Euskararen Gramatika

29. Menderakuntza

29. Menderakuntza

29.1. Perpausak konbinazioan

29.1.1 Hamargarren kapituluan, perpausak zer diren ikusi dugu. Diskurtsoak edo testuak antolatzean perpaus bakunak erabil ditzakegu: Lehengoan mendira joan ginen; Txakurra haserretu da… Horietako bakoitzak izango du bere subjektua, aditza eta gainerako osagaiak.

29.1.2 Askotan, ordea, perpaus bat baino gehiago elkartuko ditugu zerbait adierazteko. Maila bereko perpausak elkartzeari juntadura esaten diogu (ikus § 10.2, eta oro har 28. kapitulua): Lehengoan mendira joan ginen eta bazter politak ikusi genituen perpaus elkartua da, bi perpaus juntatuz eratu duguna. ‘Juntadura’ dugu hor.

Baina gerta daiteke perpausetako bat bestearen osagai izatea ere; menderakuntza esaten diogu horri, perpaus bat bestearen ‘mende’ ematen delako. Ondoko adibide hauetan menderakuntza dugu: Ez dut uste joango naizenik; Ez ahaztu atzo esan nizula; Gizon horrek zerbait badakigun galdetzen du; Kalera irten naizenean ohartu naiz euria ari zuela; Zuk urte osoan irabaz dezakezuna baino gehiago gasta dezaket nik egun bakar batean; Ez bazara ongi sentitzen hobe duzu etxera joatea.

Adibide horietan, [joango naizenik] uste izan aditzaren mende dago. Hala gertatzen da gainerakoetan ere [[Atzo esan nizula] ez duzu ahaztu], [[Gizon horrek zerbait badakigun] galdetzen du], eta abar. Areago, perpaus bat baino gehiago ere egon daiteke aditz baten mende: Ohartu naiz [kalera irten naizenean] [euria ari zuela]. Zertaz ohartu naizen eta noiz ohartu naizen, bi perpausaren bidez dago adierazia.

29.1.3 Mendeko perpausak, oro har, beste edozein sintagmak perpaus baten barnean beteko lukeen zeregina betetzen du. Eta, menderatze hori, behin eta berriro errepika daiteke: Ez dut esan badakidala noiz etorriko naizen. Adibide honetan, esan aditzaren mende dago badakidala eta honen mende, aldi berean, noiz etorriko naizen. Badira, dena den, horrelakoak ez direnak ere; alegia, sintagma baten lekua betetzen ez dutenak, perpaus (nagusi)tik kanpo geratzen direnak: -(e)nez38.2.2, § 40.5), baldintza perpausak (§ 24. kapitulua), ondoriozko perpausak (§ 23. kapitulua)…

29.1.4 Juntadura juntagailuen bidez gauzatzen da (§ 28. kapitulua): eta, baina, edo, ala… Menderakuntza, ostera, ‘menderagailu’en bidez: -la, -n, bait-, -nez, -nean, -(e)lako, ba-… Hau da, aditzari itsatsitako atzizkiak nahiz aurrizkiak agertuko zaizkigu perpaus txertatua dugunean. Beraz, euskaraz, menderakuntzaren eta juntaduraren arteko diferentzia sintaktikoa, morfologiazko diferentzia batez azaleratzen da. Aditzak atzizkia edo aurrizkia badarama, perpausa txertatua edo menderatua dela esango dugu.

29.1.5 Perpausak elkarren artean modu batera edo bestera lotzen direnean, perpaus beregainak sortzen dituzte eta perpaus beregain hauek egitura desberdinak erakusten dituzte: konplexuak (perpaus nagusia + perpaus menderatua(k), menderakuntzaz sortua) edo konposatuak (bi perpaus beregain edo gehiago lotzen direnean) izan daitezke (§ 10.2).

29.2. Menderakuntzaren ezaugarri morfosintaktikoak

29.2.1 Honako hauek dira, EGLU-IV eta EGLU-V liburukietan genioenez, menderakuntzak berekin dakartzan ezaugarri morfosintaktikoak:

Aditz-flexioko markak. Mendeko perpausetako adizki jokatuak atzizkiak hartzen ditu (-la, -n eta hauetatik eratorriak -nez, -nik, -nez gero, -lako, -larik eta abar) edo aurrizkiak (ba-, bait-).

Bestalde, zenbait mendeko perpausetan aditza jokatugabea izan ohi da, ez du, ez denbora, ez pertsona komunztadura-markarik hartzen: joatea (erabaki, pentsatu), egoteko (esan, eskatu), ibiltzen (ikasi), idatzi ondoren, galduz… Adizki laguntzailerik gabeko aditz forma izatea ere menderakuntzaren seinale da.

29.2.2 Hitzen hurrenkera (ikus 41. kapitulua). Mendeko perpausek elkartuan gainerako sintagmek edo osagaiek betetzen duten lekua eta zeregina betetzen dute. Ondorioz, perpaus ez diren gainerako osagaiek perpausaren barruan duten mugikortasuna erakutsiko dute perpaus menderatuek: Bide berri bat egingo dutela esan du irratiak / Irratiak esan du bide berri bat egingo dutela / Irratiak bide berri bat egingo dutela esan du; Txostena amaitzen dudanean joango naiz etxera / Joango naiz etxera txostena amaitzen dudanean / Etxera joango naiz txostena amaitzen dudanean; Dirurik ez duela esan arren, beti prest egoten da kanpoan afaltzeko / Beti prest egoten da kanpoan afaltzeko, dirurik ez duela esan arren. Hori horrela izanik ere, gogoan hartu behar da ‘galdegai/mintzagai’ jokoaren eragina (ikus 41. kapitulua). Bestalde, zenbait perpaus menderatutan (erlatiboetan, adibidez) ordena aski aldagaitza da, menderakuntza mota hau aztertuko dugun kapituluan (ikus 31. kapitulua) ikusiko dugun bezala.

29.2.3 Adizki alokutiboak (ikus 27. kapitulua). Mendeko perpausek ez dute onartzen adizki alokutiborik (perpaus juntatuek bai, nahiz ez beti): Miren berandu etorri dun eta ez din hire hitzaldia entzun; *Miren berandu etorri dunala uste dinat.

29.3. Menderagailuaren eta aditzaren arteko egokitze morfologikoak

Menderagailuak perpaus osagarriko aditzari lotzen zaizkio, esan bezala, eta horrek egokitze jakin batzuk eragiten ditu adizkietan, lotura gunean. Honako hauek dira egokitzapen nagusiak:

29.3.1 -n eta -la menderagailuekin: oinarrizko forma aurkituko dugu, oro har, bokalez amaitzen diren aditz formekin (dugun, dugula, dakiten, dakitela). -e- epentetikoa eskatzen dute kontsonantez amaitzen diren aditz formek (naizela, naizen; nabilen, nabilela), eta, bokalez amaitu arren, -ki amaierakoek (dakiela, dakien) eta -ke- dutenek (lukeela, lukeen; litzatekeela, litzatekeen; daitekeela nahiz daitekeen). Izan aditzarekin, -a + -eLA, -eN > -eLA, -EN (gara > garela, garen; dira > direla, diren).

Aditz erroekin ere -ela egiten da, bokalez amaitzen denean: dagoela, nagoela, dirauela, duela, dioela eta abar. Baina erroa a-z bukatzen bada, orduan -la egiten dugu: daroala, daramala eta abar.

29.3.2 Aditzaren amaieraren arabera besta egokitzapen batzuk ere gertatzen dira: -t > -d bokalartean (dakit > dakidala); -k > Ø (dik > diala); -n > -na (din > dinala). -n iraganaldiaren marka denean, berriz: -n > Ø (nekien > nekiela, nekien).

29.3.3 Bait- menderagailuarekin: bait- + d-bait- (baitu, baititu, baitarama); bait- + g-baik- (baikara, baikintuen, baikenekien); bait- + z-baitz- (baitzen, baitzuen, baitzatoz); bait- + l-bail- (bailuke, bailitzateke, bailiguke); bait- + n-bain- (bainaiz, bainau, bainenbilen); bait- + h-baih- (baihaiz, baihator, baihau).

Ikus Euskaltzaindiaren 2. araua: “baitu, baikara, bainaiz”, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua.

29.4. Ohar orokor batzuk

29.4.1 Orain arte esandakoaren arabera, badirudi mendeko perpausak beti aditz baten ‘mende’ daudela. Baina egon daitezke bestelako kategorien mende ere: izena (agurrik egiten ez dizun neska hori harro xamarra da; gauez zurekin biltzen naizelako susmoa hartu dute), adjektiboa (etxe hori [garestiegia da] guk erosteko), predikatu oso bat (beharrezkoa da norbait zuzendari izenda dezagun), adberbioa (berandu da kalera irteteko).

29.4.2 Mendeko perpauseko adizkiaren flexio marka kontuan hartuaz, perpaus jokatuak eta jokatugabeak bereiziko ditugu. Lehen motakoek aditz ‘osoa’ izango dute, pertsona komunztadura eta denbora markak dituena (datorren astean oporrak hartuko ditudala erabaki dut; etxera iristen denean zapatak kendu eta txapinak janzteko ohitura du); bigarren motakoek ez dute horrelako markarik erakutsiko (datorren astean oporrak hartzea erabaki du; etxera iristean zapatak kendu eta txapinak janzteko ohitura du).

29.4.3 Mendeko perpausen sailkapenari dagokionez, irizpide bat baino gehiago ditugu eskura: irizpide formala, irizpide funtzionala (gramatika funtzioen araberakoa) eta irizpide semantikoa (esanahiaren araberakoa).

29.5. Formatik abiatzen den sailkapena

29.5.1 Bigarren irizpidea —adizkiaren flexioa, alegia— iruditzen zaigu denetan argiena eta baliagarriena. Irizpide morfosintaktikoa dela esan dugu. Horrenbestez, irizpide formala da. Esanahiari eta horrelakoei erreferentziarik ez die egiten. Izan ere, badakigu esanahiaren aldetik eduki bera modu askotara eman daitekeela aditzera: perpaus lokabeen bidez, juntadura bidez edo menderakuntza bidez. Esaterako, honako adibide hauek esanahiaren aldetik aski parekoak badira ere, morfosintaxiaren aldetik nahiko desberdinak dira: Berandu etorriko dela esan dit; Garaiz etortzeko esan dit (egia da bi perpaus hauen artean badela esanahi desberdintasuna ere: lehena adierazpen hutsa da, bigarrena agindu edo erregua). Baina ez da beti hala izaten, esanahian alde handi(egi)rik egon ez arren, forma diferentea izan daiteke: Garaiz etorriz gero, leku ona izango duzu; Garaiz bazatoz, leku ona izango duzu.

Kontu honen aurrean guk ere bide bat hartu behar eta, jakina, bide seguruena eta fidagarriena, formari so egiten diona da. Horrenbestez, guk ere perpausetan ageri diren elementu formalak izango ditugu kontuan gure lana antolatzeko orduan. Eta, hain zuzen, lehenbiziko bereizketa gisa honako hau egin daitekeela dirudi: perpaus jokatuak / perpaus jokatugabeak. Hori izan da gure abiapuntua.

29.5.2 Ohiko gramatiketan, bestelako bereizketak ere egiten dira: osagarriak, erlatiboak, baldintzazkoak, konparatiboak, denborazkoak eta abar, gramatika funtzioen eta eduki semantikoen arteko halako nahaste bat eginez. Zail da, egia, maila nahaste hauetatik ihes egitea. Ohituak gaude batetik, eta eroso xamarrak ere izan daitezke. Horregatik, guk ere perpaus osagarriak, erlatiboak eta abar aipatuko ditugu. Alde honetatik, -la atzizkiaz osatzen diren perpaus osagarriak bereiziko ditugu, baina adizki jokatugabez osatutako osagarriak edo erlatiboak ere bereizi beharrean izango gara. Esate baterako, honako hauek formaz hain desberdinak izanda ere, maila batean klase berekotzat har litezke: [Berandu etorriko dela] esan dit; [Garaiz etortzeko] esan dit.

Formari begiratuz gero, lehenbiziko adibidean perpaus txertatua adizki jokatuz osatua dago eta -(e)la atzizkia darama. Bigarrenean ez bezala, hain zuzen. Baina, gramatika funtzioari begiratuz gero, biak dira funtzio bereko: bietan mendeko perpausa esan aditzaren osagarri dela esango dugu. Hauentzat on da perpaus osagarri edo konpletibo deitura gordetzea. Baina esanahiari so eginez gero, lehenbizikoan perpaus txertatua adierazpen bat da, baina bigarrenean agindu edo erregu bat gertatzen dela esan daiteke. Kasu honetan argi dago formazko desberdintasuna ez ezik, esanahizkoa ere badugula. Hau ez da beti gertatzen, hala ere.

Honako honetan, adibidez, adizkian nabarmen den diferentzia gorabehera, esanahiaren aldetik ez dirudi alde handiegirik dagoenik: Garaiz etorriz gero, leku ona izango duzu; Garaiz bazatoz, leku ona izango duzu.

29.5.3 Maila hauek denak (forma, gramatika funtzioa eta esanahia) behar bezala bereiztea beti erraz ez bada ere, komeni da ahalegintzea. Irizpide formala dugu argiena, esan dugunez. Bestelako irizpideetan oinarritutako sailkapenak askoz badaezpadakoagoak dira. Adibidez, erraz da -nean amaiera duten perpausak bereiztea eta hauen egitura zein den eta, azkenik, zer nolako esanahia duten ikustea.

-tzean gisa amaitzen diren perpaus jokatugabeen forma ere erraz ikusten da. Perpaus horien osaera ere aski argia da. Hori dela eta, -nean eta -tzean alde horretatik desberdinak dira hein handi batean, nahiz eta biek azken muturrean inesiboaren -n marka daramaten. Formaz duten diferentzia horrek ez du eragozten bi perpaus motek funtsean esanahi bera izatea, denborazkoa alegia. Baina hau da kontua: azterketa egiteko eta aurkezteko orduan, errazago eta argiago gertatzen da formatik abiatzea eta ez esanahitik. Hots: denborazko adberbio perpausak aztertzeari ekin geniezaioke forma desberdineko itzuliak eta egiturak zaku berean sartuz. Hau bide bat litzateke. Beste bide bat da, ordea, gramatika forma desberdinak ongi bereizi lehenbizi eta, azkenean, esanahiari buruzko behar direnak kontatzea. Hau da guk aukeratu dugun bidea aurreko EGLU liburukietan eta hemen ere.

29.6. Esanahitik abiatzen den sailkapena

29.6.1 Mendeko perpausen esparrua ikaragarri zabala da, eta esanahi aldetik askotan forma bera aski polisemikoa da. Testuinguruak bakarrik, ez forma hutsak, azal dezake zein den hiztunak eman nahi dion esanahia: Txori horrek kantatuz gero, hiru egun barru euria egiten du beti (denbora); Egia entzun nahi duzunez gero, egia esango dizut (kausa); Dirua lortuz gero, autoa erosiko nuke (baldintza); Atzerritarrak ere pertsona direnez gero, pertsonaren eskubide ororen jabe dira (azalpena), eta abar. Beraz, forma hutsean geratuko bagina nekez izango ginateke gai mendeko perpausen azalpena eta haien arteko bereizketak modu egokian emateko. Baina esanahitik abiatuz gero ere, berehala ikusiko dugu bereizketaren mugak batzuetan aski irristakorrak direla.

29.6.2 Ondoko kapituluetan esanahian oinarritutako eskema honi segituko diogu, bada, perpaus jokatuak eta jokatugabeak sail berean emanez:

Osagarriak (30. kapitulua)

Erlatiboak (31. kapitulua)

Konparaziozkoak (32. kapitulua)

Ondoriozkoak (33. kapitulua)

Baldintzazkoak (34. kapitulua)

Denborazkoak (35. eta 36. kapituluak)

Helburuzkoak (37. kapitulua)

Kausazkoak (38. kapitulua)

Kontzesiozkoak (39. kapitulua)

Moduzkoak (40. kapitulua)

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper