Bereziki ekialdean izenei erantsirik ‘gutxi gorabehera’ adiera gehitzen die oinarriei: orentsu, artetsu, erditsu… Bi oihanen artetsuan bada ur erreka bat (Duvoisin); Iragan mendearen erditsuan, mila zortzi ehun eta berrogoi’ta zortziko Erreboluzione-egunetan (Barbier). Adjektiboek ere hartzen dute -tsu: azkentsu, berdintsu, igualtsu, lehentsu. 1528an Otsailaren azkentsuan, gizon gazte hetarik bat, bertziak eskolan direlarik, sartzen da ganbara hartan (Laphitz); Urriaren lehentsu hartan zen (Larre).
Adberbioei eta izenordainei erantsirik ageri zaigun -tsu ere sail honetan (txikigarrien sailean) sar dezakegu, izenei erantsirik hartzen duen ‘gutxi gorabehera’ adiera berean: bezalatsu, halatsu, nolatsu, nortsu, nontsu, zenbatsu… Teofilo Mariak arrazoi du alde batetik, aita, zeren a), b) eta c), baina bestetik ez du, zeren d), e) eta f); baina, Domingoren arrazoiei bagagozkie, halatsu, zeren hiru arrazoi gutxienez baditu alde […], baina beste hiru ere aurka (Irigoien); Eta ertzainek esan digute denbora kontua dela. Orain badakite nontsu dabilen Gaizka. Eta patruila mordo bat ibiliko da haren atzetik (Goenkale); Luzexko ez bada, zubiak zer nolako neurriak zituen, eta nolatsu egiten zen, irudipen bat egiteak ere, ez dut uste kalterik eginen dienik zure zentzu argizale jostari horiei (Perurena). Adberbio horiek ondoren postposizio atzizkiak har ditzakete: bezalatsuko, nontsutik, nolatsuko… Ez naiz oroitzen nolatsuko aurpegia zuen (Rey); Edo, Joanito Errandonea jetziz, ez al digu Moralaren Genealogia berritu, edo Zaratustragana nontsutik jo erakutsi? (Perurena).