Euskararen Gramatika

30. Perpaus osagarriak

30. Perpaus osagarriak

30.1. Sarrera

30.1.1. Konplementazio erlazioa

30.1.1a Ezaugarri hau dute mendeko perpaus osagarriek: perpaus nagusiko elementuren batekin ‘konplementazio erlazioan’ daude. Horrek esan nahi du badela perpaus nagusian osagairen bat mota honetako perpausa eskatzen duena; argumentu egituran osagarria perpaus egiturakoa izatea eskatzen duena (§ 23.3.1). Ikus ditzagun ondoko adibideak: Etxea saldu duela esan digu Josebak; Eskerrak ama etorri den; Ez dut uste Bilbora joango naizenik; Esan didate noiz izango den azterketa; Lan gehiago egin dezagun nahi dute ugazabek; Liburu hori liburutegira itzultzeko eskatzen dizut; Datorren urtean beste nobela bat idaztea espero dut; On da denok zerbait egitea; Lanera joatera behartuta zaude; Liburutegira etortzen ikusi zaitut; Badakit noiz hartu oporrak; Horrexek ematen dit barkatuko didazulako ustea; Gauez beste norbaitekin dabilelako susmoa dut.

Oro har zer? galderari erantzuten diote azpimarraturik eman ditugun adibide horietako mendeko perpaus guztiek (edo zeri?, zertan? kasuren batean). Beste modu batera esanda bada goiko adibideetan zer osagai hori hautatzen duen elementuren bat: gehienetan aditza (esan, uste izan, nahi izan, eskatu, espero, ikusi). Baina izan daiteke bestelako predikatu bat ere (eskerrak, behartuta egon, on da…) edo izena (susmoa, ustea). Aditz, predikatu eta izen horiek elementu gobernatzaileak dira eta perpaus osagarriaren eta elementu gobernatzailearen artean ‘osagarri-erlazioa’ dago, ‘konplementazio-erlazioa’.

30.1.1b Gobernatzaile bakoitzak, dela aditza, izen sintagma, predikatua edo bestelako gobernatzailea, osagarri mota jakinak eskatzen ditu eta erlazio marka edo menderagailu jakinak. Horregatik dira ez-gramatikalak ondorengo adibideak, osagarria ez delako gobernatzaileak eskatzen duen motakoa: *Josebak berandu dela hautsi du (hautsi aditzak izen sintagma egiturako osagarria gobernatzen du); *Josebak berandu dela galdetu du (galdetu aditzak mendeko perpausa gobernatzen du, baina -(e)n menderagailua duena, zehar-galdera); *Josebak nor etorri den uste du (uste izanek adierazpen perpausa gobernatzen du, ez zehar-galdera) eta abar.

30.1.1c Menderakuntzaz elkartutako beste perpaus askotan ez dago horrelako ‘konplementazio’ erlaziorik; mendeko perpausak ez dira perpaus nagusiko elementu batek hautatuak. Horrelakoak dira, esaterako, erlatiboak ([etxea saldu duen] gizona Joseba da) eta perpaus adberbialak edo adjuntuak ([nahi duzunean] etor zaitezke; orain ezin baduzu, egingo duzu geroxeago; gogor saiatuz gero, lortuko duzu). Gobernatzaile baten pean ez dauden perpaus hauei adjuntu esaten zaie, sintagmen kasuan bezala.

30.1.1d Hala ere, ez da beti erraza perpaus osagarrien eta adjuntuen artean bereiztea, ez da beti argi egoten bi mota horien arteko muga. Ikus ditzagun ondoko bi adibideok: Liburu hau erostera behartuta gaude; Liburu hau erostera etorri naiz. Lehen adibidean behartuta egon predikatuak eskatzen du perpaus osagarria; hor ez da zalantzarik. Bigarrenean zalantza egin dezakegu etorri aditzak gobernatzen ote duen liburu hau erostera perpausa. Baina hor ere pentsa dezakegu hala dela, etorri aditzak gehienetan eraman ohi duen elementu baita zertara (edo nora), erabat eskatzera iristen ez bada ere. Argiagoa da bereizketa beste bi adibide hauen artean: Liburu hau erosteko esan didate; Aitak dirua eman dit liburu hau erosteko. Lehen perpausean, mendeko perpaus osagarria dugu; bigarrenean, adjuntua (helburuzkoa).

Laburbilduz, elementu batek perpaus egiturako osagarria eskatzen duenean, edota hura eraman ohi duenean, bien arteko erlazioari konplementazio esaten diogu.

30.1.2. Konplementazioaren osagaiak

Hiru osagai nagusi ditu konplementazioak: ‘elementu gobernatzailea’ —aditza, izen sintagma, predikatua, adjektiboa edo graduatzailea…—, ‘perpaus osagarria’ eta ‘menderagailua’ (perpaus osagarriaren mendekotasuna markatzen duen morfema).

30.1.2.1. Elementu gobernatzaileak

30.1.2.1a Gehienetan aditzak izaten dira elementu gobernatzaileak, mendean perpaus jokatua nahiz jokatugabea hartzen dutenak: Garaiz etorriko direla esan dute; Ez dut uste garaiz etorriko direnik; Afaltzeko garaiz iristea espero dut; Diru guztia xahutu duen galdetu diot; Ez dakit Parisera joateko zein ordutako trena hartu; Azterketa bi orduan egiteko agindu digu irakasleak. Beste batzuetan izen sintagma izaten da elementu gobernatzailea: Aspalditik dut gauzak okertzen ari zaizkiolako susmoa; Zergatik ote dute egia entzuteko beldur hori?

30.1.2.1b Elementu gobernatzailea ISa denean, perpaus osagarria izenlaguna dela pentsa daiteke; eta, hain zuzen ere, -ko erlazio atzizkia ageri zaigu eman ditugun bi adibide horietan (§ 21.7.4.2h). Baina -en menderagailua ere har dezake IS baten azpiko perpaus osagarriak: Ezetz esan dio bere diru guztia galduko duen beldurragatik. Gutxiagotan, baina adjektiboa edo graduatzailea ere izan daiteke gobernatzaile: egiteko zail/neke; erosteko garestiegi.

30.1.2.1c Bestelako predikatu edo predikatu-egiturak ere izan daitezke gobernatzaile: Horixe joango naizela!; Eskerrak ama etorri dela/den; Beharrezkoa da norbait zuzendari izendatzea; Okerrena da ez direla ezertaz konturatu; Ez dago argi etxea salduko ote duen. Baita izen baten inguruan eratutako predikatu-egiturak ere: Sospetxa daukat, ikusitakoak ikusita, ezin dugula ezer onik espero zuzendari berriagandik; Ternuako hegietan galduak zirela etorri zen berria (J. P. Arbelbide); Erabakia hartu zuen ordutik aurrera helburu handiagoetara joko zuela beti (Asisko Frantzisko, Asisko Klara).

30.1.2.1d Zenbaitetan badirudi ez dagoela elementu gobernatzailerik: Aitaren partez, bihar etorriko dela; On degizula! Egitura desideratiboak eta exhortatiboak (zerbait egiteko eskea, erregua… adierazten dutenak) dira, gehienetan. Baina horrelako egituretan ere egon badago gobernatzailea, isilpean bada ere. Beraz, perpaus osagarria aurkituko da beti gisa horretako osagarria eskatzen duten gobernatzaileekin.

30.1.2.1e Baina konplementazio motaren arabera, askotan “ordain” bat jar daiteke perpaus osagarriaren ordez. Hori erakusleak, esaterako, adierazpen perpausak, zehar-galderak edo perpaus izenlagunak ordezka ditzake: Hori esan digu; Horretaz gogoratu gara; Hori galdetu dute; Horren beldur dira. Hala adberbioa, berriz, adierazpen perpaus batzuen lekuan erabil daiteke: Hala uste dut; Hala esan dute. Baietz eta ezetz erabil daitezke zenbait adierazpen perpaus osagarriren lekuan: Baietz esan du; Ezetz uste dugu.

30.1.2.2. Perpaus osagarriak: jokatuak eta jokatugabeak

30.1.2.2a Perpaus osagarri guztiak ez dira mota berekoak; barnean duten aditzaren arabera, ohartzen gara batzuek aditz jokatua dutela, jokatugabea beste batzuek: Liburutegira joango naizela agindu diot; Liburutegira joatea gustatzen zait. Gorago eman ditugu adibide gehiago (§ 30.1.2.1a) eta hor argi ikusten da perpaus jokatuetako aditzek agerian dituztela subjektu-objektuen pertsona eta numeroarekiko komunztadura adierazten duten indizeak; jokatugabeetan, aldiz, aditzak ez du horrelako indizerik. Denborazko kategoriak ere falta dira perpaus jokatugabeetako aditzetan: On da guk ere zerbait ematea / On zen guk ere zerbait ematea. ‘Jokatu’ / ‘jokatugabe’ oposizioaren arabera erabil daitezkeen markak ere aldatu egiten dira: -(e)la, -(e)n / -tzea, -tzeko, -tzen, -tu… Aditz jokatuak ere, batzuk subjuntiboak dira; ez-subjuntiboak beste batzuk: Hobe da denok zerbait egin dezagun / Eskerrak denok zerbait egin (egiten, egingo) dugula! Aditz jokatu subjuntiboak aspektugabeak dira; denbora adierazten dute, baina aspekturik ez. Aditz jokatugabeak ere aspektugabeak izaten dira gehienetan eta, horrexegatik, trukagarriak gertatzen dira maiz perpaus subjuntiboak eta jokatugabeak: Poliki ibil dadila esan diote / Poliki ibiltzeko esan diote.

30.1.2.2b Laburbilduz: perpaus jokatu ez-subjuntiboek, pertsona, numero eta aldiari dagozkion indizeak daramatzate aditzean; eta baita aspektu marka ere. Perpaus jokatu subjuntiboek pertsona, numero eta denbora indizeak bai, baina aspektu markarik ez dute aditzean. Perpaus jokatugabeek ez dute horrelako indizerik aditzean. Kontu batean bat datoz perpaus subjuntiboak eta jokatugabeak: mendekoak dira beti, perpaus nagusia isildurik egon daitekeen arren (ez agerian); ez gutxitan, gainera, trukagarriak izaten dira.

30.1.2.3. Menderagailuak

30.1.2.3a Morfema bat baino gehiago har ditzakete perpaus osagarrietako aditz jokatuek: -(e)n, -(e)la, ba- eta bait-, baina -(e)n eta -(e)la dira nagusiak eta erabilienak. Atzizki hauek batzuetan beste atzizki bat hartzen dute ondotik: -(e)na, -(e)nik, -(e)netz, -(e)lako… Konplementazioan, badirudi nahiko argi dagoela gehien erabiltzen diren bi atzizkien banaketa funtzionala: adierazpen perpausetan -(e)la eta zehar-galderetan -(e)n. Horixe erakusten dute orain arte ikusi ditugun adibideek eta beste hauek ere: Iruditzen zait bihar eguraldi ona izango dugula; Irakurri dut langileek greba egingo dutela; Ez dakite noizko amaituko duen lana; Galde iezaiozu zenbat iraungo duen ekitaldiak. Erregela orokorra hori izan arren, badira salbuespenak, aurrerago ikusiko dugunez (§ 30.6.2.2, § 30.6.2.3). Perpaus osagarri subjuntiboetan ez du balio irizpide horrek -(e)n eta -(e)la menderagailuen arteko bereizketa egiteko: Isil zitezela agindu zieten kaleko neska-mutilei; Soldadu galiziar asko ere lehorrean gera zitezen agindu zuten agintariek (Jimenez).

30.1.2.3b Perpaus osagarri jokatugabeetan ere atzizki bat baino gehiago ager daiteke aditzari erantsia. Bi sail nagusitan banatuko ditugu atzizki horiek. Batetik, -tzea (-tze atzizkia eta -a artikulua) eta hori oinarri duten -tzeak, -tzeari, -tzeaz, -tzearekin/-tzeagaz, -tzean, -tzetik (ageriko artikulurik ez duena, -tik postposizio sintagmetan gertatzen den bezala balioz mugatu singularrak izan arren: menditik). Bestetik, artikulurik gabeko forma finkoak: -tzen, -tzera, -tzeko. Osagarri jokatugabeetan ere elementu gobernatzaileak —dela aditza, dela izena— erabakiko du zein atzizki hartu behar duen mendeko perpauseko aditzak. Aurrerago banan-banan aztertuko baditugu ere, hona hemen zenbait adibide: Harritzekoa zen Olatz hain isilik eta pentsakor egotea (Cano); Aurpegia estaltzeko ahaleginik ez egiteak gogaitzen ninduen gehien (Saizarbitoria); Ez zuela aukera galdu nahi obispoari agur egiteko (I. Mujika); Ez naiz ausartu ere egiten hildako egunez pentsatzera (Larrañaga); Hanketatik eusteko agindu dio gazteetako bati (Juanena); Nire emazteari sinestera, ez omen nintzen nekatu haren titi ikusgarriei so egiteaz (Epaltza); Liburu honek salbatu nau nire buruaz beste egitetik (Linazasoro).

Beste batzuetan, galde hitza barnean duten osagarrietan, partizipio burutua edo aditzoina emanaz eratzen dugu forma jokatugabea: Gaur ez dakizu zer egin fantasiekin (Oñederra); Haurtzarotik gaur arte beti kasu egin zuen, zer erran, zer pentsa, zer nabari, nola ibil, nola joka utzia ez izateko (Borda).

30.1.2.3c Zenbaitetan, ordea, aditz jokatugabea duen perpausaren eta adizki nagusiaren arteko harremana ez da ‘konplementazio’ harremana. Hau da, osagarri- gobernatzaile motako egiturak izan ordez, aditz perifrasiak osatzen dituzte -tzera joan, -tzeari utzi, -tzetik gelditu, -tzen jarraitu eta horien kidekoek. Bereziki aspektuarekin loturiko nozioak adierazteko baliatzen dira perifrasi-egitura horiek. Esanahiak eta joskerak bereizten ditu egiazko osagarri-gobernatzaile egituretatik.

Esanahiari dagokionez, berezko eduki lexikoa arindu, aldatu, eta laguntzaile moduko balioa hartzen dute orduan perifrasiko aditzek. Kantatzera noa bertso bat edo bi perpausean joan aditzak galdua du berezko esanahia, ez du adierazten mugimendu fisikoa (etxera joan / zugana joan) edo irudizko gogo- mugimendua, perpaus osagarria hartzen duena (bizimodua ateratzera noa Parisera). Azken adibide honetan badago egiazko konplementazio harremana, asmoa aditzera ematen duena, ‘zertara’ joan. Bertso bat edo bi kantatzera noa diogunean, ostera, galdurik dago mugimenduaren esanahia; laguntzaile bihurtu da joan, nahiz -tzera forma bera agertu. Geroaldia adieraztea beste funtziorik ez du, (oraintxe) kantatuko d(it)ut bertso bat edo bi bagenio bezala (§ 26.4). Aurrerago aipatuko ditugu xehetasun handiagoz aspektu-perifrasiak, atzizki bakoitza aztertzean (§ 30.6.3.2.2e, § 30.6.3.2.6, § 30.6.3.3.2, § 30.6.3.4c…).

Perifrasi egituren artean, badira adizki laguntzaile batzuk beren izaeraz beraz eduki semantiko arinekoak direnak. Besteak beste, aspektu nozioak soilik adierazten dituztenak, hala nola hasi eta jarraitu. Zertan (usteltzen, kantatzen) hasi diogunean, -tzen perpausak adierazten du dena delako prozesua (usteldu, kantatu) eta hasi laguntzailea baino ez da, prozesu horren fasea adierazten duena (kasu honetan hasierako fasea).

Joskeraren aldetik ere unitate gisa funtzionatzen du perifrasi multzoak. Argi ikusten da hori, esaterako, datibo komunztaduraren marka zein elementuk hartzen duen ikusita. Goiko adibide horretan nori kantatu gehitzen badugu, Kantatzera noakizu bertso bat edo bi esaten dugu; hots, joan aditzak hartzen du kantaturi dagokion datiboaren marka. Horrek erakusten du hor joan aditzak laguntzailearen zeregina duela, dizut laguntzailearen parekoa (kantatuko dizut aditzean). Perifrasi ez denak, aldiz, perpaus osagarri bete-betekoak, osagarrian adieraziko luke datiboa: Zuri bertso bat edo bi kantatzera noa Tolosara.

Nolanahi ere, egitura jakin bat perifrasi gisa finkatzea gramatikalizazio prozesu bat da, denborarekin garatuz doana, eta perifrasi guztiak ez daude maila berean gramatikalizatuak. Muga bera lausoa gerta daiteke. Adierazpen perpaus osagarri jokatugabeak aztertzean ikusiko ditugu, atzizkiz atzizki, perifrasi balioa izan dezaketenak.

30.1.3. Perpaus osagarrien sailkapena

Gobernatzailea zein den, perpaus osagarriaren esanahia zein den, eta perpaus osagarriko aditza nolakoa den kontuan hartuta, honako hauek dira kapitulu honetan aztertuko ditugun perpaus osagarri mota nagusiak:

a) Aditza gobernatzaile dutenak: adierazpen perpausak / zehar-galderak (galde perpausak) / subjuntiboko osagarriak.

b) Izena gobernatzaile dutenetan: adierazpen perpausak / zehar-galderak (zalantza, harridura edo galde perpausak) / subjuntibokoak.

c) Mendeko perpaus osagarriaren aditza nolakoa den kontuan hartuta, beste bi ataletan banatuko ditugu a) eta b) puntuetakoak: mendeko perpaus osagarri jokatuak eta jokatugabeak.

Sailkapen horren arabera aztertuko ditugu, atalez atal, perpaus osagarriak; bakoitza nolakoa den eta zein gobernatzaile motarekin joan ohi den zehazten saiatuko gara. Bana-banako azalpenari ekin aurretik, ordea, modu orokorrean aipatuko ditugu perpaus osagarri jokatuei batetik, eta jokatugabeei bestetik, dagozkien ezaugarri batzuk.

30.2. Perpaus osagarrien ezaugarri orokor batzuk

30.2.1. Zertarako erabiltzen ditugun perpaus osagarriak

30.2.1a Perpaus osagarriak honako hauek adierazteko erabiltzen ditugu, besteak beste: iritziak (ez dut uste bilerara garaiz iritsiko naizenik), ezaguerak (ezagun du gazteak garena; nora joan diren jakin nahi dugu), jarrerak (eskerrak garaiz etorri zaretela; oporretan nora joan erabaki behar dugu), suposizioak (demagun 1990. urtean gaudela), edo nahiak (lasai bizitzea opa dizuet; bakean bizi zaitezten nahi genuke). Baina norbaitek berariaz esan edo nolabait aditzera eman duena aipatzeko ere erabiltzen da baliabide hori, aipamena komunikazio-aditz baten mende ezarrita: Etxea saldu duela esan digu Josebak; Maisuak esan digu gaur ez dela eskolarik izango; Non bizi garen galdegin digute; Zer nahi dugun garbi esateko erregutu digute; Lanean has gaitezela esan digute; Erne ibil gaitezela gomendatu digute.

30.2.1b Goiko adibide horietan zuzenean entzun beharrean zer esan, galdetu, erregutu, gomendatu… diguten, ‘zehar-aipamena’ darabilgu; eta zehar- estiloak zenbait aldaketa eragiten ditu. Perpaus osagarri jokatuetako aldaketak aztertuko ditugu lehenik: a) konplementazio-egitura erabiltzen da; hau da, jatorrizko perpaus lokabeak mendeko bilakatzen dira, dagokien menderagailua hartuz (etxean geratuko naiz, pentsatu nuen / etxean geratuko nintzela pentsatu nuen; zer nahi duzue? galdetu digu dendariak / zer nahi dugun galdetu digu dendariak; garrasika hasi zitzaigun: isilik, isilik! / garrasika hasi zitzaigun isil gintezela esanaz). b) Jatorrizko perpausa zehar-estilora pasatzeak egokitze deiktiko bat egitera behartzen du hiztuna; ikuspegi deiktikoa jatorrizko hiztunarena ez, baina hiztun berriarena izango da. Eta horrek aditzaren pertsona eta aldia aldatzea, edo erakusleak aldatzea eskatuko du askotan: Herrira noa / Herrira zihoala esan zidan; Hemen ondo al nago? / Han ondo zegoen galdetu zidan.

30.2.2. Denbora komunztadura perpaus jokatuetan

30.2.2a Adizki nagusiaren eta mendekoaren arteko denbora komunztadura ere kontuan hartu behar da perpaus osagarri jokatuetan. Izan ere, aditz gobernatzailearekiko erreferentziak erabakitzen du mendeko aditzari zein denbora- forma dagokion. Adizki nagusia iraganean dagoenean, mendekoa haren araberakoa izango da.

Ez da arazorik sortzen mendeko aditza nagusiaren aurrekoa edo haren aldiberekoa denean: Pozik ibili zela esan zuen; Pozik zebilela esan zuen. Hizketa unerako ere iraganak dira horiek eta, beraz, iraganeko formak erabiltzeak ez du berezirik ezer. Baina mendeko aditzak adierazten duena aditz aipatzailea baino geroagokoa denean, iraganaren ‘etorkizuneko’ forma —-KO + iraganeko laguntzailea— erabiltzen da normalean, zeinahi ere den hizketa unearekiko erreferentzia: Joan den astean esan ziguten atzo jai izango zela; Gaur noiz jaikiko ginen galdetu zuen; Orain hemen egongo nintzela esan nizuen. Hau da, adizki nagusiak erabakitzen du mendekoaren denbora-forma; konpara ditzagun adibide horietako mendeko perpausetako aditz formak eta, hizketa gunearen arabera, legozkiekeen perpaus lokabeetakoak (azpimarraturik eman ditugu aldaketak): atzo jai izan zen / jai izango zela; bihar noiz jaikiko zarete? / gaur noiz jaikiko ginen; gero han egongo naiz / orain hemen egongo nintzela. Orainaldi burutuak ere eragin dezake horrelako komunztadura, iraganekotzat har daitekeelako: Goizean esan dizut eguerdirako prest izango zenuela autoa eta bete dut hitza.

30.2.2b Kontua hiztunarentzat ere etorkizunekoa baldin bada, aukerakoa izan daiteke denbora-komunztadura egitea: Etxea salduko zuela esan zidan; Etxea salduko duela esan zidan. Bitara uler daiteke lehen adibidea: etxea saltzea hiztunarentzat iragana den kontu gisa (dagoeneko etxea saldu du), edo etorkizuneko kontu gisa (salduko zuela esan zuen eta horrela egingo du). Bigarrenak, berriz, etorkizuneko interpretazioa baino ez du onartzen. Argiago ikusten da dioguna denbora erreferentzia zehatza ageri denean: Etxea datorren urtean salduko zuela esan zidan; Etxea datorren urtean salduko duela esan zidan.

Mendeko perpausa denbora-aspektuei dagokienez orokorra eta mugagabea denean ere orainaldia erabil daiteke komunztadurako iraganaren lekuan: Bosniakoa ikusi baino lehen ere esana nuen nik gerra guztiak txarrak zirela; Bosniakoa ikusi baino lehen ere esana nuen nik gerra guztiak txarrak direla.

30.2.2c Subjuntiboko osagarriek aspektu markarik ez dutenez, denborari bakarrik dagokio komunztadura. Adizki nagusiaren araberakoa izaten da mendekoaren denbora ere, orainaldikoa hura orainaldikoa denean eta iragana hura iragana denean: Aitak nahi du semea mediku izan dadin; Aitak nahi zuen semea medikua izan zedin. Adizki nagusia alegiazkoa denean, osagarria ere izan daiteke alegiazkoa (isil ledin nahi nuke), baina ez du nahitaez hala izan behar: Zeren eta ene bizitzari buruzko liburu honek literatur lan bat izan nahi bailuke, konfesione orokor bat baino areago, eta halatan har dezazun nahi nuke (Irigoien); Nahi nuke euskalkiak bizi diten gaur egungo gizartean diren molde berean, jendea mintza dadin bere euskalkietan, bainan pasatzen delarik idazkerara eta pasatzen delarik literaturara, baldin badira ere euskalkietan eginak gehienbat jendea joan dadin euskara batuan idaztera (Oxandabaratz).

30.2.3. Perpaus jokatugabeetan zer gertatzen den

30.2.3a Perpaus osagarri jokatugabeek, aldiz, bestelako ezaugarriak izango dituzte. Izan ere, esan dugu adizki jokaturik ez izatean, ezin dituztela adierazi pertsona edo numero komunztadurak, ez eta aspektua edo denbora ere. Hortik datoz, hain zuzen ere, perpaus osagarri jokatugabeen ezaugarriak. Marka horiek guztiak aditzean adierazten ez direnez, behar denean esplizituki markatuko dira subjektua —eta baldin badaude, objektua eta zehar-objektua—: Harritzen nau haurrek hor hain lasai lo egiteak.

Dena den, gehienetan ez da agerian uzten zein den mendeko perpauseko subjektua; perpaus nagusiak proiektatzen dio menderatuari berea: Argia itzaltzea ahaztu zaio Mikeli [Mikelek da itzaliren subjektu aipatugabea]; Ez dizu kalterik egingo etxea margotzeak [edonor izan daiteke margoturen subjektua, baina zuk dela iradokitzen da besterik adierazi ezean]. Beste batzuetan, testuinguruak lagunduko digu mendeko perpauseko subjektua zein den jakiten: Etxean geratzea komeni da [testuinguruak argitu behar du geldituren subjektua nor den].

Subjektu huts hori dela eta, aukera-aukerakoak dira perpaus osagarri jokatugabeak adierazpen inpertsonalak, generikoak edo subjektu zehaztugabekoak egin nahi direnean: Horregatik erabaki zen etxea ixtea; Aberatsa izateak ez dakar zoriontsu bizitzea; Nola jakin zer egin?

30.2.3b Bestalde, perpaus jokatugabeek denbora markarik ere ez dutenez, denbora hori zehazten ez bada (denbora aditzondoak erabiliaz gehienetan —atzo, gaur, bihar, lehenago, gero…—), perpaus nagusiaren arabera interpretatzen da. Interpretazio hori askotarikoa izan daiteke, baina predikatu gehienek badute joera aski nabarmena, beren semantika dela eta, osagarriaren denbora interpretazio jakin bat behartzeko edo iradokitzeko. Horrek esan nahi du adierazten den denbora ez dela absolutua, perpaus nagusiarekiko erlatiboa baizik: osagarriak adierazten duen egoera perpaus nagusiak adierazten duen egoerarekiko aurretikoa, aldiberekoa edo ondotikoa izango da. Predikatu askok ondotiko interpretazioa behartzen dute, hala nola ausartu aditzak (zerbait egitera, esatera… ausartu): lehenik ausartzea da eta ondoren zerbait egitea, esatea… Osagarri mota batzuk, hain zuzen ere, beti dute ondotiko interpretazioa edo interpretazio prospektiboa; halakoak dira -tzera, -tzeko atzizkia hartzen dutenak, bai eta zehar-galdera jokatugabeak ere (§ 30.6.3.4, § 30.6.3.5, § 30.7.2, § 30.8.3). Beste predikatu batzuk, ostera, aurretiko interpretazioarekin loturik daude ia beti: esaterako, damutu edo barkatu. Aldez aurretik eginaz edo esanaz edo pentsatuaz… damutzen da norbait. Halakoetan aurkituko dugu, aukera gisa, mendeko aditzaren aldaera burutua: damutu/barkatu egina (egin izana). Zentzumenen bidezko hautemate predikatuetan, berriz, ohikoa izaten da aldibereko interpretazioa: sartzen ikusi.

30.2.4. Desberdintasunak euskalkien arabera

30.2.4a Predikatu bakoitzak, oro har, perpaus osagarri (menderatu) bat bakarrik har dezake esaldi berean. Kontuan hartu behar da, ordea, predikatu berak forma bateko edo besteko osagarria har dezakeela euskalkien arabera: -tzen/-tzera ausartu, -tzen/-tzera etorri, -(e)n/-(e)la uste izan… Hau da, nahiko sistematikoa da -tzen mendebalde / -tzera ekialde banaketa, aurrerago ikusiko dugun bezala (§ 30.6.3.3, § 30.6.3.4); baina utzi, ausartu, prest izan edo saiatu predikatuek atzizki bakarra gobernatzen dute, euskalkiaren arabera forma bat zein bestea har dezakeena. Ez zen ausartu argiak itzaltzen/itzaltzera; Prest nintzen aurkariekin mintzatzera/mintzatzeko. Antzeko bikoteak aurkituko ditugu ‘zertara’ adierazteko orokorra den -tzera eta batez ere bizkaierazkoa den -tzen aukeretan: Etxera noa telebista ikustera [orokorra] / Etxera noa telebista ikusten (bizk.). Baina hemen ere bietako bat aukeratuko du joan aditzak, hizkeraren arabera. Eta beste batzuetan, euskalkia gorabehera, formalki perpaus osagarri bat baino gehiago izan ditzake aukeran gobernatzaile batek: Badaki norekin elkartu / Badaki komeni zaionarekin elkartzen. Berriro ere, horietatik bakarra goberna dezake perpaus batean.

30.2.4b Esaldi berean menderatu osagarri bakarra hautatzeak baditu, hala ere, salbuespenak; gehienak, ugariak hala ere, [-tzea (+kasu marka)] motakoetan aurkitzen ditugu (eta haien aldaera burutuetan); hor zilegi dira honelakoak eta maiz aurkitzen dira, gainera: Ahal izatea omen da nahi izatea; Isuna ordaindu izanak ez zizun ekarri zeure buruarekiko bakea egitea; Ilea hain sarri tindatzea ez dirudi ona denik hura osasuntsu mantentzeko. (§ 30.6.3.1, § 30.6.3.2).

30.2.5. Erreferentziakidetasuna eta kontrol egiturak

30.2.5a Goraxeago esan dugu mendeko perpaus osagarri jokatugabeek ez dutela gehienetan ageriko subjekturik; perpaus nagusiko elementuren bat izango da gehienetan mendeko perpauseko subjektu birtual edo isila: Eskatu dut hemen lo egitea [nik lo egin, maizenik, baina beste edozein subjektu izan daiteke; zuek, adibidez]; Ez zaizu komeni galdetzea [zuk galdetu, maizenik, baina beste edozein subjektu izan daiteke; epaileak, adibidez]. Baina mendeko perpausaren subjektua perpaus nagusiak iradokitzen duen hori ez bada, esplizitatu egin beharko da: Ez zaizu komeni hark galdetzea. Eta mendeko perpauseko subjektua erreferentziakidea izanik ere, esplizitatu egin beharko da kontraste enfasi hanpatua eman nahi denean: Ez zaizu komeni ZEUEK/ZERORREK/ZUHAURREK galdetzea (beste norbaitek baizik).

Perpaus jokatugabe osagarri batzuetan, bestalde, gerta daiteke subjektuaren erreferentziakidetasuna nahitaezkoa izatea, behartua; hala gertatzen da, beti, -tzen eta -tzera perpausetan: Gauzak garbi esatera etorri naiz [nik esan]; Poliki- poliki erretzen jarri nuen oilaskoa [oilaskoa erre]; Ez naiz ausartu galdetzen/galdetzera [nik galdetu]. Horrelakoetan, hots, menderatuaren subjektu aipatugabea perpaus nagusiak guztiz behartua denean, subjektu hori kontrolatua dela esaten da. Kontrola, bada, erreferentziakidetasun behartua da, beste aukerarik gabekoa. Perpaus nagusiko subjektua (gauzak garbi esatera etorri naiz [nik esan]), objektua (makila ikusi dut akerra jotzen [makilak jo]), zein zehar-objektua (isilik egoteko agindu diot [hari agindu, hura isilik egon] izan daiteke kontrolatzailea.

30.2.5b Dena den, oro har, predikatuen semantikak baldintzatzen du osagarrien erreferentziakidetasun jokoa. Esate baterako, damutu eta harritu predikatuek antz handia dute, bai oinarrizko sintaxiaren aldetik (norbait zerbaitez damutu/harritu) eta bai eremu semantikoari dagokionez ere (erreakzio psikologikoak adierazten dituzte biek). Hala ere, norberak egindakoaz damutzen garenez, kontroldun aditza da damutu; baina edozertaz harritu gaitezkeenez, harritu aditza ez da kontrolduna (mendeko osagarriko subjektua izan daiteke erreferentziakidea, baina ez nahitaez): Damutu zara (*nik/*hark) egia esateaz; Harritu zara (nik/hark) egia esateaz.

30.2.5c Laburbilduz, erreferentziakidetasuna izan daiteke aukerakoa edo behartua. Kontrol esaten zaio erreferentziakidetasun behartuari eta, halakoetan, ez da ageri subjektu lexikorik osagarrietan (enfasiz ez bada). Erreferentziakidetasuna aukerakoa denean, esplizituki aipa daiteke osagarriko subjektua (harritu zara nik egia esateaz), edo testuinguruak erabaki dezake zein den subjektu birtuala (aurpegia estaltzeko ahaleginik ez egiteak gogaitzen ninduen gehien: joko semantikoak iradokitzen du ez dela nik izango egiteak aditzaren isilpeko subjektua; testuinguru zabalagoak emango liguke aukera subjektu hori zein den jakiteko). Dena den, joera bereziki markatua dute erreferentziakidetasunerako mendeko perpaus osagarri jokatugabeek.

30.3. Perpaus osagarrien funtzio sintaktikoa

30.3.1. Perpaus osagarriak eta egiturazko kasuak

30.3.1a Egiturazko kasuek (§ 18. kapitulua) —ergatiboak, absolutiboak edo datiboak— betetzen dituzten guneak hartzen dituzte, oro har, perpaus osagarriek. Gehientsuenetan, hala ere, absolutiboak betetzen dituen guneak hartzen dituzte. Horrexegatik izaten dira sarri askotan objektu, “ordezkatzen” duten izena bezala. Esan, jakin, eskatu, erabaki, irakurri, adierazi eta era horretako aditzen osagarri direnean, zer esan, eskatu, erabaki edo jakiten den adierazten dute: Soldata igoko digutela entzun dut; Badakit non bizi zareten; Sartzeko eskatu digute; Ebatsitako dirua itzultzea erabaki dute. On degizula eta gisa horretako perpausek ere objektu funtzioa betetzen dutela pentsa dezakegu, isilpean dagoen aditzen baten objektu (opa dizut, esaterako).

30.3.1b Bestalde, nekez esan daiteke berria zabaldu, susmoa izan, erabakia hartu, elea ibili eta horrelako predikatu egituren osagarriak objektuaren gunea betetzen dutela: Txirrita hil zela zabaldu zuten berria; Susmoa daukat zure bila dabiltzala; Erabakia hartu dute aurten Parisera joango direla; Elea zebilean oraingo honetan eskuindarrek irabaziko zutela. Adibide horietako batzuetan betea dago objektuaren gunea (berria, susmoa eta erabakia dira objektuak lehen hiru adibideetan); ibili aditzak, berriz, ez du objektuaren gunerik, eta elea DSak betetzen du subjektuaren gunea. Dena dela, ez da zaila ikusten predikatu egitura horiek sakonean iragarri, susmatu, erabaki eta esan bezalako aditzen pareko direla eta, hortaz, osagarriak sakoneko aditz horien objektu direla nolabait.

30.3.1c Beste batzuetan, izan aditzarekin eraturiko egitura atributiboetan (egia izan, agerikoa izan, ziur izan, mesederako izan…), perpaus osagarriak subjektuaren funtzioa bete dezake: Egia da partida Lurdesek irabazi duela; Agerikoa da ez garela Perurena bezain indartsu; Ez da ziur nork irabaziko duen; Mesederako da denok bat egitea; Okerrena da ez dugula ezer ikasi; Harritzekoa da zenbat dakien; Bidezkoa da bakoitzari berea ematea.

30.3.1d Subjektu ergatibo ere izan daitezke perpaus osagarri jokatugabeak, -tzeak perpausak (§ 30.6.3.2.7): Kezkatu egiten nau gure semeak hain kirol gutxi egiteak. Zehar-objektuaren funtzioa betetzen dute, berriz, -tzeari perpausek (§ 30.6.3.2.6): Beldur diot bakarrik gelditzeari.

30.3.2. Perpaus osagarriak eta instrumentala

30.3.2a Beste zenbaitetan, zertaz? edo zeren? galderei erantzuten diete perpaus osagarriek. Ahaztu, ohartu, konturatu, jabetu, gogoratu eta horrelako aditzen osagarriek zertaz? galderari erantzuten diote (baina, azken batean, aditz horien barne argumentuari dagozkio): Ohartu zara horren jarreraz? / Ohartu zara haserre etorri dela?; Gogoratzen zara esan beharrekoaz? / Gogoratzen zara zer esan behar duzun? Zeren? galderari erantzuten diote beldur izan bezalako gobernatzaileen osagarriek: Beldur naiz ez dutela ezer egingo.

30.3.2b Gobernatzailea izena duten perpausek, azkenik, izenlagunaren lekua betetzen dute. Horrelakoak ere izan daitezke jokatuak eta baita jokatugabeak ere: Nola ez eduki barkatuko didazulako ustea? Berriro elkar ikusiko dugun esperantza ez dut galdu. Euskara ikasteko erabakia hartu dute gure lankideek; Isilik egoteko agindua eman digute. Maiztasun txikiagoa badute ere, -tzeko perpaus jokatugabeen ondoan badira -tzearen jokatugabeak ere: Ulertu nahi nuke uhin eraztunak hartzearen ideia hori (Sarrionandia).

30.4. Perpaus osagarriek perpaus nagusiaren argumentuen artean duten lekuaz

30.4.1. Osagarri-erlazioa

30.4.1a Perpaus nagusian betetzen duten funtzioaren ikuspegiari beste bat ere gehi diezaiokegu perpaus osagarriak aztertzean. Sarreran esan dugu perpaus nagusiko elementuren batek, gehienetan aditzak edo predikaturen batek, hautatzen dituela mendeko perpaus osagarriak. Hau da, ‘osagarri erlazioa’ dago elementu gobernatzaile horren eta perpaus osagarriaren artean. Horrek, aldi berean, bide ematen digu aztertzeko zer leku duten perpaus osagarriek perpaus nagusiko argumentuen artean.

30.4.1b Perpaus osagarria da barne argumentua adierazteko aukera bakarra. Hala gertatzen da, esaterako, uste izan aditzarekin: [-ela] osagarri jokatua da barne argumentua, zer, adierazteko modu bakarra. Edo ausartu aditzarekin: -tzera/-tzen osagarri jokatugabeak baino ez ditu aukeratzen. Gehienetan, ordea, perpausen argumentu sare arruntez baliatzen dira osagarriak: Ahaztu naiz haizeaz/lagunaz/istripuaz, eta, horren ondoan, Ahaztu naiz lagunari deitzeaz. Berdin beste bikote honetan ere: Menditik dator haizea / Zuk egia erdi hori esatetik dator arazoa. Azken adibide honetan argi ikusten da perpaus osagarri jokatugabeak adiera abstraktuago bat ematen diola etorri predikatuari, ez hain fisikoa. Eta, bestalde, bi aukera horietako bakarra onartzen du perpausak: nondik edo zertatik. Ezin ditugu biak metatu: Zuk egia erdi hori esatetik dator arazoa (*zure etxetik/*zugandik).

Beste batzuetan, berriz, bateragarriak dira perpaus osagarria eta postposizio atzizki bereko bestelako argumentua: Gauzak argitzera nator hona/zugana. Goraxeago esan bezala, aditz gobernatzailearen argumentu sarea hartu behar dugu kontuan jokabide desberdin hauek ulertzeko. Ausartu bezalako gobernatzaile batek perpaus osagarria baino ez du hautatzen. Etorri aditzak, ostera, har ditzake perpaus osagarri jokatugabeak (zertara), baina ez du hori aukera bakarra; mugimendu fisikoa adierazteko nondik eta norengana postposizio sintagma arruntez osa daiteke esaldia. Edo bi batera agertu (nora, zertara), aurreko adibidean bezala. Baina osagarria hartzen badu, beste esanahi bat gehitzen zaio etorri aditzari: gogoaren mugimendu irudizkoarena, alegia.

30.4.1c Beraz, predikatu gobernatzaileak kasu marka arruntez baliatzen dira beren esanahi espezifikoa emateko perpaus osagarriei, baina esanahi espezifiko horrek, aldi berean, predikatu gobernatzailearen adiera uki dezake. Hitz batean, konplementazio erlazioa alde bietarakoa da, eta alde bietan du eragina.

30.4.2. Predikatuen argumentu sarea

30.4.2a Aurreko puntuetan esanak kontuan hartuta, predikatu bakoitzak zer argumentu sare eratzen duen jakin beharko genuke eta ikusi sare horretan zer leku duten perpaus osagarriek. Bistan da gramatika honek ezin duela horrelakorik eskaini. Hiztegiek jaso eta bereizten dituzte predikatu bakoitzaren adierak eta horiei loturiko joskerak. Hala ere, adibide batzuk eman ditzakegu. Geroko azalpenetan forma bakoitzeko osagarriak (-(e)la, -(e)n, -(e)nik, -tzen, -tzea eta abar) zer predikatu motarekin konbinatzen diren azalduko da. Hemen, alderantzizko bidetik, predikatu batzuek zer argumentu sare eratzen duten ikusiko dugu lehenik, eta argumentu horietatik perpaus osagarri zein diren edo izan daitezkeen seinalatuko dugu gero.

30.4.2b Ekarri predikatuak, esaterako, baditu argumentu osagarri komunztaduradunak (zerbaitek/norbaitek, zerbait/norbait, [zerbaiti/norbaiti]) eta komunztaduragabeak (nondik, nora, [zertara]).

EKARRI predikatuaren argumentu osagarriak

Komunztaduradunak

EKARRI du [dio]

Komunztaduragabeak

zerbaitek/norbaitek

nondik

zerbait/norbait

nora

[zerbaiti/norbaiti]

(zertara)

Horietatik bi aukerakoak dira: zerbaiti/norbaiti, eta zertara. Gainerako argumentuak, agerian zein isilean, ezinbestean lotuak dira EKARRI predikatuarekin. Bestalde, zertara aukerako argumentua perpaus osagarri jokatugabeez baino ezin da gauzatu: konpontzera EKARRI. Sintagmek zein perpaus osagarri jokatugabeek gauza ditzakete beste argumentuak: haizeak euria EKARRI / bizitzeak hiltzea EKARRI. Baina, lehen esan bezala predikatuaren beraren esanahia ere modulatuz doa argumentuen izaeraren arabera: haurrak liburua EKARRI (etxetik eskolara) / haizeak euria [berekin/ondotik] EKARRI / bizitzeak hiltzea [ondorioz] EKARRI (ekarri = eragin).

30.4.2c Erabaki predikatuak osagarri komunztaduradunak baino ez ditu: zerbaitek/norbaitek, zerbait ERABAKI.

ERABAKI predikatuaren argumentu osagarriak

Komunztaduradunak

ERABAKI du

Komunztaduragabeak

zerbaitek/norbaitek

zerbait

Gehienetan biziduna izango da kanpo-argumentua, subjektu posizioan gauzatzen dena. Baina izan daiteke zerbaitek ere: hedabideen jarrerak auzia ERABAKI nahiz hedabideek halako jarrera izateak auzia ERABAKI. Gehien- gehienetan, ordea, norbaitek zerbait ERABAKI izaten da joskera eta esanahia, eta zerbait hori perpausezkoa, dela jokatua zein jokatugabea: etxean geratzea / geratuko zarela ERABAKI.

30.4.2d Azken adibide bat ematekotan, azter ditzagun IKUSI predikatuak dituen adieretako batzuk eta horietako bakoitzak duen argumentu sarea: ikusi (begiz) / ikusi (ohartu) eta ikusi (egiaztatu).

IKUSI (begiz) predikatuaren argumentu osagarriak

Komunztaduradunak

IKUSI du [dio]

Komunztaduragabeak

norbaitek (begidun batek)

zerbait/norbait

(zertan)

[zerbaiti/norbaiti]

IKUSI (ohartu) predikatuaren argumentu osagarriak

Komunztaduradunak

IKUSI du

Komunztaduragabeak

norbaitek

(adimendun batek)

zerbait: [indik. + -LA]

IKUSI (egiaztatu) predikatuaren argumentu osagarriak

Komunztaduradunak

IKUSI du

Komunztaduragabeak

norbaitek (adimendun batek)

zerbait: [indik. + -N] (zehar-galdera jokatua)]

Adiera bakoitzak du bere joskera perpaus osagarriei dagokienez: ikusi zaitut erretzen / ikusi dut erre duzula / ikusiko dugu (nork, nola) erretzen duen.

30.5. Hitzen ordena perpaus osagarrietan

30.5.1. Perpaus jokatuetan

30.5.1a IS baten lekua hartzen duten neurrian, aditzaren ezkerrean koka ditzakegu perpaus osagarriak, eta hala egiten dugu askotan: Tren hau Orion gelditzen dela entzun dut. Baina, batez ere perpaus osagarria edo predikatu nagusia bera luzeak direnean, ohikoa da aditzaren eskuinean ematea: Gizon horiek esan didate tren hau Orion gelditzen dela41.3f).

Dena den, badira predikatuak perpaus osagarria nahitaez eskuinean eskatzen dutenak: baizik eta, eskerrak eta horrelako predikatuen osagarriak, ezen iragarlea daramatenak eta bait- menderagailua dutenak: Eskerrak trena Orion gelditzen dela!; Oihuka etorri zen, baizik eta etxea sutan zela; Esan du ezen bihar lanik ez duela; Harrigarria da ez baituzu horrelakorik sekula ikusi. Bere barnean galde hitza daramaten adierazpen perpaus osagarriak, ostera, predikatuaren ezkerrean eman behar dira: Nor etorriko dela uste du Pellok? Aurreraxeago aztertuko ditugu perpaus osagarri mota hauek guztiak banan-banan.

30.5.1b Nolanahi ere, ez ditugu mendeko perpausak beti osorik hartzen. Zenbaitetan galdegaia gainerako osagaietatik bereizi eta adizki nagusiaren aurrera igarotzen da: Aitak uste dut esan duela hori; Mikelek pentsatzen dut irabaziko duela; Zuri esan dute emango dizutela lehen saria. Aditzaren baietza baldin bada galdegaia, hura igoko da adizki nagusiaren aurrera: Altubek arrazoi zuela dirudi honetan (Mitxelena). Maiz aurkituko ditugu horrelako egiturak mendeko perpaus osagarriak galde hitza duenean barnean, direla adierazpen perpausak —nor uste du Mirenek etorriko dela? Nork uste duzu irabaziko duela? Nondik esan duzu etorri dela? Nora esan dizute joan behar dugula?—, direla subjuntiboko perpausak —nork nahi duzue irabaz dezan/irabaztea? Noiz esan diozue etor dadila/etortzeko?—. Zehar-galderetan, ostera, ezinezkoa da aurreratze hori; horietan galde hitza, eta galdegaia oro har, mendeko aditzaren aurrean kokatzen da beti: Esan al dizute noiz etorriko diren? (*noiz esan al dizute etorriko diren?); Galdetu diote Parisa joatekoa den (*Parisa galdetu diote joatekoa den).

Beste zenbaitetan, berriz, mintzagaia da adizki nagusiaren aurrean kokatzen dena; eta ez ditu horretan, gainera, galdegaiak dituen debekuak. Adizki nagusia batekoa edo bestekoa izan, mintzagaia adizki nagusiaren aurrera igo daiteke: Horiek uste dut alemanak direla; Zurekin iruditzen zait asko ikasiko dugula; Horrek badakigu lanak ondo egingo dituela; Gaztea nork ez daki ausarta dela?; Hauek ikusi duzue nola dabiltzan.

30.5.1c Perpaus osagarrien barruko ordena ere azter daiteke, ordea, nahiz ezinezkoa izan gai horren gorabehera zehatz guztien berri ematea. Esan daiteke, edozein modutan, menderagailua daraman adizkia mendeko perpausaren azken buruan ipintzeko joera dagoela idatzizko euskaraz: Entzun dut [tren hau igandeetan Orion gelditzen dela] / [Tren hau igandeetan Orion gelditzen dela] entzun dut; Jakin nahi dute [autobusa igandeetan zer ordutan izaten den] / [Autobusa igandeetan zer ordutan izaten den] jakin nahi dute. Dena dela, mendeko perpausaren elementuren bat edo beste aditzaren eskuinera atzeratzea posible izaten da, ahozko erregistro informaletan batez ere. Hori errazago gertatzen da, gainera, mendeko perpausa aditz gobernatzailearen eskuinean doanean: Entzun dut [tren hau Orion gelditzen dela igandeetan] / ?[Tren hau Orion gelditzen dela igandeetan] entzun dut; Jakin nahi dute [zer ordutan izaten den autobusa igandeetan] / ?[Zer ordutan izaten den autobusa igandeetan] jakin nahi dute.

Ezezko perpaus osagarrietan ohikoa da mendeko adizki jokatua ezkerrean ematea: Entzun dut tren hau ez dela Orion gelditzen. Onartzekoak dira, dena den, aditza perpausaren azkenean dutenak ere: Entzun dut tren hau Orion gelditzen ez dela. Errazago gertatzen da azken segida hori egitura konplexuagoetan, hau da, perpaus osagarria beste mendeko batean txertatua denean: Tren hau Orion gelditzen ez dela esaten duena oker ari da.

30.5.2. Perpaus jokatugabeetan

30.5.2a Perpaus osagarri jokatugabeei dagokienez, -tzea eta -tzeko moldekoak beren kide jokatuen antzekoak dira, bai predikatu nagusiaren eskuinean emateko joeraz eta bai perpausaren muga kanonikoa (-tzea eta -tzeko morfemak) gainditzeko aukeraz: Gaur gurasoekin etxean geratzea [geratuko dela] erabaki du; Erabaki du gaur gurasoekin etxean geratzea [geratuko dela]; Erabaki du etxean geratzea [geratuko dela] gaur gurasoekin. Eta -tzeko atzizkiarekin: Lagunen aurrean sekretua gordetzeko [gorde zenezala] eskatu nizun; Eskatu nizun lagunen aurrean sekretua gordetzeko [gorde zenezala]; Eskatu nizun sekretua gordetzeko [gorde zenezala] lagunen aurrean.

Perpaus osagarria eskuinean emateko joera are nabarmenagoa da [izena / izenondoa + aditza] osaerako predikatuen artean: Noizik behin jatorduetan ardo xorta bat edatea [edan dezazun] on(a) duzu; On(a) duzu noizik behin jatorduetan ardo xorta bat edatea [edan dezazun]; On(a) duzu noizik behin ardo xorta bat edatea [edan dezazun] jatorduetan.

Hain zuzen ere, hitz hurrenkera horrexek bereizten ditu batzuetan -tzeko izenlagunak bestelakoetatik: [Ontziak erretzeko agindua] [eman] zuen / [Agindua eman] zuen [ontziak erretzeko].

30.5.2b Beste sail bat osatzen dute -tzen eta -tzera perpaus osagarriek. Ez dute aurrekoek bezain joera nabarmenik predikatu nagusiaren eskuinean agertzeko. Galdegai ez direnean bai, erraz eman daitezke eskuinean; baina, bestela, galdegaiaren kokagune kanonikoan agertu ohi dira: Ikusi zaitut, bai, txerri bat erretzen [-galdegai] / Txerri bat erretzen ikusi zaitut [+galdegai]. Zuk behartu nauzu gezurra esatera [-galdegai] / Gezurra esatera behartu nauzu [+galdegai]. Dena den, halako predikatu askok ere joera dute eskuinean emateko informazio berria: Ausartu naiz egia esatera. Baina ez da hain naturala perpaus muga kanonikoa gainditzea: ?Ausartu naiz egia esatera lagunen aurrean.

30.5.2c [-tzea + atzizkia] moldekoek (§ 30.6.3.2) atzizki bakoitzaren araberako funtzioa betetzen dute, eta horren arabera ordenatzen dira perpaus nagusiarekiko. -tzeaz moldekoa da eskuin-joera markatuena duena. Eskuin-joskera horretan perpaus muga kanonikoa gainditzea ere askoz zailagoa dute [-tzea + atzizkia] moldeko osagarriek; kasuren bat bada, baina oso bakanak dira tradizioan; Zenbat [dira] poztuko lirakenak, Pazkorik ez izateaz eriotzako orduraño? (Agirre Asteasukoa). Gaur egungo prosan aurkitzen dugu inoiz ergatibozkoren bat joskera horretan, baina ez dugu aurkitu halakorik tradizioan: Ez nau harritzen ikusteak mundua nola doan. Halakoak adierazteko ohikoena ergatiboa eskatzen ez duen joskeraren bat hautatzea izaten da: Ez naiz harritzen ikusirik mundua nola doan; Ez zait harrigarri gertatzen ikustea mundua nola doan.

30.6. Adierazpen perpaus osagarriak

30.6.1. Sarrera

30.6.1a Zerbait adierazten dutenei esaten zaie adierazpen perpaus osagarri; perpaus horietan ez da ezer galdetzen, ez eta nahia, agintea edo horrelakorik adierazten ere. Adierazpen perpaus osagarriak izan daitezke jokatuak zein jokatugabeak. Lehen motakoak dira honako hauek: Laguna etorri dela esan didate; Ikusi dugu gazte hori zintzoa dena; Ez dut uste jende asko etorriko denik; Ikusiko duzue nola primeran ibiliko zareten; Domaia da hura ez baita etorriko. Jokatugabeak dira beste hauek: Ez diote barkatu egia esatea; Damutuko zaizu bihar joatea; Etxera itzultzea erabaki du; Atarian neskatxa bat ikusi dugu jendeari loreak banatzen; Gainera badakizu zure xarma hori esploratzen ere (Oñederra); Lehen bezala joaten naiz etxeko lanak egitera eta irakurtzera; Ez naiz ausartu ere egiten hildako egunez pentsatzera (Larrañaga).

30.6.1b Elementu kontrolatzaileari dagokionez, aditza izan daiteke adierazpen perpaus osagarrien kontrolatzailea; horrelakoak dira eman berri ditugun adibideak. Baina egon daitezke izen baten mende ere, nahiz ez izan ohikoena. Izenaren mende daude ondoko adierazpen perpaus osagarri jokatuak: Badira oraindik [lurra zapala den ustea] baztertu ez dutenak; [Etsiko dun ustea] badu berak ere (Orixe); [Euskara Afrikatik datorrelako hipotesia] agertu dute batzuek; [Berandu dabiltzalako susmoa] dut. Beste adibide hauetan, berriz, perpaus osagarri jokatugabea da izenaren mende dagoena: Alabarengana jiratu, eta ukabila jaso zuen aitak, [alaba jotzeko keinua] eginik (Lertxundi); [Euskara ikasteko erabakia] hartu du.

Elementu kontrolatzailea zein den eta mendeko aditza jokatua ala jokatugabea den kontuan harturik aztertuko ditugu adierazpen perpaus osagarriak. Dena den, ugariak ez direnez, sail bakarrean bilduko ditugu izenaren mendeko adierazpen perpaus osagarriak. Beraz, aditzaren mendeko adierazpen perpaus osagarri jokatuak aztertuko ditugu lehenik. Aditzaren mendeko adierazpen perpaus osagarri jokatugabeak, ondoren. Eta, azkenik, izenaren mendeko adierazpen perpaus osagarriak.

30.6.2. Aditzaren mendeko adierazpen perpaus osagarri jokatuak

Menderagailu bat baino gehiago erabil daiteke perpaus mota honetan: -(e)la da nagusia, erabilera zabalena duena. Gainerakoek —-e(na), -(e)nik, -(e)n eta bait- aurrizkiak— askoz ere leku mugatuagoa dute. Predikatu jakin batzuekin eta euskalki jakin batzuetan baizik ez dira erabiltzen. Menderagailu bakoitzetik abiatuta aztertuko dugu bakoitza zein predikatu motarekin agertzen den eta zein ezaugarri dituen.

30.6.2.1. -(e)la menderagailua duten adierazpen perpaus osagarri jokatuak

Gogoan izan behar dugu -(e)la menderagailua perpaus osagarrietan ez ezik modua, denbora edo horren antzeko zirkunstantziaren bat adierazten duten perpausetan ere erabiltzen dela. Ez da zaila perpaus mota biak bereiztea. Osagarriak, esan bezala, konplementazio erlazioan daude eta elementu gobernatzaile bat dute perpaus nagusian. Adberbialak, berriz, adjuntuak dira, elementu gobernatzailerik ez dutenak. Bi adibide hauek alderatu baino ez dugu desberdintasunaz jabetzeko: Lanean ari zela esan ziguten; Lanean ari zela izan zuen ezbeharra. Lehen adibidean zer? galderari erantzuten dio lanean ari zela mendeko perpausak, eta esan aditzak gobernatzen du. Mendeko perpaus osagarria da, beraz. Bigarrenak, aldiz, noiz? adierazten du, eta menderagailuak -(e)larik aldaera onartzen du: Lanean ari zelarik, ezbeharra izan zuen36.2.2a, § 36.4.1a, § 36.4.4d).

30.6.2.1a Gobernatzaile motak. -(e)laperpaus osagarriak predikatu mota batekin baino gehiagorekin ager daitezke, baina ez edozeinekin. Perpaus egiturako osagarria eskatzen duten aditzak izango dira gobernatzaileak, ez bestelakoak. Zauritu, zatitu eta desegin aditzek, esaterako, ez dute perpaus egiturako osagarririk onartzen; beraz, ez dira gramatikalak *desegin dut ondo bizi zarela, *zauritu dugu Manuel joan dela edo *zatitu dugu film hori ikusi genuela perpausak. Zein dira, bada, adierazpen perpaus osagarrietako gobernatzaileak? Multzo zabal batean, ‘esatea’, ‘pentsatzea’, ‘sinestea’, ‘jakitea’, ‘gogoratzea’ adierazten duten predikatuak.

30.6.2.1b Honako sail hauek bereiz ditzakegu adierazpen perpaus osagarriak gobernatzen dituzten predikatuen artean:

a) Ekintza komunikatibo bat adierazten dutenak eta perpaus osagarriak, hain zuzen ere, komunikazio horren edukia ematen du aditzera. Esan, adierazi, azaldu, erantzun, idatzi, jakinarazi, ziurtatu eta horrelakoak dira perpaus hauetako gobernatzaileak: Ezertarako gogorik ez zuela adierazi zion Lupek lagunari; Azkena nintzela jakinarazi zidaten; Osabak esan dit barkazioa eskatu behar diola Ursulari (J. Zabaleta).

b) Beste predikatu batzuek iritzia, kezka, ustea, sinesmena, zalantza eta horrelako gogapenak adierazten dituzte; adibidez: uste izan, pentsatu, iritzi, iruditu, ziur egon, etsi… Uste dute Mikel gaur etorriko dela; Pozik bizi direla dirudi; Ziur nago aurten hobeto ibiliko garela; Beldur naiz hau nuela azken itzulia (Xalbador); Eta horrenbestez etsi zuen biekin bizitzen ikasi beharko zuela (Alonso). Hauen artean sar daitezke, beharbada, aitortu eta ukatu bezalakoak ere: Aitortu behar da lehen okerrago bizi ginela; Ezin da ukatu orain hobeto bizi garela.

c) Hirugarren azpisail bat osatzen dute ezaguera, jakitea edo oharmena adierazten dutenak: jakin, ezagutu, konturatu, ohartu, ikusi, igarri, sumatu eta, beharbada, gogoratu, oroituBadakit Josebak etxea saldu duela; Ezagun du gazteak zaretela; Konturatu naiz lagunak joan zaizkizula; Berak […] igarri zion aldi gutxiko bizia zeukala (Garitaonandia); Gogoratzen naiz urte hartan zu izan zinela txapelduna; Ez ahaztu ni naizela zure lagunik onena.

d) Balizko suposizioa adierazten dute egin, eman, esan, eta horrelakoek. Horien inperatiboko formak ere hemen sartzekoak dira: Demagun 1900. urtean gaudela; Egin ezazu loteria tokatu zaizula… zer erosiko zenuke?; Esan dezagun denak berdinak garela.

e) Harridura perpausek ere sail honetan izan dezakete lekua: Bai gogorra dela zurekin bizitzea! Horixe ez naizela inora joango!

f) Beste predikatu batzuek gogo-jarrerak adierazten dituzte, mendeko perpausak adierazten duen gertakariari buruzko gogo-jarrerak: hura espero izatea, erabakitzea, hitz ematea… Hau da, hura adierazte edo jakite hutsa baino zerbait gehiago: Brusela hiri espantagarria dela ia aho batez erabaki dugu (Jimenez); Duda-muda une baten ondoren, trago bakar batean husteko gehitxo geratzen zela deliberatu zuen (Cano); Lenengo egunetan Indianoari agindu eutsan bere alde emongo ebala (Agirre); Itza ematen dezu betiko utziko dituzula (Agirre Asteasukoa); Bañan esperantzetan / natxiok oraindik, / alkar joko degula / nundik edo andik (Txirrita).

Horietako aditz batzuk adiera horretan ez ezik ezagutza-adieran ere erabiltzen dira inoiz, hala nola, erabaki eta hitzeman aditzak, ‘pentsatu’ eta ‘ziurtatu’ adierazteko hurrenez hurren: Erru guztiak inglesenak zirela erabaki zuen (Aresti); Auzi erabakia baita […] esaldi ilun horiek punikoz daudela (Mitxelena); Medikuak hitz eman zionean ez zeukala gaitzik (Mitxelena). Hauek a) motakoen artean sartzekoak dira, proposizioaren beraren gainean eraikiak baitira, ez gertakariaren gainean.

Gertakariaren gaineko jarrera adierazpen dira, halaber, nolabaiteko balioztatzea dakarten adjektiboak edo damurik, eskerrak eta horrelako predikatuak: Okerrena da ez direla ezertaz konturatu; Eskerrak ez nintzela oren bat gehiago ari izan edo Baionara joan (Landart); Eskerrak bizi honen ondotik hor daukagula bestea (Xalbador); Damurik ez direla gaueko argiak oihal busti batzuek bezala (Hiribarren); Damurik partida hori ez dugula ikusi iparraldean (Herria).

Gertakaria dute objektu, hari buruzko denbora erreferentzia ematen duten predikatuek ere: Badu jadanik 30 urte hau gozatzen duela eta beti pixkor izanez (Herria); Egunak ditu hor dela (Duvoisin); Hamabost egun dira beren gelan itxita dutela, kartzelan bezala (Biguri); Hirugarren aldia da barkamena eskatzen dizudala (Payá).

Gogo-jarrera adierazten dutenak bait-ekin ere egiten dira Iparraldeko euskalkietan (§ 30.6.2.5): Damurik […] pondu batzuetan egin den aintzinamendua ez baita egiazkoa (Lafitte).

Osagarri jokatugabeen gobernatzaile ere izan daiteke aditz horietako asko: -tzea erabaki / deliberatu, -tzen jakin / ikusi… Aurreraxeago aztertuko ditugu horiek. Zehar-galderak ere goberna ditzakete horietako batzuek: Gogora hadi zer gertatu zen atzo (Atxaga).

30.6.2.1c Zenbaitetan aditz soila ez, baina predikatu egitura konplexu bat izaten da elementu gobernatzailea: berria zabaldu, notizia etorri, agindua eman, jakitun egon, jakina izan, ziur izan, beldur izan, gogoan izan, esperantza izan, irudipena izan, susmoa izan, arrazoi izan, etsita egon… Ikus ditzagun adibide batzuk: Egun batez berria zabaldu zen Dachau-ra joan behar genuela (Etxehandi); Senarra jakitun zegoen emazteak ez zuela irakurria Jules Verneren liburua (Zurutuza); Ziur da jakinaren gainean dagoela Martinekin duen harremanaren alderdi intimoenez (Saizarbitoria); Jakina naiz isil-isilean lan egin duela (Jon Muñoz); Eta susmoa izan zen norbaitek debekatu ziola Luvinori entziklopedia erakustea (Elorriaga); Irudipena izan zuen alaba ez zela besteak bezalakoa (Zubizarreta). Adibide horietan argi dago predikatu osoa dela gobernatzailea, eta ez izena edo adjektiboa bakarrik. Izan ere, izena balitz gobernatzaile, -(e)lako menderagailua hartu beharko luke adierazpen perpaus osagarriak (§ 30.6.4.1).

Konplexuak dira, halaber, izan aditzarekin eratzen diren egitura atributiboak: egia izan, gauza jakina izan, bistan izan, kontua izanGauza jakina da koloreak deskonposatu egin daitezkeela (J. Zabaleta); Bistan da ontziak ez zirela hara joaten (Iñurrieta); Kontua da gaztetan zailagoa dela galdutako testu batekin obsesionatzea (Saizarbitoria).

30.6.2.1d Aditz gobernatzailea, guztiz edo partez, isilpean ere gera daiteke: Hantxe zebilen Fernando, bera zela gelako indartsuena; Negarrez joan zen haurra amagana: mina zuela: Amaren partez, gaur etxean geratuko dela eta ez itxoiteko; Denen aurrean jaiki zen, bera zela erruduna; Badatorrela! Ez naizela hori egiteko gauza? Eta itzuli zen etxea, aldi hartan bederen ongi egin zuela bere mandatua (Barbier). Adibide horietan guztietan dugu -(e)la menderagailua, baina ez ageriko predikatu gobernatzailerik. Ez da zaila, ordea, isilpean esaten, esanaz, diot edo horien antzeko aditz bat antzematea. Beste zenbaitetan, berriz, elementu gobernatzailea osoa ez, baina haren zati bat falta da: Nago […] adiskideek ez dutela erratearen beharrik (Hiriart-Urruti); Daukat Jainkoak Migel zuela mendi hartan zinez deithu (Oxobi); Parte har lezaketela daukagu (Zerbitzari); Kristiandade gustijan, biar bada, ez dala nago, jentez jente, berba loi geijago esango, euskal errijetan baño (J. J. Mogel). Egon —lehen pertsonan beti— eta eduki aditzarekin egiten diren esaldi horietan zerbait falta dela susma daiteke; pentsa daiteke azpian ustean egon, ustean eduki edo horrelako zerbait dagoela; eta, beraz, iritzi predikatuak direla.

Balizko suposizioa bideratzen duen egin dezagun eta horrelakoetan ere zerbait isiltzen dela dirudi (egin ezazu loteria tokatu zaizula). Hor ere azpian kontu egin edo horrelako predikatu egituraren bat dagoela esan daiteke.

Beste batzuetan aditza falta da: Harro zihoan, iduri eta bera zela txapelduna; Lasaitu nintzen, nire txanda noizbait izango zela esperoan; Bera ere gogor jo bazuten, seinale ez gintuela saldu (Atxaga). Horietan iduri zuelarik, esperoan egonik, seinale zen edo horrelako zerbait dagoela antzematen da. Beste zenbaitetan, berriz, aditz kopulatiboa falta da (da, zen…): Okerrena, berriz, ez zela inor ezertaz ohartu.

30.6.2.1e Perpaus osagarrien gobernatzailea aditz bat edo barnean aditza daraman predikatu bat izaten da gehienetan, baina ez beti. Ondoko adibideetan gobernatzailetzat ditugu harridura perpausetako bai eta horixe esklamatiboak, eta horra aurkezlea: Bai tristea dela horrela bizitzea!; Horixe joango naizela!; Horra datorrela zure laguna. Azken mota honetakoak ez dira maiztasun handi- handikoak, sarriago egiten dira-eta galde hitzen baten bitartez, adierazpenezkoak izanik ere: Horra non guk nahi genuen bezala gertatu den guztia30.6.2.4b).

Batez ere ekialdeko euskaran erabiltzen den baizik eta ere ondoko osagarriaren gobernatzailea dela esan dezakegu. Baizik eta duen perpausa ez da inoiz lokabea, beste perpaus baten mendeko gisa erabiltzen baita beti, haren azalpena emanik eta ‘esanaz’ edo horren antzeko zerbait adieraziz. Hona adibide batzuk: Berak beti ukatu du, baizik-eta besta buru egunez kanpo ez zuela sekulan mokanesik (Lafitte); Azkenekoz apezeri jarraiki zen delakoa, baizik-eta sorginkeriaren erroak apezen baitan zirela eta hauk […] (Zerbitzari); Amak berehala mezua igorri zion Erregeari, baizik eta, bi haurren ordez, bi xakur izan zituela Erreginak (Barbier).

Horren antzera jokatzen du alegia adizlagunak ere, ekialdean duen erabileran, hau da, ‘itxura eginaz’ edo horren antzeko zerbait adierazten duenean: Gure Gaxuxak, alegia eztuela deusere entzun, etzituen ere higitu begiak (Manezaundi); Alegia Errepublikaren ohoretan dela pesta hori, framazoneriak du hor Euskaldunen libertatea eta erlisionea zangopean dauzkala erakutsi nahi (Hiriart-Urruti).

Gogoan izan behar da, bestalde, noski adizlaguna ezin dela -(e)la perpaus baten gobernatzaile izan. Perpaus lokabeetan erabiltzen da, -(e)la erantsi gabe: Etorriko da, noski; *Noski etorriko dela.

30.6.2.1f -(e)la menderagailuak ondoren izenlagunak egiteko erabili ohi den -ko atzizkia baino ez du onartzen, aurrerago izenaren mendeko perpaus osagarriak aztertzen ikusiko dugun bezala (§ 30.6.4): Hegazkina erori zelako berria berehala zabaldu zen. Gaur egun maiz samar entzun eta irakurtzen ditugu -(e)la-ren ondoren -en genitiboa daramaten perpausak: *Datorren urtean ezkonduko zarelaren berria hedatu da. Baina azken mota horretako perpausak ez dira gramatikalak.

Ikus Euskaltzaindiaren 116. araua: “-eLAKO eta -(e)n atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan”, Iruñean, 2001eko martxoaren 30ean onartua.

Beraz, -(e)la menderagailuak ez du onartzen ondoren -ko izenlagun markaz bestelakorik, ez kasu markarik ez eta postposizio atzizkirik. -(e)la perpausak izen sintagma ez direnez, ezin dute -k, -i, -z edo -en hartu. Ez dira, beraz, onargarriak *zuk hori esan duzulak harritu nau, *zuk hori esan duzulari harrigarri deritzot edo *berandu iritsi zarelaz ohartu naiz. Azken adibide hori ez da gramatikala, baina instrumentala eskatzen duten zenbait aditzen osagarriak (ohartu, oroitu, ahaztu eta abar) -(e)la menderagailu soilarekin joan daitezke: Berandu dela ohartu naiz; Medikuarenera joan behar dudala oroitu naiz oraintxe. Baina, gehienetan beste itzuli batzuetara jo behar dugu; adizki jokatugabeetara, esaterako: Zuk hori esateari harrigarri deritzot; Zuk hori esateak harritu nau. Edo, bestela, guk nahi dugun kasu marka edo atzizkia har dezakeen aurrekari batez balia gaitezke: Zerak/Honexek harritzen nau: egun guztian ez zarela agertu; Honi ere erreparatu behar zaio: gehiago balio duela osasunak aberastasunak baino; Horretan biltzen da guztia; askoz gehiago dela ez dakiguna dakiguna baino. Dena den, baliabide hau berezia da; batez ere ahozko mintzairan erabiltzen ditugu horrelako aurrekariak.

30.6.2.1g Zenbait “ordain” erabil daitezke adierazpen perpaus osagarrien lekuan; adibidez, hori determinatzailea edo hala adberbioa: Hori entzun dugu; Hala esan digute; Hori jakin dugu guk; Hala jakin dugu guk. Azpian instrumentala dutenek, berriz, horretaz har dezakete perpaus osagarriaren “ordain” gisa: Horretaz ohartu naiz ([etxera joateko ordua dela] ohartu naiz esan ordez).

Ez dirudi, ordea, beti egin daitekeenik horrelako ordezkatzea. Predikatu egitura batzuekin, esate baterako, ezinezkoa dela ematen du: *Hori zabaldu da berria ([istripu larri bat izan dela] zabaldu da berria). Eta gauza bera harridurazko perpaus zenbaitekin: Horixe joango naizela! perpausaren ordez, ezin esan daiteke *horixe hori!

Baietz eta ezetz ere izan daitezke perpaus osagarrien ordain, perpausa osorik eman nahi ez dugunean. Sarritan gertatzen da hori, adibidez, elkarrizketan ari garenean, galde-erantzunka: —Zer esan dizu Peruk, etorriko dela? —Baietz esan dit; —Uste duzu horiek zerbait egingo dutela? —Ezetz uste dut. Esan, uste izan, iruditu eta horrelakoek onartzen dituzte “baiezko” edo “ezezko” osagarri horiek. Gorago esan bezala, noski adizlagunak -(e)la perpausik gobernatu ezin duen heinean, ezta horien ordezko baietz edo ezetz ere: bai, noski! / *noski baietz.

[Baietz/ezetz + partizipioa] tankerako perpausek, erronka edo apusturen bat egin nahi denean erabiltzen direnek, ez dute ageriko gobernatzailerik (diot nik edo horrelakoren bat sumatzen da isilpean, ezetz eta baietz horiek gobernatzen): Ezetz asmatu zenbat diru dudan!; Baietz iritsi zu baino lehen horma hartara! Alderantzizko ordena ere zilegi da: Asmatu ezetz zer dudan eskuan!; Gure herriko taldeak irabazi baietz!

30.6.2.1h Ezen iragarlea -(e)la perpaus osagarrien lehen buruan. Mota honetako perpaus osagarriek aukeran dute ezen elementu iragarlea hartzea perpausaren hasiera markatzeko: ETBk dio [ezen bihar eguraldi ona izango dela]. Iragarle honek erabilera ugaria izan du tradizioan, eta gaur ere ugari ageri da mota guztietako testuetan: Zeren bainekien ezen Mattinen aurka, ezpatari gisa, beti nintzela galtzeko eta haren azpiko izaiteko (Irigoien); Irakurleei behar diegu geure ustez gaztigatu ezen ez dugula bilduma honen egiazkotasuna bermatzen, eta badugula orobat garrantzizko arrazoirik nobela bat baizik ez dela uste izateko (Jon Muñoz); Eta, hala ere, badirudi frogaturik dagoela ezen gure arima sekretuen alderik sekretuenean gu, zuzentzaileok, boluptuosoak garela (Alonso); Gaineratzen zuten ezen, toki gorenean, auspizioz eta aholkuz gehiago egiten dela armaz eta eskuz baino (X. Amuriza).

Elementu iragarle honek izan ditu beste forma batzuk ere literatura tradizioan: eze, ezi eta ze. Eze aldaera bizkaierazko testuetakoa da, batik bat: Bai, izenak artu ditu, ta esan dau eze bihar dantzan egin beharko dozuela (Agirre); Pentsatzen juat eze, onek eibartarrok, ifrañuko Patxi bera baño gorriauk dirala (San Martin). Ezi Zuberoako testuetan ageri da batez ere: Jakin ezazü ezi, etsai zaharrak egin ahala oro egiten diala zuri zure hunialako desirküntiaren gal erazitzeko (Maister). Oro har, XX. mendea baino lehenagoko testuetan ageri dira bai eze eta bai ezi, nahiz joan den mendean ere aurkituko ditugun adibide batzuk. Ze, ostera, bizkaierazko eta gipuzkerazko testu batzuetan ageri da eta aski erabilia da gaur egun ahozkoan, bizkaieraz batez ere: Batxi: emen diñue ze lengo eguneko esakeran arratsaldian izan ziriala esamiñak (Azkue); [Txoriyak] esan zidak, ze, egiten ez baditugu bideak ura andikan laster ateratzeko, denbora pasa kantuan asiko dala (Apaolaza).

30.6.2.1i Mendeko osagarriaren aurrekaria perpaus nagusian. Perpaus nagusiaren barruan egon daiteke elementu bat, ondoan datorren osagarriaren abisu ematen duena. Osagarriaren “aurrekariak” dira elementu horiek, elementu anaforikoak, eta ondoan datorren -(e)la perpausak ematen die bere esanahia: zera, hau, honela eta horrelako elementuez ari gara. Ikus ditzagun adibide batzuk: Zera bururatu zitzaion: bi gudaloste zirala elkarren aurka zetozenak (Berrondo); Bere arazoa zera da, ez dakiela nola bereizi liburuetan irakurritakoa eta bizitzaren errealitatea (Ezkiaga); Baina zera gertatzen da: nik ez dudala onartu nahi hiri madarikatu honetako jendearengandik onartu behar den guztia (Lopez de Arana); Behean sinatzen duenak hau adierazten du: hamabost urte daramatzala funtzionario lanetan eta, beraz, bosgarren hirurtekoa aitortu behar zaiola; Beste honako hau ere ez nekien nik: Joachim 1935 urtetik aurrera gogotik aritu zela itsas haraindirako emigrazio-baimena lortu nahian (J. A. Arrieta). -(e)la osagarriekin bakarrik ez, beste batzuekin ere ikusiko ditugu, funtzio bera dutela; zehar-galderen aurrekari, esaterako, honako adibide honetan: Azken buruan zera jakiteko: zer bilatzen ote nuen bere etxean, zergatik etorri nintzen etorri behar nuela abisatu gabe (Rey). Edo adierazpen perpaus jokatugabe baten aurrekari: Honako hau besterik ez duk mendekua: hi neure etxera itzultzea, gerran den munduan barrena eta minaz beteriko itsasoak zeharkatuz honaino etortzea (Olarra).

Perpaus osagarriaren luzerak eta konplexutasunak eragina izan dezake horrelako aurrekari bat erabiltzeko: adizki nagusitik urrun geratzen da maiz osagarritasuna adierazten duen -(e)la menderagailua, eta, orduan, lagungarri gertatzen dira ondoko perpausa osagarria dela ohartarazten diguten aurrekari horiek; katafora deitzen zaio mekanismo horri.

30.6.2.2. -(e)na menderagailua duten adierazpen perpaus osagarri jokatuak

30.6.2.2a -(e)na menderagailua ere har dezakete perpaus osagarri jokatuek, baina gutxitan agertzen da menderagailu hau bizkaieratik kanpo. Eta, bizkaieraren barnean ere, ez da nonahi erabiltzen. Batzuetan proposatu izan da, -(e)la eta -(e)na erabiltzen duten hizkeretan, aditzaren faktibotasuna dela bi menderagailu horiek bereizten dituen ezaugarria. Hau da, aditz eta predikatu faktiboekin (§ 23.2.2.2j) -(e)na erabil daitekeela. Bestela esan, mendeko perpauseko proposizioa egiazkoa denean erabiltzen bide da -(e)na. Testuetako adibideek, ordea, ez dute interpretazio horren aldeko froga zehatzik eskaintzen. Joera batzuk sumatzen ditugu, gehienez ere.

30.6.2.2b Beraz, -(e)na menderagailuaren erabilera deskribatzeko, zuhurrena literaturako testuetan zein aditzekin eta predikaturekin erabili den aipatzea da. Jakin eta mota horietako aditzak dira -(e)na perpausen gobernatzaile: aditu, aitortu, erakutsi, ezagutu, gogoratu, gomutatu, igarri, ikusi, sinetsi, susmatu: Aren arpegi itun eta itzalean igarri dagike Matxinek, ezbearren bat izan dana (Erkiaga); Erakutsi daigun geure berba guztietan, egijaren semiak gariana (Frai Bartolome); Erri guztiak eztaki Antoni Errota-gaz ezkonduten zareana? (Agirre).

Egia izan, ezagun izan, gezurra izan, itxura ukan, jakina (izan), seguru egon/izan, zer esanik ez, zalantzarik gabe, bistan egon, horixe eta horien antzeko predikatuekin ere erabiltzen da -(e)na mendebalde zabalean: Ezagun dozu askotan izan etzareana bertan (Agirre); Ziur egon, ba, orrelaxe gertatu zana (Zubikarai); Gizurra don gero Patxiko il dana (San Martin); Ez da egia, esate baterako, euskalki dotoreak eta itsusiak daudena (Zuazo).

Eskerrak, lastima, seinale bezalakoekin ere ager daiteke -(e)na: Eskerrak alakoren batean andra Adelaidak autua eteten ebana (Erkiaga); […] tratu eske guregarana igorri zuenean, seinale trukea interesatu zaiona (Etxaide).

Adibideetan ikusten den bezala, mendeko adizkiak, hau da, -(e)na menderagailua hartzen duenak, perpausaren azkenean joateko joera erakusten du, ondotik osagai bat edo beste izan badezake ere.

30.6.2.3. -(e)nik menderagailua duten adierazpen perpaus osagarri jokatuak

30.6.2.3a Hegoaldean ezezkako perpaus osagarri batzuetan -enik menderagailua erabiltzen da (-en + -ik): Hil danik ez det behintzat entzun (S. Salaberria); Eztet pentsatzen aiek dutenik gaurko gaztien gaitzikan (Uztapide). Inoiz galderazko perpausetan ere erabiltzen da, batez ere sakonean ezezkako esanahia duten galdera erretorikoetan: Nola jakin nezakeen nik […] Europan indio gaxo auen erlijioa jakiteko orrelako gutiziarik egongo zenik? (Villasante).

Ez da pentsatu behar, ordea, ezezko eta galderazko perpaus guztietan erabiltzen denik menderagailu hori. -(e)na menderagailuaz esana errepikatu behar dugu hemen ere: joerak, jokabide nagusiak ikus ditzakegu -(e)nik eta -(e)la menderagailuen artean; baina ezin eman daiteke arau zehatzik. Nolanahi ere, seinala daitezke zenbait bide, ondoren emango ditugunak.

30.6.2.3b Predikatuak agintzen du maiz zein den erabili beharreko menderagailua. -(e)nik menderagailua eskatzen dute uste edo iritzia adierazten duten predikatuek: uste izan, pentsatu, iritzi, iruditu, eman, gogoak eman… Ez du ematen hiru baino gehiago direnik (I. Mendiguren); Ez dirudi ezer ukitu dutenik (Zaldua); Inori ez zitzaion bururatzen onik aterako zirenik (Navarro); Eta ez pentsa erraza izango denik (Atxaga).

Beste predikatu batzuek, ostera, -(e)la osagarria izaten dute normalean. Halakoak dira ahaztu, duda egin, duda izan, egia izan… edo denborazko erreferentzia ematen dutenak: Ez du dudarik egiten aise begiratuko zarela peril horretarik (Jon Muñoz); Ez da egia gizakiaren bizitza amaitzean hasten dela bere heriotza (Sarrionandia); Ezin duda egin daiteke biltze-lana dela gurean presakakoena (Mitxelena); Ez sekula ahaztu emandako hitza sakratua dela (Montorio).

Eta beste zenbait predikatuk, azkenik —esan, entzun, ikusi, jakin…—, menderagailu bat zein bestea erabil dezakete: Ezin esan dezakegu gizon prestua izan zela (Aresti); Ez egidazu esan biotzik ez dodanik (Gandiaga); Sekula ez zuela entzun Peter Panek ahuntza zuenik (Gabiria).

Kontuan izan behar da, edozein modutan, jokabide jakin bat duten predikatuek hura alda dezaketela, bere esanahia ñabartzen edo zehazten duen elementuren bat hartzen dutenean. Esaterako, jakin aditzak menderagailu biak hartzen baditu ere, ez daki asko predikatuak -(e)la eskatzen duela dirudi: Ez daki asko apaiza ez baina organujole naizela! (Aristi); Ez daki asko nerekin etorria dala ta etxean daukagula zai (Labaien); Ez daki asko Nikanor-ek, polizi-gizonok orretan emoten dituela euren bizitzako ordu asko (Erkiaga).

30.6.2.3c Normalean -(e)nik erabiltzen dituzten predikatuek ere -(e)la hartzen dute zenbait inguru eta egituratan:

a) Perpaus nagusia galderazkoa denean: Ez zaizu iruditzen gerra ondorengo filologia gehiegi mugatu dela testuetara […]? (Mitxelena); Tuntuna: ez duzu ikusten zure aitona naizela? (Lertxundi); […] Ea ez al zekien Ama Birjinaren hilean zeudela (Saizarbitoria). Baina, gorago aipatu zalantzen lekuko, aurki ditzakegu bestelako adibideak ere: Ik ez al dun siñesten begia betzuloan ikara ta dardar dabilenean, begizkoa jaurtitzen duenik? (Orixe).

b) Perpaus osagarriak ondotik besterik murrizgarria daramanean: Gudariak ikusi zituztenean, Mateori bera lotzera zetozela besterik etzitzaion bururatu lenbizi (Etxaniz).

c) -(e)la hartuko du mendeko aditzak predikatu nagusia konplexua denean ere; hau da, osagarria gobernatzen duen perpausa, aldi berean, beste perpaus nagusi baten mendeko denean: Getxok irabaziko zuela uste ez bazenuen, zergatik egin zenuen apustu haren alde? (baina, ez nuen uste Getxok irabaziko zuenik); Getxok irabaziko zuela uste ez zutenek asmatu zuten.

30.6.2.3d Adibide horiek guztiak ikusita, galdegin behar da zerk agintzen duen predikatu eta egitura bakoitzaren jokabidea den bezalakoa izatea. Badirudi ezetzaren esparrua dela hemen joan dagoen auzia; ezetza zeri dagokion, alegia. Horrela, -(e)nik daramaten perpausak ezetzaren esparruaren barruan daudela dirudi; eta -(e)la dutenak, berriz, ez. Agerikoa da hori normalean -(e)nik eskatzen duten uste izan, iritzi, iruditu, pentsatu eta horrelako predikatuak dituzten perpausetan. Horietan, ezetza mendeko aditzari dagokiola esan daiteke eta honen aurrean zuen kokagunetik igo dela adizki nagusiaren aurrera: [uste ez (-(e)la)] → ez [uste (-(e)nik)]. Hortaz, esanahi bera dute ez dut uste etorriko denik eta uste dut ez dela etorriko perpausek; errankideak dira. Eta berdin ez dirudi diru asko duenik eta diru asko ez duela dirudi.

Bestelako predikatuekin ez da hala gertatzen: ez du esan etorriko denik eta esan du ez dela etorriko bi gauza dira. Hor ez da gertatu ezetzaren igoerarik eta, beraz, ez dago errankidetasunik. Edozein modutan, horietan ere, -(e)nik perpausa ezetzaren esparruan dagoela esan daiteke. Adibide pare honek lagunduko digu esan nahi duguna hobeto azaltzen: Ez dute esan Mikel etortzekoa denik; Ez dute esan Mikel etortzekoa dela. Mikel etortzekoa da proposizioa ezetzaren esparruan dago lehen adibidean eta hartatik kanpo, ostera, bigarrenean. Bigarren perpausean ezetza esan predikatuari baizik ez dagokio. Honako hau izango litzateke, hurrenez hurren, goiko bi adibide horien eskema: ez[esan proposizioa] / Proposizioa ez [esan].

Hori horrela dela frogatzeko, nahikoa da perpaus horietan ezezko polaritatea duten ezer, inor, inoiz, behin ere eta horrelako elementuek (§ 13.10.7.6a) nolako jokabidea duten aztertzea. Lehen adibidearen osagarrian sar daitezke horrelakoak, ezezkoaren barruan baitago. Bigarrenean, berriz, ez: Ez dute esan inor etortzekoa denik / *Ez dute esan inor etortzekoa dela; Ez dute esan ezer galdu dutenik / *Ez dute esan ezer galdu dutela; Ez dugu entzun horrelako mirariak behin ere gertatu direnik / *Ez dugu entzun horrelako mirariak behin ere gertatu direla.

30.6.2.4. -(e)n menderagailua duten adierazpen perpaus osagarri jokatuak

30.6.2.4a Euskalki batzuetan -(e)n menderagailua agertzen da uste izan, beldur izan edo badaiteke bezalako predikatuak gobernatzaile dituzten adierazpen perpaus osagarrietan. Ekialdekoak dira, askotan, horrelako egiturak: Uste dut gure aldekoa den; Ez dut uste baden inor hori egingo duenik; Nik uste gibeleko atetik joana den (azken adibide honetan uste bakarrik ageri da eta izan aditza isilpean geratu da). Ustez (eta) ere izan daiteke predikatu gobernatzaile: Ustez eta toki bat badaukan han, heientzat, beren kabañoak eskuan, irri batean heldu zaizko (Barbier). Ez dira falta, hala ere, ustez eta gobernatzaile izanik -(e)la osagarria duten adibideak: Ustez eta hiltzerat zoala (Larzabal); Ustez eta frantsesezko mintzairan bezala eginez, ederkiago mintzo direla eskuaraz (Lafitte). Iparraldekoak dira ondoko hauek ere: Badut beldurra giroa oraino okertuko den; Ez ninduten hek aditu: aditu banindute ere, baditake lokartuko ziren berdin (J. Etxepare).

Eskerrak gobernatzaileak -(e)la menderagailuko osagarriak izaten ditu gehienetan idatzian: Eskerrak etxean behintzat ez zela besterik egiten (Mitxelena); Eskerrak bizi honen ondotik hor daukagula bestea (Xalbador). Baina ahozko mintzairan -(e)n menderagailua hartzen du maiz, Hegoaldeko euskalkietan ere; idatzian ere hedatzen ari da jokabide hau: Eskerrak halako batean lo hartu duen! (Goenkale); Eskerrak Isidroren semea naizen —hots egin zuen Adrianek (Atxaga). Joko bera du batez Iparraldekoa den beharrik gobernatzaileak: Beharrik joan baino lehen dena erre dugula! (R. Etxeberri); Beharrik etorri zaren, bestenaz itoko nintzen. Damurik gobernatzaile duen osagarriak berriz, -(e)la nahiz bait- menderagailuak har ditzake, edo menderagailurik gabe joan: Damurik ez direla gaueko argiak oihal busti batzuek bezala! (Hiribarren); Damurik, Edurne ez zen bakarrik heldu (Epaltza); Damurik ez dudan eskura, Probentza aldeko amodio balada zahar edo galaiko portugaldarrik (Perurena).

30.6.2.4b -(e)n menderagailua daramaten adierazpen perpaus osagarri batzuek perpausaren buruan elementu iragarle izateko funtzioa duen galde hitz bat daramate: nola/zelan edo horra non… moduko esapideak. Honako adibide hauetan nola edo zelan ez dira egiazko galde hitzak, menderakuntza barneko lokailuak dira: Britainia aldeko folkloreak kontatzen du nola Eguberri inguruko egunotan ateratzen den txantxangorria, urki-txotx bat hartuta (P. Zabala); Beste batzuek gogoratzen dute nola Nafarroako erreinuak galdu zuen orduan bere independentzia (Xarriton); Ez zen batere atsegina ikustea nola bere eskoletan beti Nevilleren kontra jarduten zuen (I. Mendiguren); Entzun duzu zelan esan duten Peter Pan ez dagoela etxean? (Gabiria).

Kontakizunetan-eta erabiltzen da maiz egitura hori, esan, kontatu, entzun eta horrelako gobernatzaileekin. Baina baita ikusi, gogoratu, jakin eta “ezagutza” adierazten duten gobernatzaileekin ere. Horrelako adibide ugari aurkituko dugu bai tradizioan eta bai gaur egun ere; baina horren lekuan inoiz entzun edo irakurtzen den nola … -(e)la egiturak ez dirudi aski den adinako onarpena duenik: ?Entzun duzu nola, baserria erre zenean, herriko gazteek jaialdi handi bat antolatu zutela haren alde dirua biltzeko?

Aurreko horien antzekoak dira non ‘iragarlearekin’ (aurkezle baliokoarekin) esaten diren adierazpenak ere, elementu aurkezle bat eta non esapidea gobernatzaile dutenak —hona, horra, hara, begiranon—: Horra bada non, duela lau egun, grina handi batek hartua nagoen (Jon Muñoz); Eta bataioa baino lehenago, hara non heldu zen etxera abadea aitaren gutun batekin (Sarrionandia); Ikusleen kontzientzia lozorrotuarekin hasi, eta begira non bukatu dugun (Linazasoro). Beste galde hitz batzuk ere erabil daitezke: Begira nondik nora h nazkagarri honek baduen zenbait indar (Mitxelena).

Beste adibide hauetan, berriz, egiazko modu adberbio balioa du nolak eta, beraz, zehar-galderak dira mendeko perpausak (ez adierazpenezkoak): Ez dut gogoratzen nola zuen izena hirugarrenak (Hernandez Abaitua); Ez dut gogoratzen nola etorri naizen (M. Etxebarria). Dena den, ez da beti hain erraza garbi bereiztea noiz den zehar-galdera eta noiz adierazpen perpaus: Ikusiko duzu nola etorriko den Mikel goizeko ordubietan. Perpaus hau bi eratara uler daiteke: zehar- galderatzat har daiteke (‘ikusiko duzu nolako itxurarekin etorrik den’), baina baita adierazpenezkotzat ere (‘ikusiko duzu, etorriko da, bai’). Ahozkoan intonazioa izaten da bi irakurketen arteko bereizgarri. Adierazpenezkoetan eten labur bat egin daiteke elementu iragarlearen ondoan, hau aditzetik bereiziz eta “galdegaia” beste bat dela adieraziz. Horretaz gain, bai ahozkoan eta bai idatzian, adierazpenezkoetan aditza elementu iragarletik urrundurik ere eman daiteke, zehar-galderetan baino errazago. Egitura hori dute goraxeago eman ditugun adibide batek baino gehiagok. Horrelakoak dira beste hauek ere: Ikusiko duzu nola Mikel ordubietan etorriko den; Ikusiko duzu nola Mireni dirua ekartzea ahaztuko zaion; Hona non denak elkarrekin abiatu ziren. Eta, azkenik, galdegai guneko ba- baiezkoa ere eraman dezakete adierazpenekoek, adizkia sintetikoa denean, zehar-galderek ez bezala: Horra non Mikelek baduen autoa erosteko adina diru / *Ez dakit non baduen Mikelek dirua.

30.6.2.5. Bait- menderagailua duten adierazpen perpaus osagarri jokatuak

30.6.2.5a Iparraldeko euskaran, perpaus osagarriak gertakari edo egoera bat adierazten duenean, bait- ere erabili izan da menderagailu gisa. Gertatu, heldu, gutitarik egin, horrelakoak dira, bait- menderagailua onartzen dutenak: Gertatzen da enplegatzen baitira bitartekoak ongien egiteko (Axular); Egia soberatua! ene semea [ateratzaileek erro nagusia dainatzen dutela]; eta hortarik heldu da landare hainitz hiltzen baita (Duvoisin); Gutitarik egin omen du ez baita deus erori (Hiriart-Urruti).

Gertakari edo egoera baten aurreko jarrera subjektiboa adierazten duten aditzek edo lokuzioek ere gobernatzen dituzte bait- perpaus osagarriak: domaia izan, harrigarri izan, handi izan, bizi izan, eta abarrek. Domaia da zonbait pilota galdu baitute bi gazte bipil hauek (Herria); Harrigarria da ez baituzu holakorik sekula ikusi; Handia da ez baita eskolarat agertu (Lafitte). Baina gobernatzailea esan, uste izan edo egia izan bezalako predikatua bada, ezinezkoa da bait- horrela erabiltzea: *uste dut / esan didate / egia da [bakarrik etorriko baita].

30.6.2.5b Batzuetan bait- perpausa aurretik agertzen den aurrekari batekin erabili da: Hunek ninduen errabiarazten, den gauzarik argiena ukatuko baitzautzun (Lafitte). Adibide horretan, kataforikoa da hunek erakuslea; ondotik datorren bait- perpausak ematen dio bere esanahia (-(e)la perpausetan ager daitezke horrelako aurrekariak § 30.6.2.1i). Bait- perpausaren erabilera hori aurkituko dugu, halaber, zenbait esapidetan —damurik, beharrik…— hiztunak damua, poza edo haserrea adierazten duenean: Eta, damurik ez baitiote beste hoinbeste eginen zure ilobari eta Olhaibiri, beste bi kontseilari usteleri! (Larzabal); Damurik, hola konkortua baitzira (Lafitte); Beharrik han bainuen ama (J. Etxepare).

30.6.2.6. -(e)larekin edo beste menderagailu batekin egin daitezkeen adierazpen perpaus osagarri jokatuak

30.6.2.6a Adierazpen perpaus osagarri jokatuak aztertzean ikusi dugu euskalki batzuek -(e)la menderagailua baliatzen dutenean, beste euskalki batzuek -(e)na darabiltela (§ 30.6.2.2) edo -(e)nik30.6.2.3). Bitasun bera gertatzen da -(e)la eta -(e)n menderagailuekin ere goraxeago ikusi bezala: uste izan predikatuak, esate baterako, -(e)la osagarria hartzen du mendebaldean eta -(e)n, zenbaitetan, ekialdean. Eskerrak predikatuak ere -(e)la zein -(e)n goberna ditzake (§ 30.6.2.4a). Damurik adizlagunaren osagarria ere -(e)la edo bait- menderagailuekin nahiz menderagailurik gabe joan daiteke (§ 30.6.2.4a, § 30.6.2.5): Damurik ez da zilegi (Monho).

30.6.2.6b Beldur izan predikatua ere -(e)la zein -(e)n osagarriekin ager daiteke: Beldur izatekoa da horien azken ordua zaila izango dela (J. M. Lekuona); Beldur nauk […] Jainkoa galduko dudan (Gazteluzar). Nola ulertu behar da, ordea, azken adibide hau? Pentsa daiteke beldur izan predikatuak hor zehar- galdera gobernatzen duela. Izan ere maiz agertzen dira zehar-galderak beldur izan predikatuarekin, ote partikulak lagundurik: Beldur izatekoa da ez ote duen jakinen orain arte jokatu duen paper horretatik urrutiratzen (Berria).

Azken batean, predikatu jakin batek ez bakarrik goberna ditzake menderagailu mota bat edo bestea hartzen duten adierazpen perpaus osagarri jokatuak. Baita, hemendik aurrera ikusiko dugun bezala, adierazpen perpaus osagarri jokatugabeak ere, edo beste mota bateko osagarriak (horiek ere jokatuak zein jokatugabeak): -(e)la / -tzea + erabaki (trenez joango dela / trenez joatea erabaki du); -(e)la / subjuntiboa / -tzeko + esan (postrea nik eramango dudala / postrea eraman dezala / eramateko esan diot); -(e)la / -tzen / partizipio burutua + jakin (badaki ez dela garaiz iritsiko / garaiz iristen / nola iritsi). Jakina, ‘osagarri-gobernatzaile’ egitura bakoitzak izango ditu bere adiera eta ñabardura semantikoak.

30.6.3. Aditzaren mendeko adierazpen perpaus osagarri jokatugabeak

Ondoren aztertuko ditugun perpaus osagarri jokatugabe gehienek -tze atzizkia oinarri duen formaren bat hartzen dute: -tzea, -tzerik, -tzeaz, -tzetik, -tzearekin, -tzen, -tzera… Baina, aurrekoen maiztasunik izan ez arren, badira partizipio burutua oinarri duten osagarri jokatugabeak ere: -tua, -tuaz, -tu izana(z), -tuarekin… Azken hauen adibide dira: Gero zuzendariak halako presa izatea ez zetorren bat bilera atzeratu izanarekin; Gaixorik egon (izan)ak dakar ondorio hori; Damu du horrenbeste denbora galdu (izan)a; Damu da horrenbeste denbora galdu (izan)az.

Aldi berean, beste bi sailetan bana daitezke -tze oinarri duten osagarri jokatugabeak. Batetik, -tzea forma mugatzaileduna oinarri dutenak (-tzea, eta dagokion partitibodun -tzerik, -tzeak, -tzeaz, -tzearekin eta abar). Bestetik, artikulurik gabeak, -tzen eta -tzera. Banan-banan aztertuko ditugu ondoren horiek guztiak.

30.6.3.1. -tze(a) eta -tzerik perpaus osagarriak

30.6.3.1.1. -tzea perpaus osagarriak

30.6.3.1.1a Formari dagokionez, hemen aztergai dugun -tze atzizkia aditz izenei dagokiena da, baina bada beste egitura bat forma bereko -t(z)e atzizkiaz baliatzen dena (§ 25.3): literatura ikusgarriro loratzea / literaturaren loratze ikusgarria. Bi adibide horietako lehenak darama aditz izena eta aditz joskera (§ 11.5c); bigarrenak, ostera, -tze atzizkidun izena eta izen sintagmaren joskera (izenlaguna + izena + adjektiboa). Bigarren adibideko loratze, loraldi izenaren sinonimotzat har daiteke erraz asko.

Dena den, -tze perpausek har ditzakete izenen zenbait ezaugarri. Batik bat, -(r)en genitiboa ager daiteke aditz izenarekin ere, batez ere Iparraldeko erabileran: Zer da bekhatuen kofesatzea, zauriaren edo handitsuaren lehertzea baizen? Eta zer egiten dugu bekhatuaren kofesatzeaz, barrenean estalirik zegoen gaitzaren, eta eritasunaren agertzea baizen? (Axular). Axularren adibide horietako genitiboak —konfesatze, lehertze eta agertze— aditz izenen objektuei dagozkie.

Beste adibide hauetan, ostera, subjektutzat hartu beharko genituzke, hurrenez hurren, Jakesen eta kukuen genitiboak: Jakesen berriz etortzeak ditu denak nahasi (Dirassar); Kukuen kantatzean, euri eta eguzki. Subjektu intrantsitiboa genitiboan emanik duten adibide gehiago aurki daitezke Padillaren (2013) lanean, guztiak ere Iparraldeko testu zaharretakoak.

Iparraldeko genitiboak ez du eragozten aditz izenaren perpaustasuna gainerako osagaiek (berriz aipatu berri dugun adibidean, esaterako) erakusten duten bezala. Dena den adibide horiek bi irakurketa onartzen dituzte: kukuen [kantatze] / [kukuen kantatze]; Jakesen [berriz etortze] / [Jakesen berriz etortze]. Bi aukera hauetatik lehenean, -tze perpausetik kanpo geratzen da genitiboa; bigarrenean, aldiz, -tze perpausaren barruan. Genitiboa gehienetan -tze perpausaren hasieran ageri da, horregatik dago aukera bi irakurketak egiteko. Inoiz behin, hala ere, -tze perpausaren barruan ikus dezakegu subjektuari dagokion genitiboa testu zaharretan: Madama, hori duçula / ene ocasionia / eta Angletarretic houna / ene jiteco eguitekoua. (Jean de Paris, 263). Adibide horretan “Ingalaterratik hona ni / nire jite” dugu, ni / nire galdegaiari dagokion aditzaren ezkerreko posizioan ageri dela.

Genitiboaz gain izen sintagmen beste ezaugarri batzuk hartzeko aukera ere badute -tze perpausek, singularreko erakusleak bereziki: Ez zaik iruditzen berorika hitz egite hori… gu bezalako bi libertariorentzat… (I. Mujika); Ezkondu arte, dena pekatu bai zan, izkutuka ibiltze arek, neurriak galdu ezta ere, ba’zuan bere xaltxa (Etxaniz); Bada ala zuk eta nik ere, denboraren galtze hunetzaz, probetxu gabe iragaitera uzteaz, kontu hertsia eman beharko baitiogu Iainkoari (Axular). Izenlaguna eta erakuslea ere har ditzake: Horra zure bekatua: betiko sobera berant ibiltze hori, hain justu (Montoia); Zer ez dio erranen haren bihotzari zuen ixilik egote horrek (J. P. Arbelbide). Askoz zailagoa da zenbatzaileak, pluralak edo adjektiboak agertzea (alde batera uzten badugu kuantifikazioarekin loturiko huts): Itxaropena galtze bat, noski (Villasante); Begira, zure alaba orri utzi ote diotzkatzun onestidadeaz kanpora diran apaindurak, ezkutariakin egoteak, suerte on bat izan dezan (Agirre Asteasukoa); Zeren aieru hek, itzal gaizka ibiltze hek, baitira frogantzarik asko, gogan behar arazitzeko (Axular); Gogorrena: beti arineketan eta presaka ibiltze itogarria (Montoia); Ta au zure lanak Jaunari, Jaun beraren onra, ta gloriarako, Jesu-Kristoren merezimentuakin batean eskeintze utsarekin (Agirre Asteasukoa).

Izen-joskera hau badagokie -tzea oinarri duten gainerakoei ere (-tzeak, -tzeari, -tzeaz…); baina ez forma finkoa duten -tzen, -tzera eta -tzeko osagarriei.

30.6.3.1.1b -tzea perpausak dira perpaus osagarri jokatugabeen artetik erabilienak, batez ere -tzea horri atzizkiren bat gehituz eratzen direnekin alderaturik. Ez da harritzekoa, azken batean, ia perpaus guztietan ageri baita absolutiboa, eta zer edo nor sintagmaren lekua hartzen baitu -tzea perpausak. Gainera, -tzea absolutiboa da baliokide jokatuak dituen bakarra: -(e)la nahiz bait- adierazpen perpaus osagarriak eta subjuntibozkoak (-tzekok ere baditu baliokide subjuntibozkoak, aurrerago ikusiko dugun bezala, § 30.7.2.1). Nolanahi ere, hemen bereziki adierazpen perpaus osagarrien balioko -tzea aztertuko dugu eta bere lekuan ondoan subjuntiboko osagarri jokatua duena (§ 30.7.2.2).

Zenbait testuingurutan -tzea perpausa beste perpaus osagarri jokatugabe batzuekin konbina daiteke: Arma-saltzaile izatea ez da ongi ezkontzen bakezale izatearekin; Oraingo gudu hau galtzeak, nik uste, gerra galtzea ekarriko luke; Damu izatea ez duzu aski egindako okerrak ahazteko. Bi -tzea perpaus ere konbina daitezke, batek predikatu osagarriaren lekua harturik: Isilik geratzea, batzuetan, ozen mintzatzea izan daiteke. -tzea bakarra dugunean, askotan predikatu osagarriarena da testuingururik emankorrenetakoa: Arrosak ureztatzea izan zen egin zuen azkeneko gauza.

30.6.3.1.1c Predikatu gobernatzaileak eta kontrola. Oro har, adierazpen perpausak gobernatzen dituzten predikatuak aurkituko ditugu hemen ere. Predikatu horietatik batzuek ez dute kontrolik ezartzen: adostu, akordatu/hitzartu, alboratu/baztertu, alegatu, amestu, arbuiatu, atzeratu/gibelatu, aukeratu/hautatu, barkatu (du/dio), deitoratu, deliberatu, eskertu, espero izan, ezkondu/uztartu, helburu/jomuga/xede izan, kostatu, lortu, lotsatu, saihestu, salatu, zerikusia izan, ikustekorik ez izan, ziurtatu/bermatu

Hona adibide batzuk: Aski da giltzari eragin eta azeleragailua zanpatzea (K. Zabala); Gutxi da berorren panpinari pilotakada bat jotzea (Biguri); Joanikotekin hitzartua nuen tratuaren betetzea eta haren aitzinatzea (Irigoien); Arauek ekonomian hain garrantzitsua den bateratasuna eta trukagarritasuna lortzea dute helburu (Heras); Azkenean lortu nuen hitza kentzea (Saizarbitoria); Han posta-zerbitzua ona izatea espero dut (Olano).

Predikatu hauetatik batek baino gehiagok osagarriak adierazten duen ekintza edo gertaeraren aurretiko interpretazioa onartzen dute. Hortaz, -tzea osagarriaren ordez, partizipio burutua -tua / -tu izana ere erraz aurki dezakegu (§ 25.2.4b). Horrelakoak dira axola izan (zaio), damutu (zaio), deitoratu, eskertu, gaitzetsi, goraipatu/laudatu/goretsi, alegatu, atsekabe izan (zaio), ontzat/bidezkotzat jo eta abar. Predikatu horietako batzuek hiztunaren iritzi- jarrera edo gogo-jarrera adierazi arren, aurretiko interpretazio horrek ezinezko egiten du ondoan subjuntiboko osagarri jokatua izatea, subjuntiboak berez burutu gabeko gertaera adierazten baitu.

Beste predikatu gobernatzaile hauek, ostera, kontrola behartzen dute. Honako hauek dira aurki ditzakegun aukerak:

ERABAKI, ebatzi, pentsatu, baztertu (= ez egitea erabaki)

Kontrola subjektuak

Erabaki predikatuaren adiera arruntak (subjektu adimenduna eskatzen duenak)244 nahitaez agintzen du kontrolatua izatea osagarriaren subjektua; alegia, osagarriak adierazten duen gertakariaren subjektua erabakitzailea bera izatea: Lana uztea erabaki dut [nik erabaki, nik/*zuk/*hark utzi].

AHANTZI/AHAZTU du/zaio

Kontrola subjektuak / kontrola datiboak

Mota honetakoak dira ondorengo adibideak: Ahantzi/ahaztu du botila ixtea; Ahantzi/ahaztu zaio agiria ekartzea. Predikatu horrek -tzea perpausekin antolatzen duen esaldia honela parafrasea daiteke: ‘zerbait egin behar zuen, eta ez du egin’.

Joko bera dute beste hauek ere, hau da, datiboaren edo subjektuaren kontrola: erraz/zail(a) izan, (begitandu) zaio/du. Zaila begitandu zaio minik hartu gabe jauzi egitea (P. Lizarralde); Askoz errazago izango du olibondotik sortutakoak beren berezko olibondoan txertatzea (Elizen arteko Biblia). Baita oroitu, gogoratu ere: Halako batean gogoratu zaio lan horri ekitea.

DAMUTU zaio, damu izan

Kontrola datiboak / kontrola subjektuak

Aurreko egituraren eskema semantiko bera dugu: ‘zerbait egin du, eta ez egitea hobe zuela deritzo’. Baina, kasu honetan, osagarriaren zentzua atzera begirakoa da. Dena delakoa gertatu ondorengoa da damua; gero datorren zerbait. Horregatik, testuinguru egokia da aldaera burutua agertzeko: Damutuko zaio hain joko zikina erabiltzea/erabilia; Damu dut orain orduan gehiago saiatu ez izana.

BARKATU du/dio

Kontrolik ez / kontrola datiboak

Predikatu honekin ere, osagarriak adierazten duen gertakaria aurretikotzat irudikatzen da, eta horregatik da testuinguru egokia aldaera burutuarentzat: Barkatuko ahal didazu hain berandu agertzea / agertu izana. Datiboa agertzen bada, kontrola ezartzen du, eta hori da ohikoena. Bestela ez, halako adierazpen generiko bat-edo egiten baita: Inork ez luke barkatuko berarekin horrela portatzea.

AURPEGIRATU/LEPORATU dio

Kontrola datiboak

Beste molde honetan dio motako laguntzailea hartzen duten predikatuak ditugu. ‘Zerbaiten erantzukizuna egotzi norbaiti, erantzukizuna norbait horri aurpegira/lepora bota’ adierako predikatu horiek datiboaren kontrola ezartzen dute. Merkatu beltzean trukean ibiltzea leporatu zioten (Urrutikoetxea).

BALITEKE, litekeena da

Kontrolik ez

Forma finko horiek izan / gerta liteke(ena da) balioko predikatuak dira, -tzea perpausak gobernatzen dituztenak. Balio modala dute halako esaldiek: Litekeena da / baliteke ekitaldia gehiago luzatzea. Horren baliokideak dira beste esaldi hauek ere: Ekitaldia gehiago luza daiteke (beharbada); Beharbada, gehiago luzatuko da ekitaldia.

30.6.3.1.2. Ezin izan + -tzea (ezin egin izatea)

Hori da -tzea perpausekin ezintasuna adierazteko tradizioko moldea: ezin + dagokion aditzaren partizipio burutua + izatea. Baina gainera beste gauza hura ere bazegoen —hari egia ezin esan izatea (An. Garikano); Zer daki zer den [] sei hilabetez senidea ezin ikusi izatea (Urain). Azken urteetan ordea, beste molde bat nagusitu da: Ezin + -tzea. Lasaigarri bakarra dauka: aitak ezin ikustea egoera honetan (Urrutikoetxea); Hark kanpotik ezin ikustea neure baitan zer nolako aldaketak gertatzen ari diren (Zubizarreta); Orduan heriotza zen zu protagonista bihurtzea eta jendeak zutaz gauza txarrik ezin esatea (Urrutikoetxea); Zorigaitz osoa eta perfektua, ordea, ez da besterik, Jainkoa ezin ikustea, ezin maitatzea eta ezin gozatzea baizik, sentsuen betiko gaztigua pairatuz beste gaitz mota guztiekin (Azpilkueta eta Xarriton); Askotan gertatzen zitzaion zerbait kontatu beharra zuenean nondik hasi ezin asmatzea (Saizarbitoria).

30.6.3.1.3. -tzerik perpaus osagarriak

Gorago (§ 30.6.2.3) -(e)la/-(e)nik perpaus osagarri jokatuen arteko bereizkuntzaz esan duguna errepika dezakegu hemen ere -tzea/-tzerik banaketaz (hau da, -tze + artikulua / -tze + partitiboa). Laburbilduz:

a) Predikatu gobernatzaile askok ez dute aukerarik ematen -tzerik perpausik hartzeko. Besteak beste, erreakzio, jarrera zein iritziak adierazten dituzten predikatuak, gertakari espezifiko bati erantzuten dioten neurrian, ez dira ondo ezkontzen partitiboak duen zentzu inespezifikoarekin.

b) Aukera hori baduten predikatuekin, Hegoaldekoa baino ez da partitiboaren erabilera (eta Hegoaldean ere, orain dela bi mendetik honakoa).

c) Ezezko perpausek gobernaturiko osagarriei bakarrik dagokie partitibozko aldaera.

d) Partitiboa ezin da erabili osagarriak adierazten duen gertakaria gauzatutzat edo baieztatutzat jotzen denean; halakoetan, ezezko perpausak adierazten duen ukapenak ez dio-eta eragiten osagarriari.

Forma baten eta bestearen ordainari erreparatzen badiogu, hori espezifikoa da -tzea perpausari dagokiona. Halakorik inespezifikoa, ostera, -tzerik perpausarena. Ez zaio damutu/ahantzi/iruditu hori/*halakorik; Nik ez dut erabaki/espero hori/halakorik; Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik (Elizen arteko Biblia); Ez nuke inolaz ere hitanozkoa galtzerik nahi: are gutiago, halaz guztiz, hitanozkoa ez dena (Mitxelena); Dama atsegina konturatu zen oraindik ez zuela lortu inolako xehetasunik jakiterik bere adiskide minak eginiko aurkikuntzaz (Morales); Ahotsa apaldu eta misterioz hitz egiten zuen, beste inork entzuterik nahi ez zukeen sekreturen bat esaten ari balitzaigu bezala (Aldasoro). Baina osagarriaren proposizioa ukapenetik kanpo geratzen denean, ez dago aukerarik -tzerik erabiltzeko: Ez nuen espero zuek etortzea / #etortzerik [etorri zineten, eta nik ez nuen hori espero].

Maiztasun handikoa da -tzerik honako esamolde hauetan: ez + izan/egon/ukan/eduki + -tzerik (ez dago esaterik, ez dago jakiterik, ez dago sinisterik…). Sentitzen zuela etortzerik ez izatea (Olarra); Ez zegoela sinisterik baina fardelez erratu zela (Landa); Hiru ezteneko koilarea jarri diote, etzaterik izan ez dezan (An. Garikano); Ahotsa kenduta baitzegoen, ez zuten telefonozko elkarrizketa entzuterik izan (Cano).

-tzerik perpausak, batez ere aipatu berri dugun esamoldeetan agertzen denak, har dezake beste perpaus osagarri bat. Adierazpen perpausa denean, -la/-nik jokoa aurkituko dugu berriro ere: Beraz, ez zegoen esaterik emakume hura gezurretan ari zenik (Saizarbitoria); Ez zegoen ukatzerik postalaren testua dotorea zela, ez zuela hitz bat gehitzea ametitzen (Saizarbitoria); Arlo batzuetan arazo larriak dituztela ukatzerik ez dagoen arren (Olarra).

30.6.3.2. [-tzea + atzizkia] perpaus osagarriak

30.6.3.2.1. Sarrera

Ondoren ikusiko ditugun -tzen, -tzera edo -tzeko perpaus osagarriak ez bezala (mugatzailerik gabeko forma finkoak baitira), hemen aztertuko ditugunak determinatzailedunak dira: -tzetik (azalean mugatzailerik ez duena, etxetik postposizio sintagman bezalaxe), -tzean, -tzearekin/-tzeagaz, -tzeaz, -tzeari, -tzeak.

Joskerari dagokionez, bi ezaugarrik bereizten ditu determinatzailedun perpausok determinatzaile gabekoetatik: a) badute nolabaiteko izen-joskera aldagarria, oso murritza izanik ere: isilik egote (temati) hori; aurreko puntuan jardun dugu horretaz (bai eta beste berezitasun aipagarri batzuez ere, hala nola perpaus jokatuekiko erlazioaz edo -tzerik aldaeraz); eta b) badute aditz izenezkoaren aldaera burutu markatu bat, partizipiozkoa: isilik egon izana [egona], aurrerago aztertuko duguna (§ 30.6.3.6).

Dagokion postposizio sintagmak hartzen duen lekuaren parekoa beteko du sintaxian ondoren aztertuko dugun perpaus jokatugabe horietako bakoitzak. Horregatik ez dira berdinak testuinguru semantikoak eta, neurri batean, predikatu gobernatzaileak. Hau da, etorri edo erori predikatuek onartzen dute nondik postposizio sintagma, baina ez aberastu aditzak; molde berean -TZETIK ETORRI/ERORI, baina + -TZETIK ABERASTU: etxetik etorri / zaldi gainetik erori / *etxetik aberastu; laguna bisitatzetik etorri / *erori / *aberastu.

30.6.3.2.2. -tzetik perpaus osagarriak (eta -tzetik -tzera)

Halako perpausek adierazten duten nozioa, leku edo denborazko kokapen bat izan beharrean (nondik/noiztik), gertakari bat da (zertatik): Kalte handiak ohi datoz diru-jokotik / Kalte handiak etorri zaizkio dirua jokatzetik.

30.6.3.2.2a Predikatu gobernatzaileak, jatorriaren nozio horrekin loturikoak izan ohi dira. Zehazki, ‘kausazko zentzua’ dute honako predikatu hauek: deduzitu, eratorri, etekina/fruitua/zukua atera, etorri, heldu, lortu, ondorioztatu, (ondorioa) atera, pasatu, segitu, sortuJokozaletasunetik, azkenean, hondamendia etorri zaio; Eta abstinentziatik, neurriz bizitzetik, sabel-ederretako izaitetik, eta pairatzetik heldu da debozionea eta saindutasuna (Axular).

Predikatu gobernatzailearen subjektua gertakari bat ere izan daiteke, eta, beraz, beste osagarri bat aurkitu dezakegu subjektu funtzioan: Pokerrean zaletzetik, azkenean, diru guztia galtzea etorri zaio. Adibide honetan ikus dezakegun kausa-ondorio erlazio bertsua aurkitu dezakegu beste esamolde batzuetan ere: Norbaitek orain zauden atakatik ateratzetik pasatzen da zure etorkizuna. Pasatu gobernatzaile duen adibide honetan iradokitzen da ataka horretatik ez ateratzeak etorkizuna zailtzea izango lukeela ondorio. Aurreko adibidean, ostera, ‘pokerrean zaletzeak’ izan du ondorio subjektuak adierazten duena, ‘diru guztia galtzea’, alegia.

Subjektua ondoriotzat hartzerik ez badago, berriz, kausarekin zerikusirik ez duen zertatik adiera izango dugu, nahiz predikatua aurrekoen berdina izan; esaterako, etorri adibide honetan: Hortxe dator osaba haurrak eskolara eramatetik.

30.6.3.2.2b Badira beste predikatu batzuk kausazko zentzua onartzen ez dutenak: abiatu, alboratu, aldaratu, aldendu, askatu, atzeratu/gibelatu, babestu, begiratu, desbideratu, desenkusatu, gerizatu, gorde, ihes egin, itzuli, libratu, libre izan/egon, salbatu, salbuetsi, urrundu (urrun egon). Mota horretako predikatuak ditugu ondorengo adibideetan: Amaia bisitatzetik itzuli zenean, triste ageri zen; Libra gaitezela gerrara eta are soldaduskara joatetik; Bosgarrena: etzabiltzala Jainkoaren itza enzutetik, errosario, bezpera, ta Sakramentuetatik igesi (Agirre Asteasukoa); Inoren beijaren, idijaren edo artuaren desiuari bijotzian leku emon deutsana ez dago urrin, era seguruba ta ixilla eduki ezkero, ardija edo bildotsa, idija edo astua ostuteti (Frai Bartolome); Uste badu gaitz hori saihets dezakeela hausnartzen zuen kaltea ez eginez gorroto duenari, orduan, kalte egitetik begiratu nahiko du (Xarriton); Finean, gero…, salbuetsiko nauzu gainerakoa erratetik; baina atsekabetan nago nehor egon litekeen bezainbat (Jon Muñoz).

30.6.3.2.2c Bai kausa kutsuko osagarrien eta bai bestelakoen predikatu gobernatzaileetatik askok da zein du jokoa onartzen dute: atera, babestu, libratu, salbatuEtekin handia ateratzen dute zakarrontzietako gauzak birziklatzetik; Horrek ez zaitu babestuko jendeak zutaz susmo txarra egitetik.

30.6.3.2.2d Erreferentziakidetasun jokoei dagokienez, -tzetik perpaus gehienak ez dira kontrolatuak; adibideak ikustea baino ez dago. Ohikoena, jokatugabe guztietan bezala, erreferentziakidetasunen bat gertatzea da, baina ez, oro har, kontrola. Oso maiz aurkituko dugu adiera generikoa ere: Gauzak astiro ez pentsatzetik etor daiteke gero luzaro penatzea.

Hala ere, predikatu jakin batzuekin badago kontrola: Haurra izatetik hil zen ama; Kalean txirula jo eta txanponak eskatzetik bizi/mantentzen da; Israeldar gudariak, sarraskia egitetik itzultzean, kanpalekuan gelditu zenaz jabetu ziren (Elizen arteko Biblia). Subjektuaren kontrola ezartzen dute beste predikatu hauek ere: askatu/libratu (da), atertu, begiratu (da). Milango nor libratzen da bere bikotekidearekin eztabaida sutsu bat izatetik? (Lertxundi); Bestalde, eguneroko solasetan gizakien bizioak aipatzetik begiratuko da (Xarriton).

30.6.3.2.2e Kapitulu honen hasieran ‘osagarri jokatugabe + gobernatzaile’ itxura duten, baina egiaz aspektu-perifrasi baino ez direnez esana kontuan hartuta (§ 30.1.2.3c) -tzetik gelditu egitura aspektu-perifrasitzat hartzekoa dateke prozesu baten amaiera adierazten baitu gelditu aditzak; -tzeari utzi luke sinonimo hurbila: Zerua higitzetik geldituren da (Etxeberri Ziburukoa). Adieraz oso antzekoa denez, inoiz bukaturen joskerara asimilatzen da: Hilabetean gutxienean / ez dira jaten (= jatetik) gelditzen (A. P. Iturriaga). Perifrasi hauetan badago kontrola: Arratsalde guztian ez da gelditu astakeriak esatetik; Gizona, ahamenik galdu gabe, ez zen athertzen xehetasun emaitetik (Lafitte).

30.6.3.2.2f -tzetik -tzera jokoa. Bi predikatu motarekin agertzen da osagarri horiek elkartuz osaturiko joskera:

a) ALDE/BIDE HANDIA (IZAN/EGON). A dago mutur batean, B bestean, eta bien arteko desberdintasuna nabarmentzen da: Ez nuen uste hain handia zenik aldea ezkontzetik ezkonduta bizitzera; Gauza txarra nai izateti, egitera, bide andija dago (Frai Bartolome).

b) ETORRI, behartu/bortxatu, bideratu, ekarri, igaro/iragan/pasatu, lerratu, makurtu… A abiapuntuan, B amaieran, eta aldaketaren ibilbidea adierazten da: Bera jaun eta jabe izatetik besteen agindupean egotera behartu dute; Ordea halarik ere, etzuen nahi Iainkoak, han zegoena, zegoen geldirik: ez trabaillatzetik alfertzera, eta nagitzera ethor etzedin, eta zein gauza gaixtoa zen, eta den alferkeria, aditzera emaiteagatik (Axular); Urtxipiaren enpresa informazio hutsa saltzetik informazio horri bertzelako etekina ateratzera lerratzen hasi zenean (Epaltza).

Bigarren mota horretan, lehen motan ez bezala, ez da nahitaezkoa -tzetik perpausa agertzea: *Ezin da ukatu badela aldea [egia ez esatetik] gezurra esatera; [Bera jaun eta jabe izatetik] besteen agindupean egotera behartu dute. Aldiz, -tzetik perpausa ezin liteke agertu -tzera perpausik gabe halako predikatuekin: *Bera jaun eta jabe izatetik [besteen agindupean egotera] behartu dute. Beraz, esan daiteke -tzera perpausen hedatze-aukera bat dugula -tzetik perpausa ere agertzea: zertara helmugarekin batera, zertatik abiaburua ere aipatzen da. Bestalde, bigarren moldeko horietan, kontrola dugu sistematikoki, -tzera perpausei dagokien bezala (§ 30.6.3.4).

30.6.3.2.3. -tzean perpaus osagarriak

Forma horretako perpaus jokatugabeak denborazko balio izaten dute gehienetan (noiz). Beste hitz batzuetan esanda, ez dira ohikoak -tzean formako perpaus osagarriak, zertan adierakoak.

Predikatu gobernatzaileak hiru sailetan bana ditzakegu:

1. OINARRITU, bermea izan, bermatu, funtsatu, oinarria izan/hartu, oinarritu, sustengatu… Erreferentziakidetasuna nagusitu ohi den arren, ez da kontrolik halakoetan: Ikasleekin pazientzia ez galtzean oinarritzen da irakaslearen arrakasta; Halako osagaiak hain moldakorrak izatean du oinarria berrikuntza horrek. Etzan aditzaren hirugarren pertsona singularreko forma sintetikoak ere sail honetakoak dira: Ongi bizitzean datza kontua/auzia/gakoa.

2. FIDATU, bihotza/esperantza/gogoa/itxaropena… eduki / etorkizuna ikusi/izan-ukan/jarriLoteriarekin aberastean fidaturik bizi zen; Esperantza guztia jarria daukat egunen batean bakean bizitzean; Ez dut etorkizunik ikusten besterik gabe lehengo sistemara itzultzean.

3. ABANTAILA/MEREZIMENDU/ONURA/ZAILTASUN… AURKITU/EGON/IKUSI/IZAN… Ez dut onurarik/abantailarik ikusten horrela gaixorik egonda luzaro bizitzean; Ongi bizitzen asmatzean dago koska/zailtasuna; Eta alaia izatean bazuen meriturik, herrena baitzen (Garate).

Beste predikatu batzuk ere aurki ditzakegu, jarduerazkoak ez diren zertan argumentuak ager daitezkeen testuinguruetan: gutxiago izan, bat etorriZertan izan zarete beste eliz elkarteak baino gutxiago, nik zuen kontura bizi nahi ez izatean baizik? (Elizen arteko Biblia); Gauza hau, berez, nabarmen da: izan ere, erraten duenak zuria eta beltza bat datozela, soilki, ez bata ez bestea gorria ez izatean absolutuki baieztatzen du zuria eta beltza ez datozela deusetan bat (Xarriton).

30.6.3.2.4. -tzearekin/-tzeagaz perpaus osagarriak

30.6.3.2.4a Jakina da -(re)kin eta -gaz postposizio atzizkiek aski esanahi desberdinak har ditzaketela; beste horrenbeste gertatzen zaie -tzearekin zein -tzeagaz perpaus osagarriei ere. Esan beharrik ez da soziatiboak adierazten duen elkartze hori gauza abstraktuen elkartzea izango dela perpaus osagarrien kasuan: Lide Aitorrekin ezkondu; Merke erostea kalitatea zaintzearekin ezkondu. Adibide horretako zer-zerekin eskema berekoak dira halako osagarria hartzen duten beste zenbait predikatu ere: bateratu, erkatu, kontrajarri, lotu, nahasi, parekatu, uztartuHala etsaiari ere egiten derauzkitzun falten barkhatzea, bera bakarrik bere egitez, gaitz da. Ordea iunta ezazu, hargatik zuri Iainkoak egiten derautzatzunak barkhatzearekin, eta errax idurituko zaitzu (Axular); Alexandrok […] Helesponto zeharkatzea Kolonek […] Atlantikoa zeharkatzearekin parekatzen badugu (I. Mendiguren); Zintzotasuna gizartea eta gizabanakoak diren bezalaxe onartzearekin uztartzen du behin eta berriro (Zapiain).

Eta predikatu batzuek, berriz, areago dira ‘nor/zer zerekin’ eskemakoak: ados/akort/konforme izan/egon, alderatu/erkatu, bat etorri, ezkondu/uztartu, zalantzak/arazoak izan, zerikusia izanTxilintxo ados zegoen kapelan bidaiatzearekin, norbaitek kapela eskuan eramanez gero (Gabiria); Bat nator helburu horrekin, jakin, baina ez euskara jaso hori esparru guzti-guztietara zabaldu nahi izatearekin (Zuazo); Horrek [Jonek horrela jokatzeak] ez du zerikusirik izan guk erabakia hain azkar hartzearekin. Osagarri diren -tzearekin perpausak ez dira kontrolatuak.

30.6.3.2.4b Erabilera batzuetan, -tzearekin osagarria oso hurbil dago moduzkoen sailean sartu ditugun perpaus batzuetatik (§ 40.6b, § 40.11a, b): Egunen batean egoera alderantziz bizitzea gerta zitekeela esan zion Irujok, eta orduan beste hainbeste egitearekin ordainduta sentituko zuela bere burua (I. Mujika). Baina bada konplementazio-erlazioa, mugatua baita halako soziatiboa har dezaketen predikatuen zerrenda: konformatu/kontentatu, aski/nahikoa izan… Adibidez: Pintatzen zituen baserriak zintzo pintatzearekin konformatu egiten zela (J. L. Zabala).

30.6.3.2.4c Instrumentalaren balioa ere har dezake soziatiboak akordatu/gogoratu/oroitu/gomutatu predikatuekin, nahiz behe mailakotzat jotzen diren horrelako egiturak eta ez diren gomendagarri euskara zaindurako. Subjektuaren kontrola ezartzen dute. Ez nintzen akordatu gasa ixtearekin/ixteagaz [= ixteaz / ez zaio akordatu ixtea]. Beste erabilera batean, berriz, -tzeaz baino sinonimo egokiagoa gertatzen da, esate baterako, -tzearen kontuan postposizio askea: Orobatsu gertatzen da «barrukoa» edo «barrualdekoa» izatearekin [= izatearen kontuan]. Alegia, horrekin ari garela, hori harturik hizpide.

-tzearekin forma dute denborazkoen eta moduzkoen artean dabiltzan perpaus batzuek ere, baina ez dira osagarriak, ez dago konplementazio erlaziorik mota horietako perpausetan (ikus 36. eta 40. kapituluak): Eta berri hunekin, hunelako gaztigua, ifernuko sua, gaixtoentzat ordenatua zegoela enzutearekin, hain izitu, eta ikharatu ziren, ezen presenteko guztiak, are ziren gaixtoenak ere, ethorri baitzeitzan galdegitera: Zer eginen dugu bada? (Axular).

30.6.3.2.5. -tzeaz perpaus osagarriak

30.6.3.2.5a -tzeaz perpausek, -tzearekin eta -tzetik perpausek bezala, badute askotan ‘kausa’ zentzua: aberastu burtsan jokatzeaz. Euskalkien araberako banaketa izan ohi dute hiru forma hauek. Sarriago aurkituko dugu -tzeaz kausa baliokoa ekialdeko euskalkietan, mendebaldeko hizkeretan baino: Zer axola dizu, zer irabazi dut bekaturik ez egiteaz (Elizen arteko Biblia); Victoriari ez naizela bidaiari ona azaltzen ahalegindu nintzen, edonora joanda ere ez baitut lortzen bertan egoteaz gozatzea (Saizarbitoria); Ez jeus egiteaz beraz ikhasten da gaizki egiten (Etxeberri Sarakoa). Mendebaldean, aldiz, -tzearekin perpausak baliatuko lirateke: Zer irabazten duzu lagunak haserretzearekin?

Gobernatzailea etorri predikatua edo horren sinonimoren bat denean, -tzeaz izango da ekialdeko forma ohikoa, eta -tzetik mendebaldekoa: Zeren nola herri guztietan ohi baita komunzki zenbait alfer eta iende galdu, eta hek anhitz kalte eta nahasketa egiten baitute, ontasun handia heldu zaika herriari halako heken kentzeaz. Nola lurrari ere heldu baitzaika probetxu iorratzeaz eta belhar gaixtoen atheratzeaz (Axular).

30.6.3.2.5b Aski arruntak dira halako kausa zentzua duten -tzeaz osagarriak: Poz hartzen dut hain jende bizkorra zaretela ikusteaz; Bear dugu ba eskatu ta eskatu beti, ez aspertu eskatzeaz ta ez berantetsi eskatua (Inza).

Bai kausa zentzua dutenak eta bai zentzu erreferentzial hutsa dutenak trukagarri dira absolutiboarekin (eta eragiletasuna tartean denean ergatiboarekin ere bai): Pozten naiz hain jende bizkorra zaretela ikusteaz / Pozgarri zait ikustea hain jende bizkorra zaretela / Pozten nau hain jende bizkorra zaretela ikusteak; Luze mintzatu ziren langabetuen aldeko neurri bereziak hartzeaz / Eztabaidagai erabili zuten langabetuen aldeko neurri bereziak hartzea. Trukagarritasun hori kontuan hartuta, ez da harritzekoa -tzeaz perpausa erabiltzea absolutiboaren lekua beterik dagoenean: Ea ez duzuen ahazten ate-leihoak ondo ixtea / *Ea ez zaren ahazten ate-leihoak ondo ixtea (egiletasunik ez) / Ea ez zareten ahazten ate-leihoak ondo ixteaz; Damu dut / damutu zait latina ikasi gabea izatea / *Damutu naiz latina ikasi gabea izatea / Damutu naiz latina ikasi gabea izateaz; Hauteskundeak aurreratzea aipatu du hitzaldian / *Hauteskundeak aurreratzea aritu da hitzaldian / Hauteskundeak aurreratzeaz aritu da hitzaldian.

Halako joskerara biltzen dira predikatu gobernatzaile asko eta asko: ahantzi/ahaztu, arduratu/kargutu, huts/hogen/bekatu egin, kontu/arta egin, interesatu, mintzatu (eta sinonimoak, jardun eta ari izan barne), oroitu/gogoratu/akordatu, zalantza/duda egin… Hona adibide batzuk: Aitzitik haserretzeaz bezala, ez haserretzeaz ere egin diteke bekhatu (Axular); Laburregi mintzatzeaz ere huts egiten da, zeren halako mintzaira baita eskasa, eta eskergabea (Etxeberri Sarakoa); Eguneroko gauzez ahazten hasi zelako: arrainari ura aldatzeaz, adibidez, edo ogia erosteaz (Zaldua); Arduratuko al zara hura ekartzeaz? (J. Zabaleta).

30.6.3.2.5c Predikatu gobernatzaile askok erreakzio psikologikoa adierazten dute: ahalketu, amorratu, arduratu/axolatu, arranguratu, asaldatu, aspertu/gogaitu, atsegin hartu, atsekabetu (atsekabe izan-ukan/hartu), aztoratu, burlatu/trufatu, damutu (damu izan-ukan / hartu), harritu, harrotu, haserretu, lotsa izan, lotsatu, nazkatu, nekatu, poztu (poz hartu), sumindu, tristatu-tzeaz perpausak erreakzioaren kausa adierazten du (-tzeak ergatiboaren bidez ere eman daiteke kausa): Horrek harritu nau: zuk hain eskuzabal jokatzeak / Horretaz harritu naiz: zuk hain eskuzabal jokatzeaz; Hori/horren ikusteak eta entzuteak erdiratu dit bihotza / Hori/horren ikusteaz eta entzuteaz daukat bihotza erdiraturik.

30.6.3.2.5d -tzeaz perpausak eta aldaera burutua. -tzeaz perpausek duten kausa zentzua dela eta, perpaus osagarriaren adierazia predikatu nagusiarenaren aurretik irudikatzen da denboran eta logikan. Perpaus nagusiak adierazten duenaren kausa da osagarria. Gerta liteke denbora tarte nabarmengarria izatea erreakzioa eragiten/eragin duen gertakaritik erreakzioa gertatu/gertatzen den unera. Eta kontuan harturik -tzeaz perpausa (-tzeak perpausa bezala) ez dela markatua alde horretatik, beste molde batera jo behar da, baldin eta argi utzi nahi bada gertakari eragilea dagoeneko burutua dela. Horretarako, Iparraldean, bait- perpaus jokatua (§ 30.6.2.5) baliatzen da maiz halako predikatuen osagarritzat; hau da, -tzeaz perpausen aldaera burututzat: Harritu naiz hain eskuzabal jokatu baituzu [ez-markatua: jokatzeaz]; Damutu zen diru guztia xahutu baitzuen [ez-markatua: xahutzeaz].

Jokatugabeak ere, ordea, ematen du aukera burututasuna markatzeko euskalki guztietan: Bai ordea damu hartzen dut, iendek ene baithan eztenaren erraiteaz, eta bai batzutan denaren ere agertzeaz eta banatzeaz (Axular); Eta hala badirudi ezen purgatorioetan daudenek, eztutela deusez ere hanbat damu, eta atsekabe izanen, nola denboraren galduaz, gaizki enplegatuaz, eta bere buruen bere borondatez, aphur bat bedere, ez pentsatuaz (Axular); Gero, elkarri bostekoa estutu ondoren, akituak, hitzik aurkitu ezinik, banandu egiten ziren, nor bere argudioak hortzen artean oraindik, batak besteei bere usteak eztarrian ezin hondoratzeaz damu harturik (K. Zabala); Bañan damutu zitzaion prest aski gisa artan jarria (Iztueta).

Dena dela, aldaera burutuak partizipio burutuaren forma hartzen du, baina ez haren esanahi ohikoena. Ondoko adibide bikoteak erakusten du zein den aldea: Pena hartuko dute denbora galduaz [= galdutako denboraz] / Pena hartuko dute denbora(ren) galduaz [= denbora galdu baitute / dutela eta]. Bigarrena, -tzeaz perpausaren aldaera burutu markatua da: Ez dute axolarik denbora(ren) [noiznahi] galtzeaz / Ez dute axolarik denbora(ren) [ordurako] galduaz.

Partizipio burutuaren bi adiera horien arteko nahasbidea saihesteko, bada burutuaren beste forma bat, ‘partizipio burutua + izan’, gaur egungo prosan erabiliena, nahiz tradizioan izan erantsi gabeko moldea izan araua: Ez dute axolarik denbora galdu izanaz; Damutu zen Jauna gizakia egin izanaz (Elizen arteko Biblia); Harro egongo zara, noski, hain luze hitz egin izanaz. Baina, esan bezala, izan gabekoa da tradizio zaharrekoa: Orduan heuregiago izanen zare zure ixil egonaz, solhas luzerik eginaz baino (Pouvreau).

Aldaera burutuaren aukera hori, bestalde, ez da -tzeaz perpausen berezitasuna. Beste moldeetan baino ohikoagoa da, baina, berez, aukerakoa da beste -tzea nahiz [-tzea (+ atzizkia)] perpaus osagarri gehienetan: Gero zuzendariak halako presa izatea ez zetorren bat bilera atzeratu izanarekin; Gaixorik egon izanak dakar ondorio hori; Zer egin bihar dau, gaixki esana entzunagaz pekaturik ez egiteko? (Frai Bartolome); Makal egonak egiten dau ori (Kirikiño).

30.6.3.2.5e Guztira ere, ez dira adibide gehiegi ageri tradizioan, beste aukera batzuk baitaude lehian: -tzeak, -turik/-tuta, bait-, eta, aski arrunt, -tzea soila (-z gabea): Poztutzen naiz zu ezagutzea [+ ezagutu (izan)a] (Izeta).

30.6.3.2.5f Kontrola. -tzeaz perpausak gobernatzen dituzten predikatu askok ez dute kontrolik ezartzen, nahiz erreferentziakidetasuna gerta daitekeen. Beste batzuek, ordea, subjektuaren kontrola ezartzen dute. Mota honetakoak dira ahantzi/ahaztu, oroitu/gomutatu, arduratu/axolatu.

30.6.3.2.6. -tzeari perpaus osagarriak

30.6.3.2.6a Bost sailetan bana daitezke, esanahia kontuan hartuaz, -tzeari osagarrien predikatu gobernatzaile ohikoenak:

a) EKIN, atxiki, egon (Ipar.), eman, eutsi, heldu, jarraitu, lehiatu, lotu, utzi

b) UKO EGIN, baietza/ezetza eman, baietz/ezetz esan, muzin/ihes egin

c) DEITU, esan, izena eman

d) IRITZI, estimu/beldur/gorroto izan, gustua hartu, garrantzia eman

e) Gainerakoak: BEGIRATU, begira egon, zer izan

EKIN eredukoek aspektu-parafrasien tankera dute, ez baitute, erabilera horretan behintzat, eduki lexiko handirik. Horrekin loturik, kontrolatuak ere badira; kontrola subjektuak ezartzen du: Han ekin diozu [*ni/*hura/ZEU] lau hankan ibiltzeari.

Uko/muzin/ihes egin predikatuek ere kontrola ezartzen dute hiztun gehienen erabileran, baina badirudi batzuek ontzat ematen dituztela kontrol zuzenik gabeko esaldiak ere, baldin eta normalean kontrolatzaile denaren ardurapean edo bada osagarriaren subjektua: Uko egin nion haurrak lagunarenean uzteari [kontrolatua], ?Uko egin nion haurrak lagunarenean geratzeari [kontrol formalik ez, baina osagarriaren subjektua, kontrolatua litzatekeenaren ardurapekoa da]; *Haurrak uko egin zion nik hura lagunarenean uzteari.

-tzeari perpausa gobernatzen duten predikatu hauek ez dute kontrolik ezartzen: etekina/fruitua/zukua atera, oztopoa(k)/traba(k) jarri.

30.6.3.2.6b -tzeari perpausetan datiboa ezin izan daiteke kontrolatzailea, perpaus osagarria bera baitoa datiboan. Datiboaren lekua harturik egote horrek badu beste ondorio bat ere: nekez baino ezin da aplikatu aditz arazleen joskera arrunta (§ 23.2.1.2), batez ere lehen sailekoetan (baina ez haietan bakarrik): ???Lau hankan ibiltzeari ekinarazi digu; *Erretzeari utziarazi dio; *Gauez gidatzeari gorroto izanarazi dizu. Erabateko ezinik ez dago, ordea: Kargua hartzeari uko eginarazi zien.

30.6.3.2.6c Predikatu gobernatzaile batzuk joskera bitasuna ageri dute, itxura denez zentzua aldatu gabe (kasu bietan ere kontrola dago): -TZEARI eman (zaio)245 / -TZERA eman (da)246, -TZEARI jarraitu (dio) / -TZEN jarraitu (du). Ez da, bestalde, harritzekoa, aurrerago ikusiko dugunez beste osagarri batzuetan ere ikus daitezkeelako bitasunak (eta hirutasuna ere bai kasuren batean): -TZEN saiatu / -TZERA saiatu / -TZEKO saiatu.

30.6.3.2.6d Ez da oso emankorra -tzeari perpaus osagarrien jokaera, -tzeaz perpausekin alderaturik bederen. Hona gaurko testuetako zenbait adibide: Gainerakoak, horren berri jakitean, beldur izango dira eta horrelako gaiztakeria egiteari uko egingo diote (Elizen arteko Biblia); Inolako aipamena egiteari ihes egin zioten, bestalde (K. Zabala); Hainbat jira eta buelta eman ostean, alferrikakoa iritzi zion lo egiteari (Morillo); Antzina, estimazio omen zioten hurritzezko ibarbasotxoak egiteari (P. Zabala); Argizarizkoa dut bihotza Walserrek bere adiskidetzat hartu nauenetik, eta inoiz ez bezalako zentzua ikusten diot orain lo egiteari (Lertxundi); Hots-bilkura baten ordez beste hots-bilkura ahulago bat egiteari esaten zaio ahultze edo lenitio (Oñederra); Ez hartzea pentsatu zuen, erdi lo baitzegoen, eta egoera hartan gorroto zion hitz egiteari (M. A. Mintegi). Beste hauek, berriz, tradiziokoak dira: Orain, gogo osoz, bere neurriko euskal nobela bat egiteari lotu nahi bazaio, beldurrik gabe egingo nuke hori ere emango digula (Mitxelena); Bainan azkenean jarria zen osoki gurekilakoaren ahalik hobekiena egiteari (Hiriart-Urruti); Itxi daiogun ekatxa zelan amaitu zan esateari (Agirre); Bere eskuz ekin zion landare-zuloak egiteari (Munita); Bada darraiozunean bekatu egiteari, Jangoikoaganik urrinduten zareanean, geienez gaztea zara, sendo, osasundun ta indartsu zagoz (Añibarro); Nola dabilan jakiteari lehiatu gogo naiz, badakialarik arren ez nitakela nehondik hel (J. Etxepare).

30.6.3.2.6e -tzeari utzi/laga egituran egiazko konplementazio erlazioaren ordez, aspektu-perifrasia dugu (§ 30.1.2.3c): Edo edateari eta erretzeari utzi, edo laster hilko haiz (Jimenez); Koadrilako bat, Iñaki, aspaldi ikasteari utzi eta gau-eskoletan euskara-irakasle hasitakoa (X. Mendiguren Elizegi); Ez zion, ordea, negar egiteari utzi kalera irtendakoan ere (Lertxundi).

30.6.3.2.7. -tzeak perpaus osagarriak

30.6.3.2.7a Aurreko sailetan aipatu dugunez, ergatibozko perpausak dira kausa adierazteko moldeetariko bat: Gehiegi erretzeak hondatuko zaitu. Mota honetako predikatu (konplexu) gobernatzaileak aurkituko ditugu adibideetan: aberastu, akuilatu/kitzikatu, alaitu/baretu/gogobete/lasaitu/poztu, aitzinatu/aurreratu, aldatu, altxatu, amorratu, amorrua eman, animatu, apaldu, areagotu, arindu, asaldatu, askatu/libratu, aspertu/gogaitu, atzeratu/gibelatu, aztoratu, beldurtu/estutu/ikaratu/izutu/larritu, berretu, denbora eraman, erotu/zoratu, erraztu/zaildu, galdu, harritu, harrotu, indartu, itundu, kalte/mesede egin, lotsatu, min egin, min/pena eman, nahigabea eman, piztu/suspertu, tristatu, tronpatu, zapuztu… Guztiek behar dute, jakina, du (edo dio) motakoak -tzeak perpausa onartu ahal izateko. Da/du alternantzia duten aditzetan (‘inkoatibo’/‘kausatibo’), ohikoa izaten da -TZEAK harritu, harrotu, aztoratu, lotsatudu / -TZEAZ harritu, harrotu, aztoratu, lotsatu… da30.6.3.2.5c). Hona -tzeak perpausen zenbait adibide: Zuekin ibiltzeak ez dit egin kalte (Uztapide); Bere sor-herri Saran galtzeak baino anitzez min gehiago egin zion haren bihotzari, bere Canbo maitean ez nausitzeak (Hiriart-Urruti); Ollo bat iltzeak naigabea emango zion (Anabitarte); Gauza batek bakarrik ituntzen nau: zazpi illabete oietan zure eskutitz bat bakarrik ez izateak (J. A. Irazusta); Ikaratzen du ikusteak nola zuritzen eta defendatzen duten maitasun kaltegarri hori (J. M. Lekuona); Sartzen den bakoitzean hain txikia izateak harritzen du, jostailuzkoa dirudi, lego edo mekano bat bezalakoa da (Alonso).

Ohart gaitezen irakurketa arazle nabarmena dutela du moldeko predikatu horietako batzuk: aldatu (du), altxatu (du) edo amorratu (du), esaterako, aldarazi, altxarazi edo amorraraziren sinonimotzat har daitezke. Predikatu nagusiaren aurretiko irakurketa izan dezake ia beti osagarriak eta, horrenbestez, partizipio burutuaren forma ere har dezake atzizkiak: -tu (izan)ak30.6.3.6).

30.6.3.2.7b Ondorioa ere perpaus jokatugabea izan daiteke: Senarrak ezkutuan edateak eragin/ekarri du familiak behea jotzea. Predikatu jakin batzuk espezializaturik daude perpaus egiturako kausaren eta ondorioaren arteko lotura egiten; predikatuok du motakoak dira: (zerk zer) ekarri, eragin, erakarri, sortu, -araziBasoak galtzeak, ordea, giro-aldatzea ekarri die; ta lurrak galtzea… (Munita). Jakina, horrek ez du esan nahi predikatu gobernatzaile hauekin ondorioak beti perpaus egiturakoa izan behar duenik: Senarraren portaerak eragin du familiaren galera; Bakarrik ez ibiltzeak ez du, honelako gaietan, onura baizik ekartzen (Mitxelena); Erresuma guziek diote elgarri: / frantses populua da orai hola jarri: / ume anitz galtzeak du apal-arazi (M. Etxamendi); Munduaren errankizunak, munduari atsegin egin nahi izateak, zertarat ez dezakete erakhar bat-bedera (Larregi).

-tzeak eta -tzea, hau da, bai kausa eta bai ondorioa perpausak direnean, adierazpena generikoa izaten da askotan (nahiz ez beti, goraxeagoko adibideak erakusten digunez): Bizitzeak berekin dakar zahartzea. Adierazpena orokor samarra ez denean, bestelako joskerak agertzen dira: Krisian sartzeak eraman/behartu du Patxi etxea merke saltzera / ??Krisian sartzeak eragin du Patxik etxea merke saltzea / ???Krisian sartzeak eragin dio Patxiri etxea merke saltzea.

30.6.3.2.7c Kausa-ondoriozkoen artean sartzekoak dira predikatu (konplexu) hauek ere: ongi/gaizki/itsusi eman, ondorio/ordaina izan: Horra, Pello, nola abila izateak, batzuetan on bada, bertzetan ez duen ondorio onik (J. B. Elizanburu); Ez du ondo ematen ikasleei mehatxuka aritzeak [ondorioa: itxura on/txarra].

Beste predikatu batzuk ez dagozkio kausa-ondorio eskemari, hala nola balio/merezimendu izan, adierazi, agindu (du/dio), esan nahi, irudi izan (predikatu osagarriko egitura): Ez du deus balio usain onez betherik ibiltzeak, eta are gutiago berari dagokan baiño soiñeko arropa ederragoak erabiltzeak (Axular); Zer adierazi nai du Apostolikoa izateak (Ubillos); Ta koroa eder ark, ta alako Santuen artean ura egoteak ori esan nai du (Kardaberaz).

Predikaturen batek zerk zerekin joskera eskatzen du: Tripa handia izateak ez du zerikusirik moko-fina izatearekin. Inoiz, metaforikoa izan daiteke esapidea: Zeren hala ibiltzeak eztu usan ona (Axular); Biziro maite degun norbaiten zorionaren iturribide izateak, norkbere garaikundeak baño atsegin lasaiagoa ta zorion aundiagoa aizatzen dio maiz gizon zintzoaren biotzari (Barrensoro).

30.6.3.2.7d -tzeak perpausek ez dute kontrolik ezartzen, nahiz erreferentziakidetasuna izan ohikoena, besterik markatu ezean: Hainbeste erretzeak hondatuko zaitu [zuk erre, zu hondatu]; Ingurukoek hainbeste erretzeak hondatuko zaitu.

30.6.3.2.7e Aldaera burutua ere aurki dezakegu, -tuak / -tu izanak. Ondorioa gauzatzerako, kausa burutua dela nabarmentzeko baliatzen da: Lagunak gezurra esan izanak mintzen/mindu nau; Lagunak gezurra esateak mintzen/mindu nau. Esan dezagun, bidenabar, izateak formaren aldaera burutua izanak dela: Pobre izateak samintzen zaitu; lehenago aberats izanak saminagotzen; Orra zer dakarren Jaunaren laguntza bere alde ez izanak (Lardizabal).

30.6.3.3. -tzen perpaus osagarriak

30.6.3.3.1. Forma eta esanahia

30.6.3.3.1a Formaz berezi samarra da -tze atzizkian247 oinarritutako forma hau gainerakoen aldean, inesiboaren -n marka zuzenean lotzen baitzaio aditz izenari, mugatzailerik gabe248, leku izenetan bezala. Badira, gainera, euskalkien arteko desberdintasunak forma honen erabileran. Batetik, bizkaieraren zati handi samar batean -t(z)en perpausak erabiltzen dira beste euskalkietan -tzera perpausak erabiltzen diren testuinguru batzuetan (mugimenduzko predikatuekin bereziki): lagunari bisita bat egiten joan da (bizk.) / lagunari bisita bat egitera joan da (orokorra). Bestetik, mendebalde/ekialde banaketa nabari da -tzen/-tzera perpaus osagarri mota askotan (gipuzkeraren barruan ere bai askotan): ausartu/utzi/saiatu… egiten/egitera. Baina hori joera orokorra baino ez da; gero kasu bakoitza eta erabilera bakoitza ikusi behar da, banaketa ez da beti berdin gertatzen eta.

Esanahiari dagokionez, burutugabetasuna adierazten du -tzen perpausak; hau da, prozesu bat bere irautean, ez amaiturik. Zertan? galderari dagokio: lan egiten, baratza lantzen, mintzatzen, zimeltzen, josten, aspertzen… Prozesuak egile bat izanez gero, -tzen perpausak jarduera249 adieraziko du; hori du ohiko adiera.

30.6.3.3.1b Esanahiari erreparatzen badiogu, hiru sailetan bana ditzakegu perpaus osagarri jokatugabe hauen predikatu gobernatzaileak (Aurreraxeago aipatuko ditugu aspektu-perifrasiak osatzen dituztenak: hasi, jarraitu…): jarduera predikatuak (jardun, aritu, ibili…); jardueren kudeaketari dagozkionak (jakin, trebatu, ikasi, saiatu, moldatu, asmatu, oldartu, tematu, trebe izan…); eta hautemate-prozesuak (jarduerak barne): ikusi, entzun, hauteman, aurkitu…

Batzuetan gobernatzaile espliziturik gabe agertzen dira -tzen perpausak, eta eduki semantiko gutxieneko predikatu gobernatzaile bat ulertzen dugu halakoetan: Goizian diru kontatzen / tabernarako plantatzen / bazkari ona tokatzen / kaña artuta kopak eranaz / erari fiña jokatzen / egiñik eztet ukatzen / oraiñ ezpañak nekatzen / zardiñ-ezurra txupatzen (Xenpelar). Oso ohikoa da erabilera eliptiko hori erregistro batzuetan.

30.6.3.3.1c Kontuan izan behar da, bestalde, aditzek adiera bat baino gehiago izan dezaketela; esaterako, lagundu aditzak badu erregimen-bitasuna —du Iparraldean eta dio mendebaldean— eta adiera-bitasuna —‘laguntza eman’ eta ‘konpainia egin’—. ‘Laguntza eman’ adierakoa da -tzen osagarria hartzen duena, ez bestea: Lagunduko dizut etxeko lanak egiten [laguntza]250 / Lagunduko dizut/zaitut etxeraino [konpainia].

30.6.3.3.1d Irudikapenezko predikatuak —irudikatu, marraztu, margotu, grabatu, gogoratu/oroitu (irudimenean irudikatu)…— eta aurkikuntzazko predikatuak ere —aurkitu/ediren/idoro/kausitu, atzeman/harrapatu…— hautematezkoen antzekoak dira. Alegia, atzemate orokor bati dagozkionek osatzen dute saila: ‘norbaitek zerbait/norbait prozesu/jarduera batean atzeman’; ‘norbaitek zerbait/norbait prozesu/jarduera batean ikusi/entzun (begiz/belarriz atzeman)’; ‘norbaitek zerbait/norbait prozesu/jarduera batean irudikatu (euskarri batean atzeman)’. Existentzia-predikatua, edo ageri izan ere esanahiz hurbil daude aurkikuntzakoetatik: Atarian neskatila bat ikusi dugu / ageri zen / bazen jendeari loreak banatzen.

30.6.3.3.1e Perpaus osagarriko subjektuak, bestalde, ‘egiletasuna’ eskatzen du. Ez dira nahasi behar, ordea, ‘egiletasuna’ (rol semantikoa) eta ergatiboa izatea (funtzio gramatikala). Argi ikusten da aldea hurrengo adibideetan: Aurten ikasi dugu aberatsengana hurbiltzen; *Aurten ikasi dugu erortzen; Aurten ikasi dugu nagusia engainatzen; *Aurten ikasi dugu hondoa jotzen. Hurbildu eta engainatu nahita egiten dira, ‘egile’ bat eskatzen dute. Erori eta hondoa jo, ostera, nekez egingo ditugu geure borondatez, geuk nahita.

Egilerik gabeko prozesuen eragile denak ere har dezake subjektuaren lekua: Egosten jarri/utzi ditut babarrunak [nik jarri/utzi, babarrunak egosi]. Objektua da, beraz, kontrolatzailea jarri/utzi251 (du) moldeko predikatuetan; osagarritzat, berriz, prozesuak zein jarduerak adierazten dituzten perpausak hartzen dituzte. Alde horretatik, hautematezkoen egitura bera dute; alde bakarra, ergatibozko subjektua hautemailea izatea kasu batean eta eragilea bestean: Koplak kantatzen entzun ditut bertsolariak; Koplak kantatzen jarri ditut bertsolariak.

Baina utzi aditzak egiletasuna garbi markaturik duenean, ez da erabiltzen joskera hori: Hiltzen utziko zaitu [hil: subjektu jasailea]; *Irabazten utziko zaitu [irabazi: subjektu egilea]. Halakoetan, utzi predikatuaren dio jokoa baliatzen da, eta datiboak hartzen du kontrola: Irabazten utziko dizu; Gainezka egiten utzi dio babarrunen lapikoari. Utzi predikatu honen esanahia bera ere bestelakoa da: ‘baimendu, ez galarazi’. Beraz, esan daiteke bi utzi ditugula: utzi1 (du), oinarrizko zentzua duena, batetik (perpaus osagarririk gabeetan ageri dena: botila erortzen utzi; edo egilerik gabeko prozesua adierazten duen babarrunak egosten utzi ditut modukoetakoa), eta utzi2 (dio), ‘ez galarazi’ zentzua duena. Utzi2 horri dagokion joskera eta adiera hori -tzen perpausa inplizitua den esamoldeetara ere zabaltzen da, erabilera horretan: Ez digu utzi erabakitzen; Utziko al diozu bakean? [= nahi duena egiten]; Utzi niri. Berdin gertatzen da lagundu aditzarekin ere: Lagunduko dizut (hori egiten).

30.6.3.3.1f Predikatu gobernatzaile gehien-gehienek jarduerazko zertan osagarriak baino ez dituzten hartzen, baina batek edo bestek baditu bestelako joskera eta adierak ere: Jakin/ikasi komeni zaizuna egiten; Jakin/ikasi zer komeni zaizun / komeni zaizula. Antzeko aukera-bitasuna dugu hautematezko batzuetan ere: Ikusi/entzun sartzen; Ikusi sartu den / sartu dela. Antzeko bitasuna dugu tarteka jokatugabeen artean ere: Zaila da dena jakiten/jakitea; Ahaztu zaio tangoak kantatzen/kantatzea. Baina ez da sinonimiarik gertatzen -tzen perpausekin eta bestelako osagarriekin antolaturiko esaldien artean.

30.6.3.3.2. Aspektu perifrasiak

Ugariak dira -tzen osagai duten aspektu perifrasiak (§ 30.1.2.3c).

30.6.3.3.2a -TZEN ari izan (vs -TZEN aritu). Bi aditz ditugu hemen: batetik, ari(tu) jarduerazkoa, jardunen sinonimoa, subjektu egile bat duena, -tzen perpaus osagarriak hartzen dituena, eta, bestetik, ari (izan) aspektu perifrasi bat osatzen duena. Lehenak aspektuaren joko osoa du; bigarrenak, ordea, ez. Hurrenez hurren: Landarea mozten ari/aritzen/aritu da; Landarea zimeltzen ari/*aritzen/*aritu da. Agian egokiena jarduera adieraztekoa ez den ari (izan) defektiboa, aspektu perifrasi hustzat jotzea litzateke; hau da, aspektu markatzat hartzea. Jarduera adierako perifrasitzat har daiteke -TZEN ibili ere: Oraindik kontrolak jartzen ibiliko dituk, eta bien bitartean, Manuel hemen (Alberdi).

30.6.3.3.2b -TZEN hasi/jarraitu/segitu, akabatu/amaitu/bukatu aspektu perifrasiak. Hasi eta jarraitu predikatuek ere aspektu perifrasiak osatzen dituzte, ari izanek baino joskeraz beregaintasun handixeagoa izanik ere: Zimeltzen hasi/hasten dira loreak; Zimeltzen jarraitzen/jarraitu dute loreak. Baina Zimeltzen ari (*izaten, *izan) dira loreak. Eduki lexikoa ere ari izanena baino bereizgarriagoa da: Hasi baino ez da (egin) galtzak josten; Jarraitu, jarraitu du erortzen, baina geldiago. Aspektu perifrasiek berdin tratatzen dituzte egiletasunezkoak (§ 30.6.3.3.1e) zein bestelakoak: Josten/erortzen hasi da; Josten/erortzen jarraitzen du.

-TZEN hasi perifrasiaren antonimoa da -TZEN akabatu/amaitu/bukatu: Bukatu du elurra botatzen; Atsoak ez zian oraino akabatu erraten, hori da! (J. B. Elizanburu); Gauza horiek guztiak egiten amaitu zutenean (Zaldua). Baina, jarduera baten amaiera markatzeko adiera horrekin lehian, forma bera hartzen du gertakari kate bateko azkena adieraz dezakeen perifrasiak: Beste guztien gainetik agintzen bukatu zuen [azkenean, hori gertatu zen]. -TZEZ moldea ere baliatzen da jardueraren amaiera adierazteko: Irakurtzez bukatu eta Monari begiratu nion (Rey).

Beste predikatu batzuek ere badituzte aspektu edukiak, hala nola oldartu (hasiren kideko) eta tematuk (jarraituren kideko), baina predikatu beregainagoak dira, eta ez dute onartzen egiletasunik gabekorik: jokatzen/*lokartzen tematu da. Halakoak, beraz, nahiz eta aspektu-alderdi hori ere eduki, ezin dira hartu perifrasitzat, beren eduki lexikoari eusten baitiote.

30.6.3.3.2c -TZEN joan, egon perifrasiak. Badira beste perifrasi batzuk ere -tzen oinarri dutenak. Horietako bat da -TZEN joan gero eta gehiago nagusitzen ari dena tradizioko -TUZ joan perifrasiaren ordez: Galduz doa ohitura hori; Galtzen doa ohitura hori. Bestalde, -TZEN joan forma bera ageri da partiden-eta emaitzarekin lotua dagoen beste esapide honetan: Bost eta hiru galtzen doa. Kasu honetan, jakina, ezin da aspektu perifrasitzat hartu.

Ohikoa da -TZEN egon aspektu perifrasia ere, ari izanen ondoan: Ardiak zaintzen dago / Ardiak zaintzen ari da. Nabarmena da, bereziki, ari izan erabiltzen ez duten bizkaierazko hizkeretan, non, oro har, egonen eta ibiliren artean banatzen baitira egoera/jarduera adierak: Testuaren okerrak zuzentzen dago/dabil. Ari izan ezagutzen duten hizkeretan, berriz, banaketa hau da tradizioa duena: negarrez/galdez/oihuka/deika egon (egoera) / -tzen ari (jarduera).

30.6.3.3.3. Kontrola

30.6.3.3.3a Erreferentziakidetasun-jokoa era batekoa edo bestekoa izan daiteke osagarrietan (§ 30.2.5). -tzen perpaus osagarrietan perpaus nagusiak ezartzen dio perpaus osagarriari subjektu birtuala; ez da inoiz agertuko beste subjekturik halako osagarrian. Hau da, -tzen perpausen subjektua kontrolatua da: Saiatuko naiz (*zuk/*hark/…) ulertzen; Ikas ezazu (*hura/*ni/…) ez haserretzen. Ager daitekeen subjektu bakarra subjektu kontrolatu enfatikoa da: Saiatuko naiz neuk/neronek/nihaurk/*nik ulertzen.

Jakina, perpaus nagusia inpertsonala bada, subjektu generiko edo zehaztugabe bat ulertuko da osagarrian: Zaila da ikasi nahi ez duenari irakasten; Batek daki, zail da asmatzen zerbitzariak zer darabilen buruan nagusiak kargu hartzen dionean (Morales). Gehienetan, hala ere, bada kontrolatzaile zehatz bat perpaus nagusian, predikatu mota bakoitzaren arabera ergatiboan, absolutiboan edo datiboan doana: Zuki ez dakizu [Øi] halakoetan ez haserretzen; Orduan hasi zen Nekaneii] halakoak esaten; Hor jarri ditut porruakii] poliki-poliki egosten; Nork erakutsiko dio horriii] bazterrak horrela nahasten?

30.6.3.3.3b Kontrolaren ikuspegitik, bi sail bereiziko ditugu: hautematezkoak du motako aditzak dira beti eta objektua da perpaus osagarriaren kontrolatzailea: aditu/entzun, hauteman, sentitu, sumatu, atzeman/harrapatu, ekarri, entzun, imajinatu/iruditu, gogoratu/oroitu, irudikatu, trebatu (du), margotu/marraztu… Predikatu gobernatzaile hauek ageri diren perpaus nagusiko objektua bera da perpaus osagarriko subjektu aipatugabe, birtuala: Han ikusi zaitut gugana hurbiltzen/begiratzen. Argi dago adibide horretan zu (hurbildu) edo zuk (begiratu) direla isilpeko subjektuak, zu (ikusi) objektuak behartuak, kontrolatuak. Bigarren sailean bilduko ditugu jarduera predikatuak eta jardueren kudeaketari dagozkionak; da zein du motakoak izan daitezke eta perpaus nagusiko subjektua da kontrolatzailea: abil/antzetsu, iaio/trebe izan, bakarra/lehena/onena/txarrena/baldarrena/trebeena izan, erraz/zail(a) izan (da/zaio), ahalegindu, ausartu (da) mendebaldean, denbora pasatu, moldatu, saiatu, trebatuDusan Ivkovic entrenatzailea iaioetan iaioena da partidaren erritmoa kontrolatzen (Berria); Baina bera ere trebea da zoritxarra ekartzen (Elizen arteko Biblia); Ezin badut mundua aldatu, neure burua aldatzen saiatu naiteke bederen (O. Arana).

Beste predikatu batzuek, aldiz, datiboari esleitzen diote kontrola; besteak beste, aditz arazleek (§ 23.2.1.2): irakatsi, ahaztu, utzi, lagunduPianoa jotzen irakatsi dio; Ahaztu zaio pianoa jotzen; Lagunduko dizut etxeko lanak egiten.

30.6.3.3.4. Predikatu gobernatzaileen sailkapen formala

30.6.3.3.4a Hasieran esan dugu -tzen perpausek (irauten duen) prozesua (burutugabea) adierazten dutela; hori da oinarrizko esanahia. Prozesu hori, bestalde, izan daiteke berezkoa nahiz egileduna. Berezko prozesuan, prozesu horren eragile bat ere ager daiteke perpaus nagusian. Egiledun prozesua, jarduera edo dirauen ekintza da (psikikoak barne); egilea, perpaus nagusiko subjektua da.

30.6.3.3.4b Sailkapen formalago bat ere egin dezakegu, ordea, aurreko guztiak kontuan harturik, eta egiletasun ezaugarria ere sartuz. Predikatu gobernatzaile prototipikoak erabiliko ditugu egitura moten etiketatzat:

1. HASI, ARI IZAN, JARRAITU mota

[+/-egilea]: josten / (berez) egosten

Kontrola subjektuak

Eremu semantikoa: aspektua (aspektu-perifrasi hutsak dira hala osatuak)

2. ARI(TU)-JARDUN / SAIATU, JARRI da, TEMATU, JAKIN-IKASI-ASMATU mota

[+egilea]: josten / *(berez) egosten

Kontrola subjektuak

Eremu semantikoa: jarduerak, gogoarenak barne

3. IKUSI-ENTZUN / JARRI-IPINI-PARATU du, EDUKI, UTZI/LAGA, TREBATU du mota

[+/-egilea]: josten / (berez) egosten

Kontrola objektuak

Ergatibozko subjektua: hautemailea / eragilea

Eremu semantikoa: jarduera nahiz prozesuak hautematea / abiaraztea (jarri), mantentzea (eduki) edo ez amaiaraztea (utzi).

4. IRAKATSI, LAGA, LAGUNDU, UTZI dio mota

[+egilea]: josten / *(berez) egosten

Kontrola datiboak

Ergatibozko subjektua: eragilea

Eremu semantikoa: jarduerak eragitea [ikasi, norbaiten eraginez] / jarduerak ez galaraztea

30.6.3.4. -tzera(t) perpaus osagarriak

30.6.3.4a Mota horretako perpaus osagarriek ezaugarri hauek dituzte: formaz adlatiboak dira, baina adierazten duten mugimendua ez da fisikoa baizik gogoarena; alegia, nora abstraktu bat. Bestalde, egitura kontrolatuak dira, -tzen osagarriak bezalaxe.

-tzera perpausen ezaugarriak -tzen perpausekin erkaturik. Ezaugarri gehien-gehienetan kide-kidekoak dira bi perpaus mota horiek. Formaren aldetik, biak dira mugatzailerik gabeak: -tze + -n, -tze + -ra. Esanahiaren aldetik ere ez dago alderik; euskalki aldaerak dira: Etxera noa telebistan finala ikusten (bizk.); Etxera noa telebistan finala ikustera (orokorra); Ez utzi galtzera (ek.); Ez utzi galtzen (mend.). Bada, hala ere, bi formen arteko oposizioren bat, jaten eman / (zerbait) jatera eman bikotean ikus dezakeguna. Lehenak, jaten formak, prozesua bere irautean adierazten du; bigarrenak, jatera, mugimendu bat (irudizkoa bederen) osagarriak adierazten duen zer abstraktua (gertakaria) helmuga duena.

Nolanahi ere, esapide finko eta bakanak dira halakoak, eta nekez aurkituko dugu -tzen/-tzera oposizio soilaz sistematikoki bereizten den esanahirik: osagarriok gobernatzen dituzten predikatuen araberakoa izango da esanahia, nahiz hizkera batek -tzen eta besteak -tzera aukeratu horretarako. Oro har, ekialdeko hizkerek -tzera molderako joera handiagoa ageri dute mendebaldekoek baino. Baina bi moldeak ere aurki ditzakegu euskalki berean; gipuzkeraz, esaterako, -tzera zein -tzen aurkitzen ditugu saiatu predikatuarekin (baita -tzeko ere): Saiatzen dira atzgura kentzera, baña ezin iritsi dira lepora muturrarekin (Agirre Asteasukoa); Begira gurasoa, aurdun ez geratzeko saiatu ote zeran, dala edariz, dala beste modu itsusiakin (Agirre Asteasukoa).

30.6.3.4b -TZERA perpausak gobernatzen dituzten predikatuak. Goraxeago esan bezala, ‘mugimendu’ bat adierazten dute -tzera perpausekin antolaturiko esaldiek; mugimendu hori irudizkoa da beti, jakina. Mugimendu horren helmuga ez da leku fisikoa, zerbait abstraktuagoa baizik, gertakari bat, aditzak adierazten duen hori.

Horren arabera, hiru multzo bereiz daitezke: a) mugimendu fisikoa ere (nora) adieraz dezaketen predikatuak —etorri/ekarri, joan/eraman, iritsi, lerratu, abiatu, aurreratu, oldartu, makurtu…—. b) Predikatu espezializatuak —ausartu/behartu, deliberatu (da/du), bortxatu…—; itxura batean, gogo-mugimendu bat adierazten dute soilik, eta horregatik ez dute nora aukerarik: *Jauregira ausartu naiz. c) Bi sailen tartean geratzen dira GONBIDATU eredukoak: bigarren sailekoak bezalatsukoak dira esanahi ez-fisikoaren aldetik, baina nora argumentuak ere onartzen dituzte: Jauregira gonbidatu zaitut. Hala ere, -tzera perpausezkoen esanahi bera dute: Jauregira (etortzera) gonbidatu zaitut.

Aditz gobernatzailearen jokoa (da/du) eta, horrekin loturik, jasaile/egile/eragile jokoa kontuan harturik, honako moldeak bereiz ditzakegu.

1. ETORRI/OLDARTU/MAKURTU/AUSARTU/SAIATU da moldea

[+egilea]: jostera / *(berez) egostera

Kontrola subjektuak

Eremu semantikoa: gogo-mugimenduak

Gogo-mugimendua mugimendu fisikoarekin batera etor daiteke: Gurera etorri da lan egitera / egunok pasatzera. Baina betiere zerbait egitera, ez zerbait gertatzera: *Gurera etorri da zahartzera. Datiboa agertzeak ez du aldatzen kontrola, nahiz beste erreferentziakidetasunen bat gehiago ezar dezakeen: Giltzak ematera etorri zaio; Agur esatera hurbildu nintzaizun.

Da moldekoak eta subjektuaren kontrola ezartzen dutenak dira beste predikatu hauek ere: abiatu, ailegatu/heldu/iritsi, altxatu, animatu, apaldu (da), arriskatu, atera/jalgi/irten, ausartu (ekialdean), behartu (da), deliberatu (da), egokitu (da), itzuli, jaitsi, jarri, joan, jolastu (da), kondenatu (da), lehiatu, lerratu/limurtu, ohitu/usatu (da), prest izan/egon, umildu

2. EKARRI/ERAMAN/BIDALI-IGORRI/BEHARTU/GONBIDATU/DEITU du moldea

[+egilea]

Kontrola objektuak

Ergatibozko subjektua: eragilea

Eremu semantikoa: zerbaitek edo norbaitek eragindako egintza

Joskera horretan ez da lekurik datiboarentzat. Predikatu sorta guztiz mugatu baten kasuan, bada salbuespen bat bederen egiletasunari dagokionez, 2. sail horretan: Konpontzera ekarri/eraman/bidali ditut bafleak. Bistan da badela hor egileren bat, baina ez dira, noski, bafleak, baizik eta konpontzailea. Bestalde, egitura kontrolatua denez, bafleak da konpondu predikatuaren subjektu isila; eta horrek esanahi pasibo-antzekoa eskatzen du: bafleak konpondu(ak izan) daitezen. Baina, egitura pasiboek ez bezala, osagarri zuzena eraman dezakete halakoek: Lokarriak aldatzera ekarri ditut zapatak. Inoiz anbiguotasuna gerta daiteke egiletasunezko arruntaren (osagarriaren objektua egile) eta beste molde berezi horrelakoen artean: Analisiak egitera bidali du aita. Pragmatikoki erabakitzen da hor ‘aita’ horren papera zein den: berak analisiak egin (egiletasun arrunta) ala berari (norbaitek) analisiak egin (molde berezia).

Molde berekoak dira beste predikatu hauek ere: akuilatu/kitzikatu, altxatu (du), animatu (du), apaldu (du), atera (du), bortxatu (du), bidali/igorri (du), bultzatu, eman (du, Ipar.), gogatu/limurtu, jaitsi (du), kondenatu (du)

3. -TZERA UTZI moldea

[+/-egilea]

Kontrola objektuak

Sail bat osatuko luke, ekialdeko erabileran, -tzera utzi moldeak, berak bakarrik. Izan ere, ekialdean, 2. sailekoen joskera berera biltzen da utzi predikatua, baina egiletasunik gabekoak ere hartzen ditu: Hark ez lituzke utziko horrela jokatzera/usteltzera. Mendebaldeko erabileran, joskera bana eskatzen dute egiletasunezkoak eta besteak (§ 30.6.3.3.1e): Hark ez lieke utziko horrela jokatzen; Hark ez lituzke utziko horrela usteltzen.

Hona -tzera perpausen zenbait adibide: Semea ohandotarren etxera joatera eta Karlosi barkazioa eskatzera behartu nahi izan zuen (Navarro); Piano- ikasketen egitera igorri nahi izan zintuen (Montoia); Hizketan jarraitu zuen Madame Beylek, ni bere museoa bisitatzera gonbidatu izanaren misterioa argituz (Lertxundi); Bulego hartara ikerketa bat egitera bidali ninduten (Olarra); Galdetzera ausartu nintzen zer zela eta joan nahi zuen Paderbornera (Ladron Arana); Bada baldin izanen bada firmetasunik gero, behar da perseberatzera eta firme egoitera enseiatu orai (Axular); Lehiatu zen hari bere atsegina seinalatzerat: bazakizkien bisita hari zarraizkon obra miragarriak (Larregi).

30.6.3.4c -TZERA joan, -TZERA eman aditz perifrasiak. Bi aditz perifrasi osatzen dituzte -TZERA perpausek: joan aditzarekin lehena, eman aditzarekin bigarrena.

30.6.3.4d Aspektu inkoatiboa (§ 23.2.2.2c, § 23.2.2.2d, § 23.2.2.2f) adierazteko erabiltzen dugu -TZERA joan perifrasia: Hori esatera zihoala, isildu egin zen bat-batean; Horra, desagertzera doa bera ere (M. Etxebarria). Aski erabilera zabaldua du tradizioan ere, baieztapenetan bederen, eta adizki sintetikoekin ere bai: Kantatutzera nua bistan ikusiya (Xenpelar); Zure solasak niri damu egitera dohazi (Duvoisin); Bekatu baten egitera zoazinean (Axular); Dei egitera nuako Praiskari (Mogel). Perifrasi honen ondoan baditugu bestelako egiturak ere aspektu ‘inkoatiboa’ adierazteko, hala nola, -tzeko zorian egon/izan, -tzear egon/izan edo -tzeko izan: Hiltzeko zorian da(go); Erortzear da(go); Oraintxe/laster/aurki jaisteko(a) da.

Aspektu inkoatiboa adierazten ez duten -tzera joan perifrasiak ez dira hain naturalak, perifrasirik gabeak izaten baitira aukeran: ?Ez noa esatera zer pentsatzen dudan [ez dut esango zer pentsatzen dudan]; ??Goazen idaztera batuaren emaitzak [idatz ditzagun batuaren emaitzak]; ???Ahoa zabaltzera joan/joaten denean…

Ez da zalantza handirik izaten benetako gobernatzaile-osagarri antolaera duen -TZERA joan eta bestea, perifrasia, bereizteko. Lehen kasuan beregaintasuna dute zertara osagarriak eta joan aditzak, joskeraz eta esanahiz: Banoa. Zertara? Lanak egitera. Perifrasi inkoatiboa denean, ostera, osagaiek ez dute halako beregaintasunik: Isiltzera noa. *Banoa. Zertara? Isiltzera. Bestalde, hitz ordena ere askeagoa dute perifrasiek: ??Kantatzera nator bertso bat edo bi [bertso bat edo bi kantatzera nator] / Kantatzera noa bertso bat edo bi [kantatuko ditut / kanta ditzadan bertso bat edo bi].

30.6.3.4e -TZERA eman moldeak esapide berezi batzuk ematen ditu (jakitera/aditzera/ezagutzera eman) perifrasitzat jo beharrekoak, esaldiak hartzen dituen osagaiak emani baitagozkio, eta ez -tze(ra) aditz izenari. Esanahiaren aldetik, jakinarazi, adierazi edo ezagutarazi aditzak dira perifrasi horren sinonimo hurbilak. Halakoetan, bada, ez da perpaus osagarririk, aditz izenaren bestelako erabilera bat baizik, aditz lokuzio finko bat osatzen duena: *[Berlinen ezagutzera] eman du filma / Ezagutzera eman du filma, Berlinen / Berlinen eman du ezagutzera filma.

30.6.3.5. Perpaus osagarri molde batzuen berezitasunak

Perpaus osagarri jokatugabeen atzizkiak aztertu ditugu, banan-banan. Baina atzizki batzuen eta besteen arteko alternantziak ere gertatzen dira predikatu gobernatzaileen arabera. Lehen ere aipatu dugu nahiko orokorra dela gobernatzaile berekin -tzen/-tzera alternantzia: lehena mendebaldekoa, ekialdekoa bigarrena (§ 30.6.3.3.1, § 30.6.3.4a). Orain arte emandako informazioa osatzera datoz hurrengo lerroak.

30.6.3.5.1. -tzen, tzera eta -tzeko alternantziak

30.6.3.5.1a Badira bai -tzen eta bai -tzera perpausekin konbinatzen diren predikatu gobernatzaileak: saiatu, en(t)seiatu, aienatu… Bereizketa orokorra mendebalde/ekialde dela esan dugu, baina, hizkera bakoitzarena da aukera. Ekialdean: Nola oraidanik behar dugun, geroko begira egon gabe, ontasunean irautera eta perseberatzera enseiatu (Axular); Zein tenplearen profanatzen ere enseiatu izan baita (Leizarraga). Gipuzkeraz: Ta elkar ezagutzera saiatzen ez geralako (Barriola); Eta uste onekin kanta, musika, festa eta jostaketen bidez, bere konzienzi galduaren imurtzi eta kezkak aienatzera al guziaz saiatzen zan (G. Arrue). Saiatu predikatua tradizioan -tzeko osagarriarekin ere agertzen zen: Begira gurasoa, aurdun ez geratzeko saiatu ote zeran (Agirre Asteasukoa).

30.6.3.5.1b -TZERA/-TZEKO alternantzia du prest izan/egon predikatuak: Adiskide minduarena egiteko prest nengoen (Epaltza); Baina zure malurek hunkitu naute, haiek ematzearren zernahi egitera prest egoteko heineraino (Jon Muñoz). Alternantzia erakusten dute honako predikatu konplexu hauek ere:

-TZEN/-TZEKO zail(a)/erraz(a) izan: Ingelesek eta ipar amerikarrek gustuko duten izen original horietako bat da, eta haien hizkuntza aldrebesetan esaten erraza da (Zubizarreta); Sendatzen errazak diren gaitz infekziosoen ondorioz hiltzen dira urtero milioika lagun (Berria); Izkribua ez da irakurtzeko zaila (Arkotxa); Senarraren trajea saltzeko zaila da (J. Zabaleta).

-TZEN/-TZERA/-TZEKO trebe/abil izan: Bera zen polizien aurka edozer aurtikitzeko trebeena (Borda); Laurehun mila gudari ziren, ezpata erabiltzen trebeak (Elizen arteko Biblia); Trebe baino trebeagoa izan da beti hitz berriak sortzeko (Mitxelena); Etzen trebe izandu bere etxean Jesus artzera (Mendiburu).

30.6.3.5.2. -tzea eta -tzen predikatu berarekin

30.6.3.5.2a Predikatu gobernatzaile berarekin aukerakoak direnean, ez dute zentzu bera -tzea eta -tzen perpausek. Lehenak gertakari bat adierazten du: Tangoa dantzatzea ahaztu zaio [tangoa dantzatu behar zuen eta ahaztu egin zaio hori egitea]. Bigarrenak, ostera, jarduera: Tangoa dantzatzen ahaztu zaio [lehen bazekien eta orain ez. Ahaztu zaio (ez daki jada) hori egiten].

Bereizkuntza bera dugu, oinarrian, zail(a)/erraz(a) izan predikatuarekin ere, nahiz esanahia bestelakoa izan: Zaila da (bihar/nik/hark) tangoa dantzatzea [zaila da hori gertatzea; ez dut uste dantzatuko dudanik]; Zaila da (jendaurrean) tangoa (ongi) dantzatzea [zaila da jarduera hori].

30.6.3.5.2b Aukerakoa da halako predikatuekin perpaus nagusiaren subjektu bihurtzea jardueraren gaia dena: Tangoa zail(a) da (ongi) dantzatzen; Azkartasuna badegu baño / artzen zailla da neurriya (Txirrita). Kasu horretan, predikatu osagarri konplexu bat osatzen du [(ongi) dantzatzen zail(a)] sintagmak. Hizkera batzuetan, joskera eta adiera berean erabiltzen da -tzeko zail(a)/erraz(a) izan aldaera: Berantago eginez, umeak negukotzat heldu dira eta ez dira hazteko hain errex (Duvoisin).

30.6.3.6. Perpaus osagarri jokatugabe burutuak (-tua nahiz -tu izana)

30.6.3.6a Perpaus osagarri jokatugabeen ezaugarrien artean aipatu dugu aspektugabeak izatearena eta denbora markarik ere ez izatea. Hala ere, esan dugu predikatu gobernatzaile gehienek badutela joera aski nabarmena, beren semantika dela eta, osagarriaren denbora-interpretazio jakin bat behartzeko edo iradokitzeko. Beste modu batera esanda, osagarrian adierazten den denbora ez da absolutua, perpaus nagusiarekiko erlatiboa baizik. Alegia, osagarriak adierazten duen egoera perpaus nagusiak adierazten duenaren aurretiko, aldiberekoa edo ondokoa izango da. Aurretiko interpretazioa bultzatzen duten predikatuen (damutu, barkatu…) osagarriek, aldaera gisa, mendeko aditzaren aldaera burutua har dezakete: damutu/barkatu egin (izan)a.

30.6.3.6b Aldaera burutua izango dugu, beraz, aukeran aurretiko interpretazioa markatu nahi dugun bakoitzean -tzea osagarriekin (eta horretan oinarritzen diren gainerakoekin: -tzeak, -tzeari, -tzeaz, -tzearekin eta abar). Aldaera burutua markatzeko tradizioan partizipio burutugabe soila, artikuluaz lagundua, baliatu izan da: -tua. Eta ekusi zuenean, munduko gizonen asmoak eta gogoetak gaitzera beti eta geiago makurtuz zijoazela, damutu zitzaion Jaungoikoari gizonak egiñaz (Mendiburu); Alako moduan, non, gizona sortua eta egiña Jainkoari damutu zitzaion, zeren mundu guzia gaiztakeria eta bekatuz betea ikusten zuen (Lardizabal); Ez du Jaunak ahaztuko aitari on egina, zeure bekatuen ordainetan hartuko dizu kontuan (Elizen arteko Biblia); Hala ere ez zidan eskertu bere borondateari muzin egina (Epaltza). Baina indarra hartuz eta nagusituz joan da aldaera burutu ‘indartu’ dei dezakeguna (-tu izana) eta nekez aurkituko dugu gaurko corpusetan partizipio burutu soila: Ez da, beraz, harritzekoa luzaroan fonologialari gehienentzat ere ezkutatuta egon izana bilakabide ezkutuen existentzia (Oñederra); Hunkitu xamar utzi ninduen neuri begira hori esan izanak (Elosegi); Eta, ai, nola eskertu nion amari egun haietan ene ondoan egon izana! (Irigoien); Bilbotik ez alde egin izanaz damu zen (Zulaika); Emazteak are galantago iritziko dio […] bestea Ingalaterrara hegazkinez joan izanari (Jimenez); Ni neu ez nago, esaterako, Le Pen-en aukera faxista aurrera joan izanarekin batere kezkatua (H. Etxeberria). Partizipio burutu soilak gaur erlatibozko jokatugabeen balioa du (§ 25.2.4a, § 31.5.2.1c): esana = esan(dako)a, saldua = saldu(tako)a eta abar.

Nolanahi ere, aldaera burutua aukerakoa da. Ez dago goiko adibide horiek guztiak dagozkien -tze formarekin eman ezinik.

30.6.4. Izenaren mendeko adierazpen perpaus osagarriak: jokatuak eta jokatugabeak

Kapitulu honen sarreran esan bezala, izenak ere izan daitezke adierazpen perpaus osagarrien gobernatzaile: uste, susmo, zurrumurru, esperantza, aitzakia… Izena gobernatzaile denean, osagarria haren izenlagun da. Beraz, izenlagunek izan ohi dituzten atzizkietako bat hartzen dute: -(e)n edo -ko, azken hau -(e)la menderagailuari erantsia (-(e)lako, § 21.7.4.2h).

30.6.4.1. Perpaus izenlagun adierazpenezkoak

Izena gobernatzaile duten adierazpen perpausak aztertuko ditugu ondoren, bai jokatuak zein jokatugabeak.

30.6.4.1.1. Adierazpenezko perpaus izenlagun jokatuak

30.6.4.1.1a -e(n) menderagailua hartzen dute sarritan uste, susmo, beldur, esperantza eta horrelako izenen mendeko perpaus osagarriek: Badira oraindik [lurra zapala den ustea] baztertu ez dutenak; [Euskara Afrikatik datorren hipotesia] defendatu dute batzuek; Ez dakit, baliteke oker ibiltzea, baina [hortik joko duen susmoa] daukat (J. Zabaleta); Berriro ere [neokolonialismo amerikarra etorriko den beldurra] hautematen da nonahi (E. Agirre). Izenak gobernatzen dituen adierazpen perpaus osagarrien -e(n) menderagailu hau ez da nahasi behar, jakina, erlatibozko egituretakoekin (§ 31.4): etorriko den susmoa (osagarria) / erosi dudan liburua (erlatiboa).

Erakuslearekin, eta izena isilpean utzita, esapide gisako hauek egiten dira: Diru asko irabazten duen horrekin harro-harro dabil; Seme bakarra den horrekin, nahi duena egiten du.

30.6.4.1.1b Aurreko atalean ikusi ditugun -e(n) menderagailua duten adibideetan berdin-berdin ager zitekeen -(e)lako menderagailua ere. Menderagailu hau hartzen duten osagarri jokatuek batzuetan agerian izaten dute gobernatzen dituen izena; beste batzuetan, ostera, isilpean utz daiteke gobernatzailea.

[-(e)lako + izena] egitura agerian dutenak. Mota honetako egituretan, izen gobernatzaileak balio semantiko bat baino gehiago izan ditzake: komunikaziozkoa (berria, zurrumurrua, hitza, kontua…), iritzizkoa (ustea, susmoa, esperantza, aitzakia…), balizkoa (hipotesia, iritzia…) edo arretazkoa (kezka…). Perpaus osagarriak, kasu hauetan, delako berriaren, ustearen, iritziaren edo kezkaren edukia zein den ematen du aditzera. Hona adibide batzuk: [Ondamena gainera datorkiolako beldur] da bera ere (Mitxelena); Bestalde, badira […] [botere gorena deuseztatuta gelditzen delako ustea] izan dezaketenak (Antxustegi); Bere pisua zenaren leihoak zabalik daude, [norbait bizi delako seinale] (Zaldua); Orain dela 2.000 urte baino lehenagotik izan dira [jendea txingar gorien gainean ibili delako berri fidagarriak] (Aldasoro). Azken adibide honetan izen gobernatzaileak izenondoa ere hartu du ondotik.

“Ondamena gainera datorkiola” beldur izan edo “botere gorena deuseztatuta gelditzen dela” uste izan egituretako perpaus osagarriari izenlagunen -ko marka erantsita eratzen ditugu goiko adibideen parekoak.

Erraz bereizten dira, bestalde, -(e)lako adierazpen perpaus osagarriak (izena gobernatzaile dutenak) eta -(e)lako kausazko adjuntuak (aditzaren mende daudenak, aditza modifikatzen dutenak): Berandu dabiltzalako susmoa (osagarria) / Berandu dabiltzalako egin die errieta (adjuntua).

Bereiztekoak dira, halaber, -(e)lako izenlagun osagarriak eta forma bereko erlatibo subjektiboak (§ 31.4.3.12). Osagarria konplementazio-erlazioan dago gobernatzen duen izenarekin; erlatiboak, aldiz, ez du horrelako erlaziorik eta, beraz, hemen ikusi ditugun izen gobernatzaileez bestelakoak ere izan ditzake ardatz: Etsairik ez duelako gizona ez da gizon (erlatibozkoa), ‘etsairik ez duela dioen gizona’ edo horren antzeko zerbait adierazten duena.

30.6.4.1.1c Izen gobernatzailea isilpean dutenak. Batzuetan ez da ageriko izenik izenlagun osagarrietako -(e)lako menderagailuaren ondoren. Baina, izena isilpean utzi arren, mugatzailea gordetzen da: -(e)lakoa (nahiz -(e)lako + erakuslea) izango dugu orduan menderagailu. Eroste-agiriaren gastuak ere berak ordainduko zituelakoa entzunik, Pliushkinek kontu egin zuen bisitariak ergel okitua behar zuela (Morales); Txantxangorrien irudi-arduradunak ukatu egin du […] txantxangorriek papoan daramaten odol arrastoak txepetxen hilketekin zerikusirik duelakoa (Joxerra Garzia); Eta ilargiak […] oparia berekin ekartzen duelako hori (P. Zabala); Nolako txorakeria zen egunero euria ari zuelako hori, guk bistan baikenuen ez zela hala (X. Mendiguren Elizegi). Ahozkoan erabiltzen dira, batik bat, postposiziodun beste egitura hauek: Diru asko irabazten duen horrekin, harro-harro dabil; Seme bakarra delako horrekin, nahi duena egiten du.

Inesiboaren marka ere har dezake -(e)lako izenlagun osagarriak. Beraz, inesiboan doan postposizio sintagmatzat hartuko genuke -(e)lakoan eta, horrenbestez, adberbialtzat menderagailu hori daramaten osagarriak: Trafalgar-en nork bere eginbeharra egingo zuelakoen zegoen Ingalaterra (Mitxelena); Atzera hizketan hasiko zelakoan egon zen, baina isiltasuna luzatzen ari zela ikusirik, irribarre ilaun batez galdegin zuen (Zubizarreta); Segituan, kanpora atera nintzen eskuan argi bat nuela, ni salbatzera abiaturiko jendea izango zelakoan (Atxaga); Eguerdiak gertu behar zuelakoan, katedralerantz jo zuen (Lertxundi).

… -elako ustean, … -ela uste izanik eman daitezke goiko adibide horien parafrasitzat. Egon aditzarekin agertzen da sarri -(e)lakoan, baina ez beti goraxeagoko adibideetan ikusi ahal izan dugunez.

Iparraldeko euskalkietan kausa-edo adierazteko erabiltzen da menderagailu hau: Bi hitzez esplikatzen dit artzainak bere ardiak bordara eramaiten dituela, goizeko alha egina delakoan, eta arratsaldeko eguzkia heldu (Aintziart).

Hemen ere, ez da nahasi behar -(e)lakoan izenlagun osagarria oinarri duena, uste, susmo… isilpean dituena, eta forma bereko erlatiboa, burua isilpean duena: Elkar ezagutu, Floridan, Miami Beach delakoan, ezagutu zuten, 1934an (Jimenez). ‘Miami Beach esaten zaion lekuan’ izan daiteke adibide horren parafrasi egokia.

30.6.4.1.1d Erabide okerreko erabilera batzuk. Hemen aztergai izan ditugun -(e)n eta -(e)lako menderagailuen ordez, behin baino gehiagotan aurkitzen ditugu azken urteetako testuetan izenlagun osagarriak adierazteko -(e)naren, -(e)laren (neurri apalagoan baita -(e)neko ere). Okerrak dira forma horiek guztiak izenlagun osagarriak adierazteko: *Datorren urtean ezkonduko zarelaren berria hedatu da; *Hori haserretu delaren seinale da; *Gauzak hobetzen ari direnaren seinale da hori; *Kontratua sinatuko dutenaren hitza eman diote elkarri; *Erraz irabaziko zuteneko ustea zabaldu zen

Ikus Euskaltzaindiaren 116. araua: “-eLAKO eta -(e)n atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan”, Iruñean, 2001eko martxoaren 30ean onartua.

Berriro esan, -(e)n eta -(e)lako (eta honen gainean eraikitakoak) dira izenlagun perpaus osagarriak emateko forma zuzen bakarrak. Horrek ez du esan nahi euskaraz -(e)naren zuzena ez denik buru den izena isildurik duten erlatibozkoetan: Esan duzunaren erdia gezurra da31.4.3.13). -(e)neko menderagailua, erabiltzekotan, denbora edo lekua adierazten duten erlatiboetan erabiltzen da: Hura iritsi zeneko eguna; Hura bizi zeneko etxea (§ 31.4.8.2a).

30.6.4.1.2. Adierazpenezko perpaus izenlagun jokatugabeak

30.6.4.1.2a Aurreko puntuan landu ditugun perpaus izenlagun jokatuak bezalaxe, izena dute gobernatzaile ondorengo lerroetan aztertuko ditugunak. Perpaus osagarriak izenlagun bihurtzeko hartzen duen markari/atzizkiari erreparatuz bereiziko ditugu -ko postposizio atzizkia hartzen dutenak (-tzeko perpausak eta aldaera burutua oinarri duten -tutako perpausak), eta -(r)en izenlagun marka hartzen dutenak (-tzearen perpausak).

-tzeko perpaus izenlagunak. Izen kategoriako gobernatzailea dute adierazpen perpaus jokatugabe hauek. Formaz, -tzea osagarri jokatugabeari -ko erantsirik sortzen ditugu horrelako perpausak: euskara ikastea erabaki dute gure lankideek > euskara ikasteko erabakia hartu dute gure lankideek. -(e)la adierazpen perpaus osagarriak ere badituzte ondoan horrelakoek. Ez da erraza, dena den, bereiztea izena den gobernatzailea ala izen hori barnean duen predikatu konplexua: -tzeko erabakia / -tzeko erabakia hartu. Etxera lehenbailehen itzultzeko erabakia hartu du.

-tzeko adierazpen perpausen gobernatzaile izan ohi diren izenen artean daude: arrazoi, beldur, erabaki, iritzi, keinu, kezka, lotsa, ohitura, uste, zantzuKontra bihurtuko zaio ikasketak uzteko erabakia; Ez du bere kontuak agertzeko lotsarik; Hain zen nabaria, herriko giroan, gai haren inguruan zerbait esateko beldurra (Irigoien); Banuen [Imanolek ezetz esateko beldur pixka bat], uko egingo ote zidan beldurra, baina ez zen halakorik gertatu (A. Arana); [Aitaren begiak legortzeko ustian] esan zion: Bai, orrelakuak ez dira beti-beti uste bezain urrikarri izaten (Beobide); Arraunak eskuetan zituala, irtetzeko zantzuaren zai zegoen bitartean, odola irakitan zebilkion (Barrensoro). Adibide batzuetan zalantza sortzen da zein den gobernatzailea izen soila ala izena barruan duen predikatua: lotsa izan, beldur(ra) izan.

-tzeko forma bera hartzen dute ondoan subjuntiboko osagarria dutenek ere: isilik egon gaitezen agindu digute > isilik egoteko agindu digute > isilik egoteko agindua eman digute. Hiru adibide horietatik lehen biek aditza dute gobernatzaile (subjuntiboko osagarria jokatua izan zein ez); hirugarrenean, aldiz, gobernatzailetzat har daiteke bai agindua izen soila, bai agindua eman predikatua ere (§ 30.7.2.1) aztertzean Nolanahi ere, bistan da ez direla adierazpen perpaus jokatugabeak, informazio soilaz haragokoa adierazten dutela.

30.6.4.1.2b Gainerako genitibo sintagmak bezala, bi balio izan ditzakete -tzearen perpausek ere. Batetik, eskuinean daramaten izenaren osagarri argumentalak izan daitezke (§ 18.6): zeren beldur(ra), zeren behar(ra), zeren arrazoi(a)Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen (Axular); Badiagu hik eta nik elgarren laguntzearen beharra bizitzeko (J. Etxepare); Ez baitzitzaidan axola [bere ondoko hotelean ostatu hartzearen arrazoi benetakoa] asmatzea ere (Saizarbitoria). Beste modu batera esanda, -tzea, -tzeak edo -tzeari egiturazko kasuek aditzarekiko betetzen duten rol semantiko bera betetzen dute -tzearen perpausek izenarekiko: -tzeak ematen didan kezka > -tzearen kezka, -tzeak ematen didan lotsa > -tzearen lotsa; -tzea behar dut > -tzearen beharra; -tzeari diodan beldurra > -tzearen beldurra.

Beste batzuetan perpaus jokatugabeak adierazten duenaren eta izenak adierazten duenaren arteko ekuazioa edo berdintasuna adierazten du [-tzearen + izena] sintagmak: Gogoan geratu zait Gorriak esan didana, eta ulertu nahi nuke [uhin eraztunak hartzearen ideia hori] (Sarrionandia). Adibide horretan, uhin eraztunak hartzea da ideia edo uhin eraztunak hartzea = ideia ulertzen dugu. Hala gertatzen da beste adibide honetan ere: Hitz emaiten badak ene izena ixilduko dukala, errain diat nork igorri zien hemendik Ameriketarat [hire anaiaren hiltzearen berria], agertarazteko “Eskualdunan” (Manezaundi). Hor, berria = hire anaiaren hiltzea irakurtzen dugu.

Askotan, gertatutako zerbait adierazten du -tzearen perpausak: Baina aitak ez zion argitzen [alaba hazita ikustearen pozaz] erdibituko ote zen amaren bihotza, ala kalesako kondenaren penaz (Lertxundi); […] ikaratu zan, usterik beste mundukuak-edo eldu eutsoela, [txiliña jotiaren zigorbidez] (Kirikiño); Grazia da Jainkoak gu bere haurtzat hartzearen zigilua, gure noblezia guziz goraren titulua (Jauretxe). Adibide horietan guztietan zentzu perfektiboa hartzen du -tzearen izenlagunak, burutua den gertaera bat adierazten baitu.

Zentzu perfektiboa duten heinean, -tzearen formaren ondoan aurkituko dugu askotan -tu (izan)aren aldaera burutua (§ 25.2.4b): Pistolaren dirdira hura zen [biktorian parte hartu izanaren] froga (Sarrionandia); Egun egokia aukeratu zuen bai, nahiz eta [bide hura lehenago egin izanaren] irudipena eta [une hura lehenago bizi izanaren sentipena] zituen (Cano); Atari zaharraren aurrean eskularruak kentzen zituen, giltza bilatu, eta berriro [bere lagunari traizio egin izanaren sentsazioa] izaten zuen (Olarra); Orduan ohartu zen ez zuela [aurreko asteetan ikusiaren akordurik] ere (K. Izagirre); Beren herria ez dezaten utz hobe baten esperantzan, / [urrunduaren damu samin hau] heiek ez dezaten jasan (Xalbador); Trenez bidaiatu behar ez zuen arren, [joanaren sentimendua], haren hurbiltasuna, astun etorri zitzaizkion gainera (Olmo).

30.6.4.1.2c Adiera perfektiboa dute -tutako osagarri jokatugabeek ere. Alde horretatik ikusi berri ditugun balio bereko -tzearen eta -tu izanaren moldeen pareko dira. Gaurko testuetan nekez aurkituko ditugun arren, badira -tutako osagarri jokatugabearen adibideak (Auspoa saileko lanetan, esaterako): Ez nuan berari laguntzera joandako penarik ekarri (B. Barandiaran); Seme on baten gisan nai dizut erantzun / ni azitako penik izan ez dezazun (Lasarte); Egunen batean ohartuko gera nolako lana egin duen gizon honek. Eta Sendoak horrekin batera saiatutako poza izango du (Berria); Txoria baiño alaiago nentorreken, soldaduska bukatutako pozean (Ataño); Ura galdutako samintasuna ez zait beñere joango (Altzaga); Txapelketaren batean ere entzundako susmoa daukat (Ataño). Izena dute gobernatzaile gainerako osagarri izenlagunek bezala: pena, poz, hots, itxura, samintasun, atsekabe, damu, susmo, seinale, marka, froga… -tutako osagarri jokatugabeen baliokide dira -(e)lako jokatuak: Hura galdutako samintasuna = Hura galdu nuelako samintasuna; Lehen ere kontu bera entzundako susmoa dut = Lehen ere kontu bera entzun dudalako susmoa dut. Molde honen ordez, -tu izanaren nagusitu da gaurko testuetan.

30.7. ‘Agindua, eskea, erregua’ adierako predikatuen osagarriak

Atal honetan aztertuko ditugun perpaus osagarriak ez dira adierazpenezkoak, ez dute zerbait adierazte hutsa egiten. Nahia, agintea, eskea, erregua, desioa eta antzekoak adierazten dituzte. Gobernatzaileak, beraz, mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke:

hiztunaren iritzi-jarrera adierazten duten predikatuak: on da, hobe da, beharrezkoa da, beldur izan, komeni izan

gogo-jarrera adierazten duten predikatuak, nahia edo desira adierazten dutenak (nahi izan, opa izan…), zerbait egiteko eskaera edo erregua adierazten dutenak, agindua edo debekua adierazten dutenak;

zenbaitetan, aipamenak abiarazten dituzten esan bezalako aditzak izaten dira gobernatzaile, aginte perpausak mendean hartzen dituztenak: liburua itzul dezadala esan didate, hitzik esan ez dezagula adierazi digute;

agintera ere subjuntibo bilakatzen da, mendeko egiten denean: poliki ibil gaitezela esan digute;

beste zenbaitetan, gobernatzailea isilpean geratzen da edo bestelako aditz baten mendean dagoelarik (Mikelek deitu zigun, lehenbailehen joan gintezela) edo perpausari lokabe itxura ematen diolarik (egun ona izan dezazula!).

30.7.1. Perpaus jokatuak

30.7.1.1. Subjuntibozko forma eta menderagailua

30.7.1.1a Subjuntiboko forma hartzen du erregua, nahia, eskea, agindua… adierako predikatu gobernatzaileen osagarriko aditzak. -(e)n edo -(e)la izaten dira menderagailuak. -(e)n da menderagailu nagusi eta orokorki erabiltzen dena. -(e)la predikatu batzuekin baizik ez da erabiltzen. Hegoaldean, eskaera edo agindua adierazten duten predikatuekin ageri da batez ere eta baita, inoiz, ez beti, nahia adierazten duten predikatu batzuekin ere. Iparraldean, berriz, predikatu gutxirekin erabiltzen da menderagailu hau: agindua adierazten duten batzuekin zenbaitetan, ez beti. -(e)la erabiltzen da, halaber, euskalki guztietan, mendeko perpausa nagusitik ‘bereiz’ denean edo lokabe itxura duenean: Horixe nahi dugu, ondo senda dadila; Aitak deitu zigun, joan gintezela lehenbailehen; On degizula! Berehala ikusiko dugun moduan, subjuntiboko osagarri jokatuek ondoan dituzte -tzea nahiz -tzeko jokatugabeak.

30.7.1.1b Gobernatzaile izan daitezkeen predikatu motak eta menderagailuak alderatuz:

Iritzi-jarrerak adierazten dituzten predikatuek -(e)n hartzen dute. Gertakaria modu ebentual edo gertagarrian agertzen dituzten iritzi-perpausek -(e)n menderagailua hartu ohi dute. Esan bezala, da kopula duten predikatuak izaten dituzte horrelakoek maiz gobernatzaile: on da, hobe da, beharrezkoa da, ezinezkoa da, komeni da… Baina bestelakoak ere izan daitezke, hala nola, ongi/gaizki iruditu, ongi/gaizki aurkitu, beldur izan, kasu egin eta abar. Frantsesek beldur ziren lagunak ethor zakizkon indarka libratzerat (Lafitte); Komeni da, oso komeni ere, euskaldun guztion jakin eta zabal ditzagun (Mitxelena); Horiek hola, eta gorapenetan gure adimenduaren jorraia ibili ondoan, on da jauts gaiten ere beherapenerat (Larzabal); Etorri, berez-edo etorri ohi da, baina, etorritakoan, komeni da eserita harrapa gaitzan (Joxerra Garzia).

Nahia edo desira adierako predikatuak + -(e)n/(-(e)la). Nahia, gura edo desira adierazten duten aditz eta predikatuen osagarriek ere -(e)n menderagailua daramate normalean, baina -(e)la ere har dezakete, batez ere mendebaldean: nahi(ago) izan, gura(go) izan, opa izanNeuk ere naiago dot guzurra izan dedin (Agirre); Bihotz-bihotzez opa dizut jarraikitasun hori elkarrekikoa izan dadin (Jon Muñoz); Eta Eurinomek, hornidura zaintzen zuen emakumeak, hala gerta zedila opa izan zion (Igerabide); Deseo diyot izan dezala / lenago ainbat kreditu (Txirrita). Ezen ere ager daiteke mendeko osagarriaren buruan: Nahi duzu zuk ezen egin behar zenduen deskargua eta egin eztuzuna zure ondokoak egin dezan (Axular).

Eskaera edo galdea adierazten dutenak + -(e)n/-(e)la. Eskaera eta galdearen adierazpenean bana dabiltza euskalkiak menderagailuen erabileran. Iparraldean galdatu aditza erabili da batez ere (baina ez Iparraldean bakarrik) eta -(e)n da menderagailu ohikoena: Amak galdatu zion Anitari kafesnea prepara zezan (Landart); Lagunarte hartan doi-doia sartua nintzela, galdatu zidaten aho batez arren otoi afaltzera joan nendin (Jon Muñoz). Hegoaldean, berriz, eskatu (baita erregutu ere) da predikatu ohikoena eta -(e)la menderagailua: Adituen Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ziurta dezala D ereduko eskaintza leku guztietan eta maila guztietan eskaintzen dela (Berria); Disko batek himno nazionala jotzen zuen, non Jaungoikoari eskatzen zaion bedeinka dezala herri hura eta bertako herritarrak (E. Mujika). Baina gaurko testuetan -(e)la galdatu eta -(e)n eskatu ere aurki daitezke: Hori dela-eta, Zapaterori eskatu dio eragin dezan «gai hau ahal bezain laster konpontzeko» (Berria); Aita lanjerretatik begira zezala galdatu behar gauero amarekin batean (Montoia).

Utzi aditzarekin ere -(e)n erabiltzen da: Gero, poliziari utziko diogu iker dezan eta mutil hori eta bere lagunak epailearen aurrera eraman ditzan (O. Arana). Baita gomendatu predikatuarekin ere, mendeko osagarri jokatua hartzen duenean: Maiz gomendatzen digute izan gaitezen bihotz onekoak! (Jon Muñoz); Horra zergatik gomendatu zioten beren Erregeri ez zedin higa hainbeste eginahal eta xahupidetan Errege Jaun Katolikoa, behargabe okaztatuz, baina halabeharrez, beste bide batzuk bila zitzan ordainetan (Xarriton).

‘Agindua’ edo ‘debekua’ adierazten dutenak + -(e)n/-(e)la. Iparraldeko euskalkietan manatu, erabaki, gonbidatu, debekatu eta antzeko predikatuen osagarriak -(e)n menderagailua hartzen du gehienetan, baina -(e)la ere har dezake: Jainkoak manatu zien mundu guzia jendez bete zezaten/zezatela; Berze kreaturak ere ditut gonbidaturen / ohore eta errespetu eman diezazuten (Etxeberri Ziburukoa). Hegoaldean agindu, debekatu eta abarren osagarriek -(e)la menderagailua hartu izan dute: Azkenik agindu eutsan sarri konfesau zedilla (Uriarte); Erabakitzen da, [fiatzalleak] ipiñi dezala zaldi, beor, mando edo mando-emea (Etxegarai). Gaurko testuetan ere bi menderagailuak ikus ditzakegu: Agindu ezazu egin dezatela urkabe bat, hogeita bost metrokoa, eta bihar goizean eskatu erregeari urka dezatela han Mardokeo (J. A. Mujika); Jainkoak agindu du mendi garai oro eta betidaniko muinoak apal daitezen, eta sakanak bete (Elizen arteko Biblia); Erregeak agintzen du askatuak izan daitezela (Iñurrieta).

Ezen lokailua ager daiteke subjuntiboko osagarriaren buruan: […] amalauean egiña, esaten ziolarik menazki ezen bere anaia ondraduak idurikatu zitzala eginpide guzti […] (Iztueta); Erran harginari ezen taila dezala spiral bat ene hilarrian, epitafio gisa (Irigoien).

Lokabe itxurako subjuntiboek eta gobernatzailetik nolabait bereiz daudenek -(e)la menderagailua hartu ohi dute. Argi ikusten da bereizketa ondoko adibide parean, zeinetan bigarrenak daukan osagarria gobernatzailetik “bereiz”: Hau ere egin dadin / desir dut agian (Mattin) / Bertze desirik eztut egiten:/ zeruan gerta dadila! (Mattin).

“Bereiz” izate hori modu askotara gerta daiteke: a) adizki nagusia isilpean izanik, osagarriak lokabe itxura duelako: On degizula!, Jainkoak begira gaitzala! Exhortazioa edo debekua adierazten duten esaldietan ere -(e)la erabiltzen da 2. eta 3. pertsonetan, subjuntiboko formak hautatzen direnean: Ondo bizi zaiteztela. Lehen pertsonako formak dira salbuespen horretan: Nagoen isilik! Ez nadila gehiegi luza!; b) mendeko perpausa aipamen zuzen gisa hartuta-edo ematen delako: Esan daigun bada, ostera bere, santu andijagaz beragaz: ez gaizala inok eduki estutzat (Frai Bartolome); c) mendeko perpausa egitura etenean txertatua delako: Danok deseo bear deguna da bizi dedilla (Apaolaza).

30.7.1.2. Ezaugarri batzuk

30.7.1.2a Adierazpen perpausetan ikusi ditugun ezaugarrietako batzuk ikus ditzakegu subjuntiboko osagarrietan ere: predikatu konplexuak ere izan daitezke gobernatzaile (erreguka ari natzaio lagun diezadala), gobernatzailea isilpean gera daiteke (haserre agertu zen, utz genezala esku artean genuena), galde hitza adizki nagusiaren aurrean eman daiteke: [Nor] nahi duzue [etor dadin]?

Adierazpen perpausek bezala, ezen iragarlea izan dezakete lehen buruan: Nahi dute [ezen denak joan gaitezen], nahiz maiztasun handikoak ez izan subjuntiboarekin. Nahi duzu zuk ezen egin behar zenduen deskargua eta egin eztuzuna zure ondokoak egin dezan (Axular); Madrillera baño len, esaten ziolarik ezen ifiñi zitzala Gobernuko Sekretari guztiak lengo oñean (Iztueta).

Perpaus nagusian aurrekari bat izan dezakete: Hauxe eskatzen dizut gauzak ondo egin ditzazula; Hau da nahi duguna, zuk irabaz dezazula.

30.7.1.2b Nahi/gura eta behar predikatu gobernatzaileek ez dute onartzen adizki nagusiko subjektu bera izatea. Erreferentziakidetasun debekua dute: Ondo bizi zaitezen nahi dut; *Ondo bizi nadin nahi dut. Adizki nagusiak eta mendekoak subjektu bera dutenean adizki nagusia mendekoaren modalizatzaile (aditz modal) bihurtzen dugu: Ondo bizi nahi dut; Lan hori berak egin behar du30.7.2.2d, § 23.4).

30.7.1.2c On degizula! Egun on dizula Jainkoak! eta gisa horretako esaldietan izan ezik, gaur egun aditz analitikoa erabiltzen da gehienik subjuntiboko osagarrietan: Bere alboan egon gaitezela agindu digu; ?Bere alboan gaudela agindu digu.

30.7.2. Perpaus jokatugabeak

Subjuntibo perpausen pareko dira hemen aztertuko ditugun osagarri jokatugabeak: Sartzeko agindu ziguten = Sar gintezen agindu ziguten; Komeni da irudioi ihes egitea = Komeni da irudioi ihes egin diezaiegun; On da denok zerbait egitea = egin dezagun; Lan gehiago egitea nahi dute gure ugazabek = egin dezagun/dezagula; Erreguka ari zitzaizkion bazkaltzen geratzeko = gera zedila; Ahal duzun guztia egiteko eskatzen dizugu = egin dezazula; Liburu hori itzultzeko esan dit Josebak = itzul dezadala. Perpaus jokatugabeak hartzen duen atzizkiaren arabera, -tzeko perpaus osagarriak eta -tzea perpaus osagarriak bereiziko ditugu. Osagarri subjuntibo guztiak ordezka daitezke -tzea edo -tzeko osagarri jokatugabeekin. Jakina, aditz jokatuak ematen duen informazioa galduko da, baina, funtsean, esanahi bera eman daiteke modu batean zein bestean.

Zenbaitetan subjuntiboa erabiltzea maila jasoaren adierazgarri izan daiteke, Hegoaldeko euskalkietan batez ere: Lehenbailehen sartzeko agindu ziguten / Lehenbailehen sar gintezela agindu ziguten. Iparraldean, aldiz, nekezago gertatzen da bereizketa hori, subjuntiboaren erabilera aski ohikoa baita.

30.7.2.1. -tzeko perpaus osagarriak

30.7.2.1.1. Subjuntibozko perpausen kideak

30.7.2.1.1a Hemen aztertuko ditugun -tzeko osagarriek, subjuntiboko perpausa dute kideko egitura jokatua, -(e)n zein -(e)la menderagailua hartzen duena: Bost minutu falta dira trena iristeko / irits dadin [zerta(ra)ko]; Oraindik txikiegia zara horretan jarduteko / jardun dezazun [zerta(ra)ko]; Etxean geratzeko / gera zaitezela [zer] agindu dizute; Leihoak ondo itxita uzteko / utz ditzazuela [zer] eskatu dizuegu. Adibide horietan berehala ikus dezakegu bi balio izan ditzaketela -tzeko perpausek: batzuetan, zer? galderari erantzuten diote; beste batzuetan, ostera, zerta(ra)ko? galderari. Nolanahi ere, -tzeko perpausen kasuan, sistematikoa da subjuntiboaren baliokidetasuna. Baina, baliokideak izanik ere, ohikoagoa da subjuntiboko jokatua erreferentziakidetasunezkoak ez direnetan; dena den, erreferentziakidetasunezkoak ere eman daitezke subjuntiboz: Bost kilometro falta zaizkizue Oriora irits zaitezten / iristeko; Besaulki bat falta dut sala osaturik edukitzeko / eduki dezadan. Baina ez dira hain naturalak gertatzen.

Predikatu gobernatzailearen araberakoa da -tzeko osagarria molde batekoa edo bestekoa izatea. Ikus dezagun zein diren zerta(ra)ko moldeko -tzeko gobernatzen duten predikatuak eta zein zer moldekoa gobernatzen dutenak. Bide batez, predikatu batek baino gehiagok kontrola ezartzen duenez (beste batzuek ez; erreferentziakidetasuna bai, baina ez kontrola), predikatu kontrol ezarle bakoitzaren ondoren emango dugu parentesi artean perpaus nagusiko subjektua, objektua ala zehar-objektua (datiboa) den kontrolatzailea: (Ks), (Ko) eta (Kd), hurrenez hurren. Predikatu berak, adieraren arabera edo hartzen duen laguntzailearen arabera, batzuetan ezarriko du kontrola, eta beste batzuetan ez.

30.7.2.1.1b Zerta(ra)ko moldekoak dira honako gobernatzaile hauen -tzeko osagarriak: ahalegina(k) egin (Ks), aidutu/begira/esperoan/zain egon, arazoak/zalantzak izan (Ks), ardura/arta/kargua izan (Ks), arriskuan egon/izan/jarri da (Ks), aski/nahikoa/asko gutxi izan (du), asmoa/gogoa izan (Ks), aukera/abagunea/egokiera/parada izan/galdu (du, Ks), aukera eman (Kd), baimena eman (dio, Kd), baimena eman (du/dio Kd), balio izan, behar/nahi izan (perifrasi modalak ez direnean), desira/irrika falta izan, eginahala egin, falta izan (da), falta izan (du, zaio, Ks, Kd), geratu (da), handi/txiki(egi)a izan, libre izan/egon (Ks), moldatu (da, Ks), ona/txarra izan, prest izan/egon (Ks), saiatu (Ks), trebatu (da, Ks), trebatu (du, Ko).

Hona zenbait adibide: Erantzun hori jaso izanak txarrena pentsatzeko aukera eman zidan noski (Saizarbitoria); Kalumniatzaile gisa zigortua izateko arriskuan jartzen du (Elexpuru); Eskatzen duzun diru kopurua handiegia da, berme gehiagorik gabe, inori emateko (Iturbe); Aldez aurretik trebatu da une jakin batean sor daitezkeen antzeko egoeren aurrean bat-bateko erantzun bat emateko (Joxerra Garzia, Egaña, Sarasua).

30.7.2.1.1c Zer moldekoak dira, berriz, gobernatzaile hauen -tzeko osagarriak: agindu (dio, Kd), agindu (du), agindu (‘ordena eman’), arren/otoitz egin (dio, Kd), erabakia hartu (Ks), erregutu (du), erregutu (dio, Kd), esan (dio, Kd, du), eskatu (dio, Kd, du), gomendioa egin (dio, Kd), gomendatu (dio Kd, du), iradoki (dio, Kd), iradoki (du), otoiztu (du, Ko)…

AGINDU ereduko aditzak dira, oro har, goikoak, -tzeko aukeratzen dutenak, bai aditz soilak (agindu), bai aditz objektudunak (agindua eman, gomendioa egin…): Agindua eman dizu atzera egiteko; Atzera egiteko agindu dizu. Agindu aditzak badu beste adiera bat ere, ‘hitzeman, promes egin’, -tzea osagarria hartzen duena: Opariak ekartzea agindu du.

Literatura tradizioan bakarrik ez, erraz aurkituko ditugu horrelako adibideak gaurko testuetan ere: Funtzionarioak itxaroteko erregutu dio (Gorrotxategi); Siriarekin bake elkarrizketak hasteko gomendatu diote Ariel Sharon Israelgo gobernuburuari (Berria); Aldi berean, Jerusalemgo gotorlekuko eta beste gotorlekuetako gudari-taldeak kentzeko eskatu zion Jonatanek Demetriori (Elizen arteko Biblia); Barre egin beharrean, iradoki zion halako pasabide bat beretzat egiteko (Olarra); Trolebusa edo zalgurdi bat hartzea gomendatzen zioten, baina trolebusak gauza handiegia zirudien, eta zalgurdia garestiegia zen (Navarro).

30.7.2.1.1d Balio bateko zein besteko -tzeko perpausen gobernatzaileen kontrol-egitura molde batzuetara ekarriaz, honako sailkapen hau egin daiteke:

ERABAKIA HARTU moldea

Kontrola subjektuak

Molde honetakoak dira goiko predikatu asko eta asko: ahaleginak egin, zain egon, arazoak izan, ardura izan, arriskuan egon/izan, asmoa/gogoa izan, aukera galdu, moldatu (da), libre izan, saiatu… Askotan izena osagai duten predikatu konplexuak dira. Adizki laguntzailea, berriz, da zein du motakoa izan daiteke.

TREBATU da/du moldea

Kontrola subjektuak / kontrola objektuak

Molde honetako aditzetan, adizki laguntzailea argumentu bakarrekoa edo bikoa izateak dakar berarekin kontrola subjektuak edo objektuak ezartzea.

OTOIZTU du moldea

Kontrola objektuak

Ez dira asko molde honetakoak. Ohikoagoak dira du/dio jokoa duten predikatuak; lehenak ez du kontrolik ezartzen, baina bigarrenak datiboaren kontrola ezartzen du.

BAIMENA EMAN du/dio

Kontrolik ez / kontrola datiboak

Molde honetakoak dira: aukera eman, erregutu, eskatu, gomendatu, iradoki

ARREN egin dio

Kontrola datiboak

Molde honetakoak dira [izena+aditza] egiturako predikatu konplexu asko: gomendioa egin, eskaera egin

FALTA IZAN da/du/zaio

Kontrolik ez / kontrola subjektuak / kontrola datiboak

BALIO IZAN moldea

Kontrolik ez

Ikusi dugunez, predikatu batek baino gehiagok ez du kontrolik ezartzen. Horien artean daude da laguntzailea harturik, irakurketa inpertsonala dutenak (falta (izan) da eta abar).

30.7.2.1.1e Kontuan izan behar da, dena den, helburuzko perpaus jokatugabeetan ere ageri dela -tzeko37.4): Arrautzak frijitzeko erosi dio zartagina aitari. Baina behin baino gehiagotan agertzen da ‘zerta(ra)ko’ adierazten duen -tzeko perpausa izen baten ezkerrean: Pastelak egiteko irina behar duzue; Hurbiletik ikusteko betaurrekoak jantzi ditu. Anbiguoak dira azken bi adibide hauek; bi irakurketa onartzen dituzte. Batetik, ‘zertarako’ behar den irina edo ‘zertarako’ jantzi dituzten betaurrekoak (hau da, helburuzko adjuntu jokatugabea). Bestetik, [pastelak egiteko irina], [hurbiletik ikusteko betaurrekoak]; hau da, zein motatako / nolako irina, zein motatako / nolako betaurrekoak. Adibide horietako [-tzeko + izen] egituraren alternatibak izan daitezke beste hauek: bexamela egiteko irina edo urrutitik ikusteko betaurrekoak. Nolanahi ere, helburuzko adjuntu jokatugabeak dira hauek ere, izenaren ‘helburua’ edo ‘funtzioa’ adierazten dutenak. Aditz baten adjuntu izan ordez (jantzi, behar izan) izen baten adjuntu dira; hori da aldea. Baina horietan ez dago konplementazio erlaziorik, osagarri-gobernatzaile harremanik.

Badira beste esapide asko oinarrian -tzeko perpaus izenlagunak dituztenak. Horien artean aipa daitezke -tzeko adina, -tzeko lain, -tzeko bezain, -tzeko beste… konparazio esapideak. -tzeko asmotan esapidea, berriz, kausazko eta helburuzko perpaus jokatugabeetan aztertzekoa da, ‘zerbait egiteko asmoa’ esanahia baitu. Eta izen sintagmako izena isilik utzirik sortu dira baldintzazko kutsua duen -tzeko (Berandu iristeko, hobe duzu ez joatea) eta denborazko kutsua duen -tzekoan perpausak (Hitz elkartze berrietan, eta orobat zaharren artean hautatzekoan, bi indar ari zaizkigu beti lanean, Mitxelena).

30.7.2.1.2. -tzea perpaus osagarriak, ondoan subjuntiboko osagarri jokatua dutenak

30.7.2.1.2a Lehen ere aritu gara -tzea perpaus osagarriez (§ 30.6.3.1.1), adierazpen perpaus osagarriak lantzean. Izan ere, zerbait ‘adieraztea’, informazioa ematea da -tzea perpaus horien eginkizuna. Eta, horrenbestez, beste predikatu batzuek gobernatzen dituzte perpaus osagarri jokatugabe horiek. Hemen, ondoan, baliokide, subjuntiboko osagarri jokatuak dituzten -tzea perpausak aztertuko ditugu, ‘agindua, erregua, debekua’… adierazko predikatuen mende daudenak.

30.7.2.1.2b Oro har, ‘agindua, eskea, erregua’… adierako predikatuak izango dira mota honetako -tzea perpausen gobernatzaileak; zehazki, goraxeago, § 30.7 atalean aipatu ditugun motakoak.

Hiztunaren iritzi-jarrera, balioespena, adierazten duten predikatu konplexuak (predikatu osagarri + izan egiturakoak) dira, esaldi asko eta askotan, -tzea perpausen gobernatzaile: ona/txarra/itsusia/astakeria/harritzekoa/barkaezina/pozgarria izan, erraz/zail(a) izan (da)… horrela jokatzea. Generikotasuna eta inpertsonaltasuna nagusitzen dira horrelako egituretan. Balioespen zentzua dute, orobat, bestelako predikatu gobernatzaile askok: (ongi/gaizki) iruditu, (ondo/gaizki) hartu, komeni izan, merezi izan, atsegin/gorroto/gogoko/higuin izan, gogoko/maite izan, harrigarri/normal/zoragarri/egoki(a) izan/gertatu/iruditu, ontzat/bidezkotzat jo, atsegin/laket/atsekabe izan (zaio/du), gaitzetsi (eta etsi bigarren osagai duten guztiak, oro har), goraipatu/goretsi/laudatu, miretsi, onartu/onetsiEz zait ongi iruditzen haurrak hor bakarrik uztea; Ondo hartu al du bera saririk gabe geratzea?; Komeniko litzateke beste bide bat saiatzea; Ez zuen merezi hartan tematzea.

Predikatu hauetatik batek baino gehiagok osagarriak adierazten duen ekintza edo gertaeraren aurretiko interpretazioa onartzen dute. Hortaz, -tzea osagarriaren ordez, partizipio burutua -tua / -tu izana ere erraz aurki dezakegu (§ 30.6.3.6). Horrelakoak dira axola izan (zaio), damutu (zaio), deitoratu, eskertu, gaitzetsi, goraipatu/laudatu/goretsi, alegatu, atsekabe izan (zaio), ontzat/bidezkotzat jo eta abar. Predikatu horietako batzuek hiztunaren iritzi-jarrera edo gogo-jarrera adierazi arren, aurretiko interpretazio horrek ezinezko egiten du ondoan subjuntiboko osagarri jokatua izatea, subjuntiboak berez burutu gabeko gertaera adierazten baitu.

30.7.2.1.2c Hiztunaren iritzi-jarrera, balioespena adierazten duten egituretan ez da kontrolik eta erreferentziakidetasunik ere ez, askotan. Mota batekoak zein bestekoak izan, honako predikatu hauek ez dute kontrolik ezartzen: haizu/zilegi/debeku izan (da), aski/nahikoa/asko/gutxi izan (da), baimendu (du), eskatu (du), gomendatu (du), proposatu (du)… Baina datiboa hartzen badute, osagarri honek ezartzen du kontrola.

DEBEKATU, galarazi, eragotzi, oztopatu, ahalbidetu, baimendu, onartu… du/dio

Kontrolik ez / kontrola datiboak

Predikatu sorta horren oinarrian honelako zerbait dugu: Ak zerbait egin nahi/behar, eta Bk Ari utzi edo ez utzi hori egiten. Hemen ere du moldean ez da kontrolik (predikatu gobernatzailearen subjektuak ez du protagonismorik osagarriak adierazten duen horretan): Alkateak debekatu du hormetan iragarkiak jartzea. Datibodun egiturak, dio moldeak, berriz, kontrola ezartzen du: Alkateak galarazi die alderdiei hormetan iragarkiak jartzea; Ez nizuke onartuko hain berandu etortzea; Eskertuko nizuke nirekin argia izatea, hau da, argi eta garbi hitz egitea (M. A. Mintegi).

Beste predikatu batzuetan ere, du motakoak ez izan arren, eskema bera ikusiko dugu: Zilegi da horrela jokatzea / Zilegi zaizu/duzu horrela jokatzea. Lehen adibidean ez dago kontrolik; bigarrenean, datiboak (zuri) edo subjektuak (zuk) ezartzen du kontrola. Ohartzekoa da datiboak rol desberdina duela adibide honetan (kontrolatzailea) eta balioespen-predikatuetan (irizlea): Zilegi zaizu [zuk/*nik/*hark] horrela jokatzea / Jasanezina (iruditzen) zaizu [zuk/nik/hark] horrela jokatzea.

ERRAZ(A) zaio/du

Kontrola datiboak / kontrola subjektuak

Molde honetako predikatuek datiboaren edo subjektuaren kontrola ezartzen dute: erraz/zail(a) izan (begitandu) zaio/du; haizu, zilegi, debeku zaio/du. Zaila begitandu zaio minik hartu gabe jauzi egitea (P. Lizarralde); Askoz errazago izango du olibondotik sortutakoak beren berezko olibondoan txertatzea (Elizen arteko Biblia).

HAIZU da

Kontrolik ez (inpertsonala)

Beste batzuetan haizu da, zilegi da, debeku da, erraza da … predikatu inpertsonala ere aurki dezakegu, kontrolik ezartzen ez duena. Dirua epetan emateagatik ezer kentzea ez da zilegi.

Ikus ditzagun adibide batzuk: Munduaren lau bazterretako berriak ere apur bat jakitea on da; laket da (Hiriart-Urruti); On da irudimenaren bost zentzumenak lehen eta bigarren kontenplazioetan ezartzea (P. Altuna); Jainkoari paperen artean zerbitzatzea on da, baina egun ezpata da papera baino beharrago (Epaltza); Baina komeni da irudioi ihes egitea eta maitasunari bide damaiona saihestea eta gogoa beste zer batzuetara itzultzea eta gorputzean pilaturiko humorea edozein gorputzen kontra jaurtitzea (X. Amuriza).

30.7.2.2. -tzea/-tzeko alternantzia

30.7.2.2a Aurreko puntuetan ikusi dugunez, subjuntibo jokatuaren ondoan batzuetan -tzeko osagarri jokatugabea izan dezakegu; beste batzuetan, ostera, -tzea osagarria. Baina -tzeko osagarriak batzuetan zer moldekoak direnez (zer? galderari erantzuten diotenez), ez da harritzekoa bi osagarri jokatugabe horien arteko alternantzia gertatzea.

30.7.2.2b [aditza + -TZEA/-TZEKO] eta [izena+aditza + -TZEKO]

Baliokideak dira bai predikatu soila, erabaki, eta baita [izen + aditz] predikatu konplexua ere, erabakia hartu. Berdin-berdin gertatzen da gomendatu / gomendioa eman, proposatu / proposamena egin eta beste hainbatekin ere. Baina osagarrien formari dagokionez, predikatu soilek alternantzia onartzen dute (predikatu konplexuek -tzeko baino ez dute hartzen): Erabakia hartu du haurrei ezer ez esateko; Erabaki du haurrei ezer ez esatea. Areago, autore berak erabil dezake batzuetan -tzea eta beste batzuetan -tzeko predikatu berarekin: Negozioarekikoak egitea eta atseden hartzea gomendatu zioten (Zubizarreta) / Batzuek politikara dedikatzeko gomendatu zioten (Zubizarreta).

30.7.2.2c -TZEA eskatu eta -TZEKO eskatu

Predikatu honekin sotilagoa da -tzea/-tzeko alternantzia: Gelak lehenago irekitzea eskatu du zuzendariak / Gelak lehenago irekitzeko eskatu die atezainei. Bigarren adibidean datiboak kontrolatzen du -tzeko perpausa (horixe da, hain zuzen, prototipoa: ‘norbaitek zerbait egiteko eskatu/galdatu norbaiti’). Lehen adibidean, ostera, ez dago kontrola ezarriko duen datiborik eta guztiz irekia geratzen da, beraz, irekitze horren subjektua. Inpertsonaltzat hartuko genuke. Baina subjektu esplizitua ere ager daiteke: Atezainek/irakasleok/zuek gelak lehenago irekitzea eskatu du zuzendariak. Izan ere, pertsona izan ohi da eskatu predikatuaren subjektuaren erreferentea (edo bestelako izakiak, pertsonifikaturik): Gorputzak/barrenak/bihotzak eskatzen dit horrela jokatzea.

Subjektua abstraktua denean, berriz, bestelako esanahia hartzen du -TZEA eskatu moldeak: Atezainen lanorduak aldatzea eskatuko luke horrek [gelak lehenago irekitzeak]. Datiboa sartzen dugunean ere, kontrola ezarri arren, ez da aldatzen osagarriaren atzizkia: Atezainen ordutegia aldatzea eskatuko liguke horrek [hori egiteak].

Beste esamolde honetan ere, datiboduna izan arren, -tzea perpausa agertuko da, adierazpen generikoa baita: Hain jostailu merkeari ezin zaio/diozu eskatu iraunkorra izatea; Halako jendeari nik ez diot eskatzen, noski, eskuzabal izatea. Gakoa, osagarriaren predikatua egiletasunezkoa ez izatea da. Esanahia egiletasunezkoa bada, joskera prototipikora itzuliko gara (norbaitek norbaiti zerbait egiteko eskatu): Inork ez zion eskatu, hala ere, eskuzabala izateko.

Badirudi, beraz, hauxe dela bereizkuntza semantiko eta sintaktikoa: zerbait gertatzea eskatu / norbaiti zerbait egiteko eskatu. Bigarren honek egile bat ezartzen du zuzenean, kontrolaren bitartez (nori eskatu > hark egin). Egiletasuna, nolanahi ere, esaldiaren interpretazioaren baitan dago: Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izatea [ezaugarri hori izatea eskatu] / Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izateko [horrela jokatzeko eskatu]. Gosetua, Ninak eskatu zion bere aitari izkina batean kokaturik zegoen “Mac Donald’s” jatetxe batera joatea (R. Etxeberri) / Poemak eramateko eskatzen zidan gero eta sarriago maisuak (Igerabide).

Galdatu nahiz galdegin aditzekin, berriz, ez da -tzeko moldeko osagarria erabili tradizioan. Gaur ere norbaitek zerbait egitea galdatu / galdegin norbaiti joskerari eusten diote zenbait autorek: Villepinek Sarkozyren inguruan ikerketak egitea galdegin zion (Sokarros); Silvio Berlusconi lehen ministroari Castellik esandakoagatik barkamena eskatzea galdegin diote (Berria); Herriko auzapezari bertze gutun batean galdatu dio gune guzian ikerketa baten egitea, radioaktibitaterik baden jakiteko (Herria). Baina EPG corpuseko adibide batek baino gehiagok erakusten dute, batez ere Hegoaldeko testuetan, eskatu predikatuaren eredura jotzen dutela gaur galdatu eta galdeginek ere: bertan behera uzteko galdegin, BBCri barkamena eskatzeko galdegin eta abar. Argia ez pizteko galdatzen zidan Robertek (Montoia).

30.7.2.2d -TZEA (nahi/gura izan) eta -TU (nahi/gura izan)

Nahi/gura izanen kasuan, predikatu gobernatzailearen subjektua eta perpaus osagarriarena desberdinak direnean -tzea perpausa erabiltzen dugu: Hala ere [zuk/hark/*nik ekartzea] nahi dut (nik). Baina subjektuak erreferentziakideak direnean, hots, kontrola dagoenean, -tu aukeratuko dugu: Hala ere liburuak ekarri nahi ditut [nik nahi, (nik) ekarri]. Baina azken joskera honetan ez dago perpaus osagarririk, aditz perifrasia baizik. Gainerako aditz modalen kidekoa da hor nahi izan: -tu nahi/behar/ahal/ezin izan. Aditz modal horien guztien joskera ez da beti berdin-berdina baina guztiak dira perifrasi, aditz bakarra balira bezala jokatzen dira, komunztadura eta guzti (§ 23.4): Liburuak [ekarri nahi] ditut. Beraz, -TU nahi izan perifrasia, erreferentziakidetasuna emateko / -TZEA (nahi izan) osagarri jokatugabea gainerako erreferentziako subjektuak emateko.

Salbuespen dira bizkaierazko eta gipuzkerazko hizkera batzuk, -TZEA nahi izan molde bera erabil baitaiteke erreferentziakidetasunezkoetan ere: Nahi/gura nuke [hark/nik] zu ikustea.

Nahi izan bezalatsu antolatzen da nahiago/gurago izan predikatua ere: Nahiago dut zuk ikustea [-tzea perpaus osagarria]; Nahiago dut nik ikusi [-tu nahiago izan aditz perifrasia]. Hobe izan predikatuak, aldiz, bi moldeen arteko zalantza ageri du, are hizkera berean eta hiztun/idazle berarengan: Hobe da/dut hura joatea nire lekuan; Hobe dut (neu) joatea/joan.

30.7.3. Nahi, galde, eske, beldur, agindu(a), erregu eta mota horretako izenen perpaus izenlagunak

30.7.3.1. Perpaus izenlagun jokatuak

30.7.3.1a Adierazpen perpausekin egin bezala, bi atal bereiziko ditugu hemen ere, perpaus izenlaguna jokatua edo jokatugabea izan.

Subjuntibozko perpaus izenlagun jokatuak. Zehar-galderen kasuan bezala (§ 30.8.4), badirudi subjuntiboko osagarri jokatuek ere ezin dutela izen kategoriako gobernatzailea izan (??Bazkaria presta dezan eskea; ??Ikus gaitzaten nahia). Izatekotan, izena barnean duen predikatu konplexua izango da gobernatzailea: Mantsoago ibil gaitezen egin digute eskaria; Gaixoak sendo diten esperantzan gaude (M. Etxamendi); Bakandereak txarrik egin dagixun beldur ete-zara (Otxolua). Ondorengo adibideetako beldurrez, beldurrak eta beldur ere predikatutzat hartu behar dira (beldur izanik, beldur zirelarik…); ez dute, beraz, osagarria izenlagun gisa hartzen: Jaiki-erori zebillela ekusirik, bidean il zekien beldurrak, eman zioten lagun bat (Mendiburu); Zai apur bat galdu ez dedin bildurrez, ta urun ederra galduarren ardurarik ez (Mogel); […] barruan erabillen bere [kurutze]a Mañasik, iñok ikusi ezeion beldur (Agirre).

30.7.3.1b Badira, ordea, doi bat bitxiak eta ezohikoak izan arren, subjuntiboko izenlagun jokatua duten adibideak ere: Hortakotz igorri dautzut jin zaiten galdea (Larzabal); Hark Linboetarik altxa zetzan ustean (Etxeberri Ziburukoa); (‘zerbait egin’…) Jainkoa glorifika dadin desirekin (Leizarraga). Bitara uler daitezke adibide hauek: ‘subj. + izena’ / ‘subj. + aditz predikatua’ (galdea igorri, desiratuz, uste izanik). Baina ezin da guztiz baztertu izenlagun interpretazioa ere.

Ondoko adibide hauetan, azkenik, izenlagunek eraman ohi duten -ko atzizkia eta guzti ematen da subjuntiboko osagarria: Haren diszipuluak obitik gorputza ostu, ta eraman zezaelako bildurrez, ifini zituen obia zaitzeko guardak (Ubillos); Eskritura Santak dio […] aek utsegiteren bat Jaungoikoaren kontra egin zezaketelako beldurrez, aekgatik Jaungoikoari sakrifizioak ofrezitzen ziozkala (Gerriko).

30.7.3.2. Perpaus izenlagun jokatugabeak

30.7.3.2a Osagarri izenlagun jokatugabeak. Aurreko puntuan esan dugunaren haritik, zaila da askotan erabakitzea gobernatzailea izen soila den ala predikatu konplexua. Nolanahi ere, -tzeko atzizkia hartuko dute agindua, erregua, kezka, nahia, borondatea, asmoa, gogoa… adierazten duten izenek edo halako izenak barnean dituzten predikatu konplexuek.

Horrexegatik, hemen ere sar daitezke -tzeko osagarri jokatugabeetan eman ditugun adibide asko eta asko: Bost minutu falta dira azokak ateak ixteko; Datorren astean Parisera joateko asmoa du… Hemen sar daitezke beste adibide hauek ere: Hala, haiek hiltzeko agindua eman zien Davidek bere mutilei (Elizen arteko Biblia); Alde batetik, adoptatuak beste ezezko bat jasotzeko beldurra du (Berria); Ezbeharra gertatu zenean ezkontzeko eskaria egin gogo zion (Touyarou).

30.7.3.2b Oso antzekoak dira tenorea, garaia, unea izan/heldu… predikatu konplexuak ere. Osorik har ditzakegu gobernatzailetzat, baina tenore, garai edo une soilak ere izan daiteke izenlagun osagarria hartzen dutenak: Milioi eta erdi euskal herritarri baino gehiagori heldu zaie errenta eta ondarea aitortzeko garaia (Berria); Orain hiltzeko tenorea etorri zait (Borda); Eta orain iritsia duk nire galderaren erantzuna zein den jakiteko unea (Olarra).

30.7.3.2c Zenbait postposiziok ere (gisan, moduan, eran…) -tzeko osagarria eskatzen duten heinean, eta postposizio horiek izena oinarri duten heinean, uler dezakegu izen horren osagarri dela -tzeko: Bazkaldu berriak ginen, eta [zenbait egunentzat ongi izateko gisan] (J. B. Elizanburu); Inguruko guztiek entzuteko eran hitz egin zion; Erromeriara joateko moduan zaude.

30.8. Zehar-galderak

30.8.1. Ezaugarri orokorrak

30.8.1a Norbaitek egindako galdera, adierazitako zalantza, zuzenean eman ordez, aditz gobernatzaile baten azpian jartzen dugunean sortzen den egiturari esaten zaio zehar-galdera. Hau da, galdera zuzenean egin beharrean, zeharka egiteko baliatzen dugun egiturari. Non bizi garen galdegin digute edo Zer nahi dugun garbi esateko erregutu digute diogunean, zuzenean entzun beharrean zer galdetu edo erregutu diguten, ‘zehar-aipamena’ darabilgu. Informazio eskea dakarte adibide horiek guztiek.

Beste askotan, ordea, zehar-galderen forma izan arren, ez dira egiazko galderak izaten, ez dute informazio eskaririk adierazten: Ez dit esan [noiz etorriko den]; Ez dut erabaki [nori emango diodan]; Ez dugu pentsatu [nora joango garen]. Horrelako zehar-galderetan, beraz, modu zabalago batean ulertu behar da “galdera” kontzeptua. Mota honetakoak dira harridura perpausak ere: Zein ederki bizi zaren!

Perpaus nagusia nahi den bezalakoa izan daiteke, baita ezezkoa edo galderazkoa ere: Ez dit esan zenbatean saldu duen; Inork ba al daki non bizi den?

30.8.1b Galdera zuzenak bezala, zehar-galderak ere orokorrak eta zatizkoak izan daitezke. Orokorrek aukera adierazten dute; hemen sartzekoak dira ala eta edo juntagailuen bidez eratzen ditugun zehar-galderak: Ardoa ala txakolina hartuko duten itaundu die zerbitzaria. Mota honetakoak dira bai/ez galderak ere, azken batean hor ere aukera adierazten da-eta, baiezko erantzunaren edo ezezkoaren artekoa, alegia: Garaiz iritsiko den (ala ez) galdetu diet. Zatizkoak, aldiz, galde hitz bat behar dugu mendeko perpausean, perpausaren atal bati buruz ari baitira, nahiz aurreko puntuan esan bezala, zehar-galderetan askotan ez dagoen egiazko informazio eskerik: Lana noiz amaituko duten galdegin die igeltseroei; Badakigu kristala nork hautsi duen.

Kapitulu honen hasieran aipatu dugu nolako egokitze deiktikoak eskatzen dituzten zehar-aipamen horiek, eta baita perpaus osagarrien beste zenbait ezaugarri orokor ere (§ 30.2).

30.8.1c Zehar-galdera jokatuetako aditzak -(e)n menderagailua hartzen du, oro har. Bizkaieraz autore batek baino gehiagok erabili dute ba- aurrizkia mota honetako perpausen menderagailu gisa. Eta, aurreraxeago ikusiko dugunez, zehar-galdera orokorretan -(e)netz forma ere har dezake menderagailuak.

30.8.1d Zehar-galderen gobernatzaileak bi motatakoak izan daitezke: galdegin motakoak, egiazko galdera —orokorra zein zatizkoa— adierazten duen mendeko perpausa hartzen dutenak, batetik: Galdetu diegu arduradunei ea nork eman dien etxea eraiki eta hormak jasotzeko baimena (Elizen arteko Biblia); Norbaitek galdetu izan balio une hartan alemaniar jatorrikoa al zen, ukatu egin izango zuen (Atxaga); […] guardia bazkaltzera joan zen batez, Bordes-i galdegin nion nola zihoan eta zergatik sartu zuten han (Etxehandi); Bai… zer behar egiten dodan itaundu eustan eta nik basojagolea nazela erantzun neutson (I. Mendiguren). Gobernatzaile hauek ez dute onartzen zehar-galdera beste perpaus osagarririk, ez, behintzat, ‘galdera egin’ adieran: *Galdetu diot bihar etorriko dela. Besterik da ‘eskatu’ adiera hartzen dutenean subjuntiboko osagarria ere gobernatu ahal izatea: Garaiz etortzeko galdegin digute.

Bestetik, esan, jakin, ikusi, asmatu, beldur izan, dudatan jarri, gogoratu, gomutatu, kontuak atera, ohartu… moduko predikatuak ditugu, egiazko galderarik ez dakarten egiturak gobernatzen dituztenak: Ikusiko dugu nork agintzen duen hemen (Biguri); Inork ez daki non dagoen jakinduria, inork ezin asmatu hura nola bilatu (Elizen arteko Biblia); Esan zuk non elkar gintezkeen eta haraxe joango naiz (Navarro). Horrelakoak dira Hegoaldeko igarri eta adiera horretako sumatu ‘igarri’, nahiz antzeman ere: Denak batera hizketan, berak ez igartzeko zertaz edo norekin ari ziren (An. Garikano); Ene gorputz-ate guztiak miatzen ditut eta ez dut sumatzen nondik sartu diren (Unzurrunzaga); Biraoak gero eta sarriagoak ziren; ezin antzeman zitekeen nork esaten zituen, baina airea urratzen zuten (Morales). Predikatu hauek, bestalde, adierazpen perpaus osagarriak ere goberna ditzakete (§ 30.6); hain zuzen ere, predikatu hauek goberna dezakete perpaus osagarri konplexua, bi perpaus osagarri juntatu dituena, bata adierazpen perpausa eta bestea zehar-galdera: Esan al diozu noiz etorri den eta, etorri denean, anaiari muturka hasi zaiola?

Beste predikatu batzuek —aztertu, begiratu, eztabaidan egon…— galderazko osagarriak onartzen dituzte, baina adierazpen perpausik ez: Eztabaidan dago oraindik ea Aspergerren sindromea haur-autismo klasikoaren aldean erro-errotik desberdina den […] ala kasu larrienetatik kate bat ote dagoen (Olarra); Goiko leihotik begiratzen diat nor den ikusi eta atea irekiko diodan ala ez erabakitzeko (Lertxundi).

Hiztegiak esan behar digu, azken batean zein aditzek edo predikatu egiturak onartzen dituzten zehar-galderak eta zeinek ez.

Harridura adierazteko ere erabil daitezke zehar-galderak: Ez dakit nola dedan hitz oek esateko biotzik! (Larramendi); Ikustekoa da nolako harria jaso duen!; Ezin dut sinetsi zein merke saldu digun! Bistan da horrelako egituretan ez dela ezer galdetzen; harridura azaltzen da, besterik gabe.

Batzuetan adizki nagusia ez dago agerian; isilpean utzi dela pentsatu behar da: Bata ta bestia ebiltzan nork nori sartu mausa edo tranpia (Mogel); Batak eta berzeak dute enplegatzen ahala, / zeñi geldituren zaion biktoria zabala (Etxeberri Ziburukoa).

30.8.1e Zehar-galderek perpaus nagusian zer funtzio betetzen duten aztertzeko ere predikatu gobernatzailea nolakoa den hartu behar da kontuan. Du motako predikatuekin, objektu funtzioa beteko du zehar-galderak; baina da edo zaio motako aditzekin (ahaztu, argi egon, garbi egon, gogoratu…) subjektu funtzioa beteko du: Ez dago argi nork hil zuen; Ahaztu zaio noiz joan behar duen dentistarengana. Beste aditz batzuek, ostera, hala nola gogoratu, konturatu, ohartu, oroitu eta horien antzekoek, -z sintagmaren bidez adierazten dute barne argumentua (zertaz); eta egon oinarri duten zenbait aditz esapidek (adi egon, erne egon, zain egon…), -en sintagmaren bidez (zeren). Beraz, aipatu berri ditugun predikatu hauek gobernatzen dituzten zehar-galderek ere zertaz edo zeren galderei erantzuten diete: Ez naiz oroitzen zer esan genion elkarri (O. Arana); Ziur nago zain zaudela ea noiz esango dudan hotel batera noala (Payá).

Laburbilduz, aditzak nolako elementuak gobernatzen dituen, haien araberakoa izango du funtzioa zehar-galderak.

30.8.1f Zehar-galderek ez dute ondoren ez artikulurik ez kasu markarik edo postposizio atzizkirik onartzen. Ez dira, beraz, zuzenak azken urteetan nahi baino maizago entzun edo irakurtzen ditugun mota honetako perpausak: *Nork esan zuenari ez zion kasurik egin; *Ez naiz kezkatuko zenbat diru dutenaz; *Han zer esaten didatenarekin etorriko naiz zugana; *Ez zen oroitzen zer esan zionaz; *Nora joango denik ezin diezazuket esan. Erraz eman daitezke adibide horiek adizki nagusia aurrean ezarrita: Ez zion kasurik egin nork esan zuen; Ez naiz kezkatuko zenbat diru duten; Ez zen oroitzen zer esan zion; Ezin diezazuket esan nora joango den. Edo zehar-galderaz bestelako egitura bat aukeratuta: Zer esaten didaten entzun eta etorriko naiz zugana; Ematen didaten erantzunaren arabera hartuko dut erabakia.

30.8.1g Osagaien ordena. Kapitulu honen sarreran ikusi bezala, bi ikuspuntutatik azter dezakegu hurrenkera: batetik, predikatu nagusiaren eta zehar- galderaren artekoa (§ 30.4), eta, bestetik, zehar-galderaren barruko osagaiena (§ 30.5). Lehen ikuspuntuari dagokionez, perpausaren esanahia batere aldatu gabe, zehar-galderak perpaus nagusiaren aurrean nahiz ondoan azal daitezke: Esan diet [zer ordutan etorriko naizen] / [Zer ordutan etorriko naizen] esan diet. Dena den, zehar-galdera zenbat eta luzeago eta konplexuago izan, errazago emango dugu predikatu nagusiaren ondoren (§ 41.3f, § 41.4.3a).

Zehar-galderaren barruko elementuen hurrenkerari dagokionez, gainerako perpausetan (perpaus lokabeetan) ditugun arau berberak aurkituko ditugu (§ 41.4.3f). Arazo gehiago sor daitezke zati galderetan. Hauetan, aditzaren aurre-aurrean kokatu ohi da galde hitza, hau baita galdegaia: Galdegin dit [NORI idatzi diodan gaur]; Jakin nahiko nuke [ZENBAT liburu irakurtzen dituzten gaurko jubilatuek]; Oso ondo ikusi zuelako [NOREKIN ari zen] (J. M. Mendizabal); Esaiguzu behintzat [ZERTARA zoazten] (Montorio).

Adierazpen perpaus osagarriak aztertzean esan bezala (§ 30.6), nola/zelan, horra non ager daitezke -(e)n menderagailua hartzen duen perpausaren buruan: Oroitzen zara nola ilaran jarri behar izan zenuen beste ume batzuekin batera (O. Arana). Horrelako egiturak ez dira zehar-galderak, baizik adierazpen perpaus osagarriak; eta nola/zelan, berriz, elementu iragarleak.

30.8.2. Zehar-galdera jokatuak

Bi motatakoak izan daitezke zehar-galdera jokatuak: galdera orokorrak eta zati galderak (§ 30.8.1b).

30.8.2.1. Zehar-galdera orokorrak

30.8.2.1a Galde hitzik ez izatea da zehar-galdera mota hauen ezaugarria. -(e)n menderagailua da orokorrena, baina -(e)netz252 ere har dezakete zehar- galdera orokorrek: Geure buruari galdetu diezaiokegu, bada, ea zientzia gai denetz ezaguera-masa jakin bat gainditzeko (Juan Garzia); Nagok, Paxkal, ez dugunetz denek hemendik aitzina burua sobera berotuko eta azkenean galduko (Landart). Bizkaieraz, zenbait tokitan, ba- ere bai: Eztakit ezkonduko banaz (Etxeita); […] ta osabea ezekien bizi bazan edo ez (E. Azkue). Euskara estandarrean gaur ohikoa ez izan arren, ahozkoan maiz entzun daitezke horrelako egiturak.

Ikus Euskaltzaindiaren 115. araua: “Zehargaldera orokorretako aditz-atzizkia: -(E)N eta -(E)NETZ”, Lekeition, 2001eko otsailaren 23an onartua.

30.8.2.1b Ea partikula erabil daiteke zehar-galderari sarrera emateko edo hura indartzeko. Perpaus nagusiaren eta mendekoaren arteko lotura egiten du; eta badirudi perpausaren luze-laburrarekin ere baduela zerikusia (zenbat eta mendeko galdera orokorra luzeago, orduan eta errazago ager daiteke ea). Aukerakoa da, baina aditza isilpean denean, handiagoa da haren beharra: Galdegiozu (ea) etorriko den; Ea isiltzen zareten!; Eta horren bitartez egin kontsulta Jaunari ea bizirik aterako naizen gaixoaldi honetatik (Elizen arteko Biblia); Hegoari bai, erreparatuko zioten, bai barrualdetik eta baita mendi inguru eta kostatik ere, ea uso-usainik usnatzen zuten, edo… (P. Zabala). Kontua da, zalantza da, eta horrelakoekin ere, zilegi da ea agertzea: Kontua da ea zeuretzat aski den edo ez (O. Arana); Kontua zen ea zer animalia sartu han (Juan Garzia). Aurreraxeago ikusiko dugunez, zati galderen buruan ere eman daiteke ea.

Gehienetan, predikatuak informazioa eskatu edo nolabait aurrera begiratzen duena izan behar du: Galdegin dit ea dirua behar dugun; *Ahaztu zaie ea etxea itxi duten. Horregatik maiz gobernatzailea aginte adizkia izango da (esan iezadazu, begira ezozu…) edo xedezko perpaus bat (jakiteko): Esan ea egokitzen zaizun eta, egokitzen bazaizu, kontuan hartuko zaitugu (J. Zabaleta); “Kalibe” zioten, esaterako, eta ez zen modurik jakiteko ea burdina ulertzen zuten, edo zilarra, edo brontzea (Juan Garzia). Egia da, hala ere, galdetu, nahi (izan) eta behar (izan) direnean gobernatzaile, aditza edozein modutan doalarik ere, ea ager daitekeela: Galdetu zigun ea irakurri genuen Thomas Mooreren poesia, edo Sir Walter Scott eta Lord Lyttonen obrak (Aldasoro); Gazteak jakin nahi zuen ea gidaririk behar nuen, edo ea “karro” bat alokatu nahi nuen, edo ea gau zoragarri bat pasatzeko beste edozein gauza behar nuen (Jon Muñoz).

Baina batzuetan badirudi ez dela beti guztiz hola gertatzen: Iluntzean Orioli esan nion ea ur bila joango zen, garbitu egin nahi nuela eta (X. Mendiguren Elizegi); Eta orduan aitak esan zion ea nahi zuen berarekin joan bere klubera afaltzera (Iturralde); Joanesek ez zuen xuxen jakin ea, halako batez, atorra-beso puntarekin edo zerekin, zaindari txarpil haren eskua perekatu zuen ala ez (Bidegain).

30.8.2.1c Galdera lokabeetan ager daitekeen ote partikula (§ 23.5.3.5) maiz ageri da zehar-galderetan ere, batez ere beldur izan, duda izan, eztabaida izan edo kontu izan bezalako predikatuekin; hau da, susmoa edo zalantza, segurtasun eta jakintasun eza adierazten dutenekin. Baina ez da inoiz beharrezko eta ez du oinarrizko esanahia aldatzen. Ñabardura semantiko bat gehitzen du: zalantza edo susmo kutsua ematen du; ez du berak galdera markatzen. Ez dakit asmatu ote nuen (Saizarbitoria); Gogoak eman behar liguke behin edo behin ez ote den harritzeko […] guri bakarrik jakinduria ematea (Mitxelena); Beldur dira ez ote denez eskola hetsia izanen (Herria).

Ea-rekin batera ere erabil daiteke: Hannak bakarrik eusten beti ere bere zalantzari, ea zuzena ote zen gu ezkontzea, zuzena niretzat (J. A. Arrieta); Galda daiteke orain ea Peruren alde ote gauden ala kontra (Mitxelena); Eta ausartu nintzen galdetzen ea ezer egitekorik ote zuen arratsaldean, eta ezetz erantzun zidan (Saizarbitoria).

30.8.2.1d Al ez da ohikoa zehar-galderetan. Bai/ez erako zuzeneko galderetan erabiltzen da zenbait euskalkitan; betiere aukerakoa da, nolanahi ere. Baina, esan bezala, asko murrizten da zehar-galderetan al erabiltzeko aukera. Hiztun batzuek onartzen dute zenbaitetan: Ez al garen isilduko ari dira galdetzen; Zure ezpañetatik nai dizugu entzun / beste Erririk ba al dan, ikusi al dezun / onek aña Jesus maite dunik iñun (S. Mitxelena). Ea partikula buru duten zehar-galderetan ere ikus dezakegu inoiz behin: Herbertek erantzun ez, ordea, nire galderari, hots, ea oraindik sinesten al zuen zigarro puru alemanaren etorkizunean (J. A. Arrieta).

30.8.2.1e Aditzak adierazten duen ekintza edo gertaeraren baiezkotasuna markatzeko ba- aurrizkia eransten diogu adizki sintetikoei (§ 41.4.2b): badator, badaki. Baldintzetako (ikusten baduzu) edo zehar-galderetako (ez dakit ezkonduko banaiz) ba- ez bezala, baiezkotasuna markatzen duen hau azentuduna da. Galdegaiguneko ba- hori ipin daiteke zehar-galderetan ere aditz sintetikoaren aurrean: Aita Mokoroak badakien ala ez, nik ez dakit (Mitxelena); Ikusi behar da ea herri honetako biztanleek euskara salbatzeko borondaterik baduten (Herria); Eta, hartara, zinez jakin nahi nuke ba ote dauden Izpirituan bi motatako erabakiak, Irudimenezkoak batzuk, Libreak besteak (Xarriton). Baina ez da beharrezkoa; adibide horiek gramatikalak izango lirateke ba- gabe ere.

30.8.2.1f Ala/edo juntagailuak aukera galderetan. Galde perpausetan erabiltzen da, batez ere, ala eta galdera ez direnetan edo; horrek ez du esan nahi, ordea, edo juntagailua erabil ezin daitekeenik galderetan (§ 28.5). Berdin gertatzen da mendeko perpausetan ere: galderazkoak ez badira, edo erabiliko dugu; galderazkoak badira, ala erabil daiteke: Probatu egin nahi dut, ea nire esanera dabilen ala ez (Elizen arteko Biblia); Bietako batek ere ez zekien eurekin ala bere buruarekin ari ote zen hizketan (Epaltza); Txokok ez zekien bizirik ala hilik aterako zen historia honetarik (Borda). Baina edo ere zilegi da zehar-galderetan aukera bat adierazten duten bi osagai juntatzeko, batez ere Hegoaldean: Ez dakigu ekonomikoa edo kirol zigorra izango den, baina zigorra jarriko digute (Berria); Jakin nahi nuke zuek erretzen duzuen edo ez (Joxerra Garzia).

Goiko adibide horietan ala (zein edo) juntagailuak ez ditu perpaus osoak juntatzen, agerian behintzat, bi perpaus osagai baizik. Baina perpaus osoak ere ager daitezke ala-z juntaturik. Orduan bi perpauseko aditzek eraman behar dute -(e)n menderagailua: Edna begi begira geratuko zaizu ontziaren sabelean, esan diozun ala ez diozun ez dakiela (Sarrionandia); Bada, ez dakigu; ez dakigu benetan sinesten ote zioten, ala gezurti mixerable bat zela pentsatzen zuten (Linazasoro); Ez omen zuen sekula ziur jakiten zer esaten zen edo zer adierazten, zer galdetzen edo espero izaten zen (Olarra).

Sarritan, gainera, horrelako perpausek egitura bikoitza izan ohi dute. Lehenik zati galdera bat ematen da eta ondoren zati galdera hori hobeto zehazten da aukera-galdera bat formulatuz: Aristoteles handiaren obra arretaz irakurri ez duenak baino ez dezake galdetu arrautza ala oiloa, biotan zein izan ote zen aurrena (Joxerra Garzia); Jaunak erabaki dezala nork duen arrazoi, nik ala zuk! (J. A. Mujika); Jakintsu ala ezjakin eta ergel izan, hausnartzen ari izan nintzen hobea zer ote den (Elizen arteko Biblia); Itxura ona edo itxura txarra, ea bietatik zer dakarren egunak (P. Zabala). Hau, hala ere, zehar-galderetan ez ezik, mendeko ez direnetan ere gertatzen da: Zerk ematen dizu beldur handiena oraintxe bertan: hiltzeak ala burua galtzeak? (Berria).

30.8.2.2. Zehar-galdera zatizkoak

30.8.2.2a Galde hitza daramaten mendeko perpausak dira zehar-galdera zatizkoak. -(e)n menderagailua hartzen dute beti zehar-galdera zatizkoetako aditzek: Ez dakigu non bizi den/*denetz/*bada. Al partikulak ez du hemen lekurik: *Ez dakigu non bizi al den.

Zati galderek badute osagai bat, galde hitza, erreferentzia zehaztugabea duena. Zehar-galdera egiazki galdera denean, ezezagun gisa ematen den osagai hori identifikatzea eskatzen da: Jaun Marcel, orainokoan isilik izan zaitugu, eta jakin nahi nuke zuk ere zer irizten diozun (Irigoien); Zuzenean galdetu zidaten zer herritakoa nintzen (M. Mujika). Gainerako zehar-galderetan, adizki nagusia nolakoa den, hala interpretatzen da. Gehienetan ez da “ezezagun” horren erreferentziaz galdetuko (informazioa eskatuko), baizik, esan, erabaki, ikusi eta abar egingo da: Berak erabakiko du nork bisitatuko duen etxea eta nork ez (Olarra); Iduritzen beste anitz parabisu batean sartuak zirela eta nik ez ikusten non zitekeen enetzat parabisu haren atea (Dirassar).

30.8.2.2b Ea eta ote partikulak erabil daitezke zati galderetan ere, baina ez dira beharrezkoak (§ 30.8.2.1b): Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari (Elizen arteko Biblia); Lehen galdera bere buruari egiten dio, ea zein analogia edota konparazio baliatuko dituen (Unzurrunzaga). Galdegin, pentsatu, eztabaidatu, dudan egon, gogoetan egon, zelatatan egon eta antzeko predikatuekin maiz aurkituko dugu ea zati galderen buruan: Pentsa daiteke ea zergatik ez diren berehalaxe antigorputzak aktibatzen, urdailean dauden proteina arrotzak suntsitzeko (Aldasoro); Nire baitan gogoetan nagolarik, ea nolatan dirauten oraiko etxek (Hiriart-Urruti).

Perpausari ‘zalantza’ edo ‘susmo’ kutsua ematen dioten predikatuekin ote ere aurki dezakegu zati galderetan: Sekula ez da jakiten ahal joan-etorrian dabilen erregea inoiz itzuliko ote den (Alonso); Gurago dut guztiak telebistan berdin ikusi eta zein ote den imajinatu, asmatu, denak sasikume berdinak direla jakinda ere (Gonzalez); Gehienok ardura bakarra izaten dugu: noiz, nola eta non gertatuko ote den (Iturbe). Zehar-galdera orokorretan ikusi dugun ba- baiezkotasuna markatzekoa ikus dezakegu ondoko adibidean ere (§ 30.8.2.1e): Etxean inor ba ote den galdetzen du korridoretik (Olano).

Zehar-galdera orokorretan ere esan dugu batzuetan agerian behintzat ez dagoela aditz gobernatzailerik: Ea zer pasatzen den (P. Zabala); Orduan, larri beste bateltxoetan datozenak, ito egin ote den abadea, eta handik tartetxo batera non ateratzen duen hark burua (Jimenez).

Ea buruan duten zati galderetan ote ere ager daiteke: Auzo guztia beldurrak airean zegoen ea noiz egingo ote zuen ez egitekoren bat (Igerabide); Eskatu ere bai esan ziezaion ea non ote zen halako lorategia (Juaristi); Ezen nire buruari galdetzen bainion ea nola bil ote zezakeen inork bere baitan horiek betetzeko indarra (Aldasoro).

30.8.2.2c Ageriko gobernatzailerik gabeko zati galderak. Maiz erabiltzen ditugu zehar-galderak perpaus nagusirik gabe edo perpaus nagusi hori isilpean dutela. Hiru azpimultzo bereiz daitezke gobernatzailerik gabeko zati galderetan:

a) Ea buru dutenak. Goraxeago eman dugun adibideaz gain —Ea zer pasatzen den! (P. Zabala)—, beste hauek ere XXI. mendeko testuetatik hartuak dira: Gero defentsan ea nola moldatzen naizen (Berria); Ea nola doan (An. Garikano); Bigarren lehia makilarekin zen, ea nork botatzen zuen makila urrutiago (Atxaga).

b) Gauzak zeren arabera diren esaten dutenak. Galde hitza batetik, eta zehar-galderako -(e)n adizkia bestetik; horiek dira ageriko osagaiak: Etorriko al zara? Zertarako den! Isilik gelditzen den perpaus nagusia askotarikoa izan daiteke: ikusi egin behar, jakin egin behar, alde handia da, asko esan nahi du… Esate baterako: Ikusi egin behar… nola joan behar duen; Jakin egin behar… norentzat den; Ez da berdin… non edukitzeko den; Asko esan nahi du… nork esan duen. Gehienetan elkarrizketa gisako solasetan erabiltzen dira horrelakoak, baina bestelakoetan ere bai: Gero ez omen zioate jaramonik egiten… Berak zenbat egiten dien; Ez omen diote asko ordaindu… Zenbat ordu lan egin duen. Adibide hauek, eta hauen antzeko beste hamaika, bere soilean guztiz egokiak dira gaztelaniazko depende edo según-en ordainak emateko.

c) Harridura perpausak ere maiz zehar-galdera itxuran ematen dira, perpaus nagusia isilpean utzirik: Zenbat dakien horrek! Zein ederra den Aralar! Horrelako egituretan ikusi, pentsa edo horrelako aditzen bat izango litzateke isilpean utzi dugun gobernatzailea.

30.8.2.2d Galde hitzak adierazpen perpaus osagarrietan. Galde hitza izan daiteke adierazpenezko perpausen osagai ere perpaus osoa galderazkoa eginik: [Nor naizela] uste duzue? [Nor] uste duzue [naizela]? Beste hitz batzuetan esanda, zuzeneko galderak dira horrelako perpausak eta, horrenbestez, informazio eskaria dakarte beti.

Horrelako egiturak hertsiki makurtzen dira galdegaiaren araura: galde hitza kokatua dagoen sintagma beti aditzaren aurrean aurkituko dugu. Galde hitza perpausaren osagai zuzena bada, perpauseko aditzaren aurrean kokatuko da (norekin joan zarete trago batzuk hartzera?); galde hitz hori izen sintagma baten osagai bada, sintagma osoa kokatuko da aditzaren aurrean (nolako irakasleak jarri dizkizuete aurten?); eta galde hitz hori mendeko perpaus baten barruan aurkitzen bada, perpaus osoa jarriko dugu adizki nagusiaren aurre-aurrean (§ 41.4.3): [Nork ekarriko duela] uste du Mirenek? Bada, ordea, beste estrategia bat ere zilegi dena, zenbait aditzekin behintzat: galde hitza bakarrik ematea adizki nagusiaren aurrean, eta ez mendeko perpaus osoa: Nork uste duzu galdu nahi nauela biziki maite dudan emakume horren aurrean? (Jon Muñoz). Hain ohikoa ez izan arren, galde hitzaz gain, mendeko perpauseko beste osagairen bat ere eman daiteke adizki nagusiaren ezkerrean, mintzagai aurreratu bihurturik: Maria! Antonio nora esan didazu joan dela, olibondoetara? (Maia). Perpaus osagarri jokatugabeetan ere zilegi da joko hau: Jendea zain zagon, Cassandra, noiz pentsatzen dun ateratzea? (Cano).

Dena dela, aditz guztiek ez dute onartzen barruan galde hitza daraman osagarria. Uste izan, esan eta pentsatu bezalakoek bai, baina ez jakin, ahantzi, ikasi eta ohartu bezalakoek.

30.8.3. Zehar-galdera jokatugabezko perpaus osagarriak

30.8.3a Aditzoinaren edo partizipio burutuaren forma hartzen du zehar- galdera jokatugabeetako aditzak. Hala ere, balioa ez dagokio egiazko partizipio burutuarenari; ez du amaitutako gertaera edo ekintza bat adierazten. Aldea, beraz, formazkoa baino ez da ekialdeko eta mendebaldeko egituren artekoa: Zalantzan dira noren alde bozka / Zalantzan daude noren alde bozkatu.

30.8.3b Zehazkiago, honako baldintza hauek bete behar ditu zehar-galdera jokatugabeak:

Benetako galdera bati dagokiona izatea, eta ez harridurazkoa: Ez dakizu zer erosi behar duzun! (nolakoa den erosi behar duzuna, ona/txarra…) / *Ez dakizu zer erosi!

Subjektua erreferentziakide izatea (kontrolatua): Ez dakizu (zuk) zer erosi / *Ez dakizu guk zer erosi.

Zati galdera izatea, edo -tu ala ez erakoa: Ezin nuen asmatu nola gerarazi (O. Arana); Ez zekien Matilderi galdetu ala ez (Elorriaga).

Zentzu prospektiboa izatea: *Ez dakizu atzo zer erosi.

Azken ezaugarri horrek nolabaiteko sinonimia ezartzen du zehar-galdera jokatugabeen eta behar (izan) modala daramaten baliokide jokatuen artean: Badakizu zer erosi / Badakizu zer erosi behar duzun; Orduan erabaki nuen nola jokatu / Orduan erabaki nuen nola jokatu behar nuen. Beraz, honelako parekotasuna ezar daiteke: galde hitza + aditzoina/partizipioa = galde hitza + partizipioa + behar + indikatibozko adizkia + -n. Beste batzuetan badirudi ahalerazko balioa dagoela: Bere burua non ezkutatu ez zekiela; Ezin nuen asmatu nola gerarazi… Alegia, ‘bere burua non ezkuta zezakeen’, ‘nola geraraz zezakeen’…

30.8.3c Horiek horrela, nola edo halako erabaki behar baten ingurukoak dira predikatu gobernatzaileak: asmatu, pentsatu, zalantzan egon; adostu, eztabaidatu, partekatu; garbi eduki; erakutsi, ikasi, irakatsi, jakin; erabaki; agindu, esan… Hona zenbait adibide: Profanatua zegoen erre-oparietarako aldarearekin zer egin eztabaidatu zuten (Elizen arteko Biblia); Azkenean onartu zuten luze eta sakon hitz egin behar zutela auzi horretaz; gutxienez erabaki behar zuten zer egin, nola jokatu eta nolako neurriak hartu (Morales); Bere burua non ezkutatu ez zekiela helmugaratu zen Simoni gizajoa (Berria); Zaila zen zer erosi asmatzea, eta tarta besterik ez zitzaion bururatzen (Aldasoro).

Beraz, esan daiteke zehar-galdera jokatugabeek ez dutela adierazten jarduera bat, baizik eta jarduera (edo bestelako egiteko) bati buruzko estrategia edo; hau da, erabakien kudeaketari dagokion zerbait.

Gerta daiteke ageriko gobernatzailerik ez izatea ere: Halako ezin egon batean bizi ginen, egon ezinean, nork zer argitara eman, berehala erosi eta etxera eramateko (Salaburu).

30.8.3d Batzuetan partizipioa aurretik ager daiteke, galde hitza bakarrik utziz: Elizako gauzak artu nai ta etzekien nola [hartu] (Mendiburu).

Galde hitz bat baino gehiago ere ager daiteke, bestelako zehar-galderetan bezala: Non zer aldatu zalantzan bazaude, galdetu ta mendi-zaiak esango dizu (Munita); Non zer harrapa zebilen jende asko, kanpora ihes egindakoen etxeetara sartzen ziren (Sarrionandia). Azken adibide honetan ere, ibili aditzak perpaus osagarria goberna ezin dezakeenez, saiatu edo horrelako predikaturen bat dagoela isilpean pentsatu behar dugu.

30.8.3e Predikatu gobernatzailearen subjektua da, oro har, kontrolatzailea, goraxeago esan bezala. Agindu-esan eta irakatsi-erakutsi dira salbuespen nagusia: eragileak hartzen du hor subjektuaren kasua, eta datiboak ezartzen orduan kontrola. Argi ikusten da aldea honako bikote honetan: Ikasi zuen nola jokatu [hark ikasi, hark jokatu] / Irakatsi nion nola jokatu [hari irakatsi, hark jokatu].

30.8.3f Zehar-galderak eta perpaus erlatiboak. Galde hitza eraman arren, badira zehar-galderatzat ez, baina erlatibotzat hartu behar diren perpausak (§ 31.5.4): Geratuten da oraindiño zer irakatsi; Nork erosi faltako ez luke; Peruk badu nork lagundu. Itxuraz, zehar-galdera jokatugabeek bezala, beste hauek ere partizipio burutua edo aditzoina hartzen dute. Baina gauzak sakonagotik aztertuz gero, berehala ohartzen gara ez direla hain egitura bereko. Har dezagun honako perpaus bikote hau: Peruk badu [nork lagundu] / Peruri ez diote esan [zer egin]. Bigarren perpauseko esan aditzak gobernatzen du [zer egin] osagaia; lehen perpauseko (ba)du aditzak, ostera, ezin du perpaus osagarririk hartu. Izen sintagmak izaten dira aditz horren osagarri arruntak (etxea, alaba, gogoa…). Horrek erakusten digu aurkituko dut zer egin, ez daukat non lo egin eta horien antzeko perpausen egitura ez dela aurkituko dut [zer egin], ez daukat [non lo egin]. Egitura hori zuzena izango litzateke adibide horiek zer egin? galderari erantzungo baliote. Baina ez da hala, ez dute honakoa adierazten: ‘ez daukat zer egin’, ‘aurkituko dut zer egin’. Egiazko osagarria izen sintagma bat da, zer? galderari erantzuten diona, nahiz isilpean egon; izen sintagma horren erreferentziakidea da mendeko perpauseko non. Egitura zuzena, beraz, hauxe genuke: Ez daukat [[Ø]i [noni lo egin]], ‘ez daukat etxerik/oherik/lekurik non lo egin (dezakedan)’. Ohikoak dira horrelako perpausak gaurko euskaran ere: Hark ez du eskurik sartuko, baina badu nork egin lan zikina! (Goenkale); Badu norekin kontsolatu (Atxaga); Ez dugu non ezkutatu, eta hilda gaudelako plantak egiten ari gara (Larrañaga).

Aurreko mendeetako testuetan mendeko perpausak subjuntiboko aditza duela ageri zaizkigu horrelako egiturak, egiaz zehar-galdera ez direnak: Eztik non bere burua reposa dezan (Leizarraga); Ez dago nok egin dagijan penitenzijarik (Mogel).

Laburbilduz, beraz, badira zehar-galderak gobernatzen dituzten aditzak (jakin, ikusi, pentsatu, erabaki eta abar). Eta badira beste aditz gutxi batzuk —izan, ukan, aurkitu, bilatu…— [galde hitza + aditzoina / partizipioa] moduan azaleratzen diren erlatiboak onartzen dituztenak. Erlatibo hauen ardatza isilpeko izen bat izango da. Osagarria izen sintagma dela berresten du partizipioa artikulu eta guzti edo partitiboan emateko aukerak ere: Izan ere, umeak badu nork zaindua (Goenkale); Idazle horiek denek burua hutsa dute, ez dute zer esanik (Navarro).

Aztertzen ari garen egitura hauetako batzuek, bestalde, bitariko esanahia dute. Aldera ditzagun bi perpaus hauek: Ez dugu zer janik / Ez dugu zer janik beti okela. Lehenaren parafrasi egokia da ez dugu jatekorik. Bigarrenean, ostera, ez dugula beti okela jateko arrazoirik, obligaziorik, adierazten dugu. Hau da, ez dugu zertan/zergatik egituraren pareko bilakatzen da. Horregatik ematen ditugu okertzat, edo ez behintzat gomendagarritzat, zer(tan) eta beharrik pilaturik dituzten egiturak: ??Ez duzu zer(tan) haren bila ibili beharrik. Hona beharra edo obligazioa adierako adibide batzuk: Ni zerura iganagatik, ez da zuek zer penatu (Mendiburu); Eztugu bertzeri zer atxakia emanik, eta ez zer hoben egotzirik, geureak ditugu faltak (Axular). Perpaus nagusia ezezkoa denean gertatzen da maizenik balio hori, baina baiezkoa denean ere gerta daiteke: Bada/badu zer kezka; Bada/badu zer triste egon.

Galde hitza + -tuko moldeko perpausak ere erlatibo mota jakin baten tankera dute; ez dira egiaz zehar-galderak: Zain dago lagunak noiz etorriko / zer gertatuko. Batzuetan zain isilpean dela ere ager daitezke: Hantxe gelditu dira, zuk noiz deituko. Moduzkoen itxura hartzen dute orduan.

30.8.4. Zehar-galderak izenaren osagarri

30.8.4a Baieztapena baino areago, galdera edo zalantza sortzen da auzi honetan: izan al daitezke zehar-galderak —aukera galderak zein zatizkoak— izen baten osagarri? Euskaldun askok nekez onartzen dituzte honako adibide honen parekoak: [Autoa zenbat ordaindu genuen galdera] ez zitzaidan oso egokia iruditu. Badira, hala ere, euskaldunak horrelako egiturak emateko arazorik ez dutenak: Noiz hilko naizen beldurra askotan sentitu dut; Madrilen zenbat aldiz izan naizen galdera hamaika bider egin didate; Zer esango digun kezkak hartu nau. Baina, berriro esan, esamolde hauen tankerakoak ez dira euskaldun gehienen gogobetekoak. Literaturan ere nekez aurkituko ditugu horrelakoak, oraintsuko autoreetara jotzen ez badugu behintzat. Gainera, testuetan aurki daitezkeenak oso esamolde jakinetan ageri dira: ez zuzenean izen baten osagarri gisa, baizik izen horrek aditz batekin osatzen duen predikatu baten osagarri gisa: zalantzan jarri, kezkaz bete, susmoa izan/sortu, zalantzan ibili, zalantzaz egon eta horrelako predikatu egituren osagarri. Ondoko adibide hauek ikusi baino ez dago: Eta errikoak […] ikusi zutenean, jarri ziran, Sanson’ez zer esan etzekitela, eta jainkoa gizon antzean, edo gizon utsa ote zan zalantzan (Lardizabal); Era onetako jardunean egon ziran arrantzaleak luzaro, euren lagunakaz zer geratu ete zan kezkaz beterik (Agirre); […] bigarren mallako jantokira aldatzen utziko ote zioten galdera egin zuenean (J. A. Irazusta). Horien tankerakoak dira XXI. mendeko beste bi hauek ere: Frantzia jendegabetuko ote den beldurra al dago? (Montorio eta Elexpuru); Alde egin ote duen susmoa sortu zaizu gero, eta burua itzuli duzu badaezpada ere (Goikoetxea eta Egiguren); Banuen Imanolek ezetz esateko beldur pixka bat, uko egingo ote zidan beldurra, baina ez zen halakorik gertatu (A. Arana).

30.8.4b Bi ohar ikusi berri ditugun adibideak direla eta: a) bai/ez erakoak dira, gehienetan ote partikulak lagundurik ageri direnak; b) sarritan halako eten bat gertatzen da zehar-galderaren eta ustezko ardatz den izenaren artean, gobernatzailea ez baita izena bera, predikatu egitura osoa baizik. Gobernatzailea ez dela izena bera bakarrik frogatzeko, nahikoa da izen horiek zenbait kasu markaz hornitu eta perpausean legokiekeen osagai gisa jartzen saiatzea: ??Bigarren mailako jantokira aldatzen utzi zioten galderak zerbaitetarako balio izan zuen.

Askoz onargarriagoak egiten zaizkigu, ostera, beste hauek, nolabait “erdibituak”: Galdera egin didate Madrilen zenbat aldiz izan naizen; Beldurra sentitu dut noiz hilko naizen; Kezka handia dut zer esango digun; Ikara sartu zaio gorputzean nola biziko den. Adibide horiek erakusten dutenez, ez dago eragozpenik zati galderak emateko ere horrelako egitura “erdibituetan”. Hauetan ere, ordea, ustez gobernatzaile den izena absolutiboan ematen da; zailtasunak sortzen dira beste kasu batzuetan emanez gero. Horrexek pentsarazten digu, hain zuzen ere, predikatu konplexuak direla gobernatzaileak, eta ez izen soila (§ 30.6.2.1c, § 30.7.2.1.1d).

244 Ez Hautespen naturalak erabakitzen du bakoitza modu batekoa edo bestekoa izatea motako perpausetan ageri den erabaki predikatuaren erabilera.

245 -tzeari eman (dio) joskera ere ageri da tradizioan, gipuzkeraz behintzat; hau da, ekinen erregimenera lerraturik: Otzak ikaraz atera zan ibai aldera, ta bertako ur jelatan matazak jo ta garbitzeari eman zion (Etxaniz).

246 Oinarrizko bitasun bat islatzen da predikatu honen kasuan; gogoan izan, esaterako, itsasoari begiratu / itsasora begiratu bikotea.

247 -n atzizkia hartzen duen aditz izenaren formari dagokionez, -te eta -tze orokorrez gainera, badira beste zenbait euskalki-aldaera: -ite, -tute, -tzaite, -(k)eta… Baina ez dira oso ugariak gaurko erabilera idatzi estandarrean.

248 Aurrerago ikusiko dugunez, mugatu singularra ere aurkitzen dugu predikatu bakan batzuekin, baina beste adiera batean: Osasuntsu bizitzean datza auzi guztia.

249 Zentzu zabal batean darabilgu jarduera hitza: ‘nolabaiteko iraupena duen ekintza edo jarduna, jarraitua zein errepikakorra’.

250 Iparraldean: Lagunduko zaitut etxeko lanak egitera(t).

251 Utzi aditzak baditu beste joko batzuk ere aurrerago ikusiko ditugunak.

252 Literaturan beste forma batzuk ere ageri dira: -(e)nentz, -(e)nenz, -(e)nez, -(e)nz. Baina badirudi forma erabilienak -(e)nz eta -(e)netz direla. Baina autore zaharrek darabilte bi horietatik lehena; bigarrena da gaur ere erabiltzen dena. Ordea eztakizu zure baithan hala gerthatuko denz: halako faborerik, eta garaziarik eginen zaitzuntz (Axular).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper