Euskararen Gramatika

34. Baldintzazko perpausak

34. Baldintzazko perpausak

34.1. Sarrera

34.1a Baldintzazko perpaus deituraren azpian egitura multzo zabala bildu ohi da, eta eredu modura ba- aurrizki menderatzailearekin osatzen direnak eman ohi dira (Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira; Bihar eguraldi ona egingo balu, hondartzara joango nintzateke; Gogor saiatzen bazara, emaitza onak lortuko dituzu), baina perpaus jokatugabeekin ere lor daiteke baldintzazko adiera (Gogor saiatuz gero, emaitza onak lortuko dituzu; Gogor saiatu ezik, ez duzu emaitza onik lortuko). Perpaus nagusiko ekintza gerta dadin bidea ematen duen ekintza edo egoera adierazten da mendeko perpausean, azpimarratutakoan, eta ‘baldintza’ horretatik (‘euria egitea’; ‘eguraldi ona izatea’; ‘gogor saiatzea’) abiatuta betetzen da perpaus nagusian esaten dena. Alde horretatik, elkartzen diren bi perpausen arteko nolabaiteko kausalitatea sumatzen da. Horrez gain, hipotesiak adierazteko hizkuntzak erabiltzen duen baliabide nagusia ere badira baldintzazko perpausak: Nirekin ezkonduko bazina…; Petrolioa amaituko balitz…; Alkate izendatzen banaute… Baina baldintzazko perpaus deituraren azpian mota oso desberdineko egiturak bildu ohi dira, eta atala aurrera doan eran, ikusiko dugu ñabardura asko adieraz daitezkeela, eta heterogeneotasun handia dagoela.

Terminologiari dagokionez, baldintzadun perpausek bi atal izan ohi dituzte: baldintzazko perpausa deitzen zaio lehenengo atalari, mendeko perpausari, eta ondore perpausa bigarrenari, perpaus nagusiari; protasi eta apodosi ere deitu izan dira.

Baldintzadun perpausak

Baldintzazko perpausa

Ondore perpausa

Garaiz jaikitzen banaiz,

zure etxera joango naiz

Benetan ahaleginduz gero,

emaitza onak lortuko dituzu

34.1b Mendeko perpaustzat hartu ohi dira baldintzazko perpausak, baina ezin da esan perpaus nagusiko aditzaren mendean daudenik: elkartzen diren bi perpausen arteko harremana ez da aditz predikatuen eta modifikatzaileen artekoa bezalakoa, eta bi perpausen artean nolabaiteko korrelazioa dago. Lehen esan bezala, bi atalez osatutako egiturak dira, eta baldintzadun perpausaren bidez adierazten den hipotesia ondore perpaus osoari dagokio, ez predikatuari soilik. Mendeko perpausen artean sail batek baditu adierazten duten nozioarekin lotutako galdera hitzak (noiz, nola…), edo predikatuari dagozkion adberbioez ordezka daitezke (denbora, modua… edo antzerakoak adieraziz), baina baldintzadun perpausetan ez da horrelakorik gertatzen. Eguraldi txarra egiten badu, nire alaba etxean geratuko da esaten dugunean, baldintzazko perpausaren bidez ez da geratuko da predikatua zehaztuko duen inolako xehetasunik edo ezaugarririk adierazten. Alderdi horretatik, baldintzadun perpausa ez dago ondore perpausaren barnean, baizik eta ondore perpaus osoari dagokio. Izan ere, baldintzadun perpausetan ez da protasiaren edo apodosiaren edukia baieztatzen, baizik eta bien arteko inplikazio-lotura bat egiten da. Horrela, Bart garaiz oheratu izan ez bagina, gaur ez ginen hain argi esnatuko bezalako adibide batean, oso zaila gertatuko litzateke ondore perpausari zentzua ematea edo testuinguru egokia aurkitzea, baldintzazko perpausarekiko loturan ez bada. Izan ere, baldintzadun perpauseko bi ataletako bat ezabatzean edo aldatzean (adibidez, aditzaren aldia edo modua), perpaus osoaren esanahian edo gramatikaltasunean izan dezake eragina.

Baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko inplikazio hori indartzeko, ohartzen gara batzuetan bi perpausen artean, orduan, ba edo beti bezalakoak jar daitezkeela, bereziki ahoz ari garenean: Ekaitz arriskua badago, orduan ez gara mendira joango; Bakarrik geratzen bazara, beti etor zaitezke guregana; (Ba) deitzen ez badidazu, (ba) ez dizut inoiz barkatuko.

34.2. Menderagailuak

34.2a Adizki jokatua duten perpausekin ari garenean, ba- aditz aurrizkia da erabiliena baldintzazko perpausak egiteko: Liburu hori irakurtzen baduzu, ez zara damutuko; Garaiz oheratzen bazina, hobeto jaikiko zinateke; Garbi esan bazenit, egingo nuen. Menderagailuaren indargarri modura, batzuetan baldin lokailua azaltzen da: Liburu hori irakurtzen baldin baduzu, ez zara damutuko; Baldin garaiz oheratuko bazina, hobeto jaikiko zinateke. Lokailu hau tradizioan forma desberdinetan azaldu izan da (balin, balinetan, balinetarik…), eta kokaleku desberdinak izan ditzake, baina edozein kasutan, beti aurrizkidun aditzaren aurretik joaten da.

Aurreko ataletan ere aipatu dugu euskaraz askotan menderagailu bakoitza ez dela zehazki perpaus mota jakin bakar baterako erabiltzen. Horixe gertatzen da nagusiki baldintzazkoetan erabiltzen den ba- menderagailuarekin ere. Adibidez, ba- daramaten baldintzazko perpausak aurki ditzakegu bezala, baino eta bezain konparazio hitzen osagarri modura, alegialdiko forman: Haur txikia balitz bezala mintzatu zitzaizkion, eta horrek haserrea eragin zion; Harrera hotza egin dit, ezagutuko ez banindu baino hotzagoa; Egurrezko txirrindu hura altzairuzkoa balitz bezain gogorra zen. Bestalde, konparazio perpausetan inoiz agertu izan dira bailitzan edo bailuen bezalako esapideak ere; baina esapide horiek, oro har, aski berriak dira —nahiz eta XVIII. mendeko lekukotasunak ere agertu— eta euskara estandarrerako ez bultzatzeko aholkua ematen da (EGLU-V: 370, EGLU-VI: 13).

Beste batzuetan, perpaus osagarri modura ere azaltzen dira ba-perpausak. Horrela gertatzen da zenbait euskalkitan, bizkaieraz oroz gainetik, ez dakit joango banaiz bezalako adibideetan, zehar-galderak ba-perpausen bidez moldatzen direnean. Edo erabilera hedatuagoan, norbere balorazioa, iritzia edo erreakzio emotiboa adierazten duten predikatuekin ere (hobe izan, nahi izan, nahiago izan eta abar) aurkitzen ditugu (subjuntiboko perpaus baten ordez): Hobe zenuke garbiago jango bazenu; Nahiago nuen egia jakin izan ez banu; Ederra litzateke datorren asteko partida irabaziko bagenu. Hauek guztiak aditz izena duten egiturez ordezka daitezke (Hobe zenuke garbiago jatea; Nahiago nuen egia ez jakitea…), baina azterketa sakonago batek horrelako ba-perpausak perpaus osagarritzat ez jotzera ere eraman gaitzake.

Bestalde, hauen oso hurbileko adibide batzuk ere aurki daitezke, ezezko perpausetan bereziki: Ez da harritzeko/miresteko guztiek bizkar eman badiote. Itxura batean, subjektuaren lekua betetzen duten perpaus osagarriak izango genituzke; baina egitura hauen analisian, gauzak barnago ikertuz, seguruenaz ere ohar gintezke ageri ez den izen sintagma bat dela subjektua perpaus horietan, eta, beraz, azalean baizik ez direla perpaus osagarriak. Era honetako ba- perpausak ez ditugu atal honetan aztertuko.

Ba- duten perpausek beste balio batzuk ere har ditzakete. Adibidez, beste menderagailu batzuekin gertatzen den eran, ere diskurtso markatzailea eranstean kontzesiozko adiera hartzen dute: Saiatu bazara ere, ez duzu lortu. Helburuzko balioa izaten dute baldintzazko perpausean partizipio prospektiboa dagoenean, eta ondore perpausean beharra edo ezina adierazten duen predikatua agertzen denean: Garaiz jaikiko bagara, garaiz oheratu beharko dugu; Lantegia aurrera aterako badugu, ezingo gara beti liskarretan ibili. Balio honetan, baldintzadun perpausetako kausalitate-erlazioa nolabait aldatua azaltzen zaigu, eta ondore perpauseko ekintza edo gertakaria lehenago dator baldintzazko perpausekoa baino. Horrelakoak kontzesiozkoen eta helburuzkoen ataletan aztertuko dira (ikus 37. eta 39. kapituluak).

Adizki jokatuarekin baldintzazko perpausak eratzeko bide nagusia BA- aditz-aurrizkia da. Baina ezezko perpausetan, NON (ETA) EZ … -N erako egiturek ere baldintza adierazten dute, salbuespen zentzu oso zorrotzarekin: Kanpoan afalduko dugu, non eta ez didaten azken unean lanetik deitzen; Ez da adiskidetuko, non eta zuzenean barkamena eskatzen ez dioten.

34.2b Adizki jokatugabeekin ere eratzen dira baldintzazko perpausak. Baina ezin da esan zehazki baldintzazkoak bakarrik eratzeko menderagailurik dagoenik: hemen aipatuko ditugun guztiek lotura zuzena dute denborazkoekin, moduzkoekin, edo helburuzkoekin. Batzuetan partizipioa hartzen da oinarri modura, eta beste batzuetan aditz izena. Partizipioa oinarritzat harturik, -TUZ GERO, -TU EZIK eta -TU EZEAN dira baldintza balioan gehiena erabili izan direnak: Benetan ahaleginduz gero, emaitza onak lortuko dituzu; Ondo ikasi ezik, ez duzu etsamina gaindituko; Garaiz joan ezean, ez dugu partidarako sarrerarik lortuko. Aditz izenarekin, berriz, -T(Z)EKOTAN/-T(Z)EKOTZ eta -T(Z)ERA(T) dira baldintzazko balioarekin sarriena azaldu izan direnak: Araudia aldatzekotan/aldatzekotz, guztion adostasuna behar da; Hori guztia jakitera, bileran isilik geratuko nintzen.

Eta badira, bestalde, nagusiki beste balio bat duten menderagailuak, baina inoiz baldintzazkoen adierara hurbil daitezkeenak ere. Adibidez, -TUTA, -TURIK, -TUZ, -TUTAKOAN menderagailuak baldintzazko adierarekin ere erabil daitezke: Orain arte bezala jarraituta, garaipena hurbil izango duzu; Hainbeste janez, laster gizenduko zara; Gogo onez hasitakoan, erraz egiten da lana. Menderagailu hauek ez dute hainbeste zehazten mendeko perpausak nagusiarekin izango duen lotura semantikoa, eta tarteka baldintza (Orain arte bezala jarraitzen baduzu…; Hainbeste jaten baduzu…; Gogo onez hasten bada…) edo beste balio batzuk adieraz ditzakete; zirkunstantzia bat adierazten dute, eta zirkunstantzia hori baldintzazko modura ere interpreta daiteke. Baina menderagailu hauen azterketa beste atal batzuetan egingo da (ikus 36. eta 40. kapituluak).

34.2c Beste zenbait egituraren bidez ere lor daitezke baldintzadun perpausen pareko balioak, baina guk ez ditugu hemen aztertuko, ez baldintzazkoen barnean sartuko. Juntaduraren (bereziki aditzaren elipsia dagoenean) eta alborakuntzaren bidez eraikitzen diren irakurketa batzuk ere baldintzadun perpausetakoen parekoak izan daitezke: Bizkorregi gidatu, eta laster izango duzu istripuren bat; Lasaitasuna behar duzu? Etor zaitez Karrantzako aterpetxera. Pareko esanahia lortuko genuke baldintzadun perpausen bidez ere: Bizkorregi gidatzen baduzu…; Lasaitasuna behar baduzu… Eta gauza bera gerta daiteke zenbait postposiziorekin: Zure laguntzarekin, liga irabaziko dugu; Zure laguntzarik gabe, ez dugu lana aurrera aterako. Edo aditz izenari zenbait postposizio erantsiz: Barkamena eskatzearekin gauza asko konponduko zenituzke. Hauek ere baldintzadun perpausen pareko irakurketak izan ditzakete (Zure laguntza badugu…; Zure laguntzarik ez badugu…; Barkamena eskatzen baduzu…), baina ez ditugu hemen aztertuko307.

34.3. Baldintzazko perpausak zer diren

34.3.1. Baldintza kontzeptua, definigaitza

34.3.1a Atal honen sarreran aipatu dugu baldintzadun perpausen barnean mota oso desberdineko egiturak bildu ohi direla, eta heterogeneotasun handia dagoela. Ohartzen gara baldintza hitza erabiltzen dugula perpaus mota baten zedarritzeko. Baina baldintzaren kontzeptu hori, ororen gainetik logikakoa eta filosofiakoa dena, ez da alor horietan ere definitzen errazenetarikoa.

Nolanahi ere, baldintzadun perpausen izaera eta ezaugarriak hobeto zedarritzeko, badira zenbait kontzeptu eta nozio kontuan izan beharrekoak. Lehenik, kausa-ondorio erlazioa dago. Mendeko beste perpaus mota batzuetan ere (kausazkoak, helburuzkoak) badu garrantzia erlazio horrek, eta baldintzazkoen kasuan erlazio horrek agertzen dituen ezaugarrietara jo izan da sarritan perpaus mota hau definitzeko unean. Bigarrenik, hipotesiaren kontzeptua: baldintzazkoak dira hizkuntzan hipotesiak egiteko bide nagusia, eta adierazten duten hipotesi motaren arabera sailkatu ohi dira baldintzazko perpausak. Horien alboan, aldiberekotasunaren kontzeptua ere kontuan izan behar da, batzuetan baldintzazkoen eta denborazkoen eremuak hurbil izaten baitira. Eta azkenik, arreta berezia jarri behar zaie baldintzadun perpausetan aurkitzen diren semantika/pragmatika jokoei, hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausek era askotako erlazioak eta nozioak adierazten baitituzte.

34.3.1b Batzuetan, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko erlazioetatik abiatuta, bi motatako baldintzaz hitz egiten da: enuntziatuaren baldintza, eta enuntziatzearen baldintza. Enuntziatuaren baldintzetan, baldintzazko perpausaren edukiak, kausa hipotetiko gisa, ondore perpausean esaten dena bideratzen du. Hori gertatzen da, adibidez, Euria egiten badu errekak hazi egiten dira esaten denean; lehendabizi ‘euria egiten du’, eta ondorio modura ‘errekak haztea’ datorkigu. Aditzen aldiak besterik adierazten ez badu, interpretatzen da baldintzazko perpausean adierazia lehenago gertatzen dela ondore perpausekoa baino. Horrelakoei edukiaren baldintza edo kausa-ondorio baldintza ere deitu izan zaie. Baina enuntziatzearen baldintzetan gauzak ez dira horrela: Errekak hazi badira, euria egingo zuen ere esan dezakegu, eta hor, baldintzazko perpausaren edukia ez da ondore perpausaren kausa, baizik eta ondore perpausean egiten den baieztapena arrazoitzeko, edo ondore perpausa adierazteko abiapuntu bezala hartzen da. ‘Euria egingo zuela’ adierazten dut, edo ondorio hori ateratzen dut, ohartzen bainaiz edo esan baitidate ‘errekak hazi direla’. Protasitik abiatuta, arrazoitze, inferentzia edo ondorioztatze ariketa bat egiten du esaleak (isilean inferentziak bideratzen dituen predikatu abstraktu bat egon daitekeela ere proposatu izan da, adibidez, ‘pentsa daiteke’, edo ‘esan daiteke’ moduko bat), eta askotan ondore perpausean adierazten dena lehenago dator denboran baldintzazko perpausean esaten dena baino, denbora korrelazioa askeagoa baita.

Hurrengo lerroetan, baldintzadun perpausen izaera hobeto ezagutzeko eta zedarritzeko aipatu izan diren nozioak eta erlazioak aztertuko ditugu.

34.3.2. Baldintza eta kausa

34.3.2a Kausa eta kausa-ondorio erlazioa bereziki aipatu dira baldintzaren izaera semantikoa argitzeko. Konpara ditzagun ondorengo bi adibideak: a) Gaizki ikusten baduzu, ez duzu irakurtzen ahalko; b) Ez duzu irakurtzen ahalko, gaizki ikusten baituzu. Ikus daitekeenez, franko hurbil dira bi perpausak, baina batak baldintza eta besteak kausa adierazten dute. Alderik handiena, esaleak mendeko perpausean adierazten duenaz erakusten duen jarreran datza: baldintzan esana (zuk gaizki ikustea) egia izan daitekeela dio, hala dela segurtasunik erakutsi gabe; kausazkoan, berriz, ez du dudarik agertzen. Horregatik, maiz, baldintzaren eta kausaren arteko desberdintasuna modalitate kontu horretara mugatua izan da, baldintza kausa modal gisa definitzen zelarik. Gramatika terminologian ere gelditu da kausa nozioari darraion zerbait, zeren gorago ikusi dugun bezala, baldintzazko perpausari dagokion apodosia ondore perpausa ere deitu ohi baita, esan nahi baitu kausatasunari dagokion kontzeptu bat erabiliz.

Kausaren nozioaren arabera ikusten delarik baldintza, askotan kausa-ondorio erlazioaren edukia ere aipatzen da. Ezaguna da bi eratan bereziki mugatu ohi dela erlazio hori: kausak ondorioa nahitaez ekartzen duenean, askikoa dela esan ohi da; eta kausa gertatu gabe, ondoriorik ezin izan daitekeela adierazten denean, aldiz, esaten da ezinbesteko kausa dela. Filosofoek eta logikariek askiko kausa gisa mugatu ohi dute hizkuntzako baldintza, eta hala gertatzen da usaian, hala nola adibide honetan: Euria egiten badu, Pello etxean egongo da. Adibide honetan, esaleak dio baldintza (euria egitea) betetzea aski izanen dela Pello etxean egoteko.

34.3.2b Nolanahi ere, logikan gauzak hala izanik, hizkuntzaren erabilera arruntean kontu horiek aski errazki itzulipurdika daitezke, bereziki ezetza baliatuz. Adibidez, aurreko adibidean ezetza erabiltzen badugu: Euria egiten ez badu, Pello ez da etxean egongo. Nahiz formalki itxura berekoa den, hiztunek beste irakurketa bat eman diezaiokete ezezkotasuna duen adibideari, inferentziak eginez: hiztunak ez du esaten euria egiteak nahitaez ekarriko duela Pello etxean egotea; alderantziz, adierazten du, Pello etxetik ateratzea gertakor datekeela, baina ez gertakari segura. Beraz, solasaren haria hautsi gabe jarraipen hau ematen ahalko zaio adibideari: (Euria egiten ez badu, Pello ez da etxean egongo); egiten badu, aldiz, beharbada egonen da, nahiz ez den segur; ikusiko dugu orduan zer eginen duen.

Gisa horretako perpausak maiz aurkitzen ditugu salbuespena adierazten duten baldintza bereziekin: Etxe hau ez dut erosiko, non ez dioten aurretik teilatua berriztatzen. Adibide horretan esaleak ez du segurtatzen etxeko teilatua berriztatzen balitz etxe hura erosiko lukeela, ondorio hori ez baita nahitaez haren esanetik ateratzen. Azpimarratzen du, haatik, berriztatze hori ezinbesteko baldintza dela harentzat etxe hura erosteko. Baldintza gisa horretan hanpaturik erabiltzen denean, adibidez, bakarrik adberbioaz lagundua izanik, baldintza ber denboran askikoa eta ezinbestekoa izaten da: Zu nirekin etortzen bazara bakarrik, joanen naiz.

34.3.3. Baldintza eta hipotesia

34.3.3a Hipotesiaren nozioa ere oso garrantzitsua da baldintzazko perpausen berri emateko. Hipotesiak egiteko hizkuntzek duten modu nagusietarik bat da baldintza. Hipotesia, gerta zitekeenari edo daitekeenari buruz egiten den proposizio aukera bat da, eta baldintzazko perpausak hura mamitzen du. Are gehiago, anitz hizkuntzatan, eta euskaran ere hala da, esaleak hipotesiei ematen dien gertakortasun mailaren arabera, adizki jokatuaren aldia desberdina izan ohi da (+/-alegialdia). Esaleak hipotesiak gertakortzat jotzen dituenean, oraineko edo iraganeko adizkerak erabiltzen ditu: Bihar Donostiara joaten bagara… (-alegialdia; gertakorra). Horrelakoei baldintza errealak deitu izan zaie gramatiketan. Eta adizkia (+alegialdia) motakoa bada, baldintza irrealaz hitz egiten da: Bihar Donostiara joango bagina… (+alegialdia; gertagaitza); Iaz Donostiara joan izan bagina… (+alegialdia; ez da gertatu). Aurreko adibide horietan, adizkeraren aldaketak adierazten du esaleak nola ikusten duen solaskidea eta haren lagunak Donostiara joateko aukera: lehenean, gertakorrago dela gertagaitza baino; bigarrenean gertagaitzago dela gertakorra baino; eta hirugarrenean, iraganaldira begira, Donostiara ez zirela joan, ez dela gertatu (baldintza kontrafaktualak ere deitu izan dira horrelakoak). Azken honen gisako adibideekin, adierazten dena da, baldintzadun perpauseko bi ataletan aipatzen dena ez dela egiatan gertatu. Kontzertura joateko deitu bazenit, joango nintzen esaten badugu, aipatzen diren bi gertakariak ez direla jazo adierazten da: kontzertura joateko ez ziola deitu, eta kontzertura ez zela joan. Hauetan, bada, ez dago egiazko hipotesirik: hipotesiak etorkizunean bakarrik egiazta daitezke, eta etorkizunera begira dauden adibideak bakarrik izan daitezke benetako baldintza hipotetikoak.

34.3.3b Hipotesiari esaleak ematen dion gertakortasuna maila, beraz, erabiltzen diren adizkiei lotua dago, eta horretatik abiatzen dira sarri gramatikariak baldintzazko perpausen sailkapena egiteko. Baina puntu honetan, kontuan izan behar da adizki jokatugabeekin ere osatzen direla baldintzazko perpausak, eta adizki jokatugabeek adizki laguntzailerik ez dutenez, sailkapen horretarako irizpide nagusia, adizkia (+/-alegialdia) izatearen irizpide formala, ez da agertzen mendeko perpausean: Donostiara joanez gero, hondartzara joango naiz/nintzateke/nintzen. Ondore perpauserako hautatzen den aditzaren arabera, nabarmena da esaleak gertakortasun-maila desberdinak dituela buruan, baina hala ere baldintzazko perpausa guztietan bera da (Donostiara joanez gero): baldintzazko perpaus jokatugabeetan (+/-alegialdia) izatearen edo oraina/iragana den informaziorik ez dugu mendeko perpausean, eta aspektu markarik ere ez zaigu azaltzen.

34.3.3c Azkenik, hipotesien gertakortasun mailaren gainean ari garelarik, nabarmendu behar da testuinguruak ere garrantzi handia izan dezakeela. Begira ondorengo adibideari: Bihar eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara; baina ez diot itxura handirik ikusten, eta ziurrenera beste zerbait pentsatu beharko dugu. Adibide honetan orainaldiko adizkiak erabiltzen dira baldintzazko perpausean, eta hipotesia nahiko gertakorra izan zitekeen, baina perpausari ematen zaion jarraipenean, gertakortasunari buruzko itxaropenak erraz aldatzen dira.

34.3.4. Aldiberekotasuna

34.3.4a Denborazko aldiberekotasunaren kontzeptua ere maiz aipatu izan da baldintzaren gainean hitz egiten denean, eta zeharka bada ere, garrantzia izaten du. Solas egoera askotan denborazkoak eta baldintzazko perpausak sinonimo edo baliokide izan daitezke, eta testuinguru anitzetan bata bestearen orde balia daitezke; baita juntaduraren bidez lotu ere. Euria egiten duenean, kaleak busti egiten dira, denborazko mendeko perpausarekin, edo Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira, baldintzazko perpausarekin, zenbait egoeratan, baliokideak izan daitezke.

Adibide horietan errepikatzen diren bi gertakariz hitz egiten da (euria egin eta kaleak busti), eta elkarren artean erlazio bat moldatzen da, ikuspegien arabera baldintzazko edo denborazko perpausa eratuz. Izan ere, errepikapena adierazten duten denborazkoetan, baldin gertakari edo egoera bat noiz gertatu den edo gertatzen den adierazteko beste egoera edo gertaera bat aipatzen badugu, inplizituki adieraz dezakegu denborazko edo kausazko erlazioa ere badela gertakari horien artean308. Era honetako adibideetan, gertakortasun maila ez dago auzitan, eta horrek baliokidetasuna errazten du.

34.3.4b Denborazkoen eta baldintzazkoen arteko baliokidetasuna iteratiboak edo errepikatuak diren egoeretan gertatzen da errazena: Etxean bazkaltzen badu/duenean, berandu itzultzen da lanera. Adizkiak (-alegialdia) motakoa behar du, baldintza errealekoa. Horrelakoetan juntaturik ere erraz ager daitezke: Lantokiko jangelan gelditu ordez, emaztearekin bazkaltzen duenean, edo amarenera joaten bada, berandu itzultzen da lanera. Aldiz, iteratiboak ez diren egoeretan nekezago aurkituko dugu, nahiz orduan ere antz zerbait aurki daitekeen batzuetan denborazko eta baldintzazko perpausen artean: Maddi ikusten duzunean, goraintziak emazkiozu; Maddi ikusten baduzu, goraintziak emazkiozu. Bi adibide hauek solas ingurumen askotan esanahi hurbilekoak izanen dira. Halere, hemen desberdintasun bat nabaritu daiteke. Denborazko perpausa erabiliz, esaleak ez du dudarik erakusten aipatzen den gertakaria egiazki gertatuko den ala ez. Baldintzazkoa erabiliz, aldiz, halako segurtamenik eza adierazten du bere solasean. Desberdintasun horren indarra solas ingurumenak mugatuko du; adibidez, zuk Maddi noiz ikusiko duzun batere argi ez bada (bihar, etzi, edo urte baten, edo bizpahiruren buruan), orduan baliokidetasun pragmatiko handiagoa hartuko dute bi perpausek.

34.3.4c Adizki jokatugabearekin ere agerian gelditzen da denboraren eta baldintzaren arteko lotura hori. -TUZ GERO menderagailuaren bidez denborazko mendeko perpausak egiten dira, baina baldintzazkoak ere osa daitezke, eta sarritan bi adieretatik edozein uler daiteke. Pertsona bat bistatik galduz gero, galtzen da halaber oroitzapenetik adibidea, uler daiteke denborazko modura, pertsona bat bistatik galtzen denean/galdu ondoren, edo baldintzazko modura, pertsona bat bistatik galtzen bada. Kasu honetan, ondokotasuna baldintza modura ulertzen da. Baldintzazko adiera erraz lortzen da, baita ere, balio generikoa duten adibideekin (Osasuna galduz gero, gertu izaten dira pentsamendu ilunak; Artzain artean ibiliz gero, gazta jan behar!), edo denbora- unea seinalatu beharrean une zehatzik gabeko egoera adierazten denean (ahal izanez gero, nahi izanez gero…).

34.3.5. Solas jokoak eta inferentzia bidezko erabilerak

34.3.5a Baldintzaren nozioa kausalitatearen arabera aztertua izan bada, inola ere ez daiteke baldintzazko perpausen erabilera horretara muga, zeren hizkuntza erabileran logikan ez bezalako ezaugarriak izan baititzakete baldintzadun perpausek, eta kausa-ondorio erlazioak huts egiten baitu batzuetan mintzaira errealeko baldintzadun perpausen erabilerak argitzeko. Aurretik ere aipatu dugu, enuntziatuaren baldintzak eta enuntziatzearen baldintzak bereizi izan direla. Azken hauetan jarriko dugu arreta hemen.

Esate baterako, Egarri bazara, goizean sagardoa eman dut hozkailuan bezalako adibide batean, elkartzen diren bi perpausen arteko erlazioa ez da kausazkoa, eta nekez aurkez daiteke perpaus nagusia mendekoaren ondorio gisa, logika ikuspegian egiten den bezala, besteak beste, kasu horretan ondorioan aipatzen den gertakaria, baldintzazko perpausean adierazia dena jazo baino lehenago gertatu baitzen. Horrelako kasuetan, solasaren erregelen bidez azal daiteke baldintzaren erabilera, eta gure adibidean inplizituki adieraziak direnak agerian eman behar bagenitu, horrelako zerbait esan behar genuke: goizean sagardoa hozkailuan ezarria dudala esanez jakinarazten dizut edatekoa badela etxe honetan; edari freskoa gainera eta ez edozein: sagardoa, edo gure arteko harremanak diren bezalakoak izanik, badakizu engoitik edatekoa izateko aski duzula eskatzea, edo zerorrek hozkailutik hartzea, edo egoerari dagokion besteren bat. Solaskideen arteko solas konbentzio isiletan eta ageriko esanek inferentziaz inplikatzen dituzten azpiko adierazietan finkaturik daude gisa horretako baldintzazko perpausak, eta maiz agertzen dira hizkuntza erabileran.

34.3.5b Enuntziatzearen baldintzen bidekoak izaten dira hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausetako asko: baldintzazko perpausean ez da adierazten kausa bat, baizik eta perpaus nagusia enuntziatzeari zentzua emango dion, edo enuntziazio hori bideratuko duen ‘baldintza’ bat. Nekez aurki daiteke haietan kausa logiko baten itxurarik. Ikus ditzagun beste adibide batzuk, baldintzazko perpausez ari garenean zertaz ari garen hobeto jabetzeko: Hotz bazara, berogailua pizten ahal dut.

Esaleak solaskideari esaten balio: Hotz bazara, berogailua piztuko dut, baldintza arrunta genuke; ordea, ondore perpausean ahalezko modalitateari doakion forma bat erabiliz galtzen da logika lotura, berogailuaren pizteko ‘ahala’ ez baitaiteke solaskidea hotz egotearen ondorioa izan. Halere, ondorioak seinalatzen duenarekin solaskideak badaki, nahiz ez den hitzetan agerian adierazia, berak beharra badu edo eskatzen badio, esalea prest dagoela berogailua pizteko. Beraz, hemen ere, solasak bideratzeko diren kooperazio eta solaskidetza printzipioetan oinarritua da lotura.

34.3.5c Ikus dezagun beste adibide bat: Pello bilkurara etorri ez bada, eri da. Adibide honetan, dedukzio bat adierazten du esaleak. Izan ere, adibide horretan ere, Pello eri izatea ez daiteke Pello bilkurara ez etortzearen ondorioa izan. Alderantziz, izatekotz, kausa da, ez ondorioa. Hain zuzen ere, perpaus nagusian adierazia (Pello eri izatea) baldintzazko perpausean esanaren (bilkurara ez etortzea) kausa izan daitekeelako bideratzen da dedukzioa.

Eta hurrengo adibidea: Nekatuta egonez gero, denboraz lasai gabiltza. Hemen ere ez dago kausa-erlazio logikorik: solaskideek eraiki behar dute lotura, egoeran oinarrituta. Denboraz lasai dabiltzala adierazi du hiztunak, eta esan duena esateari nolabaiteko zentzua ematen dio baldintzazko perpausak: alegia, denboraz lasai dabiltzala esan du, norbait nekatuta egonez gero, eta beharbada esaleak norbait nekatuta egoteko aukera ikusten duelako, nolabaiteko zeharkako gonbita eginez, atseden hartzeko arazorik ez dela izango iradoki nahian.

34.3.5d Ikus dezagun orain beste hau: Axularrek ‘Gero’ idatzi bazuen, orduko irakurtzaileek holako liburuen beharra zutelakoan egin zuen.

Adibide honetan, perpaus nagusiak baldintzazko perpauseko proposizio edukia berriz hartzen du (egin zuen = ‘Gero’ idatzi zuen), eta galdegai gisa agertzen den informazio bat gaineratzen du, kausazko perpaus gisa agerrarazirik (orduko irakurtzaileek holako liburuen beharra zutelakoan). Kasu horretan esaleak, bai eta haren solaskideek ere, baitakite Axularrek Gero idatzi zuela, ez da hipotesirik egiten baldintzazko perpausean, eta ez da perpaus nagusian esana denari buruz kausarik adierazten. Alderantziz, usaiako loturak aldatuz, ohiko kausa-erlazioa aldez kontra emana da: hemen baldintzazko perpausari dagokion kausa perpaus nagusian adierazia da, kausazko perpaus hori galdegai gisa hanpatua izanik.

34.3.5e Aldiz, Miren etortzen bada, berandu etorriko da adibidean, aurreko adibidean bezala, perpaus nagusiak baldintzazko perpauseko proposizio edukia berriz errepikatzen du, eta galdegaia (berandu) gaineratzen. Kasu honetan, ordea, aurrekoan ez bezala, baldintzazko perpausa ez dagokio solaskideek aitzinetik jakintzat daukaten zerbaiti, eta hipotesi gisa agertzen da. Hain zuzen, esaleak adierazten du hipotesi hori betetzekotan haren ustez zer gisatan gertatuko den. Hemen ere, beraz, ondore perpausa ez da gertakarien logikako ondorioa.

34.3.5f Segi dezagun beste adibide batzuekin: Aterkia hartuko dut, euria egiten badu (ere); Inoiz behartzen bazara (ere), hartu nire telefonoa.

Adibide hauetan hipotesi bat ematen da (euria egitea; nire laguntzaren beharra izatea), etorkizunean kokatuz, menturazko modura, eta hipotesi horri nolabaiteko gertakortasun-mailaren bat aitortzen zaionez, une honetan egiten duen ekintzaren kausa modura azaltzen da: gerta daiteke euria egitea, eta horregatik, badaezpada ere, aterkia hartuko dut. Alde horretatik, kausazkoekin parekotasuna dute (Aterkia hartuko dut, euria ari duelako); baina euria egitearen gertakortasuna oso desberdina da bi adibideetan.

34.3.5g Hobe dugu hemendik joatea, norbait etortzen bada ere perpausa ere baldintzazkoa da eta gerta daitekeen zerbait aipatzen du, arrisku bat balitz bezala. Esalearen ikuspegian mentura hori aski da ondore perpausean dioenaren funtsatzeko, aurreko kasuan gertatzen zen bezala. Baldintzadun perpaus ohiko edo kanonikoetan esaleak dio ‘norbait etortzeko baldintza bete ondoan’ gertatuko dela perpaus nagusian adierazten den ondorioa; ez da horrela, hemengo erabileran, non esaleak baitio inor etorri gabe ere, ‘norbait etor daitekeelako soilik’, hobe dela joatea, badaezpada ere.

34.3.5h Enfasia emateko erabiltzen dira Entrenatzaileari zerbait eskertzen bazion, berarekin izan zuen pazientzia zen gisako perpausak.

Ondore perpausean izan aditza azaltzen da, eta baldintzazko perpausean izenordain zehaztugaberen bat (zerbait, norbait…). Adibideek ez dute benetako hipotesirik agertzen: ziurtzat hartzen da baldintzazko perpausak dioena (entrenatzaileari zerbait eskertzen ziola), eta ondore perpausean izenordain horren edukia zein den zehazten da (zerbait = berarekin izan zuen pazientzia). Baliokide izango luke, ‘Berarekin izan zuen pazientzia eskertzen zuen gehiena’.

34.3.5i Beste kasu honetan, Ondo pentsatzen jarriz gero, bizitzako buruhauste asko huskeriak besterik ez dira adibidean baldintzazko perpausa hizpidea emateko bezala baliatzen da, ondore perpausaren bideratzaile modura: ondore perpausean baieztapen bat egin nahi da (bizitzako buruhauste asko huskeriak besterik ez direla), eta baldintzazkoak ez du benetan inolako kausarik agertzen. Antzerakoak dira, baita ere, Oker ez banago, Josuk zuzendaritzaren alde hitz egingo du, edo, Nire datuak zehatzak badira, aurtengoan gaindituko dugu krisia bezalakoak. Hauek iradokitzen dute ‘ondorengo baieztapena egia da’, edo elkarrizketetan gure baieztapenak goxatzeko erabili ohi dira, kortesia modura309.

34.3.5j Batzuetan ondore perpausean galderak, aginduak edo (+ahal) adizkia daramaten adibideak izaten dira: Hain ziur bazaude, zertarako egin duzu? / jarraitu aurrera zure asmoarekin / joan zaitezke.

Horrelakoetan ere ez dago kausa-ondorio lotura logikorik, edo benetako hipotesirik. Elkartzen diren bi perpausen artean askatasun handiagoa dago (aldi komunztadura ere askeagoa da), eta sarritan aholkuak, baimenak, aginduak edo gaitzespenak emateko erabiltzen dira. Nolabait esateko, baldintzazko perpausak ondore perpausa enuntziatzeko justifikazioa ematen du.

34.3.5k Hona hemen beste egoera bat: Euskara hizkuntza erromanikoa bada, ingelesa bantu hizkuntza da.

Esan gabe doa euskara hizkuntza erromanikoa izatea ezin izan daitekeela ingelesa bantu hizkuntza izatearen kausa. Berez, proposizio batak ez du bestearekin zer ikusirik. Halere, solasaldi batean, lokarri analogiko bat izan daiteke bi proposizioen artean, hiztunak solaskideari esaten balio bezala: biek badakigu ondorio perpausean esana kirtenkeria dela; bada, jakin ezazu baldintzazko perpausean esana ere kirtenkeria galanta dela. Mota honetako adibideetan, ondore perpausa nabarmenki okerra delarik, baldintzadun perpaus osoa enuntziatzeari ‘zentzua’ emateko bidea, baldintzazko perpausa ere nabarmen okerra izatea da. Horregatik, zenbait testuinguru argumentatibotan egoki erabilia gerta daiteke aipatu perpausa. Ordenari dagokionez ere, ia beti baldintzazkoa ondore perpausaren aurretik joan ohi da.

34.3.5l Beste batzuetan aurkaritza adierazten da egitura horrekin: Lehen beti elkarrekin ibiltzen baziren, orain haserre daudela dirudi.

Protasian adierazia egiatzat ematen da, baina aurkaritza adierazi nahian erabiltzen dira horrelakoak, elementuren baten kontrastea izaten da (lehen/orain), eta kontzesiozko interpretazioa gailentzen da (nahiz eta lehen beti elkarrekin ibiltzen ziren). Inguruko hizkuntza erromanikoetan era honetako aukera estilistikoak erabiltzeko joera handia da.

34.3.5m Azkenik, badira kontzesiozko interpretazioa dutenak ere: Euskal Herria ederra bada, munduan txoko polit harrigarri ugari aurkituko ditugu.

Kasu honetan ere kontzesiozko interpretazioa ematen zaio adibideari. Hiztunak ondore perpausean dioena kontrajartzen zaio inferentziaz baldintzazko perpausean esanetik atera daitekeen ondorioari. Alegia, baldintzazko perpausean esanak pentsaraz dezake Euskal Herria toki ederra dela, eta munduko toki ederren artean leku nabarmen bat merezi duela; baina perpaus nagusiak argitzen du munduan toki polit berezi asko direla, eta Euskal Herria ez dela hainbeste nabarmentzen.

34.3.5n Beraz, aurreko adibide horiekin guztiekin garbi ikusten den bezala, hizkuntza errealean solaskideen arteko inferentzia jokoetan oinarritutako erabilerak mota askotakoak eta guztiz ugariak dira, eta baldintzazko perpausen berri izateko ezinbestekoa da horrelakoak kontuan izatea. Batzuetan ohiko kausa- ondorio erlazioari jarraituko diote, baina beste batzuk enuntziatzearen baldintza izango dira, era oso desberdineko erlazioekin. Esan daiteke hiztunak baldintzadun egiturak erabiltzen dituenean, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren artean ‘inplikazio pragmatiko’ bat badagoela adierazi nahi duela, eta protasian esaten denak bide ematen duela apodosia adierazteko; nolabait esateko, ‘pentsa ezazu p protasia, q apodosia enuntziatzeak zentzua izan dezan’.

34.4. Baldintzazko perpausen nolakotasuna

34.4a Baldintzazko perpausak gehienetan mintzagai gisa agertzen dira, anitzetan perpaus nagusiaren ezkerrean (Baimena ematen badiozu, Pello bihar joango da), eta hortik heldu zaie protasi deitura (ondore perpausaren aitzinean agertzen ohi direlako). Ez da, halere, ezinbesteko kontua, eta honen eskuinean ere inolako arazorik gabe erabil daitezke (Pello bihar joango da, baimena ematen badiozu), nahiz ahozkoan intonazio modu berezia ohi dagokion egitura honi.

Mintzagai izateko joera dutelarik, errazki erabil daitezke mintzagaien bereizkuntza bideratzen duten aditzekin: Pello laguntzera joaten bazaizu, badakit lanak ondo egingo dituzuela. Adibide horretan badakit aditzaren ezkerraldean agertzen den baldintzazko perpausa perpaus osagarriari dagokio: Pello laguntzera joaten bazaizu, lanak ondo eginen dituzu. Adizki jokatugabeekin ere jokabide bera agertzen da; adibidez, -TUZ GERO menderagailua erabiliz: Benetan saiatuz gero, badakit lortuko duzula.

Munduko hizkuntzetan ere ohiko jokabidea baldintzazko perpausa ondore perpausaren aurretik joatea da, eta Greenberg-en unibertsaletan jasota dago (14. unibertsala). Baldintzazko perpausaren eginkizuna suposizioak ematea da, testuingurua eskaintzea, mundu posibleak aurkeztea, horietatik abiatuta ondore perpausa interpretatu ahal izateko. Hortik datorkio baldintzazko perpausari ohiko mintzagai izaera: aurretik ‘jakina edo emana’ den informazioa izango genuke, eta ondore perpausa baino lehen emango genuke. Askotan, aurreko berbaldia biltzeko, edo aukera posibleak eta ondorioak aztertzeko erabiltzen dira.

Baldintzazko perpausa ondore perpausaren atzetik datorrenean, ordea, gauzak gehienetan aldatu egiten dira, eta askotan perpaus nagusian adierazten dena zehazteko, murrizteko (Isun hau kenduko dizut, barkamena eskatzen badidazu; Alkate izatea onartuko dut, soldata igotzen badidazue), mailakatzeko edo xehetasunak azaltzeko (Gauetan buruko mina izaten dut, bereziki arratsaldean kafea hartzen badut310) erabiltzen da. Edo, Oporretan Italiara joango naiz, oporrik badut behintzat bezalako adibide batean, ondore perpausean presuposizio bat dago (oporrak izango dituela), eta baldintzadun perpaus osoak hutsik egin ez dezan, badaezpada, esaleak baldintzazko perpausa ematen du presuposizioa okerra gertatuta ere. Eta orokorrean, adierazten dena gauzatzeko aukera gutxiko egoerak ditugunean errazago ematen dira baldintzazko perpausak ondore perpausaren atzetik: Aurten oporrik gabe? Beno, joango gara, dirurik badut eta opor-egunak lortzen baditut.

Nolanahi ere, euskaraz baldintzazko perpausak galdegai modura azaltzea ez dago guztiz debekatua, eta ondotik galdegaiak bideratzen dituzten bakarrik bezalako adberbioak dituela, eta kontraste nabarmena bideratuz, horrelako adibideak lor daitezke: Alabaren borreroa hilda ikusten bazuen bakarrik lor zezakeen atsedena, ez bestela. Hori gertatzen denean, baldintza askikoa eta ezinbestekoa izaten da.

34.4b Baldintzazko perpausen barneko osagaien ordena ere franko libre da. Aditza perpausaren aitzinean, erdian edo bukaeran izan daiteke: Gertatzen bazaizkio ustekabeko batzuk, urduritu egiten da; Ustekabeko batzuk gertatzen bazaizkio egunaren bukaeran, loa galtzen du; Ustekabeko batzuk etortzen bazaizkio, urduritu egiten da. Baldintzazko perpausen barnean mendeko beste perpaus batzuk ere ager daitezke, eta orduan ere ordena-askatasunak jarraitzen du, baina mendeko perpaus hauek luzeak direnean, maizenik ba- menderagailua dakarren aditz gobernatzailearen eskuinaldean izaten dira: Norbaitek esan baligu krisialdiak hainbeste iraungo zuela eta hain ondorio larriak izango zituela, ez genuen sinetsiko.

Bestalde, seinalatzekoa da, beste mendeko perpaus mota askotan bezala, ezezkako baldintzazko perpausetan aise azaltzen dela adizki jokatua bukaeran, adizki nagusiaren eskuinaldean: Bihar Pirinioetan euririk egingo ez balu, mendira aterako ginateke, perpaus menderatugabeetan guztiz markatua den ordena erabiliz. Nolanahi ere, kokaleku hau ez da nahitaezkoa: Bihar Pirinioetan ez balu euririk egingo, mendira aterako ginateke.

34.4c Baldintzadun perpausak mendeko perpausak ere izan daitezke. Ikusi dugu perpaus osagarri izan daitezkeela: Esan didate, berandu joanez gero ez dugula tokirik izango; Amore ematen ez badugu zer gertatuko zaigun galdetu digute. Baina beste perpaus mota batzuetarako aukera ere badago, adibidez, perpaus erlatiboa izateko: Zurekin lan egingo banu irabaziko nukeen diruaz Australiarako bidaia egingo nuke. Kausazko: Liburua ez dizut emanen zeren lagunek jakiten balute gaizki hartuko bailukete. Edo helburuzko perpaus izateko: Liburu hau eskainiko dizut, irakurtzeko astia baduzu zerbait ikas dezazun. Baina baldintzadun perpausek ez dezakete edozein mendeko perpausa osa: denborazko perpausak, bereziki, ezin izan daitezke baldintzadun perpausak (*Zure nagusia ikusten badut salatzen zaitudanean dolutuko zaizu).

34.4d Baldintzazko perpausak normalean adierazpen perpausak izan ohi dira, eta ezin izan daitezke galde perpausak. Eta horren ondorioz, ote edo al bezalako galderetako partikulak ezin erabil daitezke haietan; ezta zeharkako solasa adierazten duen omen partikula ere: *Laguna bihar etortzen omen bazaizu, hari konta zure arrangura. Halere, haien barneko osagai baten gainean galdera egin daiteke, eta orduan baldintzadun perpaus osoa galderazkoa izan daiteke: Nor etortzen balitz poztuko zinateke? Harridurazko perpausak, ordea, molda daitezke baldintzazkoen bidez, askotan egiantza moduan emanak: Gezur hori egia balitz! (ikus § 26.6.3.2b).

34.4e Gainerako mendeko perpausekin gertatzen den eran, euskalki gehienetako literatura tradizioan adizkera alokutiboa ez da agertzen baldintzazko perpausetan (Hire anaia etortzen bada/*baduk, gozoa jarriko duk!), hain zuzen ere, haietako adizkerak menderagailua baitakar. Joera nagusia hori bada ere, batzuetan, mendebaldeko zenbait erabileratan, aurkitzen dira adizkera alokutiboen adibideak baldintzazko perpausetan.

34.4f Baldintzadun perpausetan elipsiak ere ager daitezke, mendeko beste zenbait perpaus motarekin gertatzen den bezala. Alde batetik, baldintzadun perpausak juntaturik edo testuan bata bestearen oso jarraian badoaz, eta egitura paraleloa badute, bigarrenean isilean geratzen diren elementuak lehenengotik berreskuratzen ditugu: Elurra egiten badu, eskiatzera joango gara; ez badu, museo berria ikusiko dugu. Aukera hau bereziki baldintza errealekin azaltzen zaigu, eta hauen artean ere, balio generikoa dutenekin zailtasunak izaten dira (adizki jokatugabeekin ere elipsiak nekezago gertatzen dira).

Beste alde batetik, batzuetan ondore perpausean gerta daitezke elipsiak, esanahia baldintzazko perpausetik hartzen duelarik: Zu ados bazaude, ni ere bai; Zu ez bazoaz, ni ere ez. Baina berriro ere paralelismo oso estua behar du, eta bereziki baiezkotasunaren edo ezezkotasunaren inguruan eratzen dira. Hortik irtendakoan, polaritatea aldatzen edo perpausen artean kontraste nabarmena egiten saiatuta ere, aurkaritzako edo kontzesiozko irakurketara bideratzen da: Zu ados bazaude, ni ez; Emazteari Chopin gustatzen bazaio, niri Mozart.

Badira, azkenik, ondore gabe uzten diren baldintzadun perpausak ere (Zu ados bazaude…), baina horrelakoetan esanahia ez da aurreko berbalditik eskuratzen, baizik eta une bakoitzeko testuinguruak iradokitzen du. Zu ados bazaude… baldintzazko perpausaren ondore izan daitezke ni ere bai, horrela izango da, edo kontu hori aurrera aterako da. Beste batzuetan, egindako esaerak izaten dira ondorerik gabe uzten diren baldintzazkoak (Bazeneki…; Zure adina izango banu…), askotan alegialdiko adizkiekin. Edota, mehatxua (Bazkarian zintzo portatzen ez bazara…), kezka (Hainbeste kutsatzen jarraitzen badugu…) edo desioa (Gehixeago zaintzen hasiko bazina…) adierazteko erabiltzen ditugu. Kasu desberdina dira, aldiz, eta juntagailuarekin hasitako galderak: Eta oker bageunde? bezalakoak, agian egia izan daitekeen aukera edo egoera posible bat hizpidera ekartzeko erabiltzen dira; baina proposamenak egiteko ere erabil daitezke: Eta Isturitzeko kobazuloetara joango bagina?

34.5. Ba- aurrizkia duten baldintzazko perpausak

34.5.1. Menderagailu nagusi bat

34.5.1a Baldintzazko perpausen artean, ba- aurrizkia menderagailu gisa baliatzen dutenak hartu ohi dira perpaus mota osoaren eredu modura: Ikusten banau, ezkutatzen saiatuko naiz; Deituko balit, barkatuko nioke. Erabil daitezkeen adizkiei dagokienez, aukera handia dago, bai baldintzazko perpauserako, bai ondore perpauserako. Ba- menderagailua, nahi izanez gero, baldin lokailuaren bidez ere indar daiteke: Baldin Pello Bilbon ikusten baduzu, esaiozu ikusi nahi nukeela. Baldin lokailuaren tokia baldintzazko perpausaren barnean aski libre da: baldintzazko perpausaren hastapenean (aurreko adibidean bezala) edo adizki jokatuaren ezkerrean, ba- aurrizkiaren ondo-ondoan, izan daiteke; adibidez, goiko adibidea honela esan daiteke: Pello Bilbon ikusten baldin baduzu, esaiozu ikusi nahi nukeela.

34.5.1b Baldintzazko perpausen sailkapena, haietan agertzen den adizkeraren arabera egin ohi da, (+/-alegialdia) ezaugarritik abiatuta. Ezaugarri horrek lotura estua du esaleak hipotesiari aitortzen dion gertakortasun mailarekin. Baldintza irrealak eta baldintza errealak bereizten dira. Baldintza irrealak deitzen direnetan alegiazko aldiko adizkiak erabiltzen dira. Haietan gertatugabe edo gertagaiztzat jotzen diren gertakariak edo egoerak, jazo balira edo jazoko balira bezala aipatzen dira. Baldintza errealak deitzen diren perpausetan, aldiz, iraganeko edo oraineko adizkerak erabiltzen dira, eta gertakari gertatuak edo gertakorrak adierazten dira.

Adibideak emateko, has gaitezen hiztunek aurretik modu seguruan ezagunak dituzten kontuekin: Francoren armadak Espainiako gerla zibila galdu balu/*bazuen baldintzazkoan, adizkiaren aldetik, (+alegialdia) bakarrik da onargarria (balu), mendeko perpaus horretan esana kontrafaktuala izanik, iraganeko adizkia (bazuen) ez baita egokia gertatu ez zen zerbait adierazteko, inferentziazko erabileraren batean ez bada behintzat. Aldiz, Francoren armadak Espainiako gerla zibila irabazi *balu/bazuen… adibidean, alderantzizko egoera aurkitzen dugu. Adizkiak (+alegialdia) ezaugarria duenean (balu), baldintza irreala izango genuke, eta (-alegialdia) ezaugarriarekin (bazuen), baldintza erreala.

Hiztunentzat hain argiak ez diren kontuak darabiltzagunean ere, adizkia (+/-alegialdia) motakoa izateak badu garrantzia. Ondorengo bi perpausak izango genituzke zuzenak baina biak ez dira sinonimoak: Bihar euria egiten badu / Bihar euria egingo balu. Adizkiak alegiazko aldia ez duenean (badu), hiztunak aditzera ematen du haren ustez biharamunean euria egitea gerta daitekeen gauza dela, hots, gauza segura izan gabe ere, guztiz gertakor iruditzen zaiola; baldintza errealen barnean sartuko genuke. Alderantziz, alegiazko aldiko adizkia daraman adibidean (balu), gertatze hori hipotetikoagotzat jotzen du; baldintza irrealen sailean kokatuko genuke.

34.5.1c Beraz, alegialdia dakarten perpausei baldintza irrealak deituko diegu; alegiazko aldiko adizkirik gabe, iragana edo oraina dakartenei, baldintza errealak. Sail nagusi bakoitzaren barnean ere aukera desberdinak izan ditzakegu. Baldintzazko perpausen sailkapen nagusia honelakoa dugu:

Illustration

34.5.2. Alegialdiko baldintzazko perpausak: baldintza irrealak

34.5.2.1. Aspektu oposizioak baldintza irrealetan

34.5.2.1a Euskaraz baldintza irrealak aldi marken bidez adierazten direnez gero, aldi markadurari dagokio alegialdia. Ondorioz, haietan (+oraina) vs (+iragana) oposiziorik ez izanik, aspektu marken bidez seinalatzen dira alegialdiko baldintzetan ager daitezkeen denbora oposizioak.

Baldintza irrealetan, bereizkuntza nagusia (+/-burutua) aspektu ezaugarriak markatzen du. Horrela, bitan sailkatzen dira baldintza irrealak: alde batetik, (+burutua) ezaugarria duten alegialdiko baldintzazko perpausak; eta, beste aldetik, berriz, (+burutua) ezaugarria ez dutenak. Azken hauek, aurrekoak ez bezala, forma askotarikoak izan daitezke. Gehiago zehaztuz:

(+burutua) direnak: etorri balitz

(+burutua) ez direnak: baletor, etor baledi, etortzen/etorriko balitz

(+burutua) ezaugarria duten baldintzek, solas unean bururatuak diren egoerak eta gertakariak, edo gertakari segidak, aipatzen dituzte, eta haietako aditzek partizipio burutua izan behar dute nahitaez. Berdin du noiz kokatzen den denboran bururapen hori, solas unetik hurbil-hurbil (Duela segundo bat aitzinera agertu balitzait…), edo, alderantziz, denboran oso urruti (Duela berrogei urte sortegunean agertu balitzait…), adizkera bera erabil daiteke.

34.5.2.1b (+burutua) ezaugarria ez duten alegialdiko baldintzak, berriz, era desberdinetakoak izan daitezke: sintetikoak (baletor), edo adizki analitikoak ([aditzoina + *edin/*ezan] (etor baledi); [-t(z)en + izan/*edun] (etortzen balitz); [-tuko + izan/*edun] (etorriko balitz)). Solas unean hastekoak diren egoerak eta gertakariak adieraz daitezke haien bidez: Bihar edo etzi hango jende xehea jazarriko/jazartzen balitz edo jazar baledi. Edo hasiak izanik burutuak ez direnak: Diru gehiago (izango) banu. Baita gertakari segidak ere: Igandeetan ere lan egingo/egiten banu. Horrela, ekarri bezalako aditz baten kasuan, ondoko lau adizkera hauek elkarren parekoak-edo izan daitezke erabileran: Biharko egunak berri hobeak ekarriko balitu / ekartzen balitu / ekar balitza / balekartza. Eta euskalkietan agertzen diren mugak bazterrean uzten badira (argi da, adibidez, euskalki batzuetan ekarri aditzaren jokabide sintetikoa ez dela erabiltzen, alegialdian bereziki, edo, beste euskalki batzuetan, *ezan laguntzailea ezin jokaraz daitekeela baldintzazko perpausetan), ez dirudi lau aukera horietako bihi batez aurreko adibidean gaizki erabilia dela esan daitekeela. Beraz, alegialdiko baldintza burutuen ezaugarria modu bakarrean bil daiteke (+burutua) direla esanez, eta burutuak ez diren alegialdiko baldintzetan aniztasuna aurkituko dugu, euskalkiek adizki desberdinak garatu baitituzte: [-t(z)en + izan/*edun (etortzen balitz)] ekialde zabalean, [-tuko + izan/*edun (etorriko balitz)] erdialde eta mendebaldean, garai zaharrenetan denek erabiltzen zuten [aditzoina + *edin/*ezan (etor baledi)] adizkia emeki-emeki ordezkatuz.

Baldintza irreala

(+burutua) direnak

etorri balitz

(+burutua) ez direnak

baletor

etorriko balitz

etortzen balitz

etor baledi

34.5.2.2. Aspektu burutua duten alegialdiko baldintzazko perpausak (etorri balitz, ekarri balu)

34.5.2.2a Aspektu burutua duten alegialdiko baldintzazko perpaus arruntak euskalki guztietan aurkitzen dira eta denetan kontrafaktualen balioa dute: hiztunak egia ez den (edo egiatzat ez daukan) hipotesi bat egiten du baldintzazko perpausean. Ondore perpausean partizipio prospektiboa azaltzen da, adizki laguntzailearen aldia iraganekoa izanik (gehienetan modu markarik gabe): Bart garaiz oheratu banintz, goizean ez nintzen hamarrak arte ohean geratuko; Gaztetan gehiago ikasi bazenu, lan erosoagoa izango zenuen. Nolanahi ere, hizkeratik hizkerara aldaerak badira.

34.5.2.2b Aldaeretako gehienak ondore perpauseko adizkiei dagozkie. Eredurik hedatuena aurreko hori bada ere, beste aukera bat ondore perpausetan adizki laguntzaileak -ke modu morfema eramatea da. Adizki laguntzailearen aldia iraganekoa izan ohi da, aurreko adibideetan bezala, eta partizipio prospektiboa agertzen da: Liztor batek heldu balizu, ohartuko zinatekeen, edo, ekialdeko euskalkietan, partizipio burutua: Laguntzera etorri balitz, biziki eskertu niokeen. Euskaltzaindiak (42. araua) euskara batuan erabiltzeko onartu du [-tuko + izan/*edun + -ke] adizki analitikoa (ohartuko zinatekeen), baina [-tu + izan/*edun + -ke] adizkia (eskertu niokeen) ez da euskara baturako onartu arauetan sartzen. Bigarren aukera edo moldea, berriz, ondore perpausetan [aditzoina + *edin/*ezan] adizkia erabiltzea da, aldi iraganeko laguntzailea duena eta -ke atzizkiduna: Indiarrek sor zezaketen gaurko fisika, bide horretatik abiatu izan balira.

Baldintzazko perpausari dagokionez, berriz, batzuetan, burututasuna indartzeko bezala, izan partizipio burutua agertu ohi da: Ikusi izan banindu, agurtuko ninduen. Baina esanahiaren edo gramatikaltasunaren aldetik ez da desberdintasunik. Bestalde, erdialdeko euskalkietan bereziki, alegiazko aldiaren orde, iraganekoa erabili da batzuetan aspektu burutua duten baldintzazko perpausetan: Horrenbeste arrautza jan izan banuan, oraindik gehiago ere korrituko nuan (Txirrita), baina ez da inolaz eredu nagusia, eta ez dugu bide hau gomendatzen euskara baturako.

34.5.2.2c Nabarmentzekoa da, bestalde, baldintza eta ondore perpausen arteko aspektu edota aldi komunztadurari dagokion gaia. Aspektu marka burutua erabilirik, alegialdiko baldintza iraganaldian kokaturik, ondore perpausean aipatzen den gertakaria edo egoera orainaldian edo geroaldian gertatzen bada, aukera desberdinak aurkitzen dira aspektu edota aldi komunztadurari dagokionez: protasiarekiko komunztadura errespetatuz, iraganaldian gertatu izan balitz bezala jokatzen ahal da ondore perpauseko adizkia (aldi iraganeko laguntzailea duen [-tuko + izan/*edun laguntzailea baliatuz), edo, bestela, alegiazko aldian ematen ahal da, baina bukatu gabeko egoera edo hasi gabeko prozesu gisa aurkeztuz.

Adibidez, eman dezagun hiztun adineko batek gaztaroan kokatzen duela protasian aipatzen duen gertakaria (gaztetan ingelesa ikasi), eta solasaren mementoan oraindik dirauen egoera gisa aurkezten duela ondore perpausean aipatzen duena (jakintsuago izan). Bi molde erabil ditzake apodosian, batean iraganeko aldia baliatuz (Gaztea nintzenean ingelesa ikasi izan banu, askoz jakintsuago izango nintzen orain), bestean alegiazko aldia (Gaztea nintzenean ingelesa ikasi izan banu, askoz jakintsuago izango nintzateke orain). Bi moldeetako adibideak aurki daitezke tradizioan, eta biak dira zilegi. Geroaldian kokatzen diren gertakariak apodosian adierazteko ere hautu bera du hiztunak: ondore perpausean iraganeko adizkia ager daiteke (Gaztetan grekoa ikasi izan banu, datorren udan zurekin joango nintzen oporretara), edo alegiazko aldia (Gaztetan grekoa ikasi izan banu, datorren udan zurekin joango nintzateke oporretara).

34.5.2.3. Aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak

34.5.2.3a Aspektu marka burutua ez duten alegialdiko baldintzazko perpausekin, euskalkien arabera, aukera bat baino gehiago ager daitezke: adizki sintetikoa erabiltzea (ederra balitz, bihar baletor, dirua banu, arabiera baneki…); adizki analitiko bat erabiltzea: [-t(z)en + izan/*edun] (etortzen balitz, ekartzen balu), [-tuko + izan/*edun] (etorriko balitz, ekarriko balu) edo [aditzoina + *edin/*ezan] (etor baledi, ekar baleza), euskalkien arabera.

Beraz, lau aukera desberdin ditugu aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak eratzeko orduan, batzuk besteak baino erabiliagoak, baina denak literatura tradizioan erro sakonak dituztenak eta euskalki batean edo bestean gaur egun oraino bizi direnak. Erabide horiek ez baitira orotan denak baliatuak, zaila da haien artean bereizkuntza argi zehatzik agerian ematea. Horretara saiatu dira zenbait gramatikari, baina erabileretan beretan oso zaila da askotan euskalki edo tokian tokiko mintzamoldeen gainetikako banaketa garbirik finkatzea. Azaltzeko orduan irizpide formalei jarraikiko gatzaizkie hemen, eramoldeak bata bestearen ondotik aztertuz.

34.5.2.3b Baldintzazko perpausean alegiazko aldiko adizki sintetikoak (balego, baleki) ditugunean, solas unean dagoeneko sortuak diren egoerak (Guztiak zu bezain arduratsuak balira, gauzak hobeto joango lirateke), edo hasiak nahiz hasi gabeak diren prozesuak (Bihar amonari iloba bisitan balihoakio, poz ederra hartuko luke) adierazi ohi dira. Ondore perpauseko adizkiak -ke atzizkiaz gain alegiazko morfologia izan ohi du, aldi komunztadurak hala eskatuta, era sintetikoan (Lankide guztiak laguntzera baletozkio, ez legoke kexatzeko moduan), edo era analitikoan [-tuko + izan/*edun] adizkiarekin (Infernurik ez balitz, pozik egingo nuke bekatu hau), nahiz [aditzoina + *edin/*ezan] adizkiarekin (Legeak dioena okerra balitz, kalte egin liteke legea betearaziz).

Egia da, halere, batzuetan ondore perpausean aldi komunztadura hausten duten adibideak aurkitzen direla (Norbait nire bila balebil, hemen aurkituko nau, ez naiz ezkutatuko): horrelakoetan ondore perpausean esaten denari indarra eman nahi zaio, eta enfasia emateko erabiltzen da oraineko adizkia, alegiazko aldia erabiltzean ondore perpauseko baieztapena urrun geldi bailiteke, indarra galduz. Ondore perpausean oraineko adizkia erabiliz, esaleak adierazi nahi du, baldintzazko perpausean aipatzen dena betetzen bada, bere ustez ondore perpausekoa betetzeko aukera handia edo osoa dagoela.

Bestalde, mendebaldeko eta bereziki erdialdeko euskalki batzuetan, baldintzazko perpauseko adizkian -ke morfema erabili izan da, adizkera ahalezkoa izan gabe: Ni banintzake sendo eta aberats, guztiak niri begira izango nituzke. Bide hau ez da berria, eta mintzamolde batzuetan aski zabaldua da. Halere, hobe da euskara batuan ez erabiltzea.

34.5.2.3c Baldintzazko perpausean (+burutua) aspektu ezaugarria ez duten alegiazko aldiko adizkiak ditugunean, mendebaldeko euskalkietan [-tuko + izan/*edun] adizkia erabiltzen da: Aurrean ikusiko ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!, eta [-t(z)en + izan/*edun] ekialdeko euskalkietan: Aurrean ikusten ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!, baina edukiari dagokionez ez dago desberdintasunik hemen, euskalki kontua bakarrik baita. Berdin gertatzen da geroaldian gertatuko den gertakaria dugunean ere. Mendebaldean [-tuko + izan/*edun] erabiltzen da: Datorren urtean ezkonduko bazina, zer harridura!, eta ekialdeko euskalkietan [-t(z)en + izan/*edun]: datorren urtean ezkontzen bazina, zer harridura!

34.5.2.3d Baldintza irrealeko perpausean [-tuko + izan/*edun] alegiazko adizkia (etorriko balitz, ekarriko balu) erabiltzen denean, gehienetan ondore perpauseko adizkia ere era horretan eraikia da: Etorriko balitz, mesede ederra egingo liguke; Ekarriko balu, bila joan beharrik ez nuke izango. Esan beharra dago, bestalde, euskalki batzuetan alegiazko aldiko adizki sintetikoen erabilera ahuldu bezala egin dela, eta orduan, alegiazko laguntzailea duen [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoak erabiltzen dituztela sintetikoen ordez, egoera-aditzekin kontrafaktualak adieraziz: Ingelesa jakingo banu, errazkiago bilatuko nuke lanbide berria. Beste zenbait euskalkik ingelesa baneki erabiliko lukete, eta esan gabe doa, adizkera sintetikoek alegiazko aldia bizirik atxikia duten neurrian, haien erabilera guztiz egokia dela.

Bestalde, [-tuko + izan/*edun] moldea duten hauen artean ere, adizki sintetikoekin aipatu ditugun bi egoerak azaltzen zaizkigu. Batetik, euskalki batzuetan -ke morfema erabiltzen dute baldintzazko perpauseko adizkian (Josunek adituko balizuke, guztiz haserretuko litzateke), baina, lehen esan bezala, joera hau ez da gomendatzekoa euskara baturako. Bestetik, aldi komunztadura hausteko aukera bada hemen ere, eta zenbaitetan, ohiko bideak baztertuz, idazleek ondore perpausean oraineko adizkia erabil dezakete (Zerbait gertatuko balitzaizu, hemen izango gaituzu gu laguntzeko), aurreko kasuan bezala, ondore perpausean esaten denari indarra emateko.

34.5.2.3e Ekialdeko euskalkietan, ordea, baldintzazko perpausetan alegiazko aldiko adizkia [-tzen + izan/*edun] moldearekin (etortzen balitz, ikusten balu) erabili ohi da burutuak ez diren edo hasi gabeak diren prozesuak edo egoerak deskribatzeko. Ondore perpausean adizki sintetikoak edo [aditzoina + *edin/*ezan] aspektu markarik gabeko adizki analitikoak sarri azaltzen dira: Okaztagarri litake, bihotza zaurtzen balu (J. Etxepare); Hil nintake, deusik gertatzen balitzaio (Zerbitzari). Ondore perpausean [-tuko + izan/*edun] duten adizki analitikoak ere azaltzen dira, bereziki goi nafarreraz: Erortzen balitz negar egingo luke; Oparia ekartzen balu, guztiok poztuko ginateke. Eta baldintzazko perpausean, -ke morfema daraman adibiderik ere aurki daiteke inoiz: Eskatuko diet guztiei, beren eskuetan erortzen balitzake, parte eman zezaten polizietara; baina berriro ere, euskara baturako ez dugu gomendatzen.

34.5.2.3f Baldintzazko perpausean [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa (etor baledi, ikus baleza) dugunean, ondore perpauseko adizkia analitikoa denean, ekialdeko euskalkietan adizki analitiko hori bera izaten da: Lehendakaria mintza baledi, guztiok harri gintezke. Mendebaldeko euskalkietan, ordea, idazleek partizipio prospektiboa erabili dute ondore perpausean: Lehendakaria mintza baledi, guztiok harrituko ginateke.

Baldintzazko perpausean egoera-aditza dugunean, ez da kontrafaktualik moldatzen ahal adizki horiekin: *Pobreek dirua izan balezate vs Pobreek dirua (izango) balute. Modu berean, tradizio nagusiaren arabera behintzat, *edin eta *ezan ez dira adizki sintetiko gisa erabiltzen ahal testuinguru horietan: *Pobreek dirua balezate. Halere, seinalatzekoa da du erako aditza duten lokuzio zenbaitetan erabili izan dutela zenbait idazlek baldintza modu hau. Beren euskalkian erabide hau berezkoa ez zuten zenbait autorek baliatu izan dute bide hau (nahi izan lokuzioarekin bereziki), seguruenaz ere *ezan laguntzailea (dezan) *edun laguntzailearen (du) aditzaren ordezko hustzat harturik: Zure emazteak nahi baleza, nik amore emango nuke. Erabide berri hau, oso zabaldua ez dena, hobe litzateke euskara batuan ez enplegatzea, eta horrelakoetan du erakoa zuzenean jokatzea: balu. Doi bat desberdina da ahal-ekin, gutxitan bada ere, *ezan aditzaz egiten den erabilpena, baldintzazko perpausean aipatu ahalmena ondore perpausean zehaztua delarik: Ahal baneza pozik ordainduko nizuke.

34.5.2.3g Baldintzazko perpausetan alegialdiko ahalezko adizkerak ere erabil daitezke (ikus balezake, ikus ahal baleza, ikusten ahal balu, ikusi ahal izango balu). Gorago erakutsi bezala (§ 26.6.3.1b), [aditzoina + *edin/*ezan] ahalezko adizkeraren ezaugarrietako bat -ke morfema eramatea da, eta horrelako adibide batzuk agertzen dira tradizioan: Jainkoa egiazki maita balezake, gainerakoak axolarik ez. Nabarmendu behar da protasian azaltzen den -ke morfemak ahalezko modua azaltzen duela hemen (daiteke, dezake), eta ez dela oro har ondore perpausean azaldu ohi den -ke morfema (litzateke, luke). Baina erabilerarik zabalduenekoak eta erro zaharrenak dituenak oin-aditzaren eta adizki laguntzailearen artean ahal daramatenak dira. Aurkituko ditugu ahal *edin eta *ezan laguntzaileekin daramatenak: Hori egin ahal bazeneza, herriaren gogoan zinateke betiko. Askotan desiramenduzko perpausetan: Zugatik zerbait egin ahal baneza!; Nire bizia zurearen orde eman ahal baneza! Eta baita, esan gabe doa, ahal *edun eta izan laguntzaileekin dutenak ere: Hori ona litzateke, egiten ahal balitz / egin izango ahal balitz; Ahal balitz, guztien adostasuna lortu beharko genuke.

34.5.2.3h Aspektu burutua ez duten alegiazko aldiko adizkiak dituzten baldintzazko perpausei dagokienez, adibideei begiratuz ohartzen gara guztien gertakortasun maila ez dela bera: irrealtasuna continuum modura irudikatu behar dugu. Horretan eragina duen faktoreetako bat baldintzazkoetan adierazten denaren edukia izan daiteke; batzuetan berez ezinezkoak direnak adierazten dira: Hegaztiak ugaztun balira, zenbait gaitan sentikorrago izango lirateke; Euskal Herriko adineko guztiak gazte baliraHegazti/ugaztun edo adineko/gazte bikoteak erabiliz, berez ezinezkoak diren baldintzazko perpausak ari gara egiten. Beste batzuetan, egungo munduko errealitatetik oso urrun daudenak eman ditzakegu: Autoek kutsatuko ez balute, gure hiriak garbiago izango genituzke (nahiz eta, etorkizunean agian gauzatzeko modukoak izan daitezkeen). Eta beste muturrean, egia bihurtzea erraz gerta daitekeen ekintza edo egoeraren baten baitan dauden baldintzazko perpausak: Gehixeago saiatuko banintz, emaitza hobeak izango nituzke; Mirenek deituko balit, antzerkira joango nintzateke. ‘Gehixeago saiatzea’ edo ‘Mirenek deitzea’ irreal modura aurkezten dira, alegiazko aldiko adizkiarekin, baina aurretik esan direnak baino errazago dira gauzatzen.

Irrealtasunean eragina du, hala ere, ekintza denboran non kokatzen den. Orainalditik gertuen dauden gertakariak adierazten direnean, gertakortasuna txikiagoa edo ezinezkoa izaten da: Gaur Jon etxean balego, ez nintzateke larrituko. Eta etorkizunera begira daudenetan errazagoa da gauzatzea: Jon etzi etxera etorriko balitz, ez nintzateke larrituko. Aditzaren izaera semantikoak ere badu zerikusia: egoerak adierazten dituzten aditzekin (balitz, balego…) errazagoa da gertatuko ez den protasi baten aurrean gaudela interpretatzea; aditzak prozesuak adierazten baditu, berriz, errazagoa da geroan nolabaiteko gertakortasuna izan lezakeela ulertzea.

Azken batean, adizki bat (+/-alegialdikoa) izatea, edo aspektu marka jakin bat edo beste izatea, formari dagokion irizpidea da, eta gertagarritasun maila, berriz, esanahiari dagokion irizpidea da. Izaera desberdineko bi irizpiderekin ari garelarik, errazago ulertzen da formaz alegiazko aldiko adizkia daramaten baldintzazko perpausek irrealtasun maila desberdinak adieraztea.

34.5.2.3i Alegiazko aldiko adizkiekin protasirik gabeko perpausak ere aurki daitezke: Gogotik zerbait edan nezake; Jakin nahi nuke zer ordu den. Baldintzazko perpausik gabe, esan ote daiteke baldintzadun perpausak direla? Gisa batez, bai, zeren pentsa baitezakegu perpaus hori isildua dela eta inplizituki hor dela: (aukera izanez gero), gogotik zerbait edan nezake; (nik ez dut erlojurik baina norbaitek balu), jakin nahi nuke zer ordu den. Beste batzuetan (Nondik zatozen jakin nahi nuke; Gatza emango zenidake?), jendetasunari dagozkion ohiko jokabideen arabera, kontsideratzen dugu nork gure nahiak eta eskaerak solaskideei agertzerakoan zeharkako moduak egokiago edo direla, eta protasirik agerian eman gabe, ondore perpausei dagozkien alegialdiko adizkerak erabiliz, nolabait sortzen dugu zeharkakotasun edo jendetasunezko urruntasun hori (ikus § 26.6.2.3). Aditz modalekin (behar izan, nahi izan) bereziki nabarmentzen dira joko horiek, maiz solaskideen nahiak, esperantzak, kontseiluak, eta abar adierazteko baliatzen baitira, edo baita gaitzespenak egiteko ere: Gurekin bazkaltzera etorri behar zenuke! Kontu horiek jakin behar zenituzke!

34.5.3. Alegialdia ez dakarten baldintzazko perpausak: baldintza errealak

34.5.3a (-alegialdia) motako adizkia duten baldintzazko perpausei baldintza errealak deitu izan zaie, eta gertakari edo egoera gertatuak edo gertakorrak aipatzen dituzten proposizioetan oinarritzen dira. Azterketa egiteko nagusiki aspektu marken arabera bideratuko dugu gure aurkezpena, aldia ere kontuan izanez. Baldintza errealen sailkapena honela egin daiteke:

Oraina

Iragana

[-tu + izan/*edun]

ibili bada, ekarri badu

ibili bazen, ekarri bazuen

[-t(z)en + izan/*edun]

ibiltzen bada, ekartzen badu

ibiltzen bazen, ekartzen bazuen

Adizkera sintetikoa

(baldin) badabil, badakar

(baldin) bazebilen, bazekarren

Aditzoina (+ke)

ibil badaiteke, ekar badezake

ibil bazitekeen, ekar bazezakeen

Aditzoina (-ke)

ibil badadi, ekar badeza

(ez da gehiago erabiltzen)

ibil bazedin, ekar bazezan

(ez da gehiago erabiltzen)

34.5.3b [-tu + izan/*edun] duten oraineko baldintzazko perpausetan (ibili bada, ekarri badu) gertakari edo egoera bururatuak aipatzen dira: Gau honetan elurra egin badu edo euria izan bada, kasu bideari!; Alfer ibili bazara, hurrengo egunetan lan gehiago izango duzu. Ondore perpausari dagokionez, hango gertakaria nola ikusia den aukera oso zabala izan daiteke: Ulises osorik irakurri baduzu, lanik zailena egin duzu (-tu) / ez duzu erraz etsitzen (-tzen) / beste edozer erraz irakurriko duzu (-tuko) / edozer irakur dezakezu (ahalezko adizkera)… Hauetan guztietan ondore perpauseko adizkia orainean azaltzen zaigu, aldi komunztadura errespetaturik, eta hala gertatu ohi da modu horretako perpausetan. Halere, zenbait hizkeratan aldi komunztadura hau itxuran hautsirik gerta daiteke, iraganaldi hurbileko menturako moduak partizipio prospektiboa eta iraganeko aldia eska baitezake gertakari gertatuen aipatzeko: Jonek Indiako kaleko haurrak ikusi baditu, pentsatuko zuen horretarako ez dagoela eskubiderik. Beste zenbait euskalkitan -ke morfemaz baliatzen da modu hori adierazteko, partizipio burutua eta oraina erabilirik orduan: Jonek Indiako kaleko haurrak ikusi baditu, pentsatu duke horretarako ez dagoela eskubiderik.

[-tu + izan/*edun] duten aldi iraganeko baldintzazko perpausak (ibili bazen, ekarri bazuen) erabiliz, askotan inferentziak tarteko dituzten adibideak osatzen dira: Atzo Maddalen etorri bazen, zerbait ekarri bide zuen. Adibide honetan, hiztunak berak ez daki segurki ea bezperan Maddalen etorri zen, baina norbaitek hala esan dioke, eta ez zaio ezinezkoa iruditzen; ondore perpausean, baldintzari dagokion dedukzio bat adierazten du. Horrela, askotan baldintzazko perpausean egiten den baieztapena aurretik jakintzat-edo ematen da, eta ez dute egiazko hipotesirik adierazten, eta inferentziazko erabilerak bideratzen dira. Antzeko zerbait gertatzen da Laguntza eskatu badigu, beste aukerarik ez zuelako izan da adibidearen moldekoetan ere: ondore perpausean baldintzazkoaren gaineko argibideak edo arrazoiak eman dira, eta izan aditza eta kausazko perpaus bat eramaten dituzte barnean.

Inferentziazko erabileren barnean, beste batzuetan, ondore perpausean esana protasiari kontrajartzen bezala zaio, aurkaritza eginez, kontzesiozko balioa lortuz: Errealaren ezezkoarekin semea izugarri atsekabetu bazen, gurasoek lasaitu ederra hartu zuten. Hemen ere protasian esana ez da egiazki hipotesi gisa aurkezten. Eta inferentziazko erabilerekin aurrera jarraituz, beste batzuetan protasian esana hala ez dela azpimarratzeko baliatzen dira mota horretako perpausak: Ostegunean nirekin mintzatzen saiatu bazen, ez dago bere deirik ez etxeko telefonoan ez eskukoan, eta posta elektronikoan ere ez dago ezer. Adieraziz, baldintzazko perpausean adierazten dena (ostegunean nirekin hitz egiten saiatu zela) ez dela zuzena inondik ere. Edo zeharkakoagoa den loturarekin: Emaitza onak agindu bazituen, ez salmentak ez irabaziak ez dira iazkoak baino hobeak izan. Guztietan ere, benetako hipotesirik egiten ez denez, [-tu + izan/*edun] duten aldi iraganeko perpausak solaseko jokoen eremu zabalerako erabiltzen dira.

34.5.3c [-t(z)en + izan/*edun] duten oraineko baldintzazko perpausek (ibiltzen bada, ekartzen badu), denboraren aldetik, solas uneari eta geroaldiari dagozkion denborazko kokapenak adieraz ditzakete. Solas unean bururatuak izan gabe hasiak diren (Zuk hortxe ikusten baduzu, hor dago noski; Euskal Herriko hirien historia idazten ari bazara, ez ahaztu jatorri askotako jendea biltzen zela haietara), edo oraino hasi gabeak diren egoerak, gertakariak edo gertakari segidak (Zure esanetara makurtzen banaiz, herritarrek ez didate barkatuko) aipa daitezke haietan, bai eta, balio generikoa edo gnomikoa izanik (Lehoi ar berriak taldea menderatzen badu, aurreko kumeak hiltzen ditu) denborazko kokapen zehatzik ez dutenak ere. Hauetan guztietan, hipotesia solas unean edo geroaldian jartzean, ez da guztiz ziurra hipotesi hori gauzatuko denik; baina (+alegialdia) motako adizkera erabilita baino gertakortasun handiagoa aitortzen zaie. Eta ildo horretan, nabarmenki gertagaitza den zerbait aipatzean (Axular zaharra kalean ikustea), egokia izan daiteke (+alegialdia) motako adizkera erabiltzea (Bihar Axular zaharra kalean ikusiko bazenu, zer esango zenioke?), baina desegokia genuke [-t(z)en + izan/*edun] duen oraineko adizkia erabiltzea (Bihar Axular zaharra kalean ikusten baduzu, zer esango diozu?); (+alegialdia) erabiliz, hiztunak aditzera ematen du nekez solaskideak ondoko egunean Axular kalean atzeman dezakeela, baina bigarrenean, protasian egiten duen hipotesia gertakortzat jotzen du hiztunak, eta franko gauza bitxia da aspaldi hil norbaitekin kalean buruz buru egitea.

[-t(z)en + izan/*edun] duten aldi iraganeko baldintzazko perpausetan (ibiltzen bazen, ekartzen bazuen), iraganaldian kokatuak garelarik, gertakari errepikatuak (Berandu oheratzen bazen, gau osoan urduri egoten zen) adieraz daitezke, edo baita iraganaldian hasi gabeak edo geroaldikoak diren gertakariak ere (Medikuari deitzen bazion, ama haserretuko zitzaion). Azken hauen harian, ez dira gutxi zehar-solasean azaltzen diren adibideak, askotan iraganeko adizkien osagarri modura, denbora komunztaduragatik (Bazekien berandu iristen bazen lagunak haserretuko zitzaizkiola).

34.5.3d Oraineko adizki sintetikoa duten baldintzazko perpausak ((baldin) badator, (baldin) badakar) denboraren aldetik, solas uneari eta geroaldiari dagozkion denborazko kokapenak adierazteko erabiltzen dira: Proposamen honek hobekuntzarik ez badakar, ez dugu aintzat hartuko; Peru badator, berak prestatuko du afaria. Edo baita ekintza errepikatuak: Laguntzailea badatorkit, larunbatetan jaisten naiz herrira. Edo denboraren aldetik generikoak direnak ere: Proiekturik erakargarrienak izanda ere, dirurik ez badago, akabo asmo guztiak! Ondore perpauseko adizkiei dagokienez ere aukera oso zabala da, eta ohikoena oraina erabiltzea izan arren, aldi iragana ere ager daiteke, menturazko modua partizipio prospektiboa erabiliz adierazi nahi denean: Mikel gaur nirekin zinemara badator, ez zuen beste aukera handirik izango.

Iraganeko adizki sintetikoa ere ager daiteke baldintzazko perpausetan ((baldin) bazetorren, (baldin) bazekarren), eta denboraren aldetik, [-t(z)en + izan/*edun] molde analitikoaren egoera bertsua aurkituko dugu hemen ere. Batzuetan, zuzeneko solasean iraganaldian kokatuak garelarik, ondore perpausean era desberdinetako adizkerak aurkituko ditugu. Sintetikoa: Herrian ez bazeuden, nola zekiten hain ondo plazan gertatutakoa?; [-t(z)en + izan/ *edun] moldekoa: Etxera berandu bazetorren, gurasoek zigortu egiten zuten, gertakari errepikatuak aipatzen direnean bereziki; [-tu + izan/*edun] erakoa: Dirua gainean bazeneraman, gauzarik arriskutsuena egin zenuen herrialde hartan; [-tuko + izan/*edun]: Geltokian ordurako ez banengoen, ez nuen oporretara joaterik izango; edo aldi komunztadura hautsirik ere ager daiteke, ondore perpauseko adizkia orainean izanik: Iritzia aldatzeko asmorik ez bazenuen, zer egin duzu berriro bilera deituta? Beste batzuetan, baldintzadun perpausa perpaus osagarria denean, eta adizki gobernatzailea iraganekoa, zehar-solaseko aldi komunztadura aurkitzen da, ondore perpausean partizipio prospektiboa agertu ohi delarik: Banekien, inor galdezka bazetorren, egia esan beharko niola.

34.5.3e Ahalezko adizkera ere ager daiteke baldintzazko perpausetan, bai oraineko forman (etor badaiteke, ekar badezake) bai iraganekoan (etor bazitekeen, ekar bazezakeen), nahiz bereziki Iparraldeko testuetan aurkituko ditugun horrelako adibideak. Baldintzazko perpausean oraineko ahalezko adizkia denean, ohikoena ondore perpausekoa ere orainekoa izatea da (Zuk ez duzu hobenik, nik ez badezaket lorik egin); aldiz, aspektu markaren aldetik ohi bezain aukera zabala dago. Berdin, baldintzazko perpausean iraganeko ahalezko adizkera denean, ondore perpausekoa ere iraganekoa izan ohi da gehienetan: Nahi nuena egin ez banezakeen, gaztetan zeharo haserretzen nintzen; Mirenekin ezkon ez bazitekeen, herritik alde egingo zuen Jonek. Baina zenbaitetan, apodosian adierazia orainaldiari baitagokio, orainekoa izan daiteke ondore perpauseko adizkia: Lehen egin ahal bazenezakeen, orain ere egin ahal izango duzu.

34.5.3f [aditzoina + *edin/*ezan] oraineko baldintzazko perpausak (etor badadi, ekar badezat) XVI. eta XVII. mendeetan aurkitzen ziren (Iauna, zelurat igan banadi, zu han zira, infernurat ieusten baniz han present zira, zu orotan zira, Tartas), baina egun zaharkiturik gelditu da molde hau (aldi iraganeko adibideak arras bakanak dira iritsi zaizkigun testu zaharretan ere).

34.5.3g Ekialdeko testuetan ber enklitikoa ere erabiltzen zen orainaldiko baldintzazko perpausetan (Arkord gira halaber, lekhu orotan orazioniak hon direla, onsa egiten badira ber, Tartas), perpausaren baldintza izaera indartuz, baina gaur egun erabilera hau ere zaharkiturik gelditu da.

34.5.4. Laburtuz

Honakoa izango litzateke ba- aurrizkia erabiliz osatzen diren baldintzazko perpausen laburpen taula aldiaren eta aspektu markaren arabera:

Illustration

Illustration

34.6. Non (eta) ez… -n

34.6a Perpaus jokatuekin, baldintzazko perpausak osatzeko beste bidea non (eta) ez… -n moldea da: Bihar horretaz mintzatuko dira, non ez diegun holako gairik aipatzea debekatzen. Iparraldeko euskalkietan erabiltzen da bereziki baldintza mota hau. Beti ezezko perpausak izaten dira, eta non lokailua daukalarik hastapenean, -n du menderagailua. Mendebaldeko euskalkietan eta ager daiteke non lokailuaren ondotik: Ibaiak bere bidetik irtengo dira, non eta ez duen atertzen laster; Non eta sokaz lotzen ez nauten, ni hemendik irtengo naiz. Bestalde, nabarmendu behar da, azken adibidean adizki laguntzailea eta ezezkotasuna ez direla perpausaren hastapenean, non lokailuaren ondoko lehen posizioan. Erabide hau ere zilegi da, nahiz doi bat markatua den Iparraldeko euskalkien erabilera nagusiaren eretzean.

Non (eta) ez… -n moldea erabiliz osatutako adibideetan, baldintzazko perpausak salbuespen zentzua oso zorrotza du, ondore perpausari begira. Izan ere, ondore perpauseko baieztapena urra dezakeen salbuespen bakar gisa agertzen da baldintzan adierazia. Horrelako baldintza ba- aurrizkia erabiliz adierazteko, behintzat edo, areago, salbu gainera daiteke, baldintzazko perpausa ezezkoan utzirik lehen kasuan (Bihar horretaz mintzatuko dira, holako gairik aipatzea debekatzen ez badiezu behintzat); ez, ordea, bigarrenean (Bihar horretaz mintzatuko dira, salbu holako gairik aipatzea debekatzen badiezu).

34.6b Ordenari dagokionez, egitura horretan protasia apodosiaren atzean jartzen da gehienetan: Negu hartan ez zuten goserik pasako, non azken unean uzta bat-batean ez zitzaien galtzen. Baina ez dira falta alderantzizko segida dutenak ere: Non ez duzun arerioa osoki garaitua ikusten, ez zaitezela pausa. Eta lehenengo adibidean ikusten da, bestalde, baldintzazko perpauseko adizkia iraganekoa ere izan daitekeela.

34.7. -tuz gero

34.7a Perpaus jokatugabeen artean ere badira baldintzazko balioa dutenak. Partizipioari -z atzizki instrumentala erantsi, eta ondoren gero postposizioarekin, -tuz gero markaren bidez baldintzazko adiera duten perpausak osa daitezke: Asko maitatuz gero, asko sufritzen da; Gogor lan eginez gero, gehienetan helburuak lortzen dira. Gero postposizioa azaltzeak adierazten digu marka honek denborazkoekin ere lotura izan dezakeela. Izan ere, Iparraldean gehienetan denborazko balioa du (gehienetan -tuz geroz formarekin); Hegoaldean XIX. mendean hasi ziren baldintzazko adierarekin erabiltzen, eta XX. mendean denborazko adiera baino ugariagoa da (gehienetan ezkero formarekin). Nolanahi ere, zenbait adibidetan denborazko adiera eta baldintzazkoa oso hurbil daude: Gehiegi edanez gero, mozkortu egiten gara. Uler daiteke gehiegi edan ondoren mozkortzen garela, edo gehiegi edaten badugu mozkortzen garela.

Izan ere, denborazkoek (Ezinean gertatzen naizenean, laguntza eskatuko dizut) eta baldintzazkoek (Ezinean gertatuz gero (=gertatzen banaiz), laguntza eskatuko dizut) sarritan antzeko eginkizuna izaten dute perpaus nagusiari begira: biek ere mintzagai izateko joera dute, eta perpaus nagusia mintzagai horri buruzko iruzkina izan ohi da askotan. Lehenak, denborazkoak, denbora-une bat-edo seinalatuko luke, eta memento hori iristean laguntza eskatuko dela adierazten da; bigarrenean, baldintzazkoan, egoera batez ariko ginateke. Baina eguneroko solasean, ez da ezohikoa, bata zein bestea erabili, alde nabarmenik gabeko egoerak agertzea: eta orduan, denbora nahiz baldintza adieraz ditzakeen -tuz gero menderagailua erabili bada, adibide hori sailkatzeko unean zailtasunak izango ditugu: Nahi al duzu badaezpada ni zurekin gelditzea? Ez; ezinean gertatuz gero, laguntza eskatuko dizut. Adibide horretan bi irakurketak zilegi dira.

Nolanahi ere, esan dugu tradizioan gehienetan denborazko adierarekin erabili izan dela -tuz gero. Denborazkoa izaten da, bereziki, perpaus nagusiak bururaturiko gertakari bat adierazten duenean, mendeko perpauseko aditzak denbora-une bat seinalatzen duenean, edo behin bezalako adberbioak mendeko perpausean azaltzen direnean. Denborazko perpausen atalean (ikus 35. eta 36. kapituluak) ematen dugu horren berri. Baldintzazko adiera gailenduko da, ordea, denbora-unea seinalatu beharrean une zehatzik gabeko egoera adierazten duenean: ahal izanez gero, nahi izanez gero, behar izanez gero… Edo balio generikoa duenean: Bizipoza galduz gero, aberastasunak soberan izaten dira. Baita baldintza-ondorio komunztadura nagusitzen denean ere: Ahaleginduz gero, lortuko duzu matematika gainditzea.

Eta denborazko adierarekin gertatzen zen bezala, -tuz gero daramaten perpausek baldintzazko balioa dutenean ere baiezko perpausetan azaldu ohi dira nagusiki, euskalki eta garai guztietan; euskarak adizki jokatu gabearekin ezezko perpausetan baldintza adierazteko beste molde batzuetara (-tu ezik, -tu ezean…) jo ohi du: Asko irakurri ezik, ez duzu adierazpena hobetuko; Ingeles gehiago ikasi ezean, ez dut lanik lortuko enpresa honetan.

34.7b Ordenari dagokionez, -tuz gero duten perpausak ondore perpausaren aurretik nahiz atzetik joan daitezke. Mintzagai izateko joera dutelarik, maiztasunaren aldetik aurretik sarriago izaten dira: Aukera izanez gero, Patagoniara joango nintzateke. Baina ondoren joateko ere ez dute arazorik: Patagoniara joango nintzateke, aukera izanez gero.

Zenbaitetan, mintzagai modura ez, baizik eta galdegai modura ere azal daitezke, adibidez, ondoren bakarrik aditzondoa daramatenean: Akordioa sinatuz gero bakarrik jasoko dute bi aldeek diru hori. Horrelakoetan, baldintza askikoa eta ezinbestekoa izango genuke: ez da esaten soilik akordioa sinatzea nahikoa dela bi aldeek dirua jasotzeko; esaten da, baita ere, akordioa sinatzea dela aukera bakarra horretarako.

Bestalde, baldintzazko perpausaren beraren barneko ordenari dagokionez, adizkia + -tuz gero multzoa gehienetan mendeko perpausaren amaieran agertu ohi da: Etxerako barazkiak merkatuan erosiz gero, baserritarrei laguntza ematen zaie. Baina atzetik beste elementu batzuk dituela agertzeko ere ez dago eragozpenik: Merkatuan erosiz gero etxerako barazkiak

34.7c Perpaus hauetan adierazten den hipotesiaren gertakortasuna edo balioa ere kontuan izateko puntua da. Aipatu dugu dagoeneko adizki jokatua duten baldintzazko perpausetan bi sail nagusi bereizten direla, adizkiaren tempusetik edo alditik abiatuta: baldintza erreala (-alegialdia) eta baldintza irreala (+alegialdia). Bereizketa formal horrek lotura zuzena du baldintzazko perpausak adierazten duen hipotesiaren gertakortasunarekin; eta horrez gain, adizki nagusiak hartzen duen aspektu markaren arabera ere aldeak badira baldintzazkoen adieran, hizkera batetik besterako desberdintasunekin.

Adizki jokatugabea duten baldintzazko perpausetan, ordea, informazio morfologiko hori ez zaigu agertzen, adizki laguntzailerik ez baita. Hala ere, ondore perpauseko adizkiei begiratuz, ohartzen gara -tuz gero perpausen bidez baldintza erreala (Liburua irakurriz gero, zure iritzia aldatuko duzu) nahiz irreala (Liburua irakurriz gero, zure iritzia aldatuko zenuke/zure iritzia aldatuko zenuen) adieraz daitezkeela.

Baina kontuan izan behar dugu, baita ere, baldintza/ondore komunztadura ez dela beti hertsiki jarraitzen. Orduan, testuingurura jo beharko dugu; eta zenbaitetan bi eratara uler daitezkeen perpausen aurrean egongo gara. Adibidez, Mirenek pozik lagunduko zion Josuri, honek eskatuz gero perpausean, uler daiteke, lagunduko ziola honek eskatu izan balio (baldintza irreala) edo honek eskatzen bazion (baldintza erreala).

34.7d Baldintza errealaren balioa duenean, maizenik oraindik hasi gabeak diren egoerak, gertakariak edo gertakari-segidak aipatu ohi dira (Iaz adina saiatuz gero, aurten ere lortuko duzu helburua) eta baita ekintza errepikatuak (Egunero otoitz eginez gero, arimako bakea lortzen da) eta balio generikoa edo gnomikoa izanik denbora kokapen zehatzik ez dutenak ere (Euria eginez gero, kaleak busti egiten dira). Era horretan, askotan geroaldiari buruzko baldintzak adierazteko erabiltzen dira; edo bestela balio generikoa izaten dute eta, ondorioz, ez dute denbora zehatzik adierazten; edo aldiberekotasun errepikatua dute.

Aipatu behar da, badirela -tuz gero erabiltzen denean debekaturik ditugun aspektu balioak ere. -tuz gero perpausek ezin dute ekintza/egoera buruturik adierazi, eta ezta unean bertan jazotzen ari denik ere. Elurra eginez gero, ez gara Ibañetatik joango perpausean, ezin da ulertu ‘elurra egin badu…’, aspektu marka burutuaren erabilera; eta irakurketa burutua lortu nahian bart adberbioa eransten saiatzen garenean, perpaus okerrak sortzen dira (*Bart elurra eginez gero, ez gara Ibañetatik joango), nahiz eta adizki jokatuarekin adiera burutu horretarako arazorik ez dagoen (Bart elurra egin badu, ez gara Ibañetatik joango). Era berean, solas unean hasiak diren egoerak eta gertakariak ere ezin dira -tuz gero perpausen bidez adierazi: Egun gure kaleetan etorkin asko ikusten baditugu, gerora ez ditugu gutxiago izango bezalako perpaus baten ordezko jokatugabea emateko, ezin dugu esan Egun gure kaleetan etorkin asko ikusiz gero Edo, Oraintxe menditik bueltan bazatoz, ederki nekatuta etorriko zara adierazteko, ezin dugu Oraintxe menditik bueltan etorriz gero, ederki nekatuta etorriko zara erabili.

Nolanahi ere, badirudi debekatutako bi interpretazio horiekin (egoera/gertakari burutuak eta solas unean hasiak), baldintzazko jokatuek ere ez dutela benetako hipotesirik agertzen: edo aurretik proposizio horien egiazkotasuna ezaguna dugu, eta horregatik, sarritan inferentzia modukoak adierazteko erabiltzen dira; edo baldintza ez da protasiak adierazten duena bera, baizik eta protasiak dioena egia izatea, eta egia bada, adierazi nahi da orduan ondore perpausa badagokiola protasi horri. Nolabait esateko ‘bart elurra egin duela egia gertatzen bada…’, edo ‘menditik zatozela egia gertatzen bada…’; era horretan, mendeko proposizioak dioena burutua edo dagoeneko hasia izan arren, hipotesia bera geroaldian kokatzen dugu adizki jokatuekin ere.

34.7e Tradizioko adibiderik gehienetan -tuz gero marka baldintza erreala adierazteko erabili bada ere, ez dira gutxi baldintza irrealeko irakurketa eskatzen duten adibideak. Horrelakoetan ondore perpauseko adizkiak alegialdiko ba- perpausetako aukera berak azaltzen ditu. Baldintza irrealaren esparruan, -tuz gero dutenak erabil daitezke baldintzazko perpausean esaten denak gertatzeko aukera handirik ez duela adierazteko (Bihar berandu iritsiz gero, ez lidakete sartzen utziko), edo, iraganaldiko baldintzaren balioarekin, baldintza hori ez dela gauzatu aditzera emateko (Joan den astean, berandu iritsiz gero, ez zidaten sartzen utziko). Aspektu balioei dagokienez, gehienetan solas unean hastekoak diren egoerak edo gertakariak adierazten dira (Nire etxera etorriz gero, elkarrekin afaldu ahal izango genuke), baina hasiak izanik burutuak ez diren egoerak ere azaltzen dira: Nire banketxeko kontuan diru gehiago izanez gero, oraintxe emango nizuke apur bat. Eta baita gertakari-segidak ere: Igandeetan lan eginez gero, ez zenuke diru arazorik izango. Eta baldintza errealetan ez bezala, ez dago aspektu balio burutua adierazteko eragozpenik: Gazterik hasiz gero, nik ere ikasiko nuen lanbide hori esatean, aspektu burutuko adiera ematen zaio.

34.8. -tu ezik

34.8a Partizipioari ezik erantsita ezezko mendeko perpausak osatzen dira mendebaldeko hizkeretan, gehienetan baldintzazko balioarekin: Horrela egin ezik, ez dugu lortuko aurrera ateratzea; Hurrengo egunetan eguraldia hobetu ezik, turistak haserre ibiliko dira. Adibide hauek adizki jokatua erabiliz emango bagenitu, ‘horrela egiten ez badugu’, edo ‘eguraldia hobetzen ez badu’ erabiliko genituzke. Adierari dagokionez, baldintza erreala (Isuna jarri ezik, debekuek ez dute eraginkortasunik izango) nahiz baldintza irreala (Partida irabazi ezik, egoera guztiz okertuko litzaiguke) azal daitezke, eta salbuespena adierazteko ere (Ez dut egunkaria irakurtzen, igandeetan izan ezik) erabiltzen dira.

34.8b Baldintza errealetako aspektu balioei dagokienez, -tuz gero atalean esandakoak balio du honako ere: gehienetan hasi gabeak diren gertakariak aipatzen dituzte (Gehiago saiatu ezik, ez duzu helburua lortuko), edo balio generikoa dutenak, denboran kokapen zehatzik gabeak (Euria egin ezik, uztak galdu egiten dira). Eta debekuei dagokienez, -tu ezik ezin da erabili gertakari burutuak adierazteko (Ibañetan elurrik egin ez badu autoz joango gara adierazteko ezin da erabili *Ibañetan elurrik egin ezik…), une horretan dagoeneko hasiak diren gertakariak baldintza modura emateko (Une honetan lanean ari ez bazara, etorri nirekin zinemara ezin da esan *Une honetan lanean aritu ezik…), edo partizipio prospektiboa duten baldintzazkoen ordain modura (Goseak hilko ez bagara, gehiago saiatu beharko dugu ezin da ordezkatu *Goseak hil ezik… bezalakoekin).

34.8c Baldintza irrealetan, ordea, ekintza burutuak ere adieraz daitezke -tu ezik duten perpausekin (Ondo prestatu izan ez banintz, ez nuen etsamina gaindituko adierazteko erabil daiteke Ondo prestatu ezik…). Baita, ohi bezala, hasi gabeko gertakariak (Nagusiaren aginduak bete ezik, lana galduko zenukete), ekintza errepikatuak (Igandeetan lan egin ezik, ez genuke behar adina diru lortuko) edo generikoak ere (Jan ezik, ez genuke bizirik iraungo).

34.8d Bestalde, -tu ezik salbuespena adierazteko ere erabiltzen da, askotan izan aditzaren ondoren: Ez dut egunkaria irakurtzen, igandeetan izan ezik; Inor ez da konturatu, zu izan ezik. Tradizioan izan gabeko adibide batzuk badira, baina izan ezik ugariagoa da, eta euskara baturako hori aukeratu da. Salbuespena adierazten dutenetan askotan perpaus nagusia ezezkoa izan ohi da, edo nolabaiteko kuantifikazioa adierazten duen elementuren bat aurkitzen dugu (inor, pluralak, dena…). Izan ezik-en ezkerrean doan sintagmak perpausean dagokion atzizkia hartu ohi du, eta salbuespena, batzuetan, ergatiboarekin egiten dela dirudi, behin baino gehiagotan aurkitzen baita absolutiboan izan ezik-en aurreko sintagma, nahiz ondokoa ergatiboan joan: Horixe egin zuen zu izan ezik beste edozeinek (Euskaltzaindiaren 16. araua).

34.9. -tu ezean

34.9a Partizipioari ezean erantsita ere ezezko mendeko perpausak osatzen dira, eta batzuetan baldintzazko balioa izaten dute (Garaiz joan ezean, ez duzu partidarako sarrerarik lortuko; Guztiok elkartu ezean, ez dugu ezer aurrera ateratzerik lortuko), bereziki Gipuzkoan eta orokorrean mendebaldean, baina egitura honek aurrekoak baino tradizio laburragoa izan du. Aurreko adibideak adizki jokatuarekin ematen hasita, ‘garaiz joaten ez bazara’ edo ‘guztiok elkartzen ez bagara’ erabiliko genituzke.

34.9b Baldintza errealetako aspektu balioei dagokienez, -tu ezik aztertzean esandakoak balio du honako ere. Adiera erreala dutenetan gehienetan hasi gabeak diren gertakariak aipatzen dituzte (Gehiago saiatu ezean, ez duzu helburua lortuko), edo balio generikoa dutenak, denboran kokapen zehatzik gabeak (Euria egin ezean, uztak galdu egiten dira). Aldiz, ezin da erabili gertakari burutuak dituzten baldintzazko perpausak adierazteko (Ibañetan elurrik egin ez badu autoz joango gara adierazteko ezin da erabili *Ibañetan elurrik egin ezean…), une horretan dagoeneko hasiak diren gertakariak baldintza modura emateko (Une honetan lanean ari ez bazara, etorri nirekin zinemara ezin da esan *Une honetan lanean aritu ezean…), edo partizipio prospektiboa duten adibideen ordain modura (Goseak hilko ez bagara, gehiago saiatu beharko dugu ezin da ordezkatu *Goseak hil ezean… bezalakoekin). Eta baldintza irreala adierazteko ere, -tu ezik dutenen jokabide bera azaltzen dute.

34.9c Salbuespena adierazteko ere erabiltzen dira -tu ezean duten adibideak, gehienetan izan aditzari erantsita (Zinemara izan ezean, ez da etxetik irteten), baina tradizioan -tu ezikekin baino adibide gutxiago azaltzen dira. Beste batzuetan, ezean partitiboan doan osagai bakar batekin joaten da (Brotxarik izan ezean, nola margotu horma?), batzuetan izan aditza gabe (Melodiarik ezean, ez da inprobisatzeko gai). Askotan gabezia-edo adierazteko erabiltzen da, era orokorrean, eta egoera hori uler daiteke baldintzazko modura, moduzko balioarekin… eta, beraz, zail gertatzen da zehazki sailkatzen. Eta ildo horretakoak dira besterik ezean (Besterik ezean, kale-garbitzaile lanari heldu beharko diot; Besterik ezean, zinemara joango gara), beste X-ik ezean, hoberik ezean… bezalako esapideak ere.

34.10. -t(z)ekotan/-t(z)ekotz

34.10a Oinarri modura aditz izena hartuta ere eratzen dira baldintzazko balioa duten perpausak. Adibidez, -t(z)ekotan Hegoaldean erabiltzen da nagusiki (-t(z)eko formari mugagabeko -ta- eta inesiboko marka eransten zaizkio), eta Iparraldeko tradizioan horren parekoa -t(z)ekotz forma da (-t(z)eko formari instrumentala erantsiz). Helburuzko balioa adierazteko erabiltzen dira gehienetan (§ 37.4), baina baldintza ere adieraz dezakete: Inori laguntzekotan, zuri lagunduko dizut; Norbaiti eskerrak ematekotan, Ane ezin dugu alde batera utzi; Berant etortzekotz, hobe duzu gakoa hartzea; Gehiago ez entseatzekotz, hobe duzu ikasketen uztea. Esaldi hauek adizki jokatuarekin eman behar bagenitu, baldintzazko formak erabiliko genituzke (inori lagundu behar badiot; norbaiti eskerrak eman behar badizkiogu; berant etortzekoa bazara; gehiago entseatu behar ez baduzu); baldintzazko perpausen adiera dute adibide horiek.

34.10b Nabarmendu behar da -t(z)ekotan/-t(z)ekotz daramaten perpausek etorkizuneko hipotesiaren kutsua dutela. -t(z)ekotan/-t(z)ekotz daraman perpausean aipatzen dena, ez da ondore perpausa baino lehenago gertatzen, edo gutxienez ez da ondore perpausa zuzenean eragiten duen kausa izaten. Horregatik, *Gehiago saiatzekotan/saiatzekotz, lortuko dituzu zure helburuak; *Trenbidera ezer erortzekotan/erortzekotz, metroko langileei deitzea komeni da bezalako adibideak okerrak dira. Horrelakoak adizki jokatugabearen bidez emateko -tuz gero erabili ohi da: Gehiago saiatuz gero, lortuko dituzu zure helburuak; Trenbidera ezer eroriz gero, metroko langileei deitzea komeni da.

Hori horrela izanik, -tuz gero, -tu ezik edo -tu ezean duten perpausak gutxitan izaten dira -t(z)ekotan/-t(z)ekotz daramatenen baliokide. Lehenengo multzoko menderagailuekin aipatu ditugun balioei erreparatuz, ohartzen gara -t(z)ekotan/ -t(z)ekotz perpausen bidez ezinezkoa dela burututako egoerak edo gertakariak azaltzea (Bart elurra egin badu, autobidetik joango gara perpausa, ez dugu ordezkatzen Bart elurra egitekotan… erabiliz), edo unean gertatzen ari direnak (Orain hizlaria esaten ari dena ulertzen baduzu, ez duzu bat-bateko itzulpenaren beharrik adibidea ez da ematen Orain hizlaria esaten ari dena ulertzekotan… erabiliz), errepikapena dakartenak (Igandeetan lan egiten badu, ez du diru arazorik izango ezin ordezkatu Igandeetan lan egitekotan… erabiliz) edo generikoak (Euria egiten duenean, kaleak busti egiten dira ezin adierazi Euria egitekotan… baliatuz). Etorkizuneko baldintzaren esparrutik nabarmen urruntzean, baldintzazkoetan ezinezko gertatzen da -t(z)ekotan/-t(z)ekotz menderagailuak erabiltzea.

34.10c -t(z)ekotan/-t(z)ekotz gehienetan helburuzko balioan erabiltzen direlarik, batzuetan, helburuzkoetatik oso gertu dauden baldintzak aipatzen dira (Ikasturtea gainditzekotan, gehiago saiatu beharko duzu) menderagailu hauek dituzten baldintzazko perpausetan. Egoera edo gertakari bat aurkezten da hipotesi modura mendeko perpausaren bidez (ikasturtea gainditzea), eta hipotesi hori bete ahal izateko, nahitaezko izango da nagusian aipatzen dena betetzea (gehiago ikastea). Ondore perpausean sarritan nahi, behar, nahitaez… bezalakoak azalduko zaizkigu. Eta horretan bereizten dira Bihar lan egingo dut, etzi jai izateko bezalako helburuzkoetatik: azken honetan, mendeko perpausean aipatzen den xedea lortzeko burutzen da perpaus nagusian esaten dena, eta askotan nolabaiteko borondate bat ere agertzen da, baina -t(z)ekotan/-t(z)ekotz daramaten baldintzazkoekin, adierazten da xede hori lortzeko nahitaezkoa dela perpaus nagusian aipatzen dena egitea; helburuzkoan, ordea, erlazioa askeagoa da eta ez da horrelakorik iradokitzen (ikus 37. kapitulua).

34.10d Baldintzazko balio beteagoarekin, Herri honetan jarraitzekotan, mendi elkartean emango dut izena; Gero ikasirikoa ahanztekotz, ez dut denbora anitzik pasatuko ikasten bezalako adibideetan, hipotesia edo baldintza etorkizunera begira jartzen da, baldintza urrunduz, eta modalizazio bat ere eransten da, X gauzatu/gertatu behar bada… edo -t(z)eko asmo/behar/nahi/baldintza adierazi nahian bezala. Aurreko adibideei dagokienez, lehenean azaldu nahi da, herri honetan geratzeko asmoa badugu, edo horrela gertatu behar bada, elkarte horretan emango duela izena; bigarrenean, ikasitakoak alde guztietara gerora ahazten badira, esalea ez dela ikasten askorik saiatuko.

34.10e Beste batzuetan, ekintza nagusia burutzeko baldintza bat jartzen da, geroaldian bete behar dena: Emango dizut, bihar itzultzekotan; Urrunera ez joatekotan, segi jolasera! Baina bien arteko lotura hiztunak jartzen du: baldintzazkoan ez da kausa adierazten, baizik eta etorkizuneko zirkunstantzia murriztaile bat: zirkunstantzia hori betetzen bada, edo betetzearen baldintzapen, orduan perpaus nagusian adierazitzakoa beteko da. Eta ordenari dagokionez ere, sarritan baldintzazkoa perpaus nagusiaren ondoren joaten da, askotan pausa nabarmenarekin (baina juntagailua ere jar daiteke tartean), mintzagai izaera garbirik gabe, hiztunaren eranskin modura edo: Esango dizuet, baina zuek isilik egotekotan.

34.10f -t(z)ekotan/-t(z)ekotz duten perpausetan askotan aditzaren errepikapena edo korrelazio lexikoa egoten da perpaus nagusian eta mendekoan; mendeko perpausean baldintza orokorra betetzeko esparrua azaltzen da (zerbait, norbait, inor, inon… bezalako izenordain zehaztugabeak sarri aurkitzen ditugu), eta ondore perpausean esparru hori zehazten da, askotan galdegaiaren bidez: Inor maitatzekotan, zu maitatzen zaitut; Juduek nehon irabaztekotz, han behar zuten irabazi. Batzuetan xehetasunak eransteko edo zuzenketak egiteko ere erabiltzen dira (Bart Ibañetan elurra egitekotz, ez zuen asko egingo), eta horrelakoetan, gertakari burutuen gainean ere ari gaitezke, baina egiaztatu gabeko baldintza bezala agertzen dira.

34.10g Beste batzuetan, ondoren datorren proposizioa bideratzeko edo hizpidea emateko erabiltzen dira horrelako perpausak: Izenak esatekotan, Mitxelenak garrantzi handia izan zuen. Mendeko perpausean aipatzen dena ez dago ondorengo proposizioarekin lotuta, baizik eta proposizio hori enuntziatzeko arrazoi bezala ematen zaigu, enuntziatzeari bide ematen dion ‘baldintza’ da. Eta honen hurbileko erabileran, izan aditzari lotua, izatekotan/izatekotz perpaus osoa modalizatzeko erabil daiteke: Haien asmoa ez zen gutxienik ere ahuldu; azkartu, izatekotz.

34.10h Hasieran esan dugu, baldintzazko perpausei, eta beste mendeko batzuei, ere diskurtso markatzailea eranstean, sarritan kontzesiozko balioa lortzen dela. -t(z)ekotan/-t(z)ekotz menderagailuarekin, ordea, ohikoena baldintzazko adiera da: Euskara utzixea zuten herri hartan; atxikitzekotz ere, sehientzat; Norbaitekin harreman berri bat hastekotan ere, ezkonduekin ez hasi. Lehenengo adibidean, adierazten da, euskara norbaitekin erabiltzen bazen, sehiekin erabiltzen zela; bigarrena, norbaitekin harreman berri bat hasi behar badu, hobe duela ezkonduekin ez hasi. Baldintzazko balioa, ez kontzesiozkoa.

34.10i Aurreko balio guztietan -t(z)ekotan/-t(z)ekotz menderagailuaren bidez sortutako baldintzazkoak -tuz gero formaren bidez ematerik ez zegoen. Baina beste batzuetan -tuz gerotik gertuagoko erabilerak ere badituzte: Informazio gehiago behar izatekotz, udaletxera deitu; Dena ondo joatekotan, bostetarako etxean izango gara; Inor etortzekotan, ostatura sartuko litzateke zuzenean. Lehenean esan daiteke behar izanez gero, bigarrenean dena ondo joanez gero, eta hirugarrenean inor etorriz gero… Horrelakoetan askotan behar izan edo nahi izan bezalakoak erabiltzen dira, eta ez da egoten loturarik denbora deiktikoarekin, proiektiboak dira; kausalitate loturarik ere ez da izaten. Eta orokorrean, -t(z)ekotan/-t(z)ekotz erabiltzen denean, badirudi hipotesia urrundu-edo egin nahi izaten dela: ‘informazio gehiago behar izatea gertatuko balitz’, ‘inor etortzea gertatuko balitz’.

34.11. -t(z)ez gero

Tradizioan era honetako adibide gutxi agertzen dira: Hain ondasun gutxirekin zoriontsu izatez gero, ez duzu lanera joan beharrik; Bihar goizean mendira joatez gero, gaur garaiz oheratu beharko dugu; Garbi zegoen, inork lortzez gero, Mirenek lortuko zuela. Adibide gehienak Gipuzkoako XX. mendeko testuetan aurkituko ditugu. Adierari dagokionez, aditz izenaren gainean eraikiak izanik, -t(z)ekotan/-t(z)ekotz menderagailua dutenen pareko erabilera dute.

34.12. -t(z)era(t)

Aditz izenari adlatiboko marka erantsiz ohikoa perpaus osagarriak eratzea da: Zumalakarregik Lizarrara bidali zintuen egia jakitera. Baina baldintzazko balioa duten perpausak ere osa daitezke: Zumalakarregik Lizarrara bidaliko zintuen, egia jakitera. Bigarren adibidean, azpimarratutako perpausak ‘egia jakin izan balu’ adierazi nahi du. Mendebaldean -t(z)era erabili ohi da, eta ekialdean -t(z)erat. Baldintzazko adiera duenean, normalean, tartean pausa nabarmena egiten da, eta gehienetan perpausaren hasieran joaten da: Hori jakitera, ez nintzen etxetik irtengo; Diru gehiago izatera, etxe dotoreago bat erosiko nuen; Egia esatera, ez nuen uste hain urrun iritsiko zinenik. Nolanahi ere, baldintzazkoak sortzeko bide hau ez da maiztasun handiz erabiltzen, eta badirudi egoera-aditz batzuekin azaltzen dela bereziki (izan, jakin, egon…).

Aspektu balioari dagokionez, tradizioko adibide gehienetan aspektu burutua erabiliko genuke adizki jokatuarekin ematen hasiz gero: iraganaldira begira jarririk, egiatan gertatu ez zen baldintza bat ematen da sarritan -t(z)era(t) duen perpausaren bidez. Horrelakoak dira goiko egia jakin izan balu, hori jakin izan banu edo diru gehiago izan banu. Baina aspektu balioaren aldetik etorkizunera begira dauden adibideak ere aurkitzen dira: Diru gehiago izatera, Australiara joango nintzateke oporretan; Hala nahi izatera, laster atxilotuko lukete erasotzailea.

34.13. -tuenean

Partizipio burutuari -enean erantsiz baldintzazko balioa duten perpausak lor daitezke mendebaldeko hizkera batzuetan: Inor izanenean, arrantzaleak izango ziren epaile lanetarako egokienak. Nolanahi ere, hedadura eta tradizio murritzekoa da eta testu idatzietan oso lekukotasun gutxi aurkitzen dira. Gaur egun izan aditzarekin agertzen da, izatekotan esapidearen balioan, aurreko adibidean bezala. Beste batzuetan, baldintza indartzeko ere diskurtso markatzailea erantsi ohi da: Etxera inor etorrienean ere, eros ezazu gazta eta ardoa!; Elurra eginenean ere, har itzazu kateak! Horrelako adibideetan, etxera inor etortzen bada / elurra egiten badu, badaezpada ere… adiera hartzen du.

34.14. Zer + ADITZOINA + ere (zer (nahi) gerta (ere), zer hel ere)

Orain arte ikusi ditugun moldeak aditz partizipioaren eta aditz izenaren gainean eraikitzen ziren. Egitura honek, berriz, aditzoina du oinarri, eta euskaraz halako aditz mota duten egitura bakanetakoa dugu, gainera: Zer gerta ere, dena idatziko dizut; Zer hel ere, hirugarren atorra armairuan du; Zer nahi gerta, Piarresek errana egin zuten. Ekialdeko idazleek erabili dute bereziki, eta esapide egina dela esan behar. Erabilera murritzekoa dugu, horko gertakizun- aditzetatik aparte nekez aurkituko baitugu bestelako aditzekin. Alde batetik, orobatasuna adierazten du, eta bestetik, badaezpadakotasun-balioa ere badu. Zer gerta ere, adi egongo gara esatean, ‘edozer gertatzen bada / gertatzen balitz ere, badaezpada adi egongo gara’, adierazi nahi da.

307 Eguneroko solasean, era batera edo bestera baldintzazko adiera eman dezaketen elementuen eta moldeen zerrenda luzea da. Adibidez, bestela adberbioak (Gehiago saiatu behar duzu. Bestela ez duzu emaitza onik lortuko), aurretik dagoena anaforikoki biltzen du, eta polaritatea aldatuz ondorengo enuntziatuaren abiapuntu modura aurkezten du, baldintzazkoen oso antzeko adierak lortuz: Gehiago saiatzen ez bazara, ez duzu emaitza onik lortuko. Edo zeharo desberdina izanik, neurri batean baldintzazko adiera lor daiteke, baita ere, mintzagai modura aurkezten diren zenbait adizlagunekin: Zure egoeran, ez nioke deituko; hor uler daiteke ‘zure egoeran banengo…’. Horrelakoak ez ditugu hemen aztertuko.

308 Gaia berez zabalagoa da. Denbora, kausa, baldintza eta kontzesioa elkarrekin zerikusia izan dezaketen nozioak dira, eta batzuetan, bat non amaitzen den eta hurrengoa non hasten den garbi zedarritzea ez da erraza gertatzen. Bi gertakari (buruko mina izanpilulak hartu) denboran bata bestearen jarraian doazelako ideiatik (Buruko mina dudanean, pilulak hartzen ditut; denborazko perpausa), gertu egon daiteke lehena bigarrena eragiten duen kausa delako ideia (Buruko mina dudalako, pilulak hartuko ditut; kausazko perpausa); eta hortik, kasu batzuetan, kausa hori hipotetikoa izan daitekeelako ideia (Buruko mina badut, pilulak hartuko ditut; baldintzazko perpausa). Azkeneko urratsa litzateke, pentsatzea kausa hipotetiko batek eragin dezakeela gertakari bat betetzea, baina azkenean ez dela hala gertatzen (Buruko mina badut ere, ez dut pilularik hartuko; kontzesiozko perpausa); nolabait esateko, alderantzizko bidea, kausalitatea ukatzea. Edo, adibidea apur bat aldatuz, gerta daiteke baita kausa hipotetiko hori etorkizunean kokatzea, adierazi nahi den enuntziatua baino geroago (Buruko mina kenduko badut, pilulak hartu beharko ditut), helburuzko irakurketa eraginez.

309 Era honetako baldintzazkoek, neurri batean, perpaus nagusi osoa modalizatzen dute, eta egitura sintaktikoan toki desberdina dutela proposatzeko datuak badira. Adibidez, Oker ez banago, eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara bezalako adibide batean, lehenengo baldintzazko perpausa (oker ez banago), jarraian datorren baldintzadun perpaus osoari dagokio. Alegia, baldintzazko bi perpausek (oker ez banago // eguraldi ona egiten badu) izaera desberdina erakutsiko lukete. Era honetako baldintzazkoak askotan kortesiazko helburuarekin erabiltzen dira, ondorengo baieztapena goxatzeko (Niri iritzia eman behar badut…; Egia esatea nahi baduzu…).

310 Horrelako adibideetan, ondore perpausa bideratu zezaketen baldintza posible guztien artetik bat hautatzen da, eta maila gorenean jartzen da. ‘Gauetan buruko mina izatea’ eragiten duten egoera edo baldintza ugari izan zitezkeen, baina horien artetik bat hautatzen du, eta besteen gainetik jarri, enfasia emanez. ‘Mailakatze baldintzazkoak’ ere deitu izan zaie.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper