Euskararen Gramatika

33. Ondorio perpausak

33. Ondorio perpausak

33.1. Ondoriozko perpausen egitekoa

33.1.1. Bi gertakari

33.1.1a Ondorio perpausa duten esaldietan intentsitate handiko gertakari bat eta hark eragindako ondorioa ematen dira aditzera. Hain ondo mintzatu da ikaslea, non txundituta geratu baita klaustro osoa esaldian, adibidez, ‘ikaslearen mintzaldi on-ona’ eta ‘klaustroaren txundidura’ aipatzen dira, hura honen eragilea dela seinalatuz, edo, zuzenago esanda, hau haren ondorioa dela adieraziz. Gertakari eragilea aipatzen duen perpausak morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea darama beti, gertakariaren intentsitatea edo nolakotasun aipagarria aditzera ematen duena (hain, hainbeste, hala, halako moldez…). Hain zuzen ere, intentsitatearen adierazpena funtsezkoa da esaldi hauetan, hura baita ondorioaren eragilea.

33.1.1b Zehatzago esanda, elkarri eragiten dioten gertakari bi aipatzen dira ondoriozko perpausa duten esaldiotan: intentsitateko gertakariak ondorioa eragiten du, batetik, baina, bestetik, ondorioak ematen dio aurrekariaren intentsitateari dagokion neurria. ‘Hain ondo mintzatzeak’ ekarri du ‘klaustroaren txundidura’, adibidean, baina txundidura horrek ematen dio ondo mintzatu izanari dagokion intentsitatearen neurria. Entzuleak txundituta uztea gauza handia da, esaldiak iradokitzen duenez, eta horrek ematen dio neurria mintzatzearen mailari; balio superlatiboa duen neurria, hain zuzen, hain ondo mintzatu da, non… esaldiak ‘oso ondo mintzatu dela’ esan nahi baitu.

33.1.2. Ondoriozkoak eta kausazkoak

33.1.2a Kausazko perpausak ere gertakarien arteko kausa-ondorio erlazioan oinarritzen dira, ondoriozkoak bezala, baina alderantzizko ikuspegia islatzen dute haiek eta hauek (ikus § 38.1.1). Kausazkoetan mendekoak aipatzen du kausa eta nagusiak ondorioa (hain ondo mintzatu denez, txundituta utzi ditu denak); ondoriozkoetan alderantziz da, mendekoak aipatzen baitu ondorioa (hain ondo mintzatu da, non txundituta utzi baititu denak). Adibide hauek erakusten dutenez, trukagarriak gerta daitezke zenbaitetan kausazko eta ondoriozko perpausak, baina aldeak ere izan daitezke haien artean. Ondoriozkoek, esan bezala, intentsitateko ezaugarri bat behar dute perpaus nagusian, ondorioa ekarri duena; intentsitate hori seinalatzen duen morfema gabe ez dago ondoriozko egiturarik (*ondo mintzatu da, non txundituta utzi baititu denak); kausazkoetan ez da beharrezkoa intentsitatearen aipamen hori (ondo mintzatu denez, txundituta utzi ditu denak).

33.1.2b Bada, beraz eta hortaz diskurtso markatzaileek ere ondorioa adierazten dute, baina jokabide desberdina dute hauek eta ondoriozko perpausek. Intentsitatearen adierazpenak bereizten ditu, besteak beste. Hiztunak ateratzen duen ondorio logikoa aurkezten dute diskurtso markatzaileek, ez intentsitateko aurrekari batek eragindako gertakaria. Ordu biak dira; beraz, goazen bazkaltzera esaldian, esate baterako, ‘ordu biak dira’ perpausean ez da intentsitate adierazpenik, eta ondorioa hiztunaren logikari dagokio. Ondorio perpausak, bestalde, mendekoak nahiz alboratuak izan daitezke; diskurtso markatzaileek, berriz, ez dute mendeko perpausik eratzen (ikus 42. kapitulua).

33.2. Ondoriozko perpausen egiturak eta morfemak

33.2.1. Bi osagaien zeregina

33.2.1a Esan den bezala, ondorio perpausarekin eginiko esaldietan termino edo osagai bi dira beti: intentsitatea markatzen duen morfema daramana bat, eta haren ondorioa adierazten duena bestea ([ikaslea hain ondo mintzatzea] — [entzuleen txundidura]). Osagai horiekin eginiko perpausak, berriz, menderakuntzaz nahiz alboratuta lot daitezke.

33.2.1b Lehen osagaiak morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea darama. Hain markatzailea dugu batetik, adjektibo-adberbioen maila seinalatzen duena (hain ona, hain ondo), eta hainbat edo hainbeste zenbatzaileak, bestetik, izenari edo aditzari dagokien zenbatekoa seinalatzen dutenak (hainbeste lagun, hainbeste gustatu); postposizioarekin direnean, aditzarekin doaz morfema hauek (hainbesteraino gustatu, hainbestetan egin). Hala kualifikatzailea ere aditzarekin doa beti, halako moduan edo halako moldez gisakoak bezala (hala ibili; halako moduan egin). Lehenek multzo kuantitatiboa eratzen dute (hain ona, hainbeste lagun, hainbeste), eta bigarrenek multzo kualifikatiboa (hala, halako moduz).

33.2.1c Bigarren osagaia daraman perpausa da ondoriozkoa, eta, esan den bezala, menderakuntzaz nahiz alborakuntzaz lot daiteke lehen osagaia daraman perpausarekin.

Mendekoa denean, bait- edo -(e)n menderagailuaz gain ondorio-morfema darama aurrean. Non (eta) forma erabiltzen da maiz perpauson hasieran302: Hain da interesanta non behar baitut dena ongi kontatu (Etxebarne); Baina ‘ondare bilduma’ hori hain da zabala non eskatzen duen kontserbazio hautuak egitea (Berria). Ezen formak ere erabilera zabala du (eze, ze, ezi, ezik aldaerak): Belauneko zauria hain txikia zen, ezen medikuek uste baitzuten ezinezkoa zela GIBaz kutsatzea (Egunkaria); Hainbeste aldatu du ezen orain apenas dudan niretzako astirik (Berria). Bizkaieraz zein eta forma ere erabiltzen da: Hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat (Mogel). Perpaus nagusiaren eskuinean ematen da beti ondoriozko mendekoa: Hain gezurtia da, non ez baitio inork sinesten, baina *Non ez baitio inork sinesten, hain gezurtia da.

Hori da ondoriozko mendeko perpausen ohiko taxua. Testuetan aurkitzen dira, hala ere, bait- menderagailu soilaz eraturikoak, aurrean ondorio-morfemarik ez dutenak: Giza-semeak, ordea, hain eder ziren, haiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren (Orixe); Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu (Berria); gutxi dira, ordea, horrelako agerpenak.

Alboratuta ematen denean ere, lehen osagaia daraman perpausaren eskuinean eman daiteke ondorio perpausa: Hainbeste konpromiso ditu, ez daki non agertu behar duen ere (Berria). Askotan, ordea, aurrean ematen da hau, ahozkoan intonazio berezia lagun duela: Ezin du oporrik egin: hain dabil lanpetua; Honen akatsak aipatu beharrik ez dago: hain daude axalean (Mitxelena); Ezin izan zuten zerrenda bukatu; hain da luzea (Berria).

33.2.1d Hori dute ondoriozko alboratuek ohiko taxua. Tradizioan aurkitzen dira, hala ere, aurrean ondorio-morfema daramaten ondoriozko alboratuak: Baina zu hainbesteraino aborrezitu zara, non horrezaz kontentatu ez zara (Kardaberaz); Daukat bekatu bat hain itsusi ta lotsagarria, ezen ez dut konfesatu urte osoetan (Mogel). Horrelakoak dira maiz ezen morfemaren ze, eze, ezi aldaerekin eginiko perpausak: Hain dira kondizio latzekoak […] eze uste dute olgeta guztiak direla txarrak (Frai Bartolome); Egiten dit gerra hain bizia, ze beti nauka beldurrez ikara (Astarloa); Halako moduz ezik, […] edozeinek begiratu batean esan legike bi herriak bat direla (Iztueta). Gaur egun ohikoak ez badira ere, aurkitzen dira testuetan horrelako perpausak: Bizitzaren historia hain da konplexua ezen ezinezkoa da xehetasun guztiak iragartzea (Egunkaria); Hain ahul eze sarritan galdu egiten dira (Zuazo).

33.2.2. -(e)la menderagailua, eta subjuntiboa ere

33.2.2a Ahozko hizkeran, Hegoaldean batez ere, -(e)la menderagailua ezartzen zaio askotan ondorio perpausari: Hain ondo mintzatu da, txundituta utzi dituela denak. Erabilera horrek, ordea, ez du tradiziorik, eta orain baino lehenagoko testuetan ez da ageri kasu bakan batzuetan izan ezik. Gaur egungo testuetan maizago ageri da: Hain dago ziur, nire fedea ere kolokan jartzea lortzen duela (Berria); Hain ziren narratsak, ez zirela sinesgarriak (Berria); Orain, berriz, hainbeste arindu da, haizeak eramaten duela (Argia); Hainbeste handitu da eze, jendartea bi multzotan banatuta irudikatzen dela (Berria) —eze morfemarekin—. Euskara jasoan eta zainduan, hala ere, aurreko paragrafoetan aipatutako moldeak erabiltzen dira batez ere, hau da, -(e)n edo bait- menderagailua daraman menderakuntza, perpausaren aurrean ondorio-morfema duena, edota alborakuntza303.

33.2.2b Kuantifikatzailea edo kualifikatzailea daraman osagaia baieztatuz ez, baina ezezka, galdezka, agindu moduan edo nahi-behar gisako modalitatean ematen denean, ondorio perpausa subjuntiboan eman izan dute lehengo autoreek: Ez da Jainkoa halako moldez miserikordios, non justiziari bidegaberik egin diezaion (Axular); Signo bisible batek hainbat botere ahal duke, non salbamenduko gauzan gure kontzientziak zertifika eta segura ahal ditzan? (Leizarraga); Egizu hainbat zeure otoitz onez eta arertekotasunez, non hauekin batean ardiets dezadan orain Jainkoaren grazia (Materre); Behar genuke […] halako moldez […] aitzinerat gobernatu, non azken finean, Jainkoaren miserikordiarekin batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa (Axular). Esaldi hauetan ukatzen, galdetzen edo agindu nahiz modalitatearen pean ezartzen dena ez da aurrekariaren eta ondorioaren arteko erlazioa. Erlazio hori ez da zalantzan jartzen. Baieztatzen ez dena aurrekariaren gauzatzea da, eta horrek eragiten du ondorioa subjuntiboan emana izatea.

33.3. Ondorio perpaus mendekoak

33.3a Hain markatzailea hitza adjektibo edo adberbioekin erabiltzen da, esan den bezala, haiei dagokien intentsitatea adieraziz: Hain aberats egon behar du, non dena uzteko asmoa hartu duen (Barriola); Hain gozo eta egoki hitz egin zien ezen guztiak harritu ziren (Beobide); Baina hain doilorrak izan dira, zein eta ez didaten atera trago bat (Mogel); Nik izan nuen hain bihotz krudela, ezetz erran bainion, ezetz berehala (Luzaideko kantiak) —azkena ondorio-morfemarik gabe—304.

Sintagma kuantitatiboaren ordena besteetan [hain + adjektiboa/adberbioa] bada ere, ondorio perpausetan bere ondora dakar mailakatzaileak aditza sarri askotan, egitura markatua eratuz, batez ere adizkia sintetikoa denean: Hain zen pisua, non burua baitzidan apalarazten (Narbaitz); Hain zen eder eta galaia, non hura ikusteagatik leiho eta balkoietara irteten ziren damak (Agirre Asteasukoa); Hain da garrantzitsua ezen lehen ministroak berehala agertu behar izan baitu bere egitasmoa publikoki (Argia); ikus, hala ere, [Gauza hauek] hain premiazkoak dira, ze, hauek jakin gabe […] ezin salba ditekeen (Agirre Asteasukoa).

Maiztasun gutxikoa da, bestalde, hain mailakatzailearen lekuan horren eta honen erabiltzea: Aurpegi hura hain trukatua eta hain eta honen itsusi nazkagarria agertu zen, non […] (Kardaberaz); Horren arima galdukoak egiten gaituzu, zein eta sangriak emango ditugun diru gehiago irabaztearren (Mogel)305.

33.3b Hainbat eta Hainbeste zenbatzaileek zenbatekoaren neurri handia ematen dute aditzera, izenari edo aditzari dagokiena: Hainbat atsegin izan nuen ikustez, non uste bainuen behin ere ez nintzela geldituko haren eskua trinkatzetik (Mirande); Hainbeste lan egiten zuen, non beldur izaten bainintzen maiz, bera ere gaixotuko ez ote zen (Irigoien); Baina hainbeste mindu ziren, non esan zion batek besteari […] (Urruzuno). Sintagmak postposizio atzizkia duela ere erabiltzen da: Hainbeste denboraz espero izan du arrakasta, non orain ezin baitio uko egin (Etxezarreta); Hainbestetan irakurri zuen Pedrok gutuna, non, azkenean, buruz ikasi baitzuen (Irigoien).

Hainbeste(ta)raino morfema aditzaren zenbatekoari dagokio beti: Eta gero hainbesteraino bertutean aurreratu zen, non santu izateraino igo zen (Narbaitz); Emendatu zuen hainbertzetaraino batasun hura […], non ez baitzuten bihotz bat eta arima bat baizen (Jauretxe); Hainbesteraino elbarritu zuen eze, hila zelakoan […] utzi zuen (J. I. Arana).

Izenlagun edo adjektibo bilakatzen dira forma horiek -ko atzizkia hartuta: Hainbateko etsiak hartu zituen guztiak, non ez baitzuten gehiago inoren hiltzeko gogorik (Mirande); Agertu zuen oneraspena, hainbestekoa izan zen ezen, guztiak geratu ziren mirariturik (Iturzaeta). Postposizio atzizkiarekin: Eta hekien errabia hainbertzetarainokoan handitu zen, non haren ondotik baitzebiltzan haren preso altxatzeko eta hilarazteko (Joanategi).

33.3c Hala kualifikatzailea ere aditzarekin doala erabiltzen da, haren esanahiari dagokion intentsitatea edo nolakotasun aipagarria seinalatuz: Gaur zu ikusteak pozten nau hala, non iruditzen zaidan jai handi bat dela (Bilintx); Eta, ondoan, hala maitatu zuen Maria Balentina, non bere semearekin ezkontarazi baitzuen (Barbier).

Zehazten erraza ez den ezaugarri baten intentsitatea ematen du aditzera izenarekin doan Halako morfemak. Halako berriak zabaldu ziren, non biziki kezkaturik geratu ziren denak esaldiko ‘halako berriak’ sintagmak albisteen intentsitate handiko nolakotasuna aipatzen du, nolakotasun hori zehaztu gabe; ‘hain berri txarrak/hitsak/kezkagarriak…’ adierak iradoki ditzake sintagmak. Bestelako adierak ere iradoki ditzake: Kontatzen dituzte ipuin itsusiak, halako gatz eta piperrarekin, non gazteak egon ohi diren ahoa zabaldurik (Agirre Asteasukoa); Halako adiskidea izan da guganat, non […] ezarri baikaitu libertatean (Tartas); Hainbertze eta halako amoinak egiten zituen, non askotan fraide lagunek erraten baitzioten urrunegi zihoala (Joanategi); Halako boza omen zuen erretore dohakabeak non Porturaino aditu baitzuten katixima (Zerbitzari).

33.3d Halako eran / moduan / gisan / maneraz / moldez / suertez esapideek moduzko aurrekaria ezartzen diote ondoriozko perpausari. Aurreneko biak batez ere Hegoaldean erabiltzen dira: Halako eran itsutu zen, non, […] haien gezurrezkoak eta idoloak […] adoratu zituen (Lardizabal); Halako moduan aurkitzen da nekatua ezik ez dezake aldean pauso bat eman, bada bere aztalak koloka dauzka (Otaegi); Halako moduan aberastu zen, non auzoak haren ona ezin eramanaz, hasi ziren esetsi edo persegitzen (Lardizabal).

Besteak batez ere Iparraldekoak dira: Nehork ez zezan ezagut, eskale erromesenaren itxura hartu zuen, halako gisan non guztiek trufan baitzerabilten (Laphitz); Haren edermenek halako gisaz haren bihotza xarmatu zuten, non […] amorioak itsutu baitzuen (Tartas); Bizi zaitez halako maneraz non herioak ez baitzaitu sekulan ustegaberik atzemanen (Xurio); Halako moldez, tailuz eta suertez aitzinerat gobernatu non azken finean […] erdiets dezagun […] zeruko loria (Axular).

33.3e Morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea daraman sintagma perpaus nagusiaren hasieran edo haren barnean joan daiteke: Hain beroa izan da aurtengo uda, non hondartzak beteak egon baitira egunero; Aurtengo uda hain beroa izan da, non hondartzak beteak egon baitira egunero. Zenbaitetan, hala ere, perpausaren azkenean ematen da, ondorio-morfemaren aurre- aurrean, egitura markatua eratuz: Emazu [zure burua] hain behera non batbedera baitabilke zure gainean (Xurio); Garturik irten zen hain biziro, non arraio bati da berdindu (Larramendi).

Inoiz, bestalde, [kuantifikatzailea/kualifikatzailea + ondorio-morfema] morfema konplexua eratzen da, eta perpaus nagusiaren ondoan ematen, aposizio gisa- edo. Non da horrelakoetan maizenik erabiltzen den ondorio-morfema: Astean behin ijitoak etortzen ziren gure patiora, hainbeste non herri oso bat zirela ematen baitzuen (Uribarri); Edaten eman omen zioten, eskatu ahala, hainbeste non gizonak sastar galanta bildu baitzuen (Alonso); Gogor zegoen hura bere ezean, hainbertzetaraino non tiraka ere ez baitzuen nehork mugituko (Larre); Halako zorion bat nabaritzen zuen bere baitan, hala non eguneango pentsamendu kiratsak oro urtu baitzitzaizkion (Mirande); Paparrean eskegita zeroan giltzak dirdira egin zidan, halako moduan non urrezkoa zela begitandu baitzitzaidan (Jimenez). Baina ezen morfemarekin ere eratzen da horrelako morfema konplexua: Zabiltzate munduan halako moduz eze, zuek ikusten zaituztenak eta zuen hitza aditzen dutenak, geldi daitezen bihotz-ukituta (Beobide); Ixten ziren portaleak ere, halako moduan eze, ezin sartu eta irten zitekeen herritik (A. M. Zabala).

33.4. Ondorio perpaus alboratuak

33.4a Ondorio perpausean menderagailurik ez dela ere eratzen dira esaldiak, egiturako perpaus biak alboratuta. Gehienetan ondorio-morfemarik gabe ematen dira horrelako alboratzeak, ahozkoan batez ere, zeinetan intonazioak markatzen duen ondorio erlazioa. Ohiko ordenan eman daitezke perpausak, kuantifikatzaile edo kualifikatzaile sintagma daramana aurrean dela: Hain da gozoa haiek kantatzekoan duen ahotsa, txoraturik uzten du (Berrondo).

Maizenik, hala ere, alderantzizkoa izaten da ordena. Kuantifikatzailea daraman perpausa enfatizatu egiten da, eskuinean emanda. Hala, hain mailakatzailea dutenak: Herritar denek gura zioten: hain zen bera zintzoa (Agirre); Nire buruaren jabe ez naizela uste dut: hain daukat zorabiatua (Azkue); Izarrak dirudite [begiak]: hain ditu argiak (Bilintx). Intonazio berezia ematen zaie horrelako esaldiei, eta, ikusten denez, hain morfemak bere ondora ekartzen du sarritan aditza, batez ere sintetikoa (hain zen zintzoa). Zenbatzaileekin ere egiten da alboratzea: Baina ez zuen bere nagusiagandik pauso-muttur bat ere alde egiteko ausardiarik: hainbesteko beldurra zeukan bihotzean sartua (Berrondo); Bildur naiz gera nadin burutik galduta: hainbesteraino nago enamoratuta (Bilintx); Bere biziarengatik inork ez zuen txanpon bat emango. Hainbesteraino ahuldu zen (J. A. Irazusta). Kuantifikatzailea perpausaren hasieran ematea da ohikoena horrelako esaldietan; hura perpausaren barnean ematea inoizko salbuespena baizik ez da: Iduri zuen Migelek esposeko atorra soinean zuela: xerraño haiek hain ziren ongi emanak! (Barbier). Alboratze hauek, jakina, ez dira emendiozkoak, eta, hortaz, ez dute emendiozko juntadurarik onartzen: *Herritar denek gura zioten eta hain zen bera zintzoa.

33.4b Ondorioa adierazten duen perpausak ondorio-morfema izan dezake —ezen morfema, edo haren aldaerak, gehienetan—, eta orduan esaldia ohiko ordenan ematen da: Hain ardo ona diagok eze, pena ematen zidak saltzea (San Martin); Hainbeste lan daukate, ezen enkargu gehiago hartu ezinik dabiltza Japoniako eta Koreako ontziolak (Berria); Hainbat gauzatan sartuta nabil eze azkenean denak gaizki egiten ditut (Elexpuru); Hala zara mudatuko, ze ez zaitu inork ezagutuko (Lazarraga); Halako errabiagaz esan ohi dituzte, ze edonork sinistu legike bihotz-bihotzetik direla (Astarloa); Hain modutan dago zabaldurik biraoak ezartzea, ze ez die inork sinisten (Astarloa)306. Baina non ere erabil daiteke horrelako esaldietan: Hain da garestia non erregeak eta beste gain-gaineko pertsonak bakarrik izan dezakete (A. P. Iturriaga); Hain da abila arotz, zurgin edo artista hau, non behin ikustearekin beste gabe ikasi du ezkilak egiten (A. M. Zabala). Aditza orainaldikoa dute adibide horietako perpausek, eta agerikoa da menderagailurik ez dutela. Zalantzazkoak gertatzen dira, ordea, ohi bezala, aditza iraganean dutenak, bietara uler baitaiteke haien amaierako -n morfema, menderagailu gisa nahiz iraganaldiko morfema soil gisa. Hala, Hain nekatuta zegoen, ezen afaldu gabe oheratu zen esaldia honako esaldi bi hauen iraganeko bertsioa izan daiteke: Hain nekatuta dago, ezen afaldu gabe oheratu da/den.

Egitura berezia da ze morfema aurreko perpausari itsatsia duena eta esaldia etenda uzten duena, ondorio perpausa aurretik emana delako edota, hura isilduta, testuinguruari esker ulertutzat ematen delako: Ohera noa, hain nekatuta nago ze…!; Neuk bere beti maite izan dut Maria: bera berriz hain da Ama ona ze (Uriarte); Baina hain da ona ze! (Uriarte).

33.4c Ere adberbioak indartu egiten du intentsitatearen adierazpena, aposizioan emandako kuantifikatzaile sintagmaren ondoan kokatua: Eskerrak bere buruaren jabe zela. Hain jabe ere, nahi zuen aldera jotzen zuen (Anabitarte). Eta, orobat, kuantifikatzailea daraman perpausa eskuinean dela, aposizioan emandako partizipioaren ondoan: Eskolara joan gabe gelditu nintzen, hain goxo nengoen ohean, egon ere.

302 OEH s. v. non: “De uso gral. al Norte; entre los guipuzcoanos es usual hasta principios del s. XX, fecha a partir de la cual se hace muy escaso. En la tradición vizcaína sólo se documenta en Añibarro”.

303 Garatek okertzat jotzen du -(e)la menderagailuaren erabilera hau. Hain ona zen, denek maite zutela esaldiaren lekuan Denek maite zuten: hain zen ona gisakoak erabiltzea proposatzen du (1988: 207).

304 Ohikoaz kanpokoa da perpausa nola morfemaz bideratzea: Uste al duzu Bizkaian hain jende biguna dela nola zeuen alardeen beldurrak daudela? (Bertso bizkaitarrak).

305 Hain mailakatzailearekin eginiko ondorio perpausen lekuan erlatiboarekin eginiko itzuli bat erabiltzen da inoiz hizkera arruntean. Hain garestia da etxea, ezen ezingo baitut erosi gisakoen lekuan, Den garestiarekin, ezin izango dut etxea erosi gisakoak, alegia (ikus 31. kapitulua).

306 OEH s. v. ze: “Conjunción de valor consecutivo; con hain, hain modutan, halako moduan, hainbeste… y similares. La oración subordinada no lleva normalmente ninguna marca de subordinación del tipo bait, -(e)n o -(e)la)”.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper