Euskararen Gramatika

32. Konparazio perpausak

32. Konparazio perpausak

32.0. Sarrera

Konparazio perpausak eta oinarrian konparazioa duten beste egitura batzuk aztertuko dira kapitulu honetan. Lehenbiziko partean, ohiko ereduko konparazio perpausak aztertuko dira, hau da, zu baino handiago, zu bezain handi eta zu bezala gisakoak; haien azalpen orokorra emango da aurrena (§ 32.1), eta eredu horretako perpaus motak aztertuko dira gero, banan-banan (§ 32.2, § 32.4). Hurrengo ataletan, eredu erromanikoko perpausak ikusiko dira, hots, hain … nola eta zenbat … hainbat gisakoak (§ 32.5, § 32.7), konparazio proportzionala eta progresiboa (§ 32.8) eta hala … nola gisakoak (§ 32.9). Azken atalean egitura superlatiboak eta gehiegizkoa adierazten dutenak aztertuko dira (§ 32.10).

32.1. Ohiko ereduko konparazio perpausak

32.1.1. Konparazio perpausen egitekoa eta motak

32.1.1a Konparazio perpausek elementu biren arteko alderaketa ematen dute aditzera. Alderaketa hori bi motatakoa izan daiteke. Perpaus batzuek konparazio kuantitatiboa bideratzen dute, izen-aditzen zenbatekoari edo adjektibo-adberbioen mailari dagokiena. Hala, esate baterako, Aurten iaz adina euri egin du esaldiak bi urtetako euriaren zenbatekoa erkatzen du; Gazteak helduak bezain trebeak dira esaldiak, berriz, gizatalde biren trebetasun maila alderatzen du. Beste perpaus batzuek alderatutako elementuen kantitateari ez, baina haien egoerari, jardunari edo izaerari dagokien parekotasuna ematen dute aditzera; Profesionalek bezala prestatzen ditugu partidak esaldiak gizatalde biren partida prestaerak parekatzen ditu, prestaera horien izaerak edo moduak bat datozela adieraziz255.

Konparazio kuantitatiboa bideratzen duten perpausek kuantifikatzaileen zeregina betetzen dute, mailakatzaile edo zenbatzaile arruntek bezala, ondoko adibide pareek erakusten duten moduan. Mailakatzailearen zeregina betetzen dute batzuek, adjektibo edo adberbio sintagmaren barnean: ([Hain langile trebeak] ez ditut inon ikusi — [Zuek bezain langile trebeak] ez ditut inon ikusi; [Oso ondo] bizi da — [Gu bezain ondo] bizi da). Zenbatzailearen egitekoa betetzen dute beste batzuek, izen sintagmaren barnean (Aurten [euri asko] egin duAurten [iaz adina euri] egin du), edo aditzarekin doan adberbio sintagma eratuz ([Asko] gustatzen zait futbola — [Pilota adina] gustatzen zait futbola). Kuantifikatzaile konparatiboak dira, bada, perpaus hauetako konparazio morfemak (bezain, adina), hau da, bere edukia konparazio baten bidez adierazten duten zenbatzaileak edo mailakatzaileak.

Parekotasuna adierazten duten perpausek, berriz, adberbio sintagma eratzen dute ([Kontu handiz] prestatzen ditugu partidak — [Profesionalek bezala] prestatzen ditugu partidak).

32.1.1b Konparazio kuantitatiboak, bestalde, zenbateko-mailen berdintasuna edo desberdintasuna eman dezake aditzera. Adina edo bezain gisako kuantifikatzaileekin eginiko perpausek berdintasunezko konparazioa bideratzen dute, alderatutakoak bat datozela adieraziz, zenbatekoan (Aurten iaz adina euri egin du; Futbola adina gustatzen zaio pilota) edo mailan (Aberatsek bezain ederki jantzia dago; Gazteak helduak bezain trebeak dira). Baino …-ago kuantifikatzailea daramatenek, berriz, desberdintasunezko konparazioa bideratzen dute, konparatutako elementuetako baten zenbatekoa edo maila bestearena baino ‘areagokoa’ dela adierazten baitute (Aurten iaz baino euri gehiago egin du; Gazteak helduak baino ausartagoak dira).

Zenbatekoaren desberdintasuna gehiago eta gutxiago zenbatzaileek ematen dute aditzera, izen-aditzei dagokien gehiagotasuna edo gutxiagotasuna seinalatuz: diru {gehiago ∼ gutxiago}; {gehiago ∼ gutxiago} gustatu.

Mailari dagokion desberdintasuna, berriz, zuzenean ematen du aditzera adjektibo- adberbioei atxikitako -ago mailakatzaileak; handiago esaten da ‘handiaren’ gehiagotasuna adierazteko, ez *gehiago handi, eta txikiago, ‘txikiaren’ gehiagotasuna adierazteko, ez *gehiago txiki. Maila-gutxiagotasuna adierazteko, berriz, ez du euskarak morfemarik, eta *gutxiago handi edo *gutxiago txiki gisakorik ere ez da erabiltzen, ohiko jardueran bederen. Gutxiagotasun hau adierazteko berdintasuna ukatzen da zenbaitetan eta antonimoaren areagotasuna seinalatzen beste batzuetan. Hala, etxe bat beste bat baino ‘gutxiago garestia’ dela adierazteko, Etxe hau ez da bestea bezain garestia edo Etxe hau bestea baino merkeagoa da esan daiteke. Bigarren aukera hau ez da, ordea, beti egokia: guztiz pobre diren pertsona biri buruz ez du zentzurik bat ‘bestea baino aberatsagoa’ dela esateak.

Zehaztasunaren izenean, hala ere, erabiltzen dira inoiz gutxiago handi gisakoak, batez ere zientziazko gaietan, eta hala erabili izan dira zenbaitetan tradizioan ere, itzulpenetan batik bat: Espiritua izanen duzu irekiago, gutxiago nahasia eta freskoago (Pouvreau); Ez da horregatik gutxiago bitxia, hala ere, lerro zuzena ia batere ez agertzea animalien arkitekturan eta izadiarenean oro har (Juan Garzia). Arazo honen aurrean gomendioren bat eman behar balitz, hau izango litzateke: modu mugatuan erabiltzea horrelako esamoldeak, zehaztasuna beste bideren batetik nekez salba daitekeenean baizik ez, alegia.

32.1.1c Berdintasunezkoa izan nahiz desberdintasunezkoa izan, konparazio kuantitatiboan elementu biren ‘zenbatekoa’ edo ‘maila’ alderatzen da, esan bezala, ez elementu haien izaera osoa. Pekin Paris baino handiagoa da diogunean, esate baterako, hiri bi horien tamaina erkatzen dugu, ez haien gainerako ezaugarriak. Eta Kimika Fisika bezain zaila da diogunean, jakintza mota biek zailtasun maila bera dutela esaten dugu, haien beste ezaugarriak alderatu gabe. Hortaz, perpaus hauetan erabiltzen diren adjektiboak eta adberbioak mailakatzea onartzen dutenak dira. Mailaren adierazpenari biderik ematen ez diotenek ez dute konparazioan lekurik; hala gertatzen da, esate baterako, erlaziozko adjektiboekin —?zibilago, ?bezain judizial— eta atzo bezalako denbora- adberbio deiktikoekin —*atzoago—; hauekin ez da konparazio perpausik eratzen, erabilera berezietan ez bada (§ 11.1b, § 14.2p, § 22.1.5).

Kontuan hartzekoa da, halaber, konparazio perpausak ez duela berez alderatutako elementuen neurri zehatzen berri ematen, neurrien arteko alderaketa adieraztera mugatzen baita. Hala, goiko adibidean, perpausak ez digu Pekin eta Paris hirien tamaina zein den esaten, bien tamainen artean zer erlazio dagoen baizik. Eta, bigarren adibidean, ez da esaten zenbateraino zail diren Fisika eta Kimika, biek zailtasun maila bera dutela baizik. Eta, orobat, desberdintasuna adierazten duten perpausetan ez da berez elementu bien arteko aldea zenbatekoa den esaten. Goiko lehen adibidean, esate baterako, ez da esaten zenbatez handiago den Pekin Paris baino. Alde horren berri diferentzia adierazleen bidez erants daiteke: askoz handiago; handixeago; bi aldiz handiago; bi metro luzeago; Etxe hura beste hau halako bi da. Baina, adierazle horiek gabe konparazio perpausak ez du berez ez neurrien ez aldearen berri ematen.

32.1.1d Parekotasunezko alderaketa bideratzeko, azkenik, bezala adberbio konparatiboa erabiltzen da —legez, bizkaieraz—. Guk utzi genuen bezala dago etxea esaldiak, esate baterako, etxearen egoera bi parekatzen ditu, utzitakoa eta oraingoa. Bistakoa denez, konparazio mota honetan ez dago berdintasun-desberdintasun bereizketarik, parekotasuna baita aditzera ematen dena. Parekotasuna, hori bai, baieztatu edo ezeztatu egin daiteke: Etxea ez dago guk utzi genuen bezala esaldia goikoaren ezezkoa da, baina betiere parekotasunari dagokiolarik256.

32.1.1e Laburtuz, bada, konparazio perpausak:

Illustration

32.1.2. Konparazio egituraren osagaiak

32.1.2.1. Konparazio terminoa, gaia eta morfema

32.1.2.1a Konparazio kuantitatiboan elementu hauek bereiz daitezke: a) konparazioaren termino biak, lehena eta erreferentziazkoa; b) konparatzen den gaia, eta c) elementu horiek lotzen dituen morfema konparatiboa (bezain, adina, baino …-ago).

32.1.2.1b Aurrerago ikusiko den moduan, elementu horiek konbinatuta egitura mota bi eratzen dira:

Maizenik eratzen den egituran termino biak daude batetik, eta haiei dagokien konparazio gaia bestetik. Nire etxea zurea bezain handia da esaldian, adibidez, ‘nire etxea’ eta ‘zurea’ dira konparatzen diren termino biak —‘nire etxea’ lehena eta ‘zurea’ erreferentziazkoa—, eta haiei dagokien ‘handitasun maila’ da konparazio gaia; ‘nire etxearen handitasun maila’ eta ‘zure etxearen handitasun maila’ konparatzen dira.

Terminoak berak izan daitezke, ordea, konparazio gaia. Hala, esate baterako, Liburu hori lodia bezain aspergarria da esaldian ‘lodia’ eta ‘aspergarria’ dira konparazio termino biak —‘aspergarria’ lehena eta ‘lodia’ erreferentziazkoa—, eta, aldi berean, horiek seinalatzen dituzte konparatzen diren gaiak; ‘liburuaren aspergarritasun maila’ eta ‘liburuaren loditasun maila’ konparatzen dira.

32.1.2.2. Konparazioaren terminoak

32.1.2.2a Konparazioaren termino esaldiko perpausen subjektuak, objektuak, konplementu adberbialak eta are aditzak berak edota predikatuak izan daitezke. Ondoko adibideetan azpimarra jarraitua dutenak dira konparazioaren lehen terminoa eta puntuzko azpimarra dutenak bigarrena, erreferentziazkoa:

Zurea bezain handia da nire etxea

Zuek baino opor luzeagoak egin ditugu aurten (guk)

Janaria adina zaindu behar dugu edaria

Lehenari adinako saria eman diote bigarrenari

Zuekin baino opor luzeagoak egin ditugu aurten haurrekin

Iaz baino opor luzeagoak egin ditugu haurrekin aurten

Marrazki horrekin, gela apaindu baino gehiago zikindu egin duzue

Liburu hori lodia bezain aspergarria da

Erabilgarria bezain garestia da telefonoa

Mutiko baino neska gehiago sortzen da

32.1.2.2b Adibideetan ikusten den moduan, konparazioaren bigarren terminoak paralelotasun kontzeptuala eta funtzionala du lehen terminoarekin (nire etxeazurea; gukzuek; edariajanaria; bigarrenarilehenari; haurrekinzuekin; aurteniaz; zikinduapaindu; aspergarrialodia; garestiaerabilgarria; neskamutiko). Kategoriari dagokionez ere maiz paraleloak dira termino biak, baina ez beti (Lehengo lagunekin baino zuzenago dabil orain).

Terminoak osagai bat baino gehiago dituztenak ere izan daitezke (Zuek kalean baino lasaiago bizi naiz ni mendian; Nik bihotzean atsegin dudan adina ur ez dauka itsasoak).

32.1.2.3. Konparazio gaia edo ardatza

32.1.2.3a Konparazio gaia zein den kuantifikatzailearekin doan osagaiak seinalatzen du funtsean; osagai hori da konparazioaren ardatz edo oinarria. Nire etxea zurea baino handiagoa da adibidean, handi da konparazioaren ardatza, -ago mailakatzailearekin doana, eta berak seinalatzen du zein den konparazioaren gaia, ‘etxeen handitasun maila’, alegia.

Termino biak eta konparazioaren ardatza desberdinak direnean, ardatzak seinalatzen duen konparazio gaiak termino bietan duen maila edo zenbatekoa alderatzen da. Goiko adibidean, esan bezala, handi da konparazioaren ardatza, eta, hortaz, termino bien ‘handitasun maila’ da alderatzen dena, esan bezala: [nire etxearen handitasun maila <-> zure etxearen handitasun maila]. Adjektiboa izenarekin doanean ere hura izan daiteke konparazioaren ardatza: Zurea bezain etxe dotorean bizi naiz ni esaldian ‘ni bizi naizen etxea’ eta’zure etxea’ dira konparazioaren termino biak eta dotore konparagai edo ardatza: [ni bizi naizen etxearen dotoretasun maila <-> zure etxearen dotoretasun maila]. Gauza bera dugu Zure ikastetxean baino irakasle gehiago dago nirean esaldian ere; ‘nire ikastetxea’ eta ‘zurea’ dira konparazioaren terminoak, eta irakasle konparazioaren ardatza —gehiago-rekin doana—; termino bien ‘irakasle kopurua’ da, hortaz, alderatzen dena: [nire ikastetxeko irakasle kopurua <-> zure ikastetxeko irakasle kopurua].

32.1.2.3b Konparazioaren ardatza lehen terminoa bera denean, berriz, terminoak berak dira konparazio gai. Gorago aipatutako Liburu hori lodia bezain aspergarria da esaldian, aspergarria da lehen termino eta aldi berean konparazioaren ardatza, bezain morfemarekin doana eta konparazio gaia seinalatzen duena; kasu honetan, ‘aspergarritasun maila’ beste ezaugarri baten mailarekin konparatzen da, erreferentziazko terminoak aipatzen duen ‘loditasun mailarekin’, hain zuzen ere: [liburuaren aspergarritasun maila <-> liburuaren loditasun maila]. Gauza bera dugu Zure ikastetxean maisu baino maistra gehiago dago esaldian; ‘maistra’ eta ‘maisu’ dira konparazioaren terminoak, erreferentziazkoa hau eta lehen terminoa hura; aldi berean, ordea, maistra da konparazioaren ardatza ere, gehiago zenbatzailearekin doana eta konparazioaren gaia seinalatzen duena; ‘maistren kopurua’ beste objektu baten kopuruarekin alderatzen da, erreferentziazko terminoak seinalatzen duenarekin, hots, ‘maisuen kopuruarekin’: [zure ikastetxeko maistren kopurua <-> zure ikastetxeko maisuen kopurua]257.

32.1.2.3c Hori dela eta, konparazioaren gaia zein den zehatz jakiteko, hau da, ardatza zerekin konparatzen den jakiteko, ardatzaz gain konparazioaren terminoak ere kontuan izan behar dira. Demagun, adibidez, Liburu gehiago irakurtzen ditut esaldia; ‘liburu’ da esaldi horretan konparazioaren ardatza, eta, hortaz, ‘liburu kopurua’ beste zerbaitekin konparatzen dela argi dago. Zerekin, ordea? Esaldiak zuk baino edo horren antzekoren bat baldin badu segida —Liburu gehiago irakurtzen ditut zuk baino—, lehenbiziko egitura motakoa da; liburu kopuruen artekoa da alderaketa, [nik irakurritako liburuen kopurua <-> zuk irakurritako liburuen kopurua]. Esaldia aldizkari baino gisakoren batek osatzen badu, berriz —Aldizkari baino liburu gehiago irakurtzen ditut—, bigarren motakoa da; liburuen kopurua aldizkarien kopuruarekin alderatzen da [nik irakurritako liburuen kopurua <-> nik irakurritako aldizkarien kopurua]. Era berean, Gaztetan baino amets gehiago egiten dut orain esaldian ‘amets’ da konparazioaren ardatza eta elementu biren ametsen kopuruak konparatzen dira [oraingo amets kopurua <-> gaztetako amets kopurua], baina Diru baino amets gehiago zuen agureak esaldian, konparazioaren ardatza ‘amets’ izanik ere, ez dira elementu biren amets kopuruak erkatzen, agurearen ametsen kopurua eta diru kantitatea baizik [agurearen amets kopurua <-> agurearen diru kantitatea].

32.1.2.4. Konparazio terminoak osagai bat baino gehiago

32.1.2.4a Alderaketa mota biak molda daitezke, bestalde, konparazio terminoek osagai bat baino gehiago dutenean ere. Zuek kalean baino lasaiago bizi naiz ni mendian esaldian, adibidez, ‘zuek kalean’ eta ‘ni mendian’ dira konparazioaren terminoak, eta ‘lasai’ ardatza (lasaiago). Hortaz, termino bietako ‘lasaitasun maila’ konparatzen da [nik mendian dudan lasaitasun maila <-> zuek kalean duzuen lasaitasun maila]:

lehen terminoa: ni mendian

erreferentziazko terminoa: zuek kalean

konparazioaren ardatza: lasai

konparazio gaia: lasaitasun maila

Zaharrak erosoak bezain nekagarriak gertatzen dira bide berriak (Mitxelena) esaldian, berriz, ‘bide berri nekagarriak’ eta ‘bide zahar erosoak’ dira konparazioaren terminoak, eta ‘nekagarriak’ ardatza lehen terminoaren barnean da. Ardatzak aipatzen duen ‘nekagarritasun’ maila erreferentziazko terminoak aipatzen duen ‘erosotasunaren’ mailarekin erkatzen da: [bide berrien nekagarritasun maila <-> bide zaharren erosotasun maila]:

lehen terminoa: bide berri nekagarriak

erreferentziazko terminoa: bide zahar erosoak

konparazioaren ardatza: nekagarri

konparazio gaia: nekagarritasun maila eta erosotasun maila

32.1.2.4b Adberbio sintagma eratzen duen adina morfema daramaten esaldietan morfemaren beraren barnean da konparazioaren ardatza, aditzak adierazten duenaren zenbatekoa baita alderatzen dena. Hala, esate baterako, Zuk adina dakigu esaldian [zuk dakizunaren zenbatekoa <-> guk dakigunaren zenbatekoa] alderaketa dago.

Kontuan izan behar da konparazioa osatzen duten elementuez ari garela hemen, ez perpausen sintaxiari dagozkion osagaiez. Hala, handi adjektiboa konparazioaren ‘ardatza’ dela esaten denean, konparazio gaia seinalatzen duela esan nahi da —etxeen ‘handitasun maila’ konparatzen dela, alegia—, ez egitura sintaktiko baten ardatza dela.

32.1.2.5. Konparazio morfemak

32.1.2.5a Morfema konparatiboa, azkenik, mota diferentekoa da desberdintasunezko eta berdintasunezko konparazioan. Desberdintasunezkoan zati bi ditu morfemak: mailakatzailea (-ago) eta konparazio morfema (baino). Zati bakoitza dagokion elementuarekin doa: konparazioaren ardatzarekin mailakatzailea, eta erreferentziazko terminoarekin konparazio morfema. Nire etxea zurea baino handiagoa da adibidean, esate baterako, handiago dugu batetik eta zurea baino bestetik. Lehenbizikoak multzo kuantitatibo-konparatiboa eratzen du (handiago), eta bigarrenak haren osagarri den konparazio sintagma (zurea baino); multzo kuantitatiboaren osagarria da multzo hau, ‘handiago’ izateak ‘beste zerbait baino handiago’ izatea eskatzen baitu.

32.1.2.5b Berdintasunezko morfemak diferenteak dira horretan, lotuta eta elkarrekin urtuta bezala ageri baitira haietan ‘zati biak’, kuantifikatzailea eta konparazio morfema. Maila adierazten duten perpausetan bezain da aldi berean kuantifikatzaile eta osagarriaren bideratzaile dena. Pentsa daiteke baino …-ago morfemaren pare hemen bez …-(h)ain formak ditugula (zurea bezain handia multzoan, esate baterako, -hain handia izango litzateke multzo kuantitatiboa eta zurea bez- konparazio sintagma), baina morfema biak batean urtu direnez, esan dezakegu bezain morfemak osagai bien lana egiten duela, eta, hortaz, multzo aniztuna osatzen duela, ezkerrean erreferentziazko eta eskuinean konparazio ardatza dituena: zurea bezain handia.

32.1.2.5c Zenbatekoa adierazten duten perpausetan, berriz, adina, adinbat, bezainbat eta beste dira aldi berean morfema kuantifikatzaile eta osagarriaren bideratzaile direnak: Zureak adina gela ditu nire etxeak esaldian zureak adina gela da multzo aniztuna, zeinetan adina morfemak ezkerrean erreferentziazko terminoa eta eskuinean konparazioaren ardatza dituen.

32.1.2.5d Desberdintasunezko konparazioan morfema konparatiboaren zati biak bereiz daudenez eta bakoitza bere osagaiarekin doanez, multzoen ordena aldatzeko aukera du esaldiak:

Nire etxea zurea baino handiagoa da

Nire etxea handiagoa da zurea baino

Handiagoa da nire etxea zurea baino

Zurea baino handiagoa da nire etxea

Bezain eta adina morfemak bitarikoak izateak, berriz —hau da, aldi berean ardatzaren eta bigarren terminoaren bideratzaile izateak— mugak jartzen dizkio mugikortasunari, ezin baita, ohiko erabileran bederen, multzo aniztuna hautsi (*Zure etxea handia da nirea bezain; *Zure etxeak gela ditu nireak adina)258.

32.1.2.6. Osagaiak isilik

32.1.2.6a Esandako hiru osagaiak beharrezkoak dira konparaziozko egitura eratzeko, baina hiztunen jardunean esan gabe uzten da bat edo beste zenbaitetan, mintzalagunak hizketaren testuinguruari esker ezagunak dituenean. Hala, lehen terminoa isilpean utzi daiteke, hizketaren testuingurutik eskura daitekeenean. Helduak baino ausartagoak dira esaldiak, esate baterako, ausartagoa ‘zein’ den esan gabe uzten du; testuingurutik jakiten da hori. Atzo baino lasaiago nago esaldian ‘gaur’, ‘orain’ edo horrelakoren bat da isilpeko lehen terminoa. Aurten zuek baino opor luzeagoak egin ditugu esaldian aditzak seinalatzen du ‘guk’ dela lehen terminoa.

32.1.2.6b Erreferentziazko terminoa biltzen duen sintagma —X baino— isilpean dela ere eman daiteke desberdintasunezko perpausa, testuinguruari esker ulertzen denean: Nire etxeak gela gehiago ditu, hiztunak hizketaren testuingurutik eskura dezakeena baino, alegia. Opor luzeagoak egin ditut aurten, beste urteetan baino luzeagoak, alegia. Berdintasuna adierazten duten perpausetan, ordea, morfema konparatiboak aurrean erreferentziazko terminoa agerian ematea eskatzen du: *Bezain handia da nire etxea; *Adina gela ditu nire etxeak.

32.1.2.6c Eta kuantifikatzailea daraman osagaia ere agerian ematen da beti, hura isilpean utzita ez baita konparaziorik: *Zurea bezain da nire etxea; *Helduak baino dira gazteak; *Zuk dakigu guk. Izenarekin eginiko multzoan, isilpean utzi daiteke izena, testuingurutik eskuragarri denean: Iaz baino luzeagoak egin ditugu aurten esan dezakegu, oporrez ari garela dakigunean.

32.1.2.7. Juntadurara irekiak

32.1.2.7a Konparazioaren osagaiok, azkenik, juntadurara irekiak daude. Osagai bakoitzak bi elementu edo gehiago izan ditzake. Hala, lehen terminoak (Erregearena baino txikiagoak dira zure etxea eta nirea); erreferentziazkoak (Zurea eta nirea baino handiagoa da erregearen etxea), konparazioaren ardatzak (Gurea baino handi eta dotoreagoa da erregearen etxea), edo multzo kuantitatiboak (Erregearenak baino gela gutxiago eta txikiagoak ditu gure etxeak).

32.1.2.7b Konparatuen arteko aldearen neurria nolabait seinalatzen duen diferentzia adierazlea erants dakioke kuantifikatzaileari desberdintasunezko konparazioan, multzo kuantitatibo konplexua eratuz. Aldearen neurria zehatza (bi metro luzeago, hiru urte geroago, lau kilo gehiago) zein zehaztugabea izan daiteke (askoz gogorrago, hagitzez zaharrago, apur bat gehiago, handixeago). Adierazle zehatzek bateragarriak izan behar dute, semantikari dagokionez, konparazioaren ardatzarekin (*bi metro geroago; *hiru urte lodiago; *lau kilo luzeago).

32.1.2.7c Parekotasuna adierazten duten esaldiek ere konparazio kuantitatiboaren osagaien antzekoak dituzte. Hala, Gazteak bezala ibiltzen dira helduak esaldian, adibidez, ‘helduak’ eta ‘gazteak’ dira konparazioaren terminoak, lehen terminoa hura eta erreferentziazkoa hau; konparazioaren ardatza, berriz, bezala morfemaren barnean da, aditzak adierazten duen ‘nolakoa’ baita konparatzen dena. Hau da alderaketa: [gazteen ibiltzearen nolakoa <-> helduen ibiltzearen nolakoa].

Bezain eta adina-ren antzera, bezala adberbioak morfema parekatzailea eta konparazio morfema biltzen ditu. Pentsa daiteke, honetan ere, bez- eta -hala morfema bikoitzaren lotura dagoela; hala morfema parekatzailea izango litzateke, eta bez- erreferentziazko elementuarekiko lotura bideratzen duen konparazio morfema. Baina zati biak batean urtuta daudenez, erreferentziazko terminoa eta bezala morfema konparatiboa biltzen dituen multzoa eratzen da —gazteak bezala, adibidean—.

Hauetan ere isilpean utzi daiteke konparazioaren lehen terminoa, hizketaren testuinguruak hura eskuratzeko modua ematen digunean. Gazteak bezala ibiltzen dira esan daiteke, zeinetaz ari garen ezaguna denean. Erreferentziazko terminoa, ordea, ezin da isildu, ez eta harekin eraturiko multzoa ere (*Bezala ibiltzen dira helduak; *Ibiltzen dira helduak).

32.1.3. Konparazio perpausen egitura sintaktikoa

32.1.3.1. Konparazio sintagmak sinpleak edo konplexuak

32.1.3.1a Konparazio perpausetako elementuekin nolako egitura sintaktikoak eratzen diren aztertzeko, kontuan izan behar da eratutako konparazio sintagma askotan sinplea eta laburra den arren (Zuk adina diru irabazi dut nik), konplexuagoa ere izan daitekeela, aditz eta guztikoa, alegia (Zuk bankuan gorde duzun adina diru galdu du horrek kasinoan). Gauzak argiro azaltzeko, aditz eta guztikoetatik abiatuko da ondoko azterketa, hau da, perpaus egitura argia dutenetatik, konparazio kuantitatiboa eratzen duten adibideak emanda.

Sintagma asko agerian dituela ematen da zenbaitetan konparazio perpausa, aditza bera barne, esan bezala. Hala izaten da, batik bat, haren aditza perpaus nagusikoa bera ez denean. Hori da, esate baterako, goiko adibideko Zuk bankuan gorde duzun adina diru galdu du horrek kasinoan esaldian gertatzen dena. Sintagma asko ditu agerian esaldi horretako konparazio perpausak, baina bada bat isilpean dena: gorde aditzaren objektua. Perpaus nagusiko diru izenak —konparazioaren ardatzak— laguntzen digu hutsune hori betetzen; hura duen sintagma da konparazio perpausean falta dena. Inferentzia horrek lagunduta, honako perpaus bi hauek irudika ditzakegu esaldi horren azpian, adina morfema konparatiboak lotzen dituenak: [Zuk X diru gorde duzu bankuan] eta [Horrek X diru galdu du kasinoan] —X-k ‘zenbatekoaren adierazpena’ seinalatzen du, ez bataren eta bestearen zenbateko zehatza—. Ikusten denez, paralelotasun handia dute perpaus biek eta konparazio gaia den X diru sintagma bietan da; sintagma horixe da, hain zuzen ere, konparazio perpausean hutsik dagoena, eta, are, hutsik egon behar duena, perpaus nagusiko adina diru sintagmaren barnean den X diru sintagmarekin bat datorrelako. Perpaus horrek, bestalde, konparazio morfemaren mendekoa izanik, -n menderagailua darama aditzari atxikia: [[Zuk bankuan ø gorde duzun] adina] diru galdu du horrek kasinoan.

32.1.3.1b Konparazio perpausak eta perpaus nagusiak aditz bera dutenean ere agerian eman daiteke hura konparaziozkoan (Zuk bankuan gorde duzun adina diru gorde du horrek etxean), baina sinpleagoa ere izan daiteke, aditza isilpean uzten duena (Zuk bankuan adina diru gorde du horrek etxean). X diru sintagma komuna hutsik dago azken honetan ere, baina horrezaz gain aditz komuna eta hari atxikita dagoen -n menderagailua ere isilpean dira.

Konparazio gaiari dagokion sintagmaz eta aditzaz gain, beste sintagma batzuk ere izan daitezke komunak konparazio perpausean eta nagusian, eta haiek ere isilpean dira konparaziozkoan, perpausa are sinpleagoa eginaz (Zuk adina diru gorde du horrek bankuan). Honako perpaus bi hauek dira esaldi horren azpian ulertzen direnak: [Zuk bankuan X diru gorde duzu] eta [Horrek bankuan X diru gorde du]; azpimarratutako sintagmak dituzte komunak, eta horiek dira konparaziozkoan isilpean direnak.

32.1.3.2. Sintagmak isildurik

32.1.3.2a Sintagma bat edo gehiago isilpean dituen ‘perpaus murritza’ da, bada, konparazio perpausa. Edozein kasutan, sinplea edo konplexua izan, bada sintagma bat isilpean utzi ezin dena: erreferentziazko terminoa biltzen duena. Perpaus nagusian aipatzen den lehen terminoarekin kontrastean da sintagma hori, eta agerian ematen da beti (Zuk adina dakit nik; Etxean bezainbat gozatzen du kalean; Zurekin bezain ongi moldatzen da lagunekin). Hizketaren testuinguru estralinguistikoari esker esan gabe utzi daiteke osagai hori, jakina, desberdintasuna adierazten duten perpausetan. Handiagoa da esan daiteke mintzalagunek hizketaren testuinguruari esker zein den handiagoa eta zein baino den handiago ezaguna dutenean, baina hori besterik da (§ 32.1.1e). Hemen testuinguru linguistikoaz ari gara, hau da, perpaus nagusian agerian diren osagaiei esker mendekoan eskura daitezkeen osagaiez, eta erreferentziazko terminoa ez da nagusiari esker eskura daitezkeenen artean. Ikusten den moduan, mendekoan agerian den sintagma horrek, erreferentziazko terminoa biltzen duenak, perpausean dagozkion morfemak berekin ditu (zuk, etxean, zurekin). Garbi dago morfema horiek perpauseko sintagmei dagozkiela. Hortaz, esan daiteke, ikuspegi horren arabera, konparazio perpausean hutsik diren osagaiak isiltze prozesu baten ondorioz geratu direla isilpean, hau da, perpaus nagusiarekin komunak diren osagaiak ‘isildu’ egin direla. Zenbaiten iritziz, ordea, isilpeko osagai horiek perpaus nagusiko aurrekari edo atzekariekin lotuta diren hutsune anaforikoak dira259.

32.1.3.2b Labur esanda, konparaziozko perpausean hutsik dira beti konparazio gaia seinalatzen duen sintagma, perpaus nagusiarekin bat duena, eta baita perpaus bietan komunak diren gainerako sintagmak, aditza izan ezik, honek aukeran baitu zenbaitetan bietan agerian ematea. Perpaus nagusiko sintagmek ematen dute hutsune horiek betetzeko modua. Agerian ematen dira, berriz, konparazioaren erreferentziazko terminoa biltzen duen sintagma eta nagusiarekiko kontrastean diren gainerako sintagmak.

32.1.3.3. Konparazio perpausak beste bat mendean

32.1.3.3a Konparazio perpausak beste perpaus bat izan dezake mendean, esaldia are konplexuagoa eginez, baina besteetan ikusitako jokabide bera dute horrelakoek ere. Hala, esate baterako, erreferentziazko terminoa mendekoaren mendeko denean, hura da agerian ematen dena: Bi eta bi lau direla bezain agerikoa da hori esaldiaren azpian [bi eta bi lau direla X agerikoa da] eta [hori X agerikoa da] perpausak iradoki ditzakegu; kasu horretan X agerikoa da da elementu komuna, konparazio gaia biltzen duena, eta horixe da isilpean dena, ohi bezala; bi eta bi lau direla mendeko perpausa da agerian ematen den sintagma bakarra —‘hori’ eta ‘bi eta bi lau direla’ dira konparazioaren terminoak—. Dirudien baino jende gehiago bizi da etxe horretan esaldian, berriz, [etxe horretan X jende bizi dela dirudi] eta [etxe horretan X jende bizi da] perpausak irudika ditzakegu; etxe horretan X jende bizi da da elementu komuna, konparazio gaia barnean duena eta isilpean dena; erreferentziazko terminoa, berriz, dirudi da, agerian dena —izan ere, ‘dena’ eta ‘dirudiena’ dira konparazioaren terminoak, lehen terminoa hura eta erreferentziazkoa hau—.

Adina morfemarekin eginiko perpausak adberbio sintagma eratzen duenean, aditzari dagokion ‘zenbatekoa’ da perpaus bietako osagaia; mendekoan isilpean da osagai hori eta nagusiari dagokiona, berriz, morfemaren beraren barnean ageri da. Futbola adina gustatzen zaio pilota esaldian, esate baterako, [futbola X gustatzen zaio] eta [pilota X gustatzen zaio] perpausak irudika ditzakegu, non X-k ‘zenbatekoa’ adierazten duen; mendekoan isilpean da X hori, eta nagusiari dagokiona, berriz, adina morfemaren barnean aurkitzen da.

32.1.3.3b Aurreko atalean esan den moduan eratutako konparazio perpausa izen sintagma baten, adjektibo sintagma baten edo adberbio sintagma baten osagai izan daiteke, edo, are, berak adberbio sintagma eratu. Mendeko perpausa dago batetik (Pm), aditza agerian denean -n menderagailua daramana; perpaus horrek, konparazio morfemarekin batera, konparazio sintagma eratzen du, hots, zenbatzaile sintagma (ZenbS), edo maila sintagma (MaS); eta hau, esan bezala, izen baten, adjektiboa baten, adberbio baten edo are aditzaren laguntzaile da. Honela irudika daiteke egitura hori, labur:

[IS [ZenbS [Pm Zuk bankuan gorde duzun] adina] diru] galdu du horrek jokoan

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] adina] diru] gorde dut nik bankuan

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] bezain] (pertsona) zoriontsua] naiz ni

[AdbS [MaS [Pm Zu (bizi zaren)] bezain] urruti] bizi naiz ni

[AdbS/ZenbS [Pm Futbola (gustatzen zaidan)] adina] gustatzen zait pilota

[IS [ZenbS [Pm Zuk bankuan gorde duzun] baino] diru [gehiago] galdu du horrek jokoan

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] baino] diru [gehiago] gorde du horrek bankuan

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] baino] (pertsona) zoriontsu[agoa]] naiz ni

[AdbS [MaS [Pm Zu (bizi zaren)] baino] urruti[ago] bizi naiz ni

[AdbS/ZenbS [Pm Futbola (gustatzen zaidan)] baino gehiago] gustatzen zait pilota

32.1.3.3c Ikusten den bezala, diferentzia bat bada berdintasunezko eta desberdintasunezko perpausen artean. Horiekin eratzen diren sintagmak —IS, AdjS edo AdbS— sintagma kuantifikatuak dira guztietan, hau da, kuantifikatzaile konparatiboa (KK) —zenbatzailea edo mailakatzailea— daramatenak. Berdintasunezkoek konparazio perpausaren barnean dute kuantifikatzailea, konparazio morfemarekin batera, eta hartatik kanpoan, berriz, desberdintasunezkoek, hori da aldea:

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] KKadina] diru]

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] KKbezain] zoriontsu]

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] baino] diru [KK gehiago]]

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] baino] zoriontsu[KK ago]]

Egitura horietako zenbatzaile sintagmak eta maila sintagmak dira, bada, konparazio perpaus. Perpaus nagusiaren osagai baten osagai dira beste sintagma baten barnean direnean, eta perpaus nagusiaren osagai, berriz, zenbatzaile sintagma bera adberbio sintagma denean.

Parekotasunezko perpausa, bere aldetik, aditzaren adberbioa da beti, adberbio sintagma parekatzailea. Honako hau da hartan eratzen den egitura:

[AdbS [Pm Zuek (prestatzen dituzuen)] bezala] prestatzen ditugu guk partidak

32.1.3.4. Zer isiltzen den

32.1.3.4a Konparazioaren lehen terminoa eta ardatza bat duten perpausetan (§ 32.1.2.2a, § 32.1.2.3c), ez da ardatza mendekoan isilpean dena. Mutiko baino neska gehiago sortzen da esaldian, esate baterako, kuantifikatzailearekin doan neska osagaia da aldi berean konparazioaren lehen termino eta ardatza dena, eta ez da hori, bistan da, mendeko perpausean isilpean dena. Neska ardatzak seinalatzen du ‘nesken kopurua’ dela konparatzen dena, bai, baina hau ez da beste ‘neska kopuru’ batekin alderatzen, beste ‘objektu’ baten kopuruarekin baizik, mutilen kopuruarekin, hain zuzen ere. Hortaz, [X mutiko sortzen da] eta [X neska sortzen da] dira esaldi horren azpian diren perpausak, eta X kuantifikatzailea da perpaus bietan den osagaia; hura da isilpean mendeko perpausean, eta nagusian, berriz, gehiago kuantifikatzailearen barnean da.

Horrelako perpausetan mugagabean ematen dira bai lehen terminoa daraman izen sintagma (neska gehiago) bai bigarrena daramana (mutiko). Mugagabean ematen dira sintagma biak, konparazio perpausa eskuinean denean ere: Joan den urteko ikasturtean lehen aldiz eskolako ikasleen artean neska gehiago izan da, mutil baino (Berria)260. Mendeko aditza, bestalde, ez da agerian ematen (*Mutiko sortzen den adina neska sortzen da).

32.1.3.4b Gisa horretakoa da maila konparatzen duen Erabilgarria bezain garestia da telefonoa esaldia ere; garestia da esaldi horretan konparazioaren lehen terminoa eta ardatza; horren maila eta bigarren terminoarena dira konparatzen direnak: [X erabilgarria da telefonoa] eta [X garestia da telefonoa]; X kuantifikatzailea, mailakatzailea, da mendeko perpausean isilpean dena, eta nagusiko bezain kuantifikatzailearen barnean dena; aditza ere isilpean da, esan bezala, berbera baita perpaus bietan. Kasu honetan adjektiboak konparatzen dira, mugagabeak nahiz, adibidean bezala, mugatuak izan daitezkeenak, eta aditza agerian eman daiteke (Erabilgarria (den) bezain garestia da telefonoa) (§ 32.2.1d, § 32.2.1.2).

32.1.3.4c Gorago esan den moduan, batez ere esaldiko perpaus biek aditz bera ez dutenean ematen da hura agerian konparaziozkoan. Zenbaitetan, hala ere, aditzak desberdinak izanda ere —itxuraz, bederen—, konparaziozkoa isilpean uzten da. Hala, esate baterako, Zu baino gizon umilagoak ez ditut asko ikusi esaldian, itxuraz, [Zu gizon X umila zara] eta [gizon X umilak ez ditut asko ikusi] perpausak konparatzen dira, eta, bietan aditz bera ez izan arren, konparaziozkoarena (zara) isilpean da. Pentsa daiteke, hori azaltzeko, egitura predikatiboa izanik izan aditza ulertzen dela perpaus bietan. Hala, [Zu gizon X umila zara] eta [gizon X umilak direnak ez ditut asko ikusi] izango lirateke konparatzen diren perpaus biak, eta konparaziorako egituran Zu zaren baino gizon umilagoak direnak ez ditut asko ikusi esaldia eratuko litzateke. Perpaus nagusiko egitura predikatiboan direnak aditza isilpean legoke, eta konparaziozkoan aditz bera izanik (zaren), hura ere isilpean geratu da.

32.1.3.4d Zenbaitetan, hala ere, anbiguotasuna sortzen da, mendekoan isilpean den aditza bitara uler baitaiteke, perpaus nagusian ere isilpean den izan aditzari nahiz agerian denari dagokiola. Subjektu biak absolutiboan direnean gertatzen da hori. Demagun Zu baino gizon umilagoekin bizi naiz ni esaldia. Bitara uler daiteke: Zu (zaren) baino gizon umilago (ak diren)ekin bizi naiz ni edota Zu (bizi zaren) baino gizon umilagoekin bizi naiz ni. Anbiguotasuna garbitzen da lehen adierarako ohiko erlatiboa erabiliz (Zu baino umilagoak diren gizonekin bizi naiz ni).

Perpaus biek aditza bera ez dutenean, biak agerian ematen dira maiz, esan bezala, baina konparaziozkoaren adizki laguntzailea isilpean gera daiteke: Zuk galdu adina diru irabazi dut nik. Partizipio burutuan ematen da gehienetan adizki nagusia, eta hari dagokion aspektua nagusiko aditzak seinalatzen du, ohikoa den bezala; isildutako laguntzaileari dagozkion pertsona-denborak ere testuinguruari esker eskuratzen dira. Aspektu burutugabea adierazten duen aditz izena erabiltzea ez da debeku, baina Ateratzen bezainbat sortzen baita (Axular) perpausaren lekuan, esate baterako, Atera bezainbat sortzen baita esan daiteke.

Adizki jokatuaren isiltze hori ohikoa da nahi izan, behar izan, uste izan edo merezi izan gisako aditzekin: Behar (duzun) adina diru irabazten duzu; Merezi (duten) baino gehiago eman diete; Ez gara nahi (dugun) bezain lasai bizi.

32.1.3.5. -n eta -na menderagailuak

32.1.3.5a Desberdintasunezko perpausetan ohiko -n menderagailuaren lekuan -na menderagailua ezartzen dute batzuek gaur egun: Bestea ulertu behar dugu, ulertzen duguna baino askoz gehiago (Berria); Ez da erraza hark bertsotan egiten duena baino egokiago hitz egiten (Goienkaria).

Ez da nahastu behar erabilera hori konparazio perpausak barnean izan dezakeen -na erlatiboarekin, hau da, mendeko perpausaren barneko zati denarekin. Halakoa da, esate baterako, Zure konputagailua nik erosi dudana baino garestiagoa da esaldikoa, hots, Zure konputagailua nik erosi dudan (konputagailu)a baino garestiagoa da. Ardatz izena agerian ez duen erlatiboa da hori, testuinguruari esker eskuratzen dena: Zure konputagailua nik erosi dudan (konputagailu)a (den) baino garestiagoa da da azpian dagoen esaldia, mendeko perpauseko den aditza isilpean duena. Beste zenbaitetan izen generikoa izan daiteke erlatiboan adierazi gabe uzten dena; hala, Azken orduan mugitzen dena baino lasaiago ibiltzen da garaiz abiatzen dena esaldian mugitzen dena erlatiboaren izen ardatza generikoa da, eta Azken orduan mugitzen dena (ibiltzen den) baino lasaiago ibiltzen da garaiz abiatzen dena da azpian dagoena. Horrelakoetan argi da -na morfema ez dagokiola konparazio perpausari, haren barruko zati den erlatiboari baizik.

32.1.3.5b Berdintasuna adierazten duten perpausetan ez dago zalantzarik, -na morfema barneko perpaus erlatiboari baitagokio beti. Hala, esanahi diferentea dute Auto hau ez da nik nahi nuen bezain azkarra eta Auto hau ez da nik nahi nuena bezain azkarra esaldiek. ‘Autoaren azkartasun maila’ eta ‘nik nahi nuen azkartasun maila’ konparatzen dira aurreneko esaldian; ‘autoaren azkartasun maila’ eta ‘nik nahi nuen beste auto jakin baten azkartasun maila’ alderatzen ditu bigarrenak, barnean erlatiboa duenak, ‘nik nahi nuen autoa (den) bezain azkarra’ baita bigarren esaldian ulertzen dena.

Desberdintasunezko perpausetan, ordea, bestela dira gauzak. Izan ere, konparazio perpausaren parekoa gertatzen da zenbaitetan -na erlatiboduna. Hala, Ukan duguna baino gehiago zer genezake eskatu? (Xalbador) esaldiko ukan duguna perpausa konparazio perpausaren barruko erlatiboa da, bai —Ukan dugun (hura) (den) baino gehiago—, baina esanahian haren parekoa da ohiko moduan emandako konparazio perpausa —Ukan dugun baino gehiago zer genezake eskatu?—. Esanahi bereko egitura bi dira, alderaketa bera ematen baitute aditzera barnean erlatiboa duen perpausak eta ohiko konparaziozkoak. Eta horrek egitura bien arteko nahastea-edo eragin dezake, bata zein bestea erabil baitaiteke konparazio bera adierazteko. Zabala da gaur egun bietara ematen diren perpausen eremua. Hona adibide batzuk, azken aldiko testuetatik bilduak:

Eskoziak behar duen baino energia gehiago sortzeko gaitasuna izango du (Berria)
Plantak behar duena baino errefus gutxiago sortuko da Gipuzkoan (Berria)

Ematen duen baino askoz ere zaharragoa da (Berria)
Ematen duena baino ahulagoa naiz (Malagon)

Berlinek aitortzen duen baino gehiago zekien espioitzaz (Berria)
Mitxelek esaten duena baino gehiago daki (Goenkale)

Naizen baino askoz ere inkultoagoa izan nahi nuke (Berria)
Saiatzen naiz naizena baino gehiago naizenik ez sinesten (Berria)

Ezin dugu garen baino gehiago garela pentsatu (Berria)
Ederra litzateke garena baino itsusiago izatea (Berria)

32.1.3.5c Esan daiteke, bada, aski hedatua dagoela, gaztelaniaren eraginaz beharbada261, -na erlatiboaren erabilera konparazio perpaus hauetan. Areagotu egiten da, gainera, joera hori, konparazio perpausa nagusiaren eskuinean ematen denean: Hedatuago dago gaitza uste duguna baino (Berria).

Erabilera horren ondorioz, erlatiboari dagokion -na forma konparazio morfematzat hartzeko joera dute batzuek, eta hala erabiltzen dute, desegoki, baita erlatiboarentzat lekurik ez denean ere. Hala, ondoko esaldi hauetan neke da erlatiboa dagoela pentsatzea: Hiltzen garena baino astiroago jaiotzen gara (J. I. Basterretxea); Matematiketan behar direna baino irakasle gehiago daude (Berria) —erlatiboak behar direnak eskatuko luke—; Etorri naizena baino okerrago uzten naute (Goenkale). Konparazio perpausen menderagailu gisa erabiltzen da horietan, esan bezala, -na morfema, desegoki.

32.1.3.5d Labur esanda, -n da menderagailua, baita desberdintasunezko konparazio perpausetan ere (Ukan dugun baino gehiago zer genezake eskatu?). Haien esanahi bereko perpausak eratzen dira inoiz barnean -na erlatiboa dutenak (Ukan duguna baino gehiago zer genezake eskatu?). Erlatibotzat har ez daitezkeenetan, ordea, ez du lekurik -na morfemak, eta desegokiak dira harekin eginiko perpausak (*Matematiketan behar direna baino irakasle gehiago daude)262.

32.2. Berdintasunezko konparazioa

32.2.1. Maila alderatzen duten berdintasunezko perpausak

32.2.1.1. Bezain morfema

32.2.1.1a Adjektibo-adberbioen mailari dagokion berdintasunezko konparazioa bezain morfemak bideratzen du nagusiki —bezein, bezin, bezen, bikain aldaerak—. Bizkaieraz baizen morfema ere erabiltzen da —baxen forman inoiz— (Xirdo mutil lerdena baizen atsegingarria zen, Erkiaga), morfema hori beste zenbaitetan baino-ren parekoa bada ere. Besteko ere maizenik zenbatekoa alderatzeko erabiltzen den arren, maila erkatzeko erabiltzen da zenbaitetan, bizkaieraz: Ez zuen behar zen besteko gogor jotzen mailuakaz (San Martin)263.

Gorago azaldu den bezala, bezain-ek konparazioaren erreferentziazko terminoa duen perpaus menderatua darama ezkerrean eta konparazioaren ardatza eskuinean (laguna (den) bezain trebea; beti (iritsi den) bezain berandu).

32.2.1.1b Bezain morfemaren eskuinean den ardatza, konparazio gaia zein den seinalatzen duena, adjektiboa nahiz adberbioa izan daiteke. Adjektibo predikatiboa: Gure etxea zurea bezain iluna da; izenondoa: Zurea bezain etxe ilunean bizi naiz; partizipioa: Ez zela arbola hori haiek bezperan erran zuten bezain estalia aranez (J. B. Elizanburu); adberbioa: Beti bezain berandu etorri da, edo postposizio sintagma: Irudi hori bestea bezain goian dago. Mailakatzea onartzen dutenak izan behar dute osagaiok betiere.

Izenondo denean adjektiboari dagokio morfema konparatiboa (zurea bezain [etxe iluna]). Sintagmaren ordena aldatuta, bezain morfemaren ondo-ondoan ematen da zenbaitetan adjektiboa, -ko morfema erantsita duela: Gisu-labea bezain handiko ahoa zabaldu [zuen] (Barbier); Bazituzten sardea bezain handiko izkribuak (Hiribarren). Batez ere idatzian erabiltzen da itzuli hori. Erlatiboarekin egiten den sintagmaren parekoa da: Bazituzten sardea bezain handiko izkribuakBazituzten sardea bezain handiak ziren izkribuak. Erosoagoak eta argiagoak gerta daitezke zenbaitetan itzuli horiek, adjektiboa izenaren ondoan daramana baino. Hala, adibidez, odolkia bezain lodiko hatz arina erakutsiz […] (Saizarbitoria) perpausa errazago ulertzen da odolkia bezain hatz arin lodia erakutsiz edota hatz arin odolkia bezain lodia erakutsiz perpausak baino.

Zenbaitetan izena modifikatzen du bezain morfemak: Joatean bezain asto jin nintzen gibelera (Mattin); Ez ote dira edozein Mikel Agirre edo Pedro Pérez bezain gizon? (Mitxelena), baina, aise ikusten denez, adjektibo gisa erabiliak dira izen horiek.

32.2.1.1c Bezain-ek modifikatzen duen adjektibo edo adberbioaren ohiko lekua haren ondo-ondokoa bada ere, zenbaitetan beste sintagmaren bat sartzen da haien tartean: Hura olerkarientzat bezain, bedi [liburu] hau idatzi lauezkoentzat ikustegi berdin gabe (Lizardi); Aita bezain semea zara zuhur, puxant, fin gabe (Etxeberri Ziburukoa). Batzuetan adjektiboa aurretik emana denean, bezain morfemaren ondoren isildua da, berriro ez aipatzeagatik beharbada: Soineko urdina zeukan, ortzia bezain (Erkiaga); Bainan eder zinen zinez, zinez izar bat bezain (Mirande)264.

32.2.1.2. Bezain morfemaren ezkerreko osagaia

32.2.1.2a Bezain morfemak ezkerrean duen osagaia ere mota askotakoa izan daiteke. Gorago esan den bezala, mendeko perpausa eratzen du osagai horrek, sintagma edo morfema bat —perpaus nagusiko ardatzarekin bat datorrena— edo gehiago isilpean dituena. Konparazioaren bigarren terminoa, erreferentziazkoa, da beti agerian ematen dena (§ 32.2.1.3a):

aditz eta guztikoa: Gaur dagoen bezain triste ez dut inoiz ikusi;

aditz modala, adizki jokatua gabe gehienetan: Ahal (dugun) bezain ondo egiten dugu lana; Behar (zen) bezain goiz jaiki dira; Nahi (duten) bezain ondo bizi dira; aditz modalen objektua perpaus nagusian ageri den aditza da (‘bizi nahi duten bezain ondo bizi dira’, alegia, azken adibidean);

uste izan, espero izan eta horrelakoak, adizki jokatua gabe hauek ere askotan: Horren erantzuna ez da zuk uste (duzun) bezain erraza;

izen sintagma: absolutiboa (Zure laguna bezain trebea naiz ni), ergatiboa (Zure lagunak bezain umore ona dut nik), nahiz datiboa (Zuri bezain etxekoa egiten zait niri irudi hori);

postposizio sintagma: Mendian bezain lasai bizi naiz kalean;

osagai bat baino gehiagokoa: Eguzkia udan bezain goxo da neguan aterpea;

sintagma destinatiboa: Mahats hori jateko bezain ona da ardoa egiteko;

-la perpaus osagarria (seguru izan eta gisa horretako aditzekin) edo -tzea aditz izena bestelako predikatuekin: Bihar argituko duela bezain segurua da partida irabaziko dugula; Eskatzea bezain erraza al da ematea?;

baldintza alegiazkoa: Aberatsa balitz bezain dotore jantzita dabil, ‘aberatsa balitz (ibiliko litzatekeen) bezain dotore jantzita dabil’; perpaus kontrafaktuala da (‘ez da aberatsa’).

32.2.1.2b Adibideetan ikusten den moduan, termino biren ezaugarri baten maila konparatzen da maiz horrelakoetan. Laguna bezain trebea naiz ni esaldian, esate baterako, [‘lagunaren trebetasun maila’ <-> ‘nire trebetasun maila’] da konparazioaren egitura. Konparazioaren ardatza lehen terminoa bera denean, ordea, ezaugarri biren maila erkatzen da (§ 32.1.2c, § 32.1.3c). Katixak egin zituen emeki bezain egoki aurkezte lanak (Etxaide) esaldian, adibidez, [‘aurkezte lanen emetasun maila’ <-> ‘aurkezte lanen egokitasun maila’] da egitura. Lehen termino eta ardatz dena adjektiboa denean, termino biak mugagabean ematen dira inoiz: Hartakotz zait bada eder bezain aipagarri (J. Etxepare); Besoa luze bezain zorrotz du begia (Hiribarren). Baina bigarrena mugatua dela beste batzuetan: Sorterriaren salbatzeko xede handi bezain saindua (Lafitte); Bi edo hiru lagunen boz ozen bezain bakarra gorabehera (Mitxelena). Eta are inoiz biak mugatuak: Bere pentsabidearen ardatza argia bezain laburra da (P. Garmendia). Terminoak osagai bikoak izan daitezke: Besoa luze bezain zorrotz du begia (Hiribarren).

Egitura hau emendiozko juntadura adierazteko erabiltzen da inoiz, bide batez aipatzen diren adjektibo edo adberbioen mailaren handia iradokitzen delarik: Horra iparraldeko abere eta gizonen bizimodua zehatz bezain ederki emana (Ibinagabeitia); Ugari bezain zorrotz zen hizketan, aberats bezain zehatz eta doi (Mitxelena); abere eta gizonen bizimodua ‘oso aberats eta zehatz’ emana dela esaten da lehen adibidean, eta norbait ‘hizketan oso aberatsa eta zehatza dela’ bigarrenean (§ 32.4.3a, § 32.6.4, 9d).

32.2.1.3. Bestelako kasu batzuk

32.2.1.3a Erreferentziazko terminoa izan aditza eta konparazioaren ardatza adjektiboa direnean, den bezain luzea gisako sintagmak era daitezke: Zen bezain handia izan arren (Agirre Asteasukoa); Gu garen bezain kreatura erromes eta ezdeusentzat duen amodio sobraniazkoa (Haraneder); Dugun imita heiena zen bezain bizi Saindua (Jauretxe); Sultan […], zen bezain luze, zetzan lurrean jarria (A. P. Iturriaga). Konparaziozko egitura izanik pentsa daiteke horrelako esaldien azpian ere perpaus bi direla; [Hura X handia zen] eta [hura X handia zen], esate baterako, lehen adibideko esaldiaren azpian, non mendekoan isilik den X handia sintagma. Dena dela, ez dirudi hor zinez alderaketa denik, enfasia adierazteko modu bat baizik (zen bezain handia = {oso handia ∼ hain handia} izanik).

Zen bezain sutsu jokatu zen (Barrensoro) esaldian konparazioaren ardatza adberbioa da eta mendeko perpausean isilpean geraturiko sintagma, berriz, adjektiboa: [Adj sutsu] zen eta [Adb sutsu] jokatu zen. Adberbioaren eraginez geratu da isilpean adjektiboa, formalki biak berdinak direlako.

32.2.1.3b Gutxi zenbatzailearekin ere erabiltzen da bezain morfema: Haren ahotsak begiradak bezain gutxi adierazten zuen (Olarra); Nik bezain gutxi kobratuko dizu […] (Cano). Perpaus horiek formaz maila konparazioari badagozkio ere, zenbatekoa da berez alderatzen dutena. Asko edo anitz zenbatzailearekin, aldiz, ez da ohikoa horrelako perpausak eratzea (*Zuk bezain asko dakit nik; *Zuk bezain liburu anitz irakurri dut nik), horien lekuan zenbatasunari dagokion adina morfema edo horren antzekoren bat erabiltzen baita (Zuk adina dakit nik)265. Gutxi-ren zenbatasun mailaren konparazioa da, bada, bezain gutxi sintagmak bideratzen duena; asko-rena, berriz, adina-k bideratzen du. Bat dator hori zenbatzaile hauen jokabide orokorrarekin. Izan ere, gutxi-k onartzen ditu zenbatasunaren modifikatzaile batzuk (oso gutxi, gutxiago, gutxiegi, gutxien), baina ez asko-k (*oso asko, *askoago, *askoegi, *askoen) ez eta anitz-ek ere (*oso anitz, *anitzen; anitzago eta anitzegi ere ez dira ohikoak) —azken hauen lekuan gehiago, gehiegi, gehien erabiltzen dira—.

32.2.1.3c Denborazko adberbioekin bi eratako perpausak eratzen ditu bezain morfemak. Termino biei dagokien denbora konpara daiteke adberbio horien bidez, ohiko konparazio perpausa eratuz: Peru Miren bezain berandu iritsi da; Frantsesa bezain laster ikasiko du ingelesa. ‘Berandutasun maila’ konparatzen da lehen adibidean, eta ‘lastertasun maila’, bigarrenean. Gertakari bat denboran kokatzeko ere erabil daiteke, ordea, egitura hori, gertakari horren noizkoa beste baten noizkoaren parean ezarriz: Ikusi zaitudan bezain laster ezagutu zaitut; Partida hasi bezain laster sartu dute gola. Gertakarien aldiberekotasun estua adierazten da perpauson bidez; noiz ikusi, orduan ezagutu, alegia, lehen adibidean, eta partida noiz hasi, gola orduan sartu, bigarrenean. Formaz konparaziozkoak izan arren, gertakaria denboran kokatzea dute zeregin perpaus hauek. Ikusten den moduan, gertakaria adierazten duten aditzak dira ‘konparatzen’ edo ‘parekatzen’ diren termino biak; mendeko perpausekoa adizki laguntzailearekin nahiz hura isilduta eman daiteke (hasi (zen) bezain laster). Laster adberbioaz gainera, bestalde, sarri, fite, agudo, aurki, azkar eta beste batzuk ere erabil daitezke forma hau eratzeko (bezain sarri, bezain fite, bezain agudo) (§ 36.5.1, § 36.5.2).

32.2.1.3d Berdintasunezkoa izanik, alderaketa honek ez du hartzen, bistan da, maila-aldea adierazten duen diferentzia adierazlerik: *Zure laguna askoz ere ni bezain trebea da; *Zure etxea nirea bezain bi aldiz handia da. Onartzen ditu, hala ere, ohiko bidetik, perpaus osoari dagozkion adberbioak, hurbiltze adiera dutenak: Hemen festa ia-ia lana bezain sakratua da; Arduragabe izateko bezain libre banaiz gutxienik (Berria).

Alderaketa honek, bestalde, norabide positiboa du, nolabait esan, baiezkoa denean. Izan ere, konparatua erreferentziaz hartzen denaren mailan bederen badela esaten da, handik gora ere egon daitekeela saihestu gabe, baina handik behera egon daitekeela baztertuta. Hala, Hura zu bezain aberatsa da, eta baita aberatsagoa ere beharbada esan daiteke, baina ez *Hura zu bezain aberatsa da, eta baita pobreagoa ere beharbada. Ezezka emanda, berriz, konparatua erreferentziazkoaren mailara iristen ez dela esaten da, eta hori, jakina, ez da gehiagotasunarekin uztartzen ahal: Hura ez da zu bezain aberatsa, pobreagoa baizik, esan daiteke, baina ez *Hura ez da zu bezain aberatsa, aberatsagoa baizik, erabilera zuzentzailean izan ezik (Zu bezain aberatsa ez, aberatsagoa da!). Berdintasuna ukatzea du euskarak, hain zuzen, mailaren gutxiagotasuna adierazteko modu bat (§ 32.1.1b).

32.2.1.3e Ezezkoa konparazio perpausari dagokionean, berriz, gehiagotasun adiera hartzen du perpausak: Inoiz izan ez naizen bezain zoriontsua naiz orain —hau da, ‘inoiz baino zoriontsuagoa’—; aditza isilpean utzita, ez adberbioa bezain morfemaren ezkerrean kokatzen da, ez bezain segida eratuz: Inoiz ez bezain zoriontsua naiz orain; Mutikoak sekula ez bezain txintxo egin zituen etxeko lanak (Egunkaria). Ezezko polaritatea duten inor, ezer, inoiz, sekula eta inon gisako izenordain edo adberbioekin eratzen da maiz segida hau (inoiz ez bezain ondo, inon ez bezain lasai, inor ez bezain trebea…), baina baita bestelako hitz klaseekin ere: Txorrota ohi ez bezain oparo ari da nire ahotik (Lertxundi) —‘ohi baino oparoago’, alegia—; Oiloek txitak ez bezain maiteki hartu nau amak ni (S. Mitxelena) —hots, ‘oiloek txitak hartzen dituzten baino maitekiago’—.

32.2.2. Zenbatekoa alderatzen duten berdintasunezko perpausak

32.2.2.1. Berdintasunezko morfemak

32.2.2.1a Bat baino gehiago dira zenbatekoari dagokion berdintasunezko konparazioa bideratzen duten morfemak. Hauek dira erabilienak: adina, Hegoaldeko tradiziokoa batez ere (batasunaren aurreko testuetan aina, aiña eta aña idatzia), bezainbat, ekialdeko tradiziokoa (bezanbat, bezenbat eta bezinbat idatzia) eta beste, bizkaierazkoa, gipuzkeraz ere zerbait erabilia. Erabilera urriagokoak dira adinbat (testuetan (h)ainbat idatzia266) eta bezainbeste (bezainbat-en analogiaz-edo eratua); hainbeste forma ere zerbait erabilia da konparazioan, gipuzkeraz batez ere267: Munduko gizonik azkarrenak ere nik hainbeste daki (Insausti); Zuentzat hainbeste jaki ekarriko dute aurki (Txirrita), baina euskara batuan zenbatzaile gisa erabiltzen da batik bat. Morfema erabilienen adibideak emango dira eskuarki ondoko azalpenetan.

Inesiboko -n atzizkia hartzen dute inoiz morfema hauetako batzuek, morfema soilaren adiera bera gordez: Ez baita inor haiek adinean argi litzakeenik euskararen alde ilunak (Mitxelena); Hura ere ez dago orain lehen adinbatean Nikanor-en alde (Erkiaga); Lanerako gauza ziren bestean baino ez zituen ugazabak aintzat hartzen (Erkiaga).

Gorago esan den bezala, erreferentziazko terminoa daraman perpausa dute ezkerrean morfema hauek, eta izena edo aditza eskuinean (zuk adina lagun; zuk adina dakit).

32.2.2.1b Morfemaren eskuineko izena mugagabean emana da beti, eta hura da konparazioaren ardatza (zuek adina urte; han bezainbat kirolari; zuk (duzun) beste diru); izena zenbakarria denean kopurua adierazten du sintagmak (Zuek adina lagun ez ditugu) eta zenbakaitza denean kantitatea (Zuek adina diru dugu guk). Izenordainaren funtzioa bete dezake morfema konparatiboak (Aholkuak behar dituzu? Nahi adina emango dizkizut nik), bai eta adberbioa izan ere, ondoan aditza duela (Zu adina maite dudan lagunik ez da).

32.2.2.1c Ezkerrean dute, berriz, gainerako konparazio esaldietan bezala, erreferentziazko terminoa daraman perpausa, mota askotakoa izan daitekeena:

Aditz eta guztikoa: Jakintsuenek dakiten {adina ∼ bezainbat ∼ beste} dakigu guk.

Aditz modala, adizki jokatua gabe askotan: Ez ditut behar adina ezagutzen (Mitxelena); Mutxikoak nahi bezainbat dantzatuko dira heldu den igandean (Berria); Gura beste dantza egiteko aukera izango dute herritarrek (Goienkaria); Ezin esan adina maite zaitut (Bilintx).

Uste izan, espero izan, merezi eta pentsatu gisako aditzak, adizki jokatua gabe hauek ere zenbaitetan: Ez nau, berorrek uste duen adina, aberats izateak harrotzen (Agirre); Saioak ez zion espero bezainbat denbora jan (U. Apalategi); Ez da jaso aurreikusi bezainbeste mahats (Berria); Uste dugu bertakoon dohainak ez direla merezi beste baloratzen (Goienkaria).

Izen sintagma, absolutiboa: Pertsona bezainbat apeta daude (Berria). Ergatiboa: Gizonaren biziak ez zuen arkakuso batenak adina balio (Etxaniz). Datiboa: Berak niri adina arazo sortu nion nik emakume gazte hari (O. Arana). Partitiboa erabiltzen da inoiz: Zuk duzu aterik adinbat maratila (Urruzuno); aditz izena: Kantatzea adina gustatzen zaio dantza egitea.

Postposizio sintagma: Euskara entzunen da, baina ez Donostian bezainbat (Berria); Non etxean beste babes? (Agirre). Adberbioa: Orain ez dago lehen adina irtenbide (Berria); Ai! Jakin izan banu gaur beste (San Martin). Postposizioak edo adberbioak denbora edo kantitatea adierazten duenean, -ko atzizkia hartzen du maiz beste morfemaren aurreko sintagmak: Amak lehengo beste ardura hartzen ez ziolako (Etxeita); Tabernariengandik lortuko zuen betekada on baterainoko beste (F. Bilbao).

Sintagma destinatiboa: Mundu hau erosoago edo neketsuago iragaiteak ez du haientzat guretzako bezainbat pisurik (Garate); Bizitzeko adina badugu.

Osagai bat baino gehiagokoa: Ardotan hire idiak uretan adina edaten duk (Labaien); Zuk amodio bezainbat dolore dut nik sentitu (Gazteluzar).

Adizki jokatua eta guzti erabili izan dira asko izan, aski izan eta premia izan aditzak: Bestek asko den adina eta gehiago barreiatu ditu […] (Mitxelena); Jan ezazu hartarik aski den bezainbat (Pouvreau); Premia duten beste hartu behar dute (Villasante). Itzuli horiek asko, aski edo nahiko(a) esateko modu enfatikoa dira. Horien antzeko esanahia du on den adina esapideak: Ikusten duzu zure auzo, ahaide edo adiskidea on den adina edo gehiago kargatua (Agirre Asteasukoa).

Baldintza perpausa, alegiazkoa: Garaiz etorri izan balitz adina eskubide duela uste du.

32.2.2.2. Konparazioaren beste xehetasun batzuk

32.2.2.2a Termino biren ezaugarri baten zenbatekoa konparatzen da gehienetan esaldi hauetan ere: Zuk adina lan egin dut nik [zure lanaren zenbatekoa <-> nire lanaren zenbatekoa]. Konparazioaren ardatza lehen terminoa bera denean, ordea, ezaugarri biren zenbatekoak erkatzen dira: Gogo adina kemen izan balu (Agirre); Pertsona bezainbat apeta daude (Berria); [haren gogoaren zenbatekoa <-> haren kemenaren zenbatekoa] da lehen adibideko konparazioaren egitura (§ 32.1.2c, § 32.1.3c, § 32.2.1d).

32.2.2.2b Konparatuen artean alderik adierazten ez denez, agerikoa da zenbatekoa alderatzen duten berdintasunezko perpausek ere —maila alderatzen dutenek bezala— ez dutela diferentzia adierazlerik hartzen: *Nik askoz adina daki horrek. Onartzen dituzte, ordea, bistan da, perpaus osoari dagozkion kasik edo ia gisako adberbioak: Alderdi adina ekitaldi egin ziren kasik (Berria). Hurbiltze balioa du adberbioak, berdintasuna gutxigatik gauzatu ez dela ematen baitu aditzera. Balio bertsua du konparazio morfemari erantsitako -xe atzizkiak: Doi-doi sumatzen dira, gorputzak behar adinaxe (Orixe).

32.2.2.2c Konparazio honek ere norabide positiboa du, mailari dagokion konparazioak bezala, esaldia baiezkoa denean. Lehen terminoa gutxienez erreferentziazko terminoa adinakoa badela adierazten du, edo baita hortik goragokoa ere beharbada. Nahi adina lan eta gehiago bada hemen esan daiteke, baina ez *Nahi adina lan eta gutxiago bada hemen. Esaldia ezezkoa denean, berriz, gutxiagotasuna adierazten da. Ez dakit zuk adina, zuk baino gutxiago baizik esaldiak badu, hortaz, zentzua; ez, ordea, *Ez dakit zuk adina, zuk baino gehiago baizik, egitura zuzentzailean ez bada (Zuk adina ez, gehiago dakit!).

Ezezkoa konparazioari berari dagokionean, berriz, desberdintasunezkoa bilakatzen da alderaketa: Maite zaitugu, munduan inor ez adina (Txirrita) —beste guztiak baino gehiago, alegia—; Maite ditut gailurrak argiak ez beste (Lizardi) —hots, argiak maite dituen baino gehiago—.

32.2.2.2d Gehienetan izen-aditzen zenbatekoari eta adjektibo-adberbioen mailari dagozkien alderaketak aski zehatz bereizten badira ere, bakoitzak dagokion morfema duelarik, zenbaitetan konparazio mota bien arteko mugak lausotu egiten dira, eta zenbatasunezko morfema mota batari zein besteari dagokiola esan daiteke. Hasteko, zenbatasunezko morfemen erabilera predikatiboa aipa daiteke. Izan ere, predikatu direnean, subjektua nolakoa den adierazten dute morfema hauek. Hi adina banaun gisako esaldiek nolakoa naizen adierazten dute, eta, hain zuzen, hi adina hori ‘hi bezain {on ∼ handi ∼ trebe …}’ gisa ulertzen da: Oraindik ez haiz hire nagusia adina (G. Mujika); Hi hainbeste bagaituk (Barrensoro); Ez zen inor beren aita izan zen beste (Agirre). Izan bezala, egin, bihurtu edo bilakatu izan daitezke loturako aditzak: Handik hona egina nago Jauntxo guztiak adina (Larramendi). Aurretik -tzeko sintagma daramala, ahalezko esanahia hartzen du egiturak: Zahar eta andreak ez omen ziren haraino igotzeko beste (Mitxelena) — ‘ez omen ziren goraino igotzeko gauza’, alegia—.

Zenbatasunezko morfemak, bestalde, normalean aditza edo izena modifikatzen badute ere, neurria adierazten duten luze, zabal edo sakon gisako adjektiboekin ere joan daitezke, neurriaren zenbatekoak alderatuz: Mahaia beste luze diren aulki bi (Agirre). Neurria adierazten dutenez, zenbatekoari ere badagozkio horrelako sintagmak, baina horrekin batera neurriaren maila ere seinalatzen dutela esan daiteke. Hain zuzen, morfema horien lekuan mailari dagokion bezain morfema ere onartuko lukete horrelako sintagmek (bezain luze, bezain zabal).

Bestelako adjektibo batzuekin ere erabiltzen dira inoiz zenbatasunezko morfemak. Hala, bezainbat morfema inoiz: Behin bazen apaiz bat ona bezainbat bitxia (Barbier); Logikazale bezainbat musikazalea baitzen (Mirande); ‘ona bezain bitxia’ ulertzen da lehen adibideko sintagma. Berdin adina: Gizona ezin daiteke zigarra adina txikia (Añibarro); Zeure denboran kostako zaizu ni adina gizon izaten (Txirrita). Eta beste: Ipini nuen argitxu hau eta … lehen beste ilun (Kirikiño). Adibide horiek gorabehera, berez neurria adierazten ez duten adjektiboekin bezain morfema erabiltzea da ohikoena euskara batuan.

32.2.2.2e Bestalde, -ko atzizkia hartu eta izenlagun bilakatzen denean, zeregin adjektibala bereganatzen du morfemak: Behar adinako babesa; Kezkatzeko bezainbateko uholdea; Onenak besteko jokalariak. Horrela eraturiko izenlagunek ez diote kopurua adierazten duen zenbat galderari erantzuten, neurria edo intentsitatea adierazten duten zenbateko edo nolako galderei baizik. Hala, mahai adina aulki sintagma, esate baterako, aulkien kopuruari dagokio, aulkiak zenbat diren ematen baitu aditzera; mahaia adinako aulkia sintagmak, berriz, aulkia nolakoa den ematen du aditzera, ‘mahaiaren neurrikoa’ dela esanaz. Kontraste hori bera ikusten da ondoko esaldi hauetan: Kezkatzeko adina datu zabaldu da ikastetxe horri buruzKezkatzeko adinako datuak zabaldu dira ikastetxe horri buruz —datu asko batek, datu kezkagarriak besteak—.

Predikatu direnean ere nolakoa adierazten dute izenlagunok, bistan da. Morfema soilen pareko dira erabilera horretan: Irakaslea adinakoa bada ikasleaIrakaslea adina bada ikaslea; Nor hura adinakorik?Nor hura adina?; Juanito bestekoak egingo garenean (F. Bilbao).

Izenlagunaren ezkerrean sintagma absolutiboa edo ergatiboa ez ezik genitiboa ere ager daiteke: Zure nahigabearen adinako bihotz damua nahi nuke(ArgiDL); Osterantzeko gizonen bestekoa zara zu zeu bere (Otxolua); Saguzaharren besteko indarra (Oskillaso).

32.2.2.2f Sintagma destinatiboa eta lain edo doi morfemekin eraturiko sintagmek konparazio perpausen itxura dute: Zure errenta hau ez dut kontribuziotarako lain (Tx. Garmendia); Beren bizitza guztian aberats izateko lain diru bazeramaten (Etxaniz); Handik goiti eskean ibili zen, gosez ez hiltzeko doia nekez irabazten zuela (Mirande); Euskaraz bazekiten, ihardesteko doia (Larre). Konparazio itxura, bai, baina ez dituzte konparazio perpausen ezaugarriak. Izan ere, horietan ez dira konparazio egiturak dituen perpaus biak, konparazio termino biei dagozkionak. Kontuan hartzen bada, batetik, egitura hauetan destinatiboa -entzako formarekin egiten dela, ez -entzat formarekin, eta aurretik genitiboa ere onartzen dutela (Bere doia, eguneko doia, bildu behar zuen goiz guztiez (Zerbitzari); Euskal Herriak ez du behin ere biltzen bere dina bihi (EH)), eta, bestetik, konparazio egiturako ohiko esaldietan ez dutela lekurik (*Irabazi dudan lain gastatu dut), postposiziotzat har daitezke morfema hauek.

Gauza bera esan daiteke dina morfemaz ere: Jaunak emango digu bizitzeko dina (Urruzuno); konparazio perpausean erabiltzen da hau, inoiz, adina morfemaren aldaera gisa-edo: Tori dirua eta har ezazu behar den dina (Soroa).

32.2.2.2g Inesiboko bezainbatean formarekin eginiko [(dena)-z bezainbatean] esapideak ‘dagokionez’ esapidearen antzeko esanahia du: Gizarteaz denaz bezainbatean, berdintsuki behar dugu jokatu (Villasante); Bere buruaz bezainbatean zioen, […], ez zela nihor hura bezain ezdeusik (Joanategi).

32.3. Desberdintasunezko konparazio perpausak

32.3.1. Maila alderatzen duten desberdintasunezko perpausak

32.3.1.1. Morfema

32.3.1.1a Mailari dagokion desberdintasunezko konparazioa bideratzeko baino …-ago zati biko morfema erabiltzen da eskuarki. Alde batetik, -ago mailakatzailea adjektiboari edo adberbioari erantsita, adjektibo sintagma konparatiboa (handiagoa, zuriago) edo adberbio sintagma konparatiboa (gaizkiago, urrunago) eratzen dira; bestetik, berriz, sintagma horren osagarri den konparazio perpausa baino morfemak bideratzen du (uste zuten baino…) —aldaerak: bano, beno, beino—. Hau da, berriz, morfema horiekin eginiko sintagmen ohiko ordena: [mendeko perpausa + bainoadjektiboa/adberbioa + -ago] ([Durango baino handiagoa] da Bilbo; [Uste zuten baino errazago] irabazi dute partida). Ordena hori ez da, ordea, aldaezina. Hala, konparazio perpausa nagusiaren eskuinera pasa daiteke (Bilbo handiagoa da Durango baino), eta osagairen bat ere sar daiteke konparaziozko perpausaren eta kuantifikatzaile konparatiboaren artean (Lana baino alferkeria maiteago dugu).

Bizkaieraz baizen morfema ere erabiltzen da desberdintasunezko perpaus hauetan, berdintasunezkoetan bezala: Baina zu baizen hobeto maite dut neure mendia (Agirre); Ea, ba, laster etortzen haizen aberatsago Rotxil bat baizen! (K. Enbeita).

Batez ere lapurteraz eta behe-nafarreraz ezen ez forma erabiltzen da —aldaera, zubereraz batik bat, ezi ez—: Hobe zela poto egitea, ezen ez arrazoi txar bat ematea (Xalbador). Perpaus nagusiaren ondoan ematen da beti morfema honekin eginiko mendeko konparaziozkoa, eta ezin da ezkerrera pasa: *Ezen ez arrazoi txar bat ematea, hobe zela poto egitea; morfema bera perpausaren hasieran da, baino ez bezala: Nahiago dut neure lana {ezen ez zureazurea baino}268.

32.3.1.1b Esan bezala, konparazioaren ardatza den adjektiboari edo adberbioari eransten zaio -ago morfema. Adjektiboa mugatua zein mugagabea izan daiteke, adjektibo arrunta bezala (Ez da txikiagoa Peru-Fermin Izkoren poza, J. Mokoroa); Zu txiki-txikia zinen. Orratz-burua baino askoz txikiago, M. Atxaga); adjektiboa izen sintagmaren barnean dela ere erabil daiteke (Izarra baino andre ederragoa ihesi joan zait); sintagmaren ordena aldatuta eta adjektiboari -ko erantsita ere egin daitezke, zenbaitetan, horrelakoak (Izarra baino ederragoko andrea joan zait ihesi, Txirrita), bai eta erlatiboaren bidez ere (Izarra baino ederragoa den andrea). Berdintasunezko konparazioan bezala, desberdintasunezkoan ere erabiltzen dira inoiz izenak maila konparazioan (Ni baino gizonago portatu haiz, X. Amuriza; Abereak baino abereago egin naiz, Duvoisin); adjektibo gisa erabiliak dira izen horiek. Eta, esan bezala, adberbioari ere erants dakioke morfema konparatiboa (Trena lehen baino urrunago iristen da orain)269.

Adjektiboen kasuan postposizio atzizkiak -ago morfemaren ondotik ematen dira (etxe handiagora; leku atseginagotik; ohe bigunagoan); oinarrian izena duten adberbio sintagmen kasuan, berriz, morfema azkenean joan daiteke (kontuzago; gusturago; aurrerago; pozikago).

32.3.1.1c Baino morfemaren ezkerrean konparazio perpaus mendekoa doa, erreferentziazko terminoa daramana, eta, ohi bezala, mota askotakoa izan daitekeena:

Aditz eta guztikoa: EBko ekonomia hasieran pentsatu genuen baino kaltetuagoa dago (Egunkaria).

Aditz modala, adizki jokatua gabe gehienetan: Nahi baino askoz maizago jaso behar izan du baloia sareetatik (Berria); Hamabostaldiko entzulea behar baino mantsoago ari da ohitzen (Berria).

Uste izan, espero izan eta pentsatu gisako aditzak ere adizki jokatua gabe ematen dira maiz: Inkestaren arabera, enpleguak uste baino bilakaera hobea izan du (Berria); Titinek eta Pascualek espero baino partida erosoago izan zuten (Berria).

Izen sintagma, absolutiboa: Enpresa handiak txikiak baino baikorragoak dira. Ergatiboa: Mediku gazteek garai batekoek baino prestakuntza hobea dute. Datiboa: Niri baino agur beroagoa egin dizute zuri. Aditz izena: Jarrera militantea izatea baino errazagoa da tabernan egotea (Berria).

Postposizio sintagma: Etxean baino lasaiago non? Edo adberbio sintagma: Atzo baino hobeto gaude gaur.

Osagai bat baino gehiagokoa: Joseba lanean baino erneago ibili zen musean Andoni.

Baldintza perpausa, alegiazkoa: Gazta-erdi bat ere atera zuten, kare-mazaz egina balitz baino gogorragoa (Berrondo).

Izan aditza, den baino handiagoa gisako sintagmetan: Den baino ere hamar aldiz laburrago iduritu zitzaidan bide hori (J. B. Elizanburu).

Ezezko polaritatea duten inor, ezer, inoiz eta inon gisako izenordain edo adberbioak ere izan daitezke baino-ren aurreko perpaus murritza, erreferentziazko terminoa daramana; baino …-ago konparazio morfemak baiezko esanahia ematen die: Inor baino ederrago zarena (Lazarraga); Maitasuna ezer baino indartsuagoa da (J. Altuna); Lapurren artean inon baino agintari- behar gehiago izaten da (Kirikiño); Sekula baino ere zoroago zebilkion bihotza (Barrensoro). ‘Beste denak baino ederrago’ esan nahi da lehen adibidean, ‘beste denbora guztian baino zoroago’, azkenekoan.

Gehienetan laburra da ezen ez formarekin eginiko perpausa: Hobea zela zuen erlijioa, ezen ez gurea (Agirre Asteasukoa); Hobe zuela goizegi ezen ez eta berantxe (J. B. Etxepare); Ezina azkarrago da ezi ez zina (Oihenart).

32.3.1.1d On adjektiboaren eta ondo/ongi adberbioen konparatiboak hobe eta hobeto/hobeki dira, hurrenez hurren270: Iaz baino festa hobeak antolatu dituzte aurten; Lanean baino hobeto gaude oporretan. Berez konparatiboak izanik ere, erantsi egiten zaie inoiz -ago morfema, hobeago, hobetoago/hobekiago forma erredundanteak eratuz: Bizitza hobeago baten itxaropena (EH); Nork daki bere barrengo berri bakoitzak berak baino hobetoago? (Villasante); Ongi baino hobekiago nekien hori (EH).

Hobe izan perifrasiak partizipioa nahiz aditz izena goberna dezake: Hobe duzu horren neskamearekin ibili (Lardizabal); Hobe duzu alderdi bat galtzea (Lardizabal); Hobe du […] bere txikien etorkizunari begiratu (Etxaniz); Isilik egotea hobe izango dut (Mitxelena); Hobeko dut isilik gelditu (Mitxelena).

Hobetsi aditzarekin eginiko esaldiak, berriz, erreferentziazko terminoa aipatu gabe eratzen dira gehienetan. Lasai bizitzea hobetsi du esaldiaren gisakoak egiten dira maiz ‘zer baino’ esan gabe, erreferentzia puntu hori suposatutzat emanda edo.

32.3.1.2. Beste konparazio mota batzuk

32.3.1.2a Nahiago izan, gurago izan, maiteago izan eta beharrago izan aditz perifrasiak konparatiboak dira; bi nahi, gura, maite edo behar izateren maila alderatzeko erabiltzen dira: Garai batean pilota genuen ogia baino nahiago (Uztapide); Jolasa baino ardo ona gurago dute (Agirre); Haietako batzuek maiteago dute gaur isiltasuna argibideak ematen ihardutea baino (Mitxelena); Inoiz baino beharrago du euskarak literatura gordina (Berria). Nahiago izan aditz perifrasiak nahi izan-en jokabide bertsua du gobernatzen dituen perpausei dagokienez, hau da, partizipioa edo aditz izena erabiltzeari dagokionez (nahiago dut {etorri ∼ etortzea}). Bizkaierako eskualde batean izan ezik, non -tzea erabiltzen den kasu guztietan, hau da jokabide nagusia: perpaus bietako subjektuak erreferentziakide direnean, partizipioa hobesten da: Nahiago dut ondrarekin pobre bizi, ez aberats ondrarik ez dudala (Bilintx), eta erreferentziakide ez direnean aditz izena: Nahiago dut lan hori zuk egitea. Esaldia konplexua denean, hala ere, konparazioaren perpaus biak agerian direnean, esate baterako, kontuak aldatu egiten dira eta konbinazio diferenteak dira posible, subjektuak erreferentziakideak izanik ere: Marokok badaki, bertako sahararrek nahiago dutela Sahara aske batean bizitzea, euren menpe bizi baino (Argia). Nahi izan soilak bezain lotura trinkoa ez du, hala ere, nahiago izan aditzak partizipioarekin: *Nahi dut ez ikusi, baina Nahiago dut ez ikusi.

32.3.1.2b Lehen adberbioa ere izan daiteke konparazioaren ardatza; konparatiboa da berez adberbio hori, baina -ago morfema har dezake, lehenago forma eratuz: Zu baino lehen joan dira gonbidatu gehienak; Larunbatean baino lehenago iritsi zara gaur. Ohiko konparatiboak dira horiek, perpaus nagusian mendeko perpausa txertatua dutenak: Zu (joan zaren) baino lehen joan dira gonbidatu gehienak; Larunbatean (iritsi zinen) baino lehenago iritsi zara gaur. Konparazio termino biri dagozkien gertakarien denbora konparatzen da esaldi horietan.

Bada beste egitura bat, zeinetan data batek edo denbora jakina seinalatzen duen sintagma batek ematen dion gertakari nagusiari erreferentzia: Larunbata baino lehen amaituko dut lana. Zaila da sintagma horretan perpausa ikustea, sintagmak berak —kasu honetan larunbata sintagmak— ematen baitu denbora erreferentzia. Gertakari batek seinala dezake data (Gerra baino lehen hobeto bizi ginen), baina horrelakoetan ohikoa da partizipioa erabiltzea (Gerra hasi baino lehen hobeto bizi ginen). Itxura konparatiboa dute esaldi horiek, baina gertakaria denboran kokatzea dute egitekoa, eta baino lehen forma, horrelakoetan, aurretik postposizioaren parekoa da (larunbata aurretik, gerra hasi aurretik).

Lehen nahiz lehenago formak erabiltzen dira esaldiotan, bai konparaziozkoetan bai denborazkoetan, baina diferentzia adierazlearekin doazenean lehenago forma hobesten da: Zu baino askoz lehenago joan dira gonbidetuak; Larunbata baino egun bi lehenago amaituko dut lana. (Ikus 35. eta 36. kapituluak).

32.3.1.2c Desberdintasuna adierazten dutenak izaki, perpaus hauek onartzen dituzte konparatuen arteko aldea seinalatzen duten diferentzia adierazleak. Aldearen neurri zehatza ematen dute aditzera zenbatzaile zehatzekin eginiko modifikatzaileek (bost metro luzeago, bi urte(z) zaharrago, lau egun lehenago). Aldearen handia seinalatzen dutenetan askoz (ere), askozaz (ere) eta askotaz (ere) dira ohikoenak, batez ere mendebaldean erabiliak: Lan batzuk besteak baino askozaz gogor eta neketsuagoak dira (Eguzkitza); Alde txarrak alde onak baino askotaz ere nabarmenago direla (Mitxelena). Ohikoak dira, orobat, anitz(ez) eta hagitz(ez), ekialdean batez ere: Primaderan eder da segur eguzkia, anitzez ederrago haurraren begia (Oxobi); Serafin guztiak baino hagitz garbiagoa zen (Mendiburu); Hagitzez hobeago da sainduak ohoratzea (Xurio). Gisa horretakoak dira hamaika aldiz edo mila bider gisakoak ere: Zeruak eta lurrak baino mila bider ederrago dena (J. J. Mogel). Horietaz gain, biziki, izugarri, itsuski, gogorki eta aise erabiltzen dira inoiz, baita, lagunartean, dezente ere. Arras, arrunt, guztiz edo oso, aldiz, erabateko modifikatzaileak direnez, ez dira diferentzia adierazle gisa erabiltzen (*guztiz txikiago, *oso trebeago).

Esaldi hauetan aipatu gabe uzten da zenbaitetan konparazio perpaus mendekoa: Aldizkariak askoz hobeak dira egungo egunean (Mitxelena) —‘lehen baino’, alegia—. Hori gertatzen da hainbat diferentzia adierazlearekin eratzen diren hainbat hobe(to) edo hainbat gaizto(ago) gisako esapideetan, ‘zer baino hobeto’ edo ‘zer baino gaiztoago’ adierazi gabe uzten baitute. Hainbat hobe(to) forma ‘poza adierazten duen esapidea’ da, EHren arabera: Jakina, irabaziz gero, hainbat hobeto, baina hori ez da helburu nagusia (Berria); Ikusten dut zenbaiten aurpegia arintzen: hainbat hobe! (EH). Hainbat gaizto(ago), berriz, ‘atsekabea adierazten duen esapidea’ da, eta ‘okerrago’ esan nahi du: Hainbat gaiztoago egiten ez dutenentzat (EH); Hainbat gaizto guretzat, ez badugu sinesten (EH)271.

32.3.1.2d Aldea txikia dela adierazteko, berriz, pixka(ren) bat, apur bat edo pitin bat gisakoak erabiltzen dira: Zeu baino pixkaren bat handiagoa (Agirre); Besteak baino burua apur bat argiago zuen bat aurreratu zen (Otxolua). Orobat, -xe edo -txo atzizkiak —hau Hegoaldean, eta bereziki mendebaldean—: handixeago, urrutixeago, gaizkixeago, hobetoxe, hobekixe, hobekixeago; atzeratxoago, aurreratxoago, beheratxoago, berandutxoago, goiztxoago, goratxoago6.3.4, § 6.3.5).

32.3.1.2e Konparazioari balio enfatikoa ematen dio baino ere formak. Erreferentziazko elementuaren maila kontuan hartzeko modukoa dela suposatuz, lehen terminoari dagokiona are handiagoa dela ematen du aditzera forma honek. Laguna baino ere arinagoa naiz dioenak laguna arina dela iradokitzen du, eta bera areago dela baieztatzen. Bezperan baino ere hitsago jaiki zen (Barbier); Eta orain batere gaixorik izan ez banu baino ere askoz kontentuago bizi naiz (Uztapide). Ere adberbioa baino morfemari lotua dago, eta ezin da bien artean etenik egin: *Txoriak baino / ere arinagoa da, baina Txoriak baino ere / arinagoa da.

Are indargarria, berriz, -ago morfemari dagokiola erabiltzen da: Azalez aberatsa […] izanik, are aberatsagoa da mamiz (Mitxelena); Elurra baino are zuriagoa (EH); Are gorrotagarriago zitzaion Isabela (Mirande); eta espletiboa ondoan duela: Irudi ederra osatzen zuen; are eta ederragoa besoak jaso eta bere bular eta sabeleko giharrak nabarmen gelditu zirenean (EH). Erreferentziazko terminoak adierazten duenaren maila aintzat hartzeko modukoa dela suposatzen da esaldi hauetan ere; hala, esate baterako, Nire etxea lagunarena baino are dotoreagoa da esan daiteke lagunaren etxea dotorea dela aldez aurretik esana denean edo, bederen, halakoa dela suposatzen denean. Orobat erabil daiteke are adberbioa erreferentziazko terminoa beste bat baino areagokoa dela esana denean: Nire etxea lagunarena baino handiagoa da; zurea, berriz, nirea baino are handiagoa. Esan bezala, are forma -ago mailakatzailea daraman sintagmarekin lotua dago, eta ezin da haien artean etena egin: *Elurra baino are / zuriagoa da, baina Elurra baino / are zuriagoa da. Dagokion adjektibo edo adberbioa isilduta, berriz, areago forma eratzen da: Lehen pozik baziren ordutik aurrera areago (Etxaniz), ‘are pozago’, alegia.

Oraindik/oraino adberbioa ere erabiltzen da konparazioaren indargarri: Ederra da bere egituran, eta ederragoa oraindik bere ariman (EH); Kaltegarriago oraindik izango litzateke haurrarentzat (Villasante); Gindoazela oraino gorago (Larre). Ikusten denez, adberbio hau, are ez bezala, kuantifikatzaile konparatiboaren aurrean nahiz ondoan eman daiteke272.

32.3.1.2f Bestalde, -ago morfema konparatiboa baino-ri erantsita, bainoago forma erabiltzen da zenbaitetan, dagokion adjektiboa edo adberbioa isilpean dela: Ilun dago, baina ez kanpoko gaua bainoago (Garde), ‘gaua baino ilunago’, alegia273. (§ 14.10).

32.3.1.2g Kapituluaren sarreran esan den bezala, mailaren gutxiagotasuna adierazteko ez du berariazko morfemarik euskarak. Horren lekuan antonimoaren areagotasuna seinalatzen da zenbaitetan; etxe bat beste bat baino ‘garestitasun’ maila apalagokoa dela esateko, adibidez, Etxe hau bestea baino merkeagoa da esaten da zenbaitetan, aukera hori beti egokia ez bada ere. Berdintasuna ukatuz adierazten da beste zenbaitetan gutxiagotasuna: Etxe hau ez da bestea bezain garestia. Eta testuinguru berezietan ‘gutxiago adjektibo/adberbio’ egitura erabiltzen da: Ez da gutxiago bitxia.

32.3.1.2h Ezin …-ago zati biko morfemak dagokion adjektibo edo adberbioaren maila gorena, hots, superlatibo absolutua, adierazten du, oso, hagitz, guztiz eta horrelakoen pare: Bidea ezin ederragoa zen ≈ Bidea oso-oso ederra zen; Ezin hobeto erantzun zion ≈ Guztiz ondo erantzun zion. Zati biak batuta ezinago forma eratzen da, ondoko adjektibo edo adberbioaren maila gorena adierazten duena: Bidea ezinago ederra zen; Ezinago gaizki moldatuak (EH).

32.3.1.2i Instrumentalarekin edo ablatiboarekin eginiko azken baserriaz gorago edo gure etxetik harago sintagmak alderaketa adierazten dute —‘azken baserria baino gorago’ eta ‘gure etxea baino harago’ esan nahi dute, hurrenez hurren—, baina ez dute perpausa eratzen: Gure adimenduaz gorago direnak (Laphitz); Ene ahalaz gorago den gauza (Duvoisin); Zeruaz gorago da, lurraz beherago, itsasoaz urrunago (Hiribarren); Atorra altxatu eta, bizkarretik beherago dugun haragi meta hartan, ze zigorrada! (Manezaundi).

32.3.2. Zenbatekoa alderatzen duten desberdintasunezko perpausak

32.3.2.1. Morfema eta kokapena

32.3.2.1a Zenbatekoaren desberdintasunezko konparazioa bideratzeko ere zati biko baino …-ago morfema erabiltzen da; kasu honetan, ordea, -ago morfema gehi edo gutxi zenbatzaileei eransten zaie, gehiago eta gutxiago kuantifikatzaile konparatiboak eratuz; baino () gehiago eta baino () gutxiago dira, bada, perpaus hauetako forma konplexuak. Areagotasuna adierazten dute biek, ‘askoan’ lehenak eta ‘gutxian’ bigarrenak, eta, hartara, ‘gehiagotasuna’ eta ‘gutxiagotasuna’ adierazten duten kuantifikatzaileak dira. Izena modifikatzen dute zenbaitetan (Lehen baino liburu gehiago irakurtzen dut orain), eta aditza beste zenbaitetan, adberbio gisa (Futbola baino gehiago gustatzen zait saskibaloia).

Bizkaieraz baizen forma erabiltzen da konparazio honetan ere, baino-ren pare: Ni bere, Mikolen antzera, itsasoan bizi izan naiz lehorrean baizen gehiago (Agirre).

Ezen ez forma erabiltzen da, orobat, alderaketa mota honetan ere —ezi ez, zubereraz—: Jende gehiago hilarazi zuen bera hil zenean, ezen ez bizi zela (Larregi); Zure antzean gehiago fidatzen bazara ezen ez Jesu-Kristoren indarrean (Xurio); mendeko perpausa nagusiaren ondoan ematen da, eta ezen ez forma perpausaren hasieran.

Haboro(ago) forma, bestalde, batez ere zubereraz erabiltzen da, gehiago-ren pare: Egizu beste egunez baino haboro Meditazione (Uskara Libru berria); Haboro bekatu egiten dute, ezi ez lehen (Tartas). Eta zubereratik kanpo ere erabiltzen dute inoiz gaur egungo zenbait idazlek: Azkenean ez dakigu hasieran baino haboro, nazioa zer den (Azurmendi).

Baino morfemaren ezkerrean erreferentziazko terminoa biltzen duen perpaus mendekoa ematen da, eta haren eskuinean, berriz, kuantifikatzaile konparatiboa. Hau da, bada, ohiko ordena: [mendeko perpausa + baino — (izena) {gehiago ∼ gutxiago}] ([Iaz baino turista gehiago] ibili da aurten; [Uste baino gutxiago] iraun du partidak). Ordena hori alda daiteke, jakina, baino buru duen sintagma eskuinera pasatuz (Turista gehiago ibili da aurten, iaz baino).

32.3.2.1b Izenarekin doanean, haren ondoan kokatzen da eskuarki kuantifikatzailea, mugagabean, dagokion kasu marka edo postposizioa hartuta: Zuk baino liburu gutxiago dut nik; Lehen baino jende gehiagok ezagutzen nau; Uste baino jende gutxiagori eman diote saria; Hori baino indar gehiagorekin egin behar duzu sakea. Ez da ohikoa izena gehiago-ren ondotik ematea: Euskal Herrian bai eta Frantziako bertze zenbait tokitan behar baino gehiago apez badira (Hiriart-Urruti). Haboro, berriz, autore batzuek bederen izenaren ondoan nahiz aurrean ematen dute: Ez dio deusek irabazi haboro ematen laborariari aziendak baino (Intxauspe); […] hainbat ere haboro indar duke nitro gatzak (Intxauspe).

Izenordainaren funtzioan ere erabil daitezke kuantifikatzaile hauek: Gatz gutxi duela? Besteetan baino gehiago bota diot, bada —‘gatz’ gehiago, alegia—. Beste batzuetan adberbioa da: Gehiago txundituko ditugu arrotzak gure obra bat haien erdarara itzularaziaz (Mitxelena). Haboro ere joan daiteke aditzarekin adberbio gisa: Orok badu bere tenorea eta ontsa obratutako lanak haboro (Oiz).

Beldur, indar, arreta eta horrelako izen batzuek forma arruntean eskuarki handi adjektiboa hartzen badute ere, eta gutxitan asko, konparazioan gehiago hartzen dute handiago baino maizago (arreta handia, bai, baina arreta gehiago, alegia)274.

Baino… gehiago formaren pareko esanahia izan dezake adina … eta gehiago formak, baiezko perpausetan: Botila honetan beste horretan baino ardo gehiago dagoBotila honetan beste horretan adina ardo eta gehiago dago.

32.3.2.1c Baino morfemaren ezkerrean, berriz, erreferentziazko terminoa biltzen duen mendeko perpausa joan ohi da, mota askotakoa izan daitekeena, gainerako konparazio esaldietan bezala:

Aditz eta guztikoa: Eskatu dudan baino gehiago eman didate.

Aditz modala, uste izan, pentsatu edo horrelakoren bat, adizki jokatua gabe askotan: Behar baino huts gehiago egin zituzten jokalariek (Berria); Uste baino gehiago zor diogu Lizardiri (Mitxelena); Aurtengo jaialdiari dagokionez, pentsatu baino jende gutxiago bertaratu zen (Berria).

Izen sintagma, absolutiboa: Kanpokoa baino gehiago estimatzen du etxekoa. Ergatiboa: Hark baino lan gehiago egin duenik ez da asko izango gure herrian. Datiboa: Niri baino kasu gutxiago egin dizute zuri. Aditz izena: Egonean egotea baino gehiago gustatzen zaio zerbaitean aritzea.

Postposizio sintagma: Adinekoekin baino gehiago ibiltzen da hori gazteekin. Adberbioa: Atzo baino jende gehiago etorri da.

Osagai bat baino gehiagokoa: Lagunek futbolean baino gehiago gozatzen du horrek liburuak irakurtzen.

Baldintza perpausa, alegiazkoa: Munduko aberatsena balitz baino amets gehiago egiten du.

Izan aditza, den baino gehiago gisako sintagmetan: Ezin dugu garen baino gehiago garela pentsatu (Berria).

Ezezko polaritatea duten inor, ezer, inoiz eta inon gisako izenordain edo adberbioak ere izan daitezke erreferentziazko termino, baiezko esanahiarekin: Hiri batzuetan beste inon baino mirari gehiago egin izan zituen Jesusek (Iraizoz); Sekulan baino kemen gehiago aurkitzen dugu geurongan (Orixe); Inoiz baino gehiagoren eske (Mitxelena). ‘Beste hiri guztietan baino mirari gehiago’ esan nahi du lehen adibideko esaldiak.

32.3.2.2. Zenbatekoa adierazten dutenak

32.3.2.2a Maila alderatzen duten desberdintasunezko perpausen ezaugarri bertsuak dituzte zenbatekoa alderatzen dutenek ere. Hala, esate baterako, desberdintasunaren aldea mailakatzen duten diferentzia adierazleak onartzen dituzte hauek ere: zenbatzaile zehatza (Lapurdik baditu Zuberoak baino dozena bat aldiz haboro biztanle (Herria)); askoz (ere) gisakoak (Nahiko zabalduta dago jada sailkapen nagusia, baina askoz gehiago zabalduko da gaur (Berria); Asko kostatzen da hitz bat bestearen atzetik kateatzea baina askoz ere gehiago lerro artekoa idaztea (Berria)); apur bat gisakoak (Ehun lagun eskas atera ziren, aurrekoetan baino apur bat gutxiago (Berria)); -xe atzizkia (Asteburu honetan jende gutxixeago ibili da).

Ere indargarria har dezake baino-k zenbatekoa adierazten duten perpaus hauetan ere (Beste guztiek baino ere gehiago erretzen du gizon horrek). Are adberbioa, berriz, gehiago edo gutxiago morfema daraman sintagmarekin doa: Gipuzkoako eraikuntza arloko langileen % 90ek greba egin zuten atzo, huelgaren lehen egunean baino are gehiago (Berria); Seguruenik ni baino informatuago egonen dira horiek ETBko kanalen produktuez, nahiz eta nik baino are gutxiago ikusi (Berria).

Gehi zenbatzailea agerian ez dela, baino areago konparazio morfema erabiltzen da inoiz: Zinemak baino areago, Marlene Dietrich aingeru urdinak sorgindu zuen (Berria); Traineruak eta arraunlariak baino areago haizea izan zen protagonista nagusia Getxon (Berria). Erreferentziazko bigarren terminoa biltzen duen baino-sintagma isilduta ere erabil daiteke areago: Trafikoa areago mugatu nahi dute, mehatxaturiko espeziak jagoteko (Berria).

32.3.2.2b Predikatu gisa erabiltzen dira zenbaitetan gehiago eta gutxiago zenbatzaileak, zenbatekoa baino areago maila alderatzen dutelarik: Ez da mutila nagusia baino gehiago; Gizona beste abereak baino gehiago da, gorago dago (Eguzkitza); Gai horretan, noski, edozein euskaltzale da ni baino gehiago (Mitxelena); Eta ni beti izan naiz besteak baino gutxiago ez izatekoa (Gerrikagoitia); Gutxiago denak gaizki ematen du, gehiago dena tentatzen (Txirrita).

Garai bateko testuetan gehiagoa forma mugatua ageri da inoiz, adjektibo gisa erabilia, ‘handiagoa’ edo ‘maila goragokoa’ adierazteko: Aita San Inazio, zure milagroa […] lehengo guztiak baino hau da gehiagoa (F. Imaz); Eta baldin atakatzen bazuen, ikusiko zela nor gehiagoak ziren (Iztueta); Gorputzez ez zen besterik baino gehiagoa (Lardizabal); Gehiagoa haizela, zertarako diok? (Udarregi).

32.3.2.2c Zenbaitetan konparazio perpausak benetako alderaketa baino areago alderaketa zuzentzailea ematen du aditzera. Ostatua berritzen baino gehiago, egokitzen eta gaurkotzen ari dira esaldian, adibidez, ez dira ‘berritzearen neurria’ eta ‘egokitzearena’ alderatzen, bietan zein den ‘egiago’ adierazten baizik. Gauzak muturrera eramanda, baieztapen bietan zein den egia eta zein ez adieraz daiteke egitura honen bitartez. Behera bainoago gora begira hasi nahi du Alavesek (Berria) esaldiak Alaves taldeak ‘behera’ ez, ‘gora’ begira hasi nahi duela ematen du aditzera. Baino gehiago edo baino areago formekin era daiteke alderaketa zuzentzailea: Amodioz baino gehiago larderiaz nahi zinituzke arimak Jainkoari buruz ibilkatu (J. P. Arbelbide); Aditu batzuen ustez, nobela baino areago autobiografia da (Berria); Egia esan, kontrabaxua musika-tresna baino areago, oztopoa dela esango nuke (Berria). Bainoago forma erabiltzen da inoiz mota honetako perpausetan: Pasaian jaio arren, itsasoak bainoago mendiak erakarri du gaztetatik (Berria); Zelaian bainoago, harmailetan zegoen arreta (Berria); Oraingo honetan gazia bainoago gozoa izan da Naroak lortu duena (Berria). Egitura honen parekoa da ez A, B baizik egitura: Ez da nobela, autobiografia baizik.

Baino soila erabiltzen da inoiz horrelako perpausetan: Durango, herri baino data da gure kulturan (Egaña, in Argia); Arazoa, juridikoa baino politikoa da (Argia); Euskara Iparraldean bultzatzea gastua baino inbertsioa da (Deia); Ekologia baino, politika izan da Moskuren zioa (Berria). Esan behar da, hala ere, ez dela hori ohiko erabilera, eta egitura osoa ematea dela argiena eta egokiena (herri baino areago, gastua baino gehiago)275.

32.3.2.2d Zenbatzailearekin doanean konparazio perpausaz gain egitura gehitzailea ere molda daiteke gehiago morfemarekin, hau da, gehikuntza adierazten duena. Hala, esate baterako, Iaz hiru liburu irakurri genituen, eta aurten bi gehiago irakurri ditugu esaldia bitara uler daiteke. ‘Aurten iaz (irakurri genituen) baino bi liburu gehiago irakurri ditugu’ gisa ulertzen bada, konparazioa dugu, eta, erreferentzia kontuan izanda, aurten bost liburu irakurri ditugula ematen da aditzera. Baina ‘aurten beste bi liburu irakurri ditugu’ gisa ulertzen bada, liburu kopuruen arteko alderaketa ez, baina gehikuntza adierazten da, eta aurten bi liburu irakurri ditugula esaten da; iaz hiru eta aurten bi, alegia. Adiera gehitzaile hau hartzen du esaldiak, bi gehiago = beste bi gisa ulertzen denean, eta beste erabiltzea da, hain zuzen ere, horrelakoen ordezko egokia: Aurten beste bi irakurri ditugu. Bat zenbatzailearekin erabiltzen da maiz egitura gehitzaile hau: Hitz bat gehiago erran ere gabe (Barbier); Uko egin dio tresneria berritzeko zentimo bat gehiago gastatzeari (Berria); Hirugarren adierak pauso bat gehiago ematen du (Berria); Arrazoin bat gehiago beraz, hunen ez hutsegiteko (Herria).

Zenbaitetan ‘berriz’ adberbioaren pareko esanahia du gehiago-k: Ez dut gehiago egingo horrelakorik; Ez zen sekula gehiago etorri.

32.3.2.2e Konparaziozko ohiko esaldietan mendeko perpausean ematen da erreferentziazko terminoa, goiko adibideetan ikusten den moduan. Bada, ordea, beste egitura bat, zeinetan zenbatzaile bat den konparaziorako erreferentzia. Bost liburu baino gehiago irakurri ditut esaldian, esate baterako, zenbatzailea daraman ‘bost liburu’ sintagma da konparaziorako erreferentzia. Ez da erraza sintagma horretan perpausa ikustea; gehienaz ere, ‘bost liburu (diren) baino gehiago irakurri ditut’ gisako zerbait proposa daiteke, baina kontua da sintagma hauek aditzik gabe ematen direla beti, hau da, perpaus izaerarik gabe.

Izena zenbatzailearekin batera joatea da ohikoena egitura honetan, ez gehiago-rekin: Liburu honek berrehun orrialde baino gehiago ditu, bai, adibidez, baina ?Liburu honek berrehun baino orrialde gehiago ditu. Joera nagusia da, bestalde, zenbatzailea daraman sintagmak eta gehiago/gutxiago kuantifikatzaileak kasu edo postposizio atzizki bera izatea: Honetaz zerbait galdatu dit batek baino gehiagok (Mitxelena); Handiki etxetako alaba bati baino gehiagori hitz egindakoa zen gure mutilzaharra (Agirre); Batean baino gehiagotan iruditu zitzaion gure Praiskuri bere zaldia ikusten zegoela (F. Bilbao); Lege honek iraun zuen Espainian bortzehun urtez baino gehiagoz (Etxeberri Sarakoa). Bestelako jokabidea ez da, ordea, ezina; erreferentziazko zenbatzailea absolutiboa izan daiteke, gehiago/gutxiago morfema beste kasu batean egonda ere: Zure liburu honetako artikulu bat baino gehiagotan belaunaldien borrokaz mintzatzen zara (Mitxelena); Bat baino gehiagoz ari da, beraz: bitaz gutxienez (Mitxelena).

Beste egitura batzuk ere badira kopurua erreferentziatzat hartzen dutenak eta konparazio perpausez bestelakoak direnak. Hala, esate baterako, eta gehiago forma duena: Liburu honek berrehun orrialde eta gehiago ditu. Edo -tik gora formakoa: Liburu honek berrehun orrialdetik gora ditu. Azken hau absolutiboan erabil daiteke, baina ez bestelako kasuetan: Hamar lagunetik gora dabiltza lanean, baina *Hamar lagunetik gorak egin dute lan hori, *Hamar lagunetik gorari eman diete saria. Osagaien hurrenkera aldatuta eman daitezke horrelakoak: Hamarretik gora lagunek egin dute lan hori; Hamarretik gora laguni eman diote saria; Milatik gora hautetsik parte hartuko dute biltzarrean (Egunkaria).

32.3.3. Adiera superlatiboko konparazioak

32.3.3a Konparazio egitura batzuk alderaketa arruntetik haratago, konparatuei dagozkien ezaugarriak maila altuan ipintzeko erabiltzen dira, adiera superlatiboa iradokiz.

Galde hitzekin eginiko zein baino zein …-ago eta nor baino nor …-ago egiturako esaldiekin, eta horien antzekoekin, ‘elkarrekiko’ konparazioa eratzen da. Konparaturiko terminoak ezaugarri jakin batean bat datozela ematen dute aditzera; maila altuan bat, hain zuzen ere: Zein baino zein txiroago, bata baino bestea dotoreago, nor baino nor txanbelinago (Erkiaga); Bederatzi mahaiko, eta zeinek baino zeinek jateko gogo ederragoa (Etxaniz); Arana Goiri eta Azkue […] bat etorri ziren, nor baino nor amorratuago, Larramendiren kontra (Mitxelena). Superlatibo absolutua adierazteko modu bat da hori: ‘oso txiroak’ zirela esan nahi du lehen adibideko esaldiak, eta ‘oso amorratuak’ azken adibidekoak. Konparazioa denez, adjektibo edo adberbio konparatiboa behar dute esaldi hauek: nor baino nor {amorratuago ∼ txiroago ∼ urrutiago ∼ hobeto…}. Hortaz, ez dira egokiak -ago gabeko nor baino nor aritu ziren gisakoak; nor baino nor gehiago aritu ziren edo nor baino nor gogorrago aritu ziren gisakoak dira egokiak.

32.3.3b Konparazio termino bietan adjektibo bera —edo adberbio bera— duen egiturak ere ezaugarri bat maila altuan gertatzen dela ematen du aditzera: Dena da eder baino ederragoa (Mitxelena); Zakurra bazetorren […] makur baino makurrago (Agirre); Maiz baino maizago entzuna dute horren izena (Mitxelena); Ongi baino hobekiago nekien hori (EH). Adjektibo edo adberbio bera izan beharrean sinonimoak ere izan daitezke: Argi baino garbiroago erakusten digu aurkitzea ez dela aski (Mitxelena).

32.3.3c Alderaketa prototipikoan konparatzen den nozioaren adibide nabarmen eta guztiz adierazgarria aipatzen du erreferentziazko terminoak: elurra bezain zuri (berdintasuna), ikatza baino beltzago (desberdintasuna). Superlatiboko adierazpena izan daitezke horrelakoak ere, ‘oso zuri’ eta ‘oso beltz’ gisa uler baitaitezke. Esapide eginak eratzen dituzte maiz, eta egoera kulturalaren arabera sortzen dira: Matusalen bezain zaharra; Garizuma baino luzeago; Ea, ba, laster etortzen haizen aberatsago Rotxil bat baizen! (K. Enbeita).

32.4. Parekotasunezko konparazio perpausak

32.4.1. Bezala/legez morfemekin eginiko parekotasunezko perpausak

32.4.1a Parekotasunezko perpausak bideratzen dituen morfema nagusia bezala adberbioa da. Utzi genuen bezala dago etxea esaldian, adibidez, termino biri dagokien egoera parekatzeko erabiltzen da bezala, hots, ‘utzi genuen uneko’ etxearen egoera eta ‘oraingoa’ parekatzeko —‘etxea X egoeran utzi genuen (orduan)’ eta ‘etxea X egoeran dago (orain)’ dira esaldi horretan ulertzen diren perpaus biak—. Mendeko perpausak eta bezala morfemak adberbio sintagma eratzen dute: [Utzi genuen bezala] dago. Moduzko adberbioa da bezala, baina egitura honetan egoeren, jardunen edo, zentzu zabalean, moduaren berdintasuna —hau da, ‘parekotasuna’— adieraztea du helburu. Legez (lez) adberbioa ere erabiltzen da mota honetako perpausetan, bizkaieraz batez ere: Lagun hurkoa geure burua legez maitatu behar dugu.

Perpaus nagusian hala anaforikoa ematen da zenbaitetan: Eskuak, oinak eta sabelak elkarri lagundu behar dioten bezala, hala gizon batzuek besteei, galduko ez badira (B. Mogel); Eta erran zuten bezala, egina izan zen hala (Goihetxe).

Bezala morfemarekin eginiko perpausen esanahi bera izan dezakete moduan sintagmarekin egindakoek: Zuk esan duzun moduan gertatu da dena = Zuk esan duzun bezala gertatu da dena. Moduan-ekin eginikoa, ordea, ohiko perpaus erlatiboa da, modu izen-ardatza duena, eta ez du onartzen aditza isilduta eraturiko perpaus murritza: Zuk egin duzun moduan egin dut nik ere, baina *Zuk moduan egin dut nik ere. Konparazioan, esaldiko perpaus biek aditz bera dutenean, isilpean gera daiteke hura konparaziozkoan, eta ageri diren sintagmek berekin dute perpausean dagokien marka (zuk bezala, lagunari bezala, lagunekin bezala…). Ez da hori gertatzen, ordea, ohiko erabileran bederen, moduan morfemarekin eginiko perpausetan (*zuk moduan, *lagunari moduan, *lagunekin moduan); gauza bera gertatzen da aditzondoekin (atzo bezala, baina *atzo moduan), batzuek ?beste askotan moduan eta ?egunero moduan gisakoak esaten badituzte ere. Izan ere, aurrean absolutibo mugagabea duela ere erabiltzen den arren, bezala morfemaren antzera (lagun leial moduan), genitiboaren ondoko postposizio gisako erabilera du ohikoena (zure moduan, lagunen moduan, atzoko moduan, baina *zure bezala, *lagunen bezala, *atzoko bezala); oinarrian izena duen sintagma gisa ere joka dezake, are adjektiboaren laguntza duela: Lanean jardun dut betiko modu aspergarrian.

Oinarrian lege izena duen legez morfemak, berriz, erabilera zabalagoa du: konparazio perpaus laburra era dezake (besteei legez, lotsaz legez, askotan legez, beti legez, urtero legez), baina genitiboaren ondoko postposizio gisa ere erabiltzen da zenbaitetan (betiko legez, urteroko legez).

Bezala-perpausen errankideak dira, halaber, [genitiboa + pare] egiturako postposizio sintagmak: Pilota daukatela otoitzaren pare (Xalbador); Beti estatu onean agertu baita publikoan, bere partidak ongi prestatzen dituen pilotari zintzoaren pare (Larre). Baina hauek ere ez dituzte konparazio perpausak eratzen. Izenlagun bilakatua ere erabiltzen da sintagma hau, -ko atzizkia hartuta: Ez dut ezagutzen horren pareko pilotaririk.

32.4.1b Bezala/legez morfemen ezkerrean erreferentziazko terminoa biltzen duen perpaus mendekoa joan ohi da, aditz eta guztikoa zenbaitetan eta aditza isilpean duen perpaus laburra beste batzuetan, gainerako konparazio perpausetan bezala:

Aditz eta guztikoa: Hitz egiten duen bezala idazten du; Merezi duzun bezala ordainduko dizute; Gizona gizonari dagokion legez jokatzen ikusteak […] (Mitxelena)276. Adizki laguntzailea isilduta, partizipioa da gehienetan agerian dena: Hitz egin bezala idazten du; Merezi bezala ordainduko dizute. Testuinguruak argitzen du, ohi bezala, zein den partizipioari dagokion balio aspektuala eta zein diren isilpeko pertsona-denborak. Ekialdean bestelako aspektu marka duten adizkiak ere erabiltzen dira: Jinen bezala joanen dira. Azken hauek baieztapen biren egia markatzeko erabiltzen dira, batez ere; ‘jinen dira’ eta ‘joanen dira’, biak gertatuko dira.

Aditz modalak eta uste izan gisakoak, adizki laguntzailerik gabe sarritan: Semeak, ahal bezala, geldiarazi du zaldia (Hiriart-Urruti); Nahi bezala bizi ziren; Ez zitzaizkion gauzak, berak uste bezala egokitu (Berrondo); Hori ez da zuk uste duzun lez (Etxeita).

Izen sintagma, absolutiboa: Etxekoak bezala tratatzen ditugu gonbidatuak. Ergatiboa: Mintzaira guztiek bezala, baditu euskarak ere zenbait itzal (Hiriart-Urruti). Datiboa: Mutilei legez ordaintzen zaie neskei lantegi honetan.

Postposizio sintagma: Neguan bezala ibiltzen dira udan. Edo adberbioa: Beti legez saiatu gara gaurko partidan.

Osagai bat baino gehiagokoa: Loreak udan ihintza bezala maite dut dama gazte bat (Bilintx); Oinaze bizitan aurkituko da, emakumea erdiminetan legez.

Baldintzazko perpausa, alegiazkoa: Aberatsak balira bezala bizi nahi zuten, hots, ‘aberatsak balira biziko liratekeen bezala bizi nahi zuten’.

32.4.1c Mendeko perpausean alegiazko baldintza duten esaldiak aipatu dira aurreko paragrafoan. Axularrek ba- aurrizkiaren lekuan bait- aurrizkia erabili zuen horrelako esaldietan (geure bizitzearen […] jaun, jabe eta nagusi baikina bezala; erran bailu bezala; bat bailira bezala); -n morfema erantsitako bailitzen legez gisako formak erabili zituen Añibarrok ([…] zerutik jaitsiriko Aingeruak bailitzen legez). Geroztik autore batzuek (Agirre, Lauaxeta, Kirikiño, Etxaide, Villasante…) bezala edo legez gabe erabili izan dituzte gisa horretako formak, batez ere hirugarren pertsonako l- dutenak eta bereziki sintetikoak, hala nola, bailitzan, bailiran edo bailuen gisakoak, balitz bezala, balira bezala edo balu bezala gisako formen pare277. Eta gaur egun ere erabiltzen dituzte idazle zenbaitek horrelako formak: bailitzan, bailiran, bailuen, bailuten, bailegoen, baileuden, bailebilen, bailetorren, baileukan278. Adibidez: […] plasma baten atzean ezkutatu da […], kazetari baten presentzia hutsa bere kontrako konplota bailitzan (Lertxundi); Esku batean, pañelua bailitzan, paper bat zekarren (Atxaga); Bide nagusiak herriak erdizkatzen zituen, hutsaren hurrengoak bailiran (Borda); Katuak ere begiratu egin dio, jabearen besoetan egoteaz harro bailegoen (Saizarbitoria); […] eztulka hasten zen, karkailaren desmasiaren ondorioz, bere pipako kea irentsi berria bailuen (J. A. Arrieta); Hala ere, errudun aurkitu izan bailuten, aberritik alde egiteko eta Masiliako harresietan gordetzeko agintzen diote (X. Amuriza); Zerbaiten bila bailebilen gela batetik bestera sartu-irtenean hitz egiten dio (Saizarbitoria). Batez ere idatzian erabiltzen dira forma horiek, eta erabiliagoak dira, oro har, ohiko bidetik eraturiko balitz bezala eta balu bezala modukoak (ikus 34. kapitulua).

32.4.1d Parekotasunezko konparazioak ez du, bistan da, alderaketa mailakatzen duen diferentzia adierazlerik izaten (*askoz bezala, *bi aldiz legez). Alderaketari enfasia edo indarra emateko, hala ere, -(t)xe atzizkia erantsi dakieke bezala eta legez morfemei, bezalaxe eta legetxe formak eratuz: Beste herritar guztiak, herriko jaietan bezalaxe apain, Tolosa aldera begira zeuden (Azkue); Etorri naiz joan nintzen bezalaxe (Apaolaza); Fraideok zeuk legetxe maitatzen dugu (Gandiaga). Galdegai gisa erabiltzen dira batez ere forma horiek dituzten sintagmak, baina mintzagai ere izan daitezke: Ezer igaro ez balitz bezalaxe, berriro hasten da (ArgiDL); Gaixoa pozez galduta dabil usakume bat legetxe (Gandiaga). Balio intentsiboa du, halaber, bezal(a)-bezala formak: Buruzagiak agindu bezal-bezala erran zioten (Mirande); Guk bezal-bazala, beraz (Epaltza); Behar diagu kantatu orduan bezala-bezala (Casenave-Harigile). Bezalatsu formak, berriz, enfasia ez, baina hurbiltze balioa du, parekotasuna gutxi gorabeherakoa dela adierazten baitu: Beti bezalatsu zegoen dena (Txillardegi); Alemanez gertatu ohi den bezalatsu (Mitxelena); Nahiz gero euskara ongi ikasi, ez dut dudarik haiei ere guri bezalatsu gertatzen zaiela (Salaburu), ikus § 5.2.

32.4.1e Parekotasunaren adierazpenean ez dago, esan bezala, desberdintasunezko konparaziorik, hau da, gehiagotasun-gutxiagotasun bereizketarik. Egin daitekeena parekotasuna baieztatzea edota hura ukatzea da. Ukoa ez adberbioaren bitartez adierazten da, ezetza aditzari dagokiola: Maite gaitu beste inork maite ez gaituen bezala. Mendeko perpauseko aditza isilpean bada, berriz, ez bezala segida geratzen da agerian: Maite gaitu beste inork ez bezala. Perpaus murritza dela-eta, maiz gertatzen da aipaturiko segida: Bestela, oraingoek ez bezala pentsatuko dutela segur da (Mitxelena); Duela bi urte ez bezala, esperantzaz beteriko egoeran aurkitzen gara (Egunkaria); Jaiak edonon dira jai, baina inon ez legez arrantzaleen artean (Agirre). Perpaus osoa agerian deneko egitura ikusita, pentsa daiteke ez adberbioa isilpeko aditzari dagokiola, eta, hortaz, ez dela ez bezala esapide finkoa eratzen. Halaz ere, segidaren maiztasun handiak forma hori finkatzeko bidean bederen jarria duela ere iritzi daiteke, ez bezalako forma eginaren pare. Hala, NASAk ez bezala, ESAk ez du Marte ikertzeko epe luzeko programarik (Berria) esaldiko perpausaren irakurketa, adibidez, ez da NASAk ez duen bezala, baizik eta NASAk duen ez bezala.

32.4.2. Bezalako/legezko formekin eginiko parekotasunezko perpausak

32.4.2a Bezala eta legez adberbioei -ko atzizkia erantsita bezalako eta legezko forma adjektibalak eratzen dira. Izenlagun izan daitezke (hau bezalako etxea; hura legezko laguna), eta baita izen predikatu ere (gu bezalakoa (da); ni legezkoa (zara)). Bizkaieraz lako erabiltzen da maiz —aldaera, lango— forma hauen lekuan (hau lako laguna; hura langoa da); lasoko forma ere zerbait erabilia da bizkaieraz. Forma hauek egoera-jardunen parekotasuna baino areago izaerena ematen dute aditzera.

Parekotasun esaldien egitura gordez, erreferentziazko terminoa biltzen duen perpausa izan dezakete aurretik forma hauek, aditz eta guztikoa nahiz laburragoa: Eta egundaino izatu ez zituen bezalako atseginek hartu zioten bihotza (Joanategi); Buruetan dituzte idiskoak bezelako adarrak (B. Mogel); Aurreko liburuxka biei bezalako abegia azaltzen badiezue, […] azkenengoak ez dira izango (Basarri); […] konturatuko ez banintz lezko agiria egin diodanean […] (T. Etxebarria); Nik ez nuen izan gaur gehienek duten lako aukerarik (Gerrikagoitia).

32.4.2b Predikatu gisa ere erabiltzen dira, esan bezala, eta izan dute gehienetan loturako aditza: Gaztetan ez dun orain gu bezalakorik (Iraultza); Bakoitza ager bedi beraz, beti den bezalako (Goihetxe); Ni izan naiz halako batek merezi bezalakoa (Txirrita); Izan bedi nigatik nai duen lezkoa (Astarloa); Arnasa izotza lakoa zeukan (J. Altuna); Ez zara zu besteak langoa (Agirre).

Predikatu funtzio honetan bezala soila ere erabiltzen da inoiz: Asko du dizipuluak bere maistrua bezala den (Leizarraga); Ene [molde] haur ez baita zurea bezala (Axular); Zer nahi duzu, Kattalin? Bakoitza den bezala da (Manezaundi); Terex gaixoa, gaztea landare bat bezala da (Larzabal); Landare bezala gara: tokatu zaigun lur-puska maite dugu guztiz (Txillardegi); Eguna bezala da harentzat arratsa (Uztapide); Gu bezalaxe dira animaliak (A. P. Iturriaga)279.

Perpausa esaldi osoari dagokionean, mintzagai gisa, bezalako formak ez du hartan lekurik, mintzagaia ez baita predikatua: Aita bezala, semea ere mediku ona da, bai, baina *Aita bezalakoa, semea ere mediku ona da; perpaus nagusiaren ondotik doazelarik, berriz, biak dira posible, baina esanahi desberdina dute: Semea ere mediku ona da, aita bezala esaldian esaldi osoari dagokio aita bezala, mintzagaia aurrean denean bezala; Semea ere mediku ona da, aita bezalakoa esaldian, berriz, bezalakoa adjektiboa da, ona adjektiboaren aposizio.

32.4.2c Adjektiboa modifikatuz ere erabiltzen dituzte batzuek forma hauek: Zer uste zenuen bada, goierritarrak bezalako bastoak direla hemengo neskatxa gazteak? (Altzaga); Berau, Jaunari eskerrak, beti bezalako azkarra, otzana, aldarte onekoa eta lagungina dator (Azkue); […] ez da edozein irtengo Uzkudun bezalako ona (Euskal Jokoak); Ez ginela gu esaten zuten bezalako txarrak (A. Zinkunegi). Horrelakoak, ordea, ez dira ohikoak, adjektiboen maila-berdintasuna adierazteko bezain forma baita jeneralean erabiltzen dena (bezain {bastoak / azkarra / ona / txarra…}). Adjektiboa izen sintagmaren barnean denean bezalako eta bezain morfemak erabil daitezke, biak, baina ez dute guztiz esanahi bera. Uzkudun bezalako boxeolari kementsuak gutxi izan dira esaldiko bezalako-k boxeolari kementsu izen sintagmari dagokio, eta, hortaz, ‘zenbat boxeolari kementsu’ izan diren ematen da aditzera. Uzkudun bezain boxeolari kementsuak gutxi izan dira esaldiko bezain morfema, berriz, kementsu adjektiboari dagokio, eta ‘kementasun maila horretako zenbat boxeolari’ izan diren adierazten da.

32.4.2d Bezala formaren antzera, bezalako-k, lezko-k eta lako-k ere hartzen dute balio indargarria duen -(t)xe atzizkia: Bi uren artean igeri dagoen arraia bezalakoxea zara zu (Aresti); Zu bezalaxeko gaztetxo asko aitortu ditu (M. Atxaga); Donostian dendak, Parisen lezkotxeak (T. Etxebarria); Edonoren aurrean aurkezteko lakoxea zarela (Otxolua). Balio indargarria du, halaber, bezal(a)-bezala errepikatuak: Hau bezal-bezalakoa zen (Izeta); Beste ardi bat bezal-bezalakoa, agian (Salaburu). Hurbiltze balioa du, bestalde, -tsu atzizkiak: Etxe hura beste etxeak bezalatsukoa zen (Larre). Adjektiboa denez, mailakatzailea ere har dezake, ohikoa ez den arren: Ondikotz! Gizon bat besteak bezalakoegi zenuten hor (Mirande).

32.4.2e Finkatutako esapide gisa erabiltzen da ez bezalako forma, ez adberbioa zuzenean aditzari ez dagokiola eta, hortaz, perpausa eratzen ez duela: Gelditu ziren guztiz bihotz-aldatuak, lehen ziren ez bezalakoak (Ubillos); Su gaitza genuen beti hirian egiten diren ez bezalakoetarik (J. Etxepare); Nirea ez bezalako txartel bat zela iruditu zitzaidan (Lertxundi); Ez du molekula-desberdintasunak egiten ugaztun bat beste bat ez bezalako (Juan Garzia). Maiz erabiltzen da forma hau inoiz, inor eta horrelakoekin: Inoiz ez bezalako bertsoak entzun ditugu gaur; Mundu guztitik egin dagizuen inork ez lako agurra (Arrese Beitia); Bestek ez bezalako dohai handiak dauzka Gipuzkoako bazter maiteak (Iztueta).

32.4.3. Bezala/legez morfemak alderaketaz bestelako erabileretan

32.4.3a Parekotasunezko alderaketaz bestelako erabilera batzuk ere badituzte bezala eta legez adberbioek, ezkerrean perpausa dutelarik, hala nola, juntadura modukoa, denbora baliokoa, azalpenezko mintzagai gisakoa, kausazkoa edo egia indartzeko esaera modukoa. Perpausaz bestelako sintagmen buruan ere joan daitezke, hurbiltze balioa adieraziz edo postposizio sintagma arruntak eratuz.

Juntadura balioa har dezake egitura honek perpaus nagusiari ere adberbioa eransten zaionean: Garia bezala, artoa ere igitaiz ebakitzen da Uitzin (Orixe); Baina Saizarbitoria ere hor dago zure liburuan, Txillardegi bezala (Berria); Euskal diputazioek bezala, Nafarroako Gobernuak ere eusten dio Euskaltzaindiarekin duen hitzarmenari (Berria). Ere adberbioa gabe ere egoera, jarduera edo modu biren parekotasuna baino areago baieztapen biren egiarena ematen da zenbaitetan aditzera: Bustia da abereentzat guretzat bezala etsairik handiena (Duvoisin).

32.4.3b Zenbaitetan, denborazko balioa dute bezala morfemarekin eginiko perpausek, aditz eta guztikoek: Ikusi zituen bezala, esan zien: Zoazte (Iraizoz); Hitz horiek aditu zituen bezala, gizonak negar minari eman zion (G. Arrue). Nahiz partizipio soila dutenek: Gure ahoa ixten duk, hi agertu bezala (Etxeberri Ziburukoa); Donibane Gurutzak hitz horiek aditu bezala, minez samurtu zen erraietaraino (Gaztelu). Denborari dagokion ‘parekotasuna’ ematen da aditzera horrelakoetan, hau da, aldiberekotasun estua edo berehalakotasuna (ikus 35. eta 36. kapituluak).

Joan gisako aditzekin doanean, berriz, gertakari biren aldibereko gauzatze progresiboa ematen du aditzera bezala-perpausak: Etxerantz zihoan bezala, zihoan ere eguna argituaz (Urruzuno); Bizitzan aurrera goazen bezala gauza asko ikusten da (Zendoia); Jesus edadean aurreratuaz zihoan legez, hala zihoan haziaz ontasun, eta arimako ondasunetan (Uriarte); bezala-ren ordez neurrian, eran, heinean ezar daitezke: Bizitzan aurrera goazen neurrian gauza asko ikasten da.

32.4.3c Perpaus nagusian esaten denaren azalpen-ohar gisa ere erabiltzen dira forma hauekin eginiko perpausak, esaldiaren mintzagai: Aurreikuspenak esaten zuen bezala, euria egin du goiz osoan; Partida, ikusi duzuen legez, erraz irabazi dugu; Laborarien lana nekeza da, dakizuen bezala. Partizipioarekin ere egin daitezke horrelako perpausak, adizki laguntzailerik gabe: Aurreikuspenak esan bezala. Neke da horrelakoetan bezala edo legez morfemen aurrean erreferentziazko terminoa biltzen duen perpausa aurkitzea. Izan ere, esan bezala, konparatzeko baino areago esaten denaren azalpena emateko erabiltzen dira horrelako perpausak. Argi ikusten da hori ondoko esaldi bi hauek erkatuz: Irakasleak esan duen bezala egin dute denek ariketa eta Irakasleak esan duen bezala, denek egin dute ariketa. Lehenbizikoa parekotasunezko konparazioa da —‘irakasleak egiteko esan duen bezala egin dute denek ariketa’, hots, hark esandako moduan, modu hartan berean—; bigarrena, berriz, perpaus nagusia esateko hiztunak ematen duen azalpenezko oharra da —‘ariketa denek egin dute, irakasleak esan du hori’—. Azken honen moduko perpausak ebidentzialak deitzen dira, esan, aipatu, adierazi eta horrelako aditzekin eratuak direnean, haietan esaten dena aintzat hartu, eta egiatzat ematen baitu hiztunak; hala, adibidean, ‘ariketa denek egin dutela’ egia da hiztunaren arabera, aintzat hartzen baitu irakasleak esana280.

32.4.3d Garai batean, berriz, kausa gisako azalpena adierazteko ere erabiltzen zen bezala-perpausa; perpaus nagusiak aipatzen duen gertakariaren arrazoia emateko, alegia: Baina, nire jauna, nire aita gozoa, ona zaren bezala, urrikal zaitez (Duvoisin); Ingratu guztietarik handiena naizen bezala, zure miserikordia handienerat hel egiten dut (Mihura); Arina den bezala mutil Euskalduna, pilotak harentzat du gustu gehiena (Hiribarren).

Erabilera horretarako, ordea, bezala-rekin eginiko perpausak baino ohikoagoak dira eta maiztasun handiagoz erabiltzen dira gaur egun legez morfemarekin eginikoak: Gizon asko ziren lez, janari ta edari asko behar zituen (Etxeita); Oheratu zen, eta dena mankatuta zegoen legez, bertatik loak hartu zuen (Uriarte). Hargatik anafora darama inoiz perpaus nagusian: Atzetik dauzkan legez oin bi luzeago, hargatik nahi duenean egiten du salto (De la Fuente). Erabilera honetan ere ez da parekotasunezko konparaziorik, kausa-ondorio erlazioaren adierazpena baizik. Hain zuzen ere, -nez gero, -nez edo nola … -n formekin eginiko perpausen pareko esanahia du -n legez perpausak, eta beste forma horiek dira bizkaieraren eremutik kanpo batez ere erabiltzen direnak (mankatuta zegoen legez = mankatuta zegoenez (gero) = nola mankatuta zegoen), § 38.8f.

32.4.3e Esaten denaren egia azpimarratzeko edo indartzeko naizen bezala gisako esamoldeak erabiltzen dira: Antton Barandiaran naizen bezala diot (Azkue); Bai, Mayi, egia, ni hementxe naizen bezala (Etxaide).

32.4.3f Perpausaz bestelako sintagmekin ere joan daitezke bezala/legez formak. Hurbiltze balioa eman diezaiekete sintagma horiei: Gogogabe bezala zatoz (Zaitegi); Hantxe geratu zen gogortuta lez (Erkiaga). Predikatuak dioenaren ‘antzeko zerbait’ adierazi nahi dela seinalatzen dute horrelako perpausek, ez hura zehatz-mehatz; ‘gogogabe’ zehazki ez, alegia, lehen adibidean, horren antzeko egoeran baizik, hau da, ‘horrela balitz bezala’. Neurria edo zenbatekoa adierazten duten sintagmekin doazenean izaten dute maiz hurbiltze balioa forma hauek; neurria gutxi gorabehera emana dela adierazten dute, inguru edo gutxi gorabehera esapideek bezala: Haren alde atera dira laurehun gizon bezala (Duvoisin); Oren baten buruan bezala, etsitu zuen Joanesek (Barbier); Zenbat urte bezala? (Orixe); Urtarrilean, zenbat lez ikasle geratu ginela uste duzue? (Kirikiño); ‘laurehun gizon {inguru ∼ gutxi gorabehera}’, alegia, lehen adibidean.

Horren antzeko hurbiltze balioa eransten du bezala morfemak adizki nagusiaren segidan kokaturik denean, laguntzailea ondoan duela: Milagro hau ikusi eta harritu bezala ziren (Mendiburu); Akitu eta ezindu bezala zen (Larregi); Egun hartarik zerua hetsi bezala zen (Zerbitzari).

32.4.3g Gisa(ra), moduan edo prolatiboko -tzat postposizioekin eginiko sintagmen parekoak ere moldatzen dira bezala/legez morfemekin, predikatu osagarri gisakoak. Ondoko esaldian juntaturik ematen dira -tzat eta bezala formekin eginiko sintagmak: Ipintzen zaigu geure begion aitzinean etsenplutzat eta mirail bezala (Axular).

Bezala hartzen duen izen sintagma mugagabea da maizenik: Horra etorri zen lanera, ehule bezala, gure aitona (Mitxelena); Onean, adiskide bezala hitz egingo zion Manueli (Agirre); Uztapide […] bertsolari lez onena dela herri guztiak dio (B. Enbeita); Ordu berean adiskide bezala hartu zuten (Narbaitz). Garai batean mugagabea bezala mugatua ere ematen zen sintagma horietako izena: Adoratzen dugula geure kreatzailea eta salbatzailea bezala (Beriain); Mundura etorri zara kontseilu handiko Aingerua eta Nazioen doktora bezala, gizon guztien argitzeko (Gazteluzar). Baita pluralean ere: Haren Ministroak bezala goberna dezaten Eliza (Irazusta) —ez, alegia, haren ministroek bezala—, baina ikus esaldi hori bera izena mugagabean duela: [Aingeruek] haren ministro bezala goberna dezaten Eliza (Astete). Gaur egun, berriz, gutxi erabiltzen da horrelakoetan izen sintagma mugatua: Legezko semea bezala jarri zuten bataioko liburuan (Etxaniz)281.

Absolutiboaz bestelako kasuetan ere joan daiteke bezala eta legez formen aurreko sintagma: Kristauak bezala dauzkazun eta sinestatzen dituzun gauzak zein dira? (Añibarro); Sazerdote handiak bezala berak zure bekatu guztien barkazioa dizula (Kardaberaz); Apostolu guztien buruari bezala Pedrori berehala hasi zitzaion (Lardizabal); Santu guztien Erregina izateko esleiturik zeukanari bezala komunikatu zizkion beste kreatura guztiei baino grazia, eta dohain ugariagoak (Gerriko). Dena dela, kasu horietan ez ezik, absolutiboan ere eman daitezke izen sintagma horiek. Añibarroren esaldiko kristauak bezala sintagma, hain zuzen ere, kristau(a) bezala ematen dute beste katixima batzuek; honako adibide honetan, berriz, esaldi berean ageri dira kasu marka duen izen sintagma eta absolutiboa: Eta baldin ezdeusak bezala ez badut merezi mespreziorik baizen, zer ez dut merezi bekatore bezala? (Duhalde); eta ondoko esaldiak, azkenik, jokabide bien adibide dira: Hura guztia, euskaldunen buruzagi bezala, zuri dagokizula (Axular); Niri zure Jaunari bezala agur egiten badidazu (Agirre Asteasukoa).

Aurretik emandako izen sintagma baten aposizio ere izan daiteke bezala-sintagma, eta horrelakoetan aurreko sintagmaren kasuan doa: Jainkoa, gure errege bezala, beti goizetik arratseraino ongi egiten ari zaigu (Gazteluzar); San Agustinek, frogatuak bezala, anitz gauza erraten du luzamendutan ibiltzeko puntu honen gainean (Axular); Jaungoikoari, gure jabe soberanoari bezala zor diogun errespetua… (Gerriko).

32.4.3h Horrela moldatutako sintagmak ez dira, hala ere, beti egokiak. Hartu eta eduki aditzek, esate baterako, -tzat prolatiboa hobesten dute; zuzenagoa da, adibidez, Sorgintzat hartu ninduten esaldia Sorgin bezala hartu ninduten esaldia baino; edota Nagusitzat daukate esaldia Nagusi bezala daukate esaldia baino (EGPB, EGLU Laburra: 493; § 24.3.5.2).

Eta, bestalde, bigarren predikatu denean, egokiago eta zuzenago da bezala gabe ematea sintagma: Misiolari ibili zen Afrikan; Soldadu joan zen; Maisu segitzen du; Partida bi irabaztea dugu xede; Alkate hautatu naute. Bezala erantsi daiteke, hori bai, balitz bezala adiera duenean: Misiolari bezala ibili zen esan daiteke misiolari izan gabe misiolari itxuran ibili denarengatik.

Horrelako sintagmei bezala erantsiz, esaldi anbiguoak era daitezke, determinatzaile sintagmak -a daramanean —artikulua nahiz berezkoa—. Aita bezala mintzo natzaizu esaldiko aita bezala sintagma, adibidez, bitara uler daiteke: konparazio perpaus gisa —barneko aditza eskuragarri duena— (‘Aita mintzo den bezala mintzo natzaizu’, hots, modu berean) nahiz postposizio sintagma arrunt moduan (‘Aita gisa mintzo natzaizu’). Anbiguotasuna saihesteko, egokiagoa da bigarren adierarako gisa edo modura postposizioak erabiltzea.

32.5. Eredu erromanikoko konparazio perpausak. Egitura eta motak

32.5a Perpaus erlatiboekin gertatzen den moduan, ohiko eredua jarraituz ez ezik, eredu erromanikoari jarraituz ere osatzen dira konparazio perpaus batzuk: Aberatsa hain biluzgorri sortu zen, nola pobrea (Axular) = Pobrea bezain biluzgorri sortu zen aberatsa. Bi morfema erabiltzen dira eredu honetako konparazioan: perpaus nagusiko morfema kuantifikatzailea edo parekatzailea (hain, adibidean) eta mendekoan kokaturiko konparazio morfema (nola). Mendeko perpausean, bestalde, bigarren terminoa ematen da, erreferentziazkoa, konparazio morfemarekin batera (‘nola pobrea’).

Bi motatako esaldiak eratzen dira eredu erromanikoari jarraituz. [Hain … nola] gisakoak daude batetik, goiko adibidearen modukoak. Perpaus nagusian hain, hainbat edo hainbeste kuantifikatzaileak dituzte, eta mendekoan nola, zein (eta)282, zelan edo non morfemak. Ordena finkoa dute mota honetako esaldiek, aurrean doa beti perpaus nagusia: Non egiten da hainbat burdina nola Euskal Herrian? (Etxeberri Sarakoa). Baina *Non egiten da nola Euskal Herrian hainbat burdina? Alderaketa kuantitatibo-berdintasunezkoa ematen dute aditzera.

[Hainbat … zenbat] edo [hala … nola] gisako korrelazioa dutenak daude, beste aldetik. Aurrean joan daiteke hauetan ere perpaus nagusia: Hainbatenaz izan zara altxatua, zenbatenaz apaldu nahi izan baituzu (Mihura). Baina, ordena aldatuta, mendekoaren ondoan ere eman daiteke: Zenbatenaz apaldu izan nahi baituzu, hainbatenaz izan zara altxatua. Mota honetako esaldiekin alderaketa kuantitatibo-berdintasunezkoa eta parekotasunezkoa era daitezke.

32.5b Perpaus nagusian erabiltzen diren morfemak hirugarren mailako erakusletik eratorriak dira (hain, hainbat, hainbeste, hala…). Konparazio morfema gehienak, berriz, galdekatzaileak dira jatorriz (nola, zein, zenbat…).

Hauek dira [hain … nola] gisako egituraren morfema ohikoak:

maila: [hain … {nola ∼ zein (eta) ∼ zelan ∼ non}]

zenbatekoa: [{hainbat ∼ hainbeste} … {nola ∼ zein (eta) ∼ zelan ∼ non}]

Eta hauek [hainbat … zenbat] gisako korrelazioak dituztenak:

maila: [hainbat … zenbat] eta [hainbate(na)zzenbate(na)z]

zenbatekoa: [{hainbat ∼ hainbeste} … zenbat]

Parekotasunezko alderaketa, berriz, [hala … nola] gisako korrelazioaz bideratzen da.

32.6. [Hain … nola] gisako alderaketa

32.6.1. Alderaketaren osagaiak eta egitura

32.6.1a Esan den bezala, alderaketa kuantitatiboa bideratzen dute mota honetako esaldiek. Perpaus bi irudika daitezke hauen azpian ere, ohiko eredukoetan bezala. Hauek dira goian emandako Aberatsa hain biluzgorri sortu zen, nola pobrea adibideko esaldiaren azpian diren perpausak: [aberatsa X biluzgorri sortu zen] eta [pobrea X biluzgorri sortu zen]. Biluzgorritasunaren maila adierazten du X-ak; horixe da biluzgarri ardatzak seinalatzen duen konparazio gaia. Bigarren perpausa aurrekoan txertatua ematen da, -n edo bait- menderagailuak aditzari atxikita dituela eta nagusian den konparazio ardatzarekin bat duen osagaia hutsik dela; hutsik dira, halaber, nagusiarekin bat diren gainerako osagaiak ere, aditza salbu, zeina isilpean nahiz agerian egon baitaiteke: Aberatsa hain biluzgorri sortu zen, nola ø (sortu baitzen) pobrea. Ikusten denez, aditz eta guztikoa izan daiteke mendeko perpausa, ohiko eredukoetan bezala (nola sortu baitzen pobrea), baina baita perpaus laburra ere, perpaus biek aditza bera dutenean (nola pobrea).

32.6.1b Berdintasuna ematen dute aditzera mota honetako esaldiek. Morfema kuantifikatzailea adjektibo-adberbioekin doanean mailari dagokio berdintasuna: Espainiako errege ez zen hain dohatsu izan behin ere, nola baitzen, arrats hartan, Migel Pocodinero (Barbier); Hain ongi dagokio gaiztoari infernua nola onari paradisua (Axular). Zenbatekoari, aldiz, izenarekin edo aditzarekin doanean: Baldin egin balitz euskaraz hainbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz […] (Axular); Arropako lutoari, ez zitzaion hainbeste begiratzen kolorera, zein eta umildade eta pobreziara (J. J. Mogel). Desberdintasuna adierazteko, berriz, ez du eredu honek morfema berezirik. Egin daitekeena berdintasuna ukatzea da, eta hartara ohiko ereduko desberdintasunezko perpausen kidekoak eratzen dira. Hala, Ez hainbeste ene dohain berria neurtzeko nola jostaketa egiteko, beste gauzetan ere pentsatu nuen (Atxaga) esaldia, adibidez, Ene dohain berria neurtzeko baino gehiago jostaketa egiteko […] esaldiaren parekoa da.

Konparazio mota honetan ere bi egituretako alderaketak era daitezke. Konparazio gaiak termino bietan duen maila edo zenbatekoa alderatzen da, hura eta hauek desberdinak direnean. ‘Aberatsaren biluzgorritasun maila <-> pobrearen biluzgorritasun maila’ konparatzen dira goiko adibidean. Konparazio gaia terminoetan dagoenean, berriz, ezaugarri biren maila edo zenbatekoa alderatzen da. Lurrak hainbat buztin nola hondar behar du esaldian, esate baterako, ‘lurrak behar duen buztin kantitatea <-> lurrak behar duen hondar kantitatea’ konparatzen dira (§ 32.1.2).

32.6.2. Mailaren alderaketa

32.6.2a Hain morfema usu erabilia izan zen konparazio perpaus hauetan XX. mendea arteko idatzietan; handik aurrera, autore gutxiren lanetan baizik ez da ageri283. Ordena finkoko egitura eratzen du, esan bezala, eta konparazio morfema nola da maiz, baina zein (eta) ere ohikoa da; bizkaieraz zelan eta gipuzkeraz non ere erabiltzen dira inoiz. Adjektiboekin zein adberbioekin joan daiteke. Hala, izenondoarekin: Iturburura joatea ez da hain makur handia nola den tarteko horietan gelditzea (Villasante). Predikatiboarekin: Eztia erremediotako hain ona da, nola janaritako (Duvoisin); Zeren da guztiz hain gogorra zein diamantezko harria (Mikoleta); Bere atsekabea […] izan arren hain sendoa zelan amarena (Mogel); Hain zegoen kontentu gure aberea, non dagoen Txinako enperadorea (A. P. Iturriaga). Adjektibo gisa erabilitako izenarekin: Euskara bat zen beretzat, eta hain euskara hangoa zein hemengoa (Mitxelena). Orobat, adberbioarekin: Hain ongi pagatu behar da bata nola bertzea (Axular); Hain laster etorri ohi da bere haserrea zein eta bere errukia (Añibarro); Sekula ez da zaldunik izan damaz hain ongi zerbitzatua non Lanzarote Bretainatik honantz zenean bildua (Berrondo).

Hain gorri nola eskarlata (Tartas) eta Hain zuri zegoen bere aurpegia zein argizagia (E. Azkue) esaldietako konparazioa prototipikoa da. Halere hain maite naute nola artzainak otsoa (Etxahun) esaldiak, berriz, agerikoa du zentzu ironikoa.

32.6.2b Inoiz halako morfema erabiltzen da hain morfemaren lekuan: Dozenaka tragatzen zituen aleak […], halako aisa nola antxoa baleak (Bilintx). Edo hainbat: Ez da deus hainbat segur denik nola baita herioa (Tartas). Ondoko testuan, berriz, berdin morfemak <hain + adberbioa> osagaiaren lekua hartzen du: Berdin irri egin dezake, berdin maita nola jakintsurik argituenak (J. Etxepare).

32.6.3. Zenbatekoaren alderaketa

32.6.3a Zenbatekoen berdintasuna seinalatzeko hainbat eta hainbeste —lapurteraz eta nafarreraz, hainbertze— morfema kuantifikatzaileak erabiltzen dira, eta konparazio morfemak nola, zein eta, zelan eta non izan daitezke284. Ordena finkoko egitura eratzen dute morfema hauek ere. Izenarekin joan daitezke morfema biak, izena kasu absolutibo mugagabean dela: Ona izatekotzat lurrak izan behar du hainbat buztin nola legar (Duvoisin)285; Ematen da kasik hainbertze aguardient nola ziropa, gustuaren arabera (Eskualdun Kozinera). Baita izenordain izan ere: Munduko desgraziak […] anitz dolore eta tormenta ematen, baina batek ere ez hainbat nola herioak (Tartas) —‘hainbat dolore eta tormenta’, alegia—; Eta baldin kulpa bakar bat ikara eragiteko sobra bada: zer izango dira hainbeste eta hain pisuak, nola nireak diren? (Kardaberaz) —‘hainbeste kulpa’, alegia—. Aditzarekin ere joan daitezke, adberbio gisa: Halaber bezti dezagun pobre biluzgorria, zeren baita hainbat gosta nola Printze handia (Etxeberri Ziburukoa); Harritu zen jendea, baina ez orduan hainbeste nola gero (Beobide).

32.6.3b Ezezka ematen dira maiz esaldi hauek, gorago esan den bezala, berdintasuna ukatuz: Ezen hainbat gizon ez dik ezpatak hil munduan, nola atsegin soberak eman baitu putzuan (Etxeberri Ziburukoa). Hainbeste morfema erabiltzen da bereziki maiz ezezkako esaldiotan, desberdintasuna adieraztearekin batera bigarren terminoa nabarmenduz: Ez da mundu guztian inor kapaz denik, dama, zu maitatzeko hainbeste nola nik (Bilintx); Hartzen duenean damu txit handi bat, ez hainbeste galdu duelako zerurako eskubidea […], zelan bere aita hain on, eta hain maitegarriari egin dion bidegabea edo injuriagatik (Mogel); Ez du beste gauzarik hainbeste maitatzen, non garbitasuna (Agirre Asteasukoa) —hots, ‘Ez du beste ezer maitatzen garbitasuna adina’—.

32.6.3c Hainbat morfemarekin eginiko esaldiek, bestalde, konparazioa ez, baina banakaritzako juntadura ematen dute aditzera zenbaitetan: Bil zitzaten eriden zituzten guztiak, hainbat gaiztoak nola onak (Leizarraga); Probetxa ahal daitezke egun oroz, hainbat goizean nola arratsean (Materre); Berdin judegua, hainbat paganoa, Mahometanoa, Protestantea zein eta masoi artekoa (Arrese Beitia).

32.7. [Hainbat … zenbat] gisako korrelazioak

32.7.1. Mailaren alderaketa

32.7.1a Bietara ordena daitezkeen hainbat eta zenbat morfemen arteko korrelazioak maila berdintasuna adierazten du, konparatuak adjektiboak direnean: Bakoitzak du frogaturen haren pazientzia hainbat izan dela luze zenbat pena larria (Etxeberri Ziburukoa); Zenbat ere erdiragarri izan baitzen Ama eta Seme haien batzea Kalbarioko mendian, hainbat pozgarri izan zen orduan Amaren eta Semearen besarkatzea (Intxauspe).

32.7.1b Hainbate(na)z eta zenbate(na)z morfema korrelatuak ere erabiltzen dira mota honetako konparazioan286: Ezen zenbatenaz baitu luze pazientzia, hainbatenaz eman ohi dik gaztigu larria (Etxeberri Ziburukoa); Eta zenbatenaz baita handi gure premia, Jainkoaren faborea hainbatez da handia (Etxeberri Ziburukoa); Zenbatez triste bizia, hainbatez eder saria! (J. P. Arbelbide). Zenbatekoa adierazten duten morfemak dira esaldi horietan ageri direnak, baina, adjektiboekin doazenez, hauen maila da seinalatzen dutena.

32.7.2. Zenbatekoaren alderaketa

32.7.2a Bietara ordena daiteke korrelazio hau zenbatekoa alderatzen duenean ere, hau da, morfemak izenarekin edo aditzarekin doazenean. Aurrean joan daiteke perpaus nagusia, mendeko zenbat morfema atzekaria dela: Gizona hainbat da bere baitan zenbat baita zure begietan (Xurio); Pisatzen duzu hainbertze libera azukre zenbat ere baituzu libera zuku (Eskualdun Kozinera). Bestela ere egin daiteke korrelazioa, zenbat aurrekari dela. Hala, izenarekin: Zenbat bekatu eragiten dituen […], hainbat bekatuzko puñalka ematen dizkio bere arima gaixoari (Mendiburu); Herri honetan badira gutxienez, zenbat baserrietxe, hainbeste iturri (Iztueta). Edo izenordain gisa, hainbeste forma batez ere: Zenbat platera beteta ekarri, hainbeste hustuta bidali (Txirrita). Aditzarekin ere joan daitezke: Zenbat gizonak balio, hainbat lurrak (Duvoisin).

32.7.2b Perpaus bietako adizkiak isilduta, esaera moduko esaldiak egin daitezke: Zenbat gizon, hainbat uste (Duvoisin); Zenbat ataka, hainbat matraka (EZBB); Zenbat sendagile, hainbeste erremedio (Gaztelu); Zenbat buru, hainbat aburu.

Zenbatenaz eta hainbatenaz morfemekin eginiko korrelazioak ere zenbatekoaren alderaketa era dezake, mailaren alderaketa bezala: Zenbatenaz zure buruari bortxa eginen baitiozu, hainbatenaz joanen zara aitzina bertutean (Xurio).

32.8. Konparazio proportzionala eta progresiboa

32.8.1. Konparazio proportzionala

32.8.1a [Zenbat (eta) -ago … hainbat (eta) -ago] gisako egitura duten esaldiek alderaketa proportzionala ematen dute aditzera. Zenbat (eta) hurbilago egon, hainbat (eta) argiago ikusiko du afixa esaldian, adibidez, afixa argiago ikustea hurbilago egotearen araberakoa dela esaten da.

Morfema bat baino gehiago dira egitura honetan erabiltzen direnak:

[zenbat (eta) -ago … {hainbat (eta) -ago ∼ orduan eta -ago}]

[zenbatenaz (eta) -ago … hainbatenaz -ago]

[zenbatez -ago … hainbatez -ago]

[-ago (eta) -ago]

Zenbat edo haren kideko morfema daraman perpausa mendekoa da (zenbat hurbilago dagoen), eta hainbat edo kidekoa daramana, berriz, nagusia (hainbat argiago ikusiko du afixa). Aditz eta guztikoa izan daiteke mendekoa, menderagailua aditzari atxikita duela (zenbat hurbilago dagoen). Askotan, ordea, partizipio burutuan ematen da aditza (zenbat hurbilago egon); partizipioaren aspektu balioa eta isilpeko adizkiaren denbora-pertsonak testuinguruak argitzen ditu, ohi bezala.

32.8.1b Batez ere Hegoaldeko tradiziokoa da gauzatze asko dituen [zenbat -ago … hainbat -ago] gisako egitura287. Mendeko perpausak zenbat, zenbat eta edo zenbat ere morfemak eraman ditzake: Zenbat gehiago hiltzen ziren, hainbat gehiago zetozen (Ubillos); Zenbat xutago bidea, hainbat atseginago (Oskillaso); Zenbat eta haserreago, hainbat eta berba astunago (Astarloa); Zenbat eta itsasotik hurrerago, hainbat eta atsekabe handiagoa ikusten zen (Agirre); Zenbat ere ausarkiago aurreratzen garen, hainbat gogorragoa izango da hurrengoen oldarra atzeraka (Mitxelena); Zenbat ere biziago herria, orduan eta biziago gizaldien arteko etsaitasuna (Mitxelena).

Perpaus nagusiko korrelatua hainbat (eta) …-ago da maizenik: Zenbat eta naroago eduki, hainbat areago zetorkion oroimenera bere txoko atsegina (Agirre); Zenbat eta gorago igo bertutean, hainbat eta bortitzago izan ohi da kontzientziaren ausikia (Villasante). Orduan eta …-ago forma ere erabiltzen da, gipuzkeraz batik bat: Lur hori zenbat eta gehiago lantzen dugun, orduan eta landare bikainagoak emango ditu (M. Atxaga); Horiek, zenbat eta pakezaleago ager, orduan eta beldurgarriago izaten direla (Mitxelena). Hainbatenaz …-ago formarekin: Eri bat, zenbat ere etsiago dagoen, hainbatenaz hobeki agertzen da nolakoa den medikuaren jakintasuna (Duvoisin). Hainbat gabe: Zenbat eskola gehiago, alfer gehiago (Anduaga); Zenbat eta gehiago saldu, gehiago irabazi (Erkiaga)288.

32.8.1c Iparraldeko tradizioan, berriz, ohikoa da [zenbatenaz -ago … hainbatenaz -ago] gisako korrelazioa289, hau ere gauzatze bat baino gehiago duena. Hala, morfemak bere horretan direla: Zenbatenaz apalago baitatza ezarria, hainbatenaz bortitzago da zimendu berria (Monho); Iñazio zenbatenaz amultsuago, Franzizko hanbatenaz bihurriago (Laphitz). Mendekoan zenbatenaz eta forma dela: Zenbatenaz eta hek zuei gaizkiago, hanbatenaz zuek hei ongiago (Axular). Perpaus nagusian hainbat forma duela: Zenbatenaz baitzen maitagarriago […] hainbat esker gehiagorekin […] Jainkoari egin zion haren sakrifizioa (Intxauspe). Hainbestenaz ere formarekin: Zenbatenaz indar gehiagorekin ematen baitzuten ukaldia, eta hainbertzenaz ere gehiago min hartzen zuten berek (Joanategi)290. Hainbatenaz aurretik dela: Hori eginen da hainbatenaz gehiago fruturekin, zenbatenaz baita desiratua aspaldian artzainez eta populuez (Akizeko katixima); Mintza gaitezke enganio hainbatenaz beldurtzeko batez, zenbatenaz baita deskubritzeko gaitzagoa (Haraneder). Ere adberbioarekin: Zenbatenaz ere gehiago xukatzen baita hainbatenaz gasna hobea izanen da (Duvoisin).

32.8.1d [Zenbatez -ago … hainbatez -ago] gisako korrelazioa ere erabili izan da Iparraldean: Ontzia zenbatez hutsago, hainbatez da ozenago (Oihenart); Gurdia zenbatez arinago, ardatzak kirrinka minago (EZBB); Interes hauek hainbatez izanen dira handiagoak, zenbatez grazia gehiago ematen baitigu (Duhalde).

32.8.1e Morfema korrelaturik gabeko [-ago (eta) -ago] egitura esaera modukoak eratzeko egokia da: Zaharrago, zoroago (Oihenart); Tximinoa, zuhaitzean gorago, uzkia ageriago. Baina bestetan ere erabiltzen da: Inori ez esateko agindu zion. Baina hark debekatzenago, eta haiek zabaltzenago zuten berri hori (Iraizoz) —-ago morfema adizki nagusiari atxikia—. Esamolde eliptikoak dira horiek, azpian [zenbat eta … hainbat eta] forma dutenak; zenbat zaharrago, hainbat zoroago da lehen adibidean ulertzen dena.

32.8.2. Konparazio progresiboa

32.8.2a Konparazio proportzionala progresiboa izan daiteke. Zenbat gorago igo, hainbat nekatuago aurkitzen zen esaldian, adibidez, aurrera doazen prozesu bi alderatzen dira; ‘igotzen doan heinean nekatzen doala’ esaten da. Progresioaren berariazko adierazpena, hala ere, denboraren aipamenak bideratzen du. Hala egiten du, esate baterako, [geroago (eta) … -ago] gisako egiturak291: Geroago harrituago nauka (Otxolua); Geroago eta gorago aurkitzen gara (Villasante); Geroago eta nahastutzenago zitzaizkion (Aresti). Horietan ‘zenbat geroago, hainbat harrituago’ gisako korrelazioa ulertzen da.

Mailakatzailerik gabeko gero soila ere erabiltzen da gisa horretako egituran, bere soilean denboraren progresioa adierazten baitu. Forma desberdinak hartzen ditu adberbioak: Gero eta gogo gutiago duzu laneko (Izeta); Gero eta azkarrago ibiltzen zara (Oñederra); Neure burua berotuko nuke geroz eta gehiago (Txillardegi); Ondoko urtean Vietnamgo gerra gero eta biziago ageri zen (Salaburu); Bekatorea ere gero eta gero […] bere aztura gaiztoetan barrena sartzenago da (Axular); Gero baino gero egur gehiago behar da (Munita); Sortu zitzaidan gerora eta otoitz gehiago egiteko zaletasuna (Aierbe).

Adjektiboa izen sintagma baten barnean denean, gero eta… forma izenaren ezkerretara zein eskuinean joan daiteke: Gero eta auto garestiagoak erosten ditu Beñatek zein Auto gero eta garestiagoak erosten ditu Beñatek14.10.5.3d).

32.8.2b Iparraldean beti (eta) adberbioa ere erabiltzen da egitura progresibo honetan292: Haren bihotza beti haboro Jainkoaren amorioaren suaz erretzen zen (Intxauspe); Orroa beti eta handiago, beti eta hurbilago entzuten nuen (Barbier); Egia erran, beste nonbait zuen beti eta gehiago Frantsesek gogoa (Narbaitz). Egunero ere izan daiteke erreferentziazko adberbioa: Egunero eta maiteago dute elkar (Agirre); Zentzu bat egunero beteago eta osoagoa hartzen zuten eleok (Mirande). Aldian-aldian: Baina zazpigarrenean zazpi inguru eman zioten, aldian-aldian hurreragotuaz eta tronpeta-hotsa ere goratuaz (Lardizabal).

32.8.2c Gaur egun, gero(z) eta forma erabiltzen dute batzuek konparazio proportzionalaren erreferentzia moduan denbora progresioaren adierazpenik ez denean ere, haren korrelatua askotan orduan eta dela: Geroz eta auto hobea izan, orduan eta seguruago egongo gara gure gizarte mailan (Berria). Denbora progresioaren adierazpenik ez denean, hala ere, egokiago da ohiko zenbat eta forma erabiltzea.

32.9. Parekotasunezko korrelazioak

32.9a Eredu erromanikoko parekotasun konparazioa eratzeko hala eta nola morfema korrelatiboak erabiltzen dira nagusiki293. Adberbioak direnez, aditzaren lagun dira beti morfema hauek.

Bietarikoa da morfema hauekin eratzen den egituraren ordena ere. Korrelatu aurrekaria da askotan nola morfema, hura daraman perpausa nagusiaren aurretik doala: Nola erbiak zuritzen diren gure mendietan elurra janaz, hala zurituko ere da zure arima (Mogel); Nola belar bustiak hantzen baititu, hala etzauntza bustiak ditu eritzen (Duvoisin); Nola jin den, hala behar dela jalgi (Goihetxe). Nola morfema perpaus barnean dela: Nor nola gobernatzen baita gaztean, hala komunzki egiten ohi dela zahartzean ere (Etxeberri Sarakoa). Edo perpausaren amaieran, aditza isilpean dela: Mirra hautatuak nola, hala eman dut urrin gozoa (Harizmendi) —ez, ordea, aditza agerian dela: *mirra hautatuak ematen duen nola—. Baina hala morfema duen perpaus nagusia aurretik dela ere eman daiteke esaldia: Hala gerta dakidala nola otoitz egiten baitut (Materre); Bihotz nirean hala zauzkat, nola ninia begian (Bilintx). Maiz erabiltzen da korrelazio hau ezezkako esaldietan, eta orduan hala morfema aurretik da beti: Deusek ere ez omen du hala ematzen elefanta […] nola bildots kume baten ikusteak (Pouvreau); Baina deusek ez du Frantzia hala aberastu nola Beneditanoen sartzeak (Zerbitzari); Ez du hala argi-albak loriatzen txoria, nola ni zu ikusteak (J. B. Elizanburu).

Bizkaieraz zelan … halan morfemak erabiltzen dira mota honetako konparazioan: Etxean ez zegoen lekurik gauza guztiak ondo jartzeko, eta zelan batu halan saldu zituen gauza asko (Etxeita).

Perpaus nagusiko hala morfema gabe ere molda daiteke konparazio esaldia: Eta beti [nabil] erratua, nola ardi itsua (Lazarraga); Hauek guztiak joan zaizkigu nola airean lainoa (Etxeberri Ziburukoa); Maiteko nuke nola ama eta aita (Bilintx); Gizon zuzena loretzen nola palmondoa (Narbaitz). Esaldi horietan, ez-agerian, hala morfema dela pentsa daiteke.

32.9b Nola morfema duen perpaus mendekoa, erreferentziazko terminoa daramana, aditz eta guztikoa izan daiteke, aditzak menderagailua atxikita duela: Libertatea nola baita gauzetako hoberena, gatibutan egotea hala pena gaitzena (Etxepare); Nola kulpan lagun izan zaren, hala penan izan behar duzula (Kardaberaz). Baina baita laburra ere: Ibai bat nola, hala odola, abiatu zen isurtzen (Basterretxea). Agerian konparazio morfemak eta konparazio terminoak baizik ez direla, berriz, esaera modukoak eratzen dira: Nola bizi, hala hil (Axular); Nola ikus eta hala ikas, nola ikas eta hala egin (Hiribarren); Nola orain, hala gero (Oxobi).

32.9c Ikusten den bezala, parekotasunezko egitura hauetan moduzko adberbioak erabiltzen diren arren, konparatzen direnak modua ez ezik, egoera, jarduera edo izaerak ere izan daitezke. Hala, esate baterako: Eta nola euli farfaila ez baita hegalak erre arteino kandelaren ingurunetik urruntzen, hala amoros itsutua ere (Axular) esaldian euliaren eta amorosaren egoerak jartzen dira parez pare, ez euliak hegalean jarraitzeko modua eta amorosaren itsu izatekoa. Eta Nola ikus eta hala ikas (Hiribarren) esaldian ere ez dira ikusteko eta ikasteko moduak alderatzen, ikusitakoa eta ikasitakoa baizik, zer ikus, hura ikas esaeraren antzera.

Are argiago ikusten da izaerak direla alderatzen direnak -ko atzizkiarekin eginiko [nolako … halako] formen korrelazioan: Zeren nolako baita lurra […] halako gertatzen baita ura ere (Axular); Nolakoa baita aita halakoa semea (Etxeberri Ziburukoa); Nolako baita ama, alaba halako (Hiribarren).

32.9d Bestalde, konparazioa barik banakaritzako juntadura adieraz dezake forma bi hauekin eginiko egiturak ere, itxuraz konparazio egitura duten beste batzuek bezala: Guztiak ito ziren, hala zaharrak, nola gazteak, hala gizonak, nola emakumeak (Agirre Asteasukoa); Hitzak nola batzuentzat hala besteentzat izan ziren (Beobide); Kargu handiko lagunkideak, hala bat nola bestea (Xalbador); Agintzen zizkioten gauza denak egiteko gertu, nahiz urian nahiz etxean, nola soroan hala mendian (Agirre); Hala Probintzian, nola Nafarroan, eta ere gehiago Bizkaian […] hitz asko laburtzen dira (Kardaberaz).

Juntadura mota hau beste morfema korrelatu batzuekin ere eratzen du hala parekatzaileak: Zu bakarrik zauzkat beti gogoan, minutu batean ere faltatu gabe, hala egunaz non gauean (Bilintx); Nahiz gizonok hala abereak ezkutuan igarotzeko (A. Zinkunegi); Hala gizonak eta hala andreak, eskubide berdinak dituzte gaur legearen aurrean (T. Etxebarria); Ez da gauza, sarriago dakusgunik […] hala Misioko egunetan, zelan beste denbora batzuetan (Mogel); Itaundu begio bakoitzak bere bihotzari […] hala Mandamendu honetan zein bestetan (Kapanaga).

32.10. Egitura superlatiboak eta gehiegizkoa adierazten dutenak

32.10.1. Egitura superlatiboak

32.10.1.1. Zer alderatzen duten superlatiboek

32.10.1.1a Elementu biren maila edo zenbatekoa alderatzen dituzten konparazio perpausak aztertu dira aurreko ataletan. Multzo batean mailarik edo zenbatekorik handiena duen elementua seinalatzeko erabiltzen den egitura superlatiboa aztertuko da atal honetan, adjektibo-adberbioei edo gehi/gutxi zenbatzaileei -en mailakatzailea erantsita eratzen dena: Hiru Erregeen Mahaia da Euskal Herriko mendirik altuena; Messi izan da aurten golik gehien sartu duen futbolaria. Multzoko beste elementu guztiekin konparatuta eratzen da, bada, superlatiboa. ‘Hiru Erregeen Mahaia Euskal Herriko beste mendi guztiak baino altuagoa da’, horra zer dioen lehen adibideko esaldiak; eta ‘beste futbolari guztiek baino gol gehiago sartu ditu Messik’, bigarrenekoak.

Superlatibo erlatibo deitzen dira horrelako sintagmak, multzo edo esparru jakin bateko elementuei erreferentzia egin eta haiekin alderatuz eratzen direlako, esan den bezala. Superlatibo absolutu deitu izan dira, berriz, oso, hagitz, izugarri, biziki eta horrelako mailakatzaileekin egindako adjektibo edo adberbio sintagmak, goi maila seinalatu bai, baina erreferentzia zehatzik ez dutelako, hau da, konparazio zehatzik adierazten ez dutelako (oso handia, hagitz ongi, izugarri zaila); gauza bera esan daiteke adjektiboa edo adberbioa errepikatuz egiten diren sintagmez ere (garbi-garbia, urrun-urrun). Erreferentziazko multzoa edo esparrua mugatzen duten sintagmak onartzen dituzte superlatibo erlatiboek (denetan handiena, aurtengo filmik politena); ez, ordea, absolutuek (*denetan oso handia, *aurtengo film oso polita) (§14.10.5.8a).

Superlatibo absolutuan erabiltzen diren oso, hagitz eta horrelakoak mailakatzaile edo adberbioen sailean aztertu dira (§ 22.7). Kapitulu honetan, konparazioan oinarritzen den superlatibo erlatiboa aztertuko da.

32.10.1.1b Honako osagai hauek ditu egitura superlatiboak: a) lehen terminoa, zeinetaz predikatzen den sintagma superlatiboak adierazten duen ezaugarri gorena (libururik merkeena; gehien gustatzen zaizun kirola; argienik mintzatu den hizlaria; ondoen bizi dena (den ‘pertsona’); b) -en morfemarekin eratzen den sintagma kuantitatiboa, ezaugarri gorena aipatzen duena (merkeena; argienik; gehien), eta c) aukeran, lehen terminoaren esparrua zehazten duen konplementu mugatzailea (aurten argitaratutako libururik onena).

Osagai horiekin eratzen diren egiturak, berriz, mota bikoak dira. Sinpleak izan daitezke, hau da, sintagma kuantitatiboa eta honek modifikatzen duen terminoa perpaus bakarrean dituztenak: Libururik merkeena erosi dut. Beste batzuek, berriz, egitura konplexuagoa dute: sintagma kuantitatiboa perpaus erlatibo baten barnean dute, eta hari dagokion terminoa, berriz, erlatibotik kanpoan da, haren izen ardatz: [Merkeen eskaini didaten] liburua erosi dut; [Argienik mintzatu den] hizlaria oso txalotua izan da; [Gehien gustatzen zaien] kirola aukeratu dezakete gazteek; Erregea da [ondoen bizi den]a (den ‘pertsona’). Desberdinak dira egitura konplexu hau eta egitura sinplea erlatibotik kanpoan duena, hau da, lehen terminoa ez ezik, sintagma kuantitatiboa bera ere hala duena: [Eskaini didaten] libururik merkeena erosi dut.

32.10.1.2. Egitura superlatiboa izenarekin eta adjektiboarekin

32.10.1.2a Adjektibo superlatiboa izenarekin doanean, egitura sinpleko esaldia eratzen da maizenik, eta izena da lehen terminoa. Partitiboan emana da hau eskuarki: Zurea da libururik onena. Baina forma soila ere erabiltzen da zenbaitetan: Zurea da liburu onena. Forma soilean ematen dira, hain zuzen ere, ahaide izenak, gazteen, zaharren eta horrelako adjektiboek modifikatzen dituztenean: Seme zaharrena joan zaigu Ameriketara; Alaba gazteena ezkondu da14.10.5.2). Definitua denean, ordea, ablatiboan edo inesiboan ematen da izena: Mikel da nire lagunetan leialena; Edurne da zuetan argiena; Liburuetatik/liburuetarik politena erosi dute. Lotura lasaiagoa dute forma hauek superlatiboarekin, partitiboak edo forma soilak baino (Semeetan, Mikel da zaharrena; Zuetan, Edurne da argiena; Aurtengo liburuetatik, hori da interesgarriena, baina *Seme, Mikel da zaharrena; *Aurtengo libururik, hori da interesgarriena).

Isilpean gera daiteke terminoa, testuinguruak hura eskuratzeko modua eskaintzen duenean. Mikel da gazteena esan daiteke zein taldetaz ari garen ezaguna denean (‘seme-alabetan’, ‘lagunetan’, ‘ikaskideetan’… gazteena, alegia). Orobat, terminoa generikoa denean (Isilik egotea da onena —hots, ‘gauzarik’ onena—).

Izenarekin doana zenbatzaile superlatiboa denean, berriz, egitura konplexuko esaldia eratzen da maiz, eta erlatiboaren izen ardatza da, esan bezala, lehen terminoa: golik gehien egin duen futbolaria; jende gehien dagoen tokia. Izena isilpean utzita, artikulua da lehen terminotik agerian geratzen dena: liburu gehien idatzi duena (idatzi duen ‘idazlea’, ‘pertsona’…). Ikusten den moduan, sintagma kuantitatiboko izena forma soilean eman daiteke (Kristinau gehien infernura daroazena, Astarloa), baina baita partitiboan ere (Gizonik gehien dagoen tokira, Agirre)294.

Superlatiboa adberbioa denean ere egitura konplexua eratzen da zenbaitetan: Gehien prezatzen nituen gauzak […]; Gehiena gustatzen zaidana (Villasante); Ondoen prestatzen den hautagaiak irabazten du; Herrian ondoena bizi den gizona zara (Labaien); Maizegi, ordea, ongien dakizkigun erantzunak ez dira izaten ez osoak ez zehatzak (Mitxelena); Labayen baita hobekienik ezagutzen duena euskal teatroa (Mitxelena).

32.10.1.2b Esan den bezala, -en da egitura superlatiboko sintagma kuantitatiboak duen atzizki mailakatzailea. Adjektiboari zein adberbioari erants dakieke, adjektibo sintagma superlatiboa (handiena) edo adberbio sintagma superlatiboa (ongien) eratuz; gehi / gutxi zenbatzaileei ere erants dakieke, izenarekin doan zenbatzailea (golik gehien) edo aditzarekin doan adberbioa (gehien gustatu) eratuz.

32.10.1.2c Adjektiboarekin doanean, predikatiboa zein izenondoa izan, forma mugatuan ematen da sintagma: Hiriko auzorik politena hautatu dute bizitzeko; Haurrak dira zintzoenak; partizipioarekin: libururik salduena; lagunik maitatuena. Adberbioarekin doanean, berriz, -en, -ena nahiz -enik formetan eman daiteke: Zuen etxea dago {hurbilen ∼ hurbilena ∼ hurbilenik}; Zu aritu zara {ongien ∼ ongiena ∼ ongienik}. Egitura hauetan ere, bistan da, mailakatzea onartzen duten adjektiboak eta adberbioak erabiltzen dira, ez bestelakoak.

32.10.1.2d Iparraldean eta goi-nafarreran —eta baita maila jasoan ere, zenbaitetan—, hoberen da on adjektiboari dagokion superlatiboa, eta hobekien forma ongi adberbioari dagokiona: Uste dut hamaikak aldera izanen dela ordurik hoberena (Izeta); Pierre zen hobekien zekiena haren kontuez (Izeta). Hegoaldean, onen eta ondoen/ongien forma erregularrak erabiltzen dira: Ordurik onena; Ondoen/ongien zekiena.

Nahien, beharren eta maiteen superlatiboak *edun aditzaren objektu izan daitezke: Kendu beharko da maiteen duguna ere (Mitxelena); Horixe dut nahien (Azkue); Zer da nik egin beharren nukeena? (Duvoisin).

Hurren, aurren, lehen, azken, goren eta behinen adjektiboak lexikalizatuak dira superlatiboko adieran, haien erabileretako batean: Hebrearren artean ahaide hurrenei anai-arrebak deitzen zitzaien (Lardizabal); Ontziko mutila jaikitzen zen aurrena (Anabitarte); Beti hemen egotea azkena duk, mutil (F. Bilbao); Epaitegi Gorena; Dabidek bildu zituen berriro Israelgo gizon behinenak oro (Kerexeta).

Nagusi adjektiboa superlatiboa da bere horretan zenbaitetan, ‘inportanteena’, ‘handiena’ edo ‘zaharrena’ gisako esanahia duenean: Liburu honetan doazen gertaera nagusi guztiak (Etxaniz); Ateraino lagundu dio etxeko mutil nagusiak (Erkiaga); Kain, Adanen seme nagusia (Agirre Asteasukoa); Athletic, Athletic, zu zara nagusia! Hala ere, -en atzizki erredundantea erantsita erabiltzen da inoiz, izena partitiboan dela maiz295: Baina arrazoirik nagusiena ez dute berek ezagutzen (Villasante); Horiek izan dira nire lanik nagusienak (Etxaniz); Badakizki […] jakin behar dituen gauzarik nagusienak (Mitxelena); Seme-alaba nagusienak, ez daude eskolarako (Etxaniz); Kain, Adanen seme nagusienak (Gerriko).

32.10.1.2e Izenekin ere egiten dira egitura superlatiboak, honako esapide hauen modukoetan: agurerik agureena, gizonik gizonena, lagunik lagunena, hondarrik hondarrenean. Adjektibo gisa emanak daude atzizki superlatiboa duten izen horiek, mailakatzailearekin doazen gainerako kasuetan bezala.

Balio orokorra izan dezakete zenbaitetan superlatiboek. Maila goreneko elementua aipatuta, multzoko elementu guztiak besarkatzen ditu halakoetan adierazpenak. Hala, Eragozpenik zailenak gainditzeko gai da gazte hori esaldiak ‘eragozpen zailenak’ izango lituzke aipagai, hitzez hitz hartuz gero, eta gaztea eragozpen horiek gainditzeko gai dela adieraziko luke; horiexek bakarrik, hain zuzen ere. Esaldiak, ordea, balio orokorra du gehienetan: gazteak eragozpen ‘guztiak’, baita zailenak ere, gainditzeko gai dela adierazten du. Era berean, Eragozpenik txikienek aztoratzen dute beldurtia esaldiak ‘elementu txikienak’ izango lituzke aipagai, hitzez hitz hartuz gero, horiexek bakarrik. Aditzera ematen dena, ordea, da, gehienetan bederen, eragozpen ‘guztiek’, baita txikienek ere, aztoratzen dutela beldurtia. Are argiago ikusten da balio orokorra superlatiboari ere adberbioa eransten zaionean: Eragozpenik zailenak ere gainditzeko gai da; Den gauzarik xumeenak ere altaratzen zaitu (Xurio).

32.10.1.3. Zenbatekoarekin

32.10.1.3a Zenbatekoaren adierazpenean, berriz, gehien da asko zenbatzaileari dagokion superlatiboa. Bi erabilera ditu forma honek: egitura superlatiboa eratzen du zenbaitetan (Uda da sagardo gehien saltzen den sasoia —hau da, ‘beste sasoietan baino sagardo gehiago saltzen da udan’—), eta zatiki-zenbatzailea da beste batzuetan, elementu baten zatirik handiena seinalatzen duena (Saldua dugu aurtengo sagardo gehiena —hau da, ‘saldua dugu aurtengo sagardo guztiaren parterik handiena’—; ‘sagardoaren erdia’, ‘sagardoaren hiru laurdenak’ eta horrelako zatiki-zenbatzaileen parekoa da gehiena, erabilera horretan.

Adberbio denean, aditzak adierazten duenaren maila edo zenbatekorik handiena seinalatzen du gehien zenbatzaileak, eta, hortaz, superlatiboa da beti; artikulurik gabeko forman ematen da maizenik, -a artikulua duela zenbaitetan, eta -ik atzizkiarekin inoiz: Horrek harritu nau gehien; Gehiena atsegin zaiona oparitu diot; Gehienik biztu gaituen Poesia (Mitxelena).

Izen sintagmaren osagai denean, ordea, hau da, izenarekin doanean edo izenordainaren funtzioa betetzen duenean, superlatiboa da batzuetan eta zatiki-zenbatzailea beste batzuetan. Gehien forma soila superlatiboa da beti (Otsailean egin du euririk gehien; Zein da liburu gehien saltzen duen argitaletxea?). Gehiena, berriz, anbiguoa da, erabilera biak baititu. Hala gertatzen da izen zenbakaitzekin (Txapeldunak irabazi du diru gehiena —hau da, ‘besteek baino diru gehiago irabazi du’ nahiz ‘diruaren zati handiena irabazi du’—) eta baita zenbakarriekin ere (Han harrapatu dute arrainik gehiena —hau da, ‘beste lekuetan baino gehiago’ nahiz ‘hartu duten arrain kopuruaren parte handiena’—).

32.10.1.3b Kasu atzizkia edo pluraleko marka daramanean, azkenik, zatiki-zenbatzailea da. Izen zenbakarriekin denean, pluraleko markak hartzen ditu: Gazterik gehienak kirolzaleak dira; Gehienek ezagutzen naute; Arazo hau dute herri gehienetan. Zenbakaitzekin, berriz, singularreko kasu atzizkiak hartzen ditu: Jende gehienari gustatzen zaio musika hori; Alferkerian egon da denbora gehienean.

Gehientsu forma bai superlatibo gisa (Gehientsu edaten den edaria (EH)), bai zatiki-zenbatzaile gisa erabil daiteke (Ikusle gehientsuen gogoko izan da; Itsu-itsuan ezkontzen dira gehientsuak (EH)). Gehientxo, berriz, zatiki-zenbatzaile gisa erabiltzen da (Dena ez bada ere, egiteko dago gehientxoa (EH)).

Adjektibo gisa ere erabiltzen da, bestalde, gehien, ‘nagusi’296, ‘zaharren’ edo ‘premu/prima’ adieran: Mesiasen Erreinuan nor gehiena izango ote zen (Lardizabal); Banekien nik segurik joan beharko nuela, gehiena izanez (J. B. Etxepare); Hor daukat beti Amedee, ene lehen kusietan gehiena, adinez (Larre).

Haboroen forma ere erabil daiteke superlatibo gisa, baina haboroenak mugatua da maizenik erabiltzen dena, zatiki-zenbatzaile gisa.

Gutxien formak ere gehien formaren erabilera bertsuak ditu. Adberbioa denean, superlatiboa da eta hiru formetan erabil daiteke: Gutxien uste denean azaltzen da erbia (Inza); Gutxiena uste zezaketen lekutik (Lardizabal); Gutxienik uste zenukeen lekuan (J. Etxepare). Izenarekin doanean ere superlatiboa da, -en edo -ena atzizkia duelarik: Huts gutxien egin duenari eman diote saria; Ahalik denborarik gutxiena hartzen zuelarik (Joanategi). Mugatu plurala, izen zenbakarriekin, zatiki-zenbatzailea da: Besteak, gutxienak, kolorezko jantzi ederrekin (Anabitarte).

Den gutxien / gutxiena / gutxienik (ere) formako esaldiek ‘batere ez’ esanahia dute ezezka emanak direnean: Ez dudala den gutien lotsarik izanen (Mirande); Berak asmatutako lege hala-holako bat ez zuten den gutxiena ere hautsi nahi (Iraizoz); Gaingiroak, horratik, ez zuen den gutxienik harrotu (J. Mokoroa); Ez duela herrarik den gutiena egundaino izan (Hiriart-Urruti).

Iparraldean mendre adjektiboaren mendren superlatiboa erabiltzen da (den mendren(a) lotsatu; den mendreneko lotsarik gabe; den mendrenik kezkatu gabe).

32.10.1.4. Konplementu mugatzailea

32.10.1.4a Aukerakoa da egitura superlatiboaren lehen terminoaren esparrua zehazten duen konplementu mugatzailea eranstea. Terminoari dagokion multzoa non kokatzen den adieraz dezake konplementu horrek, zein leku edo denbora esparruri dagokion mugatu, edo haren esparruaren mugagarri den beste edozein adierazpen aipatu. Beraz, mota askotakoa izan daiteke.

Hasteko, -ko atzizkiarekin eginiko sintagma izaten da maiz konplementu mugatzailea (mende honetako gerrarik odoltsuena; haurtzaroko lagunik onena; Italiako hiririk handiena; munduko mendirik garaiena); baita perpaus erlatiboa ere (ikusi dudan filmik onena; ezagutzen dudan hiririk politena). Denbora edo leku esparru osoari erreferentzia egiten diote inon eta inoiz adberbioekin eginiko sintagmak: Inon den hondartzarik arriskutsuena da hori; Inoiz egin den filmik onena da ‘Casablanca’; Inoizko ipuinik politena entzun dugu gaur (F. Bilbao). Inoizkorik forma erabiltzen da, bizkaieraz batez ere: Inoizkorik alaien abiatu zen (F. Bilbao).

Den …-ena egiturako esaldiek terminoaren esparru osoa besarkatzen dute, esparru hartako gorena aipatzeko: Den ezjakinenak ere erraz txit egin ditzake […] (Agirre Asteasukoa); Den itsuenak ikus dezake (J. Etxepare); Zen ederrena egin zen itsusienik (Axular). Berdin denik (eta) …-ena gisakoek ere: Denik aberats eta ahaltsuena izan arren bere (Otxolua); Pentsamentu niretzat denik tristeena (Bilintx); Mundu honetan denik sororik onena (Uztapide); Denik eta berorik handienarekin ere hantxe ibiltzen dituzu (Anabitarte). Den adizki laguntzaile dela: Herri honetan saltzen denik onena (Erkiaga).

Multzoko elementu guztiei egiten zaie erreferentzia konplementu mugatzailerik ez denean ere: Azkarrena zara —‘denetan azkarrena’, alegia—; Lanbiderik onena aukeratu duzu —‘lanbide denetan onena’—.

32.10.1.4b ‘Ahal den’ mailarik gorena edo zenbatekorik handiena seinalatzen dute adjektibo-adberbioen aurrean kokaturiko ahalik (eta), ahal den, albait edo, bizkaieraz, hainbat formek; ‘ahal diren maila edo zenbatekoetan’ gorena, alegia.

Ahalik (eta) forma da sintagma hauetan maizenik erabiltzen dena. Modifikatzen duen adjektiboa -ena atzizkiarekin emana izan da eskuarki: Ahalik deiadar handiena eginaz (G. Arrue); Bertsuak egitea izarietan ahalik justuenak (Goihetxe); Ahalik denborarik gutxiena hartzen zuelarik (Joanategi); Ahalik atentzio gehienarekin (Haraneder); ahalik morfema izenaren aurrean nahiz ondoan eman daiteke (Ahalik deiadar handiena eginaz, G. Arrue; Konfesore ahalik onena bilatuz gero, Mogel). Adberbioarekin doanean, berriz, -ena nahiz -enik formak erabiltzen dira: Jabetu ziren hartaz, eta estekatu zuten ahalik hobekiena (Larregi); Joan zen elizara ahalik eta lasterrena (Lafitte); Guri dihoakigu ahalik hobekienik egitea (Duvoisin); Ikasi behar dira erdarak, eta ikasi ahalik eta hobekienik (J. P. Arbelbide). XIX. mendearen azken aldeko testuetan eta XX. mendekoetan -en forma soila agertzen da, bizkaieraz eta gipuzkeraz batez ere: Ahalik arinen ezkontzeko (Etxeita); Ahalik ondoen egiten saiatu banaiz ere (Etxaide); Alaba, ahalik eta ezkutuen egon dadila (Etxaniz)297. Euskaltzaindiaren Hiztegiak -ena forma ematen du adibide guztietan eta forma hori erabiltzea gomendatzen du298. Azken aldiko idazle batzuek hala erabiltzen dute: Igaro ezak denbora ahalik goxoena (Garate); Ahalik eta ondoena itzultzen saiatu naiz (Atxaga).

[Ahal + erlatiboa] forma -ena atzizkia daraman superlatiboarekin erabiltzen da eskuarki: Ahal den kutsurik gutxiena (Ugalde); Ahal den maizena etorri zaitez (Txirrita); Mendeen erreskadan ahal daitekeen urrutiena eta gorena igotzen garelarik (Villasante); Ahal den ongiena apaindu behar da (Agirre Asteasukoa); baina Berbaz ahal den ondoen eginaz berari (Arrese Beitia); Ahal zenik azkarren ibilita (S. Salaberria).

32.10.1.4c Hegoaldean erabiltzen den albait formak modifikatzen duen adjektiboak -ena atzizkia darama eskuarki: Albait deboziorik handienagaz (Añibarro); Ardurarik albait handiena ipiniko duzu (Añibarro). Adberbioek, berriz, -en nahiz -ena atzikiekin ematen dira: Nahi nuelako albait lasterren bihurtzea etxera (Arrese Beitia); Zoaz albait lasterrena (Mendiburu); Albait ondoen igarotzeko euren bizi nekatua (Azkue); Biak bizi daitezen albait ondoena (Etxegarai); Batzen da albait jenderik geihen (J. J. Mogel); Eta albait gutxiena bota behar dira larrera [abereak] (A. P. Iturriaga).

Bizkaieraz hainbat …-en forma ere erabiltzen da: Joan-etorria hainbat arinen egitea erabaki zuen (F. Bilbao); Etxera ekarri behar duzu hainbat arinen (Etxeita).

32.10.1.4d Goiko adibideetan ikusi den bezala, zenbatekorik handiena gehien formak adierazten du (huts gehien), eta apalena, berriz, gutxien formak, besteak beste (huts gutxien). Mailaren adierazpenari dagokionez, ordea, bestela dira gauzak. Mailarik gorena -en atzizkiak ematen du aditzera (politena), baina mailarik apalena adierazten duen formarik ez du euskarak (‘gutxien polita’ gisakoak adierazteko formarik, alegia)299. Konparaziozkoen pareko dira horretan superlatiboak (§ 14.10.5.2). Adjektibo-adberbioen ‘gutxientasuna’ seinalatzeko, antonimoaren ‘gehientasuna’ ematen da inoiz aditzera (itsusiena = ‘gutxien polita’). Aukera hori ez da, ordea, beti egokia. Hala, esate baterako, aberats handien artean aberastasun gutxien duena aipatzeko ez da egokia ‘pobreena’ dela esatea. Bestelako perifrasi batzuk erabiltzen dira hori adierazteko.

Testu zaharretan aurkitzen dira, hala ere, [gutxien/gutxienik + adjektiboa] egiturako adibide bakar batzuk: […] prenda orotarik ez da gutien beharrena (Goihetxe); Gutxien on dena beti hautatzea (Pouvreau); Populu eta jende guztiek, salbaienek eta gutxienik argituek, egia hori sinetsi izan dute (Lapeire). Zehaztasunaren izenean ere erabiltzen dira, inoiz, horrelakoak, zientzia gaietan batez ere: gutxienik beroa. Eta baita bestelako testuetan ere: Irtenbide gutxienik txarrena izan daiteke hori (Sarasola). Ikus, hala ere, § 14.10.5.2c.

Konparaziozkoetan esan den bezala, modu mugatuan erabiltzekoak dira horrelakoak, zehaztasuna beste bide batetik nekez salba daitekeenean baizik ez, alegia.

32.10.1.4e Goiko azalpenek erakusten dutenez, esanahi desberdina dute konparazioko -ago morfemarekin eta -en superlatiboarekin eginiko sintagmek. Bi gauza dira, esate baterako, Urrutiago dagoen hondartzara joan da eta Urrutien dagoen hondartzara joan da. Lehenak konparazioaren bigarren terminoa eskatzen du (kaia baino urrutiago edo mendi hura baino urrutiago, adibidez); superlatiboak, berriz, esparruko elementu guztiak besarkatzen ditu (hondartza guztietan urrutien dagoena; baina *hondartza guztietan urrutiago dagoena). Esanahi desberdina dute, halaber, Lagun gazteagoekin ibiltzen da beti Idoia eta Lagunik gazteenekin ibiltzen da beti Idoia esaldiek. Lehenak lagunak Idoia baino gazteagoak direla esaten du, besterik gabe; superlatiboak, berriz, gainerako lagun guztiak baino gazteagoak direla lagun horiek. Zenbaitetan esanahi bertsua izan dezakete forma bietako esaldiek, egitura desberdina izanda ere. Hala, gauza biren arteko aukeraren aurrean, Hau gustatzen zait gehiago esan daiteke —‘bestea baino gehiago’, alegia—, nahiz Hau da gehien gustatzen zaidana. Aukera anitzen aurrean, ordea, ez da egoki Har ezazu gehiago gustatzen zaizuna esatea Har ezazu gehien gustatzen zaizuna esaldiaren lekuan300.

32.10.2. Gehiegizkoa adierazten duten egiturak

32.10.2.1a Elementu baten maila edo zenbatekoa neurrizkotik goragokoak direla adierazteko -egi atzizkia erabiltzen da nagusiki, adjektibo-adberbioei edo gehi/gutxi zenbatzaileei erantsia, baina baita sobera adberbioa ere, Iparraldean batik bat, eta lar(regi) adberbioa bizkaieraz. Forma horiekin eraturiko sintagmek dagokien elementuaren gehiegizkoa adierazten dute, eta konparazioa dago adierazpen horren oinarrian ere: ohikoarekin, arauzkoarekin, espero denarekin edo zertarako jakin baterako egokia den neurriarekin egiten da konparazioa, neurri hori gainditua dela seinalatuz. Ebaluazio gisako konparazioa da: Gazteegia zara autoa gidatzeko; Handiegia da ohe hori gela txiki honetarako; Urrunegi dago zure etxea bisitan maiz joateko.

Gehiegizkoa adierazten duten sintagma horiek ez dute mendeko perpausa eratzen, eta perpaus bakuneko osagai izan daitezke. Hori bai, ‘zertarakoa’ adierazten duen osagarria eskatzen dute. Zerbait handiegia dela esaten badugu, adibidez, ‘zerbaitetarako’ dela handiegia ematen dugu aditzera. Osagarri hori agerian eman gabe uzten da zenbaitetan, baina inplizituki hor da. Jende gehiegi dabil kalean esan daiteke, zertarako den gehiegi esan gabe, baina, oro har egokia den egoerarako edo jardunerako dela gehiegi ulertzen da. Osagarria sintagma destinatiboa izan daiteke: Jantzi hori arinegia da negurako; oinarrian aditz izena badago, berriz, -tzeko forma hartzen du sintagmak eta mendeko perpausa eratzen du: Ahulegia zara lan hori egiteko; subjuntiboa ere erabil daiteke mendeko perpausean, batez ere subjektuak erreferentziakideak ez direnean: Txikiegia zara Ertzaintzan har zaitzaten. (Ikus 37. kapitulua).

32.10.2.1b Gehiegizkoa mailari dagokionean, adjektiboarekin edo adberbioarekin doaz -egi, sobera edo lar(regi) morfemak. [Adjektibo + -egi] sintagma izenarekin joan daiteke, izena partitiboan ez dela: Auto azkarregia erosi duzu, baina *Autorik azkarregia erosi duzu; predikatua ere izan daiteke, askotan mugatua: Zu beti hola izanen zara, beti onegia (Joanategi), baina inoiz mugagabea: Behin onegi izatea, paso; bigarren aldian astoak ginateke (Lafitte). Beste bi formak ere erabiltzen dira predikatuan: Sobera alferrak ziren mendiari gora abiatzeko (Etxebarne); Nire burutasunak lar ilunak izan dira (Erkiaga). Adberbioarekin ere joan daitezke forma horiek, larregi ez besteak, sintagma adberbialak eratuz: Mantsoegi zoaz; Sobera ontsa; Eta lar ondo bere jakingo dut nik zer erantzun (F. Bilbao).

32.10.2.1c Zenbatekoaren gehiegizkoa adierazteko, gehiegi eta gutxiegi formak erabiltzen dira, eta baita sobera eta lar(regi) adberbioak ere —gehiegi forma asko zenbatzaileari dagokio—. Izenarekin doan zenbatzailea izan daitezke forma horiek (Lan gehiegi egiten duzu, baina *Lanik gehiegi egiten duzu); sobera forma izenaren aurrean nahiz ondoan eman daiteke: Landu gabe utzirik sobera denbora, baratzerik onena ez bailiteke lora (Xalbador); Ez baitu haurrak leunkeria sobera beharrik bere etxekoen aldetik (Larre). Berdin, lar forma ere: Batzuek diru lar eta besteek gutxi dute (Aiesta); Lar belozidade zekarren aurretik zetorren horrek (Gerrikagoitia). Aldiz, larregi, izenaren ondoan ematen da: Eskale larregi ezagutzen dituen herria (Erkiaga).

Halaber, izenordainaren funtzioa bete dezakete: Gatza behar du janariak, baina ez bota gehiegi —‘gatz gehiegi’, alegia—; Adar sobera uztea hobe da, ezen ez gutiegi (Duvoisin) —‘adar gutxiegi’—; Ez daitezke konta Jesusek egin mirakulu guztiak: sobera bada (Zerbitzari); Hona beste tranpa […] larregik egin daroena (Mogel).

Adberbio ere izan daitezke: Ez gaitezen gehiegi poztu (Xalbador); Sobera fidaturik izar faltsuari (Xalbador); Ez dio geroari lar begiratu behar (Erkiaga); Larregi opa baikenion politikari (Mitxelena).

Adjektibo gisa ere erabiltzen dira gehiegi eta (lar)regi, izenlagun: Konfiantza gehiegia sortzen baitigu (Mitxelena); Den azkarrenari buru hauste soberak azkenean kalte egiten dio (Hiriart-Urruti); Munduko ondasunen desio lar bat (Uriarte); Neke larregi edo gogorregiak (B. Mogel). Edo predikatu: Bizimodua eroateko hori ez da gehiegia (F. Etxebarria). Bai eta izen bezala: Arrazoia da beti aurkitzen erdian, ez gehiegian eta ez gutxiegian (A. P. Iturriaga); Gehiegia beti da txarra (Azkue); Pozaren gehiegia nonahitik dario (Azurmendi); Eta hutsak betetzea, eta sobrak kentzea asko kosta zitzaien (Kardaberaz); Larrak gutxia ekartzen du; Larregia eta urriegia, guztia da kaltegarria (J. J. Mogel).

Gehiegi(z)ko eta larregi(z)ko formak ere izenlagun edo predikatu izan daitezke: Geihegizko amore horrek bihotza erdiratu (Kardaberaz); Gehiegiko laztasun bage (Iztueta); Hori gehiegizkoa zen (Villasante); Gehiegizko baderitza norbaitek esan dudanari (Mitxelena); Larregiko lana eta nekea (J. J. Kortazar); Larregizko berritsukerietan (Agirre); Hemen ikusten duguna larregizkoa da (Otxolua)301.

32.10.2.1d Atzizki txikigarria erantsita gehiegitxo (gehitxo, aldaera) eta gehiegixko formak eratzen dira: Gehiegitxo hitz egin zuen (EH). Bai eta lartxo: Lartxo edan duelako (EH). Eta soberaxe, soberaxko formak ere: Soberaxko edaten ere du (EH). Goi-nafarreraz, berriz, aise adberbioa erabil daiteke -egi atzizkia duten formekin: New York aise handiegia da (EGPB, EGLU Laburra: 461).

Adjektiboari edo adberbioari erantsitako atzizki txikigarriek berek ere adieraz dezakete gehiegizkoa, modu leunean, ekialdean batez ere: Urrunxko da etxea; [Bidea] egunean lau aldiz egiteko handixkoa zela jujatu zuten aitak eta amak (Larre); Gaurkoa askatasun handitxoa da […] (Uztapide); Kantua goraxe hartu du (Lafitte). Azkuek gazixe, handixe eta ttipixe adibideak ematen ditu.

32.10.2.1e Ezezkako esaldietan ‘gutxi’ edo ‘batere ez’ adieraz dezake gehiegi-k, ironiazko esanahian, bai eta sobera edo larr(egi) formek ere: Etxean egotea ez zaizue gehiegi gustatzen (Aresti); Ez gaitu gehiegi maite euskaldunok (Mitxelena); Ez baita bestetan gehiegizko batasunik gure artean (Mitxelena); Ez da sobera ontsa jiten, dioenaz, Venezuelako euskaldunekin (Mirande); Ez dugu larregi aurreratu bide horretarik (Mitxelena).

255 Perpausen bidez eginiko alderaketa hauek sintaxiari dagozkio. Bestelako alderaketa batzuk, berriz, baliabide lexikalez egiten dira (Zure etxea eta nirea berdinak dira; Auzo honetako etxe guztiek egitura bera dute; Antz handia duzue zuek biok).

256 EGLUn perpaus hauek ‘moduzko konparaziozko’ izendatzen dira. Egokiago dirudi, hala ere, ‘parekotasunezko konparazioaz’ mintzatzea. Izan ere, balio kuantitatiboak erkatzen dituzten batzuk ere izan daitezke moduzkoak (Zuk bezain ongi egin dut nik azterketa); moduarekin zerikusia duen ezaugarri baten maila erkatzen dute horrelakoek. Parekotasunezkoek, berriz, moduari dagokion izaera bera konparatzen dute, elementu biren modu-izaerak parez pare jarriz. De Rijkek Comparatives of Similarity deitzen ditu (2008: 699).

257 “Comparativas de núcleo coincidente con el primer término de la comparación” izendatzen ditu horrelakoak RAEren Manualak (2010: 862); “núcleo de la construcción comparativa” da, gramatika horretan, geurean ‘konparazioaren ardatz’ duguna.

258 Ohiko ordenaz bestelakoez, ikus § 32.2.1.1c. Eta, orobat, Nik ere baditut lagunak, zuk adina gisakoetan, non konparatiboa aposizioan emana den.

259 Ikus Sáez (1989: 677-699) eta Hualde & Ortiz de Urbina (2003: 843).

260 Horrelakoetan mugatua ageri da inoiz eskuineko izena testuetan, desegoki ([…] mutil gehiago dago pantailari so, neskak baino (Uztaro); Badirudi oraindik ere dantza ikuskizunetan neska gehiago izaten dela mutilak baino (Goienkaria)).

261 Hualde eta Ortiz de Urbina: “The standard in this case is a headless relative clause. While this pattern is posible in Basque, it seems to be overused as a result of interference from Spanish, where clauses cannot occur as standards and headless relatives with lo que are used instead” (2003: 840). Gaztelaniazko más de lo que egiturako esaldiez ikus RAE (2010: 864-865).

262 Lehenagoko testuetan ere ageri da -na morfema desberdintasunezko konparazio perpausetan. Hala, esate baterako, bizkaieraz, Gehiago dio dakiena baino (RS), […] egizue beragaz, egingo zenuketena baino hobeto mediku bategaz (Añibarro); Añibarrok, hain zuzen ere, […] lehen egingo zena baino nekezago ematen du Axularren lehen eginen zen baino nekezago esaldia. Morfema hori bera erabili izan da, bizkaieraz, parekotasuneko perpausetan ere: Guk geure zordunei barketan deutsaguna legez (Betolaza); Ene herrian esan daroena legez (Mikoleta).

263 Bezain formaren Bergarako erabileraz honela dio Elexpuruk: “Jende askok ez du hitz hau erabiltzen eta larri ibiltzen da esaldi mota hau egiten: Bilbo ezta Donostia besteko politta etab. esaten dira ordez” (ikus OEH s. v. bezain).

264 OEH s. v. bezain: “El adj. colocado antes que bezain; en algunos casos ha de suponerse que el adj., que normalmente iría después de bezain, se encuentra elidido para evitar la repetición”.

265 Ikus, hala ere, Hargatik guk bezain asko Ameriketan zuten maitatzen (Arrese Beitia).

266 Ainbat idazkera hitz biri zegokien batasunaren aurreko tradizioan: adinbat konparaziozkoari eta (h)ainbat zenbatzaileari. Bien arteko nahasbidea eragin zezakeen horrek. Euskaltzaindiaren Hiztegiak bereiz ematen ditu, adinbat konparaziozkoa da, adina-ren parekoa, eta hainbat zenbatzailea. Dena dela, batasunaren ondoko testuetan ere hainbat idazten da inoiz konparaziozkoaren adinbat-en lekuan.

267 OEH s. v. hainbeste: “Documentado en textos guipuzcoanos (tbn. en algún vizcaíno moderno), sobre todo en bersolaris y diálogos populares”.

268 Lafittek (1962: 140): “une pareille construction est plus romane que basque”. Etxeberri Ziburukoak eta Hiribarrenek ezen soila erabiltzen dute inoiz (Lehenago hilen naiz, ezen eginen baitut gaizkia, Hiribarren).

269 Axularrek desideratzenago, erortzenago eta gordintzenago formak darabiltza, -ago morfema aditz izenaren inesiboari erantsita.

270 Ohiko bideko onago forma ere erabili izan da zerbait, gutxitan bada ere: Urrea izan ez balitz, gizonak askozaz onagoak, zuzenagoak eta apalagoak izango ziren (Agirre).

271 De Rijk: “[…] one may well suspect those phrases to be calques from neighboring Romance languages (cf. Bearnese tan miélhou and tan pire in the north, and Castillan tanto mejor and tanto peor in south” (2008: 720).

272 Hualde eta Ortiz de Urbina (2003: 827): “Sometimes instead of are ‘even’, the word oraindik ‘still’ is found in this construction, but it is generally seen as a calque from Spanish todavía más ‘still/even more’ to be avoided”. Dena dela, EHk onartzen du erabilera hau.

273 Adjektibo soila ere erabili izan da inoiz, -ago morfema isilduta: Nik uste baino luze izan da kartako parabola (Lazarraga); Gizon hauek izan dira egiazki, ez gauzen xuxentzaileak, baina gauza haien behinere baino trebes emaileak (M. Elizanburu). Ez da ohiko erabilera hori, eta esan behar da egitura osoa ematea dela argiena (uste baino luzeago).

274 OEH s. v. gehiago: “Si bien con sustantivos como beldur, indar, arreta, etc. aparece gralmente. handi, y sólo ocasionalmente asko (s. v. asko), en estos mismos contextos es gehiago, frente a handiago, la forma más usual”.

275 Testu zaharretan ageri da inoiz baino soila zuzentzaileak ez diren konparazio perpausetan ere: Ondo litzateke datorrela ene etxera neuk baino agindu dagiena (Mikoleta).

276 OEH s. v. legez: “Precedido de una oración de relativo, en Lazarraga y en los textos vizcaínos antiguos domina la construcción -ena legez […]. En el siglo XVIII -ena legez alterna con -en legez en Cardaberaz […], y a partir del s. XIX sólo se encuentra la primera construcción en Astarloa y modernamente, en verso, en F. Etxebarria (alternando con -en)”.

277 R. M. Azkuek aipatzen du erabilera hau: “[…] bait causal, con su sinónimo bizcaino baist y bai…n como si [de bailetorren, bainintzan]” (Azkue 1925: 258). A. Irigoienen iritziz “Bailitzan, bailiran typokoak […] solezismoen bidetik abiaturikoak” dira (Irigoien 1990: 114).

278 Hauek dira Egungo Testuen Corpusean aurkitzen diren agerpenak: bailitzan 3.885 (bailitzen 67), bailiran 1775 (bailiren 113), bailuen 253 (bailuan 73), bailegoen 112 (bailegoan 28), bailuten 65, baileuden 39, bailituen 34 (bailituan 10), bailebilen 21, bailihoan 14, baileukan 8, bailihoazen 5, bailetozen 5, bailetorren 4, baileraman 4, baileramaten 2, baileramatzan 1… Lehen eta bigarren pertsonetako formen agerpenak urriagoak dira, eta zenbaitetan anbiguoak dira, kausazkoak ere izan baitaitezke (baikenuen = bagenu bezala/genuelako).

279 Garatek txartzat ditu Baserria ez da kalea bezala modukoak, eta haien lekuan bezalako forma edo bestelako itzuli egokiren bat erabiltzea proposatzen du (1988: 61).

280 Bestetan perpaus hauen sinonimo izan badaitezke ere -nez formarekin eginak, esan gisako aditzekin eratuek ñabardura desberdinak eman ditzakete aditzera. Ebidentzialak dira —hau da, egiatzat hartzen direnak— -n bezala formarekin eginak; omenka hartuak baizik ez, berriz, -nez formarekin eginak. Alde hori dago, esate baterako, ondoko esaldi bi hauen artean: Esan duten bezala, guztiz larria izan da istripua —egiatzat hartua— eta Esan dutenez, guztiz larria izan da istripua —omenka aipatua—. Hiztunaren jarrera ez da agertzen, bestalde, Istripua guztiz larria izan dela esan dute esaldian.

281 OEH s. v. bezala, ‘en calidad de, como’ adieran: “Documentado desde Dechepare, es de uso gral. excepto en la trad. vizcaína. Hasta mediados del s. XIX se emplea precedido de un sintagma nominal en caso absoluto indeterminado, o, con casi igual frecuencia, determinado; a partir de dicha época apenas se encuentran ejs. con determinado”.

282 Zein eta morfema zeinda idatzia ageri da gehienetan testuetan.

283 OEH s. v. hain: “Documentado desde Dechepare, es de uso general hasta el s. XX, en que se hace escaso: además de en algunos textos de menores pretensiones de corrección, sólo se encuentra en Echeita, J. Etchepare, ArgiDL (165), Barbier, Villasante, Arradoy [Narbaitz] y Berrondo”.

284 Erabilera honi buruz, OEH s. v. hainbeste: “Documentado tanto en textos septentrionales como meridionales desde mediados del s. XVII. Apenas hay testimonios del s. XX. Además del uso más extendido con nola, se encuentra con zein en Añibarro, con zuña en Maister, con zeinda en J.J. Moguel y Astarloa, con zelan en Moguel y con non en Aguirre de Asteasu e Iturriaga”.

285 Eredu erromanikoko eta ohiko ereduko esaldien baliokidetasuna ikusteko, argigarria da testu honek izan dituen bertsioetan erreparatzea: hainbat buztin nola legar (Duvoisin), buztin adinbat hondar (A. P. Iturriaga), buztinik beste hondar (Uriarte), buztin bezainbat harea (Intxauspe).

286 Hainbatenaz formari buruz, OEH s. v. hainbat: “Exclusivo de la tradición septentrional, prácticamente desaparece en el s. XX”.

287 OEH s. v. zenbat: “Documentado sobre todo en la tradición meridional. Al Norte sólo en Goyhetche, J. B. Elissamburu e Inchauspe”.

288 Ez da ohikoa -ago morfema gabe ematea perpaus nagusia: Hainbat egoki gara izango gu hemen, zenbat urrutiago horiengandik (Urruzuno).

289 OEH s. v. zenbat: “Usado por autores septentrionales y por Lizarraga de Elcano”.

290 Mendekoan -ago gabe: Ezen zenbatenaz gaiztoek bainaute penatuko, hainbatenaz gehiago hura dut guardatuko (Etxeberri Ziburukoa).

291 OEH s. v. gero: “Documentado desde Leiçarraga tanto al Norte como al Sur. Con (e)ta no aparece hasta el s. XVIII, aunque desde esta época es con diferencia la forma más empleada; construcciones sin (e)ta siguen apareciendo en autores septentrionales y vizcaínos”.

292 OEH s. v. beti: “Propio de la tradición septentrional. Con la conjunción eta (beti eta …-ago), aunque hasta el siglo XX sólo se encuentra en Axular y Arbelbide, posteriormente parece que se emplea tanto como sin ella (J. Etchepare y Barbier emplean las dos formas)”.

293 Korrelazio honi buruz, OEH s. v. hala: “Su uso disminuye en el s. XX”.

294 OEH s. v. gehien: “El sust. precedente aparece algo más frecuentemente en caso absoluto indet., aunque su uso con partitivo va creciendo desde finales del s. XIX”.

295 OEH s. v. nagusi, ‘nagusien’ formaren mayor edo superior adieraz: “Documentado en autores meridionales desde finales del s. XVIII. Al Norte sólo lo hallamos en Haraneder y Lafitte”. Konparaziozko nagusiago ere erabiltzen da inoiz.

296 OEH s. v. gehien, ‘nagusi’ adieraz: “Usado, además de por suletinos y mixanos, por Leiçarraga, Etcheberri de Ziburu y algún otro autor septentrional más moderno; al Sur lo hallamos en Lardizabal. Apenas se encuentra en el s. XX”.

297 OEH s. v. ahalik: “Documentado desde Leiçarraga tanto al Norte como al Sur. En textos vizcaínos y guipuzcoanos la forma tradicional del adv. en -ena pierde terreno en el s. XX en favor de -en (que antes sólo se encuentra en Añibarro y Arrue). Hay sin embargo -ena en KIkG, Orixe, Labayen, Etxaide y Anabitarte”.

298 EH s. v. ahalik: “Oharra: Adizlagunekin, ahalik maizen, sarrien etab. baino hobeto, ahalik maizena, ahalik sarriena etab.”.

299 Lafitte: “Des formes comme le moins grand sont directament intraduisibles en basque” (1962: 146).

300 Nahasketarako bidea eman dezake inguruko erdaren eraginak, zeinetan forma bera erabiltzen den konparaziozkoetan eta superlatiboetan (más gaztelaniaz, plus frantsesez).

301 EHk larregizko forma aipatzen du; larregiko forma, ez.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper