Euskararen Gramatika

31. Perpaus erlatiboak

31. Perpaus erlatiboak

31.1. Perpaus erlatiboak izenaren modifikatzaile adjektibalen artean

31.1a Izen sintagmen ardatz diren izenek hainbat modifikatzaile har ditzakete, formaz askotarikoak baina funtsean eginkizun (adjektibal) bera dutenak (ikus § 14.1a, § 14.1b). Eskuinetik (ondotik), izenondo deritzegun adjektiboak: trinko, gorri, zabal, pozgarri, sarkor… Ezkerretik (aurretik), berriz, alde batetik, postposizio sintagmazkoak: gure, lagunen, aulkiaren (genitibozkoak) eta gainerakoak, -ko postposiziozkoak, hala nola etxeko, biharko, haientzako, zurekiko; eta, bestetik, perpausezkoak, jokatugabeak (-ko postposizioaz eratuak horiek ere: josteko, jositako) nahiz jokatuak: josi duzun.

31.1b Beharbada argigarri da zerrenda horren hurrenkera alderantzikatzea, hartara agerian geratzen baita nola jo daitezkeen gainerakoak perpaus jokatuzkoaren aldaera laburragotzat edo:

josi duzun zerbait

(zuk) jositako zerbait

josteko darabilgun/dugun zerbait

josteko zerbait

haientzat ekarri duten zerbait

haientzako zerbait

lagunek duten zerbait

lagunen zerbait

trinko den zerbait

zerbait trinko

31.2. Erlatibo motak

31.2.1. Perpaus erlatibo arruntak: jokatuak (P+-n) eta jokatugabeak (partizipio+-ta+-ko)

Sintagma adjektibalek, bada, lotura semantiko nabaria dute, azalean zein sakonean, perpaus batekin (proposizio batekin), eta horregatik aitortzen zaie predikazio bat dakartela berekin. Zein bere atalean aztertu ditugu sintagma adjektibal horietatik gehienak: adjektibo edo izenondoak (ikus 14. kapitulua), genitiboa (§ 18.6), postposizio sintagmak (ikus 19. eta 20. kapituluak), -tzeko perpaus osagarri (§ 30.7.2.1) nahiz helburuzkoak (§ 37.4). Geratzen zaizkigunak, hala, bi egitura dira nagusiki: gainerakoen oinarri modukotzat jo dugun perpaus jokatuzko sintagma adjektibala (perpaus+-n: josi duzun), eta haren bertsio jokatu gabea, partizipioa oinarri duena (partizipio+-ta+-ko: jositako). Horiek ditugu, zenbait aldaerarekin batera, perpaus erlatibo arruntak, hemen bereziki aztergai ditugunak.

31.2.2. Izenordain erlatiboz eraturiko perpaus aposiziozkoak (zein-+bait-/-n)

Horiez gainera, badira beste bi egitura perpaus erlatiboen sailean bildu ohi direnak baina, kidetasunak kidetasun, izenaren modifikatzaile adjektibal funtzio hori betetzen ez dutenak. Alde batetik, (euskarazko perpaus erlatibo arruntak ez bezala) izenordain erlatiboz eratzen diren aposiziozko perpausak; halakoak, aposizio ez-murrizgarriak dira funtsean (§ 28.9.2b), hau da, sintagmatik kanpoko aposizioak, eta, formalki menderatuak izanik ere, esaldi gehitu baten balio semantiko bera dute: zure semeari, zeina isilik baitago (= zure semeari / hura [zure semea] isilik dago). Oso urrun dago, bada, halakoen funtzioa eta esanahia, egitura ez ezik, -n menderagailuaz osaturiko sintagma adjektibaletatik, nahiz eta testuinguru jakin batzuetan (garbienik, aurrekaria erreferente zehaztugabekoa denean eta absolutiboan dagoenean) oposizio semantikoak neutralizatu: argitzeko dauden kontu potolo batzuk/asko = gauza potolo batzuk/asko(,) argitzeko daudenak = gauza potolo batzuk/asko, zeinak argitzeko dauden/baitaude. Halakoei ere leku zabala eskainiko diegu hemen. Ikusiko dugunez, bait- menderagailua erabiliz gero, izenordain erlatiborik gabe ere antola daiteke perpaus erlatiboa: ahots eder bat entzun dut, (zeina) eztitasunez beterik baitzegoen, haren (= zeinaren) parerik ez baitzen.

31.2.3. Korrelaziozko erlatibizatzea: galdera hitza (+bait-/-n), anafora [Zu nora (baitzoaz/zoazen), hara(xe) (noa) ni]

31.2.3a Beste alde batetik, bada beste joskera mota bat perpaus erlatibo arrunten balio semantiko bera izan dezakeena, baina bestelako egitura ageri duena, bi zatitan banatua; lehenbiziko osagaian, galdera hitz bat baliatzen da inkognita balioko erreferentetzat, eta bigarrenean, berriz, haren inkognita- erreferentzia bereko anaforaz erantzuten: hark zer [X edo Y] eskaini (baitizu/dizun), huraxe [X edo Y] onartu.

31.2.3b Adibide horretako parentesiak adierazten duen moduan, bertsio jokatua eta jokatugabea ditugu; horretaz gainera, ohikoa da osorik isildurik geratzea adizkia, hala nola esapide gisako askotan: eguzkia nora, zapiak hara (erlatibo jokatugabetzat hartuko ditugu horrelakoak). Konparatistek dioskutenez, oso prozedura zabaldua da hori (korrelaziozko erlatibatze delakoa) munduko hizkuntzen artean. Zenbaitek areago ere badiote: egitura horren bilakabidetzat ez ote diren hartzekoak gainerako erlatibo motak; honelatsu, alegia, euskaraz:

zer sari (X) eskaini dizun, sari hori (X)

(sari bat, X) eskaini dizun sari hori (X)

zer sari (X) eskaini baitizu/dizun, sari hori (X)

sari hori (X), zeina (X) hark eskaini baitizu/dizun

31.2.3c Perpaus erlatibo jokatugabeetan kausi daitezke korrelaziozko egiturak, bereziki errefrau eta esaeretan: kea nora, haizea hara.

31.2.4. Zehar-galdera jokatugabeen egitura bereko perpaus erlatibo balioko esapideak

Adierazpen aditzekin erabiltzen dira zehar-galdera jokatugabeak (§ 30.8.3), adizki nagusiaren denborarekiko aurrera begirakoak, eta beren baitan modalizazio bat daramatenak: Badakit zer/nori/nola esan (= esan behar diodan, esan diezaiokedan). Bada, egitura bereko perpausak erabiltzen dira beste aditz mota batekin erlatiboen balioko eraikuntza batean: Badaukat zer/nori/nola esan(a).

31.3. Zer den interpretazio zehaztailea eta zerk eragiten edo eragozten duen halakoa

31.3.1. Sintagma adjektibalak erreferente espezifiko (zehatz eta bakarra) duten izen-ardatzekin: pertsona izenordainak, izen bereziak

31.3.1a Izatez erreferente espezifikoa duten izen sintagmei ez dagokie berez modifikatzaile adjektibalik hartzea. Pertsona izenordainen kasuan, (ia) erabatekoa da debeku hori, espezifikotasunaren goren mailan baitaude ni, zu eta abar, pertsona zehatz batzuen erreferentzia ematen die-eta zuzeneko solas- inguruak. Izen berezien kasuan, berriz, gerta daiteke erreferentzia ez izatea nahitaez bakarra, hala nola Joanes, Etxeberri edo Markina diogunean. Kasu horretan, aukerakoa da erreferentea areago zehaztea: Zabaletako Joanes, Sarako Etxeberri, Arabako Markina, Joanes Etxeberri Sarakoa/Ziburukoa…

Azken adibidean bezala izen berezia amaieran ez badoa, determinatzailea hartzen du sintagmak, izen sintagma arrunten ereduan (non eta deitura bihurtu ez den: Peru Leartzako): Sarako Etxeberri / Etxeberri Sarakoa / gure Josune / Josune gurea. Modifikatzaile adjektibala perpausezkoa bada, hots, erlatibo- perpaus jokatu zein jokatugabea, areagotu egiten da erreferentea zehazten ari garelako interpretazioa: Saran jaioa den Etxeberrik… / Ziburun jaio(tako/riko) Etxeberriri… Bada berez aukera efektu hori arindu edo moteltzeko, perpausa eskuineraturik, baina ez da noski ohikoena gaur egungo euskaran: Etxeberri Saran jaioa denak; Etxeberri Ziburun jaio(tako)ak.

31.3.1b Perpausak adierazten duenaren arabera, eta izen bereziaren zehaztasun- mailaren arabera, zailago edo errazago izango da egitura horrek berezko duen zehazte-esanahi hori bere horretan hartzekoa den ala besterik adierazi nahi den, hots, honelakoren bat saihesteko erabili den: Etxeberrik, zeina Saran jaio baitzen,… Izen berezia buruan ez badoa, ez da halako eragozpenik, sintagmaren barneko aposizio modura (§ 28.9.2d) geratzen delarik orduan hura: Saran jaiotako [Joanes Etxeberri] idazle hark; Saran jaiotako [Joanes Etxeberri] mediku idazle horrek; Saran jaiotako [Joanes Etxeberri] (mediku) idazle bikainak.

31.3.1c Bereizi beharra dago, bada, IS arrunten moldeko halako egiturak eta burutzat izen berezi soila dutenak, azken horietan bakarrik gertatzen baita zehazte-interpretazioaren interferentzia. Perpaus erlatiboak izen bereziei —arruntei bezain usu eta aise— lotzen zaizkiela frogatu beharrez, ez dira adibide gisa aintzat hartzekoak segidan beste osagairen bat duten halako sintagmak. Izan ere, perpaus erlatibo baten ondotik doan izen bereziak erakuslea bakarrik har dezake, ez artikulua: Hau ez da nik miresten nuen Itziar; Hau ez da nik miresten nuen Itziar hura; Hau ez da nik miresten nuen *Itziarra. Joko hori, esan bezala, izenlagun guztiena da: gure Irene / *gure Irenea / gure Irene hori / Irene gurea. Hori, egiturari dagokionez; interpretazioari dagokionez, ikus § 31.3.3.

Bestela, bide beretik, antzeko testuinguruetan, pertsona izenordainak berak ere sar daitezke jokoan, gutxi asko, erakusleak baliatuz: Orain arte izan zaren zu (gazte) hori. Izan ere, halakoetan, bi kontu berezi ditugu: batetik, Joxe nahiz ni bat baino gehiago badirela ondorioztatzen dugu (inferentziaz); bestetik, erreferentzia bera seinalatzen dute erakusleak eta perpaus erlatiboak: hura = nik ezagutu nuen(a) / hori = orain arte izan zaren(a).

31.3.2. Interpretazio zehaztailea eragiteko gai den IS-konfigurazioa: [(sintagma adjektibal) I (sintagma adjektibal)] + -a(k)

31.3.2a Bidenabar, garrantzi handikoa da artikuluaz besteko determinatzaileek izen arruntezko ISetan ere duten portaera. Izan ere, zehaztaile nahiz murrizgarri (murriztaile ere erabili da) terminoei zentzu garbi bat emango badiegu, IS osoaren jokoari begiratu beharra dago, eta ez osagai bakoitzari. Argiago esanik, zehaztaile-interpretazioa hartzen duen (edo har dezakeen) konfigurazioa hau da:

[(EZAUGARRI: ekarri dituzun) (EZAUGARRI: ingelesezko) ZEHAZKIZUN: liburu (EZAUGARRI: zahar)] [ZEHAZGAILU: -ak]

31.3.2b Horren barnean integratzen dira, gero, askotariko joko semantiko eta pragmatikoak. Zehazgailu funtzioa betetzen duena, hots, zehazte-konfigurazioa osatzen —burutzen, ixten— duena artikulu determinatua da, esan bezala (hor, pluralekoa: -ak). Beste determinatzaile kidekoenek —batzuk artikulu indeterminatuak eta hauek/horiek/haiek erakusleek— ez dute balio funtzio horretarako. Lehenbizikoaren kasuan, indeterminatu / zehaztugabe izateak ezgaitzen du batzuk erreferente espezifiko bat zehazteko: labur geratzen da (zein liburu?: ?!liburu batzuk). Erakuslea, berriz, beste muturretik, bera da jada zehaztapena, perpaus erlatiboaren beharrik gabe (zein liburu?: (liburu) horiek), arestian izen bereziez ari ginela ikusi dugun moduan: liburu (zahar) horiek (= ekarri dituzunak). Horregatik, ez du zentzurik perpaus erlatiboen beren (nahiz edozein sintagma adjektibalen) zehaztailetasunaren kontuak honelakoetan: ekarri dituzun (ingelesezko) liburu (zahar) batzuk/horiek. Izatekotan, sintagma adjektibal multzoen arteko antolaera semantikoaren interpretazio-aukerak ditugu hor auzi: [ekarri dituzun [[ingelesezko liburu] [zahar]]]; [ekarri dituzun [[ingelesezko [liburu zahar]]]; [[ekarri dituzun [ingelesezko liburu]] [zahar]]

Jakina, murriztu, edozein modifikatzailek murrizten du izen arrunt soilaren adiera: (ingelesezko) liburu zahar sintagma adigai murritzagoa da liburu baino, baina ez da kontu orokor hori buruan duguna zein galderaren erantzun espezifikoari dagokion zehazteaz ari garenean. IS zehaztaile arrunta beste hau da hor: ekarri dituzun liburuak (zein liburu?: ekarri dituzunak).

31.3.3. Kasuan kasuko interpretazioa: sintagma adjektibalen semantika eta pragmatika

31.3.3a Esan bezala, gero, semantikak eta pragmatikak aginduko dute. Sintagma adjektibalen artean nolako —eta ez zein— adiera hartzeko joera nabarmena dutenak, hots, izenondoak, ez dira guztiak berdin integratuko, beren esanahiaren arabera. Adjektibo kalifikatzaile askok interpretazio biak onartuko dituzte: Auto txikia/gorria erosi dute (zein auto?, nolako autoa?). Iritzi-emate eta enfasia nagusitu ahala, nekezago gertatuko da zein interpretazioa: Auto bikaina erosi dute (nolako autoa); ?!Bikaina (dena) aukeratu dute eta ez kaxkarra (dena). Alegia, egiturazko anbiguotasun kasuetan, perpaus erlatiboak —edozein sintagma adjektibalek— adierazten duen ezaugarria nolakoa, hartara lerratuko da interpretazioa, betiere testuingurua lagun. Eskuarki, ez da nagusituko interpretazio zehaztailea (beste liburu kuttun batzuekiko kontrasterik, alegia) honelako batean: behin eta berriro irakurri ohi ditugun liburu kuttunak (kuttunak = behin eta berriro irakurtzen ditugun(ak)); bai, aldiz, honelakoetan: goizean etxera ekarri dizkidazun eskola-liburuak.

Errepika dezagun ez dela halako bereizkuntzarik determinatzailea artikulua ez denean: behin eta berriro irakurri ohi ditugun liburu kuttun horiek/batzuk; goizean etxera ekarri dizkidazun eskola-liburu batzuk/horiek.

31.3.3b Laburturik, bada: interpretazio zehaztailea IS batzuen konfigurazio jakin oso batean oinarritzen da:

[(EZAUGARRI aipatzen ari garen) ZEHAZKIZUN izen] [ZEHAZGAILU -a(k)]

ISaren osagai diren egiturek (perpaus erlatiboek zein bestelako modifikatzaile adjektibalek) ez dute berez behartzen halakorik; izatekotan, semantikak eta pragmatikak lagundu egiten dute edo eragotzi halako interpretazioa ematen artikuluz determinaturiko IS osoari.

31.3.3c Izen berezietara itzulirik, baldin eta halakoekin erabili nahi badira perpaus erlatiboak (bai eta gainerako izenlagunak ere, hots, ezkerretiko sintagma adjektibalak), kontuan hartu behar da noiznahi aktiba daitekeela, konfigurazio horretan, interpretazio zehaztailea, gutxien uste denean ere: euskarak hainbeste zor dion Mitxelena beste Mitxelenaren batekin kontrastean interpreta daiteke, eta, ezaugarri horren murritzean ere, nortaz ari gara: Luis Mitxelena hizkuntzalari errenteriarraz ala Joakin Mitxelena bertsolari oiartzuarraz? Egia da bestelako joskera argiagoek ere —Mitxelena, zeinari hainbeste zor baitio euskarak nahiz Mitxelena, euskarak hainbeste zor dion (errenteriar) hizkuntzalari (bikain)a— ez dutela areago zehazten erreferentea, baina guztiz argi uzten dute Mitxelena bat bakarra dugula hizpide, beste inorekiko zehazte- kontrasterik gabe.

31.3.3d Izen bereziekin bezalatsuko kontua dugu berez erreferentzia bakarrekotzat jotzen ditugun izen arruntekin ere: beti ondoan izan dituzun gurasoek; hain gogaikarri egiten zaigun garizuman. Hor interpretazio zehaztailea eragotziko lukeena ez da egitura gramatikala, semantika hutsa baizik: nekez irudika dezakegu hor, esaldiak literalki hori iradoki arren, beste gurasorik edo beste garizumarik. Axularrek ere badu halako bat, ustez bakarra testu guztian: hanbat kalteren eta damuren haste eta pitzgarri den alfertasuna. Egitura gramatikala eta semantika eskutik joan daitezen, halakoetan eta bestelakoetan, bada betiere aukera egokirik: gurasoek, beti ondoan izan baitituzu; garizuman, hain gogaikarri egiten zaigun aldi horretan; alfertasuna, zeina hainbat kalte eta damuren haste eta pizgarri baita.

31.4. Perpaus erlatibo jokatuak

31.4.1. Zer diren perpaus erlatiboak

31.4.1a Perpaus erlatiboak funtzio adjektibala duten perpaus menderatuak dira, izenlagunen moduan agertzen ohi direnak (ikus § 14.1b). Haien ezaugarria da barnean badutela izen sintagma bat, erlatiboa osagai gisa hartzen duen izen sintagmaren erreferentzia duena, eta euskaraz komunzki agerian ezin ager daitekeena: [[Goiz honetan Ø1 hitz egin dizun] gizonari1] eman diot liburua. Adibide horretan, perpaus erlatiboan isilpean dago [gizonak], hitz egin aditzaren subjektua, perpaus nagusiko sintagma datiboaren (gizonari) erreferentzia bera duena.

Perpaus horretan, datibozko izen sintagmaren barnean, goiz honetan hitz egin dizun perpaus menderatua ageri da, gizon izen ardatzaren lagun (modifikatzaile adjektibal), haren ezkerrean: [[[Goiz honetan hitz egin dizun] gizon]ari] eman diot liburua.

31.4.1b Ikus daitekeen bezala, izenlagunen tokian eta haien zeregina duela dator perpaus menderatua. Modu horretan azaltzea, haatik, ez da aski perpaus erlatiboa izateko, ezen badira perpaus batzuk izenlagun bai baina erlatibo ez direnak (§ 30.6.4). Goiz honetan hitz egin dizun perpaus erlatiboa da, zeren, agerian ez den arren, baita haren barnean izen sintagma bat, erreferentziakide dena datiboan den izen sintagmarekin (gizon izanki ardatza). Izan ere, perpaus horretan, denok ulertzen dugu liburua eman diodan gizona, goiz honetan hitz egin dizun gizon hura bera dela, perpaus hori bi perpaus hauetaz osatua balitz bezala: A) Goiz honetan gizon batek hitz egin dizu; B) Gizon hari eman diot liburua. A eta B perpausetan gizon bera aipatua da, noski; bestela esanda, haietan diren bi izenek erreferentzia bera dute. B perpausean agertzen den gizon izenaren mendeko egin dela A perpausa, eta denbora berean hartan isildurik gelditu dela gizon izen ardatza zeukan sintagma. [[Goiz honetan Øi hitz egin dizun] gizonai]ri eman diot liburua. Datiboaren marka duen izen sintagmaren erreferentzia eta perpaus erlatiboan isildua den izen sintagmarena (Ø) bera da; i indizeak markatzen duena, hain zuzen. Kontuan har bedi, perpaus erlatiboan azaltzen ez den izena ezin ager daitekeela, hots, nahitaez isildua izan behar duela. Beha nolako perpaus moldegaitza ager lekigukeen perpaus erlatiboan isildu behar den izena isilean atxiki ez bageneza: *Goiz honetan gizonak hitz egin dizun gizonari emanen diot liburua.

31.4.2. Perpaus erlatiboetan diren mota desberdinak

31.4.2a Perpaus erlatibo jokatuak aipatu dugun horren irudikoak dira gutiz gehienetan euskaraz; horregatik perpaus erlatibo arruntak direla erranen dugu. Badira, bestalde, beste perpaus erlatibo batzuk, besteetarik franko desberdinak direnak, aposiziozkoak baitira beti. Halakoak dira, adibidez, honako perpaus erlatibo hauek: Egun ederrak iragan ditugu, [zeinez luzaz oroituko baikara]; Egun ederrak iragan ditugu, [luzaz haietaz oroituko baikara].

Halako perpausak, gure lanean zein-erlatiboak deituko ditugunak, tradizio luze-luzea dute euskal literaturan, nahiz ez diren hain erabiliak egun euskara mintzatuan, eguneroko erregistroan behintzat; bai, ordea, idatzian. Aitzinago ariko gara perpaus horietaz (§ 31.4.4), bai eta Iparraldeko autore modernoek bereziki baliatu izan dituzten eta gure lan honetan bait-erlatiboak deituko dugun motakoez. ariko Haien ondotik aztertuko ditugu korrelaziozko perpaus erlatiboak eta aurrekaririk gabeko galdera izenordaina duten beste batzuek haiek ere tradizioa baitute gure literaturan, luzeagoa edo laburragoa: Nor ere ikusiko baituzu han, hari emaiozu; Ekarriko diot nori ere erranen baituzu; Ez dago nork egin dezan horrelakorik.

31.4.2b Honaino aipatu ditugun perpaus erlatiboak jokatuak ziren. Badira, halere, batzuk jokatuak ez direnak: [Zuk egindako] lana; Horrek ere emanen dizu [zer pentsa(tu)]. Perpaus erlatibo jokatuen ondoren aztertu ditugu horrelako egitura jokatugabeak. Hona, beraz, kapitulu honetan segituko ditugun azterketa urratsak: Perpaus erlatibo jokatuak: Perpaus erlatibo jokatu arruntak (§ 31.4.3); Zein-erlatiboak (§ 31.4.4); Bait-erlatiboak (§ 31.4.5); Korrelaziozko erlatiboak (§ 31.4.6). Perpaus erlatibo jokatugabeak (§ 31.5): Perpaus erlatibo jokatugabe arruntak (§ 31.5.2); Korrelaziozko perpaus jokatugabeak (§ 31.5.3); Galderazko izenordaina daukaten perpaus erlatibo jokatugabeak (§ 31.5.4).

31.4.3. Perpaus erlatibo jokatu arruntak

Ikusi dugu zer diren perpaus erlatibo arruntak. Orain, perpaus horien egiturari dagozkion beste zenbait ezaugarri ikertuko ditugu, eta, denbora berean, baliatuko dugun hiztegia ere finkatuko dugu.

31.4.3.1. Izen sintagma erlatibatua: perpaus erlatiboan isildua dena

31.4.3.1a Perpaus erlatiboa eraikitzean isildu den elementua ez da izen soil bat, baizik eta izen sintagma bat osoa, harekin batean ezabatu delarik kasu marka ere (ergatiboarena, hasierako gure adibidean). Modu berean, segidako adibide hauetan, izen sintagma ergatiboa eta inesiboa datoz isildurik, hurrenez hurren: [Ø jo nauen] gizona ezagutzen duzu; Egun batez [Ø sortu nintzen] herrira itzuliko naiz. Hemendik aitzina, izen ardatzarekin erreferentziakide den perpaus erlatiboko izen sintagma isilduari izen sintagma erlatibatua erranen diogu. Kontuan har anbiguotasunak ager daitezkeela isiltze horrengatik: Zer gertatu zaio [Ø Ø ikusi duen] gizonari?

31.4.3.1b Halako perpaus erlatiboaren interpretazioa testuinguruak baizik ezin argi dezake. Izen sintagma erlatibatuari isildurik dagoen sintagma ergatiboa badagokio, ulertuko dugu ikuslea dela gizona (zer gertatu zaio istripua ikusi duen gizonari? adibidearen pareko egitura genuke orduan). Aldiz, sintagma absolutiboa badagokio, ulertuko dugu beste norbaitek ikusi duen gizona dela (zer gertatu zaio Jonek ikusi duen gizonari? egituraren parekoa luke orduan).

31.4.3.2. Perpaus erlatiboetako menderagailua

31.4.3.2a Perpaus erlatiboak perpaus menderatuak izanik, menderagailua lotu behar zaio haien barneko aditz jokatuari. Menderagailu hori -(e)n da beti hemen aurkezten ditugun perpaus erlatibo arruntetan. Beste zenbait perpaus menderatutan ere baliatzen da atzizki hori, hala nola zehar-galderetan; berdinak dira kasu guztietan menderagailua lotzerakoan gertatzen diren egokitzapenak (§ 29.3).

31.4.3.2b Perpaus erlatibo arrunten berezitasuna da halakoetan azken tokian agertu behar duela menderagailuak nahitaez, eta, beraz, adizki jokatua beti hondarrean behar dutela: [Inoiz ikustera joaten ez naizen] lagunak. Perpaus erlatiboa lagun izen ardatzaren aurrean da, eta aditz jokatua da hartan azken tokian agertzen dena, -(e)n menderagailua duela. Ez da hor ezezkako perpausetan usaian kausitzen den ordena, zeren guziz ohiz kanpokoa baita horrelako ordena modu horretako perpaus beregainetan: ??Inoiz ikustera joaten ez naiz. Perpaus beregainetan bitxia edo ohiz kanpokoa den ordena hori, ez soilik ohikoa eta zilegi (beste zenbait perpaus menderatutan gerta daitekeen bezala), baina ezinbestekoa da perpaus erlatiboetan, laguntzen duten izen ardatza agerikoa denean behintzat.

31.4.3.3. Perpaus erlatiboaren tokia ardatzari buruz

31.4.3.3a Ikusi dugu perpaus erlatibo arruntak izenlagunen moduan agertzen diren perpaus menderatuak direla. Izenlagunak, dakigunaz, ardatzaren ezkerrean ematen ohi dira euskaraz, eta hala agertzen dira komunzki perpaus erlatibo arruntak ere. [Inork irakurtzen ez dituen] liburuak. Horrek, haatik, ez du erran nahi ardatz horrek ez dezakeela beste inguratzailerik izan, hala nola izenlagun bat edo zenbatzaile bat: [Aspaldi irakurri ez nituen] euskarazko hiru liburu hartu nituen. Adibide horretan, liburu da perpaus erlatiboa dagokion izen ardatza; erlatiboaren eta ardatzaren artean, euskarazko izenlaguna eta hiru zenbatzailea agertzen dira. Ardatzak ezkerrean mota desberdineko lagun bat baino gehiago duenean, erlatiboa da komunzki ezkerrean urrunenik izaten dena, hor bezala. Batzuetan halere genitibo edutezkoan den izenlaguna perpaus erlatiboaren ezkerrean agertzen da, testu zahar zenbaitetan bereziki: Itzuliren naiz [neure [ilkhi naizen] etxe]ra (Leizarraga). Gaur egun ere gertatzen da batzuetan izenlaguna perpaus erlatiboaren ezkerrean agertzen baita, zenbait esapidetan batez ere: [Harako [aipatu nizun] gizon] hura.

31.4.3.3b Perpaus erlatiboak, beste izenlagunak bezala, ezkerrean izaten ditu izen ardatzak, eta horregatik euskaraz erlatiboak ezkerretik txertatzen direla esaten da, eta ez hurbileko erdaretan bezala eskuinetik. Hargatik, gauza ezaguna da batzuetan izenlagunak ardatzaren eskuinean ere ager daitezkeela, determinatzailearen aurretik, izenondoen tokian. Gauza bera gertatzen da erlatiboekin ere, ondoko adibidean bezala: Gizon [aspaldi ikusi ez nituen]ak aurkitu nituen han. Hor, perpaus erlatiboa ez da aposatua, baizik izen sintagmaren barneko osagarria, izenondoen lekuan doana. Izen ardatzak (gizon) ez du, beraz, hondarkirik, sintagmaren bukaeran erlatiboaren ondoren agertzen baita hondarkia (-ak). Eskuineko perpaus erlatiboak izenondo baten ondoan eta atzetik beste elementu bat dutela ager daitezke izen sintagmaren barnean: Gizon gaizto, [herrian orok hastio zuten] bat; Apez eskualdun arrotz [gu hainbertze maite gaituen] hari. Halere, izenondoak, eskuinaldeko erlatiboaren atzean ere izan daitezke, nahiz ez den hori haien usaiako tokia: Holako gezur [xutik doatzin] izigarriek.

Badirudi euskalki guzietan erabili direla eskuineko erlatiboak. Gaur egun, ordea, gutiagotan erabiltzen dira, bereziki erdialdeko eta mendebaldeko euskalkietan. Eztabil zu legez basatzarik basatza oñetako meiakaz, ta bai zaldi [berak beste urte ditu] (b)anian (Mogel); Artu egizu beiñ onako trapu [ikusleak ekarri dituz]anak (Mikoleta); Zeren ezpaitituk sinhetsi ene hitz [bere denboran konplituren dirade]nak (Leizarraga). Eskuineko eta ezkerreko tokiak zilegi izanik, ardatz berak perpaus erlatiboak izan ditzake bi aldeetarik, ezkerrean eta eskuinean: [Aipatu zenidan] haur gaizto, bihurri, [inork jasan ez dezakeen] hark egin omen du; [S. Joanek sardonix deitzen dion] arri [zuri gorritara ematen duan] bat (Agirre Asteasukoa). Izen berezien eskuinean ere erabil daitezke erlatiboak: Neskatxa hori aitaso Kinh [ongi ezagutzen duzuen]arena baita, errazue zer gaizki egin dautzuen (Zerbitzari).

31.4.3.4. Sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko beste perpaus menderatu batekoa denean

31.4.3.4a Perpaus erlatiboak menderatuak izanagatik, berek ere barnean perpaus menderatuak izan ditzakete. Zer gertatzen da, beraz, horrelako perpaus batean agertzen bada izen sintagma erlatibatua? Zilegi al da horrelakorik egitea? Bada, bai; bereziki, -(e)n menderagailua hartzen duen aditzaren perpaus osagarri bati badagokio perpaus menderatu hori: [Inoiz [Ø ikustera] joaten ez naizen] lagunak. Isildurik dagoen izen sintagma erlatibatua adlatiboan den perpaus osagarri jokatugabean sartua da. Aurreko adibidean perpaus osagarri jokatugabe batean sartua zen izen sintagma erlatibatua, baina perpaus osagarri hori jokatua ere izan daiteke: [[Ø laguntza emanen dizula] uste duzun] gizona; [[Ø salatuko ote zaituen] beldur zaren] gizona. Joko hori perpausak horrela metatuz eta barnago joanik errepika daiteke; hots, perpaus osagarriko aditzari dagokion beste perpaus osagarri batekoa ere izan daiteke izen sintagma erlatibatua. Haatik, orduan, gramatikak eskaintzen duen ahal hori ezin baliatuzkoa gertatzen zaie hiztunei, gramatikaren legeak kolpatzen ez diren arren, menderatze segida horretan galtzen baitira: [[[Ø ikusiko duzula] pentsatzen duzula] erran didazun] gizona. Usaian, beraz, idazleak ez dira lehenbiziko perpaus osagarria baino barrenago joaten: [[Gero eginen dugula] diogun] ontasuna (Axular); Zeruan deitzen dioten tokian [[badirela] dioten] saindu edo aingeru hetarik bat? (J. Etxepare). Ikusiko ditugu geroxeago horrelako perpausetan gertatzen diren zenbait komunztadura arazo.

31.4.3.4b Berdin erlatibatzen ahal ote dira gobernatzaile baten pean ez dauden mendeko perpaus bateko izen sintagmak (perpaus adjuntuak, alegia). Ez hain errazki behintzat. Alabaina, izen sintagma erlatibatua horrelako perpaus adjuntu batean sartua denean, denborazko perpaus batean adibidez, edo baldintzazko batean, edo kausazko batean, erdipurdikoak-edo dira ondorioak, inguru egokietan agertzen ez badira bereziki, dudazkoak edo traketsak, gutiago edo gehiago, nork esan edo entzuten dituen: ?[Ø hil berria baitzen denak arras penatuak ginen] haur gaixo haren ama altxatu zen; ??Badira [Ø eskolan falta direnean haurrak pozten diren] irakasleak.

Adibide horietan, izen sintagma erlatibatua objektua edo subjektua izanik, ez da erlatibatze eskalari dagokion oztoporik. Hargatik, ikus daitekeen bezala, ondorio hala-holakoak ditu erlatibakuntzak adibideotan, nahiz interpretazio erraza izateko eratuak izan diren. Arrazoia argi da: kausazko perpaus batean eta denborazko batean sartua da sintagma erlatibatua, hitz batez, perpaus adjuntu batean, eta ez perpaus osagarri batean. Ikus kontrastea, berdin, erlatibo jokatugabe hauetan: [[telebistan Ø ikusteko] etxean gelditu ginen] filma; [[bart Ø ikustera] joan ginen] filma. Lehen adibidean, izen sintagma erlatibatua helburuzko perpaus jokatugabe adjuntu batean sartua da (erlatibatzerik gabe, honelako zerbait izan daiteke perpausa: Etxean gelditu ginen, filma ikusteko). Bigarren adibidean, berriz, izen sintagma erlatibatua joan ginen aditzaren osagarri den perpaus jokatugabean sartua da (Bart filma ikustera joan ginen). Bi adibideetan perpaus menderatuak formaz berdintsu izanagatik, anitzez naturalago gertatzen da erlatibatzea bigarrenean.

31.4.3.5. Perpaus erlatiboen barneko osagaien tokia

Ardatza agerian duten perpaus erlatiboetan aditz jokatua bukaeran agertzen ohi dela ikusi dugu gorago. Horregatik, haien barneko izen sintagma guztiak aditzaren ezkerrean ohi dira: [goizean kalean ikusi ditudan] haurrak. Hor, perpaus erlatibotik ateratzen badugu, moldegaizki eratua da kalean sintagma: *[goizean ikusi ditugun] haurrak kalean. Geroago ikusiko dugunaz, bestela ageri dira gauzak izen ardatza isildua daukaten sintagmetan (§ 31.4.3.13).

31.4.3.6. Zein diren erlatiba daitezkeen izen sintagmak: erlatibatze eskala

31.4.3.6a Gorago erran dugun bezala, izen sintagma erlatibatuari dagokion kasu marka ere isildurik gelditzen da perpaus erlatibo arruntetan. Horrenbestez, hiztunek ez dute informaziorik, ez informazio zuzenik behintzat, izen sintagma horrek perpaus erlatiboan duen funtzioaz, edo dagokion kasuaz, eta ingurumen sintaktikoaren eta diskurtsiboaren arabera aurkitu behar dute dena delako funtzio edo kasu marka. Halatan, ez da harritzeko sintagmen eginkizunen araberako erlatibatzeko eskala bat agertzen baita euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, izen ardatzaren kasua eta izen sintagma erlatibatuarena desberdinak direnean batez ere, gero ikusiko dugunaz (§ 31.4.3.13).

Kontu horietan gehienetan zirt-edo-zarteko legerik ematerik ez den arren, oro har, esan daiteke eskala horretan hiru maila bereiz daitezkeela, erlatibatzeko erraz diren sintagmetatik nekezenetaraino: a) egiturazko kasua duten osagarriak, b) egiturazko kasua ez dutenak, c) adjuntuak. Mailakatze horretan, kontuan hartzekoak dira faktore sintaktikoak eta morfologikoak, bai eta semantikoak ere.

31.4.3.6b Lehen mailan, errazkienik, arazorik gabe, erlatiba daitezkeen izen sintagmak ditugu: subjektuak eta objektu zuzenak, erran nahi baitu kasu ergatiboa eta absolutiboa dakartenak. Sintagma datiboak doi bat zailago dira erlatibatzeko, baina halere sail berean ezar daitezke kasu gehienetan. Beraz arazorik gabe erlatiba daitezkeen sintagmak dira absolutiboan, ergatiboan edo datiboan direnak. Ergatiboa: [Gero idatzi zuen] idazlea Urdazubin jaio zen. Absolutiboa: [Bihar mintzatuko den] hizlariak jorratuko du gai hori; [Erosi duzun] liburuak izenburu bitxia du. Datiboa: [Liburu bana eskaini diezun] lagunak pozik daude. Predikatu osagarri diren izenak ere modu berean erlatiba daitezke: [Naizen] euskaldun kaxkarrari ez horrelakorik galda!

31.4.3.6c Bigarren mailan, aditzaren argumentu edo osagarriei dagozkien sintagma adberbialak ditugu, solas ingurumen egokietan bereziki aski erraz erlatibatzen direnak, baina testuingururik gabe hiztun anitzi franko bitxi iruditzen zaizkienak. Gutiz gehienetan, izen sintagma hauen kasu markak morfologikoki bakunak edo arinak dira: instrumentala, eta, bizigabeekin, inesiboa, adlatiboa eta ablatiboa. Halakoak, interpretazioaren eraikitzeko aukera eskaintzen duten perpausetan erabiliz gero, aise erabil daitezke izen sintagma erlatibatuetan: Aurkitu ote dute [akusatu ninduten] krimenaren egilea? Artikulu bat idatzi nahi dut [orain bizi naizen] herriaz. Sail berean eman daitezke genitibozko zenbait lokuzioren osagarriak (bila ibili, zain egon, galdez egon…), objektu bati dagozkiolarik: Azkenean agertu ziren [oihanean bila ibili ginen] haurrak.

31.4.3.6d Hirugarren mailan, erlatibagaitzak diren sintagmak ditugu, esan nahi baitu aditzaren argumentu edo osagarri hurbil bati ez dagozkion sintagma adberbialak, adjuntuak. Halakoak izaten dira, maizenik, postposizio bat barneraturik daukaten marka konplexu edo pisuak: -ekin, -(en)gan/-(en)gana/ -(en)gandik, -entzat, -engatik. Salbuespenak salbuespen, halako izen sintagmak, aurrerago aipatu diren ingurumenetarik kanpo, nekez erlatibatzen dira: *[Laster joan beharko duzun] lagunek esango dizute (Laster lagunengana joan beharko duzu); *[Laster mendira joan beharko duzun] lagunek esango dizute (Laster mendira lagunekin joan beharko duzu); *[Egia jakin dudan] adiskideari eskerrak bihurtu dizkiot (Adiskide batenganik jakin nuen egia). Halere, aditzaren argumentu edo osagarri hurbil gisa agertzen direnean, errazkiago egiten ahal dira erlatibatzeak horrelako kasu markak dituzten sintagmekin: [Goiz honetan hain luzaz solas egin duzun] lagunak kontatu bide dizu hori; *[Goiz honetan gosaldu duzun] lagunak kontatu bide dizu hori; [Konfiantza duzun] norbaiti galdatu behar zenioke; *[Lehenago ere egia jakin zenuen] norbaiti galdatu behar zenioke.

Solas egin aditzak osagarri hurbil bat badu kasu soziatiboa hartzen duena; ez, ordea, gosaldu aditzak. Ondorioz, sintagma soziatiboaren erlatibazioa ez da baldintza beretan egiten bi aditzekin. Halaber konfiantza izan lokuzioak badu osagarri bat [+bizidun] ezaugarria duena eta inesiboa eskatzen duena; ondorioz, osagarri horren erlatibazioa ez da hain gogorra nola baita, adibidez, jakin aditzarekin ager daitekeen sintagma ablatiboarena (*[Lehenago ere egia jakin zenuen] norbaiti). Sail berean eman daitezke izenlagunak, testuinguru egokietan baizik ez baitaitezke erlatiba arrakastaz: [Izena ahantzi dudan] norbaitek esan dit; *[Etxeraino joan naizen] norbaitek esan dit. Lehen adibidean, izen ardatzari dagokion izenlaguna (haren) aski errazki erlatibatzen dela. Alderantziz, bigarren adibidean zail da, oso, etxe ardatzari dagokion izenlagun bera sintagma erlatibatu gisa interpretatzea.

31.4.3.7. Testuinguruaren garrantzia

31.4.3.7a Berebiziko garrantzia du solas ingurumenak erlatibazioan. Testuinguru egokirik gabe, gramatikaren aldetik ongi eratuak diren perpaus erlatibo batzuk, halaz guztiz, ilun samar zaizkigu batzuetan: bazkaldu dugun etxea; natorren eliza; ahalke naizen liburua.

31.4.3.7b Bizkitartean, guziz jatorrak dira behar bezalako solas ingurumenean baliatzen badira. Hona autore zaharretarik atera zenbait adibide: Zertako sartzen naiz ni […] ezin athera naitekeien oihanean (Axular); Nekhazalerik baizen ezten herria (Axular); Hi aizen lekhua lur saindua duk (Leizarraga). Idazle modernoagoetan ere kausitzen dira halakoak: Petirik […] morroi zegoen ugazabari erantzunik erregarrienak botatzen zizkien (Etxaide); Arte hortan, jabe ziren urreak zer eman deien, habil hi! (J. Etxepare); Ez baitute erditan deusik, edo bederen zinkurinaz dauden mina ttipienetarik baita (J. Etxepare); Zeren Lille-n haizea baizik ez dagoen tren geltoki batean niri itxaroteko kasketa berri bat baitzeraman jantzia (J. Zabaleta); Erantzi oinetakoak, zu zauden lekua lur santua baita (Elizen arteko Biblia).

31.4.3.8. Erlatibatzea errazteko bideak

31.4.3.8a Bide bat baino gehiago du euskarak erlatibatzeko zailtasunen gainditzeko, erlatibo arrunten eskema hautsiz bereziki. Halere, erlatibo arrunten eskematik atera gabe ere, izaten da moduren izen sintagma erlatibatuari dagokion kasu edo funtzioa zein den erakusteko.

Baldin izen sintagma erlatibatuari dagokion atzizkia izen ardatzari dagokionarena bada, nabarmenki arintzen da erlatibatzeko nekezia: [Joseba kalean dabilen] neskarekin ezkondu nahi luke Patxik. Hor, ulertzen da Joseba neska batekin dabilela, eta Patxik neska harekin ezkondu nahi lukeela. Perpaus erlatibatuan, izen sintagma erlatibatuari dagokiona soziatiboa da, eta hori ez da ibili aditzak berez dakarren osagarri hurbil horietarik. Perpausa, halere, ez da ulertzeko zaila, postposizio bera baitakar (kasu paraleloak dira, beste hitzetan) perpaus erlatibatua sarturik dagoen izen sintagmak ere (soziatiboa: neskarekin). Paralelismo horren garrantziari ohartzeko, konpara dezagun aurreko perpausa beste honekin, non ez baitago soziatiborik agerian: [Joseba kalean dabilen] neskak ez du senargairik.

31.4.3.8b Izenordain erresunptiboetara jotzea. Konpara ditzagun bi adibide hauek: a) *Ez da [bizia eman nezakeen] gizonik; b) Ez da [har(en)gatik/bera(ren)gatik bizia eman nezakeen] gizonik.

Lehen adibideko erlatiboa, perpaus erlatibo arrunten araberakoa da, baina, solas ingurumen berezi batean ez bada, ez da ulertzen. Izan ere, izen sintagma erlatibatua ez da aditzaren osagarria, eta hari dagokion postposizioa konplexua da (-(en)gatik). Kasu paralelismorik ez denaz gero adibidean, neke zaio hiztunari sintagma erlatibatuari bere funtzioaren ematea.

Bigarren adibidean, aldiz, izen sintagma erlatibatuaren lekuan, izenordain esplizitua dator (har(en(gatik/bera(ren)gatik). Hiztunak badu oraingoan sintagma erlatibatuaren kasua jakiteko bidea, eta perpausaren interpretazioak ez du dudarik uzten. Hala baliatzen diren izenordainez esaten da funtzio erresunptiboa dutela, eta hizkuntza askotan erabiltzen da halako prozedura. Euskararen literatura tradizioak ez die toki handirik eman horrelako izenordain erresunptiboei. Kontuan har erlatibatzeko modu arrunta nekez balia daitekeela zenbait kasutan, eta erresunptiboa baztertuz gero, arras bestela adierazi behar direla gauzak. Nolanahi ere, ohiko bidea ere erabil daiteke askotan izenlagunak erlatibatzean: Berau aren atzean ibili zan gizona (erresunptiboa, Altube) / Nabarreko erregeek gainean zin egiten ohi zuten zilar-estalgiarekilako liburu handia (erresunptiborik ez, J. Etxepare).

31.4.3.8c Izen sintagma ergatiboek, absolutiboek edo datiboek aditz komunztadura ekartzen baitute, erlatibatzen direnean ere, haien oihartzuna nabari da perpaus erlatiboan: ikusi ditugun haurrak.

Adibide horretan sintagma erlatibatua absolutiboan da. Nahiz isildua den, hari dagokion pluralaren marka ageri du aditzak. Guziz erregularra da jokabide hori, eta oso baliagarria erlatibatzeko zailtasunei aurre egiteko. Konpara ditzagun guraso berak edo idazle bera izendatzeko balia daitezkeen adibide hauek: ?[Semeak gerlara joanak diren] gurasoak; [Semeak gerlara joanak dituzten] gurasoak.

Lehen adibidean, izen sintagma erlatibatua seme izenaren izenlagunari dagokio, eta ez da oso ulerterraza sintagma. Bigarrenean, izen sintagma erlatibatua izen sintagma ergatiboari dagokio, eta guziz naturala da perpaus erlatiboa: ?[Hitz egin dizudan] idazleek / [Aipatu dizkizudan] idazleak. Oso garrantzi handia du puntu honek euskaran. Zenbait kasutan, gainera, numero komunztadurako marka modu irregularrean erabiltzen da izen sintagma erlatibatua aditzean agerrarazteko: Auzokoak direla esan duzun haurrek / Auzokoak direla esan dituzun haurrek. Lehen adibidea eraikuntza erregularrari darraikio; bigarrena, berriz, ez: dituzun aditzean, pluralaren marka sarturik dago, izen sintagma erlatibatuarekin komunztadura eginez.

Komunztadura hori ez da erregularra, esan aditzak dakarren perpaus konpletiboan baita izen sintagma erlatibatua. Erlatibaziorik ez balitz, guziz ezinezkoa litzateke komunztadura horren jokaraztea: *Auzo herrikoak direla esan dituzu. Ordea, irregularra izanagatik, ez da zaila kausitzen halako joskera perpaus erlatibo konplexuetan; besteak beste, sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko perpaus osagarri batean denean: Hartu al dituzu eramateko esan nizun liburuak? / Hartu al dituzu eramateko esan nizkizun liburuak? Kontuan harturik maiztasun ttipikoa dela eraikuntza hori, hobe litzateke zuhurki jokatzea puntu horretan, eta, erregistro jasoan behintzat, adizki erregularrak baliatzea.

31.4.3.8d Izen sintagma erlatibatua leku-denborazko kasu batean denean, zenbait idazlek -(e)ko atzizkia lotzen diote perpaus erlatiboari, nolabait sintagma erlatibatuaren funtzioa eta eremu semantikoa seinalatuz. Lekuari edo —batez ere— denborari dagokionean erabiltzen da bereziki jokabide hau; Zure izanen dela, eta ez eroririk datzaneko lurraren jabearen (Axular). Gaur egun, mendebaldeko eta erdialdeko idazleek bereziki baliatzen dute jokabide hau: Bitarte horretan, Cesar, Veronica egon zeneko mahaira zuzendu eta emakumeak hautsontzian utzitako argazkia hartu zuen (Cano); Ontzia egin zeneko eguneko argazkia delakoan nago (Jimenez).

31.4.3.9. Ardatzaren nolakotasuna

31.4.3.9a Izenordain asko edo gehienak izan daitezke, izenak bezalatsu, perpaus erlatiboen izen sintagmaren ardatz: ekarri duten hori/horiek/norbaitzuek/zerbait/edozer… Pertsona izenordainak, aldiz, ez dira arruntean perpaus erlatibo baten ardatz izaten ahal: *[Maite zaitudan] zuri emanen dizut. Pertsona izenordainak erlatibatzeko, erakusleak baliatzen dira, pertsona komunztadura atxikiz: Maite zaitudan (lagun jator) horri emanen dizut; Nire begiz ikusi dudan (lekuko xalo) honek esaten dizut. Gaur egun, aposizioan erabiltzen dira usuago halakoak, molde honetan: Zuk, hainbeste gauza dakizun (irakurle fin) horrek, egin behar zenuke.

Hala ere, testuingururen batean, ez da ezinezkoa pertsona izenordaina ere —izen bereziak bezalatsu— erreferente aukera baten arteko bat-tzat harturik jokatzea (bidenabar, ia izen arrunt bihurturik orduan): Nitaz, baina zein nitaz? Ni asko ditut eta. [] Lehengo niaz. Hor, bestelako izenlagunak ageri dira, baina garbi dago erlatiboak ere berdin lihoazkeela: Orain arte bizi izan nauten askotariko niez.

31.4.3.9b Hegoaldeko euskalkietan, ahozko mintzairan bereziki, ardatz gisa izenondo bat izanik ere erabiltzen dira erlatiboak. Ohiz kanpoko itzuli markatua da, eredu mailegatu bati jarraikiz, izenondoaren goi maila adierazten duena: Etxea den garestiarekin, ezin izango dut erosi; Zu zaren argia izanda, ulertu egin behar zenuke. Beste itzuli bat erabil daiteke gauza bera adierazteko: Etxea hain garestia izanik…; Zu hain argia izanda

31.4.3.10. Erlatibatzea gertatzen den perpausak zer motatakoak izan daitezkeen

31.4.3.10a Perpaus erlatiboak adierazpenekoak dira beti, baiezkoak edo ezezkoak; ezin izan daitezke galde perpausak, ez eta harridura edo aginte perpausak ere. Halere, zati galderak eraiki daitezke perpaus erlatibo baten osagarri batean oinarriturik: Nor bizi den etxean sartu da polizia? Noiz ikusi duzun filmaz mintzo zara? Nork eman zizun liburua galdu duzu? Hiru adibide horietan galdera izenordaina perpaus erlatiboaren barneko osagarri bati dagokio. Hargatik, perpaus erlatiboa bera ez da galderazkoa, perpaus osoa estaltzen baitu galderak. Hots, orokorki izenlagunei dagokien jokabidea kausitzen dugu orduan: Zenbat etxetako jendeekin mintzatu zara?

31.4.3.10b Gaur egun euskalki gehienetan adizkera sintetikoen ondoan izan edo *edun aditz laguntzaileak aurkitzen ditugu perpaus erlatiboetan, bai eta *edin eta *ezan aditz laguntzaileak ere ahalezkoak edo baldintzazko ondoriozkoak direlarik. Halere, mendebaleko euskalkietan (eta bestetan ere lehenago) perpaus erlatiboko adizkera jokatua *edin edo *ezan izan daiteke ahalezkoa edo baldintzazkoa izan gabe: Eztio bat ere [gertha dakion] egitekok kalterik eginen batere bekhaturik ez duenari (Axular); [Emakume hari pozgarri ekiozan] berbak esaten (Erkiaga); [Entzun dagian]ari dantzan eragiteko txilibitua (Azkue). Erlatibo subjuntiboak, halere, aski markatuak dira gaurko euskaran, mendebaldeko testuetan ere. Hori besterik izan arren, lehenago erran dugun bezala, ez da arazorik, berriz, perpaus subjuntiboak osagarri direnean haien barneko izen sintagma baten erlatibatzeko; kasu horretan, gaineko aditzak dio erlatiboari abiapuntua ematen, eta bestelakoa da egitura: [[Lehen baino lehen buka dezazun] nahi nukeen] lana.

31.4.3.11. Perpaus erlatiboen metatzea

31.4.3.11a Izen ardatz batek perpaus erlatibo bat baino gehiago har dezake izenlagun gisa. Hori perpaus erlatiboak juntatuz gerta daiteke, noski, beste izenlagunak bezala juntatzen ahal baitira perpaus erlatiboak: [S. Joanek Sardonix deitzen dion] arri [zuri gorritara ematen duan] bat (Agirre Asteasukoa). Alde bakarrean emanez ere meta daitezke perpaus erlatiboak juntadurarik gabe: [Orok maite dugun] [mesede handiak egin dizkigun] lagun batek esan du.

Halere, aski pisuak gertatzen dira horrelako eraikuntzak, eta gutitan kausitzen dugu, juntadurarik gabe bereziki, bizpahiru perpaus erlatibok baino gehiagok laguntzen duen ardatzik. [Sortzerik ukan ez duen] [ezeztatzerik onets ez dezokegun], bere baitharikako norbeit (J. Etxepare); [Eskualduna derizan] [orok dakiten] berrikarian (J. Etxepare). Erlatiboak ardatzaren eskuinean direnean ere egin daitezke metatzeak: […] izei luze mehar, [osto ala adarrak hain usu dituzten], [frantsesez cyprès deitzen dituzten]ak (J. Etxepare).

31.4.3.11b Perpaus erlatiboen barneko izen sintagmek berek ere izan ditzakete erlatiboak beren barnean, modu horretan erlatiboak pilatzen direlarik, hala nola ondoko adibidean: [[Roland zenaren lagun hoberenetarik zonbait ehortziak izan ziren] tokiaren gainean eraikirik dagon] kapera komentuari (J. Etxepare); [[Gainean jartzen zitzaizkion] emaztekiak amageitzen zituen] harri aipatua (J. Etxepare).

Haatik, esan beharra dago hemen ere, gramatikak eskaintzen dituen ahalen eta hiztunek egiazki beren jardunbide arruntean dituztenen artean alde handia badela, eta literaturan gutitan aurkitzen direla molde horretan bi erlatibo baino gehiago pilatzen dituzten sintagmak, non ez den hizkuntzaren joko gisa hain zuzen. Halako jokoetarik kanpo gertatzen denean, oso itzuli markatuetan kausitzen da: O! Jesus inozentia! [[[Pensa daitezken] nekerik andienekin ekarri duzun] gurutzian kruzifikaturik arkitzen zaren] gure Jaun soberanoa! (Calvariotaco Estacioac). Idazleek, eta itzultzaileek bereziki, gogoan izan behar dituzte perpaus erlatiboen pilatzean gertatzen diren zailtasun horiek, bestelako hizkuntzetan, erlatiboak eskuinetik txertatzen dituztenetan bereziki, ez baitira modu berean antolatzen eta irakurtzen aditzaren ondotik datozenean.

31.4.3.12. Perpaus erlatibo subjektiboak (-lako)

31.4.3.12a Ekialdeko zenbait euskalkitan perpaus erlatibo subjektiboak deitu izan diren perpausak ere baliatzen dira. Hona adibide bat (perpaus erlatibo subjektiboa azpimarratua da): Ez da egundaino izan, ez eta izanen etsairik gabeko gizonik. Ezen etsairik ez duelako hura ez da gizona. Oilo busti bat da hura (Hiriart-Urruti). Ohiko moduan emanez, honela geldi liteke aurreko adibidea: Etsairik ez duela dioen gizona.

31.4.3.12b Perpaus erlatibo subjektiboetan sintagma erlatibatua adierazpenezko perpaus osagarri batean sartua da, eta horregatik agertzen da -ela atzizkia perpaus horri dagokion aditzaren hondarrean. Maizenik, horrelakoetan perpaus osagarria ekarri duen aditza agerian da, eta hari lotzen zaio -(e)n menderagailua, gorago ikusi bezala; ordea, aditz hura isiltzen bada, -ko lotu behar zaio perpaus osagarriari, ardatzaren izenlagun izan ahal dadin. Hona Hiriart-Urrutiren idatzietan bildu beste adibide bat: Gure herriaren ikhustera bere begiz; eta bere beharriz aditzera bertze nihon ez delako mintzaire hura.

31.4.3.13. Izen ardatza isildurik daukaten perpaus erlatiboak

31.4.3.13a Perpaus erlatiboak izen ardatzik gabe agertzen dira batzuetan, hala nola ondoko adibidean: Patxiren liburuak, eta [zuk idatzi dituzun]ak, ez zaizkio gustatzen [umorerik ez duen]ari. Perpaus horretan bi erlatibo dira ardatzik (agerian bederen) ez dutenak beren ondotik. Batean, izen ardatza liburu da, baina izen hori aurretik aipatua baita, ezabaturik gelditu da perpaus erlatiboaren ondoren.

31.4.3.13b Beste erlatiboaren ondoren, berriz ([umorerik ez duen]ari), ez dirudi ingurumenak ekarritako izen ezabaketarik izan den. Ikus dezakegu, beraz, ardatzik eza bi modutan agertzen dela perpaus erlatiboen ondoren; batzuetan, ingurumenak ekartzen du; beste batzuetan, aldiz, ez. Bestalde, perpaus erlatiboak, beste sintagma adjektibalak bezala, predikatu osagarri gisa eta aposizioan ere erabiltzen baitira, behako bat emanen diegu mota horretako ardatzik gabeko erlatiboei ere.

31.4.3.13c Esana dugu perpaus erlatiboak sintagma adjektibalak direla. Sintagma horien ezaugarria da izen baten ez errepikatzeko ardatza ezabatzen denean ere sintagmak osa daitezkeela: Baionako etxeak ttipiago dira [Bilbokoak] baino; Haur prestuek nota hobeak dituzte [bihurriek] baino. Adibide horietan, izenlaguna (Bilbokoak) eta izenondoa (bihurriek) ardatzik gabe agertzen zaizkigu; inguruan den izen batek esaten digu zein den ardatz hori: etxe eta haur, hurrenez hurren. Erlatiboetan ere gauza bera dugu: Gutxi ikasten duten ikasleek nota txarragoak dituzte [asko ikasten dutenek] baino. Isildutako izen ardatzari erreferentzia ematen dion izenari aurrekaria esanen diogu hemendik goiti. Esan gabe doa, testuinguru zabalagoetan ere gerta daitezke halako isiltzeak, eta aurrekariak ez duela zertan perpaus berean ager: Istorio tristeak kontatzen dituzten liburuak ez zaizkit gustatzen. Zuk zer diozu izutzeko ipuinak kontatzen dituztenez? Adibide horretan, ezabaturik dagoen liburu izena da izutzeko ipuinak kontatzen dituztenez sintagmaren ardatza, aurreko perpausean dago haren aurrekaria. Halako perpausetan erlatiboari lotzen zaion determinatzailea, artikulua ez ezik, erakuslea edo bat edo batzuk bezalako bat izan daiteke, bai eta zenbatzaile bat ere: Nik erosi ditudan bi liburu, eta [[zuk ekarri dituzun] beste hiru] hartu dituzte; Patxiren liburua, eta [[zuk ekarri didazun] hura] ere hartu ditut. Halako perpaus erlatiboek ez dute gramatikaren aldetik arazorik sortzen, ardatza dutenen ezaugarri berak baitituzte.

31.4.3.13d Aurreko atalean ikusi perpaus erlatiboetan interpretazioa testu ingurumenak ematen zuen, aurrekari bat baitzuen ardatz ezabatuak lehenagotik aipatua. Ardatzik gabe agertzen diren perpaus erlatibo guztiak ez dira halakoak: Ahal duenak jaten du. Adibide horretan, ezin esan dezakegu aurrean dagoen edo testuinguruan aipaturik dagoen aurrekari batek gorputz eman diezaiokeela perpaus erlatiboaren ardatz isilduari. Hargatik, ez dugu arazorik perpaus hau ulertzeko, batere solas edo testu ingurumenik gabe ere. Interpretatzerakoan, ingurumen lexikalaren eta sintaktikoaren arabera, ohiko balio eta ezaugarriak ematen zaizkio isildurik dagoen ardatzari, balio kanoniko bat. Guk erlatibo generikoak esanen diegu gisa horretako izen sintagma bati gorputz ematen dioten perpausei. Halakoek berebiziko garrantzia dute euskaran, maiz eta maiz erabiltzen baititugu. Dakienak esan beza!; A, dakizkizunak banekizki! Gutiz gehienetan artikuluarekin agertzen badira, bestelako determinatzaileak ere onar ditzakete erlatibo generikoek (bat, batzuk, oro…): Dakien batek esan dezala!; Izena duen orok ba omen du izana; Bizirik utzi zuen orduan, bainan soinekoetaraino zituen guziak ebatsi (Zerbitzari). Partitiboa ere maiz erabiltzen da halako erlatiboetan: Gertatzen ez denik ez da; Zerorrek zure begiz ikusi ez duzunik ez aipa.

Superlatibo erlatiboa deitu ohi den -(e)n atzizki graduatzailea partitiboan den izen sintagma batekin erabiltzen denean, izan edo gisako izate-aditza duen perpaus erlatibo batek lagun dezake hura: (Den) gizonik handiena; Inon den urik handiena itsasoa da. Batzuetan, zuzenean lotzen zaio partitiboa perpaus erlatiboari, esapide berezia osaturik: Denik (eta) ederrena.

Ardatz agerikorik gabeko perpaus erlatibo generikoek badute ardatza agerian dutenek ez duten berezitasun formal bat: artikuluarekin agertzen direnean, haien barneko osagairen bat artikuluaren eskuinean ager daiteke, haren segidan: [Andaluztarrak ixil-mixil esan dautsona markiñarrari] (Agirre); [Haurreki dena eziten], ezta bere mantarra xahurik ieikiten (Oihenart); Zuk esan biar etzenduban, ondo azija bazengoz, [esan deustazuna aurkez aurke, edo neure musu garbijetan] (Mogel). Halako joskera, hala ere, ahozko hizketa bizian edo neurtitzen bortxaz ageri da gehienbat, eta ez da gomendagarri oro har.

31.4.3.13e Ardatzik gabeko perpaus erlatibo generikoetan are gogorrago gertatzen dira erlatibatze eskalari dagozkion zailtasunak: esan daiteke egiturazko kasuetan doazen sintagmak bereziki erlatiba daitezkeela, eta oroz gainetik subjektuak, objektu zuzenak, eta osagarri datiboak: Behin ebatsi duenak bitan ebats dezake; Biziko denak ikusiko du; Ikusten dudanaz mintzo naiz; Sagarrak gustatzen ez zaizkionik ez da. Barka biezadate gezurra erran diedanek. Beste kasuetan, ordea, erlatibakuntza ezinezkoa da: *Bizi naizena ederra da; *Joaten naizena urrun da. Gisa horretako aurrekaririk gabeko perpaus adberbial generikorik ez daiteke era. Halako tokizko adizlagunak modu horretan erlatibatzean gertatzen den ezintasunaren gainditzeko, izen generiko bat ematen da ardatz gisa. Toki-kasuetan leku hitza erabiltzen da maiz ardatz gisa: Bada kastitatea begiratu nahi duenak eztu dantzatu ere behar, eta ez [soiñuak diren] lekhura joan (Axular); [Arnoa den] lekhuan da haragiaren desira desordenatua (Axular); Ura da [neke eta pena guziak onaren kutsurik gabe arkitzen diren] lekua (Agirre Asteasukoa). Gauza bera gertatzen da perpaus adberbiala moduari dagokionean. Ardatzik gabe perpausa gaizki eratua da; ardatz gisa, berriz, kontzeptua adierazten duen izen bat baliatzen da, hala nola modu: *Hitz egiten duzunak harritzen nau; [Hitz egiten duzun] moduak harritzen nau. Denbora adierazten duten perpausak salbuespen dira alde horretarik izen ardatz agerikorik gabe ere beren balioa hartzen baitute: Lagunak etorri zirenean gertatu zen. Hori dela eta, aparte aztertuko ditugu gramatika honetan (ikus 35. eta 36. kapituluak).

31.4.3.13f Perpaus erlatiboak, beste sintagma adjektibalak bezalaxe, predikatu osagarri izan daitezke: Haur horiek [ondoko eskolakoak] dira; Langile hauek [aipatu nizkizunak] dira. Kontuan har bedi perpaus erlatiboan subjektua (langile hauek) nahitaez perpaus erlatiboaren izen sintagma erlatibatuari dagokiola.

Zenbaitetan galdegai baten seinalatzeko baliatzen da egitura hori: Hango mintzaira da hobekienik dakidana; Maddalen da lan hori egin behar lukeena. Adibide horien pareko lirateke hauek erlatibakuntzarik gabeko direnak: Maddalenek egin behar luke lan hori / Maddalenek luke lan hori egin behar; Hango mintzaira dakit hobekienik. Badirudi halako itzulietan markatuago dela erlatibatze eskala. Halere, zailago izanagatik ere haietan izen sintagma erlatibatua kasu adberbial batean izatea, ezin esan predikatu osagarri diren molde horretako erlatiboak alde bat ezin onartuzkoak direla: Hau da ni bizi naizen etxea; Hango etxea da ni bizi naizena. Hura omen da datorren urtean joango zaren herria / (?)Herri hura omen da datorren urtean joango zarena.

Izen sintagma subjektua galdera izenordaina denean, predikatu osagarria den perpaus erlatiboa partitiboan joan daiteke: Nor da […] zordun eta obligatu ez zaizunik, behartu eta enplegatu ez zaituenik? Eta baliatu ez zaitzanik (Axular); Nor da, eskolarik gabe liburu bat eginen duenik? (J. Etxepare).

Predikatu osagarriari dagokion subjektua lehen edo bigarren pertsonakoa denean, zilegi da perpaus erlatiboko adizkian araberako komunztadura agerraraztea: Ni naiz lan hori egin behar nukeena; Zu zara zere buruba ezin erremediatu zenezakena; Baña ni naz gizon baketsuba, eruapen andikua, dongaro enzun arren ez dakidana dongaric egiten (Mogel). Halako komunztadura hau ardatza agerian duten predikatu osagarrietan ere gertatzen ahal da: Ni naiz zurekin konfesatu naizen emakume ura (Agirre Asteasukoa).

31.4.3.14. Perpaus erlatibo arruntak aposizioan

31.4.3.14a Ardatz agerikorik gabeko perpaus erlatiboak aposizioan ere erabil daitezke. Aposizioan diren sintagmek ez ohi dute ageriko ardatzik, baina aurretik aipatua den izen sintagma bati buruz zuzenduak dira, eta, alde horretarik, aurretik kanpoko ardatza badutela esan daiteke. Horregatik horrela (kanpoko ardatza) esanen diogu hemen perpaus apositiboaren ezkerrean agertzen den izen sintagmari.

Garrantzi handia dute gisa horretako aposizioko perpaus erlatiboek, euskaran maiz eta maiz erabiltzen baitituzte idazleek: Gizon hura, askotan gure aitarekin mintzatzen zena, oso handia zen. Adibide horretan, aposizioan den perpaus erlatiboak ez du ardatzik, baina ezkerrean den gizon hura sintagma kanpoko ardatzari dagokio, eta erreferente bera adierazten dute aurrekariak eta aposizioak (gizon hura = askotan gure aitarekin mintzatzen zena). Aposizioan den halako perpaus erlatiboa hurbiletik darraikio kanpoko ardatzari, eta kasu komunztadura jokarazten da orduan bi sintagmen artean (EGLU-I: 312): Zuhaitz ttipiak, [oraiño errorik eztutenak], ezin athera ditzakezu (Axular); Bake handia du konzientzia onak, [Iainkoaren lege sainduari darraikanak] (Axular); Zoazte […] su eternalera, [akhabatuko ez denera] (Axular). Halako aposizio motan, kasu marka nahiz postposizio bera daramate aurrekariak eta aposizioak. Izenlagunek ere har ditzakete aposiziozko erlatiboak: Jende gazte arinen, [zentzuz baino zangoz fidago direnen] ofizioa da dantza (Axular). Zenbaitetan, ahozko euskaran bereziki, absolutiboaren hondarkia ageri da aposiziozko perpaus erlatiboan, kanpoko ardatza beste kasu batean delarik: Zure lagunarekin mintzatu naiz, [*hain atsegin dena]. Jokabide hori, tradizioaren eta erabilera guztiz nagusiaren aurka baitoa, ez da gomendatzekoa.

31.4.3.14b Batzuetan, kanpoko ardatza zehaztugabea denean bereziki, eta absolutiboan betiere, aposizioan den perpaus erlatiboa kanpoko ardatzetik bereiz ager daiteke, perpaus matrizearen bukaeran. Horrelakoetan, aditza ager daiteke kanpoko ardatzaren eta perpaus bukaeran den perpaus erlatibo apositiboaren artean. Gizon batzuk etorri ziren [aspaldi ikusi ez nituenak]. Adibide horretan, gizon batzuk da kanpoko ardatza, baina aposiziozko erlatiboa ez da haren ondo-ondoan agertzen, baizik eta perpausaren bukaeran, kanpoko ardatzaren ondotik aditza kausitzen delarik. Perpaus horiei aposiziozko perpaus erlatibo gibeleratuak erranen diegu hemen. Egitura horretako perpausak aposiziozko perpaus erlatiboak izanki, artikulua hartzen dute hondarkian, edo partitiboa: Debru franko badela [saindu itxura hartzen duenik] (J. B. Elizanburu); Hainbertze lan mota baitauka lurrak, [begi ala eskuak hain xuxen jarraikitzea galdatzen dutenak] (J. Etxepare).

Gaurko euskara mintzatuan, ordea, honako entzuten da zenbaitetan: *Lagun batzuk etorri ziren [ez nituela aspaldi ikusi]. Hor, bukaerako perpausa ez da perpaus erlatiboa, baina -(e)la perpausa; horrelako erabilerarik ez du atzizki horrek euskal literaturaren tradizioan, eta horregatik gaitzesten dugu. Halakoen ordez, aposiziozko perpaus erlatiboak erabil daitezke, edota, Iparraldean bezala, bait- aurrizkia duten perpausak (§ 31.4.5): Lagun batzuk etorri ziren(,) [aspaldi ikusi ez nituenak]; Lagun batzuk etorri ziren(,) [(zeinak) ez bainituen aspaldi ikusi].

Perpaus erlatibo gibeleratua ez da erabiltzen ahal absolutiboaz beste kasuetan edo postposizioekin: *Gizon batek hitz egin zidan ongi ezagutzen duzunak; *Gizon bati mintzatu nintzaion ongi ezagutzen duzunari; *Etxe batean bizi zen, leihorik ez zuenean.

31.4.3.14c Aurreko lerroaldian adieraziak kontuan hartuz, esan dezakegu kanpoko ardatz batek aposiziozko erlatibo perpaus gibeleratu bat hartzeko, edo absolutiboan edo partitiboan izan behar duela.

Euskara mintzatuan, halere, gertatzen da batzuetan bestelakorik. Orduan, kanpoko ardatzaren eta aposizioaren arteko kasu konkordantzia hautsirik gelditzen da: [Gizon batekin] hitz eginen dut [kontu horiek ongi ezagutzen dituena]; [Herri batera] heldu nintzen [batere ezagutzen ez nuena]. Jokabide hori ez darraio tradizioari, eta ez dugu gomendatzen.

31.4.3.14d Aposizioan diren perpaus erlatiboetan, ardatzik gabeko beste perpaus erlatiboetan gertatzen den bezala, gogortzenago dira zailtasunak erlatibatze eskalan. Halere, kanpoko ardatzik gabeko perpaus erlatibo generikoei konparatuz, murrizketa ez da hain gogorra: Ba ote da bazter bat ez naizena izan? (Villasante); Ethorriko da denbora (= denbora bat), deabruak laguntzarik eginen ezterakuna (Axular). Adibideak adibide, aski zail da horrelako erlatibo aposatuen erabiltzea, zenbait hiztunentzat bereziki. Horregatik menturaz, erresunptiboen (ikus § 31.4.3.8b) baliatzeko joera handiagoa izaten da aposizioan diren erlatiboetan, izen sintagma erlatibatua adizlaguna denean bereziki: Barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo originala, [guziok arekin jayotzen gerana] (Agirre Asteasukoa). Erresunptiborik gabe ezin ulertuzkoa litzateke perpaus erlatibo aposatua: *Barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo originala, [guziok jaiotzen gerana].

31.4.3.15. Ardatz agerikorik gabeko perpaus erlatibo subjektiboak

Perpaus erlatibo subjektiboak (§ 31.4.3.12) ere ager daitezke ondotik ardatz agerikorik izan gabe: edo ardatz horren erreferentzia testuinguruak emanik, edo kanonikoa izanik. Maizenik izan loturazkoa da aditza eta izen sintagma subjektua erlatibatua: Hila zelakoari laguna heldu zaio (Zaldubi); Orzaizen, ez nehon, ez da bat, haren etsai zirelakoetan, gizon agertzeko on denik (Hiriart-Urruti).

31.4.4. Zein-erlatiboak. Ezaugarriak

31.4.4a Ikusi dugun bezala euskarak berezko jokabidea du perpaus erlatiboen eratzeko. Horrek ez du esan nahi, halere, ohiko erabide horretaz landa beste modurik ez dezakeela balia. Hain zuzen, euskal literaturaren hastapenetik beretik, idazleek, euskalki guztietan eta mende guztietan, salbu beharbada Hegoaldean XX. mendean, perpaus erlatibo arrunten ondoan, beste batzuk ere erabili izan dituzte, hauetan aurrekari batekin uztarturiko izenordain erlatiboak agertzen baitira.

Perpaus erlatibo haien ezaugarri nagusiak perpaus arruntekin erkatzen badira hauek dira:

Galdera izenordain batzuk (zein, non) izenordain erlatibo gisa baliatzen dira, perpaus erlatiboaren hastapenean agertzen direla.

Izenordain erlatiboak aurrekaria du, perpaus erlatibotik kanpo agertzen dena, perpaus erlatiboa postposatua izanik.

Perpaus erlatiboetako menderagailua bait- ere izan daiteke, eta ez -(e)n bakarrik.

31.4.4b Deituraren errazteko, zein-erlatiboak deituko ditugu halako perpaus erlatiboak. Hona, bada, zein-erlatiboen egitura:

[[IS AURREKARIAk ]+KASUA] [P. ERL. ZEINk+KASUAADITZA-EN edo BAIT- …]

Har dezagun adibide bat: Zugarramurdiko artzainek, [zeinen nagusiak komentuko fraideak baitziren], franzes arthalde hori, inguruan harturik, erematen ziteyan, aitzinean, fraiden komentura (J. B. Elizanburu). Hor, ergatiboan den izen sintagmaren ondotik, perpaus erlatibo bat dugu, honako ezaugarri hauek dituena:

Bada izen sintagma bat aurrekari dena: Zugarramurdiko artzainek.

Perpaus erlatiboa aurrekariaren eskuinean dator, hartarik kanpo, eta zein- izenordainarekin hasten da. Adizkiak bait- menderagailua dakar (-(e)n ere balia daiteke haren orde).

31.4.4c Anitzek diote perpaus erlatibo horiek erdal eredu bati jarraiki moldatu dituela euskarak, hizkuntza idatzian eta hizkuntza jasoan baliatzeko bereziki. Hala izanik ere, esan daiteke aspaldi beretu izan dutela euskal idazleek erabide hori, euskalki guztietako testu idatzietan aurkitzen baita: Dantziaren giraak bere guztiak dira ezkerrerakuak, [zein dan, pausu egiteko, ta ibilteko, alde madarikatuba Eskritura Sagraduban] (Frai Bartolome); Huna Aita-Sainduaren arrasta bat, [zoinak eskumikoz joiten baititu, ene nahiaren kontre Lur Sainduan baratzen direnak] (Laphitz); Nola ageri baita Ejiptoko Piramidetan,[zein eragin baitzituen errege Faraonek] (Axular); Jesukristok eginiko lenengo mirarija, [zeinegaz asi zan mundubari agertuten jaungoiko benetakua zana] (Astarloa); Izan bedi gure gizaldearentzat Eskual Etxea bigarren ohantze bat, [zointan amaren menetik urrundu gazteek haren mintzoa baitute entzunen] (J. Etxepare); Leize izugarri bat [non betikotasun guzian egon bearrak diran oñazez lertzen] (Agirre Asteasukoa); Azken fina deitzenda gauza deseatu gura, [zein logratuas geros eztuen yago deseatzen batek] (Lizarraga); Igaren urthian egin dut, eta ezarri argira, libruto bat euskaraz, [zoiñen izena baita Ontsa hiltzeko bidia] (Tartas).

31.4.4d XX. mendean, bai Hegoaldean, bai eta Iparraldean ere, franko hotz agertu ziren idazle gehienak horrelako erlatiboei buruz, eta guti erabili zituzten. Gramatikari anitzek ere arbuiatu izan dituzte, baizik eta euskarak bere berezko erlatiboak dituela, eta ez dela egoki erdal egitura bati horrela ateen zabaltzea. Baina, euskara batua hedatu eta garatu ahala indar hartu dute berriro ere horrelako egiturek. Aise aurki daitezke mota horretako erlatiboak gaurko unibertsitateko testuetan, Pentsamenduaren Klasikoen itzulpenetan, saiogintzan nahiz literatura lanetan.

31.4.4.1. Menderagailuaren forma

31.4.4.1a Perpaus erlatiboak mendeko perpausak dira, eta euskaran nahitaezkoa da izan dezaten mendeko perpausetako aditz jokatuek menderagailua. Menderagailua bi eratakoa izan daiteke: -(e)n atzizkia erabili da mendebaldeko euskalkietan; bait- aurrizkia gehienbat, berriz, ekialdekoetan.

31.4.4.1b Esan gabe doa -(e)n erabiltzen denean menderagailua ez dela azalean ageri iraganeko adizkiekin, -N markarekin bat egiten baitu (-N + -n = n), baina menderagailu horren bereizgarri orokorra dugu hori, nahasbide eta guzti: ehiztariak hil zuen / zuen oreina (orainaldian: du/duen). Idazle batzuek “mendebaleko” forma izateari begiratzen baitiote horren gainetik, eta horregatik lehenesten -(e)n menderagailua; beste askok, berriz, edozein euskalkitatik ari direla, nahiago dute bait- aukeran argiagoa erabiltzea, kontuan harturik, gainera, (zeren) bait- joskera euskara arrunta dela dagoeneko testuetan.

31.4.4.2. Izenordain erlatiboaren forma (zein-/zeina- eta non-)

31.4.4.2a Izenordain erlatiboak galdera izenordainen bidez eratuak dira. Horretarako, haatik, ezin balia daiteke edozein galdera izenordain baina soil- soilik oinarrian zein edo non forma dutenak. Nor eta zer izenordainak, preseski, ez dira erabiltzen aurrekaria duten perpaus erlatiboetan; (korrelatuetan, ordea, bai). *Orduan agertu zen gizon bat(,) [nori beso ezkerra falta baitzitzaion]; Orduan agertu zen gizon bat(,) [zeini beso ezkerra falta baitzitzaion].

Izenordain erlatiboak anaforikoak dira, horrek esan nahi baitu gaineko perpausean izan behar dutela erreferentzia ematen dien izen sintagma bat, aurretik agertzen dena, eta hain zuzen aurrekari deitzen dena.

31.4.4.2b Zein izenordain erlatibo gisa erabilia denean bi moldetan agertzen da: edo sintagma mugagabea edo sintagma mugatua eratzen duela. Adibidez, Leizarraga alde batetik eta Haraneder eta Duvoisin beste batetik, ez datoz bat zein izenordain erlatiboa erabiltzerakoan. Leizarraga: Ezta haur Jesus, Josephen semea, zeinen aita eta ama ezagutzen baititugu? Haraneder: Ez da hori Jesus, Josephen semea, zeinaren aita eta ama ezagutzen baiditugu? Duvoisin: Hori ez da Jesus, Josepen semea, zeinaren ait-amak ezagutzen baititugu? Leizarragak mugagabean erabiltzen du izenordain erlatiboa (zeinen). Aldiz, Haranederrek eta Duvoisinek mugatu singularrean (zeinaren).

Ez du ematen formazko desberdintasun horri ezer darraikiola esanahian edo egituran, hots formazko aldaki hutsak dira bi moldeak, autoreen arabera kanbiatzen direnak gehienetan, non ez dituen autore berak bi moldeak erabiltzen. Hala ekialdean (Leizarraga, Oihenart, Tartas, Lopez, Lizarraga…) nola mendebaldean (Frai Bartolome, Añibarro, Astarloa, Mogel…), zein forma soila erabili izan da gehienik literaturan. Zeina(k), berriz, XVIII. mendetik aitzina nagusitu da bereziki erdialdeko euskalkietan. XVII. mendean, Axularrek eta Materrek zein erabiltzen zuten beti, bi formak aurkitzen dira (zein eta zeina(k)) Etxeberri Ziburukoaren eta Pouvreauren lanetan. Hortik aitzina, alde bat nagusitu da forma artikuluduna Lapurdin (Etxeberri Sarakoa, Larregi, Laphitz, Duvoisin, Elizanburu…). Gipuzkeraz ere erabili izan da aldaera artikuluduna (Larramendi, Arzak, Antia, Lardizabal…): Eliz au, zeñari eman zioen gure gurasoak ainbeste urre (Larramendi); Bestea zan Akinoan, zeñarekin pakean eta amorio onean bizi zan (Lardizabal). Leku kasuetan zeinean agertzen batzuetan singularrean, baina zeineko, zeinetik edo zeinera nekez kausi daitezke literaturan izenordain erlatibo gisa erabiliak: Franziskok […] sendatu zuen beste bat biotzezko miña egiten zizaiona bular gañean jarriaz larru-orri bat, zeñean izkribatu zuen orazio bat (Antia). Lekuzkoetan, hain zuzen, non saileko izenordainak erabiltzen dira gehien-gehienetan: larru-orri bat(,) non

31.4.4.2c Perpaus erlatiboaren aurreneko posizioan agertu behar du zein izenordainak nahitaez. Perpaus erlatiboko adizkia, berriz (menderagailua dakarrena), haren ondotik (bigarren tokian) ager daiteke, edo urrunago, perpausaren erdian edo bukaeran. Ez da, beraz, perpaus erlatiboko adizkiaren tokiari buruz gramatika lege zorrotzik, eta, euskaran askotan gertatzen den bezala, estilo hautuen arabera erabakitzen da kontu hori. Halere, seinala dezagun oro har halako joera bat badela adizkia izenordain erlatiboaren ondotik emateko. Baina bestelako bideak inola ere ez ditu itotzen joera horrek, Lardizabalen adibidean ikus daitekeen bezala.

31.4.4.2d Sintagma mugagabea eraturik ere, zein izenordainak, aurrekariak duen numeroa atxikitzen du, eta araberan egiten da aditzarekilako komunztadura perpaus erlatiboan: Adiafanotasuna bizitzaren eguerdian da Egiptoko izurri bat, zein baita sortu aitzineko eta hilondoko gauetan haien ubi eta quomodorik egokiena (Olarra).

Hegoaldeko euskalkietan zeintzuk forma erabiltzen da batzuetan aurrekariak edo aurrekariek pluraltasuna badakarte. Hona adibide pare bat Frai Bartolomeren lanetarik: San Ignacio Loijolakua ta santa Isabel Ungaijaco Erregina, zeintzuk nozbait jokuan, edo beste gauza inozenteetan dibertituten zirian; Musika, ta kanta indezente, ta odolberozailiak gaiti, zeintzuk dirian luxurijaren azogia, ta aragijaren sugarria.

Gaurko idazleen lanetan ere aurki daitezke horrelako egiturak: Ibai guztietatik eta lurretik bertatik ere lainoak eta lurrunak sortzen ikusten dugu, zeintzuk arnasa bezala honela gorantz igorriak diren (X. Amuriza); Napumocenok batzuetan bisitatzen zituen tokietako postalekin erantzuten zien gutun luze haiei, zeintzuetan Carlosek zehatz-mehatz azaltzen baitzion, nola ez, enpresa ondo zihoala (Montorio).

31.4.4.2e Esan gabe doa zeina(k) erabiliz gero agerikoa dela numero komunztadura izenordainean berean, eta ezinbestekoa dela, egiturazko kasuetan diren sintagmen kasuan, aditzarekilako numero komunztadura. Aurrekaria identifikatzeko erraztasunaren aldetik, badu abantailatxo bat forma artikuludunak, singularra eta plurala bereizten laguntzen ohi baitu hasieratik izenordain erlatiboak: Nagusiaren bazkideei, zeinarekin/zeinekin…; […] bi zizpa‑kanoien muthurrak!… zeinek, aithortzen dut, ez baininduten guti izitu, eta, gero, bi gizon bizardun, zeinek gutiago izitu baininduten, batean ezagutu nuelakotz nere anaya (J. B. Elizanburu). Bestalde, zeina(k) izenordaina erlatiboen eratzeko erabiltzen denean, ongi bereizten dira formalki zein izenordainari dagozkion erabilera desberdinak.

Galderazkoa denean, edo gradu markatzaile denean harridurazko perpausetan, mugagabean da zein; erlatiboa denean, aldiz, artikuluarekin ager daiteke: Badiat beldurra ez dakikan, behar bada, zein abilki yokatu zen behin Sarako yaun hauz’aphez bat, zeinak izena baitzuen Erremundegibehere (J. B. Elizanburu). Hitz batean, zeina(k) forma izenordain erlatiboari baizik ez dagokio. Egungo erabilera estandarrean, guztiz arrunta da erabilera hori halako erlatiboez baliatzen diren idazleen artean.

31.4.4.2f Zein(a) izenordain erlatiboak aurrekaria behar du. Ez da, beraz, aurrekaririk gabeko zein-erlatiborik.

Zein(a) izenordainak numeroari dagozkion tasunak ditu, baina gutitan agertzen da pertsonari dagozkionak bereturik. Halere ez du iduri ezintasunik baden horretan. Adibidez, Etxeberri Sarakoak bere gramatikan, ni, zeina bainaiz eta gisako formak eskaintzen ditu. Hor, zeina izenordainak lehen pertsona baitu aurrekari, araberako komunztadura du adizkian (naiz). Bere testuetan ere eskaintzen ditu horrelako adibideak: Zer erranen dut bada nik, [zeinak hartu baitut eskualdunei dagozten materiarik loriosena]?

31.4.4.3. Izenordain erlatiboak hartzen dituen kasu marka nahiz postposizioak

31.4.4.3a Erlatibo arruntetan izen sintagma erlatibatua ezabatua izanik, eta harekin batean haren atzizkia, deusek ez du agerian erakusten zer funtzio duen sintagma erlatibatu hark perpaus erlatiboan. Izenordain erlatiboa erabilirik, ordea, atzizkia etorriko da ondotik, eta beraz, pentsatzekoa da ez dugula aurkituko halako erlatiboetan erlatibatzeko zailtasun berezirik, ez behintzat sintagma erlatibatuaren funtzioari dagokionik. Hala da: izenordain erlatiboa edozein kasutan ager daiteke zein-erlatiboetan (salbu partitiboan). Bestalde, egiturazko kasu batean ez direnean, juntatu ere daitezke izenordainak: Iainko Aitari, zeinaganik eta zeinez eta zeinenak baitirade gauza guziak (Leizarraga).

Hona aurrekoez landa beste zenbait adibide, izenordain erlatiboak duen kasuen arabera aurkeztuak (izenordainaren forma kontuan hartu gabe):

31.4.4.3b Absolutiboa eta ergatiboa

Zure omena bere eskuetan luke; zeina baita emakume bati gerta dakiokeen malurarik handiena (Jon Muñoz); Ikhas ezak salbatzeko artea, zeina baita gaiñerako zuhurtziaren Andrea (Etxeberri Ziburukoa).

Mira zazu zein urrun zaren oraino egiazko karitatetik eta humiltasunetik, zeinak ezpaitaki nihori haserretzen ez gogortzen bere buruaren kontra baizen (Pouvreau); Esertzen zelarik kanpoko jarleku luzean, zeinak jauregiko aitzin-pareta baitzuen bizkartoki, erraiten zigun (Irigoien).

31.4.4.3c Datiboa

Hiratzea estaltzen da berriz abere azpikoaz, zeinari ematen baitzayo, lehen erran den bezala, menaslora-uretik; eta hola-hola, hiratzea eta ongarria aldizkatuz, egiten da samatsa (Duvoisin); Barruan halako likore baten azken hondarrak besterik ez zeukan botila bat, zeinari marka bat egin baitzion (Morales); Hirugarren erronda hartzen ari zen lagun batekin, zeinari xeheki ari baitzitzaion kontatzen nola erosi zuen otarre bat patata (K. Zabala).

31.4.4.3d Instrumentala

Eta halakoak dira hirur bekhatu suerte hauk, zeinetzaz mintzo baikara presenteon (Axular); Hala nola baita gure eskuara, zeinaz halaber duritzen baitzait ausartki erran ditekeela […] (Etxeberri Sarakoa); Rodako markesa zeritzan gizon batek, zeinetaz esaten baitzen porrot egin zuela urrezko meategiekin eta aberastu egin zela ospitaleekin (Iñurrieta); Mundua erabiltzen duten jainko irrazionalen tenplua, zeinez ez baitakigu deus, gizonaren irudikoak ez direla salbu (Juan Garzia); Urbiaingo herria ere, zeinaz bi hitzen erraiterat obligaturik bainago (Irigoien).

31.4.4.3e Genitibo edutezkoa (-en)

Gogo onez hartzen dut grazia, zeinaren bidez egiten bainaiz humillago (Pouvreau); Irudikapena ideia bat da, zeinaren bidez Izpirituak gauza bat kontenplatzen baitu presenteko bezala (Xarriton); Katuak ere, zeinaren larrua gantzaz lehertzeko zorian baitzegoen, begi horiak biribildu eta aztertu egin zuen mesfidati (K. Zabala).

31.4.4.3f Genitibo lekuzkoa (-ko)

Zuhaixka zabartu batzuk han-hemen, zeinetako baten azpian aurkitu bainuen aurreko maizterraren bizikleta-ponpa (Aldasoro).

31.4.4.3g Soziatiboa

Nahi du izan dezagun bakea Jainkoarekin, zeinarekin izan baikare errekontziliatuak (Duhalde); Ezagun zuen, halaber, Oihenart, zeinarekin bizpahiru aldiz mintzatu izan baitzen (Irigoien); Txokolatetxoen eztainu-xaflak, zeinekin zilar-bolak egiten baitzituen Misioetara bidaltzeko “Indietako haurtxo bat askatzeko sari” (Juan Garzia).

31.4.4.3h Motibatiboa

Eta zu zarela iende hetarik, zeinengatik erraiten baitu Sofonias Profetak… (Axular); Othoitz egiten drauagu barkatu nahi drauzkiguán gure falták, zeinakgatik hire iugemendura zordun baikara: eta barkamendu hunezaz nahi gaituan herio eternalera obligatuak garen obliganzatik deliuratu eta idoki (Leizarraga); Emazkidazu neure emazteak, zeinengatik lan egin baitut, eta neure seme-alabak; eta joan egingo naiz (J. A. Mujika); Beste bat beltza, barrutik eztainuzko xaflaz azpikotua, zeinarengatik 450 pezeta eskatzen zuten (Saizarbitoria).

31.4.4.3i Inesiboa

Nahiz denbora hartan ez ziren bide hortan astean lau arima ibiltzen, ortzirarez salbu, zeinetan baita Doni‑Yoaneko merkhatua, fortunak nahi izan zuen, egun eta oren berean, kausi zadin gizon bat (J. B. Elizanburu); Bestenaz banagoka zure hizkuntzari, len ere baño obekiago dakust alde oietako Euskaldunen itsumendea, zeñean darasaten, eztala gure Euskera, gauza andi, mee, goi diranak adirazteko (Larramendi); Arimak irudien bidez ezagutzen du, baina ez dauka bitartekorik, zeinetan bere burua ezagut dezan (J. M. Lekuona); Paper gorriz estalita zituen hormak, zurezko arasa baten pareraino-edo, zeinean paratu baitzituen hainbat txarro apaingarri, etxean eskuz landutakoak (Larrañaga).

31.4.4.3j Ablatiboa

Zeren nolako baita lurra, zeinetarik iragaiten baita ura, halako gerthatzen baita ura ere (Axular); Txabola batera eraman zituzten, zeinetatik ihes egin baitzuten, gauez eta zapatarik gabe (Gabiria); Hemen ere badirela pariak, zeinetarik askok yonki edo barbon bihurtuta bukatzen duten, edo zahartu eta etxe-zuloan sartuta ezertarako dirurik gabe (Atxaga).

31.4.4.3k Adlatiboa

Biharamunean itsasoaren berze aldetik gelditurik zegoen gendetzeak ikusi duenean ezen berze untzitxorik etzela han bat baizen, zeinetara haren diszipuluak sarthu izan baitziraden, eta etzela sarthu bere diszipuluekin Iesus untzitxora, baina haren diszipuluak berak ioan izan ziradela (Leizarraga); Bazirudien igande goizetako gosari haiek, zeinetara ez baitzuen behin ere huts egin, haurtzaroko keinuetara itzularazten zutela (Irizar).

Leku-denborazko kasuetan zeinean edo zeinetan bezalako formak erabili orde, non forma ere enplegatzen ahal da izenordain erlatibo gisa: Doazala Galileara, non ikusiko naben (Añibarro); Jan zen Donapalaiora, non baitzen orduan Nafarroako parlamenta (Axular); Nola kristale bat, nondik pasatzen den iruzkiaren argia (Lizarraga); Egun honi dagokionez adierazi dut Ebanjelioaren parte hura, non esaten baita bekatariak hurbildu zirela gure Jaunarengana (J. M. Lekuona). Aurrekariak denbora adierazten badu, denborazko balioa ere izan dezake non izenordain erlatiboak: Ez da urtherik, non hor edo hemen zenbait buru galtzen ez baita (Duvoisin).

31.4.4.4. Zein-erlatibo konposatu eta konplexuak

31.4.4.4a Zein-erlatiboak elkarren artean juntagailuen bidez lot daitezke, hala nola Tartasen adibide honetan, non mode Pernon azken hilaren aitak aurrekariaren ondoren hiru zein-erlatibo ageri baitira eta juntagailuaren bidez konposatuak: Costuma eta karitate eder bat pratikatzen zian bere denboran mode Pernon azken hilaren aitak, [zoin hirur Erregeren denboran izan baita, agian Frantzian zen iaunik handiena] eta [zoiñek, Duc de Candale, Duc de la Valete, eta Cardinal de la Valete bere hirur semen, eta bere personan, ukhen baitu ohore hori non laur cordon blu, kolpu batez bere familian ikusi baititu] eta [zoin Infanteria Frantzesaren Colonel general, eta Guyenako gobernadore hil izan baita]. Hona beste adibide bat, Leizarragarren obratik: Iainkoaren Aingerua, zeinena bainaiz ni eta zein zerbitzatzen baitut. Zenbaitetan, bait-erlatibo batekin egiten da juntadura: Neure adeskidia, igaren urthian egin dut, eta ezarri argira, libruto bat euskaraz, [zoiñen izena baita Onsa hilceco bidia], eta [konprenitzen baititu onsa hiltzeko moyenak] (Tartas).

Beste zenbaitetan zein-erlatiboa bera da konplexua; hots, perpaus erlatiboaren barneko beste mendeko perpaus baten osagarria da izenordaina daraman perpausa. Halakoetan, menderagailua (bait-, edo -(e)n), goragoko perpauseko adizkiari lotzen zaio, eta izenordain erlatiboa agertzen den mendeko perpauseko adizkiak berezko ezaugarriak atxikitzen ditu: Etorriko dira haur batzuk, zeinek [esperantza baitut [ixtorio guztia kontatuko digutela]].

31.4.4.4b Izen sintagma erlatibatua dagoen perpausa perpaus adjuntua denean, berriz (denborazkoa, moduzkoa…) zein izenordaina ez daiteke hartarik atera, eta perpaus guziak agertu behar du bait- menderagailua hartzen duen perpausaren aurrean. Abaritia duk, zein desiratzen dutelarik batzu erauzi izan baitirade fedeti (Leizarraga); Ontasunen gutizia, zeiñaz posedituak izanik zenbeit errebelatu izan baidire fedetik (Haraneder). Hau da, beraz, egitura: [P ERL [P Adjuntu ZEIN-… P Adjuntu]… BAIT-/-(e)n…]. Adibidez: Kalte guztien gaiñeko kaltea, alferkeriatik heldu den handiena, [[zeiñi narraikola] erran baitut nik oraiñokoan erran dudan guztia] (Axular); Beste gauza asko Isaakek arteraño etziekizkienak […], [[zeintzuek gizon santu ark aditu zituenean], Jaunari eskerrak eman, eta gero Jakob bere ordeko nagusitzat ezagutu zuen] (Lardizabal); Gorthean utzi zuen andrea, [[zoinari agradatzeko] hainbertze pairatzen baitzuen] (Laphitz). Azken adibide hau, ordea, ez-gramatikala izango litzateke, izenordaina perpaus adjuntutik aterako bagenu: *Han utzi zuen andrea, zeinari [hainbeste pairatzen baitzuen] agradatzeko.

31.4.4.5. Zein-erlatiboen tokia aurrekariaren eretzera

31.4.4.5a Zein-erlatiboak postposatuak izaki, aurrekariaren ondoren agertzen dira, aposizioan. Gisa horretan, anitzetan aurrekariaren ondo-ondoan izaten badira, ez da nahitaez beti horrela gertatzen, eta zenbaitetan zein-erlatiboa perpausaren bukaeran agerturik, aurrekaritik bereiz ager daiteke, hala nola gertatzen baita aposizioan diren erlatibo arrunten kasuan ere.

Zein-erlatiboak aposizioan datoz, aurrekariari hurbiletik darraizkiola. Zuzenean segitzen dute aurrekaria, edo, hartarik bereiziak badira, ezinbestekoa delako: aurrekaria izenlaguna delako, haren ondotik postposizio bat badelako edo beste izen sintagma batean sarturik dagoelako: […] ortziralez salbu, zeinetan baita Doni‑Yoaneko merkhatua (J. B. Elizanburu). Segidako adibidean, aurrekaria izenlaguna da; izenordain erlatiboa, beraz, ez da agertzen ahal haren ondo-ondoan: Ioseph Mariaren senharra, zeinaganik iayo izan baita Iesus (Leizarraga).

31.4.4.5b Perpaus erlatibo arruntak aposizioan doazenean, perpausaren bukaeran aurkitzen dira maiz, gaineko perpauseko adizkia eta beste tartean dela. Gauza bera gertatzen da zein-erlatiboekin ere. Alde horretarik egitura paraleloa dute ondoko bi adibideek, batean perpaus erlatibo arrunta izan baita aposizioan emana eta gibeleratua, eta bestean, berriz, izenordain erlatiboa duen perpausa: Goizean liburu bat irakurri dut(,) [biziki gustatu zaidana]; Goizean liburu bat irakurri dut(,) [zeina biziki gustatu baitzait]. Hona beste adibide bat ergatibozko sintagma ere tartean duena: […] ordena asko bere izenteetan ditu Aita Santubak berak, zeintzubetan eragozten jakuen Eleisa-gizonai, ez bakarrik alako lekubetan dantzan egitia, ez bada baita besteen naasteko dantzia berarijaz ikustia bere (Frai Bartolome).

31.4.4.5c Zein-erlatiboak, ageriko ardatzik gabeko perpaus erlatiboak bezala predikatu osagarri izan daitezke. Orduan izen sintagma subjektuari dagokio izenordain erlatiboa: Ezen haur da [zeinez eskribatua baita …] (Leizarraga). Baina egitura hau zaharkitua da.

31.4.4.6. Zein-erlatiboen oinarrizko balio semantikoa eta erlatibo moldeen arteko desberdintasunen neutralizazioa

31.4.4.6a Lehenik erran beharra dugu hemengo erlatiboetan argi direla egitura kontuak: zein-erlatiboak beti agertzen dira aurrekaria gorpuzten duen sintagmatik kanpo253, aposiziozko perpaus moduan. Alde formal horretarik, kontraste garbia dute zein-erlatiboek, aposiziozkoak izanik beti, perpaus erlatibo arruntekin. Oinarrizko semantikan ere, bistakoa da aldea izen sintagmaren kanpoko eta barneko perpaus erlatiboen artean, baina aipatzekoa da badirela kasu batzuk zeinetan desberdintasun hori neutralizaturik geratzen baita. Besteak beste, eta nagusiki, honako bi hauek:

31.4.4.6b Mailega diezaiogun Axularri adibide bat, apur bat moldatua: Leiho (irudiko) batzuk(,) zeinetarik bekatuak ariman sartzen baitira. Egitura hori, aurrekari zehaztugabeak (leiho batzuk) erreferentearen irakurketa inespezifikoa bideratzen duenez, ez da sartzen lehian inolako irakurketa zehaztailerekin. Hori dela eta, neutralizatu egiten dira halakoetan perpaus erlatibo moten arteko desberdintasun semantikoak, eta trukagarri gertatzen dira guztiak: Leiho (irudiko) batzuk(,) (haietatik/handik bekatuak) ariman sartzen baitira = Leiho (irudiko) batzuk(,) (haietatik/handik) bekatuak ariman sartzen direnak; (Haietatik/Handik) bekatuak ariman sartzen diren leiho (irudiko) batzuk.

Jakina da, bestalde, euskaraz artikuluak ez duela beti irakurketa espezifikoa bideratzen: sotoak ere baditu leihoak (= leiho batzuk); etorriko da eguna (= egun bat) Semantika nagusitzen da halakoetan formazko itxuraren gainetik, eta gainerako aurrekari inespezifikoen jokabidea erakusten dute halako sintagmek. Hona Axularren adibidea hitzez hitz: Zeren hauk dira leihoak eta portaleak(,) zeinetarik bekhatu guztiak […] arimen barrena sartzen baitira. Jakina, kasu horretan, badu abantailarik zein-erlatiboak, zeren, batetik, aukera ematen baitu postposizioa zuzenean txertatzeko izenordain erlatiboari, erresunptiboen (ikus § 31.4.3.8b) beharrik gabe, eta, bestetik, interpretazioa ez baita geratzen artikuluak har ditzakeen balioen arteko anbiguotasunen azpiko. Hots, egokiago eta erosoago dirudiela Axularren aukerak beste batzuk baino: leihoak(,) zeinetarik bekatuak ariman sartzen baitira / ?bekatuak ariman sartzen diren leihoak. Hona halako beste pare bat gure klasikoetatik: Ethorria zela orena zeinetan gizonaren semeak utziko baitzuen bere burua bere etsaien eskutarat Jainkoari (Larregi); Zeren nolako baita lurra zeinetarik iragaiten baita ura, halako gerthatzen da ura ere (Axular). Eta baita gaurko autoreetatik ere: Obabako lehen amerikanoak berak idatzitako orri sorta bat, zeinetan fusilatu nahi izan zuteneko gaua kontatzen zuen (Atxaga); Nire emaztea, etxe berrira aldatu ginenean, poz-pozik sukaldeko robot berriarekin […] eta, batez ere, horma osoa okupatzen duen telebista-ordenagailuaren pantailarekin, zeinetatik eraikin osoko domotika kontrolatu ahal baita (Zaldua).

31.4.4.6c Orobat gertatzen da desberdintasunen neutralizazioa determinatzailea erakuslea denean; kasu honetan, ez irakurketa inespezifikoa delako, inondik inora, baizik eta perpaus erlatiboak berak ematen diolako erakusleari erreferentzia. Badu antza mekanismo horrek aurrerago aztergai izango ditugun korrelaziozko antolaerekin (ikus § 31.4.6): Nola (baita) etxe bat tximinia okerra duena? Bada, hura(xe)/h(art)an(txe). Hona adibide batzuk klasikoetatik: Hau da gerla eder eta miragarri hura(,) zeinetan jakintasunak nahi baitu gizona altxatu eta abantaillatu, hala nola enorantziak nahi baitu aurthiki eta ostikatu (Etxeberri Sarakoa); Indazu grazia hura(,) zeina erakutsi baituzu hain handia eta premiazkoa dela ene salbamenduko (Pouvreau); Laudagarrien direnak dira hainak zeinek indarrik aski baitute ezagutzeko beren zoramenduak eta medeatzeko hartarikako makhurrei (Duvoisin); Horietako bat da, hain zuzen ere, etsai hilgarri eta gorrotatu hura zeina garaitzeko antolatu diren iragan milaka urtean jende eta gauza guztiak: Ziurtasun Handia (Berrizbeitia); Harako lurzoruaren hezetasun-ehuneko hura zeinetan ez baita lurzoruaren bolumena txikiagotzen, nahiz eta ur gehiago galdu (Lurzorua aztertzeko eta ikertzeko oinarriak). Halakoetan, sarreran aipatu dugun bezala, honelakoa da joko semantikoa: hura = perpaus erlatiboak (molde bateko nahiz bestekoak) deskribatzen duena. Hots, gerla eder hori(,) zeinari esker ezjakintasuna gaindituko baitugu = hari/berari esker ezjakintasuna gaindituko dugun gerla eder hori.

31.4.5. Bait-erlatiboak

31.4.5.1. Bait-erlatiboen ezaugarriak

31.4.5.1a Aski gaizki epaitu izan dituzte XX. mendeko gramatikari askok zein-erlatiboak. Esan izan dute, bereziki, halako izenordainik gabe ere era daitezkeela molde bereko perpausak, ekialdeko euskalkietan behintzat: Bakotxak badauka eskuan liburu ttipi bat, [hartan kondu guziak baitire] (J. Etxepare); Orok ezagutua den liburu ttipi pollita, [zointan ez bakarrik delako ithurria, bainan oraino hemengo azinda […] beltzak berak hain amultsuki goresten baititu] (J. Etxepare). Bi adibide horietan egitura berak ditugu. Badira, ordea, formazko diferentzia batzuk; bi bereziki. Batetik, lehenbiziko adibidean, erlatiboan bait- menderagailua izanik ere, badakigu haren orde -(e)n ere balia daitekeela; aitzitik, bigarrenean, bait- menderagailua baizik ez daiteke erabil. Bestetik, lehenbizikoan ez da izenordain erlatiborik eta bigarrenean, aldiz, bai (zointan).

31.4.5.1b Noski, erran daiteke lehenbizikoan hartan izenordainak zointan izenordain erlatiboaren eginkizuna duela, eta gisa batez hala da, hartan erresunptibo gisa agertzen baita, aurrekariaren erreferentzia izanik, izen sintagma erlatibatuaren funtzioa seinalatuz. Hain zuzen ere, Lafon eta Lafitte gramatikariek horixe zioten: bait- menderagailuak erabilera zabala duen Iparraldeko euskalkietan, euskarak ez zuela izenordain erlatiboen beharrik, berdin-berdin erabil baitaitezke halako perpausetan erakusleak, edo haietarik eratorri lekuzko adberbio deiktikoak (han, handik…), erresunptibo gisa, euskararen joskeraren jatortasuna hobeki errespetatuz. Bestalde, orain ikusiko dugun bezala, erakuslerik gabe ere egin daitezke halako erlatiboak, izenordain erresunptibo agerikorik erabili gabe.

XX. mendeko Iparraldeko idazleek bereziki baliatu dute idatzietan, bestela ere autore zaharretan eta bereziki gaurko ahozko euskaran erabiltzen den jokabide hori. Halako perpaus erlatibo aposiziozkoak bait-erlatiboak deituko ditugu hemen, bait- aurrizkia baizik ez baitaiteke izan kasu honetan menderagailua.

31.4.5.2. Erresunptiboen forma (agerikoa edo ez-agerikoa)

31.4.5.2a Ikusi dugu nola, erakusleak ager daitezkeela izenordain erresunptibo gisa bait-erlatiboetan. Horrela gertatzen da maiz. Beste batzuetan, ordea, erresunptiboak beste forma bat ere izan dezake. Helduko da eguna, zeinetan esango jatan, abiatu, ta presta nadilla ondo ilteko; Jinen dira egunak, [Ø herriari gosea igorriko baitiot] (Añibarro). Pentsa dezakegu badela bigarrenean ere erresunptiboari dagokion sintagma bat, aldi honetan agerikoa ez bada ere. Hitz batez, bait-erlatiboetan izen sintagma erlatibatua osoki isildua izan daiteke (izenordainik ez: ez erlatiborik eta ez erakuslerik): Bizpahiru egun bereziki hor iragan dire, [Ø beldurtzeko baitzen, [etzadin gehiago trein bat higi nehorat, ez aitzinerat ez gibelerat]] (Hiriart-Urruti). Erresunptiborik gabeko jokabidea errazkiago erabiltzen da, noski, isiltzen dena egiturazko kasu batean denean eta adizkiak komunztaduraz seinalatzen duelarik hura: Ezagutzen ditut apezak, [Ø buruhauste ederrik baitute [hamabi urteko haur batzuek egin galderi] xuxen ihardetsi beharrez] (Hiriart-Urruti); Nahi baduzie jin, badira “Ranchero” nausi eder batzu, [Ø oroz gainetik, eskualdun alabak nahi baitituzte emaztetzat] (Larzabal).

31.4.5.2b Halere, kasu gramatikala duenean ere agerikoa izaten ahal da erresunptiboa: Ni deitzen naiz Roland, Charlemagne-en gizona / [harek balio baititu, Otsoa bezalako dotzena] (Larzabal); Hanitz aldiz aditua nakon erraiten amari, [hau ere harriturik baitzagon] (J. Etxepare). Erresunptiboa erakusleaz beste izenordain bat ere izan daiteke: Nik ikusten ditut hemendik neskatxa frango […] [denak kasik erdaraz ari baitira solasean] (Larzabal). Erresunptibo gisa, hartan moldekoak ez ezik, han moldekoak ere erabil daiteke: Ostatu handi batzu idekirik badauzkote, [su, ohe on, jateko garbi, soinekorik beharrenak han ediren baititzazke merkeenik] (J. Etxepare); Ipar aldetik maldatzen dute dena bazka-leku diren munho batzuek, [handik erregebidez itzainek jausten baitakote ardien ilea] (J. Etxepare).

31.4.5.3. Bait-erlatiboetako izen sintagma erlatibatuen kasu markak eta postposizioak

Edozein kasu marka nahiz postposizio harturik ager daiteke bait-erlatiboetako izen sintagma erlatibatua, genitiboa barne. Izenordain erresunptiboa agerikoa denean, jakina, guziz gardena da interpretazioa. Hona Jean Etxepareren lan batetik atera zenbait adibide: Bazter ikusi nahia: horra zerk utzarazten dakon herria eskualdunari, [Ø ardurenik itsasoaz haindirat baitoa onaren ala berriaren keta]; Jendea alde dute, guziz jende xehea, hunen oldarrari bihurtzeko ez baititeke poliza aski azkarrik.

31.4.5.4. Bait-erlatibo konplexuak

Bait-erlatiboetan, zein-erlatiboetan bezala, izen sintagma erlatibatua mendeko perpaus batekoa izan daiteke.

Adibidez, aurreko adibidean, erresunptiboa (hunen) mendeko perpaus jokatugabeko osagaia da (hunen oldarrari bihurtzeko). Hona halako beste batzuk: Barne huntan bada holako mutil eta neskatxa frango, [ez baitakit [Ø ene predikua duten onartuko]] (Larzabal); Azken urte hotan, Canadako zelhai hotzetarat lehia badute bakar batzuek, [ez baitakigu [Ø zer gibelondo eginen duten]] (J. Etxepare).

31.4.5.5. Aposizio motak

31.4.5.5a Bait-erlatiboak, zein-erlatiboak bezala, erlatibo aposatuak dira. Erlatibo aposatuak izanik, bestelako sintagma aposatuekin batera etor daitezke: […] errota bat [gogorki zabala], [bere bi mazeletako zirien artean huts bat baitzaukan] (J. Etxepare).

31.4.5.5b Halaber, beste erlatibo aposatuak bezala, aurrekariaren ondoan ager daitezke edo gibeleratuak. Alderdi horretarik ere ez dira bereizten zein-erlatiboetarik: Gizon bati gertatu zaio, [hura ere ez baita guti harritu orduan]. Hor, bait-erlatiboa gibeleratua da, eta, halakoetan maiz gertatzen den bezala, aurrekaritik (gizon bati) bereiz. Hona gisa horretako beste adibide pare bat. Hurbileko aposizioan, beste sintagma apositibo batekin batean: Zera zen bat, [eskualduna baitzuen ere andrea], Irisarriko (Hiriart-Urruti); Aposizio gibelatuan: Bada hainitz hemen gaindi, [Ø ez baitezakete bertze hainbertze erran beren buruentzat] (Larzabal); Zenbat deputatu ez da [dirudunen eta langilen arteko gerla berek sustatu dutelakotz] baitire jaun handi] (Hiriart-Urruti).

31.4.5.6. Bait-perpausen anbiguotasuna

Badakigu bait- aurizkia ez dela bakarrik perpaus erlatiboetan erabiltzen, eta beste erabilera batzuk ere izan ditzakeela: kausa adieraz dezake, adibidez. Gisa horretan zail da batzuetan jakitea bait-perpausa erlatiboa edo adjuntua den: Etzen bazter ikusi nahia: merkaturat zenbeit aldiz, elizarat maiz, eta gero etxean, [han baitzuen osoki bere bihotza] (J. Etxepare). Hor, bait-perpausa bi modutan azter daiteke: edo erlatibo gisa, han izenordain erresunptiboa izanik, edo kausazko perpaus gisa. Funtsean, anbiguotasuna ez da hain bitxia gogoan hartzen badugu bait-erlatiboak beti erlatibo aposatuak direla, eta erlatibo aposatuek balio esplikatiboa izan dezaketela. Formaren aldetik bait-erlatiboak eta bait-ekilako perpaus adjuntuak ez baitira elkarretarik bereizten, berezkoa dugu euskaran halako perpausen anbiguotasuna: Haurrek, [ttipi direlarik ohakoan ahanzten baitituzte eta behar gabe zernahitaz asetzen], zango makilak kakol derabiltzate, zorroa ja biribil, buru zabal gaitza lepo meheak nekez bezala jasaiten deielarik (J. Etxepare).

31.4.5.7. Bait-perpauseko izenordain batek aurrekari gisa perpaus bat duenean

Bait-erlatiboetako izen sintagma erlatibatuari dagokion aurrekaria ez da beti izen sintagma bat. Perpaus baten edukia ere izan daiteke aurrekaria: Garatik hirirako bi zubiak ere behar dituzte zabaldu, [ez baita goizegi izanen] (Hiriart-Urruti). Hor, bait-perpauseko subjektua izenordain isildua da. Haren erreferentzia ez da aurretik agertzen den izen sintagma bat, baina aurretik agertzen den perpauseko edukia (aipatu bi zubien zabaltzea, hots). Hona beste adibide batzuk: Federiko enperadoreak etzuen bere mendean arnorik edan, [anitz baitzen aleman batentzat] (Axular); Jenden hiruetarik bat bataiatuak dira, [Afrikako beste erresumetan ez baita usu ikusten holakorik] (Hiriart-Urruti). Noski duda izan dezake batek ea halako perpausak egiazko perpaus erlatiboak diren, ala beste zerbait. Ez gara hemen eztabaida horretan sartuko. Esan dezagun, soil-soilik, ondoko erdaretan ere kausitzen direla halako perpaus aposatuak, erlatiboen ereduari darraizkionak. Zein-erlatiboak ere gisa berean erabili dira tradizioan. Zeren Iainkoa izendatuki, gezurraren aithor eta lekhuko ekhartzen baita: zein baita bekhatu handia eta itsusia (Axular). Erlatibo arrunt apositiboekin eratuak ere badabiltza, baina molde horren onargarritasuna zalantzagarri zaio askori: ?Federiko enperadoreak etzuen bere mendean arnorik edan, [anitz zena aleman batentzat].

31.4.6. Korrelazioz eraturiko perpaus erlatiboak

31.4.6.1. Korrelaziozko perpausak: aurkezpena

31.4.6.1a Perpaus erlatiboen artean sailkatzen ohi dira ondoko adibideko ereduari darraizkion perpausak ere: Nor ere bizi baita etxe hartan, hark pagatu beharko du haren konponketa.

Adibide horretan erreferentzia bereko bi izenordain ditugu, perpaus banatan agertzen direnak: lehenbizikoa galdera izenordaina da eta lehen perpausean agertzen da, perpaus hartako aditz jokatuak bait- aurrizkia duelarik (baita); bigarren izenordaina (hark), berriz, erakuslea da, eta ondoko perpausean agertzen da, perpaus hartako adizkiak menderagailurik ez dakarrelarik (pagatu beharko du). Erakuslea (hark) anaforikoa da, erran nahi baitu aurrekari batek ematen diola erreferentzia; ohar bedi, haatik, aurrekari horrek ez dezakeela erreferentzia zehazki mugaturik eman, zeren galderetan erabiltzen den izenordaina baita: nor, aurreko perpausean dagoena.

31.4.6.1b Holako egitura duten perpausez esaten da perpaus korrelatiboak edo korrelaziozko perpausak direla, eta mendekoari, nor … bait- erakoari, esaten zaio perpaus erlatibo korrelatiboa. Perpaus hauek ditugu hemen ikergai.

Ekialdeko tradizioan agertzen dira gehienik perpaus hauek literaturan. Halere, mendebaldean ere kausi daitezke batzuetan, bereziki testu zaharretan, bai(s)t- menderagailuarekin eraikiak, eta moduzko konparazioak osatuz: Zelangoa baista amea, alangoa oi da alabea (RS); Zelan bainabil janzirik, alan otza daukat nik (RS).

Forma jokatugabe eta eliptikoetan ere kausitzen dira korrelaziozko perpausak hala nola ondoko adibideetan: Zer ikusi, hura ikasi; Eguzkia nora zapiak hara.

31.4.6.2. Korrelaziozko perpausen egitura

31.4.6.2a Esan bezala, goiko perpausetako egituran bi perpaus ditugu: alde batetik galdera izenordain bat izenordain aurrekari gisa daukan mendeko perpaus bat, bait- aurrizkia dakarrena, eta bestetik, bestearen eskuinean, izenordain anaforikoa daukan perpaus bat, menderatua izan beharrik ez duena, eta beraz adizkia menderagailurik gabe izan dezakeena. Ondoko adibidean erakusten dugu korrelaziozko perpausen egitura:

[ZER/NORk-kasua (ere) … BAIT- aditza], [HURAk-kasua … aditza]

Nor ere baitago nitan eta ni hartan, eta harek ausarki ekartzen du fruitu (Leon); Ama Birjinak, are mundu hunetan zenean ere, nori ere, eta nork ere behatzen baitzioen, hari […] gogoeta garbi batzuk, eta garbiki bizitzeko nahikunde handi batzuk pitzten eta emaiten […] zerautzan (Axular); Baina, nor ere ahalegintzen baita besteak Arrazoiaren arabera gidatzen, hura ez da oldarrez ari, gizatasunez eta bihozberatasunez baizik (Xarriton); Nork ere irudikatzen baitu, alabaina, maite duen emaztea zikintzen dela beste norbaitekin, pertsona hura tristatuko da (Xarriton). Azken adibide honetan, erakusle soilaren ordez, izenaz eta erakusleaz osaturiko sintagma dugu.

31.4.6.2b Perpaus hauei dagokien terminologia ongi zehazteko erranen dugu perpaus menderatuko izenordain erlatiboa (ZER edo NOR) izenordain (korrelatu) aurrekaria dela, eta beste izenordaina, berriz, HURA gure adibideetan, izenordain (korrelatu) anaforikoa dela. Adibideetan ikusten den bezala, gehienetan ere diskurtso markatzailea lotzen zaio izenordain aurrekariari.

31.4.6.2c Aurrekoei konparatuz berezitasunak badituzte korrelaziozko perpaus erlatiboek:

Lehenbizikorik, zein-erlatiboak edo bait-erlatiboak bezala, ez dira izenlagun gisa agertzen; horretan argi eta garbi bereizten dira perpaus erlatibo arruntetarik.

Bigarrenekorik, zein-erlatiboak edo bait-erlatiboak ez bezala, ez dira postposatuak: izan ere, erlatibo korrelatiboak erreferentzia ematen dioten anaforikoaren ezkerraldean agertzen dira beti.

Hirugarrenekorik, perpaus erlatiboak erreferentzia zehazten dion izen sintagma erakuslea izaten da: hura, honi dagokion leku-adberbio bat (han, handik, hara…) edo, batzuetan, haina.

Altubek (1929: § 125) seinalatu zuen bezala, euskaraz beste modu batean ere ager daiteke korrelaziozko egitura hau, ondoko adibideetan ikus daitekeen bezala: Berak zer esaten eban? Nik arexeri erantzun baiño ez; Zein lagunen atzean ibili zan? Ba uraxe aurkitu Azkaratek.

Paralelismoa nabarmena da hor korrelazioz moldaturiko erlatiboekin, baina formazko diferentzia handi batekin: adibide horietan zer eta zein izenordainak galdera batean dira eta zinezko galdera izenordainak dira. Aitzitik, aurreko perpausean ez da horrela: galdera izenordaina daukan perpausa ez da galderazkoa, eta menderagailua dakar haren adizkiak.

Galderazko egituratik abiaturik ere forma jokatugabeak izan baitaitezke, are handiago gertatzen da orduan erlatibo korrelatuekin perpaus horiek duten antza: Berak zer esan ta nik arexeri erantzun, besterik ez (Altube 1929); Nik nora begiratu, hara hark (J. I. Basterretxea); Erizain ibili nintzen Gudarostearekin, gudariak nora joan ni hara (Uribe).

Bestalde, badirudi ahozko erregistro horretan bereziki, itxura bereko beste korrelaziozko perpausak ere molda daitezkeela hegoaldeko euskalkietan. Haietan, -(e)n menderagailua lotzen zaio galdera izenordaina duen perpauseko adizki jokatuari, zehar-galdera batean bezala. Horrela gertatzen da ondoko adibidean: Zu nora joaten zaren, nire anaia ere beti hara joaten da.

Esan behar da, halere, holako perpausak, ohiko korrelaziozko perpausen egitura dutenak (Hegoaldean gertatzen ohi denaz, -(e)n izanik menderagailua, eta ez bait-) ez direla biziki agertzen testu idatzietan.

31.4.6.3. Korrelaziozko perpausen balioa

31.4.6.3a Ikusi dugu korrelaziozko perpausetan izenordain anaforikoak duen aurrekaria galderetako izenordaina dela. Ez du, beraz, erreferentzia zehatzik, eta, ondorioz, balio kanonikoa hartzen ohi du, eta ematen ere izenordain anaforikoari. Batzuetan, haatik, balio kontzesiboa ere izan dezake.

Aurrekariak balio kanonikoa duenean korrelaziozko perpaus horiek ardatzik gabeko erlatibo generikoen pareko dira. Adibidez —ondotik errepikatzen dugun adibidea—, ardatzik gabeko erlatibo generiko baten bidez adierazia da beste zenbait itzulpenetan: Nor ere baitago nitan eta ni hartan, eta harek ausarki ekartzen du fruitu (Leon); Ni Argan bezala nitan dagonak uzta ugari ematen du (Orixe); Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin (Elizen arteko Biblia).

31.4.6.3b Testuinguru egokietan balio kontzesiboa ere izan baitezake izenordainak, araberako balioa hartzen dute batzuetan korrelaziozko perpausek. Beha ondoko adibideari: Non ere gordetzen baita, ez zaigu handik eskapatuko.

Horrelako adibide bati, interpretazioan kutsu kontzesiboa errazki eman dakioke, hala nola esaten balitz: Edonon, den tokirik aurkitzen zailenean ere, ezkuturik egon arren, ez zaigu handik eskapatuko. Parekotasun horrek esplikatzen ditu, adibidez, kolosarrei eginiko gutunetan Kol 3, 23 pasarteko itzulpen desberdinak: Zer ere baitagizue, gogotik egizue (Leizarraga); Edozein gauza egin dezazuen, bihotzetik egizue (Duvoisin).

31.4.6.4. Izenordain korrelatu aurrekariaren forma

31.4.6.4a Izenordain korrelatu aurrekaria, galdera izaten da komunzki: nor edo zer sailekoa, adibideetan ikusi dugun gisan, edo leku-denborazko kasuetan non edo noiz erakoa.

Zein sailekoa ere izaten ahal da, halere, batzuetan. Adibidez, gorago aipatu perpausa zein izenordaina baliatuz itzultzen du Duvoisinek: Zein ere baitago nitan eta ni hartan, hainak ekharriren du fruitu hainitz (Duvoisin).

Zein-erlatiboetan, zein izenordain erlatiboa artikuluarekin ere erabil daitekeela ikusi dugu. Aukera hori aurkitzen da zein izenordain gisa korrelaziozko perpausetan erabilia denean ere, nahiz zein-erlatiboetan baino anitzez gutiagotan baliatua den jokabide hau. Ikus ondoko adibidea: Zeinak profeta bat, profeta delakoz baitu hartzen, hainak profeta saria izanen du, eta nork-ere prestu bat prestu delakoz hartzen baitu, harek prestu saria izanen du (Duvoisin).

Zein izenordain aurrekaria artikuluarekin agertzen da aurreko adibidean. Adibide bereko ondoko perpaus erlatibo korrelatua, berriz, nor izenordainarekin eratua da, baina ikus dezakegu ez dagoela bi izenordainen artean oposaketarik balioaren aldetik.

31.4.6.4b Ez da ohikoa zeina(k) izenordainaren erabilera hau korrelaziozko erlatiboetan.

Noski, zein izenlagun moduan ere ager daiteke batzuetan korrelaziozko perpausetan. Jokabide hau erregularra da, adibide ugari aurkitzen ez bada ere literaturan. Hona batzuk: Eta ZEIN-ere hiritan edo burgutan sarthuren baitzarete, informa zaitezte nor den hartan dignerik, eta zaudete han parti zaitezteno (Leizarraga); Gero baderamatzate zoin tokitarat iduritzen ere baitzeie, eta harat (J. Etxepare).

Adibide horietan zein izenlagun gisa agertzen zaigu. Esan gabe doa zer ere erabil daitekeela batzuetan modu berean: Zeren nola etsaiak bethiere zelatan baitaude, zer ere huts edo falta edireiten baitute, hura berehala harrapatzen dute, eta are batzutan berreturik, airatzen eta kanpatzen dute (Axular); Zer ere baitu eskas lur batek bere baitarik, hura behar zaio eman ongailuz (Almanaka); Zer ere baitu bere lan berezia gerlako gizon bakhotxak, hartan da gehienik eskolatzen (Saint-Pierre).

31.4.6.5. Korrelaziozko izenordain anaforikoaren forma

31.4.6.5a Izenordain korrelatu anaforikoa gehienetan erakuslea da, goragoko adibideetan ikus daitekeen bezala, edo hartarik eratorritako forma adberbiala toki denborazko kasuetan denean (han, handik eta abar): Gero baderamatzate zoin tokitarat iduritzen ere baitzeie, eta harat (J. Etxepare).

Aurrekaria nor edo zer gisako izenordaina izanik, mugagabean da eta singularreko aditz komunztadura dakar. Ondorioz, anaforikoa ere, gehienetan behintzat, singularrean izaten da. Halere ez dirudi ezinezkoa dela erakusle anaforikoa pluralean agertzea testuinguru egokietan. Ondoko adibidean Axularrek izenordain anaforiko singularra eta plurala, biak, erabiltzen ditu: Zaleuko Greziako parte batzuetako erregeak […], ordenatu zuen eta ezarri legea, nor ere eroriko baitzen adulterioan, eta nork ere behar etzen emaztearekin huts eginen baitzuen, halakoari eta halakoei, hainari eta hainei, hala gizonari nola emazteari, iustiziak begiak atherako eta iraziko zerauztela (Axular).

Aurreko adibidean ikus daitekeenez, izenordain korrelatu anaforikoa haina da, eta singularrean eta pluralean erabilia da.

31.4.6.5b Haina izenordaina korrelaziozko perpausetan bereziki agertzen da literatura tradizioan, aurrekaria gizakia izanik, ondoko adibideetan bezala: Nork ere maiz hartzen baitu bazka saindu eta erremedio salbagarri hori debozionerekin, hainak hartarainokoan borthitzen du bere arimako osasuna eta bizia (J. P. Arbelbide); Nork ere maiteago baidu aita edo ama ni baiño, haiña ezta enetzat on: eta nork ere maiteago baidu semea edo alaba ni baiño, haiña ezta enetzat gai (Haraneder); Nork erraiten baitu hura baithan dagoela, behar du, nola hura ebili baita, hala hainak-ere ebili (Leizarraga).

Haina izenordain anaforikoa, lapurtera klasikoko tradizioan kausitzen dugu. Nahiz XVI. mendean Leizarragaren idazlanetan ere aurkitzen den, XVIII. eta XIX. mendeetako testuetan bereziki agertzen da.

31.4.6.5c Izenordain anaforikoa isildua ere izan daiteke. Horrela da, adibidez, Axularren obratikako aipu honetan: Bada nork ere bere arimaz kontu ona eman nahi baitu, eta bere bekhatu iraganez barkhamendu erdietsirik, aitzinerat gehiago egin gabe egoiteko indar hartu, maiz kofesa bedi (Axular). Adibide horretan izenordain anaforikoa kofesa bedi aditzaren subjektuari dagokio baina isildua da.

Ondoko adibideetan, izenordain anaforikoa datiboan eta ergatiboan da, baina ez da ageriko izenordain gisa gauzatua aditzaren komunztadura marketan ez bada: Nork ere baituke orai orhoitzapen horren ohoretan besta egiteko gutizia, on dakiola! (Hiriart-Urruti); Nork ere nahi baitu bazkarian parte hartu, izena behar du eman Begiraleen egoitzan urriaren 8-ko berantenaz eta txartela aintzinetik pagatuz (Herria).

31.4.6.6. Ere eta eta korrelaziozko perpaus erlatiboetan

31.4.6.6a Korrelaziozko perpausetan askotan ere eta eta hitzak agertzen zaizkigu.

Goragoko adibideetan ikus daitekeenez, anitzetan idazleek ere agerrarazten dute perpaus erlatiboan izenordain aurrekariaren ondotik. Halakoak dira ondoko adibideak: Zer ere ikhusten baitugu bertzeer egiten, hari jartzen gare (Hiriart-Urruti); Nork-ere prestu bat prestu delakoz hartzen baitu, harek prestu saria izanen du (Duvoisin); Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du (Axular); Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du (Olano); Nork ere egin duena damu baitu, hura dohakabea da edo ezindua, bi aldiz (Xarriton); Mexikoko ikerketa misteriotsuetan Ernest Hemingwayri nork ere lagundu dion, itzalpetan geratu da horren izena (Jimenez).

Eta ere agertzen da askotan korrelaziozko perpausetan. Maizenik anaforikoa dakarren perpausaren hastapenean aurkitzen da, ondoko adibideetan bezala: Nork ere begiraturen baidu bere bizia, eta hark galduko du (Haraneder).

31.4.6.6b Batzuetan, halere, eta diskurtso markatzailea perpaus erlatiboaren barnean ere aurkitzen da, mendeko perpauseko azken hitzari erantsia, ondoko adibidean bezala: Lehenago, nork ere pagatzen baitzuen barrika arno gehienik-eta, hura zukan pasatzen bozetan… (Larzabal).

Beste batzuetan eta izenordain aurrekariari lotzen zaio mendeko perpausean, zenbaitetan ere darraiolarik: Non eta baitire (mirakuiluak), Jainkoa han da (Lapeire); Nor eta ere ez baita berriz sortzen urean […], ez daiteke sar Jainkoaren erresuman (Lapeire).

31.4.6.7. Korrelaziozko erlatiboak mendeko perpaus bateko osagai

Korrelaziozko perpaus erlatiboa mendekoa izanik, izenordain korrelatu anaforikoa perpaus beregain batean egon daiteke. Gehienetan horrela gertatzen bada ere, ez da ezer ezinbestekorik horretan, eta erlatiboari bidea irekitzen dion perpausa bera ere (izenordain anaforikoa duena, hots) mendekoa izan daiteke.

Horrela gertatzen da, adibidez, Axularren ondoko hiru adibideetan, bi kasutan -(e)la konpletiboa delarik mendeko perpausa (ondoko bi adibideak), eta beste kasuan ba- perpaus supositiboa (azken adibidea): Seguratzen zaituztet, ezen nork ere utziko baitu enegatik, eta ene Ebanjelioagatik etxerik, anaiarik, arrebarik, aitarik edo amarik, errezibituko duela orai presenteko denbora hunetan, utziko duenetik ehun gehiago, eta gero bertze munduan bizitze eternala (Axular); Orduan zeure ondokoei, eta han presentean edireiten direnei, zer ere nahi baitute, eta nola behar dela ikhusiko baitute, hala dagitela utzten derauezu (Axular); Zeren baldin Elizako doktor batzuek dioten bezala, Ama Birjinak, are mundu hunetan zenean ere, nori ere, eta nork ere behatzen baitzioen, hari, haragiaren desira desordenatuak eta gogoeta lizunak iraungirik, heken lekhuan gogoeta garbi batzuk, eta garbiki bizitzeko nahikunde handi batzuk pitzten eta emaiten bazerautzan: zenbatenaz orai han goititik, loriatik, hanbat kredit eta esku duen lekhutik, bere debotei egiazki gomendatzen zaizkonei erdietsiko deraue, eta erdietsirik emanen deraue, haragiaren tendamenduen haizatzeko eta benzutzeko indar, bothere, eta garazia? (Axular).

31.4.6.8. Korrelaziozko perpaus erlatiboaren tokia

31.4.6.8a Gorago ikusi bezala korrelaziozko perpaus erlatiboak izenordain anaforikoa dakarren perpausaren hastapenean kokatzen ohi dira, honela, beraz:

[[… NOR/ZERBAIT-aditza …], HURA … aditza]

Zenbaitetan, halere, perpaus erlatiboa ez da perpaus osoaren hastapenean agertzen, baina haren erdian, betiere izenordain anaforikoa eskuinean duela (hau ageriko denean noski). Horrelakoa da ondoko adibidea: [Gero baderamatzate [zoin tokitarat iduritzen ere baitzeie], eta harat] (J. Etxepare).

Adibide horretan, harat izenordain anaforikoa dagoen perpauseko aditza (baderamatzate) aurrean da, eta perpaus erlatiboa haren eskuinean (izenordain anaforikoaren aurretik, haatik, ez baitaiteke bestela izan).

31.4.6.8b Batzuetan egitura hori aurkitzen da izenordain anaforikoa isildua izanik ere, hala nola Axularren adibide honetan: Beraz hunelatan, […] behar dugu egun beretik, geroko begira egon gabe, geure konzientziatik, zer ere notha, falta, eta narrio baitugu, khentzera enseiatu: eta halatan bakean eta soseguan egon, iarri eta pausatu (Axular).

Adibide horretan zer ere … bait- perpausa gaineko aditzaren (khentzera) ezkerrean da, baina halere perpaus horretako osagaien erdian, zeren ezkerrean duen sintagma (geure konzentziatik) khentzera aditzaren adizlaguna da. Erlatibo korrelatibo gisa aztertzen bada [zer ere … bait-] perpausa, suposatuko da, haren ondotik izenordain anaforikoa badela, baina kasu horretan isildua dela (haren edo genuke gauzatua balitz). Alabaina, ikusi dugu gorago Ø formako izenordain anaforiko horren aukera agertzen dela korrelaziozko erlatiboetan (ikus § 31.4.6.5c).

31.4.7. Aurrekaririk gabeko galdera izenordaina duten erlatiboak

Bi egitura bereiz daitezke aurrekaririk gabeko galdera izenordaina duten perpaus erlatibo jokatuetan: bait- menderagailua hartzen dutenak eta perpaus erlatiboko aditza subjuntiboko forman dutenak. Lehen egituraren adibide dira honako perpaus hauek: Emanen zeraukala zer ere eska bailedi (Leizarraga); Emanen daraiela zer baitute merezi (Etxepare). Mendeko aditza subjuntibokoa dute, aldiz, beste hauek: Ez dik [non bere burua reposa dezan] (Leizarraga); Eskriturak nonbait diona da, aurtxoak ogi eske zeuden ta etzan nork puska ziezaten (Larramendi); Ez dago nok egin dagijan penitenzijarik (Mogel).

Baina aurrekaririk gabeko galdera izenordaina eta bait- menderagailua duten erlatibo jokatuen egitura guti baliatua izan da egitura euskaraz, eta oso markatua da. Aditza subjuntiboko forman duten erlatiboak ere gaur zaharkitutzat jo ditzakegu, zeren perpaus jokatugabe gisa bakarrik erabiltzen baitira horrelako egiturak254.

31.5. Perpaus erlatibo jokatugabeak

31.5.1. Sarrera

Kapitulu honen hasieran bi motatako perpaus erlatiboak bereizi ditugu: erlatibo arruntak eta izenordain erlatiboz eraturiko perpaus erlatiboak (ikus § 31.2.1, § 31.2.2). Lehenak, izena modifikatzen duten sintagma adjektibaltzat har daitezkeela esan dugu (ez, aldiz, izenordain erlatiboz eraturikoak). Erlatibo arrunten artean, bi motatakoak bereizi ditugu: jokatuak eta jokatugabeak (josi duzun / jositako). Bigarren hauek izango ditugu hemen aztergai.

Perpaus erlatiboak, jokatuak eta ez jokatuak, parekoak izanik, juntaturik ager daitezke, hots, perpaus erlatibo jokatugabeen eta jokatuen artean ere gerta daiteke juntadura, ondoko adibidean bezala: Bertan zeuden baserritarrek ekarritako edo baserrietan gehienbat behar izaten diren gauzak. Adibide horretan, aurrean bi perpaus erlatibo agertzen dira gauza izen-ardatzaren, edo juntagailuaren bidez juntatuak: bat (baserritarrek ekarritako) ez da jokatua, eta bestea, aldiz (baserrietan gehienbat behar izaten diren), bai. Partizipio burutuaren bidez eratu perpaus jokatugabeak perpaus erlatibo jokatugabe arruntak direla erranen dugu, eta, hain zuzen, halakoak ditugu atal honetako aztergai nagusiak. Nagusiak, baina ez bakarrak, zeren badira beste egitura batzuk perpaus erlatibo gisa aztertzen ohi direnak, jokatugabeak izanik bestela moldatzen direnak. Horrela, perpaus erlatibo jokatuak aztertzean adierazi baitugu korrelazioz ere molda daitezkeela perpaus erlatiboak (ikus § 31.4.6), orain ikusiko dugu aditza jokatu gabe ere era daitezkeela itxura bertsuko perpausak: Non hilko, hara joango! Bestalde, ikusiko dugu nola molde jokatuan guziz zaharkitutzat jo daitezkeen perpaus erlatibo berezi batzuk (ikus § 31.4.7) bizi-bizi diren gaurko euskaran era jokatugabean: I ixilik egonda ere, bazegok bai an nork itz egin! (F. Mendizabal). Azken adibide honek antz handia du zehar-galdera jokatugabeekin, baina egiazko egitura erlatiboari dagokiona da. Hau da, bazegok adizkiaren osagarria sintagma absolutibo bat da, isilpean egon arren (norbait, jendea…) eta sintagma horren erreferentziakide da mendeko perpauseko nork30.8.3f). Beraz, hiru perpaus mota aurkeztuko ditugu hemen, erlatibo jokatugabeei dagozkienak: perpaus erlatibo jokatugabe arruntak (zuk ekarritako liburua); korrelaziozko perpaus jokatugabeak (nor aipatu, hura agertu); [galderazko izenordaina + adizki jokatugabea] erakoak (badugu non lo egin).

31.5.2. Perpaus erlatibo jokatugabe arruntak

31.5.2.1. Perpaus erlatibo jokatugabe arrunten aldaerak

31.5.2.1a Perpaus erlatibo jokatugabe arruntak partizipio burutu jokatugabearen bidez eratzen dira. Halere, euskalkien arabera, itxura desberdinak har ditzake partizipiozko egiturak halako perpausetan, nolako atzizkia eransten zaion (edo ez zaion): Mundu modernoan kristautasunari egindako kritika marxistaren muina; Berak eginiko toki, gorde-leku ta garautegietan (Añibarro); Haren lehen antzerki obra, Mugaldeko herrian eginikako tobera, Arantzazun antzeztu zuten bertako ikasleek, 1962ko Gabonetan (Berria); Oihal larriz eginikako erridau bat; gure herriaz eskaini liburu koloretsuetan (Borda).

Nabari denez, lau itxura desberdin ditu partizipio burutuzko egiturak adibide horietan: egindako, eginiko, eginikako eta eskaini (eginen pareko egitura, alegia). Lau aldaera horiek literatura-euskalkien joera nagusiei dagozkie, horrek ez baitu erran nahi zenbait euskalkitako mintzamoldeetan hauetaz beste aldaera batzuk ere ezin erabil daitezkeela. Adibidez, itsas hegiko lapurteran, baztaneran eta bizkaierazko zenbait aldaeratan -(e)ko atzizkia aurki daiteke: Hainbertzetan irakurriko liburu hortarik (Lafitte); […] erosiko behi pintak, esanekoa baino askoz esne gitxiago ematen dauala (J. L. Goikoetxea).

31.5.2.1b Perpaus erlatibo jokatugabeetako atzizkiei behatzen badiegu, ohart gaitezke molde batean izan ezik, -ko atzizkia agertzen dela beste guztietan. Dakigun bezala, atzizki hori izenlagunen eratzeko bereziki baliatzen da (ikus § 21.7), eta ez da harritzekoa hemen ere aurkitzea, zeren perpausei ere lot baitakieke (-(e)lako perpaus izenlagun jokatuak, -tzeko perpaus izenlagun jokatugabeak, ikus § 30.6.4.1). Perpaus erlatiboei dagokienaz, literatura-euskalkietan agertzen diren formak kontuan hartuz gero (egindako, eginiko, eginikako), -ko atzizkia aditz partizipioei loturik doan beste atzizki batekin batean erabiltzen da beti: edo -ta atzizkiari erantsirik, edo -(r)ik atzizkiari. Burutu ondoko egoera adierazteko, -ta atzizkia oinarri denean, -tako atzizkia dugu, eta -ik erabiltzen denean, berriz, -iko edo -ikako atzizkiak. Euskararen ohiko eremuaren erdialdean, alde bat nagusi da [partizipio+-tako] era perpaus erlatibo jokatugabeetan, eta mendebaldean ere maiz baliatzen da: Iñoiz baltzak izandako praka arreak (Kirikiño); Eri egondako morroia sendaturik arkitu zuten (Iraizoz); Paristik osteria joan-etorria ein ondoren, lagunartean kondatzen ziarduan, an ikusitako aurrerapen azkarrak (San Martin); Orduantxe damutu zen Raimundo Silva hartutako erabakiaz (Alonso); Etxean umetan ikusitako eszenak inspirazio gisa erabiliz (Arretxe). Mendebaldean eta ekialdeko erdialdean bereziki, -ta atzizkiaren orde, edo hartaz gainera, -(r)ik atzizkia erabiltzen baita eskuarki partizipio burutuetan, -(r)iko edo -(r)ikako formak agertzen dira perpaus erlatibo jokatugabeen hondarrean -ko erantsi ondoan: Txiki-txaka txiki-txaka joan zan len esaniko etxe zarreraño (F. Bilbao); Bertze aldi batez, nonbeitik ethorririkako fraide bat egotu zitzaion begira luzez (Joanategi); Peoiek paper gorriz apaindurikako hagatxoak sartzen zizkioten (Irigoien); Arnoldo kondea […], germaniar inperioko hainbat tokitatik etorririko borrokalarien buru egiten zuena (Alonso).

31.5.2.1c Bi moldeok euskalkien arabera banatzen dira bereziki: Bizkaiko aldean eta goi-nafarreran -iko forma erabiltzen da (-tako eraz gainera, erran dugun bezala), eta -ikako forma da nagusi, berriz, ekialdean, Iparraldean eta inguruetan bereziki. Iparraldeko euskalkietan, bestalde, ekialdekoetan bereziki, perpaus erlatibo jokatugabeak partizipio burutua hutsik dagoelarik eratzen dira maiz. Ikus ondoko adibideak: Zaldia hartzen du, eta joan ahala joan badoa jin bidetik (Lafitte); Lehentxeago Gualaong erregearen kontra han phiztu asaldura baten gatik (Zerbitzari); Galtatzen dit parkamentü egin zor güzietaz (Berzaitz); Mari Raou odol bilketako zentroko langileak adierazi iritzia senti zitekeen Baionako erietxera hurbildu ziren gehienen artean (Berria); Orduan piztu sua etzizaion sekulan hil Piarres Haristoy apezari (Herria).

Partizipio burutu soilaz eratu erlatiboek gogora ekartzen digute, aditz partizipioek duten adjektibo erabilera (ardi galdua, gorputz ustelduak, ikus § 14.5), askotan gramatikariek hain zuzen erlatiboen erabileratik eratorri dutena. Horregatik, hain zuzen, Euskaltzaindiaren Hiztegian galdu hitzari ematen zion zazpigarren adieran, honela definitzen da hemen aipatzen dugun kasuari dagokiona: Era burutua izenondo gisa”: ardi galduen gisan; zoko galduren batean; gazte galdua izan zinelako.

31.5.2.1d Behar eta ahal modalak ere ager daitezke perpaus erlatibo jokatugabeetan, -ko postposizio atzizkia harturik. Behar modalak osaera garbi, erregularra du, bat bera hizkera guztietan: [partizipio+behar+-(e)ko]. Ez naiz sartuko lagunek egin beharreko lanetan; Batteux eta Laharpe omen ziren obeditu beharreko legegile edo lege emaile horiek (Mitxelena); Esan beharreko guztiak esan nizkion, hortaz (A. Agirre); Ikusi beharreko etxe berriaren irrika (X. Mendiguren Elizegi); Iritsiko zitzaion kontuak eman beharreko eguna (Olarra).

Ahal, berriz, aurrean aditzoina duela erabiltzen da ekialdeko euskalkietan: […] hek asma ahaleko gozamen guziak (Hiribarren); Bil ahalikako ahaide eta adixkide guziak (Zaldubi); Handik begi kolpe zorrotz bat emaiten diote ikus ahalikako bazter guzieri (Zaldubi). Mendebaldekoetan, berriz, partizipioa ere aurki daiteke: Muinoa ilun ikusten zen beherantz […] begiekin ikusi ahaleko guztian (Biguri). Eta askotan ezin da jakin partizipioa ala aditzoina den ahalen ondoan ageri dena: Argitara emandako konta ahaleko artikuluak bi sailetan sailka daitezke (Uztaro); Hegazkinean eraman ahaleko gauzak garraiatu zituzten (Olasagarre). Berezi emankorra da ezin + ahaleko egitura, partizipioa ezinen eskuinean nahiz ezkerrean dela (§ 23.4.4b): Eutsi ezin ahaleko negarra (Lertxundi); Ezin esan ahaleko grazia egin bide zion esaerak (J. A. Arrieta); Ezin konta ahaleko mina eta hondamena (Berria); Iraultza garaiko konta ezin ahaleko idazlanen artetik (Biguri).

Gauzak horrela izanik, partizipio burutua -ko atzizkiarekin edo hutsik ageri duten perpausak kontuan hartuz gero, hiru era nagusi bereizten ahal dira perpaus erlatibo jokatugabe arrunten artean: -tako perpaus erlatibo jokatugabeak; -ik(ak)o perpaus erlatibo jokatugabeak; partizipio hutseko perpaus erlatibo jokatugabeak.

31.5.2.2. Zenbait ezaugarri, perpaus erlatibo arrunt guztiei dagozkienak

Perpaus erlatibo arruntek badituzte zenbait ezaugarri berdin agertzen direnak, perpaus erlatiboko adizkia jokatua zein jokatugabea izan. Perpaus erlatibo jokatuak aztertzean azpimarratu ditugu horrelako egituren ezaugarri nabarmen batzuk: a) adizkia bukaeran doa nahitaez; b) sintagma berean metatzen ahal dira, izen-ardatz berari dagozkiola; c) izen ardatzaren ezkerrean agertzen dira gehien-gehienetan, baina ez dute debeku eskuinaldean ere agertzea; d) izen-ardatzik gabe ere era daitezke, determinatzailea zuzenean gehituz.

Komeni da ikustea, laburzki bederen nola gauzatzen diren ezaugarri horiek perpaus erlatibo jokatugabeetan.

31.5.2.2a Perpaus erlatibo jokatuetan, adizki jokatuak nahitaez beti azken tokian agertu behar du perpaus erlatiboaren barnean (perpaus generikoetan izan ezik, ez baitute segidan izenik). Perpaus erlatibo jokatugabeetan ere berdin gertatzen da, buru den izena atzean denean. Guztiz okerra da bestelako antolaera: [Iaz Pellorekin mendian ibilitako] gizona; *[Iaz mendian ibilitako Pellorekin] gizona.

31.5.2.2b Izen sintagma batean, perpaus erlatibo bat baino gehiago gerta daitezke izen ardatz berari dagozkionak. Horrela gertatzen denean, perpaus erlatiboak juntatuak izan daitezke, edo metatuak. Hala gertatzen da perpaus erlatibo jokatugabeekin ere. Europaren kultura, berak sortutako nahiz besterengandik hartutako gaiez oratua (Mitxelena). Horrelako juntadura guztiz arruntak dira eta ez dute iruzkin berezirik eskatzen. Halere, seinalatzekoa da nola horrelakoetan lehenbizi heldu den perpaus erlatiboko partizipioa atzizkirik gabe ager daitekeen: Aiek landu ta ereindako lur artan uzta egitera (Iraizoz); Bereziak ziren zuk erosi eta nik jandako goxokiak.

Izen berari dagozkion perpaus erlatiboak metatuak ere izan daitezke, gainerako sintagma adjektibalak bezala, izenondoak izan zein izenlagun. Hots, joskeraren aldetik maila berean izateko orde (juntaduretan gertatzen den bezala), maila desberdinetakoak dira: [Orok maite dugun] [mesede handiak egin dizkigun] lagun batek esan du. Halako metatze egituretan, perpaus jokatugabeak ere erabil daitezke, erlatibo jokatuak eta jokatugabeak sintagma berean erabiliz: [Ezagutu dodazan] [gaztela-mutil izandako] zarrai entzuna (Kirikiño); [Esku-artean daukadan] [argitasunez ongi hornitutako] liburu lodi eta trinko honekin (Mitxelena); [Zuriz jantzirikako] [aurrean zetorren] galai ura ea nor zan (Kardaberaz); [Gizonek ainbeste aldetara zikindutako] [Garonne izena dun] ibai artan (J. A. Irazusta).

31.5.2.2c Erlatibo jokatugabeen tokia. Perpaus erlatibo jokatuak, komunzki, laguntzen duten izenaren ezkerraldean agertzen dira, gaurko euskaran bereziki. Berdin gertatzen da perpaus erlatibo jokatugabeekin ere, nahiz ez den hori ezin urratuzko araua. Izan ere, tradizioko testuetan ez dira falta halakoak, gehienetan bat edo erakusle bat delarik determinatzailea ISan, bestelako adjektibatze baten ondotik sarritan: Gizon aberats eta noble, baña [oitura galdu eta galgarri guzietara emandako] bat (G. Arrue); Arratiako hizkera gozoan egina dagoen liburuxka polit, jator, [mendi usai sarkorrez beterikako] hau (Mitxelena); Gizon andi, gurgarri, [urteakaz makurturiko] bat (Agirre); Pekatu ilgarri[autortu bagako] edo [txarto autorturiko] guztiak (Iturzaeta). Halako perpausen hitz ordena, markatua izan arren, guztiz da gramatikala, mota bereko perpaus erlatibo jokatuekin bezala. Tartean beste adjektibatzerik ez dela ere eratzen dira halakoak: Elizatxo [utzitako] batian (Beobide); Argizari [amatau edo itzalitako] bat (Agirre). Perpaus erlatiboak metatzen direnean ere ageri dira halako eskuineratzeak, ezkerreko metaketa arintzen dutenak: [[[Ama Birjiñari eskaiñitako] San Benitoren alabak] iduki zuten] etxe santu [utzitako] bat (Beobide). Hots, etxe abandonatu(tako) bat = abandonatutako etxe bat.

31.5.2.2d Perpaus erlatibo jokatugabeek, jokatuek bezala, izen arruntak izaten dituzte eskuarki ardatz edo buru. Hala ere, sarreran aipatu dugun moduan, ez da debeku berezko erreferente zehatz bakarreko izenekin ere erabiltzea, izen bereziak barne (aktiba daitekeen interpretazioa zehaztailearen lehia gorabehera, ikus § 31.3.1): Yudutar gizalde aundi batek ikasi zuen Yesus an zala, eta yoan ziran, ez Yesusengatik bakarrik, baita [onek illen artetik piztutako] Lazaro ikustegatik (Iraizoz); [Setan gogortutako] Nestorioren kontra Batazarrak emandako epai edo sentenzia irakurri zanean (G. Arrue); [Kalbinoren erakusle izandako] Wolmarek zion: gizatxar eta asarrekorra da Kalbino; Hau zela [zerutik igorririkako] Apollo (Inza).

Adibide horietan perpaus erlatibo jokatugabeek laguntzen dituzten izenak izen bereziak dira. Horrek erakusten du perpaus erlatibo hauek ez dutela nahitaez balio murrizgarria (ikus § 31.3.2).

31.5.2.2e Perpaus erlatibo jokatugabeek laguntzen duten izena batzuetan isildua izan daiteke. Isiltze hori bi modutan gerta daiteke, edo, testuinguruagatik isildua izanik, izen ardatza hor balitz bezala interpretatzen delako, edo interpretazio generikoa (ikus § 31.4.3.13d) ematen zaiolako sintagmari. Bi egoera horiek adierazten dira ondoko adibideetan: Zuk idatzitako gutunak gustatzen zaizkio Maddiri; ez, ordea, nik egindakoak; Ez ditzaket sinets zuk niri goizean esandakoak. Lehenbiziko adibidean, argi da, testuinguruak hala eskatzen baitu, nik egindako perpaus erlatiboaren ondotik gutun izena badela, nahiz, aurretik agertzen den izen hori ez errepikatzeagatik, isildua den, hala nola egiten ohi baita holakoetan. Joskera hori guztiz arrunta da, eta ez du iruzkin berezirik eskatzen. Bigarren adibidea, aldiz, bestelakoa da. Hartan, testuinguruak ez du eskaintzen izenik, zuk niri goizean esandako perpaus erlatiboaren ondotik agerraraz daitekeenik. Bizkitartean, oso gardena eta interpretazio garbikoa da perpausa. Orok ulertzen dugu esan aditzari berez dagokion objektu zuzenari dagokiola sintagmaren ardatza. Berdin gertatzen da perpaus erlatibo jokatuekin: Ez ditzaket sinets goizean esan dizkidazunak. Halakoei, erlatibo generiko izena ematen diegu. Halako perpausetan, artikulua izaten da determinatzaile, pluraleko edo singularrekoa: Geroztik berak ikusi ta entzundakoa kondatzen digute (Iraizoz); Tzarrer emanikakoa / bethi da urrikitzekoa (Goihetxe); Barojak ikusiak, entzunak, eginak, pentsatuak irakurtzen ditugu (Mitxelena). Erabide generikoa dakarten beste determinazio motak ere kausitzen dira halako perpaus erlatiboetan; besteak beste, zenbatzaile orokorra edo artikulu indeterminatua: Nere izen onak debekatzen dit [entzundako ta ikusitako] guzia orri auetan ipintzea (M. Atxaga); “Ori, [Noemirekin Moabetik etorritako] bat da” erantzun zion (Lardizabal).

31.5.2.3. Perpaus erlatibo jokatugabeen ezaugarri bereziak

31.5.2.3a Perpaus erlatibo jokatugabeek badituzte jokatuek ez dituzten berezitasun batzuk, kontuan hartzekoak direnak. Bereziki aipatzekoak ditugu hiru hauek: ezeztatzea, aldi-aspektu murriztapenak eta erlatibatze eskala.

31.5.2.3b Ezeztatzea. Perpaus erlatibo jokatugabeek jokatuei buruz duten bereizgarri nagusietarik bat da haietan ezezkorik ez ohi dela agertzen. Konpara ditzagun bi perpaus hauek: Zuk atzo egin ez zenuen lana beharko dut gaur nik egin; *?Zuk atzo ez egindako lana, gaur nik egin beharko dut. Halarik ere, badira literaturan halako ezezko batzuk. Oso gutxi, egia erran, eta aiseago denboran zehazki kokatuak ez diren gertakariak aipatuz: Egundaño ez-ikusitako gauzak zekuskitela (Lardizabal); Aspaldiñ ez ikusitako aberriaren lurra berriro ikustea (J. A. Irazusta); Iñoiz ikusi ditu Nicanorrek bere errian ez ikusitakoak (Erkiaga). Ez dirudi halako adibideetako perpaus erlatiboak, egundaino eta aspaldi bezalako denborazko adberbioekin eratuak, aurrekoen pare-parean emateko direla. Erlatibo jokatugabeak dira honako adibide hauetakoak ere: Baita ezikusiak eta ezentzunak ere, ofizialtasunak ez baitu gogoz onartzen sarkinen agerpena (Epaltza); Ohe, esate baterako, Objektu Hegalari Ezidentifikatua da Zakilixutentzat (Arranz). Antzeko beste esapide bat erabiltzen da, batez ere Gizpuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugaren alde bietako hizkera batzuetan, nahiz gaur hedadura zabalagoa erakusten duten adibideek: Sekula ikusi eztako gauza; Uste eztako diruak; Aziendarik eta nahi-eztako umerik ez hala ere, oraingoz behintzat (J. L. Zabala); Sekulan bizi eztako “Heriotza” hunkigarri honi, ez dakit nola deitu (Perurena). Esan beharra da, halere, bakan agertzen direla horrelako adibideak euskal testuetan. Hitz batean, markatuak dira, eta bazterrekoak tradizio orokorrari begira.

Perpaus erlatibo jokatugabeen ezezkoa adierazteko, gabe adberbioa baliatzen dugu eskuarki (edo aldaerak: baga, bage), -ko atzizkia erantsirik, ezkerretik doanean bederen: Iñoiz uztartu gabeko beste ainbeste bigantxa (Ibinagabeitia); Gizonik ezagutu gabeko neskatx garbi eta aurrak baizik, etzan bizirik iñor gelditu (Lardizabal); Ezta inguruetan zalduntxoen isekaz erre ta zauritu gabeko gizonik izaten (Agirre); Pekatu ilgarri autortu bagako (Iturzaeta); Mutil jator inoiz halako okerrik egin gabe(ko)a.

31.5.2.3c Aldi-aspektu murriztapenak. Erlatibo jokatugabeek, jokatugabeek ez bezala, badituzte aldi edo aspektu murriztapenak. Adibidez, oso desberdina da ondoko bi adibideen egokitasuna, perpaus erlatiboek aipatzen duten bidaltzea ‘bihar’ gertatzekoa baita. Holakoetan, hau da, perpaus erlatiboan aipatzen den gertakariak geroko kokatzen bat duelarik, perpaus jokatua erabiltzea komeni da: Erantzun berehala, [nik bihar goizean bidaliko dizudan] mezuari; *Erantzun berehala, [nik bihar goizean bidalitako/bidaliriko] mezuari.

Halere, geroari dagokion murriztapen hori ez da erabatekoa, testuetan bestelako jokabidea erakusten duten zenbait adibide berezi aurkitzen baitira. Holakoetan, perpaus erlatibo jokatugabeetan aipatzen diren gertakarik, geroan jazotzekoak izanagatik, gertakari bururatu gisa aurkeztuak dira, ondoko adibidean bezala: Egidazu zure galdera, zoaz etxera eta orduan irakurriko duzu [nik bidalitako] erantzuna; Ez dizkizut barkatuko [hemendik aurrera egindako] bidegabekeriak. Kontuan izan behar da, halere, azken adibide honetan ez dela zehazten noiz jazotzekoak diren bidegabekeriak, eta adierazpen orokor gisa har daitekeela adibideko perpausa.

Dena den, egoera aditzek (izan, egon) ematen dute hobekien aditzera aspektuari dagokion murriztapen hori. Izan ere, holako aditz bat perpaus erlatibo jokatugabe batean erabiliz gero, nahitaez aditzak adierazten duen egoera bukatu zela adierazten da. Ondorioz, bada kontraste garbia aditz hori sintetikoan jokaturik daukaten perpaus erlatibo jokatuekin, hauek bukatu ez den egoera bat aipatzen baitute nahitaez: Nik ere ezagutzen ditut [diru asko izandako] jendeak; Nik ere ezagutzen ditut [diru asko duten] jendeak. Bi adibide horiek ez dira baliokideak. Lehenean aditzera ematen da adibidean aipatzen diren jendeak lehenago dirudunak izan zirela, baina ez direla gehiago hala; hots, diru asko izateari dagokion egoera bukatu zela haientzat. Alderantziz, bigarren adibidean, dirudun izateari datxekion egoera ez da bukatutzat ematen.

Berdin gertatzen da beste bi adibide hauetan ere: Ezagutzen dituzu hemen egonikako haurrak?; Ezagutzen dituzu hemen dauden haurrak? Lehen adibidean erraten da haurrak ez daudela gehiago hemen; egon direla, bai, baina ez direla gehiago hemen. Hots, aditzak adierazten duen egoera bukatu zela. Bigarren adibidean, berriz, egon aditzaren era sintetikoak bukatua ez den egoera adierazten du (haurrak hemen daude). Beraz, aspektu desberdintasun hori dela eta, ezin daitezke bi perpausak sinonimotzat hartu.

31.5.2.3d Erlatibatze eskala. Perpaus erlatibo jokatugabeetan maiztasun eta erraztasun handiagoarekin agertzen dira absolutiboan diren izen sintagma erlatibatuak; horrelakoak dira orain arte ikusi ditugun adibide gehien-gehienak. Baina bestelako adibideak ere aurkitzen dira literaturan, haietan izen sintagma erlatibatua sintagma ergatiboari baitagokio: Ez dut gauza onik pentsatzen [gizon batek egindako] lanaz; Ez dut gauza onik pentsatzen [hola lanak egindako] gizonez. Bi adibide hauetako lehenean lana da isilpean utzi den sintagma erlatibatua; bigarrenean, berriz, gizonek (lanak egin). Sintagma ergatibo erlatibatua dute beste adibide hauek ere: Altzan jaio ta bataiatua, bertan bizitzen naizena, [len ere zenbait olako festa ikusitako] gizona (Txirrita); Gurdian zirala, ordea, amoarrai prexkua ain ederki jandako nagusia babatean sumindu zitzaion Poliri (Anabitarte); Parisen siñismena galdutako gazte bat sartu zan bere ezagun batzuen etxean (Inza). Alegia. ‘(gizonak) zenbait holako festa ikusi’, ‘(nagusiak) amuarrain freskoa jan’, ‘gazte batek Parisen sinesmena galdu’. Beraz, perpaus erlatibo jokatugabeei dagokienez, izen sintagma absolutiboak lehentasun garbia du erlatibatzeko erraztasun eskalan; baina izen sintagma ergatiboak ere erlatiba daitezke.

Perpaus erlatibo jokatuetan arazorik gabe erlatiba daitezke datiboan diren sintagmak ere (§ 31.4.3.6b), baina askoz zailago gertatzen da sintagma datiboak erlatibatzea perpaus jokatugabeetan. Adibide gutxi batzuk badira ahaztu aditzarekin: Omen esaten ahaztutako pertsona da sortzailea, besteak beste (Segurola); [Betaurrekoak etxean ahaztutako] Greenwich Village-ko norbaiten gisan (Arrula eta Roque); [Paperak aldi berean ahaztutako] aktore-taldea (I. Mendiguren). Nolanahi ere, adibide horietan guzietan ahaztu du aditza dagoela ere pentsa daiteke; eta, beraz, sintagma ergatiboa dela erlatibatua: andreek ilea orraztea ahaztu dute, norbaitek betaurrekoak etxean ahaztu ditu eta abar.

Markatuago dira perpaus erlatibo jokatugabeetako izen sintagma erlatibatuak beste kasuetan agertzeko baldintzak. Adibidez, toki-denborazko kasu batean izan daitezke izen sintagma erlatibatuak; orduan, haatik, izen ardatza bera semantikoki tokiari edo denborari dagokion izena izan behar da, ondoko adibideetan bezala: Ez dut ahanztekoa [haren hiltzea gertatu] eguna; Denek beldur handia zioten [hainbeste istripu gertaturiko] mendiari; Emaztea edo senide den beste emakume bat ahalik lasterren joaten da [ezbeharra gertaturiko] lekura eta han horiz margotutako arroza botatzen du (Iñurrieta); [Mirari hau egindako] eguna jai eguna zan (Lardizabal); Etzuan alperrik galdu [presondegian egondako] denbora luzea (Oskillaso); [Ezer aurreratu gabeko] tarteak batzutan luzetxoak ziren (Mitxelena).

Berdin gertatzen da ondoko adibide hauetan ere, non izena eguraldiaren hiztegiari baitagokio, edo moduari: Negu-azkena zan, eta [gauez elurra egindako] eguraldi ustel batean irtetea erabaki zuten (G. Arrue); [Amaiak ere egindako] moduan gidariak bere buruari galdetu zion porlanezko pista hartarik joaten ote zen Apezberri etxera (A. Arana).

31.5.3. Korrelaziozko perpaus erlatibo jokatugabeak

31.5.3a Korrelazioz eraturiko egituretan perpaus banatan diren galderazko izenordain bat eta erakusle bat aurrekari-anafora erlazio batean emanak dira, galderazko izenordaina daukan perpausa mendekoa izanik (ikus § 31.2.3, § 31.4.6). Egitura hori erakusten du honako adibide honek: Zer ere ikhusten baitugu bertzeer egiten, hari jartzen gare (Hiriart-Urruti). Mendebaldean, bait- menderagailuaren orde -(e)n erabiltzen da: Nola egiten dekan, ala izango dek (Azkue).

31.5.3b Baina batzuetan, errefrauetan bereziki, edo eredu horri dagozkion zenbait esapidetan, korrelaziozko egitura hori mendeko perpauseko aditza jokatugabea izanik aurkitzen da: Zer ikusi, hura ikasi; Otsoa non aipa, han gerta (Oihenart); Bakoitzak zer erein, huraxe bilduko du (Elizen arteko Biblia); Non gogoa, gazteak han du zangoa (Zerbitzari). Korrelaziozko egitura argia da adibide horietan guzietan, zeren galderako izenordaina eta erakuslea garbiki korrelaturik baitaude. Ohartzekoa da, halaber, adibide horietan guzietan adizki jokaturik ez dela galderazko izenordaina agertzen den ezkerreko perpausean, edo adizkirik batere ez delako (non gogoa), edo forma jokatugabe batean delako, izan dadin aditzoina (non aipa) edo partizipio burutua (zer ikusi).

31.5.3c Bestalde, adibide horietan guztietan mendekotasun erlazio sintaktikoa dago bi perpausen artean; galdera izenordaina eduki arren, ez dira egiazko galderak, ez dira galde perpausak bezala ahoskatzen. Beste batzuetan, aldiz, korrelazioa gerta daiteke alboraturik diren bi perpaus beregainen artean. Holakoetan, egiazko galdera da lehen perpausa eta galdera gisa ahoskatzen da: Zuk zer hartuko (duzu)? Nik ere huraxe nahi dut.

31.5.4. Galderazko izenordaina daukaten perpaus erlatibo jokatugabeak

31.5.4a Perpaus erlatibo jokatuak aztertzean, aipatu ditugu galderazko izenordaina eta adizkia subjuntiboko forman duten egitura zaharkituak (ikus § 31.4.7): Eztut non bil ditzadan neure fruktuak (Leizarraga). Adizkia jokatua izan ordez jokatugabea denean, aldiz, emankorrak dira gaur ere galderazko izenordaina daramaten erlatiboak: Ez daukat [non lo egin]; Zoroak oro erranik ere, gelditzen da [zer erran] (Zerbitzari); Sinestekoa da izan zutela [zertaz mintza] eremu horretan, asmaketarik asmaketa ibili gabe (Mitxelena); Nai badu ostatua, nai badu kafea, aski du lehenbiziko tabernan sartzea; mai ona topatzen du gogo onarekin, eta ez zaio falta [norekin itzegin] (A. P. Iturriaga); Ameriketan bada oraino [non zer ikertu] (X. Arbelbide). Perpaus hauetan parentesi karratuen artean eman ditugun perpausak, perpaus erlatiboak dira, absolutiboan legokeen izen sintagma baten lekua hartzen dutenak, eta erlatiboaren buru izango litzatekeen izenik gabekoak.

31.5.4b Aurreko paragrafoaren hasieran zaharkitutzat eman dugun Leizarragaren adibidea, honela eman dute Bibliaren moldaera gaurkoagoetan: Ez baitut uzta non jasorik (Elizen arteko Biblia); [Nire uzta non sarturik] ez daukat (Itun Berria). Beraz, partitiboa bideratzen duten testuinguruetan (ikus § 18.2.4b) partitiboaren atzizkia har dezake perpaus jokatugabeko aditzak, aipatu bi adibideek erakusten duten bezala. Molde horretakoak dira beste adibide hauek ere: Orregatik ibilli oizan Oñatiko alderdietan, […], ezertarako ordurik ez zuala, [non lo egiñik] etzeukala (Agirre); Gaiari buruz, ordea, badago [zer esanik] (Mitxelena). Ezezko testuinguruak dira gehienak, baina Mitxelenaren adibidean baiezko hanpadurazko testuingurua da partitiboa bideratzen duena.

31.5.4c Mugatzaile singularrarekin eta zenbait zenbatzailerekin ere erabil daitezke holako erlatiboak: [Zer jana] eta [zer edana] eman ziguten ontzian, baño jateko gogorik ez (Anabitarte); Ez zaitez urreratu nigana / badezu lasaitzeko or [nora joana] (Etxaniz); Baneukake [non enplegatua] bost milla duro banitu (Txirrita); Errian edozein obra bear dala ere, ez dago ezerren kezkarik iduki bearrik. Badago [zerekin ordaindua] (Uztapide); Euskal pentsalarien obretan, badago [non ikasi eta gozatu franko] (Zapiain); Alde horretarik ere, badugu [zer ikasi ugari] (Mitxelena). Adibide horietan guztietan perpaus jokatugabearen bukaeran den partizipio burutuari lotzen zaio determinatzaile singularra edo zenbatzailea, hala nola gertatzen baita izen sintagmetan. Izenlagun eta izenondoak ere ager daitezke mota horretako erlatibo jokatugabeetan; adibide honetan, esaterako erlatiboaz (behar zuten) eta zenbatzaileaz (guzia) lagundurik ageri da zer jan erlatibo jokatugabea: Faraon’ek berala Joseri atotsi eta esan zion […] [bear zuten zer jan guzia] berak emango ziela (Lardizabal).

31.5.4d Ez da harritzekoa galderazko izenordaina duten erlatibo jokatugabe batzuk lexikalizatu eta izen bihurtu izana. Euskaltzaindiaren Hiztegian honako hauek, behintzat ageri dira: zeregin, zeresan, zerikusi.

31.5.4e Izenordainak duen kasu markak (kasu marka edo postposizio atzizkiak bideratzen duen paper tematikoak, ikus § 23.3.1b) laguntzen du horrelako perpausak interpretatzen. Goraxeagoko (§ 31.5.4a) perpaus erlatiboen parafrasiak honelako zerbait izango lirateke: Ez daukat non lo egin > ez daukat lo egiteko lekurik; Izan zuten zertaz mintza > izan zuten gai franko mintzatzeko; Gelditzen da zer erran > gelditzen da errateko gauza anitz; Ez zaio falta norekin hitz egin > ez zaio falta hitz egiteko lagunik. Parafrasi horien bidez izenordaina daukaten perpaus erlatibo jokatugabeak nola interpretatzen ditugun irudika dezakegu. Har dezagun lehen adibidea (ez daukagu non lo egin); hor ez da eduki aditzak eskatzen duen izen sintagma objekturik, agerian bederen. Hain zuzen, non lo egin perpausak betetzen du leku hori. Ordea, izen sintagma balitz bezala ulertzen dugu perpaus hori; zehazkiago erranez, eduki aditzaren objektu zuzenaren ardatza leku balitz bezala interpretatzen dugu, erran nahi baitu semantikoki non izenordainari dagokion izen abstraktua balitz bezala. Halaber, izan zuten zertaz mintza adibidean komunikazio aditz baten testuinguruan zertaz instrumentalak solasgaia adierazten baitu, araberako izena (gai) egiten dugu izan zuten aditzaren objektu zuzenaren izen ardatza gure interpretazioan. Ber azterketa balia dezakegu, berdin, beste adibideei ematen dizkiegun interpretazioei dagokienaz.

Horrelako egitura bat proposa daiteke perpaus horiek aztertzeko, izen ardatzik gabeko perpaus erlatiboan azterketa baliatuz (ikus § 31.4.3.13): ez daukat [[Ø]1 [non1 lo egin]]. Azalpen modu hau eztabaida daiteke, noski. Uste dugu, halere, atal honetan aztergai ditugun perpausen erabidearen hobeki ulertzera laguntzen duela proposatu egiturak.

31.5.4f Halere, izenordainaren kasu markaren eta interpretazioaren arteko harreman hori batzuetan iluntzen da; batez ere, zertan, zeren eta zer izenordaina duten perpausen kasuan. Ikus, adibidez, nola interpretatzen diren ondoko adibide hauek: Ez dago [zertan larritu] > ez dago larritzeko arrazoirik; Ez duzu [zeren urik eman] > ez duzu urik emateko arrazoirik edo beharrik; Ez dago [zer esanik ni ere joan nintzela] > ez da ni ere joan nintzela esateko arrazoirik edo beharrik. Modu bertsuan interpreta daitezke beste hauek ere: Tirano bakarrari ez dago [zertan borroka egin], ordea, ez dago [zertan hura hil] (Igerabide); Ez duzu [zertaz kezkatu] (Goenkale); Ez dago [zertan hasi nor gehiagokoan] (Mitxelena); Ezta [zer mintzaturik] (Axular); Ez dago [zeresanik [biziko diradela aingeruak bezala Don Jose eta andra Joseparen konpañian] (Apaolaza). Baina zertan eta zeren ez baitira erabiltzen, ez komunzki behintzat, kausaz edo arrazoiaz galde egiteko, galdera izenordainaren eta parafrasiaren arteko korrespondentzia ez da hain argia. Bestalde, hemen eman ditugun adibideetan, zer izenordainak, zertan edo zeren izenordainen balioa du. Esan gabe doa, halere, zer izenordaina duten perpaus jokatugabe guztiek ez dutela interpretazio bera. Izan ere, zer izenordaina usaian ohi doakion balioarekin ager daiteke holako perpaus jokatugabeetan. Ohiko balioa du adibide hauetan: Ta bijozeko anditasunian, mundu guztiari, [zer pentsau], ta [zer ikasi] emon eutsana (Frai Bartolome); Ez dago [zer esan, zer kanta modubak kantau oi diran orduban, nundik nora ibilten diren, ta ze lagun modu] (J. J. Mogel); Bazela han [zer ikus] eta [zer ikas]! (Karrika); (Daukagu bertzalde liburu hori ez dela ikasle gaztentzat egina bakarrik:) jende larri eta adinekoek hor izanen dutela [zer kausi] eta [zer bil] ahantziak dituztenen berriz gogoan hartzeko edo ez dakitenaren ikasteko (Gaxitegi eta Agerre). Argi da zer esan nahi duen azken adibide honek. Idazleak dio jende larriek ere izanen dutela aipatzen den liburuan anitz guza kausitzeko eta biltzeko, ahantzi zituztenak, edo sekula ikasi ez zituztenak. Hots, zer izenordaina objektutzat harturik ulertzen da perpausa. Ohiko balioa du hurrengo puntuan ikusiko ditugun beste adibide batzuetan ere: zer erantzun, zer ikasi.

Ezezko ingurumenetan ere zilegi da zer, ohi bezala, objektu zuzen gisa erabiltzea. Hona hemen hiru adibide, bi adibide jan aditzarekin eta beste bat edan aditzarekin: Emazu aintzina, zaren bezalakoa, eta gero, zathorzkigula, komentuko athera, gosea zarela, eztuzula [zer jan] (Joanategi); Erregek ere ez lukete [zer jan], laboraririk ez balitz (Almanaka); Topa egin zioten elkarri, bandaren touchéa, ez dugu [zer edanik], ez dugu [zer edanik] (An. Garikano); Altxatuko litzateke, baina ez du [zer janztekorik] gabardinaz aparte (Saizarbitoria). Lau adibideetan zer izenordaina jan, edan eta jantzi aditzen objektu zuzen gisa interpretatua da, hurrenez hurren. Beste adibide hauetan, ordea, ezezko ingurumenean delarik, zergatik izenordainaren baliokide gisa hartu behar da: Eztuzu beraz [zer erran eskuararen hitzak falta direla] (Etxeberri Sarakoa); Ezta [zer eska gari zuharrari] (Oihenart).

31.5.4g Azpimarratzekoa da, haatik, galderazko izenordaina duten erlatibo jokatugabeak ez direla izen sintagma absolutiboa eskatzen duten aditz guztiekin erabiltzen. Existentzia edo posesioa adierazten duten aditzekin erabiltzen dira (izan, egon, falta izan, ukan, eduki), baina baita beste aditz batzuekin ere (gelditu, aurkitu, bilatu, eman, utzi…): Zarrak beti dauka [zer erantzun], gazteak [zer ikasi] (Agirre); Imini dabee euren uste guztia zeruko ondasunetan ta itxi deutseez ondorengo ezkondu guztiai [zer ikasi] ta [nori jarraitu] (Frai Bartolome); Nahi badu argitu eta orotan trebatu, badu laborariak [zeri ohar] eta [non zer ikas] (Gaxitegi eta Agerre); Unamunoren pasarteak [zer pentsatua] eman zidan (Berria, Uribe); Ez dago [zer eskerturik] (Goenkale); Beti dago [zer egina], beti dago [zeri bultza] (Argia, M. Amuriza). Baina, *Erosi dut [lanera nola joan]. Erosi bezalako aditzek objektu zuzen gisa izen sintagma absolutiboak hartzen dituzte. Are gehiago, semantikoki posesioarekin zerbait ikustekorik duen adiera bat dute. Halere, ez dirudi haiekin galderazko izenordaina duten perpaus erlatibo jokatugaberik erabil daitekeen. Beraz, franko mugatua da holako perpausak onartzen dituzten aditzen zerrenda.

31.5.4h Galderazko izenordaina duten perpaus erlatibo jokatugabeetako adizkiari doakionez, maiz gertatzen den bezala, bi moldetan ager daiteke testuetan: edo partizipio burutuaren forman (hala ageri da mendebaldeko euskalkietako testuetan) edo aditzoinaren forman (batez ere ekialdean): Ikusten duzuen bezala, bai Angleterrak, bai Frantziak badute oraino [hatsa nondik har ausarki] (J. Etxepare); Nahi badu orotaz argitu eta orotan trebatu, badu laborariak [zeri ohar] eta [non zer ikas] (Gaxitegi eta Agerre); Berrogeitamar urte luzetan zu baiziñan lendabizi / orain gazte maiteak badaukate [non ikasi] (Basarri); Begien aurrean daukagu […] baldin [nork lagundu] ez badute, gelditu bearko dutela betiko urrikarri (Iztueta). Kontuan har aditzoina delarik adizkiaren forma, perpaus erlatibo jokatugabea determinatzailerik gabea izango dela, nahitaezkoa baita partizipio burutua determinatzailea hartzeko (§ 31.5.4c).

31.5.4i Begien bistakoa da galdera izenordaina duten erlatibo jokatugabe hauek eite handia dutela batzuetan zehar-galdera jokatugabeekin (§ 30.8.3). Har ditzagun honako perpaus bikoteak: Badakit [zertaz hitz egin] / Badaukate [zertaz hitz egin]; Badakit [zer jan] / Badaukagu [zer jan]. Nahiz arras hurbil iduri duten bikote horietako egiturek, bikote bakoitzeko lehen perpausa zehar-galdera da, mota horretako osagarria eskatzen duen aditz batekin (jakin) erabilia. Bigarrena, berriz, ardatzik gabeko perpaus erlatiboa da, posesioa adierazten duen aditz batekin (eduki) erabilia.

Bi ezaugarrik desberdintzen ditu mota bateko eta besteko egiturak. Batetik, kontrol egitura izateak edo ez izateak (ikus § 30.2.5); bestetik, partitibo atzizkia hartu ahal izateak. Ikus ezagun honako bi adibide hauen arteko kontrastea: *Badakit [nork egin] / Badaukat [nork egin]. Bi adibide horietatik lehena zehar-galdera izanik, kontrol egitura bati dagokio eta ez da zilegi mendeko perpausean subjektua horrela agertzea (ikus § 30.8.3b). Aitzitik, bigarrena ongi eratua da; mendeko perpausa ez da kontrol egitura batean sartua, eta, beraz, subjektua ager daiteke. Kontraste bera ikus dezakegu beste adibide hauetan ere (zehar-galdera lehena, erlatibo jokatugabea bigarrena): *Badakit [nork eraman] / Badaukagu [nork eraman].

Zehar-galderek, bestalde, ezin dute partitibo marka hartu; erlatibo jokatugabeek, bai. Kontraste hori erakusten dute adibide hauek: *Ez dakigu [nora joan]ik / Ez daukagu [nora joan]ik. Partitibo atzizkia daramaten perpaus erlatibo jokatugabeen adibideak ikusi ditugu aurreko puntuetan (§ 31.5.4b, g).

253 Badira kontrako adibide guti batzuk, Etxeberri Sarakoaren lanetan. Oso leku urria dute gure tradizioan horrelako erlatiboek. Haietan izen aurrekaria ezkerrean agertzen da hondarkirik gabe: Haran zeina deitzen baita Laburdi (= Lapurdi deitzen den harana).

254 Egitura hauei buruz argibide gehiago nahi duenak jo dezake EGLU-V liburukira (257-259).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper