Euskararen Gramatika

35. Denborazko perpausak (I)

35. Denborazko perpausak (I)

35.1. Sarrera

35.1a Denbora adierazten duten aditzaz besteko baliabideak aztertuko dira kapitulu honetan. Aditza oinarrizkoa da, jakina, denboraren adierazpenean. Haren bidez eginiko adierazpena zehazteko, berriz, osagarri adberbialak erabiltzen dira. Etorri zen adizkiak, adibidez, iraganean kokatzen du gertakaria, baina kokapen hori osagarri adberbialen bidez areagotu daiteke311: {atzo ∼ igandean ∼ duela bi egunlana amaitu zuenean ∼ lana amaitzean} etorri zen.

Osagarri horiek ‘denbora’ adierazten dute denek, bistan da, baina multzo heterogeneoa osatzen dute.

35.1b Osagarri adberbialak hitz edo sintagma mota desberdinetakoak izan daitezke: adberbioak (atzo) edo postposizio sintagmak, adberbioarekin eginak (atzotik, atzo arte), izen sintagmaren gainean eraikiak (igandean, [jaio zinen egun]ean) edo perpausa gobernatuz eginak ([jaio zinen]ean) —azken bi sintagma horien arteko aldeaz, ikus § 36.2.1a—.

35.1c Aditzera ematen dituzten denbora nozioak ere bat baino gehiago dira: goiko adibidekoek gertakaria denboran kokatzea dute helburu, baina beste batzuek iraupena adierazten dute (Luzaro egon naiz zure zain), beste zenbaitek maiztasuna (Bitan izan naiz Berlinen), eta badira, azkenik, prozesuaren fasea adierazten dutenak (Oporretan da oraindik). Garbi ikusten da, esate baterako, Atzo ordu erdian egin zuen etxetik lanerako bidea perpausean denbora-osagarri bi ditugula —atzo eta ordu erdian—, eta bistan da nozio desberdin bi ematen dituztela aditzera; lehenak kokapena adierazten du, noiz egin zuen bidea, alegia; eta bigarrenak, berriz, iraupena, hots, zenbat denboran egin zuen.

35.1d Denbora-erreferentzia emateko moduan ere bada alderik. Zenbaitetan esaldiak gertakari bakarra aipatzen du, eta osagarriak zuzenean seinalatzen du hari dagokion denbora; adberbioek edo izenaren gainean eraikitako postposizio sintagma batzuek egiten dute hori: {Atzo ∼ igandean} etorri zen laguna. Perpausarekin eginiko osagarriak, aldiz, beste gertakari bat aipatuz seinalatzen du perpaus nagusiko gertakariari dagokion denbora: Lana amaitu zuenean etorri zen laguna perpausean, esate baterako, ‘lanaren amaiera’ da lagunaren etorrerari erreferentzia ematen diona. Gauza bera gertatzen da gertakari-izena duten osagarriekin ere: Gerraren amaiera arte ez zen etxera itzuli perpausean, hain zuzen, ‘gerraren amaiera’ da itzuleraren denbora erreferentzia.

Horiek horrela, atal bitan banatuko dugu osagarri adberbial hauen azterketa. Adberbioekin edo adberbioaren nahiz izenaren gainean eraikitako postposizio sintagmekin eraturikoak izango dira aztergai kapitulu honetan; hurrengoan, perpausekin eginak aztertuko dira, eskuarki ‘denborazko perpaus’ deitu izan direnak.

35.2. Perpausaz besteko osagarri adberbialak

35.2.1. Formak eta motak

35.2.1a Aurreko atalean esan den moduan, adberbioak edo postposizio sintagmak izan daitezke denborazko osagarri adberbial: adberbioak (atzo, luzaro, maiz, jadanik), adberbioaren gainean eraikitako postposizio sintagmak (atzotik, atzo arte) edo izen sintagmarekin eginak (igandean, igandea arte, zure ezkontzaren egunean, ezkondu zinen egunean). Adberbioak denbora esanahia dutenak dira, noski, eta baita izen sintagmetako izenak ere askotan (une, ordu, gau, goiz, arratsalde, egun, aste, hilabete, urte, igande), baina gertakari-izen ere izan daitezke (Azken gerratetik hona bakean bizi gara); edo data-izena (maiatzaren bian), edota data nahiz gertakari batekin loturiko izen berezi bat (Freuden ondoren).

35.2.1b Esan bezala, adberbio eta izen sintagma horiek postposizioa daramate zenbaitetan azken buruan —itsatsia edo askea—, haiek gobernatzen dituena (ikus 20. eta 21. kapituluak).

Inesiboko -n atzizkiarekin eratzen dira izen sintagmaren gainean eraturiko postposizio sintagma asko (igandean, joan den urtean, ordu bietan; bi urtetan, denbora luzean; bi alditan, askotan). Adberbioek, berriz, gehienek ez dute morfologikoki agerian atzizki hori (atzo, gero, bihar), baina pentsa daiteke batzuek bederen sintaktikoki badaramatela. Hain zuzen ere, -ko atzizkia hartuta forma adnominalak eratzen dituzte (atzoko, geroko, biharko). Adberbio batzuek, gainera, aukeran dute inesiboko atzizkia hartzea (luzaro edo luzaroan).

Instrumentaleko -z atzizkia ere erabiltzen da izen sintagmarekin eginiko postposizio sintagmetan (igandez, egun batez; anitz urtez, zenbait egunez; bi aldiz).

Ablatiboko -tik atzizkia dute iraupeneko gertakarien aurreko muga adierazten duten postposizio sintagmek (atzotik, gaurtik, egundik —epentesirik gabe, egunetik izena ez bezala; eta arratsetik, igandetik, joan den urtetik); -danik forma ere erabiltzen da euskara jasoan (atzodanik, oraindanik, aspaldidanik).

Adlatiboaren -ra atzizkia gerora, gaurtik biharrera, egun batetik bestera, handik gutxira edo mendearen hondarrera(t) bezalako esaldietan erabiltzen da denbora adieran; -ko atzizki adberbiala erantsita, berriz, -rako destinatiboa eratzen du (iganderako, datorren urterako eta, adberbioekin, etzirako, ordurako; bi egunetarako); adlatiboko -ra- atzizkia ezaba daiteke adberbioetan (etziko), eta kontsonantez amaituekin egin beharra da (gaurko, biharko, aurtengo). Azken muga adierazten duen -raino atzizkia ere erabiltzen da inoiz denbora esanahiarekin (iganderaino), -daino kontsonante ondoan (gaurdaino); baina esanahi horretarako arte edo arteraino postposizio askeak hobesten dira.

Ikus Euskaltzaindiaren 20. araua: “Betiko eta honen kideak”, Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29an onartua.

35.2.1c Hain zuzen ere, postposizio askeak (arte, bitartean, aurretik, aitzin, ondoan) hartzen dituzte bai izen sintagmek bai, zenbaitetan, adberbioek ere (igandea arte, uda aurretik, festa ondoan; atzo arte, orain baino lehen). Bestalde, -z gero postposizio konplexua ere erabiltzen da horrelako sintagmak eratzeko (atzoz gero, joan den igandeaz gero)312.

Ikus Euskaltzaindiaren 26. araua: “-z gero”, Donostian, 1995eko urtarrilaren 27an onartua.

Bestetan ez bezala, iraun edo egon bezalako aditzekin izen sintagma soila erabiltzen da osagarri adberbial gisa (Hiru ordu iraun du festak).

Berezia da, azkenik, «{duela ∼ orain dela} + IS zenbatzaileduna» egitura adberbiala (duela bi egun).

Beraz, laburtuz, honako hauek dira perpausaz besteko oinarria duten denborazko osagarri adberbialen formak:

adberbioa (atzo, luzaro, maiz, jadanik)

adberbioaren gainean eginiko postposizio sintagma:

postposizio itsatsiarekin (atzotik, egundaino)

postposizio askearekin (atzo arte, bihar baino lehen; atzoz gero)

izen sintagma (bi urte [iraun])

izen sintagmaren gainean eginiko postposizio sintagma:

postposizio itsatsiarekin (igandean, igandetik, iganderaino, egun batez)

postposizio askearekin (igandea arte, uda aitzin; hamarrak ezkero)

esapide adberbiala («{duela ∼ orain dela} bi egun»)

35.2.1d Aditzera ematen duten denbora-nozioaren arabera, berriz, lau motatako osagarriak bereiz daitezke, gorago esan den bezala. Gertakarien kokapena adierazten dutenak ditugu, batetik, noiz? galderari erantzuten diotenak: aldiberekotasuna adierazten dute batzuek (orain, gaur, egun, aurten, orduan), aurrekotasuna beste batzuek (atzo, lehen, aspaldi, iaz, joan den urtean, bezperan, duela bi egun), eta ondokotasuna beste batzuek (bihar, etzi, datorren urtean, biharamunean). Gertakarien iraupena adierazten dutenak daude, bestetik, zenbat denbora(n)? galderari erantzuten diotenak (luzaro, laburki, goiz osoan, bi egun) eta noiztik? edo noiz arte? galdera zedarriztatzaileei erantzuten dietenak (atzodanik, joan den urtetik, bostak ezkero; atzo arte, gero arte, igandea arte). Gertakarien maiztasuna adierazten dutenak, hirugarrenik, zenbat aldiz? galderari erantzuten diotenak (behin, birritan, maiz, bakan, usu, bi aldiz, hiru bider, egunero). Eta gertakaria prozesuaren zein fasetan dagoen adierazten dutenak, azkenik (oraindik, jadanik, dagoeneko).

35.2.1e Hona, bada, eskema:

KOKAPENA

aldiberekotasuna (gaur, orduan)

aurrekotasuna (atzo, bezperan, duela bi egun)

ondokotasuna (bihar, biharamunean, handik gutxira)

IRAUPENA

iraupenaren adierazpen kuantitatiboa (luzaro)

noizdanikoa (atzodanik)

noiz artekoa (atzo arte)

MAIZTASUNA (behin, hiru bider)

FASEA (oraindik, jadanik)

35.2.2. Kokapena adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.2a Kokapenezko osagarriek denbora bat seinalatzen dute, zeinetan gertatzen den perpausak adierazten duena. Bat datoz, bada, osagarriak seinalatzen duen denbora eta gertakariari dagokiona. Bat etortze hori, ordea, mota desberdinetakoa izan daiteke, osagarriak eta gertakariak nolako denbora adierazten duten. Zenbaitetan guztiz bat datoz denbora biak: Atzo bero handia egin zuen, ‘egun osoan’ izan zen bero. Beste zenbaitetan, seinalatutako denboraren barruko une bati dagokio gertakariarena: Atzo nekatuta oheratu nintzen, ‘atzoko egunaren une batean’ oheratu nintzen. Izan ere, kontuan izan behar da osagarriak seinalatzen duen denbora eta baita gertakariarena ere unekoak nahiz epekoak izan daitezkeela, eta, hortaz, konbinazioak desberdinak izan daitezkeela.

35.2.2b Osagarri batzuek unea seinalatzen dute (orain, duela bi ordu, hiruretan, hiru orenetan, eguerdian, une honetan, une hartan, arestian), beste batzuek epea (gaur, atzo, herenegun, bihar, etzi, iaz, aurten, goizean, bezperan, biharamunean, joan den urtean, aste honetan, udaberrian, igandean, egun hauetan, garai batean) eta beste batzuek unea nahiz epea (antzina, behiala, aspaldi, lehen, gero, ondoren, berehala, berriki, aurki, laster). Eta gertakariei dagokienez, berriz, aspektu lexikoak bereizten ditu uneko eta epeko predikatuak. Vendler-en ohiko sailkapena erabiliz (1967), honako lau aspektu hauek bereiziko ditugu hemen, zehaztasun gehiagotan sartu gabe: unekoa bat, lorpena edo erdiespena adierazten duena (etxean sartzea), eta iraupenekoak beste hirurak, gauzatzea (etxea garbitzea), jarduera (autoan ibiltzea) edo egoera (zerbaiten jakitun izatea) adierazten dituztenak (§ 23.2.1, § 26.1.4).

35.2.2c Osagarriaren eta gertakariaren arteko ‘bat etortzea’ guztizkoa da, osagarria unekoa izanik gertakaria ere halakoa denean (Hiruretan iritsi da) edo, hura epekoa izanik, gertakariak hark adierazitako epea osorik betetzen duenean (Atzo bero handia egin zuen); inklusiboa, berriz —partziala—, osagarria epekoa eta gertakaria unekoa izanik, hau haren barnean kokatzen denean (Atzo nekatuta oheratu nintzen), edota gertakaria osagarriak markatzen duena baino epe laburragokoa denean (Atzo bi ordu egon nintzen zure zain).

35.2.2d Uneko osagarria gauzatzea edo jarduera adierazten duten aditzekin doanean, bat etortzea inkoatiboa edo ingresiboa da. Prozesuaren hasierako unea seinalatzen du horrelakoetan osagarriak: Eguerdian irakurri ditut egunkariak eta Gaueko hamarretan hitz egin nuen telefonoz lagunarekin esaldiek irakurketaren eta hizketaren hasierako unea ematen dute aditzera, hurrenez hurren. Hori bai, adiera inkoatiboa iraupen laburreko prozesuekin bideratzen da, ez iraupen luzekoekin (#Goizeko zortzietan egin zuten autobidea). Eta osagarriak hizketa unea seinalatzen duenean ere aspektu burutuko adizkiak ez du balio ingresiboa, gauzatze edo jarduera bururatua adierazten baitu: Oraintxe garbitu dut etxea; Arestian irakurri ditut egunkariak; Une honetan hitz egin dut lagunarekin.

35.2.2e Epeko osagarriek, berriz, prozesu osoa ematen dute aditzera gauzatzea edo jarduera adierazten duten aditz hauekin (Joan den astean etxea margotu nuen; Atzo mendian ibili nintzen); osagarriak epea osorik seinalatzen duenez (‘joan den aste osoa’ eta ‘atzoko egun osoa’, adibideetan), haren barruan gauzatu den gertakaria ere osorik, bururaturik, hautematen da. Ondoko perpaus biak alderatuz ikus daiteke osagarri mota bien arteko aldea: Goizeko zortzietan hitz egin dut lagunarekin eta Goizean hitz egin dut lagunarekin; uneko osagarriak (goizeko zortzietan) hizketaren hasierako unea seinalatzen du; epekoak, berriz, (goizean) hizketaren prozesu osoa ematen du aditzera.

35.2.2f Gertakariaren denbora seinalatzea dutenez zeregin, erraz uler daiteke kokapen osagarri desberdin bi ez direla perpaus batean metatzen, ez une bi (*Eguerdian etorri zen goizeko zortzietan), ezta epe desberdin bi ere (*Atzo etorri zen orain bi egun). Osagarri bi meta daitezke, hori bai, bat bestearen azalpen aposizioa denean: Irailaren 12an, estropada egunean, jendez gainezka egon zen Donostiako Alde Zaharra; Orain, neguan, hotz handia egiten du. Eta onartzen da, halaber, epeko osagarriari une zehatza adierazten duen osagarri puntuala eranstea (Gaur emango zaie hasiera herriko festei, arratsaldeko zazpietan), edo epeko kokapena areago zehazten duen epe laburragoa seinalatzen duen osagarri bat eranstea (atzo arratsaldean, gaur goizean, gaur eguerdian). ‘Urtea’ adierazten duten adberbioekin ez da horrelako elkarketarik egiten; horren lekuan egitura adnominala erabiltzen da (iazko neguan, aurtengo udan).

Egoera adierazten duten predikatu batzuek subjektuaren propietateak ematen dituzte aditzera, eta, hortaz, egoera iraunkor eta etengabeak seinalatzen dituzte (zuria izatea); ‘betikoak’ direnez, ez du zentzurik horiek denboran kokatzea, ez une batean ez eta epe batean ere, ohiko erabileran bederen (#Hiruretan zuria zen edo #Atzo goizean zuria zen).

35.2.2g Kokapenezko osagarriek erreferentziazko une edo epe jakin batetik seinalatzen dute gertakariari dagokion denbora. Atzo dioenak ‘hizketan ari den eguna’ du erreferentzia, eta haren aurreko eguna seinalatzen du; bezperan dioenak, berriz, aldez aurretik ‘aipatutako egun bat’ du erreferentzia, eta haren aurreko eguna seinalatzen. Hala, Atzo zinean izan nintzen perpauseko atzo adberbioari esaldia esandako egunak ematen dio balioa; eta Handizki ospatzen dugu urtero San Sebastian eguna; bezperan hasten dira ospakizunak esaldiko bezperan sintagmari San Sebastian egunak ematen dio erreferentzia.

35.2.2h Deixia hizketa unean finkatua duten osagarriak ‘osagarri deiktikoak’ deituko ditugu (atzo, gaur, aurten, bihar, joan den astean, datorren udan, duela bi egun). Erreferentzia hizketa uneaz bestelako une edo epe batean dutenak, berriz, ‘anaforikoak’ dira (orduan; bezperan, aurreko egunean, aurreko astean; biharamunean, hurrengo astean, handik pixka batera); perpausean berean edo haren testuinguruan eman dezake hiztunak osagarrioi balioa emango dion erreferentzia puntua (Azken partidaren bezperan min hartu zuen pilotariak; Zein inozoak ginen orduan!). Badira, azkenik, kontu horretan irekiak diren osagarriak, hizketa unean edo besteren batean erreferentzia izan dezaketenak, lehen, gero, goizeko seietan, edo bi ordutan bezalakoak (Zinera joango naiz gero eta Atzo arratsaldean zinean izan ginen, eta gero afaltzera joan ginen, hurrenez hurren; Goizeko seietan jaiki naiz [gaur] eta Goizeko seietan jaiki nintzen [egun hartan]).

Erreferentziako une edo epe horren arabera, gertakariaren kokapena desberdina izan daiteke: une edo epe harekin bat datorrenean, aldiberekotasuna dugu; hura baino lehenagoko une edo eperen bat seinalatzen duenean, aurrekotasuna; eta geroagokoa adierazten duenean, ondokotasuna.

35.2.3. Aldiberekotasuna adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.3a Esan bezala, aldiberekotasuna adierazten duten osagarri batzuek hizketa unean —nahiz hari dagokion epean— dute erreferentzia (orain, gaur eta aurten gisako adberbioak eta «denbora izena + honetan» gisako postposizio sintagmak) eta beste batzuek bestelako une-epe batean (orduan adberbioa, «denbora izena + hartan» gisako sintagmak eta «denbora izena + -n» gisakoak).

35.2.3b Orain adberbioak, esan bezala, hizketaren une-epean kokatzen du gertakaria, eta adizkia orainaldikoa da: Orain ari da mutila etxean sartzen; Orain ondo bizi gara313. Oraintxe (bertan) aldaera erabili ohi da aldiberekotasuna indartzeko: Oraintxe ari dira dendako atea irekitzen. Aldiberekotasunarena, hala ere, zabal hartzeko kontua da: aspektu burutuko adizkia duten Orain(tsu) etorri da bezalakoek, esate baterako, aldiberekotasuna seinalatzen dute, bai, baina gertakari burutua adieraziz betiere, hau da, aurrekotasun estua seinalatuz, eta, orobat Oraintxe hor zegoen bezalakoek; arestian adberbioak ere adiera hori bera du. Berehalako etorkizunari ere egin diezaioke erreferentzia orain adberbioak, ondokotasun estua adieraziz: Egon pixka bat, orain etorriko da; Oraintxe (bertan) dator. Hauen parekoa izan daiteke berehala adberbioa, hizketa unea duenean erreferentzia (Berehala {dator ∼ etorriko da}), baina bestelako erreferentzia ere izan dezake honek (Berehala {joan zen ∼ joango da}). Jokabide bertsua dute aurki, laster, sarri (Ipar.), segituan eta behingo batean osagarriek ere (ikus § 35.2.5d).

35.2.3c Gaur, egun eta aurten adberbioek ere hizketa unea barnean duen epea —hau da, eguna edo urtea— dute erreferentzia: Gaur giro dago; Egun nik irabazi dut partida; Aurten hobeto gabiltza. Aldaerak: gaur egun, gaur egunean, gaurko egunean, gaur den egunean; aurton, bizkaieraz.

35.2.3d ‘Hau’ erakuslea duten «denbora izena + honetan» gisako osagarriek ere —{une ∼ ordu ∼ egun ∼ aste ∼ denbora} + {honetanhauetan-otan} gisakoek— hizketa unea edo hari dagokion epea dute erreferentzia: Une honetan ez dago inor etxean; Hilabete honetan irekita daude hondartzako aldagelak; Egun hauetan turista asko dabil Donostiako kaleetan; Egunotan alai dabil. Hizketa uneari berari ez dagokionean, hura barnean duen epeari egiten dio erreferentzia: Igande honetan {zinera joango naizzinean izan nintzen}, hau da, ‘aste honetako igandean’; Uda honetan Ibizara joango gara, hots, ‘aurtengo udan’.

35.2.3e Orduan adberbio anaforikoak, berriz, hizketa uneaz bestelako une edo epe batekiko aldiberekotasuna adierazten du (Gazterik hasi nintzen lanean, hamazortzi urte nituen orduan; Egunen batean ez naiz hemen izango, oroituko zarete orduan)314. Orduantxe (bertan), orduan bertan, orduan berean aldaerek aldiberekotasuna indartzen dute, han berean osagarriak bezala (Orduantxe ari ziren dendako ateak irekitzen; Nik orduan berean galdu nuen esperantza; Han berean sendatu zen gizona), baina gertakari burutua edo berehalakotasuna ere adieraz dezakete, orain-ek bezala (Orduantxe (bertan) iritsi zen; Egoteko esan zion, orduantxe (bertan) etorriko zela). Denboraz bestelako erabilera bat badu orduan adberbioak, lagunarteko gipuzkeran batez ere: ‘kasu horretan’, ‘beraz’ edo ‘bada’ adierazten du horrelakoetan (Bakean zatoz? Lasai egon gaitezke orduan; Orduan zer, etorriko zara bihar?)315.

35.2.3f ‘Hura’ erakuslea duten «denbora izena + hartan» gisako osagarriek ere —{une ∼ ordu ∼ egun ∼ aste ∼ denbora} + {hartanhaietan} gisakoek— hizketa uneaz bestelako une edo epea dute erreferentzia: Denbora hartan {pozik bizi ginenpozik biziko gara}. Horien parekoak dira ‘hori’ erakuslea dutenak ere: Lanean hasiko naiz noizbait eta egun horretan ez dut zure laguntzaren beharrik izango.

35.2.3g «[{Erlatiboa + denbora izena] + -n» edo «[gertakari izena (+ -en)} + denbora izena] + -n» egiturako osagarriek sintagman berean aipatzen den gertakaria dute erreferentzia: Zu jaio zinen urtean erosi genuen etxe berria; Gida baimena lortzen dudan egunean berean erosiko dut autoa; Garaipenaren egunean ospakizun handiak egin ziren; Gerra garaian gaizki bizi ginen —‘jaiotza’, ‘gida baimenaren lortzea’, ‘garaipena’ eta ‘gerra’ dira erreferentzia adibideotan—. Data baten gainean eginiko osagarriek ere hura dute erreferentzia: 1789an hasi zen Frantziako iraultza; 2040an ehun urte beteko ditu gure elkarteak.

35.2.3h Era berean, ‘batera’ gertatzearen adierazpenaren bidetik, -ekin atzizkiarekin egindakoek ere testuinguruko erreferentzia har dezakete: Bazko aste osoa oporretan igarota, igandearekin itzuli zen etxera. Gauza bera «izena + -rakoan» egiturako osagarriek ere: Etxerakoan zure laguna ikusi dut; Honakoan kantari etorri zen; Lotarakoan bi pilula hauek hartu behar ditu316. Zenbaitetan -ra atzizkiak ere kokapenezko erreferentzia eman dezake: San Benoat bosgarren mendearen hondarrerat sortua zen (Zerbitzari); Iragan mende hondarrerat xaharberritua (Herria).

Gutxi gorabeherako kokapena adierazten dute buruan aldean, aldera, inguruan edo partean daramaten sintagmak: Hurrengo egunean, gaueko hamabiak aldean, eraso ziguten berriz ere (S. Salaberria); 1965ean, udazken aldera (Mitxelena); Iluna goizago sartzen zen, bereziki negu partean (Larre).

35.2.3i Erakuslerik gabeko «denbora izena + -n» egiturako osagarriak, azkenik, bietarikoak dira. Hizketa unea dute erreferentzia, «denbora izena + honetan» gisa ulertzen direnean: Neguan hotz handia egin du —hau da, ‘negu honetan’, ‘aurtengo neguan’—; bestela, testuinguruak ematen dio erreferentzia: Bazko aste osoa oporretan igarota, igandean itzuli zen etxera —hots, ‘aste hartako’ igandean itzuli zen—.

35.2.3j Orain, gaur eta orduan adberbioei -ko adnominala erantsita oraingoan, gaurkoan, ordukoan eta oraingo honetan, gaurko honetan, orduko hartan osagarriak eratzen dira, aldi izena isilduta sortuak beharbada (oraingo [aldi]an)317. Forma hauek ez dira forma soilen guztiz errankideak, ‘aldi’ gehiago izan direlako iradokizuna ematen baitute aditzera: Oraingoan irabazi du edo Gaurkoan garaiz iritsi da dioenak beste aldi batzuk ere izan direla suposatzen du.

Bestalde, -ko atzizkiari instrumentalaren -z atzizkia erantsita oraingoz, gaurkoz, aurtengoz, ordukoz gisako osagarriak eratzen dira, une edo epe bati dagokiona seinalatzen dutenak, aurreko edo ondoko une-epeei zer dagokien abstrakzioa eginaz: Aski dugu gaurkoz; Jende gutxi etorri da oraingoz; Oporrik gabe geratuko gara aurtengoz; Aski zuen ordukoz. Azken aldian momentuz forma ari da zabaltzen, Hegoaldean batez ere; egokiago dirudi adiera horrekin oraingoz erabiltzea.

35.2.4. Aurrekotasuna adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.4a Osagarri hauek ere deiktikoak (atzo) zein anaforikoak (bezperan) izan daitezke. Hizketa unea erreferentzia duten osagarri deiktikoak dira atzo, herenegun, iaz eta antzina adberbioak: Atzo etorri zen; Herenegun hasi zuten festa; Iaz amaitu nituen ikasketak; Antzina hobeto bizi ginen. Bart adberbioak hizketa uneko egunaren aurreko gaua adierazten du eskuarki, bart arratsean eta bart gauean elkarketak eraturik maiz: Bart arratsean berandu etorri zen; zenbaitetan, hala ere, hizketa unearen eguneko ordu txikiak arte luza daiteke gau epearen aipamena, eta aditza orainaldian du: Bart berandu etorri zara. Gorago esan den moduan, bestalde, aresti(xe)an adberbioak aurrekotasun estua adierazten du: Egia al da arestian esan duzuna?

35.2.4b Erlatibo lexikalizatuarekin eginak diren «[{joan den ∼ iragan} + izena] + -n» egiturako osagarriek ere hizketa unea dute erreferentzia: Joan den astean etorri zen; Iragan sanferminetan ezagutu nuen zure laguna; orobat lehengo adnominalarekin eginikoek ere. Adierazpena zehatza nahiz zehaztugabea izan daiteke, hurbileko iragana seinalatuz betiere (lehengo astean, lehengo urtean [= iaz], lehengo igandean nahiz lehengoan, lehengo bateanlehengo batez—, lehengo egunean, lehengo egun batean). Aurreko aldia adierazten du gipuzkerazko orain hurrena esapide eginak: Orain hurrena ikusi zintuztedanean umekondo batzuk zineten (Barrensoro).

35.2.4c «{Denbora ∼ garai} + batean» osagarriek ‘antzinako garai edo denbora’ zehaztugabe bat ematen dute aditzera: Jakintzak […] erakutsi du garai batean ez zela gizonik lurrean (Villasante); Denbora batean, gazte asko joaten zen Ameriketara. Behin adberbioak ere zenbaitetan ‘antzina’ esan nahi du: Ni ere gaztea izan ninduan behin (Aresti); bestetan, iraganeko une bat seinala dezake, zehaztasunik gabe, «behin {batean ∼ batez}» osagarriek bezala: Behin, gauza harrigarri bat gertatu zitzaidan; Bagindoazen behin batean mendian… Osagarri honen maiztasun adieraz, ikus § 35.2.12a; eta ondokotasunaren indargarri gisakoaz, ikus § 36.7.3a.

35.2.4d Bezpera izenarekin eraturiko bezperan eta bezperaz postposizio sintagmek, berriz, beste une edo epe bat dute erreferentzia: Jaiegunen bezperan handitu egingo dute autobusen zerbitzua; Bezperan tabakoak jorraturik, aitzurra han utzia nuen, (Etxebarne); Santa Kurtze bezperaz hasten dira jaiak (B. Enbeita). Bezperagoan osagarriak bezperaren aurrekoa seinalatzen du: Mendekoste bezperagoan hamar erretore euskalduni manatu zieten beren parrokiaren uztea (Lafitte). Horien parekoak dira aurregunean eta aitzinegunaz sintagmak.

35.2.4e «{[(IS + -en) aurrekoaitzineko} + izena] + -n}» egiturako osagarriek ere hizketa uneaz bestelako une edo epe bat dute erreferentzia, sintagma berean edo testuinguruan aipatua edo iradokia dena: Festaren aurreko egunean dena prest zuten; Aurreko astean ikasiak nituen azterketako gai guztiak; Gerraren aitzineko egunetan giroa nahasia zegoen. Egitura horretako osagarriak anaforikoak dira, baina «IS + -en» izenlagunik gabeak hizketa unea bera ere izan dezakete inoiz erreferentzia, lehengo-rekin eginek bezala: Aurrekoan esan nizuena gertatu da; Aurreko astean ikusi genuen bezala.

«Izena + {aurrean ∼ aurretikaitzingabe}» osagarriei sintagmako izenak ematen die erreferentzia: Gerra aurrean hobeto bizi ginen; Gauerdi aitzin etxeratu ginen; Gaztetan, iluna gabe sartzen ginen etxean. Izena genitiboan dela erabiltzen dira aurretik, aitzinean eta aitzinetik postposizioak, batez ere izenlagunarekin edo adjektiboekin direnean (gure gerraren aurretik, gerra handiaren aitzinetik, abenduko lehen igandearen aitzinean). Aurretik eta aurrean formak mendebaldekoak dira; aitzin eta aitzinean ekialdekoak.

35.2.4f Aspaldi eta lehen(ago) adberbioak, bere aldetik, deiktiko zein anaforiko izan daitezke. Aspaldi soila nahiz inesiboko atzizkia duen aspaldian erabiltzen dira (Aspaldi erosi nuen bizi naizen etxea; Aspaldian ezagutzen nuen gizon batekin topo egin nuen, Aierbe); bestalde, bat, guzti, handi edo luze laguntzaileak daramatza inoiz (aspaldi {bateanguztian ∼ handian ∼ luzean}) edo modifikatzaileak (aspalditxo, aspaldixko); erakusleak bereizten ditu erabilera deiktikoa (aspaldi honetan —berdin aspaldion—) eta anaforikoa (aspaldi hartan). Lehen eta lehenago adberbioek ez dute guztiz erabilera bera: lehen soila deiktikoa da batez ere (Lehen hobeto bizi ginen), nahiz anaforiko gisa ere erabil daitekeen (Etsai egin ziren lehen adiskide zirenak); lehenago formak, berriz, bietarako erabiltzen da berdin (Lehenago ere aritua naiz lan horretan eta Afaltzera joan ginen, baina lehenago paseo bat egin genuen; Afaltzera joango gara, baina lehenago paseo bat egingo dugu).

35.2.4g Konparaziozkoa da baino lehen(ago) postposizioa, baina gertakaria denboran kokatzea du helburu, aurretik izena edo adberbioa duenean. Maiz anaforikoa bada ere (urte amaiera baino lehen, hurrengo negua baino lehen, bostak baino lehen), deiktikoa ere izan daiteke: Orain baino lehen banituen nik hamaika bertso emanak (Uztapide); Parisen ere izanak gara gu orain baino lehenago (Uztapide). Aurrekotasunaren neurria adierazten duten zenbatzaileak eta modifikatzaileak hartzen dituenean, lehenago aldaera hobesten da318: Eguberria baino hiru egun lehenago itzuli zen etxera; Zinera joateko asmoa baduzu, ager zaitez lehentxeago sarrerak hartzera. Bestetik, -z atzizkia darama maiz zenbatzaile modifikatzaileak: Bostak baino askozaz lehenago hemen nintzen ni; Eguberria baino hiru egunez lehenago itzuli zen etxera.

35.2.4h Aurtemein adberbioak ‘orain duela gutxi’ edo ‘orduan zuela gutxi’ adierazten du: Aurtemein Iñesek bere alabari esana gomutatuz gero (Erkiaga).

Adberbio gisa ere erabiltzen dira aurrez, aurretik, aitzinean eta aitzinetik(Aurrez hartutako erabakiak berretsi zituzten; Aurretik atera behar dira kontuak; Aitzinean ere bazekien hori; Aitzinetik prestatzen ditut hitzaldiak eta, deiktiko gisa, Aurrez egindakoak baliatzen ditut orain); aurretik eta aitzinetik formek zenbatzaile modifikatzailea eraman dezakete, -ø edo -z atzizkiekin (egun {batzuk ∼ batzuez} aurretik; hamar {urte ∼ urtez} aitzinetik).

35.2.4i «{Duela ∼ orain dela} + denbora IS zenbatzaileduna» egiturako esapide adberbialak hizketa unetik atzera kontatzen du denbora, gertakaria kokatzeko; hala, esate baterako, {Duela ∼ orain dela} hamar egun etorri zen laguna dioenak denboraren joanean hamar egun egiten du atzera lagunaren etorrera han kokatzeko.

Izen sintagmaren zenbatzailea zehatza izan daiteke, denbora-unitateak kontatzen dituena (duela hamar egun; orain dela bost urte), nahiz zehaztugabea (duela zenbait egun; orain dela urte batzuk); izenordain zenbatzaileak bete dezake izenaren lekua, eta esapideak ematen dio denbora-balioa: {duela ∼ orain dela} gutxi; {duela ∼ orain dela} aspaldi esapidean, berriz, aspaldik berak darama zenbatzailea bere esanahian (‘denbora luzea’). Modifikatzaileak ere eraman ditzake esapideak: {duela ∼ orain dela} + {hamarren bat egun ∼ ia hamar egun ∼ hamar egun-edo ∼ hamar egun pasatuxe ∼ hamar egun inguru ∼ anixko urte ∼ aspaldixko ∼ xuxen zortzi egunaspaldi-aspaldi ∼ laster urtebete}.

35.2.4j Osagarri hauek aditza lagundu ohi dute ({Duela ∼ orain dela} bi urte gertatu zen), baina izena ere lagundu dezakete, eta esapideak -ko atzizki adnominala darama ({Duela ∼ orain dela} bi urteko gertaera). Denbora-adierazpena zehazten duten postposizioak ere onartzen ditu esapideak: duela hamar egunetik hunat; orain dela hamar egunez geroz; duela hamar egun arte; horrelakoetan iraupenekoa izan ohi da predikatua: {Duela ∼ orain dela} hamar urtetik hona ez dugu bakerik izan35.2.11a).

Duela aldaerako forma Iparraldekoa da batez ere, gaur egun erabilera zabalagoa badu ere319. Hizketa unea seinalatzen duen orain adberbioa aurretik duela erabiltzen da maiz: (orain) duela hamar egun. Du adizkia inpertsonala da, subjekturik gabea, eta esapide adberbial honetan finkatua dela esan daiteke: haren objektua —izen sintagma zenbatzaileduna— esanahiz plurala denean ere ohikoa da singularreko forma erabiltzea, goiko adibideetan ikusten den moduan, nahiz zenbaitek, analogiaz edo, dituela hamar egun gisakoak erabili zenbaitetan; Jean Etxepare medikuak erabiltzen ditu inoiz horrelakoak. Eta anaforiko moduan erabiltzen denean ere —hau da, zenbatzearen hasierako unea iraganean ezarria denean ere— ez da ohikoa zuela adizkia erabiltzea, ezinezkoa ez bada ere: Hogei urte zuela egin zutenaz oroiturik (Axular); Iaz hartu zuen zuela hiru urte bidali zioten gutuna. Ohikoagoa da hiru urte lehenago bidali zioten gutuna gisakoak erabiltzea, eta duela ere erabiltzen da inoiz: Aita hila zuten, duela ordukotz hamar urte (J. B. Etxepare).

Dela aldaerako forma, berriz, mendebaldekoa da, eta ohikoa du honek ere esapidearen lehen buruan orain adberbioa eramatea320. Da singularra erabiltzen da maiz sintagma zenbatzailea esanahiz plurala denean ere (orain dela hamar urte), baina plurala erabiltzea ez da debeku, batez ere sintagma aditzaren aurrean doanean (orain hamar urte direla). Iraganeko adizkia ez da ohikoa forma honetan, baina ez da ezina; hala, ezezko perpausetan ageri da inoiz (artean denbora asko ez zela).

35.2.4k Aditzik gabeko orain hamar egun gisako esapideak ere erabiltzen dira: Orain ehun urte hasi zen gerra; Orain urteak gertatu zen hori. Ikusten denez, esapidean agerian direnak abiapuntua adierazten duen orain adberbioa eta sintagma zenbatzaileduna dira. Denbora-neurri finkatuekin izena bera ere utzi daiteke isilpean, gaur zortzi gisako egiturak eratuz —hau da, gaur (dela) zortzi (egun), hots, ‘gaur astebete’—: Gaur zortzi izan zen partida; Hegiaphalia sute ikaragarri batek irentsi du gaur hamabost (Etxaide). Hizketa uneaz bestelako abiapuntuekin ere erabili ohi da esapide laburtua, adberbioarekin edo inesiboko postposizioarekin: Atzo zortzi, ortzegun goizaldera buruz supituki ohean hila kausitu dute (Hiriart-Urruti); Igandean zortzi gelditua zen etxean (Zerbitzari).

Esapide laburtu horrek etorkizuna ere adieraz dezake, eta aditz nagusiak argitzen du esapidearen anbiguotasuna: Gaur zortzi {etorri zen ∼ etorriko da}.

35.2.4l {Hamar urte dira ∼ badu hamar urte} gertatu zela gisako perpausek ere gertakaria gauzatu dela zenbat denbora den seinalatzen dute. Hauetan ez da, ordea, esapide adberbialik. Egitura predikatiboa dute: -la perpausa erlazio predikatiboan da sintagma zenbatzailearekin (EGLU-V: 50).

Izan aditzaren jokoa zabala da egitura honetan. Hala, zenbatzailea esanahiz plurala denean, ohikoa da dira erabiltzea (hamar egun dira, urteak dira). Iraganekoa ere izan daiteke (bost urte ziren), eta baita probabilitatea adierazten duen geroaldikoa ere: Bost ordu izango dira etorri dela; Bost ordu izango ziren gertatu zela. Du erako aditza erabiltzen dutenek singularreko adizkia hobesten dute, objektua esanahiz plurala denean ere: Badu hamar egun laguna etorri zela; -la atzizkiaren lekuan -netik ere erabil daiteke noizdanikoa seinalatzeko: Bi urte dira gurera {etorri zela ∼ etorri zenetik}.

Mendeko predikatua erdiespenekoa denean edo gauzatze-jarduera burutua adierazten duenean, hura gauzatutako unea seinalatzen dute besterik gabe egitura honetako perpausek: Bi urte dira gurera etorri zela; Badu bost urte auto berria erosi nuela. Jarraitzen duen jarduera edo egoera adierazten duenean, berriz, gertakariaren iraupena ere ematen dute aditzera, haren hasiera seinalatuz betiere: Bi urte dira lantegi horretan ari dela; Badu sei urte Bruselan bizi dela (ikus § 35.2.8j).

35.2.5. Ondokotasuna adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.5a Deiktikoak dira bihar, etzi, etzidamu, geurtz (‘datorren urtean’) adberbioak: Zinera joango gara bihar; Villasante ez da etzi edo etzidamu sor daitezkeen euskaldun jatorrekin ari (Mitxelena). Hizketa unea dute erreferentzia, halaber, lexikalizatutako erlatiboarekin eginak diren «[{datorren ∼ heldu den} izena] + -n» egiturako osagarriek: Datorren astean joango da oporretara; Heldu den urtean ezkonduko dira.

35.2.5b Biharamunean eta biharamunagoan anaforikoek, berriz, iraganeko nahiz etorkizuneko puntu batetik aurrera seinalatzen dute: Bainan Xina-tar tratulari herrestorik ez [zen] ageri. Ez biharamunean ere. Ez eta biharamunagoan (Narbaitz); Eta [Kattalin gorri] hortik hegaldatzen bada, biharamunean denbora ederra izanen dela (J. B. Etxepare). Biharamunean forma izen elkartuaren bigarren osagai gisa erabiltzen da maiz: festa biharamunean, San Fermin biharamunean, edo izenlagunaren ondoan: San Pedro egunaren biharamunean egun osoan lanean jardun ondoren (Erkiaga). Anaforikoak dira, halaber, «{hurrengo ∼ ondoko} izena + -n» egiturako sintagmak: Azterketa ostiralean egin, eta ondoko astean {jakin genuen ∼ jakingo dugu} emaitza.

35.2.5c Ondoan, ondoren, ondorean, ondorenean, ondotik eta ostean adberbioak ere anaforikoak dira321: Laguna agurtu zuen, eta ondoan kalera irten zen; Aurrena ikasketak amaitu, ondoren hasiko zara lanean; Aurrena lana egingo dugu, ostean etorriko da aisialdia. Gero adberbioa aurretik dutela ere erabiltzen dira: Alferrik dira gero ondoren egindako ahaleginak (Anduaga); Eskapatzerat uzten zuen, gero ondotik hobeki atzemaiteko plazerrarentzat (J. B. Etxepare). Jarraian adberbioa ondoren-en parekoa da, ‘orduan segidan’ adierazten duenean: Azken lasterkaria sartu arte itxaron zuten; jarraian, sariak banatu zituzten. Izenlagunaren ondoan ere erabiltzen dira forma horiek: Nekearen ondoan atsedena etorri zen; Festaren ondoren nekatuta egongo dira; Batzarraren ostean izango da bazkaria; Berba gogorren jarraian etorri zen zigorra. Genitiborik gabe ere erabiltzen dira izen bizigabeekin, adjektiborik ez daramatenean: festa ondoan, batzar ostean322. Ezkero / -z gero postposizio konplexuak maizenik noizdaniko muga adierazten duen arren (§ 35.2.9c), ondokotasuna ere adieraz dezake: Nekeaz gero bakea etorri zen.

35.2.5d Gero eta geroago adberbioak, bere aldetik, bietarikoak dira, hizketa unea nahiz beste une bat izan baitezakete erreferentzia: Gero(ago) hitz egingo dugu, deiktikoa; Aurrena erosketa batzuk egin, eta gero(ago) afaltzera {joan ginen ∼ joango gara}, anaforikoa. Zenbatzailea duelarik geroago forma hobesten da (zerbait geroago, lau urte geroago, askoz geroago, zortzi urtez geroago)323. Inesiboarekin ere erabiltzen dira adberbio horiek (geroan, geroagoan). Beranduago adberbioa berezko esanahian ez ezik (‘atzerapen handiagoz’), geroago-ren pare ere erabiltzen da inoiz: Beranduago erdietsi zuen [gizonak…] lanbide bereziak hautatzeko astia (Mitxelena). Gero adberbioak geroz eta geroztik (Ipar., batez ere) aldaerak ditu: Geroz(tik) gertatuak esango ditut. Geroko batean osagarriak zehaztugabeko ondokotasuna adierazten du.

35.2.5e Zehaztasunik gabeko ondokotasuna ematen dute aditzera hurrengoan, hurrengo batean eta geroko batean formek: Behin engainatu(ko) naute, baina hurrengoan ez diet sinetsiko; Geroko batean Osiñetan ikusi nuen (Azpiroz). Hurrena soila ere ‘hurrengo aldian’ adierazteko erabiltzen da, gipuzkeraz batez ere: Hurrena plazan ikusiko dizkiagu geuren buruak (Albeniz); Eta, hurrena biltzen ginenean, lehen bezain lagun (Insausti).

Gorago aipatu den moduan (§ 35.2.3b), bestalde, aurki, laster, sarri (Ipar.), segituan, berehala eta behingo batean osagarriek berehalakotasun estua ematen dute aditzera: Laster etorriko da, ez da asko luzatuko; Egon pixka batean, berehala naiz hor zuekin; Hatzemazu xarbo hori; sarri nik erreko dut (Hiriart-Urruti); Aurki azaldu ziren etxe-ateetan beste ikuszale gehiago ere (Barrensoro); Behingo batean atera zen aize mot izugarri bat (Apaolaza).

35.2.5f «{Hemendik ∼ handik…} + {denbora IS zenbatzaileduna + -ra}» egiturako osagarriek aurrerantz zenbatzen dute denboraren joana gertakaria kokatzeko. Gorago aipatu diren duela bi egun gisako formen alderantzizkoak dira hemendik bi egunera gisakoak; haiek atzerantz zenbatzen dute denbora, hauek, esan bezala, aurrerantz. Erreferentzia hizketa unea denean, hemendik, gaurtik edo horrelako ablatiboak erabiltzen dira; beste une edo epe bat denean, berriz, handik edo ordutik bezalakoak: Hemendik hamar egunera da hastekoa ikastaroa; Handik urte bira ezkondu ziren. Zenbatzailea duten sintagmetan ohikoa den moduan hura zehaztugabea ere izan daiteke (handik egun batzuetara); izenik gabea ere izan daiteke, egiturak denbora balioa ematen dio zenbatzaileari (handik gutxira); eta modifikatzaileak ere izan ditzake (handik {hamar bat eguneraia hamar egunera ∼ oso gutxira}). Adlatiboaren lekuan inesiboa erabiltzen da zenbatzailea ordinala delarik (handik hirugarren egunean).

35.2.5g «Denbora IS zenbatzaileduna + barru» egiturako sintagmak ohikoa du erabilera deiktikoa, aurretik hemendik edo antzeko ablatibo bat duela inoiz: (Hemendik) sei egun barru etorriko da; (Gaurtik) hamar egun barru hemen izanen naiz berriro. Anaforiko gisa ere erabiltzen da batzuetan, iraganeko erreferentziarekin maizenik, aurretik handik ablatiboa duela inoiz: (Handik) egun gutxi barru iritsi zen gurera albistea; Egun gutxi barru jaso nuen agindu zidan eskutitza (Mitxelena). Eta etorkizunekoarekin inoiz: Artzaina jo, eta Ardiak banatuko dira. Baina hiru egun barru zu piztuko zara, eta bilduko dituzu elkargana ostera (Munibe). Ohiko ondokotasuna adierazten du beste zenbaitetan: Txori horrek kantatuz gero, hiru egun barru euria egiten du beti (Soroa). Barruan inesiboa ere erabiltzen da adiera berean: Beste bi hilabete barruan gudaritzara joan behar du (Etxaide); Bost minuturen barruan, zeru guztia hodei baltzez estalduta zegoen (F. Bilbao).

Barne(an) postposizioarekin ere egiten da osagarri hau, eta izenak partitiboko -ik atzizkia du maiz: Denbora laburrik barnean, segurki eguerdi baino lehen, honat etorriko dituk (J. B. Elizanburu); Jainko maitea, nork erran behar zuen epe laburrik barne aberatsak izanen ginela? (Manezaundi).

Ondokotasun adierazpena egiten du, orobat, «IS zenbatzaileduna + -en + buruan» osagarriak: Hiru egunen buruan hemen zen berriz (Azkue); Handik hogei urteren buruan […] bertsu hauek eman zituen (Oxobi).

Sintagma hauek aipatutako epearen azken unea seinalatzen dutenean dira kokapenezko osagarri, amaierako une hartan kokatzen baitute gertakaria (Hiru ordu barru etorri zen); baina epearen barneko denbora seinalatzen dutenean, iraupenekoak dira: Hiru egunen buruan bi aldiz erori zen.

35.2.5h «{Hemendik ∼ handik ∼ ordutik ∼ egun hartatik} {berehala ∼ bertan ∼ fite ∼ laster ∼ sarri (Ipar.)}» osagarriek berehalakotasun estua adierazten dute: Handik berehala, hona non heldu zaion okin bat (Barbier); Ordutik laster gelditu zen ohean jagi ezin zen moduan (J. J. Mogel).

35.2.5i Ikusia dugu gaur zortzi bezalako esapideek aurrekotasuna adierazten dutela zenbaitetan (§ 35.2.4k), baina ondokotasuna ere adieraz dezakete beste batzuetan: Malentxo nere alabarik zaharrena gaur hamabost ezkontzen zaidak! (Etxaide); Gaur zortzi itxaroten dut zure burubidea (E. Azkue); Gaur zortzi, goizean goiz, hemendik horrako bidea hartuko dugu (Azkue); Hilabete honen hamarrean, etzi zortzi, Donibane-Garazin festa baten egitera doaz (Hiriart-Urruti); Igandean zortziko festan aurkituko dir[a…] (Hiriart-Urruti); “Gaur zortzi” iragana izan liteke, eta izan liteke etorkizuna (Joxerra Garzia).

35.2.6. Bestelako adierazpenak dituzten osagarri adberbialak

35.2.6a Kokapen orokorra adierazten dute «denbora izen ziklikoa + {-n ∼ -z}» egiturako sintagmek —erreferentzia puntu zehatza dutenean izan ezik (ikus § 35.2.3d)— (Igandean ez da lan egiten; Gauaz ibiltzea du gustuko); -z atzizkia ohikoa da horrelako osagarrietan (egunaz / egunez, gauaz / gauez, Pazkoz, Inauteriz)324. Orobat, -ekin atzizkiarekin egindako sintagmek kokapen orokorra ere adieraz dezakete (Igandearekin egiten diegu lagunei bisita).

35.2.6b Kokapen zehaztugabea ematen dute aditzera «[denbora izena (+ -en)] + {batean ∼ batez}» egiturako osagarriek (egun(en) batean, goiz batean, gau batez, beste batean, halako batean, zenbaitetan, batzuetan, beste batzuetan, eta berdin besteetan, honelakoetan, horrelakoetan eta halakoetan bezalakoek); iragana nahiz etorkizuna seinala dezakete hauek ere (Egun bero batean egin zitzaion ondoeza; Egunen batean joango natzaizu bisitan) —garai batean eta denbora batean esapideak ‘antzina’ adierazteko erabiltzen dira (ikus § 35.2.4c)—.

Noizbait, noiznahi eta inoiz adberbioek ere zehaztugabeko erreferentzia dute; azkenak galderetan, baldintzetan eta baiezko esaldietan du erabilera hori: Izan al zara inoiz Parisen?; Gezurrik esaten baduzu inoiz, igarriko dizut; Inoiz bisita egiten dio Zarauzko txakolinari (JanEd).

35.2.6c «{Adberbioa ∼ IS} + -(ra)ko» egiturako osagarriek erabilera bat baino gehiago dute. Balio prospektiboa izan dezakete, besteak beste. Hala, gertakaria noizko izango den gauzatua seinala dezakete, haren gauzatzearen ustezko muga aipatuz (Biharko hemen izango da; Bezpera(ra)ko dena prest zuten; Datorren iganderako amaitua izango dute lan guztia; Gaurko egingo zuela esan zigun; Bostetarako nahi ditut paper horiek); horrelakoetan ez da esaten noiz gauzatu den gertakaria, baizik eta noiz izan den edo noiz izango den jadanik gauzatua.

Ordurako / orduko(tz) adberbioak ere gertakaria une jakin batean jadanik burutua dela adieraz dezake (Zaharkitua zen ordurako; Orduko bazituen bi haur). Postposizio moduan perpausekin erabiltzen da maizenik orduko (ikus § 36.5.2b); izenarekin ere erabil daiteke, ordea, aditza isilduta, berehalakotasuna adieraziz (Gaua orduko, etxeko ateak itxi zituzten) edo, bizkaieraz, aurrekotasuna (Gaurko gaua orduko daukagu zerua euria dariola).

35.2.6d Balio destinatiboa ere izan dezakete egitura horretako osagarriek, gertakariak zer denbora duen xede adieraziz; horrelakoetan ere osagarriak ez du adierazten noiz gauzatu den gertakaria, zer denborari begira gauzatu den baizik: Beroki berria erosi dut negurako; Ari al zara dirua aurrezten zahartzarorako?; Gorde ezazue janari pixka bat biharko eta etziko; Gaurko erosi nituen onttoak, baina gose ez bazarete, bihar jango ditugu; Horrek ez du oraingo balio; Gorde ezazu zerbait ordurako; Zu ere hasiko zara lanean noizbait, aholku bat emango dizut ordukotz.

35.2.6e Goiz adberbioa garai edo epe jakin baten lehen uneak adierazteko erabiltzen da maiz, egunaren lehen uneak seinalatzeko batez ere (Goiz jaiki da; Txintxo ibili eta goiz etxeratu!). Berandu adberbioa duen gau beranduan osagarriak, berriz, egunaren azken orduak adierazten ditu (Gau beranduan etxeratzen zen, Ibinagabeitia). Irakurketa baloratiboa dute, ordea, goiz eta beranduberant Iparraldean eta Nafarroan, belu bizkaieraz— adberbioek une egoki edo ohikoa baino lehenagoko edo geroagoko denbora adierazteko erabiltzen direnean, goizegi eta beranduegi aldaerek bezala (Goiz zatoz, dendak itxita daude oraindik; Berandu iritsi zara, hitzaldia hasita dago). Goiz, garaizberandu gabe— eta berandu adberbioek eratzen dute une egokiari buruzko adierazpena: ‘unea baino lehen’, ‘unean’ eta ‘unearen ondoren’ adierazten dute, hurrenez hurren.

35.2.7. Iraupena adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.7a Gertakarien iraupena seinalatzen duten osagarriak mota bikoak dira: kuantitatiboak edo zedarriztatzaileak. Gertakaria zenbat luzatzen den adierazten dute kuantitatiboek (Egun osoan aritu zen lanean) eta haren mugen berri ematen zedarriztatzaileek, hasierako unea edo hondarrekoa seinalatuz —‘noizdanikoa’ edo ‘noiz artekoa’, alegia— (Goizetik ari da lanean; Bostak arte egon da gurean).

35.2.7b Muga bat seinalatzea dute xede osagarri hauek eta beste muga aipatu gabe geratzen da askotan, zehaztu gabe utzita (Bostak ezkero bakarrik ibili zen —ez da esaten noiz arte—; Bostak arte egon zen zure zain —ez da esaten noiztik—) edo testuinguruak iradokitzen duelarik (Iaztik hemen bizi da —orain arte, alegia, hortik aurrerakoa irekia utziz—; Hemen egongo naiz bostak arte —hizketa unetik aurrera bederen—). Korrelazioan jar daitezke, ordea, muga biak (Goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak arte irekita egongo dira dendak).

35.2.8. Iraupenaren adierazpen kuantitatiboa adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.8a Adierazpen hori egiten dute luze, luzaro eta labur(ki) adberbioek, aditza betiere jarduna edo egoera adierazten duena delarik: Luze egon nintzen zure zain; Luzaro ibili zen lan egoki baten bila; Labur mintzatuko naiz. Bestetik, beti adberbioak ere iraupena adierazten du ‘denbora guztian’ esan nahi duenean: Donibanen bizi izan zen beti; maiztasuna ere adieraz dezake adberbio honek (ikus § 35.2.12c) eta baita fasea ere (ikus § 35.2.13c).

35.2.8b Gauza bera egiten dute «denborazko IS zenbatzaileduna + {-n ∼ -z ∼ ø}» egiturako osagarriek ere. Inesibo singularra erabiltzen da Hegoaldean —gipuzkeraz, batez ere—, eta zenbatzailea zehaztua zein zehaztugabea izan daiteke: Hamar orduan lan egin dut gaur; Joan deneko lau urtean gurean bizi izan da; […] zazpi egunean negar egin zuen (Lardizabal); Denbora gutxian lan handia egin du; Urte askoan (bizi zaitezela!). Inesibo mugagabea ere erabiltzen da batzuetan: Kargu horretan iraun zuen zenbait urtetan (Mitxelena); Urte askotan aritu zen irakasle lanean; Zenbait egunetan ez nuen ikusi; Bejondeizula mila urtetan. Baina honek maiztasuna adierazten du beste zenbaitetan: Bi urtetan izan naiz Erroman udako oporretan. Badira beste adjektibo batzuk, luze, labur, oso eta guzti adjektiboen tankerakoak, osagarri hauetako zenbatzaile izan daitezkeenak: Denbora laburrean liburu bi idatzi ditu; Ez da aldi luzean egon gure artean; Goiz osoan aritu da lanean. Inesibo pluralak ere zenbatzaile gisa jokatzen du zenbaitetan; hala, adibidez, egunetan, astetan eta urteetan pluralek —edo urtetan mugagabeak325— ‘{egun ∼ aste ∼ urte} askoan’ adieraz dezakete: Urteetan egin du lan lantegi horretan; Urteetan eta urteetan egon ziren haren zain; […] poztualdiak egunetan eta astetan iraun ohi zion (Etxaide).

35.2.8c Zenbatzailerik gabeko «denbora izena + -n» egiturako sintagmak ere iraupena seinala dezake ‘denbora horretan guztian’ adierazten duenean: Gauean etxean egon naiz, hau da, ‘gau osoan’. Baina, gorago esan bezala, kokapen inklusiboa edo orokorra ere adieraz dezake: Gauean etorri da; Gauean ez da lanik egin behar.

35.2.8d Sintagma mugagabea eta -z atzizkia duen forma Iparraldekoa da, gaur egun erabilera zabalagoa badu ere. Zenbatzaile zehaztuarekin zein zehaztugabearekin era daiteke hau ere: Hamar orduz lan egin dut gaur; Lau urtez gurean bizi izan da; eta Tolosan bizi izan zen zenbait urtez; Hilabete batzuez gure etxean egon zen; Haienean bizi izan ginen aldi batez; Anitz urtez! Bai eta luze edo guzti bezalako adjektiboekin ere: Denbora luzez ibili da itsasoan.

35.2.8e Jarduera edo egoera adierazten duten predikatuekin izen sintagma absolutiboa izan daiteke iraupeneko osagarri adberbial: Bi ordu ibili gara mendian; Ordu erdi egon naiz zure zain; Aste osoa iraun du biltzarrak326; Gutxi iraun zuen jaialdiak; Ez zen asko luzatu hitzaldia. Baina inesiboarekin edo instrumentalarekin ere erabil daitezke: bi egunean iraun, lau orduz ibili327.

Ordu, aste eta urte izenek -bete atzizkia hartzen dute bat zenbatzailearen lekuan (ordubete, astebete, urtebete); hil izenak, berriz, hilabete eta hilabete bat, biak onartzen ditu. Forma horiek dituzte izenok iraupeneko osagarriak eratzen dituztenean ere: Ordubetean egon ginen zure zain; Nik Parisen urtebetez erakutsi dut soziolinguistika (Mitxelena); Astebete iraun zuen ikastaroak; Kanpoan egon da hilabete batean.

35.2.8f Esan bezala, iraupeneko predikatua laguntzen dute osagarri hauek, eta, hortaz, ez dira uneko gertakariekin bateragarriak: *{Hamar orduan ∼ hamar orduz ∼ hamar ordu} etorri da postaria. Hala ere, ohi bezala, pluraltasunak iraupeneko bilakatzen ditu horrelako predikatuak, eta orduan bateragarriak dira lehenbiziko osagarri biekin: {Hamar orduan ∼ hamar orduz} iritsi ziren turistak —hots, ‘iristen aritu ziren’—, baina *Hamar ordu iritsi ziren turistak. Errepikatzea, edo errepikatze eza, adierazten duten predikatuak ere bateragarriak dira osagarri horiekin, baina halakoetan predikatuek ez dute iraupena seinalatzen, maiztasuna baizik: Hamar orduan {behin bakarrik ∼ bitan} etorri da postaria.

Zenbaitetan, gainera, bestela erabiltzen dira uneko aditz horiek; gertakaria burutu arteko denbora adierazten dute batzuetan, eta osagarriak, hain zuzen ere, denbora-epe hori seinalatzen du: Denbora gutxian hil zen; […] bi urtetan bukatuko nuke idazlana (Mitxelena) —hau da, ‘denbora gutxi igaro zen hura hil arte’, ‘bi urteren buruan bukatu nuke idazlana’—. Beste zenbaitetan, berriz, gertakariaren ondoriozko egoera ematen dute aditzera: Bi orduz itxi zuten errepidea —hau da, ‘itxita eduki zuten’—.

Gauzatzea adierazten duten aditzekin prozesuak zenbat denbora iraun duen ematen dute aditzera osagarri horiek: Lau orduan konpondu du autoa; gauzatzea burutu ez delarik ere erabiltzen da inoiz osagarria, baina orduan aditzak jarduerako esanahia hartzen du: Hamar minutuz ikusi dut filma, baina gero itzali egin dut telebista edo Oheratu aurretik ordu erdiz irakurri nuen ‘El Quijote’ perpausetan, esate baterako, ikusi eta irakurri aditzek ez dute gauzatzea adierazten, ariketa edo jarduera baizik; ikusten egon naiz eta irakurtzen aritu nintzen bezalakoen parekoak dira horiek.

35.2.8g Artean, anartean, bitartean, bien bitartean eta bizkitartean adberbioek ere gertakariaren iraupena ematen dute aditzera, baina ez zenbatzaile baten bitartez, aurretik aipatu edo iradokitako beste denbora batekin parekatuz baizik. Perpausaren adberbio gisa erabiltzen dira maiz: Hogei urterekin hasiko zara lantegian; artean, ikasi ahal duzun gehiena; Garbitu etxea zuek; bien bitartean, bazkaria prestatuko dut nik. Baina aditzaren osagarri ere izan daitezke: Aske etorriko da aurki, bitartean jasan dituenak ahaztuta. Bestetik, artean faseko adberbioaz, ikus § 35.2.13b.

Artean eta bitartean postposizioak iraupenaren azken muga adierazteko erabiltzen dira maizenik (§ 35.2.10a), baina iraupena seinalatzen dute zenbaitetan, «IS + {artean ∼ bitartean}» egituran: Ontsa baino hobeki egon zira meza artean (Lafitte); Kantua darie, lan bitartean, garo-biltzaileei (Barrensoro). Epea seinalatzen duten sintagma hauekin bi modutako perpausak egin daitezke: haren barruko gertakari puntual bat aipatzen dutenean, kokapen inklusiboa adierazten dute (Guda bitartean jaio zen gure haurra); epe osoko gertakaria aipatzen dutenean, berriz, kokapena (noiz) nahiz iraupenaren zenbatekoa (zenbat denboran) adieraz dezakete; azken hau nagusitzen da osagarriak ‘denbora guztian’ irakurketa duenean (Partida bitartean isildu gabe aritu ziren zaleak txaloka eta kantari). «Izena + denboran» sintagmak ere iraupena seinala dezake ‘denbora guztian’ adierazten duenean (Bazkari denboran isilik egoten dira fraideak).

35.2.8h Batez ere Hegoaldean erabiltzen den «IS (+ -n) + zehar» egiturako osagarriek epe baten barnean gertatu direnak adierazten dituzte: Urte luzeak zehar kanpantorre alai izan zaituen lurra (Gandiaga); […] besteok izan dugu [euskara], zenbait mende zehar, nardatuegi (Mitxelena); Bizitza osoan zehar izango dut hor (Txillardegi); Zenbat txikito edaten ote du egunean zehar (Elexpuru)328. Adibideek erakusten duten moduan, izen sintagmak ‘zenbatekoa’ adierazten du, pluralaren edo zenbatzailearen bitartez; egunean ere ‘egun osoan’ gisa ulertzen da. Gorago esan dugunez, zehar gabeko inesibo soilarekin ere egin daitezke horrelako sintagmak (urte luzeetan, zenbait mendetan, bizitza osoan, egunean). Baina zehar postposizioak iraupeneko epean garatzen doan prozesua edo errepikatzen nahiz metatzen diren gertakariak adieraz ditzake berariaz: Mendeak zehar Elizak ahalmena galtzen du (Mirande); Eta, urteak zehar, lanak, nekeak, ezinak, danak izan ditugu (Azpiroz); Urteetan zehar margo asko bildu ditu.

Goikoen pareko dira «IS (+ -en) + barruan» eta «IS + -en + buruan» egituretako osagarriak, mendebaldean erabiliak: Domingo eta Juan anaiak hil ziren zortzi egunen barruan (Gerrikagoitia); Sei hilabete barruan, ama eta alaba [hil ziren] (Albeniz); Ikusi ditu egun laburren buruan beharrizana, bakardadea, gose ta egarria (Erkiaga); barru postposizioarekin: Berrehun [azeri] baino gehiago hartu ditu urtebete barru (Mogel). Eta berdin ekialdeko «IS (+ -ik) + barne» egiturakoak: Denbora laburrik barne murruak, portaleak eta dorreak ederki bururatu zituzten (Zerbitzari); Lau etxalde horietako ezkontzak eginak izan ziren zortzi hamar urte barne (Etxebarne); Zenbait egun barne, Hendaian, hiru lagunek ospatu dituzte beren ehun urtea (Herria). Egitura hauen kokapen balioaz, ikus § 35.2.5g.

35.2.8i «Denbora IS zenbatzaileduna + {-(ra)ko ∼ -entzat}» egiturako osagarriek iraupenaren ikuspegi prospektiboa ematen dute aditzera; uste edo xedezko iraupena ematen dute aditzera —bete gabe gera daitekeen uste edo xedea, jakina—: Hamabost egunetarako etorri zen, baina astebete igarota alde egin zuen; Hogoi egunentzat heldu naun (J. B. Etxepare); Denbora apur batentzat baizik ere ez bazen izanen, hiru edo lau urterentzat, ba zekien deus ez zela berriz ere orain bezala izanen (Mirande). Egitura hori du Urte askota(ra)ko! agur esaldiak. Urteetako formaren pluralak ere zenbatzaile gisa jokatzen du, ‘urte askotarako’ adieraziz: Ni ez nago urteetarako (Agirre). Beti eta luzaro adberbioekin ere erabiltzen da -(ra)ko atzizkia, beti(ra)kobetikotzat, betikotz aldaerak, ekialdean— eta luzaro(ra)ko formak eratuz: Betirako noa agian (Txillardegi); Ezin-urratuzko aztarrena utzi du betiko (Mitxelena); Eihera pean ezarri zuten, betikotzat preso (M. Etxamendi); Larrun handiaren itzal maiteari betikotz ihes egin duten dohakabeak (Zerbitzari); Elorri-arantz horrek bihotza zauritu zigun luzaroko (Orixe); Ez naiz luzarorako aldenduko (Etxaniz).

35.2.8j «{Bi urte dirabadu bi urte}… -la» gisako egitura predikatiboek (ikus § 35.2.4l) iraupena ematen dute aditzera mendeko aditzak jarraitzen duen jarduera edo egoera adierazten duenean, iraupenarekin batera gertakariaren hasiera seinalatuz betiere (ikus hango adibideak: Bi urte dira gurean bizi dela; Badu lau ordu baratzean ari dela; Bazuen hamar egun etxetik joana zela).

35.2.9. Hasierako muga adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.9a Hasierako muga adierazten duten osagarriak -tik atzizkiarekin edo gero postposizioarekin eginak dira (atzotik, gaurgero, igandeaz gero). «{Adberbioa ∼ IS} + -tik» egiturako postposizio sintagmak erabiltzen dira maizenik —ohiko -tik atzizkiaren lekuan -danik jasoa zenbaitetan (§ 20.2.1.4)—: noiztik, noizdanik, atzotik, atzodanik, ordutik, ordudanik, bihartik, bihardanik, bezperatik, biharamunetik, betitik, betidanik; igandetik, aurreko urtetik, iragan astetik, festaren hasieratik.

Hasierako muga iraupeneko gertakari baten abiapuntua dela azpimarratzeko aurrera, aitzina, goiti, gora edo hara adberbioak eransten dira inoiz sintagmaren ondotik: Bihartik aitzina irekita egongo da bide berria; Egun hartatik aurrera famatua egin zen; Bi orenetarik goiti hasten, zinez, merkatua (J. Etxepare); Zazpigarren urtetik gora […] erdaraz ari ginen (Iratzeder).

Hemendik deiktikoari eta handik, ordutik anaforikoei eransten zaizkie maiz horrelako adberbioak, hemendik eta handik adberbioek denbora balioa hartzen dutelarik: Bidea zabalik daukazue hemendik aurrera; Hobeko duzu hemendik goiti artalde hori libro utziz (Xalbador); Hemendik gora, heurea izango duk (Erkiaga); Handik aitzina adiskide izan nuen; Handik hara bestela jokatu zuen; Handik gerora lasaiago bizi izan ziren; Ordutik aurrera pozik bizi izan ziren; Eta ordutik geroz jende asko joaten zitzaien […] (Beobide).

Ikusten den bezala, hiru modutara erabiltzen dira handik eta hemendik erakusleak dituzten osagarri hauek: handik aurrera eta handik goiti gisakoek ‘noizdanikoa’ ematen dute aditzera, esan bezala; handik hona edo handik gaur artean gisakoek iraupen edo epearen muga biak (§ 35.2.11a); handik laster eta handik bi hilabetera edo handik bigarren egunean bezalakoek, berriz, gertakariaren kokapena (ikus § 35.2.5h).

35.2.9b Ordutik eta geroztik adberbioek ‘handik aurrera’ adierazten dute: Ordutik lasaiago bizi da; Ordutik hasi nintzen sinesten norbait banintzela (Larre); Geroztik, […] Larrunen izan da oraino ermitau bat (Zerbitzari); Lelo hori atertu gabe entzun daiteke geroztik (Mitxelena). Ondoko adberbio hauek Iparraldekoak dira: engoitik, ‘hemendik aurrera’ adierazten duena: Hi engoitik ebiliren mundu guztietarik (Etxepare); Ez naiz engoitik aldatuko. Berdin gaurgoitik ere: Hara non garen gaurgoitik betierekotz anaia! (Iratzeder). Aldiz, jagoitik ezezkako esaldietan erabiltzen da, ‘hemendik aurrera inoiz ez’ adierazteko: Ez dezazula permeti zuregandik jagoitik separa nadin (Uscara libria). Egundainotik formak ‘betidanik’ adierazten du: Lur gainean egundainotik aditu diren hitz guztiak; Munduko izaitetarik, / gaur eta egundainotik, / bildotxa da eztienik (Xalbador). Idazle klasikoek egundainoz geroz(tik) forma erabiltzen zuten adiera horrekin: Beti izan zaitu maite egundainoz geroztik (Pouvreau).

35.2.9c Hasierako muga adieraz dezakete, halaber, -z gero / ezkero (-z geroz, -z geroztik) postposizio konplexuek, adberbioekin (atzoz gero, atzo ezkero, orduz gero, ordu ezkero —baina gutxitan beti ezkero eta bihar ezkero—), zein izen sintagmekin, bai denbora izena dutenekin (igandeaz gero, udaberriaz gero, bostak ezkero) bai gertakaria adierazten dutenekin (ezkontzaz gero, gerla handiaz gero). Gorago esan den bezala, forma hauek predikatu nagusia iraupenekoa denean adieraz dezakete noizdanikoa: Udaberriaz gero da hemen. Hura unekoa denean ondokotasuna adierazten dute: Udaberriaz gero etxera itzuli zen.

Harrezkero adberbioak ‘handik aurrera’ adierazten du: Haren oroitzapenak alaitu omen zion harrezkero bizia (Mitxelena); Jauntxo egin ziren eta harrezkero langileen lepotik polito bizi dira (Eguzkitza).

Gaurgero (gaurgeroz, gaurgeroztik) adberbioak erabilera biak ditu; deiktikoa da, batez ere, eta ‘hemendik aurrera’ esan nahi du (eta ‘dagoeneko’ ere, ikus § 35.2.13e): Gaurgero, Theresa, ni izanen naun hire aita eta ama (Mirande). Anaforikoa ere izan daiteke, ‘ordutik aurrera’ adieraziz: Gaurgero ez zituzten beren maitakeriazko lokarriak urratuko (Etxaide).

Honezkero, gaurgero eta gaurgoitik adberbioek fasea adierazteko ere erabiltzen dira (ikus § 35.2.13e).

35.2.10. Hondarreko muga adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.10a Hondarreko mugako osagarriek arte postposizioa edo, zenbaitean, -raino atzizkia daramate (bihar arte, iganderaino). Gehienak arte postposizioarekin eratzen dira, eta honek adberbioa edo izen sintagma gobernatzen du (noiz arte, atzo arte, orain arte, ordu arte; igandea arte, hurrengoa arte) —aldaerak: arteraino eta arteino, edo arteo, artino, artio (gaur arteraino, bihar arteino, bertze egun bat artio)—. Izen sintagma mugatua izatea da ohikoena (egun hura arte, bostak arte, Gabonak arte); idatzian maiz ageri den hurrengo arte eta igande arte bezalakoen idazkera <aa> bikoitzaren ebakera laburtuaren isla izan daiteke (igande(a) arte)329. Batzuetan, hala ere, mugagabea da sintagma (beste egun bat arte, duela hiru urte arte); eta beste batzuetan, bizkaieraz batez ere, adlatiboan ematen da (ordura arteEuskaltzaindiaren Hiztegiak ordu arte eta ordura arte (ez ordurarte) formak onartzen ditu—, igandera arte, arratsaldera arte). Postposizio honekin eratzen dira gero arte, bihar arte, hurrena arte edo sarri arte (Ipar.) agur esaldiak. «{Duela ∼ orain dela} IS zenbatzaileduna» esapide adberbiala ere goberna dezake postposizio honek: Duela bi urte arte ez nuen horren berri (ikus § 35.2.4).

Artean forma ere erabiltzen da azken muga adierazteko (orain artean, sarri artean; arratsa artean, hurrengoa artean, sei orenak artean; gauerdira artean; duela sei urte artean). Eta baita bitarte nahiz bitartean postposizioak ere (Hilaren azkena {bitarte ∼ bitartean} ez digute soldata ematen) —iraupenaren zenbatekoaren adierazpenaz, ikus § 35.2.8g330.

35.2.10b Adlatibo burutuko -raino atzizkia —kontsonante ondoan -daino—, erabiltzen da inoiz azken muga adierazteko, adberbioekin batez ere: oraindainooraingino, orainino—, gaurdaino, egundaino, orduraino; galderetan, baldintzetan, konparazioetan eta ezezko perpausetan ageri dira maiz horrelakoak: […] oraindaino gehiegi mugitu ez badira ere (Mitxelena); Bidez aldatzea zer zen ez nekien gaurdaino (Txillardegi); Baldin bazen eta izan bada egundaino egiazko euskaldunik, hura zen (Hiriart-Urruti); Eta beretan arkitu zituela orduraino inon ere ikusi ez bezalako zuhaiztiak (Iztueta). Egundaino-k ‘gaur arte’ esan nahi du esandako testuinguruetan, baina ‘inoiz (ez)’ adieraz dezake ezezkako esaldietan: Hitz dautzut egundaino ez diodala ene zorra pagatzen ahalko (Narbaitz). Izen sintagmekin ere erabiltzen da atzizki hau: Hizketa hau eginda, Jesus ezkutatu zitzaien, eta hurrengo iganderaino berriz agertu zitzaienik, ez dakigu (Lardizabal); Ez dugu deus aurkitu egungo eguneraino (Mitxelena); Emanen didazula grazia […] zure zerbitzu sainduan irauteko heriotzako orduraino (Añibarro)331. Azkeneraino iraun esaldiak denbora ez ezik, gauzak muturreraino doazela esan nahi du.

35.2.11. Bi mugak adierazten dituzten osagarri adberbialak

35.2.11a Muga biak berariaz aipa daitezke, korrelazioan jarriz aurreko ataletan ikusi diren osagarriak: Goizeko hamarretatik arratseko seiak arte irekita daude dendak; Ekainetik iraila bitartean jende asko ibiltzen da hondartzan; Astelehenetik iganderaino egongo naiz kanpoan.

Korrelazioan denean adlatiboarekin adieraz daiteke azken muga: Ekainetik irailera jende asko ibiltzen da hondartzan; Goizetik arratsera zu zaitut gogoan; Ostegunetik igandera kanpoan izango naiz. Azken muga hizketa unean kokatzen denean, hona adberbioa erabiltzen da: Duela bi urtetik hona partida guztiak irabazi ditugu; Handik hona urte asko bete dira. Egitura honetatik aparte adlatiboa ez da iraupenaren azken muga adierazteko erabiltzen: {Igandera arte ∼ *igandera} egongo naiz hemen. Egitura hau, bestalde, konparazioa bideratzeko ere erabiltzen da inoiz: Urte batetik bestera alde handiak izaten dira turismo kontuan. Horrelakoetan iraupena ez, une bitako egoeren arteko alderaketa ematen da aditzera.

35.2.11b Muga biak aipatzen dira, halaber, «izena eta izena + {artean ∼ bitartean}» egituran: Zortziak eta hamarrak {artean ∼ bitartean} bulegoan izango naiz.

Korrelazioan ipinitako sintagma hauek gertakariaren iraupena seinalatzen dute, esan den bezala, predikatua iraupenekoa denean: Geroztik hunat eduki nauzu zure geriza goxoan (Xalbador). Baina hau unekoa denean, kokapen inklusiboa ematen dute aditzera: Osteguna eta igandea bitartean iritsiko da.

35.2.12. Maiztasuna adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.12a Gertakaria zenbat aldiz gertatzen den seinalatzen dute maiztasuneko osagarriek. Batzuek aldien kopuru zehatza ematen dute aditzera (behin, hiru aldiz), eta beste batzuek kopuru zehaztugabea (maiz, usu, anitz aldiz, batzuetan); zenbaitek aldien iterazioa seinalatzen dute (igande guztietan, igandero), eta beste batzuek maiztasun orokorra (eskuarki).

35.2.12b Adierazpen zehatza egiten dute «zenbatzaile zehatza + {bider ∼ aldiz ∼ alditan}» egiturako osagarriek, hau da, bi bider, hiru aldiz, bost alditan bezalakoek ({Bi bider ∼ bi aldizbi alditan} izan naiz Berlinen), bai eta aldi izena gabeko «zenbatzaile zehatza + -tan» gisakoek ere, hau da, bitan, birritan, hirutan, lautan modukoek (Bitan izan naiz Berlinen). Egunean bitan, urtean hiru aldiz eta hilabetean hiru bider bezalako osagarriek zenbatzailearen aurreko inesiboak adierazten duen epearen barruko maiztasuna seinalatzen dute; gertaldi bakarraren barruko maiztasuna izan daiteke (Aurtengo udan hiru bider joan naiz hondartzara), nahiz iteratiboa, aditza aspektu burutugabean emana delarik (Astean bi aldiz joaten naiz zinera; Urtean hirutan egiten genituen oporrak). Aurten bost igandetan lan egitera behartuak gaude perpauseko bost igandetan osagarriak, berriz, ‘aldi’ orokorraren lekuan ‘igande’ zehatza erabiltzen duelarik, maiztasuna eta kokapena adierazten ditu batera.

Zenbatzailerik gabeko aldi hartan, lehen aldian, azken aldian bezalako osagarriek, berriz, kokapena adierazten dute, ez maiztasuna. Era berean, erlatiboarekin eginiko Ameriketan izan naizen aldi bietan bezalako sintagma mugatuek kokapena ematen dute aditzera, maiztasuna erantsiz; noiz? galderari erantzuten diote hauek ere.

35.2.12c Berezia da ‘bat’ zenbakiari dagokion forma: behin esaten da, hain zuzen ere, eta ez *bat aldiz, *bider bat edo horrelakorik. Adberbio hau, besteetan gertakariaren kokapena seinalatzen badu ere (§ 35.2.4c), maiztasunezkoa da ‘aldi bakarra’ adierazten duenean: Behin izan naiz Berlinen. Agerikoa da adiera hori behin bakarrik, behin bederen, behin behintzat, behin baizik ez, «{noizean ∼ noizik ∼ lantzean ∼ aldian} behin» eta behin eta berriz bezalako esapideetan. «[Epe izena + -n] + behin» osagarriak epearen barruko behingo maiztasuna adierazten du: Aurtengo udan behin izan naiz hondartzan.

Beti adberbioa maiztasuna ere adierazten duen kokapenezko osagarria da ‘aldi guztietan’ adierazten duenean: Berlina joaten da beti oporretan —iraupena seinalatzen du ‘denbora guztian’ adierazten duenean (§ 35.2.8a) eta fasea ‘oraindik ere’ adierazten duenean (§ 35.2.13c)—. Alderantziz, batere aldirik izan ez dela adierazten dute inoiz (ere) ez, sekula (ere) ez eta behin (ere) ez formek: Ez naiz inoiz izan Berlinen.

35.2.12d Zenbatzaile zehaztugabea duten «(denbora izena) + {batzuetan ∼ zenbaitetan ∼ gutxitan ∼ frankotan ∼ askotan}» osagarriek, berriz, maiztasunaren adierazpen zehaztugabea egiten dute, agerikoa denez: Egun gutxitan betetzen dira zezen plazak; Goiz askotan joaten naiz azokara; Frankotan izana naiz Parisen; Batzuetan nekatuta jaikitzen naiz. Zenbatzaile soilak ere adieraz dezake maiztasuna, ariketa aditzekin batez ere: Ez da asko mintzatzen horretaz; Gutxi etortzen da gurera; Adineko jendeak izugarri errepikatzen ditu kontuak.

Maiz, usu, sarri (Hego.), ardura (Ipar.) eta bakan adberbioek ere maiztasun zehaztugabea adierazten dute; mailakatzailea eta guzti ematen dira zenbaitetan: oso maiz, maiz aski, maizago; horren usu, usuegi; sarri asko; arduraxeago; oso bakan.

‘Bost’, ‘hamaika’ eta ‘mila’ zenbakiekin eginiko bost aldiz, hamaika bider, hamaiketan eta mila aldiz bezalako osagarriek berezko balio zehatzaz gain ‘askotan’ zehaztugabea adierazteko erabiltzen dira maiz.

35.2.12e Balio iteratiboa dute maiztasun zehatzeko «denbora izena + {oroz ∼ orotan ∼ guztiez ∼ guztietan}» egiturako osagarriek: Biltzen ziren Pariseko estudiante gazteak ortzegun arratsalde oroz (Narbaitz); Urte guztietan egiten al dituzu oporrak? Zenbatzailea gabe ere balio hori izan dezake denbora izenen inesiboak (inplizituki ‘guztietan’ ulertzen da): {Igandean ∼ igandeetan} zinera joaten gara; Gabonetan etxeko denak biltzen gara. Kokapen iteratiboa adierazten dute horrelakoek.

Adierazpen hori bera egiten dute «denbora izena + {-ero ∼ -oro}» egitura duten egunero, astero, goizero, igandero, hilero, istantero adberbioek: Hiru orduz jotzen zuen danbolina egunero (Mitxelena); Ez dut goizero gimnasi saiorik egin behar (Mitxelena); Astero joaten natzaio bisitan. Aldi oro eta une oro esapide adberbialek ‘beti’ adierazten dute: Ezpainak bere, ez dira aldioro muker ta zimel agertzen (Erkiaga); Uri handietako begitarteak, une oro jende berria (Erkiaga).

«[Epe izena + -n] + behin» osagarriak ere balio iteratiboa du, epea berritzen dela adierazten denean: Ez ahaztu, gero, egunean behin ni ikusten etortzeaz (Otxolua); Hamabostean behin edo hola etortzen zen (S. Salaberria); Urtean behin besta ederra egiten dugu (Xalbador).

‘Zortzi’, ‘hamabost’ eta ‘hilabete’ izenek -tik atzizkia hartzen dute egitura honetan: Herriko arno garbi xorta bat hola zortzitik behin gure etxean […] (Hiriart-Urruti). Epe izenak zenbatzailea lagun duenean, berriz, inesiboaz gain -z, -tarik eta -tik (gaurko testuetan) atzizkiak ere har ditzake, batez ere Iparraldean: Bi urtez behin edo […] batzarre handi batera deitzen gaitu (Lizardi); Maiz? Ez, ez. Lau urtetarik behin, doi doia (Barbier); Eta hori hiru urtetik behin, edo sarriago nahiz bakanago, aipaturiko ministroak agindu bezala (Elizen arteko Biblia); Gutitan gertatzen zen hori, gehienez ere bi edo hiru urtetik behin (Epaltza). Sail berekoak ditugu noizetik behin eta noizik behin. Zenbaitetan, behin gabe ere erabiltzen da itzuli hau: Abere azpiak ateratzen dira […] lau egunetarik […] (Duvoisin); Bederen bi hilabetetarik hurbilduko dira sakramenduetarat (Jesusen Bihotz); Bi urtetarik antolatzen dituzte Aldudeko ibarraren ate irekiak (Herria)332.

35.2.12f Balio orokorra dute maiztasun zehaztugabeko osagarri batzuek: eskuarki, maizenik, gehiene(t)an, jeneralean, normalean, komunzki. Hemen adibide batzuk: Hau, ez zen eskuarki etxetik edo etxe inguruetatik aienatzen (Etxaide); Fetxa horietan jeneralean eguraldi ona eta beroa izaten da (Albeniz); Apezgai batetarik komunzki soldado txarra eginen dela (M. Elizanburu); Baina maizenik eta komunzki dena dabil berez bezala (Villasante); Gai honetaz asko hitz egin da eta gehienean oso gaizki (Munita). Maiztasuna baino areago multzo bateko kide guztiei dagokien adierazpen orokorra egiten dute, zenbaitetan, osagarri hauek: Gehienetan, oparia hartzean poztu egiten da jendea perpausak, esate baterako, ez du esaten honek eta hark gehienetan agertzen dutela poza oparia hartzean, baizik eta jende gehiena pozten dela horrelakoetan.

35.2.13. Fasea adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.13a Faseko adberbioek aurreko egoerari erreferentzia eginez kokatzen dute gertakaria. Hala, esate baterako, Oraindik itxita daude dendak perpauseko oraindik adberbioak aurreko egoera batek orain ere bere horretan jarraitzen duela ematen du aditzera, eta, hain zuzen, ‘dendek itxita jarraitzen dute’ parafrasia onartzen du perpaus horrek. Alderantziz, Dendak jadanik itxita daude perpauseko jadanik adberbioak iragan hurbilean dendak irekita zeudela ematen du aditzera, eta egoera hori aldatu egin dela. Aurreko denborari ez ezik, gainera, ondokoari ere egiten diote erreferentzia adberbio hauek. Oraindik itxita daude esaldiak ondoko irekitzearen suposizioa darama berarekin; eta Jadanik itxita daude esaldiak denbora batean horrela jarraituko dutelako suposizioa. Prozesu baten barnean kokatzen dute, bada, gertakaria horrelako perpausek, haren aurreko egoera kontuan hartuta batetik, eta ondoko egoeraren berri iradokiz, bestetik333. Oraindik gisakoek egoeraren edo jardueraren ‘jarraipena’ ematen dute aditzera; jadanik gisakoek aldaketa iradokitzen dute.

35.2.13b Oraindik forma Hegoaldean erabiltzen da batez ere —oraindino (bizkaieraz) eta oraino forma Iparraldean —orainik (goi nafarreraz)—. Iparraldeko forma bai orainaldirako bai iraganerako erabiltzen da (Oraino {hor dago ∼ han zegoen}). Hegoaldeko oraindik, berriz, batez ere orainaldirako erabiltzen da (Oraindik hor dago), eta iraganerako artean hobesten da (Artean han zegoen); idazle batzuek, hala ere, iraganerako ere erabiltzen dute oraindik: Ez zuela oraindik ezkondu nahi (Berrondo); Oraindik emakume itxurazkoa ta gordina zegoen (Etxaide)334.

Jarraitzen duen jarduera edo egoera adierazten duen aditza da adberbio honekin doana (oraindik ari da; oraindik badago). Uneko aditzak ez du hor lekurik (*oraindik iritsi da); ezezka emanda, ordea, iraupeneko bilakatzen da, erdiespenaren aurreko egoera adierazten baitu, eta orduan onargarria gertatzen da (ez da iritsi oraindik). Oraindik eskolara joaten da perpausean, berriz, gertakariaren errepikatzeak ematen dio aditzari, ohi bezala, iraupen adiera. Gerora aldaketa gertakizun dela ere iradokitzen du adberbioak, esan den bezala, eta, hortaz, ez da egoera iraunkorra adierazten duten aditzekin erabiltzen (larru zuriko pertsona bati buruz ez du zentzurik oraindik zuria da esatea). Aldaketaren gertakizunak eragiten du, hain zuzen ere, gorago aipatu dugun parafrasia guztizkoa ez izatea: Ez da ezkondu oraindik perpausak Ezkongai jarraitzen du perpausak baino areago iradokitzen du ezkontzaren gertakizuna.

35.2.13c Aurreko egoerarena zeharka adierazia da hamabost urte ditu oraindik bezalako esaldietan: ez da esaten lehen ere hamabost urte zituela, lehen bezala ‘gazte’ izaten jarraitzen duela baizik, hamabost urte izateak horixe esan nahi baitu, ‘gazte’ izatea. Zenbatzailearekin doanean, berriz, neurri bati beste bat eransten zaiola adieraz dezake: Pixka batean egon da oraindik ohean; Beste hamabost egun egingo ditut oraindik zuenean.

Denborako edo faseko erabileraz gain, bestalde, -ago konparazioarekin ere erabiltzen da oraindik, are formaren pare (oraindik (ere) alaiago = are alaiago); lekuz aldatuta (alaiago oraindik), § 32.3.1.2. Eta balio eskalarrarekin ere erabiltzen da: Parrandan gastatu du diru guztia, eta gehiago ematea nahi du oraindik (= ‘gainera’).

Beti adberbioak ere egoeraren jarraipena adierazten du zenbaitetan, Iparraldeko euskalkietan: Joan den mendeko harresi eta murru ederrak beti han baitaude xut eta tente (Larre).

35.2.13d Jadanik gisako adberbioak aurreko atalean aipatu direnen ifrentzua dira; hauekin aurreko egoera aldatu dela iradokitzen da, eta egoera berria etorkizun hurbilean luzatuko dela suposatzen. Jadanik irekita daude dendak esaten da, lehen itxita zeudelako eta hemendik aurrera irekita egongo direla suposatzen delako. Hauek egoera edo jarduera adierazten duten aditzekin ez ezik unekoekin ere erabil daitezke, baina ez dute unekoen ezezkorik onartzen: Jadanik iritsi da / *Jadanik ez da iritsi. Iraupenekoekin balio inkoatiboa dute: Jadanik badut maisu titulua dioenak titulua eskuratu duela esaten du, lortu zaharra ez duela iradokiz.

Jadanik adberbioa Iparraldekoa da, baina erabilera zabalagoa du gaur egun; ja aldaera euskalki guztietan erabiltzen da, eta jada Iparraldeko euskalkietan. Hirurak erabiltzen dira orainaldirako (Hemen dira jadanik) nahiz iraganerako (Han ziren jadanik). Engoitik eta gaurgoitik adberbioak ere erabiltzen dira Iparraldean: Engoitik apailuak eginxeak zituzten (Lafitte); Hainbertze esne edan balu, zurituko zen gaurgoitik (Mattin) —iraupenaren hasierako mugako adieraz, § 35.2.9b—.

35.2.13e Hegoaldeko dagoeneko forma orainaldiarekin erabiltzen da batez ere: Hemen dira dagoeneko. Iraganean ez da *zegoeneko erabiltzen, ordu(ra)ko edo orainaldiko dagoeneko baizik: {Orduko ∼ dagoeneko} han ziren lagunak (EGLU-I: 386). Bizkaierazkoa da daborduko forma, orainaldirako erabilia: Daborduko hasi da lanean.

Honezkero adberbioa, Hegoaldekoa, ustea adierazteko erabiltzen da: Hamaikak izango dira honezkero (EGLU-I: 387). Orainaldiarekin da ohikoena, baina iragana ez du debeku: Bazekiten honezkero zer gertatu zen. Geroak ustearekin duen loturaren bidetik geroaldiarekin erabiltzen da maiz: Honezkero ez da etorriko. ‘Ustea’ adierazten duen forma hau ez da zerbait jadanik gertatua dela adierazten duen dagoeneko adberbioarekin nahasi behar: Honezkero hemen izango dira lagunak, baina Dagoeneko hemen dira lagunak. Erdialdean erabiltzen den gaurgero adberbioak, berriz, baieztapena nahiz ustea adieraz dezake: Etsaia dut gaurgero; Gaurgero hemen izanen da.

35.2.13f Gertakariaren aurreko eta ondoko egoerei buruzko iradokizuna egiteko gai ez diren predikatuak desegokiak dira faseko adberbioak hartzeko. #Gure irakaslea oraindik zaharra da perpausa, esate baterako, desegokia da, irakasleak gerora zahar izateari utzi egingo diola iradokitzen baitu; ondoko egoeraz egiten duen iradokizunak huts egiten du, horrenbestez. Aldiz, Gure irakaslea jadanik zaharra da perpausa egokia da, lehen zaharra ez zela iradokitzen baitu. Era berean, Gure irakaslea oraindik gaztea da perpausa egokia da, lehendik ere gazte izanik gazte izaten jarraitzen duela eta gerora zahartzen joango dela suposatzen duelako, baina #Gure irakaslea jadanik gaztea da perpausa desegokia da, irakaslea lehen gaztea ez zela iradokitzen baitu, hau da, lehen zaharra izanik gazte izatera iritsi dela; aurreko egoeraz egiten duen iradokizunak huts egiten du. Eta, berdin, Oraindik goiz da egokia da, baina ez #Jadanik goiz da; eta Jadanik berandu da egokia da, baina #Oraindik berandu da ez.

Oraindik gisako adberbioen eta jadanik gisakoen erreferentzia eta suposizioak elkarren alderantzizkoak direnez, konplementazio erlazioan daude baiezko- ezezko perpausei dagokienez. Oraindik gaztea da perpausaren kontrakoa ez da Oraindik ez da gaztea, Jadanik ez da gaztea baizik; eta Jadanik zaharra da perpausaren kontrakoa Oraindik ez da zaharra da.

311 ‘Osagarri adberbial’ deitura zentzu zabalean erabiltzen dugu hemen, predikatuari denborazko esanahia eransten dioten sintagmak izendatzeko. Gramatiketan ‘osagarri zirkunstantzial’ ere deitu izan dira. Kapitulu honetan osagarriez mintzo garenean, bada, osagarri adberbial edo zirkunstantzial horiei egiten diegu eskuarki erreferentzia. Predikatuarekiko lotura semantikoari dagokionez, berriz, adjuntuak dira osagarri adberbialak gehienetan, hau da, predikatuak hautatzen ez dituenak. Zenbaitetan, hala ere, predikatuak eskatzen duen osagarri argumentala izan daitezke, hots, osagarri zentzu hertsian: Luze iraun zuen partidak23.3).

312 Bi modutara eman da postposizio hau tradizioan: -z gero Iparraldean eta ezkero Hegoaldean. Lehenbizikoa hobetsi du Euskaltzaindiak batasunerako aditzarekin doanean, baina bietara idatz daitezke hamarrez gero / hamarrak ezkero, zortziez gero / zortziak ezkero, San Ferminez gero / San Ferminak ezkero, atzoz gero / atzo ezkero gisako denbora sintagmak; bestalde, honezkero, horrezkero eta harrezkero idazkera erabiliko da beti (26. araua).

313 Iraganaldiko adizkiekin ere erabiltzen da inoiz, ordea, iraganeko une jakin batekiko aldiberekotasuna seinalatuz, orduan osagarriaren pare: Barkamen eskatzera gertu zen orain (Mirande).

314 Ondo berezi behar dira adberbioaren eta postposizioen oinarrian den ordu hori (= tenore) eta ordu izen zenbakarria (= oren): Orduan ezjakina nintzenIbilaldiaren lehen orduan noraezean ibili ziren; Ordurako ezkondua zenEsandako ordurako iritsi zen.

315 Garatek erdarakada du horrelako erabilera (1988: 245).

316 Egitura honetan ordu izenaren elipsia dagoela dio de Rijkek (2008: 522). Beharbada, ‘denbora’ izen generikoa dago izenlagunaren ondoan: etxerako [denbora]n.

317 De Rijken ustez, aldi izenaren elipsia dago osagarri hauetan: “Inessive phrases with aldi as the head can serve to specify location in time, in which event the length of the period denoted bay aldi becomes irrelevant, so that it can be glossed as ‘time’ or ‘occasion’” (2008: 526).

318 Ikus OEH s. v. lehenago. Ikus, hala ere, honako testuak: Mendi gailur honetan beti dator gosea jatordua baino askoz lehen (Otxolua); Argia baino ordu betez lehen zuan Meza (Orixe).

319 OEH: “Propio de la tradición septentrional, se encuentra desde Axular (que lo emplea en tiempo pretérito); lo usan también algunos autores alto-navarros y Villasante” (s. v. izan (duela)).

320 OEH: “Propio de la tradición occidental; lo emplean también algunos autores navarros” (s. v. izan (dela)).

321 Ondoan forma Iparraldean erabiltzen da gehien bat. Hegoaldean, ondorean ablatibo zaharraren ondoren forma laburtua erabiltzen da maizenik, Gipuzkoan batez ere (ikus OEH s. v. ondorean eta ondoren).

322 Bazkalondo eta afaloste bezalako izen elkartuek ere ondokotasuna adierazten dute, bistan da, eta leku-denborazko atzizkiak har ditzakete (bazkalondoan, afalostetik eta abar).

323 Baino-rekin ere erabiltzen da inoiz: Hau baino geroago hasiak (Villasante); Gehiena loratu zen kazkabarra baino geroago. Perpaus horietan isilpean izan aditza —edo beste aditzen bat— dagoela pentsa daiteke, beharbada.

324 Erreferentzia zehatzeko datorren igandez bezalako esaldiak ez dira ohikoak, Hegoaldeko idazle batzuek erabiltzen badituzte ere.

325 Askotan urtetan idatzia. Ikus OEH s. v. urte: “Pl. o formalmente indet”.

326 Iraun aditzaren osagarria adberbiala da, ez objektu zuzena; horregatik, osagarria plurala denean ere aditza singularrean ematen da: Hiru urte iraun zuen. OEH s. v. iraun: “Sólo encontramos escasos ejs. (en Azkue y en algún autor moderno como Gerrikagoitia) en el que el vb. concuerda en plural con el complemento”.

327 Lk 2, 36 testuaren itzulpenean aipatutako hiru formak erabili dituzte itzultzaileek: Bizi izan zen senarrarekin zazpi urtez (Haraneder, Duvoisin eta Elizen arteko Biblia, besteak beste), zazpi urtean (Kerexeta), zazpi urte (Orixe). (Ikus OEH s. v. urte2).

328 Garatek erdarakada du zehar postposizioa denbora adieran erabiltzea (1988: 305-306), baina, ikusten den bezala, aintzat harturiko idazleek hala erabiltzen dute.

329 “Esta segunda construcción aparece a menudo en los textos con el sust. en forma indet. (egun arte, etc.), lo que parece reflejo de la pronunciación corriente (egunarte); semánticamente, sin embargo, no cabe duda de su carácter determinado” (OEH s. v. arte).

330 Arte eta artean postposizioek mendebaldean azken aldian duten banaketaz, ikus § 36.6.2d.

331 Ohar aldea: egundaino adberbioa eta (azken) eguneraino izena; orduraino adberbioa eta (heriotzako) orduraino izena (= oreneraino).

332 Esapide hauek bi hilabetetarik bi hilabetetara gisako esapideen forma laburtuak dira, beharbada; zortzitik ere zortzitik zortzira esapidearen laburpena izan daiteke (ikus Lafitte 1962: 428).

333 Horregatik adberbio hauek denborazkoen multzoan baino areago aspektua adierazten dutenetan sar daitezke.

334 Garateren iritziz erdarakada da hori (1988: 243); haren ustez bai iraganaldiko bai geroaldiko artean erabili behar da (Gaztea zen artean; Artean hemen izango gaituzu).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper