Euskararen Gramatika

36. Denborazko perpausak (II)

36. Denborazko perpausak (II)

36.1. Oinarrian perpausa duten osagarri adberbialak (‘Denborazko perpausak’)

Gramatiketan eskuarki ‘denborazko perpaus’ deitu izan direnak izango ditugu aztergai atal honetan (lana amaitu duenean, iritsi den orduko, laguna etorri arte…). Osagarri adberbialak dira hauek ere, postposizio sintagmak gehienak, aurreko kapituluan aztertu direnak bezala, baina atal berezia eskaintzen diegu, hala ere, oinarrian perpausa eta hari erantsita denboraren adierazpenean espezializatu eta neurri batean ‘finko’ bilakaturiko formak dituztelako.

36.2. Izaera, formak eta motak

Hala, esate baterako, oporretan ibili naizenean sintagmak [oporretan ibili naiz] perpausa du oinarrian eta [-nean] forma ondoan. Erlatiboa da horrela eraturiko perpausa, jakina, oporretan ibili naizen egunetan perpausa bezala, baina bada aldea bien artean: izen ardatza agerian du azken honek (egunak), eta, hain zuzen ere, izenak ematen dio perpausari denbora balioa —§ 35.2.3g atalean aztertu dira izen sintagmaren gainean eraikitako postposizio sintagma hauek—. Oporretan ibili naizenean perpausa, berriz, ageriko izen ardatzik ez duena da, honen lekuan izen zehatz bat ez, baizik eta ‘denbora’ nozioa duena: oporretan ibili naizen [‘denbora’]n31.4.3.13)335. Horrelako perpausetan —ageriko izen ardatzik ez dutenetan— zuzenean eransten zaio inesiboko postposizioa erlatiboaren -n morfemari, denbora adierazteko espezializatu eta ‘finko’ bilakatu den -nean forma eratuz. Forma ‘finkotzat’ har daiteke hau, besterik ezean denbora adiera hobesten duelako, hau da, testuinguruak besterik seinalatzen ez duenean adiera hori nagusitzen delako. Hala, sartu denean, egon ginenean, ikusi dutenean eta horrelakoak testuingururik gabe entzuten ditugunean, denborarekin lotzen ditugu; ez ditugu, alegia, sartu den etxean, egon ginen moduan, ikusi duten itxuran gisa-edo ulertzen.

36.2.1. Postposizioak eta denboraren adierazpena

Erlatibo horietan ordu izenaren elipsia dagoela esan dute gramatikari batzuek, -nean formaren azpian -n orduan dagoela iritzita; sartu denean eta sartu den orduan gisako perpausen arteko sinonimia aipatzen dute azalpen moduan336. Esan behar da, edozein kasutan, ordu generikoa izango litzatekeela hori, eta, bestalde, ez dela beti izen hori perpausari zehazkien dagokiona. Ikasle nintzenean, barnetegi batean bizi nintzen perpausean ‘ikasle nintzen orduan’ ote da irakurketa zuzenena? Egokiago da ageriko izenik gabeko erlatibo hauetan ‘denbora’ adierako izen generikoa suposatzea —‘denbora’ hori unea edo epea izan daitekeelarik (kalera atera naizen [‘denbora-une’]an eta ikasle nintzen [‘denbora-epe’]an, esate baterako)337—. Postposizio sintagmak dira hauek ere, jakina, baina denboraren nozioa adierazten duen -nean forma espezializatua dutenak.

36.2.2. Egitura hauen ezaugarriak

36.2.2a Asko dira aurreko kapituluan esandako moduan, edo horren antzera, eratu diren formak. Adizki jokatuko erlatiboaren gainean eraikiak dira batzuk; postposizio itsatsiarekin, -n + -n-nean (etorri denean), -n + -tik-netik (etorri denetik), -n + -no-no (hemen deno); edo askearekin, -n arte, -n orduko bezalakoak (etorri den arte, etorri den orduko…). Konparaziozko mailakatzailearekin eratuak dira beste zenbait (-n bezain laster, -n baino lehen), egituraz konparazioari dagozkion arren, konparatzeko baino areago gertakarien arteko denbora-erlazioa adierazteko erabiltzen baitira (§ 32.2.1.3, § 32.3.1.2); postposizioen parekoak dira erabilera horretan bezain laster eta baino lehen forma adberbialak (sartu naiz[en bezain laster] = (sartu naiz[en orduko])338. Korrelaziozko perpausa ere erlatibo generikoaren parekoa da, noiz adberbioak ‘denbora’ nozioa adierazten baitu: Noiz ere bidea zeharkatzera bainindoan, auto bat pasatu da ziztu bizian.

Adizki jokatuko perpausetan bestelakoa dena -la(rik) formarekin eratua da. Esanahi zabaleko forma da hori, testuinguru batzuetan denbora adieraz dezakeena: Berlinen bizi zelarik, behin bakarrik etorri zen sorterrira.

36.2.2b Partizipioarekin eraikitako sartutakoan / sarturi(ka)koan erlatiboak ere ageriko izen ardatzik gabe egina dagoelarik denbora-balioa hartzen du (sartutako[‘denbora’]n); zuzenean eransten zaio inesiboko postposizioa erlatiboari, -tutakoan / -turi(ka)koan forma eratuz. Postposizio askeak eta forma konplexuak, berriz, zuzenean doaz gobernatzen duten partizipioarekin (-tu {arte ∼ aurretik ∼ ondoanorduko…}; -tuz gero).

Adizki jokatuko perpausen forma murriztua izan daitezke horietako batzuk, adizki laguntzailea, -n menderagailua eta, hala dagokionean, aspektu morfema ere isilpean dituena (etorri den arte, etorri zen arte, etortzen den arte, etor dadin arteetorri arte; etorri den orduko, etortzen den ordukoetorri orduko; etorri denez geroetorriz gero), baina ez denak (etorri eta gero eta etxeratu gabe, esaterako, ez dira ezein perpaus jokaturen forma murriztua).

Konparaziozko mailakatzailea daramaten -tu bezain laster eta -tu baino lehen formetako perpausak ere perpaus jokatuen forma murriztua direla esan daiteke: sartu den bezain lastersartu bezain laster. Egituraz konparazioari dagozkion arren, gertakarien arteko denbora-erlazioa adierazteko erabiltzen dira horiek ere, jokatuak bezala.

Partizipioari -ta edo -ik atzizkiak erantsita, esanahi zabaleko perpausak eratzen dira, testuinguru batzuetan denbora adieraz dezaketenak (sartuta, sarturik).

Partizipioaren lekuan aditzoina erabiltzen dute hauetako perpaus batzuetan adizkera hori ohikoa duten euskalkietan (ikus artio). Eta adlatiboa ere erabiltzen da, euskalki guztietan, erdiespena adierazten duten perpaus jokatu zein jokatugabeetan (etxera zirenean; etxera bezain laster); konplexua izan daiteke adlatiboa (etxeko eskaileraren bigarren mailara orduko); aditzaren lekua betetzen du adlatiboak, horrelakoetan, mendeko perpausean (Goizaldea etorriko da, gautxori horiek etxera orduko)339.

36.2.2c Aditz izenarekin egindako izenlagunak, azkenik, inesiboko postposizioa har dezake (sartzerakoan; sartzekoan); denbora-balioa hartzen du honek ere ageriko izenik ez duelarik (sartze(ra)ko[‘denbora’]an); -tzerakoan / -tzekoan da forma.

Postposizioa zuzenean hartzen dute, bere aldetik, -tzean eta -tzerako formek (sartzean, sartzerako). Bizkaierazko -tu(k)eran forma ere «aditz izena + inesiboko postposizioa» egiturakoa da (ni hara heldueran = ni hara heltzean).

36.2.2d Horra, bada, laburbilduta, denborazko perpausak eratzeko erabiltzen diren forma nagusiak:

Adizki jokatua dutenak:

«-n + atzizkia», -nean, -netik, -no

«-n + postposizio askea», -n arte, -n bezain laster erakoak

«noiz ere bait-» korrelaziozko erlatiboa

«-la(rik)», testuinguru batzuetan denborazkoa

Partizipioarekin eratuak:

«-tutakoan», «-turi(ka)koan»

«-tu + postposizio askea», -tu arte, -tuz gero, -tu bezain laster erakoak

«-tuta», «-turik», testuinguru batzuetan denborazkoak

Aditz izenarekin eratuak:

«-tze(ra)koan»

«-tze + atzizkia», -tzean, tzerako, [-tukeran]

Ikusten den moduan, denborazko perpausak bideratzen dituzten forma hauek osagai bi dituzte gehienek: perpausa mendeko egiten duena bat, ‘menderagailua’ (-n edo adizki jokatugabea, hain zuzen ere), eta denbora-esanahia bideratzen duen postposizioa bestea (itsatsia, askea edo konplexua). Osagai biak bilduta izendatzen ditugu hemen forma horiek: -nean, -netik, -no, -n arte, -n bitartean, -n orduko, -nez gero; -tu arte, -tu bezain laster, -tuz gero; -turik, -tuta; -tzekoan, -tzean

Ikusten da, halaber, forma hauetako postposizio asko adberbio eta izen sintagmekin eraturiko postposizio sintagmetan erabiltzen diren berberak direla (-n, -tik, arte, bitartean, baino lehen…). Bat egingo dute, hortaz, zenbaitetan, postposizio hauen erabileraz atal hauetan esango ditugunek eta aurreko kapituluan esandakoek.

36.2.3. Gertakari bi aipatzen dira

36.2.3a Perpaus hauekin eginiko esaldietan gertakari baten bidez ematen da aditzera denboraren erreferentzia. Gertakari bi aipatzen dira, mendeko perpausean bat eta nagusian bestea, bien arteko denbora-erlazioa seinalatuz340. Mendeko perpausean aipatzen dena izaten da gehienetan nagusikoari denbora erreferentzia ematen diona: Euria hasi duenean aterpera joan gara perpausean, esate baterako, ‘euriaren hasierak’ seinalatzen du ‘aterpera joatearen’ denbora341.

Zeregin hori bete ahal izateko, denbora mugatua adierazten duena izan behar du perpausak, jakina. Hala, egoera iraunkor eta etengabea adierazten duten predikatuek ez dute balio denbora-erreferentzia emateko. Eta ezta hartzeko ere. Europan jaio eta bizitza guztian europarra izan denaz, adibidez, europarra da esan dezakegu, baina perpaus horrek ez du lekurik denborazko perpausetan, ohiko erabileran bederen, ez denbora-erreferentziaren emaile gisa (*Europarra denean ezagutu dugu), ez hartzaile moduan ere (*Lanean hasi zenetik europarra da).

36.2.3b Ondo ulertu behar da, bestalde, forma horiek denbora-balioarekin duten lotura. Ohiko lotura da hori, neurri batean ‘finkoa’, esan dugun bezala, baina ez erabatekoa. Izan ere, testuinguruak besterik seinalatzen ez duenean nagusitzen da denbora-balioa. Hori egindakoan edo hori egin duenean esaldiak testuingururik gabe entzuten ditugunean balio horrekin lotzen ditugu, bai, esan bezala, baina, perpaus adberbialetako atzizkiekin maiz gertatzen den moduan, testuinguruak bestelako nozioak bidera ditzake hauetan ere, denborazkoarekin batera edo haren lekuan.

Hizkuntza askotan gertatzen den moduan, euskaran ere ohikoa da, esate baterako, denboraren adierazpen orokorretik baldintzaren adierazpenerako urratsa egitea, a gertatzen denean, b gertatzen da adieraztetik a gertatzen bada, b gertatzen da adieraztera pasatzea, alegia. Hala, Izotza denean, kontuz ibili behar da eta Izotza bada, kontuz ibili behar da esaldiak sinonimotzat har daitezke. Gertakari biren arteko aldiberekotasun errepikatuak bide ematen dio kausa-ondorio erlazioari, eta baldintzaren sinonimo bilakatzen da; hala gertatzen da, esate baterako, Etxean bazkaltzen duenean, berandu itzultzen da lanera eta Etxean bazkaltzen badu, berandu itzultzen da lanera perpausetan. Parekotasun bera ikusten da ondoko adibidean ere, non perpaus mota biak koordinatuak ageri diren: Adinekoak mintzo direnean arretaz entzuten du jendeak, baina gazteak mintzo badira ez du inork kasurik egiten. Horrelakoetan esan daiteke, bada, denborazko perpausak denbora adierazteaz gain, baldintza ere iradokitzen duela, § 34.3.4.

Denboraz gaineko egia orokorrak ere adieraz ditzake -nean formak (Helmugako marra igarotzen denean amaitzen da lasterketa) edo inplikazioa (Hori esan duenean, egia esan du). Era berean, -tzean forma ere ohikoa den arren denboraren adierazpenean, bestelakorik adierazten du zenbaitetan: azalpena (Lurrikara nabaritzean, kalera atera ziren etxekoak), edo zertan galderaren erantzuna (Bakoitzari berea ematean datza justizia —non -tzean perpausa datza aditzaren osagarri argumentala den, § 30.6.3.2.3)—; -nez gero formak, berriz, denbora ez, baina kausa adierazten du maizkara (Egia entzun nahi duzunez gero, egia esango dizut); -tuz gero formak, baldintza (Dirua izanez gero, autoa erosiko nuke).

Perpausak modu batera edo bestera ulertzeko testuinguruak duen eragina mota desberdinetakoa izan daiteke. Dirua lortuz gero, autoa erosiko nuke perpausean, esate baterako, aditz nagusiaren moduak argitzen du mendekoak baldintza adierazten duela, ez denbora; Atzerritarrak ere pertsona direnez gero, pertsonaren eskubide ororen jabe dira perpausean, mendeko predikatuaren aspektu lexikoak argitzen digu perpaus horrek azalpena adierazten duela —pertsona dira predikatuak ezin baitu, egoera iraunkorra adierazten duenez, denborazko perpausik eratu—; Hain ahul ikusi genuenean, medikuarenera eraman genuen perpauseko hain maila-hitzak neurrian jartzen du perpausaren indarra eta ‘noiz’ eraman zuten baino areago ‘zer dela-eta’ eraman zuten adierazten dela esaten digu.

Kapitulu honetan, perpaus horien denborazko balioa aztertuko dugu, bestelako balioez zeharkako aipamenak egingo baditugu ere.

36.2.3c Aurreko azalpenek eta adibideek agerian uzten duten bezala, oinarrian perpausa duten osagarri hauek ere multzo zabal eta askotarikoa osatzen dute. Haien sailkapena egiteko, ikuspegi semantikoa izango dugu kontuan, adberbio edo izen sintagmaren gainean eginikoetan izan dugun bezala. Perpaus nagusiko gertakariak mendekoak aipatzen duenarekin duen erlazioaren arabera sailkatuko ditugu. Kokapena seinalatzen duten perpausak azalduko dira aurrena: gertakari biak bat datozenean, ‘aldiberekotasuna’ dugu (Oihala jaitsi denean, txaloka hasi gara); mendekoak lehenagoko une edo eperen bat seinalatzen duenean, ‘aurrekotasuna’ (Oihala jaitsi baino lehen hasi gara txaloka); eta geroagokoa adierazten duenean, ‘ondokotasuna’ (Oihala jaitsi ondoren poliki- poliki atera gara aretotik). Iraupeneko gertakarien ‘mugak’ adierazten dituztenak ikusiko ditugu, gero (‘noizdanikoa’, Hura etorri zenetik alaiago bizi gara; ‘noiz artekoa’, Hura etorri arte ez ginen lasai). Eta maiztasuna ere seinalatzen duten kokapenezkoak, azkenik (Hara joaten naizenero gauza bera entzuten dut).

36.2.3d Laburbilduz guztia:

KOKAPENA

aldiberekotasuna (oihala jaitsi denean)

aurrekotasuna (oihala jaitsi baino lehen)

ondokotasuna (oihala jaitsi ondoren)

IRAUPENA

noizdanikoa (etorri zenetik)

noiz artekoa (etorri arte)

MAIZTASUNEZKO kokapena (joaten naizenero)

36.3. Kokapenezko perpausak: Aldiberekotasuna

36.3a Aurreko kapituluan adierazi den moduan, gertakariak denboran kokatzen dituzten osagarri batzuk deiktikoak dira, hots, hizketa unea erreferentzia dutenak (orain) eta beste batzuk anaforikoak, hau da, bestelako erreferentzia dutenak (orduan), ikus § 35.2.2h. Azken mota honetakoak dira denborazko perpausak, aipatzen duten gertakaria baita perpaus nagusiko kokapenari erreferentzia ematen diona; barnean gertakari izen bat duten osagarrien parekoak dira: {Jaio zen egunean ∼ Haren jaiotza egunean} seinale handiak izan ziren.

36.3b Perpaus nagusian aipatzen den gertakaria mendekoan aipatzen denaren denbora berean —une edo epe berean— gauzatzen dela adierazten denean esaten dugu gertakariok aldiberekoak direla: a noiz, b orduan, alegia. Zabal hartu beharreko kontua da hori, ordea, ñabardura asko dituena: forma batzuek modu orokorrean adierazten dute denbora-erlazio hori; beste batzuek modu azkarragoan egiten dute, berehalakotasuna edo jadaneko gertakaria berariaz seinalatuz; eta beste zenbaitek, azkenik, gertakarien iraupenari dagokion aldiberekotasun zehatza adierazten dute berariaz.

36.4. Aldiberekotasunaren adierazpen orokorra

36.4.1. Aldiberekotasuna adierazten duten morfemak: -nean

36.4.1a Aldiberekotasunaren adierazpen orokorra egiten duten formak dira honako hauek: erlatiboarekin eraturiko -nean forma (sartu direnean), aditz izenarekin eginiko -tzean, -tzerakoan eta -tukeran edo -tzearekin formak (sartzean, sartzerakoan, sartukeran; sartzearekin), adiera zabaleko -la(rik) forma (gazte nintzela; sartu delarik) eta «noiz ere …{bait- ∼ -en}» korrelaziozko erlatiboak (noiz ere sartu baita).

Forma horietan guztietan adizki jokatuko -nean eta jokatugabeko -tzean dira erabilienak, inesiboko -n atzizkia daramatenak. Aldiberekotasun mota guztiak adieraz ditzakete: sekuentziala, osoa eta partziala. Perpaus biek, mendekoak eta nagusiak, uneko gertakaria adierazten dutenean, aldiberekotasunak ‘sekuentziala’ izateko joera du. Trena gelditu denean, bagoietako ateak ireki dira perpausean, esate baterako, ateen irekitzea trena gelditu eta, segidan, gertatu dela adierazten da. Interpretazioa sekuentziala izanik, -nean forma perpaus batetik bestera aldatzen bada —halakorik egin daitekeenean—, gertakarien segida ere aldatu egiten da; hala, aurreko perpausak eta Bagoietako ateak ireki direnean, trena gelditu da perpausak gertakarien segida desberdina adierazten dute, agerikoa denez.

36.4.1b Erdiespeneko predikatuak eta gauzatze burutua adierazten dutenak izaten dira, unekoak izaki, irakurketa sekuentziala maizenik bideratzen dutenak: Lanetik irten denean, zinera joan da; Etxea garbitu dudanean, kalera atera naiz paseatzera. Izan ditzakete, hala ere, sekuentzialaz bestelako ñabardurarik. Hala, adibidez, Etxean sartu naizenean, txirrina jo dut perpausak ‘aurretiko’ edo ‘atariko’ aldiberekotasuna adierazten du, ohiko erabileran; Etxean sartu naizenean, irrist egin dut perpausa, berriz, une-unekoa izan daiteke; eta Etxean sartu naizenean, txapinak jantzi ditut perpausaren aldiberekotasuna, azkenik, sekuentziala da. Etxean sartu predikatua erdiespena adierazten duena da, bai, unekoa, baina prozesu moduan uler daitekeena, ‘sartzeak’ mikro-uneak dituela interpretatuz. Interpretazio hori onartzen ez duten predikatuek aldiberekotasun sekuentziala baizik ez dute adierazten. Halakoa da, esate baterako, Galdutako poltsa aurkitu dudanean, etxera itzuli naiz esaldia, ‘poltsa aurkitzeak’ ez baitu mikro-unerik bereizten. Aditzak aurretik behin adberbioa daramanean ere balio sekuentziala nagusitzen da: Behin etxean sartu denean barreka hasi da perpausean, ‘barrea’ etxe barruan egin duela esaten da, ez atarian eta ez sartzeko une-unean ere.

Perpaus horiek, kasuan-kasuan, aurrekotasuna edo ondokotasuna adierazten dutela pentsa daiteke, beharbada, nagusiko gertakaria mendekoaren ‘aurretik’ edo ‘ondoan’ gauzatzen baita, baina horietan nabarmentzen dena, hala ere, ez da hainbeste hori, gertakariak ‘une beraren’ esparruan gauzatzen direla baizik, une horren hasieran, une-unean nahiz segidan. Aldiberekotasunaren ñabardurak dira.

36.4.1c Perpaus biek iraupena duen gertakaria adierazten dutenean, berriz, aldiberekotasuna zehatza da —ez sekuentziala— eta osoa, ‘guztizkoa’, gertakari biak epe osoan datozenean bat. Euria ari zuenean, aterpean egon gara perpausean ez da esaten noiztik noiz arte iraun duen euriak, baina, hori bai, iraun duen epe osoan aterpean egon garela.

Gertakari bat unekoa eta bestea iraupenekoa direnean, azkenik, aldiberekotasuna zehatza da, bai, baina partziala, ‘inklusiboa’: uneko gertakaria bestearen epearen barnean kokatzen da eta honen barneko une batekin egiten du bat, ez iraupen osoarekin. Iritsi garenean, etxea hutsik zegoen perpausean, esate baterako, iritsiera etxea hutsik egon zen epearen une batean gertatzen dela esaten da. Adibide horretan unea-iraupena erlazioa mendekotik nagusira doa, baina alderantziz ere gerta daiteke, Aretoko ateak itxita zeudenean iritsi gara perpausean bezala.

36.4.1d Kontuan izatekoa da aspektuaren gorabeherak predikatu hauetan duen eragina. Hala, esate baterako, mendeko perpausean erdiespena adierazten duten predikatuak ari izan aditzarekin ematen direnean, jarduera adieraztera pasatzen dira —iraupena duena—, eta orduan gauzatzen den aldiberekotasuna ez da sekuentziala, zehatza baizik, osoa edo partziala (Trena gelditzen ari zenean, bidaiariak leihoetatik begira zeuden, eta Trena gelditzen ari zenean, bagoietako ateak ireki ziren bat-batean, hurrenez hurren). Eta perpaus nagusian erdiespeneko predikatu horiek partizipio mugatuan ematen direnean ere aldiberekotasuna zehatza da, osoa edo partziala, partizipio mugatuak gertakaria burutu ondoko egoera adierazten baitu, iraupena duena (Madrilen izan ginenean, Mikel handik alde egina zen, eta Geltokira iritsi ginenean, trena joana zen). Aspektu burutugabeko adizkiak geroaldiko balioa du —adizkera sintetikoak bezala—, nagusia geroaldikoa edo agintera denean (Lana amaitzen dudanean, paseatzera joango naiz; Laguna ikusten duzunean, emazkiozu goraintziak; Aita datorrenean, etxetik kanpora bidaliko zaitu)342. Iparraldean geroaldiko adizkera ere erabiltzen da balio hori adierazteko (Zer muturra egingo du ene ametsa jalgiko diodanean, Mirande). Subjuntiboa ere erabil daiteke (etor dadinean), bai eta -ke- morfema duena (datorkeenean), euskara jasoan (§ 26.6.2.1).

36.4.1e Geroko balio horretan izan ezik, errepikatze edo ohiturazko interpretazioa nagusitzen da mendekoaren adizkia aspektu burutugabean emana denean, hiru aldiberekotasun motetan: sekuentziala, predikatu biak unekoak direlarik (Bilobak etortzen direnean, poztu egiten da amona), guztizkoa, predikatu biak iraupenekoak direlarik (Ikasten ari naizenean, irratia piztua edukitzen dut beti) edo partziala, bat iraupenekoa eta bestea unekoa direlarik (Ikasle nintzenean, goizeko zazpietan jaikitzen nintzen egunero). Gauzatzea adierazten duten predikatuek irakurketa biak izan ditzakete, sekuentziala, gauzatze burutua adierazten denean (Etxea garbitzen dudanean, kalera ateratzen naiz paseatzera, hots, ‘garbitzea amaitu’ dudanean) edo osoa, gauzatze prozesua adierazten denean (Etxea garbitzen dudanean, irratia piztua edukitzen dut beti, hau da, ‘garbitzen ari naizenean’). Adizki sintetikoak ere adieraz dezake errepikatzea edo ohitura, perpaus nagusiak hala eskatzen duenean (Asperturik nagoenean, zinemara joaten naiz).

Errepikatzea edo geroaldia adierazten duten perpaus hauetan nagusiko gertakaria mendekoarena ‘burutu’ eta gero gauzatzen dela nabarmendu nahi denean, aspektu burutuko adizkera erabil daiteke mendekoan: Trena gelditu denean irekitzen dira bagoietako ateak; Etxea garbitu dudanean, kalera ateratzen naiz paseatzera; Eta ni xahartu naizenean, zer geldituko zait? (Laphitz).

36.4.1f Emandako erreferentzia-unean berean gertatzen ari dena adierazten duen perpaus nagusiak ez du -nean formako osagarria hartzen. Hala gertatzen da hizketa unean gauzatzen ari den gertakaria adierazten duen perpausarekin: Zertan ari naizen? Hara, *etxeko lanak egiten ari naiz, haurra lo dagoenean. Edo iraganeko erreferentzia-une batean gauzatzen ari dena aipatzen duenarekin: Geltokian ikusi dut gaur goizean zure neba; *egunkaria irakurtzen ari zen autobusaren zain zegoenean. Erreferentzia emana dagoenez, erreferentzia emaile den -nean formak ez du lekurik hor. Aldiberekotasun mota hori adieraz dezakeena, besteak beste, -en bitartean formako perpausa da: Etxeko lanak egiten ari naiz, haurra lo dagoen bitartean; Egunkaria irakurtzen ari zen, autobusaren zain zegoen bitartean. Forma honek iraupenaren nozioa gehitzen dio emandako erreferentziari.

Denbora-erreferentzia ematen duten adberbioen ondoan, ordea, eman daitezke -nean formako perpausak, erlatibo apositibo ez-murrizgarri gisan: Ixo, ixo orain, zuk nahi duzun guztia esan duzunean (Barriola); Eta orduan, dena prest zegoenean, hasiera eman genion ikastaroari.

Perpaus hauetako subjektuak erreferentziakideak dira maiz, eta nagusian bakarrik ageri dira: Galdu zuen gutuna aurkitu duenean lasaitu da postaria. Baina desberdinak ere izan daitezke eta mendekoan espresuki agertu: Nagusia sartu denean, lanean hasi dira langileak.

36.4.2. -nean morfemaren bestelako adiera batzuk

36.4.2a Gorago esan den moduan (§ 36.2.3b), -nean formak denborazkoarekin batera bestelako adierak ere bidera ditzake; baldintzarena, esaterako, denbora-adierazpen orokorretan edo aldiberekotasun errepikatukoetan: Lanpostua galtzen duenean, babesik gabe geratzen da langilea esaldiko galtzen duenean aditzak ‘galtzen badu’ ere adierazten du, biak sinonimotzat har baitaitezke; ez da hori gertatzen, ordea, orokorrak edo errepikatuak ez diren denbora-adierazpenekin: Maddi ikusten duzunean, goraintziak eman eta Maddi ikusten baduzu, goraintziak eman perpausen artean, adibidez, aldea dago gertakariaren gauzatzeaz hiztunak duen ziurtasunean; kausa ere iradoki dezake: Euria egin duenean egoten dira bustita kaleak; kontzesioa, ondoan ere duela: Aberastasunak, handia denean ere, ez du zoriona bermatzen; egia orokorrak ere eman ditzake aditzera: Helmugako marra igaro denean amaitzen da lasterketa; eta inplikazioa: Hori esan duenean, egia esan du.

36.4.2b Denborazkoaz bestelakoak adierazteko ere erabiltzen da inoiz. Kausa- azalpena: Pozik gaude hori baizik esan ez duenean; kontzesioa: Zergatik zigortu duzu, ezer txarrik egin ez duenean?; kontsekutibo gisakoa: Zerbait gertatuko zen, hainbeste jende bildu denean. Modu egokiagoak badira horiek esateko, esan ez duelako, egin ez badu ere eta bildu denez gero bezalakoak, esate baterako.

Eskerrak predikatuaren osagarri gisa erabili izan dute idazle gipuzkoar batzuek -nean formako perpausa: Eskerrak, hala ere, garaiz ohartu zirenean (Agirre); Jainkoari eskerrak honetan naizenean (M. Lekuona).

36.4.2c Aipa daitezke, azkenik, denborazkoak ez diren esapide batzuk. Hala, dagoen-dagoenean eta agidanean adberbialak, azkena agidanez-en parekoa. Modua adierazten duten gisa horretako esapide adberbialak -z atzizkiarekin eratzen dira gehienetan (esaten dutenez, jakina denez…), eta halakoa da honi dagokionez esapidea ere. Honi dagokionean esapidea erabiltzen dute batzuek haren lekuan; dagokionean, ordea, denbora balioarekin lotua da, testuinguruak besterik esaten ez duenean, eta, hortaz, moduzkoa denean egokiago da dagokionez erabiltzea. Horrela du erabakia Euskaltzaindiak Hiztegian, s. v. egon: “dagokionean [denborazko esaldietan bakarrik]: dagokionean egiten du lan (*honi dagokionean e. honi dagokionez)”.

36.4.3. -tzean morfema

36.4.3a Aditz izenarekin eginiko -tzean formak -nean formaren antzeko erabilera du. Uneko predikatuarekin doanean aldiberekotasun ‘sekuentziala’ adierazten du nagusikoa ere halakoa bada (Galdutako poltsa aurkitzean, etxera itzuli naiz); gertakariak mikro-uneak dituenean hiru ñabardurak eman ditzake aditzera: ‘aurretikoa’ (Etxean sartzean, txirrina jo dut), ‘une-unekoa’ (Etxean sartzean, irrist egin dut), eta ‘sekuentziala’ (Etxean sartzean, txapinak jantzi ditut). Mendekoarena edo nagusiarena iraupenekoa denean, berriz, aldiberekotasuna guztizkoa edo partziala izan daiteke (Jendaurrean mintzatzean, urduri egon da eta Gu iristean, etxea hutsik zegoen, hurrenez hurren). Geroaldiari dagokiona ere izan daiteke (Lana amaitzean, paseatzera joango naiz), edota errepikatzea adierazten duena (Lana amaitzean, paseatzera joaten naiz).

Forma hau ez da, hala ere, -nean jokatuaren guztiz parekoa, bistan da. Pertsona, aldi eta aspektuari dagokienez markatugabea denez, forma irekia da, adizkian ‘falta’ direnak eskuratzeko testuinguruaren laguntza behar duena, perpaus nagusiarena batez ere (§ 30.6.3.2). Horrela, (hura) etxean sartzean esaldia perpaus nagusiaren arabera ulertzen da: eskua ematen zigun nagusiak ‘etxean sartzen zenean’ irakurketa eragiten du; eskua eman zigun nagusiak ‘etxean sartu zenean’ irakurketa; eskua eman digu perpausak ‘sartu denean’; eskua emango digu perpausak ‘sartzen denean / sartuko denean’…

Pertsonak ere markatzen ez dituenez, aukera-aukerakoa da forma hau -nean formarekin ere egin daitezkeen honako perpaus hauek egiteko: inpertsonalak (Bidea zeharkatzean, kontuz ibili behar da), generikoak (Helmuga igarotzean lasaitzen dira lasterkariak) edo subjektu zehaztugabekoak (Sarraila jartzean amaitu ziren arazoak).

36.4.3b Denbora ez ezik, kausa edo azalpena adieraztea ere berezko egitekoa du forma honek. Batzuetan anbiguoa izan daiteke perpausa: Ikasturtea amaitzean, oporretara joan dira irakasleak, ‘amaitu denean’ nahiz ‘amaitu denez’, alegia. Baina badira egitura batzuk perpausen irakurketa batera edo bestera bideratzen dutenak. Hala, -tzean perpausa ezezkoa denean denborazko interpretazioa baztertu eta kausazkoa nagusitzen da: Txalorik ez entzutean, harritu egin zen kantaria; eta berdin perpausak zenbatzailea edo graduatzailea duenean: {Hainbeste txalo ∼ hain txalo beroak} entzutean, pozik agertu zen kantaria. Perpaus nagusia agintera denean, aldiz, denborazko irakurketa nagusitzen da: Lana amaitzean, etorri gugana.

Atal honen sarreran azaldu den moduan, bestalde, denboraz eta kausaz gain baldintza ere adieraz dezake forma honek, -nean formak bezala: Lanpostua galtzean, babesik gabe geratzen da langilea —hots, ‘galtzen duenean’ nahiz ‘galtzen badu’—. Inplikazioa ere adieraz dezake: Hori esatean, egia esan duzu.

Erabilera horietaz gain, bestalde, zertan dagoen zerbait, zertan datzan, zertan duen atsegin eta horrelakoei erantzuten dien osagarria izaten da maiz -tzean perpausa, denborarekin zerikusirik ez duena: Bakoitzari berea ematean datza justizia; Zoriona ez dago ondasun asko izatean; […] maitatzean aurkitzen ditu atseginik bizien eta osoenak (Txillardegi).

36.4.4. -tzerakoan, -tu(k)eran, -tzearekin eta -larik

36.4.4a Aldiberekotasuna adierazten du [-tzerako] izenlagunarekin eginiko -tzerakoan formak ere, -tzean formak bezalatsu; izenlagunak ez du konplementatzen duen izen agerikorik, eta denbora-balioak hartzen du haren lekua (-tzerako [‘denbora’]n). Formaren barnean -ra- adlatiboko atzizkia duelarik, aurrera begirako adiera hartzen du erraz forma honek, gertatzera doanari dagokiona, alegia: Garbitu itzazu eskuak, jaterakoan; Errezeta egiterakoan, arkatzik ez zeukala ohartu zen (San Martin). Aukerakoa da, bada, forma hau ‘atariko’ edo ‘aurretiko’ aldiberekotasuna adierazteko: egiterakoan, hau da, ‘egitera zihoanean’. Ohikoa eta berezkoa da erabilera hori, eta hala izan da aurreko mendeetan ere —ikus, esate baterako, hiltzerakoan hitzaren maiztasuna Axularren Geron eta gainerako erlijio liburuetan, ‘hiltzera doanean’ adieran—. Gaur egun, hala ere, uneko aldiberekotasunaren beste ñabardura bietan ere erabiltzen da343. Batetik, une-unekoan: […] neskatxaren gorputzak uretara erortzerakoan atera zuen hotsa, entzun zuen gizakumeak (Etxaniz). Bestetik, segidakoan: Abestia bukatzerakoan berriro hasten dira hizketan (Etxaniz); […] dena utzi behar da, tontorrera heltzerakoan (Gaztelu). Bestalde, aldiberekotasun zehatza ere adierazten du inoiz: Ez atera horrenbeste soinu jaterakoan!; Malkoak zerizkion hori esaterakoan (Garate); Mintzatzerakoan ez dugu beti berdin ebakitzen (Mitxelena).

Erdialdean -tzekoan aldaera erabiltzen da, hau ere denbora-baliokoa izenlagunak ondoko izen agerikorik ez duenean: Ez atera horrenbeste soinu jatekoan!; [Hitz elkartze] zaharren artean hautatzekoan, bi indar ari zaizkigu beti lanean (Mitxelena).

Forma hau ez da -tzean formaren pare erabiltzen denboraz besteko adieretan; ez da, esate baterako, zertan osagarri gisa erabiltzen: *Bakoitzari berea emate(ra)koan datza justizia.

36.4.4b Mendebaldean erabiltzen den -tu(k)eran forma aipatu behar da azkenik, -tzean formaren parekoetan. Partizipioaren gainean eraikia bada ere, -(k)era atzizkia hartuta aditz izen gisa erabiltzen da, eta ondoan inesiboko -n atzizkia du344. Ondo bereizi behar dira, hori bai, amaieran eta amaitueran gisako formak: lehenak izen joskera du (afariaren amaieran) eta bigarrenak aditz joskera (afaria amaitueran). Osagarri adberbialak izan ditzake azken honek (herrian sartukeran, kortara sartueran, eskolatik urtekeran) eta objektu zuzena (lehenengo berbak egikeran); askotan erreferentziakideak izaten dira perpaus bien subjektuak, eta orduan isilpean geratzen da mendekoarena, baina hala ez denean agerian eman daiteke honen subjektua: Hamarrak ziren ni herrira heldueran. Aldiberekotasuna adierazten du forma honek ere, sekuentziala —inkoatiboa, aditzak gauzatzea edo jarduera adierazten duenean (Kortara sartueran ardiak zenbatu zituen, beti legez, Etxeita; ‘zenbatzen hasi zen’, alegia)—, zein zehatza (Itxura makala zekarten gizonok, herrian sartukeran, F. Bilbao).

36.4.4c Denbora-balio finkoa ez duen forma da -tzearekin, baina soziatiboak berekin duen ‘lotura’ nozioa denborari egokitu dakioke zenbaitetan, aldiberekotasuna adieraziz: Sukar gaixto batek eraman zuen, herrira heltzearekin. Ostera, batera postposizioa erantsita, aldiberekotasun estua adierazten duen -tzearekin batera forma eratzen du (§ 36.5.2c). Denbora eta azalpena, biak batera, adieraz ditzake beste zenbaitetan: Laguna kinka txar hartan ikustearekin, bihotza erdiratu zitzaion. Are urriagoa da -tzeari formaren erabilera denbora-balioarekin: Aita zahartzeari, semeak hartu zituen etxeko giderrak345.

36.4.4d Aurreko paragrafoetan azaldu diren formez gain, adiera zabaleko -larik forma ere aipatu behar da aldiberekotasuna adieraz dezaketen formen artean. Iraupeneko gertakaria adierazten duten perpausekin erabiltzen da forma hau, -la nahiz -larik aldaeretan. Aldiberekotasun zehatza adierazten dute aldaera biek horrelakoetan: guztizkoa, perpaus biak iraupenekoak direnean (Haurra zela(rik), alai bizi zen gurasoen etxean), eta partziala, nagusia unekoa denean (Gazte nintzela(rik) sortu zitzaidan kanturako zaletasuna). Gauzatze prozesua adierazten duten predikatuek ere adieraz dezakete aldiberekotasun zehatza, iraupenekoak direnez: […] bizikletan ikasten nuelarik, badut itzulipurdi ederrik eginik (Lafitte). Baina ohikoa da iraupena seinalatzen duen ari izan aditzarekin ematea horrelakoak (ikasten ari nintzelarik). Izan ere, ohikoa da forma hau iraupeneko adiera duten izan, egon, ibili, ari izan eta jardun bezalako aditzekin erabiltzea, adizkera sintetikoekin batez ere (gaztea zela, mendian zebilelarik…): Ondoko egunetan, Ehaltzeko bordako Piarres zaharrarekin mahats moxten ari zelarik, gogoa dena hartua zuen oraino intha hertsi hartan gerthatu zitzaionaz (Barbier); Eta mutila badoha ondotik arrañaren garbitzen ari zelarik (Webster); Jujea paperak sinatzen ari zelarik (Larzabal).

Horretaz gain, ordea, uneko gertakaria adierazten duten predikatuekin ere erabiltzen da Iparraldean -larik aldaera, aldiberekotasun sekuentziala nahiz partziala adieraziz: Partida amaitu zelarik, zutitu eta txaloka hasi ginen; Betsabe erregearekin mintzatzen ari zelarik, heldu zen Natan profeta (Elizen arteko Biblia); […] egun horretan, Eguzkitza sarrera hitzaldia irakurtzen ari zelarik, bete zituen zorioneko bost urte […] (Salaburu); partziala: Lapurrak etxean sartu zirelarik, baratzean ginen gu. Gertakari errepikatuak adieraz ditzake aldaera honek, ohi bezala, eta baita geroari dagozkionak ere: Oporretara joaten delarik, beti ekartzen digu oparitxoren bat; Goazen, ez gaituzte hemen ikusi behar, atzarriko direlarik. Uneko predikatu hauekin ez da -la soila erabiltzen, ezta bestelako aditzen adizki burutuekin ere: *Partida amaitu zela, zutitu eta txaloka hasi ginen; *Lapurrak etxean sartu zirela, baratzean ginen gu; *Mendian ibili zela, erori egin zen. Hots, -la eta -larik iraupeneko predikatuekin erabiltzen dira; -larik baita unekoekin ere, Iparraldean346.

Zirkunstantzia askotara irekia da forma hau, bistan da (§ 40.13). Denboraz bestelakoak izaten dira maiz zirkunstantzia hauek, baina, zenbaitetan, denborazkoarekin batera ematen dira aditzera: denbora eta kausa (Etxea sutan ikusi zuelarik, suhiltzaileei deitu zien berehala); denbora eta modua edo azalpena (Eskiatzen zebilela hautsi zuen zangoa); denbora baino areago, beharbada, baldintza (Zu nirekin zarela, ez naiz inoren beldur) edo modua (Atsekabea errazagoa da jasaten, partekatua delarik). Inplikazioa ere adieraz dezake (Hori esaten duzularik, egia baizik ez duzu esaten).

36.4.5. Noiz ere … bait- egitura

36.4.5a Noiz ere … bait- egiturako perpausak ere aldiberekotasuna adierazten duten denborazko perpausen multzoan sartzen ditugu, erreferentzia zehatzik ez duen noiz aurrekariak denbora-balioa hartzen baitu. Erlatibo generikoaren pareko dira, ondoko adibide hauetan ikusten den moduan: Noiz ere gazteekin ibili bainaiz, alai itzuli naiz etxera eta Gazteekin ibili naizenean, alai itzuli naiz etxera31.2.3)347.

Aurrera baino lehen esan behar da egitura desberdin bi eratzen dituztela korrelaziozko perpaus hauek, ‘zuzena’ bat, zeinetan denbora-erreferentzia mendeko perpausetik nagusira doan (Noiz ere etsia hartua baitzuen ehiztariak, aitzinean agertu zaio erbi eder bat), eta ‘alderantzizkoa’ bestea, zeinetan erreferentzia perpaus nagusiak ematen duen (Etsia hartua zuen ehiztariak, noiz ere aitzinean agertu baitzaio erbi eder bat)348. Lehenbizikoan, mendeko perpausa predikatu nagusiaren konplementua da; ‘erbia noiz agertu den’ adierazten du. Bigarrenean, mendekoa ez da predikatu nagusiaren konplementua, hau da, ez du adierazten ‘noiz hartua zuen etsia ehiztariak’; aitzitik, perpaus osoaren konplementua da, hari ‘segida narratiboa’ ematen diona. Honetan eta orduan adberbioa erabil daiteke, lehenbizikoan ez bezala, noiz ere formaren lekuan: Etsia hartua zuen ehiztariak, eta orduan aitzinean agertu zaio erbi eder bat, baina *Eta orduan etsia hartua zuen ehiztariak, aitzinean agertu zaio erbi eder bat. Lehenbizikoa, arestian esan dugun moduan, -nean perpausaz ordezka daiteke: Etsia hartua zuenean ehiztariak, aitzinean agertu zaio erbi eder bat; bigarrenaren kasuan, ordea, ez dira ohikoak horrelako perpausak, nagusiaren goranzko doinua eta perpaus bien arteko etena egiten direnean behintzat, hau da, mendekoa aditz nagusiaren konplementua ez denean: *Etsia hartua zuen ehiztariak (,) aitzinean agertu zaionean erbi eder bat.

Gaur egun baino erabiliagoa izan da forma hau aurreko mendeetan349. Merezi du, hala ere, behako bat ematea harekin eginiko perpausei, zenbait erregistrotan erabilgarriak direla kontuan izanda. Erreferentzia ‘zuzena’ dutenak aztertuko ditugu aurrena. Horrelakoak usu erabiliak izan dira ekialdeko tradizioan, XVI-XVIII. mendeetan batez ere, baina urritzen joan dira ondoko mendeetan. Aurrekaria noiz ere da maizenik XVI. eta XVII. mendeetan, idazle batzuek noiz eta hobesten badute ere; noiz eta ere forma erabiltzen dute beste batzuek. Hegoaldean, berriz, zerbait erabilia izan da XVIII. eta XIX. mendeetan, «noiz eta …-n» formarekin. Korrelatu anaforikoa isilpean uzten da gehienetan: Noiz ere apaizak erraiten baitu meza, Jainkoari ohore ematen dio (Pouvreau); Noiz eta heldu baitziren hiriaren erdira, erregek kolkotik sartzen dio ganibeta erreginari (Barbier); Noiz eta gutxiena uste duen hiltzea, aurkitzen da berehala hil behar duelako berriarekin (Agirre Asteasukoa). Baina agerian ematen da zenbaitetan: Noiz eta ere guztiek etsitua baitzuten, orduan da sendatu bet-betan (Hiriart-Urruti).

36.4.5b Egiturari dagokionez, jakina da korrelatu anaforikoa aurrekariaren eskuinean joan ohi dela («noiz ere … orduan»); hortaz, hura agerian denean perpaus nagusia mendekoaren ondoren ematen da. Mendekoa nagusiaren osagai batzuen ondotik emana denean ere, anaforikoa haren eskuinean kokatua da: Harroak eroriko dira noiz eta uste baitute maila gorenean direla, eta orduan berean. Egitura honetako perpausetan, hala ere, anaforikoa isilean uzten da askotan, esan dugun bezala, eta orduan ez da eragozpenik mendekoa guztiz eskuinean emateko: Tristura handia hartzen du, noiz eta eriak penatzen ikusten baititu.

36.4.5c Balioari dagokionez, perpaus hauek ere aldiberekotasuna adierazten dute. Mendeko predikatua iraupenekoa denean, aldiberekotasuna zehatza da, osoa edo partziala: Noiz ere eri bainintzen, hark nau artatu; Noiz eta ere guztiek etsitua baitzuten, orduan da sendatu. Unekoa ere izan daiteke, sekuentziala: Noiz ere semeaz erditu baitzen, plazer handia hartu zuen. Gertakari errepikatua edo ohikoa ere adieraz dezake, eta baita geroaldikoa ere: Noiz ere apaizak erraten baitu meza, Jainkoari ohore ematen dio; Noiz ere ikusiko baituzu nire laguna, emazkiozu goraintziak.

36.4.5d Alderantzizko erreferentzia duten perpausak ekialdeko euskalkietan erabiliak izan dira, XIX. mendetik hona. Perpaus mendekoak nagusiari ‘segida narratiboa’ ematen dionez, honen eskuinean ematen da beti: Gosaltzen ari nintzen lasai-lasai, noiz eta ere entzun baitut tok-tok leihoan.

Egitura honetako perpaus nagusia iraupenekoa da maiz, egoera edo jarduera adierazten duena, eta mendekoak hura nolabait eteten duen uneko gertakaria aipatzen du, aldiberekotasun partziala seinalatuz. Gertakariak iraganekoak direnean perpaus biak iraganaldian eman ohi dira, espero zitekeenez (Baratzean ari nintzen, noiz eta euriak bat-batean harrapatu baininduen), baina, egitura halakoa izaki, orainaldi narratiboa erabiltzen da ez gutxitan, mendekoa edo biak orainaldian emanak direlarik (Banenbilen basoan, noiz ere, bat-batean, onddo eder bat ikusten baitut eta Badoaz lasai manifestariak, noiz eta ere polizia agertzen baitzaie, hurrenez hurren). Perpaus nagusiak gertakari teliko bati ekiteko unea adierazten duenean, berriz, mendekoak orduan gertatutako beste gertakari bat aipatzen du, haren gauzatzeaz ezer esan gabe: Bidea zeharkatzera zihoan oinezkoa, noiz ere bat-batean auto bat pasatu baita ziztu bizian perpausean, esate baterako, ez zaigu esaten oinezkoak bidea zeharkatu zuenetz.

36.5. Aldiberekotasun estua

36.5.1. Aldiberekotasuna seinalatzeko zenbait bide: -neko forma

36.5.1a Aurreko atalean ikusi ditugun formek baino modu azkarragoan seinalatzen dute beste forma batzuek aldiberekotasuna, ondoko adibideak konparatuz ikus daitekeen moduan: Polizia agertzean, korrika hasi dira manifestariakPolizia agertu orduko, korrika hasi dira manifestariak. Aldiberekotasun estua adierazten duten forma hauekin eginiko perpausa unekoa izaten da, erdiespenekoa (sartu deneko) edo gauzatze burutukoa (egin dueneko); egoera edo jarduerakoa bada, haren une bat hartzen da kontuan: Sendatua dagoen bezain laster, etxera bidaliko dute esaldian, esate baterako, ‘sendatua egotearen’ hasierako unea da seinalatzen. Perpaus nagusia, berriz, unekoa edo iraupenekoa izan daiteke, eta horrek zehazten du perpausaren balioa. Hura unekoa bada, aldiberekotasun sekuentzial estua adierazten da, hau da, ‘berehalakotasuna’: Sartu deneko, hizketan hasi da; iraupenekoa bada, berriz, ‘jadanik’ baden egoera edo jarduera adierazten da: Sartu deneko, zain zeuden lagunak.

Mota honetako aldiberekotasuna adierazten dute honako forma hauek: -ko atzizki adberbialarekin eginiko -neko, -tzerako eta «{-n ∼ -tu} orduko» formek (etorri deneko; hura etortzerako; etorri den orduko), batera adberbioa duten «{-naz ∼ -tuaz} batera» eta «{-narekin ∼ -tzearekin} batera» formek (sartu denaz batera; etortzearekin batera), laster adberbioa duten «{-n ∼ -tu} bezain laster» eta «{-netik-nik} laster» formek (etorri den bezain laster; etorri bezain laster; joan zenetik laster), eta «-tu eta {berehalalaster ∼ batera}» formek (etorri eta berehala; sartu eta laster; jan eta batera).

Lehenbizikoak adiera bietan erabiltzen dira, berehalakotasunari dagokionean nahiz jadanekoan; batera adberbioarekin eratuak berehalakotasuna adierazten dute batez ere, baina jadanekoa ere adieraz dezakete inoiz; azken biek, berriz, berehalakotasuna baizik ez dute adierazten.

36.5.1b Hala, bada, -neko forma adberbialak berehalakotasuna adierazten du, perpaus nagusiko gertakaria ere unekoa denean: Bere onera etorri zeneko, jaiki eta korrika hasi zen lasterkaria; jadaneko egoera edo jarduera, berriz, hura iraupenekoa denean: Suhiltzaileak iritsi zireneko, kiskalita zegoen etxola. Lehenean, (orduantxe) berehala erantsi daiteke, eta jadanik bigarrenean. Aukera biak dira, halaber, errepikatzea edo ohitura adierazten denean ere (Partida bat amaitzen zuteneko, beste bati ekiten zioten eta Uda heltzen deneko, prest izaten ditugu hondartzako zerbitzuak, hurrenez hurren). Perpaus nagusia geroari dagokionean, geroaldikoa edo agintera delako, mendekoa aspektu burutugabean eman daiteke: Lagunak etortzen direneko, han izango gara gu. Aldaerak: -nerako, Hegoaldekoa (Partida hasi denerako, beteak ziren harmaila guztiak), -nekotz(at), -neko(t)xe.

Forma honen balio prospektiboaz, ikus § 36.7.3 (Ura sartu dut motxilan, egarritzen naizeneko). Forma honekin sortua da, bestalde, dagoeneko adberbioa, hizketa unean zerbait jadanik gertatua dela adierazten duena, ikus § 35.2.13e.

Bestelakoa da, jakina, leku-denborazko izen ardatza izanik izenlagunen -ko atzizkia daraman erlatiboa (Hura sortu zeneko urtea; Hori ez da gurean agertu joan deneko aspaldian), § 31.4.3.8d.

36.5.2. -tzerako, …orduko, …batera, bezain laster eta beste batzuk

36.5.2a Aditz izenarekin eginiko -tzerako forma adberbiala mendebaldean erabiltzen da batez ere. Jokatuetako -neko formaren parekoa da neurri batean. Jadanik baden egoera edo jarduera adierazteko erabiltzen da batez ere: Suhiltzaileak iristerako, kiskalita zegoen etxola; Gu jaikitzerako, lanean ari zen laguna. Baina berehalakotasuna ere adieraz dezake: Partida bat amaitzerako, beste bati ekiten zioten.

‘Jadanik’ badena ez ezik, ‘lehenago’ gertatua ere adieraz dezake forma honek. Inoiz anbiguoa izan badaiteke ere, agerikoa izaten da gehienetan, testuingurua lagun, noiz adierazten duen aurrekotasuna: Han sartu zen Zubiburu, eta lanean hasterako katedralera joan zen otoitz egitera; katedraleko bisita, adibidean, lanera joan aurrekoa da, § 36.7.2f.

36.5.2b Orduko postposizioarekin eginiko {-n ∼ -tu} orduko formak ere bietara erabiltzen dira. Berehalakotasuna adierazten dute perpaus nagusiko gertakaria unekoa denean (Ohera orduko hartu zuen loak; Zezena agertu zen orduko hustu egin zen plaza) —inoiz berehala adberbioa eta guzti (Sartu orduko, berehala hasi zen kantari)—; berdin errepikatzea edo ohitura adieraziz (Argitu orduko, lanari ekiten diote egunero), eta geroari dagokionean, adizkia aspektu burutugabean dela (Jaikitzen den orduko, etor dadila nigana). Jadaneko egoera nahiz jarduera adierazten du, berriz, bistan da, perpaus nagusiko gertakaria iraupenekoa denean (Medikua iritsi orduko, jaikita zegoen gaixoa). Forma bi hauetan -tu orduko da gehien erabiltzen dena. Partizipioaren lekuan aditzoina erabiltzen dute inoiz, aditz forma hori ohikoa duten euskalkietan (ikus orduko). Aldaerak: -tzera orduko eta -tze orduko, gutxi erabiliak; postposizioarenak: ordukoxe eta ordu.

Aldiberekotasunaren erabilera hori Erdialdekoa da, batez ere. Mendebaldean, berriz, zerbait ‘lehenago’ gertatu dela adierazteko erabiltzen da forma hau ere: […] lotara orduko, gazta pixka bat jaten zeudela […] (Agirre), ikus § 36.7.2f. Ordu eta ordukoxe aldaerek ez dute aurrekotasuna adierazten.

36.5.2c Batera postposizioarekin egindako «{-naz ∼ -tuaz} batera» eta «{-narekin ∼ -tzearekin} batera» formek —bizkaierazkoak haiek eta gipuzkerazkoak batez ere azken biak— berehalakotasuna adierazten dute: Ohean sartu zenaz batera, loak hartu zuen; Hura agertuaz batera amaitu zen gure arteko bakea; Atea ireki zutenarekin batera, jendea bultzaka sartu zen; Argia urratzearekin batera hasi dira lanean. Hori dute forma hauek ohiko erabilera, baina ‘jadanekoa’ ere adieraz dezakete: Egunkariak herrira zirenaz batera, zain zegoen dendaria. Adizki jokatugabeko formak erabiliagoak dira jokatuak baino. Postposizioaren aldaerak: batean, bat.

Denboraz gain, bestalde, emendioa ere adieraz dezake -tuaz batera formak: Plazan ginen lasai ederrean hizketan, eguzkia hartuaz batera.

36.5.2d Konparazio egitura duten {-n ∼ -tu} bezain laster formek berehalakotasuna adierazten dute, agerikoa denez: Sartu den bezain laster hasi da hizketan; Partida hasi bezain laster sartu dute gola. Aditz nagusia geroari dagokionean, mendeko jokatua adizki burutugabean eman daiteke: Jaikitzen zaren bezain laster joan zaitez lanera. Mendekoarena bezala, nagusiko gertakaria ere unekoa da, berehalakotasunak hala eskatzen baitu: Etxean sartu den bezain laster, hizketan hasi da. Eta iraupeneko predikatua bada, haren hasierako unea hartzen da kontuan: Etxean sartu bezain laster, lasai dago gure gizona, hau da, ‘lasaia egoten hasten da’.

Laster adberbioaz gainera, sarri, fite, agudo eta beste batzuk ere erabil daitezke forma hau eratzeko (bezain sarri, bezain fite, bezain agudo). Laster da erabiliena; sarri ere erabiltzen da Iparraldean fite baino maizago; agudo, berriz, Hegoaldean; beste adberbio batzuk (pronto, azkar, arin…) urriago erabiltzen dira egitura honetan. Forma hauek konparazioko bezain morfemarekin eratuak izan arren, ez dute elementu biren arteko konparazioa eratzen; ez dira, alegia, Zu bezain arin ibili naiz ni edo Atzo bezain laster dator gaur ere ibaiko ura esaldien gisakoak. Horren lekuan, gertakari biren arteko denbora-erlazioa adieraztea dute helburu: Jaiki bezain laster hasi da lanean, hau da, ‘lanean hastea jaikitzearen segida-segidan gauzatu da’ (§ 32.2.1). Orduko edo eta berehala postposizioen parekoa da erabilera horretan bezain laster (jaiki bezain laster = jaiki orduko, jaiki eta berehala). Horiek horrela, anbiguoa da Jaitsi bezain laster egin du horrek mendian gora esaldia, adiera biak izan baititzake: ‘laster’ jaitsi da eta ‘laster’ egin du mendian gora, arin-arin biak, edo ‘jaitsi eta berehala’ egin du ostera mendian gora; lehenbiziko irakurketan konparaziozkoa da perpausa, jaistearen lastertasuna eta mendian gora egitearena konparatzen baitira; bigarrenean, berriz, ‘denborazkoa’ da.

Berehalakotasuna ematen dute aditzera ‘noizdaniko’ formekin eraturiko -netik laster eta bizkaierazko -nik laster formek ere: Lanean hasi zenetik laster igo zioten soldata; Munduko edozein konturen berri, jazotzen denik laster izaten dugu irrati-telebisten bidez.

36.5.3. -tu eta berehala gisako formak

36.5.3a Partizipioarekin eginiko -tu eta {berehalalaster ∼ batera} formek ere berehalakotasuna adierazten dute: Ekaitza amaitu eta berehala, argia itzuli zen; Ez ama eta ez aita geratu zen gaixoa, jaio eta laster; berehalakotasun errepikatua: Ikasketak amaitu eta berehala, lan bila hasten dira gazteak; Goizero, ohetik jaiki eta laster, dutxara joaten naiz. Aldaerak: berehalakoan; lasterrera, lastertxo, lasterxko. Berehalakotasuna adierazten du, halaber, -tu eta batera forma bizkaierazkoak: Jan eta batera ez da sartu behar uretara (Arejita).

Perpaus hauetan berehala, laster eta batera adberbioak -tu eta formarekin doaz, forma konplexua eratuz: Ekaitza amaitu eta berehala, argia itzuli zen. Postposizioa ta forma laburtuarekin ematen da maiz, mendebaldean batez ere, bereiz idatzita (amaitu ta berehala), marrarekin (amaitu-ta berehala), eta inoiz lotuta (amaituta berehala).

Forma hauen oinarrian eta enklitikoa duen -tu eta forma dago, emendiozko juntaduratik bereizi behar dena. Argi ikus daiteke hori ondoko perpaus bi hauek alderatuta: [Ekaitza amaitu] eta [argia itzuli zen] - [Ekaitza amaitu eta], [argia itzuli zen]. Lehenbiziko adibidean ohiko juntadura dugu; adizki jokatua isilduta, perpausaren hondarrean geratu den partizipioak perpaus amaierako doinua hartzen du eta haren ondoan etena egiten da, edo, bederen, egin daiteke: ekaitza amaitu # eta argia itzuli zen. Bigarren adibidean, berriz, doinu-eten horiek eta enklitikoren ondoan egiten dira, hau aurreko partizipioari lotzen zaiolarik: ekaitza amaitu eta # argia itzuli zen; eta mendeko perpausa nagusiaren eskuinera alda daiteke: argia itzuli zen # ekaitza amaitu eta. Partizipioa gobernatzen duen postposizioa da eta egitura horretan, ondokotasuna adierazten duena, aurrerago ikusiko dugun bezala (§ 36.7.3e)350.

36.5.3b Bat baino gehiago dira -tu eta horrekin eratzen diren forma konplexuak: -tu eta berehala, -tu eta laster, -tu eta batera, -tu eta gero eta -tu eta ondoan. Ondo bereizi behar dira forma horiek ere azalean antzekoa den emendiozko juntaduratik ([Ekaitza amaitu] eta [berehala itzuli zen argia]), eta baita ondokotasuna adierazten duen -tu eta forma soiletik ere ([Ekaitza amaitu eta], berehala itzuli zen argia). Forma konplexuen egitura, berriz, hau da: [ekaitza amaitu eta berehala], argia itzuli zen, non -tu eta berehala formak berehalakotasuna adierazten duen. Ahozkoan, esan bezala, etenak eta doinuak seinalatzen dute egitura bakoitza, perpausen arteko muga markatuz. Idatzian, berriz, komak, marrak eta horrelakoak dira egitura bakoitzaren bereizgarri.

36.5.3c Badira, azkenik, forma batzuk ohiko erabileran bestelako adierak dituzten arren, inoiz berehalakotasuna adieraz dezaketenak. Hala, «{-n ∼ -tu} bezala» ondoko perpaus hauen gisakoetan: Gure ahoa ixten duk, hi agertu bezala (Etxeberri Ziburukoa); Kartzelako ateetara zen bezala, gizonak negar minari eman zion32.4.3). Ekialdeko -n ber formak, adiera bat baino gehiagokoa, berehalakotasuna ere adieraz dezake: [Ilezko soka] tiratzen duten ber, amore ematen du (Lafitte). Bestalde, -tu ahala formaren erabileretako bat ere berehalakotasunari dagokio: Andresek, sartu ahala, […] ikusten du zahartu egin zarela (Oñederra). Ez ahal formarekin eginiko perpausek ere berehalakoa adieraz dezakete: Ez ahal zen etxera heldu, deika zeuzkan poliziak; Hara iritsi ez ahal zen, kontatu zion Wolfiok Obispoari gertakari guztia (G. Arrue). Perpaus nagusian berehala adberbioa ematen da zenbaitetan, aldiberekotasun estuarena indartzeko: Deia aditu ez ahal zuen, Berari jarraitzeko berehala altxatu zen (G. Arrue) (§ 23.5.3.6e).

Bere aldetik, -tu berri(t)an bi bereiz daitezke, izen-jokoa duena bat (lagunaren jaio berrian) eta aditz jokoa duena bestea (laguna jaio berrian). Perpausari dagozkion osagaiak ditu azken honek eta hori da denborazko perpaustzat har daitekeena: Gerra amaitu berritan, goibel bizi zen jendea.

36.6. Aldiberekotasun zehatza

36.6.1. Aldiberekotasun zehatza seinalatzen duten formak

36.6.1a Forma batzuek aldiberekotasun zehatza adierazten dute berariaz, erreferentzia ematen duen gertakaria iraupenekoa dela seinalatuz. Adierazpen orokorreko formek ere adieraz dezaketena espresuki seinalatzea dute zeregin forma hauek, ondoko adibideak alderatuz ikus daitekeen moduan: Haurra lo dagoenean, itzalita edukitzen dugu telebista - Haurra lo dagoen bitartean, itzalita edukitzen dugu telebista. Aurreneko perpausean aditzaren aspektu lexikoak adierazten du gertakaria iraupenekoa dela; bigarrenean, bai aditzaren aspektu lexikoak eta baita ondoko formak ere. Hauek dira gisa horretako perpausak egiteko erabiltzen diren formak: -no (hemen deno), «{-n ∼ -tu} bitartean» (hemen den bitartean; bazkaldu bitartean) eta «{-n ∼ -tu} artean» (hemen den artean; bazkaldu artean).

36.6.1b Forma hauekin eginiko perpausetako predikatuak iraupenekoak direnez, egoera edo jarduera adierazten dutenak izaten dira maiz (hemen deno, mendian dabilen bitartean), baina gauzatze prozesua adierazten dutenak ere izan daitezke (etxeko lanak egin bitartean); erdiespeneko predikatuak, berriz, pluraltasunak edo errepikatzeak egiten ditu iraupeneko, ohi bezala (ikusleak sartzen diren bitartean, hots, ‘sartzen ari diren bitartean’; egunero garaiz etortzen zaren bitartean), edo prozesu gisa ulertzeak (trena gelditzen den bitartean, hau da, ‘gelditzen ari den bitartean’). Uneko predikatuak epeko bilakatzen dira, halaber —interpretazio hori onartzen dutenean—, ezezka emanda eta iraupeneko forma erantsita; hala gertatzen da, esate baterako, honako perpaus honetan: Egun hauetan ez da etorriko baserritarra azokara, gaixorik baitago; hura etortzen ez den bitartean haren lekuan jar zaitezke zu, hau da, ‘etortzen ez den denboran’, ‘etorri gabe dagoen denboran’.

Perpaus hauek aditzera ematen duten aldiberekotasuna guztizkoa da perpaus nagusiko predikatua ere iraupenekoa denean: Lo zeunden bitartean, isilik egon dira etxekoak; mendekoaren iraupen-epeak ematen dio erreferentzia nagusikoaren epeari (‘lo egotearen’ epeak ‘isilik egotearen’ epeari, adibidean). Hortaz, gertakariaren kokapena ez ezik —hau da, aldiberekotasuna—, haren iraupenaren zenbatekoa ere ematen dute aditzera perpaus hauek.

Aldiberekotasuna ‘partziala’ edo ‘inklusiboa’ da, berriz, perpaus nagusiko predikatua unekoa denean, gertakari nagusiak mendekoaren une batekin bat egiten duena: Lo zeunden bitartean sartu dira lapurrak etxean.

36.6.2. -no, … bitartean, -n artean, -tu ahala, -tu arau

36.6.2a Erlatiboaren gainean eraikitako -no formak (< -n + -no) iraupenaren epe osoa adierazten du batez ere gaurko erabileran351. Predikatu nagusia ere gehienetan iraupenekoa izaten da (Mundu honetan zeno, zuzenaren ondotik ibili da; Zamaria gazte deno hezten da), baina unekoa ere izan daiteke (Zoaz, ordu deno, medikuarenera). Ekialdeko euskalkietan erabiltzen da forma hau. Lehenagoko garaietan -no eta -ino aldaerak zituen, baina gaur egun -no aldaera nagusitu da; forma hori darabilten Hegoaldeko autore bakanak dira -ino aldaera hobesten dutenak.

Badirudi mundua mundu deno bezalako esapideak ez datozela bat kapituluaren sarreran esan denarekin, egoera iraunkorra adierazten duten predikatuek ez dutela, alegia, denborazko perpausak eratzeko balio, denborazko erreferentzia emateko gai ez direnez (§ 36.2.3a). Ez dago, hala ere, hor kontraesanik, esapide horiek ez baitute denbora mugatzen; adibidekoa, esate baterako, ‘beti’ esateko modu enfatiko bat da, eta horixe da, hain zuzen ere, egoera iraunkorreko predikatuen ezaugarria, ‘betiko propietateak’ adieraztea352.

36.6.2b Bitartean postposizioarekin eginiko -n bitartean eta -tu bitartean formek ere iraupeneko gertakaria adierazten dute353. Aldiberekotasuna guztizkoa da, ohi bezala, predikatu nagusiko gertakaria ere iraupenekoa denean: Nagusia kanpoan izan den bitartean, lasai egon gara; Dutxa hartu bitartean, kantari aritzen da; partziala edo inklusiboa, berriz, nagusiko gertakaria unekoa denean: Etxekoak lo zeuden bitartean, mendirantz abiatu da Ane. Partizipioarekin eraturiko -tu bitartean forma gauzatzea eta jarduera adierazten duten aditzekin erabiltzen da batez ere, iraupenaren adiera honetan (garbitu bitartean; ibili bitartean). Aldaerak: -tu bitarte; erabilera urriagokoak dira -n bitarteo (goi nafarrerakoa), eta -en bizkitartean.

Forma hauen balio nagusia iraupenaren zenbatekoari dagokiona den arren, azken mugako gertakaria adierazteko ere erabiltzen dira uneko predikatuarekin doazenean: Hemen egongo da […] ni etorri bitartean (Altzaga). Subjuntiboarekin, geroari dagokionean: Axularri dagokionez, ez gaude horren egoera onean, Aita Villasantek hasi duen lan ederra buka dezan bitartean (Mitxelena).

Zenbaitetan kontrastea ematen du aditzera -n bitartean formak, denbora nozioarekin batera: Lagun batzuek mendirantz jo duten bitartean, beste batzuk hondartzara joan dira. Hortik, denborazkoaz bestelako aurkaritza adieraztera pasatu da hiztun batzuen usadioan, gaztelaniaren pare: Jon on-ona den bitartean, anaia bihurri hutsa da edo Jon on-ona da, anaia bihurri hutsa den bitartean. Ez da hori aurkaritza adierazteko modurik gomendagarriena354. Denborazkoaz beste, gainera, baldintza moduko adieran ere erabili izan da inoizka forma hau, gaztelaniaren pare honetan ere: Gizonak, buruz dabilen bitartean behintzat, ez dik izan behar egite zintzoen lotsarik (Barrensoro), batez ere ezezka emanda: Okerra jakinaren gainean egiten ez duzun bitartean, ez duzu hobenik.

36.6.2c Artean postposizioarekin eginiko -n artean eta -tu artean formak, azkenik, bietara erabiltzen dira, iraupeneko aldiberekotasuna adierazteko ez ezik, baita iraupenaren azken mugako unea seinalatzeko ere: Lo gauden artean ametsetan dabil gure burua eta Laguna datorkizun artean egon hemen gurekin, hurrenez hurren. Aditzaren aspektu lexikoak eta testuinguruak laguntzen digute adiera biak bereizten. Iraupeneko predikatuek epe osoko gertakaria ematen dute aditzera —jarduera edo egoera adierazten dutenak izaten dira, gorago esan den moduan (‘lo egon’, adibidean), edo errepikatze-pluraltasunak iraupeneko eginiko erdiespenekoak (‘egunero garaiz iritsi’)—; unekoek, berriz, epearen azken muga seinalatzen dute (‘etorri’). Gauzatze predikatuak anbiguoak dira, gauzatze prozesua nahiz gauzatze burutua adieraz baitezakete: Hemen egongo naiz, lan hori egiten duzun artean, hau da, ‘egiten ari zaren bitartean’ edo ‘egina izan dezazun arte’. Eta, berdin, nahi izan eta behar izan modalekin eginiko perpausak ere: Gera zaitez etxean nahi duzun artean, hots, ‘nahi duzun denbora guztian’ edo ‘nahi dezazun unea arte’. Batera zein bestera, hala ere, epe bera adierazten da.

Iraupeneko predikatuekin, bada, aldiberekotasuna adierazten dute artean postposizioa daramaten formek; adizki jokatuko -n artean da adiera honetan maizenik erabiltzen dena. Aldiberekotasuna osoa da predikatu nagusiko gertakaria ere iraupenekoa denean: Ni bizi naizen artean ez zaizu ezer faltatuko; Ekaitzak iraun artean, babesean egon gara. Partziala, berriz, nagusiko gertakaria unekoa denean: Hizketan ari zen artean, begi keinu bat egin du. Baditu aldaerak: arteko eta arte soila (erabilera urrikoa adiera honetan): Nire laguntza izango du bizi den arteko; Hau etxean dagoen arte, bakerik ez da gurean; Zure laguna izango naiz bizi naizen arte.

36.6.2d Badirudi, hala ere, artean eta arte bereizteko joera zabaltzen ari dela azken aldian mendebaldeko euskalkietan: artean iraupena adierazten duten perpausetan erabiltzen da batez ere (hemen dagoen artean), eta arte, berriz, azken muga adierazten dutenetan batez ere (etorri arte)355. Iraupeneko aldiberekotasuna adierazteko erabili izan da inoiz -n arteraino forma ere (dirauen arteraino); gaur egun, ordea, azken muga adierazteko baizik ez da erabiltzen.

Arte guztian sintagman, berriz, izena da arte, eta, hortaz, ohiko erlatibotzat hartu behar dira minak iraun dion arte guztian bezalakoak; halaz ere, forma hori ere postposizio bilakatzeko bidean dela pentsa daiteke, beharbada, artean-ekin eginiko formaren pareko enfatikoa.

Iraupen guztiz laburra adierazten dute begiak ixteko artean, burua itzultzeko artean edo begiak itzul artean gisako esaldiek.

36.6.2e Azkenik, -tu ahala / ahalean (Hegoaldea) eta -tu arau (Iparraldea) formen erabileretako bat gertakari biren aldibereko gauzatze progresiboari dagokiona da: Zorrak gehitu ahala, egoera estutzenago zihoakion; Jautsi arau, oihua gorago egiten zuen (Lafitte).

36.7. Kokapenezko perpausak: aurrekotasuna eta ondokotasuna

36.7.1. Aurrekotasuna eta ondokotasuna adierazten duten formak

36.7.1a Aurrekotasuna edo ondokotasuna adierazten dituzten formak ikusiko ditugu atal honetan. Mendeko perpausak aipatzen duen gertakaria da erreferentzia: perpaus nagusiko gertakaria hura baino lehen gauzatzen denean dugu aurrekotasuna (Berotze ariketak egin ditugu, partida hasi baino lehen), eta haren ondoren gauzatzen denean, berriz, ondokotasuna (Dutxa beroa hartu dugu, partida amaitu eta gero).

Forma hauetako mendekoak une bat seinalatzen du beti eta une horrek ematen dio aurretiko edo ondoko erreferentzia perpaus nagusiko gertakariari. Erdiespena adierazten duen predikatua izaten da askotan (sartu aurretik; irten ondoren), eta iraupen edo epeko predikatua denean, epe horretako hasierako edo amaierako unea izaten da kontuan hartua. Aurrekotasuna adierazten denean gertakariaren hasierako unea izan ohi da seinalatua (Musean aritu baino lehen, kafe bana hartu dute, hau da, ‘mus jardueran hasi baino lehen’; Bekadun izan aurretik, ez nuen ikerketarako aukerarik, hots, ‘beka jasotzen hasi aurretik’); gauzatzea adierazten dutenekin ere hasierako unea izan daiteke kontuan hartua (Bazkaria prestatu baino lehen, garbitu sukaldea, hots, ‘bazkaria prestatzen hasi baino lehen’), baina baita gauzatze burutuarena ere (Bazkaria prestatu baino lehen ez hasi beste ezertan, hots, ‘prestatzea burutua izan baino lehen’). Ondokotasuna adierazten denean, berriz, iraupenaren azken unea da seinalatua beti, bai jarduera-egoeretan baita gauzatzean ere (Musean aritu ondoan, kafe bana hartu dute; Eguzkitan egon ondoren, uretan sartu da; Etxea garbitu eta gero, paseatzera atera da). Ohartzekoa da, horren harira, perpaus hauek ere ez dutela ezezkorik onartzen, ezezkoak uneko gertakaria adierazten ez duen neurrian: *Eguna ez argitu aurretik, lanean ari nintzen; *Neronek esango dut, bestek esan ez dezan baino lehen; *Eguzkitan ez egon ondoan, uretan sartu da.

Perpaus nagusia, bere aldetik, aspektu guztietakoa izan daiteke. Hala, aurrekotasuna adierazten duten perpausetan: Bazkaria prestatzen hasi baino lehen {azokara joan naizetxeko lanak egin ditutpaseoan ibili naizurduri nengoen}. Berdin, ondokotasuna adierazten dutenetan: Festa amaitu eta gero {etxera joan ziren gonbidatuak ∼ goitik behera garbitu genuen gela ∼ herrian zehar ibili ginen ∼ nekatuta geunden}.

36.7.1b Mendekoak aipatzen duen gertakariaren gauzatzeari dagokionez, desberdinak dira aurrekotasun-perpausak eta ondokotasuna adierazten dutenak. Aurrekotasunean perpaus nagusiko gertakaria lehenagokoa denez, honen gauzatzeak ez du egiaztatzen ondokoa den mendekoarenaren gauzatzea. Aukera guztiak ditu perpausak. Faktuala da batzuetan, gauzatzea egiaztatzen duena: Orain Bilbon bizi da Ainhoa, baina ezkondu aurretik Tolosan bizi zen perpausean, esate baterako, egiaztatua da ‘Ainhoa ezkondu dela’, horren aurreko gertakaria ez ezik (‘Tolosan bizitzea’), ondokoa ere aipatzen baita (‘Tolosan ez bizitzea’); ez-faktuala da, beste batzuetan, gauzatzea egiaztatu gabe uzten duena: Alde egin nuen manifestaziotik, gauzak okerrera egin baino lehen perpausean ez zaigu esaten gauzek okerrera egingo zutelako susmoa bete zenetz; eta kontrafaktuala, beste zenbaitetan, gauzatze eza adierazten duena: Isiltzea erabaki nuen, gezurretan hasi baino lehen, hau da, ez nintzen gezurretan hasi. Ondokotasuna adierazten denean, berriz, faktualak dira beti mendekoak, perpaus nagusiko gertakariaren gauzatzeak aurretiko mendekoarenaren gauzatzea suposatzen baitu. Etxea garbitu eta gero, paseatzera atera da perpausean, esate baterako, ‘paseatzera ateratzearen’ gauzatzeak aurreko ‘etxea garbitzearen’ gauzatzea egiaztatzen du. Eta, geroaldian emanda, Etxea garbitu eta gero, paseatzera aterako da, perpaus nagusiko gertakariaren gauzatzeak mendekoarenaren gauzatzea suposatzen duela esaten zaigu.

36.7.1c Formari dagokionez, partizipioarekin eratzen dira nozio bi hauetako perpaus asko, eta partizipioari erantsitako postposizioak adierazten du zein den perpausak adierazten duen nozioa (sartu aurretik / sartu ondoan). Beste alderik ere bada forma horien artean. Gero postposizioak eta hartzen du aurretik (sartu eta gero); ondoan nahiz ondoren postposizioek ere onartzen dute eta eranstea (sartu eta ondoan, sartu eta ondoren); aurrekotasuna adierazten duten lehen, aurretik nahiz aitzinean adberbio-postposizioek, berriz, ez dute hori onartzen (*sartu eta lehen, *sartu eta aurretik, *sartu eta aitzinean); izan ere, partizipioak adierazten duen gertakari burututik aurrera bidaltzen du eta-k, ez atzera —sartu eta esaten denean, ‘sartzea gauzatu denetik aurrera’ esaten da—. Lehen adberbioak, bere aldetik, konparazioko baino onartzen du (sartu baino lehen); ez, ordea, gero-k (*sartu baino gero)35632.3.1.2).

Postposizio edo forma soilarekin egiten diren perpausek modu orokorrean egiten dute aurrekotasunaren edo ondokotasunaren adierazpena. Hala, sartu baino lehen, sartu aurretik, sartu aitzin edo sartu gabe esaten dugunean, sartzearen aurreko denbora seinalatzen dugu beste ñabardurarik gabe; eta sartu eta gero, sartu ondoan, sartu ostean edo sartutakoan esaten dugunean, sartzearen ondoko denbora seinalatzen dugu, besterik gabe. Zenbaitetan, hala ere, denbora nozioa adierazteaz gain, aldearen ‘neurria’ seinalatzen duen zenbatzailea eransten zaie forma hauei (sartu baino bi ordu lehenago, sartu baino bi orduz aurretik edo, modu zehaztugabean, sartu baino zertxobait lehenago, sartu baino askozaz aurretik).

36.7.2. Aurrekotasuna adierazten duten formak

36.7.2a Hauek dira aurrekotasuna adierazten duten formak: konparazio egiturako -tu baino lehen (sartu baino lehen), «-tu {aurretikaitzinean}» (sartu aurretik, sartu aitzinean) eta bestelako adiera izanik inoiz aurrekotasuna adierazten dutenak (sartu gabe, sartu orduko, sartzerako). Adizki jokatuarekin eginiko formek (sartu den baino lehen…) erabilera urriagoa dute.

36.7.2b -tu baino lehen forma euskalki guztietan erabiltzen da. Konparazio egiturako perpausak eratzen ditu, bistan da, baina konparatzea baino areago perpaus nagusiko gertakariari denbora erreferentzia ematea du forma honek funtzio, hau da, aurrekotasuna adieraztea. Ondo bereizi behar dira konparatibo arruntak eta denborazko perpaus hauek, ez baita gauza bera gertakari biren denbora konparatzea eta gertakari batek besteari denbora-erreferentzia ematea (§ 32.3.1.2). Astelehenean baino lehen amaitu dugu gaur lana perpausean bi eguni dagokien kontu bat konparatzen da, lana amaitzeko denbora; eta Zuk baino lehen amaitu dut nik lana perpausean pertsona biri dagokien kontua da konparatzen. Konparaziozko arruntak dira horiek. Astelehena baino lehen joango naiz zuengana perpausean, berriz —zein ere den sakoneko egitura—, denbora bat aipatzen da, astelehena, gertakari baterako erreferentzia moduan (§ 35.2.4g). Honen parekoak dira denborazko perpausak; hauek gertakari bat aipatuz ematen dute beti erreferentzia, hori da aldea: Afaldu baino lehen joango naiz zuengana. Gorago esan den moduan, bada, postposizioaren parekoa da erabilera honetan baino lehen konparaziozkoa, haren funtzioa betetzen baitu (sartu baino lehen = sartu aurretik).

Adizki jokatua agerian eman daiteke, -n baino lehen forma hartuta (Eguna argitu duen baino lehen jaikita nengoen ni). Geroari dagozkion gertakariak adierazteko erabiltzen da inoiz adizki jokatuarekiko forma hau: subjuntiboarekin (Neronek egingo dut, bestek egin dezan baino lehen; Neronek egingo nuela esan nion bestek egin zezan baino lehen), sintetikoarekin (Inora zoazen baino lehen, hango berri jakitea komeni zaizu) edo geroaldiarekin (Gertatuko den baino lehen esaten dizuet). Baina, esan bezala, ohikoagoa da agerian partizipio soila duen forma erabiltzea.

36.7.2c Lehen adberbioak, berez konparazioa adierazten duenak, -ago maila hizkia har dezake horrezaz gain, -tu baino lehenago forma hartuz. Forma soilaren balio berarekin erabiltzen da maizkara azken hau: Eguna argitu baino lehenago jaikita nengoen ni. Forma soilak ez bezala baino lehenago formak zenbatzaileak har ditzake, aurrekotasunaren neurria adierazteko: Eguna argitu baino askozaz lehenago jaikita nengoen ni. Argigarria da ondoko testu hau, non forma soilaren aposizioan ematen den zenbatzailea eta guztiko forma konplexua: Bera sortu baino lehen, askozaz lehenago, Jaungoikoa bazen (Agirre). Mailakatze zeregina dute, halaber, hurbiltasuna adierazten duten lehentxeago eta lehentxoago aldaerek ere: Hil zen baino lehentxeago hitz egin zien (Agirre Asteasukoa). Aldaera konplexu honekin eratzen da izenlaguna, -ko atzizkia hartuta: Gogorra zen etxeko lana, garbigailua asmatu baino lehenagoko denboretan. Ablatiboko -tik atzizkia hartuta, berriz, ‘noizdanikoa’ adierazten du: Zu iritsi baino lehenagotik zeuden horiek autobusaren zain.

Laburbilduz esan daiteke, bada, aurrekotasunaren adierazpen orokorra egiteko -tu baino lehen eta -tu baino lehenago formak erabiltzen direla, biak, baina aurrekotasunaren maila edo neurria adierazteko bigarrena hobesten dela.

Denborazkoa ez den lehentasuna adierazten dute maiz konparaziozko forma hauek, hau da, lehentasun ‘zuzentzailea’; baino gehiago-edo esanahi dute horrelakoetan, ohiko konparazioen modura: Pertsona naiz, gizona baino lehen; Maite zaitut gauza guztiak baino lehenago. Lehenago forma ohikoa da gisa honetako perpausetan: Lehenago hil, amore eman baino; ‘nahiago hil’, alegia.

36.7.2d Mendebaldekoa da -tu aurretik forma. Ablatiboko atzizkia duen arren, aurrekotasuna adierazten duen forma da, ‘noiz’ nozioari dagokiona, ez ‘noiztik’ nozioari: Lanera joan aurretik, agur esatera etorri zait. Forma soila erabiltzen da maizenik, baina baino eta zenbatzailea dituela ere erabil daiteke: Haur zorionekoa jaio baino hilabete batzuez aurretik ikusten zen Asisen gizontxo bat […] (Beobide).

Hori bezala, -tu aurrean forma ere erabiltzen da euskalki beretan: Afaldu aurrean musean aritu gara. Adizki jokatuarekin ere erabiltzen da aldaera hau, bizkaieraz batez ere, baina maiztasun handirik gabe: Joan zen aurrean, jaiegun bat izan zen (Etxeita). Eta baita aditz izenarekin eginiko -tzeko formarekin ere: Ezkontzeko aurrean ezinegona sortu zitzaion. Gutxiago erabilia da -tu aurrez forma: Esan aurrez, bi bider gogoratu, egin aurrez, hiru bider (ikus OEH s. v. aurrez). Hurbiltasuna adierazten dute aurretixe, aurretxotik eta aurretxoan aldaerek.

Ekialdean, berriz, -tu aitzinean forma erabiltzen da: Itxi atea, abiatu aitzinean. Postposizio hau maizenik partizipioarekin erabiltzen da, baina aditzoinarekin ere erabiltzen dute, forma hori ohikoa duten euskalkietan (ikus aitzinean), eta, orobat, baita -tze(ra)ko formarekin ere: Bozkatzeko aitzinean, gerra bizia izaten da herrietan. Urriago, berriz, adizki jokatuarekin: Ez dezazula bihia erein, gisua mariatu den aitzinean (Duvoisin). Inesiboko atzizkia gabe ere erabiltzen da maiz postposizio hau: Jan ezazu zerbait, abiatu aitzin. Aldaerak: aitzinetik, eta hurbiltasuna adierazten duten aitzinexean eta aitzinttoan.

36.7.2e Gertakariaren ukapena adierazteko erabili ohi den -tu gabe formak aurrekotasuna ere adieraz dezake, erdiespeneko predikatuekin doanean —sartu, iritsi, adlatiboa…—. Batez ere Iparraldean erabiltzen da forma hau adiera horretan. Zenbaitetan agerikoa da denborazko esanahia: Lana utzi du, erretretaren adinera gabe; Igorri gabe irakurri nahi du lagunaren gutuna; Askotan, gu etxeratu gabe, ahantziak ditu jendeak gure erranak. Baino lehen postposizioaz ordezka daitekeenean du esanahi hori -tu gabe formak (erretretaren adinera baino lehen, igorri baino lehen eta etxeratu baino lehen, goiko adibideetan); ordezkatze hori ezinezkoa denean, berriz, ez du aurrekotasuna adierazten: Berandu iritsi zenez, kontzertura sartu gabe geratu zen gure laguna perpausak, esate baterako, ez du aurrekotasuna adierazten, sartu gabe horrek ez baitu sartu baino lehen adierazten357.

36.7.2f Badira, azkenik, bestelako denbora-adiera bat izanik, inoiz aurrekotasuna adieraz dezaketen formak. Hala, gorago ikusi dugun moduan, -tu orduko formak erdialdeko euskalkietan ‘jadaneko’ gertakaria seinalatzen du (§ 36.5.2b), baina mendebaldean aurrekotasuna adierazteko erabiltzen da: Emadazu laztan bat irten orduko hemendik; Zerbait jango nuke, lotara orduko. Aldaera: -tzera orduko (Atseden hartzera orduko, gogorrak ikusiko ditu gaixoak). Gauza bera gertatzen da -tzerako formarekin; aldiberekotasun estua ez ezik (§ 36.5.2a), aurrekotasuna ere adieraz dezake, Hegoaldeko euskalkietan: Ezkontzako hitza ematerako, ondo atera kontuak.

36.7.3. Ondokotasuna adierazten duten formak

36.7.3a Ondokotasuna adierazten duten forma gehienak partizipioarekin eginak dira: «-tu {ondoan ∼ ondorenostean}» (sartu ondoan), eta enklitikoarekin eratutako «-tu eta (gero)» eta -tutakoan (sartu eta, sartu eta gero, sartutakoan), -ta eta -ik atzizkiekin egindako -tuta eta -turik (sartuta, sarturik) eta, batzuetan, -z postposizioarekin eginiko «-tuz (gero)» (sartuz gero, sartuz). Adizki jokatuarekin eginak dira «-netik… {-ra-en buruan}» formak (sartu zenetik gutxira; joan zenetik bi egunen buruan) eta -ne(ra)ko prospektiboa (behar denerako).

Gorago ikusi ditugun -tu eta berehala eta -tu bezain laster formak atal honetan aztertuko ditugunen antzekoak dira neurri batean, perpaus nagusiko gertakaria mendekoarenaren ondoan gauzatzen dela ematen baitute aditzera. Haiek, ordea, esan bezala, ondokotasuna baino areago segida estua —hots, ‘berehalakotasuna’— adieraztea dute helburu.

Behin adberbioa ematen da inoiz perpaus hauetan, hasieran kokatua ia beti, ondokotasun nozioaren indargarri. Mendekoak aipatzen duen unea seinalatuz, perpaus nagusiko gertakaria une hartatik aurrera kokatzen du358. Hala, -tuz gero formarekin (Behin sendatuz gero, etxera bidaliko dute); -tuta edo -turik formekin (Behin hizketan {hasita ∼ hasirik}, berandu arte aritu gara solasean); -tutakoan formarekin (Behin ordaindutakoan, gurea zen auto berria). Gorago aztertu den -nean formarekin balio sekuentziala indartzen du adberbio honek.

36.7.3b Inesiboko postposizioa duen -tu ondoan forma Iparraldean erabiltzen da batez ere: Eskerrak eman ondoan, etxera itzuli ziren gonbidatuak. Hegoaldean, Gipuzkoan batez ere, ondorean ablatibo zaharrarekin eginiko aldaerak erabiltzen dira; ohikoena -tu ondoren da, zeinetan postposizioa ablatibo zaharraren forma laburtua den359: Eskola amaitu ondoren, hutsik geratu da ikasgela. Bere horretan ere erabiltzen da inoiz ablatibo zaharra: Medikuak, galdera batzuk egin ondorean, jarri dio kopetan zapi zuri handi bat (Iraola). Eta baita, bakanago, inesiboko postposizioa hartu eta ondorenean bilakatuta ere: Herio beltza heldu zitzaien, bazkaldu ondorenean (Basarri). Erabilera urriko -tu ondotik forma aipa daiteke, azkenik, ablatiboko postposizioa duena: Mintzaroa etorri zitzaidan mintzul izan ondotik (Orixe).

Postposizio hauek, ondotik izan ezik, aurrean eta dutela ere erabiltzen dira, -tu eta ondoan gisako formak eratuz: Bapo jan eta ondoan, barneko atsegina berehala da kanpoan; Gurean egonaldi labur bat egin eta ondoren, etxera joan ziren; Borrokan luze jardun eta ondorean, menderatu zuen noizbait ere etsaia; Han egun batzuk pasatu eta ondorenean, bidean jarri zen ostera ere.

36.7.3c Partizipioarekin eginiko forma horien aldean, bestalde, erabilera urriagoa du adizki jokatuko -n ondoan formak. Aspektu burutuko adizkiekin (Etxera joan da, unatu den ondoan); berdin, perpaus nagusiak errepikatzea edo ohitura adierazten duenean (Eskola finitu den ondoan bilkura egiten dute egunero irakasleek); edo geroari dagokionean (Eskolatua izan den ondoan, ederki mintzatuko da); geroari dagozkionetan, mendeko aditza subjuntiboa (eskolatua izan dadin ondoan) nahiz -ke-duna (hori egin duketen ondoan) izan daiteke. Hala ere, esan bezala, perpaus hauek usuago ematen dira partizipio soilarekin. Eta partizipioaren lekuan aditzoina ere erabiltzen da inoiz, zubereraz batez ere (ikus ondoan).

Ondoan edo ondoren postposizioa daramaten perpausak izenlagun bilakatzen dira, ohi bezala, -ko atzizkia hartuta (ilundu ondoko orduak; alemanek Frantzia hartu eta ondoko borroka; partida galdu ondorengo egoera). Bestelakoak dira, noski, -ko atzizki adberbiala daramaten perpausak, balio destinatiboa edo prospektiboa baitute: Aurreztu ezazu dirua, erretiroa hartu ondoko; Ni hil ondorengo, lantxo bat utziko diet gizajoei (Etxaniz).

Batez ere bizkaieraz erabiltzen da -tu ostean forma: Ordaindu ostean, kalera irten da; Lan guztia amaitu ostean izango du atseden hartzeko denbora. Ondoko testuak -ta enklitikoa eta -kotzat destinatiboa ditu: Betor kopa bete beterik, kafetara botatzeko bat, beste bat gero neuk edateko kafea hartuta ostekotzat (E. Azkue).

Balioari dagokionez, perpaus hauek denborarekin batera, edo haren lekuan, kausa edo azalpena ere adieraz dezakete: Ikusitakoak ikusi ondoan, ezin naiteke lasai egon; Hainbeste denboran eskolan ibili ostean, zerbait ikasiko zenuen.

36.7.3d Ondokotasuna adierazten du, halaber, batez ere mendebaldekoa den -tu eta gero formak. Gorago azaldu dugun moduan, ez dira nahasi behar forma hori daramaten perpausak eta ohiko juntadura (§ 36.5.3a): Ikasketak amaitu, eta gero erbestera joan nintzen lan bilaIkasketak amaitu eta gero, erbestera joan nintzen lan bila; azken honena da denborazko perpaus mendekoa. Lehenbizikoan ez bezala, honetan mendeko perpausa nagusiaren eskuinera eraman daiteke, eta gero forma eta guzti: Erbestera joan nintzen lan bila, ikasketak amaitu eta gero.

Ez da ohikoa -tu eta geroago aldaera. Ikus, hala ere, Zahartu eta geroago bertsotan hasi, laster eroango naute hemendik ihesi (Euskal Jokoak II). Zenbatzailea eta guzti: Aitagandik jakin eta urte batzuk geroago, […] irakurri nuen honen antz handia zeukan elezahar bat (Bitaño). Baino eta zenbatzailearekin, berriz: Ebanjelioa balitz bezala hartzen dugu lehen edizioa […], idatzi baino 80 urtez geroago agertua (Mitxelena). Mailakatze zeregina du hurbiltasuna adierazten duen geroxe aldaerak ere.

Partizipioa da, esan bezala, eta gero postposizioak gobernatzen duena. Gaur egun entzuten dira, hala ere, partizipiorik gabeko «izena + eta gero» egiturako esaldiak: Partida eta gero hasi ziren istiluak; Hogei urte eta gero, hau. Egitura horrek ez du aintzat hartzeko moduko lekukorik tradizioan. Horien lekuan, partizipiodun perpausak edo ohiko postposizio sintagmak erabil daitezke: partida amaitu eta gero edo partida(ren) ondoren; hogei urte igaro eta gero edo hogei urteren ondoan. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia s. v. gero: “eta gero [partizipioaren ondotik erabiltzen da, ez izenaren ondotik: bilera bukatu eta gero etxera abiatu ziren; *bilera eta gero e. bileraren ondoren]”.

36.7.3e Gero adberbioa gabeko -tu eta forma erabiltzen da Iparraldean eta Nafarroan ondokotasuna adierazteko. Afaldu eta, solasean aritu ginen. Kontuan izan behar da eta hau ere ez dela juntagailua, denborazko perpausak eratzen dituen formaren osagaia baizik: Afaldu, eta solasean aritu ginenAfaldu eta, solasean aritu ginen. Bigarrenarena da denborazko mendekoa. Ohikoa denez, nagusiaren eskuinean eman daiteke hau horrelakoetan: Solasean aritu ginen, afaldu eta. Ez da ohikoa aditzoina erabiltzea egitura honetan: Gizona zein triste den esposa gal eta / lorikan ezin egin, beti pentsaketa (AstLas).

Ondokotasunaz bestelako denbora-ñabardurak ere ematen ditu forma honek aditzera: Sortu-eta hil zen haurra perpausak, esate baterako, berehalakotasuna iradokitzen du; Hona etorri eta, ez dugu atsedenik izan perpausak, berriz, ‘noizdanikoa’ adierazten du. Eta baita denborazkoaz bestelakoak ere: Ahal izan-eta, berak egingo zuen perpausak baldintza adierazten du; Ohar hau idatzi eta, denek jakingo dute egia perpausak, modua; eta Haren mehatxuak entzun eta, ihesi joan ziren guztiak perpausak, azkenik, kausa edo azalpena.

36.7.3f Erdialdean erabiltzen da -tutako erlatiboaren gainean eginiko -tutakoan forma (§ 31.5.2). Tartean -ta- morfema duelarik, ondokotasuna adierazten du forma honek ere; hortaz, uneko predikatuarekin erabiltzen da (Lana bukatutakoan, paseatzera joan ziren), eta perpaus nagusia aspektu guztietakoa izan daiteke. Bizkaieraz -turik forma erabiltzen dutenek -turikoan forma ere eratzen dute (bihotza galdurikoan)360.

Ondokotasuna adierazten duen forma finkoa da hau, ohi bezala, testuinguruak besterik adierazten ez duenean. Hori esandakoan etxeko bidea hartu zuten perpausak, esate baterako, ‘hori esan ondoan’ adierazten du; Esandakoan gaude perpausean, berriz, esan aditzaren objektua da agerian ez dagoen izena. Eta denborazkoarekin batera beste ñabardura batzuk ere adieraz ditzake: mailakatzailea duen Hain larri ikusitakoan, izutu egin ziren perpausak, esate baterako, kausa edo azalpena ere adierazten du; Gogoz hasitakoan, erraz egiten da lana perpausak, berriz, baldintza.

36.7.3g Hegoaldean erabiltzen den -tuta forma, -ta atzizki adberbiala erantsita sortua, ‘forma zirkunstantziala’ da, hau da, zirkunstantzia askotara irekia. Beste batzuen artean, denbora ere adieraz dezake; ondokotasuna, hain zuzen ere: Uda amaituta, hondartzako aldagelak itxi egiten dira; Behin atea itxita, lotara joan gaitezke. Iparraldean eta Bizkaian erabiltzen den -turik formak ere ondokotasuna adieraz dezake, besteak beste: Lagunei agur eginik, etxera joan zen; Udako oporrak eginik, etxean gara berriro.

Zirkunstantzia bat baino gehiago adieraz ditzakete forma hauek ere, bistan da, denboraz gain; kausa (Mendi handitan ibilita, neka-neka eginda iritsi zen; Lasterketa irabazirik, pozik da gure laguna), modua (Atea hautsita, barnera sartu ziren; Sosak denon artean banaturik amaitu ziren eztabaidak), edo baldintza (Erbestera joanda, nola jakingo ditut hemengo berriak?; Goizago abiaturik, garaiz iritsiko zinateke).

36.7.3h Gorago esan den bezala, balio nagusi bi ditu -tuz gero formak, denboraz beste baldintza adierazteko ere erabiltzen baita maizkara. Gehienetan ez da arazorik izaten perpausaren balioa bereizteko. Baldintzazkoa da, jakina, denborazkoa izateko modurik ez duenean, hau da, denbora-unea seinalatu beharrean une zehatzik gabeko egoera adierazten duenean: ahal izanez gero, nahi izanez gero… Horrelakoek, denborazkoak izateko, iraupenaren une bat seinalatu behar lukete, horretarako modurik balute, hasierakoa nahiz hondarrekoa. Baldintzazkoa da, halaber, agerikoa denez, baldintza-ondorio komunztadura nagusitzen denean: Saiatuz gero, erraz aterako zenuke zuk ere gidabaimena. Baldintzarako lekurik ez denean, berriz, denbora-balioa nagusitzen da; hala, esate baterako, perpaus nagusiko aditza burutua denean: Azken eskola amaituz gero, etxera joan dira ikasleak. Bada, hala ere, anbiguotasunerako esparru bat. Perpaus nagusiko aditza geroaldikoa denean, esate baterako, bietara uler daiteke sarritan perpausa: Ikasketak amaituz gero, Ameriketara joango da perpausaren mendekoa ‘ikasketak amaitu ondoren’ nahiz ‘ikasketak amaitzen baditu’ uler daiteke. Testuinguru pragmatikoak argitzen du horrelakoen balioa. Zenbaitetan, ordea, balio bikoitza bere horretan mantentzen da: Irakurtzen ikasiz gero, zer gehiago behar dute haurrek? perpausean, adibidez, ondokotasuna baldintza modura ulertzen da (§ 34.3.4).

Denboraren adierazpenean, berriz, bi erabilera ditu forma honek. Ondokotasuna adierazten du perpaus nagusia ere unekoa denean (Ezkonduz gero, Bartzelonara joan ziren bizitzera, hau da, ‘ezkondu eta gero’), baina hura iraupenekoa denean, bietara uler daiteke: ‘ondokotasuna’ adieraz dezake (Zahartuz gero, nola biziko dira gurasoak hi gabe?, hots, ‘zahartu eta gero’), baina baita ‘noizdanikoa’ ere (Ezkonduz gero, Bartzelonan bizi dira, hau da, ‘ezkondu zirenetik’), (§ 36.9d). Bietara uler daiteke perpausa zenbaitetan: Gazteak sartuz geroztik, indartua dago taldea, hau da, ‘sartu eta gero’ nahiz ‘sartu zirenetik’.

Gero adberbioaren hiru aldaerak erabiltzen dira ondokotasuna adierazten duten perpaus hauetan ere: gero, geroz eta geroztik. Iparraldean -tuz geroz da aldaerarik erabiliena, ondotik -tuz geroztik duela; -tuz gero, berriz, testu zaharretan ageri da batez ere. Hegoaldean, alderantziz, -tuz gero soila da erabiliena; -tuz geroz gipuzkeraz zerbait; eta -tuz geroztik are urriago, gipuzkeraz eta bizkaieraz. Hiru aldaera horiez gain, aldaera urriagoak baditu forma honek Hegoaldean: -tuz geroan, -tuz gerokoan. Partizipio mugatuarekin ere erabili izan da: Luzaroan inguru-begira ibiliaz gero, zokondoko seskadiraino aurreratu zen zalantza bizian (Barrensoro).

Perpaus hauen oinarrian den -tu(a)z forma ere zirkunstantzia askotara irekia da, -tuta eta -turik baino ere areago. Zenbaitetan denbora ere adieraz dezake, ondokotasuna, modu lasaian bada ere: ‘Ondo lo egin’ esanaz, ohera joan zen; Maletak geltokiko zaindegian utziz, hiria ezagutzera joan zen.

36.7.3i Ablatiboarekin eginiko «-netik + {denbora IS zenbatzaileduna + -ra}» egiturako perpausek ere ondokotasuna adierazten dute: Lanean hasi zenetik {gutxira ∼ bi urtera} igo zioten soldata. Halaber, «-netik + {denbora IS zenbatzaileduna + -en buruan}»: Lanean hasi zenetik hiru urteren buruan igo zioten soldata. Ordinalarekin, inesiboan: Ikasturtea hasi zenetik bigarren astean utzi zuen unibertsitatea. Ondokotasuna adierazten du ondoko perpauseko gaur adberbioak ere: Uda hasi zenetik, gaur joan naiz lehen aldiz hondartzara. Ikusten den moduan, perpaus nagusiko gertakaria unekoa da (‘igo zioten’, ‘utzi zuen’, ‘joan naiz’) edo, bestela, iraupenaren une bat kontuan hartzen duena (Lanean hasi zenetik bi urtera egon zen gaixo, ‘gaixotu zen’, alegia); -netik laster formak, berriz, berehalakotasuna adierazten du —izen sintagmarekin eginiko egituraz—, ikus § 35.2.5h.

36.7.3j Gorago aipatu ditugun berehalako eta jadaneko adieretan ez ezik (§ 36.5.1b), balio prospektiboa edo destinatiboa duela ere erabiltzen da -ne(ra)ko forma: Ura sartu dut motxilan, egarritzen naizeneko; Egik laguna ez behar duanean, baizik behar duaneko; Gela hau prestatu dugu, zure laguna etortzen denerako. Aldiberekotasunik ez da perpaus hauetan; aitzitik, perpaus nagusiko gertakariaren gauzatzeak geroko gertakari bat du xede. Geroari dagokionez, aspektu burutugabeko adizkia —edo sintetikoa— izaten du maiz mendekoak, goiko adibideetan ikusten den moduan.

Berehalako edo jadaneko adiera duenean, -nean perpausaz ordezka daiteke -ne(ra)ko forma, ñabardura horien indarra galduta bada ere: Polizia agertu deneko, korrika hasi dira manifestariak ≈ Polizia agertu denean, korrika hasi dira manifestariak; Suhiltzaileak iritsi zireneko, kiskalita zegoen etxola ≈ Suhiltzaileak iritsi zirenean, kiskalita zegoen etxola. Prospektiboa denean, aldiz, ez: Gela prestatu dugu, laguna etortzen deneko ≠ ?Gela prestatu dugu, laguna etortzen denean.

36.8. Iraupeneko gertakarien muga adierazten duten perpausak

36.8a Gertakarien iraupena adierazteko modu bi daude: gertakaria zenbat luzatzen den seinala daiteke edo haren hasierako edo hondarreko mugaren berri eman. Perpausaz bestekoetan osagarri kuantitatiboek seinalatzen dute iraupenaren neurria (bi urtean, goiz osoan); perpausarekin eginikoetan, berriz, honetan aipatzen den gertakariaren epeak ematen dio perpaus nagusiko gertakariari erreferentzia: Euria ari zuen bitartean aterpean egon gara perpausean, esate baterako, aterpeko epea euri-epearena bera dela esaten da; epe biak bat datozela, alegia. Aldiberekotasun zehatzak markatzen du aterpeko epearen neurria. Aldiberekotasuna eta iraupena, biak batera, adierazten ditu horrelakoetan mendeko perpausak.

36.8b Aldiberekotasunarena azaldua dagoenez (§ 36.6.2), iraupenaren muga, aurrekoa zein azkena, seinalatzen duten forma zedarriztatzaileak aztertuko dira atal honetan. Forma horiekin eginiko perpausa unekoa da, une hori baita perpaus nagusiko gertakariari zedarria ezartzen diona. Erdiespenekoa izaten da maiz (sartu denetik, sartu arte) edo gauzatze burutukoa (etxea garbitu duenetik, etxea garbitu arte); jarduera edo egoera adierazten duena bada, haren une bat hartzen da kontuan, hasierakoa (Gurean dagoenetik, lasaiago bizi da; Sendatua egon arte ez dugu etxera bidaliko) edo amaierakoa (Ospitaleratua egon zenetik ez da inoiz klinikara itzuli). Perpaus nagusiko predikatua, berriz, iraupenekoa da, jarduera edo egoera adierazten duena (Sartu denetik, hizketan ari da), eta ezin da unekoa izan (*Atea ireki dutenetik, aretoan sartu naiz); erdiespena adierazten duen predikatua, hala ere, ohi bezala, errepikatzeak edo pluraltasunak egiten dute iraupeneko (Atea ireki dutenetik {bitan sartu naiz ∼ jende asko sartu da} aretoan); ezezko perpausek ere balio ‘iteratiboa’ eman diezaiokete uneko predikatuari (Ikasturtea amaitu zenetik ez naiz eskolara joan, ‘ez egun batean, ez hurrengoan, ez hurrengoan…’, alegia) eta berdin ezezko zentzua duten perpausek (Atea ireki dutenetik pertsona bat bakarra sartu da aretoan, hots, ‘ez da beste inor sartu’). Izan ere, gramatikala izango bada, iraupeneko moduan ulertu behar da erdiespeneko perpausa; Nagusiak errieta egin zionetik, garaiz iritsi da Jon lanera perpausean, esate baterako, ‘egunero iritsi dela garaiz’ ulertzen da.

36.8c Mendeko perpaus hauek, pareko osagarri adberbialek bezala, dagokien muga seinalatzea dute xede, ‘noizdanikoa’ batzuek eta ‘noiz artekoa’ besteek. Beste muga ez da aipatzen gehienetan, zehaztu gabe uzten delako: Bakarrik gelditu zenetik ibili zen triste —ez da esaten noiz arte—; Zain egon nintzen zu itzuli arte —ez da esaten noiztik—. Edo testuinguruak iradokitzen duelako: Bakarrik gelditu zenetik dabil triste, orain arte, alegia, hortik aurrerakoa irekia utziz; Zain egongo naiz zu itzuli arte, hemendik aurrera, alegia, hizketa unetik aurrera. Korrelazioan ere jar daitezke, ordea, muga biak: Bakarrik gelditu zenetik lagun berria ezagutu duen arte triste ibili da.

36.9. Hasierako muga adierazten duten formak

36.9a Hasierako muga adierazten duten formek -tik atzizkia edo gero postposizioa daramate, perpausaz besteko osagarrietan bezala (etorri zenetik, etorri zenez gero, etorriz gero).

36.9b Erlatiboarekin eginiko -netik forma da zeregin honetan maizenik erabiltzen dena. Esan bezala, uneko gertakaria aipatuz seinalatzen du forma honek perpaus nagusiko gertakariaren hasiera: Bakarrik gelditu zenetik dabil triste. Zenbaitetan, hala ere, iraupeneko predikatua duelarik, gertakari bien aldiberekotasuna ere ematen du aditzera, hasierako unea nabarmenduz betiere: Herrenka dabilenetik etxe inguruan egiten ditu paseoak, hau da, ‘herrenka ibiltzen hasi zenetik’. Perpaus nagusiko gertakaria, berriz, iraupenekoa da beti: Jaiki denetik, {lanean ari da ∼ bi aldiz joan da sukaldera}.

Hasierako unearen adierazpenari zehaztasun batzuk eransten zaizkio inoiz, osagai adberbialen bitartez; hala, iraupenaren nozioa indartzen duena: Hori jakin zuenetik aurrera lasaiago bizi izan zen. Azken mugaren aipamena ere egin daiteke, esan den bezala, korrelazioa eratuz, ohiko postposizio sintagma baten bidez nahiz perpaus baten bidez: Gerla amaitu zenetik hona gauza asko gertatu dira; Lanean hasi nintzenetik aurten arte ez dut oporrik izan; Ikasketak amaitu zituenetik lana aurkitu zuen arte hiru urte igaro ziren.

Bizkaieraz kausa edo azalpena adierazteko ere erabiltzen da forma hau: Zaldunak, gizon gogorra zenetik, agindu zuen biak zigortzea […] (T. Etxebarria).

Bestalde, ohikoa den moduan, denboraz bestelako adiera iradoki dezake testuinguruak. Lurrak ematen duenetik bizi gara perpausean, esaterako, ‘eman’ aditzaren objektua da erlatiboaren isilpeko izena, denborarekin zerikusirik ez duena.

Garai batean hedadura handiagoa zuen -nik forma erabiltzen da zerbait, bizkaieraz batez ere, ‘noizdanikoa’ adierazteko; adlatiboko atzizkia duen forma adberbial bat izaten du ondoan (hona, aurrera…): Jaio zenik aurrera beti, moila gainean bizi izan zen ontziburu azkarra (Erkiaga).

36.9c ‘Noizdanikoa’ adieraz dezake -nez gero formak ere, bere aldaera guztiekin, horrezaz beste kausa edo azalpena adierazteko ere erabiltzen delarik. Zenbaitetan perpausa anbiguoa izan badaiteke ere, badira ezaugarri batzuk adiera biak bereizten dituztenak. Horrela, esate baterako, egoera iraunkorra adierazten duten perpausak, ezin direnez denborazkoak izan, kausazkoak dira (Europarra denez gero, pasaporterik gabe ibil daiteke Europa guztian). ‘Noizdanikoaren’ egiturari jarraitzen ez zaizkion perpausak ere azalpenezkoak dira; hala gertatzen da mendekoa ezezkoa denean, uneko gertakaria adierazten ez duen neurrian (Entzulerik etorri ez denez gero, bertan behera utzi dugu hitzaldia), edo uneko irakurketa nekez duen egoera adierazten duena (Jakintsua denez gero, harengana jotzen dugu aholku eske); gauza bera gertatzen da nagusia iraupenekoa ez denean (Eguna argitu duenez gero, lanera joan da —ikus, aldiz, iraupenekoa izanik denborazkoa ere izan daitekeen Eguna argitu duenez gero, lanean ari da perpausa). Perpaus nagusia geroari dagokionean ere kausazkoa izan ohi da (Eskatu didazunez gero, emango dizut aholkua; Ingalaterrara joan zarenez gero, balia ezazu aukera ingelesa ondo ikasteko). Aldiz, mendekoa galdegai denean denborazkoa da, azalpenezkoa perpausaren kanpoko osagarria baita, ez galdegaia (Eguna argitu duenez gero ari da lanean, ‘noiztik’ alegia). Perpausen esanahiak ere erakutsi dezake inoiz zein den adiera: Ameriketara joan zenez gero, ez da itzuli perpausa, esate baterako, ez da kausazkoa, norabait joatea ez baita, arrunki behintzat, ez itzultzeko arrazoia. Badira, hala ere, esan dugun moduan, anbiguoak diren perpausak (Ikasturtea amaitu zenez gero, oporretan dabil, hau da, ‘amaitu zenetik’ nahiz ‘amaitu zenez’).

Forma honek aldaera hauek ditu Iparraldean: «-naz {gero ∼ geroz ∼ geroztik}». Azken biak dira maizenik erabiltzen direnak; ‘noizdanikoa’ ere seinala dezakete, baina kausa edo azalpena adieraztea dute ohikoena. Hegoaldean, berriz, «-nez {gero ∼ geroz ∼ geroztik}» dira aldaerak. Lehenbiziko biak dira erabilienak, eta horiek dira, hain zuzen ere, maizenik kausa adierazten dutenak; -nez geroztik aldaera da gutxien erabilia, eta hori da denbora-balioan leku zabalena duena.

36.9d ‘Noizdanikoa’ adieraz dezake, azkenik, -tuz gero formak ere, perpaus nagusia iraupenekoa denean: Ezkonduz gero Gasteizen bizi dira. Hiru aldaerak erabiltzen dira, «-tuz {gero ∼ geroz ∼ geroztik}»: Ezkonduz gero, arantza batek ez die ukitu (Agirre); [Atorra eta maindirea] ez zizkioten aldatu, gaixotuz geroz (Etxaide); Munduratuz geroztik hirian naiz bizi (Iratzeder).

Perpaus nagusia unekoa denean, ordea, ‘noizdanikoa’ ez, ondokotasuna ematen da aditzera: Ezkonduz gero, Gasteiza joan ziren bizitzera perpausak, esaterako, noiz? galderari erantzuten dio, ez noizdanik? galderari. Eta, bestalde, baldintza adierazteko ere erabiltzen da forma hau: Dirua izanez gero, auto berria erosiko nuke. Ondokotasuna aztertzen den atalean azaltzen da zertan bereizten diren hiru erabilera horiek: noizdanikoa, ondokotasunekoa eta baldintzari dagokiona (§ 36.7.3h).

36.10. Hondarreko muga adierazten duten formak

36.10a Hondarreko muga adierazten duten forma zedarriztatzaileak arte, artean, arteraino, artio edo bitartean postposizioekin eratuak dira. Hura erakuslearen ablatibo zaharrarekin eginiko harik eta partikula konplexua har dezakete ezkerrean, perpausaren lehen buruan, gertakariaren aurreko muga modu abstraktuan seinalatuz: Ez nuen sinetsi, harik eta neronek ikusi nuen arte.

36.10b Arte postposizio soilarekin eginiko -tu arte eta -n arte formak ez dira testuetan XVIII. mendearen bigarren erdira arte ageri. Gaur egun, berriz, erabilera zabala dute euskalki guztietan, artio postposizioa erabiltzen duten batzuetan izan ezik. Uneko predikatuekin erabiltzen dira, ohi denez (sartu arte, etxea garbitu arte). Partizipioarekin egina da maizenik erabiltzen den forma —aditzoina erabiltzea horren ohikoa ez bada ere, ikus arte bezalako esaldietan bederen ageri da—, baina adizki jokatuko -n arte forma ere ohikoa da (Zain egon gara, laguna etorri den arte); geroari dagozkionak subjuntiboarekin ematen dira maiz (Ez zara joango, lan guztia egin dezazun arte) nahiz eta orainaldi burutugabea, burutu markatua edo, maila jasoan, -ke duena ere erabil daitezkeen (egiten duzun arte, lan guztia ondo egin duzun arte, eta egin dukezun arte, hurrenez hurren).

Ez adberbioarekin ematen dira inoiz forma honetako perpausak, predikatua unekoa delarik: Ez zen etxeratu, galdutako poltsa aurkitu ez zuen arte; Maisua ikasgelatik ateratzen denean, jolasean aritzen dira ikasleak hura itzultzen ez den arte. Azken mugako gertakari bezala ulertuta desegokia da perpaus horietako ez-a, eduki semantikorik gabea, gertakaria ez baita ‘poltsa ez aurkitzea’ eta maisua ‘ez itzultzea’, ‘aurkitzea’ eta ‘itzultzea’ baizik; aurkitu zuen arte (edo aurkitu arte) eta itzultzen den arte (edo itzuli arte) dira forma egokiak. Zuzen erabilia da ez-a, ordea, bere edukia gordetzen duenean: Irekita eduki zuten aretoko atea, barnean inor geratzen ez zen arte, hau da, ‘inor geratzen ez zeneko egoera iritsi arte’; ‘inor ez geratzea’ da hor gertakaria.

Arte postposizioari -ko atzizki adberbiala erantsita eraturiko -tu arteko forma ere erabilia izan da zerbait, ez asko, azken muga adierazteko (Isildu egin beharko dugu, berriz agindu arteko, Lasarte). Ez da nahasi behar arteko hori, noski, homonimo duen izenlagunarekin (Ezkondu arteko denbora guztia herrian igaro zuen).

36.10c Inesiboko postposizioa duten -tu artean eta -n artean formak testu zaharrenetatik aurrera daude dokumentatuak, euskalki guztietan, zubereran eta goi nafarreran izan ezik. Ohiko moduan erabiltzen dira hauek ere, ‘noiz artekoa’ adierazteko (sartu artean, sar artean; sartu den artean; sar dadin artean); partizipioarekin egina da maizenik erabilia.

Bietara erabiltzen dira bai artean bai arte soila duten formak: ‘noiz artekoa’ adierazten dute predikatua unekoa denean eta iraupeneko aldiberekotasuna, berriz, hura iraupenekoa denean. Gaur egun, hala ere, gorago esan den bezala, badirudi biak bereizteko joera dagoela mendebaldean, arte azken mugakoetan eta artean iraupenekoetan erabiliz (§ 36.6.2d).

Askoz ere hedadura urriagoa izan dute «{-tu ∼ -n} arterainokoan» forma konplexuek, azken mugako gertakaria adierazteko bakarrik erabiliak, lapurteraz batez ere; eta are urriagoa «aditzoina + artekan» forma, zubererakoa batez ere, ‘noiz artekoa’ adierazteko bakarrik erabilia hau ere.

36.10d Postposizio buruan -raino atzizkia duten -tu arteraino eta -n arteraino formak arte soilarekin eginiko formen erabilera bertsua dute; arte soilarenak ez bezala, testu zaharrenetan dokumentatuak daude hauek. Arteraino postposizioa dutenak ohikoak dira azken muga adierazteko (sartu arteraino, sar arteraino; sartu den arteraino; sar dadin arteraino); adizki jokatuko -n arteraino forma zerbait erabilia izan da iraupeneko aldiberekotasuna adierazteko ere (dirauen arteraino), baina gaur egun ez da ohikoa adiera horretan. Aldaera, bizkaieraz: artegino.

36.10e Artio (arteo) postposizioarekin eginiko -tu artio forma ekialdeko euskalkietan erabiltzen da batez ere, ‘noiz arteko’ muga adierazteko —partizipioaren lekuan aditzoina duela, inoiz—: Bazka bustirik bada utzi behar da idor artio (Intxauspe); […] behar ditugu fandangoak eman, lehertu artio (Larzabal). Geroari buruzkoak -n artio formarekin ere eman daitezke, subjuntiboan maiz: Ezarri ontzi batean garratz iduri gozo bat har dezan artio (Duvoisin). Artino aldaerarekin eginiko formak ere, zubererakoak eta behe- nafarrerakoak, ‘noiz artekoa’ adierazteko erabiltzen dira: Bidea izarrak erakutsi zien Jerusalemera hel artino (Intxauspe). Aldaera: arteo.

36.10f Era berean, -tu bitartean forma batez ere iraupeneko aldiberekotasuna adierazteko erabiltzen den arren (§ 36.6.2b), azken mugako gertakaria, unekoa, ere adieraz dezake: Itxarongelan eseriko naiz trena iritsi bitartean —postposizioaren aldaerak: bitarte, bitarteo (goi-nafarrera)—. Horren ohikoa ez bada ere, -n bitarte(an) formak ere adiera hori izan dezake: Guk elkarrekin pasa ditugu / bertsotan zenbaitxo urte, / behin ezagutu ginenetik / gaixotu nintzen bitarte (Uztapide).

36.10g Aditz izenarekin eginiko -tzeraino formak ere muga adierazten du; ez, ordea, berariaz denborari dagokiona. Prozesu edo gertakari progresibo baten azken muga adierazten du eskuarki, hau da, azken ondorioa, askotan balio enfatikoa edo intentsiboa duelarik (Ia burua soiltzeraino moztu diote ilea; Gaixotzeraino larritzen nau egoera horrek). Dena dela, ‘noiz artekoa’ adierazten duten perpausekiko duen antz edo hurbiltasunagatik, nozio hau adierazteko erabiltzen da inoiz (Euskaldun jaio nintzen eta hiltzeraino izango naiz euskaldun); horrelakoetan, hala ere, ohikoagoa da gorago aipatu ditugun formetako bat erabiltzea (hil arte, esate baterako). Alderantziz ere gertatzen da zenbaitetan, -tu arte(raino) forma erabiltzea gertakari progresiboaren azken muga adierazteko: Odoletan ipini arte zigortu zuen; hor, bistan da, ‘zenbatetaraino’ edo ‘zein puntutaraino’ esan nahi da, ‘odoletan ipintzeraino’, alegia.

36.11. Maiztasuna ere adierazten duten kokapenezko perpausak

36.11a Aurreko ataletan aipatu ditugun formek ere badute, besteak beste, aldibereko gertakarien maiztasuna —errepikatzea edo ohikotasuna— adierazteko gaitasuna (Herriratzen naizenean pozik ibiltzen naiz lagun zaharrak agurtzen; Ohera orduko loak hartzen du beti), baina badira gertakarion gauzatze aldiak berariaz adierazten dituzten formak: -netan, -nero edo «-n {bakoitzean ∼ guzti(et)an ∼ orotan ∼ gehienetan ∼ bakanetan…}» (Herriratzen naizenetan pozik ibiltzen naiz batetik bestera; Hara joaten nintzenero gauza bera entzuten nuen; Zigorra izango duzu, gezurra esaten duzun bakoitzean; Hara joan naizen guztietan besoak zabalik hartu naute).

Erabilera urriagoa dute partizipioarekin eginikoek: -tu bakoitzean (Ni harrituta gelditzen naiz gogoratu bakoitzean, Uztapide), -tu aldiro (Haren argazkia ikusi aldiro negarra heltzen zitzaion). Partizipio erlatiboarekin ere erabil daiteke (gizon hura ikusitako bakoitzean).

36.11b Aldi izena isilpean duten erlatiboak dira horiek (herriratzen naizen [aldi]etan; joaten nintzen [aldi]ero; esaten duzun [aldi] bakoitzean…). Izena agerian dutela ere erabiltzen dira: hori gertatzen den aldietan, ikusten dudan aldiro, hori egiten duzun aldi bakoitzean…; edo batez ere zubererakoa den aldikal adberbioarekin (komuniatzen dugun aldikal). Esan daiteke, bada, izen ardatz zehatza duten erlatiboak direla horiek, hura agerian edo isilpean dutelarik. Izen sintagmaren gainean eraikitako postposizio sintagmak dira, bada, aurreko kapituluan aztertutakoen sailekoak (§ 35.2.12b).

Esan behar da, gainera, gertakarien kokapena seinalatzen duten osagarriak direla berez horrelakoak, horrekin batera maiztasuna ere adierazten duten arren: noiz? galderari erantzuten diote, ez zenbat aldiz? galderari. Bi alditan etorri da perpauseko osagarriaren gisakoak maiztasunezkoak dira, zenbat aldiz? galderari erantzuten baitiote; Etorri den aldi guztietan pozik ibili da gure artean perpausaren modukoak, berriz —osagarri mugatua dutenak—, kokapenezkoak dira, noiz? galderari erantzuten diotenak.

335 Izen ardatz zehatza dutenak dira, noski, izena isilpean izan arren hura eskuratzeko modua badutenak, ondoko adibidekoa bezalakoak: -Zein egunetan joango naiz kontsultara? -Egokien zaizunean; hots, ‘egokien zaizun egunean’.

336 Ikus de Rijk (2008: 518-521). Mitxelenaren lekukotasuna dakar bere iradokizunaren alde (in Villasante 1976: 102).

337 RAEko gramatikak ‘relativas libres’ deitzen ditu cuando adberbioarekin eratzen diren perpausak, eta honela dio: “El adverbio relativo cuando […] designa instantes o períodos” (Nueva gramática 2009: 1606).

338 Partizipioaren ondoko postposizioen multzoan sartzen ditu Lafittek baino lehen eta bezain laster (1962: 228).

339 Hemengo helburutik at geratzen da adlatibo horren izaeraz eztabaidatzea: ea isilpean iritsi gisako aditzen bat duen (etxera [iritsi] orduko), edo -tu morfema (etxera[tu] orduko); ea hiztegiko partizipioa den, edo kokaguneak eragindako partizipio ‘sintaktikoa’. Erdiespena adierazten duten predikatu batzuetan partizipioaren lekuan ageri dela esatera mugatuko gara.

340 Izen batzuek ere gertakaria adierazten dute, baina aldea badago, halaz guztiz, haien eta perpausen artean: zure etorrera zoriontsuaren ondoan eta zu etorri ondoan sintagmek, esate baterako, gertakaria adierazten dute biek denbora-erreferentzia gisa, baina egitura desberdina dute: etorrera-k izen joskera du (izenlaguna eta adjektiboa eraman ditzake: zure, zoriontsu); etorri partizipioak, berriz, aditz joskera du (zu subjektua), § 30.6.3.1.

341 Korrelaziozko perpausa izan daiteke alderantzizkoa, hau da, denboraren erreferentzia perpaus nagusian duena: Bidea zeharkatzera nindoan, noiz ere auto bat pasatu baita ziztu bizian (ikus § 36.4.5). Horregatik, perpaus mota hau aztertzen den atalean izan ezik, ‘mendekoa’ esaten dugunean denbora-erreferentzia ematen duenaz ari gara beti.

342 Gaztelaniak ere, inguruko hizkuntza erromanikoek ez bezala, ez du geroaldia erabiltzen horrelako perpausetan: “[…] el español, frente a otras lenguas románicas, no permite la aparición de las formas de futuro de indicativo en la oración que introduce cuando” (GDLE 1999: 3182).

343 De Rijkek: “In modern usage, the original meaning of -rakoan ‘when going to’ tends to get blurred into plain ‘when’, especially among speakers who lack the suffix -koan in their actives vocabularies” (2008: 523).

344 Honela dio OEHk s. v. egikeran: “Usado como sust. vbal. con ines., no como sust. pleno”. Atzizki hau hartzean, aldaketa batzuk izaten ditu partizipioak: -tu amaiera gorde egiten du (heldueran, sartu(k)eran), -n-a galdu egiten du (egikeran, urte(k)eran) eta -i amaiera inguru fonikoaren arabera gorde beharrekoa (jagieran, itxikeran) edo aukerakoa da (etorrikeran / etorkeran).

345 Lafitterena da adibide hori (1962: 459), non zahartzerat forma ere aipatzen duen.

346 Iparraldeko -larik honi buruz, honela dio de Rijkek: “[…] it has all but replaced -nean” (2008: 540).

347 Zein-erlatibo deitzen ditugunak, berriz, ohiko erlatibotzat dauzkagu, agerian baitute horrelakoek izen ardatza: Iritsiko da garaia, noiz ere ez baita gurean pobrerik izango; Etorriko da eguna, zeinetan denok alai biziko baikara.

348 Latineko cum inversum-aren parekoa da hau. Hortik ‘alderantzizko’ izena.

349 Horregatik, beharbada, ez dituzte aipatzen egungo euskara aztertzen duten gramatikari batzuek: Lafittek ez ditu aipatzen, ez “Propositions temporelles” direlakoetan (1962: 458-459), ez korrelaziozkoetan (“Les relatifs indéfinies en ere”, 1962: 105); de Rijkek ere ez ditu aipatzen, ez denborazko perpausetan (2008: 509-540), ez korrelaziozkoetan (2008: 498-499); Villasantek Axularren eta Añibarroren adibideak besterik ez ditu ematen, hau erantsiz: “[…] sigue vivo en los dialectos orientales” (1976: 104). Idazleei dagokienez, joan den mendearen hasierako J. Etxepare medikuak eta J. Barbierrek, esate baterako, maiz erabiltzen dute egitura hau.

350 Lafittek partizipioaren ondoan ematen diren postposizioetan sartzen du eta (1962: 459).

351 Erabilera zaharragoan azken mugako unea adierazteko ere balio zuen. Lafittek bietariko adibideak ematen ditu: hemen deno (‘tant qu’il est ici’) eta heldu deno (‘jusqu’à ce qu’il arrive’) (1962: 399, 458). Oyharçabalek, ordea, honela dio: “Pratiquement, les constructions en -o ne servent plus qu’à exprimer des constructions correspondant au français tant que” (1987: 431).

352 Forma hau batez ere denbora adierazteko erabiltzen bada ere, bistak ematen dueno bezalako esaldietan lekua seinalatzen du.

353 Iparraldean ez dira oso erabiliak forma hauek. Partizipioarekin eginiko -tu bitartean forma Duhaldek erabiltzen du, eta -n bitartean forma Axularrek, Pouvreauk eta Urtek (ikus OEH s. v. bitartean).

354 Erabiltzekotan, mendekoa aurretik doala onar daiteke errazago: […] frantsesak diphtongue idazten duen bitartean, diphtong agertzen da bai ingelesez bai alemanez (Mitxelena). Bitartean adberbioa ere erabili izan da adiera honetan, bizkitartean bezala: Etxea zutik egotea nahi dute, eta bitartean hari azpiak jaten ari zaizkio (Villasante).

355 De Rijkek: “[…] during the latter half of the 20th century a new system arose in the western dialects and has imposed itself on southern Batua. In it, uninflected arte, and its by now rare alternatives arteraino and arteino, are used only to convey the meaning ‘until’, while inessive artean is reserved for the senses ‘as long as’ and ‘while’” (2008: 533).

356 Baino geroago erabiltzen da inoiz izenarekin (§ 35.2.5d).

357 Lau forma azaldu dira aurreko paragrafoetan, Iparraldeko euskalkietan aurrekotasuna adierazten dutenak. Imitatio Christi liburuaren antequam natus essem in mundo esaldia itzultzeko (III 3, 6), laurak erabili dituzte euskal itzultzaileek: mundura sortu nintzen baino lehen (Pouvreau), nintzen baino lehenago (Xurio), nihau egin aitzinetik (Leon) eta nihaur sortu gabe (Maister).

358 Ikus OEH s. v. behin.

359 Ikus OEH s. v. ondorean eta ondoren.

360 De Rijkek esaten du -tutakoan forma -tutako orduan erlatibotik eratorria dela, ordu izena isilpean utzita (2008: 521). Izen zehatza baino areago generikoa dirudi ordu horrek ere; ez dirudi, gainera, izen hori denik beti agerian ez dagoena (Ezkongaietan ondo bizi zen, ezkondutako orduan hobeto (?)). Egokiago da, hemen ere, izen zehatza gabe, denbora generikoa hautematea izenaren lekuan, -ta- morfemaren eraginez ondokotasuna adierazten duena.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper