzearen tragedia. Halakoak ez dira formaz aposizio, baina bai haien kide esanahiz.

Kasuren batean, izenaren eskuinean (ere) joan daiteke izendapena barne aposizioan, ahaidetasun-izen, tratamendu eta gisakoekin bereziki: (Zure) lehengusu Andoni; Aitona Markos; Maisu Juan; Ama birjina/Erregina Maria. Jaun eta andre izenaren ezkerrean nahiz eskuinean ager daitezke. Iparraldeko tradizioan ohikoa da ezkerrean ematea: Jaun erretorea; Andre serora. Ez dirudi debeku gramatikal zorrotzik dagoenik berez eskuineko ordenamendu hori (ere) baliatzeko. Aukera biak ditugunean, zentzu zehaztaile(ago)a har dezake izendapena amaieran emateak: Andoni(,) zure lehengusua vs (zure) lehengusu[etatik] Andoni [izenekoa]. Azken urteotan, hain zuzen ere, aski zabaldu da halako joskera honelakoetan: Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Ban Ki-moon. Hala saihesten da beste hurrenkeran gertatu ohi den letra larrizko izen(dapen) arrotzen pilaketa nahasgarria: Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusia. Mota honetako aposizioa da beste adibide honetakoa ere; eta, adibide honetan ere, izen berezia ezkerrean nahiz eskuinean eman daiteke: Unibertsitateko errektoreorde Edurne Mendiluzek aurkeztu du txostena; Edurne Mendiluze unibertsitateko errektoreordeak aurkeztu du txostena.

28.9.2g Mugatzaile eta guzti eratuak diren izen bereziek, hala ere —Antso Azkarra, Pernando Amezketarra eta horrelakoek—, bere horretan gordetzen dute mugatzailea aposizioetan ere: Antso Azkarra errege ausartari; Pernando Amezketarra bertsolari ezagunaren ibilerak. Zenbatzaile ordinala daramaten izen propioetan, ordea, ohiko joera mugatzailea izen bereziaren ataltzat ez hartzekoa izan da. Hala erakusten du literatura tradizioan nagusi ageri den jokamoldeak, zenbatzaile ordinala izen bereziaren amaieran ematen baita: Frantziako errege Louis XVI.aren ministro zen hau; Famatua izan da, bereziki, aita santu Inozentzio VIII.ak landuriko “Bi ezpaten teoria”. Hala ere, badirudi gaurko joera bestelakoa dela, hau da, mugatzailea izen bereziaren ataltzat hartzekoa: Karlos II.a errege suediarra.

28.9.2h Batzuetan ez da hain erraza zein motatako aposizioa den bereiztea. Adibidez, Garate izeneko pertsona bat baino gehiago ezagutzen baditugu, Garate futbolaria esatean, Garate izeneko pertsonen multzoa zehazten edo murrizten dugu, Garate guztien artean futbolaria dena bereizten da. Ez dago, beraz, alde handirik, ikuspegi honetatik Garate futbolaria eta osaba bertsolaria sintagmen artean. Morfologiaren barruan aztertzen dira Gramatika honetan osaba bertsolaria motakoak (ikus § 7.1.3c). Aposizio murrizgarri (barne aposizio) deitu ditugunak ere Morfologiari eskainitako atalean aztertzen dira, izen elkartuen artean (ikus “Aposizio egiturako hitz elkartuak” § 7.2.8).

28.9.2i Bi egitura mota bereiz daitezke aurreko puntuetan ikusi ditugun sintagmaren barruko aposizioetan. Bi izenez osatuak daudenak (Morfologiari eskainitako atalean zehazkiago aztertu ditugunak, § 7.2.8.6) eta egitura konplexuagoa dutenak (Pernando Amezketarra bertsolari ezaguna, Antso Azkarra errege ausarta). Lehen motakoetan argi ikusten da izendapen balioa (§ 28.9.2g): ibaien, mendien, idazleen, errektoreordeen… artean bakarra izendatzen da. Antso Azkarra errege ausarta edo Pernando Amezketarra bertsolari ezaguna sintagmak, ostera, konplexuagoak dira; errege edo bertsolari jakin baten izendapenaz gain adjektibo kualifikatzaile bat ere gehitzen da eta, horrenbestez, nekez azter daitezke morfologian; horietan ez dago erlazio inklusiborik. Horrelakoak dira Stalin agintari krudela edo Axular idazle handia ere.

28.9.2j Egitura desberdintasunak gorabehera, sintagma barruko aposizioetan, sintagma bakarra dagoen neurrian, amaieran ematen da artikulua eta egiturazko kasu markak zein postposizio atzizkiak: Axular idazle handiak; Stalin agintari krudelarentzat; Mitxelena hizkuntzalari jakintsuarekin; Urola ibaitik; Axular ikastolara; Pentsamenduaren Klasikoak bilduman.

28.9.2k Aposizio egiturako hitz elkartuak aztertzean ikusi bezala (§ 7.2.8.6), bi izen aposizioan ematean morfologiaren eta sintaxiaren mugan gabiltza eta aposizio erlazioa lexikoan ere gerta daiteke. Horixe nabarmendu dute Odriozolak eta Perez Gazteluk ere: “Aposizio deizioa esangura anitzekoa da hizkuntzalaritzako lanetan. Egitura jakin baten bi osagaien arteko erreferentziakidetasun maila bat da funtsezko ezaugarria, baina, sintaxi- ala morfologia-prozedura batez ari ote garen ere ez dago guztiz garbi” (Odriozola eta Perez Gaztelu 2002: 467).

227 Alokutiboaren eta menderakuntzaren gaia sakontasun handiagoz agertzen dira 27. eta 29. kapituluetan.

228 Gaiaren ikuspegi orokor baterako, ikus López García 1999.

229 Gramatika lanetan ere erabili izan dira parataxi eta hipotaxi terminoak, askotan juntadura eta menderakuntza hitzen pareko balioarekin. Aipatzen ari garen hurbilketa honetan, parataxia eta hipotaxia oinarrian diskurtsoaren mailako kontzeptuak izango lirateke.

230 Ohart gaitezen perpausak juntatzen ditugunean baina aurkaritzako juntagailu "faltsua" ere erabiltzen dugula zenbaitetan, besterik gabe eta adierazi nahi duela: Patxi etxean gelditu da baina Miren zinemara joan da. Hor ez dago ezinbestean inolako aurkaritzarik (§ 28.6.2).

231 Gaiaz ikuspegi orokorragoa azaltzen da § 28.7 atalean (“Juntagailuak eta Buru- parametroa”).

232 Juntagailu gehiagorekin ere gertatzen dira antzekoak: bigarren juntagaia azaltzen ez denean, balio eta adierazkortasun desberdineko moldeak eta esapideak osatzen dira.

233 Emendioaren baliorako, antzeko enfasia emateko ez da eta juntagailua errepikatzen, baizik eta beste zenbait adberbio eta elementu; bereziki, bai… bai… moldea erabiltzen da: Bai Pello bai Miren atzerrian jaiotakoak dira.

234 De Rijkek (2008: 848) aipatzen du, X ala motako egituren erabilera-esparru mugatuagoaren atzean juntagailu honen balioa egon daitekeela, ala-k gehienetan elkar baztertzen duten bi aukera edo gehiagoren artean hautatzea eskatzen baitu.

235 Emendiozko juntaduran ere, perpausen ordenak ‘bizitzako ordena’ islatzeko joera du —denbora, gutxienez, eta kausalitatea, zeharka bederen—. Adibidez, ondorengo emendiozko juntaduran, ordena aldatzea ez litzaiguke egokia irudituko: Jonek familiakoei agur-gutuna idatzi zien eta bere buruaz beste egin zuen / #Jonek bere buruaz beste egin zuen eta familiakoei agur-gutuna idatzi zien. Baina desberdintasuna ez da, aurkaritzako juntaduran bezala, juntadura-motak berak bideratua.

236 Batzuetan, egoeran aurretik ‘esan den’ zerbait zuzentzeko erabiltzen da aurkaritzako juntadura. Ondoko hau, esate baterako, ohiko egoeran galdera ikurraz emango luke batek baino gehiagok: Erloju hau merkea da, baina txarra. Izan ere, badirudi merkea izateak txarra izatea iradokitzen duela betiere eta, hortaz, hor ez dagoela baina-rentzat lekurik, ez baitago inolako aurkaritzarik. Baina izan daiteke hor ere perpausa zuzena egiten duen ingururik. Demagun bezero batek “erloju on eta merkea” eskatu diola dendariari. Honek bat erakusten dio. Bezeroak erlojua hartu, aztertu eta honela dio: “Erloju merkea da eta, hortaz, badirudi nire eskaria bete dezakeela, baina, bestalde, txarra da eta, beraz, ez du betetzen. Ez dut nahi”. Eskaera edo enuntziatu batetik abiatu da hiztuna; aurrean jarri zaion egoerak ez du eskaera edo enuntziatu hori osoki betetzen; eta hori adierazteko, aurkaritzako juntadura erabiltzen du.

237 Ohargarria da beste honako hau ere: baina gisa horretan eta perpaus barruan nahiz azkenean gehien erabiltzen duen euskalkia dela, hain zuzen, beste euskalkiek leku horietan ohikoa duten ordea diskurtso markatzailea erabiltzen ez duena.

238 Oro har hizkuntzetan aurkaritzako juntadura ‘oinarrizkoagoa’ da kontzesiozko menderakuntza baino: hizkuntza batzuetan lehena bada, baina bigarrena ez; edo bigarrena markatzeko formak lehenetik sortuak dira. Hizkuntzaren jabekuntza-prozesuan ere haurrak beranduago eskuratzen omen ditu kontzesiozkoak (Braunwald 1985; Bowerman 1986). Eta oro har, hiztunak gehiago baliatzen dira kontzesioaz idatzian, ahozkoan baino.

239 Aurreko perpausari lotuta ageri da inoiz baina, hori bai, Iparraldeko euskalkietan ere, baina perpausak trukatu gabe. Hona, horren lekuko, Etxepareren bertso hauek: nik eztakit berziak bana ni ari niz bekatu (Etxepare) // nik eztakit zer den bana estamendu berri du (Etxepare) / heben hik badukek bana haiek ez nork konsola (Etxepare). Baina, hor, zesuraren (bertso etenaren) aurrean kokatua eta hainbestez lehen perpausaren azkenean eta ez bigarrenaren hasieran ezarria dago, ahoskeran ere aurreko perpausari eta ez ondokoari atxikirik irakurri behar delarik. Hortaz, hor ere menderatzaile gisa erabilia dagoela esan daiteke, beharbada, perpaus trukaketarik ez badago ere.

240 Gramatikariek aipatu ohi dute juntadurak gainerako egitura sintaktikoekin duen desberdintasun hori. Hala ere, egitura sintaktikoari dagokionez, juntadura irudikatzeko unean ohiko [X] junt [Y] erabiltzen da eskuarki. Badira, ordea, juntagailua bigarren juntagaiarekin batera biltzea egokiagoa litzatekeela aldarrikatzen dutenak: [X] [junt Y]. Eta ideia horretatik abiatuz, egitura sintaktikoan hierarkia-mota desberdinak proposatu izan dira, hizkuntza eta fenomeno sintaktiko desberdinen berri hobeto eman nahian. Hemen ez dugu gai horretan sakonduko.

241 Nolanahi ere, ahozko jardunean eta juntagailuak bere aurreko juntagaiaren eragina jasaten du zenbait hizkeratan palatalizazioari edo bokal asimilazioari dagokienez: hiru te lau / bi tte hiru. Horrez gain, t-ren ahostuntzea ere gertatzen da, sudurkari edo albokari baten ondoren: Miren da Jon etorri dira.

242 Aurrekari duen sintagmaren postposizio atzizki bera errepikatzen den heinean, eman ditugun aposizio ez-murrizgarrien gainerako adibideak bezalakoak dira; hau da, § 28.9.2c puntuan aztertzen diren sintagma adjektibalak ez bezalakoak, horietan aurrekariak absolutiboko sintagma izan behar du eta.

243 Alde horretatik, osagarri ez diren modifikatzaile guztiak bezalakoak dira. Osagarriak dira nahitaez adierazi behar diren bakarrak. Eta, alde horretatik, esan daiteke gehigarriak direla, gehigarria kenduta ere osaturik baitago egitura. Perpausek ere har ditzakete gehigarri batzuk, haren hari nagusitik aparte-edo doazenak, eta askotariko osaera izan dezaketenak. Alborakuntzaren ordez beste modu honetan ere eman daiteke: Haurra —ilunpean bakarrik geratzearekin— ikaratzen hasi da; Ehiztariei, (zeinak) hiru orduz egonak (baitziren) usoen zain, etsipena nagusitu zitzaien (ikus Garzia 2014a, 9. atala).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper